Kultura jaso eta zabaldu

Kultura jaso eta zabaldu

Edurne Elizondo

Oholtza gainean edo kontzertu areto batean gertatzen dena baino anitzez ere gehiago dira musika eta arte eszenikoak. Sorkuntza prozesuaren ingurukoek ere elikatzen dute azken emaitza. Oihalaren atzekoak ikus-entzuleen begiradatik at gelditzen ohi dira, ordea, kulturaren alde ezkutuan. Esparru horretara argia eraman nahi izan du Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak, hain zuzen ere; hori egiteko bidea 2017an hasi zuen, Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa sortuz; orain, jasotako funtsen berri emateko eta zabaltzeko webgunea jarri du martxan, www.amaen.es helbidean.

Nafarroako Artxibo Nagusiaren esku dago musikaren eta arte eszenikoen inguruko ondarearen ardura. 2017tik, hogeita hamazazpi egileren eta erakunderen funtsak jaso ditu: hogeita bederatzi dira musikaren arlokoak, eta bost, berriz, antzerkigintzaren alorrekoak; gainerako hirurak, azkenik, dantzaren esparrukoak dira.

Musikaren arloan, hamaika musikariren, konpositoreren eta abeslariren lanak eta haien ingurukoak hartu ditu artxiboak: Teresa Catalan, Koldo Pastor, Pablo Sarasate, Pedro Iturralde, Isidoro Fagoaga eta Maria Dolores Higueras Dominguezenak, bertzeak bertze. Iruñeko Ganbera Abesbatzak, Iruñeko Orfeoiak, Lizarrako Gaitariek eta Santa Zezilia Kontzertu Elkarteak ere Nafarroako Artxibo Nagusiaren esku utzi dituzte beren funtsak.

Antzerkigintzari dagokionez, lau egilek eman dute beren kultur jarduerarekin lotutako ondarea: Aurora Moneok, Nieves Oteizak, Ventura Ruizek eta Alfredo Sanzolek. Urrats bera egin du, gainera, Nafarroako Antzerki Eskolak. Dantzaren arloan, berriz, Nafarroako Dantza Eskolako funtsarekin batera, Almudena Lobon eta Concha Martinez eta Jose Lainez dantzari eta koreografoena jaso du artxiboak.

Sortze prozesua

Nafarroako Gobernuko Agiritegien eta Dokumentazio Ondarearen Zerbitzuko buru da Joaquim Llanso, eta gobernuak Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa martxan jartzeko aukera mahai gainean jarri zuenetik, proiektu horren sustatzaile eta babesle izan da.

Artxiboa sortzeko lehen fasean, gisako bertzelako erakundeak bisitatu zituzten erakundeko arduradunek. Llansok azaldu du, bertzeen lana abiapuntutzat hartuta, ohartu zirela artisten sortze prozesuarekin lotutako funtsak jaso nahi zituztela, nagusiki. Artxiboko kideen asmoa da egileen eta erakundeen lanari dagokion testuingurua ematea. Hori, kasu anitzetan, egileek beraiek egiten dute, artxiboan gordetako bideo lanen bidez, bertzeak bertze. Gisa horretako euskarriak bultzatu nahi dituzte, etorkizunera begira, funtsak egungo eta biharko herritarren esku jartzeko asmoz.

Artxiboak egun duen materialaren kopurua handitu eginen da laster, Llansok ezagutarazi baitu jasotako bertze hamar funtsen berri emanen duela erakunde horrek, laster. Jasotzea eta zabaltzea da haien lana.

“Nafarroan 86.000 pertsona daude bazterketa egoeran”

“Nafarroan 86.000 pertsona daude bazterketa egoeran”

Ainhoa Larretxea Agirre

Hainbat alorretako 30 elkartek osatzen dute Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Sarea. Lehendakariordea da Gara Gonzalez (Iruñea, 1989). Sareak 25 urte bete berri ditu, baina hasierako helburu berari eutsi dio: pobrezia desagertzea.

Sareak 25 urte bete berri ditu. Nola sortu zen?

Bazterketaren kontra zeuden 22 elkartek sortu zuten. Banaka, zaila da presioa egitea eta emaitzak lortzea, eta elkarrekin lan eginda xede hori errazago lortzeko sortu zuten. Sarean lan egiteko beharra nabari zuten, elkarte bakoitzak bere aldetik egiten zituelako gauzak.

Sortu zenean, 22 elkartek osatzen zuten sarea, baina, gaur egun, 30 elkarte daude.

Urteen poderioz, elkarte gehiago batu dira sarera. Azkenekoa iaz batu zen: Tuterako elkarte bat. Horrela, lurralde guztian dugu presentzia. Banaka-banaka joan dira sartuz taldeak sarera.

Zer-nolako elkarteak daude?

Alor guztietako elkarteak daude. Batzuek etxebizitzaren inguruan egiten dute lan; bertze batzuek, ijitoekin… aterpeak kudeatzen dituzten elkarteak daude, baita emakumeekin lan egiten dutenak ere. Askotarikoak dira elkarteak. Pobreziak eta bazterketak alor asko ukitzen dituzte.

Sarearen sorreratik nola aldatu da zuen funtzioa?

Helburuak berak dira duela 25 urte eta orain. Egia da egiteko moduak aldatu direla. Gaur egun, hiru lan arlo zehatz ditugu. Alde batetik, eragin politikoa dugu: egiten diren politika guztiak guztion beharrak errespetatzeko egitea da asmoa. Bestetik, sarean elkarren artean egiten dugu lan. Hirugarren arloa parte hartzea da. Guretzat oso garrantzitsua da lan egiten dugun pertsonek politikan eta hartzen diren erabakietan parte hartzea. Azken urteotan, alor horretan lan handia egiten ari gara.

