Birusaren aurka, Senegalen

Birusaren aurka, Senegalen

Natalia Tajadura

Arratsaldeko zortziak Oussouyen, Senegalgo Cassamance eskualdeko herri batean. Etxeratze agindua indarrean sartu da, biharamuneko 06:00ak arte. Hori da Macky Sallen gobernuak joan den martxoaren 23an martxan jarritako neurrietako bat, COVID-19aren hedatzeari aurre egin ahal izateko. Badira bertze hainbat: garraio publikoaren esparrukoak, turismoaren arlokoak —mugak itxi dituzte—, eta turismoarekin lotutako jarduera ekonomikoen alorrekoak, bertzeak bertze.

Neurri horiek errotik aldatu dute eskualdeko komunitateen egunerokoa: eskolak itxita daude; azokek zabalik jarraitzen dute, baina jende gutxi dabil. Janari bila ateratzen dira bakarrik herritarrak etxetik. Zorionekoek hozkailua dute, baina gehienak azokara joaten dira egun oro behar duten arroza erostera. Arroza ez dute falta, oraingoz, ezta duten hori banatzeko ohitura ere. Teranga (abegi ona, Senegal osoan ofiziala den wolof hizkuntzan) hemen ohiko gauza bat da; hemengo herritarrek berezkoa dute abegi oneko izatea.

Herri osora hedatu dira koronabirusari aurrea hartzeko neurriak. Etxez etxe joaten dira boluntarioak gaitzaren berri ematera eta maskarak banatzera. Herrixketako zuhaitzetan ere kartelak jartzen dituzte, eta herritarrek segurtasun neurriak betetzen dituzte. Hala ere, beti dute irribarrea aurpegian, eta agurra prest, kaletik pasatzen denarentzat.

Hamar urte lanean

Cassamance eskualdeko herrixketan erabat aldatu da egunerokoa, krisiaren ondorioz. Pandemiak bereziki eragin die Asiako eta Europako herri batzuei. Afrikan, batzuek diote mendebaldeko herriei hilaren bukaeran eraginen diela pandemiak, bereziki; tokiko komunitateek argi dute, ordea, hemen ez dela Europan gertatu dena errepikatuko. Hori uste dute, "berezko tresnak martxan" jarri dituztelako herritarrak babesteko. Mendebaldeko begiradarentzat ulertzen zaila izan daiteke hori, baina beren sinesmenen parte bat da. Mendebaldean lan egiten dute gaitzarentzako sendabide bat aurkitzeko; hemen, berriz, prebentzioa bazter utzi gabe, lehentasuna da osasunaren alde egitea: jendearen osasuna suspertzeko zer egin asmatzea.

Senegalgo Cassamancen, bertako eta Mendebaldeko moldeek egiten dute bat, neurri batean: eskualde horretan lanean ari da, duela hamar urtetik, Zinemagileak Martxan izeneko Madrilgo gobernuz kanpoko erakundea. Federica Romeoren zuzendaritzapean, erakunde horrek lan egiten du hainbat hezkuntza eta gizarte proiektu garatzeko, betiere ikuspuntu feminista batetik.

Erakundeak 2020rako lehentasunen artean du egoerarik zaurgarrienean direnekin lan egitea: adingabeekin eta emakumeekin, hain zuzen ere. Proiektu horiek guztiak tokiko profesionalek kudeatzen dituzte, boluntarioen laguntzarekin.

Proiektu horietako batek helburu du adingabeen formakuntza, Ziginchor hiriko daara batean. Senegal osoan daude daara-k: Korana oinarri duten eskolak dira, mutikoak musulmanen erlijioan trebatzeko. Eskola horietan ez dago neskarik; mutikoak, anitzetan, baldintza izugarri kaskarretan bizi dira, eta karrikan aritzen dira eskean, aurrera egin ahal izateko. Kasu gehienetan, haurron familiek ezin dituzte adingabeak mantendu. Gobernutik ekinaldion kontrako arauak badira, baina, hala eta guztiz ere, halakoak existitzen dira.

