Saioa Alkaiza
Demagun herrialde batean bizi zarela, lan egiten duzula, familia bat duzula, teilatupe bat duzula behar duzunerako, beheko dendako dendaria agurtzen duzula eta zure izenez deitzen zaituela. Edo ez.Demagun herrialde batean bizi zarela, lan...
Iritzia
Iritzia: Bulkadak gara (bide eder hau)
Lur Albizu Etxetxipia
Hilabetetan prestatutako 72 ordu izan dira. Ederrak, luzeak, laburrak. Denbora asko zain egon ondoren iritsi zen Lemoara gazte topagunea. Lau hamarkadatan Euskal Herrian gazte mugimenduak egin duen ibilbideari omenaldi handia, ait...
Iritzia: UPNk ere ‘klika’
Jon Barberena Ibarra
Amets Arzallusek argi adierazi zuen: "Mundu guztia dago euskararen alde. Baita euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak eta haien oinordekoak ere. Euskara onartzen dute, baina bere eremu ttipian eta ahal dela, ez dezala trabarik egin. Hortik atera eta erdigunean paratzen denean arazoak sortzen dira".
Korrika dela medio, euskara bere xokotik atera eta protagonismoa hartu duelarik, UPNk bere klika partikularra egin dio. hamar egunez, harrigarria bada ere, mudu oso bat lasterka ibili da Euskal Herri osoa zeharkatzen. Tarteka, Luzaideko bolantak, Ibañetako elurra, bertsoak eta irrintziak bidaide izan dituzte korrikalari nekaezinek. Era horretan, jende uholde batek AEKri behar-beharrezkoa duen bultzada ekonomikoa eskaini dio besta giroan. Baina UPNkoak arranguratu dira. Euskara ez dute aipatu eta epaitu. Ez modu zuzen-zuzenean behinik behin. Halere, euskarak erdigunea hartu duelarik, deseroso sentitu dira eta ikurrina hartu dute aitzakiatako. Alberto Catalanek, UPNko bozeramaileak, Nafarroa Garaiko eskola eta ikastetxeetan ikurrina goraipatzen duten Korrikako ekintzak onartzea kritikatu du. Ikurrina agertzen den kartel dibulgatzaileak Nafarroako Gobernuaren logoarekin babestuta egotea "justifikaezina" dela adierazi, eta Hezkuntza departamentuaren "utzikeria" kritikatu du.
Catalanendako, "horrelako portaerak Nafarroako ikur propioen iraina dira". To! Oraindik oroitzen naiz 2001-2002 ikasturtean Cortesen irakasle aritu nintzeneko sasoia. Zuri-beltzezko lau fotokopia eta imajinazio handia tartekatuz, eginahalak egiten nituen hango umeei euskara erakusteko. Geletako batean orduko Espainiako errege-erreginen irudia zintzilikatua egoten zen. Jakizu deseroso sentitzen nintzela Sofiaren eta Juan Carlosen begiradapean aditz taulak erakusten.
Horrekin nahikoa ez, eta Catalanendako, "horrelako jokamoldearekin", lauko gobernuak agerian utzi omen du gure lurraldeko ikur propioekiko "mespretxua eta hezkuntza sistemaren errealitatearekiko errespetu falta". Bere ustez, hezkuntzaren gainetik helburu politikoak lehenesten omen ditu Nafarroa Garaiko gobernuak. Baina zeintzuk dira Nafarroa Garaiko ikur propioak? Noiz onartuko duzue lurralde honetako aniztasuna? Noiz ohartuko zarete zuen sinboloek ez dutela Nafarroa Garaia bere osotasunean ordezkatzen? Gazteleraren eta zuen ikurren hegemoniak espazio pixka bat galtzeko arriskua nabaritu, eta jotzen duzue euskaldunon kontra eta, doike, euskararen kontra.
Galderekin hasi naizenez, zein da Nafarroa Garaiko hezkuntza sistemaren errealitatea? Zure alderdikideen begiek ikusi nahi dutena bakar-bakarrik? XVII. mendean ez, baina 2013. urtean, Jose Iribas Hezkuntza kontseilari ohiak zehaztu zuen zein liburu erabili behar genuen D ereduko eskoletan. Euskal Herriko mapa bat agertzea nahikoa zen liburu horren erabilera galarazteko. Debekuak eta trabak.
