“Nekatuta sentitu naiz, baina ez egoerak gainezka eginda”

“Nekatuta sentitu naiz, baina ez egoerak gainezka eginda”

Edurne Elizondo

Pamplonesarekin abestu zuen Amaia Romerok (Iruñea, 1999), duela bi urte, Gaiarren. Joan den astean itzuli zen bere "etxetzat" duen oholtzara: bi kontzertu eman zituen, The Free Fall Band taldearekin batera. Iaz Espainiako Telebistako Operación Triunfo irabazi zuen, eta, egun batetik bertzera, ezagun bilakatu zen. Orain "lasai" dagoela erran du, egin nahi duen bidea zehazten.

Etxera itzuli zara. Kontent?

Bai. Niretzat, Gaiarre antzokian aritzea hagitz berezia da, ongi ezagutzen dudan toki bat delako. Duela bi urte, Gaiarren aritu nintzen, Pamplonesarekin. Txikitan anitz etortzen nintzen, operak eta antzezlanak ikustera, nire izebarekin. Maite dut antzoki hau. Etxean naiz Gaiarren, familia giroa dut hemen.

Diskoa prestatzen ari zara. Nolakoa izaten ari da prozesua?

Hagitz lan pertsonala izanen da. Ni gustura ari naiz, prozesuaz gozatzen. Ni ari naiz abestiak idazten. Pixka bat kostatzen ari zait, aurretik inoiz ez naizelako horrelakoetan serio aritu. Kanta bat idaztea edo disko bat osatzea ez dira gauza bera. Baina argi nuen dena nirea izatea nahi nuela. Kontent nago. Badakit jendeak itxaropen handia duela, baina ezin mundu guztiaren gustukoa izan. Badakit, halere, nik gustukoa izanen dudala, eta hori da garrantzitsuena.

Nahi duzuna egiten ari zara?

Bai. Askatasun handia eman didate, eta hagitz kontent nago. Oro har, Universal konpainiako kideek, Raul Refree produktoreak eta nik bat egiten dugu iritzietan eta gustuko ditugun edo ez ditugun gauzetan.

Noizko izanen duzu prest?

Oraindik ez dugu egunik. Ongi ari gara lanean, baina oraindik ezin dut egunik erran.

Jendeak anitz espero duela diozu. Egun batetik bertzera ezagun bilakatu zara. Egoerak gainezka egin dizula sentitu duzu?

Egia da garai batean toki batetik bertzera ibili nintzela, gelditu gabe. Erritmoa beldurgarria zen, eta nekatuta nengoen. Nire diskoa landu nahi nuen, baina ezin nuen. Batez ere, Eurovision jaialdiaren ingurukoengatik. Eromena izan zen. Nekatuta sentitu naiz, baina ez dut sentitu, halere, egoerak gainezka egin didanik. Pixka bat beldurtu nintzen, pentsatuz beti erritmo horretan ariko ginela. Ez genuen gelditzeko momentu bat ere, eta gehiegizkoa izan zen. Nekatuta nengoen. Baina ez nintzen, halere, gaizki sentitu. Orain lasaiago nago, eta nahi dudana egiteko denbora badut.

Saioan zinenean, feminismoaz eta bertzez aritu zineten; uste duzu artista batek izan behar duela konpromisoa gizarte gaiekin?

Bai, uste dut baietz. Halere, onartu behar dut zenbait gairi buruz hitz egiteak beldur pixka bat ematen didala, ez dudala uste behar bezalako formakuntza dudanik, oraindik ere. Feminismoari buruz, adibidez, ni feminista naiz, baina feminismoaz hitz egitean, argi dut oraindik ere informazio anitz jaso behar dudala, formakuntza behar dudala. Ez dut uste modu arin batean hitz egin behar dugunik gai horri buruz. Ni telebista saioan nintzenean, finean, lagun artean nintzen, eta lagun artean hitz egiten nuen. Ez nintzen konturatzen erraten nuenak izan zezakeen eraginaz. Errandakoez oroitzen naizenean, argi dut hanka sartu nuela behin baino gehiagotan. Orain, badakit jende askok entzuten duela nik erraten dudana, eta nire hitzek izan ditzaketen ondorioez beldur naiz. Argi izan nahi dut erraten dudana ongi errana dagoela, ez dudala huts egiten.

Telebista saioan hasi zinenetik, hedabideen arreta erakarri duzu; anitzetan, zure lanarekin zer ikustekorik ez duten gauzei buruz aritzen dira. Zaila da halako egoerak kudeatzea?

Telebista saio horretan 24 orduz egon gara kameren aurrean. Atera ginenean, neurri batean, normala iruditu zitzaidan hedabideen arreta erakartzea. Uste nuen, halere, egoera hori berehala normalizatu eginen zela; uste nuen hedabideen presioa arinduko zela, 24 orduz kameren aurrean egoteari uzten genioenean. Egia da hedabideen arretak ez duela behera egin, baina ez nau gehiegi arduratzen ere. Ez dut deus ezkutatzeko, bertze edozein pertsonaren gisakoa naiz. Kritikak jaso ditut, bai eta babesa ere. Beraz, ez dut arazo handirik izan.

24 orduz kameren aurrean egoteko urrats hori egin izanaz ez zara damutu, beraz?

Ez naiz damutzen, ez. Esperientzia bat izan da niretzat. Orain lasaiago nago, noski. Diskoa egiteko nire lana da orain nire lehentasuna. Baina zurrunbilorik handienaren garaian ere ez naiz inoiz gaizki sentitu. Orain Bartzelonan nago, eta pentsatzeko eta lan egiteko denbora gehiago dut, eta eskertzen dut.

Gauza anitz gertatu zaizu urte batean.

Azken urtean pentsatu, eta bost urte pasatu direla iruditzen zait! Gauza anitz izan dira, eta iruditzen zait oraindik ez dudala dena asimilatu, erabat. Nik, halere, abestu nahi nuen. Eta hori egiten ari naiz. Inoiz ez nuen pentsatu inguruan dauden gauzei buruz. Hasieran, hitz egitea ere kostatzen zitzaidan. Orain elkarrizketetan hobeki ari naizela uste dut. Jendea, gainera, hagitz atsegina da nirekin.

