Lohizune Amatria
Garaileek idazten dute historia. Gertatutakoa hartu, eta beren interesen arabera moldatzen dute, gertakari hori bizi ez zutenek hitz horiek irents eta memorian iltza ditzaten, inolako zalantza izpirik gabe. Gure herria ez da horren sal...
Iritzia
Iritzia: Dena egiten da euskaraz
Saioa Alkaiza
Zertarako behar duzu euskara? Gustatzen zaizu? Zaindu beharko genuke? Zer-nolakoa litzateke euskararik gabeko Euskal Herria?". Galdera horiek egiten dizkiet 10-12 urteko haurrei, bertso eskolan, euskarari buruzko hainbat bertso sorta lantzerakoan; jakina, erantzunak gisa guztietakoak dira, aintzat hartuta Nafarroako D ereduak hartzen duen testuinguru soziolinguistiko luze zabalean egiten dizkiedala; berberak dira galderak Nafarroako mendialdean, iparraldean eta Iruñerrian. Hausnarketak, mundu bat.
"Eremu euskalduneko" zenbait erantzun: "Euskara behar dut bizitzeko, gauzak esateko; gaztelaniaz ez dakit berdin esaten"; "Nik ez dakit erdaraz"; "Gaztelania kaka bat da". Hegemonikoa eta normala, ohikoa eta kontrolatzen dutena euskara da, eta gainontzeko unibertso linguistikoa arrotza zaie; are askok ez dituzte behar bezalako baliabideak (oraindik) ehuneko ehunean nahi duten hori gaztelaniaz komunikatzeko.
"Zer-nolakoa litzateke euskararik gabeko Euskal Herria?" esanda, "Herria bakarrik, eta, igoal, hori ere ez", esan zidan haur batek. 12 urte. Eta hau ez da zutabe bat idazteko hartutako lizentzia literarioa, benetako erantzuna baizik. Gainontzekoan, zaindu behar dela, bai noski, nola ez, eta "gurea" dela. Euskararen arnasguneetan bizi dira, haiengan existitzen da, umeen artean, hizkera biziena batik bat, oraindik gaztelaniaren makuluetara makurtu ez den hori.
"Eremu mistotzat" jo izan duten hirigunearen inguruko txoko honetan, ikasi dute garrantzitsua dela euskara eta ez dela galdu behar, baina askok ez dakite non dagoen ergatiboa, eta esaldi konplexu bat amaitzea ez zaie erraza, eta, hala ere, haientzat badu esanahi handia euskarak, esanahi sinbolikoa eta praktikoa badu, praktikoa baita komunikatzeko balio zaien hori, tz-ak eta z-ak eta ergatiboak gorabehera.
Haien identitatearen parte ezinbestekoa da. "Euskara gustatzen zait polita delako", "Euskara behar dugu euskararik gabe ez legokeelako Korrika eta niri Korrika gustatzen zait" ohiko logikaz gaindiko erantzunek uste baino askoz gehiago ez ote duten esan nahi… Korrikaren erritualak ez ote duen asko egiten, hizkuntzaren muskulua indartzeaz aparte, "Euskara gustatzen zait euskalduna naizelako".
Aho bete hortz utzi ninduen erantzun batek: "Euskara gustatzen zait dena egiten delako euskaraz: liburuak, marrazkiak, musika…". Irribarre egin nion, eta galdera errepikatu: "Iruditzen zaizu euskaraz egiten direla liburu gehiago eta film gehiago? Gaztelaniaz baino gehiago?", sinesgaitza egiten zitzaidan. "Bai, dena dago euskaraz; begira, liburu guztiak", ikasgelako apalak seinalatuz, euskarazko haurrentzako obrez gainezka.
Balizko euskal kultur ekoizpen handi horrek txundituta utzi ninduen, eta areago kontsumoak; zenbat militantzia ekintza egin ote duten eremu erdalduneko haur horren ingurukoek euskara kultur hizkuntza nagusia dela iruditzeko… Irribarre egin eta ez nion deus esan. Herri imajinario polita utzi zidan.