Dena den, gorroto duzuena maita dezakezue? Nik uste dut ezetz! Korrika bezalako ekintza baten arrakasta eta herri mailako antolamendua goraipatu beharrean, beti zabiltzate mami gutiko aitzakien bila. Aurten, euskararen herria irudikatzen duen ikurrinari suertatu zaio, baina horren gibelean dagoena argi dago: euskararekiko gorrotoa. Foruak saltzear zaudeten zuen lurraldeko hizkuntza ere badenarekiko ikusiezina eta gorrotoa. Horra zuen klika partikularra.
Iritzia: Kontrolak
Lohizune Amatria
Korrika lasterraldian parte hartzeak sortzen didan zirrara, ilusioa eta emozioa bildu nahi nituen lerro hauetan: lekukoa lehen aldiz hartzen duen horren irribarrea nolakoa izan den zuei kontatu; herri batean kilometro bat egin, atzetik zen autoan igo, Korrika aurreratu, eta maldan gorakoa saihestuz beste kilometro batean nola batu garen azaldu; Pirinioetako bailarek egunotan euskararekiko erakusten duten konpromisoa islatu…
Halakoak, baina, asko irakurriko zenituzten egunotan. Horregatik agian, edo kontatzera noan honek sortzen didanagatik, aldatu dut zutabe honen edukia. Edo edukia baino, ikuspuntua.
"Zerbait larria gertatu dela dirudi, inoiz baino polizia gehiago dabil errepidean". Duela pare bat aste iritsi zitzaidan mezua, ostirala zen. Nirekin ere gurutzatu ziren argidun auto zenbait hiritik Pirinioetarako bidean gora nindoala. Ohikoan baino gehiago zirela pentsatu nuen nik ere bai.
Sumo horrekin bat eginez, bigarren batek idatzi zuen: "Kontrola ezarri dute hemen". Minutu gutxira heldu zen hurrengo mezua: "Hemen ere ezarri dute, bi norabideetan". Eta ez ziren mezu bakarrak izan asteburu horretan. Hurrengo egunean, antzerako beste bi jaso nituen.
Inguratuta eman genuen asteburua, kontrolatuta. Eta nahigabe hasierako hipotesi hura izan nuen buruan bueltaka: "Egia izango ote da bada? Zerbait larria gertatu ote da?". Baina igaro dira zenbait egun, eta, ez, ez da aparteko ezer entzun inguruan.
Gertatukoari azalpen xume bat eman dakiokeen albistea zekarren egunkari espainiar batek duela aste gutxi. Landa eremuko kuartelak sendotuko ditu Espainiako Gobernuak despopulatzeari aurre egiteko. "Gutxiegi erabiltzen dituen" azpiegiturak indartuz, jendez hustutako eremuak dinamizatu nahi ditu Pedro Sanchezen gobernuak. Diotenez, lanpostuak bakarrik ez, "herrietan falta diren" zerbitzuak eta sareak heda ditzakete.
1.820 guardia zibil ditu aktibo Guardia Zibilak Nafarroan. Langile gehien dituen erakundea da - 1.100 foruzain eta 739 polizia daude Nafarroan -, baina PSOEk gehiago jarri nahi dizkigu. Garai ilunak datozkit burura.
Korrika abiatzeko egun gutxi geratzen zirela beste berri bat iritsi zitzaidan. "Aupa! Aste honetan guardia zibilak bi isun jarri dizkigu Korrikaren harira". Erronkarin ezarri zuten lehenengo isuna: karrika-korrikan parte hartzen ari zirenei 500 euro eskatu dizkiete. Bigarrena, Aezkoan jarri dute. Kilometroak markatzen ari zirenek jaso dute, autoa errepidean uzteagatik. 80 euro.
Argi dago, ari da jada Guardia Zibila landa eremuan lanean. Diskurtsoa aldatuko dute, baina molde bera erabiltzen ari dira. Beti bezala, euskararen aldeko mugimendua oztopatzen dabiltza, errepideak kontrolez josiz izua hedatzen… Noren arazoak konpontzeko neurria izango ote da kuartelak sendotzearena?
