Aitatxiren eta bilobaren etxea

Aitatxiren eta bilobaren etxea

Edurne Elizondo

Saria merezi duen etxe bat; saria merezi duen aitatxi baten eta bilobaren arteko harremana. Etxe honetan izenburuko bildumak jaso berri du Etxepare saria. Asier Iturraldek egin ditu ilustrazioak, eta Aintzane Usandizagak idatzi du testua. Pamiela etxeak udazkenean argitaratuko du lana.

Leire Bilbao idazlea, Leire Salaberria ilustratzailea eta Idoia Sobrino liburuzaina izan dira Etxepare sariko epaimahaiko kide. Aurkeztutako hogeita hiru lanen artean hautatu dute Etxe honetan. "Edonori ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte egileek, umorea maisuki erabiliz", nabarmendu dute.

Zehazki, etxe berean elkartu diren aitatxi baten eta bilobaren arteko gorabeherei eta harremanari egin diete so Iturraldek eta Usandizagak. Etxeko arauak ezartzera ohituta dagoen gizon bat da aitatxi hori, baina egunerokoa eta errutinak hankaz gora jarriko dizkio bilobak. Neskaren ama eta osaba ere bilakatu dituzte egileek Etxe honetan sortutako familiako kide, eta, epaimahaiko kideek erantsi dutenez, eraikina bera istorio horretako pertsonaia ere bada, marrazkien eta hitzen bidez. "Istorioan pasatzen dena azaltzen laguntzen du etxeak", erran dute.

Iruñeko Udalak antolatutako Biko-Teka topaketetan, batera aritu dira Iturralde eta Usandizaga, eta elkarlan horren emaitza izan da orain Etxepare saria jaso duen lana, hain zuzen ere. "Kontent" hartu dute. "Lanean hasi ginen unean bertan erabaki genuen istorioa moralkeriatik aldendu nahi genuela", nabarmendu du ilustratzaileak. "Familia guztietan daude arauak elkarbizitzarako, baina, aldi berean, pertsona oso ezberdinak bizi gara etxe baten barruan", erantsi du idazleak. Etxe honetan bildumako etxean bizi diren aitatxi hori eta haren biloba "oso ezberdinak" direla pentsa dezake irakurleak hasieran, egileek azaldu dutenez, "baina segituan konturatuko da halako lotura berezia dutela, eta gauza garrantzitsuetan ados direla".

Toki entitateen saria

Nafarroako hogeita bi toki entitatek antolatzen dute Etxepare saria, beren euskara zerbitzuen bidez. Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea dituzte laguntzaile, eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea, berriz, babesle. Saria 2004. urtean antolatu zuten lehendabizikoz. Hasieran, haur, gazte eta helduentzako euskarazko literatura lanak saritu zituzten, baina, 2006. urtean, beka bat sortzea erabaki zuten, haurrentzako bildumak sortzeko asmoz. 2009. urtean egin zuten azken aldaketa, eta beka sari bilakatu zuten berriro. Haurrentzako bildumak saritzen dituzte Etxepare antolatzen duten hogeita bi toki entitateek, zehazki, eta Pamiela etxeak argitaratzen ditu gero.

Iaz, Cosimoren katiuskak bildumak jaso zuen Etxepare saria. Dani Martirenak idatzi zuen testua, eta Ana Ibañezek egin zituen marrazkiak. Pamielak iazko udazkenean argitaratu zuen lana, eta abenduan Durangoko Azokan aurkeztu zuten egileek.

Iturralderen eta Usandizagaren Etxe honetan ere argitaratuko du Pamielak; udazkenerako izanen dute prest, zehazki. Etxepare sariko antolatzaileek argi eta garbi erran dute: "Irakurleek erabaki dezatela nork agintzen duen etxe honetan". Usandizagaren eta Iturralderen aitatxiak eta haren bilobak bikote berezia osatzen dute; idazleak eta ilustratzaileak ere bikote gisa egin dute lan Etxe honetan bilduma ontzeko. Elkarri emanez aritu dira. "Irudi argi eta baretsuak lortzea" izan da Iturralderen helburua, hasieratik. Epaimahaiko kideek irudi horien "narratibotasuna" nabarmendu dute: "Ederki uztartu dituzte hitza eta irudia", erran dute.

Asier Iturralde donostiarra da, eta Arte Ederretan lizentziaduna. Irudigilea eta diseinatzaile grafikoa ere bada. 2017an, Studio Gaston sortu zuen, batez ere erakundeentzako lan egiteko. Aintzane Usandizaga, berriz, Lasarte-Oriakoa da, eta Artearen Historian lizentziaduna. 2014an, Zumaiako Udaleko Julene Azpeitia ipuin lehiaketako lehen saria irabazi zuen; aurten, berriz, Kabitu ezina izenburuko liburua argitaratu du, Elkar etxearekin. "Betidanik" maite ditu istorioak. Grina horrek eraman du saria jaso berri duen lana sortzera, Asier Iturralde ezinbertzeko bidelagunarekin.

“Oinarriari eutsi dio mugimenduak, nahiz eta gutxi izan”

“Oinarriari eutsi dio mugimenduak, nahiz eta gutxi izan”

Edurne Elizondo

Duela 50 urte gertatu zen Stonewalleko errebolta. Data hori gogoratu nahi izan du E28 plataformako Edur Gartziak (Iruñea, 1995), LGTBI mugimenduaren izaera politikoa nabarmentzeko. "Borrokak antikapitalista, antifaxista eta antikolonialista behar du".

Zer prestatu du plataformak ekainaren 28rako?

Manifestaziora deitu dugu. 19:00etan abiatuko da, Baluartetik, Gazteluko plazaraino. Han manifestua irakurri eta gero, Nabarreriara joanen gara, ospatzera.

Borroka eta besta uztartzeko modua bada?

Bai. Urtero egiten dugu besta protestaren bukaeran, merezi duelako. Eguneko ahalegin nagusia manifestazioan eginen dugu, halere, haren bidez karrikara eramanen dugulako gure aldarrikapena. Aurten, gainera, saiatu gara deialdi ahalik eta zabalena egiten, eta dibertsitate funtzionala dutenentzako espazioa gordeko dugu, parte hartzeko arazorik izan ez dezaten. Ez haiek, ez bestelako beharrak dituztenek.

Hilabete osorako antolatu dituzue ekinaldiak aurten. Inoiz baino behar gehiago dago?

Bai. Nafarroan, eta Iruñean, eskuinaren eta Opus Deiren zapalkuntza sufritu dugu luzaroan. Zulo horretatik ateratzen hasiak ginen azken urteotan. Ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den, baina argi dugu karrikan egon behar badugu egonen garela, aterako garela.

