Izaskun Etxeberria Zufiaurre
Deserri guztiak dira berdinak, zioen Castillo Suarezek, palentziarren alaba den Altsasuko olerkari euskaldunak, Iluntasunaren kolorea izeneko poeman. Bera bezala, literaturan asko izan dira arrazoi desberdinengatik erbeste...
Nafarroa
Argia itzali eta pobrezia piztu du langabeziak
Lana galdu nuenean hasi zen gainbehera". Jose Luis Galindorenak dira hitzak. Bilbotarra da, baina aspalditik du Nafarroa bizitoki. Burlatan eman zituen urte anitz, abenduan etxegabetu zuten arte. Bitan moztu zioten argindarra, etxetik bota baino lehen. Ezin zituen fakturak ordaindu. Nafarroako Gobernuaren etxebizitza batean bizi da orain, Iruñean, alokairu sozialarekin. Gizarteratzeko Errenta jasotzen du, bai eta haren osagarria ere; denera, 600 euro inguru. Lanak ditu gastu guztiei aurre egiteko, hala ere. Dibortziatuta dago, eta bi alaba ditu. Berogailua luxu bilakatu da harentzat, eta bi aldiz pentsatzen du gela bateko edo bertzeko argia piztu aurretik. Pobrezia energetikoak betean jo du. "Etxean zortzi watteko bonbillak ditugu".
Galindorena bertze milaka herritarren eguneroko bera da; langabeziak amildegiaren ertzean jarri dituen bertze milaka herritarren errealitate bera. Ingurumen Zientzien Elkarteak txosten bat egin du, eta nabarmendu du Nafarroan 96.000 pertsonak pairatzen dutela pobrezia energetikoa: herrialdeko familien %19k soldataren %10 baino gehiago gastatzen dute energiari lotutako fakturetan; hau da, pobrezia energetikoa sufritzen dute.
Bertze anitz, gainera, estatistiketatik at gelditzen direla nabarmendu du Astearteak Eguzkitan plataformako kide Israel Gonzalezek; kopurua handiagoa dela, beraz: "Argindarraren edo gasaren faktura ordaintzeko arazoak izanen dituztela jakinda, halabeharrez kontsumoa erabat murriztea erabakitzen dutenak dira".
Horiek ere pobrezia energetikoak jo dituenen multzoan daude. Pobreziak harrapatu dituenen taldean. "Pobrezia baita arazoa", Nafarroako Gurutze Gorriko Conchi Igeak erran duenez. Energiarekin lotutakoa pobreziak dituen mila aurpegietako bat bertzerik ez da.
Nafarren %14,5 daude bazterketa arriskuan, Gurutze Gorriko datuen arabera; 30.000 pertsona daude pobrezia larrian. Ia 3.600 familia eta 4.000 ume artatzen ditu erakunde horrek Nafarroan. Igeak aurpegia jarri die pobreziak jo dituenen bi multzo nagusiei: "Adin bateko langabeena da bat; haurrak bakarrik zaintzen dituzten emakumeena, bertzea". Lanpostu prekarioek, gainera, "langile pobreen" multzoa ekarri dutela erantsi du.
Hitzarmena Iberdrolarekin
Bi astez argindarrik gabe egon da Galindo, Nafarroako Gobernuak Buztintxurin alokatutako etxebizitzan. Administrazioa da etxe horren jabe, baina argindarraren gisako zerbitzuak ez daude haren izenean. Ondorioz, alokatzen duenak ordaindu behar du zerbitzua jasotzen hasteko kuota.
Nafarroako Gobernuak eta Iberdrolak hitzarmena sinatu zuten duela astebete, eta hainbat neurri adostu zituzten, pobrezia energetikoari aurre egiteko. Ez zuten hitz egin gobernuaren etxebizitza zehatz bat alokatzen duten pertsona guztiek zerbitzua jasotzen hasteko kuota hori ordaindu beharraz. Urte batean hiru pertsonak alokatzen badute etxe hori, hirurek ordaindu beharko dute kuota.
"Hitzarmena urrats bat da, baina ez da konponbidea, inondik inora", erran du Gonzalezek. Ontzat jo du inor argindarrik gabe ez uzteko protokoloa sinatu izana, baina hori lortzeko gobernuak hartu dituen konpromisoekin ez da ados agertu. "Finean, Nafarroako Gobernuak ordainduko dio Iberdrolari bezeroek ordaintzen ez diotena; hau da, nafar guztiok ordainduko dugu. Iberdrolak uko egin beharko lioke bere irabazien zati bati; oinarrizko zerbitzu baten bermatzaile da enpresa hori, eta, ondorioz, zeregin sozial bat badu".
Ez du halakorik egin konpainiak; oraingoz ez, behintzat. "Benetako bonu sozialak" ere eskatu dizkio Gonzalezek Iberdrolari, horren inguruko konpromisorik ez baitu jaso joan den ostiralean sinatutako hitzarmenak. Ildo horretan, Iruñerriko Mankomunitateak dituenak jarri ditu adibide Iruñeko Aranzadiko zinegotzi Armando Cuencak. "Fakturaren %90 ere ordaintzen dute bonu horiek". Ez da berdin gertatzen Iberdrolak dituenekin, ordea, ez dutelako ordaindu beharreko kopuru osoa kontuan hartzen, bakarrik kontsumoari dagokiona baizik.
Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren saileko ordezkari da Cuenca. Pobrezia energetikoarekin kezka berezia du, eta Astearteak Eguzkitan plataformak mahai gainean jarritako eskaerak eta egoerak hartu ditu bere lanaren abiapuntu. "Gizarte mugimenduek erraten dutena entzuten dugu; haiek markatu behar dute bidea".