Gauzak gertatu dira, bai; eta larriak dira, gainera. Baina, tamalez, ez dira apartekoak izan. Eskerrak oraindik asko garen lekuko baten atzean hamaika egunez korrika egiteko prest gaudenak hemen. Herri zoro zoragarria da gurea.
Iritzia: Gizonak auzolanean
Saioa Alkaiza
Maskulinitatearen performance bat da auzolana. Sasiak garbitzen, paretak margotzen, pitzadurak konpontzen, oholtza muntatzen edota mahaiak eramaten zaudenean ikustea nola mundura zis gizon heterosexual sortutakoek elkarren arteko gizontas...
Iritzia: Klika
Lur Albizu Etxetxipia
Beti jartzen naiz urduri. Hitzordua goizeko bostetan, arratsaldeko zazpietan, gaueko bederatzietan edo eguerdiko ordu batean dela ere, urduri jartzen naiz. Euria egin, eguzkia egin, bero, hotz. Karkarren, Isun, San Adrianen, Irunberrin, Iruñean edo Garesen (Artazutik ez baita duela hamar bat urte pasatzen).
Ekitaldi, egun edo ekimen batzuetarako nahiko ohitura-zalea naiz (tradizioak traizionatzea plazera ere bada, baina batzuetan...). Txupinazoaren aurretik zuriz janztea bezalakoa izaten da Korrikaren kilometroa zein izanen den aurretik begiratzea, zain egotea; eta ez da preseski korrika egitea bereziki maite dudalako.
Eta aurtengoa bereziagoa izanen da, bereziena, beharbada. Denok ez dugu hori bizitzeko plazera eta zortea, herritik apenas lau kilometrora Korrika hastea, alegia. Tontakeria bat irudituko zaio norbaiti agian, baina ez da gutxi eremu diskriminatuaren mugan (nahiz eta muga horiek pixka bat urrunago dauden duela bi urte baino, eta nahiz eta muga horiek pixka bat lausotu diren) Korrika hastea eta hori gertu(ago)tik bizitzea.
Zein gutxi aldatu diren gauza batzuk, beste batzuk aldatu badira ere. Eta ez dakit duela lau urte orain non egonen ginen pentsatzen genuen, zer imajinatzen genuen 2019az, urrun edo gertu ikusten genuen. Segur aski, beste gauza asko esperoko genituen; batez ere, eremu diskriminatutik atera ahal izatea. Baina eremu diskriminatuarekin amaitu nahi genuelako eta amaitu nahi dugulako.
Korrika ez delako bakarrik korrika. Korrika egitea, lekukoa hartzea. Korrika aurrera egiteko konpromiso bat, euskara ez galtzeko konpromiso bat. Baina ez bakarrik ez galtzekoa: saltoak ematekoa, eremuak birkonkistatzekoa, berreskuratzekoa. #Klika egitekoa. Mundua eraldatzekoa, baita kulturalki eta musikalki ere. Bardeako ziertzoa guregan arnasteko tartea ere bada Korrika, eta "korrikarako balio" ez omen duten abestiak hizketagai bihurtzekoa (ez da gutxi hori lortu izana; "korrikarako balio" omen duten abestiak gutxiago gustatzen zaizkigu beste batzuei). Korrikak, hamarkada batzuen ondoren, apurtzailea izaten jarraitzea lortzen du; horregatik bakarrik, merezi du.
Korrika bada ofizialtasunaren aldeko lasterketa. Lehenengo eta bigarren mailako herritarrak desagertzeko apustua egiten duen furgoneta. Lagunak urtean behin batzen dituena. Korrika bada ahobizien oihua, belarripresten garrasia. Korrika bada instituzioei duten ardura behingoz har dezaten exijitzea.
Eta bada txinaurri lan oso handia eta urte luzeetan egin duten horientzako omenaldi txiki bat ere; hori baino askoz gehiago merezi dute herria euskalduntzen, beren burua euskalduntzen, D eredua bultzatzen, euskara(z) irakasten, ahalegin guztiak egiten ibili diren horiek. Isilik, baina gelditu gabe. Isilik, baina esfortzu handiz, apustu handiak eginez, bai pertsonal eta bai kolektiboak. Haiei esker gaude gu hemen, eta ez dakit konturatzen ote garen zein balio handia daukan horrek guztiak denontzat. Lekukorik garrantzitsuena zarete zuek. Ez dadila haria eten!