Karrika duzue berezko esparru?

Bai. Hemen, onerako eta txarrerako, gutxi gara, eta horrek ekartzen du karrikan dugun presentzia ez galtzea. Mugimenduak lortu du bere oinarriari eustea, nahiz eta gutxi izan. Mugimenduaren nortasunarekin fidel jokatzen jarraitzen dugu. Madrilen gisako hirietan, hori zailagoa da, eta, neurri batean, Ekainaren 28ko borroka edukiz hustu dute. Guk hori aldarrikatu nahi dugu, are gehiago aurten, 50 urte beteko baitira Stonewalleko errebolta gertatu zenetik. Data hori gogoratzeko, karrikak jendez bete nahi ditugu. Agian batzuei ahaztu egin zaie kaleak gureak ere badirela.

Borrokarekin lotutako oinarria jarri nahi duzue erdigunean?

Bai, hori egin nahi dugu. Gaur egun, LGTBI+ mugimenduari buruzko ideia kolonizatzaile eta kapitalista bat saltzen da. Iruñean, beste mugimendu bat sortu da: mugimendu transmarikabolloa. Mugimendu horretan gaudenok gara antikapitalista, antifaxista, eta antikolonialista. Sumatu dugu hiri handietan gure borroka edukiz hustu dutela, eta kapitalismoak xurgatu egin duela. Herrialde bakoitzak bere testuingurua du, eta nork bere esparrura egokitu behar du. Ezin ditugu ahaztu arrazializatutako pertsonak, eta ezin dugu ahaztu zapalkuntzen intersekzionalitatea oraindik ere ezkutuan gelditzen dela.

Horrek are ikusezinago bilakatzen du batzuen errealitatea?

Bai. Horregatik segitu behar dugu borrokan, denon eskubideak eta askatasunak onartu arte. Nik ezin dut aske izan besteak aske ez badira. Gurea kolektibo zabala da. Ezberdintasunak egon daitezke, baina garrantzitsuena da argi izatea borroka kanpoan dagoela. Ezberdintasunen gainetik dago sufritu dugun indarkeria. E28 plataforman dauden pertsona asko dira, gainera, mugimendu feministako kide, edo Hiesaren Aurkako Batzordeko kide edo beste hainbat mugimendutako kide.

Azken lau urteotan, aldaketaren gobernuek izan dute agintea Iruñean eta Nafarroan. LGTBI kolektiboaren alde egindako lana ontzat ematen duzue?

Bai. Udalak martxan jarritako Harrotu zerbitzua eta gobernuaren Transbide urrats garrantzitsuak izan dira. Ni transa naiz; bi zerbitzuok erabili ditut, eta esperientzia oso ona izan da, ni bezala sentitzen duten pertsonekin bat egin ahal izateko. Askotan gertatzen da zure lagunak edo familia ez direla kolektiboaren parte, eta kolektiboko jendea ezagutu nahi duzula. Halako zerbitzuen bidez, mugak zabaldu egiten dira, zurearen gisako bizipenak dituzten beste pertsonak ezagutzen dituzulako.

Navarra Sumako hautagai Enrique Maia da orain Iruñeko alkate. Harrotu zerbitzua arriskuan egon daitekeela uste duzu?

Duela urte eta erdi jarri zuten martxan, eta ongi funtzionatu duela uste dut. Orain zer gertatuko den ez dakigu, baina espero dugu egoera ez aldatzea. Eta, aldatzen bada, argi dugu zerbitzuaren alde lan eta borroka eginen dugula. Harrotu itxi baino, finantzaketa murriztuko duten beldur gara.

Zerbitzua beharrezkoa dela uste duzue?

Bai, erabat. Familiek ere erabiltzen dute. Nire gurasoek erabili dute, adibidez, bai eta nire lagunek ere. Funtzio asko ditu: ez da bakarrik arreta psikologikoa; elkarbizitza da, elkar errespetatzea. Eta horrek balio handia du.

Eta, hala ere, horren alde borrokan segitu behar duzue?

Hala da. Jende askok ez du ulertzen. Askotan esaten digute jada gainerakoek dituzten eskubideak baditugula, ea zer gehiago nahi dugun. Hori esaten dutenei erantzuten diet eraso bat sufritzen badute, haiekin bat egiten duten pertsonen babesa jasotzen badute, orduan konturatuko direla saretze horrek zenbaterainoko garrantzia duen. Finean, zure burua zaintzea eta elkar zaintzea da kontua. Eta zaintza horren bidez ahalduntzea. Horrek indar handia ematen digu.

Dibertsitatearen ingurukoak oraindik ez ditugu behar bezala jorratzen, eskolatik hasita?

Lan handia bada egiteko. Nire ikasle garaian, adibidez, gure gelan ez zegoen marikarik, ezta bollerarik, ez eta transik ere. Horri guztiari buruz ez genuen hitz egiten. Sexuari buruz mintzatzen ginenean, dena zen heteroarauari buruzkoa eta koitoaren ingurukoa. Nik argi dut nire egoera asko aldatu izanen zela eskolan auzi hau beste modu batera jorratu izan bagenu.

Oraindik ere LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak gertatzen dira.

Bai. Tamalez, oraindik ere gertatzen dira. Gutxiago, baina gertatzen dira. Nik trans gisa ez dut erasorik sufritu, baina emakume gisa bai. Ni genderqueer naiz, pertsona ez-binarioa, eta trans gisa izendatzen dut neure burua. Jendeak erraz uler dezan, lehen emakumea nintzen, eta orain mutila. Emakume gisa indarkeria sufritu nuen bollera izateagatik. Horrelakoak zergatik gertatzen diren galdetzen nion nire buruari.

Eta zein da erantzuna?

Boterea gizon zisheteroen esku dago, eta botere hori erakustea zen nire kontrako eraso horien arrazoi bakarra. Hori da halakoen helburua. Ni, halere, aske sentitzen naiz orain, ahaldunduta kalera ateratzeko, Harrotun egindako lanari eta plataformari esker.

Zer erranen zenieke iruindarrei kalean zuekin bat egiteko?

Guztion artean lor dezakegula behar dugun aldaketa, eta sarea osatuko dugula.

Iritzia: Jaiak: gizartearen maketa

Iritzia: Jaiak: gizartearen maketa

Saioa Alkaiza
Normaltasuna bueltatuko diogu hiriari. Sanferminetara begira, gauza batzuk ezin izanen ditugu ukitu, Errekoletak plazako txosnak, adibidez, baina heldu den urtean, halakorik ez da egonen, ziur".Bota du bere mehatxua Enrique Maiak. Aurten ...