Premiazkotzat jo du inori argindarra ez mozteko neurriak hartzea, baina, Gonzalezek bezala, harago joateko beharra nabarmendu du. Argindarra moztea debekatzeko aukera jarri du mahai gainean, adibidez, eta informazio zehatza eskatu du, gainera, pobrezia energetikoari buruz. Argindarraren mozketen inguruko datuak, hain zuzen ere, Iberdrolak bertzerik ez ditu. "Ez dakigu zer gertatzen ari den". Pobrezia energetikoa pairatzen dutenen inguruko datu zehatzagoak behar direla uste du, gainera, laguntzak propio arazo horri aurre egiteko bideratu ahal izateko.
Presioaren bidea ez du bazter utzi nahi Cuencak. Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailak bi hitzarmen ditu Iberdrolarekin, eta horiek negoziatzeko ematen dioten tartea aprobetxatzeko prest agertu da zinegotzia. "Gauza bera egin beharko luke alkatetzak; bai eta Nafarroako Gobernuak ere. Tarte hori ez da hagitz handi izanen, segur aski, baina gure esku dagoena egin beharko genuke".
Erakunde publikoek bertzelako politikak ezartzeko indarra egin beharko luketela uste du Gonzalezek ere. Cuencak eman dio lehen erantzuna: Iruñeko Udala aztertzen ari da argindar merkaturatzaile publikoa sortzeko aukera. Irizpide etikoak ezarri nahi dituzte energiaren esparruan.
Argindarra bermatuko duen merkaturatzailea abian jarri nahi du Iruñeak
Lehen urratsa egin du Iruñeko Udalak, argindar merkaturatzaile publikoa sortzeko. Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailaren barruan dago Energia Berdearen Zerbitzua, eta, haren eskutik, martxan da argindarra merkaturatzeko balizko udal zerbitzu baten bideragarritasunari buruzko ikerketa. Otsailerako eginen dute txostena. Pobrezia energetikoari aurre egiteko tresna izan nahi du udal merkaturatzaileak, irizpide etikoak, gardentasuna eta parte hartzea bultzatuz.
Badira Nafarroan bertan antzeko adibideak. Urdazubin, adibidez, izen bereko argindar merkaturatzailea du udalak. Iruñeak bere zerbitzu propioa abian jartzea lortzen badu, "jauzi handia" litzateke, hiriaren tamainagatik. "%100ean energia berriztagarria merkaturatuko lukeen udal zerbitzua litzateke", azaldu du Energia Berdearen Zerbitzuko arduradun Joel Dozzik.
Aranzadik egin du proposamena, baina udal gobernua babesten duten bertze taldeek ongi hartu dutela azaldu dute taldeko kideek; Euskal Herritik kanpo ere, Zaragoza, Bartzelona eta Madrilen, bertzeak bertze, antzeko proiektuak aztertzen ari dira.
Ekoizle ere bai
"Ideia da udala argindar merkaturatzaile izatea, eta, ahal den neurrian, energia ekoizle ere bai", azaldu du Dozzik. Onartu du Iruñean herri txiki batean baino zailagoa izan daitekeela ildo horretan urratsak egitea, baina energiaren esparruan burujabe izateak "askatasun handiagoz" jarduteko aukera ematen duela erantsi du. "Bere energia baliabideak kontrolatzen dituen hiriak erabakitzeko eskumen handiagoa du", erran du Energia Berdearen Zerbitzuko arduradunak.
Gizarte zerbitzuekin eta gizarte mugimenduekin elkarlanean ariko litzateke merkaturatzailea, gainera, "pobrezia energetikoari modu eraginkor batean aurre egiteko". Udalak argindarra bermatuko lukeela nabarmendu du Dozzik. Ez hori bakarrik. "Udala izanen litzateke lehen bezeroa, baina nahi duten herritar eta enpresa guztiek izanen lukete zerbitzua jasotzeko aukera. Bai eta merkaturatzaileko parte hartzaile izatekoa ere".
Goiener eta SomEnergiaren gisako kooperatiben adibidea jarri du Dozzik. "Azken horrek 30.000 bezero ditu estatuan, eta 25.000 bazkide. Bazkide bakoitzak boto bat du". Jorratu nahi duten ildoa hori dela azaldu du Dozzik, "gardentasunaren eta etikaren izenean".
Europatik ere "interes handiz" egin diote so Iruñeko Udalak garatu nahi duen proiektuari, Dozzik azaldu duenez. "Energy Cities elkarteak gure egitasmoaren berri jaso nahi duela erran digu".
Tomate gorriak ez direlako berdeak
Nafarroa berdearen irudia saldu zuen gobernuak, 1990eko hamarkadan; ez herrialdeko basoengatik, energia berriztagarrien aldeko apustuagatik baizik. Haizearen energia baliatzeko moduak garatzen hasi ziren UPNko agintariak 1995ean, eta gero, 2000. urtea...
Richard Weyndling: “Altxor polita dago hemen: D eredua”
Ongi ezagutzen du D eredua Richard Weyndling kazetari eskoziarrak (Glasgow, 1961), baita PAI Ingelesez Ikasteko Programa ere. Bi seme ditu, 11 eta 16 urtekoak, eta biek D ereduan ikasten dute. Bi hamarkadaz ingeleseko irakasle izan zen, eta bertze hainbertze daramatza Iruñean bizitzen. Nafarroan ere ingeleseko irakasleen irakasle izana da Nafarroako Gobernuarentzat. Garbi du gaur egun euskarazko eredua dela hezkuntzan eskaintzarik egokiena.