Iritzia: Zaplaztekoak
Lur Albizu Etxetxipia
Gu herri aberatsetatik etortzen gara, ez gatoz herri pobreetatik, zuek uste duzuen moduan. Gure lurraldeak ez dira pobreak inola ere. Jende gazte asko dago gure herrietan, baliabide natural asko ditugu. Mendebaldeko, Europako herrialdeetara gatoz gure baliabide horiek guztiak zuen herrialdeek ustiatzen dituztelako eta lapurtzen dizkigutelako. Eta zuen herrialdeetara etortzen gara, haurrak gureetan uzten ditugun bitartean, ekartzen uzten ez dizkiguzuelako, edo oso nekeza delako hori egin ahal izatea, zuen legeek ez digutelako bizirautea besterik eskaintzen. Eta behin hemen egonda, zuen gurasoak, zaharrak, umeak zaintzen ditugu, zuek etxetik kanpo lan egin dezazuen, zuek ez zaitezten hainbeste ardura. Eta merke lan egiten dugu, gainera, eta merke ordaintzen diguzue. Eta lanean jarraitzen duzue, urtean behin gure herrialdeetara oporretan joan ahal izateko".
Huerta de Peraltako langileen aldeko azken manifestazioan geunden, mobilizazioa amaitu eta ondorengo hitzartzeetan. Iruñea Harrera Hiria-ko kide bat mintzatu zen. Idatzi dudanaren antzeko zerbait esan zuen bere hitzartzean, beste gauza askoren artean (ez da inolaz ere zehatza izanen nik komatxo artean jarritakoa, ezta gutxiago ere). Zaplazteko txiki, kontraesankor horietakoa izan zen: irribarrea marrazten dizuna, ukitzen zaituena eta ziztada eragiten dizuna. Dena aldi berean.
Herrira itzuli ginen, eta eztabaidatzen aritu ginen: nor zen zuek? Guri ari zitzaigun hizketan? Agintariei, udalei, gobernuei, Europari, migrazio politikak agintzen dituztenei? Guri eta haiei? Denei?
Hor hasi ginen pilota alde batera eta bestera botatzen. Aurpegira ematen digutenean, baina, batzuetan komeni da kolpea jaso eta kolpeak berak egin duen soinua ere entzutea. Ez dut erantzunik nori ari zitzaion berriz aztertzeko, eta ez da nire asmoa. Gauza da pentsarazi zigula. Eta agian Europari zuzentzen ari zela, baina guk zalantza izan genuela. Interpelatuak sentitu ginela. Ukitu gintuela. Eta, akaso, beharbada gutaz ere ari zela pentsatu genuela. Guzti-guztiok "urtean behin gure herrialdeetara oporretan joan zaitezten" esaldi horretan guregan jarri genuela fokua, eta irribarre mikatz horietako bat atera zitzaigula. Eta gure artean begiradak gurutzatu genituela: elkarri irribarre (edo barre?) egin geniola, hari arrazoi osoa emanez.
Hor ez zegoen Merkelengan pentsatzerik. Kapitalismo basati honek, inperialismoak eragiten dituelako milaka hildako itsasoan; eragiten duelako errefuxiatuak berak egon behar izatea, eta goseteak, eta gerrak, eta… Eta horrek guztiak azalpen osoa duela. Eta erantzuleak dituela. Ardura politikoak.
Eta guk ere, zentzu batean, eta inolaz ere mailakatzeko asmorik gabe, badugula gure ardura. Edo beharbada hobeki esateko, gure betebeharra. Urrun ikus dezakegun (edo nitaz ari naiz) zerbait delako, baina hemendik kilometro eskasera dugu muga arrotz hori, eta kilometro eskas horietan daudelako bi mundu.
Eta guri ere badagokigulako.
Iritzia: Zapore berbera dugu
Jon Barberena Ibarra
Ondokoaren usteek eta parekoaren iritziek egiten gaituzte nor. Moda-modako arropen gainetik armadura ikusezina janzten dugu egunero kalera atera aitzinetik. Barne-barnean bakerik sentitzen ez dugulako prestatzen gara existitzen ez ...