Hitzen altxorra jasotzeko sarea

Hitzen altxorra jasotzeko sarea

Edurne Elizondo
Historia eta istorioak. Eskualdeko herritarren iragana eta oraina lotzen dituzten hitzak. Hitz horien atzean gordetzen den altxorra. Horixe jaso du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Bortziriak solasean. Ahozko tradizioaren bilduma ...

Egiak kantatuz barrena hustu

Egiak kantatuz barrena hustu

Ane Eslava

Egia. Hori da kantu batek behar duena: "Egia esan; benetakoa izan". Hori uste dute Areta Senosiain, Amets Aranguren, Ibai Osinaga, Eder Escalera eta Javier Larrañeta musikariek. Egiak kontatzeko eta barrenean zutena musikaz kanporatzeko, Ibil Bedi taldea sortu berri dute. Erlojuaren kontra ondu dute lehenbiziko diskoa, eta Berandu baina garaiz izena jarri diote, urteetan taldearen proiektua geroratzen aritu ostean egin baitute urratsa; berandu, baina garaiz.

"Ines Osinagari entzun nion kantu batek egia esan behar zuela funtzionatzeko", adierazi du Amets Arangurenek. Hori bera pentsatzen dute hark eta haren taldekideek, eta hori egiten saiatu dira: sentimenduak hitz bihurtu, eta, gero, kantu bidez, hartzaileekin partekatu. Zazpi abestiko lana osatu dute, eta gai pertsonalei buruz mintzatu dira horietako bakoitzean. Sentimendu jakin batek zeharkatzen du diskoa, bereziki: galerak. Osinagak eta Arangurenek idatzi dituzte hitzak, azkenaldian bizitako bolada txarretan, ezinegonak airatzeko eta barrena sendatzeko. Hala, aurrera egiteko baliatu dute musika: aurrera ibiltzen jarraitzeko. Eta ideia hori bera eraman dute taldearen izenera.

Musikak elkartu ditu bost kideen bideak, baina aldez aurretik ezagutzen zuten elkar. Senosiain eta Aranguren Iruñekoak dira, eta, taldean, lehenak biolina jotzen du, eta bigarrenak, pianoa eta saxofoia; biek egiten dituzte koroak. Escalera Erriberrikoa da, eta taldeko bateria jotzailea; Osinaga Irunberrikoa da, eta abeslaria eta gitarra jotzailea; Larrañeta, berriz, Zangozakoa da, eta baxu jotzailea. Lehenbiziko laurek institutuan eta kontserbatorioan ezagutu zuten elkar; Osinaga eta Larrañeta, berriz, herrien gertutasunarengatik dira lagun.

Senosiainek, Arangurenek eta Osinagak institutu garaitik zeukaten musika talde bat sortzeko ideia, baina Silvia Perez Cruzen kontzertu baten ostean hartu zuten erabakia. Bi neskek elkarrekin ikusi zuten abeslari kataluniarraren kontzertua, iaz, Donostian, eta, ateratzean, pentsatu zuten saiatu behar zutela jendeari sentiarazten egun hartan haiek sentitutakoa. "WhatsApp talde bat egin genuen, Ibairekin, eta Benetan izena jarri genion; esan genuen: egingo dugu zerbait, baina benetan", kontatu du Senosiainek. Iazko udan izan zen hura. Erabakia hartuta, lehenbiziko kantu batzuk lantzen hasi ziren, eta, beste taldekideak bilatu ondoren, aurtengo urtarrilean jarri ziren martxan bost lagunak. Azkar sortu dute diskoa, beraz.

Proiektua gerorako uzten aritu izanak inspiratu zituen diskoaren izena erabakitzeko. Zehazki, Arangurenek proposatu zuen. "Behin, esaldi bat irakurri nuen [Karmele Jaioren] liburu batean; zera zioen: Garaiz esaten ez direnak, gero ezin izaten baitira esan. Eta pentsatu nuen gu berandu gindoazela, baina ez beranduegi; epearen barnean", azaldu du.

Laguntasunak eta musikarekiko pasioak ez ezik, musikan ibilbide bat egina izateak berdintzen ditu bost taldekideak. Osinagak kontserbatorioan ikasi zuen; Altxatu punk-rock taldean aritu da bederatzi urtez, eta hainbat txarangatan jotzen du. Aranguren, Senosiain eta Escalera ere kontserbatorioan ikasten ari dira, eta azken hori txarangatan ere ibiltzen da. Larrañagak, berriz, Soul Meeting taldean jotzen du, eta, Osinagarekin batera, Hordeum Vulgare proiektua sortu zuen, baina eten egin dute. Kontatu dutenez, denek musika jakintzak izateak kantuak sortzeko erraztasuna emateaz gain, exijentzia handia izatera eramaten ditu, horrek dakartzan gauza on eta txarrekin. "Guri erakutsi digute inoiz ez dela perfektua; beti hobetu daitekeela", aipatu du Senosiainek. Ondorioz, onartu dute diskoarekin "gustura" egon arren oraindik xehetasun batzuk aldatuko lituzketela.

Askotariko esperientziak dituzten modu berean, musikan erreferente ezberdinak ere badituzte. "Ez dugu erreferentziazko talde jakin bat, baina gugan eragina izan dezaketen taldeak daude", azaldu du Arangurenek. Horien artean aipatu dituzte Anari, Katamalo, Izaki Gardenak, Itoiz eta Hertzainak taldeak. Ez dakite nola definitu sortzen duten musika, eta ez dute definizio itxi bat egiteko asmorik, baina gustatu zaie nola deskribatu duten taldea Euskal Irratietan: "Pop folkeroa, rock kutsuekin". Edonola ere, hala laburbildu du Osinagak haien musika: "Ez da gaueko hamabietarako musika bat: geratzeko musika bat da; entzutekoa".

Ibil Bedi-ren nortasuna, halere, hitzetatik etorri da, "hitzen mesedetara" konposatzen baitute musika. Hortaz, garrantzizkotzat jotzen dute entzuleek ere horiei erreparatzea. Bost kantu Osinagak idatzi ditu —Agur, Sua, Zaldi zangarra, Gaindosia eta Ama—, eta beste biak —Ihesean eta Hariak—, berriz, Arangurenek. Eta "hustu" egin dira, "barnetik eta lehen pertsonan" idatzi dituzte hitzak. Osinagaren kasuan, amaren heriotzak markatu eta zeharkatu ditu kantu guztiak: iaz hil zitzaion, eta minetik eta galeratik hasi zen sortzen, bizitakoari erantzuna emateko. "Niretzat disko hau monografiko bat da: azken urte honetako nire egoera pertsonalaren isla", adierazi du abeslariak. Hain zuzen ere, amari eskainitako kanta bat sartu du diskoan, eta ama bere "kantu guztietan" dagoela adierazi du.