Zergatik aukeratu zenuen D eredua?
Opari bat iruditu zitzaidalako hizkuntza bat dohainik ikastea. Lehen semea eskolan hasi zenean ez genekien ezer euskaraz, baina ez genuen dudarik izan; esperientziak erakutsi digu gure hautua ezin hobea izan dela. Gainera, seme zaharrena euskalduna izatea nire akuilua izan da, euskaraz ikasteko. Haren bidez sentimendu polit bat sortu zitzaidan euskararen alde, eta ikasteko beharra izan nuen. Euskarazko ereduaren bertze alde on bat da hori; guraso ez-euskaldunak euskarara hurbiltzen baitira.
Zuk ingelesez egin diezu betidanik, eta amak, gazteleraz.
Nire ustez, garrantzitsua da pertsona batek jakitea hizkuntza bakoitza zein momentutan erabili behar duen. Nirekin ingelesa ez den hizkuntza batean hitz egiten badute, ez dira hain eroso sentitzen, ez daudelako ohituta. Lagunekin euskaraz ari badira, eta ni hurbiltzen banaiz, euskaraz egiten didate, baina normalean ingelesez. Polita da zure seme-alabak hizkuntza bakoitzean hain ongi moldatzen direla ikustea.
D ereduan ikasteak kalterik eragin die etxeko hizkuntzei?
Ez, alderantziz izan da. Txikitatik elebiduna baldin bazara, errazagoa da bertze hizkuntza bat edo batzuk ikastea, garuna prestatuago daukazulako. Aberastu egin ditu, ez kaltetu.
Familia erdaldun askok B eredua aukeratzen dute, gaztelerak kalteak jasoko dituen beldur. Hala da?
Ezta gutxiago ere. D ereduan lortzen den gaztelera maila B ereduko bera edo hobea izaten da, eta, euskarari dagokionez, askoz maila altuagoa lortzen dute D ereduan. Murgiltze eredua da gakoa, eta hori D ereduak soilik bermatzen du.
Merezi du ingelesa 4 urterekin ikasten hastea?
Nire ustez, ez da beharrezkoa. Ez balego ingelesarekin orain dagoen obsesioa, bertze herrialde batzuetako eredua ikusiko genuke. Herbehereetan eta Belgikan, esaterako, ingelesa 9 edo 10 urterekin sartzen dute hezkuntzan, eta 13 urterekin ikasle gehienak lasai hitz egiteko gai izaten dira. Gainera, ez dago frogatuta hain txikitatik ingelesa ikasita 12 urterekin maila hobea izango dutenik, ez delako murgiltze eredu bat.
Batzuen arabera, euskara ez da hizkuntza funtzionala, eta ingelesa da jakin behar dena. Zure lehen hizkuntza ingelesa izanik, zer uste duzu?
Ezin da ukatu ingelesa hizkuntza erabilgarria izan daitekeela lanerako, bidaiatzeko, eta abar; baina balio handiegia ematen diogu. Niretzat, esaterako, hemen euskara jakitea ezinbertzekoa da, horrela lagun batzuekin euskaraz hitz egin dezakedalako. Hemen inorekin ez naiz ingelesez komunikatzen; ez dut behar. Lanerako ere euskara garrantzitsua da. Ezin da ahaztu non bizi garen.
Zergatik dago ingelesarekin itsutasun hori orduan?
Ingelesa arma politiko bat bilakatu da Nafarroako politikari askorentzat, hori da gakoa. Ezin dugu hizkuntzen irakaskuntza asmo politikoetarako erabili; kontu teknikoa da. Funtzionatzen duten ereduak hartu behar dira, eta haien aholkuak entzun. Baina ezin dugu hizkuntza erabili arma politiko moduan, bertze hizkuntza batzuei min egiteko, euskararekin egin duten moduan.
British, TIL eta PAI programek bermatzen dute murgiltzea?
Ez, horietako bakar bat ere ez da murgiltze eredua. Ez da erreala ingelesean oinarritutako eredu elebidun bat hemen; demagogia da hori, engainu hutsa. Agian eskolaren batean berma daiteke benetako murgiltzea, irakasleak jatorrikoak baldin badira, eta prestakuntza baldin badago, baina ez Nafarroako hezkuntza sistema osoan; eta gutxiago dena batera. Hori egin dute PAIrekin orain, eta begira ondorioak.
Ez da inolako planifikaziorik egin gainera.
Prestakuntzarik gabeko programa da, ez dago metodologia garaturik, ez dago helburu argirik, ez dago eredu bateraturik zentro guztientzat... Desastre hutsa da. Materiala ere irakasleek atera behar izan dute, eta funtzionatu badu, irakasleen lanari esker funtzionatu du. Askotan, ikastetxearen nahiaren aurka ezarri dute programa hori, eta egindako ebaluazioak ere ez dituzte publikatu.
Guraso asko, halere, programa horren alde daude oraindik.
Ez dute errealitatea den moduan ikusten. Ikasle ugari daude, eta, normala denez, batzuek azkarrago ikasten dituzte hizkuntzak bertzeek baino, baina PAIk hutsune asko ditu. Bigarren Hezkuntzan ez dago jarraipenik, eta, beraz, ikasle horiek lortutako gehiena gal dezakete. Gainera, ikastetxe batzuetan, DBHn hoberen doazen ikasleak aukeratu, eta horiekin ordu gehiago lantzen dituzte ingelesez; horrek sekulako lehiakortasuna sortzen du, eta ikasleen artean sailkapena egiten du. Eta, halere, gehienek ez dute beharrezko maila lortzen.