Herritarrek egindako zientzia

Herritarrek egindako zientzia

E. Elizondo

Mende laurdena bete zuenean egin zuen Gorosti zientzia elkarteak bere lehendabiziko ornitologia kongresua, Iruñean. Hamar urte joan dira geroztik, eta bigarrena antolatzea erabaki du taldeak. "Orain egin behar genuen, edo inoiz ez!", erran du Gorostiko ornitologia saileko arduradun Juan Ignacio Deanek. Hilaren 19tik 21era eginen dute, Iruñerriko Mankomunitateak Iruñeko Mendillorri auzoan duen ur biltegian. Herritarrek egindako zientziaz ariko dira, bertzeak bertze.

Gai horrek ederki islatzen du Gorostik azken hamarkadan egindako bidea, helburu hartu baitu, hegaztien inguruko informazioa jasotzeaz gain, informazio hori zabaltzea, partekatzea, eta erabilgarri bilakatzea ere. Zeregin horretan ezinbertzeko tresna bat izan dute lagun Gorostiko kideek azken urteotan: eBird plataforma. Haren bidez, hegaztiei behatzen dien herritar orok badu aukera jasotako datuak plataformako erabiltzaile guztiekin partekatzeko. "Informazio horren bidez, ezagutza dugu gure esku; garai ezberdinetako datuak alderatzeko aukera dugu, bai eta populazioen joera ezagutzekoa ere. Gisa horretako informazioa funtsezkoa da hegaztiak ezagutzeko eta zaindu ahal izateko erabakiak hartzeko".

Deanek gogoratu du Gorosti zientzia elkarteko kideek, hasieran, paperean argitaratzen zutela ornitologia urtekari bat. "Hamar urtez, ikusitako hegaztien inguruko 20.000 ohar jaso genituen argitalpen horietan; eBird plataformaren bidez, berriz, azken bi urte eta erdian 200.000 jaso ditugu; aldea nabarmena da", erran du Gorostiko kideak.

Argitu du paperean jasotako datu horiek guztiak plataforma digitalean daudela orain, denen eskura. "Gure datuekin eta gurekin bat egin duten ornitologoek jasotakoekin batera, ari gara plataforma hornitzen; ahalegin handirik egin gabe, aukera dugu informazio hagitz baliagarria jasotzeko", berretsi du Deanek. Jose Ardaiz biologoa ariko da kongresuan, zehazki, eBird plataformaren erabilerari buruz eta euskarri horren bidez lortutako informazioari buruz.

Zaletasunak, gora

Juan Ignacio Deanek argi du ornitologiarako zaletasunak gora egin duela Nafarroan azken urteotan. Gorostik egindako lanak ere badu errealitate horrekin zer ikustekorik, hamabost urtez egin baitu elkarteak ornitologia ikastaroa, zaletasun hori sustatzeko. "Talde txikiak osatzen dira, baina, pixkanaka-pixkanaka, urrats sendoak egiten ari gara".

Hegaztiei behatzeaz gain, ornitologia beren zaletasun bilakatu duten anitzek argazkigintzarekin uztartzen dute jarduera hori. "Ornitologiarekin lotutako argazkigintzak gora egin du, nabarmen", berretsi du Deanek. Nafarroan hegaztiei so egiteko eta argazkiak egiteko "hamaika toki aparta" badirela erantsi du. "Autokritika egin behar dugu, ez baitugu joerarik gurean dugunari duen balioa emateko. Nafarroan paisaia ezberdinak ditugu: kostaldetik gertuko eskualdeetan itsas hegaztiak sartzen dira; Pirinioak ditugu, haitzez eta arroilez betetako inguruak; hegoaldean, berriz, Bardea, han bizi diren estepako hegaztiekin. Paisaia horietan guztietan bizi diren hegazti guztiak bilakatu nahi ditugu protagonista, bai urriak direnak, bai eta erraz ikus ditzakegunak ere". Kongresuari buruzko informazioa Gorostiren webgunean dago, gorosti.org helbidean.

Memoria, paperean

Memoria, paperean

Edurne Elizondo

Iaz baino ezagunagoa da orain herrian Isidoro Fagoaga". Berako Udaleko zinegotzi Aitor Elexpuruk erran ditu hitzok, German Ereñak idatzitako tenor beratarrari buruzko biografiaren aurkezpenean. Isidoro Fagoaga, el tenor olvidado (Isidoro Fagoaga, tenor ahaztua) izena du lanak, eta Berako Udalak eta Nafarroako Gobernuak plazaratu dute. Liburuak iaz hasitako ekinaldi ziklo bat ixten du, nolabait. Fagoagaren obrak eta tenorrak egindako bidea ezagutarazi nahi izan dituzte ekinaldi horiek, herritar talde batek bultzatuta. Isidoro Fagoaga izena du Berako musika eskolak, baina izen horren atzean dagoen izana ezezaguna zen, orain arte, tenor eta idazle izandako gizon horren herrikide anitzentzat. Egoera hori aldatu nahi izan du beratar talde batek, Fagoagaren omenez egindakoekin.

Elexpuruk uste du helburua bete dutela, eta tenorrari buruzko erakusketa, hitzaldi zikloa eta omenaldia egin eta gero hurbilagokoa dutela beratarrek Fagoaga. Goi mailako abeslaria izan zen, Wagnerren operak kantatzen onenetakoa. Konpromiso sendokoa, gainera. Italian jo zuen goia tenor gisa, baina herri hori eta kantua utzi zituen Gernika bonbardatu zutela jakin eta gero. Erabat hunkitu zuen 1937ko apirilaren 26an gertatutakoak.

Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusi Dori Lopez Juriok bat egin du Berako zinegotziarekin, eta argi du Ereñaren lanak tenorraren ibilbidean sakontzeko aukera emanen diela irakurleei, gainera. Musika utzi eta gero Fagoagak bere lehen zaletasunari heldu ziola nabarmendu du Lopez Juriok: idazteari, alegia.

Ereñak ere paperean jaso du Fagoagaren memoria. Richard Wagnerren operen zale amorratua da Ereña, eta zaletasun horrek eraman zuen, 2000. urtean, Berara. Eibarkoa da Ereña, herri horretako txistu bandako kide. Ez da ikerlari profesionala, baina jakin-minak eraman du Fagoagaren arrastoaren bila, Eibartik Berara, eta Beratik Iruritara. "Fagoagak Wagnerren operak abesten zituen; goi mailako tenor dramatikoa izan zen; Italiako nagusia izan zen, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan".

