Nafarroa

Aldaketa, euskararen eskutik

Aldaketa, euskararen eskutik

Euskararen aldeko borroka ez da ehun metroko lasterketeta, maratoia baizik". Hizkuntzaren normalizaziorako bidea lasterketa luzea da Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasaren ustez. Zenbaitetan sufritzea eskatzen du; besteetan, berriz, erosoago egotea. Une atsegin horietako bat izan zen, baina, apirilaren 25ean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldia. Euskararen aldeko maratoiean aritzen diren korrikalariak aktibatzeko gunea.

Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak antolatutako Nafarroa ofizialetik, Nafarroa errealera jardunaldietako lehen hitzorduan esan zituen hitzok Lasak; AEK-ko Helios del Santo eta IKAko Nekane Otamendirekin batera Katakrak liburu dendan egindako solasaldian. Euskalgintzaren egoera aztertu zuten hirurek, eta erronkez ere mintzatu ziren.

Maiatzaren 24ko hauteskundeei begira jarri ziren hiru solaskideak etorkizunaz hitz egiterakoan. Gobernu aldaketa ezinbestekoa da euskalgintzako ordezkarien ustez, horrek hizkuntza politiketan aldaketak egitea ahalbidetu dezakeelako. Horretara bideratzen ari dira indarrak orain, Anaitasunako ekitaldia ere aldaketa erdiesteko egin baitzuten.

Helburua hitz gutxitan laburtu zuen IKAko Nekane Otamendik: "Orain arte egin duguna plazaratu genuen Anaitasunan, eta funtsezko laguntzaile izan diren euskaldunei esker ona erakutsi genien". Aldaketa lortzeko herritarren berpiztea beharrezkoa dela iritzi diote hirurek. UPNren gobernua inoiz baino ahulago dago, Lasaren iritziz; eta, beraz, aldaketa inoiz baino posibleagoa dela uste du: "Jendea aktibatu behar dugu aldaketa posible egiteko".

"Berezia" izan zen Anaitasunako festa, solaskideen aburuz. Manifestazioa ez egitea erabaki zuen Kontseiluak, eta horretan asmatu dutela uste dute Lasak, Otamendik eta Del Santok. "Giharra erakusteko helburua izan zuen, eta herritarrok ahalduntzeko tresna izatea garrantzitsua izan da", uste du AEK-ko kideak. Antzera iritzi dio Otamendik ere. "Bestelako kutsu bat eman zion ekitaldiari manifestazio formatura mugatu ez izanak".

Euskararen normalizazioak behar dituen lau zutabe aurkeztu zituzten ekitaldian: corpus juridikoa, plangintzak, baliabideak eta herri gogoa. Eta azkeneko zutabe hori azpimarratu zuten gehien solaskideek Katakraken. Euskara baztertzeko antolatutako hizkuntza politika du Nafarroako Gobernuak, Del Santoren ustez: "Azken urteotan gobernuak gehien egin duena herri gogoa ukitzea izan da". Hezkuntza politika da adibiderik garbiena, haren ustez.

Makillatu gabeko politika

Orain arteko hizkuntza politika UPNren interesen araberakoa izan da, Lasaren ustez ere. "Hizkuntzaren kontrola hartu dute. Zertaz hitz egiten den eta nola hitz egiten den erabaki dute gobernutik". Eta hizkuntza politika egokia garatzeko hamahiru proposamen landu ditu Kontseiluak. "Ezinbestekoak" dira, hiruren ustez. "Euskara normalizatuko bada puntu guztiak beharrezkoak izango dira", azaldu zuen Otamendik.

Maiatzean foru gobernu berria osatuko balitz, euskararen alorrean ezer gutxi eginda ere, hori aurrerapauso edo aldaketa gisa aurkeztu daitekeela uste du Lasak. Eta horrek kezkatu egiten du. "Euskarak ez du makillajerik behar". Errotiko aldaketa behar da, eta hori lortzeko landu dituzte hamahiru puntuak.

Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta EH Bildu taldeekin batu da Kontseilua orain arte, proposamenen inguruan hitz egiteko. "Gaur-gaurkoz, ez dugu ezezkorik jaso", azaldu zuen Lasak. Hizkuntza politikak "harreman konplizeak" behar dituela azaldu die Kontseiluak zehazki talde politikoei: "Alor instituzionaletik bakarrik ezin da hizkuntza normalizatu, eta alor sozialetik bakarrik ezta ere". Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko aldaketan "eraginkortasunez" sartzea eskatu diete alderdiei.

Botere instituzionalak, halere, bestelako lana ere badu, Lasaren iritziz: "Hurrengo gobernuak duen lanik zailena ez da izango neurriak abian jartzea; baizik eta diskurtso berriak elikatzea, eta alor horretan iniziatiba hartzea". Orain arte, euskararen kontrako mezuak nagusitu direla salatu zuen: "Nola ez da posible izango diru bitartekoak handitzea? Logikaren barnean sartzen diren puntuak dira, baina utopikoak edo zailak ikusten ditugu". Euskalgintzak duen arazo bat da, haren aburuz. "Aurreiritziak sortu dituzte, eta aurreiritziek gure portaera definitu dute". Euskararen aldeko borroka ahultzen duten jarrerei buelta emateko beharra azpimarratu zuten solasaldian.

Euskararen prestigioa

1996. urtean UPN agintera itzuli zenetik gaur arte bi hamarkada igaro dira, eta denbora horretan, euskalgintzan diharduten eragileek "eraso zuzena, planifikatua eta etengabekoa" pairatu dutela nabarmendu zuten hiru hizlariek. Otamendiren esanetan, ordea, gobernuak egindakoen artean, hizkuntza zokoratzea, ikusezin bihurtzea, izan da kolperik latzena: "Euskara ez prestigiatzea, gizartean ezezagun bihurtzea, ezkutatzea... horrek guztiak ekarri du euskara ikasteko motibazioaren hoztea. Euskara presente badago, jendeak entzun dezake eta, jakinminez, ikasteko hautua egin; euskara ezkutatzen badugu, ordea, jakinmin hori ezinen dugu piztu eta, ondorioz, ezingo ditugu ikasle berriak erakarri. Estrategia bikaina izan da hori UPNren intereserako".

Del Santok bat egiten du ikuspegi horrekin. "Euskaltegien egoera txarraz hitz egiten dugunean, jasotzen ez ditugun diru laguntzak dira burura datozkigunak. Baina arazoa ez da horretara mugatzen. Gaur egun, euskara zokoratuta dagoen hizkuntza da. Administrazioaren lan deialdietan ez da euskararen ezagutzarik eskatzen; Ogasun sailean lan egiteko, adibidez, 10 puntuko saria ematen dute alemaniera edota ingelesa jakiteagatik, euskararengatik ez".

Otamendiren irudiko, baina, lotura zuzena dute prestigioaren galerak eta itotze ekonomikoak: "Estrategia horren ondorioa argia da: motibazioaren apaltzea, matrikulazio datuen murrizketa, diru laguntzen desagerpena eta abar". Azken horri dagokionean, egoerak okerrera egin du azken urteetan. "Lehen, lanordu bakoitzeko, 0,80 euro inguruko laguntzak ematen zizkiguten. Mixeria bat. Orain, ezta zentimo bat ere".

Euskararen normalizazioa galarazi duen faktore nagusietako bat, baina, Euskararen Legea izan da. Nafarroako Legebiltzarrak otsailean onartu zuen arauaren erreforma, eremu ez-euskalduneko herrietan D eredua ezartzeko "gutxieneko eskaera badago". Lasarentzat, "urrats txiki bat da" aldaketa hori. "Pozten gara, baina ez da nahikoa inondik inora". Ildo beretik, Nekane Otamendik uste du euskararen kontrako harresian egindako "arrakala txiki-txiki bat" besterik ez dela legearen erreforma. "Gaur egun, euskaldunon eskubideak ez dira bermatzen: euskara ikasi nahi duen pertsona batek ezin du halakorik egin, eskatzaileak gutxieneko kopuru batera iristen ez badira. Aldiz, eremu euskaldunean, nahikoa da gaztelaniaz ikasi nahi duen pertsona bakarra egotea, G eredua ezartzeko".

