Tokiz kanpoko lur eta memoriak ostenduta

Tokiz kanpoko lur eta memoriak ostenduta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Amonak neba bat izan zuenik ere ez zekien Maru Mangadok, baina haren gorpuzkiekin egin du topo. Iruindarra da Mangado, eta Gernikara bidaia egin du asteon. Bitxia da bisitaren zioa: Gernikako hilerrian 1936ko gerran hilak "omentzeko" frankistek eraikitako kripta zabaldu eta haren osaba handiaren arrastoak jasotzea. Valentin Romeo Segues zuen izena, eta Mendabian (Nafarroa) jaio zen, 1916an. 20 urte zituen 1936ko uztailean armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zenean. Preso hartu, eta faxistekin borrokatzera behartu zuten Romeo. Desagertuta egon da ordutik.

Dokumentu, izen zerrenda eta aztarna ororen atzetik ibili ondoren, Gernikako kripta izan du azken geltokia Mangadok. Asteazkenean joan zen osaba zaharraren gorpuzkinak handik ateratzera, baina, azken ezustekoarekin egin du topo: hobia irekitzean bi pertsonaren gorpuzkinak azaldu dira zulo berean. DNA probak egiteko laginak hartu, eta emaitzak esku artean izan bezain pronto itzuliko da Mangado Gernikara berriz, Romeoren gorpuzkinak sorterrira eramatera.

1936ko gatazkak eta ondorengo diktadurak ezarritako isiltasun kate luzearen beste begi bat da Romeorena. Milaka kasuren arteko beste bat. 1936ko gatazkaren ondorioz, lurrak irentsi zituen 250 biztanletik bat, eta desagertutako ala hildako sendiaren mina irentsita igaro dute belaunaldi ugarik bizitza, harik eta hirugarren belaunaldia isiltasuna hautsi eta iraganarekiko hariak josten hasi den arte.

Isiltasunean arakatzen

Espero gabe, kasualitatez aurkitu zuen Mangadok amonaren neba, 1936ko gatazkarekin zerikusia zuen ikerketa bat egiten ari zela. "Nafarroako Lerin herriko errepresaliatuei buruzko informazioa biltzen ari nintzen, bertakoa baitut familia, eta herriko hainbati buruzko informazioa jaso nahi nuen. Bada, Juanjo Casanovak Iruñeko presondegian preso egon zirenekin osatutako zerrenda aurkitu nuen blog batean, eta aitaren aldeko amonaren abizenak ikusi nituen presoen izen-abizenen zerrendan: Romeo Segues".

Harriduraz begiratu zion izenari, ez baitzuen sekula Valentin izeneko senitartekorik ezagutu. "Oso arraroa egin zitzaidan, eta aitarengana jo nuen berehala. Esan zidan ezagun egiten zitzaiola gerran gazte hil zen osaba bati buruz zerbait entzun izana etxean". Besterik ez zion argitu aitak.

Angelita Mangado Romeorengana jo zuen ondoren, Valentin zenaren ilobarengana. "Nire izebarengana jo nuen. Oso nagusia da, baina izena aipatu nionean berehala hasi zen hizketan. Esan zidan baietz, bazekiela nor zen Valentin Romeo Segues. Gogoan duela bera txikia zela amak eta amonak janari poltsa prestatu eta Iruñeko espetxera eramaten ziotela, harik eta bidaietako batean Romeo bertatik atera zutela azaldu zuten arte". Hunkituta aritu zitzaion izeba. "Nagusia da, eta buruz ez dabil oso fin. Istorio honekin joan nintzaionean, negar besterik ez zuen egiten".

Bizkaiko frontera eraman zutela esan zioten sendiari. "Besterik ez zuten jakin". Azaldu duenez, bere aitonak ere egin zuen Romeo bilatzeko saiakera. "Aitonak kamioi bat zuen, eta, gatazka hasi zenean, konfiskatu eta faxistak laguntzera behartu zuten, gidari lanetan. Aukera izan zuenean, Bilbora joan zen, koinatuaren bila, baina esan zioten gerra frontean hil zela".

Sendiko kideek emandako informaziotik abiatuta hasi zen Romeoren aztarnen atzetik. "Artxibategietara jo nuen, ahalik eta datu gehien biltzeko asmoz". Horrela jakin zuen 1936ko altxamendu militarra gertatu eta egun gutxira atxilotu zutela amonaren neba, eta 1936ko uztailaren 22an Iruñeko presoen zerrendan ere azaltzen dela 1937ko urtarrilaren 27ra bitarte.

Bizkaiko frontera eraman zuten handik, Amerika 23 Erregimentuarekin borrokatzera. "1937ko maiatzaren 10ekoa da berari buruz dudan azken aztarna. Egun horretan, Bizkargiko borroketako batean hil zela jakin dut, 21 urte betetzear zituela. Romeoren aitari ordaintzen zioten pentsioagatik jakin dut noiz hil zen: Espainiako Estatuko 1940ko Aldizkari Ofizialeko argitalpenen bidez jaso dut informazioa".