Ratioak igo izanak eragin du ikasketa prozesu horretan?
Zuzenean. Ingelesa komunikazio hizkuntza gisa erabiltzeko, ratioak jaitsi egin behar dira, eta gobernuak, murrizketen ondorioz, igo egin zituen. Ikasle mordoa gela berean sartuz ez da emaitza onik lortuko. Eta aldi berean PAI aplikatu zuten gainera. Ezin da miraririk egin hezkuntzan.
Behin erran zenuen ingelesa ikasteko eredurik hoberena D eredua dela.
Argi dago pertsona elebidun batek aukera gehiago izango dituela bertze hizkuntza bat ikasteko. Nire semeak horren adibide garbia dira. Egungo sistemaren barruan, eredu hoberena iruditzen zait ingelesa bermatzeko.
Gizarteak linguistikoki irekiago egon behar du?
Bai, oso garrantzitsua da hori, baina itxita dago erabat. Espainiako Estatuan gaztelera da erregea, eta gainerakoak gutxiestera jotzen da gehienetan. Euskara, galiziera, katalana eta abar ez dituzte ikusi ere egin nahi. Esaterako, telebistan zerbait katalanez azaltzen bada, bikoiztu egiten dute; ez dauka zentzurik. Denek uler dezakete katalana.
Nola atera gaitezke egoera honetatik?
Nire ustez, Nafarroako Gobernuak gai hori eremu politikotik atera behar du, eta teknikoan sartu. Niri gustatuko litzaidake nazioarteko debate tekniko bat egitea hemen; Europa osoko aditu akademikoekin. Aurkez dezatela PAI eredua haren sustatzaileek, ea zer iritzi dagoen Europan halako programa bati buruz. Gauza bera D ereduarekin ere. Era berean, ea haiek zer egiten duten, zein metodologia erabiltzen dituzten... Gurasoek argumentu objektiboak izan behar dituzte, eta ez argudio politiko soilak. Nafarroako iritzi publikoak jakin dezala zer altxor daukan hemen: D eredua, alegia.
Iritzia: Langileen komeriak
Kalera irtengo gara berriz ere bihar. Beste behin ere, lan duinen alde, lanpostuen alde eta kaleratze eta injustizien kontra. Enpresa multinazional batek egin du oraingoan erasoa; eta bete-betean jo du gure etxeko atea. Gurea, eta beste askorena. 250 familiarena, zehazki.
Baina ez omen da garai txarra oraingoa, diotenez. 2008tik askok eta askok sufritu dugun krisialdia gainditzen ari gara. Zorionekoak gu. Datu makroekonomikoek eta asko ulertzen ez ditudan beste zenbait datuk diote hori. Datu horiek gure etxeetan dagoen egoeraz hitz egingo balute bezala jasotzen ditugu guk, gainera (zoritxarrekoak gu). 2015ean joera aldaketa bat sumatu omen da. Aurreko urteekin alderatuz, gero eta langile gehiago kontratatzen dituzte enpresek. Baina nahikoa ote? Nolakoak dira kontratu horiek?
Egoera onera doala sinetsi, eta eroso zaudenean egiten ohi du eraso arerioak; eta hala gertatu da oraingoan ere. Kolokan dago TRWk Iruñean duen lantegia. Baina kaleratzeak "derrigorrezkoak" omen dira. Zeinentzat?, galdegiten diot neure buruari. Enpresari handien poltsikoa are eta gehiago betetzeko? Lantegiaren etorkizuna ziurtatze aldera 250 langile kaleratu behar dituela esan du zuzendaritzak. Eta bada datu okerrago bat ere: ez dira 250 behargin bakarrik arriskuan; zuzendaritzak 2018ra arte baizik ez die lana bermatu beste 370ei. Enpresa da arriskuan, langileak eta atzean dauden familia guztiak.
Elkartasunik beroena bidali nahiko nieke TRWko langile guztiei; ezagutzen eta ezagutzen ez ditudanei. Baina ez horiei bakarrik, tamalez hau ez baita izan azken asteotan jasan dugun eraso bakarra. Buñuelgo General Electric enpesa itxiko dutela iragarri zuten orain gutxi. Etxeko gastuei aurre egiteko beste irabaziko ez duten beste ehun bat familia izanen dira Nafarroan, krisialditik irteten ari garen arren. Noren kontura ari da ekonomia gora?
Langileen ikuspuntutik galdutako gudua dela pentsa daiteke. Baina ez dut uste horrela denik. Enpresen etorkizuna edozein dela, langileek erakutsi diguten duintasuna nabarmendu nahi dut. Lehen egunetik gelditu egin zituzten makinak, esaterako, TRWn. Kalera irten dira. Oihukatu dute "iruzur galanta" dela enpresaren arrazoibidea. Nahiz eta enpresak bidalitako eskutitzean grebarik ez egiteko eskakizuna (mehatxua) jaso.
Hainbat egunetarako stocka du enpresak, eta etsigarria izan da ziurrenik askorentzat xehetasun hori. Baina ez da borroka egiteari uzteko aitzakia izan. 24 orduko geldialdi batekin hasi zuten bidea, eta berdin egin dute astearte honetan ere. Kaleratzeak salatzeko, lau orduko lanuzteak egin dituzte; baita hainbat bilera ere. Fabrika geldirik utzi dute zenbait orduz; baina ez dira geldirik egon. Bihar ere, lan gatazka bizirik dela erakutsiko dute Iruñean egingo duten manifestazioan.
