Iruñe euskaldun bat uhinetan

Iruñe euskaldun bat uhinetan

Edurne Elizondo

Oztopo lasterketa bat izan da gurea". Horixe erran du Iruñerriko Euskalerria Irratiko esatari Reyes Ilintxetak, hedabide horrek orain arte egindako bideari buruz. On air seinalearen argia itzali da. Mikrofonoak jada ez du inoren ahotsa zabaltzen. Irrintzi dorreko egoitzan, begirada atzera botatzeko baliatu du saioa amaitu eta geroko tartea kazetariak. Oraingo momentuak merezi du: 30 urte bete ditu irratiak, asteon.

1988. urteko azaroaren 7an egin zuen lehendabiziko emanaldia Euskalerria Irratiak. Ilintxeta 1992. urtean hasi zen Irrintzi dorrean lanean. Harekin batera sartu zen irratian Amaia Lasa teknikaria ere. Arratsaldetako oraingo lan taldea Lohizune Amatria kazetariak osatzen du. 1992. urtean jaio zen, eta joan den abuztuan hasi zen Euskalerria Irratian esatari lanetan. Lankideen ahotik entzun ditu hasierako urratsen ingurukoak; hedabide horren oraina, berriz, estudiotik ari da marrazten Amatria, Ilintxetarekin eta Lasarekin batera.

Goizeko lan taldean ere, irratiko kide historikoek, beteranoek eta ailegatu berriek egiten dute bat. Mikel Bujanda zuzendaria da irratia martxan jarri zutenetako bat; 1995. urtetik ari da Pello Argiñarena; Maialen Uhartek irratiaren adin bera du, eta 2010ean hasi zen esatari lanean. Administrazioren esparruan eta arlo komertzialean Maite Elizagarai eta Joseba Ripa ari dira.

Kontrol gelan egin ditu azken zazpi-zortzi urteak Igor Eskuderok, eta ailegatzen azkena izan da Haritz Pascual. Bi asteko bidea egina du Irrintzi dorrean. Irratia, halere, ezaguna du, han egin zituelako praktikak. "Harrobiko kidea naiz", erran du Pascualek, irribarrea erakutsiz.

Ikasteko garai horri buruz, kontrol gelan aritzen zen Ibon Gaztanbide teknikaria ekarri du Pascualek gogora. "Harekin ikasi nuen teknikari on baten lana zeinen garrantzitsua den", nabarmendu du.

Gaztanbide 1995. urtetik ia hogei urtez aritu zen irratiko teknikari. 2014ko abenduan zendu zen. Hurrengo urtean ailegatu zen irratiak hamaika urtez eskatutako lizentzia. Ezin izan zuen gozatu. Irrintzi dorrean utzi zituen lankideentzat, ordea, mugarri izan da administrazioak beren lanari egindako aitortza publiko hori. Entzuleen eta Iruñerriko euskaltzaleen babesa hasieratik izan du Euskalerria Irratiak. Haiek eman diete lan egiteko baimena eta bidea.

Itxita ziren bertze mota bateko ateak ireki dizkie lizentzia ofizialak, halere: diru laguntzak eta publizitate instituzionala jasotzeko aukera, batez ere. "Ez da pagotxa", nabarmendu du Ilintxetak. "Prekarietatean bizi gara; baina bizi izan gara miserian", onartu du.

"Momentu berezia"

Iruñeko Irrintzi dorrera iritsi zenean, Maialen Uhartek ez zuen Euskalerria Irratian egin lehendabiziko geldialdia. BERRIA-n aritu zen bekadun, lehendabizi. Handik, 2010. urtean, paretaz bertzaldeko egoitzara egin zuen bidea. Irratiak lizentzia jaso zuela iragarri zuten egunean, lanean zen kazetaria. "Gobernutik deitu zuten, bileran hartutako erabakien berri emateko prentsaurrekoa iragartzeko. Gu han egotea garrantzitsua zela esan zidaten, baina ez zidaten zergatik azaldu nahi izan. Mikel Bujandarekin edo Juan Kruz Lakastarekin hitz egin nahi zuten", gogoratu du Uhartek.

Bujanda ez zen egoitzan, eta ezin harrapatu aritu ziren. "Bere eguna zen, hainbeste urtez eskatutakoa jasotzeko eguna, eta ezin aurkitu!". Lakasta elkarrizketa bat egiten ari zen irratian gobernuko kideen deia jaso zutenean. "Estudiotik aterarazi behar izan nuen. Deia jaso, eta horrela jakin genuen baimena lortu genuela, azkenean". Orduko urduritasuna nabarmendu du Uhartek. "Oso momentu berezia izan zen denontzat".

Uhartek fresko ditu lizentziarik gabe egindako urteak. "Zailak izan ziren, gogorrak; etorkizunari buruzko inolako segurtasunik ez genuen".

Baimena eskuratu izanak lehen ez zuten segurtasun bat ekarri diela erran du kazetariak. Argi du, halere, bidean urratsak egiten jarraitu behar dutela etorkizunari sendotasunez so egin ahal izateko.

Uhartek errandakoa berretsi du Pello Argiñarenak ere. Eskertu du lizentziak emandako babes ofiziala, eta beharrezkotzat jo du. Argi utzi du, halere, irratiko kideek beti sentitu dutela beren lana egiteko zilegitasuna bazutela. Eta zilegitasun eta berme hori entzuleek, bazkideek, kolaboratzaileek eta iragarleek eman dietela nabarmendu du esatariak. "Atzean beti izan dugu oinarri sozial zabal bat, eta hori izan da gure benetako lizentzia; mila bazkide ditugu, eta berrehun kolaboratzaile. Horrek ezohiko irrati bilakatzen du gurea; beste inork ez du halakorik".

Argiñarena 1995. urtean hasi zen Euskalerria Irratian. Bertze irrati baten egoitzan ezagutu zuen Mikel Bujanda, halere, Ser irratikoan, alegia. "Euskarazko saioetan kolaborazioak egiten hasi nintzen; handik etorri nintzen Euskalerria Irratira". Gauez egin zuen lan, hasiera hartan. Gero, arratsaldeko saiora mugitu zuten, Kike Diez de Ultzurrunekin. Orain, Juan Kruz Lakasta esatariarekin batera zuzentzen du goizeko saioa.

"Irratia niretzat beti izan da lagun bat; maite dut irratia. Txikitan, transistorearen diala mugitzen aritzen nintzen, eta Onda Pesquera edo Radio Paris-en gisako irratien saioak aurkitzen nituen. Jostailu bat zen niretzat!". Irratiari beti izan dion maitasunak gora baino ez du egin Irrintzi dorreko estudioan. Euskalerria Irratiaren garapenaren lekuko izan da, eta, ondorioz, ongi ezagutzen du egindako urrats bakoitzaren atzean egon den lana eta ahalegina.

Oraingo irratiak zer ikusteko gutxi du hasierakoarekin; eta, aldi berean, bera dira. "Oinarria ez da aldatu; hitz egiten duen bat dago, entzuten duen beste bat, eta, erdian, mezua. Entzuteko moduak dira aldatu direnak. Zuzenean entzunen gaitu batek; kaskoak jarrita korrika egitera joaten denean beste batek, podcastei esker; eta Berlinen ikasten ari denak on line jasoko du gure mezua".

Teknologiaren eskakizunetarara moldatu behar izan du Euskalerria Irratiak. Horrek ekarri du inbertsioa egin behar izatea azken urteotan. Arlo horretan izan diren aldaketak, batez ere, Igor Eskudero eta Amaia Lasa teknikariek kudeatu behar izan dituzte.

