Iritzia

Iritzia: Atzoko mutildantzak biharko?

Jon Barberena Azaroa iluna da. Ilunegia. Arratsaren iluntasunak egunaren argitasunari lekua kentzen dio, baina beti eguerdiko orduak errespetatuz. Eguerdiak indarra du bizi garen gizarte honetan, bizi garen egutegi kristau honetan. Aspaldi, eguerdiko hamabietan lanuztea egiten zen nekazal eremuetan. Geldialdia Angelus zeritzon ezkil doinua aditzean gertatzen zen. Egutegia gorriagoa izan zitekeen mundu santu honetan, azaroaren arratsen...

Iritzia: Eguneroko borrokak

Lohizune Amatria
Egia. Justizia. Erreparazioa. Bizikidetza. Bakea. Azkenaldian askotan entzun ditugu kontzeptuok. "Gaixoa hitza", zioen Ana Fernandezek bakeari buruz Nafarroako Parlamentuan egindako jardunaldietan. Arrazoia du, erraz erabiltzen ditugu,...

Iritzia: Heterosexualen harrotasun eguna

Saioa Alkaiza

Autoan zihoan Manuel bakarrik, lasai, eta beste auto batekin egin zuen topo; barruan hiru mutil zeuden, kontrako noranzkoan gidatzen, eta bozina jotzeari ekin zioten, erritmo zoroz, izu ikara zabaltzeko asmoz, zalantzarik gabe. Leihatilak jaitsi zituzten. Auto biak, parez pare. Galdera bota zien Manuelek, zer edo zer sumatuta: "Arazoren bat daukazue?". Erantzuna: ezetz. Eta, hala ere, azeleragailua zapaldu eta talka egiteko imintzioa egin zuten. Ez zen kolperik izan bi autoen artean, baina, ia-ia, zentimetro batzuek baino ez zituzten-eta bereizi. Telefonoa hartu zuen orduan bakarrik zihoan gizonak, milimetrikoki ekidin zuen istripu horrek uste baino askoz gehiago iragarri baitzuen. Poliziari deitzeko asmotan zen, baina, hiru mutilak ohartu, eta martxa egin zuten. Berriz ikusi zituen geroago, ingurune berean bueltaka, taldeak emandako harropuzkeriak jantzita, paparra puztuta, zein baino zein, azala autoko txapa bezain gogorra.

"Akabatuko zaituztegu, burua moztuko dizuegu. Marikoi nazkagarriak!". Oihuak entzun zituen Mikelek. Autoan zihoazen gazte berberak ziren. Mehatxatu egin zuten, baita bertan zeuden gainontzeko guztiak ere; panikoa zabaldu zen. "Libre sentitzeko gune bat" nahi zuela adierazi du Mikelek prentsan, hori baino ez. Ezin izan zuen aurkitu, haatik. Erasoen aurrean, alde egin behar izan zuten ordura arte trankil zebiltzanek.

Beste pasadizo bat, Halloween gauekoa. Agertoki bera. Oraingoan, adin txikiko talde bat. Mutilak denak. Ehizara joanak ziren, homosexualak kolpez harrapatzera. Iruñeko Udaltzaingoa eta Foruzaingoa bertaratu ziren, hor bildutakoek abisatuta, adingabeak atxilo hartzeko asmoz.

18 urte ere bete ez zituzten mutil horiek adierazi zuten Halloween egunean beldurra pasatzeko intentzioa besterik ez zutela hilerrira joanda, eta makilak eskutan zebiltzala, zaratak entzun eta beldurtu egin zirelako, "autodefentsarako tresnak" baino ez zirela. Zelatan zebiltzala salatu dute gainontzeko guztiek, ordea, haien bila joan zirela, alegia; homosexualak ehizatu nahi zituzten homofoboak baino ez zirela gazte haiek.

Cruising gune batean gertatu zen hori guztia, gay komunitateko kide batzuek sexu harreman afektiboak izateko bisitatzen duten ingurune batean, Iruñeko hilerriaren atzeko partean, hain zuzen, Basoa deritzoten horretan.