Fagoaga beratarra zela bazekien Ereñak, baina deus gutxi gehiago. 2004. urtean, tenorraren hainbat senide aurkitu zituen Iruritan, eta haiengana jo zuen. Abeslariak utzitako hainbat kutxa aurkitu zituen han, eta, kutxa horien barruan, berriz, benetako altxor bat: gutunak, oholtza gainean erabilitako jantziak, argazkiak eta tenorraren bertze hamaika gauza.

Arrakasta eta mina

Materiala jasotzen hasi ahala, Fagoagaren biografia idazteko proiektua ere mamitzen hasi zen Ereñaren baitan. Duela bi urte, Beran sortutako Isidoro Fagoagaren Lagunak taldeko kideekin jarri zen harremanetan, eta haien arteko sinergien ondorio izan zen iaz Berako kultur etxean tenorrari eta haren garaiari buruz egindako erakusketa. Fagoagaren arrakasta islatu zuen erakusketa horrek, bai eta abeslari eta idazle beratarraren mina ere. Izan ere, Italia utzi eta gero, Donibane Lohizunen hartu zuen aterpe. Atxilo hartu, eta Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Hilabete bat egin zuen han, 1940. urtean.

Fagoagaren biografia osatu du Ereñak bere liburuan, eta oholtza gainera igo zen aldi guztiak zehaztu ditu, haien inguruko kritikekin batera; gainera, beratarrak idatzitako lanen zerrenda eman du Ereñak, bai eta tenor eta idazleari buruz idatzitakoena ere. Eibarko ikerlariak nabarmendu du gobernuak hartu duela Fagoagaren ondarearen gaineko ardura, eta pozgarritzat jo du hori. Azaldu du liburua osatzen hasi zenean garai hartako gobernuko eta Berako Udaleko arduradunek ez zutela interes handirik erakutsi Fagoagari behar bezalako aitortza egiteko. Orain, ordea, behar zuen babesa aurkitu du Ereñak administrazioan, eta ontzat jo du. "Adituen esku egon behar du". Ohartarazi du, halere, Fagoagaren inguruko ondareak "bizia" behar duela; ez dela nahikoa museo batean sartzea, alegia. Irakasteko eta ikasteko baliatu behar dela.

Gaur, Nafarroako Artxibo Nagusian izanen da German Ereña, 19:00etan, liburua aurkezten. "Han izanen dira Fagoagaren jantziak. Balio dezatela abeslariak utzitako gauzek haren inguruan sakontzen jarraitzeko", erran du egileak.

Hamaika hari jasota osatu du Ereñak Isidoro Fagoagaren mataza. Oraindik ere zer egin badela argi du idazleak, halere. Ideia bat jarri du mahai gainean: tenor beratarrari buruzko film bat osatzea. El tenor olvidado liburuan jaso ditu Ereñak Fagoagari buruz kontatu beharrekoak. Oraingoz, paperean gordeta dago tenorraren memoria.

Elkarlanari esker ari da sendotzen

Elkarlanari esker ari da sendotzen

Ane Eslava

Larunbatean, hainbat adituk Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharra eztabaidagai izan zuten Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean ikastaroan. Udako Euskal Unibertsitateak udazkenerako antolatutako lehenbiziko jarduera izan zen, eta ehun lagun inguru bildu zituen Iruñeko Kondestablearen jauregian. Hasteko, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak esan zuen Kontseiluak bide bakarra ikusten duela herritarren hizkuntza eskubideak aitortuak izan daitezen: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea. Horretarako, beharrezkotzat jo zuen euskararen lege "integral" bat ezartzea.

Kontseiluak ez ezik, beste hainbat adituk ere parte hartu zuten. Roldan Jimeno NUPeko Zuzenbidearen Historia irakasleak indarrean dagoen legearen iraganaz hitz egin zuen; Iñigo Urrutia Zuzenbide doktore eta EHUko irakasleak, berriz, euskararentzako esparru juridiko berri baten beharra izan zuen hizpide. Bestalde, Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariak Nafarroako zonifikazioari buruz hitz egin zuen. Azkenik, Koldo Colomo euskara teknikaria, Iulen Urbiola Baztango udal idazkaria, Ivan Gimenez kazetaria eta Iñigo Orella nekazari ingeniaria egungo legediaren gabeziaz mintzatu ziren. Horrez gainera, Alfons Estevek, Valentziako Unibertsitateko hizkuntza politikako zerbitzuburuak, valentzieraren legearen nondik norakoak azaldu zituen.

Jardunaldiaren balorazio "oso positiboa" egin dute UEUko kideek, Edurne Koch Nafarroako arduradunak adierazi duenez. "Ez genuen uste erantzuna hainbestekoa izango zenik". Adituen maila azpimarratu du: "Kopuruak garrantzia badu ere, adituen kalitateari eta aniztasunari erreparatu nahi diet". Hizlariez gain, uste du publikoan ere euskararen lege berri bat bultzatzeko "garrantzitsuak" izan daitezkeen pertsonak izan zirela: besteak beste, parlamentariak, toki erakundeetako euskara zerbitzuetako teknikariak, AEK-ko eta IKAko ordezkariak eta herri mugimenduko kideak. "Gure helburuak bete ziren, guztiz".

Jardunaldi horrekin estreinatu du UEUk ikasturtea. Aurten, programa oparoa eskainiko dute Iruñean: hamar ikastaro egingo dituzte. Horietako batzuk UEUk berak sortutakoak dira, edonori zuzendutako gai zabalak eskaintzen dituztenak. Horien artean daude Hizkera argia administrazio elektronikoaren garaian eta Emozioen kudeaketa eta manipulazioa. Beste batzuk, ordea, espezifikoagoak dira, hezkuntzarekin lotutakoak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departa- mentuarekin elkarlanean antolatzen baitituzte. Zortzi dira: Haur eta gazteen transexualitatea ulertzeko gakoak; Adimen Anizkunen teoria: begirada aldaketa; Psikomotrizitatea, mugimendu eta jolas librea; Itzulpengintzaren hasi-masiak irakasleentzat: hainbat baliabide eta gako; Bileren dinamizaziorako teknikak; Gradu bukaerako lana eta lan akademikoetan trebatzen; Aniztasuna landuz, LGTBIfobia gainditu eta Proiektu bidezko metodologiak. Azkena Internet bidez egingo dute; gainontzekoak, berriz, Iruñeko hainbat egoitzatan.

