Hezkuntza

Musika bidaia liburutegian

Musika bidaia liburutegian

Ainhoa Larretxea

Goizeko bederatzi eta erdiak dira. Zizur Nagusiko institutuko liburutegian 30 aulki daude, U forma osatuz. Parean, aulki bat eta gitarra bat. Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleak zalaparta batean sartu dira gelara. Liburutegian egonagatik, ordea, gaur ez dute libururik ekarri. Belarriak prest ekarri dituzte euskal musikaren munduan murgiltzeko. Segituan entzun da atearen zarata, eta Jon Basaguren sartu da; Izaki Gardenak taldeko abeslaria eta Euskadi Irratiko Arratsean saioaren gidaria.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako Musikariak Ikastetxeetan programaren barruan izan zen Basaguren Zizur Nagusiko Bigarren Hezkuntzako Institutuan aitzineko ostiralean. Musikaren bitartez euskara eta euskal kultura sustatzea du helburu zikloak. Horretarako, urrian hasi eta abenduaren 23ra bitartean, 23 musikarik emanaldiak egingo dituzte Nafarroako 37 ikastetxetan. Programa urriaren 26an hasi bazen ere, Zizur Nagusikoa Basagurenek egindako lehen saioa izan zen. Iruñeko Jaso ikastolan bertze bi eginen ditu, datorren abenduaren 4an. Basagurenez gain, bertzeak bertze, Gorka Urbizu, Zuriñe Hidalgo eta Petti abeslariek ere hartuko dute parte aipatu programan.

Gelara sartu orduko ezagutu du Basaguren lehen ilaran eserita dagoen ikasleetako batek. Bertze anitzek ezagutzen ez zutenez, ordea, bere buruaren aurkezpen labur bat egin du saioa hasi aitzinetik. Adi-adi, begira ditu ikasle guztiak, eta hasierako une horiek aprobetxatu ditu saioaren nondik norakoak azaltzeko: "Ni orain musika egiten ari naiz, Euskal Herrian eta euskaraz. Beti ez da horrela izan, ordea. Saioa hasteko, euskarazko musika nondik datorren eta noiz hasi zen kontatuko dizuet".

Saioak, kontzertu izateaz harago, euskal kulturaren inguruan jakintza zabaltzeko gune ere izango dira, eta, horregatik, euskal musikaren historiaren inguruko azalpen labur batzuk egingo dituzte sortzaileek, programaren eskutik.

Ordenagailua piztu, eta, ipuin bat balitz bezala, euskal musikaren historia kontatzen hasi da Basaguren. Ez Dok Amairu taldean hasi du ibilia. Taldea zer zen eta zer egin zuen kontatu ondotik, Mikel Laboaren Txoriak Txori kantaren zati bat abesten hasi da. Ikasle batzuk berarekin abestera ere animatu dira, eta denak batean kantatu dituzte Joxean Artzek sortutako hitzak. Euskal kantagintza klasikotik berbena taldeetara eta frankismo garaiko diktadurara egin du jauzi kontakizunak: "Hego Euskal Herriko probintziak diktadura baten menpe zeuden. eta horrek euskal musika zein kanpokoa baztertzen zituen. Jendea Ipar Euskal Herrira joaten zen diskoen bila, eta autoan ekartzen zituzten, gordeta".

"Frankismoa hil zenean, musika ere aldatu zen, eta egun Euskal Rock Erradikala izena ematen zaien taldeak sortu ziren. Horiek musika gogorra eta hitz zuzenak egiten zituzten, baina, tamalez, ia denek gazteleraz egiten zituzten", kontatu die abeslariak. Kortatu, Barricada eta La Polla Records taldeak aipatu ditu; gazteek buruarekin baiezkoa egin dute, ezagutzen dituzten seinale.

"Euskal Rock Erradikala 1990ean bukatu zen, eta bertze estilo bat etorri zen: heavy metala", kontatu du Basagurenek. "Su Ta Gar" aipatu du lehen ilaran eserita dagoen mutil batek. "Bai, hori da. Su Ta Gar izan zen heavya euskaraz egin zuen lehen taldea" erantzun du Basagurenek. "1990eko urteetan bertze musika estilo batzuk egiten hasi ziren; tartean, Berri Txarrak. Ezagutzen duzue?". "Bai", erantzun dute ia denek, aho batez. Hamarkada horretan, hala ere, bertze musika estilo bat nabarmendu zela erran die Basagurenek: "Triki pop-a, trikitia bateria, gitarra, baxu eta panderoarekin nahastuta"

Euskal historiaren ipuina iritsi da amaierara, gaur egunera. "Era guztietako musika dago euskaraz: rapa, trapa, ska... Denetarik dago. Zuek zer entzuten duzue?", galdetu die abeslariak. "Zartako, Su Ta Gar, Huntza, Gatibu". Talde andana aipatu dituzte ikasleek. Gaur egungo musikara helduta, amaitutzat eman du saioaren lehen zatia. Ibilbide pertsonalaz solastatu aitzinetik, ordea, azken gauza erakutsi die musikariak: Badok.eus webgunea.

Izaki Gardenak

Euskarazko musika ibilbidearen maparen ondotik etorri da Izaki Gardenak taldearen ibilbideaz solastatzeko ordua. Gitarra hartu, eta idatzitako lehen kanta jo du, Sagarroia. Jo aitzinetik, kantaren azalpen txiki bat eman du, gitarra eskuetan duela: "Joseba Sarrionandiaren poema bat da oinarria. Kontatzen du nola batzuetan arantzak kanpora izan beharrean barrura izaten ditugun. Nola batzuetan gu garen geure buruaren etsairik handiena". Denak isildu dira, eta Basagurenen gitarra eta ahotsa bakarrik aditu dira liburutegian. Ikasleak adi-adi dira.