Eta esan gabe doa gaya dela Manuel. Manuel abizenik gabe, prentsako irudietan bizkarra emanda azaltzen den gizona. Eta esan gabe doa Mikel ere homosexuala dela, hedabidean bestelako daturik eman ez duen Mikel, agian horrela ere deituko ez dena.

Zein faktorerengatik joan daitezke 18 urtera ere iristen ez diren patriarkatuaren seme osasuntsu horiek gayak ehizatzera? Bada, hain zuzen ere, patriarkatuaren seme osasuntsuak baino ez direlako, ez eroak, ez harrikada duten mutikoak, ez. Beren generoko soldadu zintzoak baino ez dira.

Orain, galdera egin dezala inork ea zer dela-eta ez dagoen heterosexualen harrotasun egun bat, eta abar eta abar.

Hemezortzi

Lur Albizu Etxetxipia

Asko dira eta asko izanen dira. Askoz gehiago, beharbada. Orain, eta momentuz, hemezortzi dira. Hemezortzi besterik ez. Erraz esaten da. Hamaika gai biltzen dituzte gaur-gaurkoz. Baina hemezortzi dira. Izen desberdinak dituzte haien artean, baina osagarriak izan daitezke.

Batzuk ezagun egiten zaizkigu, beste batzuek harridura sortzen digute, eta, izenburuak irakurrita soilik, ez gara gai imajinatzeko beste batzuek zer daramaten barruan.

Batzuek badituzte datak, hausnarketak eginak, informazioa jasoa, konpromisoak zehaztuak. Beste batzuk bidea egiten ari dira. Denak dira, daude irekiak. Gakoak ematen dituzte; galdera argiei, erantzun garbiak: zer, zergatik, non, nola, zenbat, nori, nork. Zehatzak dira.

Ezinegonei erantzuten ahal diete, behar bati erantzuteko sortu dira, bizi eredu berriak planteatzen dituzte, herriei ekarpena egiten diete, pertsonala publiko bilakatzen dute, komunitatea egiten dute, sistema propioak eraikitzen dituzte, elkartasuna sustatzen dute, gidak, eztabaidak eta tresnak eskaintzen dituzte, praktika onak bultzatzen dituzte, bertako ekoizleen aldeko apustua egiten dute, hausnarketa kolektibizatzen dute, indarrean dauden harreman-ereduak irauli nahi dituzte, erantzuna(k) dira, eraikuntza dira, kapitalismoaren eta heteropatriarkatuaren kontrako borrokak pizten dituzte.

Autodefentsa sarea. Nekazarien gida. Emantzipazio bulegoak. Etxegabeon etxea. Euskalduntze gida. Material biltegia eta foroa. Talde osasun gida. Udaleku feministak. Ikerketa laborategia. Eskola kolektiboen sarea. Ikerbiltza. Jai herrikoien konpromisoen gida. Kirol eta jarduera fisikoen inguruko eztabaida. Gazte prekarioen mugimenduak. Proiektu komunikatiboak eta jarrera komunikatzailea sustatzeko dekalogoa. Sortzaileen gida. Ikuskizunak antolatzeko praktika onen bilduma. Sortzaileen mugimendua.

Garena, duguna, sortzen duguna defenditzeko. Bizitzeko moduak eraikitzeko, teilatupea izateko. Euskararen borroka gazteon artean berpizteko. Hezkuntza sistema propioa aldarrikatu eta eraikitzeko. Bizitza lapurtu nahi digutenei aurre egiteko, pertsonala politiko bihurtzeko, gure baliabideak konpartitzeko. Botere-harremanak iraultzeko, elkar ezagutzeko. Gure ikerketek herriei mesede egiteko. Jai ereduari buelta emateko. Gerrak pizteko. Finean, borrokatzeko.

Hemezortzi erraz esaten da. Aise esaten dira hitz handi asko: emantzipazio, mugimendu, autodefentsa, kolektibo, borroka, burujabetza, askatasun, bizi eredu, eraikuntza, konpromiso, irauli, autogestio, komunitate, libre, antolakuntza, gazte, (kontra)botere. Ilusio, indar, bizipoz, lan, kontraesan, elkar, ero. Gazte.