Iritzia: Hamar egun
Lohizune Amatria
Zein egunera arte esan dezakegu "urte berri on"? Azken egunotan irratian behin baino gehiagotan entzun eta galdetu dugu hori. Non dago muga? Egun zehatzik al da?
Urtearen lehen hamabostaldia igaro da, baina urteko lehenengo zutabea da honakoa. Zilegi al da "urte berri on" esanez abiatzea? Hobeki esanda, zintzoa al da?
Urtarrilak 2, asteazkena. Urteko lehenenengo laneguna. Eguerdian iritsi zen albistea. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Nafarroako Gobernuak Espainiako Poliziak eta eskuin muturreko taldeek egindako indarkeriazko ekintzak ikertzeko eman asmo zuen diru laguntza. Polizia indarkeriaren Nafarroako legea indargabetzea gutxi izan ez balitz, bizikidetzan beste atzerapauso bat.
Urtarrilak 3, osteguna. Iritsi da urteko bigarren atzerapausoa. Aske utzi dituzte sanferminetako erasotzaileak epaia irmoa izan arte. Epaileek baztertu egin dute ihes egiteko eta delitua berriz egiteko arriskua. Altsasuko gazteen kasuan, ordea, alderantzizkoa. 794 egun daramate kartzelan. Badirudi aurten halako prebentzio politika izanen dugula.
Urtarrilak 4, ostirala. Elkartasun eguna, Azkoienen. Hamargarren eguna dute greban Huertas de Peraltako langileek. Enpresak ez du hitz egin. Poliziak, bai. Baina borrekin. Onetik badu, baina, egun honek. Tinko eutsi diotelako langileek borrokari.
Urtarrilak 5, larunbata. Errege egunaren bezpera, lasaitasuna iritsi da. Errege magoak hartzeko parentesia egin du hiriak. "Gau magikoa da gaurkoa". Andoainen gertatutakoaren berri izan dut, sutan dira sare sozialak. Atzo ez bezala. Halako gaiek arduratuko gaituzte aurten.
Urtarrilak 6, igandea. Errege eguna. Oso magikoa ez omen da izan gaua. Orain Baik iritziz aldatu, eta ostiralean Ahal Dugu-rekin lortutako akordioa apurtu du eta. Mahai eta eledunen batzar interesgarria zetorkigula argi zegoen. Aldaketaren parlamentuko oinetako bat erortzear.
Urtarrilak 7, astelehena. Zubia gurean. Azken egunotakoak salatzeko eguna izan da. Huertas de Peraltako langileek hirira ekarri dute aldarrikapena. Sanferminetako erasotzaileen askatasunaren aurka ere irten dira kalera. Bala batek leiho baten kristala puskatu du, Amurrion.
Urtarrilak 8, asteartea. Goiz esnatu da gaur eguna. 04:30ean, zehazki; Foruzaingoa Maravillas gaztetxera heldu denean. Ikuskaritza teknikoak aurten ordu horretan hasiko omen dira. Poliziaren oldarraldiak ere itzuliko dira. Setiatu dute Alde Zaharra.
Urtarrilak 9, asteazkena. Egun batekin aski ez, eta bigarrenez ere oldartu zaizkie gazteei poliziak.
Urtarrilak 10, osteguna. Iritsi da hormigoia gaztetxe atarira. Eta, hirugarrenez, oldarraldia Nabarreria plazan. Ez da eguneko bakarra izan, baina. Aldaketaren aurka oldartu da Aranzadi Iruñeko Udalean. Aurten aurrekonturik ez. Unzuko hostela eginen da, eta atzera bota beharko dituzte aurreikusita zeuden inbertsioetako asko. Aldaketa indargabetzen ari da Iruñeko Udalean ere.
Urtarrilaren 11, ostir… Ez al da nahikoa? Nik hemen ezarriko dut muga. Urte berri on?