Arangurenek ere garai gogor batean idatzi zituen kantuak, buruan zituen gauzak idatzita eta kantu bihurtuta "kanporago" zeudela sentitzen baitzuen. Bolada horretan lagun izandakoei eskaini die kanta bat; bestea, gaizki pasarazi ziotenei. "Gorka Urbizuk kontzertu batean esan zituen hitz batzuk buruan geratu zitzaizkidan", esan du "Ez dakit norenak ziren, baina zioten kantatu behar dela galeratik, ez gorrototik; nik, orain, abesti hauek kantatzean, hori dut buruan".

Asteburu batean grabatuta

Maiatzean grabatu zuten diskoa, Amorotoko (Bizkaia) Musikorta estudioan. Estudioaren jabeak ezagunak zituztelako erabaki zuten hara joatea, eta haien gertutasunari eta tokiaren berezitasunari esker "oso gustura" egon zirela esan dute taldekideek, aho batez. Azkar egin zuten grabaketa, asteburu bakarrean, eta hori ere erronka bat izan zen haientzat. Pablo Blanco ilustratzaile zangozarrak diseinatu du diskoaren azala: bost aurpegi abstraktu agertzen dira marrazkian, bost taldekideenak. CDaren diseinua, berriz, Olrait Studiorena da.

Taldekideek argi dute, dena dela, haien musika ezagutzeko modurik onena kontzertuetara joatea dela. Dagoeneko hasiak dira batzuk ematen: Irunberriko Saira tabernan egin zuten estreinaldia, maiatzaren 30ean, eta ondoren Iruñeko Karrikiri elkartean, Bilboko Bira kulturgunean eta Miarritzeko gaztetxean izan dira. Kontzertu bakoitza "oso ezberdina" izan dela kontatu dute taldekideek, eta guztiak "bereziak eta gertukoak". Modu bitxi batean hasi eta bukatu dituzte kontzertuak: bertso bat kantatuz, ahots hutsez. Arangurenek konposatu du, Oskorriren Negu partean mizpira kantuaren doinuarekin. Honakoa dio: Beterik gatoz sendagaiaz, gu prest gaude eta hi non haiz? Bidea hasi da eta ibil bedi. Ekainaren 30ean eta uztailaren 8an dituzte hurrengo kontzertuak, EHZ jaialdian eta sanferminetan.

Ibilbidea hasi berritan, Ibil Bedi taldeko kideak "harrituta" daude jendearen erantzunarekin. Izan ere, badakite gaur egun ez dela erraza kontzertu batean kantu batekin entzuleei negarra eragitea, edo ezagunek mezuak idaztea esanez diskoa entzun eta malkoak isuri dituztela. Baina haiek lortu dute. Eta argi dute zergatik den: kantuetan "egia" esan dutelako.

Mendeurren besta erraldoia

Mendeurren besta erraldoia

Edurne Elizondo

Besta gune. Ospatzeko toki bilakatu zen Iruñeko zezen plaza, larunbatean, hiriko Pamplonesa udal musika bandako kideei esker. Ez ziren bakarrik izan: herritarren babesa izan zuten, batetik ordu eskas batean saldu zituzten kontzerturako sarrera guztiak, eta, bertzetik, mundu osoko laurogei bandatako 3.100 musikarirena. Iruñeko erraldoiek ere parte hartu nahi izan zuten, eta lehen mailako dantzari bilakatu ziren Pamplonesaren mendeurren bestan.

Aurtengo ekaina berezia izaten ari da bandako kide guztientzat. Hilaren hasieran, 6an, 7.000 ikasleren aurrean jo zuten musikariek, mendeurrenari lotutako ekinaldiak martxan jartzeko. Hogeita hamabi ikastetxetako haurrek egin zuten bat Nafarroa Arenan, egun horretan, bandako kideak entzuteko prest. Haur horiek ikasturte osoan landu dute Pamplonesaren lana eta historia, eta ekainaren 6ko kontzertuak eman zien egindako lana biribiltzeko aukera. Pamplonesako kideentzat ere "berezia" izan zen emanaldia, kontzertua zuzendu zuen Jesus Garisoainek bukatu bezain pronto nabarmendu zuenez.

Datorren uztailaren 6koa ere egun berezia izanen da, segur aski, Pamplonesa bandako zuzendariordearentzat, Garisoainek berak botako baitu aurtengo sanferminak hasteko txupinazoa, Iruñeko herriko etxetik. Ia aho batez erabaki dute iruindarrek Pamplonesak abiatuko dituela Iruñeko bestak: 9.472 herritarrek eman dute botoa, eta ia guztiak eskuratu ditu musika bandak, %92,1 alegia. Osasunako presidente Luis Sabalza zen bertze hautagaia.

Iruñeko Udalak joan den astean ezagutarazi zuen Pamplonesak botako zuela bestetako txupinazoa. Joseba Asiron jarduneko alkatea zen, eta argi erran zuen: "Pamplonesa esatean, Iruñea esaten dugu, eta sanferminak". Izan ere, suziriak eztanda egin bezain pronto, Pamplonesako musikariak arduratzen dira plazan lehendabiziko obra jotzeaz: Gaintza biribilketa. Garisoain izaten dute bandako kideek zuzendari egun horretan. Besta lehenago hasiko da, aurten, musikarientzat.

Liburua

Momentuan gozatzeko dira Pamplonesaren kontzertuak, baina mendeurrena ospatzeko, bertzelako euskarriak ere jorratu ditu musika bandak: Cien años con la Pamplonesa (Ehun urte Pamplonesarekin) lana ondu dute Luis Maria San Martin musikologo, irakasle eta bandako kideak, Rebeca Madurga musikologo eta arte eta humanitateetako doktoreak, eta Javier Vazquez historialari eta udaleko teknikariak.

Bandaren historia jaso du liburuak. 1919. urtean sortu zuten hainbat herritarrek, orduan banda militarrak baino ez zeudelako hirian. 1941. urtean, Iruñeko Udalak hartu zuen bere gain. Urte horretatik 1987. urtera bitarte, Iruñeko Musika Bandaren Patronatuak izan zuen taldearen ardura. 1987an, patronatua desegin, eta jatorrizko eredura itzuli zen: kultur elkarte bihurtu zuten; eta kultur elkarte da, oraindik ere. Ehun urtekoa.

“Galerei aurre egiteko, etengabe egokitu behar dute zaharrek”

“Galerei aurre egiteko, etengabe egokitu behar dute zaharrek”

Edurne Elizondo

Oraingo zahartze prozesuak ez dira lehengoak. 65 urteko pertsona batek erretiroa hartzeak ez du erran nahi aktibo izateari uzten dioenik. Hori nabarmendu du Tania Camino Sanchez psikologoak (Gasteiz, 1981). Zaharrek behar bereziak dituztela erantsi du, eta erantzuna eman behar zaiela. Horretarako dute talde berezia Nafarroako Psikologoen Elkargoan.