Erraza dirudi, baina lan handia du atzean, ezin zenbatuzkoa. Erraz esaten da hiru egunez herri berean ehunka gazte egonen direla. Erraz esaten da abenduaren 9, 10 eta 11n Barañainen GaztEraiki izanen dela: Euskal Herriko Gazte Mugimenduen Autogestio Topaketak. Gazteengandik, gazteentzat eta gazte boterez sortuak.

Iritzia: Zaharren egoitza publikoak

Tania Arriaga Azkarate

Aldaketaren gobernuak Eskubide Sozialetako Lehendakariordetzari eman dio, beste hamaika arduraren artean, gure nagusien ongizatearen kudeaketa. Ondorioz, departamentu horrek zenbait erabaki hartu ditu zeinek, zuzenean, El Vergel (Iruñea) eta Santo Domingo (Lizarra) egoitzei eragiten dieten; Nafarroan ditugun zaharren egoitza publiko guztiei, alegia, bi besterik ez baitugu. Hirugarrenak harrera egiten die ezintasun intelektuala dutenei.

UPNren gobernuak, azken hogeita hamar urteotan, egoitza pribatuen sare trinkoa zabaldu du gure herrialdean, eta denbora luzea beharko da kudeaketa eredu hori aldatzeko. Hala ere, geriatrikoen gainean Lehendakariordetzak hartutako erabakiak norabide zuzenean ote doazen jakin nahi dute bi egoitza publiko horietako langile, egoiliar eta azken horien senitartekoek. Izan ere, Departamentuaren politika berria zaharren egoitza publikoetako egoiliarraren profila aldatzen ari baita. Adina, gaitasuna eta ezintasuna izan dira orain arte nagusiak hartzeko erabili diren parametroak. Horren arabera, adinduak eraikinean kokatu, terapia espezifikoak diseinatu eta lantaldetan banatu izan dituzte. Ildo beretik ere, langileak hezi eta trebatu eta instalazioak prestatu eta egokitu dira. Hala ere, azken hilabeteetan, El Vergel eta Santo Domingora aldaketak iritsi dira: patologia ezberdinak —gehienak buruko osasunarekin lotuta— pairatzen dituzten lagunak bidali dira bi egoitza horietara; langile zein azpiegituraren egokitzapenik gabe, ordea.

Gauzak honela, laguntza psikologiko berezia behar duten lagunak gero eta gehiago izan arren, egun, egoitza hauetako psikologoen kopurua ez da aldatu. Zaintzaileek eta garbitzaileek egoera eta eskakizun berriei moldatzeko ez dute inongo ikastaro edo gomendiorik jaso. Langileen kopurua ez da handitu, errefortzurik ez zaie batu, lan-baldintzak ere ez dira berrikusi. Are gehiago, laguntza eta zaintza berezia behar duten eri berriak lehengo protokoloei jarraikiz onartu eta kokatzen dituzte; gai eta ezinduen multzoetan sailkatzen segitzen dute, osasun arazo konplexua pairatzen badute ere.

Ondorioz, aurreikusi ez diren premien konponbidea langileen borondatearen esku uzten ari dira, eta tamalez, honezkero, egoera arriskutsuak suertatu dira. Zaintzaileek haien lana maite dute, egoiliarrak mimatzen dituzte eta egunez egunekoa bikaina izan dadin ahal duten guztia egiten dute. Baina nork zaintzen ditu zaintzaileak?

Nafarroako bi zaharren egoitza publikoetan buru-patologiak nozitzen dituzten egoiliarrak gero eta gehiago izanik, zaharrendako plazak murrizten ari dira. Argitu gabe dago, etorkizun hurbilean, nafarron aukera bakarra geriatriko pribatua izanen den ala ez. Baliteke arestian azaldutako aldaketak plan errotu baten kimuak izatea eta informazioa bidean egotea, oxala! Dena dela, behar berriei aurre egin ahal izateko ongi, bi egoitza hauetako langileen formakuntza eta lan-baldintzak egokitzea behar-beharrezkoa da.