Ikastaroek oso harrera ona izan dutela adierazi du Kochek: "Espero genuena gainditu dute". Esan duenez, pedagogia berritzaileak lantzen dituztenek izan ohi dute eskaririk handiena. Aurten, kasurako, Proiektu bidezko metodologiak ikastaroan 180 lagunek eman dute izena, eta psikomotrizitateari lotutako ikastaroak ere "oso harrera ona" izan du. Bestalde, Haur eta gazteen transexualitatea ulertzeko gakoak izenekoak ere izen emate ugari izan ditu. "Argi dago beharra dagoela hori aztertzeko eta ulertzeko", Kochen hitzetan.

"Pozik gaude, gure helburua betetzen ari delako", adierazi du. UEUk Nafarroan duen helburua da euskarazko etengabeko prestakuntzan erreferente izatea. Izan ere, krisialdi garaian, Iruñeko egoitza itxita egon zen hainbat urtez. 2015ean, ordea, berriro irekitzea erabaki zuten, eta elkarlanaren aldeko apustua egin zuten. Hitzarmen "garrantzitsuak" lortu zituzten: NUPekin eta Hezkuntza arloko Unibertsitate atalarekin. "Horiekin lortu genuen jende askorengana hurbiltzea". Gainera, ikastaroak homologatu zituzten, eta, horri esker, ikasleek kredituak eta parte-hartze ziurtagiria eskuratu ditzakete.

Elkarlanaz gain, beste faktore batzuk lagungarriak izan dira UEUrentzat. Batetik, Nafarroako Gobernu aldaketa aipatu du Kochek: "Ateak ireki zizkiguten hasieratik, eta babes horrek bermea ematen digu gauzak ondo egiteko". Bestetik, euskaraz ikasi duen belaunaldia helduagoa izatea ere lagungarria izan da.

Lortu dute, beraz, UEU Iruñean sendotzea. Arduraduna pozik dago egindako ibilbidearekin: "Joan gara pixkanaka pausoak ematen, eta hazkundea izugarria izan da". Eskariak gora egiten jarraitzen duen bitartean eskaintza handitzen jarraituko dutela ziurtatu du. Aurrera begira, erreferente izaten jarraitzea da UEUren erronka nagusia.

Iritzia: Dena da adinarengatik

Saioa Alkaiza
Haritzek 23 urte dauzka, filologia titulu bat eta Bigarren Hezkuntzako Irakasle Masterra ateratzeko premia, gogorik ez duen arren eta adin horretako nerabeak gorroto baditu ere. Izan ere, ez da besterik lan munduan, eta irakasle bat beti ...

“Tradizioa eta bide berriak modu naturalean uztartu dira”

“Tradizioa eta bide berriak modu naturalean uztartu dira”

Edurne Elizondo

Sanferminekin lotzen dute anitzek Pamplonesa udal musika-banda, baina taldeak urte osoan egiten duela lan nabarmendu du Vicent Egea zuzendariak (Cocentaina, Herrialde Katalanak, 1961), datozen hilabeteotan Gaiarren eskainiko duen programazioaren aurkezpenean.

Kultura zinegotzi Maider Belokik erran du Pamplonesa dela Iruñeko Rolling Stones. Zer deritzozu?

Ez nuen horren berri, baina egia da bandako kideok erruz sumatzen dugula herritarren babesa eta maitasuna. Kontzertu guztietan erakusten digute hori, oholtza baten gainean gaudenean, bai eta hiriko bestetan karrikan jotzen dugunean ere. Uste dut lortu dugula, Rolling Stones taldeak bezala, jarraitzaile leial eta sutsuak izatea.

Rolling Stones baino zaharragoa da Pamplonesa. Datorren urtean ehun urte beteko ditu. Nola lortzen da eustea?

Taldeak bide sendo eta luzea egin du, baina bandako kideak gazteak dira. Lantalde oso gaztea dut, eta hori gauza ona da. Jendea gauzak egiteko gogoz dago. Erakundeak historia luzea du atzean, eta horrek ematen du sendotasun bat; aldi berean, jende gaztea aritzeak gauza berriak egiteko gogoa eta ilusioa ekartzen ditu. Gazte izateak, gainera, ez du erran nahi formakuntzarik ez dutenik. Jende prestatua dugu bandan.

Tradizioa eta bide berriak jorratzeko gogoa uztartzea izan da zuen sekretua?

Nik uste dut baietz. Tradizioa eta bide berriak, gainera, modu naturalean uztartu dira. Errespetu handia diogu orain arte egindako bideari, eta kalitatea bilatzen dugu beti, bai sanferminetan karrikan jotzen dugunean, bai eta antzoki batean obrarik konplexuena jotzen dugunean ere. Errespetu bera erakusten dugu beti, eta hori da gakoa. Musika garaikidea gure errepertorioko parte bat da.

Bestetan jotzen duen banda baino gehiago da Pamplonesa?

Hala da. Sanferminak bederatzi egun dira, eta bandak urte osoan egiten du lan. Onartu behar dut kosta egin zitzaidala herritarrei hori erakustea, sanferminetan jotzen duen banda baino anitzez ere gehiago garela erakustea, alegia, baina uste dut lortzen ari garela, ari garela jendea antzokietara erakartzen, eta jendea jabetzen ari dela egiten dugun guztiaz.

Konpositorea ere bazara. Ongi uztartzen dituzu bi arlo horiek?

Ekainean nik sortutako Don Perlimplín estreinatu genuen, eta datozen hilabeteotarako programazioan ere nik egindako lan bat aurkeztuko dugu, lehenengo aldiz. Niretzat, bi arlo horiek erabat osagarriak dira; zuzendari izateak hobeki idazten laguntzen dit, eta, alderantziz, sortzaile izateak zuzendariak egin behar duena hobeki ulertzen laguntzen dit. Aitortu behar dut, halere, nire benetako pasioa musika idaztea dela.

Bandarako musika joko duzue hilaren 21ean, Gaiarren. Lau konpositore nafarren lanak eskainiko dituzuela erran, eta zeure burua sartu duzu nafarren artean. Zenbat denbora daramazu hemen?