UPNren mapa eraisten

Nafarroako euskaldunen artean kalapita sortu duen beste auzi bat mapa soziolinguistikoarena izan da. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak otsailaren hasieran aurkeztu zuen ikerlana, eta zonifikazioa justifikatzeko erabili zituen emaitzak. Izan ere, mapa horrek emaitza positiboak eskaintzen ditu euskararen ezagutzari dagokionean, baina eremu euskaldunean hizkuntzaren erabilerak atzera egin duela nabarmentzen du. Asteazkeneko mahainguruan, Iñaki Lasak zalantzan jarri zuen emaitza horien zilegitasuna: "Lehenik eta behin, ikerlanaren iturria ez da batere fidagarria. Errolda egin zen lagin bat hartuta, eta familiako kide bati beste guztiei buruz galdetuta. Ez dakigu datu horiek zehatzak diren ala ez. Bestalde, Eustat eta INE institutuek zabaldutako datuen artean 300.000ko aldea dago. Beraz, ikerlan hori ez da fidagarria".

Kontseiluko arduradunaren aburuz, euskara Nafarroan "hazten ari da", eta hori ez dago zalantzan jartzerik. Hala ere, hazkunde horren kalitatea ere neurtu beharko litzatekeela uste du: "Eskolatik ateratzen diren ikasleen euskalduntze maila ez da homogeneoa, beste hainbat faktore kontuan izan behar direlako, baina sailkapena egiterakoan, Nafarroako Gobernuak balio homogeneoak balira bezala neurtu ditu".

Azkenik, euskaraz hitz egiteko aukerak ere aintzat hartu behar direla nabarmendu zuen Lasak: "Aukerak egokiak direnean, euskaldunek arazorik gabe egiten dute belaunaldien arteko transmisioa, baina aukera horiek ez daude bermatuak beti".

Nafarroaren Eguna ospatu dute, Baigorrin

Nafarroaren Eguna ospatu dute, Baigorrin

Atzo 36. aldiz ospatu zuten Nafarroaren Eguna Baigorrin (Nafarroa Beherea). Nafarren arteko harremanak saretzeko helburua du jaiak. 1979an egin zuten lehen aldiz, Baigorriko eskaintza kulturala nahikoa eskasa zela iritzita. Euskarak indargune handirik ez zuen garai hartan, eta hari bultzada bat ematea ere bazen jaiaren helburua. Nafarroako Egunaren argazki galeria. Egun, Basaizea elkarteak antolatzen du Nafarroaren...

Oinarrian erritmoa duten musikariak

Mikel Aveiro eta Adrian Larrañaga txalapartariek, Angel Lopez de Toro flamenko kantariak, Simon Moreno gitarra jotzaileak eta Giliyo perkusionistak osatzen dute Berriketan taldea. Erritmoan oinarritutako taldea da, baina bi estilo herrikoi batzen dituena: flamenkoa eta txalaparta. Berriozarko Kultur Etxean eskainiko dute hurrengo kontzertua, igandean, 19:00ean. Sarrera zortzi euroan eskuratu daiteke.

“DNE kanporatu dugu, baina gauza bera gerta dakioke beste herri bati”

“DNE kanporatu dugu, baina gauza bera gerta dakioke beste herri bati”

Urduri dago Iñigo Arregi (Garinoain, 1971). Alkategai izendatu berri dute, Garinoaingo hautagaitza herritarraren barruan, eta bozak irabaziko dituela ongi dakien arren —seguru asko, beste alderdirik ez baita aurkeztuko—, fokuen azpian egoteak ez dio zirrara berezirik eragiten. "Argazkia ere eginen didazue?", esan, eta hasperen bat itzurtzen utzi du, irribarrez. "Tira, ohitu beharko dut".

Zergatik erabaki zenuen zerrendan izena ematea?

Iaz hasi ginen hauteskunde zerrenda bateratu bat osatzeko planak egiten, baina inork ez zuen alkate izan nahi. Herri txiki batean, kargu publikoa izatea ez da pagotxa, buruhaustea baizik. Azkenean, zerrenda irekiak egitea otu zitzaigun, eta herriaren alde lan egiteko prest geundenok izena eman genuen. Nire izena izan zen gehien bozkatua, eta, beraz, ni izendatu ninduten zerrendaburu.