Bizkargin hildakoak non hobiratu zituzten ikertzea izan zen hurrengo urratsa, eta Gernikako hilerrian aurkitu zuen osaba handiaren izena, kostata. "Gernikan, Valentin Romeo izenez agertu beharrean, Valentin Romero gisa azaltzen da, eta bilaketa lanak zaildu ditu horrek".

Ez den lekuan

Gernikako Erorien Monumentuan hilobiratuta dauden dozenaka herritarren artean dago Romeo duela 80 urtetik, "Espainiako aberriaren alde" eroritakoen artean. Areago, Iruñeko Erorien Monumentuko "erorien" izen-abizenen zerrendan ere aurkitu du Mangadok osaba zaharra. Ez zegokion toki batean egon da galduta, 1936ko gatazka piztu, faxistek atxilotu, preso hartu eta behartuta eraman baitzuten frontera ondoren, beren bandoaren alde borrokatzera. Preso hartu zuten berberek egin zuten beren martiri.

Ezagutzen ez zuen senide baten aztarnak berreskuratuko ditu Mangadok DNA frogen emaitzak jaso eta berehala, eta esaten du antzeko beste horrenbeste kasu egon daitezkeela Euskal Herrian. Osaba zaharraren hilobian aurkitu duten beste gorpuzkinaren kasua izan liteke.

Esku hutsik egin du asteon Bizkaitik Nafarroara bidaia. Datozen hilabeteetan itzuliko da, osaba zaharra jaso eta, behingoagatik, Mendabian lur emateko.

Komandoak hartu du lurra

Komandoak hartu du lurra

Edurne Elizondo

Bertze asalto bat egin du Borraja Komandoak; bertze lur puska bat hartu du beretzat; oraingoan, Beriainen. Bederatzigarrena izan da, eta, aurrekoek bezala, helburu garbia izan du: "Utzitako sail bat edertzea eta erabilgarri bilakatzea": Beriaingo bizilagunentzat baratze ekologikoa jarri du martxan Borraja komandantearen lantaldeak.

Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Produkzioaren Kontseiluak sortutako ekinaldia da Borraja Komandoa; nekazaritza ekologikoa bultzatzea du xede, hain zuzen ere. "Umorea erabili nahi izan dugu, nekazaritza ekologikoaren alde egiteko. Herritarrengana iristeko modu atsegin eta eraginkorra izan daitekeela uste dugu", azaldu du kontseiluko komunikazio arduradun Daniel Campanerok.

Osasun etxearen ondoko lur sail bat hartu du Borraja Komandoak, zehazki, Beriainen, herriko udalaren baimenarekin. Han egin dute bat nekazaritza ekologikoaren aldeko kontseiluko kideek, bai eta herriko hainbat bizilagunek ere. Haurrak dira gehienak, eta "ilusioz" ekin diote lanari. Aitzurrak eskuan hartu, eta hasi dira aurretik prestatutako lurraren gainean pinuen azala botatzen. Baratzeak hartuko duen espazioa zehaztu dute azal horiekin. Lan hori amaituta, hasi dira denak lurrean zuloak egiten, eta borrajak, porruak, letxugak eta bertzelakoak landatzen. Ureztatu eta gero, prest dute baratzea. Orain, zaintzea izanen da kontua.

"Guk baratzea jartzen dugu martxan; herritarren ardura da gero zaintzea eta hari eustea, nahi badute", azaldu du Campanerok. Borraja komandantearen lantaldea iaz jarri zen abian. Beriainera ailegatu baino lehen, Nafarroako bertze zortzi herritan egon dira komandoko kideak. "Utzitako espazio publikoak aukeratzen ditugu; herriotako udaletako arduradunekin hitz egiten dugu, eta ekinaldia antolatzen dugu".

Herriotako hainbatetan "espazio bizi" bilakatu dira Borraja Komandoak sortutako baratzeak. "Herritarrek zaintzea erabaki dute, eta, hainbat herritan, adibidez, lortutako produktuak erabiltzen dituzte toki horietako gizarte taldeak laguntzeko".

Cintruenigon eta Tuteran, adibidez, herritarren "konpromisoa" handia izan dela nabarmendu du Campanerok. "Herriko hainbat elkartek hartu dute baratzea zaintzeko ardura, eta produktua banatzen ari dira beharra dutenen artean. Ekinaldia, beraz, bere helburu soziala betetzen ari da", nabarmendu du.

Beriainera ailegatu baino lehen, Cintruenigon eta Iruñean izan zen Borraja Komandoa. Ekinaldiaren sustatzaileek herritarrak beren kabuz aritzera deitu dituzte, halere. "Utzitako espazioak baratze bilakatzea da kontua, bizia ematea". Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustuarekin batera, bertako produktuaren aldekoa ere bada Borraja Komandoko kideen lehentasuna. "Finean, xedea da nork berea ekoiztea; bertako produktu ekologikoa sustatzea".