Politika aipatu duzu; azken lau urteetan nabaritu duzue aldaketarik gizarte politiketan?

Egia da egin direla politika berriak. Egiten diren politikak ez dira egokitzen errealitatera, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu analisiak egitea eta egiten diren politika guztiak aztertzea; politika guztien helburua izatea pobrezia bukatzea. Azken urteetan nahikoa gauza egin dira, baina beti gehiago eskatzen dugu. Helburua ez da ahaztu behar.

2008an izan zen azken krisialdi handia. Zer ondorio utzi ditu?

Adituek askotan erraten dute krisia bukatu dela, baina errealitatea oso ezberdina da. 2008an lanpostu asko galdu ziren; soldatek behera egin zuten, eta jende asko pobrezian gelditu zen. Egoera horretatik ez gara atera. Pobrezian gelditu ziren horiek pobrezia larrian daude oraindik ere, eta errealitate berri bat dago: lana daukan jendea, baina hala ere pobrezia egoeran dagoena. Errealitate hori bada Nafarroan, eta ardura hartu behar da, egoera horiek oso latzak baitira.

Krisi berri baten mamua zabaltzen hasi da. Gizartea prest dago horrelako krisi bati aurre egiteko?

Krisian jarraitzen dugu; beharbada ez da krisi makroekonomiko handi hori, baina krisia errealitatea da. Gure inguruko pertsonak pobrezia larrian daude, eta, beste krisi bat etortzen bada, oso zaila izango da jende hori guztia pobrezia egoera horretatik ateratzea.

Nola lagundu daiteke pobrezia egoeran dagoen pertsona bat?

Gure ustez, denek lagun dezakegu. Garrantzitsua iruditzen zaigu errealitateaz jabetzea. Askotan, ez dugu ikusten edo ez dugu ikusi nahi errealitate hau existitzen dela Nafarroan. Lehen pausoa errealitateaz jabetzea da, eta itsu edo isilik ez gelditzea, zer edo zer egitea. Gure bizilaguna lagun dezakegu, elkarte batera joan… Ez du zertan ekonomikoki izan, denborarekin izan daiteke. Laguntzeko hainbat modu daude.

Badaukazu daturik errealitate hori erakusteko?

Joan den urteko datuak ditugu. 86.000 pertsona daude Nafarroan bazterketa edo pobrezia egoeran. Pertsona horien erdiak pobrezia egoera larrian daude, eta jende pila da. Egoera larrian dauden horiek oso egoera muturrekoan daude: kalean daude; ez daukate jatekorik… Horien artean, asko familiak dira, eta haur asko daude, gainera, egoera horretan.

Pobrezia eta pobrezia larria bereizi dituzu. Zein da bien arteko desberdintasuna?

Hilabetean 355 euro baino gutxiagorekin bizi diren pertsonak pobrezia larrian daudela erraten dugu. Diru kopuru horrekin ezin da alokairua edo jatekoa ordaindu.

Pobrezia egoeran egon gabe bertzelako arazoak dituzten pertsonek ere jo dezakete zuen sarera?

Bai, askotarikoak baitira sarean dauden elkarteak. Gure ideia da gizarte guztiari arreta eskaintzea. Edonor etor daiteke laguntza eskatzera edo eskaintzera

Hainbat kanpaina egin izan dituzue.

Azken urteetan, egoera oso larri baten aurka egin dugu lan: aporofobiaren kontra, pobreen kontrako mezu horien kontra, alegia. Kanpaina bat kaleratu dugu horren kontra, Benetazko ideiak pobreziaren aurka izenekoa. Ideia da gizarte guztiak parte hartzea. Gure sare sozialetan aurkitu daitezke kanpainaren nondik norakoak.

Desagertzeko sortu zenuten sarea?

Bai. Gure helburua elkartea desagertzea da, pobrezia bukatzea. Borroka horretan arituko gara beharrezkoa den denbora guztian.

Iritzia: Ez itzultzea

Iritzia: Ez itzultzea

Jon Barberena Ibarra

Handiena, ederrena, laudatuena… -ena atzizkiaren zaleak gara, eta horren adibide dugu munduko mendi ederrenean, handienean eta laudatuenean pasatzen ari dena. Azken hogei urteotan alimaleko jendeketa bildu da Everestera goititzeko ohiko bideetan, eta, ondorioz, Everest jendez gainezka dago. Edozein bihur liteke mendizale diru anitz edukiz gero, eta, era horretan, enpresariak, hegazkin pilotuak edo etxe oneko seme-alabak pioleta eskuan hartu eta heroi izan daitezke. Balentria gauzatu dadin punta-puntako eskalatzaileak, xerpak, material askotarikoa eta sukaldariak izanen dituzte esku-eskura. Une batez sinetsiko dute mendigoizaleak direla eta edozein balentria gauzatzeko trebatuak daudela. 1993an, Antzuolan, Jon Sarasuak horrela kantatu zion Everesteko gaina zapaldu zuen Felix Iñurrategi lagunari: "Nahiz-ta zu egin munduko mendi gailur altunaren jabe/ segi ezazu beti bezela gehiegi sinistu gabe>". Felixek ez zuen solas eta aholku horien beharrik, mendizale amorratua eta esperientzia handikoa baitzen, baina urte osoan mendirik usaindu ez eta bat-batean Everest igo duenak badu bertso horretako hitzen beharrik.

