“Urte luzez irauten duten diskurtsoek arrakasta izaten dute”

“Urte luzez irauten duten diskurtsoek arrakasta izaten dute”

Ane Eslava

Haien espazio bakarra etxea zen, eta haien eginbeharra, seme-alabak izatea; hori da frankismoak emakumeei helarazi nahi izan zien ideia nagusia. Baina zer tresna erabili zituen diskurtso hori zabaltzeko? Galdera horri erantzuten saiatu da Gemma Pierola historialaria (Barañain, 1974), Mujer e ideología en la dictadura franquista. Navarra 1939-1960 liburuan (Emakumea eta ideologia diktadura frankistan. Nafarroa 1939-1960). Ondorioztatu du Nafarroan espero zuten baino arrakasta txikiagoa izan zutela diskurtsoa zabaltzerakoan.

Zergatik ikertu duzu frankismoko emakumeen diskurtsoa?

Jakin nahi nuen nondik zetozen frankismoko emakumeen eguneroko jarrerak. Horretarako, aztertu nuen zer erakundek mobilizatzen zituzten emakumeak, eta ikusi nuen hauek zirela: [Espainiako Falangearen] Emakumeen Saila, Ekintza Katolikoko zentroak eta, Nafarroan, Margaritak, emakume karlistak. Aztertu nuen zer diskurtso zuen estatuak erakunde horien ahotan, eta zer tresnaren bitartez helarazi zizkieten ideia horiek emakume guztiei.

Artxiboetara eta prentsara jo duzu. Zailtasunik izan duzu?

Bai, oso zaila izan da erakunde horien inguruko dokumentazioa aurkitzea, batez ere Emakumeen Sailarena. Nafarroan, ez dago ezer, ezta Madrilen ere, eta han Espainiako probintzia guztietako dokumentazioa dago. Horrek arreta ematen du; izan ere, Nafarroan ez zen fronterik egon, errepresioa ikaragarria izan zen, Emakumeen Sailak ez zuen toki handirik izan… Eta, hala ere, ez dago dokumentaziorik. Ez du inolako zentzurik.

Elkarrizketak egin dituzu. Norekin hitz egin duzu?

Hiru emakume talde elkarrizketatu nituen, adinaren arabera, ikuspegi zabala izateko: altxamenduaren garaian 8-10 urte zituztenak, gerraostean jaiotakoak, eta 1960-1970eko urteetan protagonista izandakoak. Ez nituen elkarrizketatu nahi kargu garrantzitsuak zituzten emakumeak; ikusi nahi nuen nola barneratu zuen diskurtsoa emakumeen gehiengoak.

Zein diskurtso zabaltzen zuten aipatu dituzun erakundeek?

Erregimenak emakumeei helarazten zien diskurtsoa ez zen berria, baina errepublika garaian eten txiki bat izan zuen. Frankismoak, jada hor zegoena aprobetxatuz, funtzio sozial eta politiko bat ezarri zion emakumeari: espiritu nazionalean heziko ziren haurren produktorea izatea. Bada, ideia hori txertatzea zen Emakumeen Sailaren zeregin nagusia, errepublikan perbertitu ziren emakumeak berriz hezteko. Ekintza Katolikoak bat egiten zuen diskurtso horren zati batekin, baina kristautasunaren balioekin berriz hezi nahi zituen emakumeak. Margaritek ere diskurtsoarekin bat egiten zuten, baina karlismoaren ideia politikoak erantsi zizkioten.

Talde horiek nola helarazi zieten diskurtsoa beste emakumeei?

Emakumeen Sailean, mota guztietako jarduerak egiten zituzten emakumeentzat: landa eremuari lotutakoak, heziketa intelektualekoak, kulturalak… Horietan guztietan zabaltzen zuten diskurtsoa. Gainera, emakume guztiek gizarte zerbitzua egin behar zuten, eta, han, espiritu nazionalaren formakuntza ikastaro bat jasotzen zuten, baita emazte eta ama ona izatekoa ere. Han zeudenean, emakumeek hori guztia entzun behar zuten.

Erlijioak garrantzia izan zuen?

Bai, morala eta erlijioa erabili zituzten diskurtsoa sendotzeko. Eta, herritarren bizitza kontrolatzeko orduan, Eliza ezinbestekoa izan zen estatuarentzat.

Zer garrantzi izan zuen publizitateak diskurtsoa zabaltzeko?

Publizitateak izugarrizko garrantzia du populazioa kontrolatzeko orduan. Garai hartako aldizkarietan antzeko irudiak agertzen dira behin eta berriz: emakumea etxeko lanak egiten. Produktua oso hizki txikian iragartzen da, helburu nagusia beste bat baita. Adibide asko daude; kasurako, garbigailuen iragarki batek honakoa dio: "Ez du jai hartzen igandean, eta ez da mutil lagunarekin ateratzen ostegunean. Zure zerbitzari perfektua izango da". Emakumea objektu bat baino ez da, eta halako asko daude. Horrenbeste denbora izan zutenez publizitate mota hori zabaltzeko, gizartea pixkanaka diskurtsoa barneratuz joan zen. Izan ere, halako diskurtsoek arrakasta izaten dute urte luzez irauten dutenean.

Hezkuntza ere erabili zuten.

Bai, hezkuntza kontrolatzea ezinbestekoa da edozein botererentzat: arma bat da. Frankismoak egin zituen lehenbiziko gauzetako bat izan zen irakasleria garbitzea. Nafarroan, mende hasieran, mugimendu handia zegoen: Iruñeko maistren eskolan borborka zeuden ideia berriak. Baina diktadurak hori guztia desagerrarazi zuen, herritarrak kontrolatzeko.

Sexualitatearen kontrola baliatu zuten emakumeak kontrolatzeko?

Espainia berrian, emakumearen espazio bakarra arlo pribatua zen; haren eginbeharra zen haurrak izatea, eta hor, sexu gozamenak ez zuen tokirik. Elizarentzat bekatuzkoa zen, eta estatua ez zen zuzenean horretara sartzen diskurtsoarekin, baina bai araudiarekin. Hala ere, emakumeek bideak aurkitzen zituzten beren ugalketa kontrolatzeko. Adibidez, ezkutuan bazen ere, antisorgailuak erabiltzen zituzten. Eta askok abortatu zuten: Iruñean, harrigarria da zenbat aborturen berri heltzen zen epaitegietara.

Prostituzioaren gaia ere jorratu duzu. Zer aurkitu duzu?