Lasak ezagutu zituen bobina irekien eta magnetofoi handien irratiko garaiak. "Lan fisikoa ere egin behar genuen teknikariok, aulkitik altxatu eta martxan jarri behar genituelako; batean publizitatea genuen, eta bestean elkarrizketak; horrela moldatzen ginen".

Gero CDak ailegatu ziren, eta horiek ere zaharkituta gelditu dira jada. "Nahas mahai berria dugu orain; eta kontrol gelako ordenagailuetan dugu jasota gure artxibo guztia", erantsi du Eskuderok. Irratiak sare sozialetan duen presentzia nabarmendu du teknikariak, eta bide berri horietara guztietara moldatzeko beharra. Esatariek ematen diote beren ahotsa Euskalerria Irratiari, baina Eskuderok argi utzi du sentitzen duela teknikariek egiten duten lanari duen balioa ematen diotela etxe barruan.

Lan horren garrantzia jarri du mahai gainean Lohizune Amatriak, hain zuzen ere. Irati Irratian aritu zen urtebete luzez, Euskalerria Irratian hasi baino lehen. Han, kazetaria zen, eta, aldi berean, teknikari. "Euskalerria Irratian konturatu naiz teknikariak egiten duen lanaren garrantziaz. Azkenean, teknikaria da denbora hobekien kontrolatzen duena, eta puzzlea osatzen duten pieza guztiak hobekien ezagutzen dituena".

Bidean jarraitzeko beharra

Prentsa idatzian eta telebistan ere aritu izan da Amatria. "Irudiaren presioa" ez duela maite onartu du kazetariak, eta maite duela irratiko estudioan sortzen den magia. "Berezia da kaskoak jartzen dituzunean sortzen den giroa. Gonbidatuek askotan galdetzen didate ea beharrezkoa den kaskoak jartzea, eta nik beti esaten diet nik nahiago dudala, ahotsa entzun eta egoera berezi bat sortzen delako".

Iruñerriko eta inguruko euskaldun eta euskaltzaleentzat erreferente bilakatu da Euskalerria Irratia. Euskal komunitatea batzeko eta sendotzeko tresna bat izan da, hasieratik. Ilintxetak argi du ardura hori. Mikel Bujandak ere bai. Hogeita hamar urtez egindako bidea nabarmendu du, baina, batez ere, hemendik aurrera egin beharrekoa. Eta ez da gutxi, Bujandaren erranetan. Are gehiago, egiteko dutena egindakoa baino gehiago dela utzi du agerian Euskalerria Irratiko esatariak. "Gure ametsak ez dira bete".

Ez da txikia ametsa: "Iruñerrian euskara errealitate bizi eta sendoa izatea; hori oraindik ez dugu lortu". Euskararena errealitate hauskorra dela uste du Bujandak. Euskalerria Irratiak egindako lana izan da errealitate hori sendotzeko hanka bat. Behar dira bertze hainbat, ordea. Irrintzi dorreko hedabideak, gainera, ezin izan du bere lan hori askatasun osoz egin, lizentzia jaso arte. "Zailtasun bat izan da, baina ez dut argi zailtasun nagusia hori izan ote den". Gogoetarako gaia utzi du Bujandak mahai gainean.

Komunikazio zerbitzu bat euskaraz eskaintzea da irratiaren lana, esatariaren hitzetan. Eta Euskalerria Irratiak horixe du helburu eta erronka. Horretan aritu da hogeita hamar urtez, eta horretan jarraitu nahi du.

Etxebizitza duin bat lortzeko bataila

Etxebizitza duin bat lortzeko bataila

Ane Eslava

Hezetasunez betetako 15 metro koadroko logela hotz batean; egongelan egoteko aukerarik gabe; sukaldea eta komuna jende gehiagorekin partekatzen. Hala bizi izan dira Philomena Ebere eta haren semea, Iruñera iritsi zirenetik. Baina, urriaren 30ean, Eberek bigarren semea izan zuen, eta erabaki zuen ez zela ospitaletik aterako etxebizitza duin bat lortu arte. Azkenean, lortu du: Iruñeko Udalak pisu bat utziko dio, eta laster joango da hara, bere bi semeekin. "Oso pozik" dagoela esan du Eberek, baina ez du bidea erraz izan. Bere bizitzako garairik gogorrena izan dela ziurtatu du.

Orain dela hemeretzi urte heldu zen Ebere Nigeriatik Espainiara, Cadizera, baina hango eguraldia kaltegarria zen bere semearentzat, azal eta arnasa arazoak dituelako. Horregatik, orain dela bi urte, Iruñera etortzea erabaki zuen. Hemen, ordea, beste arazo batekin egin zuen topo: etxebizitza lortzeko ezintasuna. Inork ez zion etxebizitzarik alokatzen, eta pisu bateko logela batean sartu zen. Ordutik, han bizi izan da, oso egoera latzean.

"Logela bat ez da etxe bat", errepikatu du behin eta berriz Eberek, azken bi urteetan zer baldintzatan bizi izan den deskribatzerakoan. "Ohe bakarra genuen semeak eta biok, eta askotan aulki batean lo egiten nuen, umeak jada 9 urte dituelako, eta bakarrik lo egin nahi izaten zuelako", azaldu du. Jan, jolastu, ikasi... Guztia ohe horretan egiten zuten, ez baitzuten beste tokirik.

Bestalde, etxea zaharra zenez, oso hotza zen, eta hezetasun handia zuen. "Etxe barruan berokiarekin egon behar genuen, kalean bezala; eta, hezetasunarengatik, batzuetan toallarekin garbitu behar nituen paretak", kontatu du. Horrek kalte egiten zion bere semeari, eta askotan joan behar izaten zuten medikuarengana. Horrez gain, etxeko gainontzeko logeletan beste familia batzuk zeuden, eta garbitasunarekin arazoak izaten zituztela esan du: "Haiek txatarra ekartzen zuten etxera; nik inoiz ez nien esan ez zezatela hori egin, baina ume bat neukan etxean, eta garbi izan nahi nuen".

Kontatu duenez, umeak ez zuen gaizki eramaten egoera horretan bizitzea, baina askotan galdetzen zion ea noiz izango zuten "benetako" etxe bat. "Eta nik jada ez nekien zer esan; erantzunak amaitu zitzaizkidan". Haurra egoera horretan izateagatik asko sufritu duela adierazi du: "Ama txarra sentitzen nintzen, ez nintzelako gai nire semea ongi zaintzeko".

Denbora horretan guztian, etxebizitza duin bat alokatzen saiatu da, eskura izan dituen bitarteko guztietatik: Nasuvinsan, Eisovin, enplegu bulegoan eta antzeko sustatzaileetan eman du izena, baina inork ez dio pisu bat errentan utzi. Kontatu duenez, oso fidantza garestiak eta soldata handiak exijitzen zizkioten. Azken urteetan lorezaintzan eta ostalaritzan lan egin du, eta zazpi urte ditu kotizatuak; baina hori ez da nahikoa izan.

Bitartean, laguntza bilatu du: PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak Iruñeko Alde Zaharrean egiten dituen bileretan parte hartu du astero; emakumeak ahalduntzeko tailerretan egon da; udalaren osoko bilkuretara joan da bere egoera azaltzera... baina ez du irtenbiderik aurkitu. Adierazi duenez, sentitzen zuen udalak eta gobernuak ez ziotela jaramonik egiten: "Esaten zidaten nik baino arazo gehiago zituzten pertsonak bazeudela, eta nik banekien hori egia zela, baina ezin nuen gela horretan jarraitu".

