Nafarroa

Kalekalde gazte lokalak urtebete bete du Iruñean

Martxoan ospatuko du Kalekalde Caldereria kaleko gazte lokalak urteurrena. Iruñerriko gazte mugimenduak kudeatutako gunea da, irekia eta gizarte gaiak lantzeko prestatua. Hainbat esparru jorratzen ditu: hala nola kontsumoa, festa ereduak, kultura, internazionalismoa eta feminismoa. Hain zuzen ere, azken hilabetean feminismoaren inguruko hitzaldi zikloa antolatu du Derrigorrezko feminitate zerbitzua izenburupean. Martxoan, urteurren ekitaldiei ekingo diete hango kideek. Mahai inguruak eta tailerrak izango dira. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, Kalekalderen Twitter kontuan, Facebookeko orrian edota www.kalekalde.org atari digitalean topa daiteke.

Bigarren faseari ekingo dio Bardoak bertso egitasmoak

Bardoak bertso egitasmoaren bigarren faseari ekingo diote martxoaren 8tik 30 arte. Otsailaren 7an abiatu zuten taldekako txapelketa, eta hamasei taldek parte hartu zuen. Horietatik sei sailkatu dira: Iruñeko Bertze Maldikoak eta 12 Obario Eta 11 Pedrada; Leitzako Harrapazank; Lesakako Zortziko Haundiena; Baztango Lepatanatuek 2, Txipiroien Itzulera; eta Malerreka eta Baztango Etxeko Kontuk. Martxoan, sei saio egingo dituzte, bina talde bakoitzak, joan-etorriko formatuan baitira. Hiruk lortuko dute apirilaren 16an Lesakan jokatuko den finalera sailkatzea.

Lehen norgehiagoka martxoaren 8an izango da, Iturengo Herriko Etxeko ganbaran, 19:00etan; Bertze Maldikoak eta Etxeko Kontuk taldeek kantatuko dute. Askaria ere egongo da. Bigarrena martxoaren 14an izango da; Elizondoko Intza ostatuan ariko dira Lepatanatuek 2, Txipiroien Itzulera eta Zortziko Haundiena, 20:30ean. Hirugarrena, hilaren 28an, 12 Obario Eta 11 Pedrada eta Harrapazank taldeek abestuko dute, Iruñean, Iruña Taldearen lokalean, 21:00etan. Hasi aurretik, afari-askaria emango dute.

Lehen hiru bertso emanaldien ostean, berriz ere lehiatuko dira elkarren aurka aurretik batera aritutako taldeak, baina kantatu ez duten herrian; alegia, etxeko edo kanpoko saioa egin beharko dute, lehen saioa egin duten lekuaren arabera.

Martxoko azken asteburuan izango da saio gehien. Bertze Maldikoak eta Etxeko Kontuk taldeetako kideak taularatuko dira martxoaren 29an, larunbatarekin, Iruñean. Oraindik zehazteke dute tokia eta ordua. Egun horretan bertan, Igantziko Biltoki elkarteko agertokira igoko dira Zortziko Haundiena eta Lepatanatuek 2, Txipiroien Itzulera.

Azken saioa martxoaren 30ean antolatu dute, Leitzan. 12 Obario Eta 11 Pedrada eta Harrapazank taldeek egingo dute bertsotan. Oraindik zehaztu gabe dute ordua eta tokia.

Bardoak, herritan errotuta

"Oso ongi" doa bertso egitasmoa, Nafarroako Bertsozale Elkarteko Gontzal Agoteren aburuz. Azaldu du abiapuntua "oso ona" izan zela talde askok eman zutelako izena, eta entzuleek ere "ederki" erantzun diotela egitasmoari. Bigarren urtez prestatu du elkarteak Bardoak egitasmoa, eta, Agoteren irudiko, "errotuta" dago jada: "Jendeak gogo handiz hartu du; garrantzia irabazi du bigarren fasearekin".

Lehen fasean, hamasei saio egin zituzten, eta, batez beste, hirurogei entzule izan ziren emanaldi bakoitzeko. Gainera, "asko oso herri txikietan izan ziren". Elkartearen arabera, 110 parte hartzaile daude, bertsolariak eta antolatzaileak kontuan hartuz. Bardoei buruzko informazio gehiago haien webgunean topa daiteke.