Nekazaritza ekologikoak "etorkizun handia" duela uste du Daniel Campanerok. Nafarroan, halere, "bultzada sendoagoa" behar duela erran du. Hala eta guztiz ere, datuek erakusten dute "gora egiten" ari dela. "Hemen, eta mundu osoan. Nafarroan, iaz, nekazaritza ekologikoak %20 inguru egin zuen gora; produkzioak egin du gora, bai eta ekologikoaren aldeko apustua egiten duten nekazarien kopuruak ere".

Herritarren parte hartzea

Beriainen bizi da Cristina Garin, eta produktu ekologikoen alde egin du, zalantzarik gabe. Erriberriko ekinaldian ezagutu zuen Borraja Komandoa, eta herrian berehala bat egin du komandantearekin baratzea martxan jartzeko. "Gurasoek baratze ekologikoa dute Lizarran; badakit zer den".

Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua "ezinbertzekoa" dela uste du Garinek. "Batetik, osasunagatik, hainbertze pestizida dituzten produktuak ez kontsumitzeko; bertzetik, ingurumenarengatik; ama lurra erabat suntsitua dugu. Zaintzeko garaia dugu jada".

Garinekin batera, Beriaingo bertze hainbat herritar izan ziren Erriberriko ekinaldian. "Hemengo baratzea zainduko dutela zalantzarik ez dugu", erran du Campanerok. Horixe berretsi du Garinek ere. "Baratzea lantzeko ohitura handia dugu herrian", nabarmendu du.

Lana bukatuta, bere manifestua Beriaingo herritarren esku utzi du Borraja komandanteak: "Lur puska hau hartu dugu edertzeko eta erabilgarri bilakatzeko. Zaindu ezazue, eta jaso haren fruituak heltzen direnean; mundu hobe eta ekologiko baten alde, bat egin ezazue Borraja Komandoarekin".

“Moldatu behar da bizilekuen egokitasunaren dekretua”

“Moldatu behar da bizilekuen egokitasunaren dekretua”

Edurne Elizondo

Iruñe osoa ikus daiteke Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak Nafarroan duen egoitzatik. Bere bulegoan eta Ziudadelari so, hiriko arkitektura garaikidea nabarmendu du elkarteko Nafarroako presidente Patxi Txokarrok (Iruñea, 1954). Malgutasuna eskatu dio gobernuari etxeak berritzeko.

Zer helbururekin hartu duzu kargua?

Gure elkargoko zuzendaritza ez dugu aldi berean aldatzen osorik, pixkanaka egiten dugu zuzendaritza berritzeko prozesua, eta horrek nolabaiteko jarraitutasuna ematen dio lanari. Gure oraingo asmoa da, beraz, jada hasitako hainbat bidetan urrats sendoak egitea. Batetik, formakuntzari eman nahi diogu lehentasuna. Arkitektook, finean, egungo gizartera egokitu behar dugu. Bertzetik, nabarmendu nahi dugu arkitektoaren figurak duen garrantzia, kulturaren eta gizartearen ikuspuntutik. Balioa eman nahi diogu gure lanari.

Formakuntza aipatu duzu, eta gizartera egokitzeko beharra; klimaren aldaketaren egungo garaira egokitzekoa ere bai?

Adibidez. Anitz dugu errateko arlo horretan. Eraikin zaharrak berritzeko beharra dugu, bertzeak bertze. Jada eginda dauden etxebizitzen eraginkortasuna hobetu behar dugu, ahal den neurrian, energiaren kontsumoaren ikuspuntutik. Etxe berriek ere errealitate horretara egokitu behar dute.

Etxebizitzek izan behar dute eraginkor, baina baita hirigintzak ere, ezta?

Bai. Hirigintzak ere izan behar du eraginkorra. Herri aberats askotako plangintzak ekarri du hirigintza espantsiboa izatea. Hemen ez gara hain aberats izan, baina, halere, egin ditugu hagitz egokiak ez diren urbanizazioak ere, hirigunetik urrun. Ez dira egokiak, bertzeak bertze, toki horietara ailegatzeko behar diren azpiegiturengatik eta garraioengatik.

Gero eta gehiago hitz egiten da hirigintzari generoaren ikuspuntua txertatzeko beharraz. Egin dira urratsak arlo horretan?

Argi dago generoaren ikuspuntua hagitz garrantzitsua dela, batetik, hiriaren plangintzan, eta, bertzetik, urbanizazio lanetan. Espazio seguruak eraiki behar ditugu, ez bakarrik emakumeentzat, bai eta haurrentzat eta zaharrentzat ere, adibidez. Sortu behar ditugu espazio biziak. Etxebizitza hutsez osatutako espazioak hutsik egonen dira; dendak ere badaude, lortuko dugu jendea mugitzea, jendea karrikan egotea. Nik uste dut hori funtsezkoa dela. Sortu behar ditugu jendez beteko diren espazioak.

Zaharrentzako hirien inguruan, Nafarroako Gerontologia Elkarteko kideekin aritu zarete, bertzeak bertze. Populazioa zahartzen ari denez, zaharrentzat atseginak diren hiriak sortzea ere lehentasun bilakatuko da?