Azkenean, haurdun geratu zenean, etsirik, erabaki bat hartu zuen: erditu ondoren, ez zen ospitaletik aterako etxebizitza bat lortu arte. Erabakia jakinarazi zuen, eta PAH plataformak hasieratik eman zion babesa. Urriaren 29an sartu zen ospitalean, eta hurrengo egunean izan zuen haurra.

Orduan, PAHko kideek Ebereren arazoa jendaurrean salatu zuten, eta egoera kudeatzeko pausoak eman zituzten. Nafarroako Gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta proposamen bat egin zieten: Eberek udalaren etxebizitza bat partekatzea antzeko egoeran dagoen beste pertsona batekin. Udalak proposamena onartu zuen, eta kontaktuan jarri zen Ebererekin eta etxegabetze agindua zuen beste emakume batekin. Biek aurretik ezagutzen zuten elkar, PAHko bileretan topo egiten baitzuten, eta haiek ere egokitzat hartu zuten aukera hori.

Eberek esan duenez, pozten dira elkarrekin bizitzeaz, biak antzeko egoeran daudelako: "Ama gara biak, eta gure seme-alabentzako onena bilatzen ari gara". Udalak utzi dien pisuak ez zuen altzaririk, baina PAHk kanpaina bat egin du, eta dagoeneko altzariz hornitu dute pisua. Bi emakumeek iragan ostiralean sinatu zuten kontratua, eta laster joango dira beren etxe berrira.

Zoriontsu sentitzen dela adierazi du Eberek: "Azkenean lasai egin dezaket lo, amesgaiztorik gabe". Eskerrak eman dizkio PAHko bere "familiari", beragatik egin duten ahaleginarengatik, eta baita Iruñeko Udalari ere. Gizarteari eskatu dio ez dezala alde batera begiratu: "Ni bezalako emakume asko daude".

Philomena asko daude

Mikel Otazuk, Iruñeko Alde Zaharreko PAHko kideak, "lorpen handitzat" jo du Ebereren garaipena, eta "balorazio positiboa" egin du udalaren jarreraz, egoerari irtenbidea bilatzeko negoziazio bideak ireki dituelako. Baina hark ere nabarmendu du Iruñean pertsona asko daudela Philomena Ebereren egoera bertsuan, eta gehienak seme-alabak dituzten emakume senargabeak direla: zehazki, 48 dira halako kasuak.

Azaldu duenez, horiek etxebizitza bat eskuratzeko baliabideak dituzte, gehienek alokairurako diru laguntzak jasotzen dituztelako, baina ez dute lortzen: "Inork ez die errentan uzten bere etxebizitza, etorkinak edo pobreak direlako: arrazismoaren eta aporofobiaren faktoreak daude hor".

Arazoari aurre egiteko, PAHk beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak errehabilitatu ditzala hutsik dauden udal etxebizitzak, eta alokairu sozialeko etxebizitza parke zabalagoa osa dezala. Hala ere, Otazuk azpimarratu du nabaria dela Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua arazoa konpontzeko egiten ari diren lana, emaitzek erakusten duten moduan: "Urte hasieran hirurogei familia inguru zeuden Philomenaren egoera berean, eta hamabik etxebizitza bat lortu dute jada". Hori dela eta, adierazi du arazo handiena gizartean dagoela, eta premiazkoa dela biztanleriarekin lan egitea: "Kontzientzia sozial handiagoa behar da".

“Nafarroako eskuina erabateko gainbehera ideologikoan dago”

“Nafarroako eskuina erabateko gainbehera ideologikoan dago”

Joxerra Senar

"Bonbardaketa batean parte hartuko al dudan galdetzen dutenean zer ordutan den erantzuten duten horietakoa naiz". Umore ukitu horrekin laburbildu du Josean Belokik (1979, Iruñea) Mintzoa argitaletxearen proposamenari emandako berehalako erantzuna. Baiezko horren emaitza da Navarra, ¿por qué no es un estado? liburua (Nafarroa zergatik ez da estatu?). Azken berrehun urteetako historiari erreparatu dio, baina Belokik argi utzi du ez dela azterketa historizista bat, saiakera politiko bat baizik.

Nafarroaren subiranotasunaren galerari buruzko gogoeta bat da liburua. Zergatik kokatu duzu abiapuntua XIX. mendean eta ez 1512an?

Ez dut 1512koa mitifikatu nahi. Independentzia galdu zen, baina, antzinako erregimena zenez, subiranotasuna erregeak zuen. Konkistaren ondorioz, dinastia aldatu egin zen, eta herrialdea zatitu, baina, Espainiako koroaren barnean egokitzeko orduan, nolabaiteko estatu konfederalari eutsi zitzaion: gorteak zituen, txanpona jaulkitzeko ahalmena... XIX. mendera arte iraun zuen hark. 1512koa konkista militarra izan zen, eta anexioa izan ote zen eztabaida intelektuala erabat gainditua dago.

Lege Hitzartu horren gain eraiki da Nafarroa eta Espainiaren arteko harremanak hitzarmen bidez ezartzen direlako interpretazio politikoa. 1841a mugarri garrantzitsua izan zen?

Ez zen hitzarmen bat izan. Desmitifikatu beharreko lehen mitoa da, konkista baten ondorengo legea izan baitzen hura. Gerra karlista galdu zen, eta ordura arteko guztia deuseztatu zen. Foruak batasun konstituzionalaren menpe jarri zituzten, eta batasun hark subiranotasun esparru bakarra du. Aurretik, subiranotasun gehiago zeuden, estatu konfederatu moduko bat zelako.

Nondik dator hitzarmenaren gorazarre hori?

Ez zen garai hartakoa, beranduagokoa baizik. 30-40 urte beranduago hasi zitzaion Lege Hitzartu deitzen. Hitzarmenik ez dago, negoziatzen dutenak berberak baitira. 1841aren aurreko ereduan, gorteei zegokien negoziatzea, eta ez diputazioari. Diputazioak ez zuen eskumenik harakiria egiteko eta subiranotasuna galtzeko. Alta, diputazio hartan liberalak zeuden, gerraren irabazleak. Hori bakarrik Nafarroan gertatu zen, lege horri ezetz esan baitzioten Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. 1876an, hirugarren gerra karlistarekin, hori ere amaitu zen.

Historiako beste mugarri bat 1893an izan zen: Gamazada. Nolako garrantzia izan zuen?

Handia; hainbestekoa, ezen Nafarroako iruditerian eta herri kulturan Amaiurko defentsaren pareko zerbaitekin parekatzen baita.

Mitifikatu egin da?

Ez, itzela izan zen. Foruen arrastoak baino ez ziren geratzen, eta Ogasuna izateak zure diruen kontrola izatea ahalbidetzen dizu, eta, horregatik, egun ere, jo eta ke defenditu beharra dago. Hori ere kendu nahi izan ziguten, eta horren aurkako herritarren erantzuna oso bizia izan zen. Manifestazio jendetsuak egin ziren, eta kontuan izan ez zirela egungo distantziak, gaur egun edozein tokitan zaudela ordu baten buruan hiriburuan baitzaude. Nafarroako Ohorezko Liburuan 120.000 nafarrek sinatu zuten, eta ordu hartan 300.000 biztanle bizi ziren Nafarroan. Azkenean, Gamazada hark atzera egin zuen, karlismoa berriz altxatzeari beldurra izan ziotelako. Halaber, Kuba ere altxatu zenez, han hil zen.

Zer ondorio izan zituen?

Euskal abertzaletasuna sortu zen.

Bizkaian errotu zen, eta ez Nafarroan, nahiz eta hemen indar intelektual handia izan. Zergatik?