Aspaldi, kontu handiz aukeratutako zenbait espediziok bakarrik lortzen zuten mendia hupatzeko baimena, baina 90eko hamarkadan atea parez pare zabaldu zuten Nepalgo agintariek, eta egun negozio paregabe bihurtu da. Bidaia agentziendako lehentasuna ez da izanen bidaiarien trebetasun fisikoa, dirua baizik, eta sosa barra-barra izanez gero, gutizia preziatua eskuratzeko aukera izanen du inoiz gutitan mendira joan den edonork. 60.000 euro euro inguru ordaindu, eta arriskua gutxietsiz, pausoz pauso aitzinera egitea da afera, baina eskalatzeko tekniken berri ez dutenez eta altuera handietara egokitzeko zailtasunak dituztenez, igoerako puntu zailenetan ilara amaigabeak sortzen dira, eta arriskua handitzen da.

Turismoaren masifikazioak ez du ondorio onik uzten eta, pilaketaren ondorioz, Everest munduko zabortegirik handien bihurtu da. Sokak, elikagaien edukiontziak, kartoia, pilak, kanpin-denden oihalak, garagardo botilak, oxigeno-botilak… Dena soberan daukate behin erabili eta gero, eta, mendizale kontzientziak hala aginduta, lurrera bota eta kito!

Munduko mendirik handiena goititzen lehen euskalduna Martin Zabaleta izan zen. 1980an Everesten ikurrina zabaldu eta "Gora Euskadi askatuta!", oihukatu zuen. Orduko irudi eta adierazpen horiek alimaleko oihartzuna izan zuten, herri zahar honen izaera aldarrikatu baitzuen munduko medi kasko altuenetik.

Baina zenbat aldatu diren gauzak, kamarada! Orain turista dirudunen erromesaldi eta kapritxo bihurtu da, eta horren harira, hedabideen diru laguntzarekin eta multinazional handien babesarekin mendia ogibide bihurtu duten zenbait mendizale haserre sumatu ditut. Halere, iruditzen zait maiz heroismoz behatu izan diegula haien dokumentalei, eta, horrek ere, hein handi batean, 8.000 metroko mendien mitifikazioan eta, ondorioz, masifikazioan lagundu duela. Nork ez du sentitu Al filo de lo imposible programa ikusi eta gero, menditzar horietara joateko tentaziorik?

Proportzio desberdinetan, denok errudun garela iduritzen zait. Agian, Goizalde Landabasok BERRIA egunkarian idatzi berri duen hitz eder hauetan dago soluzioa: "Behin baino ez dut bisitatu Venezia, beti itzuli nahi dut, baina agian beragatik, bere iraupenagatik, bere edertasunagatik egin dezakegun onena ez itzultzea da".

Ezkaba mendiko loreen aniztasunaren argazkia

Ezkaba mendiko loreen aniztasunaren argazkia

Ane Eslava

Orkidea, oreganoa, armiarma lorea, azafraia, ezkila lorea, kurkubia... Sei landare horiek, eta beste 404, ikus daitezke Iruñe iparraldeko Ezkaba mendia osatzen duten mila hektareetan. Oscar Perezek, Xabi Egurzegik, Marion Stefaniek eta Marga Galdeanok bost urte daramatzate Ezkaba mendiko bazterrak zeharkatzen eta han topatzen dituzten landareak fotografiatzen eta erregistratzen. Modu horretan, lau lagunek eremuko floraren aniztasuna erakutsi nahi diete herritarrei. Izan ere, gizartea "naturatik urruntzen" ikusteak kezkatu egiten ditu, eta antzina gizakiak landareekin zuen lotura berreskuratu nahi dute.

Oscar Perez da Ezkabako landareak erregistratzeko proiektuaren sortzailea. 43 urte ditu, eta betidanik bizi izan da Iruñean; lehen Arrotxapean eta gaur egun Ezkaban. Txikitatik izan du landareekiko interesa, baina gaztetan, jakin-mina asetzea erabaki zuen, eta Gorosti zientzia elkartera jo zuen, ikastera. "Garai hartan ez zegoen Internetik, libururik ere ez kasik, eta han asko ikasi nuen", kontatu du. Elkarte horretan German Rodriguez Nafarroako Unibertsitateko irakaslearen liburu bat aurkitu zuen. Rodriguezek Ezkaban aurkitutako 450 landare erregistratu zituen liburuan. Lan hori ikusi ondoren hasi zen Perez haren argazki makinarekin Ezkabara joaten.

2014an, Egurzegi, Stefanie eta Galdeano batu zitzaizkion, eta ordutik elkarrekin doaz mendira, landareak bilatzera. Txangoetan argazki makinak "oso baliagarriak" direla esan du Perezek: "Lehen, landarea etxera eraman behar zuten hura identifikatzeko, orain xehetasun handiko argazkiak egin ditzakegu, eta aski dugu". Dagoeneko espezie ugari identifikatu dituzte. "German Rodriguezek 450 aurkitu zituen, eta guk 410 daramatzagu; hark ikusi ez zituen batzuk identifikatu ditugu, eta, urteak pasatu arren, oraindik ikusten ditugu berriak". Aurkitzen dituzten landareak katalogatzen ari dira, eta hitzaldiak ere eman dituzte Iruñerriko hainbat auzo eta herritan.