Iritzia: Zelofana eta mamia
Jon Barberena Ibarra
Egun on" erran, eta 45 minutuko egonaldia egin zuen Pedro Sanchezek, Espainiako presidenteak, Euskaltzaindiko egoitza nagusian. Ohorezko liburuan letra aldrebes xamarrez eta espainolez hitz batzuk idatzi eta gero, ozen irakurri zi...
Iritzia: Zenbatezina
Lohizune Amatria
Iazko argazkia gaindituko ote zen zalantzarekin atera nintzen kalera martxoaren 8an. Iazko arrakastaren mamuak baldintzatu du aurtengo mobilizazioaren irakurketa. "2018koa izugarria izan zen; nola aurreikusten duzu aurtengoa?", galdetu zidaten egun gutxi geratzen zirela. "Ez dakit" erraz bat erantzun nuen; eta, geroztik, behin eta berriz agertzen zait galdera hura.
Gazteluko plaza utzi, eta etxerako bidean, zortzi bider begiratu genuen sakelakoan zenbakirik aipatzen ote zuten egunkari eta agerkariek. "Zenbatezina". Hori da aurkitu genuen erantzuna. Martxoaren 8ko greba feministaren lorpena kuantitatiboki neurtzeko joera dugu; baina zenbaki ez-erreal batek erakusten al du etxe barruan, enpresetan edo kalean geratutakoa?
Egunkariak utzi, eta ingurukoetara jo dut erantzun bila. Egunero bezala, goiz jaiki da Izaro martxoaren 8an. Gaztea da, eta bikotekidearekin bizi da. Maitaneri baino errazago egin zaio berari zaintza lanak alde batera uztea. Maitane ama da: "Ez ditut semeak bazkaldu gabe utziko". Izarok, berriz, bazkaria egin gabe utzi du; baita ohea ere. Zalantzati da, ordea, bikotekidea etxera itzultzean, ohea egingo ote duen.
Alaiari ere egunero egokitzen zaio berarentzat eta bikotekidearentzat bazkaria egitea; baita ohea ere, eta zenbaitetan, afaria. Gosaldu ondoren, inertziari jarraikiz, logelara hurbildu da. Ohea begiratu, eta egin edo ez erabaki behar izan du. Izarak esku artean topatu ditu erantzuna aurkitu aurretik. Egin du ohea. Eta arrazoia aurkitzea errazagoa egin zaio: "Ezin dut ohea egin gabe ikusi, hautsez beteko da".
Greba egin dute hirurek. Norberak bere moldera, baina. Langabezian da Izaro, eta goizean goizetik kalera irten da aldarrikatzera. Alaia eta Maitane mobilizazio nagusietara baino ez dira joan. Ez dira lantokira joan. Maitanek, baina, opor eguna eskatu du. Ez dio eguneko soldata enpresari eman nahi, eta dirua mugimendu feministara bideratzeko asmoa du.
Ez dira egoera berean izan, Aitorren lantokiko emakumeak. Soldata prekarioa dute; hipotekaturik, fakturak pilatzen zaizkie etxeko apalategian. Ezin dute diru sarrerarik galdu, eta lantokira joan dira. Astebete lehenago jakin zuten Aitorrek eta haren gizonezko lankideek euren egoeraz. Enpresaren mantentze lanak egiten dituzte; makina bat hautsi, eta ekoizpena eten ez dadin, hori konpontzeko ardura dute. Greba egiteko aukerarik izan ez duten emakumeen aldarrikapena ikusarazteko, ez dira lantokira joan. Matxuragatik ekoizpena eten bada, enpresan ez da izan hori konponduko duen langilerik.
Lantokian ez, Beñatek bere gurasoen etxean topatu du greba babesteko bidea. Amaren egitekoak hartu ditu beretzat, eta konturatu da hori ez duela, gainera, egun honetan egin bakarrik. Lehen ere saiatu da arintzen bere amak duen gainkarga. Nahikoa ez dela iruditzen zaio, baina; bere amak ez baitu grebarik egin.
