Iritzia

Iritzia: Bihotz berdea

Lohizune Amatria

Nafarroa geldiarazi dute sanferminek; hala egiten dute urtero, edo hori ematen du, behintzat. Gauza asko gertatu dira Iruñean, asko dago aipatzeko. Baina, bi aste hauetan gertatutakoa Iruñetik harago doala sinetsita, Pirinioetara begira jarriko naiz beste behin.

Uztailaren 9a zen, sanferminen laugarren eguna, larunbata. Asteburua izanik asko izan ziren nafar Pirinioetatik Iruñera joan zirenak, urrunagoko bisitarien artean beste batzuk. Izan zen oporraldia Nafarroatik kanpo eman zuenik ere, beharretik ihes. Gure eskualdea oporretarako turismoko gune gisa saldu dela pentsaturik: hori paradoxa.

Aezkoan geratzea erabaki nuen nik, hiriburuko zurrunbilotik ihes. Eta arrazoi bat edo beste dela, eskualdeko taberna gehienak itxirik topatu nituen. Kasualitatea izan liteke agian, eta ez dut tabernariek noiz ixten duten kritikatu nahi. Baina egoera horrek hausnartzera eraman ninduen. Horrenbesteko eragina du hiriak mendialdeko egunerokoan?

Asko dira lanegunetan itxirik dauden ateak; asteburuetan soilik irekitzen diren leihoak. Hirian erosten dituzte herrian jaiotako gazteek etxeak, eta nabari da egunerokoan. Norberak hartzen duen hautua da hori, noski. Kontziente izan behar dugu, dena den, ditugun kontraesan guztiekin, hartzen ditugun erabaki horiek eragina dutela eskualdeko bizitzan, kolektiboan.

Bakoitzak bere iritzia du Pirinioek sufritzen duten egoeraren inguruan. Norberak bere ikusmoldearekin begiratzen du lurraldearen etorkizuna. Bada sinesten duenik aurrera jarraitzeko ondoa ukitu behar dugula, baita behea jo dugula uste duenik ere. Baina, edozein dela dugun iritzia, baikortasunez begiratu nahi diot nik arazoari. Gaia bizilagunen ahotan eta buruan dago, eta hori txalotu nahi dut.

Pirinioak bizirik mantentzea denen ardura da. Hori aldarrikatu du urterik urte Bizirik Gaude egitasmoak. Baikortasunez, gainera. Bihotz berdea egin, sortu eta mantendu diren ekintza, festa, enpresa eta ekimen guztien ondoan ezarri du, gogoraraziz horrek eusten diola suari.

Duela hamar urte inguru sortu zen taldea. Geroztik, Pirinioak erakargarri egiteko joera suspertu eta dugun bizimoduarekiko konfiantza sendotu nahi izan dute taldekideek, gure eskualdean bizi direnen artean, baita hiritik landa eremurako jauzia eman nahi dutenen artean ere.

Lortu ote duten galdegiten zion bere buruari taldeko kide batek, aurrekoan. Nik esanen nuke baietz. Bihotz berdea ikusi, eta Pirinioak datozkigu burura, bizirik mantentzeko beharra. Hori lorpen bat da. Gaia bizilagunen elkarrizketetan egoteko beste urrats bat izan da egitasmoa. Irabazi asmorik gabeko taldea da Bizirik Gaude, eta jarraitzeko dirua merkatu baten bidez lortzen dute. Bihar da azoka, Otsagabian.

Pirinioak bizirik daudela aldarrikatuko dute, beste behin. Baina seguruenik ez da prentsan azalduko. Horregatik ekarri nahi izan dut gaia astekarira. Agenda mediatikora eraman beharko genukeelako eskualdearen arazoa, ez baita soilik gurea. Pirinioetan ez bada bizirik, turistek ere jai dute!

Iritzia: Eskaparateak

Lur Albizu Etxetxipia

Festak izaten dira jendartearen isla, ispilu handia, neurriz gainekoa. Esponentzialki gure alderdi on eta txarrak bistarazten dituena, etengabean. Sanferminak dira horren adibide ezin hobea, zalantzarik gabe. Bederatzi gau eta egunez dena posible balitz bezala saltzen den hiria da Iruñea. Dena festa, dena kantitate industrialetan. Turistentzako eskaparate antzu eta saltoki erraldoi.