Ziginchor hiriko eskolan diren mutikoen, boluntarioen eta Zinemagileak Martxan taldeko langileen lanari esker, han bizi diren adingabeen egoerak hobera egin du; egun, hain zuzen, lanbide heziketa eskaini ahal izateko baliabideak lortzea dute helburu, lanpostu bat lortzeko aukera gehiago izan dezaten. Koronabirusaren pandemiak mundu osoan eragindako krisiak asmo horiei ere egin die kalte, ordea.

Kanpaina martxan

Egungo egoerari aurre egiteko, kanpaina bat jarri dute martxan dirua lortzeko. Asmoa da, batez ere, adingabeek zer jan izanen dutela bermatzea, gazteei bereziki kalte egin baitie krisiak. Gainera, proiektu berri bat jarri dute martxan Cassamance eskualdeko Oussouye herrian, turismo iraunkorra sustatzeko amoz. Helburua da tokiko gazteak trebatzea, bereziki emakumeak, turismoaren arlo horretan lan egin dezaten: emakumeon lanpostu bat lortzeko aukerak gora egin dezan, batetik, eta genero ikuspuntu batetik tokiko ekonomiaren eta ingurumenaren aldeko egitasmoak martxan jar ditzaten, bertzetik.

Emakumeak dira nagusi Zinemagileak Martxan-ek babesten duen bertze proiektuetako batean: Kabrousseko baratze komunitarioa, hain zuzen ere. Bertze hainbat proiektu ere laguntzen dituzte gobernuz kanpoko erakundeko kideek: denda solidario bat kudeatzen dute Oussouyen, eta udan, berriz, bidaiak antolatzen dituzte boluntarioentzat, Oussouyeko Ojacks elkarteko kideekin batera.

Proiektuok guztiok kolokan dira orain; neurri handi batean, koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoeragatik. Senegalgo Gobernuak ezarritako segurtasun neurriek baldintzatuta ari dira, baina lanean jarraitzen dute Cassamance eskualdeko herritarrek eta Zinemagileak Martxan erakundeko kideek, halere, beren bizi baldintzak hobetze aldera. Ilusioa eta ideiak erruz dituzte, behintzat.

OHARRA:

Natalia Tajadura Arizaleta gizarte langile eta sexologo iruindarrak hiru hilabete daramatza Cassamance eskualdean, Senegalen, Zinemagileak Martxan gobernuz kanpoko erakundearentzat boluntario lanak egiten.

Etxean utzi behar izan dituzte kanaberak ere

Etxean utzi behar izan dituzte kanaberak ere

Edurne Elizondo

Koronabirusaren pandemiagatik ezarritako alarma egoerak aspaldi galdutako lasaitasuna ekarri die hiri eta herrietako karrikei, bai eta inguruko baso eta mendiei ere. Herri eta hiri, eta baso eta mendi horietan bizi diren gizakiz bertzeko animaliek aukera aprobetxatu dute, eta galdutako tokiak hartu dituzte, berriz ere. Ibaietan ere hasi dira aldaketa sumatzen ur azpian, gainean eta erreka bazterretan bizi direnak: arrantzarako kanaberarik gabe egin dezakete orain ibaian gorako eta beherako bidea. Izokinek, adibidez, 1982tik ez zuten arrantzalerik gabeko ibaia ezagutzen, Bidasoan.

Joan den otsailaren 13koa da herrialdeko aurtengo arrantza garairako arauak ezartzen dituen dekretua. Horren arabera, apirilaren 1ean hastekoa zen sasoia salmonidoen eremu mistoan; salmonidoen goiko eremuan, berriz, maiatzaren 1ean abiatzekoa zen, baina epe hori ere ezin izanen dute bete, alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatu eta gero.

Itxialdiaren ondorioz, apirilerako arrantza baimenak bertan behera gelditu dira, eta maiatzetik aurrerakoak ere kolokan dira. "Oraingoz ez gara baimenak ematen ari. Alarma egoera bertan behera utzi arte ez du zentzurik inolako urratsik egiteak. Maiatzaren hasieran, behintzat, lasai egon ahal izanen dute amuarrainek eta izokinek; egoerak ez dio kalterik eginen ibaiari: alderantziz, on eginen dio", erran du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko biologo Jose Ardaiz Ganuzak.