Arrazoi bat baino gehiago dago Ezkaban hainbeste lore egoteko. Batetik, oso mendi zabala da eta 450 metroko altitudetik 895 metroraino heltzen da. Bestetik, iparraldeko eta hegoaldeko orientazioak dauzka, eta lurzoru mota bat baino gehiago. Eta, azkenik, klima trantsizioko eremu batean dago: Iruñerri hegoaldeko klima mediterraneoa da, Sakanatik gertuko eremukoa atlantikoa, eta Agoiztik gertukoa kontinentala. "Horrek guztiak eragiten du espezie asko egotea".

Baina ez bakarrik Ezkaba; Iruñerria ere aniztasun handiko tokia da; landare mota asko ikus daitezke kalean. "1.000 espezie ere egon liteke Iruñerri osoan", zehaztu du Perezek. Baina hark eta haren kideek kritikatzen dute hiriko lorategietako belarra asko moztearen eraginez landare asko ezkutuan geratzen direla. "Belarra pixka bat gehiago hazten utziko bagenu, landare asko ikusiko genituzke", azaldu du.

Mendia aldatu da

Perez argazkiak egiten hasi zenetik —orain dela hamabost urte—, asko aldatu da Ezkaba mendiko flora. "Garai hartan, larre gehiago eta zuhaitz gutxiago zeuden", azaldu duenez. "Eta duela 80 urte arte, adibidez, mendiak ez zuen zerikusirik oraingoarekin, asko aldatu baita lurzoruaren erabilera". Gero eta larre gutxiago egoteak kalte egiten dio floraren aniztasunari, adituaren hitzetan. "Larreetan argia sartzen da, eta basoetan baino espezie gehiago hazten dira; gainera, landare horiek intsektuak erakartzen dituzte", azaldu du. Hortaz, "premiazkotzat" jo du larreak babestea, ekosistemaren mesedetan.

Mendia aldatu da, baina gizartearen ohiturak ere aldatu dira. Hori uste du Perezek, eta kexu da: "Galdu egin dugu naturarekiko gertutasuna; gu, txikitan, beti genbiltzan landareekin jolasean; orain, landareak soilik lorategietan ikustera ohitu gara. Hirietan autoa eta hormigoia lehenetsi ditugu eta natura baztertu dugu". Hori aldatzeko bidea informazioa zabaltzea dela uste dute Perezek eta haren kideek. Horregatik, dibulgazioa egiten jarraituko dute, "gizarteak naturarekiko erlazioa berreskura dezan".

Ez dituzte auzoan nahi

Ez dituzte auzoan nahi

Edurne Elizondo

Goia jo du Iruñeko Sanduzelai auzoko bizilagunen kezkak, eta antolatzea erabaki dute: batu egin dira apustu etxe eta joko aretoen kontra. Larunbatean protesta egin zuten karrikan, eta eskatu zuten auzoan dauden bi apustu etxeak ixteko. Gaur, berriz, batzar irekia eginen dute, 19:00etan, Karrikaguneren egoitzan.

Sanduzelaiko bizilagunen kezka bera dute Aralar elkarteko kideek ere. Jokoaren mendekoak eta haien gertukoak artatzen dituzte erakunde horretan. Elkartean aspaldi piztu ziren jokoaren industriaren inguruko alarmak. Azken urteotan gora egin du apustu eta joko etxeen kopuruak, bai eta arlo horren inguruko publizitateak ere; Interneten bidez jokatzeko aukerak ekarri du, gainera, apustu egiten dutenen adinak behera egitea. Aralarren, argi dute: "Lehen, jokoaren mendekoen batez besteko adina 45-48 urte zen, eta txanpon makinak erabiltzen zituzten; orain, 33 urte da batez besteko adina, eta kirol apustuetan aritzen dira batez ere; Internet bidezko jokoa ari da nagusitzen".

Sanduzelaiko bizilagunek jasotako datu gehiago jarri dituzte mahai gainean: "16 eta 18 urte bitarteko Iruñeko ikasleen erdiak egin dute apustu, behin gutxienez". Auzo horretan, bi apustu etxe daude; Iruñeko gehienak, hain zuzen, Sanduzelain, Buztintxurin, Etxabakoitzen eta Arrotxapean daude. "Ez da kasualitatea; langabezia tasarik handiena duten auzoak dira, eta, ondorioz, bazterketa arriskurik handiena ere badute", salatu dute Sanduzelaiko bizilagunek.

Nafarroako Gobernuak egoitza fiskala herrialdean duten enpresen jarduera bakarrik arautzen ahal du. Bi konpainiak dute egoitza Euskal Herrian: Reta eta Kirolbet enpresek. Horiez gainera, beste biren apustu makinak daude Hego Euskal Herriko aretoetan: Garaipen-Codere eta Sportium etxeenak. 2017. urtean, 411 milioi euro jokatu ziren lau enpresa horien makinetan eta webguneetan. Aurreko urtearen aldean, %10eko hazkundea. Bilakaera nabarmenago ikusten da 2017ko diru sarrerak 2012koekin alderatuta: %80 egin dute gora.

Hego Euskal Herriko 2017ko datuen arabera, agerikoa da jokoen pastelean gero eta handiagoa dela apustuei dagokien zatia. Oraindik ohiko txanpon makinak dira jokorik arrakastatsuena —Nafarroan, sektorean gastatutakoaren %37 dagokie—; horren atzetik, Espainiako loteria dago; eta, hirugarren postuan, kirol apustuak.