Txalo zaparradarekin erantzun diote ikasleek, eta hasierako lotsak alde batera utzita etorri dira gazteen lehenengo galderak: "Nola sortu zenuen taldea?", "Zergatik izen hori?". Bat bertzearen gibeletik egin dituzte galderak, eta Basagurenek goxo erantzun die guzti-guztiei. Gazteak bereziki interesatu dira abestien sorkuntza prozesuaz. Hitzak idazteko orduan ideiak edozein lekutatik etortzen zaizkiola kontatu du: filmetatik, poema batetik, jendearekin solastatu ondotik. Horregatik beti "adi" ibiltzen dela kontatu die.

Lehen galdera sortaren ondotik, berriro ere gitarra hartu, eta Aurri gara diskoko Hibernazioa abestia jo die. Gogoz jo diote txalo gazteek. Abestia gitarraz jo ondotik, bideoklipa ere jarri du, abesti bera talde osoak jota nola entzuten den alderatzeko. Taldeak ia bi urtez egindako etenaz mintzatu zaie gero, eta baita Dena oskol izeneko azken diskoaren grabaketaz ere. Diskoari izena ematen dion abestia ere jo du, primizian.

Gitarrarekin kantatzeaz gain, bertze sorpresa bat ere eman die sortzaileak: Izaki Gardenak taldeak atera duen azken diskoaren itsasgarriak ekarri ditu. Gazte bakoitzari itsasgarri bat eman, eta ondoko lagunarenarekin elkartzeko eskatu die. Gazteak berehala konturatu dira itsasgarriak elkartuta alde guztietan bat egiten duela irudiak: "Ze polita", esan du txundituta erdian eseritako ikasleetako batek. "Nola egin duzue hau?", galdetu dio bertze batek. Saioa bukatu artean, itsasgarriekin jolasean aritu dira anitz, itsasgarri bat baino gehiago elkartuta denek nola bat egiten duten deskubritu nahian.

Galdera eta erantzun artean, uste baino azkarrago pasatu da denbora. Ikasleekin batera gelan den irakasleak bortz minutu gelditzen zaizkiola adierazi dio Basagureni, eta saioa bukatu aitzinetik azken aldiz hartu du gitarra. Oraingoan, ordea, aitzinekoetan ez bezala, gazteak ere gonbidatu ditu berarekin batera kantatzera: "Nik esaten dudana errepikatu buruarekin keinua egiten dudanean. Ados?". Baiezkoa erantzun diote ikasle denek batera, eta kanta hasi orduko errepikapen guztietan lagundu dute Basagurenen ahotsa.

Hasieran lotsati eta isilak ziren ikasleek gitarraren doinuak kantatuz amaitu dute saioa. Azken kantarekin bat, txalo zaparrada luzea eskaini diote Basagureni. Argazki bat atera dute denek batera, eta oihu eta txantxa artean alde egin dute gazte ia denek. Bakar batzuk gelan gelditu dira banatutako itsasgarriak noiz sinatuko zain.

Saioa bukatuta, pozik da Basaguren: "Ongi funtzionatu du; uste dut interesgarria izan dela. Abestera ere animatu dira, eta, beraz, oso pozik nago". Saioan egondako gazteak ere pozik dira entzundakoarekin: "Oso ongi pasatu dugu, Jonek oso ongi abesten du, eta interesgarria izan da".

Hiru aste falta dira Musikariak Ikastetxean zikloa bukatzeko, baina egitasmoa jada ari da bere fruituak ematen. Zizur Nagusiko institutuko ikasleek euskal musikaren inguruan ezagutza sakonagoa dute hitzaldiaren ondotik. Batek baino gehiagok seguru luzaroan oroituko duela institutuan zela Jon Basagurenek bisita musikatua egin zuenean.

Zientziaren sokarekin lotuta

Zientziaren sokarekin lotuta

Edurne Elizondo

Hipatia Alexandriakoa, Maria Sibylla Merian, Sofia Kovalevskaia, Ada Byron, Marie Sklodowska-Curie, Emmy Noether, Edith Clarke, Klara Von Neumann, eta Hedy Lammar. Bederatzi emakume, bederatzi zientzialari. Astronomiaren, matematikaren, informatikaren, ingeniaritzaren, kimikaren, fisikaren edota entomologiaren arloan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten emakume zientzialariak. Eta, halere, ezezagunak gehienak; ezezagunak gehienentzat.

Orain arte. Egoera hori aldatu nahi baitute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko bederatzi irakaslek. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak dira, bai eta zientzialariak ere, eta antzezlan bat prestatzen ari dira zientziaren historiak emandako izen horiek etorkizunarekin lotzeko. "Emakume gazteak erakarri nahi ditugu zientziara, emakume zientzialarion lanaz, bai eta guk egiten dugunaz hitz eginez ere", laburbildu du Gurutze Perez industria ingeniariak Zientzialaria naiz lanaren asmo nagusia.

Sevillako Unibertsitateko bost irakaslek prestatutako eta NUPen aurkeztutako lana ikusi eta gero hasi zen Gurutze Perez antzeko proiektu bat martxan jartzeko ideia lantzen. Leire Catalanekin batera ikusi zuen Perezek espainiarren antzezlana, eta berehala jaso zuen haren babesa, bai eta bertze irakasle anitzena ere. Kezka nagusi bera dute denek: NUPeko ikasgeletan haiek ikasle izan zirenean baino emakume gutxiago dagoela orain zientzia ikasketetan. "Informatika ingeniaria naiz; ikasketak egin nituenean, ia erdiak emakumeak ginen. Orain, eskolak ematera joaten naizenean, lauzpabost emakume baino ez ditut gelan. Emakumeak Medikuntzako ikasketetan daude, zaintzen esparruan. Baina ez daude ingeniaritzetan. Zerbait egin dugu gaizki atzera egin izateko", nabarmendu du Edurne Barrenetxea irakasleak.