Nolakoak izan dira azken lau urteak?

Oso gogorrak. Garinoainez fitsik ere ez zekien jendeak eskuratu zuen udala 2011n, eta espero genuen huraxe egin dute legealdi osoan: polemikak eta arazoak sortu dituzte publizitatea lortzeko, eta kolpe zorrik ere ez dute jo.

Baina herritarrek buelta eman diozue egoerari...

Bai, hori izan da honek guztiak izan duen alde positibo bakarra, elkarlan horri esker kalteak ez baitira larriagoak izan. Herritarrok gure gain hartu ditugu udalak egin beharreko lan asko: futbol zelaia mantentzea, kaleak garbitzea, bideetako sasiak moztea, jaiak antolatzea... Horri esker ikusi dugu administrazioa bigarren planoan gera daitekeela, inportanteena beherago baitago: jendea da udalerri bat mugiarazten duena.

Aginte ofizialetik kanpo, udal alternatiboa osatu duzue, beraz?

Hori, agian, gehiegitxo esatea da. Legez, udalak baditu betebehar batzuk, ordezkaritza funtzio batzuk, eta horiek ezin ditu beste inork bete; baina eguneroko zeregin txikiei dagokienez, herritarren arteko auzolanak aise ordezka dezake administrazioaren egitekoa.

Zeintzuk izan dira, zure ustez, kasurik larrienak?

Abiadura handiko trenaren proiektuak, adibidez, bitan zatitzen du Garinoain, eta zirriborroa udalaren eskuetara heldu zenean, DNEko zinegotziek ez zuten karpeta ireki ere egin. Begiratu gabe sinatzen dute dena, hiru hilabetean behin bakarrik etortzen direlako herrira. Bestalde, udaletxeak egiturazko arazo larriak zituen, baina konponketa lanak ez zituzten baimendu, beranduegi izan zen arte. Azkenean, hustu egin behar izan zen eraikina. Han zegoen musika eskola ere, eta auzokideok arduratu ginen beste egoitza bat atontzeaz, zerbitzua eten ez zedin. Gaurdaino, alkateak ez du gaiaz galdetu ere egin.

Horri guztiari kalte ekonomikoa ere gehitu behar zaio.

Gure kalkuluen arabera, Garinoaingo familia bakoitzari 600 euroren galera eragin dio udal gobernu talde honek. Hainbat salaketa aurkeztu ditugu Nafarroako Administrazio Auzitegian udalaren kontra, eta epaiketak irabazi arren, herritarrok pagatu behar izan ditugu, alkateak ez baititu prozesuak bere poltsikotik ordaindu, udalaren diruarekin baizik. 27.000 euro galdu dira, sententzietan bakarrik. Eta horiek ez dira udalaren kontuetan ageri.

Jazarpen baten biktima dela dio alkateak. Egia al da hori?

Ez. Aitzitik, bera eta bere alderdikideak dira herritarrei jazartzen zaizkienak. Bizilagunak joaten gatzaizkionean, egiten duen lehen gauza Guardia Zibilari deitzea da. Eta gero, gainera, salaketa jartzen dizu, ustez, istiluak sortzeagatik. Indarkeriaz jokatzen dugula dio, baina udaletxeko idazkariek eta gainontzeko langileek ziurta dezakete hori gezurra dela, eta bera dela giroa narrasten duena.

Amaitu da amesgaiztoa?

Kostata, baina lortu dugu DNE kanporatzea. Hala ere, legeak eta instituzioek ez dute bermatzen halakoak errepikatuko ez direnik. Maiatzean gauza bera gerta dakioke beste herri bati.

Elorrieta, deserri poetikoaz eta politikoaz kantari

Idazle eta poeta ezagunetan oinarritzen da: Joseba Sarrionandiaren, Joan Oliverren, Harkaitz Canoren, Mario Benedettiren eta Bernardo Atxagaren hitzak hartu ditu Eñaut Elorrieta abeslariak bere lehenengo bakarkako lana egiteko. Idazleen deserri politiko eta poetikoak abesten ditu 2013an kaleratutako Deserriko kantak lanean. Hamar abestiz osatutako diskoa da, baina emanaldietan ohitura du, gainera, Gabriel Arestiren poeman oinarritutako Nire aitaren etxea ere abesteko. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean eskainiko du hurrengo kontzertua, igandean, 19:00etan.