Zahartze prozesuak artatzeko taldea baduzue elkargoan. Behar bereziak daudelako?

Taldea duela hainbat urte sortu zen, psikologoak hasi ginelako bat egiten zaharrak artatzen dituzten zentroetako gainerako langileekin. Zahar etxeetan eta eguneko zentroetan lanean hasi ginenean, ohartu ginen bazirela erantzunik ez zuten beharrak. Horregatik erabaki zen taldea osatzea; behar horiei erantzuten hasteko, eta, aldi berean, zaharrekin lan egiten dugun psikologoen arteko elkarlana eta gogoeta bultzatzeko.

Zeintzuk dira zaharrek dituzten behar berezi horiek?

Zaharrentzako egoitzetan eta eguneko zentroetan aritzen garenok artatzen ditugu, batez ere, narriadura kognitiboa dutenak. Kasu horietan, gure lana da kaltearen ebaluazioa egitea, zer gaitasun landu behar den zehazteko, eta, horrekin batera, pertsona horrekin lan egiten duten gainerako profesionalekin aritzen gara, zaharrok nola artatu lantzeko.

Kasu zehatz horietan, etxetik kanpo egoteak ere eraginen die, ezta?

Bai. Elementu anitzek eragiten diete, eta hori kontuan hartu behar da. Horregatik sortu genuen taldea. Zaharrek galera anitzi egin behar diete aurre: gaitasunak galtzen dituzte, etxetik atera behar izaten dute anitzek, lagunak hiltzen joaten dira... Erretiroak ere badu eragina. Fase berri batera egokitzeko beharra dute. 65 urte baino gehiago badituzu, gizarteak zahartzat hartzen zaitu, eta inork azaldu ez dizkizun aldaketak gertatzen hasten dira zure inguruan. Galera horien aurrean egokitzen joan behar dute, etengabe. Eta hori egiteko laguntza da, anitzetan, eskatzen dutena.

Egungo gizarte ereduan, lanik egiten ez duenak ez du balio?

Lanarekin lotuta dago identitatea, neurri handi batean. Estereotipo anitz dago indarrean, oraindik ere, eta zahartzaroa lotzen da ahultasunarekin. Kontua da gaur egun 65 urte dituzten pertsonak hagitz aktiboak direla, kasu anitzetan; hamaika gauzatan aritzen dira. Zahartzea ez da lehen zen prozesu bera, jada. Ondorioz, artatu behar dugun sektorea ere aldatzen ari da, eta kontua ez da bakarrik narriadura kognitiboa dutenak artatzea.

Erraza da 65 urte baino gehiagoko horiek psikologoengana jotzea laguntza bila?

Gure inguruan ere estereotipo anitz dago indarrean, oraindik ere, eta gazteentzat ere zaila izaten da guregana jotzea. Guk zaharrak artatzen ditugu, batez ere, haientzako egoitzetan, eta, ondorioz, erraz hartzen gaituzte, artatzen dituzten profesionalen artean bertze bat garelako, finean.

Zure ikuspuntutik, nolakoa da zaharrekin egiten duzun lana?

Niretzat hagitz aberasgarria da. Gertutasun handiko pertsonak dira. Finean, egunero ikusten dugu elkar, eta zuregana jotzen dute hitz egiteko, edo gauzak egiteko. Esker onekoak dira; esperientzia hagitz aberasgarria da.

Hilaren 15ekoa izan da zaharren aurkako tratu txarrei aurre egiteko eguna. Sektore bereziki zaurgarria da haiena?

Bai. Eta hori da agerian utzi nahi dena egun horren bidez. Tratu txarrak ikusezin dira, oraindik ere, neurri handi batean, baina are gehiago zaharren artean. Tratu txar horiek familia artean gertatzen dira, batez ere. Halere, datuak falta zaizkigu, auzia ez baita behar bezala ikertu, oraindik ere. Kasu anitzetan arazoa da zaharrak ez duela behar bezalako arreta jasotzen zaintzailea erreta dagoelako, eta ez dakielako aurrean dituen egoerak ongi kudeatzen. Ohartu gara tratu txar ekonomikoa ere gertatzen dela.

Nola, zehazki?

Krisiak eragin zuen lana galduta anitzek gurasoengana itzuli behar izatea bizitzera, eta halakoetan gertatzen da, anitzetan, gurasoen dirua gastatzen dutela seme-alabek. Halako egoerak agerian uztea hagitz zaila da. Noski, gurasoek ez dute seme-alaben aurka egin nahi, baina gehiegikeriak gertatzen dira.

Zaila da datuak lortzea?

Bai. Gu saiatu gara, galdeketa egin dugu Nafarroako gizarte langileen artean, eta haiek argi eta garbi erran digute zaila dela 65 urte baino gehiagokoen etxeetara sartzea, beren errealitatearen berri zehatza jasotzeko. Gehienetan, mendekotasun bat dagoenean badute etxe batean gertatzen denaren berri, halabeharrez sartu behar dutelako, han bizi dena artatzeko. Guk uste dugu beharrezkoa dela auzi hau mahai gainean jartzea.

Emakumeak egoera bereziki zaurgarri batean daude?

Datuek diote baietz. Emakumea bikotekidearen menpe egon bada arlo ekonomikoan, adibidez, arriskuak gora egiten du. Oraindik ikerketa lan handia bada egiteko, halere.

Zaharren egoitzetan eta zentroetan zein da egoera?

Hemengo ereduak antz handia du ospitale bateko zerbitzuekin, eta gertatzen da beti ez direla zaharren interesak kontuan hartzen.

Zaharrak artatzen dituzten profesionalak trebatzeko beharra ere bada?

Bai. Trebatu behar ditugu zaintzaile profesionalak, bai eta profesional ez direnak ere.

Espainiako mendekotasun legeak laguntzak agindu zituen, baina ez da bete. Eragin du zaintzan?

Murrizketa anitz izan dira. Laguntzek behera egin dute, eta zaintzaile anitzek gainezka egiten dute. Zaindu behar dira zaintzaileak ere. Iruñeko Donibane auzoan, adibidez, ituna sinatu dugu hamaika eragilek, denen artean zaharren aldeko estrategiak garatzeko. Kontua da komunitatea inplikatzea.