Iruñean prostituzio asko zegoen, eta, emakume batzuentzat, bizirik irauteko modu bat izan zen. Ez dakit zenbat izan ziren, ez baitute hitz egin nahi gai horri buruz. Baina batzuek iradokitzen dute errepresaliatuen edo eraildakoen emazteak zirela, eta, ezer ez zutenez, prostituziora jotzen zutela.

Emakumeek frankismoaren diskurtsoa barneratu zuten?

Askok bai, barneratu zuten etxean egon behar zutela, haurrak zaintzen, senarra lanetik heltzen zenerako etxea zaintzen…Baina, aldi berean, beren desirak eta kezkak zituzten: aisialdia izan nahi zuten, dantzatu… Eta, eguneroko bizitza debekuz beteta zegoen arren, jakin izan zuten horiei buelta ematen; denek esaten dute hori. Adibidez, modu jakin batean dantzatu behar zen, baina, bat-batean, dantza areto pribatu asko sortu zituzten. Edo mendi taldeen txangoak: ibilaldiak baino askoz gehiago ziren. Eta moda kristauari aurre egiteko tranpak zituzten...

Esango zenuke aztertu dituzun erakundeek beren helburua lortu zutela Nafarroan?

Estatuak eta Elizak emakumeei transmititu zieten diskurtsoa hemen berdina izan zen; beraz, horretan Nafarroa ez zen salbuespena izan. Baina, esan diguten arren Falangeak toki handia izan zuela Nafarroan, nik frogatu dut ezetz. Beraz, Emakumeen Sailak hemen ez zuen lortu espero zuen emaitza. Hemen zerbaitek pisua izan bazuen, karlismoak izan zuen.

Kirola euskalduntzeko ariketa

Kirola euskalduntzeko ariketa

Edurne Elizondo

Proposamenak eta esperientziak badira, eta horiei egin behar diegu so". Horixe erran du Maite Indak, Emun taldeko aholkulariak, Nafarroako Gobernuak Ultzamako Larraintzarren egindako Euskara eta kirola izenburuko jardunaldian. Kirolaren esparruan euskararen erabilera bermatzeko eta sustatzeko proposamenei eta esperientziei buruz aritu da. Lana egiteko badela nabarmendu du, baina badela, halaber, nondik ikasi.

Indak euskarari eta kirolari buruzko ikerketa baten emaitzak aurkeztu ditu, Ultzaman. Euskarabideak eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatuta egin dute ikerketa hori. Zehazki, eremu euskalduneko eta eremu mistoko egoera ezagutu nahi izan dute. Horretarako, galdetegia bidali dute bi eremuotako udal eta kirol elkarteetara, eta, gainera, hiru eztabaida saio egin dituzte, Donezteben, Irurtzunen eta Iruñean. Indak argi utzi nahi izan du ikerketaren bidez aztertutako bi eremuetan dauden hutsuneak eta indarguneak ezagutu nahi izan dituztela. "Errealitatera hurbiltzeko lehendabiziko urratsa izan da, baina jasotako galdetegi kopuruak ez du aukera ematen emaitzak orokortzeko", zehaztu du. 123 galdetegi bidali, eta 68 jaso dituzte bueltan, erantzunekin, hain zuzen ere.

Ikerketak egungo egoeraren zertzelada nagusiak ezagutzeko parada ematen duela erantsi du Indak, halere. Dauden hutsuneak eta indarguneak ezagutzekoa, alegia. Datuek agerian utzi duten irudiari buruz, Indak azaldu du "bi errealitate ezberdin" azaleratu dituela ikerketak; bat da eremu euskaldunekoa, eta bertzea mistokoa.

Oro har, euskararen erabilera eta aintzat hartzeko ahalegina handiagoa da eremu euskaldunean mistoan baino. Eremu euskaldunean, gainera, euskararen presentzia are nabarmenagoa da udaletatik edo mankomunitateetatik bultzatutako kirol jardueretan.

Ikerketak agerian utzi du, halaber, adin tarteak aurrera egin ahala, behera egiten duela euskarazko kirol eskaintzak. Jaitsiera are nabarmenagoa da eremu mistoan. "Hainbat faktorek eragiten dute egoera hori. Batetik, euskaldunen dentsitateak, eta, bertzetik, kirol esparruan gora egin ahala eskakizun gehiago badela betetzeko; profesionalizatuz doa jarduera, eta, horren ondorioz, zailagoa izaten da arduradun euskalduna izatea".

Federazioetan, hutsunea

Herri askotan gertatzen dena jarri du horren adibide Maite Indak. "Entrenatzaile lanetan boluntario ari den pertsona euskaldunak izan dezake haurrek osatutako talde bat; ez du titulurik, ordea, eta, kirol eskakizunak zorrozten direnean, titulua izatea nagusitzen da hizkuntzaren ezagutzaren gainetik".

Ikerketaren barruan egindako eztabaidetan parte hartzaileek nabarmendu duten hutsune nagusietako bat da kirol federazioen eragina. Euskararen erabilera urria da erakunde horietan, eta, horren ondorioz, udalek edo kirol elkarteek antolatutako kirol jarduerak erdalduntzen dituzte. "Hor hutsune nabarmen bat dago; gobernutik ez da inolako lanik egin esparru horretan, orain arte. Azken urtean hasi dira ahalegin bat egiten, federazioei, besteak beste, itzulpen zerbitzua eskaintzen, baina lan handia bada, oraindik ere, egiteko", azaldu du Maite Indak.

Euskara eta Kirola izenburupean egindako jardunaldia ere bada Nafarroako Gobernuak azken urteotan egindako urratsen adibide. Bigarrenez egin dute aurten. Balio izan du jada martxan diren jarduerak eta proiektuak ezagutzeko, bertzeak bertze, Indak nabarmendu duenez.

Emun taldeko aholkulariak nabarmendu du, batetik, Sakanako Mankomunitateak egiten duen lana. "Programa oso bat garatu dute; sekulako lana egiten ari dira, eta merezi du nabarmentzea". Kirol jarduera batean izena eman dutenen %70 euskaldunak badira, gutxienez, kirol jarduera hori euskara hutsean eskaintzen dute, adibidez. Baztanen egiten duten lana ere aipatu du Indak.

Eremu euskalduneko lana jarri du mahai gainean, bereziki, baina argi utzi du eremu mistoan ere badirela esperientzia interesgarriak. "Garesen, adibidez, Tortotxiki Fundazioa ari da euskara sustatzen kirol jardueretan; Lizarran, berriz, Brinka izeneko programa jarri du udalak martxan, herriko lau ikastetxeetan, kirol jardueretan euskaraz aritzeko".