Akaso, heziketa espezifikoa duten langile berriak kontratatzea ere lagungarria izan daiteke. Zentzu berean, protokoloak eta azpiegiturak benetako egoerei erantzuna emateko diseinatzen dira, deus gutxirako balio dute errealitatetik kanpoko jarraibideek. Hortaz, lan egiteko gidalerroak eguneratzeko garaia iritsi dela ematen du.

Iritzia: Isiltasuna isilaraziz

Jon Barberena

Isiltasuna musikarekin parekatu izan da. Musikarik ederrenarekin. Soinua, maiz, ez baita doinu, baina isiltasuna doinu eta soinu izan daiteke. Doinua, bizi garen alimaleko asots honetan.

Isiltasuna ere laguntasun maila gorenarekin eta konfiantzarekin lotu izan da. Ondokoarekin bakarrik eta isil-isilik egonik, deseroso sentitzen ez garelarik, konfiantza maila handia dugun seinale izaten da.

Baina ez konfiantzarik, ez laguntasunik eta ez doinu lasaigarririk ez da anitz urtetan Nafarroan izan. Bai isiltasuna, aldiz! Baina isiltasuna ez da bilatua izaten norbaitek isilarazten zaituelarik, betiko desagertzeko nahiarekin eta betiko mututzeko obsesioarekin.

Ahulenen mingainak kamustu, begiak itsutu eta belarriak argizariz estali nahi izan dituzte. Etxeko ttipienak euskaratik aldendu eta inozentziaz bustitako begien soa aldarazi; euskara arrotz sentitu artio.

Hondarribian, emaztekiari plastiko beltzak paratzen zaizkion gisara (lotsagarria), Nafarroan, telebistako pantaila beltzez margotzen zuten berriki artio, euskara aditu eta ikusi nahi zen etxean.

Nafarroan 2009tik aitzin ez da Euskal Telebista normaltasun osoz ikusi, LTD bidez emititzen ez zelako berriki artio. Soilik zenbait lekutan ikus zitekeen. Harrezkero, zorionez, gauzak aldatu dira Nafarroan. Gobernua, bertzeak bertze. Ez da guti! Barcinak hautsi zituen EITBrekin negoziazioak, eguraldiaren mapak "Nafarroako errealitatea" marrazten ez zuela aitzakia paratuz. Eta hitz zuri horiek tarteko, pantaila beltza barreiatu zuen gure sukalde, egongela eta logeletara. ETB3ko marrazki bizidunak bizigabetuz eta gure umeei euskaraz bizitzeko aukera murriztuz. UPNk isilarazi nahi izan zituen gure kantak eta gure marrazkien solasak, baina urte zail horietan ere, alimaleko lana egin zen Nafarroan, etxeko ttipienen alde.

Aditu ditugu Juan Martinez de Irujo eta Manolo Garcia euskaraz kantari. Ikusi ditugu Ruperren pastazko antiojoak glutenari glu-gluka. Ezagutu ditugu liburu magikoa, Oneka marrazo belarjalea eta beldurra lagun zuen otsoa.

Hori guztia eta gehiago, Ene Kantak proiektu xume bezain eraginkorrari zor diogu. Euskaraz eta euskararen alde. Laguntza emanez Nafarroako Bertsozale Elkarteari, Euskalerria Irratiari eta, aurten, BERRIA egunkariari bertzeak bertze. Maiz, kolpatuak izan direnak artatuz. Sendatuz ez, baina bai goxatuz.

Isilak omen gara euskaldunak, baina ez batzuek uste bezain isilak, nonbait. Nardatu gara Bob Esponjaren pitokeriekin, nardatu isildutako solasen marranta kroniko honekin, nardatu bota gabeko oihuen oihartzunarekin. EITB berriz ere gure etxean sartu den honetan, ongietorria eman diezaiogun Astonautari. Azaroaren 7an gurera etorriko den euskararen lagun berriari.