Heteropatriarkatuak ez ditu musu guztiak maite
Erresuma Batuko Cartoon Network kateak zentsuratu egin du Steven Universe izeneko animaziozko saioko eszena bat: bi emakume ageri ziren, dantzan, elkarri helduta, baina Erresuma Batuan ezin izan dute ikusi. "Ziurtatu behar dugu emititzen dugun guztia haurrentzat egokia dela", erran du kateak, bere erabakia justifikatzeko.
Bi emakume dantzan ikustea, antza, ez da egokia umeentzat, kate horren arabera. Bi emakume elkarri musu ematen ikustea ere ez, Iruñeko billabesa batean hilaren 7an gertatu zenaren arabera: bertze bidaiari baten oharra jaso zuten bi neskak, idatziz, elkarri musu emateagatik.
Halako erasoek, bai eta hori baino larriagoek ere, gora egin dute azken hilabeteotan, Lugatibe Nafarroako Transmarikabibollera eta Queer Gazte Asanbladak salatu duenez. Batzar horretako bi kidek, hain zuzen ere, irainak, bultzadak eta mehatxuak sufritu zituzten, joan den azaroan. "Sistema armaberritzen ari da", nabarmendu dute taldeko kide Joseba Verdugo Goikoetxeak eta Maider Lazkano Zuñigak. Heteropatriarkatuak ez baititu musu guztiak maite.
"Berriozarrerako bidean ginen. Gurearen aurreko geltokian emakume batek paper bat eman zigun, eta korrika jaitsi zen autobusetik", azaldu du billabesan hil hasieran oharra jaso zuten bi emakume gazteetako batek. Gertaerak sortutako zalapartarekin gainezka egin duela aitortu du, eta nahiago duela izenik ez eman.
"Zur eta lur" gelditu zen jasotako oharra irakurri zuenean. Halaxe zioen: "Norbera libre da bere sentimenduak adierazteko, baina inguruan dauden pertsona guztiak errespetatu behar ditu beti. Errespetua izan ezazue, neskak, zuen musukeriarekin egiten duzuen bakarra autobusean egoera deseroso bat sortzea baita. Nahiago nuke noizbait gehiengoarenganako begirunez jokatuko bagenu, umeak, helduak...".
40 urte inguruko emakume bat zen oharra eman ziena. Ustez, bertze emakume baten partez helarazi zien papera, baina bikoteak uste du hark berak idatzi zuela. Gertatutakoa sare sozialen bidez salatu zuten gazteek, eta jasotako elkartasuna eskertu dute. Ez da halako egoera bat bizi izan duten lehen aldia, tamalez. "Musu emateagatik behin baino gehiagotan erran izan digute zerbait. Emakume batek Poliziari deituko ziola ere bota zigun behin. Gizon eta emakume bat izan bagina elkarri musu ematen, ez genuke halako erasorik jasan izanen".
Ez lehena, ezta azkena ere
Hori da kontua. Sexu bereko pertsonen arteko harremanak daudela jomugan espazio publikoan. "Maritxu izan gaitezke, baina gure etxean. Azarokoa ez da jasan dudan lehendabizikoa, eta ziur naiz ez dela azkena izanen". Horixe erran du Iruñeko Alde Zaharrean erasoa pairatu zuten bi gizonetako batek, Arkaitzek. Ez da hori haren benetako izena; nahiago du ez erran.
Caldereria karrikan gertatu zen. Bikotekidearekin eta Lugatibeko bertze hainbat lagunekin zegoen Arkaitz. Mutilari musu eman zion, eta, berehala, karrikan ziren hainbat mutil gaztek iraindu egin zituzten. "Txistua bota zuten lurrera, eta marikoi erran ziguten". Egoerak min egin zion Arkaitzi. Nabarmendu du bereziki mingarria izan zela Alde Zaharrean gertatu izana. "Inguru hori, guretzat, beti izan da eroso eta lasai egoteko toki bat. Hiriko txoko guztiek izan beharko lukete halakoak, baina ez da hori errealitatea. Eroso egoteko espazio berririk ez dugu lortu, eta lehendik genituenak galtzen ari gara".
Arkaitzek, haren bikotekideak eta Lugatibeko gainerako kideek erasoari aurre egitea erabaki zuten. Denak hasi ziren elkarri musu ematen. "Ahalduntzeko modu bat izan zen guretzat. Beti erraten dugu eraso guztiek jaso behar dutela erantzuna, eta hori egin genuen. Musu emanez erantzun genuen".
Orduan hasi ziren mehatxuak. "Gorrotoa sumatzen zitzaien gazte haiei aurpegian. Beldurgarria izan zen", gogoratu du Maider Lazkano Zuñigak. Han zegoen. "Eskerrak talde bat ginela. Bakarrik egon izanez gero auskalo zer gerta zitekeen". Bat egin du Arkaitzek. "Labana sartuko zigutela mehatxu egin ziguten, eta haietako batek arma poltsikotik ateratzeko keinua ere egin zuen".
Ihes egitea erabaki zuten. Nabarrerian, karrikan zegoen jendearen babesa jaso zuten, baina gazteak haien atzetik joan ziren. "18 urte ere ez zituzten izanen. Gure ondotik pasatzen hasi ziren, eta bultza ere egin zidaten". Alde egitea erabaki zuten arte.