Gisa horretako esperientziak partekatzeko beharra nabarmendu du Indak. Azaldu du kirolaren esparruan ari diren udalek eta elkarteek ere eskatu dutela elkarlanean aritzeko espazio bat. "Gauzak egiten ari dira han eta hemen, baina ez dute elkarren berri, eta hori aldatzeko nahi dituzte halako espazio komunak". Prestakuntzaren arloan urratsak eskatu dituztela gaineratu du, eta baliabideak ere galdegin dizkiotela Nafarroako Gobernuari. Ikerketaren bidez, lehen urratsa egin du Euskarabideak. "Bidean jarraitzea da orain kontua".

Bide segurua nahi dute

Bide segurua nahi dute

Edurne Elizondo

Ez dago biderik oinezkoentzat; ez dago deus". Horixe salatu du Orkoiengo bizilagun Cristina Indabereak, herriko auzokideen batzarreko ordezkariak. Karrikara atera dira azken asteotan, herria eta Iruñea lotuko dituen pasabide seguru bat exijitzeko. Eskaera hori ez da oraingoa. Azken hamar urteotan egin dute horren alde Orkoiengo Udaletik, hain zuzen ere. "Herri txikia gara, eta bizilagunok kalean mobilizatzea erabaki dugu, indar handiagoa egiteko", erran du Indabereak.

Presio horrek emana du bere emaitza jada. Joan den ostegunean jakin zuten Orkoiengo bizilagunek Nafarroako Gobernuak 100.000 euroko diru saila zehaztu zuela 2019. urterako aurrekontu nagusien proiektuan, pasabide hori egin ahal izateko. "Urrats positiboa da, baina ez da nahikoa, ordea; kalean jarraituko dugu bizilagunok lanean", azaldu zuen Indabereak, horren berri izan eta gero. Laukoak saila handitzea erabaki du asteon, hain zuzen ere, eta bertze 350.000 euro zehaztu ditu lan hori egiteko. "Kontent" agertu da Indaberea, baina ohartarazi du "adi" jarraituko dutela, lanak "ahalik eta azkarren" has ditzaten. "Obra eslei dezatela, behintzat, hauteskundeen aurretik, proiektua ez gelditzeko", eskatu du.

Mahai gainean bada Orkoien eta Iruñe arteko PA-30 errepidea arriskurik gabe zeharkatu ahal izateko proiektu bat. Errepide horren gainetik pasabidea egitea da asmo zehatza. Aurrekontua 500.000 eurorena da. Nafarroako Gobernuak du obra hori egiteko eskumena eta ardura.

Orkoiengo bizilagunak gogoratu du, azken urteotan, herritarrek jarri izan dituztela mahai gainean bertzelako konponbideak —pasabidea egiteko obra baino merkeagoak, gainera—, baina atzera bota dituztela. "Parlamentuan izan ginen behin, eta argi esan genuen semaforo bat jartzea ere ontzat joko genukeela, baina alderdiek esan ziguten hori ezin zela egin. Arrazoia zen semaforo batek industrialderako sarbidea mantsotuko lukeela", azaldu du Indabereak. Orkoiengo bizilagunak argi du herritarren segurtasunak izan beharko lukeela lehentasuna.

Bakartuta

Egun, ez semafororik, ezta zebra biderik ere: errepidea segurtasunez gurutzatzeko ez dago deus. "Oinezkoek arriskurik gabe pasatu ahal izateko ez dago biderik", salatu du bizilagunak. Eta ez dira gutxi errepidea egunero gurutzatzen duten herritarrak. Orkoiengo D ereduko ikasleek, adibidez, Sanduzelain egin berri duten institutuan jarraitzen dituzte ikasketak. "Oinez, bide motza dute, baina ez da segurua. Busez edo autoz egin behar dute, ondorioz". Gaztelaniaz aritzen diren ikasleak ere Sanduzelai eta Donibane arteko Pio Baroja institutuan aritzen dira, eta haiek ere behar dute pasabide seguru bat.

Indabereak nabarmendu du eskualdean lotura segururik gabe gelditu den herri bakarra dela Orkoien. "Herri inguruko lur sailetan industrialdeak egin dituzte azken hamarkadetan; hiriburuarekin lotzeko zeuden bideak desagertuz joan dira". Herria bakartuta gelditu arte.

Horren ondorioz, oinez mugitzen diren herritarrek oinezkoentzako pasabiderik ez duen errepidea gurutzatu behar dute. "Jende asko joaten da Sanduzelaira erosketak egitera; oinez hamar minutu eskasera dago. Jende gaztea ere, udan batez ere, oinez mugitzen da Sanduzelaitik eta Iruñeko beste auzoetatik. Zirkulazio handiko errepidea da, eta premiazkoa da pasabide seguru bat izatea", erran du.

Indabereak erantsi du garraio publikoak ere ez dituela Orkoiengo bizilagunen beharrak behar bezala asetzen. "Ordu erdi oro pasatzen dira busak. Gehiago behar ditugu".

Urte hasieran erabaki zuten Orkoiengo bizilagunek ordura arte udalak esparru instituzionalean egindako eskaera karrikara eramatea. Martxoan egin zituzten lehendabiziko mobilizazioak, eta azken asteotan ere hamaika protesta antolatu dute. Lortu dute nahi zutena.

Indabereak gogoratu du herriko udala prest dela 100.000 euro jartzeko pasabidea eraikitzeko. Asteon jakin dutenez, gainera, Iruñeko Udalak ere agertu du diru sail bat bideratzeko asmoa. Indabereak argi du herritarrentzat pasabidea ezinbertzekoa dela, eta badutela errepidea segurtasunez gurutzatzeko eskubidea.

Laukoak zehaztutako diru saila, orain, nahikoa litzateke proiektua martxan jartzeko. Herritarrek, hala ere, oraindik ez dute erabaki mobilizazioak bertan behera utzi edo ez. "Ez dugu dena lortutzat eman nahi; uste dugu presioa egiten jarraitu beharko dugula, behar dugun pasabidea ahalik eta azkarren eduki ahal izateko".