Imanol Urbieta trankil joan izanen da, bai baitaki, Nafarroan, bere itzalak segida duela. Berak egin bezala, gure hizkuntzari hurbiltasuna eskain diezaiogun, doinua para diezaiogun… Etxeko ttipienen artean eta euskararen artean laguntasuna ernai dadin.

Urbieta joan da, eta guk ere bide berdina hartuko dugu noizbait, baina kantatzen duen herria, segur, ez dela hila izanen.

Segi hitzei doinua eta doinuei hitzak paratzen, hizkuntza zahar honek merezi du eta.

Iritzia: Ez galdu tonua

Lohizune Amatria

Turismoa zer den azaltzen duen metafora bitxi bat entzun dut azken asteotan. Imajinatu turismoa musikarien orkestra bat dela, eta zu kontzertuaz gozatzen ari zarela. Musikari bikainak ditu konpainiak, izen handikoak; baina taldean badira tresnak gainontzekoek bezain ongi jotzen ez dituzten bi musikari. Tonua galtzen dute behin eta berriz, eta kontzertua ez da espero zenuena. Bi horien lanak talde guztiari eragin dio, eta orkestrari buruz gaizki iritzita atera zara antzokitik.

Gure lanak eragina du ingurukoengan, eta horretaz burujabe jardun behar dugu egiten ditugun gauzetan. Gure ingurukoek ongi egin dezaten ere saiatu beharko genuke. Komunitatean pentsatu. Aktore indibidualek osatzen baitugu, kasu honetan, eremu bateko turismo eskaintza. Interesgarria iruditu zait metaforari tiraka egin daitekeen irakurketa. Turismoaz hitz egiten bota dute, baina bizitzaren bestelako alorretara ere eraman daiteke.

Tamalez, baina, ez dugu beti horrela pentsatzen. Ondokoak gaizki egiten duenean, gure lana nabarmenduko dela sinetsi ohi dugu. Baina ez da hala izaten; epe motzean, kaltetu eginen duelako gurea. Ondokoak zoriontsu badira, gu ere zoriontsuago.

Aste honetan ere, egitasmo interesgarri baten berri izan dut. Irati oihanaren lur-eremua kudeatzeko proiektu bat aurkeztu dute Garaziko txaletean. Pirinioetako bi aldeetako Irati eremuaren jabe diren Aezkoako eta Zaraitzuko Batzar Nagusiek, Garaziko Mendi Elkargoak eta Xiberoako Sindikatiak garatu dute proiektua, eta Irati bakarra dela esanez goraipatu dute.

Helburu handinahiak ditu: migrazioa, artzaintza eta abeltzaintza estentsiboa, industria-ondarea eta ingurumen-ondarea sustatu eta elkarrekin kudeatu nahi dituzte. Baita mikologia eremu bat sortu ere. Eta horretarako hiru urte dituzte aurretik. Ongi pentsatu beharko dute zein den aurrera eraman nahi duten eredua, zein den biztanleek proiektuaren eta eredu horren inguruan duten iritzia eta zeintzuk diren aurreikusi dituzten jarduerak aurrera eramateko ibar bakoitzak dituen ahultasun eta gabeziak. Ibarren artean dauden ezberdintasunak agerikoak dira, gainera. Alor zenbaitetan lana garatuagoa dute zenbaitzuek —mikologiaren arloan, Aezkoak, adibidez —, eta bestelakoetan eredu ezberdinak garatu dituzte. Badira egin beharrekoak proiektuak funtziona dezan.

Helburuak erdiesteko, bi milioi baino gehiagoko aurrekontua finkatu dute. Zenbateko handia da, erakundeek duten eskuragarritasuna kontuan izanik. Baina aukera on baten aurrean gaudela iritzi diot. Europak %65ean finantzatuko baititu aurrera eramanen dituzten jarduerak. Aipatu dutenez, baina, ez omen da nahikoa laguntza.