Mendekotasun ikusezina

Gizarteak onartutako jarduera bat da jokoaren ingurukoa, neurri handi batean. Aralarko adituek horixe nabarmendu dute behin baino gehiagotan. Sanduzelaiko bizilagunak ere ohartu dira egoera horretaz, baina erabaki dute ordua dutela aski dela errateko. Horregatik erabaki dute apustu etxeen aurka lanean hastea. "Apustu etxeek ikusten ez den mendekotasun bat sortzen dute; antzemateko zailagoa izaten da, eta, ondorioz, larriagoak izaten dira haren ondorioak", erran dute. "Ezin dugu ahaztu apustu etxeak boterearen erreminta direla herritarrak kontrolatzeko eta gizartea desaktibatzeko", erantsi dute.

Sanduzelaiko bizilagunek aldarrikatu dute gazteek bertzelako jarduerak behar dituztela aisialdirako. Bide horretan, hiru helburu zehatz finkatu dituzte apustu etxeak auzotik eta hiritik ateratzeko: tabernetan apustuak egiteko makinak jartzea debekatzea, apustu etxeekin lotutako publizitatea debekatzea, eta Sanduzelain dauden bi apustu etxeak ixtea.

Publizitateari dagokionez, administrazioaren kontrolik eza salatu dute auzolagunek: "Tabakoaren eta alkoholaren inguruko publizitatea kontrolatzen dute, baina ez da berdin gertatzen apustu etxeekin". Erantsi dute administrazio publikoek ez dutela kontrol zorrotzik egiten gisa horretako egoitzak irekitzeko ere. "Iruñean, bederatzi zinema areto daude, eta 53 joko areto. Kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan", erran dute.

Joan den larunbatean auzoko apustu etxeen aurrean protesta egin eta gero, Sanduzelaiko auzokideek batzar ireki batera deitu dute gaur arratsalderako: 19:00etan eginen dute, Karrikaguneren egoitzan. Bizilagun guztiei eskatu diete bat egiteko. "Arazoa larria da, eta gazteek aisialdirako bertzelako bideak behar dituzte; guk ez dugu gazteon aurka egin nahi, haiek ere biktima dira", nabarmendu dute Sanduzelaiko auzokideek. "Apustu etxeen kontra ari gara".

Iritzia: Desaldaketaren faseak

Iritzia: Desaldaketaren faseak

Lohizune Amatria

Egun bat baino ez zuen behar izan Angel Errok bizitzen ari garen honetan hainbat fase daudela antzemateko. "Doluaren zer fasetan zaudete zuek?", galdetu zien bere jarraitzaileei Twitterren, maiatzaren 27an. "Ukapena, amorrua, tristezia edota negoziazioa?".

Irudipena dut ukazioa zuetako gehienek bizi izan zenutela 26 gauean. PSNren egoitzan harrapatu ninduen kolpeak. Bi une ditut gogoan iltzatuta: zenbaketa %2an zegoenean gobernuko webgunean azaltzen zen eserleku banaketa, eta Esporrin "agur, Asiron, agur" esanez. Lehena desiratzen eta bigarrena ahaztu nahian itzuli nintzen etxera.

Hauteskundeetatik astebete igaro dela ari naiz lerro hauek idazten, eta gauza zenbait aldatuko ziren agian, baina, gaur-gaurkoz, bada fase horietako zenbait antzematerik ordezkari politikoen artean.

Desaldaketa zerk eragin duen, hori izan dugu zalantza nagusia. Zenbaitek aipatzen dute ezkerreko alderdi estatalistak elkarrekin aurkeztu ez direla dela arrazoietako bat. Ez, ordea, alderdi horiek. Batzuk ez dute tutik esan. Beste zenbaitzuen irakurketak, berriz, amorrutik asko du. Hiru arrazoi topatu ditu Aranzadik, esaterako, egoera azaltzeko: errenta baxuena duten auzoetan abstentziora jo dutela boto emaileek, eta Navarra Sumak askoren konfiantza berreskuratu duela; Ahal Dugu taldean izandako haustura zigortu dela eta "aldaketaren hipotesi lasaiak" huts egin duela. Zergatien artean, Aranzadi ez da inon ageri.

Alderdi abertzaleek gora egin dutela. Hori ere asko errepikatu den esaldia izan da analisietan, egoera arintzeko edo. Baita alderdi politikoen artean ere. Joseba Asiron, duela astebete: "Argi eta garbi adierazi dugu. EH Bilduren eta PSNren artean 10.000 botoren aldea dago" eta "aldaketaren aldekoek, oraindik, Navarra Suma baino babes handiagoa daukate". Noren kontura, ordea?

PSNrekin negoziazio bila dabil EH Bildu udaletan. "Eskuinari bidea ixteko" akordioak babestuko dituela adierazi dute. PSNri aginte makila zenbait emanez, zenbat udaletan, 1979an Iruñean gertatutakoa errepikatzeko prest dira, beraz. "Gaitzik txikiena" omen. EH Bilduren boto emaile zenbait horren aurrean tristeziara gerturatzen ariko dira?

Sozialistek ere marraztu dituzte beren joko arauak. "Marra gorria" da EH Bildu. Navarra Sumari ez diote botorik emango. Iruñean, beraz, 2007an gertatukoaren antzeko zerbait gertatuko dela dirudi. Asiron alkate egiteko aukera dago, baina PSNk ez dio botorik emango; eta, hala, Maiari bidea erraztuko diote sozialistek.