Perez, Catalan eta Barrenetxearekin batera, Idoia San Martinek, Aranzazu Juriok, Silvia Diazek, Patricia Arangurenek, Marisol Gomezek eta Alicia Martinezek osatzen dute Zientzialaria naiz obra prestatzen ari den taldea. Ekainean estreinatu nahi dute NUPen, eta herrialdeko ikastetxeetan eskaini gero. "8-12 urte bitarteko haurren aurrean aurkeztu nahi dugu, adin horretan hasten direlako emakumeak zientzien esparrua baztertzen", azaldu du Perezek.

Erreferenterik ezak eta zientziaren esparruan aritu diren eta ari diren emakumeen ikusgarritasunik ezak ez du laguntzen emakumeak zientziara lotzen. Unibertsitatearen esparruan ere, NUP sortu zenetik urratsak egin direla onartu duten arren, zer hobetu badela argi dute antzezlana prestatzen ari diren irakasleek. Batetik, zientzietako ikasleen artean bezala, irakasleen artean ere gutxiengoa direla azaldu dute. "Hainbat emakume badira orain errektoreorde lana egiten, baina ikerketa taldeetako zuzendari gisa, adibidez, emakume bakarra dago", zehaztu du Silvia Diaz telekomunikazio ingeniariak.

Bertzetik, ikerketa lana egiterakoan zeregin hori amatasunarekin uztartzeko dituzten zailtasunak utzi dituzte irakasleek agerian, bertzeak bertze. "Gizonek osatutako ikerketa talde batean ari zarenean eta nagusiari erraten diozunean haurdun zaudela eta amatasun baimena hartuko duzula, gertatzen ahal da gizon horiek zure erabakia gaizki hartzea edo ez ulertzea", erran du Diazek.

Bere esperientziaren berri eman du Marisol Gomez matematikariak. "Kontua da amatasun baimena hartzen duzunean lana bazter uzten duzula, baina, itzultzen zarenean, ez zara puntu berera itzultzen. Urtebete egon bazara unibertsitatetik at, benetan urtebete baino gehiago galdu duzu, denbora behar duzulako zure lana eguneratzeko. Behin azalpenak eskatu zizkidaten ohartu zirelako nire ibilbidean halako hutsune bat zegoela. Kontua zen ama izan nintzela denbora horretan. Okerrena da zigortzen zaituztela".

Bakarrizketak

"Ez gara inoiz agertoki batera igo!", erran du Leire Catalan industria ingeniariak. Iaz amaitu zituen ikasketak, eta tesia prestatzen ari da orain. Ezagutzen ez duten esparru batean sartu direla argi du, baina "gogoz" direla nabarmendu du. NUPeko antzerki taldeko zuzendari Iñaki Orzaizen laguntza ere badute. Jantziak, berriz, Creanavarra diseinu eskolako ikasleek eginen dizkiete.

Aukeratu dituzten zientzialarien lanaren berri emateko, hainbat minutuko bakarrizketak prestatu dituzte irakasleek. Catalanek beteko du Alexandriako Hipatiaren rola. "Historiako lehendabiziko emakume zientzialaria da. Mundu osoko ikasleak hartzen zituen. Ez zen ohikoa, baina aita liburutegiko zuzendaria zuen, eta horrek eman zion aukera zientzian aritzeko". Matematikaria, astronomoa eta filosofoa ere izan zen Hipatia.

Perezek Maria Sibylla Merian hautatu du, 1647an Alemanian jaiotako entomologoa. "Pinpilinpauxak ikertu zituen, bertzeak bertze. Liburuak argitaratu zituen, eta berak egindako ilustrazioekin osatu zituen. Orduko zientzia gizonek, ordea, ez zioten zuen balioa aitortu hark egindako lanari".

Barrenetxeak Ada Byronen lana ekarriko du gogora Zientzialaria naiz obran. 1815. urtean sortu zen. "Ordenagailurik ez zegoen garai hartan, Ada Byron izan zen lehendabiziko emakume informatikaria. Bikaina zen. Bertze emakume anitzek izan ez zituzten aukerak izan zituen, gainera", azaldu du. Argi utzi nahi izan du, halere, zientzia ez dela bakarrik "buru apartak" dituztenentzako toki. "Lana eta irmotasuna dira gako nagusiak".

Buru bikaineko zientzialaria izan zen, halaber, Emmy Noe-ther, Gomezek hautatutako zientzialaria. "Nire esparrua aljebra abstraktuarena da, eta Noether da arlo horretan zientzialaririk garrantzitsuena". Patricia Arangurenek, berriz, guztien artean akaso ezagunena hautatu du: Marie Sklodowska-Curie kimikari eta fisikaria, bai eta bi Nobel sariren irabazlea ere. Gogor egin behar izan zuen lan Parisen ikasi ahal izateko. "Irabazi zuen diru guztia erabili zuen ikertzen jarraitu ahal izateko".

Idoia San Martin industria ingeniariak 2014an amaitu zuen tesia, eta iaztik ari da irakasle lanetan NUPen. Energia berriztagarriena da haren esparrua. Hasieratik bat egin du antzezlanaren proiektuarekin, eta Edith Clarke hautatu du obrarako. "1883an jaio zen, AEBetan, eta erreferente bat da ingeniaritza elektrikoaren esparruan".

Bitxiagoa izan zen Hedy Lamarren ibilbidea —Austrian jaio zen, 1914an—, telekomunikazio ingeniaritzaren esparruan lan egiteaz gain aktore ere izan baitzen Hollywooden. Silvia Diazek hautatu du Lamarr antzezlanerako. "Komunikazio sistema sekretu bat asmatu zuen, nazien aurka erabiltzeko, baina, aktorea ere bazenez, eta emakume, ez zuten serio hartu". Zientzialaria izan zela gogoratuko dute NUPeko irakasleek. Haiek ere badirela. Emakumeek badutela tokia zientzian.