Nafarroan egon naiz denbora gehien, eta Nafarroan, gainera, musikaren arlo guztiak ukitu ditut: kontserbatorioa, Pamplonesa eta bertze hamaika erakunde; Iruñeko Taldeko konpositore izan naiz... hemengoa naiz, neurri handi batean. Harreman estua dut hemengo jendearekin.

Pamplonesan hogei urte baino gehiagoko bidea egin duzu jada. Ez zara nekatzen?

Iruñera 18 urterekin ailegatu nintzen. Pamplonesako zuzendari, berriz, 1996. urtean hasi nintzen. Beti dugu gauza berriak egiteko gogoa, eta horrek ematen dit aurrera egiteko indarra eta ilusioa.

Publiko berria erakartzea ere bada zuen erronka?

Musikaren esparruan ari garen erakunde guztion erronka da hori. Publiko berria bilatzen egon behar dugu beti. Iruditzen zait arlo horretan egon dela ardurarik eza, eta gurearen gisako taldeen kontzertuetan jende gazte gutxi egoten da. Hori arazo bat da. Horregatik uste dut garrantzitsua dela estilo ezberdinak lantzea, publiko ezberdinak erakartzeko.

Publikoa trebatu behar da?

Bai, funtsezkoa da. Hezkuntzaren esparruan erabat txertatu beharko lukete musika. Kontua da krisiaren aitzakiarekin hezkuntzaren esparruan egondako murrizketek min egin diotela arteari eta, bereziki, musikari. Bertzelako arerioak ere baditugu.

Zeintzuk?

Gaur egun entzuleen esku dauden teknologia eta gailu guztiak. Etxetik ez ateratzea ekartzen dute tresna horiek, eta musika etxean kontsumitu ahal izatea; hori gero eta errazagoa da. Horren ondorioz, noski, antzokietan jendea galtzen dugu. Ahalegina egin behar dugu musika ikuskizun gisa ez desagertzeko. Argi dago zuzeneko musikak teknologiak ematen ez duen zerbait baduela, baina jendea eroso dago etxean. Horren inguruan egin behar dugu lan.

Abendura bitarteko programa prest duzue. Zer eskainiko die Pamplonesak etxean gelditzeko tentazioa izan dezaketenei?

Batetik, nabarmentzekoa da zarzuela eta Gabonetako kontzertua eskainiko ditugula, ohi bezala. Tradizio bilakatu dira, eta publikoak eskatzen ditu. Bertzetik, John Williams konpositoreak zinemarako egindako piezak joko ditugu, eta parte hartuko dugu Musikagileak zikloan. Garrantzitsua da ziklo horretan aritzea guretzat, Euskal Herri mailako ekinaldia delako, eta oihartzun handiagoa izanen duelako. Berritzea da kontua, publiko berria erakartzea. Gure bidea egiten jarraitu behar dugu.

Lanaldia amaitu eta gero, etxera itzuli ahal izateko

Lanaldia amaitu eta gero, etxera itzuli ahal izateko

Edurne Elizondo

Ezin dugu onartu. Ezin dugu egoera hau normaltzat jo". LAB sindikatuko idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyok erran ditu hitzok, lan istripuei buruz. Urtea hasi zenetik, hamabost pertsona hil dira Nafarroan, sindikatuek salatu dutenez; haietako 11, gainera, udako hilabeteotan gertatutako ezbeharretan zendu dira. Egoera hori salatzeko, manifestaziora deitu dute, biharko, Iruñean.

Datu hotzen atzean, hamabost pertsonaren istorioak daude; hamabost langileren bizitzak, etxetik lanera atera, eta sekula itzuli ez direnak. Ataungo (Gipuzkoa) 26 urteko irakasle bat zen, adibidez, hilaren 13an Beran gertatutako lan istripuan hildako emakumea. Autoarekin izan zuen ezbeharra, lanera bidean. Donezteben ari zen irakasle, Mendaur institutuan. Herrian pisua hartzeko aukera aztertzen ari zen, bidaia luzea zuelako, egunero, etxetik lantokira. Berandu jakin zuen lana non egokitu zitzaion. Egun batetik bertzera mugitu behar izan zuen, behin-behineko ordezko kontratua duten irakasle anitzek bezala.

Abuztuaren 27ko istripuan, berriz, 58 urteko gizon bat hil zen, Atondon, etxe baten eraikuntza lanetan. "400 euroko subsidioa jasotzen zuen; egun baterako deitu zuten lanera; onartzeko premia zuen, bere diru sarrera urriak behartuta. Lanera joan, eta ez zen etxera itzuli, ordea", kontatu du Arroyok.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuak dira biharko manifestaziora deitu dutenak. Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko da protesta, 18:30ean. Sindikatuok alarma piztu nahi dute, argi dutelako egungo lan baldintzek lotura zuzena dutela gertatzen ari diren lan istripuekin.

Lan baldintzak gero eta kaskarragoak direla nabarmendu dute, eta agerian uzten dituztela enpleguaren arloko prekaritatea, behin-behinekotasuna, azpikontratak, eta prebentziorik eta kontrolik eza. Lan baldintza kaskar horien atzean "patronalaren ardura" dagoela erantsi dute, bai eta administrazioarena ere. "Lan istripuek eta istripu horietan hildako pertsonen kopuruak jarduera ekonomikoak baino nabarmen gehiago egin dute gora", salatu dute.

2011tik izan diren lan erreformek erraztu dute prekaritateak gora egitea. Horixe salatu dute Arroyok, bai eta ELAko lan osasunerako ordezkari Andoni Larraldek ere. "Estatistika ofizialek islatzen dute orain lan merkatuan sartzen diren gehienek lan baldintza kaskarretan egiten dutela, aldi baterako kontratuekin", erran du Larraldek. "Istripuen erdiak baino gehiago kontratuaren lehen bi hilabeteetan gertatzen dira, eta heren bat, berriz, azpikontratetan", erantsi du Arroyok. Biek nabarmendu dute formakuntzak egiten duela huts, anitzetan, baldintza horietan, eta segurtasunerako eta arriskuen prebentziorako bideratutako baliabideak urriak izaten ohi direla. "Argi dago istripu guztiak ezin direla saihestu, baina prekaritatearen eragina nabarmena da, eta arlo horretan har daitezke neurriak", erran du Arroyok.

