Iritzia

Iritzia: “Errespetua”

Ozen eta irmoki eskatzen dugu errespetua euskararentzat, behin eta berriz, toki guztietan, urte guztian zehar, milaka ahots batuz edo norbanakoaren egunerokotasunean. Badakigu gure hizkuntza bertzeak bezain baliagarria dela, eta bertzeek ere jakin dezaten egun guztia pasatzen dugu horren aldarria egiten. Euskararen normalizazioa meta izanik, egun euskaldun izatea militantzia hutsa da. Edo behar luke... ezta hala?

Aunitzetan aditzen dut "ez gara espaloitik jautsiko", dos cañas por favor-en ondotik errana... edo Nafarroaren zonifikazioak eragiten dituen kalteak behin eta berriz entzun gutxi batzuk bertzerik ez dutenean kexa orri bat sekula bete edo Behatokia zer den jakin edo euskararen telefonoa existitzen denik ezagutu. Gure hizkuntza eskubideak zapaltzen direnean aunitzetan ez dakigu egoera horri nola aurre egin behar diogun, ez dakigu "Ogi barra bat, faborez", "¿una barra de pan?" galderari "bai" erantzuten ahal diogula, euskaraz, irribarre batekin nahi izanez gero, errespetuz.

Eta iduritzen zait ez goazela ikastearen bidetik... Duela gutxi Anaitasuna bete genuen (erdizka), euskaraz bizi nahi dugulako. Jende aunitzek lan egin zuen egun hori aurrera ateratzeko, egunerokoan euskararen alde lan egiten dutenek gainera, eta aldez aurretik erran nahi dut arras eskertzekoa dela egin zuten guztia, baina diskurtsoari betiko kutsu bera hartu nion nik: kexak. Harresiak ditugula, oztopoak han eta hemen, eremu ez-euskaldun deituriko horretan euskara ikastearen traba handiak, euskaldun berriek euskara ikasteko egin beharreko esfortzuak eta haietan dagoela esperantza.

Ados, hori guztia existitzen da, gauzak ez daude erraz, baina, aldi berean, hori guztia badakigu, ezta? Ba, goazen aurrerapauso bat ematera: horrekin guztiarekin, zer egin dezakegu? "Bi kaña, faborez" erraten ahal dugu? Bi behatz altxatu behar baditugu ere, euskaraz eskatzen ahal dugu? "Ogi barra bat" egunero eskatzen badugu, egunero galdetuko digute horrek una barra de pan erran nahi duen? Euskaldun berrietan dago esperantza edo euskaldun zaharrek ere badugu zer egin?

Erantzukizuna guztiona da, baina Anaitasuna betetzen dugun egunean mezu hori argi ulertzeko moduan ere erran behar da. Zer dagoen badakigu, zer egin dezakegun teorian ere bai, baina horrelako egunetan teoria hori praktikara nola eraman ikasiko bagenu, indar hori egondako pertsona bakoitzarekin biderkatuko bagenu, gauzak aldatzen hasiko liratekeela pentsatzen dut. Egin dezakegunaren kontzientzia izan, gauza txikietan, egunerokoan, esfortzu handirik gabe egiten ahal ditugun gauzak, ez militantziaz, normaltasunez. Errespetuz.

Eta errespetuz jokatu baita ere, Anaitasunakoa bezalako ekitaldi batean agertokian gauzak gertatzen diren bitartean futbolean, eskubaloian edo sokasaltoan ibili gabe, hori ere gertatu zen eta. Zaila izanen baita euskararekiko errespetua eskatzea euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko ekitaldiaren antolatzaileak ere errespetatzen ez baditugu.

Analisia: eztabaidaren atzeko aldea

Analisia: eztabaidaren atzeko aldea

Joxerra Senar / BERRIA Nork irabazi du? Nork galdu du? Telebistako eztabaidok eraginkorrak al dira? Eztabaida dei al dakioke herenegun Navarra TV-n Jose Javier Esparzak eta Adolfo Araizek izandako elkarjotze dialektikoari? Galderak bata bestearen atzetik ateratzen dira eta, zintzotasunez jokatzeko, ziurtasunik ez da erantzunetan. BERRIArako eguneko kronika amaitu eta sare sozialeko lehen erreakzioak irakurtzean, espero...

Javi eta Miren gogoan

Juan Manuel, Arantza, Ramon, Araceli eta Karmen Paniagua Gure anaia Javi Paniagua sistemak erail zuen 2013an, duela gutxi Miren Peñarekin gertatu zen bezala.  Horregatik Javiren senideok elkartasuna adierazi nahi diogu Mirenen senitartekoei. Mirenekin gertatutakoa oso gogorra izan da guretzat, gure anaia, aita edo aitona kaleratua izan zenean  sentitutakoa biziberritu dugulako. Javiren kaleratzearen inguruan gertatutakoak antza...