Iritzia: Hartu kontrola

Lur Albizu Etxetxipia

Jakin-mina daukat, ez dakit nola aterako den. Duela hilabete batzuk entzun genuen lehen aldiz Euskaraldia hitza. Euskararen aldia. 11 eguneko ekimena, euskarak hartuko dituen 11 egun, euskararentzat gorde ditugunak. Ahobiziek eta belarriprestek. Ahobiziak omen ziren 11 egun horietan ahal zuten aukera guztietan euskaraz ariko zirenak, lehen hitza euskaraz eginen zutenak… Belarriprestak omen ziren euskaraz ulertzeko gai zirenak, baina dena euskaraz egitearen hori urrunago zutenak. Jarri horri beste 11 ñabardura, nahi baduzue.

Eta agendan apuntatu genuen: azaroak 23. Abenduak 3. Euskaraldia.

Galderak hasi zitzaizkidan buruan bueltaka. Nola eginen dut? Ahobizi izanen naiz, izan nahi dut, izan behar dut, hautatu dut. Nola eginen dut esaten dena benetan praktikara eramateko? Ausartuko naiz? Aitortuko dut zein zaila egiten zaidan lehenengo hitza ziurtasunik gabe euskaraz egitea? Nola babestuko dut neure burua erantzun txar posible horietatik? Gaizki erantzunen dit inork? Nork? Ausartuko naiz?

Eta batzuetan, abestien letrei gehiegi erreparatzen ez badiegu ere, erantzun batzuk topatzen ahalegindu nintzen:

Hartu kontrola: har dezagun behingoz erabakia geure bizitzen gain kontrola hartzeko. Bai, euskaraz eginen dut, ahalduntze ariketa erraldoia izanen da niretzat; batzuetan asko kostatuko zait, ohiturak aldatzeko lehenengo pausuak emanen ditut.

Aukeratu rola: ahobizi. Beste aukerarik al nuen? Ardura aldetik ere, batzuetan hautuak aldez aurretik eginak daudela eta egon behar direla iruditzen zait.

Esadazu nola: nola, nola… ahal dugun moduan eginen dugu. Energiaz, batzuetan besteetan baina gogo biziagoz. Lotsaz, beldurrez, urduri, pozik, emozionatuta, deskubrimendu berriak eginez, sorpresa txikiak edukiz… neure burua behartuz, indartuz. Jolastuz. Ondokoak bultzatuz.

Egin dezagun froga: egin dezagun proba, ikus dezagun zer egin oztopoekin, eror gaitezen (gorantz eta beherantz). Egin dezagun proba hau, proba erraldoi hau, ariketa kolektibo izugarri hau. Lehen aldia da, lehen aldien berezitasun guztiekin. Beharbada, ez gara guztiz seguru egonen… baina har dezagun gaia, eta jarrai dezagun lanean. Euskara ez baita 11 eguneko hizkuntza. Euskaraz, euskararekin, euskaratik mintzatu, sortu, jolastu, lan egin, ikasi, maitatu eta amets egin nahi dugu; beharra dugu. Berreuskalduntzerako ezinbestekoak gara ahobiziok, belarriprestak eta oraindik harrapatu ez ditugunak ere bai. Saltoa ematea dagokigu; ez dago amildegirik.

Ardurak eta erantzukizunak bana ditzagun: hiztun, euskaldun gisa ditugun moduan, hizkuntza-eskubideak berma daitezen, aitor daitezen egiteke dauden pausoak gogora ditzagun. Abenduaren 4an ere euskaraz jarraitu behar dugulako, baina herritarron behar eta eskubideen zerrendan honek ere egon behar duelako. 2019an Euskaraldia errepikatzen badugu, euskara ofiziala izanen da Nafarroan?

Berriz ere milaka ero lan kolektiboan, mila txokotan, herria egiten eta herria euskaratik eraikitzen. Eskerrak erotuta gauden.

“Tenperatura bi gradu igotzeak eragin handia du Pirinioetan”

“Tenperatura bi gradu igotzeak eragin handia du Pirinioetan”

Ane Eslava

OPCC Pirinioetako Klima Aldaketarako Behatokiaren txosten batek erakutsi du azken hamarkadetan Pirinioetan beste inon baino azkarrago igo dela tenperatura. Ondorioak nabarmenak dira: glaziarrak desagertzeko bidean dira, eta landareak eta animaliak habitat berriak bilatzen ari dira. Txostena osatu duten ehun zientifikoen artean daude Sheila Izkieta (Iruñea, 1983) eta David Elustondo (Iruñea, 1974) Nafarroako Unibertsitateko ikerlariak. Replim taldearekin parte hartu dute ikerketan, eta zohikaztegiak eta lakuak izan dituzte aztergai.

Zeintzuk dira ikerketaren daturik garrantzitsuenak?

DAVID ELUSTONDO: 50 urtean batez besteko tenperatura 1,2 gradu igo da Pirinioetan, munduko batezbestekoa baino %30 gehiago, eta oraindik ez dakigu zergatik igo den gehiago hemen beste tokietan baino. Prezipitazioek behera egin dute: hamarkada bakoitzeko %2,5 gutxiago. Ikusi da etorkizunean tenperaturak gora egingo duela: kasurik okerrenean, 7 gradu igo daiteke; onenean, 4 gradu. Prezipitazioek, dirudienez, behera egingo dute.

SHEILA IZKIETA: Hala ere, ikerketak erakutsi du klima aldaketa ez dela fenomeno lineala; garai batzuetan, kasik ez da aldaketarik egongo, eta, bat-batean, aldaketa handi bat egongo da.

Aldaketa hauek normaltasunetik kanpo daude?

S.I.: Bai. Klimaren historian zikloak egon dira, eta garai batzuetan tenperaturek gora egiten dute, eta beste batzuetan, behera. Baina azken urteetako aldaketa inoizko azkarrena izan da. Horrek ondorio asko ekartzen ditu, batez ere mendialdeetan, oso baldintza zehatzak dituztelako. Pirinioetan, bi graduren aldaketak eragin handia du, eta oso zaila da horretara moldatzea.

Zer ardura dugu gizakiok?

S.I.: Frogatua dago azken hamarkadetako tenperatura igoera ezingo litzatekeela gertatu modu naturalean; beraz, argi dago gizakiok dugula honen errua; CO2 gasen isuriengatik, batez ere. Atmosferak, isurietara egokitzeko, tenperatura igo behar du.

Ondorioetako bat da Pirinioetako elurraren desagertzea.

S.I.: Bai, 1980tik glaziarren erdiak desagertu dira, eta 50 urtean erdira gutxituko da elurraren lodiera.

D.E.: Glaziarrak edo lakuak oso ekosistema kalteberak dira, eta zaila izango da tenperatura aldaketa handiekin ez desagertzea.