Beren aldaketaren eragile

Beren aldaketaren eragile

Edurne Elizondo
Yoana Amadorren irudia agertu da pantailan. 17 urterekin ezkondu zela azaldu du; etxeko lanek eta senarrak betetzen zutela haren egunerokoa. Eta, egun batean, bere bizitzarekin zer egiten ari ote zen galdetu ziola bere buruari. Egun hor...

Pareta baten kontra

Pareta baten kontra

Edurne Elizondo
Gehiago espero zuten. Baina pareta baten kontra egin duten sentsazioa dute. Bidea ia hasi bezain pronto amaitu dutela. Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikasteko dauden aukerak uste baino urriagoak direla konturatu dira. NUP, ...

“Ez dute urratsik egin gradu bakar bat ere euskaraz emateko”

“Ez dute urratsik egin gradu bakar bat ere euskaraz emateko”

E. Elizondo

Euskalgintzak euskararen plan gidaria moldatzeko eskatu die Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta gobernuari. NUPek hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik (Arbizu, 1962).

Zaharrak berri NUPen?

Bai; zaharrak berri irakaskuntzan. Gure plataformak jorratu du haur eskolen gaia Iruñerrian, eta orain bat egin dugu, berriz ere, NUPen dagoen egoera salatzeko. Agerian gelditzen da zailtasunak badirela. Hamar urte joan dira azken plana egin zenetik, eta berriak zerbait ekarriko zuen esperantza bazen. Baina eskas gelditzen da.

Alfonso Karlosena errektorearen eskutik egoerak hobera eginen zuela espero zenuten?

Bai. Plana eginen zutela iragartzea egokitzat jo genuen. Gertatu dena da ezagutu eta gero konturatu garela gabeziak badituela. Larriena da ez duela gradu oso bat euskaraz eskaintzeko apusturik egiten. NUPek 30 urte bete ditu; bi gradu baino ez ditu eskaintzen euskaraz, baina horiek ez dira unibertsitate horrek sortutakoak, lehenagotik baitzeuden. Beraz, 30 urtean ez dute euskarazko graduen aldeko urratsik egin. Bagenuen esperantza orain, baina zapuztu egin da. Hori da gabezia nagusia.

Karlosenak erran du ez dutela gradurik euskaraz eskaintzeko asmorik, bideragarria ez delako. Zer deritzozu?

Bideragarria ez da izanen horren aldeko apustua egiten ez duten bitartean. Planaren sarreran aipatzen da unibertsitatea estrategikoa dela euskararentzat nahi dugun paradigma berriaren eraikuntzan. Baina helburu zehatzen arloan aipatzen du unibertsitateari ez dagokiola helburu estrategiko berriak zehaztea. 30 urtean jendartea aldatu da; duela hainbat urte, sei ikasletik bat bazen euskalduna; gaur egun, hirutik bat bada.

Bideragarritasuna aipatzen du Karlosenak. Eskubideen diskurtsorik ez da NUPen?

Eskubideak ez dira aipatzen. Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren arabera, ordea, Nafarroako Gobernuak ditu hezkuntzaren arloko eskumenak, eta hari dagokio, beraz, itun horretan jasotakoak betearaztea. Eta jasota dago hizkuntza unibertsitatean ezartzeko konpromisoa. Espainiako Gobernuak bat egin zuen eta berretsi zuen itun hori. Beraz, bete beharko luke eskumena duenak.

Gobernuak ere huts egin du NUPen?

Irakaskuntza publikoaz ari gara. Unibertsitatea aparteko erakunde bat dela badakit, baina gobernuak ezartzen eta arautzen ditu han eskaintzen diren zerbitzuak. Baliabide publikoak dira.

Salatu duzue planarekin ez dutela behar den diagnostikoa egin, helbururik ez dutela ezarri.

Hala da. Ez dago helbururik, ezta eperik ere. Plana irakurrita, ematen du euskararen tokia sinbolikoa dela NUPen. Bat-batekotasuna sumatzen da. Ematen du euskarazko eskaintza dela egun dauden baliabideen araberakoa. Harago joateko asmorik ez da.

Erizaintzako ikasketen adibidea nabarmendu duzue; ikasleen erdiak euskaldunak dira, baina ez dute euskaraz ikasteko aukera.

Hala da. Kontuan hartu behar dugu erizainak herritarrak artatzen ariko direla gero. Profesional euskaldunik ez dagoela esaten dugu. Sare publikoan bada profesional horiek prestatzeko aukera, baina ez dugu baliatzen.

Plana moldatzeko eskatu diozue NUPi. Bilerarik egin duzue?

Eskatu zen, plana osatzen ari zirenean. Ez zen egin. Plana abuztuan aurkeztu zuten. Abenduan aurkeztuko dugu NUPen euskara bultzatzeko dinamika. Lanean jarraitu behar dugu.

Berdintasuna, arbeletara

Berdintasuna, arbeletara

Kattalin Barber

Norbanakoaren jarrera kritikoa da matxismoari eta indarkeria guztiei aurre egiteko erremintarik onena". Equilatera elkarteko kideenak dira hitzak. Sexu aniztasunarekin, berdintasunarekin eta generoarekin lotura duten biolentzia guztiak lantzen dituzte ikastetxeetan. Ikasleen jarrera eta gaitasun kritikoa garatzea hartu dute helburu, hain zuzen ere. Zangozako Sierra de Leyre eta Iruñeko Eunate institutuetako DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ia 500 gazte ari dira jasotzen berdintasunaren eta aniztasun afektibo-sexualaren inguruan Equilaterak prestatutako programa, euskaraz eta gaztelaniaz.

Luna Martinikorena eta Alicia Pano genero adituek ematen dute zortzi orduko ikastaroa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zati bat diruz lagunduta. Generoa, genero estereotipoak, edertasun kanonak, heteronormatibitatea eta arauz besteko gorputzak, indarkeria eta mikromatxismoak dituzte hizpide.