Bikoteak Poliziaren aurrean salatu zuen gertatutakoa. "Nire bikotekideak nahi zuen, eta salaketa jartzea erabaki genuen". Esperientzia ez da batere ona izan, Arkaitzek nabarmendu duenez, eta agerian utzi du formakuntzarik eza. Foruzainen etxera joan ziren erasoa salatzera. "Tratua egokia izan zen, baina ez zekiten zer egin ere. Erasoa gorroto delitua zela errepikatzen nion nik, behin eta berriz, foruzainari, eta hark erantzuten zidan ezin zuela hori jarri. Azkenean, txostenean jaso zuen mehatxuak izan zirela talde erlijioso edo etniko bateko kide izateagatik. Ezin nuen sinetsi".
Lazkano Zuñigak eta Verdugo Goikoetxeak ere ez. "Agerikoa da protokolo baten beharra", nabarmendu dute. Lugatibek ere auzi hori landu nahi du, eta urratsak zehaztu, eraso homofobo, lesbofobo edo transfobo bat gertatzen den bakoitzean jardun ahal izateko. Erasoen berri jasotzeko bulego bat sortzeko aukera ere aztertzen ari dira.
Azaroan gertatu zena salatu bezain pronto, bertze hainbat erasoren berri jaso zuten Lugatibeko kideek, hain zuzen ere. "Jendeak, gehienetan, ez ditu salatzen. Kontzientzia politikorik ez duen jendeak nahiago du gertatu dena ahaztu". Gertatzen diren erasoen %17 baino ez dituzte salatzen, Espainiako LGTB taldeen federazioak emandako datuen arabera. "Gorroto delituen artean gehiengoa dira LGTB komunitateko kideen kontrakoak", erantsi du Lazkano Zuñigak.
Delitu horietako anitz, ordea, ikusezin bilakatzen ohi dira. Eta guztiak, gainera, ez dira modu berean tratatzen, Lugatibeko kideak salatu duenez."Klase ertaineko emakume zuria eta emakume transexuala ez ditu berdin aintzat hartzen gizarteak. Transexuala prostituta eta etorkina bada, ez du deus balio", salatu du Verdugo Goikoetxeak. Valentzian gertatutakoa ekarri du gogora, horren harira. "Etorkina eta transexuala zen emakume bat hil zuten, baina ez da deus gertatu. Berriak ez du oihartzunik ere izan. Inori ez zaio inporta". Bartzelonan, Eguberrietan, 17 urteko mutil transexual bat hil zen: bere buruaz bertze egin zuen, ikastetxean denbora luzez jasandako jazarpenaren ondorioz.
Matxismoak, gora
Azkenaldian gora egin dute erasoek. Horren arrazoia zein den argi dute Lugatibeko kideek. "Matxismoak gora egin du. Haren indarkeria jasaten duten emakumeen egoeraren antzekoa da gurea: ahalduntzen ari gara, eta, horren aurrean, sistemak bere burua defendatzen du. Emakumeen aurkako indarkeriak bezala, gure jarrera zuzentzea bilatzen du homofobiak. Heteropatriarkatuak atsedenaldi bat eman digu; baina ez digu gehiago hazten jarraitzeko aukera eman nahi. Sistema armaberritzen ari da, eta atzera egiten ari da gizartea", erran du Verdugo Goikoetxeak.
Ez hori bakarrik. "Heteropatriarkatua gure borrokak erabiltzen ari da, bere interesen alde", gaineratu du Lugatibeko kideak. Alemaniako Kolonia hirian gertatu diren bortxaketen auzia jarri du horren adibide: "Emakumeon borroka erabiltzen dute errefuxiatuen aurka arrazista izateko. Gure nortasunak erabiltzen dituzte; horiek dira inboluzioa gertatzen den une honetan sortzen ari diren dinamikak; eta ezin dugu horrelakorik onartu, inondik inora".
Egoera horretan, Lugatibeko kideek argi dute hezkuntza dela armarik indartsuena. Eta erabiltzera deitu dituzte erakundeak. "Eskola guztietan hasieratik landu beharreko gaia da sexu aniztasuna". Gaur egun gaia irakasleen borondatearen esku dagoela erantsi dute. "Baina hori ez da nahikoa". Curriculumean nahi dute.
Karrikan ere bai. Erasoen aurkako erantzunak kalean ere egon behar duela argi dute Lugatibeko kideek. "Gizarteak ezin dio bizkarra eman gertatzen ari denari. Giza eskubideak daude jokoan. Gutaz ahazten ohi dira erakundeak, baina hemen gaudela errepikatzen jarraituko dugu".
Emakume eta lesbiana: jasandako indarkeria areagotzen denekoa
"Neskekin ligatzen hasi nintzenean izugarri harritu ninduen lesbianen aurkako indarkeriaren mailak. Emakumeok, berez, emakume izateagatik indarkeria sufritzen dugu: begiradak, ukituak... jazarpen hori handia da, baina areagotu egiten da lesbiana zarel...
Berokia Castildetierrarentzat
Bardea izan zenaren lekuko da hango Castildetierra muinoa. Haizeak eta urak zizelkatutako paisaiaren irudi eta ikur. Garai batean, lautada izan zen inguru hori; hareharriak zeuden goiko aldean, eta, azpian, berriz, tuparriak. Urak eta haizeak eragindako higadurak sortu du egungo paisaia, eta Castildetierraren gisako muinoak iraganaren lekuko bilakatu dira. Ez betiko, ordea, higaduraren eraginak ez baitu etenik. Adituek ere ezin dute gelditu. Mantsotu egin nahi dute, ordea, Castildetierran, eta hori egiteko moduak aztertzen ari dira. Berokia jarri nahi diote, nolabait, higaduratik babesteko.