Denetariko adibideak aurkitu ditut inguruan, eta denak lotzen dituen ezaugarri bat: denek auzitan jarri dute ordura arte egiten zutena. Hori ez da zenbakietan islatzen. Eta bada lorpen bat.
Iritzia: Zutabe hau ez da existitzen
Saioa Alkaiza
Zutabe hau ez da existitzen eta bere buruaz beste eginen du bere existentzia ezaren ezaugarriak azaldu ondoren. Zutabe hau ez da martxoaren 8an idatzi, baina martxoaren 8an argitaratuko da, eta, beraz, greba feministari uko eginen lioke b...
Iritzia: Gorka Urbizuren irakasgaia
Jon Barberena Ibarra
Ezbaian jarri behar da ia dena". Ondorio mamitsu bezain filosofiko hori ondorioztatzeko, "inertzia" hitza erabili zuen Gorka Urbizu musikariak Berri Txarrak taldearen etenaldi mugagabea adierazteko. Iduritzen zait hausnarketa sakon hori egiteko eta erabaki ausart hori hartzeko eguneroko ekintzetatik distantzia hartu beharra dagoela.
Distantziak bertze perspektiba batzuk eskaintzen ditu, eta komenigarria da noizbehinka talaia aldatu eta bertze begi batzuekin egunerokoa behatzea. Eta aztertzea. Ez baita erraza izozmendiaren puntaren puntan egonik, txaloak, laudorioak eta sona baztertuz, uzteko erabakia hartzea.
Beraz, sarrerak agudo erosten tematzeaz gain, iduritzen zait zer ikasia ere badugula erabaki eta hausnarketa horretatik. Gehienok eguneroko martxan inertziaz jokatzen dugu. Ez diogu geure buruari galdetzen zer ari garen egiten, gustura ote gauden egindakoarekin eta non kokatzen garen munduarekiko. Hain preziatua dugun baina horren guti estimatzen dugun denbora xahutuz goaz, deus zalantzan jarri gabe.
Era horretan, eguneroko ekintza errepikatuak ohitura bihurtzen ditugu, eta, gerora, ekintza horiek erranen digute bizitza zertan pasatu dugun. Hau da, gustatu edo ez, onartu behar dugu eguneroko zeregin ttipi horietan gure bizitza osoa islatzen dela, eta, beraz, egun arrunt batean egiten dugun horrek definituko ditu urteko gure gainontzeko egunak.
Presaka bizi gara. Laster egin behar izaten dira gauzak egun dugun sistema neoliberal honetan. Nonbait, iraganera begiratzeak ez du deustarako balio. Hobe da norantzarik gabe orainaldia alimaleko intentsitatez bizi, pentsatzen segundo bakar bat galdu gabe.
Errentagarritasuna eta azkartasuna arras baloratuak daude gure gaur egungo gizartean, eta lortutako lanpostuak eta izen onak gure estatusa definituko dute.
Halere, eta bidenabar, ez dugu pentsatzen gure lana gustuko ote dugun, betiko kuadrillaren solasaldiek aspertzen ote gaituzten, ohatzearen bertzaldean dagoen pertsonarekiko ditugun sentimenduak aldatu ote diren edo 1980ko hamarkadako musika paratzen duen betiko tabernan zer ote den aldatu ez den gauza bakarra.
Agudo goaz aitzinera, pentsatzeko tarterik ere hartu gabe, eta, inertziaz, atzoko eta herenegungo gauza berdinak errepikatzen ditugu.
Aspaldi, Poesia eta Poemak izenburuko zikloaren barnean, Bernardo Atxaga hizlari aritu zen eta, ziklo horretan, poema eta zeremonia konparatu zituen idazleak bere parte hartzean: "Eguneroko bizitzan mozketa egitea da, bai poemekin eta bai zeremoniekin lortzen dena. Hau da, denbora puska bat ateratzen dugu bizitzaren ibai arrunt horretatik. Tarte horretan dena desberdin irudikatuko dugu: espazioa, erritmoa…".
Hitzekin hain abila den Gorka Urbizu musikariak ere gauza berdina egin duelakoan nago ni, hain zuzen. Hala ere, gainontzekoak zintzoak ote gara geure buruarekin?