Iaz apirilean hasi zen arrantza garaia Nafarroako ibaietan. Arrantzaleen eskaerek eragin dute, ordea, aurten pixka bat atzeratzea salmonidoen goi eremuan. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunek dute epeak zehazteko eskumena; baina arrantzaleen presioak ere —izokinak harrapatzen dituztenenak, bereziki—, badu eraginik.

Gobernuko teknikariek laurehun izokin baino gehiago zenbatu dituzte aurtengo neguan, Berako Fundizioko estazioan; zehazki, 441ek egin dute ibaian gora. Europatik jasotako baliabideei esker, arrainon segimendua egiten ari dira Ingurumen Departamentuko kideak, azken urteotan, eta populazioaren joera goranzkoa dela nabarmendu dute. Bidasoko hainbat presa behera bota eta gero, gainera, inoiz baino gehiago egin dute izokinek ibaian gora, Arizkuneraino. "Ez hori bakarrik; Ezkurra ibaitik, adibidez, Goizuetaraino ailegatu dira", kontatu du Ardaiz Ganuzak. Iturengo eta Elgorriagako presak behera bota eta gero lortu dute arrainok Goizuetaraino iristea, hain zuzen ere. "Sekulakoa da. Onena da izokinak toki ezberdin anitzetan daudela".

Kumeei eta emeei mesede

Maiatz hasierako lasaitasunak herrialdeko ibaietako arrainkumeei eginen die mesede, batetik. "Udan egiten ohi ditugun azterketek erranen digute egoera zein den, halere. Itsasotik itzultzen direnean ere ikusi ahal izanen dugu aurtengo egoerak zer eragin izan duen".

Uztail aldera egin ohi dituzte azterketa horiek; kezka du Ardaiz Ganuzak aurtengoekin. "Zazpi-zortzi pertsona behar izaten dira, eta batek bertzearen ondoan egon behar du ibaian. Koronabirusarengatik ezarritako segurtasun neurriak betetzen zailak izanen dira". Urte bateko datuak galtzeko aukerak are gehiago kezkatzen du: "Amuarrainei buruzko datu biltzea duela hogeita zortzi urte hasi genuen; urte bat galtzea galera handia litzateke".

Bertzalde, arrantza garairen hasierako ezohiko lasaitasunak itsasotik ibaian gora abiatzen diren izokin emeei eginen die mesede. "Izokin eme gehienak arrantza garaiaren hasieran sartzen dira Bidasoan; gehienak, bai eta handienak ere", nabarmendu du Ardaiz Ganuzak.

Ez dago argi ibaiek noiz arte eutsi ahal izanen dioten egunotako lasaitasunari; apirila arrantzalerik gabekoa izan da arrainentzat, baina ikusteko dago datozen hilabeteotan zer gertatuko den. Gobernuak ez du erabakirik hartu, oraingoz.

“Kultura buru asko salbatzen ari da krisi gogor honetan”

“Kultura buru asko salbatzen ari da krisi gogor honetan”

Uxue Rey Gorraiz

2008ko apirilaren 14an sortu zen Nafarroako Ganbera Abesbatza. David Guindano (Iruñea, 1973) izan zen sustatzaileetako bat. Iruñeko Ganbera Abesbatzan aritua zen ordura arte, baina desadostasun batzuengatik kaleratu, eta talde berri bat sortzea erabaki zuen, berarekin batera abesbatza utzi zutenekin.

Krisi ekonomikoa larritzen hasi zenean sortu zenuten Nafarroako Ganbera Abesbatza. Nolakoak izan ziren hastapenak?

Hasiera oso zaila izan zen, baina zorionekoak izan ginen hein handi batean. Abesbatzako kideak oso gogotsu aritu dira beti, hori da garrantzitsuena, baina instituzioen babesa ere sentitu genuen garai hartan, bai Iruñeko Udalarena, baita Nafarroako Gobernuarena ere, bereziki. Gogoan dut estreinakoz beste norbaitek kontratatuta eskaini genuen lehen kontzertua: Iruñeko Baluarten izan zen, Euskaltzaindiak Pirinioetako hizkuntzei buruz antolatutako kongresu batean.

Zertan oinarritzen da zuen lan egiteko modua?