Iritzia: Gris

Iritzia: Gris

Lur Albizu Etxetxipia

Txuri-beltzeko argazkiak zirela ematen zuen, edo horretara ohitu ginen. Iruñea eta Nafarroa grisaz iraganean hitz egitera. Betiko uxatu bagenitu bezala. Bagenekien ezetz, baina akaso geure buruak pixka bat engainatu nahi izan genituen (gezur bat mila aldiz), errealitateak batzuetan hala ere eraiki egiten direlako. Eta oso egiazko lau urte izan dira, baina amets txiki bat ere izan zen. Ekilibrismorik handienak, kasualitateek, besteek gaizki egindakoek eta kanpoko jokalekuek ekarri ziguten emaitza sinestezina 2015ean: aldaketa. Eta akaso momentuko argazki bat zen, baina aurretik lan handia dagoela eta horretaz kontziente izan behar dugula ikusi dugu azken asteotan. Nafarroa nahi baino matxistagoa, eskuindarragoa, euskarafoboagoa sartu hemen nahi adina abizen— dela. Baina ez gaitezen engaina: Nafarroa aldatu, aldatu egin da azken urteetan. Eta hori ezin da eta ezin izan dute saihestu, eta aldatzen jarraituko dugu. Euskaldunagoa, feministagoa, ezkertiarragoa da gure lur txiki hau.

Ahaztua dugu, akaso, nolakoa zen Nafarroa, nolakoa zen Iruñea UPNk gobernatzen zuenean. Errealitatea, aste honetatik aurrera, zaplaztekoak ematen hasiko zaigu. Prest egon beharko genukeela entzun dut, esan dut azken asteetan. Baina momentu berezi batean gaudela uste dut: errealitateari begiratu eta hau onartzeko garaia da; orduan hasiko gara egoera berriari tamaina hartzen eta, beti bezala, Nafarroa hobea eraikitzeko lanean jarraitzen. Zeren ez, ez gaude prest sobreetarako, borra luzagarrietarako (eh, Esporrin?), kalera erdi urduri ateratzeko, euskara desagerrarazia ikusteko, operazio espekulatiboetarako, herritarrak entzuten ez dituzten eraikinetarako… beste zerbait ezagutu dugu eta badakigu askoz hobea zela, arnasaldi bat izan dela eta, akatsak akats, lortutakoa handia izan dela.

Nire miresmen osoa egunero-egunero esparru desberdinetan (ikastetxeetan, eragile sozial eta sindikaletan, herri mugimenduetan, kultur-taldeetan, lantokietan, udaletan…) lanean aritu direnei, eta udalgintzan aritu eta aritzen diren horiei guztiei. Beharbada orain hartuko diogu benetako tamaina egin duzuen lan guztiari, konturatuko gara zenbaterainokoa zen batzuetan "azaleko, kosmetiko, sinboliko" deitu dugun edo iruditu zaigun hori. Bide luzeak, zailak eta deserosoak hartu dituzue askotan; konpromiso eta ardura handiak. Ez dakit kontziente ote garen egin duzuen guztiaz.

Aspalditik gatoz eta urrunera goaz. Ez gaude egun bakarreko partidetara ohituta, lasterketa luzeetan badakigu ibiltzen eta galtzera ohituta gaude. Baina badakigu gaurko Nafarroa ez dela duela urte batzuetako Nafarroa eta bultzatzen jarraitu behar dugula. Indarrak hartu eta, beti bezala, aurrera segitzea besterik ez zaigu geratzen. Bagenekien zaila izanen zela, baina erronkak gustatzen zaizkigu. Mundu hobe bat eraikitzea beti egonen da oztopoz beterik. Erortzen garenean, zutik erortzea gustatzen zaigu.

Ibaia, Pirinioetan bizitzen segitzeko

Ibaia, Pirinioetan bizitzen segitzeko

Edurne Elizondo

Zaraitzuk ukitzen dituen eskualdeetako herritarrek bat egin dute ibaia babesteko. Zain elkartea sortu dute, asmo nagusi eta garbi batekin: ibaiaren alde egitea, Pirinioetako eremu horretako biztanleentzat duen garrantzia erdigunean jartzeko. Ibaia herritarren egunerokoarekin lotu dute elkarteko kideek, eta horregatik, hain zuzen, Pirinioetan lan egiteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko azken urteotan sortu diren taldeen eskutik egin nahi dute aurrera.

"Dena dago lotuta; ibaia behar dugu hemen bizitzeko", nabarmendu dute Zain elkarteko kide Marta Basconesek eta David Sotok. Pirinioetako herriei eusteko helburuarekin ez ezik, uraren inguruko kultura berriarekin ere lotu nahi izan dute taldearen sorrera. Izan ere, Zain bultzatu duen elementu jakin bat dago elkarteko kideek orain arte egindako lanaren atzean: Ebroko Ur Konfederazioak Zaraitzu ibaia erregulatzeko izan dezakeen asmoa, alegia.

Asmo hori ez da oraingoa. Nafarroako Gobernuak 1987. urtean egin zuen Zaraitzu erregulatzeko aukerak aztertzeko txostena. Geroztik ez da egin txosten horretan jasotakoak garatzeko proiekturik, baina asmoa ez dute bazter utzi. Tiraderan gorde du Ebroko Ur Konfederazioak, eta, azken urteotan, berriz ere mahai gainean jarri du erakunde horrek.

Urbizi erakundeak ohartarazi zuen, duela bi urte, azkenean Zaraitzu ibaiaren inguruko asmoak garatzeko arriskuaz. Fito Jimenezek gogoratu du Urbiziren alarma zerk piztu zuen: "Ebroko Ur Konfederazioak egindako jardunaldi batean aipatu zuten Esa handitu eta gero Zaraitzu erregulatzea izanen zela hurrengo helburua".

Zaraitzu ibaiko eta Esako urtegia handitzeko proiektuak lotuta daude, hain zuzen, Zaraitzuko ura Esa urtegia betetzeko erabiltzea baita Ebroko Ur Konfederazioaren asmoa. "Jendaurrean erraten dutenez, ez dute Zaraitzuko ura beharko, Esa hasieran uste baino gutxiago handituko baitute; baina, aldi berean, ez dute bazter utzi nahi", erran du Jimenezek.

Oraingoa momentu garrantzitsua da, Ebroko Ur Konfederazioa Ebroko Plan Hidrologikoa berritzeko prozesuan murgilduta baitago. Europak 2000. urtean onartu zuen uraren inguruko zuzentaraua, eta 2010ekoak dira zuzentarau horren arabera egindako lehendabiziko plan hidrologikoak. Ordukoa da Ebroko lehenengo plana ere. 2010-2015erako onartu zuten. Ondoren, sei urteko epea zehaztu zuten plan berria egiteko. "2021ean berritu behar dute", azaldu du Jimenezek.

