Nafarroa

“Ez da gertaera puntual bat; gardentasunik eza erabatekoa izan da”

“Ez da gertaera puntual bat; gardentasunik eza erabatekoa izan da”

E. Elizondo

Abokatua da Libertad Frances, eta duela hamar urte inguru bat egin zuen Salhaketa taldearekin. Nafarroako koordinatzailea da egun. Polizia etxe, espetxe eta gisako zentroetan dagoen gardentasunik eza salatu du, eta halakoetan eskubideen urraketa uste baino larriagoa dela utzi du agerian. "Ez dira gertaera puntualak".

Pertsona bat hil da Espainiako Poliziaren esku zegoela Iruñean. Zer deritzozu gertatu denari?

Batetik, informazio urria dugu benetan gertatu denari buruz. Bertzetik, argi gelditu da, bertze behin, halakoak gertatzen direnean joera dela ezkutatzea. Gardentasunik eza erabatekoa izan da. Erakutsi nahi dute gertaera puntual bat dela, baina errealitatea bertzelakoa da.

Uste baino maizago gertatzen dira horrelakoak edo gisakoak?

Kasu honetan pertsona bat zendu da. Ondoriorik larriena da, baina bertze kasu anitzetan ere urratzen dira pertsonen eskubideak. Legez kanpokoak diren atxiloketak gertatzen dira; tratu txarrak gertatzen dira espetxeetan... Halakoak ez dira gertaera puntualak.

Kontua da benetan ez dakigula zer gertatzen den. Ez dakigu zer gertatzen den polizia etxe, espetxe eta atzerritarrentzako edo adingabeentzako zentroetan. Kartzelak, adibidez, hiriguneetatik kanpoko aldera atera ditugu. Hor gertatzen dena ikusezin bilakatzen da gizartearentzat. Erakundeei interesatzen zaie ezartzen duten gardentasun gabezia hori, eta horrek erran nahi du hor dauden pertsonen eskubideen urraketa uste dugun baino larriagoa izan daitekeela.

Halakoak salatzea ere ez da erraza izanen, ezta?

Ez, hagitz zaila da. Finean, espetxeko ziegaren atea irekitzen dizunaren aurkako salaketa jarri behar duzu. Salaketa horrek izan ditzakeen ondorioen beldur dira barruan direnak, noski. Salhaketa Torturari Aurrea Hartzeko Koordinakundeko kide da, eta erakunde hori saiatzen da espetxe barruan gertatzen ahal diren eskubide urraketen erregistro bat egiten. Erran nahi dudana da salaketaren bide bakarra ez dela esparru judizialarena. Halako informazioa gure esku egotea ere bada garrantzitsua argi uzteko gertatzen ari dena ez dela zerbait puntuala.

Zer dakizue Iruñeko espetxe barruko errealitateari buruz?

Espetxe berria zabaldu zutenetik, pertsona batek bere buruaz bertze egin du, eta, gutxienez, berezko heriotza bat gertatu da. Berez hil arren, argi dugu erakundeak ere baduela ardura bat. Suizidioei aurrea hartzeko protokoloaren arabera, adibidez, preso baten esku uzten da bertze bat zaintzeko ardura. Espetxeak preso horren esku uzten du berea den ardura, alegia. Bertzalde, egunerokoari buruz, presoek salatzen dute, batez ere, egiteko deus ez dagoela.

Tailerrak egiteko aukeraz ari zara?

Bai. Presoek ez dute aukera hori. Espetxe berrian, gainera, presoek agerian utzi dute hezitzailearekin edo gizarte langilearekin egoteko prozesua zaildu egin dutela. Egia da kartzela berriaren erdia ere ez dagoela martxan, eta han diren pertsonen kopurua kontuan hartuta, 350 inguru guztira, espetxe txikia dela, oraindik ere. Baina lehen zegoen kopuruak %30 egin du gora, eta profesionalena, berriz, ez da aldatu.

Zer-nolako erantzuna ematen du gizarteak espetxe barruko errealitatearen aurrean?

Espetxeari bizkarra emanda bizi gara. Gogoeta egin beharko genuke ongi aztertzeko jendea zergatik dagoen espetxean, eta zergatik zigortzen diren espetxearekin hainbat jarduera, eta bertze hainbat ez. Kartzelako errealitatea ikusezina da, oraindik ere, eta estigma handia dago.

Morez jantzi dira NUPen

Morez jantzi dira NUPen

Kattalin Barber

Urtebeteko ibilbidea du Nafarroako Unibertsitate Publikoko talde feministak. Aurtengo karpan brigada feministak egon ziren, sexu erasoei aurre egiteko eta, norbaitek behar izanez gero, laguntza emateko. Dena den, jaialdiaren antolatzaileek brigadak debekatzeko ahalegina egin zuten hasieran. Joan den astean, NUPek protokolo bat aurkeztu zuen jazarpen psikologiko, sexu-jazarpen eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka, prebentziozko neurri eta esku hartzeko jarraibideekin. Betaurreko moreak agerikoak dira unibertsitatean.

Brigada feministaren debekuak hautsak harrotu zituen sare sozialetan, eta, oihartzun mediatikoaren ostean, atzera egin zuten antolatzaileek. "Pena izan da ezagun egin garelako sortu den polemikarengatik, eta ez eraso sexistak salatzeagatik". NUPeko talde feministako kide Cristina Osesen hitzak dira. Hark adierazi duenez, ikasleek urtero antolatzen duten karpan jarrera sexista eta matxistak egon ohi dira, eta horiei aurre egiteko antolatu zuten brigada feminista. "Protokolo sinple bat prestatu genuen, eta gure lana bakarrik laguntzea eta arazoa ikusgai egitea zen".

Jaialdian "normaltasuna" izan zen nagusi. Hala ere, bi emakumeri laguntza eman zieten "eraso arinengatik", eta hainbat jarrera matxista ikusi zituztela salatu dute. "Horrez gain, salatu behar dugu karpan zeuden hainbat ikaslek ez gintuztela batere ongi hartu, eta irainak jasan behar izan genituen". Oraindik ere unibertsitate arloan sentsibilizazio lan handia egin behar dela uste du talde feministako kideak. Babesa izan zuten arren, "umilazioa" ere jasan zuten brigada feministako hogei neskek.

"Badirudi batzuentzat ez dela existitzen eraso sexistarik. Guztiok harritzen gara bortxaketa bat egoten denean Iruñean, baina, era berean, bortxaketak egotera bultzatzen duten itsasgarriak onartzen dira karpan. Arazoaren errora joan behar dugu. Itsasgarriak ez dira txantxa". Izan ere, karparen kontseilu orokorrak debekatzen ditu eduki politikoa duten itsasgarriak, baina onartzen ditu eduki sexistakoak. Hoy follo, mañana juicio (Gaur larrua joko dut, bihar epaiketa) edota Bonitas piernas, ¿a qué hora abren? (Hanka ederrak, zein ordutan irekiko dute?) irakur zitekeen horietako batzuetan. Itsasgarriez gain, beste brigada batek karpan parte hartu zuela salatu du Osesek: "Eraztunaren brigada deitzen ziren, eta haiek laguntza eskaintzen zieten emakume itsusi bat hurbiltzekotan. Besoko urdinak zeramaten. Lotsagarria, eta oso larria iruditu zitzaigun".