Zer ondorio izan dezake naturan glaziarren desagertzeak?

S.I.: Ekosistema desorekatuko du. Fauna eta landare espezie batzuk elurretara ohituta daude, eta, gutxitzen bada, mugituko dira: saiatuko dira haientzako egokiak diren baldintzak bilatzen, toki altuagoetan. Horrekin lotuta, sinkroniaren aldaketa dago: espezieak ateratzen dira jaten duten espeziea ateratzen denean; adibidez, intsektua landarearekin batera ateratzen da. Baina ateratzen denean landarea oraindik ez badago hor, ezingo du polinizazioa egin, eta desagertuko da.

D.E.: Gainera, Pirinioak bezalako lurralde espezifikoetako espezie endemikoek moldatzeko ahalmen txikia dute, oso baldintza zehatzak dituztelako, eta aldaketak direla-eta kalteberak dira. Hori gertatzen ari zaie, adibidez, eper zuriari edo anfibioei. Gainera, espezie inbaditzaileak ere agertzen ari dira. Eta uraren arazoa ere hor dago: mendialdeko ibaiak elurtarrak dira; beraz, glaziarren galerarekin eta eurien gutxitzearekin, geroz eta ur gutxiago izango dute, eta kalitate txarrekoa.

Muturreko fenomenoak areagotuko dira. Zeintzuk?

D.E.: Batez besteko balioak asko gainditzen dituzten fenomenoak dira: elur jausiak, uholdeak, suteak… Txostenak argi erakusten du espero dela horiek ugaritzea.

Zergatik ugarituko dira horiek?

S.I.: Dena lotuta dago. Adibidez, uholdeen kasuan: prezipitazioen joera beheranzkoa da, baina, espero denez, euri guztia une zehatz batzuetan eroriko da, ez da konstantea izango, eta horrek uholdeak eragingo ditu. Bestalde, elur jausiak elurrarekin eta beroarekin lotuta daude: elurte bat badago, eta bat-batean azpitik datorren beroak elurra urtu egiten badu, elur jausia gertatuko da. Suteei dagokienez, euriteen gutxitzearekin, lehorte gehiago egongo dira, eta horiek suteak eragingo dituzte.

Zer kalte eragingo die horrek guztiak Pirinioetako biztanleei?

S.I.: Hasteko, despopulazioa. Dagoeneko arazo hori duen eskualde batean, baldintzek okerrera egiten badute —laborantzak ez funtzionatzea, faunak sufritzea eta abar—, azkenean, despopulazioa areagotuko da. Gainera, hain zuzen, despopulazioaren eraginez, Pirinioetako eremua zaurgarriagoa da muturreko fenomenoen aurrean: kasurako, lehen laborantza lurrak zeuden toki asko hutsik daude, eta horiei higadurak kalte handiagoa egingo die.

D.E.: Pirinioek, gainera, kalte sozioekonomikoak izan ditzakete. Han turismoa oso garrantzitsua da, eta elurrik gabe, eskiari lotutako turismoa galduko dute, adibidez. Eta glaziar, laku eta antzeko toki erakargarriak galduz gero ere jende gutxiago joango da. Eskualde horretan energia hidroelektrikoa asko erabiltzen da, baina ibaien emarien menpe dago. Ibaiek ur gutxi badute, ezingo dute energia mota hori sortu; beraz, ziurrenik erregaietara jo beharko dute, eta arazoa areagotu.

Arazo honek ba al du atzera-bueltarik?

S.I.: Oraintxe bertan, berotegi efektua gelditzeko gure eskuan dagoen guztia egingo bagenu ere, mende erdira arte ez genuke lortuko arazoa gelditzea. Horregatik, kalteak saihesteko neurriak hartu behar dira, baina orain badakigu hau gertatzen ari dela, eta saiatu behar dugu egokitzapen neurriak hartzen. Horrek eskatzen du gertatu diren aldaketak eta aurreikusten direnak ikertzea, eta kalteak izan dituzten tokietan neurri zehatzak ezartzea.

Zuek zohikaztegiak eta lakuak aztertu dituzue. Zergatik?

D.E.: Zohikaztegiak eta lakuak oso ekosistema kalteberak dira, eta oso interesgarria da horiek aztertzea, beste toki batzuetan gerta daitekeen horren seinaleak ematen dizkigutelako. Gainera, Pirinioak beste toki batzuk baino lehenago pairatzen ari dira klima aldaketaren eraginak, eta horrek erakusten digu zer gerta daitekeen antzeko baldintzak dituzten lekuetan; eredu gisa funtzionatzen dute, eta hori oso inportantea da.

Zergatik da garrantzitsua herritarrek ikerketan parte hartzea?

S.I.: Pirinioak ikertzeko, beharrezkoa da eskualde horretan behatokiak izatea. Guk, horretarako, herritarren laguntza behar dugu, zeren, adibidez, neguan ez baita erraza izaten mendiko toki batzuetara iristea. Hori errazteko, eskatzen diegu alpinistei, gu aztertzen ari garen eremuetan daudenean, esan diezagutela nola dagoen tokia, aplikazio baten bitartez: lakua izoztuta dagoen edo ez, adibidez. Hala, jendeak erregistro bat sortzen lagun diezaguke. Normalean, mendizaleak asko engaiatzen dira; kontzientzia handia dute.

Bardean ere prestatzen da gerra

Bardean ere prestatzen da gerra

Edurne Elizondo

Soka luze batek lotzen ditu Bardea eta gerra sufritzen duten herrietan jaurtitzen dituzten bonbak; Erriberako azpiegituran eta gisakoetan probatzen baitituzte gero herri horietan lehertzen diren gailuak. Soka luze horrek berak lotzen ditu, gainera, Bardea eta sorterritik alde egiten duten milioika migratzaileak; bonbak atzean uzteko, edo iparraldeko herriek hegoaldekoetan eragindako espoliazioak bultzatuta egiten baitute ihes.

Soka hori mozteko beharraz hitz egiteko mahai ingurua egin du Bardea Libre plataformak, Iruñean. Igandean, gainera, manifestazioara deitu du, Tuteran. 12:00etan hasiko da protesta, Erriberako hiriburuko Foruen plazan. Bonbak eta Nafarroa lotzen dituen tiro eremuko soka behin betiko moztu nahi du Bardea Libre plataformak. "Ez hemen, ez inon ez dugulako gerrak prestatzeko azpiegiturarik nahi", nabarmendu du Iñigo Jurado plataformako kideak.