Lan Osasunaren Institutuko datuen arabera, 2017. urtean 11 pertsona hil ziren herrialdean, lan istriputan. 2016n, bederatzi izan ziren, eta 2015ean, 11; 2014. urtean, berriz, hamabi hil ziren. Datu ofizialek, halere, ez dute beti sindikatuek esku artean dituztenekin bat egiten. 2016an, adibidez, hamahiru hildako zenbatu zituen Steilasek. "Estatistika ofizialetan, askotan, datuak falta dira; autonomoei buruzkoak, adibidez; zenbaitetan ez dira ez datu ofizialetan ez prentsan ez inon agertzen", erran du Steilas sindikatuko lan osasunerako arduradun Lourdes Cuestak.

Lan istripu eta gaixotasunen ingurukoak "ezkutatzen" direla gaineratu du Larraldek. "Lan istripuen ardura enpresena da. Askotan, enpresek mutualitateen laguntza jasotzen dute gertatutako istripuen berri ez emateko, edo izan dezaketen larritasuna arintzeko".

Enpresen jardueraren inguruko kontrolik ezak du egoera horrekin lotura zuzena, sindikatuek salatu dutenez. Enpresen gaineko ikuskaritzaren ardura Madrilek du; Nafarroak ez du arlo horretan eskumenik. Datuek agerian uzten dute ez dela behar adina baliabiderik. "Europako batez bestekotik urrun gaude Nafarroan; Europan, 7.300 langileko lan ikuskari bat dago; Nafarroan, berriz, 12.000 langileko ikuskari bat dugu. Egungo egoerak agerian uzten du ez dela nahikoa", azaldu du Larraldek.

Administrazioaren ardura

"Enpresariek araudia betetzen ez badute, administrazioari dagokio betearaztea; baina administrazioak ez du hori egiten; ez, behintzat, behar adina", gaineratu du Andoni Larraldek. Bat egin du Lourdes Cuestak: "Sindikatuok behin eta berriz erraten dugu lan osasunari duen garrantzia eman behar zaiola, baina gure hitzak airean gelditzen dira inork ez baditu jasotzen. Irakaskuntzaren esparruan, adibidez, segurtasunari eta osasunari buruz egiten diren batzarretan gertatzen dena ikusi bertzerik ez dago, egon behar duten administrazioko kide anitz ez baitira agertzen ere; administrazioak beste alde batera begiratzen du auzi honetan", erran du Steilaseko ordezkariak.

Larraldek ere salatu du administrazioaren jarrera. Onartu du Lan Osasunaren Institutuak egin duela ahalegin bat, azken urteotan, teknikariak kontratatzeko, eta enpresetara bisitak egiteko plangintza prestatzeko. Agerian utzi du, halere, teknikari horiek isunak jartzeko eskumenik ez dutela, eta, horren ondorioz, beren eragin ahalmena mugatua da. Nafarroako Gobernuak gehiago egin dezakeela uste du, halere, ELAko ordezkariak. Nabarmendu nahi izan du, batetik, politika publikoetara bideratutako aurrekontua "oso murritza" dela: "Nafarroako aurrekontuen %0,03; kopuru horren erdia diru laguntzetarako da, eta diru laguntzen erdia patronalaren esku gelditzen dira". Bertzetik, Larraldek salatu du lan istripuen auzia ez dela lehentasuna gobernuarentzat. Horren adibide aipatu du Lan Osasunaren Kontseiluaren azken bileran gertatu zena: hilaren 20an egin zuten bilera hori, eta ELAko eta LABeko ordezkariak mahaitik altxatu ziren, Lan Osasunaren Institutuak gai zerrenda aldatzeari uko egin ziolako eta ez zuelako aztertu nahi izan istripuen arazoa.

Nafarroako Hitza saiatu da erakunde horretako arduradunekin hitz egiten. Zehaztu dute, ordea, sindikatuekin lan istripuei buruzko bilera egin arte nahiago dutela adierazpenik ez egin. Urriaren 10ean egitekoa zuten bilera hori, baina 3ra aurreratu dutela ezagutarazi dute Lan Osasunaren Institutukoek.

"Patronalaren aliatua"

Lan Osasunaren Institutuak duen arduraz gain, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdiren erantzukizuna ere nabarmendu nahi izan du LABeko Igor Arroyok. "Batetik, Aierdi da Lan Osasunaren Institutuko azken arduraduna, eta uste dut lehendakariordeak ez duela sinisten tresna horrek izan dezakeen erabilgarritasunean; bertzetik, Aierdi izan da patronalaren aliatu nagusia, aldaketa instituzionala gertatu zenetik. Patronala oso eroso dago Aierdirekin, eta, oro har, gobernuarekin".

Joan den asteko Lan Osasunaren Kontseiluaren bilera aipatu du Arroyok ere, gobernuaren "ardurarik ezaren" adibide. Lan istripuen auziari eusteko gai zerrenda aldatu nahi ez izana salatu du, Larraldek bezala. "Gai bakarra zen estatuko prebentziorako funtsen ziurtapena; tramite huts bat UGT eta CCOO sindikatuek eta patronalak estatuan dituzten proiektuak finantzatzeko. Hori da lehentasuna", salatu du LABeko kideak.

Sindikatuek gizartea mobilizatu nahi dute lan istripuen aurka, herritarrek ere erakunde publikoei exijitzeko lehentasuna eman diezaiotela lan istripuen auziari. Datuek errealitate latz baten berri ematen dute. 2017an, adibidez, langileak gaixo-agiria hartzera behartu zituzten 8.904 lan istripu gertatu ziren herrialdean. 2016ko datuekin alderatuta, iaz %5,3 igo zen. Gaixo agiria hartzea ekarri ez zuten bertze 13.806 istripu gertatu ziren, gainera.

Lan gaixotasunen esparruan ere benetako datuak jakiteko eta egungo errealitatearen berri eman ahal izateko lan anitz egiteko badela erran du ELAko Andoni Larraldek. "Hainbat iturriren arabera, Europan lan istripuan hiltzen den langile bakoitzeko 35 hiltzen dira lan gaixotasun baten ondorioz", nabarmendu du. Erantsi du Nafarroan, azken bost urteotan, minbiziak jota hil diren zazpi langileren heriotza jasotzen dutela estatistika ofizialek. "Nabarmena da, hor ere, mutualitateek zer rol betet duten arazoari duen garrantzia kentzeko", gaineratu du Larraldek.