Iritzia: Kuskusa eta manifa
Saioa Alkaiza
Sasi-esklabotza egoeran lan egiten zuten Azkoiengo baratzeetako langileek, LAB sindikatuak salatu duenez: 14 ordurainoko lanegunak; aparteko ordainsaririk jaso gabe baratzeetan pasatutako jaiegunak; kontratu mugagaberik ez, enpresan urteak pasatu arren… Noiz eta 2017ra arte, hauteskunde sindikalak egin, eta egoerak hobera egin arte: esaterako, zazpi ordura murriztu zen lan jarduna oinarrizko lan baldintzetara gerturatzeko urratsa, ez inongo pagotxa.
Eta aurrerapausoak errepresioa dakar berarekin; kaleratzeak izan dira harrezkeroztik, langileek eurek jakinarazi dutenez, lortutako lan baldintzen hobekuntzari erantzunez. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk laburbildu du egoera: "Enpresak ez du ongi hartu sindikatuen garaipena, eta errepresioaren, kaleratzeen eta zigorren bidez erantzun du". Sorgin ehiza izan da.
Eta horren aurrean zer egin? Bada, greba mugagabea, lantoki aurreko protestak, herri harresia, Iruñeko manifestazioa... bi hitzetan, antolakuntza eta borroka. Eta subkontzientean, kanta bat, iltzaturik ia: Hokoke, hokoke. Damun fi oroke. Lan hansaha lau admuni, patronalaren aurrean kantatzen dutena; eta, miresmenez, lelo bat, itsasgarrietan: "Nire eskubideak nire zainetako odola dira. Hiltzen banaute ere, ez ditut ahantziko".
Nork eta, ia-ia gehien-gehienean, migratzaileek osatutako taldeak, nork eta zapalkuntza baldintza gogorrenak pairatzen dituztenetako batzuek, nork eta, oro har, bestelako borroketan ahanzten ditugun horiek.
Houssine Yagoubi langile batzordeko presidentearen esanetan, ez dira "poliziaren kolpeak" min ematen dietenak, "kideen kaleratzeak baizik", eta, horregatik, antolatzen segituko zutela iragarri zuen, egoera irauli arte. Errealitateak egia zioela erakutsi digu. Duintasunaren irudia izan da Azkoiengo baratzeetan ukabila altxatutako horiena.
Duintasunarena eta herri honen konplexutasunarena. Izan ere, arabieraz, gaztelaniaz eta euskaraz egin dute aldarri langileekiko elkartasunez bildutakoek mobilizazioetan non eta Azkoienen, gainera, Nafarroako eskuinak eremu ez-euskalduntzat duen horretan; izan ere, dantza eta salto egin dute Huertas de Peraltako langileek, borrokan oihukatu bitartean, Euskal Herriko langile mobilizazioetan ohi ez bezala, protesta praktika berriak gehituz; izan ere, sindikatu abertzale batekin atera dira langileok kalera, nortzuk eta xenofoboen mira puntuan daudenak. Bati baino gehiagori buruak eztanda eginen dio, segur aski, egunotako argazkiak ikusita.
Eta eredugarritik bezainbeste garaipenetik duen Azkoiengo Huerta de Peraltako langileen gatazka honek utzi beharko liguke denoi zer pentsatua auzi sindikalaz gaindi, nire ustez.
Barne arrak koxk egin baitit ikusterakoan zeinen kontent jaten dugun Azkoiengo protestaren ondoren prestatutako kuskusa eta zer-nolako ilusioa egiten diguten leloek beste hizkuntza exotikoetan, zeinen jatorrak bestetzat ditugun horiek guretzat zilegi diren borroketan sartuta. Etxe azpiko denda arabiarrean, ordea, ez naiz inoiz sartu.
Iritzia: Politikoki zuzena
Jon Barberena Ibarra
Pasa den astean barrideak erran zidan aspaldian ez zela medikuarenerat joan. Berak ba omen daki izartxoz betea izanen lukeela informea odolaren analisia eginez gero. Egunerokoan daraman bizimodu sedentarioak, eta jateko eta edateko...
Iritzia: Zu ‘belarriprest’?