“Gurea auzoko taberna da; gehienok elkar ezagutzen dugu”

Iruñeko Alde Zaharrean, Kale Nagusian bertan dago Olazti taberna. Hamaiketako kafea hartzeko, lanaren osteko potea hartzeko edo larunbat gaueko ogitartekoa jateko toki aproposa. Bertara joanez gero, ziurrenik Gema Ardanaz (Arlegi, 1968) egongo da sukaldean. Hainbatetan, barraren atzean ere egoten da, zerbitzatzen eta bezeroekin hitz egiten. Gertutasuna baita, patata tortillarekin batera, Olazti tabernaren ezaugarrietako bat. "Gurea auzoko taberna da; gehienok elkar ezagutzen dugu", azaldu du Ardanazek.

"Senarraren familiak jarri zuen martxan Olazti taberna, duela 30 urte baino gehiago. Haren gurasoek utzi zutenean, hark hartu zuen. Hasieran, hainbat bazkideren artean, eta gero bakarrik". Ardanazek beste leku batean lan egiten zuen, nahiz eta asteburu batzuetan tabernan ere aritzen zen lanean. Duela hamahiru urte sartu zen lanaldi osoz tabernan. Ez zuen esperientziarik ostalaritzan, baina apurka-apurka ikasten joan zen. "Hasieran, barrara ohitzea kostatu zitzaidan. Orain ez zait inporta, gustura egoten naiz han ere". Barran noizbehinka gauza "arraroak" eskatzen dizkiotela esaten du. Hala ere, ez du estutasunik izaten. "Ezagutzen ez dudan zerbait eskatzen didatenean, ez dut arazorik galdetzeko. Nik nahiago dut galdetu, gaizki jarri baino", dio umoretsu.

Baina Ardanaz sukaldean moldatzen da hoberen. Goizez lan egiten duenean, 07:30 aldera heltzen da tabernara, eta goizeko pintxoak prestatzen hasten da. Olaztin pintxo eskaintza handia dute. Horrez gain, ogitartekoak eta plater konbinatuak ere ematen dituzte. "Taberna hartu genuenean, inguruan bazeuden hainbat taberna eguneko menua eskaintzen zutenak. Lehia handia zegoen; beraz, plater konbinatuaren alde egin genuen. Beste aukera bat eskaintzeko. Horrez gain, tabernak duen sukaldeak ez du modurik ematen eguneko menuak egiteko", azaldu du. Baina jendeak gehien eskatzen duena patata tortilla da. "Ez dago inolako sekreturik. Denborarekin egitea baino ez da, etxean egingo banu bezala. Noski, horrek lana eskatzen du. Patatak frijitu behar dira. Baina errezeta nire amarena da". Tortillez gain, beste hainbat pintxo egiten dituzte, besteak beste hirugiharra, urdaiazpikoa eta oilaskoa roquefort saltsarekin eta tipula erregosiarekin.

Berrituz

Urtez urte karta aldatzen dute. Gehienbat, bi modutan aukeratzen dute kartako eskaintza. Alde batetik, egunerokoan jendeak eskatzen duena kontuan hartuta. Beste alde batetik, Ardanazek, kanpora joaten denean, beste tabernetako eskaintzari so egiten dio. "Taberna batera noanean, lehenengo eta behin pintxoei begiratzen diet. Ustea dut normala dela. Imajinatzen dut ardoa saltzen duena ere beti egongo dela adi zein ardo eskaintzen duten jakiteko". Ardanaz Iruñetik ateratzen bada, auzoetara joatea gustatzen zaio. "Alde Zaharrera etortzen banaiz, lanean ari naizela iruditzen zait".

Berezko negozioa izateak lan handia ematen du. Krisiarekin, gainera, lan gehiago egitera behartuta ikusi du bere burua. Baina ez du irabazi gehiagorik izan horregatik. Astegunez, lau pertsonak lan egiten dute Olaztin: bik goizez eta beste bik arratsaldez. Asteburuetan, bi pertsona gehiago dituzte laguntzaile lanetan. Lehen, beste langile bat zuten asteburuetan. "Krisiaren aurretik beste pertsona batek laguntzen zigun asteburuetan. Egun, ordea, senarrak edo nik egiten dugu txanda hori, eta ez dugu gehiago irabazten. Ezin dugu kafearen, pintxoaren edo garagardoaren prezioa igo. Baina guri hornitzaileek prezioak igo dizkigute, eta BEZak ere gora egin du. Hau da, lan gehiago egiten dugu, eta diru gutxiago irabazten dugu".