Aurretik bi joera zeuden: Arana Goiriren bizkaitarrismoa eta Arturo Kanpionen Euskara taldea. Aranak izena (Euzkadi) eta ikurra (ikurrina) asmatu zituen, baina bien artean eztabaida bizia izan zen herrialdearen izenari buruz, eta ez dut dokumentu hori bilatzea lortu. Kanpionek Nafarroa deitu nahi izan zion herrialdeari.

Egun nabarrismo deitzen dugun hori euskal abertzaletasunaren aurkako erreakzio gisa sortu zen?

1841era jo behar genuke berriz. Burgesia liberalak Nafarroako erakundeen kontrola hartu zuenean, finantzak eta ekonomia bere esku zituen. Ez zuten kontuak inori eskatu beharrik. Hori oso garrantzitsua da, etorkizuneko jarrerak ulertzeko balio baitu. 1919an, udalen mugimenduak foruak berriro ezartzea proposatu zuenean, adibidez, Nafarroako Diputazioak ez zuen beste lurraldeekin elkartu nahi izan. Lau lurraldeak egituratuz gero, boterea galduko zuten.

Foruak ulertzeko bi modu daude?

Bai, 1841etik hala da. Lehenaren helburua da galdutako subiranotasuna berreskuratzea, egungo egoerara egokituz, eta besteak batasun konstituzionala defenditzen du, baina Ogasunaren kontrolari eutsi nahi dio. Lehen joera nagusi izan zen 36ko gerrara arte, baina frankistak jo eta ke aritu ziren 40 urtez, eta foruak itzultzearen aldekoa zen gizarte hura eraldatu zuten. Hori da UPNren oinarri soziologikoa. Trantsiziotik galdutako subiranotasuna berreskuratzearen aldeko bakarrak euskal abertzaleak dira.

XX. mende hasiera hartan sortu zen Diario de Navarra, eskuin horren bilakaera ideologikoa ulertzeko ezinbestekoa.

Bigarren joera horren bultzatzaile nagusietakoa da. Dena den, burgesia liberal horrek XX. mendearen hasiera horretan marmol gainean zizelkatu zituen bere oinarri ideologikoak. Esparzak gaur dioena 1917an jada esaten zuen Victor Praderak: Espainiaren batasuna, ororen gainetik batasun konstituzionala, abertzaletasunaren aurka egitea eta Nafarroako historiaren ikuspegi bakarra. Victor Praderaren bilakaera bitxia da: karlista izan zen, foruak itzultzearen aldekoa.

Karlismoaren gainbeheraren isla da?

Bai, karlismoak EAJrekin dokumentu politikoak partekatzen zituen, eta, Lizarrako Estatutuaren idazketan parte hartu ostean, 1931n hauteskunde konstituziogileetan elkarrekin aurkeztu ziren. Eta, urte gutxi batzuk geroago, elkar hiltzen ari ziren.

Egun, Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra eztabaida politikoaren erdian da, lau lurraldeen arteko batasunaren aukera irekita uzten baitu. Zer garrantzi du?

Bere garrantzia badu, baina uste dut garrantzi handiagoa duela lehen xedapen gehigarriak, eskubide historikoak onartzen baititu. Gizartean adostasun handia dago akordio zabal baten bidez autogobernua sendotzeko.

Eskuin nabarrista hori nola ikusten duzu?

Erabateko gainbehera ideologikoan. Ez dute jakin euren diskurtsoa egokitzen, eta orain bidegurutze batean daude: bide batek asimilatze konstituzionalerantz daramatza, eta besteak, euskal nazionalismorantz.

Iritzia: Kanpai hotsak

Lohizune Amatria
Goiz esnatu da. Kanpai hots gutxi entzun du. Azken asteotan asko hitz egin da gaurko egunari buruz, eta behar bezala erantzuteko nahiak ez dio nahiko lukeen bezala lo egiten utzi. Egunak ez du argitu oraindik. Etxekoak esnatu gabe, kom...

Baloi bat ere arma bat da okupazioaren kontra

Baloi bat ere arma bat da okupazioaren kontra

Edurne Elizondo

Existitzea erresistitzea da Palestinan. Okupazioaren aurka egiteko estrategia bat. "Okupatzaile israeldarrak palestinarren egunerokoa hankaz gora jarri nahi du", erran du Helena Bengoetxea kazetariak. Testuinguru horretan, eguneroko horri eusteko urratsak egitea, zapaltzaileari erronka jotzeko modu bat da. Eta baloi bat, okupazioaren aurkako arma bilakatzen da. Futbolean aritzea ere existitzea eta erresistitzea baita.

Horixe ikasi du Bengoetxeak Palestinara egindako azken bidaietan. Ez da bakarrik joan. Joseba Zabalza argazkilaria eta Ivan Pastor kazetaria izan ditu bidaide; Nafarroan, gainera, Ruben Marcilla errealizatzailea izan dute hirurek proiektuan lagun.

Iruñean mamitzen hasitako egitasmo baten eskutik, Palestinako futbolari egin diote so, zehazki, kirol horren inguruko dinamikek eta bizipenek komunitatea sendotzeko, egunerokoa egituratzeko eta etorkizuna helburu hartzeko duten indarra jorratzeko asmoz.

Zisjordaniako Tulkarem hirian ikusitakoa eta ikasitakoa partekatzeko eta zabaltzeko, finantzaketa kolektiborako kanpaina jarri dute martxan, liburu bat argitaratzeko eta erakusketa ibiltari bat antolatzeko asmoz. Hamabi egun falta dira gutxieneko kopurua lortzeko. 7.660 eurokoa da gutxieneko kopuru hori, eta helburua da liburua argitaratzeko erabiltzea. Zabalzak egindako argazkiekin eta Bengoetxeak eta Pastorrek idatzitako testuekin osatuko dute. Gutxieneko kopuru hori lortzea ezinbertzekoa dute proiektuko sustatzaileek, bigarren erronda martxan jartzeko, eta, haren bidez, erakusketa ere osatzeko behar duten kopurua lortzeko: denera, 19.800 euro.

2015ean, Mikel Uhartek eta bertze hainbat pertsonak Futbola ere lapurtu ziguten izenburupeko jardunaldiak antolatu zituzten Iruñeko Katakrak liburu dendan. Ekinaldi horretan erein zuten Palestinako Tulkarem hiriko Markaz Tulkarem futbol taldeari buruzko proiektuaren hazia, hain zuzen ere. "Elkar ezagutu genuen Bengoetxeak, Zabalzak eta hirurok, eta ohartu ginen bagenuela kirol horri buruzko antzeko ikuspuntua. Futbol komertziala bazter utzi, eta balio sozialak aldarrikatzen dituen futbol baten alde egiten dugu guk", azaldu du Ivan Pastorrek.

Futbolari buruzko ikuspegi horrek eraman zuen kazetaria Palestinara. Herri hori hautatu zuten jardunaldietan entzundako pasarte batek bultzatuta. "Aipatu zuten futbolari palestinar baten istorioa; atxilotu egin zuten, eta hiru urtez egon zen espetxean. Gose greba egin eta gero, askatu zuten, baina bi hilabeteko baraualdiak osasunari eragin zion, eta ezin izan zuen profesional gisa aritzen jarraitu", gogoratu du Joseba Zabalzak.

Futbolari horren istorioak eraman zituen Pastor, Zabalza eta Bengoetxea Tulkarem hirira. Pastorrek bakarrik egin zuen lehendabiziko bidaia, helburu garbi batekin: futbolaren egoera aztertzea. Lan horren ondorioz, Tulkarem hiriko errefuxiatuen kanpalekuetako batean sortutako futbol taldea hartu zuten beren proiekturako ardatz: Markaz Tulkarem izenekoa, alegia. "Bi jokalari kenduta, gainerako guztiak dira errefuxiatuen kanpalekuko kide", erran du Pastorrek.