Legerik ez dagoen hiria omen da Iruñea. Zezenen, zezenketen hiria. Prozesioetara joaten diren alkate eta zinegotziak —ez denak, hori ere onartu beharra dago—, udal eta instituzioak laiko izatearen aldekoak. Zezenketen buru diren alkateak, guztion ordezkari izateak horretarako zilegitasuna ematen duelakoan. Antzerki eta eskaparateak, berriz ere.

P a m p l o n a.

Hori saltzen den bezala, badira beste modu batera festa egin nahi dutenak eta dugunak. Festa eta Sanfermin herrikoi, parte-hartzaile, parekide, ekologista, aniztun, antikapitalista, kultural eta euskaldunak. Edo horretarako bidean dauden herri sanferminak. Ez dugu esanen bidea erraza izan denik, are gutxiago hemendik aurrera ez dagoenik ezer lantzeko. Hala ere, bidea markatua dago, eta marrazten ari gara, pixkanaka, zer-nolako sanferminak eta jai herrikoiak nahi ditugun, zer-nolako eredua sustatu nahi dugun eta nola uztartu nahi ditugun jaia eta kalearen okupazioa, jaia eta errebeldia, jaia eta boterearen desafioa, jaia eta kolektibizazioa, jaia eta ahalduntzea. Transgresioa. Horretarako aukerarik ere ematen dutelako sanferminek.

Eta ezin zaigu ahaztu egunez egun, orduz ordu emakume askok jasan behar izaten duten —dugun— indarkeria matxista, urte osoan zehar zeharkatzen gaituena gau eta egun. Sutan jartzen gaituzte eraso sexistek, uztailaren 7an eta urteko beste 364 egunetan ere bai. Ezin zaizkigu ahaztu urte honetako hildakoak, ezin zaigu ahaztu Nagoreren itzala, ezta bere hiltzailearen aurpegia ere. Indarkeria matxistak hil egiten duelako, bai eta sanferminetan ere.

Ezinbesteko hitzordu bilakatu da jada emakume askorentzat Farrukas kolektiboak antolatzen duen uztailaren 4ko gaueko manifestazioa. Ahalduntzerako eta gure gorputzen burujabetza aldarrikatzeko beharrezkoa dena. Begiek dir-dir egiten duten hori, amorruz oihukatzen ehunka emakume, elkarrekin. Gauak eta kaleak gureak direlako, eta festak eta egunerokoa ez ditugulako beldurrez bizi nahi, aske baizik. Aske izan nahi dugu nahi dugunean nahi dugun bezala ibiltzeko; ez dugu ausart izan nahi, ausartak bagara ere —ez beti—.

Horren harira, duela urte gutxi batzuk pentsaezina zen, baina aurtengo txupinazoan autodefentsa feminista aldarrikatzen zuen pankarta atera zuten Udaletxe plazara. Hiriaren zentrora, bihotzera. Espazioaren erdigunea ere gurea delako eta horren alde borrokan jarraituko dugulako, elkarren ondoan.

Sanferminetan beste elkarretaratzerik egin behar izanen ez dugun arte. Eta guztiok aske izan arte.

Iritzia: Nire titiak

Idoia Sobrino

Duela gutti jakin dut nire titiek ez daukatela titi formarik. Forma egokirik, erran nahi baita. Bi dauzkat, handi xamarrak gainera, modak manatzen duen erara, baina ez behar luketen formarekin. Arazoa, omen, erabiltzen ditudan bularretakoetan dago: betegarririk gabekoak erabiltzen ditut, ustetan, inozoa ni, bularretakoaren funtzioa bularrak kontzearena zela, bizkarreko minak saihestu eta, bide batez, egunerokoak erosoago egin ahal izateko.

Baina ez, orain ongi erakutsi didate bularretakoaren funtzioak bi direla: bat, zure titiei bertze neska baten titien forma ematea (hau da, modan dauden nesken titien forma ematea), eta bi, titipuntak gordetzea. Zer iduritzen? Ba horrela omen, bai jauna. Neska talde batek erran dit hori dena; susmotan nago haien ahoetatik ez ote den jaun hori solastatu.