Astebete izan dute Erroren jarraitzaileek botoa emateko, eta gehiengoa tristeziak jota dago. Hirugarren fasean. Onarpenetik gertuago, bada. Azken fasea, baina, ahantzi du poetak. Ez da harritzekoa, egun bakarrean fase horietatik guztietatik igarotzea ez diot nik inori opa. Baina, Geroa Bai eta Ezkerrari halakorik gertatu ote zaien asmatzen saiatzen ari naiz. 26ko gauean luzatu zion eskua Txibiteri Barkosek. Ezkerrak ez dio ia baldintzarik jarri. Azkarregi onartu ote dute aldaketaren aldaketa iritsi dela? Igaro al dira beste faseetatik? Onarpena al da guretzat ere azken fasea?

Maisu-maistren lanak idatzitako intrahistoria

Maisu-maistren lanak idatzitako intrahistoria

Edurne Elizondo

Maisu izan naiz ni. Orain irakasle anitz dago, baina maisu gutxi. Dena aldatu da". Malenkonia pixka bat sumatzen zaio Guillermo Iriarte Aranazi, eskolari buruz hitz egiten duenean. Bokazioak eraman zuen irakaskuntzaren esparrura, eta bokazioak bultzatuta idatzi du, orain, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak argitaratu berri duen Nafarroako eskolaren historia ilustratua (1828-1970) liburua.

Iriartek Hezkuntza Departamentuko jarduneko agintari nagusien aurrean aurkeztu du bere lana, Nafarroako eskoletan maisu eta maistra izandako lagun anitzen babespean. Pertsonak jarri nahi izan ditu Iriartek erdigunean, bere liburuaren bidez: ikasleen ahaleginak eta maisu eta maistren lanak idatzitako intrahistoria utzi du agerian; eraikin zaharretako gelek xurgatutako istorioak gogoratu ditu; jaso ditu pedagogiaren esparruko gako nagusiak; eta, oro har, herrialdeko eskolen garapena jorratu du, hitzak eta irudiak uztartuz.

Bostehun orri baino gehiago eta bostehun argazki baino gehiago biltzen dituen lana da emaitza, eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du Hezkuntza Departamentuak.

Maisu eta orientatzaile izan da Iriarte, 2009an erretiroa hartu zuen arte. "Eskola da garaian garaiko testuinguru historikoa hobekien islatzen duen esparrua", erran du. Hain zuzen, garaian garaiko testuinguruari egin dio so bere liburuan, urte luzez eta bere lanbideari esker lortutako materialak lagunduta.

Jasotako agiri, argazki eta testu horiekin liburua osatzeko prozesuan, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Aitor Etxarte izan du Iriartek bultzatzaile nagusi. Liburua aurkezteko agerraldian ere ondoan izan du egileak eskola kontseiluko burua. "Gazte eta zaharrentzako liburu bat da hau, hamaika irakurketa eskaintzen dituena. Gure eskolen errealitate historikoa kontatzen du; gustuko duguna, bai eta gustuko ez duguna ere, gustuko ez dugunari buruz ere hitz egin behar baitugu", erran du Etxartek, Iriarteren lanari buruz.

Bost atal

Iriartek ia mende eta erdiko bidea egin du Nafarroako eskolaren historian, 1828tik 1970era. Bost atalen bidez kontatu du historia hori: XIX. mendeko eskolari buruzkoa da lehenengoa; XX. mendeko lehen hereneko hezkuntza politikari egin dio so bigarrenean, eta, hirugarrenean, berriz, Espainiako II. Errepublikan egindako urratsei eta 1936ko gerrak eragin zuen atzerakadari. Laugarren atala da frankismoaren garaiko hezkuntzari buruzkoa, eta bosgarrenak, azkenik, irakaskuntzan lanean aritutako hainbat maisu eta maistraren ibilbideak nabarmendu nahi izan ditu.

Nafarroako hezkuntza publikoaren lehendabiziko urratsak izan ditu Iriartek ardatz, liburuko aurreneko atalean. Egileak nabarmendu du 1831n Hezkuntzako Batzorde Nagusiak egindako Lehen Hizkien Eskoletako Araudia. "Irakaskuntzaren oinarriak ezarri zituen". Nafarroa bere berezitasunei eusten saiatu zela erantsi du Iriartek, eta, ahalegin horren ondorioz, 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat derrigorrezkoa zen eskolara joatea. "Estatuan, 5 eta 9 urte bitartekoek joan behar zuten; Nafarroan, gainera, 150 biztanle baino gehiagoko herrietan nesken eskolak baziren, estatuko gainerako herrietan ez bezala".

XIX. mendekoak dira Nafarroan maisuentzat eta maistrentzat sortutako lehen eskolak. Gizonena 1840. urtean jarri zuten martxan. Gisako bertze eskola bat bazen, garai hartan, Madrilen. "1847an, berriz, maistren lehen eskola ireki zuten Nafarroan", azaldu du Iriartek.

XX. mendeko lehen herenari buruz, Iriartek liburuan nabarmendu du ikasteko eta irakasteko modu berriak sartu zirela eskoletan. "Neurri pedagogikoak eta sozialak hartu zituen administrazioak, eta ahalegina egin zuen Heziketa Libreko Erakundearen korronte berritzaileetara eta Eskola Berriak defendatzen zuen hezkuntza mugimendura egokitzeko".

Primo de Riveraren diktadurak izan zuen ondoriorik hezkuntzaren esparruan. "Aberria goratzeko jarduerek gora egin zuten eskoletan; eraikin guztietako aurrealdean armarriak jarri zituzten. Askatasuna galdu zen, baina eskola anitz eraiki zituzten", kontatu du Iriartek.