Lohizune Amatria
Amaitu da Euskaraldia. 11 egunez txapa jarri, eta euskaraz jardun gara. Euskaraz; eta, askotan, euskarari buruz. Edo hala gertatu zait niri behintzat.
Sorpresak hartuko genituela aipatzen zuten Euskaraldiko sustatzaileek. Arrazoia zuten. Ohiko okindegira ogia erostera joan nintzenean hartu nuen lehenengoa. Arrazoirik gabe, beti gaztelaniaz eskatu dut ogia. Nahiko automatikoa izan ohi da erosketa, ia hitzik gabekoa: eskatu, ogia jaso, ordaindu eta joan.
Ahobizi rola aukeratu dut. Lehenengo hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu dut; betetzea, ordea, ez da erraza izan.
Euskaraz egin nuen aurrenekoz okindegian. "Ogi barra bat, mesedez". Esan bitartean hatzarekin bat nahi nuela nabarmendu nion. Baiezkoa erantzun zidan burua astinduz. Organ zuen barretako bat hartu; eta, inoiz ez bezala, txigortuagoa nahi nuen galdetu zidan. Ni, euskaraz: "Berdin zait, hori bera". Beste bat hartu zuen. "Lehenengoa ongi zegoen". "Ez, bestea". "Hori, hori". "Ez". Azkenean, hatzak lagunduta ulertu zuen zein nahi nuen. "Eskerrik asko". Eta atera nintzen. Inoiz baino zailagoa egin zitzaidan ogia erostea.
ETB1en eman zuten aurreneko Euskaraldiaren inguruko saioan, Amets Arzallusek aipatzen zuen euskaldunok beti justifikatu behar dugula geure burua. Arrazoia du. Okinak bazekien Euskaraldiaren inguruan, ez nintzen lehenengoa izan. Justifikatuta zegoen nire jarduna.
Etengabe zuritu behar dugu geure burua, baina zenbaitek zama bikoitza izan dute Euskaraldian. Nire inguruko belarriprest guztiek etengabe azaldu behar izan dute euren erabakia. "Zu belarriprest? Baina zuk euskaraz ongi egiten duzu". Ahobizia ez da belarripresta baino euskaldunagoa. Ez da gaitasun kontua soilik, konpromisoa da gakoa; eta bakoitzaren erabakia ulertzeko gai izan beharko genuke, epaitu gabe.
Baina etengabe ari gara epaitzen. Baita geure burua ere. Badirudi euskaraz egiterakoan, beti zuzen hitz egin behar dugula. Baina ez da berdin gertatzen bestelako hizkuntzekin. Gaztelaniaz hitz egiten dudanean euskarazko hitzak erabiltzen ditut. Eta ez euskarazkoak bakarrik; baita ingelesezkoak ere, gero eta gehiago. Hala egitean, ez dut neure burua justifikatzeko beharrik sentitzen.
Norbere buruari (eta komunitateari) ezarritako mugak azaleratzeko adibide ergel bat baino ez da izan irakurri berri duzuna. Baina sinetsita nago jendea euskaraz egitera ez ausartzearen arrazoietako bat hori dela. Eta horren erantzule gu ere bagara.
Amaitu da Euskaraldia. Zer egin duzu txaparekin? Soinean daramazu? Barkatu, ez da zintzoa galdera; ez naiz hasiko leporatzen nik egiten ez dudana. Txapa etxean utzi dut. Baina hartutako konpromisoarekin, zer egingo dugu?
Ez da erraza izan euskarari eustea, baina oso aberasgarria izan da. Ogia euskaraz eros dezakedala jakin dut, haserrealdiak ere barregarriak izan daitezkeela euskaraz, gazteleraz bezain ongi ulertzen dugula elkar euskaraz… Ez dadila amaitu, faborez. Txaparik gabe bada ere, jarraitu izaten belarriprest edota ahobizi.
Iritzia: Euskara ez da bozkatzen
Saioa Alkaiza
Nahi al duzu zure auzokoaren seme-alabek euskaraz ikasteko eskubidea izatea? Nahi al duzu beheko ostatukoak administrazioarengana euskaraz jotzeko eskubidea izatea?". Bada, 361 pertsonak bozkatu dute ezetz, ez zaiela ongi iruditzen ez ha...
