Iritzia: Beti izango dut begi bat zabalik

Lur Albizu Etxetxipia

Eta bihar beldurrik gabe esnatuko bagina? Hasi dira lagunak herrira heltzen. 11:30ean jarri diete hitzordua, baina urrunenetik datozenak dagoeneko iristen ari dira. 10:45 dira. Diziplina izanen da. Autoak herria betetzen hasi dira. Mila lagunetik gora espero dira. Ematen duenez, eguzkiak ez digu gaur atsedenik emanen, distiratsu dago. Jendearen irribarreak ere loratzen hasi dira: aspaldian ikusi gabeko lagunak, gaurko lagun gazteenak, joan diren hamarkadetako kide zaharrak, bidelagunak, kide berriak… Besarkadak nagusitu egin dira.

Ez geunden konforme, eta ez gaude ados. Urte asko pasatu dira. Hamarkadatako bizipenek ez dute geltokirik izan, beharbada; zurrunbiloak ez digu utzi lasai ibilbideari begiratzen; korrika egin beharrak ez digu utzi inon gelditzen; baina haria ez da sekula eten. Ahulago edo indartsuago ibili da garaian-garaian, baina ez da moztu. Gazte eta errebelde izateko hautua ezin izan zuten ebaki, soka ikusezinak hor egoten jarraitu zuen. Gaur ere bizirik dago.

Gazte eta errebelde. Orain belaunaldi desberdinetako kide asko plaza horretan daude, 30 gradutan. Beroa pasatuko dute egunez, baina ez zaie inporta. Iraganarekin elkartu dira gaurkoan. Baina ez bakarrik iraganarekin: hemendik aurrera soka eraman eta lekukoa pasatuko dutenekin elkartu dira. Orainarekin. Etorkizunarekin. Hiru geltokiek topo egin dute gaurkoan. Eta ez dago atzera bueltarik: bizi izandakoak ahaztu gabe, oraina eta etorkizuna eraikitzeko hautua egitera etorri dira gaurkoan. Etorkizunaren nostalgia izan nahi dute, ez besterik.

Behin hil ginen, baina itzuli gara; erre gintuen su berbera gara. Hasi da eguna are gehiago berotzen, orduak falta zaizkio eguzkiari su-etenen bat egiteko. Baina ez dira damutzen. Argi daukate zertara etorri diren, eta mezu garbi bat helarazi dute: azken lau hamarkadetan egin bezala, antolakuntzan sinesten dute, herri honek behar dituen bulkada berrietan.

Eta ez bakarrik proiektu bati atxikitzen direlako. Ez bakarrik iraultza egin nahi dutelako. Ez bakarrik herri bat askatasunerantz eraman nahi dutelako. Ez bakarrik konprometituak direlako. Ez bakarrik herri hau maite dutelako. Ez bakarrik sinesten dutelako.

Lepoan hartu, ta segi aurrera. Iraganetik ikasi, eta hau etorkizunean proiektatzeko ahalmena dutelako. Beren buruari zin egin diotelako honek ezin duela balio iraganari gorazarre egiteko, etorkizunari baizik. Euskal Herriak gaur behar dituelako, atzo eta bihar bezala. Baina bereziki gaur. Haiek egiten ez badute, nork eginen du? Gaur egiten ez badute, biharkoak huts eginen du.

Borrokan oroitzen zaitut. Non zaude? Non gaude? Ez gaitzaten bilakatu euretako bat derrigorrez jantzitako horiek. Hemen eta orain, bidean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Lehengoekin eta oraingoekin, gazte bulkada berriak osatuko dituzte, ahaztu gabe zein den azkeneko geltokia; bideko trenei muzin egin gabe, elkarrekin eginen dute bidea.

Herria mugarri. Martxan goaz, martxa gara.

“Isilarazi nahi gaituzte, baina kontrakoa baino ez dute lortu”

“Isilarazi nahi gaituzte, baina kontrakoa baino ez dute lortu”

Edurne Elizondo

2014ko martxoan jazo ziren Jorge Correa Boro (Madril, 1979) La Haine-ko kazetariaren aurkako epaiketa eragin duten gertaerak. Madrilen manifestazioa egin zuten egun hartan, astebete lehenago egondako duintasunaren martxen testuinguruan. Polizia oldartu zen. Kolpeak jaso zituen kazetariak. Urrian, ordea, bera epaituko dute. Sei urteko espetxe zigorra eskatzen dute.

Urriaren 3an duzu epaiketa. Oraingoan bai?

Nik uste dut baietz, oraingoan epaiketa izanen dela.

Zer gertatu zen apirilean?

Epaiketa hasi baino ordu eta erdi lehenago, polizietako batek fax bat igorri zuen auzitegira, gaixo zela errateko. Nik uste dut kontua izan zela auzia isilarazten saiatu zirela, baina ez zutela lortu. Horregatik ez zen Polizia agertu.

Zaila izan da zure auziaren berri zabaltzea?

Hasieratik gure helburua izan zen gertatzen ari zenaren berri zabaltzea, eta auzia isilarazteko saioak bertan behera uztea. Eta uste dut lortu dugula. Lortu dugula harresi mediatikoa gainditzea. Hedabide anitzek hitzik ere ez dute erran nire kontrako auziari buruz. Halere, informazioa zabaltzeko gai izan gara. Mesede egin didate, gainera, kazetarien sindikatuek eta Nafarroako Gobernuak berak nire auziaz egindako adierazpenek. Hori guztia kontuan hartuta, iruditzen zait poliziek atzera egin zutela.