Nik uste dut arkitektook jabetu behar dugula behar zehatzak dituzten sektoreen errealitateaz; zaharrak izan daitezke, edo ezintasunen bat dutenak, adibidez. Errealitate horretaz jabetu, eta gure lanetan islatu behar dugu. Hiriko seinaleen tamaina, argiak eta gisakoak zaindu behar direla gero eta argiago dut, eta arlo horretan arkitektoek zer erran handia badute. Ari gara auzi horri buruzko gogoeta egiten jada.

Hirigintzaren esparruan administrazioarekin egin behar duzue lan. Nolakoa da zuen arteko harremana?

Plangintza administrazioak egiten du; gu gara, finean, administrazioak plangintza hori gauzatzeko duen tresna. Udal handietan zailtasun gehiago ditu arkitektoak, botere anitz daudelako hiriaren inguruan; herri txikietan lana errazagoa da, eta erabakietan eragiteko gaitasun handiagoa izaten du arkitektoak. Maria Urmeneta emaztea eta biok elkarrekin aritzen gara lanean, eta udal txiki anitz ditugu bezeroen artean. Lan atsegina da. Administrazioarekin, halere, baditugu gorabeherak arkitektook.

Zer arazo duzue?

Etxebizitza zerbitzuko arduradunekin badugu, bizilekuen egokitasunari buruzko dekretuarengatik. Baldintza zorrotz eta zurrunak ezartzen dituzte etxebizitzak berritzeko, adibidez. Horrek ekartzen du etxe horiek ezin konpontzea, eta, ondorioz, gure herrietako ondare arkitektonikoa galtzea, kasu anitzetan. Malgutasun handiagoarekin jokatu beharko lukete, halako egoerak gerta ez daitezen. Iruñeko Alde Zaharrean ere arazo bera dugu. Dekretua moldatu beharko lukete, etxeak berritzeko lanak errazteko.

Nasuvinsa elkarte publikoarekin ere eztabaida izan duzue berriki; arkitektoei buruz "irudi txarra" eman duela salatu duzue. Zer gertatu da?

Deialdi bati buruzko oharra plazaratu dute, erranez arkitekto gehienek ez zutela bete bizilekuen egokitasunari buruzko dekretuak erraten duena. Informazio okerra da, eta min egin digu. Nafarroan, gainera, nabarmena da arkitektoen maila. Anitz gara, eta hemengo eskola erabat errotua eta sendotua dago. Sumatzen da.

Hirian ere badu isla kalitate horrek?

Bai, eta gure lana da hirian eta Iruñerrian dugunaz ohartaraztea herritarrak. Lortu behar dugu jendeak bertze modu batera egitea so hiriari. Iruñea nekazaritza hiri bat izan da duela ez anitzera arte. XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako arkitektura burges gutxi dugu, baina arkitektura garaikide hagitz garrantzitsua badugu, balio handikoa. Iruñetik gertu, adibidez, zoragarria da Oteiza museoaren eraikina. Eraikinak eta hartzen duen obrak bat egiten dute, erabat.

Iritzia: ‘Manada’-koekin ametsetan

Tania Arriaga Azkarate

Epaile matxistek justizia matxistarekin zigortzen gaituzten bitartean, burua ez galtzeko, ez beldurtzeko, ez deprimitzeko, ihes ez egiteko eta amore ez emateko estrategia, lana, borroka eta ametsen mundua izanen ditugu bidelagun. Estrategia, gizarte bizigarria lehenbailehen izateko; lana, egunero eraiki eta sostengatu beharreko zeregina baitugu; borroka, sarri gure eskubideak tinko eta ozen aldarrikatzeko; eta ametsak, mina eragiten diguten horiei ordaina emateko. Ametsetan, erasotzaileen gorputzetan guri eragiten dizkiguten basakeriak eginen dizkiegu. Bidegabekeriak laster bukatzen ez badira, fantasia beldurgarriak gauzatuko direlakoan nago. Denbora kontua besterik ez da.

Ametsetan ere, irudimenak 2022ko sanferminak erakusten dizkit, eta dantzaz eta musikaz beteriko karrikek Mariarengana eraman naute. Gaztea da, 20 urtetara ez da iritsiko; zuri-gorriz jantzia dagoen arren, gainean laranja koloreko txalekoa darama. Iruñeko Udalak emakume gazte bat kontratatu du Labriteko hesiak eta komunak zaintzeko.

Maria aski aspertua dago. Kuadrillako batek, Whatsapp bidez, duela urte batzuk oso famatua izan zen La manada bortxatzaile taldeko erasotzaileak Iruñean ikusi dituztela idatzi dio, haserre. Jendea asaldatua dago. Nola ausartu ote dira berriz Iruñera etortzen, galdetzen diote euren buruari, Mariak urrutitik mutil talde bat komunera hurbiltzen ikusten duenean.

Argazkietako gizonek Labriteko komunetara joateko asmoa dutela ohartu da. Laster, La manada aurrez aurre izanen du. Halere, arnasa hartzearekin batera erraz ahaztuko ez duten oroigarria bururatu zaio. Hortaz, bortxatzaileak ailegatu aurretik, komunetako atea itxi eta xaboiaren ontzian eta baita komun-ontzietan ere zolen desinfektatzailea (sodio hidroxidoa) bota du, gogoz. Haiek iritsi orduko, Maria ezkutatu da.