1951. urtetik dago martxan Bardeako tiro eremua. Azpiegitura horri eusteko azken kontratua, hogei urterako, 2008an sinatu zuten Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, 210 milioi euroren truke. Datorren abenduaren 31rekin batera, kontratu hori modu automatikoan berrituko da, bertze hamar urtez. Aldaketa bakarra Bardeako Komunitatean bat egiten duten erakundeek jasoko duten ordainaren kopurua izanen da: bikoiztu eginen da. "2008. urtetik, zazpi milioi euro jaso dute erakundeok, urtean; hemendik aurrera, berriz, bikoiztu eginen da kopuru hori, eta hamalau izanen dira", azaldu du Andoni Romeok, Alternatiba Antimilitaristako ordezkariak.

Bardeako Komunitatean hemeretzi udalerri daude, Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrak, eta Olivako monasterioa; denera, 22 erakunde, alegia. Bakoitzak 108.000 euro inguru jaso ditu, urtean, azken urteotan, Bardea Libre plataformako kideek agerian utzi dutenez. Bardeako Komunitateak berak ere jasotzen du zati bat.

Diru hori ez du ongi kudeatu erakunde horrek, ordea, Kontuen Ganberak txosten batean salatu duenez. Bardeako Komunitatearen gastuak ikertu ditu Kontuen Ganberak, eta ondorioa da Bardeako Komunitateko kideek dirua "xahutu" egin dutela. 2006tik 2012ra, adibidez, Egipto, Argentina, Senegal eta Costa Ricara egin zituzten bidaiak Bardeako ordezkariek. Egiptora 34 pertsona joan ziren, eta 64.000 euro gastatu zituzten. Senegalera, berriz, 29, eta 72.000 euroren gastua izan zuen bidaiak.

2001eko aukera galdua

Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiari egin dio so Bardea Libre plataformak, erakunde hori delako tiro eremua alokatzeko kontratua sinatzen duena. Julian Isla da egungo presidentea; aurretik, eta, urte luzez, Jose Antonio Gaiarre izan zen kargu horretan. "Pribatuan, bai eta jendaurrean ere, Gaiarrek onartu zuen tiro eremuaren aurkako mugimenduak mesede egiten ziela, horrek ekartzen zuelako ordain gisa jasotako diru kopuruak gora egitea", erran du Romeok.

Alternatiba Antimilitaristako kidea duela hogei urte baino gehiago hasi zen Bardeako tiro eremuaren aurka lanean. 2001. urtean, borroka hori irabaztekotan izan zirela gogoratu du. "Urte horretan berritu behar zuten kontratua; lauzpabost urte lehenago hasi ginen gaia jorratzen. Bardea Armagabetua izeneko plataforma sortu genuen, eta herri mobilizazioa lantzen aritu ginen". Romeok uste du huts egin zutela ez zirelako gai izan borroka erakundeen esparrura eramateko. "Ez genuen asmatu udalekin lan egiten; berandu hasi ginen gaia haiekin jorratzen". Azkenean, 2001ean, zazpi urterako sinatu zuten kontratua Espainiako Gobernuak eta Bardeako Komunitateak, orduko 600 milioi pezetaren truke.

Martxan jarraitu du urteotan guztietan Bardeako tiro eremuak. "Egunero ari dira ariketak egiten, Bardeako Komunitatearen webgunean edo hedabideetan jarduera horren berri ematen ez badute ere", zehaztu du Iñigo Juradok. Bardeakoaren gisako tiro eremu bateko jarduerak ondorio zehatzak ditu, eta horiek jarri dituzte mahai gainean Fernando Armendarizek eta Beatriz Villahizanek. Giza eskubideen auzian aditua da Armendariz, eta argi eta garbi erran du: "Bardean eta gisako azpiegituretan benetako gerra prestatzen da. Giza eskubideen urraketen %60 armen bidez egiten dituzte, eta armak tiro eremuetan probatzen dituzte. Gaur egungo gerretan herritarrak militarren jomugan dira".

Siria eta Yemen aipatu ditu gerrek ekartzen duten suntsiketaren adibide gisa. "Sirian, herritarren erdiak egin dute ihes herrialdetik kanpo; Yemenen, berriz, 6.000 herritar hil dituzte jada, eta 50.000 zauritu. Herrialde barruan toki batetik bertzera mugitu behar izan dute hiru milioi pertsonak". Espainiako Gobernuaren ardura nabarmendu du: "2015ean, Espainiak 400 doitasun bonba inguru saldu zizkion Saudi Arabiari; armak bidaltzen jarraitu du geroztik: 2015etik 2017ra saldutako armen truke 932 milioi euro jaso ditu".

Bonbak "ongi hiltzeko" probatzen dituzte tiro eremuetan. Horixe nabarmendu du Armendarizek, eta, horregatik, hain zuzen ere, igandean "Tuterako karrikak betetzera" deitu ditu herritarrak. "Jendeak sorterritik egin behar du ihes, armen negozioak aurrera egin dezan", bukatu du.

SOS Arrazakeria erakundeko ordezkari Beatriz Villahizanek ihes egiten duten horiei egin die so bere solasaldian. Bonben ondorioz edo bertze edozein kausa dela-eta ihes egiten dutenei, hain zuzen ere. "Migratzaileen eta errefuxiatuen arteko bereizketa maltzurra da. Gakoa da Europak ez duela nahi bere gain hartu jendea bere sorterritik aterarazten duten arrazoien ardura". Migrazioen inguruko "begirada zabala" eskatu du, ondorioz, Villahizanek, eta gogoratu du herritar orok baduela migratzeko eta nahi duen tokian bizitzeko eskubidea. "Eskubide horrek balio zuen europarrok mugitzen ginenean, baina, orain, gurera etortzen direnean bertze hainbat herritatik, hutsean uzten dugu". SOS Arrazakeria taldeko kideak erantsi du gerrak ez direla bakarrik hegoaldeko hemisferioko herrialdeetan gertatzen: "Europa, nahi ez duen migrazioaren aurka ari da gerra egiten".

Nahi ez duena. Horixe da bertze gakoetako bat, Villahizanen erranetan. "Egungo garapen eredua ez da iraunkorra, eta badu baliabideen espoliazioari eusteko beharra; behar du mugituko den langileria, zaurgarria, arautu gabekoa. Horrek ekarri du hegoaldeko herrien independentzia prozesuak baldintza zehatzetan garatzea; prozesu horiek ez dira amaitu, eta hegoaldeko herriak kanpo zorren bidez lotu dituzte iparraldekoek. Ustez, iparraldeko herriek askatasuna eta demokrazia badute. Errealitatea bertzelakoa da: egungo ordenari eusteko, gatazkak eragiten dituzte, bertze herrietan egiten dituzten esku hartzeak justifikatzeko, eta herriok ustiatzen jarraitzeko".