Hamaika ekitaldi Nafarroan, giroa berotzen hasteko

Nafarroako herrietako euskara elkarteek besoak zabalik hartu dute apirilaren 25eko ekitaldia, eta hasiak dira dagoeneko ekitaldi paraleloak antolatzen, Anaitasunako ikuskizunaren aurreko giroa berotzeko.AEK-k eta Arrotxapea kirol elkarteak mendi laste...

70

AHT-aren aurkako protesta babestu duten taldeak

Babes zabala jaso dute Nafarroako AHT Gelditu, Ekologistak Martxan eta Sustrai Erakuntza taldeek. AHTa "berehala" gelditzeko eskatuko dute bihar, giza katea eginez 12:30ean Iruñeko Sarasate pasealekutik. 70 talde eta eragilek babestu dute azpiegituraren aurkako protesta.

Aldaketarako zenbakiak

Irakurle maiteak, ia ziur naiz lerro hauek irakurriko dituzuen guztiok nahi duzuela maiatzeko hauteskundeetatik aterako den gobernua aurreko gobernuen oso ezberdina izatea. Horretarako, bistan denez, aldaketarako indar guztiek ados jarri beharko dute. Baina borroka horretan sartu aitzin, ikusi beharko dute ea aritmetikak aldaketa hori ekarriko ote duen. Bada, hauteskundeetarako hilabete pasatxo falta delarik, non gauden azal dezaketen zenbaki batzuen entsalada ezkor samarra eskainiko dizuet. On egin. Edo ez.

Volkswagen: Apirilaren 1ean, berriz ere, UGT sindikatuak Iruñeko Volkswagen lantegiko hauteskundeak irabazi zituen. 4.352 langileetatik 3.885ek eman zuten botoa (%89,27); horietatik 1.103k UGTri eman zioten bozka (%28,4) eta 790ek CCOOri (%20,3). UGT eta CCOO sindikatuak erregimeneko kidetzat joko bagenitu eta Volkswageneko datuak Nafarroako politikara estrapolatuko bagenitu, emaitzak kezkatzeko modukoak lirateke aldaketa nahi dutenendako.

Baina bada esperantzarako zirrikiturik: UGTk 1.725 afiliatu omen ditu (%39,6) Volkswagenen, eta CCOOk, 1.100 (%25,3). Hau da, Volkswagenen badira langile batzuk UGTko edo CCOOko karneta dutenak —akaso, sartzeko karnet hori eskuratu behar izan zutelako—, baina bi sindikatu horiei botoa ematen ez dietenak.

Aranzadi: Azkenean, apirilaren 2an jakin genuen Podemos alderdiak Aranzadi zerrenda hiritarra babestuko duela Iruñeko Udalerako hauteskundeetan. Aferak berebiziko garrantzia zuen, Iruñeko Udalaren kolorea aldatzeko nahitaezkotzat jotzen baita alderdi morearen konkurrentzia. Iragan astean, beraz, iragarri zuten zein euritakoren azpian aurkeztuko diren pabloiglesiastarrak. Baina erabakia hartzeko prozesuak hainbat kontu kezkagarri azaleratu ditu. Prozesua iskanbilatsua izan da, gatazkatsua —alde batekoek zein bertzekoek sekulakoak bota dituzte sare sozialetan eta hedabideen foroetan—; agerian geratu da Podemosen inguruan gauzak ikusteko modu oso ezberdinak daudela.

Horri guztiari gehitu behar zaio bakarrik 440 pertsonak bozkatu zutela, eta irabazleen eta galtzaileen arteko boto aldea soilik 18koa izan zela. Hagitz jende gutxi, nire ustez, Podemos aldaketa gidatzeko alderdia izatera deitu dutela kontuan harturik.

Lerrook idazteko tenorean, gainera, ezinezkoa da jakitea ea Aranzadik hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko 3.000 sinadurak lortu dituenetz. Apirilaren 1ean, sinadurak biltzeko lehenbiziko egunean, 2 ordutan 30 sinadura bertzerik ez zituzten bildu. Pentsatzekoa da, Podemosen erabakia jakin eta gero, bermeak lortzeko prozesua azkartuko zela.