Harrotuak ikusten ditu. Oihu eta barre artean, Iruñeko emakumeak iraindu eta hiltzeko lizentzia ere izan badutela garrasi egiten dute. Ez dira ohartzen haien azaletan jarri dutena ez dela soilik xaboia izan. Segituan, oihuka atera dira komunetik; begiak, eskuak, ipurdia eta zakila haragi bizitan dituzte. Baten batek pitilingorri deituko diela pentsatu du, irribarretsu, Mariak. Dena dela, langile gazteak erabaki du anbulantziari deitzea izanen dela hoberena.

Ziztu bizian, sendagileak iritsi dira; zaurituak furgonetetan sartu, eta ateak itxi dituzte. Zauriei serum fisiologikoa bota ordez, erreduren azala kentzea erabaki dute, berehala ohartu baitira zauritutakoak La manada-koak direla. Lana emeki egin ordez, gogor eta ankerkeriaz ari dira. Arreko biribilgunean botata utzi dituzte. Egunero inguru horretatik paseo ederra ematen duten emakume taldeek gizon ankerrak ikusi eta ezagutu egin dituzte. Perimenopausikoek mendiko martxa errazteko makilak daramatzate. Kolpeka hasi zaizkie, buruan, sabelean, potroetan... Gero eskuak zapaldu dizkiete, eta hatzak hautsi. Andreetako batek harri handi bat hartu du eskuetan, eta haiengana hurbildu da…

Silvia Fernandez hil da, GITEko kide eta mugimendu feministako ekintzailea

Silvia Fernandez hil da, GITEko kide eta mugimendu feministako ekintzailea

GITE elkarteko bultzatzaile eta kide Silvia Fernandez hil da. 60 urte zituen; gaixotasun batek eragindako ustekabeko arazoen ondorioz zendu da. Nafarroako mugimendu feministako ekintzaile ezaguna zen Fernandez. Historia ikasi zuen, eta GITEko liburutegian egin du lan urte luzez. Hamaika ikerketa lan egin zituen historiak ahaztutako emakumeen berri eman eta zabaltzeko. Bihar eginen diote azken agurra. Ondokoa Berria-ko Igandea gehigarriak Silvia...

Mezu misoginoaren kontra

Mezu misoginoaren kontra

Edurne Elizondo

Ezin dugu bertze alde batera begiratu; ezin dugu gertatzen ari dena ikusezin bilakatu". Noemi Solanas Solerrenak dira hitzak, Erriberako Luna Roja taldeko kidearenak. Eskualde horretako feministen artean alerta piztu du Cortesen hilaren 30ean eta uztailaren 1ean eginen duten Holika musika jaialdiak. Zehazki, Kidd Keo trap abeslariaren parte hartzeak eragin du feministen haserrea: salatu dute haren kanten hitzek emakumeen aurkako indarkeria bultzatzen dutela. "Mezu misoginoek hartzen badute Cortesen eginen duten jaialdiaren gisako espazio bat, gure betebeharra salatzea da. Denentzako seguruak diren espazioak eraiki nahi ditugu guk".

Ez da Kidd Keoren mezuak salatu dituzten lehen aldia. Urtarrilean, ViñaRock jaialdiko egitarautik kanpo utzi zuten antolatzaileek. Apirilean egin zuten, Villarobledon (Albacete, Espainia). Kidd Keo zen parte hartzaileetako bat, baina haren mezu matxistak eta misoginoak salatu zituzten hainbat emakume taldek, eta antolatzaileek kanpo uztea erabaki zuten.

Ez da berdin gertatu Nafarroan. Holika jaialdiko antolatzaileek berretsi dute Kidd Keo Cortesen izanen dela. Zehaztu dute, halere, ez dituela bere "kantarik polemikoenak" abestuko. "Bazter utziko ditugu gure jaialdiko filosofiarekin bat egiten ez duten balioak zabaltzen dituzten abestiak", erran dute. "Holika jaialdiaz hitz egitea da adierazpen askatasunaz hitz egitea; bai eta errespetuaz hitz egitea ere".

"Voy a follarme a esa puta, hacer famosa a la puta, voy a hacer que se lo crea, voy a meterla en la tumba". Esaldi hori eta gisakoak jasotzen dituzte Kidd Keoren abestiek. Adierazpen askatasuna aldarrikatu dute antolatzaileek. "Ez haiek bakarrik; ezkerretik ere jaso ditugu gisako erantzunak, adierazpen askatasuna nabarmendu duten erantzunak alegia", azaldu du Solanas Solerrek. Argi utzi du talde feministen asmoa ez dela zentsura bultzatzea, ezta adierazpen askatasuna murriztea ere. "Gure artean ere egin nahi dugu auzi horri buruzko gogoeta, eta aztertu non dauden adierazpen askatasunaren eta emakumeen aurkako indarkeria bultzatzen duten mezuen arteko mugak". Luna Roja taldeko kideak uste du jaialdiak mezu faxistak bultzatuko balitu bertzelakoa izanen zela sektore anitzen erantzuna. "Horrek erakusten du lan handia badela egiteko".