Izan ere, nondik dator nire titiek titi forma ez izateren kontu hori? Zergatik behartu behar dut neure burua telebistan saltzen diguten neska horien titiak izatera? Gainera, afera trikimailuz josita dago: alde batetik, 90-60-90 neurri horiek lortzera behartzen gaituzte, hau da, titi handiak izatera. Bertzetik, modelo profesionalen gorputzak omen dira gure ispilua: titirik gabeko neskak. Eta, bukatzearren, binomio horretatik ateratzen diren modako arropak dira nonahi saltzen dizkigutenak (denda berezietara joan gabe).

Baina adi, hemen hasten da jolasa eta: modako arropetan ez dago titi handiak sartzerik, ez dira kabitzen; beraz, titi txikiak izatera bideratzen gaituzte. Baina o! Titi txikiak ez ditugu gustuko. Zer egin, orduan…? Tatxan! Horra, betegarriak dituzten bularretakoak guretzat prest!

Poz-pozik egon zaitezke titi txikiak izan eta bularretako handiak erabiltzen badituzu: kolore eta puntilla mota guztietakoak izango dituzu aukeran. Zure titiek, orain bai, forma borobildua izanen dute, eta oroitu, gainera, bularretakoaren bigarren funtzioa ere betetzen dutela: inork ez du suposatu ere eginen zure titiek titipuntarik daukatenik!

Baina itxoin, titipuntak emakume sexyaren ikur ere badira, ezta? Orduan ezkutatu edo agerrarazi behar ditut?? Ai ama… Ez naiz aklaratzen… Moda jaunak zoratuta nauka. Gainera, orain oroitu naiz nik neurez titi handiak ditudala; beraz, ezin dut mota eta kolore guztietako bularretakorik erosi, zeren guretzat, titi-handientzat, betegarririk gabekoak eta soilik hiru koloretan baizik ez baitira saltzen: xuria, beltza eta txitxi-kolorekoa (polita hori, ezta?). Azken horren funtzioa bularretakorik eramaten ez duzun itxura egitea da. 100 bat daukazu, baina bularretako horrekin denek pentsatuko dute ez duzula deus eramaten!

Ez dago dudarik: moda jauna jauna da. Jauna eta ez andrea. Oraindik badago mikromatxismoan sinisten ez duenik. Oraindik badago hau ez dela mikromatxismoa erran eta errango duenik. Nik bertze zerbait dut errateko: sanfermin parekide hauetan, eraso sexistak azpimarratzera deituak izan garen honetan, hona hemen nire azpimarra eta oihua: neskak, egizue titipuntetan jartzen zaizuena! Izan libre, ausart eta libre!

Iritzia: Egitekoen zerrenda

Asier Azpilikueta
Duela urtebete, aldaketa politikoaren Nafarroako Gobernua martxan jarri zelarik, batzuok erraten hasi ginen lau urte hauetan ahalik eta gauza gehien aldatu behar zirela, ahalik eta bizkorren, gutxienez lau urtean bertze Nafarroa batea...

Iritzia: Zerua erre nahi izan duten suak

Izaskun Etxeberria Zufiaurre
Naturaren lege zaharrari ihardetsiz urak, landareek eta suak, erritu bihurturik, babesa eta purifikazioa eskaini digute enegarren aldiz. Guk ere, munduko bazter askotan bezala, Naturari erantzun eta gau ona opa diogu Ilargi...

Lehendabizikoz

Lohizune Amatria
Asteazkena zen. Ekainaren 17a. 2015. urtea. Egun berezia Nafarroako politikagintzan. Urduri izanen ziren seguruenik egun Nafarroako Parlamentuko hemizikloan esertzen diren politikariak. Batzuk besteak baino gehiago, noski. Urtebete iga...

Iritzia: Talkan

Lur Albizu Etxetxipia
Aspalditik gabiltza hausnartzen, pentsatzen eta konspiratzen. Izan ere, aspaldi konturatu ginen errealitate honetan ez genuela bizi nahi. Ez dugula bizi nahi. Ezin garela horrela bizi. Ez dugula honetan sinisten eta, are gehiago, ...