Okupazioak zeharkatuta

Existitzea erresistitzea da Palestinan. Horixe argi dute Bengoetxeak, Pastorrek eta Zabalzak. Argi dute aurrera egiteko grina zapaltzaileari aurre egiteko modu bat dela, eta, argi dute, halaber, zapaltzailearen urrats orok baduela egunerokoan eragina. Futbolean ere bai. "Ez genuen okupazioaren auzia bazter utzi nahi; baina nahi izanda ere, ezinezkoa da; okupazioak dena ukitzen du, dena zeharkatzen du".

Markaz Tulkarem taldeak erabiltzen duen zelaiaren izenak islatzen du errealitate hori: Jammal Ghanem izena du estadioak, korner bat ateratzen ari zenean bizkarretik tiro eginez hil zuten jokalariaren omenez, hain zuzen ere. "Lehen intifadan parte hartu zuen. Lagun arteko partida bat jokatzen ari zen hil zutenean", azaldu du Zabalzak. Markaz Tulkarem taldeko jokalarietako baten osaba ere hil zuten israeldarrek, misil baten bidez bere anbulantziari eraso eginez. "Jokalari izana zen, eta epaile aritu zen gero. Paramedikua zen, eta zauritutako herritar bat laguntzen ari zenean hil zuten", erantsi du argazkilariak.

"Itzulera helburu dute palestinar guztiek; beren etxeetara itzuli nahi dute. Gure proiektuaren bidez herri horri buruzko istorio bat kontatu nahi dugu; ez du zer ikustekorik harriekin eta barrikadekin, baina, aldi berean, ez dago hain urruti", nabarmendu du Zabalzak. Baloiak ere badirelako okupazioaren aurkako arma.

Komunitatea

"Futbolean aritzea, finean, aurrera egitea da. Liga antolatzen dute, jarraitzaileek estadioak betetzen dituzte; bigarren mailan denak lehenengora igotzea du helburu. Horrek guztiak erakusten du palestinarrek beren etorkizuna jorratzeko gogoa dutela, eta horrek izorratzen ditu okupatzaileak", azaldu du Bengoetxeak.

Izan ere, Palestinan zer egitekorik ez dago. "Langabezia izugarria da; frustrazioa, ondorioz, handia. Baina dinamika horiek guztiak apurtzen dira futbolean aritzen direnean", erantsi du kazetariak.

Kirol horrek jarraitzaile anitz ditu Palestinan. Han ez dituzte, halere, Europako ligek izan ditzaketen baliabideak. Ronaldoren pareko izarrik gabeko futbola da palestinarrena. Han, taldeko kide guztiak dira bertzeentzat ikur eta erreferente. "Futbolak komunitatea sortzeko indar handia du. Markaz Tulkarem taldean denak dira lagunak; jokalariei on egiten die futbolean aritzeak, eta beren partidak ikustera joaten direnei ere on egiten die beren lagunak zelaian ikusteak", nabarmendu du Ivan Pastorrek.

Tulkarem hirian bi futbol talde badira; bat da errefuxiatuen kanpalekuko kideek osatua. Bertzea, Shabab Al Khalil izenekoa, hiriko taldea da. "Baliabide gehiago ditu, baina errefuxiatuenak du jarraitzaile gehien", azaldu du kazetariak. Hori izan zen talde hori proiektua osatzeko aukeratzeko arrazoietako bat. Klubaren jarduerak, gainera, ukitzen ditu bertze hainbat arlo. 1956. urtean sortu zen, kirol talde gisa ez ezik, kultur eta gizarte gune bat ere izateko asmoz, hain zuzen ere. Komunitatea sendotzeko espazio bat da, finean.

Bengoetxeak, Pastorrek eta Zabalzak beren egitasmoa martxan jarri zutenean, bigarren mailan zegoen taldea. "Azken urteotan, gora eta behera aritu da taldea, Osasuna bezala", azaldu dute proiektuko bultzatzaileek. Nafarren aurrean lortu zuen taldeak lehen mailara itzultzea.

Azken partidaren atarikoek ederki erakusten dute nafarren proiektuak nabarmendu nahi duen palestinarren komunitate izaera. "Denak urduri ziren; ondorioz, klubeko kafetegian lo egitera gelditu ziren hainbat jarraitzaile, eta taldeko jokalari nabarmenenetako batek ere haiekin egin zuen bat", gogoratu du Pastorrek.

Tulkarem "hiri kontserbadorea" dela azaldu du Helena Bengoetxeak. Kazetaria Palestinan sartu da lehendabiziko aldiz futbol zelai batean. "Bi partida ikusten izan nintzen, eta bietan nintzen emakume bakarra".

Horrek ez du erran nahi, halere, Palestinako emakumeek futbola maite ez dutenik. "18 urteko jokalari bat ezagutu genuen. Betleem hirian futbolean aritzen zen, baina Tulkaremera mugitu behar izan zuen, amarekin. Ama kanpalekuko errefuxiatua da. Tulkaremen, hiriko taldearekin entrenatzen zen tarteka. Musulmana da, baina beloa janzten ez duen emakume bakarrenetakoa", erran du Helena Bengoetxeak.

Futbola lapurtu

"Etorkizunik gabeko herri bilakatu nahi dute israeldarrek Palestina". Palestinarrek, ordea, etorkizun bat pentsatzeko eta izateko egiten dute borroka, egunero. Horixe nabarmendu du Bengoetxeak. Eguneroko horretan gainditu beharreko oztopoak ez dira gutxi, ezta futbolaren esparruan ere. "Taldeek partidaren egunean egiten dute bidaia; gerta daiteke kontrol militarrak izatea bidean, eta, ondorioz, norgehiagoka bertan behera utzi behar izatea", azaldu du Ivan Pastorrek.

Gazan eta Zisjordanian liga bana dutela erantsi du, eta finala baino ez dutela jokatzen elkarrekin, "aukera dagoenean". Israeldarrek palestinarrei futbola ere kendu nahi izan dietela gaineratu du kazetariak. "1934. eta 1938. urteetan, Israel sortu baino lehen, Munduko Txapelketarako sailkatze fasean aritu zen Palestinako futbol selekzioa. Futbol talde horretan, ordea, arabiarrik ez zegoen, denak ziren judu sionistak", azaldu du Pastorrek. "Palestina lanean ari da FIFAk bere futbol selekzioa onar dezan; Israelek, berriz, hori ez gertatzeko egiten du presioa", erantsi du.

1967an ezarritako mugaren ondoan dago Tulkarem hiria. "1948. urtean, 700.000 palestinar bota zituzten beren lurretatik; berriz mugitu behar izan zuten 1967ko gerraren ondorioz", erran du Bengoetxeak. Itzultzeko helburuarekin bizi dira. Eta futbolaren bidez beren etorkizuna irudikatzeko saioa egiten dute palestinarrek. Baloikadaz baloikada.

“B aldea” ezagutzeko leihoa

“B aldea” ezagutzeko leihoa

Edurne Elizondo

Gizartearen B aldea ezagutzeko leiho bat eskaintzen dugu". Esaldi horren bidez azaldu du Ignacio Ciscarrek zer egiten duten Antsoaingo Atica irratiko El cofre del capitán Morgan saioan. Saio solidarioa da, eta helburu hartu du, 2015. urtean sortu zutenetik, gobernuz kanpoko erakundeen lanaren bozgorailu izatea. Bere laugarren denboraldia hasi du. Martxan jarri zenetik, laurehun erakundetako baino gehiagotako kideak pasatu dira irratiko mifrokonoen aurretik. Elkarte handiei eta txikiei, eta beren istorioak kontatzera joan nahi izan duten norbanako guztiei ireki dizkiete ateak, arautik kanpoko edo gizarteak normaltzat jotzen duen horretatik urruntzen diren errealitateen berri emateko.