Dena den, Osesek eskertu du hainbat ikaslek eman zieten babesa. "Neska asko ikusi genituen kamiseta moreekin edota sinbolo feministarekin". Udaberriko karpan berriro ere brigada feminista eginen dutela iragarri du, eta, ibilbide laburra duten arren, hamaika ideia eta ekintza aurrera eramanen dutela jakinarazi du Osesek. Orain, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira eginen dituzten ekintzak prestatzen ari dira. "Unibertsitatea erakunde matxista da oraindik ere, eta horren adibide da eskolako edukietan emakumeak ikusezinak direla erabat".

Eloisa Ramirez Nafarroako Unibertsitate Publikoko hedapenerako eta harreman instituzionaletarako errektoreordea ere mintzatu da karpan egoten diren jarrera sexisten inguruan. "Ikasleek antolatzen duten jaialdia da; hortaz, ezin dugu esku hartu, baina sentsibilizazio kanpainak egin ohi ditugu karparen eguna aitzakia hartuta", adierazi du. Drogen kontsumoari buruz, sexu erasoei buruz eta jarrera homofoboen inguruan sentsibilizazio kanpainak aurrera eramaten dituzte karparen aurretiko egunetan. "Unibertsitate osasungarriaren programaren baitan inkestak eta analisiak egiten ditugu jakiteko zer gertatzen den egun horretan. Egia esan, drogen kontsumoari buruz, bai eta jarrera sexisten inguruan ere, askotan jaso izan ditugun erantzunak harrigarriak eta kezkagarriak dira".

Sexu jazarpenaren aurka

NUPek onartu berri du sexu jazarpenaren aurkako protokoloa. Jazarpen psikologikoa eta sexua oinarri duen jazarpena ere izanen ditu kontuan prebentzio eta esku hartze neurriak biltzen dituen dokumentuak. Unibertsitate komunitateari, erakundeak kontratatutako enpresei eta praktikako ikasleak hartzen dituztenei ezarriko diete protokoloa. "Honen aurretik ez genuen ezer, eta, arazoren bat gertatzen zenean, logikarekin jokatzen genuen. Prozedura honekin, errazagoa da arazoa bideratzea, eta, bide batez, gaia ikusgai egiten dugu", adierazi du Ramirezek.

NUPek onetsi berri duen protokoloak jazarpen mota hauek "berdintasun eskubidearen, integritate fisiko eta psikikoaren eta pertsonen duintasunaren aurkako atentatutzat" jotzen ditu, eta aurreikusten du pairatzen duenari laguntza emango zaiola, egoera errepika dadin galaraziko dela eta zehatu egingo dela, "gertaeraren testuingurua eta baldintzak kontuan hartuta". Ramirezek adierazi du formakuntza ekintzak eginen dituztela. Horretaz gain, ikasleei aurkeztuko diete protokoloa, "existitzen dela jakin dezaten; haiekin gaia lantzea ere gustatuko litzaiguke".

Urratsez urrats, Perura heldu arte

Urratsez urrats, Perura heldu arte

Kattalin Barber
Boluntarioa izateko grina izan du Iraide Sagardiak betidanik, eta, uda honetan, bere ametsa errealitate bihurtu du Peruko Pamparomas eskualdean hilabeteko boluntariotza egin eta gero. Are gehiago, bere esperientziaren ostean, Pamparomas...

Hemezortzi

Lur Albizu Etxetxipia

Asko dira eta asko izanen dira. Askoz gehiago, beharbada. Orain, eta momentuz, hemezortzi dira. Hemezortzi besterik ez. Erraz esaten da. Hamaika gai biltzen dituzte gaur-gaurkoz. Baina hemezortzi dira. Izen desberdinak dituzte haien artean, baina osagarriak izan daitezke.

Batzuk ezagun egiten zaizkigu, beste batzuek harridura sortzen digute, eta, izenburuak irakurrita soilik, ez gara gai imajinatzeko beste batzuek zer daramaten barruan.

Batzuek badituzte datak, hausnarketak eginak, informazioa jasoa, konpromisoak zehaztuak. Beste batzuk bidea egiten ari dira. Denak dira, daude irekiak. Gakoak ematen dituzte; galdera argiei, erantzun garbiak: zer, zergatik, non, nola, zenbat, nori, nork. Zehatzak dira.

Ezinegonei erantzuten ahal diete, behar bati erantzuteko sortu dira, bizi eredu berriak planteatzen dituzte, herriei ekarpena egiten diete, pertsonala publiko bilakatzen dute, komunitatea egiten dute, sistema propioak eraikitzen dituzte, elkartasuna sustatzen dute, gidak, eztabaidak eta tresnak eskaintzen dituzte, praktika onak bultzatzen dituzte, bertako ekoizleen aldeko apustua egiten dute, hausnarketa kolektibizatzen dute, indarrean dauden harreman-ereduak irauli nahi dituzte, erantzuna(k) dira, eraikuntza dira, kapitalismoaren eta heteropatriarkatuaren kontrako borrokak pizten dituzte.

Autodefentsa sarea. Nekazarien gida. Emantzipazio bulegoak. Etxegabeon etxea. Euskalduntze gida. Material biltegia eta foroa. Talde osasun gida. Udaleku feministak. Ikerketa laborategia. Eskola kolektiboen sarea. Ikerbiltza. Jai herrikoien konpromisoen gida. Kirol eta jarduera fisikoen inguruko eztabaida. Gazte prekarioen mugimenduak. Proiektu komunikatiboak eta jarrera komunikatzailea sustatzeko dekalogoa. Sortzaileen gida. Ikuskizunak antolatzeko praktika onen bilduma. Sortzaileen mugimendua.

Garena, duguna, sortzen duguna defenditzeko. Bizitzeko moduak eraikitzeko, teilatupea izateko. Euskararen borroka gazteon artean berpizteko. Hezkuntza sistema propioa aldarrikatu eta eraikitzeko. Bizitza lapurtu nahi digutenei aurre egiteko, pertsonala politiko bihurtzeko, gure baliabideak konpartitzeko. Botere-harremanak iraultzeko, elkar ezagutzeko. Gure ikerketek herriei mesede egiteko. Jai ereduari buelta emateko. Gerrak pizteko. Finean, borrokatzeko.

Hemezortzi erraz esaten da. Aise esaten dira hitz handi asko: emantzipazio, mugimendu, autodefentsa, kolektibo, borroka, burujabetza, askatasun, bizi eredu, eraikuntza, konpromiso, irauli, autogestio, komunitate, libre, antolakuntza, gazte, (kontra)botere. Ilusio, indar, bizipoz, lan, kontraesan, elkar, ero. Gazte.