Sei hilabete joan dira. Zer espero duzu orain?

Udako hilabeteetan dena mantsotzen da, eta auzia berriz ere mahai gainean jartzeko ahalegina egin behar izan dugu. Epaiketari buruz, betikoa berretsi baino ezin dut egin: egia gure alde dagoela, eta bideoek erakusten dutela guk dioguna dela gertatu zena. Noski, ezin gara lasai egon, bertze hainbat auzitan ere gertatu izan delako frogak alde izanda ere zigortu izana. Logroñoko CNTko kideei hori gertatu zaie, eta Altsasuko auzian ere bai: irudiek bertan behera uzten dute guardia zibilen bertsioa, baina, hala eta guztiz ere, zigortu dituzte. Beraz, lasai ezin naiz egon, irudiek nik erraten dudana erakusten duten arren. Nik hori berretsi baino ezin dut egin, halere. Poliziek gezurra erran dutela, eta nik ez niola inori eraso egin. Ez da samurra.

Lau urte eta erdi joan dira auzia hasi zenetik.

Luze joaten ari da. Espero dut epaiketa ez gelditzea bertan behera, berriz ere. Argi dut poliziek gezurra erranen dutela, bideoek errealitatea den bezalakoa erakutsiko duten arren. Baina poztuko naiz, behintzat, epaiketa egiten dutenean. Ongi nago, indartsu, baina gertatzen ari direnak kontuan hartuta, egia nire alde izan arren, ezin naiz lasai egon.

Kontent zara jasotako babesarekin?

Bai, babes handia sumatu dut. Badakit jende askorentzat nire auzia ezezaguna dela, oraindik ere, hedabide anitzek isilarazi dutelako. Baina hala eta guztiz ere, jende anitz agertu da nire alde, eta jende anitz atera da karrikara babesa agertzera. Hilaren 28an [gaur] elkarretaratzeak eginen dituzte Iruñean, Bilbon, Bartzelonan, Madrilen, Tarragonan... Kontent nago, elkartasuna eta babesa jaso dudalako.

Otsailean, urte eta erdiko zigorra ezarri zizun Espainiako Auzitegi Nazionalak, sare sozialetan zabaldutako mezuengatik. Nola eragin dizu?

Zigorra jaso, eta helegitea jarri nuen sententziaren aurka, Espainiako Azitegi Gorenean. Horren zain nago. Armiarma operazioaren bigarren fasean atxilotu ninduten ni. Adierazpen askatasunaren alde egin nuen atxilotu nindutenean, eta bide beretik jarraituko dut. Noski, ez naiz bakarra. Valtonyc abeslariak erbestera joan behar izan du, eta Pablo Hasel espetxean sartzeko zain dago. Zigorra murriztu diote hainbat hilabetez, eta saldu nahi izan dute zigor hori ia hutsean gelditu dela, baina ez da egia. Gainera, Haselen sententzia Espainiako Auzitegi Gorenaren erantzunaren zain dago. La Insurgencia kolektiboko kideak ez dira espetxean sartuko, berriki jakin dugunez. Halere, argi utzi behar da egun bakarreko zigorra ere badela bidegabea.

Kazetaritza kritikoaren kontra ari direla nabarmendu duzu.

Bai. Argi dago batzuen adierazpen askatasunaren aurka baino ez dutela egiten. Faxistei eta eskuin muturrekoei nahi dutena erraten uzten diete. Kazetaritza kritikoaren aurka ari direla zalantzarik ez dut. Ni ez naiz bakarra. Badira bertze hainbat kasu. Izquierda Diario-ko Veronica Landaren aurka egin dute, edo Ahotsa.info-koen aurka, euskal preso politikoen kolektiboa izen horrekin aipatzeagatik. Irrigarria da. Jende anitz hasi da egoeraz konturatzen, baina kontzientziatzeko lanean jarraitu behar dugu.

Egoeraren larritasunaz jabetzeko?

Bai, erasoek denoi egiten digute kalte. Nik, oraindik ere, eraso horien neurriko mobilizazio handi baten falta sumatzen dut, milaka ateratzea karrikara. Ez gara gai izan milaka pertsona kalera ateratzeko, errateko aski dela.

Zigorgabetasun sentsazioa areagotzen du horrek?

Zigorgabetasuna bada, eta handia, gainera. Egoera zaila da, eta horregatik atera behar dugu kalera. Ideologia askatasuna dago jokoan, eta salatu behar dugu. Isilarazi nahi gaituzte, baina nire kasuan kontrakoa baino ez dute lortu.

Bere bizitza ospatuz oroitu dute

Bere bizitza ospatuz oroitu dute

Edurne Elizondo

Historialaria, ekintzaile feminista, emakumeen liburutegiko arduraduna; familiako kide, laguna, lankidea. Bat, eta anitz, aldi berean. Ekainean zendu zen GITE Gizarte Ikerketarako Talde Eragileko kide Silvia Fernandez Viguera, eta asteon senideen eta lagunen azken agurra jaso du. Omenaldia egin zioten, astelehenean, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan; omenaldi bero eta sentitua historialari eta ekintzaileari; omenaldia familiako kide eta lagunari.