Dena aldatzeko lanean

Europako mugak "espazio militar" bilakatu dituztela salatu du Villahizanek, eta gainditzen dituztenentzat ere, egunerokoa ez dela erraza. "Nazioarteko babesa emateko hamaika oztopo daude; babes hori eskatzen duen pertsonak erakutsi behar du babes hori behar duela. Nafarroan, babesa eskatzeko lehendabiziko elkarrizketa lortzeko itxaron zerrenda bada; hamahiru hilabetez egon behar dute zain". Hori guztia aldatzeko beharra nabarmendu du Villahizanek.

Eta hori guztia aldatu nahi dutelako ari dira Bardeako tiro eremuaren aurka lanean Bardea Libre plataformako kideak. Iñigo Juradok onartu du iaz sortu zirenean zehaztutako helburuetan ez dituztela nahi zituzten urrats guztiak egin, oraindik ere, baina lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Herri kontsultena da oraindik bete gabe duten helburuetako bat. "Argi dugu herritarrei eman behar diegula erabakitzeko aukera". Juradok azaldu du Nafarroako Gobernuan eta hainbat udaletan 2015eko hauteskundeen ondotik sortutako aldaketa giroak bultzatu zuela plataformaren sorrera. Lan egin nahi dute borroka "Nafarroa osora" zabaltzeko, eta auzia erakundeen agendetan jartzeko. Ari dira.

Sistemari eusteko indarkeria

Sistemari eusteko indarkeria

Edurne Elizondo

Desberdinkerian oinarritutako sistema orok behar du indarkeria dosi bat eutsi ahal izateko; zenbat eta aurrerago egin emakumeen eskubideek, orduan eta indarkeria handiagoa dago, bere burua defendatzen duelako sistemak". Horixe nabarmendu du Sare erakundeko buru Julia Munarrizek, elkarte horrek Creacion Positivarekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera egindako Indarkeria Matxistei eta GIBari Buruzko Jardunaldian. Laugarrenez antolatu dute, eta indarkeria instituzionalaren gaia jarri dute mahai gainean.

Blanca Fernandez Viguera soziologo eta ekintzaile feministak aurretik errandakoak dira Munarrizek bere solasaldiaren hasieran erabilitako hitz horiek; haien bidez, dagokion testuinguruan jarri nahi izan du indarkeria instituzionalaren gaia. Gehiago erran du: "Sistema patriarkalak indarrean jarraitzen du; jada ez du bertze garai bateko forma autoritarioa, baina paperean jasotako eskubideak ez dira gauzatzen. Patriarkatuak eta kapitalismoak, gainera, elkarri egiten diote mesede. Feminismoa behar dugu, denontzat gizarte bizigarriago bat lortzeko".

Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidente Esther Erizek parte hartu du NUPen egindako jardunaldian. Iaz, sexu indarkerien auziari buruz antolatutakoan aritzera deitu zuten, baina ezezkoa eman zuen. 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren inguruko epaiketa egin zuten, hain justu, garai hartan.

Egiturazko arazo bat

Iaz eta aurtengo jardunaldian aritu diren bertze adituetako bat da Montse Pineda. Iazkoan, hain zuzen ere, Iruñeko talde bortxaketaren epaiketari egin zion so, argi baitzuen Pinedak epaileen lana zein den: "Epaileen eta hedabideen erantzuna behar zuena izaten ari da: sistema patriarkalari eusten ari dira. Beren funtzioa betetzen ari dira", erran zuen.

Ideia hori da Munarrizek nabarmendutakoa, eta Pinedak ere eutsi egin dio aurtengo bere solasaldian: "Indarkeria instituzionalaz ari garenean, sistemaren egituran bertan dagoen indarkeriaz ari gara. Sistemak berezkoa du indarkeria hori. Sistema heteropatriarkalaz ari garenean, erakundeez ari gara, baina gero kosta egiten zaigu instituzio horiek ikustea eta identifikatzea", erran du Pinedak.

Instituzio horietako batetik aritu da Esther Erize NUPeko jardunaldian, Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidentea baita. Bere solasaldian legeak jasotako eskubideez eta laguntzez mintzatu da. Zehazki, gorroto delituari buruzko artikuluak aztertu ditu Erizek, eta agerian utzi du figura hori gaur egun ez direla erabiltzen ari sortu zuten kasuetarako. "Hainbat kolektibo kaltebera babesteko sortu zen, baina egiten den interpretazioa hagitz zabala da, eta, ondorioz, egun, sare sozialetan txisteak egiten dituztenen edo rap abeslarien aurka baliatzen dute", nabarmendu du auzitegiko kideak.

Erizek argi du gorroto delitutzat jo daitekeela indarkeria matxista, eta uste du figura hori indarkeria matxistari aurre egiteko dauden lege zehatzekin batera erabili beharko litzatekeela, jardunaldian agerian utzi duenez.

Pinedaren aburuz, ordea, "motz" gelditu da Esther Erizek NUPeko ekinaldian egindako analisia. Ikuspuntu kritikoagoa erakutsi du Creacion Positiva taldeko kideak erakundeen lanarekiko. Jardunaldiaren inaugurazioan parte hartu dute Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek, hain zuzen. Haien babesa eskertu du Pinedak; ez, ordea, ekinaldia hasteko hitzaldian parte hartu eta gero alde egin izana.

Legeak bete

Osasun Departamentuko kide Lazaro Elizaldek hartu du hitza jardunaldian gobernuaren izenean, eta nabarmendu du, batetik, 2017ko bukaeran erakunde arteko akordioa sinatu zutela, indarkeria matxistari aurre egiteko asmoz; eta, bertzetik, gobernuak ikerketa egin duela azken hilabeteotan eta laster mahai gainean jarriko dituztela emaitzak. Asmoa da osasun zerbitzuetatik indarkeria mota sotilak antzeman ahal izateko tresnak garatzea. Elizaldek erantsi du koordinazioa sustatzeko asmoz ekintza protokoloa prestatzen ari direla.

