Poliziaren baimenarekin

Poliziaren baimenarekin

Edurne Elizondo

Laxo, eta konplizitatez". Halaxe jokatu dute Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, droga trafikoaren auzian, Justo Arriolak A los pies del caballo (Txalaparta) liburuan jaso duenez. Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu du bere lana, Askagintzako kide Joxe Paulosekin batera. 1980ko errealitateari egin dio so Arriolak liburuan, heroinak hamarkada horretan Euskal Herrian eragindako "sarraskia" agerian uzteko.

"Liburuan jaso dudana izozmendiaren tontorra bertzerik ez da; agerikoa da heroinaren inguruan politikariek eta poliziek duten ardura; interes politiko zehatz bat dago, gainera, gure historiaren zati hori ez ezagutzeko. Atzean, ordea, milaka familiaren sufrimendua dago. Lagun asko galdu ditut, eta ni neu txiripaz nago hemen".

Argi eta garbi mintzatu da Arriola, drogari buruz. Argi eta garbi, nabarmentzeko Espainiako Estatuak heroina erabili zuela helburu zehatz batekin: mugimendu politikoen kontra egiteko, ahultzeko. Joxe Paulosek bat egin du Arriolaren tesiarekin. Drogen menpekotasunaren prebentzioan aritu da urte luzez, Askagintza taldean. 1986. urtean sortu zuten elkarte hori, Etxarri Aranatzen. "Orduan, Euskal Herrian, drogen menpekotasunaren arloan aritzen ginenok argi eta garbi ikusten genuen Europan polizia gehien zuen herrian bazela droga gehien, hain justu". Polizien eta droga trafikoaren arteko loturak ikertzeko eta epaileen esku jartzeko asmoz Adore sortu zuten gero, hain zuzen ere.

Paulosek argi du politika beti egon dela drogen inguruan. "Zein droga den legezko eta zein ez ikuspuntu politiko batetik erabakitzen da, adibidez", erran du. Erantsi du droga erabili izan dutela Ameriketako Estatu Batuen gisako herriek, adibidez, beren kanpoko operazio militarrak justifikatzeko. "Panama inbaditu zuten Noriega trafikatzaile bat zela erranez; helburua, ordea, kanala kontrolatzea zen".

Milaka hildako

Arriolak azaldu du Euskal Herria ez dela kasu bakana. Bertze hainbat herritan baliatu dutela poliziek droga, herri mugimendua kontrolpean hartzeko. AEBetan, hain zuzen, kanpoko operazioetan ez ezik, barruko eragileak kontrolatzeko ere baliatu zuten. "Pantera Beltzen kontra erabili zuten, bertzeak bertze. New Yorken, adibidez, bost droga trafikatzaile salatu zituzten Pantera Beltzek, eta bostak ziren FBIko kide". Italian, berriz, CIA atzean zuen plan bat deskubritu zutela azaldu du Arriolak, "ikasleen eta langileen konpromiso politikoa ahultzeko". Italian, hiesa agertu baino lehen, 6.000-7.000 hildako eragin zituen heroinak, 1970eko hamarkadan.

Euskal Herrian heroinak izan zuen eragina agerian uzten duten datuak nabarmendu nahi izan ditu Arriolak ere. Batetik, droga kontsumoak hildakoak: "1980ko hamarkadaren hasieran, 10.000-11.000 izan zirela erraten zuten datu ofizialek". Liburuaren egileak Herri bateko datuak jarri ditu mahai gainean, Euskal Herriko hamaika txokotan bizi zuten eguneroko latzaren adierazgarri: "Elgoibarren, adibidez, 80 inguru hil ziren. 11.000 biztanleko herri batentzat kopuru handia da". Arriolak erantsi du 1995erako 9.000 GIBdun bazirela Euskal Herrian. "3.000 baino gehiago hil ziren hiesak jota".

Bertzetik, poliziek heroina trafikoarekin zuten harremana nabarmentzeko hainbat datu jaso ditu Arriolak, "laxo eta konplizitatez" jokatu zutela agerian uzten dutelako: "Datu ofizialen arabera, 1970eko hamarkadan ez zen gramo bakar ere konfiskatu; 1980an, berriz, 368 gramo, ordurako milaka kontsumitzaile baziren ere".

"Nik ez dut erran nahi poliziek mugitu zutela kontsumitzen zen droga guztia; bai, ordea, zati garrantzitsu baten ardura izan zutela. Ia erabateko askatasuna izan zen heroina trafikoa egiteko", gaineratu du. Ikertu nahi zutenek ere pareta baten kontra jotzen zuten, gainera. "Arrasaten, Udaltzaingoak ikertu zituen herrira droga eramaten zuten bi auto: haien atzetik joan, eta bat Bilbora, Guardia Zibilaren Salbeko kuartelera joan zen, eta, bertzea, berriz, Intxaurrondokora". Arriola saiatu da udaltzainen orduko buruarekin hitz egiten, baina ez du lortu. "Ez hitz egiteko erran diote". Arriolak argi du heroinak eragindako mina ezagutu behar dela. "Handia izan baitzen".

“Eskolan seigarren hizkuntza ezartzeko momentua da”

“Eskolan seigarren hizkuntza ezartzeko momentua da”

Kattalin Barber

Duela 25 urte iritsi zen Maite Casero (Burgos, Espainia, 1955) Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialera. Aleman eskolak ematen ditu, eta duela zortzi urtetik, zuzendaria da. Eskolak 40 urte betetzen dituela ospatzeko, ekinaldi ugari antolatu dituzte.