Lepo bete zuten gela agurtu nahi izan zuten herritarrek. Historialari, feminista eta GITEko emakumeen dokumentazio zentro eta liburutegiko sortzaile eta arduradun gisa egindako lana gogoratu eta nabarmendu zuten parte hartzaileek, batetik; familiako kide, lagun eta lankide gisa utzitako arrasto sakona, bertzetik. Arlo guztietan erakutsitako grina utzi zuten agerian, batez ere, eta, horregatik, bere bizitza ospatuz oroitu nahi izan zuten.

Ekainaren 27an hil zen Fernandez Viguera, gaixotasun batek eragindako ustekabeko arazoen ondorioz. 60 urte zituen. 1958. urtean sortu zen, Iruñean. "Hagitz Alde Zaharrekoa naiz. Bertan jaioa naiz. Badakizu non? Euskal Jain. Aitona pilotaria zen", kontatu zuen Fernandez Viguerak, 2011. urtean, BERRIA-n. "Frontoia bezala, erreferente bilakatu zen Silvia", erran zuen Ana Diez de Urek, asteleheneko omenaldiaren hasieran.

Aurkezle lanak egin zituen Diez de Urek. Ellas. Las mujeres en la Historia de Pamplona liburuko koordinatzaile izan zen, Fernandez Viguera, Paco Roda eta Sonia Pinillosekin batera. Lan horren hogeigarren urteurrena ospatu ahal izan zuen GITEko kideak, hil aurretik.

"Liburu hori da Silviak irakasle eta ikertzaile gisa egindako lanik garrantzitsuena". Horixe nabarmendu zuen Blanca Fernandez Viguera haren ahizpak, asteleheneko ekinaldian. Irati Berazak dantzatutako aurreskuarekin hasi zen omenaldia; Blanca Fernandez Viguera izan zen hitza hartzen lehendabizikoa. "Ahizpak utzi digun ondarea nabarmendu nahi dut; uste dut hori dela egiten ahal diogun omenaldirik onena", erran zuen. Solasaldiaren amaieran kosta egin zitzaion malkoei eustea. Ahizpari eskerrak eman zizkion, bizitzako bidean lagun izateagatik.

Silvia Fernandez Viguerak biologia ikasi nahi zuen, baina Historiaren aldeko apustua egin zuen, azkenean, "ikasketa politikoagoak" iruditu zitzaizkiolako. Mundua azaltzeko aukera emanen ziotela uste zuen. GITEren bitartez, hain zuzen ere, horixe egin zuen historialariak. Isilarazitako eta ezkutatutako emakumeen historia azalduz, mundua aldatzeko lan egin zuen. "Errebeldea eta apurtzailea" izan zela nabarmendu zuen Blanca Fernandez Viguerak.

GITE 1976. urtean sortu zen Iruñean. Silvia Fernandez Viguerak 1982. urtean egin zuen bat elkartearekin, Langaiak izeneko aldizkaria koordinatzeko. Teoria feministaren arloan urratsak egiteko sortu zuten argitalpen hori. Historialariak bere tokia aurkitu zuen GITEn, eta ez zuen taldea utzi. 35 urtez aritu zen han lanean. "Administrazio lanetan saiatu zen, tarte batez, gobernuan eta NUPen, baina GITEtik kanpoko saio horiek etxea elkartean zuela erakutsi zioten, argi eta garbi", gogoratu zuen Fernandez Vigueraren ahizpak.

Dokumentazio zentroa

Silvia Fernandez Viguerak GITEn egindako lanak fruitu anitz eman zituen, baina garrantzitsuenetako bat da, zalantzarik gabe, herritar guztien esku dagoen emakumeen dokumentazio zentro eta liburutegia. "Bitxi bat da", erran zuen Blanca Fernandez Viguerak, hunkituta. Silvia Fernandez Viguerak halaxe azaldu zuen zentroaren asmoa, 2011n: "Dokumentazio zentroa da gurea, emakumeon inguruan. Munduko hamaika txokotan badira emakumeak gurearen gisako zentroak osatzen eta kudeatzen. Feminismoaren historia jasotzea da kontua, pentsaera feminista herritarren eskura jartzea".

Silvia Fernandez Viguera erabat murgildu zen emakumeen dokumentazio zentroen arloan, eta gogo eta lan horrek Erdialdeko Amerikara eraman zuen. "Silviak ikerketa bat egin zuen, eta bere lana Erdialdeko Amerikako Emakumeen Dokumentazio Zentroen Sareko oinarri bilakatu zen", gogoratu zuen haren ahizpak.

Euskal Herriko eta inguruko emakumeen dokumentazio zentroekin ere harreman estua izan zuen Silvia Fernandez Viguerak. Sarea osatzen lagundu zuen. Bide horretan lagun izandako anitzek bideo baten bidez parte hartu nahi izan zuten asteleheneko omenaldian. Emakumeen hitzen zaindari izan zela nabarmendu zuten, eta, aldi berean, hitz horiek zabaltzen lagundu zuela.

Irudien bidez emakumeek kontatu dituzten istorioei ere bozgorailua eskaini zien Silvia Fernandez Viguerak, GITEk antolatutako Emakumea eta Zinema zikloaren bidez. "Hementxe, zinema areto honetan, hamaika emakumerekin egoteko eta ikasteko aukera izan dugu", erran zuen Blanca Fernandez Viguerak, omenaldian.