Lan hori, bertzeak bertze, erakunde publikoekin egin behar dela nabarmendu dute Erriberako feministek. Solanas Solerrek salatu du emakumeen aurkako indarkeriaren kontra hartzen dituzten konpromisoak hutsean gelditzen direla Corteskoaren gisako jaialdiak babesten dituztenean.

Izan ere, CIC Cortesko Hautagaitza Independenteak mozio bat aurkeztu zuen udalean, erakunde horrek herriko futbol zelaia utz ez zezan jaialdia egiteko. Espazio publiko bat da, udalarena, alegia. Mozioak ez zuen aurrera egin, ordea. PSNk babestu zuen, baina aurka agertu ziren agintea beren esku dutenak, UPN eta CET. "Prebentzio lana funtsezkoa da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko; Kidd Keoren abestietako mezuek normaltzat hartzen dute indarkeria hori, eta ezin dugu halakorik onartu, inondik inora. Ezin dugu onartu musika jaialdi batean halako mezuak natural entzutea", berretsi du Solanas Solerrek.

Erribera osoko hamaika emakume taldek egin dute Kidd Keoren parte hartzearen aurka. Iruñetik ere gogor salatu dute abeslaria. Bertzeak bertze, Zikutak taldeak zabaldu du sare sozialen bidez gertatzen ari denaren berri. "Hamaika talderen babesa jaso dugu; Martxoaren 8an sortutako sinergien bultzada aprobetxatu dugu bat egiteko. Nafarroa kanpotik ere hainbat taldek bat egin dute gurekin".

Gobernuaren erantzuna

Nafarroako Gobernuak ere hartu du hitza, Cortesko jaialdiaren inguruko eztabaida mahai gainean jarri eta gero. Maria Solana bozeramaileak herri horretako udalaren esku utzi du ardura, halere. "Erakunde horrek aztertu behar du gertatzen ari dena, eta dagokion erantzuna eman. Adierazpen askatasunak merezi duen errespetuaz harago, pedagogia ere kontuan hartu beharreko kontua da; errespetuaren kultura bultzatu behar dugu", erran du.

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok "sentsibilizazioa" lantzeko beharra nabarmendu du, eta bide horren alde egin du. "Sentsibilizazioa landu behar dugu, zentsura baino gehiago". Ollok udalari eskatu dio, halere, entzun ditzala Kidd Keoren kanten hitz matxistak salatzen ari direnen ahotsak: "Ahots horiek erraten ari dira kantek zabaltzen duten mezua ez dela egokia, eta gobernuak ezin onar dezakeen emakumeen kontrako indarkeria bultzatzen ari direla". Nafarroako Parlamentuak ere adierazpena onartu du, eta Cortesko Udalari eskatu dio ez babesteko jaialdia.

Noemi Solanas Solerrek ez du uste Cortesko Udalak atzera eginen duenik. "Badakigu emakumeen aurkako indarkeriaren auziarekin benetako konpromisorik ez duela UPNk; ezin dugu haiengandik deus espero". Halere, nabarmendu du "azken unera arte" jarraituko dutela presioa egiten. Sare sozialen bidez kanpaina egin dute, bertzeak bertze. "Antolatzaileek kontrako mezuak ezabatzen dituzte". Antolatzaileek eraso matxisten aurkako mezuak jarri dituzte beren sare sozialetan, hain zuzen. Jaialdian ere erasoen aurkako gune bat izanen dela erran dute. "Aurpegia zuritu bertzerik ez dute nahi", salatu du Solanas Solerrek.

Gaur, jardunaldia antolatu dute feministek, Cortesen. 18:00etan, Taska espazioan, indarkeria matxistari nola aurre egin aztertuko dute. "Prebentzioa, informazioa eta erantzuna jorratuko ditugu". 20:30ean, txupinazoa izanen da plazan; 20:45ean, berriz, kontzertua, DJ Ellerekin.

Hamaikakoa, partidarako prest

Hamaikakoa, partidarako prest

Kattalin Barber

Beste urrats bat egin du Euskaraldiak: Nafarroan erreferente diren hamaika enbaxadore aurkeztu ditu, herritarren artean egitasmoa sustatzeko. Euskaraldiko hurrengo mugarria, norbanakoen izen-ematea, alegia, udazkenean izango da.

11 egun ditu Euskaraldiak, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte, eta xede du hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera hazten laguntzea. 11 egun, eta 11 enbaxadore, gainera. Euskara aktibatzea hartu dute helburu.

Hamaika esparrutako euskaltzale "aktibo eta erreferentzialak" bildu dituzte: Oier Sanjurjo, futbolaria; Julian Iantzi, aurkezlea; Edorta Salvador, okina eta sukaldaria; Zuriñe Hidalgo, abeslaria eta aurkezlea; Nerea Egozkue, modeloa; Nerea Fillat, Katakrak-eko kidea; Mikele Grande, Uharteko gaztea; Mikel Idoate, enpresaria; Pello Yaben, enpresari aholkularia; Juan Kruz Lakasta, kazetaria; eta Saioa Jaurena, errugbi jokalaria. "Haiek osatzen dute hamaikakoa, eta horren funtzioa dinamikaren erreferentzia izatea da", azaldu du Oskar Zapatak, Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren Nafarroako koordinatzaileak.