Olazti tabernara denetariko jendea joaten dela dio Ardanazek. "Auzoko taberna izanda, askotariko jendea etortzen da gurera. Goizetan, inguruan lan egiten duen jendea etortzen da kafea hartzera; horiek ere auzoaren parte dira. Arratsaldeetan, jende gutxiago ibiltzen da; horiek bai, ingurukoak. Asteburuetan, berriz, gazteak eta helduak etortzen dira poteoan eta afaltzera". Baina gehien baloratzen duena bezeroak ezagutzea da. "Astegunetan etortzen diren denak ezagutzen ditut. Asteburuetakoak ez horrenbeste, ni sukaldean egoten bainaiz. Baina entzuten diet lankideei: 'Kuadrilla hori aurreko astean etorri zen, edo beste hura ez dakit nongoa da'". Hainbeste urtez tabernan lan egin ostean, belaunaldi aldaketak ikusi ditu Ardanazek: "Egun, jendea lehen baino askoz zintzoagoa da. Lehen, itzelezkoak egiten zituen tabernan, eta hainbatek ordaindu gabe alde egiten zuten. Adi egon behar genuen. Orain, jendeak errespetu handiagoa du; inork ez du ordaindu gabe alde egiten".

Krisiak krisi, lanean jarraituko dute Iruñeko Kale Nagusian. Sukaldeko atearen atzean Ardanaz arituko da tortillak eta beste egiten lanean, gose denarentzat mokadu goxoak prestatzeko prest.

EUSKAL LITERATURAREN ‘L’ HANDIAK

"Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea", zioen Xabier Letek. Haren aburuz, poetak ez dira politikariak, ez moralistak, ez historialariak, ez soziologoak, ezta filosofoak ere. Ez dira ezer, soilik denetarik apur bat. Baina Antton Valverderen eta Angel Lertxundiren ustez, omentzekoak dira. Horregatik, Hiru L: Lauaxeta, Lizardi eta Lete poema musikatu irakurtaldia egingo dute asteartean, 20:00etan, Iruñeko Planetarioan.

“Iruñeko mugimendu feministaren erreferentzia izan daiteke Emagune”

Abokatua eta feminista da Begoña Zabala (Txileko Santiago, 1950). Urteak daramatza mugimendu feministako hainbat talde eta batzordetan, garaian garaiko gatazkei kalean erantzuten. Besteak beste, egun Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordean dago. Txoko Feministaren jaiotza ilusioz eta kontent hartzen du.

Zer emango dio Txoko Feministak Iruñerriko mugimendu feministari?

Iruñerriko mugimendu feministaren erreferentzia izan daiteke Emagune Txoko Feminista. Espazio aldetik, oso baikorra da feminismoarekin lotutako lokal bat hiriko leku jakin batean kokatu ahal izatea.

Zergatik da beharrezkoa halako gune bat sortzea?

Iruñean herri mugimenduak espazioak behar ditu aurrera egiteko, eta lortzen ari da, irmo borrokatzen delako. Udaleko botereek ez dizkigute gauzak errazten, baina elkartzeko gure bilguneak sortzen ditugu, eta Emagune ere horren adibide da. Baina horrez gain, badira beste batzuk: hala nola Zabaldi, Auzoenea eta Kalekalde.

Eta Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordeari zer eskainiko dio?

Biltzeko, eztabaidatzeko eta gozatzeko lokal bat.

Egun puri-purian dago abortuaren gaia; zuek, baina, urteak daramatzazue lanean.

2005ean sortu genuen Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordea, 1985eko legearen 20. urteurrena zela eta. Orduko legea zigortzailea dela salatu, eta sexu eta ugalketa eskubideak errespetatuko zituen lege bat aldarrikatzen genuen.