Gogoratu nahi izan zituen, gainera, ahizparekin batera egindako lanak eta bidaiak. 1995. urtean, adibidez, Pekinen izan ziren biak, bertze hainbat ekintzaile feministarekin batera, Emakumeen IV. Munduko Biltzarrean.

Nafarroako emakumeen egoerari buruz egindako ikerketak ere aipatu zituen Blanca Fernandez Viguerak. 1975etik 2003ra bitarteko epea jorratu zuten, zehazki. "Hiru liburu argitaratu genituen. Silviak emakumeen parte hartze sozial eta politikoa landu zuen, batez ere".

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere izan zuten bi ahizpek elkarrekin aritzeko aukera: NUPek martxan jarritako genero programako bultzatzaile izan ziren. Programa hori Gizarte Laneko masterreko modulu bilakatu zuten gero. "Silvia funtsezko pieza izan da unibertsitateak genero ikasketei eutsi ahal izateko. Elkarrekin egin genuen bide hori, eta biontzat izan zen opari bat genero ikasketa horiek unibertsitateko maila gorenera eraman izana", erran zuen.

GITEko feminismoen eskola, hamaika hitzaldi eta ikastaro, manifestazioak eta jardunaldiak... Silvia Fernandez Viguerak denetarik egin zuen. GITEn, Elena San Julian izan zuen lagun eta lankide, urte luzez. Emozioak hartuta, lankidearen "grina" nabarmendu zuen San Julianek, omenaldian. "Maistra izan zen. Anitz disfrutatu ditut elkarrekin egindako lanak eta denbora, eta anitz irakatsi dit. Silviarekin ikasi nuen dokumentazioak garrantzi handia duela emakumeen eskubideen alde lan egiteko".

Maistra izan zen Fernadez Viguera, bai eta konturatu gabe ere. Horixe nabarmendu zuen Alicia Pano Rodriguez ekintzaile feministak. "Duela hamabost urte inguru ezagutu nuen Silvia. Taberna batean ikusi nuen, lehendabiziko aldiz. Nik hogei eta gutxi nituen. Silvia tabernaren erdian ikusi nuen dantzan. Eta ni harritu egin nintzen, bitxia iruditu zitzaidan irudia. Silviak, jakin gabe, feminismoari buruzko sekulako lezioa eman zidan egun hartan".

Julia Munarriz Gomarak ere lagunaren irudirik alaiena ekarri nahi izan zuen gogora. "Halakoa zen; bizitzari zukua ateratzen zion. Besta eta bizitza gustuko zituen; dena egiten zuen pasioz".

Julia Munarriz Gomarak eta Silvia Fernandez Viguerak elkarrekin egin zituzten bidaia anitz. Bidaia horietako batean egindako irudia aukeratu zuten, astelehenean, zinema aretoko pantailan erakusteko. Itsasoa zuen historialariak atzean argazki horretan, eta itsasoaz aritu zen Fernandez Vigueraren iloba Haizea Garcia Fernandez ere, izebari kantatu zion bertsoan: "Itsasoari begiratzean, olatu bakoitzarekin, hemen gaudenon bihotz zati bat eraman duzu zurekin".

Malkoak eta irribarreak

Silvia Fernandez Viguera Nafarroako mugimendu feministako kide ezaguna izan da, eta asteleheneko omenaldian agerian gelditu zen haren heriotzak utzitako arrastoa. Emozioak hartu zituen hizlariak eta herritarrak, behin baino gehiagotan. Irri egiteko tarterik ere izan zen, halere. Irribarre egitekoa, behintzat, parte hartzaileek Silvia Fernandez Viguerarekin partekatutako esperientziak kontatu zituztenean. Fernandez Vigueraren bizitza gogoratu nahi izan baitzuten denek, haren heriotzaren orduan.

Nora Otxoa de Olza Garateak, Elena Santosek eta Sheila Tiradok dantza eginez gogoratu nahi izan zuten galdutako laguna, eta gelan bat egindakoen txaloak eragin zituzten, beren erritmoak baliatuz.

Ana Diez de Urerenak izan ziren ekinaldiko azken hitzak. Paco Rodak eta Patricia Oloriz Espinalek aurretik hartu zuten parte. Inork ez zuen lankide, lagun edo erreferente izandako historialaria gogoratzeko aukera galdu nahi izan. Diez de Ureri, halere, zaila egin zitzaion azken agurraren ordua: "Omenaldi osoan eutsi diot, eta orain...".

Omenaldiaren azken unean hitzak bazter gelditu ziren, eta topa eginez agurtu zuten parte hartzaile guztiek Silvia Fernandez Viguera. 2011n BERRIAn egindako elkarrizketan, "dena aldatu" nahi zutela erranez gogoratu zituen unibertsitateko garaiak. Asmo hori inoiz ez zuen bazter utzi historialariak, eta bere lanaren eta bizitzaren lelo bilakatu zuen. Batez ere, isilarazitako emakumeen egoera aldatzeko egin zuen lan, eta, egun, agerikoak dira lan horren emaitzak. Omenaldiaren bidez, dena aldatzeko lanean jarraituko dutela erran zioten lagunek.