Erraza dirudi, baina lan handia du atzean, ezin zenbatuzkoa. Erraz esaten da hiru egunez herri berean ehunka gazte egonen direla. Erraz esaten da abenduaren 9, 10 eta 11n Barañainen GaztEraiki izanen dela: Euskal Herriko Gazte Mugimenduen Autogestio Topaketak. Gazteengandik, gazteentzat eta gazte boterez sortuak.

Nor bere heriotzaren jabe

Nor bere heriotzaren jabe

Edurne Elizondo

Brittany Maynard gazte estatubatuarra 2014. urteko azaroaren 1ean hil zen. 30 urte bete baino egun gutxi lehenago zendu zen. Hark aukeratu zuen data. Tumorea zuen buruan, eta medikuek ezin zuten deus egin emakumea sendatzeko. Kalifornian jaioa zen, baina Oregongo estatura joan behar izan zuen hiltzera. Han, 1997. urtetik legezkoa da eutanasia. Hil baino lehen, bideo bat grabatu zuen Maynardek, eta argi utzi zuen, irudi horietan, zer sentitzen zuen: "Ez daukat hitzik azaltzeko zer-nolako lasaitua hartu dudan jakinda ez naizela hilko buruko tumoreagatik hilko nintzela erran zidaten moduan". Minik gabe eta lasaitasunez hiltzen lagundu zioten. Hark erabaki bezala. Sei milioi bisita baino gehiago jaso zituen Maynardek egindako bideoak.

Nafarroan ez da emakume estatubatuarrak egin zuena egiteko aukerarik. "Espainiako Zigor Kodea indarrean da hemen, eta testu horrek debekatzen ditu eutanasia eta suizidio lagundua", azaldu du Manu Eziolazak. Medikua da Burlatan, eta Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko presidentea. Duela hamar urte inguru sortu zuten taldea, Nafarroan; 177 bazkide ditu, gaur egun. Heriotza duinaz aritu da Eziolaza, asteon, Iruñean. "Gure helburua da informazioa herritarren esku jartzea. Gaixoek jakin behar dute zer-nolako eskubideak dituzten, baliatu ahal izateko".

Egun indarrean diren hainbat legek jasotzen dituzte eskubide horiek, eta heriotzaren ordua gertu dagoenean gaixoek egin ditzaketen hautuak nabarmentzen dituzte: Espainiako Osasunaren Lege Orokorra, eta gaixoen autonomiari eta eskubide eta betebeharrei buruzkoa daude, batetik; eta bertzetik, Nafarroako osasunaren arloko eskubide eta betebeharren legea, eta heriotzaren prozesuan pertsonaren duintasunaren berme eta eskubideak zehazten dituena.

Herrialdean, gainera, bizi testamentua egiteko aukera bada, 2003. urtetik. Orain arte, ia 4.000 herritarrek egin dute urrats hori; hau da, idatzita jaso eta erregistratu dituzte heriotzaren ordurako beren desio eta borondateak, haiek horien berri emateko aukerarik izanen ez balute, kontuan har ditzaten.

Bizi testamentu horietatik gehienak emakumeek egindakoak dira. 2.547, zehazki. "Logikoa da", erran du erregistroko mediku Mariano Lakarrak. "Emakumeak aritzen dira, batez ere, zaharrak eta gaixo direnak zaintzen. Bizitzaren azken txanpan gertatzen direnak ongi ezagutzen dituzte, ondorioz. Honat etortzen direnek gehien errepikatzen duten esaldia da ez dutela ikusitakoa bizi nahi; bertzelako amaiera bat nahi dutela haientzat".

Bizi testamentua egiterakoan, sinatzaileak "nahi duena" jar dezake. Nahi duena eskatu. "Noski, legeak ezarritako mugen arabera beteko da jasotako hori edo ez", argitu du Lakarrak.

Oro har, bizitza modu artifizialean ez luzatzea eskatzen dute bizi testamentua egiten duten herritarrek, medikuak azaldu duenez. Ahalegin terapeutikoa mugatzea, alegia.

Eziolazak 1994. urtean egin zuen bat Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearekin. Soco Lizarraga, berriz, 2010. urtetik da taldeko kide. Familia medikua da Lizarraga ere, eta sendagile gisa, hain zuzen ere, "ongi hiltzeko eskubidea" aldarrikatu du.

Legeak ezartzen dituen mugen barruan ere urrats anitz egiteko aukera badela azaldu du Lizarragak. Gaixoek duten eskubideetako bat nabarmendu du: "Tratamendu bati uko egitekoa, hain zuzen ere".

Aukera hori baliatu zuen Inmaculada Etxeberria nafarrak, 2007. urtean. "Kasu hori giltzarrietako bat izan da eutanasiaren aldeko borrokan", nabarmendu du Manu Eziolazak. 2007. urte hartako martxoaren 14an zendu zen Etxeberria, epaileen agindu bat tarteko, bizitzeko behar zuen arnasgailua, azkenik, itzali eta gero. 51 urte zituen. 11 urte zituenetik sufritu zuen muskulu distrofia progresiboa. Azken bederatzi urteak eman zituen ohatze batean etzanda, arnasgailura lotuta, Granadako (Andaluzia, Espainia) ospitale katoliko batean. 2006ko urriaren 18an, jendaurrean azaldu zuen Etxeberriak hil egin nahi zuela, eta zergatik egin zuen hautu horren alde: "Nire bizitzaren zentzu bakarra da mina; egunak sufritzeko baino ez du argitzen niretzat; norbaitek entzun dezala errateko dudana, eta amaiera eman diezaiola, behingoz, nire agoniari".

Epaileak tratamenduari uko egiteko zuen eskubidea aintzat hartu zuen. Ospitale publiko batera eraman zuten, hala ere, hiltzera, Vatikanotik presioa egin baitzuten heriotza ospitale katoliko batean ez gertatzeko.

Nork bere heriotzari buruz erabakitzeko eskubidearen aurkako halako presioak ez ditu ulertzen Camino Oslek. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izan zen, urte luzez, erretiroa hartu arte. Duela sei urte inguru egin zuen bat Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearekin. Argi eta garbi erran du: "Maite ditugunen osasun egoerak ezin badu onera egin, eta prozesu horretan laguntzeko moduak baldin baditugu, nola ez ditugu baliatuko bada?". Hainbat sektoretatik, halere, heriotzaren prozesuan laguntzeko urrats horiek egiten dituztenak "erruduntzat jotzeko" joera badela salatu du. "Abortuarekin bezala pasatzen da; kontrol sozialerako presioa egiten digute, gaizki ariko bagina bezala. Ongi hiltzeko eskubidea dugu denok, ordea".

Eskubide hori betetzeko, herritarrek dituzten aukerak ezagutzea funtsezkoa da. Eta horretarako egiten dute lan Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kideek. NUPen, adibidez, urtero egiten dituzte auziari buruzko jardunaldiak, gogoeta mahai gainean jartzeko asmoz. "Martxo-apirilerako prestatuko ditugu hurrengoak", aipatu du Oslek. Hitzaldiak eta zine emanaldiak ere antolatzen dituzte. Gainera, hilabetean behin egiten dute bilera. "Hilaren lehen asteazkenean egiten ohi dugu, 19:00etan, Iturramako udal kultur zentroan".