Urte erdi falta da 11 eguneko erronka martxan jartzeko, eta jada 90 udalerrik eman dute izena parte hartzeko. Batzordeak sortu dira herri horietan, Euskaraldia prestatzeko: euskalgintzako eragileek eta erakundeek bat egin dute. "Mugimendu polita sortu da herrietan, eta Nafarroan 35 batzorde eratu dira; uste baino gehiago lortu dugu". Euskal Herri osoko erakundeak eta euskalgintzako eragileak ari dira elkarrekin. Batzordeak arduratuko dira herri bakoitzean Euskaraldiari gorputza emateaz. Horretarako, euskaraldian parte hartzeko bi rol zehaztu dituzte: ahobizi eta belarriprest. Ahobiziek euskaraz egingo diote ulertzen duenari. Belarriprestak izanen dira, berriz, euskaraz entzuteko prest daudenak; horrela, dakienari hitz egiteko gonbita egingo diote.

Nafarroan, prestaketa lanetan buru-belarri dabiltza. "Izugarrizko ekinaldi polita mamitzen ari gara", esan du Nafarroako koordinatzaileak. Ziur da urrats kualitatibo eta kuantitatibo handia izanen dela, eta hausnarketarako parada emanen duela 11 eguneko egitasmoak. "Gogoeta ekarriko du".

Kantua, uztailean

Euskaraldiko kantua aurkeztuko dute uztailean, eta ekinaldiaren hurrengo mugarria, norbanakoen izen-ematea, irailaren 20tik aurrera izanen da. "Euskaraldia ariketa soziala da, ez da kanpaina bat", argitu du. Hizkuntza ohiturak astindu, euskara uste baino gehiagotan erabil daitekeela erakutsi, eta erabilera areagotu nahi duelako Euskaraldiak.

“Lanak sendotu du LGTBI kolektiboaren aldeko diskurtsoa”

“Lanak sendotu du LGTBI kolektiboaren aldeko diskurtsoa”

Edurne Elizondo

Borroka eguna dela nabarmendu du Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotzi Laura Berrok (Iruñea, 1986), kolektibo horren nazioarteko egunari buruz. LGTBI mugimenduak egindako bultzada "funtsezkotzat" jo du Aranzadiko kideak, udal politikak martxan jartzeko.

LGTBI Kolektiboaren Nazioarteko Eguna da ostegunekoa. Hobera egin du egoerak?

2015. urtean udalera ailegatu ginenean, ez zegoen LGTBI politika publikorik. Ez zegoen deus. Hainbat adierazpen instituzional onartu ziren, LGTBI kolektiboa osatzen duten pertsonen eskubideak aldarrikatuz, batez ere, herri mugimenduari eta oposizioko taldeei esker. Baina bertzerik ez. Udalak, erakunde publiko gisa, ez zuen deus egin. Beraz, urteotan egon den aldaketa erabatekoa izan da.

Lan horrek ekarri du, bertzeak bertze, Harrotu izeneko bulegoa martxan jartzea, LGTBI kolektiboa artatzeko.

Hilaren amaieran, urtebete eginen du zerbitzuak. Bertze hamaika ekinaldi jarri ditugu martxan, batetik, sentsibilizatzeko, eta, bertzetik, oraindik ere gertatzen diren eraso LGTBIfobikoak salatzeko, indarkeria mota hori hutsean uzteko asmoz. Udal barruan ere ari gara lanean.

Zer-nolako lana ari zarete egiten?

Kanpora begira jorratu nahi dugun sentsibilizazio lan hori egin nahi dugu etxe barruan ere. Bertzeak bertze, hori egin nahi dugu udaleko teknikariak trebatuz. Argi dugu pertsonak jarri behar ditugula politiken erdigunean. Berdintasunari buruz ari garenean, beti erraten dugu lan horrek transbertsala izan behar duela. Uste dugu LGBTI kolektiboaren arloarekin gauza bera egin behar dugula, politika publiko guztiek txerta dezaten ikuspegi hori. Bertzela, arriskua dugu politika publiko neutroak sortzeko, eta, haien bidez, ezberdintasunei eusteko; emaitza are okerragoa izan daiteke, eta politika horiek ekartzea egoerak okerrera egitea. Horregatik, garrantzitsua da denok trebatzea. Politikariok ere bai.

Diagnostikoa egiteko asmoa ere agertu duzue. Zer helbururekin?

Hiriko egoera zehatza ezagutu nahi dugu. Horregatik egin nahi dugu diagnostikoa. Martxan da prozesua, eta udazkenerako prest izatea espero dugu. LGTBI kolektiboaren berri jaso nahi dugu, eta, horrekin batera, populazioak, oro har, LGTBI kolektiboari buruz duen pertzepzioa aztertu. Horrek aukera emanen digu gure politikak gehiago zehazteko, eta eraginkorrago izateko. Asmoa da, diagnostikoa oinarri hartuta, LGTBI politikei buruzko plan estrategiko bat osatzea. Gainera, eraso LGTBIfobikoen behatokia egin nahi dugu. Udalak argi utzi nahi du LGTBI kolektiboa hiriko aniztasunaren parte dela, eta aberastu egiten duela.