Artea plazara, plazak artearentzat

Artea plazara, plazak artearentzat

Edurne Elizondo

Musikak hartu zuen larunbatean Iruñeko Gazteluko plaza. Vesarte kolektiboak kontzertu bat antolatu zuen hamargarren urteurrena ospatzeko. Ez zen ohiko emanaldia izan, halere; taldeko kideek beti aldarrikatu dute arteak probokatzailea izan behar duela, eta, duela hamar urte hasitako bidea ospatzeko, kontzertu berezia egin zuten asteburuan, hiriburuko Alde Zaharrean: hainbat taldetako musikariak eta hogei bateria jotzaile elkartu zituzten plazan. Batera aritu ziren, eta beren doinuak urteurren baten soinu banda bilakatu zituzten; baterien burrunba hamar urteko bidea aldarrikatzeko.

"Hasiera gogoratu nahi izan dugu, gure lehen urratsak", azaldu du Vesarteko kide Javier Orduñak; zehazki, kolektiboak bere bidea hasi zuenean antolatutako kontzertuak gogoratu nahi izan dituzte. Kontzertu horietako batean, Iruñerriko dozena bat talde elkartu zituzten, elkarren arteko bertsioak egiteko. "Beti izan dugu gustuko gauza berritzaileak egitea, erronkak markatzea".

2008tik, bultzatzaileek uste baino gehiago garatu da kolektiboa, eta, musikaren esparruaz gain, bertze hamaika diziplina ere ukitu dituzte. Vesartek sormenerako espazio bat kudeatzen du Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta doako ikastaroak antolatzen ditu, bertzeak bertze. Artea herritarren esku jartzea da kolektiboaren helburua, "gaur egun nagusi diren merkatuaren, kontsumoaren eta produkzioaren arauetatik at".

Helburu horiek oinarri hartuta, Vesarteko kideek argi zuten, hasieratik, hamargarren urteurrena ospatzeko kontzertua Gazteluko plazan egin behar zutela. "Espazio hori berreskuratu nahi izan dugu herritarrentzat. Gazteluko plaza enpresa pribatu anitzek erabiltzen dute beren produktuak saltzeko; sanferminetan ere hori gertatzen da. Gure asmoa da herritarren arteko dinamikak bultzatzea, eta horregatik nahi genuen plaza horretan egin".

"Bertzelako bideak eta alternatibak badirela erakutsi nahi dugu, eta uste dugu hamar urtez egin dugun bideak hori erakusten duela, hain zuzen ere", berretsi du Vesarteko kideak. Kolektiboak ez du inolako diru laguntzarik jasotzen, bultzatzaileek ez baitute inongo erakunderen menpe egon nahi."Argi dugu merkataritza gune batean erosi edo saltzen ahal den produktu bat baino anitzez ere gehiago izan nahi dugula. Ez dugu kontsumoaren edo produkzioaren araberako jarduera bat izan nahi. Bertzelako aberastasun bat eman nahi diogu hiriari, gizarte osoari", azaldu du Orduñak. Herritarrek egindako ekarpenak eta beren merchandising-a dituzte diru iturri nagusi.

Kolaboratzaile anitz

Zortzi pertsona inguruk osatutako lantaldea da Vesarte kolektiboaren motor. "Bertze hamaika laguntzaile eta kolaboratzaile ditugu. Gure ikastaroetan ikasle izandako anitz gelditu dira irakasle gisa aritzeko, adibidez", azaldu du Orduñak. Hasieran, Vesartek lauzpabost ikastaro zituen; orain, hogei baino gehiago eskaintzen dituzte.

Kolektiboak doan egiten ditu ikastaro horiek. Horrek ez du erran nahi, halere, Vesartek baldintza duinak eskatzen ez dituenik artearen esparruan ari direnentzat. "Gaur egungo gizarte neoliberalaren bidetik aldenduko den alternatiba bat sortu nahi dugu guk; hori da gure helburua, eta, hori lortzeko, altruismoaren bidetik egin behar dugu lan. Alternatibak sortzeko prozesuaren parte bat da hori".

"Herri arteak ez du zertan kalitate kaskarragokoa izan", erantsi du Orduñak. Horren adibide jarri du kolektiboak Nafarroako Parlamentuko presidente ohi Alberto Catalani egindako erretratua. Lan horrek hautsak harrotu zituen iazko apirilean. Vesartek egin zuen, Nafarroako Parlamentuari doan eskaintzeko eta ondorioz gastu publiko hori ez egiteko. "Iaz, erretratuaren zirriborroa egin genuen; lana amaitu dugu jada".

Vesarteko kideek larunbateko bestan erakutsi zuten koadroa, herritarrek ikus zezaten. Iruindarren iritzia eskatu zuten, gainera, erretratua parlamentura bidali edo ez erabakitzeko. Bozketa egin zuten, eta baiezkoak irabazi zuen, botoen %95arekin. Kolektiboak, ondorioz, erakunde horren esku jarriko du egindako artelana. "Ez badute nahi, hiriko hainbat tokitan erakutsiko dugu".

Etxe berriak prest dituzte

Etxe berriak prest dituzte

Edurne Elizondo

Gau saguzar ertainak zuhaitz zaharrak maite ditu bere etxe bilakatzeko. Ez edozein zuhaitz zahar, halere. Bereziki gustuko ditu hiri eta herrietako parkeetan daudenak. "Horrek ekarri du animalion populazioak behera egitea". Juan Tomas Alcalde biologoarenak dira hitzak. Azaldu du hiri eta herrietako parkeetako zuhaitz zaharrak moztu egiten dituztela, herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz; ondorioz, saguzarrak etxerik gabe gelditzen dira.