Jesu Kristorena

Atzean geratu zaigu Aste Santua. Bukatu da aurtengoa ere. Baina nik hainbat kontu berreskuratu nahiko nituzke. Anitzek uste dutenaren aurka, txikitatik izan naiz oso fededuna. Bai, bai. Hagitz sinesgarria da hiru egunen ondoren berpiztearen kontua. Niri ere antzeko zerbait pasatu zitzaidan. Eta ez pentsa, nik ere sufritu nuen Kristoren heriotza. Kontatuko dizuet nolakoa izan zen Aste Santua sinestun amorratu honentzat.

Ortzegunetik hasiko naiz; ortzegun santutik. Goizean goiz mendira paseotxo bat ematera joan nintzen, ondotik zetozen egunei aurre egiteko indarrak hartzeko asmoz. Eguerdian lagun batzuekin bazkaria izan nuen. Badakizue duela 2.000 urte gure jaunak ere afari eder bat egin zuela lagunekin egun horretan. Ohitura onak ezin dira alde batera utzi, alajainkoa! Hari eskerrak ematearren, guk ere Jesu Kristoren bazkaria egin genuen. Guri ere ogia eta ardoa eman zizkiguten, guztiok hartatik jan eta edan genezan. Eta dena erran behar bada, oso goxoak zeuden.

Handik Zarauzko garagardo feriara joan ginen batzuk. Orduan hasi zen gure kalbarioa. Jainkoak emandako ardo hori kolorez aldatzen hasi eta hori bihurtu baitzen. Ardoa Kristoren odola bada, ez dut pentsatu nahi garagardoa zer izango den. Bueno, zalantza existentzialak alde batera utzita, jarrai dezagun. Bazkaritik Zarautzera, eta Zarauztik gure azken afarira; edo egun horretako azken afarira bai behintzat. Bapo afaldu eta etxera joan ginen, hurrengo egunean gurutzea hartu eta Lekunberritik Irurtzunera joatea tokatzen baitzen.

Ortziralean, goizeko seietan jaiki eta motxila izeneko nire gurutze partikularra prestatzen hasi nintzen. Bederatzietarako, Lekunberrin geunden, Gazte Martxaren Gurutze bidea hasteko prest. Irurtzuneraino 15 kilometro daude; eskerrak bidea nahiko erraxa den. Bertzela ere, a zer kalbarioa! Bezperatik zetorren buruko mina, sekulako eguzkia, motxilaren karga… Jesu Kristo sentitu nintzen une batzuetan. Irurtzunera iritsi eta ekitaldiak hasi ziren. Berriz edan genuen jaunaren odola, fededun zintzoen modura.

Larunbat santua doluaren eguna zen. Gutxi iraun zuen doluak, ordea. Goizean autoa hartu eta Doneztebera abiatu ginen, eguerdian bertso bazkaria baikenuen. Larunbatean, Sagardo Eguna zegoen nire herrian, eta bazkaldu baino lehen denok ur bedeinkatua edan genuen. Eta ez gutxi. Errango nuke han geunden guztiak urte osorako bedeinkatuta geratu ginela. Gauza bera bertso bazkarian. Bijilia egin genuen guk ere. Bueno, bazkaria diot, baina ia-ia afarira luzatu zen. Eta afaria gosarira. Kristoren gaua izan zen, eta guk ere Kristok bezala sufritu genuen biharamunean.

Iritsi gara igandera. Hilzorian geunden guztiak. Baina iratzargailuak jo bezain azkar, miraria gertatu zen. Gu ere berpiztu ginen. Indarrak hartu eta ohartzerako, Aberri Egunean geunden, Iruñean; gure berpiztea ospatzen. Batek baino gehiagok errezatu zuen gure alde, eta guk errezoei erantzun genien. Behar den bezala.

Eta azkenik, pazko astelehena. Gertatutako guztia barneratzeko eguna. Ez al duzue uste horrelako hiru egun pasatu eta gero, oraindik bizirik jarraitzea Jesu Kristoren miraria dela? Nik baietz errango nuke. Hortxe nire fedearen oinarria.

208

Gizakia helbururen programetan artatutakoakIaz, 208 pertsona artatu zituen Nafarroan Gizakia Helburu elkarteak. Kokaina, speeda eta bestelako pizgarriak kontsumitzeagatik jo zuten elkartera gehienek, artatutakoen %43,7k. Alkohol kontsumitzaileak %41,3...