Orain arteko planean, Zaraitzuko proiektua egiteko aukera jasota zegoen. Plan berrian egonen den edo ez argitzeko garaia da, beraz. Uztailean, gai nagusien inguruko agiria aurkeztuko du konfederazioak, eta sei hilabeteko epea hasiko da nahi duenak alegazioak aurkeztu ahal izateko. Gero, urtarrilean, neurrien proposamena eginen du erakunde horrek, eta bertze sei hilabeteko epea izanen da proposamen horiek aztertzeko eta zuzenketak egiteko.

Otsagabitik Irunberrira

"Herritarrak piztu nahi ditugu, ibaiaren alde egin dezaten. Ondare handia da, eta duen balioa jarri nahi dugu erdigunean", nabarmendu du Zain elkarteko David Sotok. 51,5 kilometroko bidea egiten du Zaraitzu ibaiak. Otsagabian hasten da bide hori, Anduñak eta Zatoiak bat egiten duten tokian. Zaraitzuko, Nabaskozeko, Erromantzatuko eta Irunberriko lurrak ukitzen ditu, eta azken herri horretan Iratirekin bat egiten du.

Pirinioetan erregulatu gabeko ibai bakarra da Zaraitzu, eta horrela jarrai dezala nahi dute Zain elkarteko kideek. Ibaiko ura Esara eramateko aukerei buruz, bi daude jasota Ebroko Ur Konfederazioak duen agirian. Aukera bat da Arbaiungo arroila hasten den tokian hogei metroko presa bat egitea, eta, Leire bederatzi kilometroko tunel batekin zulatuta, ura Esara eramatea. Bertze aukera bat da presa ibaian gorago egitea, Aizpurgin, zehazki; bederatzi metrokoa litzateke bigarren hori, baina 11 kilometroko tunela beharko luke Leire azpian, ura Esara eramateko.

"Hemen beti entzun da proiektu horren berri, baina inork ez zuen uste eginen zutenik; azken berriak jaso eta gero, kezka bada", azaldu du Zain taldeko Marta Basconesek. Herritarrek ibaiarekin beti izan duten lotura sendotzeko beharra jarri du mahai gainean. "Pirinioetako herriok ibaia baliatu dugu gure egunerokoan; ibaia erabili dugu egurra eta bestelakoak garraiatzeko, errotak mugitzeko eta baratzeak ureztatzeko", erran du.

Zain elkartearen bidez, harreman hori sendotu nahi dute Zaraitzuko eta inguruko herritarrek, eta asmo horrekin antolatu dute datorren abuztuaren 10ean eginen duten auzolana. "Herriz herri antolatuko dugu auzolana, ibaia garbitzeko asmoz. Nork berea prestatzea da gure asmoa, eta gero denek bat egitea, besta giroan", kontatu du Sotok.

Zangozarrekin bat

Zain elkarteko kideak kontent dira orain arte izan duten harrerarekin. "Hainbat hitzaldi egin ditugu, eta jendetza etorri da", erran du Basconesek. Iazko urrian ere herritar anitzek egin zuten bat Zain elkarteko kideekin, Esako urtegia handitzeko lanen aurka antolatutako martxan. Zangozako Esa + Ez Lanak Gelditu plataformak eta Artiedako (Aragoi, Espainia) Rio Aragon elkarteak deitu zuten urriko martxa horretara. "Haiekin bat egin nahi dugu, Zaraitzu ibaia ukituko lukeen proiektua Esako urtegiarekin lotuta baitago", azaldu dute Zain elkarteko kideek.

Urbiziko Fito Jimenezek ontzat jo du Zain elkarteak Esako urtegiaren aurkako taldeekin bat egin izana. Gogoratu du dirutza xahutu dutela jada proiektu horretan, eta, oraindik ere, "anitz xahutuko" dutela, lanek aurrera jarraitzen badute.

Oraingoz, martxan dira Esako lanak. Jimenezek ez du argi, halere, urtegia handitu eta gero bete ahal izanen dutenik. "Oraingo klima aldaketako testuinguruan uraren baliabidea gero eta eskasagoa da. Aragoi ibaiak ez du Esa betetzeko ur emari nahikoa izanen".

Urbizik Esarako mahai gainean jarritako alternatibak gogoratu ditu erakunde horretako kideak. Zain taldeko kideek ere hori nabarmendu nahi izan dute. Alternatibak egonda ezin dutela onartu Zaraitzu ibaia arriskuan jar dezakeen proiekturik, alegia. "Ura kudeatzeko modua aldatzeko garaia da. Ezin dugu orain arte bezala jarraitu; mugatutako ondasun bat da, eta zaindu egin behar dugu", erran du Marta Basconesek.

Zaraitzu ibaia zaindu nahi dute Zain elkarteko kideek. Zaindu nahi dituzte ibai horri lotutako lurrak eta bizimoduak. Pirinioetan jarraitu nahi dutelako.

Ahanzturatik oroimenera

Ahanzturatik oroimenera

Ane Eslava

Duintasuna. Memoria. Aitortza. Justizia. Esker ona. Halako hitzak entzun ziren ekainaren lehenbiziko egunean, Loitiko gainean. Iruñea eta Esa lotzen dituen N-240 errepide zaharrean dago Loitiko gaina, eta, 1936ko altxamendu militarraren ostean, mendatearen bi aldeetako herriek errepresio handia jasan zuten. Orain, 80 urteren ostean, eremuan erail eta hobiratu zituzten 69 pertsonak gogoratzeko oroitarri bat jarri dute han. Omenaldi jendetsu batekin inauguratu zuten oroitarria, familiekin eta inguruko herrietako bizilagunekin. Ahaztutakoei eta isilarazitakoei izen-abizenak jarri zizkieten, ezkutukoa argira ateratzeko, ahanzturaren tokian memoria jartzeko.

1936an Loitiko inguruan errepresioaren alderik bortitzena sufritu zuten lagunak dira orain omendu dituztenak: haien herritik atera eta Loitiko gainean erail eta hilobi irekietan zein errepidearen parean lurperatu zituztenak. David Maruri zangozarrak ikerketa zabala egin du egitateen inguruan, eta, bildu dituen datuen arabera, 1936ko uztail eta abendu artean gutxienez 69 lagun fusilatu eta lurperatu zituzten han. Gehienak Nafarroako inguruko herrietakoak ziren, eta batzuk Aragoikoak (Espainia).

Identifikatu dituztenen artean, hamabost Carcarreko bizilagunak ziren, hamar Zangozakoak, bederatzi Kasedakoak, zortzi Oibarkoak, beste zortzi Andosillakoak, lau Galipentzukoak, hiru Irunberrikoak, bat Burlatakoa, bat Izabakoa, bat Urraulbeitikoa, bat Miranda Argakoa eta bat Aragoiko Sos del Rey Catolicokoa. Eta, horiez gain, gaur egun oraindik badira topatu gabeko hilobi eta gorpuak.