Espainiako II. Errepublikak loraldia eragin zuen irakaskuntzan. "Eskola eredu moderno, aske, laiko eta sozial bat lortu zen. Eskolak denentzako toki bilakatu ziren; hezkuntza eraman zuten herrialdeko txoko guztietara, eta eskolek gogoz egin zuten lan analfabetismoaren aurka. Elebitasuna eta hezkidetza bultzatu zituzten", azaldu du egileak. Nafarroako lehen ikastolak ere garai horretan sortu zirela gogoratu du Iriartek, eta sortu zirela hezkuntza zabaltzeko jarduera anitz: "Liburutegi ibiltariak eta misio pedagogikoak, bertzeak bertze".

Federico Garcia Lorca Nafarroan izan zeneko aldia nabarmendu du Iriartek, hain zuzen ere. "Iruñean eta Lizarran izan zen, baina prentsan ez zen horren berririk agertu. Garcia Lorcak Argentinatik idatzi zuen hemengo esperientzia, ordea: Iruñeko Gaiarre antzokia doan utzi zietela, eta Lizarran harrika hartu zituztela bera eta La Barraca bere taldeko gainerako kideak. Gero, ordea, oholtza gainera igo zirenean, txalo egin zieten".

Errepresioa

1936ko altxamendu militarrak bertan behera utzi zituen ordura arte egindako urratsak. "Errepresio latza jasan zuten irakasleek eta eskolek", nabarmendu du Iriartek. Frankismoarekin "hezkuntzarentzako eta askatasunarentzako etaparik ilunena" garatu zen. "Eskolak aberriaren eta erlijioaren aldeko tresna bilakatu ziren, doktrinamendu politiko eta erlijiosorako tresna", erran du liburuaren egileak.

1970eko Hezkuntza Lege Nagusia da Guillermo Iriarteren liburuko azken helmuga. "Franco hil ondokoa da hezkuntzaren urrezko aroa", erran du Iriartek. "Hezkuntza eskumenen transferentzia garaia da, eta Nafarroa gai izan zen bere hezkuntza sistema antolatzeko". Hezkidetzaren esparruan egindako urratsak ekarri nahi izan ditu Iriartek gogora, azken hilabeteotan Skolae programaren inguruan sortutako eztabaidei aurre egiteko: "Harrigarria da, oraindik ere, erabat gaindituta egon beharko lukeen eztabaida bati eutsi nahi izatea. Aspaldikoak dira hezkidetzaren inguruko saioak Nafarroan", erran du.

"Eztabaida hutsalak" ez dira egungo hezkuntza sistemaren arazo bakarra, egilearen hitzetan. "Sakonera ailegatu ordez, azalean gelditzen gara, eta irakasleak ez dira gai ezartzen diren aldaketa guztietara egokitzeko. Ez genuke ahaztu behar eskolaren lana dela ikasleak gai izatea beren ezagutza eraikitzeko, elkarlanean".

Elkarlanaren ideia nabarmendu nahi izan du Iriartek. "Arlo guztiek inplikatu behar dute haurren hezkuntzan". Iritzi berekoa da Esther Pagola. 83 urte ditu, eta maistra izan zen urte luzez, bai eta Hezkuntza Departamentuko aholkulari ere. Pagolarena da Iriartek liburuko azken atalean jaso dituen testigantzetako bat. Kontent da lanarekin, eta eskertu du aitortza. "1950eko hamarkadan bilakatu nintzen maistra. Madrilen aritu nintzen lanean, eta, gero, Nafarroan. Behar bereziak zituzten haurrekin egin nuen lan urte luzez". Pagolak ez du zalantzarik: "Hezkuntza sistemak helburu hartu behar du nork bere onena ematea, inguruan dituenen laguntzarekin eta babesarekin".

Pagolari eta hezkuntzaren esparruan inplikatu diren maisu eta maistrei eskaini die Iriartek bere liburua: "Atzoko, gaurko eta betiko maisu eta maistrei, nire omenaldirik beroena", idatzi du lehendabiziko orrietan. Liburua aurkezteko hautatu duen aretoko paretetako batean ageri diren izenei egin die so egileak, atzoko eta betiko maisu-maistra horiek aipatu dituenean. Frankismoaren garaian errepresioa pairatu zutenen aldeko plaka dago Hezkuntza Departamentuko areto nagusian zintzilik. Haiek izan nahi ditu gogoan Iriartek; bai eta aurrerantzean ere hezkuntzaren ardura hartuko dutenak ere.

Txibiteren poltsikoan da giltza

Txibiteren poltsikoan da giltza

Edurne Elizondo

Amaitu da lauko gobernuaren denbora, oraingoz: Navarra Suma koalizioak irabazi ditu foru hauteskundeak, azken orduko gainsariarekin: 19 eserleku eman zizkioten igandeko emaitzek, baina herenegun atzerriko eta gorabeheraren bat izan zen mahaietako botoak zenbatuta, hogei lortu ditu, EH Bilduren kaltean. PSN izan da bigarren indarra, 11 eserlekurekin. Geroa Baik bederatzi lortu ditu, EH Bilduk zazpi azkenean, Ahal Dugu-k bi, eta bakarra Ezkerrak, justuan.

Gobernua osatzeko giltza, beraz, Maria Txibite sozialistaren esku dago. Asteotako negoziazioek argituko dute PSNko burua gobernua osatzeko gai izanen ote den, Navarra Sumaren gobernu bat ahalbidetuko duen, edota berriro bozetara joan beharko den.