Etxerik gabe, ugalketarako eta negua pasatzeko aterperik gabe, hain zuzen ere, gau saguzar ertainak desagertu dira jada Iruñeko eta herrialdeko bertze hainbat herritako toki anitzetatik. Animaliok babesteko neurririk ez da hartu orain arte. Alcaldek erran du badela "mito eta aurreiritzi" anitz saguzarren inguruan. Biologoak aurre egiten die uste oker horiei bere lanaren bidez. Orain, Iruñeko Udala du lagun, hiriko gobernutik proiektu bat jarri baitute martxan gau saguzar ertainei ugaltzen laguntzeko: enbor hutsak baliatuz, animaliontzako kutxak jarri dituzte hiriko hainbat parketan, aterpe gisa balia ditzaten.

Zehazki, hamabi kutxa prestatu dituzte. Ez dira saguzarrentzat erabiltzen ohi diren kutxa beltzak. Gau saguzar ertainak zuhaitz zaharretako zuloak baliatzen ditu aterpe gisa; bertzeak bertze, okilek egindako zuloak. Ondorioz, bertze hainbat saguzar espeziek erabiltzen dituzten ohiko kutxek ez dute balio haientzat.

Aranzadi Lantegi Eskolako kideek egin dituzte kutxak. "Enborrak hustu dituzte, okilek egiten dituzten zuloen itxura emanez. Enbor horiek zuhaitzen adarretara lotu ditugu, saguzarrek erabil ditzaten", azaldu du Alcaldek.

Gainera, Iruñeko Udaleko Lorategien Zerbitzuko kideen laguntza izan dute zeregin horretan. "Adituok erabaki dugu kutxak zer parketan jarri, eta lorategietako langileek hautatu dituzte, gero, zuhaitzik aproposenak". Biologoak nabarmendu du "hagitz ona" izan dela udaleko arduradunen, langileen eta Aranzadiko kideen arteko elkarlana.

Babes gutxi

Arga eta Sadar ibaien ondoko parkeetan bizi dira, bertzeak bertze, Iruñeko gau saguzar ertainak. Gaztelugibelan ere baziren, baina handik desagertu dira jada. Arga ondoko paseoa egin zutenean, halaber, ibai horren bazterreko zuhaitz zahar anitz bota zituzten, eta, haiekin batera, saguzarrak desagertu ziren.

Alcaldek azaldu duenez, Frantzian edo Ingalaterran, adibidez, saguzarrok etxe dituzten zuhaitz zaharrak botatzen dituztenean, animalion aterpe diren adarrak babestu, eta zutik diren bertze zuhaitzetara lotzen dituzte, saguzarrek alde egin eta aterpea gal ez dezaten. "Hemen ez da horrelakorik egin. Atzetik goaz, baina, halere, lortu dugu saguzarren aldeko urratsak egitea azken urteotan".

Udalak martxan jarri berri duen proiektua aitzindaria da. "Ez dakigu aterpe gisa jarri dizkiegun enborrak gustuko izanen ote dituzten edo ez. Naturari egin diogu so, zuhaitz zaharrek ematen dietena aurki dezaten", azaldu du adituak. Gaineratu du hemendik bi urtera izanen dituztela proiektuaren emaitzei buruzko datu fidagarriak.

Kontua da gau saguzar ertainek udazkenean bilatzen dutela aterpe bilakatuko duten zuloa, eta negua barruan pasatzen dute. Udazkena gainean dela aintzat hartuta, Alcaldek ez du argi kutxak "garaiz" jarri ote dituzten. "Udaberrian jakinen dugu, zulotik ateratzen direnean. Kutxak hor direla jakinda, hurrengo urteko datuak adierazgarriagoak izanen dira, zalantzarik gabe", azaldu du.

Duela hogei urte hasi zen Alcalde gau saguzar ertainak ikertzen. Gogoratu du garai hartan gaixotasun batek jo zituela hiriko makalak, eta milaka moztu zituztela. Hala eta guztiz ere, penintsulako koloniarik handiena da Iruñekoa. Dinamika bitxia dute hiriburuko animaliok, urte osoan arrak baino ez direlako egoten. Emeak orain etorriko dira, udazkenean, alta garaian, eta martxora arte geldituko dira. Umatzera Europa erdialdeko herrietara itzuliko dira emeak.

Juan Tomas Alcalde aditu nagusietako bat da saguzarretan. Herritarrei erakutsi nahi die animaliok nolakoak diren. Duela astebete, Iruñeko Udalak antolatutako ekinaldi batean parte hartu zuen, eta parte hartzaileek hiriko karriketan izan zuten saguzarrak entzuteko aukera, adituek haien ultrasoinuak jasotzeko dituzten gailuen bidez. "Saguzarrak hobeki ezagutzea da kontua".

Iritzia: Buruila

Jon Barberena
Zentzuz jokatzearen ondorioz izenda dezakegu norbait zentzudun. Halere, ongi aztertuz gero, iduritzen zait zentzugabeko aferek uste baino leku gehiago hartzen dutela pertsona zentzudunon egunerokoan. Gizarteak definitutako araudiaren erem...