Musikariz betetako lau konpainiek osatutako orkestra handi baten zain gaude. Antzokiaren aurrean, hiru urteko luzapena izanen duen kontzertuaz gozatzeko irrikan. Pieza onak espero ditugu, denek norabide berean egitea. Espero dut, oihala jaisten denean, orkestrak ikuskizuna amaitutzat ez ematea. Tonua galtzen ez badute, behintzat, hala izan daiteke.

Iritzia: Ohiko prentsa agerraldi batean

Saioa Alkaiza
Hiru mikrofono daude mahai gainean. Horien aurrean, hitza zeinek hartuko duen argi uzten duen karteltxoa. Atondutako mahaiaren parean, aulkiak, ilaran, banan-banan, ongi bereizita. Agertoki ezin txukunagoa, egunkarietako tituluak konkista...

Iritzia: Mola eta Sanjurjo, Sanjurjo eta Mola

Lur Albizu Etxetxipia

Aste batzuk pasatu dira abuztu amaieran Iruñeko Udalak berria eman zuenetik: Mola eta Sanjurjo kolpisten gorpuzkiak, beste sei pertsonarekin batera, Erorien Monumentuko hobitik aterako ditu, azaroaren 16an. Estatu kolpearen buruzagi, diseinatzaile... izanak, biak hegazkin istripuetan hilak.

Sinbolismo handia duen pausoa iruditzen zait, justiziazkoa izateaz aparte. Nola egon daitezke laurogei urteren ondoren oraindik hantxe, eraikintzar horretan lurperaturik? Nola da posible oraindik Memoria Historikoaren Legea toki askotan ez betetzea? Legea ez al dago, haien ahotan, betetzeko?

Erabakiak hautsak harrotu ditu. Normala izan beharko lukeen eginbeharra probokazio bihurtu da. Politikaren erdigunera ekarri du gaia erabakiak eta, erabakiak ez ezik, horren ondorioz (ala ez?) nafar faxismoak egin dituen erakustaldiak: alkateari mehatxu margoketak (Asirón, atrévete con los vivos), taberna, elkarte, gaztetxe, muralei erasoak, German Rodriguezen plakari erasoa, Iruñeko fusilatuen plakari erasoa... gehienetan adierazpen nagusia Espainiako (Una, grande, libre) bandera izateak ere zer pentsatua ematen du, edo eman beharko lioke bati baino gehiagori, nire iritziz.

Hautsak harrotu ditu, bai, eta irudipena dut ez ote gauden beste batzuk oso isilik, gehiegi, agian. 1936an estatu kolpearen harira hil zituzten milaka lagunei omenaldiak egiten ari zaizkie egunez egun Nafarroako hainbat eta hainbat txokotan. Gobernua ere han izaten da, eta antolatzen ditu omenaldiak (duela aste pare bat, maisu-maistrei eskainia). Hala ere, beste apunte bat gehituko nuke nik: ez dakit aski ari garen ospatzen; Mola eta Sanjurjoren gorpuzkiak aterako zituztela jakin genuenean, nork ospatu zuen? Eta nor atera da kalera? Nor nabarmendu da? Ezinbestekoa iruditzen zait halako erabakiak hartzen direnean, halako pausoak ematen direnean, kalean ere poz eta giro hori islatu beharko litzatekeela. Eta azaroaren 16an (joan zaitezte agendetan tokia egiten; asteazkena da) bertan askok egon beharko genukeela Askatasunaren Plazan udalaren pausoa ospatzen.

"Batzuek, 40 urteren ondoren, gerra irabazi nahi dute", esan zuen joan den astean Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak. Ez dugu gerrarik irabazi nahi, memoria nahi dugu, egia, aitortza, justizia. Berandu da, baina bi kolpistaren eta beste sei pertsonaren hilobi sakratuak ez ukitzea ezin da onartu. Ez dugu gerrarik irabazi nahi, ministro jauna; ez dugu gerrarik irabazi nahi, batez ere, errealitate batengatik: hemen ez zen gerrarik egon; kolpe bat egon zen, eta milaka izan ziren biktimak. Mespretxu gutxiago, memoria gehiago.