"Erakundeek protokoloak eta planak egiten dituzte legeak ez betetzeko. Duten helburua benetan beteko duten politika publikoak egiten badituzu, ez duzu planen edo protokoloen beharrik", erantzun du Pinedak. "Egiten dituzten politikak koherentziaz betearaztea da gakoa; horrela sortuko dira koordinazio sare eraginkorrak", erantsi du. Iruñean, hain zuzen ere, udalak antolatuta, indarkeria sexistei buruzko biltzarra egin zuten urrian, eta arlo juridikoan nabarmendutako arazoetako bat izan da koordinaziorik ezarena, indarkeria matxistaren auzian.

Legeak betetzeko eskatu du Pinedak. Eta, horrekin batera, legeak bete ahal izateko baliabideak. Errealitateak erakusten du ahalegin anitz paperean baino ez direla gelditzen, Pinedak salatu duenez. GIBa duten pertsonak artatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana jarri du adibide gisa; jasotzen dituzten diru laguntzen kopuruari egin dio so, zehazki: "Estatu osoan dauden gobernuz kanpoko erakundeek, denera, 1,4 milioi euro baino ez dute jasotzen; zenbatekoa da kopurua Nafarroan?", galdetu du. Sareko Julia Munarrizek erantzun dio: "300.000 eurora ez da ailegatzen".

Eguzki izpiak liburutegian

Eguzki izpiak liburutegian

Edurne Elizondo

Erakusketa bat, Nafarroaren eta Japoniaren arteko harremana ospatzeko. Maiela Zurutuzak Komorebi izenburupean egindako lanak hartu ditu Iruñeko Yamagutxi plazako liburutegiak. Hilabetea amaitu arte ikusi ahal izanen dira. Zurutuzak Josu Jimenez Maiaren haikuak oinarri hartuta osatu ditu bere obrak. Bisitari bereziak izan ditu azken egunotan, gainera, Japoniako Yamagutxi hiritik etorritako ordezkaritzako kideak izan baitira Iruñean.

Nafarroako hiriburua eta Yamagutxi duela hamabost urte senidetu ziren, eta Japoniako hiriko ordezkaritzako kideak adiskidetze akordioa berritzera etorri dira orain.

"Polita eta berezia da Japoniatik etorritako bisitariek erakusketa ikusi izana", erran du Maiela Zurutuza artistak. Gasteiztarra da, eta hiri horretan erakutsi zituen bere lanak lehendabizikoz, joan den otsailean, artista gazteentzako lehiaketa batera proiektua aurkeztu eta irabazi ondoren.

Komorebi hitza izan zuen Zurutuzaren proiektuak abiapuntu. "Interneten aurkitu nuen, eta bitxia iruditu zitzaidan", gogoratu du. Japonierazko hitz horrek zuhaitzen hostoen artean pasatzen den eguzki izpia izendatzeko balio du, hain zuzen ere.

Eta Zurutuzak horixe egin du bere erakusketaren bitartez: led argiak eta arroz papera baliatuz, Yamagutxiko liburutegi barrura eraman ditu artelan bilakatutako bere eguzki izpiak. Lau osatu ditu, denera, bat urtaro bakoitzeko. Piezak prestatzeko, Josu Jimenez Maiak idatzitako haikuak erabili ditu artista gazteak.

Euskarazko haikuak erabili nahi zituela erabaki eta gero, Josu Jimenez Maiaren Gerezi garaiko haikuak izenburuko liburuarekin egin zuen topo Zurutuzak. "Interesgarria iruditu zitzaidan, liburuko haikuak urtaroen arabera banatuta zeudelako", azaldu du artistak. Egindako pieza bakoitzean Jimenezen bost haiku jaso ditu.

Haiku tailerreko arduradun

Josu Jimenez Maiak "kontent" hartu zuen, hasieratik, Maiela Zurutuzak bere haikuak erabiltzeko proiektua. Nafar Ateneoko euskara eleduna da, eta erakunde horrek egiten duen haiku tailerreko arduraduna, hain zuzen ere. "Tailer irekia da; bost pertsona inguruk egiten dugu bat, eta gustura aritzen gara".

Iaz, Zurutuzak egin zuen bisita haiku tailerrera. Han ezagutu zuten elkar artistak eta idazleak. Jimenez Maiak bi liburutan jaso ditu bere haikuak. Lehendabizikoa duela zazpi urte plazaratu zuen, Maiatz argitaletxearen bidez. Lan horretakoak dira Zurutzak erabilitakoak. "Egindako egiturak erakutsi zizkidanean, txundituta gelditu nintzen!", erran du Jimenez Maiak.

Komorebi hitzaren eta Zurututzaren lanaren artean sortu den lotura nabarmendu du Jimenez Maiak. Idatziz jasotako haikuak artelan bateko parte bilakatu izana ere "pozgarritzat" jo du. Liburuaren bidea luzatzeko modu bat izan dela uste du idazleak. "Liburu asko argitaratzen dira, eta laster gelditzen dira bazter". Erakusketaren bidez, ordea, bidea egiten jarraitzen du lanak. "Literatura beste esparru batean jartzeko sormen lan bat da", erran du idazleak, Maiela Zurutuzaren obrei buruz.

Yamagutxitik etorritako ordezkariek gertutik ikusi ahal izan dituzte obra horiek. Zortzi pertsonak osatutako taldea etorri da, zehazki, Japoniatik. Tartean izan da Tsugumasa Muraoka, Yamagutxiko prefekturako gobernadorea. Yamagutxi parkea eta liburutegia bisitatu ez ezik, Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosekin ere bilera egin dute Japoniako ordezkariek. Nafarroako Parlamentuan ere izan dira, eta energia berriztagarrien inguruko hainbat proiektu ezagutu dituzte, gainera.

Maiela Zurutuzaren erakusketa hilabete bukaerara arte egonen da ikusgai Yamagutxiko liburutegian. Astelehenetik ostiralera izango da zabalik, 15:00etatik 21:00etara. Eguna hodei artean ernatzen bada ere, eguzki izpiak eraikin barruan izanen dira Konorebi erakusketako obren bidez. Ez edozein eguzki izpi, ordea: zuhaitzen hostoen artean pasatzen diren eguzki izpiak, zehazki. Komorebi.

Iritzia: Ordu aldaketa

Jon Barberena Ibarra
Urriko azken asteburuan ordua aldatzen da, eta ondorioz, jarraian datorren hilabeteari giroa belzten zaio. Erlojuaren orratzak atzerantz mugitzen ditugu eta haiekin batera atzean utzi ezin ditugun arrangurak enegarrenez ahoratu. Ud...