Askotarikoak izan dira irratian bat egin dutenen bizipenak, egoerak, gorputzak eta buruak. Saioko gidari bilakatu diren boluntarioak ere halakoxeak dira, askotarikoak. Maria Blascok, adibidez, Friedreichen ataxia du. Gaixotasun horren ondorioz, aulki gurpildun batean mugitzen da Blasco; hitz egiteko ere, zailtasun handiak ditu. Hala ere, El cofre del capitán Morgan saioko esataria da. Idatziz bidaltzen ditu bere parte hartzeak, eta irratiko bertze kideek irakurtzen dituzte mikrofonoen aurrean. Bosquejando en el aquí y en el ahora izena du Blascoren tarteak.

"Nik ezin dut hitzez nahi dudana adierazi; irratian, ordea, nire testuak irakurtzen dituztenean, bertzeek nire hitzak entzun ditzakete. Saioak aukera ematen dit bertzeek errateko dudana entzun dezaten. Ondorioz, hitz egiteko zailtasunak izan arren, jendeak ulertzen ahal nau, eta... normal sentitzen naizela erran behar nuen, baina ez dut gustuko nire burua normaltzat jotzea".

Komunitatea

Blascok irri egin du normal izatea gustuko ez duela erran duenean. Irratiko saioa prestatzen duten gainerako boluntarioen aurpegietan ere irribarre bat agertu da Blascoren hitzak entzun dituztenean. Saioan egin dute denek bat. "Aurretik ez genuen elkar ezagutzen, baina taldea osatu dugu", erran du Txema Gracia koordinatzaileak. Taldea baino gehiago, ia komunitate bat osatzen dute. "Saio solidario bat egiteko ideia martxan jarri eta gero, gonbidatu gisa etorritako anitz esatari moduan lan egitera gelditu dira", erantsi du koordinatzaileak.

Ana Zabalza eta Iñigo Juango dira lanera gelditu direnetako bi. Ikusmen arazoak dituzte biek. Zabalzak kazetaritzako eta gizarte laneko ikasketak egin ditu. Bi esparru horien arteko harremana aldarrikatu du, hain zuzen ere, eta hedabide anitzetan dagoen formakuntzarik eza utzi du agerian. "Komunikatzen duzunean, irudi bat eraikitzen duzu. Hedabideek anitzetan egiten dute huts; ez dira kontuz aritzen, eta jendea etiketen pean sailkatzen dute, etengabe", erran du Zabalzak.

Etiketei ihes egitea da Atica irratiko saioan bat egin dutenen asmoetako bat, hain zuzen ere. "Hemen jendeak errateko duena entzun nahi dugu. Ikaragarria da zenbat istorio eta zenbat pertsona ezagutu dugun. Niretzat hagitz esperientzia aberasgarria izan da", azaldu du Juangok.

Astean lau egunez egiten dute El cofre del capitán Morgan saioa, Atica irratian: astelehenetik ostegunera, 20:00etatik 21:00etara. Elkartasunarentzako bertze txoko bat du irratiak: Atica Elkartasuna izeneko ekinaldiaren bidez, gobernuz kanpoko hogei erakundek hartzen dute hitza, txandaka, astelehenetik ostiralera, 13:00etatik 14:00etara.

Arratsaldeko saioan, binaka aritzen dira esatariak. Soinu teknikari lanetan Atica elkarteko presidente Fernando Rodriguez aritzen da guztietan. "Ez gara profesionalak, baina horrek ez du erran nahi irratiko gure lana serio hartzen ez dugunik", azaldu du. Rodriguezek erantsi du boluntarioak direla irratian parte hartzen duten guztiak, eta ez dutela diru laguntzarik jasotzen. "Gure saioak aireratzeko dirua jarri behar dugu guk". Horregatik, iragarleak eta babesleak lortzearen garrantzia nabarmendu du Juantxo Martinez boluntarioak. "Gizartearen babesa behar dugu orain arte egindako lana egiten jarraitu ahal izateko".

Hedabideetara ailegatzeko zailtasunak dituztenak lagundu nahi dituzte Atica irratiko saio solidarioetan. "Bertze toki anitzetan ahotsik ez dutenentzat funtzio bat betetzen dugu, eta hori erantzukizun handia da guretzat", azaldu du Ignacio Ciscarrek. Irratia maite duela erantsi du, baina isiluneei beldur diela ere onartu du. "Zuzenean aritzen gara, eta, tarteka, hedabide zaila da irratia".

Zaila, baina esker onekoa. Saiora eramaten dituztenekin sortzen den giro berezia nabarmendu dute esatari guztiek. Saioak prestatzeko lanak duen garrantzia jarri du agerian Alba Mañeru esatariak. "Ni duela gutxi hasi naiz lanean, baina hagitz kontent nago. Jende zoragarria ezagutu dut, eta hagitz berezia da beren istorioa kontatu nahi dizuten horiekin hitz egitea, elkarrizketa prestatzea, eta, azkenean, elkar ezagutzea, mikrofonoen aurrean".

Hasi berria da Cristina Jaurrieta ere, eta, Mañeruk bezala, irratiak ematen dion guztia nabarmendu du. "Hunkitzen nau honat etortzen den jendeak. Lehengoan, adibidez, lan istripu baten ondorioz ospitalean sei hilabetez egondako pertsona bat etorri zen, aurrera nola egin zuen kontatzera. Bere bizipenak balio du bertze jende anitz laguntzeko, eta hori hunkigarria da".

Mezua zabaltzeko tresna

El cofre del capitán Morgan saioak jarraitzaile sutsuak ditu, eta denen artean sutsuena da Daniel Carceller. "Jarraitzaile taldeko presidentea naiz. Saioak zer duen? Honat etortzen den jendeak ez duela gezurrik erraten. Jendea etortzen da laguntza behar duelako, eta laguntza behar duenak ez du gezurrik erraten".

Patricia Valle eta Koldo Eneriz ere taldeko kide dira; bat egin dute Carcellerrekin, eta nabarmendu dute beren istorioen berri eman nahi dutenen mezua zabaltzeko tresna bat dela beren saioa. Badute zer kontatu. Eta horretan aritzen dira, astean lau aldiz.

Behar denean, babesik gabe

Behar denean, babesik gabe

Edurne Elizondo

Fauna laguntzea da Ilundaingo zentroko kideen zeregina, baina ez dira lan hori egiten ari". Horixe salatu du Gurelurrek. Zehazki, talde ekologistak agerian utzi du Ilundaingo zentroan ez direla artatzen ari laguntza beharrean diren sai arre eta zikoina gazteak. Animaliok, anitzetan, arazoak izaten dituzte beren lehendabiziko hegaldietan. Kolpe txiki baten ondorioz, ezin elikatu gera daitezke hegaztiok, eta, ondorioz, laguntza behar izaten dute aurrera egiteko. Ilundaingo zentroa du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak horretarako, baina ez da bere ardura betetzen ari, Gurelurrek salatu duenez. "Herritar anitzek deitu gaituzte, zikoina edo sai arre bat aurkitu eta gero, Ilundainen ez dutelako animalia hartu", salatu du Gurelurreko Toño Munillak.