Bidea eman nahi diote ibaiari

Bidea eman nahi diote ibaiari

Edurne Elizondo

Arga ez dago kontent. Gutuna helarazi die ibaiak iruindarrei, Urbiziko kide Fito Jimenezen bitartez, eta, batetik, onartu du Santa Engraziako presa bere urek "nahita" bota zutela neguan, eta, bertzetik, Iruñeko Udalari eskatu dio ez dezala konpon. Arga ibaiaren aldarriak bere egin ditu Iruñean sortutako Arga Bizirik plataformak. Oztoporik gabeko ibaia nahi dute, hirian Argak bere tokia eta bidea har dezan.

"Europan ibaietako oztopoak kentzen ari dira, oztopo horiek gabe ibaiek aurretik zituzten dinamiketara itzultzeko aukera dutelako; espazio bizi bilakatzen direlako, berriz ere", azaldu du Arga Bizirik taldeko kide Daniel Garciak. Argak dituen oztopoetako bat, Santa Engraziako presa, alegia, ibaiak berak bota zuen behera, neurri batean, joan den neguan. Presaren erdian zulo bat eragin du uraren indarrak, eta, horren ondorioz, galdutako abiadura eta bizitasuna lortu ditu Argak, berriz ere. Arga Bizirik taldeko kideek argi dute presa dagoen bezala uztea dela ibaiak behar duena. Eta, esku hartuz gero, presa osorik botatzeko izan beharko lukeela.

Iruñeko Udalak, baina, bertzelako asmoak ditu. Iruñeko alkate Joseba Asironek erran du presa konponduko dutela, "behin-behinean". Asironek onartu du Argan egin beharrekoari buruz bi jarrera ezberdin eta argi daudela hirian: bat presa kentzearen aldekoa, oztopo artifiziala delako ibiarentzat, eta bertzea, berriz, presa behin betiko konpontzearen aldekoa, "hala behar delako hainbat jarduera egin ahal izateko". Alkateak erabaki du erdiko bidetik egitea aurrera: behin-behinean konponduko du, aurrerantzean auziari buruzko "eztabaida sakon bat" egin eta behin betiko erabakiak hartu ahal izateko.

Asironek aipatutako jardueren kontua da Santa Engraziako presaren inguruko auziko gakoetako bat, Arga Bizirik plataformako kideek nabarmendu nahi izan dutenez. Izan ere, presa konpondu behar dela defendatzen dutenen artean nagusi da Nafarroako Arraun Elkartearen ahotsa. Presarik gabe, taldea "desagertu" eginen dela erran du elkarteko buru Alberto Garaikoetxeak, arraunean aritzeko bertze tokirik ez luketelako. Presa konpontzeko eskatu diote taldeko arduradunek Iruñeko Udalari, eta 5.000 sinadura inguru aurkeztu dituzte, eskaera horren alde.

Arga Bizirik taldeko kideek "zilegizkotzat" jo dute arraun elkarteak bere jarduera garatzen jarraitu nahi izatea. Konponbidearekin, halere, ez dira ados. "Sektore zehatz baten interesak ezin ditugu ibaiak behar duenaren gainetik jarri", erran du Garciak.

Europak zehaztutako bidea

Arga Bizirik taldeak gogoratu ditu herrialdeko bertze hainbat presa kentzeko auzietan gertatutakoak. Beran, adibidez, San Martingo eta Endarlatsako presak kendu zituzten, 2016. urtean. Endarlatsakoaren kasuan, eztabaida piztu zuen proiektuak, arrantzaleek presari eutsi nahi ziotelako, izokinak harrapatzen jarraitu ahal izateko.

Europatik sustatutako Irekibai Life proiektuaren barruan kendu zituzten San Martingo eta Endarlatsako presak. Europan, hain zuzen ere, 2000. urtetik dago indarrean Uraren Zuzentaraua. Esparru horrek ekarri du herri anitzetan ibaiari ezarritako presak kentzea. Irekibai Life proiektuaren barruan aritu zen lanean Nafarroako Ingurumen Departamentuko Ur arloko teknikari Luis Sanz, eta Endarlatsakoa bota zutenean, argi eta garbi erran zuen oztopoak kentzeak "on" egiten ziola Bidasoa ibaiari.

Iritzi berekoak dira Arga Bizirik taldeko kideak, hain zuzen. Nabarmendu dute Nafarroako Gobernua Europako diru laguntzak jasotzen ari dela presak botatzeko, eta, ondorioz, Iruñeko Udalari eskatu diote gogoeta egin dezala Argakoa konpontzeko hartutako erabakiari buruz. Argi dute Argari "on" egin diola Santa Engraziako presan urak berak eragindako zuloak. Txostena osatu dute, hain zuzen ere, eta hainbat arlo jarri dituzte mahai gainean: paisaia, landaretza, fauna, zaborra eta uholdeak, bertzeak bertze.

Iruñeko Udaleko hainbat alderdirekin bilerak egin dituzte jada Arga Bizirik plataformako kideek, presa konpontzeko lanak geldiarazteko asmoz. Garciak gogoratu du, hain zuzen ere, Argan obrak egiteko Nafarroako Gobernuak txostena egin beharko lukeela, lehendabizi, eta Ebroko Ur Konfederazioak ere eman beharko lukeela baimena.

Joseba Asironek proposatutakoari buruz, Garciak erran du "logikoena" izanen litzatekeela Iruñeko alkateak bultzatu nahi duen eztabaida obrak hasi aurretik egitea. "Ez du zentzurik eztabaida egin aurretik diru publikoa gastatzeak", berretsi du plataformako kideak. Argaren gutuna kontuan hartzeko eskatu dio taldeak Asironi.