Lan gaixotasunak onartzeko eta estatistiketan jasotzeko dauden zailtasunak nabarmendu ditu Steilas sindikatuko Lourdes Cuestak ere, eta zailtasun horiek bereziki handiak direla gaixotasunak fisikoak ez direnean. "Urrats asko dago egiteko, oraindik ere", berretsi du.

Hori guztia jarri nahi dute sindikatuek mahai gainean biharko manifestazioaren bidez, eta gaur lantokietan eginen dituzten protesten bitartez. Argi dute urrats garrantzitsua litzatekeela Nafarroak eskumenak bere esku izatea. Lan baldintza duinak eskatu dituzte, kalitatezko enplegua sustatzeko. Prekaritatearen eta kontrolik ezaren aurka lan egiteko beharra berretsi dute, langileen bizitza dagoelako jokoan. "Merezi du baliabideak jartzea, gaia serio hartzea, eta neurriak hartzea". Lanaldia amaitu eta gero, etxera itzuli ahal izateko.

“Identitatea boterea baita”

“Identitatea boterea baita”

Edurne Elizondo

Duela 22 urte sinatu zituzten, Guatemalan, 36 urteko gatazka armatua amaitzeko bake akordioak. Testu haietan jaso zituzten, bertzeak bertze, herri indigenen identitateari eta eskubideei buruzko aldarrikapenak. "Baina ez dira gauzatu. Gure eskubideak hutsaren hurrengoa dira. Giza eskubideen urratzea eguneroko kontua da. Laugarrenez, Guatemalari berea kentzeko aro batean gara".

Guatemalako Mam Emakume Indigenen Elkarte Integraleko kide Eliza Orozco Perezenak dira hitzak. Iruñean erran ditu. Euskal Herrira etorri da, Mugarik Gabe elkartearen eskutik, bere herriko egoeraren berri emateko. GITE elkarteko kideen liburutegian izan zen joan den astean, eta, atzo, berriz, Zabaldin hartu zuen hitza. Orozco Perezek, batez ere, identitatea aldarrikatu nahi izan du, hori delako, haren ustez, aurrera egiteko giltza. "Identitatea boterea baita; nazio bat gara, maia-mam nazioa; bi milioi pertsonak osatutako nazioa da gurea; gure hizkuntza, gure janzteko modua, mundua ulertzeko gure modua ditugu, eta hori guztia da gure lurraldea", berretsi du.

Duela 500 urtekoa izan zen Guatemala bere ondasunez gabetzeko lehen aroa. "1821eko ustezko independentziak ekarri zuen bigarrena", azaldu du Orozco Perezek. Hirugarrenak 36 urteko gerra izan zuen protagonista; eta laugarrena da oraingoa. "Bake akordioen ondoko hogei urteotakoa".

Egun, Guatemalako eta bertze hainbat herritako lurrak garbitu nahi dituzten enpresa transnazionalen interesak dira nagusi. Gobernuek haiei egiten diete mesede. "Duela 500 urte kolonizatu gintuzten, eta kolonizatuta jarraitzen dugu; geure burua deskolonizatu behar dugu, lehenik eta behin".

Enpresa horiei aurre egin die Orozco Perezek, halako urratsak egiten dituztenak enpresa horien jomugan direla jakin arren. Lurraren defentsarekin konpromiso irmoa erakutsi duten ekintzaile anitz hil dituzte, meatzaritzarekin edo energia hidroelektrikoarekin lotutako proiektuen aurka egiteagatik.

Orozco Perezen herrian ere badakite zer den gisa horretako egitasmo baten aurka egitea. Zentral hidroelektrikoa eraiki nahi izan zuten han. Proiektuak berekin ekarri behar zuen herria hornitzen duten lau iturriak pribatizatzea, baina, herritarrek aurka egin, eta geldiaraztea lortu zuten.

Taldeak, kolektiboak duen indarra nabarmendu du Orozco Perezek. "Denon artean, atzera begiratzeko ahalegina egin behar dugu, ikusteko eta ikasteko nondik gatozen, ikusteko eta ikasteko nor garen. Horrela erabaki ahal izanen dugu nora joan nahi dugun, nor izan nahi dugun". Amona ekarri du gogora Guatemalako indigenak, eta haren eskutik atzera begiratu izanak ekarri dion aberastasuna jarri du mahai gainean. "Amonaren herentzia jaso dugu, eta eman digun baliorik garrantzitsuena erresistentziarena da; erabateko erresistentziarena", erran du, harrotasunez.

Egile eskubide kolektiboa

Erresistentzia, identitateari eutsi ahal izateko. Gaur egungo indigenek ere erronka hori dute esku artean. Beren jantzien inguruko adibidea aipatu du Orozco Perezek: "Gure jantzien diseinuak lapurtzen dizkigute enpresa handiek, gure herritik kanpo eramateko. Eta gai dira diseinu horiek jatorrizkotzat saltzeko. Jantzi horien diseinuen gainean, ordea, gure egile eskubide kolektiboa dago. Ni jantzi hau irakurtzeko gai naiz. Ez da jantzi soil bat. Nik irakurtzen ahal dut; hemen dago nire identitatea", erran du Guatemalako elkarteko kideak, soinean duen jantzia ukituz.

Kanpotik egiten dizkieten erasoei egin behar diete aurre maia-mam nazioko kideek; eta Guatemala barruan mamitzen direnei ere bai. "Herri indigenak bazter utzi ditu sistemak; boterearen asmoa da gu desagerraraztea". Asmo horiek hezkuntzan dute isla, bertzeak bertze. "Arlo horretan, indigenok ez gara existitzen".

Egoera horrek berekin ekarri du desorekek gora egitea. "Gero eta handiagoa da herriko aberastasuna beren esku dutenen eta deus ez dutenen arteko aldea". Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunek ere gora baino ez dute egin, Orozco Perezek nabarmendu duenez. Emakumeen aurkako indarkeria "hagitz arazo larria" dela azaldu du. Zehazki, sexu indarkerien auzia jarri du mahai gainean.