"Ezagutzeko beharra"

Herritarrek beren eskubideak ezagutzea ez da nahikoa, duintasunez hiltzeko prozesu bat bermatzeko. Horixe nabarmendu dute elkarteko kideek. Osasunaren arloko profesionalen artean ere zer hobetu badela uste dute. Funtsean, formakuntza falta dela agerian utzi dute. Adibidetzat jarri dute bizi testamentuarekin gertatzen dena: "Anitzetan herritarrek bizi testamentuan jasotakoa ez da betetzen, medikuek begiratu ere ez dutelako egiten", azaldu du Lizarragak.

Elkarteko kide denez, osasun etxeko erabiltzaileen kexak jasotzea egokitzen zaio, anitzetan. "Duela gutxi, familia bateko kideek azaldu zidaten etxeko baten heriotza ez zela batere ona izan, bizi testamentua egina bazuen ere, ez zutelako bete. Azkenean, sufrimendua luzatu bertzerik egin ez zuten erabakiak hartu zituzten haren kasuan".

Mariano Lakarrak zehaztu du, hain zuzen ere, sendagileek gaixo batek bizi testamentua duen edo ez "jakin behar" dutela. "Komeni da, hala ere, senideek horren berri ematea. Bizi testamentua egin duela badakite, erran diezaiotela medikuari", gomendatu du. Bizi testamentua derrigorrez bete behar dela berretsi du Lakarrak, dena den. Gaixoak, gainera, bere ordezkari bat edo gehiago izendatzeko eskubidea du. Baina, beti ere, gaixo hori nahi duena azaltzeko gai ez bada, bizi testamentuan jasotakoak izanen du lehentasuna. Hori da bete behar dena. Egin eta gero aldatzeko aukera bada, nahi den aldi guztietan. Lakarrak nabarmendu du "inportanteena" agiria erregistroan egotea dela. "Duela gutxi, bizi testamentua notarioaren aurrean egin zuen emakume baten kasuaren berri jaso genuen. Testamentua egin eta etxean gorde zuen; horrela ez du deustarako balio. Erregistrora ekarri behar da".

Lehen mailako arretan medikuek erraz ikus dezakete beren gaixoek bizi testamentua egina ote duten. "Gure ordenagailuan ikur bat sakatu bertzerik ez dugu egin behar. Ospitaleetan, ordea, informazioa ez dago hain eskura, eta, medikuek, anitzetan, ez dute bilatzen", erran du Lizarragak. Egoera hori aldatzea "funtsezkotzat" jo du medikuak, ondorioz.

Gaixoen eta sendagileen arteko harremanetan gertatzen diren bertzelako arazoak jarri ditu Lizarragak mahai gainean. Izan ere, informazioa bere esku izanda ere, gaixoak dituen hainbat eskubide betetzeari uko egiten diote zenbait medikuk. Adibide bat aipatu du Manu Eziolazak: "Kasu baten berri jaso nuen; medikuak bere ideologiagatik uko egin zion gaixo bati morfina emateari; medikuak erran zion bere lana ez zela gaixoa hiltzea".

Halako jarrerak gogor salatu dituzte sendagileek. "Izugarria da mediku batek hori erratea; argi utzi behar dugu sedazioa eskatzen ahal duela gaixoak; legezkoa da, eta bere helburua da heriotza on bat izatea. Ez da ezkutuko eutanasia, zenbaitek erraten duten bezala", azaldu du Lizarragak. Gaineratu du Espainiako Medikuen Elkargoak eta Zaintza Aringarrien Elkarteak argitu dutela sedazioa ukatzea mediku huts larria izan daitekeela.

Behatokia

Zaintza aringarrien auziak duen garrantzia mahai gainean jarri du Soco Lizarragak, lotura estua dutelako halako zaintzek hiltzeko moduarekin, noski. "Estatuko datuek agerian uzten dute badela gaizki hiltzen ari den jende anitz, zaintza aringarririk jasotzeko aukerarik ez dutelako. Nafarroan ere gertatzen da hori".

Espainiako Zaintza Aringarrien Elkarteak eta Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkarteak emandako datuen arabera, hilurren diren 215.000 gaixoetatik ia 300 hiltzen dira zaintza aringarririk jaso gabe; azken egunak bizi dituztela jakiteak eragiten duen sufrimendua arintzeko psikologo eta gizarte langileren arreta jaso gabe hiltzen dira gaixo horiek, bertzeak bertze.

"Sufrimendu guztia ez baita min fisiko batek eragindakoa", nabarmendu du Manu Eziolazak. Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kideek argi dute beharrezkoa dela Nafarroan ere herritarrak "nola" hiltzen ari diren jakitea. Eta horretarako, heriotza duinaren behatokia sortzeko eskatu dute. "Nafarroako Gobernua babesten duten taldeekin bilerak eskatuko ditugu, helburu hori lortzeko urratsak egin ahal izateko", azaldu dute elkarteko kideek.

"Helburua da Nafarroan dugun heriotzaren kalitatea aztertzea, eta hartu beharreko neurriak hartzea", zehaztu du Camino Oslek. "Hemen dugun egoeraren argazki bat lortu nahi dugu; dauden arazoak ikusgarri bilakatu, hobera egin ahal izateko. Kontua ez da egiten dena kontrolatzea edo ikuskatzea; xedea da ikusgarri bilakatzea, eta ahal dena, hobetzea, denon onerako", gaineratu du Lizarragak.

Izan ere, heriotza gertatzeko moduak ez du bakarrik eragina gaixoarengan. "Harentzat, agonia ez luzatzea da inportanteena", erran du Eziolazak. "Denok nahi dugu ongi hil; minik gabe, lasai egonda, maite ditugun horiek lagunduta". Gaixoaren senide eta lagunentzat, hain zuzen, doluari hobeki aurre egiteko hagitz lagungarria da maite duten hori hiltzeko modua. "Heriotza ona bada, dolua ere hobea izanen da", berretsi du Eziolazak.

Heriotza on baten alde dauden aukerak baliatzeko eskatu dute elkarteko kideek. Egun indarrean dauden legeek eskaintzen duten tartea aprobetxatzeko. "Argi dago eutanasia eta suizidio lagundua baimenduko dituen legea dela falta duguna; baina dauzkagun bertze legeek ere ematen dute gauza anitz egiteko aukera", nabarmendu du Camino Oslek. Gakoa da, Lizarragak gaineratu bezala, "dauden legeak betetzea".

Bizi testamentua egiteko aukera ematen dute lege horiek. Eziolazak, Lizarragak eta Oslek egin dute. Eta elkartea martxan denetik urrats hori egin duten herritarren kopuruak gora egin duela argi dute. "Iaz, 600 bizi testamentu egin zituzten Nafarroan; aurten, berriz, ekainera arte, jada, 450 egin dituzte", azaldu du Lizarragak.