"Hiru oinarri ditu gure programak: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea, ikasgeletan aniztasun afektibo-sexuala lantzea, eta eskola jazarpenarekin eta generoarekin lotura duten biolentzia guztien prebentzioa lantzea", azaldu du Martinikorenak. Dinamika gehienak parte hartzaileak dira, eta ikasgeletan gogoeta eta eztabaida interesgarriak sortzen direla adierazi dute Martinikorenak eta Panok. "Adibidez, dinamika batean ikasleei eskatzen diegu haien ametsezko gizona edo emakumea margotzea. Bertan ateratzen dira barneratuak ditugun estereotipo guztiak eta edertasun kanon nagusiak. Bitxia da, gela guztietan margotzen dutena oso antzekoa baita; estereotipoak indarrean dira. Matxismoa eta sexismoa errotuak ditugu, eta zaila da sustraietara joatea".

Identitatearen ikuspuntutik lantzen dituzte kontzeptuak Martinikorenak eta Panok. "Giza sexualitateari buruz ari garenean, mutur batetik bestera dauden kolore guztiak lantzen ditugu, hau da, dagoen aniztasun osoa: queer identitateak, genero ez-bitarrak eta intersexualitatea barne", azaldu du Panok. Modu horretan, sexualitatearen mapa erraldoia osatzea lortzen dute, eta aukera guztiak mahai gainean direla ikusten dute ikasleek. "Mapa infinitua da, amaigabea. Ikasleak asko harritzen dira dinamika horrekin", argitu dute hezitzaileek.

Ikasleen interesa

Ikasleen artean, oro har, programak harrera ona duela jakinarazi du Martinikorenak. Irailaren amaieran hasi ziren saioekin, eta hil honen bukaeran amaituko dituzte saio guztiak. "Oro har, ikasleek interesa agertu dute, baina konturatu gara nolabaiteko erresistentzia erakusten dutela hainbat kontzeptu lantzerakoan, halere". Hiri eta landa eremuen artean aldea badagoela ere konturatu dira hezitzaileak, baina gehienetan kontzeptuak ezagutzen dituztela dio Martinikorenak. "Mugimendu feministak eta LGTBIQ+ mugimenduak mahai gainean jarri dituzten kontzeptuak ez dira arrotzak ikasleentzat. Transexualitatea badakite zer den, baina neska zakildunak edo mutil aludunak izatea normaltzat hartzen duten edo ez... Hori beste kontu bat da".

Ordubeteko zortzi saioren bidez, ikasgeletan "konfiantzazko giroa" sortzen da ikasle eta hezitzaileen artean. Horrek ekarri du hainbat ikasle Martinikorena eta Panorengana hurbiltzea laguntza eske. "Eskola jazarpena eta bazterketa kasuak, biolentzia, identitatearekin arazoak... Aniztasun sexuala badago ikasgeletan, eta landu beharreko gaia da", esan du Panok. Irakasleek formakuntza behar dutela uste dute Equilaterako kideek, gaia behar bezala jorratzeko ikasgelan. "Guk, ahal dugun neurrian, erremintak ematen dizkiegu ikasleei estrategiak garatzeko". Eskolak eta familiek duten ardura ere mahai gainean jarri dute Equilaterako kideek.

Zaila da, hala ere, egun batetik bestera erroa aldatzea; ikasleek lantzen duten guztiaren inguruan "oinarria" hartzea dute xede. "Oso zaila da neurtzea zenbateraino barneratzen dituzten lantzen ditugun ideiak, baina garrantzitsuena da hazi moduko bat landatu dugula; gero norberari dagokio garatzea".

Hil honen amaieran amaituko dituzte Martinikorenak eta Panok aniztasun afektibo-sexualaren, berdintasunaren eta generoaren inguruko tailerrak. Pozik jarraituko lukete. Badakitelako ezinbestekoa dela oinarri duten ikuspegia eskoletan lantzea, eta planteamendu integrala egitea.

Sormenari bidea eman

Sormenari bidea eman

Edurne Elizondo

Artea ez da gauza polit bat egitea; artea transmititzea da, sentitzea", erran du Uxue Lasak. Bat egin du Anne Aramendiak, eta lagunak mahai gainean jarritako ideia sakontzen jarraitu du: "Denok dugu artista bat gure baitan, gure barruan; ateratzea da kontua". "Horixe, barruan dugun artista atera behar dugu, landu, eta garatu", erantsi du Lasak. Iruñerriko Artisten Mugimenduak zeregin horren ardura hartu du bere esku; artea landu eta garatu nahi dute kideek; arteari buruzko gogoeta piztu, eta duen balioa aitortu. Iruñerriko hainbat institututako ikasleek jarri zuten martxan elkartea, aurreko ikasturtean, baina zabaltzen jarraitu nahi du. Horretan ari dira Lasa eta Aramendia, bertze hamaika ikasle artistarekin batera.

Artea bizi dutela sumatzen zaie Aramendiari eta Lasari; Iruñerriko Artisten Mugimenduan lagun dituzte Xabi Gomez eta Naroa Osanbela. 18 urte dituzte laurek, eta agerikoa da artearekiko duten grina. Pasioa. Herritarrekin partekatu nahi dute artea ulertzeko duten modua, eta bide horretan urratsak egiten hasi dira jada. Elkartea, berez, LOMCE legeak batxilergo artistikoan eragin nahi zituen aldaketen aurka sortu zuten, baina harago joateko asmoa agertu du.

"Batxilergo artistikoa duten lau zentrook egin genuen bat: Iturramak, Alaitzek, Gurutzeko plazakoak eta Arte Eskolak; LOMCEk ezarri nahi zituen aldaketen aurka hasi ginen lanean, baina laster konturatu ginen arteak gizarte osoari eragiten diola", azaldu du Lasak; horregatik, arteari buruzko beren hausnarketak zabaltzeko urratsak egiten hasi ziren, arteak aldaketarako duen gaitasuna nabarmentzeko asmoz. Proiektua gelako esparrutik karrikara eraman zuten, finean. Eta bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dute.