Gallardonek aurkeztutako lege egitasmoarekin are gehiago zigortuko dute abortua. Batzordearen lan ildoa aldatu da?

Noski, ezinbestean. 1985eko legea txarra zela esaten ari ginen, baina orain aztertzen ari direna are okerragoa da.

Aurtengoa, beraz, borroka urtea izan da batzordearentzat.

Bai, hainbat dinamika egin ditugu jada: PPren egoitzaren aurrean elkarretaratze jendetsua egin genuen, esateko abortua ez dela delitua; eta Bideko Ama ospitalean itxialdi sinbolikoa antolatu genuen.

Prestatu duzuen hurrengo mobilizazioa flashmob ekintza bat da, ezta?

Bai, abortatzeko eskubidearen defentsan koplak idatzi ditu Onintza Enbeita bertsolariak, eta guk koreografia osatu dugu. Ostean tutoriala Interneten zintzilikatu, eta martxoaren 8an dantzatuko dugu.

Eta dantzatu ostean, Txoko Feministara joango zarete?

Bai, egun osoko egitaraua antolatu baitute gunea inauguratzeko.

1.400

Barañainen eskatu dituzten gidari egoiliarren txartelak. Igandean, 20:00etatik aurrera, martxan jarriko dute aparkatzea aldi baterako debekatutako eremua edo eremu berdea. Eremu horretan aparkatu ahal izateko, gidari egoiliarren 1.400 txartel kaleratu dituzte.

Angel Berrueta arrazoi politikoengatik hil zutela aitortzeko eskatu dute

"Angel Berruetaren hilketak arrazoi politikoak izan zituela aitortzea nahi dugu", adierazi du Edur Perezek, Angel Gogoan plataformako kideak. Heldu den martxoaren 13an, hamar urte beteko dira Valeriano Peña Espainiako poliziak eta haren semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko bizilaguna hil zutenetik. Donibaneko hainbat auzokidek Berruetaren oroimenari eutsi nahi diote. Horregatik, Iruñeko Udalak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko, 2.136 sinadura bildu dituzte.

Berrueta hil zutenean, hainbat auzokide eta lagunek Angel Gogoan egitasmoa sortu zuten, haren oroimena bizirik mantentzeko. Geroztik, plataformak hainbat ekinbide eraman ditu aurrera, instituzioek, botere publikoek eta ordezkari politikoek urratsak egin ditzaten "egiaren, aitormenaren eta ordainaren alde".

Hilketaren hamargarren urteurrena dela eta, sinadurak bildu dituzte Donibanen bi helburu nagusirekin: alde batetik, Iruñeko Udalak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko; beste alde batetik, auzokideek Berruetaren oroimena mantentzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Plataformako kideek esan dute auzoko hainbat talderen, dendaren, erakunderen eta elkarteren laguntza izan dutela. "Ildo anitzetako auzokideek bat egin dute ekinbide honekin, instituzioek Berruetak behar duen aitorpena eman dezaten", esan du Perezek.

Martxoaren 6an, Iruñeko udalbatzak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko mozioa eztabaidatu zuen. Plataformak mozioa aurkeztu zuen, udaleko hainbat talde politikorekin harreman bira egin ostean. Horrekin batera, martxoaren 13an, 19:00etan, Berruetari omenaldia egingo diote haren okindegia zenaren parean, Iruñeko Donibane auzoan.

BIOLINA DEABRUAREN PARE JO NAHIAN

Ara Malikian munduko biolin jole onenetarikoa da. Igandean, 19:00etan, Barañaingo auditoriumean aurkeztuko du ikuskizun berria. Kondairak dio 1782ko urriaren 27an Niccolo Paganini jaio zela Genevan, eta Paganinik 5 urte zituela haren amak arima saldu ziola deabruari, semea munduko biolin jole hoberena izateko. Egia ala gezurra, biolin jole bikaina izan zen Genevako musikaria. Malikianek Paganiniren istorioa kontatu du 24 apetatsuak lanaren bidez.

Naturaren kontra murrizten

Ingurumen hezkuntzaren alde. Ez itxi Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa (NIABZ), dio pankartak. Atzean, zentroko langileak daude, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren aurka protestan; izan ere, zerbitzua bertan behera utziko duela ira...