Euskaldunek nekatzen naute

Idoia Sobrino

Euskararen egoera nire lanpostuan, hori da azkenaldian gehien kezkatzen nauen gaia. Ez dut ulertzen hainbertze euskaldun egonik nola duen euskarak hain leku txiki eta baztertua. Nekatzen nau, nonbaitetik hastearren, Hizkuntza Zerbitzuaren konfiantza faltak, eta azalduko dut: testu bat gaztelaniaz idazten badut, idatzi, nagusiari pasatu, eta nahikoa izaten da. Euskaraz idazten badut, idatzi, Hizkuntza Zerbitzura "zuzentzera" bidali, haiek niri bueltatu, eta nik nagusiari bidali beharra diot —baita nagusia elebiduna bada ere—. Beraz, nire lana gaztelaniaz ongi eta euskaraz gaizki eginen dudala uste dute. Euskarazkoak, badaezpada, "zuzenketa" behar izaten duenez. Nekatzen nau.

Bidenabar, zer argitaratzen da lehenago? Gaztelaniazko testua, noski. Euskarazkoa "iritsiko da"... Nekatzen nau bi hizkuntza izanik bakarra bageneuka bezala funtzionatzeak. Denok dakigu goizean bi haur jantzi eta eskolara eramateak bat bakarra jantzi eta eramateak baino denbora gehiago hartuko duela; hortaz, bi izanik, ez dugu egunero bat puntual eta bertzea berandu eramaten. Biendako denbora izateko neurriak hartzen ditugu, berdintasunean. Bi hizkuntzengatik ez, ordea. Eta horrek nekatzen nau.

Nekatzen nau, era berean, egunero lantokiarekin erlazionatutako prentsa laburpen bat jasotzen dugunean, berrien lerroburuetako zerrendan, baten bat euskaraz badago gaztelaniazko itzulpena gehitzen diotela ikusteak, euskaraz ulertuko ez delakoan edo… Gaztelaniazkoari ez zaio euskarazko itzulpena gehitzen, eta horrek nekatzen nau.

Baina konturatu naiz nekatzen nautenak ez direla erdaldunak, euskaldunak baizik. Ni bezalako euskaldunak direlako nigan konfiantzarik jartzen ez dutenak nire testuak zuzentzeko eskatuz. Ni bezalako euskaldunak direlako lerroburuak gaztelaniara itzultzen dituztenak "denek uler ditzaten" aitzakiaren pean.

Bi hizkuntza dauden herrialde batean bizi gara; gaurgero elebakarrek onartua beharko lukete ez daukatela beraien inguruan pasatzen denaren %100a ulertzeko gaitasunik, bi hizkuntzetako bat falta zaielako; zenbait gauza galtzera ohituta egon beharko lukete eta bakoitzaren aukera librea behar luke hori guztia galtzen segitu edo konponbidea jartzeko ardura hartzeak. %100a ulertu nahi duzula? Euskara ikasi. Ez duzula nahi? Ados, baina onartu orduan —eta onar dezagun euskaldunek— zenbait gauza galduko dituzula. Beraien aukera dela.

Lasai daude, ordea, konponbidea elebidunek jartzen diegulako: guk itzultzen dizkiegu gaztelaniara euskarazko testu guztiak, elkarrizketa guztiak, lerroburu guztiak, "egun on" guztiak! Ia-ia barkamena eskatuz euskaraz aritzen garenean, gainera… Beraiek bakarrik ezingo lukete itzulpen lan hori egin, baina badakite horretarako gu gaudela, elebidunak, euskara aldamenetara botata beraiei bidea errazten diegunak. "Ez duzu ulertzen? Lasai, —ez ikasi euskaraz, arras zaila da eta— nik itzuliko dizut". Ustezko berdintasunaren eta "laguntzaren" aitzakian, euskaldunak zertan ari garen pentsatu beharko genuke, neke hau behingoan gainetik kendu nahi dut eta.