"Arteak herritar kritikoak sortzeko duen ahalmena baliatu nahi dugu", erantsi du Aramendiak. Bat egin du Gomezek ere: "Aldaketarako tresna da artea". Mugimenduko kideek argi dute zer-nolako balioak izan beharko lituzkeen gizartean eragin nahi duten aldaketa horrek, eta balio horiek hartu dituzte, aldi berean, beren lanaren ardatz: "Mugimendu askotarikoa gara, baina oinarri hartu ditugu berdintasuna, errespetua, feminismoa...", azaldu dute kideek.

Karrikan eragin

Oinarri horiek abiapuntutzat hartuta, artea karrikara eramateko hainbat jarduera antolatu dituzte Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek, azken hilabeteotan. Arrotxapeko gaztetxeko kideekin elkarlanean aritu dira, adibidez, eta Ikasle Abertzaleekin batera ere, bertze eskola eredu bat garatzeko jardunaldietan aritu dira. "Oso esperientzia polita izan zen", gogoratu du Lasak. Hitz bakarra proposatu zieten parte hartzaileei, nahi zuten moduan azaltzeko. "Errepresioa zen hitza; paper bat eta margoak eman genizkien. Talde batek, adibidez, papera tolestu, eta lurrera bota zuen".

Herritarrak artista bilakatu nahi dituzte beren jardueren bidez; mugimenduko kideek beren artista izaera aldarrikatzen dute, halaber, karrikan. "Atera izan gara abestera, dantzatzera, mugitzera; jendearen erantzuna ezin hobea izan da, oso giro polita sortu dugu kalera atera izan garenean", nabarmendu du Aramendiak.

Halako ekitaldien bidez artea eta askatasuna lotzeko asmoa ere badute Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek. Eskolak, neurri batean, askatasun hori murrizten duela salatu dute, eta artea askatasunaren bidetik garatzeko aukera defendatu dute. Egungo sistemak, oro har, kontrakoa bultzatzen duela uste du Naroa Osanbelak. "Txikia zarenean, klip bat hartu eta gai zara harekin espaziontzi bat egiteko ere; gero, paperak lotzeko baino ez digu balio. Gure artista barrura sartzen dugu, ez diogu ateratzen uzten, eta irudimena galtzen dugu".

Hori da Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek galdu nahi ez dutena: irudimena. Artea askatasunaren bidetik garatzen jarraitu nahi dute, herritarrengan gizartea aldatzeko grina bultzatzeko asmoz. Kritiko izan nahi dute. Artista.

Formakuntzari ez diote uko egin nahi, eta, hasteko, ezkutuan gelditzen ohi diren emakume artisten berri jaso eta zabaldu nahi dute. Feminismoaren bidetik, gainera, bideo bat osatu dute udan eraso matxisten aurka. Artearen bidez eragin nahi dute, errespetuaren, berdintasunaren eta feminismoaren bidean urratsak egiten jarraitu ahal izateko.

Hiru hamarkadako ikasturtea

Hiru hamarkadako ikasturtea

Edurne Elizondo

Nafarroako Parlamentuan egin zuen lehendabiziko urratsa Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), duela 30 urte. 1987ko apirilaren 21ean sinatu zuten erakunde horretan NUP sortzeko lege proiektua; Sario eraikina izan zuen lehen egoitza nagusi, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatutako Arrosadiko campusa errealitate bilakatu zen arte. Egun, Tuteran ere badago NUP; hemezortzi gradu eskaintzen ditu, eta datozen urteotan bertze zazpi emateko proiektua martxan jarri du. Duela hiru hamarkada hasitako ikasturtea hamaika ikasgai, irakasle, ikasle, ikerlari eta proiektu berrirekin hornitzen jarraitu nahi dute NUPeko arduradunek.

30. urteurrena "gogoetarako une aproposa" dela nabarmendu du NUPeko errektore Alfonso Karlosenak, hain zuzen ere. Batetik, gizarte osoari eman nahi izan dizkio eskerrak, "egindako ekarpenagatik"; bertzetik, unibertsitateak berak gizarteari eman diona nabarmendu nahi izan du errektoreak. "Nafarroa bertzelakoa litzateke NUP gabe", erran du.

Unibertsitate publikoa ederki ezagutzen du Maria Jose Asiainek (Goñi, 1957). Matematikan doktore da NUPen. Hain zuzen, Asiainena izan zen erakunde horretan irakurritako lehendabiziko tesia. Bat egin du errektorearekin, eta unibertsitateak Nafarroan herritarrek uste baino anitzez ere gehiago eragin duela nabarmendu du. "NUPen bertan formatu diren katedradunak baditugu jada; eta hemen ikasitako jende anitz ari da hamaika ardura postutan. Unibertsitatearen garapena handia izan da, eta izan duen eragin soziala ere bai. Ezin dugu ahaztu hemen, NUP sortu baino lehen, unibertsitate pribatua baino ez zegoela".

Opus Deiren unibertsitateak publikoaren garapenean eragina izan duela uste du Asiainek; ezin dela erakunde pribatuak izan duen eta baduen pisua bazter utzi. "Bertze gauza anitzen artean, unibertsitate pribatuak marketin zerbitzu bikaina du", erran du matematikariak. Ez hori bakarrik. "Kontuan izan behar dugu, ezinbertzean, gure unibertsitateko irakasle anitzek ere unibertsitate pribatuan ikasi dutela".

Hori sumatzen da, Asiainen hitzetan, NUPen gertatutako hainbat gauzaren inguruko jarreretan: "Manifestazio edo pintaketaren bat arazo bilakatzeko joera izan dute hainbatek; alderantzizkoa beharko luke jarrerak, ordea, eskerrak eman beharko genituzke zerbait mugitzen delako! Lasaitasuna, unibertsitate batean, ontzat jo ohi dugu, baina ez da; gurearen gisako erakundeek biziak izan behar dute".