Abel Azkonaren erakusketa, Askatasunaren plaza/Serapio Esparza plazaren izenaren inguruko polemika, gorpuzkiak ateratzea... nahikoa gerra ematen ari da Erorien Monumentua eta haren ingurua. Azken galdera: zer eginen dugu/egin beharko genuke auzolotsa besterik ematen ez duen monumentuarekin? Zergatik ez ospatu, beste egun batean, hemendik hilabete/urte batzuetara, eraikinaren eraistea?

Iritzia: Zaharren egoitza pribatuak

Tania Arriaga Azkarate

Uda joan zaigu, eta, gehienontzat, estresaren eta abentura berrien sinonimo da ikasturte berriaren hasiera. Aldiz, zaharrentzako egoitzetan dauden lagunentzat erronka uda estresik gabe gainditzea dela esanen nuke nik. Izan ere, udako sasoiarekin batera zaintzaileek merezitako oporrak hartzen dituzte, eta lanera behin-behineko ordezkariak heltzen dira; 0tik 100erako abiaduran lan-karga berari aurre egin behar diote.

Zeregin taula ikaragarria dutela jakin dut, minutuz minutu antolatuta, pertsonekin baino gehiago, automozio piezekin lan egiteko pentsatua. Gainera, enpresek sarri uda baliatzen dute egiturazko aldaketak egiteko, hau da, eraikuntza lanak edo berrantolaketak aurrera eramateko. Baldintza prekario horiek zahar etxeetan ditugun lagunek ere pairatzen dituzte. Uda garaian, istripu txikiak eta nahasteak nahi baino gehiagotan gertatzen dira; horregatik, esan daiteke enpresen zuhurkeriak osasuna okerragotzen diela gure senitartekoei.

Nafarroan badira hiru zahar etxe publiko, bi Iruñean eta hirugarren bat Lizarran; itunpeko egoitzak, berriz, 77 dira. Azken horien artean, 38 Lares sare erlijiosoari dagozkio, hortik gero egoitzen izenak ere: San Jose, Aita Barandiaran, San Frantzisko Asiskoa… Bestalde, Setenasa Gestion etxeak erresidentzia bat du, Sanitas Residencial etxeak bi, Seresgesnak beste bi eta Ammak, berriz, bost. Edonola, horiek guztiek gauza komun bat dute: mozkin ekonomikoa; eta azken urteetan bildutakoa, hain zuzen ere, ez da makala izan.

Esate baterako, 2014. urtean, Amma Nafarroak 1.804.000 euro irabazi zituen, eta, 2015. urteko txostenaren arabera, iaz, Amma Españak inoiz baino diru gehiago bildu zuen. Amma, 1997. urtean Nafarroan sortu, eta Estatuan barna Banca Civicarekin zabaldu zen, gure sosa dela medio, hain zuzen ere.

CANeko banpirizazioaren ondoren Amma Caixabankarena izatera pasatu zen, joan den ekainean 220 milioi euroan Decathloneko jabeari saldu zion arte. Dena dela, enpresa pribatuen artean, hau da tokiko bertako, Nafarroako, lan hitzarmena duen bakarra, eta langileen baldintzak gainontzeko enpresa pribatuenak baino pixka bat hobeak dira.

Adinduen zaintza kudeatzeko beste eredu bat ere badugu herrialdean: Nafarroako 29 herritan udalek/fundazioek/patronatuek gidatutako zaharrentzako egoitzak badituzte.

Kasu horretan, arazoa bestelakoa izaten da, hurbiltasuna dela eta beharginek ezin baitute bizitza pribatua lan-bizitzatik bereiztu.

Argi eta garbi, zaharrentzako egoitzetan aritzen diren langileek lan baldintza hobeak behar dituzte, gure senitartekoak behar bezala zaindu ahal izateko. Horretarako, lanordu gutxiago egin behar dute. Gaur egun, gehienek urtean 1.792 ordu sartu behar izaten dute; soldata egokiak eta kontratatu gehiago behar dira, gainera.

Enpresek mozkin aski izan badute horrelako hobekuntzak egin ahal izateko beren egoitzetan; gure senitartekoek errespetua eta maitasuna merezi eta behar dute.