Gero eta atseginagoa

Gero eta atseginagoa

Edurne Elizondo

Helburuak betetzen ari gara". Horixe nabarmendu dute Iruñeko Udaleko arduradunek, hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planari buruz. Urtebete joan da plan hori martxan jarri zutenetik, eta hartutako neurrien emaitzekin "kontent" dira. Hedabideen aurrean agertu dira Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotzi Joxe Abaurrea eta Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako zinegotzi Itziar Gomez, Jesus Estanga udaltzainarekin batera. "Herritarrek izan behar dute protagonista", nabarmendu dute.

Abaurreak eta Gomezek hainbat datu jarri dute mahai gainean. Batetik, zirkulazioak behera egin duela. Zabalguneko karriketan, adibidez, %70-90 egin du behera autoen kopuruak, eta, Alde Zaharrean, berriz, %50. Aita Moret eta Jose Alonso karriketan hartutako neurriek izan dituzten ondorioak nabarmendu ditu udalak. Bi kale horietatik 10.000-14.000 auto pasatzen ziren, egunean, plana martxan jarri aurretik. Kopuruak %90 egin du behera Jose Alonso karrikan, eta %87, berriz, Aita Moret kalean.

Bertzalde, garraio publikoaren alde egin duten erabiltzaileen kopuruak gora egin duela azaldu du udalak. Batez beste, %4,5 egin du gora garraio publikoaren erabilerak, hain zuzen ere. Planaren bidez, oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari eman diete lehentasuna hiriko erdigunean. Billabesen geltoki gehiago jarri dituzte hor, eta horrek ekarri du herritarrek zerbitzua gehiago erabiltzea. Igoera are nabarmenago izan da asteburuetan: %9,5ekoa larunbatetan, eta %7,3koa igandeetan, alegia. Hilabeteko bonuen kopuruak ere egin du gora: 7.500 ziren plana martxan jarri baino lehen, eta, orain, berriz, 10.000.

Herritar anitzek autoa utzi eta bertzelako garraioen alde egin dutela nabarmendu dute udaleko kideek, eta erdigunean hartutako neurriek ez dutela ekarri zirkulazioak gora egitea eta pilaketak sortzea hiriko bertze eremuetan. Horixe utzi du agerian Udaltzaingoak egindako txostenak, hain zuzen ere. Txosten horren arabera, aparkaleku publikoen erabilerak ere gora egin du, erdigunea atseginago bilakatzeko plana indarrean sartu zenetik: 2018ko maiatzaren 1a bitarte, 20.810 erabiltzaile izan zituzten aparkaleku publikoek; 2017 osoan 20.317 izan ziren.

Urrian, bigarren fasea

Iruñeko Udalak hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planarekin aurrera jarraituko du, datozen hilabeteotan. Asmoa da urrian plan horren bigarren fasea martxan jartzea, bertzeak bertze, Navas de Tolosa karrikan eta Taconeran. Bi espazio horietan eginen dituzte bigarren faseko lanen %85, hain zuzen ere. Obrek ukituko dituzte ere Basotxoa eta Aita Moret karrika. Basotxoan, zehazki, jada oinezkoentzat irabazitako espazioa atontzea da helburua, karrika hori "erakargarriagoa eta funtzionalagoa" izan dadin. Oro har, bigarren faseko lanen asmoa da oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazioak hobetzea. Hasierako aurrekontua 1,2 milioi eurorena da.

Erdigunea atseginago bilakatzeko planeko bigarren faseko lanak ez dira martxan diren bakarrak, hiriburuan. Udan, Pio XII.a etorbideko obrak hasi ditu Iruñeko Udalak ere. Pio XII.a etorbideko proiektu horrek erdigunean egindako lanei eman nahi die segida, hain zuzen ere.

Etorbidea berrantolatzeko proiektua da jada martxan den hori. Asmoa da oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei ematea lehentasuna. Egun, autoak aparkatzeko bandaz gain, hiru bide ditu karrikak, norabide bakoitzeko. Xedea da aparkatzeko banda bizikletentzako bide bilakatzea; kanpoko bideak espazio malgu eta askotarikoak izanen lirateke, eta balioko lukete, adibidez, billabesen geltokiak eta edukiontziak jartzeko, bai eta zamalanetarako ere; gainerako bi bideak izanen dira zirkulaziorako bide, eta haietako batean garraio publikoak izanen du lehentasuna.

Gaur egun etorbidearen erdian dagoen espazio erdibitzaileari eutsi dio proiektuak. Bidegurutzeetan nola lan egin zehaztea izan da Mugikortasunerako Talde Teknikoko kideen kezketako bat. Asmoa da, batez ere, abiadura murriztea. Proiektuak biribilguneak baliatu nahi ditu, hain zuzen, zirkulazioa lasaitzeko. Zehazki, sei bidegurutzeri eraginen diete lanek. Oraingoak baino "trinkoagoak" izanen dira, eta oinezkoek eta txirrindulariek irabaziko dute espazioa, autoen aurrean. Txirrindularientzat "bide seguruak" eraiki nahi dituzte.

Etorbideko lanen berri eman zuenean, auzokideen kexa jaso zuen udalak. Plataforma ere osatu zuten, proiektuaren kontra. Bilerak eta informazio kanpainak eginen dituztela erran du udalak.