Iritzia: Gurelur eta harrobiak

Asier Azpilikueta

Sinets iezadazu, irakurle, erraten badizut orain irakurriko duzun artikulua idaztea ala ez erabakitzeko dozenaka buelta eman dizkiodala buruari. Talde ekologista bati belarrietatik tira egin behar baitiot, eta ez da hori kantatzea gustuko dudan abestia.

Azken asteotan, Urbasa-Andia natur parkearen esparruan dagoen Lizarragako kareharri harrobiaren kontrako hainbat ekinbide jorratu ditu Gurelur taldeak ingurumenean kalte larriak eragiten ari delako eta legez kanpo ustiatzen ari omen direlako. Eta ez naiz ni izanen Gurelurri kontu zehatz horretan arrazoia kenduko diona.

Baina Cetya izeneko fundazio batek 250.000 euro eman zizkion Gurelurri 2008an, Arguedasko estazio biologikoa martxan jarri eta bortz urtez kudea zezan; eta halaxe argitaratu zuen orduko prentsak eta halaxe jasotzen du oraindik ere Cetyaren webguneak. Eta, barkatuko didazue, baina ordutik mesfidantza handia diot Gurelurri, batez ere harrobiez mintzatzen delarik.

Cantera de Etxauri-Tiebas Y Asociados; horixe baita Cetya akronimoaren gibelean dagoena. Cetya taldeak harrobiak ditu Etxaurin, Tebasen, Beriainen eta Murietan, eta hormigoia egiteko lantegiak Tebasen, Castejonen, Urrotzen, Saratsan eta Erriberrin. Ekologistak Martxan izeneko talde ekologistako kide nauzue. Nafarroako Ekologistak Martxan ANAT-LANE izeneko taldetik sortu zen. Eta talde beretik atera zen Gurelur ere. Alegia, duela urte mordoxka, Ekologistak Martxan eta Gurelur taldeetako jendea elkarte berean zegoen. Eta, ulertuko duzuenez, bereizi zirelarik, haien arteko hainbat ika-mika izan ziren.

Ezinikusi haiek gertatu eta gero ailegatu nintzen ni Ekologistak Martxan-era eta, beraz, ez diot inolako herrarik Gurelurri. Baina Gurelurren ekologismo kontserbazionista ez da niri interesatzen zaidana. Ekologismo sozialaren barnean ikusten dut neure burua, eta horregatik sartu nintzen Ekologistak Martxan-en. Ekologismo sozialaren iritziz, ingurumen arazoek ekoizteko eta kontsumitzeko moduetan dute sorburua; arazo horiek jendaurrean eta epaitegietan salatu behar dira; arazoen jatorrien aurkako sentsibilizazio kanpainak egin behar dira; eta alternatiba zehatzak eta bideragarriak landu behar dira.

Hau da, ekologismo sozialaren ustez, harrobi zehatz batek eragiten dituen kalte zehatzak agerian jarri behar dira eta irregulartasunak salatu behar dira, bai, baina hori guztia testuinguru baten barnean jarri behar da, eta adierazi behar da zergatik gauden harrobiak behar dituen sistemaren kontra eta zein izan daitekeen harrobien alternatiba iraunkorra.

Cetyak 250.000 euro eman zizkion Gurelurri 2008an. Eta horretan ez dago ez ustelkeriarik ez legearen kontrako deus ere. Baina ez didazue ukatuko doinu xelebrea duela kanta horrek: Cetya taldea "liderra da Nafarroan aridoen, morteroen eta hormigoien merkaturatzean", eta lau harrobi ustiatzen ditu; Cetya taldearen fundazioak milioi laurdena eman zion Gurelur talde ekologistari eta, hala ere, Gurelurrek bere burua aske ikusi zuen harrobien kontra borrokan segitzeko —eta halaxe egin izan du, adibidez, Zilbetiko proiektuaren kontra—, baina Gurelurrek ez ditu Cetyaren harrobiak, ez eta gibelean dagoen sistema osoa, salatzen.

Ez dakit zuek, baina ni ez nintzateke soinu horretan dantzatuko.