Castildetierraren oinarrian tuparriak badira; goiko aldean, berriz, hareharriak. Azken horiek tuparriak baino gogorragoak dira, eta ez dira hain erraz higatzen. Oinarrian diren tuparriek eusten diete goiko hareharriei, ordea, eta oinarriak huts egiten duen unean, muino osoak eginen du behera.
Momentu hori atzeratu nahi du Bardeako Batzarrak, eta erakunde horrek eskatuta ari dira zer egin daitekeen aztertzen. Zaragozako (Espainia) Metopa enpresak hartu du ardura hori. Asteon egon dira Bardean azkenekoz, iazko udaberrian martxan jarritako saioak gainbegiratzen.
Castildetierraren gisako ondoko muino bat aukeratu zuten saio horiek egiteko. Lan horretan Nafarroako Gobernuko geologo Esteban Faci dute laguntzaile. "Castildetierraren ezaugarri bertsuak dituen eremu bat hautatu dute, erabili nahi den produktuak zer eragin duen aztertzeko". Urtebeteko epea ezarri zuten iazko udaberrian; ondorioz, datorren udaberrian emaitzak aztertu, eta erabakiko dute zer egin.
Metopa enpresako geologo Cristina Marinek argi eta garbi erran du: "Ez da erraza izanen". Ezta merkea ere, segur aski. Zaragozako enpresak harrizko monumentuetan gertatzen den higadurari aurre egiteko moduak jorratzen ditu, batez ere. Lehenbiziko aldiz ari dira Bardeakoaren gisako monumentu natural batean lanean. "Esperientzia aitzindaria da hau", nabarmendu du Marinek.
Horregatik erabaki zuten urtebeteko saioa egitea, inolako erabakirik hartu baino lehen. Higadura mantsotzeko produktu batekin inpregnatu dute tuparria. Produktu horrek inpermeabilizazioa ematen du, baina transpirazioa egiten uzten du, aldi berean. "Harriari gore-tex geruza bat jartzearen gisakoa litzateke, nolabait erranda", azaldu du Esteban Facik.
Oraingoz, erabilitako produktuak ez du aldaketarik eragin tuparrian. Hiru hilabetetik behin egiten dituzte kontrolak, produktuak harriaren kolorea aldatu ote duen edo arrakalak eragin ote dituen ikusteko. "Oraingoz ez da halakorik gertatu; orain arte, hala ere, eguraldi epela izan dugu, eta hori ere kontuan hartu behar dugu. Ikusteko dago, adibidez, izotzak zer eragin izanen duen".
Nafarroaren irudi
Bisitari anitzek lotzen dute Nafarroa Castildetierra muinoaren irudiarekin. Hori dela eta, hari eusteko ahalegintzea garrantzitsua dela uste du Cristina Marinek. Geologoak nabarmendu du, halaber, muinoan esku hartzeko moduak ezin duela muinoa bera desitxuratu. "Badira epe motzera eraginkorragoak izan daitezkeen alternatibak; sareak jar daitezke, adibidez, baina horrek erabat aldatuko luke muinoaren itxura". Horregatik bazter utzi dituzte halako aukerak.
Marinek eta Facik argi dute, azkenean, muinoak behera eginen duela. Noiz gertatuko den erratea, hala ere, zaila dela azaldu du Facik. Nafarroako Gobernuko geologoak, edonola ere, ez du uste muinoak bertze ehun urte eginen dituenik zutik. "Hemendik bost edo hamar urtera ere eror daiteke. Gainetik egindako kalkuluak baino ez dira, hala ere".
Higaduraren ondorioak mantsotzea du helburu Metopa enpresa egiten ari den lanak. Aurretik egin izan dituzte Castildetierra betikotzeko bertze hainbat urrats. 2011. urtean, adibidez, muinoa eskaneatu egin zuten, hiru dimentsioko irudia lortu ahal izateko. "Hareharrizko tontorrean ere badira arazoak, pitzadurak baitaude. Ez da erraza, baina har daitezke neurriak hori konpontzeko. Hiru dimentsioko kopia ere erabiltzen ahal da", erran du Marinek.
Castildetierrari eutsi nahi diote. Ahalegin horrek ez du justifikaziorik, ordea, geologiaren ikuspuntutik. Hori uste du Jose Luis Piedrafita geologo eta Iruñeko UNEDeko irakasleak. Are gehiago, ez du ontzat jo horretan diru publikoa gastatzea. "Erabakiak ez du geologiarekin zerikusirik; merkatu kontu bat da. Castildetierrak turismoa erakartzen duelako nahi dute behera egin ez dezan", azaldu du. "Gertatzen diren prozesu geomorfologikoak, ordea, direnak dira. Naturak bere lana egiten du".
Enpresak produktua probatzeko hartutako urtebeteko epea motz gelditzen dela uste du Piedrafitak. "Herri lanetan ere ikusten dugu lehendabiziko urtean dena dagoela ongi: gero hasten direla arazoak". Kontua Bardearen ikur bilakatu den muinoaren irudiari eustea bada, hiru dimentsiokoa baliatzen ahal da, geologoaren ustez. "Egin daiteke kopia oso bat. Baina erori behar badu, eror dadila".
Bardoak itzuli dira Nafarroara
Bardoen urtea da aurtengoa Nafarroan: Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bardoak izenburuko taldekako txapelketa antolatu du, hirugarrenez. Gaur hasiko dira saioak, eta martxoaren 19an eginen dute finala. Denera, 16 taldetan banatutako 121 pertsona ariko dira, haietako 71 kantuan. Agertokira abestera igoko diren horietatik hogei, gainera, lehenengo aldiz ariko dira jendaurrean.