Urratsak egiten jarraitu nahi dute. "110 urte bizi nahi duenak, makina batera lotuta, egin dezala. Baina agonia luze bat bizi nahi ez dugunok nola hil nahi dugun erabakitzeko eskubidea nahi dugu".

Txolarre, uso eta sorbeltzak

Txolarre, uso eta sorbeltzak

Edurne Elizondo

Hiriko bertze biztanleak dira. Zerua zeharkatzen dute, eta, auto eta eraikinen artean, zuhaitz eta arrakaletan bilatzen dute aterpe. Iruñeko hegaztiak. Hiriko txoriak. Bosgarrenez, hiriburuan ugaltzen diren espezieen inguruko azterketa egin du udalak, eta mahai gainean jarri ditu lortutako datuak: aurten, 51 espezietako 1.806 hegazti zenbatu dituzte. Etxe txolarreak, etxe usoak eta sorbeltz arruntak dira ugarienak.

Ornitolan etxeko Gabi Berasategi da txostena egin duten biologoetako bat. Luis eta Carlos Almingolekin batera aritu da lanean. "Maiatzean jaso genituen datuak; igandeak baliatu genituen, hiria lasaiago zenean", azaldu du. 2009an eskatu zuen udalak hiriko hegaztien inguruko lehendabiziko lana, eta hartan ere parte hartu zuen Berasategik. Bi urtean behin egin izan dute, iaz arte. 2015ean egin eta gero, aurten berriz ere txostena osatzeko agindua jaso dute ornitologoek. 2009tik jasotako informazioari so egin dio Berasategik, eta Iruñeko hegaztiek, urteotan, orduko egoerari eutsi diotela nabarmendu du. Bioaniztasunak pixka bat gora egin duela erakusten dute aurtengo datuek, edonola ere.

Gaztelugibelan eta Etxabakoitz inguruan dago hegazti gehien. "Ez da arraroa", azaldu du Berasategik: "Ziudadelan zuhaitzak badira; hegaztiek badute habia egiteko tokia; Etxabakoitzen, berriz, larreak eta ibaia dituzte; lasaitasuna dute, bai eta zer jan ere". Horrek markatzen du hegaztiak non diren, hain zuzen ere. "Habia egiteko tokia eta zer jan behar dute".

Zuhaitzak egotea, hala ere, ez da toki bat hegaztientzat egoki dela errateko nahikoa. Bertzelako elementuak izan behar dira kontuan. Zuhaitz horiek, edo zuhaitzak dituzten parkeak kudeatzeko moduak ere badu zerikusi handia, adibidez. "Hegazti askok haziak eta intsektu txikiak jaten dituzte. Parke batean zuhaitzetatik erortzen diren hostoak berehala biltzen badituzte, adibidez, zer jan gabe gelditzen dira txoriak", azaldu du biologoak.

Hiri ereduak ere badu lotura toki batean edo bertzean bizi diren hegazti espezieekin. "Gero eta enara eta hontz gutxiago ikusten dugu hirian, ez baitute leku egokirik. Herrietara joaten dira. Hiriak egiten baditugu ispiluz betetako eraikinekin, teilak erabiltzen ez dituzten etxebizitzekin, zulorik ez duten paretekin, hegaztiek ez dute non egon, non gelditu". Londresen, adibidez, etxe txolarreen kopuruak nabarmen behera egin duela azaldu du biologoak. "Populazioaren erdia galdu dute azken urteotan". Bertzeak bertze, hiri ereduaren eraginez.

Iruñean, etxe txolarreak, etxe usoak eta sorbeltz arruntak dira ugarienak, hiriko baldintzetara egokitzen asmatu dutelako, hain zuzen ere. Parkeak bizitoki dituzten espezieentzat aproposak dira Iruñeak dituen berdeguneak. Anitz daude. Sasiek, ordea, behera egin dute hirian. "Ez ditugu gustuko, eta kentzen ditugu". Horrek badu eragina halako habitatak maite dituzten hegaztientzat, noski. "Behera egin du halakoen kopuruak Iruñean", erran du Berasategik.

Azken urteotako datuei so, txorru arruntek gora egin dutela ohartu dira azterketa egin duten ornitologoak. Kardelinen kopuruak, berriz, pixka bat behera egin du. Aurten, bertzalde, txostena osatu duten urteotan guztietan ikusi ez zuten espezie bat aurkitu dute ornitologoek Iruñean hegaztiei so egindako bideetan: baso txinboa, hain zuzen ere.

Interesak, gora

Hegaztiei so gozatzen duten horietako bat da Gabi Berasategi. Ez da bakarra. Iruñean ornitologiak gero eta zale gehiago dituela nabarmendu du biologoak. Joan den astean, adibidez, aurtengo datuen berri emateko hitzaldia eman zuen biologoak Ingurumen Heziketarako Museoan, eta herritar anitzek parte hartu zutela nabarmendu du. "Interesa badago, gero eta gehiago; eta hori pozteko moduko berri bat da", erran du Berasategik.

Interes horrekin lotu du, hain zuzen ere, hegaztien etorkizuna, neurri handi batean. Hiri ereduak zehaztuko duelako Iruñean zenbat hegazti eta zer espezietakoak bizi diren, biologoak berretsi duenez. Gizakien erabakiek eragin zuzena baitute hiriko bertze biztanleengan.

Hiriak duen bioaniztasunaren erakusle ere badirela nabarmendu du Berasategik. "Gero eta txori eta espezie gehiago izan, orduan eta ingurumen kalitate handiagoa".

Txolarre, uso eta sorbeltzen hiria da Iruñea. Bai eta txantxangorri, buztangorri, kaskabeltz, mika eta amilotx urdinena ere, bertzeak bertze. Auto eta eraikinen artean, hiriko zerua zeharkatzen dute hegaztiok. Kantuz betetzen dute Iruñea.

Aldaketa garai baterako erak

Aldaketa garai baterako erak

Edurne Elizondo
Molde zaharrak atzean uzteko garaia da oraingoa; orain arteko hainbat egitura zurrun hausteraino tenkatzekoa. Mezu hori bere egin du LAB sindikatuak Nafar Lansareko kontseiluan, eta mahai gainean jarri ditu erakunde horretan egindako le...

Iritzia: Zaharren egoitza publikoak

Tania Arriaga Azkarate

Aldaketaren gobernuak Eskubide Sozialetako Lehendakariordetzari eman dio, beste hamaika arduraren artean, gure nagusien ongizatearen kudeaketa. Ondorioz, departamentu horrek zenbait erabaki hartu ditu zeinek, zuzenean, El Vergel (Iruñea) eta Santo Domingo (Lizarra) egoitzei eragiten dieten; Nafarroan ditugun zaharren egoitza publiko guztiei, alegia, bi besterik ez baitugu. Hirugarrenak harrera egiten die ezintasun intelektuala dutenei.