D eredua: Nafarroako zein Iruñeko gobernuak aldatuko badira, indar abertzaleek gobernu alternatibo horietan egon beharko dute. Baina euskal abertzaletasunak badu arazo bat, D ereduak Nafarroan duen berbera. Azken hamarkadan, bai batak eta bai bertzeak doi-doi gainditu dute gazta zatiaren laurdena. 2011ko foru parlamenturako hauteskundeetan, NaBai 2011 eta Bildu alderdiek botoen %28,33 lortu zuten bien artean. Aurtengo aurrematrikula kanpainan, 2012an jaiotako haurren %26 sartu ditugu D ereduan. Halaxe gaude, herenera ezin ailegatu.

48.427

nafarroan langabezian diren pertsonakBehera egin du langabeziak Nafarroan. Otsailean baino 622 lagun gutxiago daude enplegu zerbitzuko zerrendan: 48.427, guztira. 2014ko martxoan baino 3.246 langabe gutxiago dira aurtengoak (-%7,62).

‘Moderna’ zahar gelditu da

Nafarroako establishment-aren iragarpenak bete izan balira, 2015ean inoizko langabezia tasarik baxuena izanen luke herrialdeak, Nafarroa Europako Batasuneko 30 eskualdeen artean aberatsenetako bat izanen litzateke barne produktu gordinari dagokionez (BPG), eta aurrera urrats itzelak emanak izanen lituzke garapen iraunkor, produktibitate eta bizi-kalitatearen gisako eremu estrategikoetan. Moderna planean aurreikusitakoa bete izan balitz, oso bestelakoa zatekeen Nafarroa. Baina Moderna plana ez da bete. Inondik ere ez. Aitzinera egin beharrean, atzera egin du herrialdeak hainbat alorretan, eta garapenaren aitzakiarekin argazkia atera nahi izan zutenek muturreko galanta jaso dute, errealitate gordinaren kontra.

Izan ere, Nafarroa idilikoa marraztu zuten gobernuak, PSNk, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak, UGTk, CCOOk, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Opus Deiren unibertsitateak. Idilikoa, bederen, enpresaburu eta ekintzaileentzat. 2010ean idatzi eta 2011ko martxoaren 10ean aurkeztu zuten Moderna plana, krisialdi ekonomiko betean. Egun hartan, Miguel Sanz presidenteak esan zuen "Nafarroaren etorkizunean sinesten duten guztiek" babestu zutela egitasmoa. Etorkizun horrek, ordea, gainezka egin die berehala, eta aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri ditu. Moderno izateko jaio zen plana zahar gelditu da, lau urteren buruan.

Agintarien aurreikuspenik eza agerian utzi duen faktorerik nabarmenena langabezia izan da: Moderna planaren sinatzaileek konpromisoa hartu zuten 77.000 lanpostu sortzeko 2030. urtera bitartean. Horren arabera, 298.000 pertsonak eduki beharko lukete lanpostu bat 2015 urtea amaitzerako, baina, egiazki, 264.300 besterik ez dira gaur egun; hau da, aurreikusitakoa baino 33.700 gutxiago. Enplegua sortu ez; kontrara, suntsitu egin da azken bost urteotan: Moderna plana sinatu zenean, 45.866 pertsona zeuden langabezian Nafarroan. Gaur, 48.427 dira. Beraz, egunean 100 bat enplegu sortu beharko lirateke urte bukaerara arte, Nafarroako Gobernuak 2015erako ezarri zituen helburuak betetzeko.

Enpleguaren esparruan, enpresa handiak erakartzea izan zen planaren beste helburuetako bat, baina horretan ere porrot egin du UPNren gobernuak: 2009an, Nafarroako enpresen %1,30ek zituzten 50 langile baino gehiago; 2015erako, kopuru hori handitzea eta %1,60ra iristea aurreikusten zen, baina, gaur egun, Nafarroako enpresa handiek ozta-ozta gainditzen dute %1eko langa.