Gertaera latz horiek gertatu zirenez geroztik, biktimen familiek ez dute etsi beren senitartekoak aurkitzeko borrokan. 1939an atera zituzten lehenbizikoz hilotz batzuk Abintzaoko hilerritik, eta behin frankismoa amaituta hasi ziren beste senide asko gauza bera egiten. Hainbat alditan egin dituzte gorpuak lurretik ateratzeko lanak, eta azkenekoak 2016an egin zituzten, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

Ekainaren 1eko ekitaldian, azkenean, Loitin hildakoek aitortza jaso zuten. Mikel Iriarte artista nafarrak Isilpeko hilerria izeneko eskultura multzoa sortu du haien omenez. Hiru zutabeko trikuharriak eta sei harriko cromlechak osatzen dute obra. Artistak azaldu zuenez, trikuharriaren zutabeek "egia, justizia eta ordaina" irudikatzen dituzte, eta cromlecharen sei harriek, berriz, hilobietako bakoitza. "Bista ederrak zituzten toki garaietan oroitzen zituzten gure arbasoek hildakoak; hemen ere hori egingo dugu", adierazi du Iriartek.

Zangozako Udalaren bultzadaz sortu dute oroitarria, eta hainbat udalek babestu dute ekitaldia: Burlatakoak, Kasedakoak, Carcarrekoak, Andosillakoak, Oibarkoak, Urraulbeitikoak, Izabakoak eta Sos del Rey Catolicokoak. Angel Navallas Zangozako alkateak ekitaldian zehaztu zuen moduan, Irunberrikoa izan da parte hartzeko eskaerari uko egin dion bakarra. Nafarroako Gobernuak ere babestu du omenaldia, bai eta hainbat elkartek ere.

Omenaldian, senideek urteetan instituzioengandik jasandako "bazterkeria" eta frankismoak izandako "zigorgabetasuna" salatu zuten. Era berean, eskertu egin zuten Nafarroako Gobernuak, udalek eta elkarteek oraingoan egin duten urratsa ahaztutakoak gogoratzeko. Askorentzat berandu da, halere, dagoeneko hilik baitaude biktima gehienen gurasoak, anai-arrebak eta senar-emazteak, eta, batzuetan, baita seme-alabak ere. "Honek balio dezala datozen belaunaldiek jakin dezaten errespetatzen eta oroitzen, egitate ezatsegin hauek ez daitezen berriz gertatu", adierazi zuen Emilia Salvatierrak, Emilio Salvatierra andosillarraren alabak. Ekitaldian, Zangozako Rocamador dantza taldeak, Irunberriko txarangak eta Fermin Balentziak hartu zuten parte; bina abesti eskaini zizkieten biktimei eta senideei.

Omenaldiaren antolatzaileek eskerrak eman zizkioten David Maruri ikertzaileari haren lanarengatik. Hark, berriz, azpimarratu du Loitiko omenaldia aurrera ateratzeko "ezinbestekoa" izan dela Nafarroako Gobernuaren Memoriaren Institutuak azken lau urteetan egin duen lana, Zangozako Udalaren ekimena, eta gainontzeko udalen eta elkarteen laguntza. Ikertzaileak "justizia" moduan ikusten du errepresioa sufritu dutenei laguntzea, eta "oso atsegingarria" dela adierazi du: "Senideen erantzuna ahaztezina izaten ari da".

Ikerketa osatzen ari da orain Maruri. N-240 errepidean egondako fusilamenduez gain, inguruko beste errepide txikiago batzuetan egondakoak ere erregistratzen ari da. Zangozako Enrique II de Albret kultur taldeak urtero argitaratzen duen Zangotzarra agerkariaren hurrengo zenbakian aterako du ikerlan berria, Carreteras sin retorno (Itzulerarik gabeko errepideak) izenburupean. Lan horrekin, bere alea jarri nahi du Nafarroako Gobernua sortzen ari den hobien mapa osatzeko.

Memoriaren lekuak

Loitikoarekin, beste urrats garrantzitsu bat egin dute Nafarroan memoria historikoaren alde. Era berean, Nafarroako Gobernuak onartu berri du memoria historiakoaren lehen sei lekuak inskribatzea, horiek "babesteko, kontserbatzeko eta hedatzeko" helburuarekin. Hala, memoria historikoko lekuen erroldan inskribatu dituzte Sartagudako Memoriaren Parkea, Urbasako Otsoportillo leizea, Olabeko hobia, Igaritik Bidankozerako errepideko oroitarria, Erreniegako hilobien oroitarria eta Azkoiengo emakumearen errepresioaren memoriaren eskultura. Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako jarduneko kontseilariak esan du lekuen izendapenekin horien ezagutza sustatu nahi dutela, "beldurraren lekuak oroitzapenerako gune bilakatzeko, horiek bakearen eta bizikidetzaren aldeko balioak transmititu ditzaten".

Sei horiek ez dira izango bakarrak, halere. Ollok jakinarazi duenez, dagoeneko lanean ari dira erregistroan beste zazpi leku sartzeko. Horien artean daude Eloko Tejeriako hilobia, Cadreitako Valcarderako hilobia, Ezkabako GR-225 ibilbidea, Iberoko Hiru Gurutzeen Gaina, Etxauriko Memoriaren Parkea, Berako Argaizko harrobia eta German Rodriguezen oroitarria.

David Marurik gogora ekarri nahi izan ditu memoriaren bidean aitzindariak izan diren pertsonak, taldeak eta egitasmoak. Batetik, Itzulera operazioa delakoa aipatu du: "Franco hiltzean, biktima askoren hilotzak hobietatik eta areketatik atera zituzten, eta lurperatze duina eman zieten beren herrietan". Bestetik, lehenbiziko omenaldiak ekarri ditu gogora, eta 1978an Martzillan egin zutena nabarmendu du.

Memoria historikoaren arloan lanean aritu direnen artean, berriz, Jose Maria Jimeno Jurio historialaria nabarmendu du, memoriaren aldeko mugimenduaren "sortzaile eta motor" izan baitzen, haren hitzetan. Azkenik, Nafarroako fusilatuen zifrak zehazteko orduan "gakotzat" jo du Tafallako Altaffaylla kultur taldeak 1986an argitaratu zuen Navarra 1936. De la esperanza al terror liburua (Nafarroa 1936. Itxaropenetik terrorera).

Urrats garrantzitsuak egin dira, baina oraindik lan handia egin beharra dago Nafarroako hobietan geratu zirenei memoria eta duintasuna itzultzeko.