16.806

kRISIAN ekonomia ezkutuan mugitu diren milioi euroak

Nafarroan, ekonomia ezkutuan 16.806 milioi euro mugitu dira 2008 eta 2013 bitartean. Hala diote, behintzat, Ignacio Mauleon eta Jordi Sardak La economía sumergida en Navarra lanean (Ekonomia ezkutua Nafarroan). Zerbitzuetan eta eraikuntzan mugitzen da diru beltz gehien.

Laffageri omenaldia Gazteluko plazan

2008ko uztailaren 7an hil zuen Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage Irungo (Gipuzkoa) gaztea. Geroztik ia zortzi urte igaro dira, eta Andrea elkarteak, urtero bezala, Laffageren omenezko ekitaldia egingo du, bihar, 12:00etan, Gazteluko plazan. Gainera,...

Betaurrekoak

Ohartuko zineten honezkero: ate-joka dauzkagu sanferminak. Eta datozen festen aurrekari gisa, aurkeztu dituzte dagoeneko peñek beren pankartak. Askotarako eman du pasa den urteak gurean. Eta horren isla dira peñen oihalak: UPNren kudeaketa, Roberto Jimenezen krisia, Polo zinegotziaren komeriak, eta abar.

Sanferminek, orain eta beti, indarrean dagoen aginte ordena apurtu eta oinarritik bestelako bat eraikitzeko balio izan dute. Ez bakarrik peñen pankartengatik. Ez bakarrik iaz udaletxe parean zabaldutako ikurrin erraldoiagatik. Horregatik ere bai. Baina, batez ere, herritarrek bere gain hartu dutelako protagonismoa. Inori baimenik eskatu gabe atera dituztelako mahai eta aulkiak etxeko atarira, bazkari ederrez gozatzeko asmoz. Inori baimenik eskatu gabe jo dutelako musika eta dantza egin.

Bai, festa, hemen eta Euskal Herrian oro har, kritika eta parodiarako baliatua izan da. Eta, hori, beti da ona. Ordena sozialaz ari bagara, ordea, pentsatu beharko genuke ordena ez dela agintea bakarrik. Inguruan indartzen doazen jarrera eta balioak, gutako bakoitzak gure gain hartu eta praktikara eramaten ditugulako indartzen dira, ez besterik. Ordena horren parte eta partaide gara. Eta komeniko litzateke akaso geure buruari ere kritika egitea. Agintea kritikatzea erraza baita —eta kasu, baita beharrezkoa ere—, baina ez da nahikoa.

Jai eremuan oraindik ere izaten den sexismoari buruz idatzi berri dudan erreportaje batek ireki dizkit begiak. Zapalkuntza matxistak bizirik dirau gure festetan. Ez da harritzekoa, festa jendartearen isla baita beti. Jendarte bat den moduan ager dadin eskaparate perfektuena da jaia. Eta jendartea matxista bada, matxistak izanen dira haren festak.

Ez nabil iaz denok aztoratu gintuzten argazkiez bakarrik. Ez nabil sarri, sarriegi, izaten diren eraso, komentario lizun, ukitze eta bortxaketez bakarrik. Askoz sotilago, ia oharkabean gertatzen diren zapalkuntzez baizik. Egunero prest eduki ditzagun arropa zuriak tentuz garbitzen dizkigun amaz, emazteaz edo neska lagunaz ari naiz. Oholtza eta plazak, izan musikarako, izan kirolerako, desproportzio nabarian betetzen dituzten gizonez ari naiz. Festen prestakuntzan egiten den lan banaketaz. Karpa bat muntatzeko soka bati tiraka bideo batean ikusi ditudan gizonez ari naiz. Ikusi ez dudan emakume bakar bat ere horretaz.

Kasu, sanferminzalea naiz. Amorratua, gainera. Eta harro nago gure festek aginteari aurre egiteko beti erakutsi duten era irudimentsu eta jatorraz. Baina etxe barruan ere badago zer aldatu. Ongi etorriak, beraz, hainbat herri eragilek datozen sanferminetarako kaleratutako 3D betaurrekoak, bestelako Iruñe bat ikusteko prestatuak, mota guztietako eraso eta diskriminazioak gaitzetsiz. Betaurreko horiekin, udaletxeko balkoira ez ezik ondokoari ere begira diezaiokegulako. Eta baita, ispilu aurrean kokatuta, geure buruari ere.

125.000

gorren integraziorako ONARtu dituzten euroakNafarroako Gobernuak gorren integraziorako eta komunikazio harresiak ezabatzeko 125.000 euroko diru saila onartu du. Nafarroako Gorren Elkarteak 50.000 euro jasoko ditu keinu hizkuntza ikastaroak eta interpr...