Asko gustatzen zitzaidan nola egiten genuen lan Iruñeko Ganbera Abesbatzan errepertorioarekin, eta, beraz, alde horretatik, berdintsu egiten dugu guk ere betidanik. Ikertu eta aztertu egiten dugu errepertorio lokala —eta ez folklorikoa bakarrik, baita historikoa ere—, hor asko baitago egiteko. Dena dela, berehala ohartu ginen espezializazioa oso inportantea zela, eta horregatik sortu genituen hainbat talde. Horrek aski bereizten gaitu besteengandik.

Lau talde dituzue. Nola koordinatzen duzue horien lana?

Lan egiteko modua aldatu egiten da taldearen arabera. Kontuan izan behar da talde bakoitzak, oro har, musika genero eta estilo desberdinak lantzen dituela. Antzinako musika lantzen duten taldean, esaterako, kantariak berberak dira ia beti. Musika klasikoa eta folklorikoa kantatzeko, berriz, taldeak aski handiagoa behar du izan, eta kantari desberdinek hartzen dute parte proiektuaren arabera. Jazzy Leap-en taldea itxia da, eta txikixeagoa. Azkenik, Heptameron taldea dugu, eta emakumez dago osatua.

Nola sortu zen talde hori eratzeko ideia?

Ikusi genuen emakumezkoen ahotsak izugarri onak zirela gurean, eta pentsatu genuen gauza oso interesgarriak egin zitezkeela. Gainera, oso garrantzitsua da historikoki emakumeek egindako sorkuntza artistikoei erreparatzea. Ez bakarrik emakumezkoak direlako, jakina. Esan beharrik ez dago sekulako kalitatea duten lan askori ez zaiela aitortzarik egin egileak emakume izate hutsagatik. Horregatik ikusten dugu beharra. Gainera, aldarrikapenak egiteko bide ederra da artea.

Taldea Beatriz Agirrek zuzentzen du, denbora laburra daramate, baina sinetsia nago taldeak etorkizun oso ona duela.

Nola deskribatuko zenuke entitatea gaur egun?

Seriotasunez eta zintzotasunez lantzen dugu musika. Ahalegintzen gara beti musika lanaren sortzailearekiko errespetu handiz aritzen, eta musika bera ere errespetatzen. Interpreteak nolabaiteko askatasuna izatea ere beharrezkoa da, baina kontu handiz egin beharra dago konpositoreari eta lanari traiziorik ez egiteko.

Zergatik ematen diozue lehentasuna bertako musika-lanei?

Konpromisoa hartu dugu bereziki gure herrialdearekin lotutako musika zabaltzeko, hein handi batean gure musikak egin baikaitu ezagun munduan. Jendea ez da ohartzen Euskal Herriak eta, zehazki, Nafarroak nazioarteko musika sorkuntzari egin dion ekarpenaz, Mendebaldeko kulturari bereziki. Deus gutxi dakigu orokorrean. Horregatik guztiagatik, garrantzitsua iruditzen zait kanpora salto egitea, baina beti jakinik nondik abiatu garen.

Berriki, bat egin duzue Nafarroako hainbat kultur eragilek koronabirusaren krisiaren harira kaleratutako manifestu batekin. Zer salatu nahi duzue?

Guztioi eragiten digun hondamendi honetan gu ere kontuan har gaitzaten nahi dugu, eta, bestalde, ohart daitezen zenbat ematen dion kulturak gizarteari. Nire ustez, behintzat, premia beharrezkoen artean dago kultura, baina, oro har, ez dugu ikusten kulturak askatasuna ematen duela. Horrek, baina, kritikoago ere bihurtzen gaitu, eta agintariek badakite hori ez zaiela komeni.

Itxialditik modu mailakatuan ateratzen bagara, askok diote kultura izanen dela azkenetakoa jardunera itzultzen.

Zoritxarrez, kultura hutsaren hurrengoa da askorentzat. Batzuek aisialdi soil gisa ikusten dute, eta hori ez da hala, nik uste dut kontrakoa dela guztiz. Seguru nago kultura buru asko salbatzen ari dela krisi gogor honetan. Gure barrenarekin komunikatzen laguntzen digu, eta besteekin enpatiaz jokatzen ere bai. Behar-beharrezkoa dugu beti, eta, orain, are gehiago.