Igandeko emaitzak jakin bezain pronto, gobernua zuzentzeko asmoa agertu zuten Javier Esparza buru duen Navarra Sumako agintariek, hiriburuko hotel batean egindako agerraldian. Sarasate pasealekuko sozialisten egoitzan ere, "presidentetzat" jo zuten Maria Txibite. "Ez diogu botorik emango Esparzari, eta ez dugu akordiorik egingo EH Bildurekin", zehaztu zuen PSNko buruak; Txibite "gobernu aurrerakoi" baten lidergoa hartzeko prest agertu zen.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak apirilean egin zituzten, baina sumatu da haien eragina, oraindik ere, maiatzeko herrialdeko bozetan. Eskuin muturreko alderdien mehatxuak eraginda, neurri handi batean, PSNk nabarmen egin zuen gora apirilean, eta bultzada horrek ekarri du foru hauteskundeetan bigarren indarra izatea. 2015eko hauteskundeetan bosgarrenak izan ziren sozialistak, 45.164 botorekin; apirilean 94.094 jaso zituzten; orain, berriz, 70.143 (atzerriko botoak aintzat hartu gabe).

Geroa Baik eta EH Bilduk ere gora egin dute boto kopuruan: Geroa Baik 53.497 boto jaso zituen 2015ean, eta igandean, berriz, 59.106; EH Bilduk 48.166 herritarren babesa izan zuen duela lau urte, eta 49.744 boto, berriz, igandean. "Aurreko legegintzaldian bestelako Nafarroa baten alde egindako lanak zilegitasuna eman digu", erran du Bakartxo Ruizek, asteon.

Bertzelakoa izan da bi taldeok laukoan lagun izan duten Ahal Dugu-ren emaitza. Amildu egin da: 45.164 boto jaso zituen duela lau urteko hauteskundeetan, eta 16.124 igandekoetan. Alderdi horren barruko liskarrek min handia egin diote laukoari, eta hautesleek beren botoen bidez erakutsi dute haserrea. Zigor bilakatu dituzte botopaperak. Bost eserleku galdu ditu. Ezkerrak ere behera egin du: 2015ean, bi eserleku eta 12.482 boto jaso zituen; orain, berriz, eserleku bakarra, 10.226 botorekin.

Geroa Baik orain arteko parlamentari kopuruari eutsiko dio. Igandean, Uxue Barkosek onartu zuen PSNri dagokiola gobernua zuzentzeko ardura. Bi mezu jarri zituen mahaian, sozialistentzat: "Udaletako gehiengo aurrerakoiak ere kontuan har ditzatela, eta bila dezatela akordioa, anbiziozko posizioei uko eginda".

Igande gaueko ajea pasatuta, asteon lanean hasi dira jada alderdi eta koalizioetako kideak. Abian jarri dute gobernua osatzeko aulki jokoa. PSNko zuzendaritzako kideek astelehenean egin zuten bilera. Egun berean, Navarra Sumako hautagai Javier Esparzak lehen telefono deia egin zion Maria Txibiteri, konstituzionalisten arteko elkarrizketa eskatzeko. Agintari sozialistak erantzun zion "gobernu aurrekoia" osatuko duela. Esparzak argi du, ordea, "PSNren posizioa bideraezina" dela: "Edo Navarra Sumarekin hitzartzen du, edo EH Bildurekin". Ekainaren 19an eginen dute Parlamentua osatzeko saioa.

Gehiengo osotik hurbil

Iruñeko Udalean eskuz aldatuko da aginte makila heldu den legealdian. Parlamentuan bezala, Navarra Suma koalizioa nagusitu da hiriburuan ere, eta gehiengo osotik hurbil gelditu da lortu dituen hamahiru eserlekuekin. Dezente hobetu ditu Navarra Sumak UPNren duela lau urteko emaitzak. Bigarren gelditu da EH Bildu, zazpi zinegotzirekin, duela lau urte baino bi gehiago, alegia. Hirugarren indarra da PSN, bost zinegotzirekin, aurreko hauteskundeetan baino bi gehiago.

Geroa Baik emaitza kaskarra izan du, eta bi zinegotzirekin gelditu da, hiru galduta. Bereziki txarrak izan dira Aranzadiren eta Ezkerraren emaitzak, halere. Aranzadik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k larrutik ordaindu dute nor bere aldetik aurkeztea: botopaperen %4ra iritsi ezinik aritu dira Ahal Dugu eta Ezkerra, berdinketa teknikoan. %5 da udalean eserlekua lortzeko muga. Aranzadik hartu du kolperik handiena, botoen %0,8 bertzerik ez baitu lortu. Hiruren artean 8.000 boto dituzte, baina zinegotzirik ez.

Ekainaren 15ean osatuko dituzte udalak. Joseba Asironek egun horretan emanen dio aginte makila alkate berriari. Astelehenean hedabideen aurrean agertu zen. Etorkizunaz galdetu zioten kazetariek: "Bihotzetik mintzo naiz. Nire irteera ziurtzat jotzen duten editorial edo artikuluak gonbidapen onena dira jarrai dezadan. Batzuek presa dute ni joateko".

Hauteskunde gaueko PSNko Maite Esporrinen hitzak ere aipatu zituen. "Agur, Asiron!", oihukatu zuen sozialistak militanteen aurrean. "Ez zuen baloratu PSNri botoa eman ziotenek ez zutela pentsatzen udala eskuinari ematea", erran zuen.

Iruñerrian, aldaketak eutsi die udal gehienei: lehen indarra izan da EH Bildu Atarrabian, Antsoainen, Berriozarren eta Uharten. Altsasun, berriz, Geroa Baik marka guztiak hautsi ditu, hamar zinegotzi lortuta. EH Bilduk lortu ditu gainerako hiru eserlekuak.