Datu horiekin hagitz kontent agertu da Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkari Lorea Arburua. Erakusten dutelako, haren ustez, txapelketa ari dela bere helburua betetzen: "Jendea bertsotan aritzera animatu nahi dugu".
Txapelketako lehen fasea gaur bertan hasiko da, eta, otsailaren 7ra arte, hamasei saio hartuko ditu. Gaur, Lizarran, Donamarian, Barañainen eta Beran ariko dira lehendabiziko taldeak kantuan.
Duela bi urte, 60 bertsolari aritu ziren txapelketan. Gora egin du kopuruak aurten, bertzeak bertze, bertso eskoletan egiten ari diren lanari esker. Helduentzako bertso eskolekin harreman estua du Bardoak egitasmoak, hain zuzen ere; eskola horien eta Nafarroako txapelketa nagusiaren arteko zubi lana egin nahi du: bertsolari berri eta gazteentzat esperientzia hartzeko tresna izan nahi du, txapelketa nagusira begira, trebatu ahal izateko.
Banakako txapelketak izan dezakeen kutsu ofizial edo zurrunagotik urrundu nahi du Bardoak egitasmoak, eta, gainera lagun arteko saioak egiteko aukera eskaini, bertsolaritzaren alderdi guztiak ezagutzeko. Izan ere, parte hartzen duten taldeetako kideak izaten dira bertsolari, epaile, gai-jartzaile eta antolatzaile. "Elkarteak egiten du koordinazio lana, baina askatasuna dute taldeek; bakoitzak bere saioa bere erara antolatu ahal izaten du".
Lehendabiziko aldia 2012. urtean egin zuten. Urte hartan, bai eta 2014. urtekoan ere, umorea bilakatu zen saio gehienetako protagonista. Aurten ere hala izanen dela uste du Arburuak. Ohiko agertoki handietatik urrun, euskarri txikiko saioak izaten ohi dira Bardoak egitasmoak eskaintzen dituenak, eta horrek aukera ematen die antolatzaileei eta parte hartzaileei askatasun handiagoz jokatzeko. "Bertsolaritza antzerkiarekin nahasi izan da orain arte egindako hainbat saiotan", azaldu du, horren adibide, Arburuak.
Txapelketari arnasa
Urtero egiten zuten Nafarroako banakako txapelketa, 2012. urtera arte. Urte batzuk lehenago hasi zen bertsolarien eta bertsozaleen artean horri buruzko gogoeta, konturatu zirelako lehiaketa urtero antolatzea eta egitea lan handia zela, batetik, eta txapelketa eredu hori ez zela egokiena bertsotan hasi berri zirenentzat, bertzetik.
Gogoeta horren emaitza izan zen Bardoak izeneko egitasmoaren sorrera. "Arnasa eman nahi izan genion txapelketari, nolabait erranda", gogoratu du Arburuak.
Aldi berean, taldekako egitasmo horrek bertsozaletasuna zabaltzeko aukera ematen zuela ohartu ziren elkarteko kideak, hasieratik. Hamaika herri txikitara eramanen du aurtengo taldekako txapelketak bertsolaritza, adibidez; ohiko zirkuituetatik kanpo dauden plazetara, hain zuzen ere. Herri horietan bertsolaritzaren inguruan sor daitezkeen dinamikak hagitz interesgarriak izan daitezkeela uste dute elkarteko arduradunek.
Bardoak egitasmoak duen eragina harago doa, hala ere. Horixe nabarmendu du Lorea Arburuak, eta iazko banakako txapelketako datuak jarri ditu mahai gainean, eragin horren adierazgarri: "33 bertsolarik parte hartu zuten 2015eko txapelketan; inoizko parte hartzerik handiena izan zen iazkoa". Bertso eskolatik txapelketarako jauzia handiegia zen anitzentzat; Bardoak egitasmoak lagungarri zaien eskailera maila jarri die bertsolari horiei bidean, giro batetik bertzerako aldaketa hain gogorra izan ez dadin.
Taldekako txapelketak, gainera, balio du bertsolarien, antolatzaileen, gai-jartzaileen, epaileen eta ikus-entzuleen arteko harremana estutzeko, eta bertsolaritzari lotutako giro hori berotzeko. Saioen moldeak ematen dio horretarako aukera. "Elkarte girokoak dira: hurbilak, gozoak eta berritzaileak", erran du Arburuak.
Besta giroko saioak dira Bardoak egitasmokoak, baina bertsolarien arteko lehia bazter utzi gabe. Ez dago epaimahai finkorik banakako txapelketan bezala, baina, saioz saio, bertsolarien lana epaituko dute osatutako taldeetako kideek eta entzuleek. Saio bakoitzean, beraz, talde ezberdin bat ariko da epaile lanetan. Hiru puntu izanen dituzte banatzeko.
Bardoek Etxarri Aranatzen izanen dute helmuga aurten. Han eginen dute finala, datorren martxoaren 19an. Bigarren fasetik sailkatutako hiru taldeak ariko dira kantuan; guztira, bederatzi bertsolari.
"Taldeen arteko lehiaz harago, Etxarri Aranazko finala bertsolaritzaren besta handi bilakatzea nahi dugu, ohi bezala", nabarmendu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkari Lorea Arburuak. Antolatzaileak prest dira, eta bardoak ere bai. Saioak besta bihurtuko dituzten ikus-entzuleen zain baino ez dira. Gaur hasi, eta martxoaren 19ra arte. Giroa berotzen hasi nahi dute, datorren urtean eginen duten banakako txapelketarako ahotsak tonuan jartzeko.