Orozco Perezek ez du zalantzarik emakumeek ahalduntzeko beharra dutela egungo egoerari aurre egin ahal izateko. Emakumeen boteretzea, hain zuzen, herri indigenen ahalduntzeko prozesuarekin lotuta ulertzen du Guatemalako ordezkariak. "Geure burua sendotu behar dugu, borrokaren bidean".

Indigenen aurkako politikek "barrutik hustu" dituztela salatu du Orozco Perezek. "Horregatik erraten dut, behin eta berriz, indigena izatea zer den ikasi behar dugula, atzera begiratuz, gure arbasoen herentzia gure eginez; bizipenak behar ditugu, barrua berriz ere betetzeko", gaineratu du. Orozco Perezek argi du nor den: maia-mam nazioko kidea.

AHTari ezetz esatera doaz

AHTari ezetz esatera doaz

Ane Eslava

Martxan dira abiadura handiko trenaren Nafarroako hegoaldeko zatia egiteko lanak, eta, bihar, martxa bat egingo dute obretara. AHTaren obrak gelditu orain. Trena bai, AHTrik ez! lelopean, Martzilla ondotik abiatuko da manifestazioa, eta lanen parean amaituko da; han, ekitaldia egingo dute. AHTaren aurka dauden 11 taldek antolatu dute egitasmoa; besteak beste, AHT Gelditu taldeak, Sustrai Erakuntza fundazioak eta Erdialdea Trenaren Alde elkarteak. Hainbat arrazoirengatik erabaki dute obretaraino joatea, Martin Zelaia Sustrai Erakuntza fundazioko kideak azaldu duen moduan: "Batetik, jendea informatu nahi dugu: herritarrek ikus dezatela nolakoak izaten ari diren lanak, zer eragin izango duten eremuan... Eta, bestetik, salaketa egin eta obrak geldi ditzatela eskatu nahi dugu". Azpimarratu du proiektuari aurre egiteko garai garrantzitsua dela.

Abuztuan hasi zituzten Azkoien eta Erriberri arteko zatia egiteko lanak. Hamar kilometroko luzera du tarte horrek, eta Adif enpresa publikoak Azvi enpresari esleitu dio, 30 milioi euroan. Horrez gain, Alesbes eta Azkoien arteko bost kilometroko tartea OHL enpresari esleitu dio, 55 milioi euroan, eta lehiaketara atera du Erriberri eta Tafalla artekoa.

Aurreikuspenen arabera, 2019ko hauteskundeen aurretik hasita egongo dira Castejon-Ezkirotz zatiaren %42,5 egiteko lanak. Tarte horretako bi zati baino ez daude lizitatu gabe: Tafalla-Campanas eta Campanas-Ezkirotz. AHTaren aurkako elkarteek salatu dute Azvi eta OHL enpresak PPren legez kanpoko finantzaketarekin lotuak daudela.

Ez dira gutxi AHTaren aurka egiteko arrazoiak, martxaren antolatzaileen ustez: alde batetik, trenbide berria eginez gero, herri batzuk zerbitzurik gabe geldituko dira, hala nola Altsasu, Tafalla eta Castejon. Izan ere, herri horietako geltokietatik pasatzen diren tren gehienak bide berritik pasatzen hasiko dira. Pili Berrio Erdialdea Trenaren Alde elkarteko kidea da, eta Tafallako geltokiak eskualdean duen garrantzia gogorarazi du: "Geltoki horretatik Alvia tren asko pasatzen dira, eta zerbitzu bikaina ematen dute. Lagun askok erabiltzen dugu geltokia; bizi-bizirik dago". Ohartarazi du landa eremuko herrientzat oso baliabide garrantzitsua dela eta trenbide berri batek "kalte ikaragarria" eragingo duela: "Bakartu egingo gaitu". Hori dela eta, erakundeei eskatu die hausnar dezatela, lanak geldi ditzatela eta egungo ibilbidean inberti dezatela.

Bestalde, AHTaren aurkakoek uste dute trenak ez duela bidaiari nahikorik izango. "Madril eta Bartzelona arteko abiadura handiko trenak eramaten ditu zortzi milioi bidaiari urtean, gutxi gorabehera. Europako Batasunak dio tren azkar batek bederatzi milioi bidaiari eraman behar dituela errentagarria izateko. Madril-Bartzelona trenak ezin badu minimoa bete, are gutxiago hemengo batek", adierazi du Zelaiak. "Bestalde, tren horiek ezin dute pisu handirik eraman; beraz, AHTak ezingo du salerosgai astunik garraiatu". Hori dela eta, "zentzugabekeriatzat" jo du proiektua.

Prozesuaren gardentasunik eza ere salatu dute. Berrio: "Beti esan digute egitasmoaren inguruko erabakietan parte hartuko genuela, eta, azkenean, ez da inolako gardentasunik egon. Orain herritarrek ez dakite eraikuntza horrek zer kalte eragingo duen herrietan".

AHTa egiteko arrazoiak, beraz, ekonomikoak eta politikoak dira, biharko martxaren antolatzaileen ustez; "eraikuntza enpresak aberastea eta alderdi politikoek bozak irabaztea". Horrekin lotuta, Nafarroako eta Espainiako Gobernuak AHTaren auzian hartzen ari diren jarrera kritikatu dute. Hain zuzen ere, Madrilgo gobernuaren kasuan, PP agintean zenean, Iñigo de la Serna Sustapen ministroak esan zuen bultzada emango ziela AHTaren Nafarroa hegoaldeko zatiko lanei. Asmoek bere horretan jarraitzen dute PSOEren gobernuarekin: Jose Luis Abalos egungo Sustapen ministroak adierazi du aurrez hartutako konpromisoak beteko dituela, eta hori egiten ari da. Nafarroako Gobernuari dagokionez, salatu dute lehen UPNk egiten zuena egiten ari dela. "Eta aldaketaren gobernu batek ezin du AHTa bultzatu".

Garai erabakigarria

"Oraingoa garai erabakigarria da AHTaren aurka egiteko". Hori uste dute biharko manifestazioaren deitzaileek. Zelaiak azaldu duenez, beste esperientzia batzuek erakutsi dute azpiegitura handien eraikuntza lanek aurrera egiten dutenean herritarrek borrokatzeari uzten diotela —Euskal Y-an, kasurako—. "Horregatik uste dugu orain dela momentua: orain mugitzen ez bagara, gero zailagoa izango da".