UPNren gobernuak, azken hogeita hamar urteotan, egoitza pribatuen sare trinkoa zabaldu du gure herrialdean, eta denbora luzea beharko da kudeaketa eredu hori aldatzeko. Hala ere, geriatrikoen gainean Lehendakariordetzak hartutako erabakiak norabide zuzenean ote doazen jakin nahi dute bi egoitza publiko horietako langile, egoiliar eta azken horien senitartekoek. Izan ere, Departamentuaren politika berria zaharren egoitza publikoetako egoiliarraren profila aldatzen ari baita. Adina, gaitasuna eta ezintasuna izan dira orain arte nagusiak hartzeko erabili diren parametroak. Horren arabera, adinduak eraikinean kokatu, terapia espezifikoak diseinatu eta lantaldetan banatu izan dituzte. Ildo beretik ere, langileak hezi eta trebatu eta instalazioak prestatu eta egokitu dira. Hala ere, azken hilabeteetan, El Vergel eta Santo Domingora aldaketak iritsi dira: patologia ezberdinak —gehienak buruko osasunarekin lotuta— pairatzen dituzten lagunak bidali dira bi egoitza horietara; langile zein azpiegituraren egokitzapenik gabe, ordea.

Gauzak honela, laguntza psikologiko berezia behar duten lagunak gero eta gehiago izan arren, egun, egoitza hauetako psikologoen kopurua ez da aldatu. Zaintzaileek eta garbitzaileek egoera eta eskakizun berriei moldatzeko ez dute inongo ikastaro edo gomendiorik jaso. Langileen kopurua ez da handitu, errefortzurik ez zaie batu, lan-baldintzak ere ez dira berrikusi. Are gehiago, laguntza eta zaintza berezia behar duten eri berriak lehengo protokoloei jarraikiz onartu eta kokatzen dituzte; gai eta ezinduen multzoetan sailkatzen segitzen dute, osasun arazo konplexua pairatzen badute ere.

Ondorioz, aurreikusi ez diren premien konponbidea langileen borondatearen esku uzten ari dira, eta tamalez, honezkero, egoera arriskutsuak suertatu dira. Zaintzaileek haien lana maite dute, egoiliarrak mimatzen dituzte eta egunez egunekoa bikaina izan dadin ahal duten guztia egiten dute. Baina nork zaintzen ditu zaintzaileak?

Nafarroako bi zaharren egoitza publikoetan buru-patologiak nozitzen dituzten egoiliarrak gero eta gehiago izanik, zaharrendako plazak murrizten ari dira. Argitu gabe dago, etorkizun hurbilean, nafarron aukera bakarra geriatriko pribatua izanen den ala ez. Baliteke arestian azaldutako aldaketak plan errotu baten kimuak izatea eta informazioa bidean egotea, oxala! Dena dela, behar berriei aurre egin ahal izateko ongi, bi egoitza hauetako langileen formakuntza eta lan-baldintzak egokitzea behar-beharrezkoa da.

Akaso, heziketa espezifikoa duten langile berriak kontratatzea ere lagungarria izan daiteke. Zentzu berean, protokoloak eta azpiegiturak benetako egoerei erantzuna emateko diseinatzen dira, deus gutxirako balio dute errealitatetik kanpoko jarraibideek. Hortaz, lan egiteko gidalerroak eguneratzeko garaia iritsi dela ematen du.

Errepide zati bat nahi du bizikletak

Errepide zati bat nahi du bizikletak

Edurne Elizondo

Atzerapauso bat da hau. Iruñea oraindik ere 1990eko hamarkadako hiri bat da. Autoz betetako hiria, alegia". Aitor Txarterinak erran ditu hitzok. Iruñeko bertze hamaika txirrindularirekin batera egin du bat 8-80 Iruñea izeneko plataforman. Sortu berri dute, Iruñeko Udalaren jarrera salatzeko, eta hartutako azken erabakietan atzera egin dezala eskatzeko. Azken hilabeteak mugikortasun plan berria jorratzen eman ditu hiriburuko udal gobernuak; irailaren amaieran osatu eta aurkeztu zituen Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailak adostutako proposamenak, datorren urtean proiektuak gauzatzen hasteko asmoz. Plana behin-behinean gelditzea erabaki zuen udalak, ordea, hilaren hasieran, UPNk aurkeztutako mozio baten bidez. Txirrindularien haserrea eragin du egoera horrek, eta karrikan egin dute protesta, asteon. Errepidean dagokien zatia nahi dute, segurtasunez mugitu ahal izateko. 8 eta 80 urte bitarteko txirrindularientzat segurua den hiria nahi dute.

"Txirrindulariok plataforma bat osatzea erabaki dugu sentitzen dugulako baztertu gaituztela; hutsaren hurrengotzat hartu, eta engainatu gaituztela", nabarmendu du Jesus Sukunzak. Udalak engainatu dituela uste dute txirrindulariek, zehazki. "Legegintzaldiaren hasieran, udala babesten duten taldeek sinatutako akordioan jaso zuten helduko ziotela arazoari; urte eta erdi joan da, eta ez dute deus egin. Egoerak okerrera baino ez du egin".

Nafarroako hiriburuan 19.000 txirrindulari daude, 8-80 Iruñea plataformak emandako datuen arabera. Hiriko bidegorri sarea eskasa da, eta, anitzetan, oinezkoekin partekatu behar dute txirrindulariek espaloia. Horrek arazoak sortu ditu. "Eta okerrera egin dute, gero eta txirrindulari gehiago dagoelako", azaldu du Txarterinak.

Errepidean seguru sentitzeko zailtasunak dituzte bizikletaz mugitzen diren herritarrek, gainera, trafiko handiko hiria baita Iruñea. Udalak berak esku artean dituen datuen arabera, egunean 16.000 auto pasatzen dira, adibidez, Gipuzkoako etorbidetik, eta 14.000, berriz, Baluarte aurretik. Trafiko horrek baditu bertzelako ondorioak: kutsadura akustikoaren iturri nagusia da autoek eragindako zarata, hain zuzen ere. Hiria inguratzen duten bideetan jotzen du goia trafikoak eragindako kutsadura akustikoak. Autoen keak eragindako kutsadura ere ezin da bazter utzi. Arlo horretan, nabarmenak dira bizikletak ekartzen dituen abantailak, ez baitu CO2 isurtzen. Betetako autobus publiko batek, berriz, 23 auto ordezkatzen ditu, eta %66 murrizten ditu, ondorioz, CO2 isuriak.

2017rako lehentasunak

"Oinezkoek izan behar dute mugikortasunaren errege-erreginak". Horixe nabarmendu zuen Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko zinegotzi Armando Cuencak, joan den maiatzean, mugikortasun planari buruz herritarrekin egindako jardunaldietan. Oinezkoekin batera, planak garraio publikoa eta txirrindulariak ere protagonista bilakatu nahi zituela erantsi zuen Cuencak. 8-80 Iruñea plataformak zehaztu du, hain zuzen, oinezkoak, txirrindulariak eta garraio publikoa direla %60 mugikortasunaren arloan, eta, horregatik, bazter batetik atera, eta erdigunean jartzeko urratsa eskatu dute.