"Dirua da kontua; Ganasak diru sail bat jasotzen du gobernuaren eskutik zentroa kudeatzeko; gutxieneko gastua egiten du betebehar duen horretan, ordea", erran du Munillak, argi eta garbi.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunek ukatu egin dute Gurelur talde ekologistak egindako salaketa. "Zikoinak eta saiak artatzen ari dira Ilundaingo zentroan; beharra duen edozein animalia artatzen dute zentroan", erran dute.

"Ez da egia", berretsi du Munillak. Talde ekologistak Ilundaingo funtzionamenduari buruzko txosten bat egin du, 2012tik 2016ra bitarteko eperako, Ingurumen Departamentuak berak helarazitako datuak oinarri hartuta. 1998. urtean, adibidez, 51 sai hartu zituzten zentroan, eta, 2012. urtean, berriz, 54; 2015ean, 11 baino ez zituzten artatu, eta, iaz, berriz, hamasei. Zikoinen inguruko datuak ere mahai gainean jarri ditu Gurelurrek: 1998an 258 bikote ugaltzaile baziren herrialdean, eta Ilundainen 46 zikoina hartu zituzten; 2012an, 889 bikote baziren, eta 40 hartu zituzten; 2016an, berriz, 946 bikote izanda, 30 artatu zituzten. "Datu horiei so egitea nahikoa da baieztatzeko Ilundaingo zentroa ez dela bere lana egiten ari", berretsi du Munillak.

Fiskaltzaren artxiboa

Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin nahi du Gurelurrek. Zikoinak eta sai arreak espezie babestuak direla gogoratu du Munillak. Talde ekologistak Kontuen Ganberara eraman ditu Ilundaingo zentroko kontabilitateari buruzko datuak, eta salaketa aurkezteko asmoa ere badu. "Bada garaia Ilundainen gertatzen ari den horretan esku hartzeko; gobernua geldirik dago hegaztiak hiltzen ari diren bitartean", erran du Gurelur taldeko kideak.

Ingurumen Departamentuko kideek gogoratu dute Gurelurrek fiskaltzaren aurrean aurkeztu zuela Ilundaingo zentroari buruzko salaketa, baina erakunde horrek artxibatu egin zuela. "Hala izan zen. Baina fiskalak ez zuen erran guk salatutakoa gertatu ez zenik; datuak eskatu zituen. Orain, gure abokatuaren eta prokuradorearen bidez joko dugu epaitegira salaketa jartzera".

Zikoina eta sai arre gazteen esperientziarik ezak ekartzen du, anitzetan, arazoak izatea. Habia utzi eta gero, kableekin, antenekin edo eraikinekin kolpeak har ditzakete hegaztiok, Munillak azaldu duenez. "Kolpe larriak ez badira ere, jateko modurik ez badute, laguntza beharko dute aurrera egiteko".

Ohikoa da sai arreak habiatik ateratzen direnean herri eta hirietatik gertu ikustea, adibidez. Iruñean ere agertu izan dira. "Sai arre gazte bat hartzeko aukera izateak erakusten du animalia ez dagoela ongi. Habiatik zortzi kilo ingururekin ateratzen dira, eta bost inguru izan ditzakete aurkitzen dituztenean". Koipea galtzen dute, lehendabizi, elikatzeko aukera ez dutenean. Gero, giharra galtzen hasten dira. Ondorioz, animaliok erreskatatzea lortzen denean, premiazkoa da behar duten arreta eskaintzea. "Ezin dute bertzerik gabe jaten hasi; horrek kalte egiten ahal die, eta heriotza eragin".

Sai arreek, adibidez, bi hilabete inguruko prozesua behar izaten dute, halako egoera batean aurkitzen dituztenean, berriz ere beren kabuz hegan egin eta elikatu ahal izateko. "Horretarako dago Ilundaingo zentroa". Munillak salatu du Ganasak ez duela sosik gastatu nahi bi hilabeteko prozesu horretan, eta, ondorioz, aurkitutako animaliak hilikitegietan uzten dituztela. "Zer jatekorik gabe, ordea; eta zer jan izanen balute ere, elikatzeak kalte eginen lieke, behar duten arreta jaso gabe". Ondorioz, "utzikeria" horren emaitza animalion heriotza dela salatu du Munillak.

“Ordenantza honek 1997koaren espiritua berreskuratu du”

“Ordenantza honek 1997koaren espiritua berreskuratu du”

Ane Eslava

Euskara ordenantza berria egiteko proposamena aurkeztu du Iruñeko Udalak. Aritz Romeo zinegotziaren ustez (Iruñea, 1982), "pauso garrantzitsua" eman dute, 1997ko ordenantzaren oinarria berreskuratu dutelako: "Kontsentsua".

Zeintzuk dira ordenantza proposamenaren oinarriak?

Hiru ideia nagusitan laburbiltzen dira. Alde batetik, ordenantza berri honek 1997ko ordenantzaren espiritua berreskuratzen du: kontsentsua; bestetik, oinarri juridikoa ematen du bitartekariak jarri ahal izateko euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin; eta, hirugarrenik, errealitate administratibo eta esparru juridiko berrira moldatzen du udal arautegia.

Euskara eta gaztelania berezko hizkuntza gisa hartzen ditu.

Hori da, 1997ko ordenantzaren funtsa zen onartzea euskara eta gaztelania Iruñeko berezko hizkuntzak direla, eta, beraz, biek izan behar dutela berdintasuna irudi korporatiboan, herritarrekiko harremanetan… Horretarako oinarria jarri da, bere garaian UPNk egin zituen moldaketa murriztaileak bertan behera utzita.

1997tik lau aldiz aldatu da euskararen ordenantza. Zer galdu da jatorrizkotik?

UPNren aldaketen helburua zen euskara hirian ikusezin egitea. Esate baterako, ordenantzak exijitzen zuen liburuxkak, kartelak eta gisakoak euskaraz egotea, baina UPNk aldaketa bat egin zuen horiek euskarri ezberdinetan ateratzeko. Euskarazko ale gutxiago ateratzen zituen, eta toki gutxitan jartzen zituen. Hori guztia bertan behera utzi dugu.

Zer aldaketa egingo dira esparru juridiko berrira moldatzeko?

Legedian hainbat eta hainbat gauza aldatu dira, eta ordenantza moldatu egin behar dugu. Besteak beste, 2017an aldaketak egin ziren Euskararen Legean, eta [euskararen] foru dekretua ere onartu zen. Bestalde, badago Europako hizkuntza gutxituen inguruko foru dekretu bat, eta horretara ere egokitu beharra dago.

Izena ere aldatuko da.

Bai, vascuence-tik euskara-ra.

Proposatu duzue udalaren iruditerian bi hizkuntzen berdintasuna bermatzea. Nola?

Ordenantza honek onartu egiten du iruditeriaren ikuspuntutik euskara eta gaztelera berdinak direla, eta leku orekatua izan behar dutela. Adibidez, joan den legegintzaldian oposizioan ginenok moldaketa bat egin genuen interpretazio batean, euskara eta gaztelera tamaina eta formatu berean joateko, eta hori sendotuko da.

Herritarrek udalarengana jotzen dutenean, nola bermatuko dira hizkuntza eskubideak?

Ordenantzak oinarri juridikoa jartzen du hori bermatzeko. Kontuan izan behar dugu Iruñeko Udalaren egituraketan 20 urte izan direla UPNren gobernuarekin. Beraz, oraintxe ez dago baliabide nahikorik eskubide hori bermatu ahal izateko; kasik hutsetik hasi beharko dugu lanean. Orain, progresiboki, neurriak hartuz joan behar dugu.

Zer irizpideren arabera erabakiko da zer lanpostu publikotan eskatuko den euskara?