Aberastasunean ere, atzera

Europara begira eginak ziren Moderna egitasmoan zehaztutako helburu handinahiak, Europako Batasuneko eskualde aurreratuenekin lehiatzeko xedez, baina horrek konparazio gehiago eragin ditu. Eta ez dute Nafarroako Gobernua toki onean utzi.

Hala, herritarreko BPGa aintzat hartuta, Europako Batasuneko hogei eskualderik aberatsenetako bat izateko helburua ezarri zuten sinatzaileek 2015erako. Hitzarmena aurkeztu zenean, 32. postuan zegoen Nafarroa, baina gora egin beharrean, zerrendako 48. postura jausi da. Zenbaki absolutuetan adierazita, herritarreko BPGa 29.487 eurorena dela dio Espainiako Estatistika Institutuak; Moderna planak iragarritako 34.000 euroetatik oso urrun. Gauzak horrela, Nafarroako ekonomiak %21 hazi beharko luke egun batetik bestera, iragarpen baikor horiek bete ahal izateko.

Bestalde, berrikuntzaren alorrean ere, Europako herrialde garatuenen pare egotera heldu nahi zuten gobernuak, sindikatuek, patronalak eta unibertsitateek, eta haiek uste baino kaskarragoak izan dira emaitzak: I+G+B Ikerketan, Garapenean eta Berrikuntzan eginiko inbertsioak %2,2koa izan beharko luke aurten, baina, gaur-gaurkoz, ez da %1,8ra iristen —duela lau urte baino gutxiago—. Sinatutako patenteen kopuruak ere behera egin du nabarmen 2011tik gaurdaino. Horrek guztiak argi adierazten du Moderna planaren ardatz nagusietakoa eta etorkizuneko garapen ekonomikoaren oinarri izan beharko lukeen I+G+B sektorea hazi ez, makaldu egin dela gobernuaren egitasmoa indarrean jarri zenetik.

Moderna planak orain arte jasotako kritikak, alta, ez dira mugatzen adierazle makroekonomikoetara eta lorpenetara. Ituna sinatu zen egunean bertan, hainbat sindikatuk eta eragile sozialek elkarretaratzea egin zuten Baluarte auditoriumaren kanpoaldean, planaren izaera "neoliberala eta atzerakoia" salatzeko.

"Plan berri honek kapitalismo basatira eta zerbitzuen pribatizaziora bultzatzen gaitu. Langileak betiereko krisialdira eta behin-behinekotasunera kondenatzen dituen eredu batean oinarrituta dago", adierazi zuen Iruñerriko Langabeen Plataformak, aurkezpenaren egunean kaleratutako ohar batean.

Diru publikoa, klub pribatua

Planaren kudeaketa ere kritikatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Izan ere, egitasmoaren inbertsioak eta funtzionamendu egokia ikuskatzeaz arduratzen den erakundea ez da Nafarroako Gobernua, Moderna fundazioa baizik, itunaren sinatzaileek osatutako taldea.

LABeko ordezkarien arabera, "gobernuaren egitekoak eta politika publikoak de facto pribatizatzea da" fundazioaren sorrera bera. "Politikariek, enpresaburuek eta sindikalista otzanek osatutako klub batek arpilatu ditu erakunde publikoek kudeatu beharreko diruak", azaldu dute.

Bere garaian, ELAk ere "nardagarritzat" jo zuen Moderna planaren sorrera, "batez ere, milaka nafar langabezian daudela jakinda". Sindikatu horretako ordezkarien irudiko, "botere politikotik at dagoen egitura paralelo bat" da Moderna fundazioa, eta helburu garbi bat dauka: "Guztion dirua kudeatu nahi dute planaren sinatzaileek, kontrol publikoak saihesteko eta, pixkanaka-pixkanaka, zerbitzu publikoak pribatizatzeko".

Sindikatu abertzaleek eta langabeen plataformak "patronalaren bide orri" gisa definitu dute Moderna plana. Hala azaldu du LABek: "Euren irabaziak bermatu nahi dituzte nafar enpresaburu handiek, langileon bizkarretik bada ere. Ikuspegi horrekin bultzatu dituzte osasunaren pribatizazioa, higiezinen espekulazioa eta AHTaren gisako azpiegitura jasangaitzak".