Udalak bere planaren bidez mahai gainean jarritako asmoak hainbat proposamenetan zehaztu zituen, irailaren amaieran, Cuencak zuzentzen duen sailak. Lau milioi euroko aurrekontuarekin, planaren asmoa da, legegintzaldia amaitu bitarte, beste 30 kilometro egitea, bizikleta bide eta autobus bide gisa erabiltzekoak. Bi lehentasun zehaztu ditu udalak, gainera, 2017rako: Burlata-Barañain ardatza, batetik, eta Pio XII.aren etorbidekoa, bertzetik.

"Plana, egon, badago. Aurrera eginen duela uste dut", erran du Armando Cuencak, udalak gaiari buruzko azken mozioa onartu eta gero. UPNk aurkeztutako testuak eskatu zuen plan hori bertan behera gelditzea, 2019. urtera arte. Geroa Bairekin aldaketa adostu zuten, azkenean, UPNko kideek, eta onartutako mozioak dio "ezagutu arte" geldituko dela bertan behera plana. UPNrekin eta Geroa Bairekin batera, PSNk eman zion aldeko botoa mozio horri; Aranzadik eta Ezkerrak mozioaren kontra egin zuten; eta EH Bilduko zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren. "Uste dut udal gobernuan zenbaitek nahiko argi ikusten ditugula gauzak, eta bertze hainbatek, berriz, ez dituzte hain argi ikusten", erran du Cuencak, EH Bilduko zinegotzien abstentzioari buruz. Koalizio horretako zinegotzi Joxe Abaurreak "akordioen beharra" nabarmendu zuen, mozioa onartzeko osoko bileran.

Informazio gehiago jaso nahi zutela azaldu zuten taldeek, azkenean, mozio horren bidez. Udal gobernuko kideek, behintzat, informazio hori beren esku zutela argi utzi du Cuencak. "Baina gehiago behar badute, emateko prest naiz". Asteazkenean, hain zuzen ere, GEA21 etxeko kideak izan ziren Iruñeko herriko etxean, Cuencak zuzentzen duen sailaren batzordean, planaren ardatz nagusiei buruzko azalpenak ematen, etxe horrek egin baititu plana osatzeko azterketak.

"Asmoak gauzatzen hasteko garaia iritsi da, eta horrek halako beldurra sortu du", erran du Cuencak, plana behin-behinean gelditzeko urratsa egin izanari buruz. Zinegotziak argi du mugikortasunaren esparruko edozein neurrik eraginen duela batzuen edo bertzeen haserrea edo ezinegona, eta hori "onartu" egin behar dutela udal arduradunek.

Oraingoz, txirrindularien haserrea eragin du mugikortasun planaren inguruan gertatu denak. "Herritarron interesen gainetik jarri dituzte alderdiek beren interesak", salatu du Jesus Sukunzak. Astearteko protesta ez da eginen duten bakarra. Pio XII.aren etorbidean bidegorria eskatzeko matrikulak jarriko dituzte Iruñeko txirrindulariek beren bizikletetan ere, adibidez.

Iruñeko Udaleko talde guztiei eskaera zehatzak egin dizkiete 8-80 Iruñea plataformako kideek; bakar batean laburbiltzen dira guztiak: "Mugikortasun planaren alde egin dezatela, zalantzarik gabe", erran du Aitor Txarterinak. Plan hori Iruñearentzat "estrategikoa" dela nabarmendu du: "Argi dago batzuek eta bertzeek hau eta bertzea erantsiko lioketela planari, baina, oro har, plan on bat dela uste dut nik". Udalak ez duela ausardia erakutsi erantsi du Txarterinak, eta hori behar dela, hain zuzen ere, mugikortasunaren auzian "behingoz" urratsak egiten hasi ahal izateko.

8-80 Iruñea plataformak "beharrezkotzat" jo ditu autobusentzako eta bizikletentzako bideak. Halako neurriek "trafiko osoari mesede" egiten diotela nabarmendu du Sukunzak. "Autoei ere egiten diete mesede bizikleten eta garraio publikoaren aldeko neurriek". Espaloiek oinezkoentzat izan behar dutela argi utzi du Sukunzak, batetik; bizikletentzako bideekin txirrindulariek segurtasuna irabaziko dutela erantsi du, bertzetik. Autobusek haiek bakarrik erabiltzeko bideak badituzte autoek "trafiko lasaiagoa" izanen dutela gaineratu du plataformako kideak, azkenik. Mugikortasun planak asmo horiekin bat egiten du, hain zuzen ere.

"Txirrindulariok ere bagara zirkulazioaren parte; zergak ordaintzen ditugu, gainera. Bada gu kontuan hartzeko garaia", erran du Sukunzak. Plataformako kideek argi dute txirrindulariek errateko dutena kontuan hartzeko momentua orain dela. "Ezin dugu bertze hamarkada bat galdu". Txirrindulariek gogoratu dute aurten hiru pertsona hil direla Iruñean, autoek harrapatuta. "Trafikoa moteldu beharra dago, ezinbestean".

Aurrekontuak

Mugikortasun plana izan da Iruñeko Udaleko Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko proiektu nagusietako bat, legegintzaldia hasi zenetik. Gauzatzen hasteko prozesua behin-behinean gelditu izana ez du bere kontrako erabakitzat hartu, hala ere, Cuencak. Ez du uste EH Bilduren abstentzioak, auziari buruzko mozioaren bozketan, bere indarra zalantzan jartzeko asmoa izan duenik. "Ez dut uste hemen gakoa hori denik; hemen kontua da nork bere jarrera argitu beharko duela mugikortasunaren auzian".

Eta jarrerak argitzeko eta zehazteko modurik onena aurrekontuek emanen dutela nabarmendu du Cuencak. "Datorren urterako aurrekontuek itxiko dute orain mugikortasunari buruz zabaldu duten eztabaida".

Bertze elementu bat jarri du mahai gainean Iruñeko Udaleko zinegotziak, hala ere: Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Eskualdeko Hiri Garraioak ukitzen dituen hemezortzi udalek sinatutako akordioa, Iruñerriko mugikortasun jasangarrirako plana osatzeko.

Plan hori osatzeko azterketa eginen dute datozen urteotan, hain zuzen ere, proiektua 2019. urtean gauzatzen hasteko asmoz. Data horrek badu lotura estua UPNko zinegotziek hasieran aurkeztutako mozioarekin, alderdi horretako kideen asmoa baitzen Iruñeko plana Iruñerriko azterketa amaitu arte gelditzea.

Cuencak ohartarazi du, hain zuzen ere, Iruñerriko plana "aitzakia gisa" baliatzeko arriskuaz: "Ezin dugu hori onartu". Argi utzi du Iruñerriko plana osatzeko azterketak ez duela zertan bertan behera utzi Iruñekoa. 8-80 Iruñea plataformako kideek ere nabarmendu dute Iruñean neurriak hartzeko garaia dela, eta egin daitezkeela urratsak hiriburuan, Iruñerriko azterketa prestatzen duten bitartean.