Iritzia: Hartu kontrola
Lur Albizu Etxetxipia
Jakin-mina daukat, ez dakit nola aterako den. Duela hilabete batzuk entzun genuen lehen aldiz Euskaraldia hitza. Euskararen aldia. 11 eguneko ekimena, euskarak hartuko dituen 11 egun, euskararentzat gorde ditugunak. Ahobiziek eta belarriprestek. Ahobiziak omen ziren 11 egun horietan ahal zuten aukera guztietan euskaraz ariko zirenak, lehen hitza euskaraz eginen zutenak… Belarriprestak omen ziren euskaraz ulertzeko gai zirenak, baina dena euskaraz egitearen hori urrunago zutenak. Jarri horri beste 11 ñabardura, nahi baduzue.
Eta agendan apuntatu genuen: azaroak 23. Abenduak 3. Euskaraldia.
Galderak hasi zitzaizkidan buruan bueltaka. Nola eginen dut? Ahobizi izanen naiz, izan nahi dut, izan behar dut, hautatu dut. Nola eginen dut esaten dena benetan praktikara eramateko? Ausartuko naiz? Aitortuko dut zein zaila egiten zaidan lehenengo hitza ziurtasunik gabe euskaraz egitea? Nola babestuko dut neure burua erantzun txar posible horietatik? Gaizki erantzunen dit inork? Nork? Ausartuko naiz?
Eta batzuetan, abestien letrei gehiegi erreparatzen ez badiegu ere, erantzun batzuk topatzen ahalegindu nintzen:
Hartu kontrola: har dezagun behingoz erabakia geure bizitzen gain kontrola hartzeko. Bai, euskaraz eginen dut, ahalduntze ariketa erraldoia izanen da niretzat; batzuetan asko kostatuko zait, ohiturak aldatzeko lehenengo pausuak emanen ditut.
Aukeratu rola: ahobizi. Beste aukerarik al nuen? Ardura aldetik ere, batzuetan hautuak aldez aurretik eginak daudela eta egon behar direla iruditzen zait.
Esadazu nola: nola, nola… ahal dugun moduan eginen dugu. Energiaz, batzuetan besteetan baina gogo biziagoz. Lotsaz, beldurrez, urduri, pozik, emozionatuta, deskubrimendu berriak eginez, sorpresa txikiak edukiz… neure burua behartuz, indartuz. Jolastuz. Ondokoak bultzatuz.
Egin dezagun froga: egin dezagun proba, ikus dezagun zer egin oztopoekin, eror gaitezen (gorantz eta beherantz). Egin dezagun proba hau, proba erraldoi hau, ariketa kolektibo izugarri hau. Lehen aldia da, lehen aldien berezitasun guztiekin. Beharbada, ez gara guztiz seguru egonen… baina har dezagun gaia, eta jarrai dezagun lanean. Euskara ez baita 11 eguneko hizkuntza. Euskaraz, euskararekin, euskaratik mintzatu, sortu, jolastu, lan egin, ikasi, maitatu eta amets egin nahi dugu; beharra dugu. Berreuskalduntzerako ezinbestekoak gara ahobiziok, belarriprestak eta oraindik harrapatu ez ditugunak ere bai. Saltoa ematea dagokigu; ez dago amildegirik.
Ardurak eta erantzukizunak bana ditzagun: hiztun, euskaldun gisa ditugun moduan, hizkuntza-eskubideak berma daitezen, aitor daitezen egiteke dauden pausoak gogora ditzagun. Abenduaren 4an ere euskaraz jarraitu behar dugulako, baina herritarron behar eta eskubideen zerrendan honek ere egon behar duelako. 2019an Euskaraldia errepikatzen badugu, euskara ofiziala izanen da Nafarroan?
Berriz ere milaka ero lan kolektiboan, mila txokotan, herria egiten eta herria euskaratik eraikitzen. Eskerrak erotuta gauden.