Nola eragin dizue krisiak zuei?

Aurreikusita genituen kontzertu guztiak oraingoz bertan behera utzi behar izan ditugu. Martxoaren 21ean oso hitzordu garrantzitsua genuen, Madrilgo Auditorium Nazionalean kantatu behar genuen, Bach Vermut zikloaren barrenean. 2.000 sarrera baino gehiago saldu ziren. Zorionez, atzeratu eginen da, eta aukera dagoenean kantatuko dugu.

Zuen eguneroko jardunean, nola ari zarete moldatzen?

Saiatzen ari gara abesbatzako kideekin etengabe harremanetan egoten. Partiturak bidaltzen dizkiegu, ahal den neurrian ikasteko. Oraingoz ez dugu entsegu birtualik egin, baina ez dut baztertzen.

Nola espero duzue gauzek aurrera egitea?

Musika egitea maite dugu; kantatzeko bat eginen dugu baimena izan bezain laster. Egoerari nola eginen diogun aurre, arrastorik ere ez. Ziurgabetasuna erabatekoa da.

Iritzia: Kaiolako txoriak

Iritzia: Kaiolako txoriak

Naiara Elola
Askatasuna. Azken egunetan hankamotz dago. Gure bizitzak askatasunez gobernatzea zein garrantzitsua den jabetu gara. Horretarako balio izan du, behinik behin, COVID-19ak eragindako pandemiak. Bihar, sei aste izango dira etxean itxita gaude...

Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoa hil da, 96 urterekin

Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoa hil da, 96 urterekin

Iñigo Astiz-Berria Sartagudako Memoriaren Parkean dagoen eskultura da seguruenik Joxe Ulibarrenaren lanik ezagunen eta ikusiena (Azkoien, Nafarroa, 1924- Iruñea, 2020), eta ez da kasualitatea. Hiru giza figura irudikatzen ditu altzairuzko pieza monumental horrek, elkarri besarkatuta, tiro zuloak diruditen hutsunez josita. 11 urte zituela hil zioten aita artistari 1936ko gerran altxatutakoek, eta bere ibilbidean oso lotuta joan dira beti memoria historikoa eta...

Joan den paisaiaren bila

Joan den paisaiaren bila

Edurne Elizondo
Baztan-Bidasoko margolariek huts egin diote aurtengo udaberriari. Koronabirusaren pandemiak etxean itxi ditu, eta, ondorioz, ezin izan dute hilabete oroko konpromisoa bete: ezin izan dute kanpora atera margotzera, mihisea eta pintzelak ...

Berandu, baina garaiz

Berandu, baina garaiz

Uxue Rey Gorraiz
Askotariko ekitaldiak, jarduerak eta kanpainak bertan behera gelditu dira koronabirusaren krisiak herritarrak nor bere etxean gelditzera behartu zituenetik. Ohiko erritmoari eutsi dio udaberriak, baina udaberriarekin batera ailegatzen ...

Konfinamenduaren mende

Konfinamenduaren mende

Edurne Elizondo

Konfinamendua hasi aurreko batzuen eta bertzeen egoerak markatu du batzuen eta bertzeen itxialdia nolakoa den; herritar anitzentzat, bakarraldiak ekarri du aurretik zaila zen egunerokoa gehiago zailtzea. Gizakia Helburu fundazioak droga mendekotasunen bat dutenak artatzen ditu, eta haiei so egiteko beharra nabarmendu du erakunde horrek, bereziki egunotan.

Fundazioko kideen eguneroko lanari ere eragin dio koronabirusaren pandemiak sortutako alarma egoerak, baina, hala eta guztiz ere, lortu dute kudeatzen dituzten hiru programei eustea. Programa horiek helburu dute mendekotasunei aurre egitea, bai eta herritarrak konfinamenduaren mende diren garaiotan ere.