Azken hilabeteotan hainbat eraso homofobo salatu dituzte, bertzeak bertze, Sanduzelaiko bestetan. Zer egin dezake udalak horren aurrean?

Kontuan izan behar dugu zer-nolako testuinguruan bizi garen. Gizarte matxista eta heteropatriarkal batean bizi gara. Arazoa erroan dago, beraz. Horri erantsi behar diogu errealitate hori aldatzeko erakundeen konpromisorik ez dagoela, oro har, ez dela aniztasuna balio erantsi gisa hartzeko borondaterik. Urratsak egin dira LGTBI kolektiboa osatzen duten pertsonen eskubideak onartzeko eta aitortzeko; hori egia da. Ni anitz kezkatzen nau, halere, politikoki zuzena den baina edukiz hutsik dagoen diskurtsoak. Politikarien eta herritarren artean anitzek salatzen dituzte, hitzez, eraso LGBTIfobikoak, baina egoerak gertutik ukitzen dituenean, atzera egiten dute, neurri batean. Hori landu egin behar dugu. Arrakala bat ireki dugula uste dut, baina egin behar dela, oraindik ere, lan anitz.

Erasoen inguruko daturik baduzue?

2017koak oraindik ez ditugu. 2016an, berriz, hamar salaketa aurkeztu ziren sexu eta genero aniztasunaren aurkako erasoengatik. Salaketen kopuruak gora egin du. Uste dut hori gertatzen dela, batetik, sentsibilitate handiagoa dagoelako; eta, bertzetik, kolektiboaren ahalduntzeak gora egin duenez, ikusgarriago bilakatu delako, eta horrek ekarri duelako subjektu atzerakoienen erreakzioa. Garrantzitsua da, halere, ikusgarritasun hori, espazioak irabazteko. Ez dugu ahaztu behar, gainera, lehen baino lege esparru zabalagoa dugula orain, eta lehen delitutzat jotzen ez ziren hainbat jarrera orain badirela. Paradigma da, beraz, aldatu dena. Ahalduntze eta ikusgarritasun gehiago dago; espazioak irabazi dira; eta horrek ekartzen du heteropatriarkatuaren erantzuna.

Herri mugimenduaren bultzada aipatu duzu. Zein neurritan da mugimendu horrena udalaren egungo politiken meritua?

Neurri handi batean. Bultzada hori funtsezkoa izan da. Errealitatea aldatzen da herritarrek, antolatuta, ezberdintasunen aurka borroka egiten dutelako. Erakundeak aurrerakoiago edo atzerakoiago izan daitezke, baina, batez ere, herritarren lana lagundu egiten dute. Erroa herritarren artean dago. Gu udalera ailegatu ginenean, LGTBI kolektiboak hagitz argi izan zuen presio eta bultza egin behar zuela, eta hori funtsezkoa izan da, bertzeak bertze, Harrotu martxan jartzeko. Garrantzitsua iruditzen zait izaera kritiko hori ez galtzea.

Urteotan lortutakoa galtzeko arriskua badela uste duzu, hiriko gobernua aldatzen bada?

Hiru urteotan egindako lanak balio izan du LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko diskurtsoa sendotzeko. Urrats anitz dugu egiteko, baina bertze anitz egin ditugu, jada, eta egoera ez da lehengoa. Mugimendua anitz ahaldundu da. Gazteen artean sumatzen dut boteretze hori, batez ere. Indar hori suntsitzea ez da erraza. Gainera, legez ere babestu ditugu aldaketak, eta horrek lagunduko du atzera ez egiten.

Uztailaren 6an hasiko dira sanferminak. Kanpaina martxan duzue, eraso sexistei aurre egiteko. Zer espero duzu?

Orain arte egin dugun lana kontuan hartuta, konfiantza handiagoarekin egiten diet aurre aurtengo bestei. Ezin gara lasai egon, baina uste dut lortu dugula erasoen aurkako gure diskurtsoak eta estrategiak hiriko mugak gainditzea, bai eta estatukoak ere. Argi utzi behar dugu eraso sexistak eta, oro har, emakumeon aurkako indarkeria ez direla bakarrik sanferminetako kontu. Ez dira gertatzen bestak direlako, edo Iruñean bakarrik. Eguneroko kontua dira, zoritxarrez, heteropatriarkatuaren indarra handia delako, eta kapitalismoaren babesa baduelako. Egunerokoa da sistema horren kontrako lana.

Hedabideen ardura nabarmendu duzue, eta dekalogoa osatu. Bada hedabideekin lan handia egiteko, oraindik ere?

Hedabideek ardura handia dute, eta oraindik bada zer hobetu. Kazetaritza eskoletan ez da txertatu genero ikuspegia, oraindik ere.