Azken osoko bileran

Legegintzaldiko azken osoko bileran onartu zuten, 1987an, NUP sortzeko lege proiektua. Gabriel Urralburu zuen presidente orduko gobernuak, eta Roman Felones zen Hezkuntza kontseilaria. 1983ko hauteskundeetan, Felonesi egokitu zitzaion sozialisten programa idaztea, eta testu hartan helburu nagusitzat jo zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzeko urratsa egitea. Garai hartako inkestek agerian uzten zuten herritarrek nahi zutela unibertsitate publiko bat Nafarroan. 1987ko lege proiektua onartu eta gero, "egin beharrekoa eginda" utzi zuen kontseilari kargua Felonesek, NUPek mende laurdena bete zuenean nabarmendu zuenez.

Maria Jose Asianek ez zuen Nafarroan ikasteko aukera izan. "Zaragozara joan nintzen, hango unibertsitate publikoa zegokigulako nafarroi, NUP sortu aurretik". Ikasketak amaituta, Bigarren Hezkuntzako irakasle izan zen matematikaria, eta, gero, Zaragozako Unibertsitatean bertan hasi zen lanean, fakultateko laguntzaile gisa. "1991n etorri nintzen NUPera, laguntzaile gisa hasieran. Nire tesia prestatzen ari nintzen, eta Julio Lafuente nuen zuzendari; Lafuente 1989an etorri zen unibertsitatera. 1992an nire tesia defendatu nuen, azkenean. Ohorea da niretzat NUPeko aurrenekoa izana". 1993an hasi zen irakasle lanetan Asiain, eta 1995ean lortu zuen plaza.

Hamarkadotan unibertsitatea anitz aldatu dela uste du Asiainek. Sortu zenetik, hain zuzen ere, 35.000 ikaslek lortu dute titulu bat NUPen. Egun, 8.306 ikasle ditu erakunde horrek; 885 irakasle eta ikerlari ari dira unibertsitate publikoan lanean, eta, administrazio eta zerbitzuen arloan, berriz, 456 pertsona. 2017rako, 70,4 milioi euroren aurrekontua du unibertsitate publikoak.

NUP anitz hazi da, eta egin ditu urrats anitz, 1987tik. Zenbait arlotan, halere, lehengo lepotik dira buruak, Asiainek agerian utzi duenez. Aitortu du kezka duela hainbat auziri buruz. Batetik, ikasleen jarrera jarri du mahai gainean. "Hasierako urte haietan ikasle bikainak genituen; ikasteko gogo biziz etortzen ziren unibertsitatera; bertzelakoa da egungo egoera; etorkizunarekin etsita daude gazteak, neurri handi batean; ikasteko pizgarririk ez dute".

Azken urteotako krisi egoeraren eragina sumatzen du irakasleak jarrera horietan. Salatu ditu azken urteotako esparru guztietako murrizketak, eta larritzat jo du herritarren arteko berdintasunean atzera egin izana. Asiainek argi du unibertsitate ororen helburu izan behar duela gizarte justuago baten aldeko lana egiteak, eta NUPek ere zer eman baduela argi du, ondorioz. Unibertsitateak dituen erronkak, hain zuzen, justizia lortzeko bide horrekin lotu ditu. "Unibertsitateak pertsona kritikoak sortu behar ditu; pentsamendu propioa duten pertsonak. Ezin dugu onartu lanak aurrera egiteko aukera bermatuko ez digun gizarte bat; berdintasuna apurtzen duen gizarte batek ezinbertzean eginen du porrot".

Bertzetik, feminismoari buruzko gogoeta nabarmendu nahi izan du Asiainek, eta "hagitz kezkagarritzat" jo ditu ikasleen artean sumatzen dituen jarrerak. "Azken sei urteotan ikusi dudana biziki larria iruditzen zait; emakume gazte anitz bikotekidearen kontrola ari dira onartzen. Horrek argi erakusten du zerbait gaizki egiten ari garela".

Gizarteak genero bakoitzari ezarritako rolen banaketa ere agerikoa da, oraindik ere, unibertsitatean. "Gutxi dira, oraindik ere, ingeniaritzetan ari diren emakumeak; irakasletzan, berriz, emakumeak dira nagusi".

Euskara eta medikuntza

Bertze bi kontuk sortu dute eztabaida NUPen, azken urteotan. Batetik, euskarak duen tokiak. Behar baino urriagoa dela diote anitzek. Badu ondoriorik horrek: selektibitatea NUPen egin arren, EHUn matrikulatzen dira urtean 258 ikasle nafar; tartean, ikasketak euskaraz egin ahal izatea bilatzen dute 40 inguruk. Egun, 1.272 kreditu eskaintzen ditu NUPek euskaraz, 246 ikasgaitan. Oraindik ere, ezinezkoa da gradu oso bat euskaraz egitea. Alfonso Karlosena errektorearen hitzetan, ordea, eskaintzak "era egokian" erantzuten die ikasleen nahiei.

Bertzetik, NUPen Medikuntza ezartzeko aukerak eragin du eztabaida. Aurreko gobernuek ez dute aukera hori babestu, baina egungoak hori egiteko asmoa agertu du. "Hasiak gara bidea egiten", erran du Hezkuntza kontseilari Maria Solanak. Ez dela erraza aitortu du, halere. Auzi horretan ere nabaria da Nafarroako Unibertsitatearen eragina, erakunde pribatu horrena baita Klinika Unibertsitarioa.

Unibertsitate pribatu guztiak enpresak direla gogoratu du Maria Jose Asiainek. "Nafarroako Unibertsitateak asko eman duen sentsazioa dute herritarrek, baina diru anitz ere eraman du; etenik gabe, gainera". Matematikariak bertze gisa bateko unibertsitate bat defendatzen du. Eta argi du irakasleek nolakoak behar duten izan: "Irakasten dutena menperatu behar dute; irakasten gozatu behar dute; eta ikasleak bikain tratatu behar dituzte". 30 urteurrena ospatu, eta lanean jarraitzeko gogoz da Asiain.