Fundazioak komunitate terapeutikoa du, Lizarran, batetik. "Laguntza gehien behar dutenentzako programa da hori", azaldu du Gizakia Helburu erakundeko kide Kristina Illescasek. 35 pertsona artatzen dituzte, egun, programa horren bidez. Illescasek, bertzetik, Aldatu programa zuzentzen du, eta, horretan, astean behin edo bitan artatzen dituzte erabiltzaileak, zentroan gelditu gabe. 150 pertsona inguruk parte hartzen dute programa horretan. Suspertu izenekoan, berriz, prebentzio lana egiten dute fundazioko kideek, arriskuan egon daitezkeen nerabeekin. Programa horretan 41 gazte eta haien familiak artatzen dituzte.

"Alarma egoera ezarri zutenetik, lehen aurrez aurre egiten genituen lanak orain telefonoz edo Internet bidez egin behar izaten ditugu", kontatu du Illescasek. Hau da, Suspertu eta Aldatu programetako erabiltzaileak ez dituzte fundazioak Iruñean duen egoitzan hartzen orain. Lizarrako komunitate terapeutikoaren egoera bertzelakoa da. "Lizarran, bertan behera utzi behar izan ditugu asteburuko irteerak eta bisitak, erabiltzaileen osasuna bermatze aldera". Erabiltzaileok, beraz, zentroan ari dira betetzen beren konfinamendua.

Neurriak, martxan

"Ez da erraza; batzuek seme-alabak dituzte, eta egunotan ezin dituzte ikusi ere egin. Telefono bidezkoa da duten harremana", azaldu du Illescasek. Segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituzte zentroan, erantsi duenez, eta nabarmendu du oraingoz ez dela inor gaixotu. "Segurtasun distantziari eusteko markak margotu ditugu lurrean, adibidez, eta bazkaltzeko eta afaltzeko txandak antolatu ditugu. Terapeutek ere ohi baino lanaldi luzeagoak egiten dituzte, ahalik eta jende gutxien joateko. Finean, gu gara erabiltzaileak kutsa ditzaketenak".

Lizarrako erabiltzaileen jarrera txalotu du Illescasek. "Egoera zaila izan arren, ongi moldatzen ari dira. Badakite egoerak denoi eragiten digula, eta ez dagoela beste aukerarik".

Lizarrako erabiltzaileek Gizakia Helburu fundazioko profesionalak dituzte ondoan. Bertzelakoa da zentroan gelditu gabe artatzen dituzten erabiltzaileen egoera, eta horiekin du kezka handiena Illescasek. "Erabiltzaileok artatzen jarraitzen dugun arren, eskaintzen ahal dugun arreta ez da ohi bezain sakona", onartu du. Egoerak baldintzatuta ari dira Gizakia Helburu fundazioko kideak lanean, finean.

Erabiltzaileek etxean duten egoerak ere markatzen du batzuen eta bertzeen sasoia, Illescasek erantsi duenez. "Argi dago itxialdiak denoi eragiten digula, eta, noski, are gehiago mendekotasun bati aurre egiten ari direnei. Etxean bakarrik diren pertsonentzat zailagoa izan daiteke egungo egoera; babes sarerik gabe, arriskua handiagoa da", nabarmendu du.

Antsietatea, ezinegona, tristura, asperraldia... Anitz dira bakartzeak eragiten ahal dituen emozioak, eta, horiek kudeatzeko zailtasunak daudenean, arazoek okerrera egin dezakete, Illescasek erran duenez. Argi du kontsumitu nahi duenak kontsumituko duela. "Alarma egoeran egon arren, nahi duenak erosi eginen du". Droga batzuk erostea ez da zaila, Illescasek aipatu duenez: "Alkoholaren salmentak gora egin du dendetan konfinamendua hasi zenetik".

Orain gertatzen ari denaren ondorioak ez dira berehala agerian geldituko. Hori uste du Illescasek, eta, ondorioz, adi egoteko beharra nabarmendu du. Konfinamedua luzatzen bada, gainera, ekar ditzakeen ondorioak are larriagoak izan daitezkeela erantsi du.

Nerabeen egoerari ere so egin nahi izan dio, bereziki, Gizakia Helburu fundazioko kideak. "Lagunekin egoteko garaia dute oraingoa, baina gurasoekin egon behar dute etxean, halabeharrez. Ez da erraza". Fundazioko erabiltzaileen artean, halere, anitzek konfinamendutik zer ikasi atera dutela erran du Illescasek: "Elkarrekin egon beste aukerarik ez dutenez, beren arteko harremana lantzeko urratsak egin dituzte, eta emaitza ona izan da".