Iritzia: Txuria, gorria eta berdea

Izaskun Etxeberria Zufiaurre

Nekez uzten baitu elurrak zuritasuna", kantatzen zuen Mikel Laboak. Kolore zuriaren erabilerak euskal usadioan, alde batetik, gauzen benetako muina estaltzea esan nahi badu ere, alegia, zurikerietan, faltsukerietan ibiltzea: gezurra zuri baita Euskal Herrian esana idatzi zuen Orixek edota izerdi eta edari zuriarena, hau da, alferkeria eta patarrarena. Beste alde batetik, gauzen azaleko estalkia kendu eta barruko benetako mamia azaltzea ere esan nahi du. Horrela, edozein fruta klase zuritu egiten da, eta haserre aldiaren ondoren ere kontuak zuritu egiten dira. Zuritasunari lilura, dohain, magikotasuna dario, eta zoriontasunaren seinalea ere bazen, jainkotasunaren eta alaitasunaren adierazlea zen bezala. Zozo zuriak zorionaren arrautza bana eman zien J. M. Satrustegik bildu zuen ipuin bateko bi mutikoei, adibidez. Maitasun lilura kolore zuriaz janzten zen, eta ongietorria ematen zitzaion eguzkiari ere xuria zen. Edozein herritan bezala, gurean ere, garbitasunaren seinalea da.

"Gorria aurrez aurre begiratzen duen kolorea da, eta gorritu eginen da aurpegi zurbila lotsatzean", idatzi zuen J. Sarrionandiak. Kolore gorria kolore erabakigarria da, eta sinbolismorik ugariena duen kolorea euskaldunentzat. Neke, ezin, gatazka, amorrazio eta soiltasunarena: premia gorria, gorriak ikusi, gorroto gorria, larru gorritan, lur gorria; gaiztakeria eta bihurrikeriarena: sugegorria, Galtzagorriak; suarena: labe gorria, gori-gori; lehorteak bazterrak gorritzen ditu, eta landareetan mingorria edo herdoila sortzen da; Europako kultura guztietan kristau fedetik urrundu den guztia gorria izan da: ateoak, heterodoxoak, komunistak; sexua gorria da, baita erotismoa ere: gona gorria emakumeentzat, gerriko gorria gizonezkoentzat; bizitasuna, indarra eta osasuna ere gorriak dira. Festa giroan gorri, "xuri, ubel, musker, urdin, bainan guziz gorri", idatzi zuen J. Etxeparek.

Badira "xuri, beltz, gorri, urdin, hori, nabar, ubela, bainan zoin hitzek erran dezakegu belarraren itxura?", jarraitu zuen J. Etxeparek: muskerra, perde frantsesari kendua zelako. Manezaundik deskribatu bezala: "Iruñerat urbiltzean harriturik zeuden eremu agortu eta idor horiek ikustean. Gaizoek uste zuten mundu guzian bazirela Garazi aldeko larre pherde muskerrak. Muskerra". Berdea kolore arrotza eta berantiarra izan da euskal kulturan, lur emankorrena, eguraldi bustiarena, sexuaren inguruko gordinkeriena, gaitzak jotakoarena. Usadio zaharrean, beltzak bereganatzen zuen berdearen gerozko ñabardura.

Euskal usadio zaharrean zuria, gorria eta beltza baitziren hiru kolore nagusiak, abereak, haizea, lurra, ura, harria, mendia… banatzeko balio zutenak, ederki asko esplikaturik eta literatura aipuek zein ahozko testigantzek lagundurik agertzen direnak Patziku Perurenaren Koloreak euskal usarioan 1992ko saiakera aberatsean.

Sabino Aranak, ordea, orlegia asmatu zuen berdea izendatzeko, beltzarena behar zuena deskribatzeko eta zuria, gorria eta orlegiarekin ikurrina sortu zuen Luis anaiarekin batera, 1894an. Zuriak Jainkoa, gorriak Bizkaia eta berdeak independentzia eta askatasuna irudikatzen zuten. Euskal Herriko ikur bilakatu zen, zigortua izan zena 1979 arte, EAEko bandera ofizialtzat legeztatu arte. Nafarroan eta Iparraldean ez da oraindik ofiziala, baina beste aldean ez dago bere erabilera arautzeko legerik. Sakanan, adibidez, kale gorrira baztertu behar izan da. Altsasun, aldiz, ezta kale gorrian ere!