Protesta egiten jarraitzeko prest dira Iruñeko txirrindulariak. Argi dutelako mugikortasunaren arloan neurriak hartzeko ordua dela. Autoen hirian, segurtasunez mugitzeko eskubidea aldarrikatu dute, bizikleta gainean.

Lagundu eta errespetatu

Lagundu eta errespetatu

Edurne Elizondo

Gizarte langilea eta soziologian doktorea. Indarkeria matxista sufritu duten emakumeekin egin du lan Maria Antonia Aretiok (Logroño, Errioxa, Espainia, 1966), azken 27 urteotan. Emakume horiek artatzeko politikak jorratu ditu NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztutako tesian, hain zuzen ere, eta hainbat ondorio jarri ditu mahai gainean: lehenik, egungo sistemak salaketa jartzen duela prozesuaren erdigunean, eta hori ez dela emakumeek anitzetan behar dutena; bigarrenik, osasun zerbitzuek funtsezko lana egin dezaketela indarkeria antzemateko, eta horiek sendotzeko neurriak behar direla; eta, hirugarrenik, emakumeek pairatzen duten egoera atzean utzi ahal izateko, batez ere, laguntza, baliabideak eta errespetua behar eta eskatzen dituztela. Horietan jarri behar dela arreta, hain zuzen ere.

Aretiok onartu du tesia egiteko lanak "aldatu" egin duela. 50 emakumerekin hitz egin du ia 1.000 orriko testua osatzeko. Banakako elkarrizketak egin dizkie, eta taldeka ere landu dituzte solasaldiek azaleratutako gaiak. Tesiaren mamia ere haiekin adostutakoa dela nabarmendu du Aretiok. "Haiek egindako proposamenak jaso ditut; haiek direlako zer behar duten hobekien dakitenak", azaldu du. Emakumeok errateko zutena entzuteko prozesua "gogorra" izan dela aitortu du gizarte langileak. "Hunkitu" egin duela, erabat. "Haiekin hitz egiteak erakutsi dit nik ere dudan boterea erabili egiten dudala; ni ere banaizela min egiteko gai. Horretaz ohartzea izugarria izan da".

Horretaz ohartu, eta Errioxako Gobernuko Osasun zerbitzuetako arduradunekin lanean hasi zen Aretio, tesia bukatu bezain pronto. Osasun etxe batean egiten du lan gizarte langileak, eta emakumeek aipatutako lehentasunak jarri nahi ditu haiek artatzeko sistemaren erdigunean. "Horretan ari gara lanean".

Gizarte langileak argi du zein den helburua: "Indarkeria sufritzen duten emakumeak laguntzea. Prozesu bat da indarkeria horretaz jabetzea eta atzean uztea, eta egin beharreko urrats horiek bakarrik egin behar ez izatea da emakumeontzat garrantzitsuena".

Bidean ongi prestatutako profesionalak behar dituzte indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeek. "Emakumeon erritmoak eta prozesuak ulertu eta errespetatuko dituzten profesionalak", zehaztu du Aretiok. Gaur egun esparru gehienetan formakuntza eskasa dela argi utzi du. "Argi dago emakumeak ez duela jarraitzen erasotzailearekin nahi duelako; errealitate hori atzean uzteko baliabiderik eta aukerarik ez dute, anitzetan, menpekotasun ekonomiko eta emozional handia dutelako. Emakumea artatzen duen profesionalak argi izan behar du hori. Lagundu eta errespetatu behar du, baina epaitu gabe", nabarmendu du Aretiok.

Familia eredua

Seme-alabak dituztenean gehiago kostatzen ohi zaie emakumeei erasotzailearengandik urruntzea. "Emakumeek uste dute seme-alabentzat hobe dela familiari eustea; baina ez da egia, eta administrazioak familia tradizionalaren eredu horren aurkako kanpainak egin beharko lituzke. Argi utzi behar da, indarkeria dagoenean, seme-alabentzat onena dela harreman hori lehenbailehen haustea".

Indarkeria matxistaren ondorioak seme-alabek ere pairatzen dituzte. "Indarkeria horren lekuko badirelako, edo indarkeria horrek haien amarengan duen eraginaz ohartzen direlako. Ama gaixo eta gaizki ikusten dute". Haur eta gazte horientzat, ordea, sistemak ez du laguntza nahikorik eskaintzen, Aretiok bere tesian salatu duenez. "Adingabeok gutxitan jasotzen dute behar duten arreta profesionala".

Emakumeak sufritzen duten indarkeriaren ondorioz gaixotzen direla erran du Aretiok. Eta egoera horrek eramaten ditu osasun zerbitzuetara. "Errealitate horren lekuko gara. Emakumeak guregana etortzen dira, eta alde batetik bertzera eramaten ditugu; adimen osasuneko zerbitzura, traumatologoarengana, erizainarengana... Profesionalek emakumeon sintomak artatzen dituzte, behin eta berriz, baina ez dira ausartzen sintoma horien azpian dagoena agerian uztera", azaldu du gizarte langileak. Profesional horien formakuntzak huts egiten duela berretsi du, eta arlo horretan hartu behar direla neurriak, batez ere. "Emakumeek hori eskatzen dutelako".

Emakume guztien egoera ez da bera. Aretiok migratzaileena eta ezintasunen bat dutenena nabarmendu ditu. Bai eta herri txikietan bizi direnena, emakume zaharrena edo hagitz gazteena ere. "Ahulago egon daitezke indarkeriari aurre egiteko, eta, ondorioz, indarkeria horren ondorioak are larriagoak izan daitezke haientzat; indarkeria horrek harrapatuta denbora gehiago egoteko arriskua dute".

Aretiok, hala ere, biktima hitza baztertu egin du bere tesian, eta estereotipoak hautsi nahi izan ditu. "Emakumeok ez dira amore ematen duten pertsona pasiboak; hamaika estrategia garatzen dituzte sufritzen duten indarkeriari aurre egiteko. Emakume indartsuak dira. Emakumeok beren kabuz aurrera egiteko gai direla ohartzea da prozesu osoaren gakoa; eta momentu horretan urratsak egiten jarraitzeko laguntza badutela sentitu behar dute. Hori da kontua".

Profesionalek eskaintzen ahal duten laguntzaz harago, emakumeek elkarri ematen ahal dioten babesa eta berotasuna nabarmendu ditu Maria Antonia Aretiok. "Zure egoera bera pairatu duenak hobeki daki zer behar duzun". Indarkeria matxista atzean uztea lortu duten emakumeen taldeak hagitz garrantzitsuak direla nabarmendu du, eta administrazioari halakoak bultzatzeko eskatu dio. Gizarteak ere duen ardura bere egin behar duela argi utzi du Aretiok. "Emakumeak ez dira pairatzen duten indarkeriaren erantzule. Ezin ditugu haiek erruduntzat jo. Errudun erasotzaileak dira, bai eta emakumeek behar dituzten baliabideak eskaintzen ez dituen gizartea ere".