Ordenantzak foru dekretuak esaten duena bermatuko du, besterik gabe. Osoko bilkuran erabakiko da zer postutan exijituko den euskara betekizun gisa, eta ikusi beharko da zeinetan baloratzen den meritu gisa. Horretarako jarraituko diren irizpideak izango dira, batetik, publikoari arreta bermatzea, eta, bestetik, administrazio barruan zirkuitu elebidunak sortzen hastea. Bestalde, udalak maila teknikoan aztertuko du zer lanpostuetan den beharrezkoa euskara. Hala ere, ordenantza hori baina askoz harago doa: ez da bakarrik oraingo enplegu eskaintza egiteko, baizik eta etorkizunerako ere bai. Bide honen abiapuntua da.

Zer proposatu duzue euskara ikasteko laguntzei dagokienez?

Laguntzak ematen zaizkie herritarrei eta udal langileei, eta hori ere jaso dugu.

Hezkuntzan euskarazko postu gehiago eskaintzea jaso duzue.

Bai. Udalak hizkuntza mailan eskaintzen dituen zerbitzuak dira haur eskolak, musika eskola eta arte eskola. Horietan bitartekariak jarriko zaizkie beren seme-alabak euskaraz matrikulatu nahi dituztenei, hori bermatu ahal izateko. Kontuan hartu behar da orain udal musika-eskolan gazteleraz ikasteko eskubidea ere ez dela bermatzen. Postuak mugatuak izango dira, udalaren bitartekariak ez baitira infinituak.

Euskara Kontseilua sortu nahi duzue. Zein izanen da horren helburua?

Parte hartzea da ordenantza berriaren erroetako bat, eta, bide horretan, Iruñeko Euskara Kontseilua osatuko da. Horren lana izango da udalaren aholkularitza. Udalaren aholkulari ofiziala Euskaltzaindia da, eta kontseiluak ez du ordezkatuko, baina herritarren parte hartzea kanalizatuko du, eta, euskararen inguruko proposamenak egin behar direnean, hortik pasatu ahal izango dira.

Zer pauso eman behar dira hemendik aurrera, ordenantza martxan jarri arte?

Orain, hilabetez egongo da udalaren webgunean, herritarrek iradokizunak egin ahal izateko. Ondoren, Gobernu Batzordeak proiektua onartuko du. Bestalde, udal taldeek joan den astetik daukate testua, eta posible dute iradokizunak, zuzenketak eta iruzkinak egitea. Gutxi gorabehera, abenduko osoko bilkuran onartuko da. Gero, aldizkari ofizialean publikatuko da, eta behin betiko onartuko da.

Zer iruditzen zaizu egindako proposamena eta hori osatzeko prozesua?

Euskara mailan pausoak emateko daude oraindik, baina uste dut orain emango dena oso handia dela, oinarri juridiko sendoa ezarri baita etorkizunean euskara zerbitzu hizkuntza izateko. Bestalde, kontuan hartu behar da hau lortu dugula oso indar politiko ezberdinen arteko adostasuna landuz. Prozesuak beti konplexuak izaten dira, baina azkenean inporta duena emaitza da, eta nik uste dut emaitza ona dela.

Dena den, legegintzaldia amaitzear dago. Esango zenuke berandu heldu dela ordenantza?

Atera da atera ahal izan den momentuan. Ni ziur naiz aldaketaren udal gobernua sendotzen ari dela, eta 2019ko maiatzetik aurrera jarraitu egingo duela. Beraz, jarraituko dugu lanean ordenantzak jasotzen.

Oposizioa aurka agertu da. Kasurako, PSN inposizioaz mintzatu da, eta UPNk esan du ez direla herritarrak kontuan hartu.

Haiei eskatuko nieke irakurtzeko momentu honetan indarrean dagoen ordenantza eta guk egin dugun proposamena, haiek kritikatu dituzten puntu asko jada indarrean baitaude. Bestalde, esango nieke euskara ez dela alderdietako zerbait, baizik eta Nafarroako eta Euskal Herriko zerbait.

Iritzia: Orgiak eskoletan

Saioa Alkaiza

Jostailu sexualak erabiltzera bultzatuko dituzte 6 urteko haurrak. Denak transak izanen dira, haiek nahi ala ez. Pornoa ikusiko dute geletako telebistan. Sexuaz baino ez dira ariko, ikasgai guztietan. Orgiak izanen dira eskolan.

Halako zerbait imajinatzen dute eskuindarrek. Muturrera eramanda, bai, baina maila horretakoak izan dira haurrak parekidetasunean, hezkidetzan eta errespetuan hezi nahi dituen Skolae programaren kontrako kritikak. Arriskutsua omen da.

Sexu doktrinamendua egiten du, sexu-genero sistema ezbaian jarriko duten haurrak hezi nahi ditu, eta ez du familien borondatea errespetatzen. "Inposizioa" aitatu du UPNk —Euskararekin bezalaxe—, eta "berdintasuna bai, baina errespetuz" egin behar dela defendatu. PPNren iritziz, "Nafarroako familien askatasuna" da urratzen ari dena.

Skolae programa martxan zegoen jada, baina zeresana sortu du, noiz eta orain, hauteskundeak gertu diren honetan. Trikimailu politikoak trikimailu, eta jakinda darabilten argudio zerrenda hutsaren hurrena dela —sexu hezkuntza ez dela eskolen ardura, baizik eta familiena, eta balioak ematea ez dela zentroen zeregina, besteak beste— zaila egiten zait sinestea pertsona heldu bat irits daitekeenik pentsatzera sexu hezkuntza inork horrela emanen lukeenik, halako arduragabekeriaz, ikaszentroen eta agintean dauden alderdien oniritziz gainera. Zaila egiten zait ulertzea inork pentsa lezakeenik posible dela inori egokia iruditzea adina, hizkuntza eta mezua kontuan hartu gabe edozein hezkuntza plan diseinatzea eta eskoletan sartzea, izan sexualitatearen eta generoaren inguruko lanketa, izan Pirinioetako faunaren inguruko ataza. Funtsean, ezin dut sinetsi haiek ere beren argudioak sinesten dituztenik.

Halakoetan, eskoletan egunez egun gertatzen dena ikustea genuke onena. Aurrekoan, X-ek kontatu zidan ikastetxera beti leporaino estaltzen duten kamisetekin joaten dela klase ematera, 10 urteko gelara —10 urte, bai— bi mutil bere titiei buruz solasean harrapatu zituelako, eta horrez geroztik urduri jartzen dela. Beste lagun batek, Y-k, ez du inoiz kiroletarako galtzarik eramaten, bestela klase guztia zakila markatzen ote zaion begira-begira dagoelako. Z, pelikula bat jartzen duenean, beti klasearen atzeko partera joaten da, berokiak hartu eta estalita, 6. mailako mutilek masturbatzeko ohitura hartu dutelako, gelan. O-renean, egunean zakila zenbat aldiz astintzen duen kontatu du 11 urte baino ez dituen Ak, ikaskide mutilen barre artean, neskak isilik geratzen diren bitartean. Hala gaude.

Gauza gogorra entzun beharko du eskuinak, agian: haurrak masturbatzen dira, haurrek sexuaz hitz egiten dute, haurrek sexualitatea dute eta bizitzen dute, haurrek genero estereotipoak irentsi eta birproduzitzen dituzte heteropatriarkatuaren zimenduak berreraikiz, haurrek uste dute mutilentzako eta neskentzako gauzak daudela, haurrek PornTube irekiko dute momenturen batean.

Eta gauzak horrela, arriskutsua eta arduragabekeria hutsa den bakarra da sexu heziketaren kontra jotzea; eta ez, sekula, lantzea.