Gizakia Helburu fundazioak duela ia hiru hamarkada hasi zuen bere bidea, eta berrogei profesional ditu: medikuak, psikologoak, hezitzaileak eta pedagogoak ari dira lanean. Bakartze garaiotan ere bai.

Iritzia: Suntsitu, eraikitzeko

Iritzia: Suntsitu, eraikitzeko

Lur Albizu Etxetxipia

Gauza gutxi dakigu: akaso, atzean utzi dugun mundu hura ezagutzen dugu bakarrik, eta hori da errealitatearekiko dugun lotura bakarra. Memoria. Zer ginen eta nola bizi ginen gogoratzea. Dagoeneko hilabete luze daramagu etxean itxita, eta gure aurretik mundu oso bat pasatu dela ematen du. Ezer ez da berdina izanen: hobe dugu ahalik eta lasterren onartzea.

Hasteko, normal deitzen dugun egoerara bueltatzeko denbora falta zaigulako oraindik. Eta, jarraitzeko, hausnarketarako tartea eman beharko ligukeelako (batzuentzako) itxialdi derrigortu honek: beharbada normaltasun hori ez zen bizigarria. Beharbada aldatu beharko genuke. Beharbada pentsatu beharko genuke zer herritan bizi nahi dugun. Pentsatzeko tartea, izan, badugu. Aurretik ere ebidenteak izan zitezkeen kontuak are argiago ikusi ahal izan ditugu aste hauetan.

Adibidez, osasun publikoan inbertitzeak duen garrantzia ez dela txikia, ospitaleetako oheak ez direla zenbaki huts. Osasun publikoa ez dela bakarrik etxean geratzea: isolamenduak eta bakardade behartuak ere hiltzen gaituztela; eta, luzera, hankak mugitzera ezin ateratzeak ondorio larriak ekarriko dizkiela, adibidez, pertsona zahar dezenteri. Osasuna ez dela bakarrik gaixorik ez jartzea. Itxialdiak bestelako ondorioak ere ekarriko dizkigula.

Adibidez, zein garrantzitsuak diren oharkabean pasatzen zaizkigun (edo pasarazi dizkiguten) lanbide horiek: garbitzaileak, supermerkatuetako langileak, suhiltzaileak, udaletan lanean ibiltzen direnak, nekazariak, etxe ondoan duzun dendari hori. Haiek mugitzen dute gure ezinbesteko mundua, eta ez beste inork; traba guztien gainetik jarraitu dute lanean, babes neurri nahikorik gabe, jaiegunetan dendak ireki behar izanda, arriskuak hartuta… Eta hausnar dezakegu agian etxe ondoko denda hori inportantea dela guretzat, inportantea ez ezik, ezinbestekoa. Zaintzen gaituztenak zaintzeko betebeharra dugula, eta mundua sustengatzeko ezinbestekoak diren pertsona horiek ezagutzen ditugula eta ondoan bizi direla. Ez dutela supermerkatu izenik (auzo eta herri-merkatuen antz handiagoa dutela, denda txikiena, zuzenean saltzen duten ekoizleena).

Adibidez, pentsatu beharko genuke zergatik bilakatzen den hain erraz osasun-langileentzat zen txaloa poliziarentzat txalo ere; zenbat garbiketa-operazio dauden martxan. Bizilagunak beti poliziaren gainetik jarri nahi ditugunok kontraofentsibari ekin beharko diogu. Pentsatu beharko genuke zenbat beldur geratuko zaizkigun iltzatuta, nola sendatuko ditugun kalera kezkaz atera ondoren sortutakoak.

Ez da beste ezer berriz berdina izanen. Komunitatean ekin beharko diogu honi; mundua aldatu nahi dugunok bizitzeko beste modu batzuk jarri beharko ditugu mahai gainean; elkar babesteko guneak, momentuak, ohiturak hartu beharko ditugu; kalera atera, berriz, beste modu batean igual, berriz betetzen ditugun arte: asko galdu dugu honen guztiaren aurretik ere. Komunitatea, emantzipazioa, burujabetza behar ditugu arnasteko eta bizitza hobeak eraikitzeko.