Hurbilen dagoen ikastetxearen alde

Hurbilen dagoen ikastetxearen alde

Edurne Elizondo

Ez du zentzurik; Leitza 17 kilometrora dugu, eta Iruñea, berriz, 35era". Horixe nabarmendu du Lekunberriko Ibarberri ikastetxeko guraso elkarteko presidente ohi Arkaitz Goikoetxeak. Leitza hurbilago duten arren, DBHko hirugarren eta laugarren mailak ikasteko erreferentziazko institutu Iruñeko Biurdana dute Ibarberriko eskolako ikasleek. Egoera hori aldatu nahi dute orain gurasoek, eta Leitzako Amazabal institutua bilakatu beren erreferentziazko zentro.

Legea alde dutela azaldu du Goikoetxeak. Izan ere, ikastetxeak eta eskola barrutiak antolatzeko foru dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak 1995. urtean, eta, agiri horren arabera, Leitzako institutua zen Lekunberriko ikasleentzat erreferentziazko egoitza. Bertzeak bertze, ikasleak inguru hurbilenean eskolatzearen alde egiten zuen dekretuak. Kontua da, Hezkuntza Departamentuko irizpideak aldatu gabe, 1996an erabaki hori bertan beherea utzi, eta Iruñeko Biurdana jarri zuela gobernuak Lekunberriko ikasleentzat erreferentziazko institutu gisa.

"Ez du inolako zentzurik", berretsi du Goikoetxeak. Datuek ederki islatzen dute Lekunberriko gurasoen borondatea zein den, haren ustez. Azken lau urteotako matrikulazioei so eginez gero, hautua Leitzaren aldekoa dela argi gelditzen da: Iruñeko Biurdanara bost ikasle joan dira, eta Amazabalera, berriz, 73. "Gaur-gaurkoz, gure ibarreko bi ikasle daude Biurdanan, eta Leitzan, berriz, 40 inguru. Sare publikoaren aldeko familien %95ek Leitzara bidaltzen dituzte seme-alabak", azaldu du Goikoetxeak.

Ikasleak Lekunberritik Iruñera edo Leitzara mugitzeko garraioaren auziari buruz ere bada zer erran, Goikoetxeak nabarmendu duenez. Lekunberri eta Larraungo ikasleek, Irurtzungo Udalak eta Nafarroako Gobernuak aspalditik zuten hitzarmena baliatu izan dute Iruñera joateko. Urte luzez, gobernuak hartu du bere gain zerbitzu horren defizita. Kontua da hitzarmenak berak 12.000 euroko muga zehazten zuela gobernuak ordaindu beharreko defizitarentzat. Ondorioz, azken urteotan, udalek gehiago pagatu behar izan dute, batez ere Irurtzungoak. "Egoera horrek ekarri du Irurtzungo Udalak hitzarmena bertan behera uztea", azaldu du Goikoetxeak.

Bertze hitzarmenak

Horrek ez du erran nahi, hala ere, ikasleak garraiorik gabe gelditu direnik. Lekunberriko eta Larraungo udalek bertze hitzarmen bat egin dute. Nafarroako Gobernuak ordaintzen du derrigorrezko hezkuntzan ari direnen garraioa, eta bertzeek, berriz, udalen arteko akordioa baliatzen dute. Leitzara joateko ere hitzarmena badute Lekunberriko eta Larraungo udalek. Auzi hori garrantzitsua dela uste du Goikoetxeak, Lekunberriko Udalak behin baino gehiagotan erran izan duelako erreferentziazko zentroa aldatuz gero, garraiorik gabe geldituko zirela.

"Hori ez da egia, eta agerian gelditu da. Esaten zuten erreferentzia zentroa aldatuta, Irurtzunek eta Nafarroako Gobernuak zuten hitzarmenetik kanpo geldituko ginela eta, ondorioz, Iruñerako garraiorik gabe. Orain, hitzarmena desegin egin da, baina bi udalek beste hitzarmen bat egin dute elkarren artean ikasleak garraiatzeko. Argudio hori erabili izan dute familiak beldurtzeko, baina egoerak erakutsi du gezurretan ari zirela", azaldu du.

Garraioa bermatzeko zerbitzuek duten kostua kontuan hartzekoa dela argi du Goikoetxeak, hala ere. Orain, hain zuzen ere, Larraungo eta Leitzako udalek 46.000 euro ordaintzen dute ikasleak Leitzara eramateko; bertze 35.000, berriz, Iruñera joateko. "Erreferentziazko zentroa aldatuko balute, Leitzara joateko garraioaren ardura Nafarroako Gobernuaren esku egonen litzateke; 46.000 euroren gastua desagertuko litzateke; Iruñekoari eusteko borondatea badute udalek". Institutu batean eta bertzean izena ematen duten ikasleen kopuruak aldaketa behar dela agerian uzten duela argi du Goikoetxeak.

Aldaketa horren alde egin du Larraungo udalak ere; ez, ordea, Lekunberrikoak. Galdeketa bat antolatu zuten Lekunberrin 2014an. "Udalak manipulatu egin zuen galdeketa, eta errolda ere bai. Harrigarriena da herritarren %60k baino gehiagok Iruñearen alde egin izana erreferentzia zentro gisa, eta urte horretan inork ez matrikulatzea seme-alabak Biurdanan!".

Auziak ibarreko mugak zeharkatu ditu azken urteotan, eta Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak eta Arartekoak bat egin dute Lekunberriko gurasoek egindako eskaerarekin. Parlamentuan 2014an izan ziren. Gaur egungo gobernuko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin ere egin dute bilera. "Egoera hau konpontzeko ordua da", berretsi du Goikoetxeak. "Hezkuntza Departamentuaren jokabidea ez da bidezkoa izan orain arte, eta espero dugu oraingo gobernuak beste jokabide bat erakutsiko duela". Errealitatean gertatzen dena onartzea nahi dute.