1978. urtean abiatu zen Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, eta ordutik, 40 urte pasa dira. Zer nabarmenduko zenuke?

1978. urtean sortu zen, baina ez zen ofiziala izan 1984. urtera arte. Hasieran bakarrik eskolak ematen genituen, ziurtagiriak ateratzeko Zaragozara joan behar zuten ikasleek. 1984tik aurrera, gaur egungo egoitzan gaude, Alde Zaharrean. Aipatzeko da ere 1996. urtean eskaintza ofizialetik kanpoko eskolak ematen hasi ginela: arabiera, portugesa, errusiera eta japoniera. Egun, japoniera, txinera eta gaztelania atzerriko hizkuntza gisa ditugu. C1 maila eskaintzeko kanpaina hasi genuen 2009an, eta heldu den ikasturterako ingelesezko C2 maila ezarri nahi dugu, eskaera handia baitago. Horren ondotik etorriko dira besteak. Azpimarratzekoa da aurten eskolaren eremua zabaldu dela, eta Lizarran estreinatu dugula egoitza. Oraingoz, euskara eta gaztelania eskaintzen ditugu, baina hizkuntza gehiago nahiko genituzke.

Herritarren beharretara egokitu zarete?

Egun, 4.000 ikasle ofizial eta 2.000 ikasle libre ditugu, gutxi gorabehera. Hasieran, hiru hizkuntza eskaintzen genituen: frantsesa, euskara eta ingelesa. Alemana 1990. urtean ezarri genuen, eta hurrengo urtean italieraren txanda izan zen. Jende asko pasa da hemendik, urte hauetan guztietan, eta herritarren beharretara egokitu gara. Adibidez, hasieran bakarrik eskolak arratsaldean genituen, eta orain egun osoan. Ingelesezko eskolak, gainera, egun osoan, 08:00etatik 22:00etara ditugu segidan. Askotarikoak dira gure erabiltzaileak: ikasleak, langileak, erretiratuak.... 14 urtetik aurrera etor daitezke, eta ez dago adin mugarik. Ni duela 25 urte iritsi nintzen, eta nire lehenengo ikasleen seme-alabak etortzen dira orain.

Ikasleek seigarren hizkuntza bat ezartzea eskatzen dute?

Bai, baina egoera ekonomikoa dela-eta inoiz ez da egin. Krisia hasi baino lehenago seigarren hizkuntza bat irakasteko ahaleginak egin ziren. Ikasle taldeen eskaerak izan ditugu, eta portugesa, txinera eta greziera eskatu izan digute, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamenduaren esku dago, eta eskolaren eskaintza zabaltzea erabakitzen badu, aztertu beharko du zein den egokiena. Oso ongi legoke hizkuntza koofizialak irakastea: katalana eta galiziera.

Orain hizkuntza bat ikasi beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Frantsesa berriro hartzea gustatuko litzaidake. Bere garaian ikasi nuen, baina egun ez naiz batere ongi aritzen. Italiera asko gustatzen zait.

Ingelesa da eskaera gehien duen hizkuntza?

55 irakasle ari gara hizkuntza eskolan lanean, eta horietatik 24 dira ingelesezko irakasleak. Ia eskolaren erdia hartzen du ingelesak, hain zuzen ere. Bigarren hizkuntza euskara da, eta hamabi irakasle ditugu. Hirugarrena, berriz, frantsesa. Azkenik, alemana eta italiera daude.

Gero eta ohikoagoa da hizkuntza bat baino gehiago ikastea?

Gure ikasleetako askok bi hizkuntza ikasten dute, eta badago hiru hizkuntza aldi berean ikasten duenik ere. Normalean, gazteak izaten dira, 20 eta 40 urte artekoak gehienak. Behin ikasketak amaituta edo langabe daudela hizkuntzak ikasteari ekiten diote. Gizartea gero eta eleanitzagoa da, eta hori nabaritzen dugu eskolan. Hizkuntzek gehitzen dute, bai lanerako eta baita bidaiatzeko ere.

Euskara da bigarren hizkuntza. Zer-nolako garapena izan du hizkuntzak eskolan?

Hasi ginenean, 1978. urtean, ez zegoen aukera askorik euskara ikasteko Iruñean, eta ikasle eta talde asko genituen lehenengo mailetan. Piramide baten itxura zuen. Orain, egoera desberdina da. Aukera asko dago hemendik kanpo euskara ikasteko, eta B1 mailatik aurrera dugu ikasle gehien. Lehendabiziko mailetan kopurua txikia da. Horrez gain, euskara ikasten duten ikasle libre asko ditugu, eta ziurtagiriak lortzeko etortzen dira gurera. Andres Iñigo euskaltzaina izan zen eskolako lehen zuzendaria. Berak bultzatu zuen eskola, eta hari zor diogu guztia. 17 urtez izan zen zuzendaria, eta berak lortu zuen bost hizkuntzak ezartzea. Hurrengo zuzendariok adreiluak jarri baino ez dugu egin, aurretik zegoen oinarri sendoaren gainean.

Eskaera eskaintza baino handiago izan ohi da eskolan. Aurten nolakoa izan da?

Aurten ez da horrela izan. Ikasturte honetan matrikula gutxiago izan ditugu. Espero dugu garaian garaiko zerbait izatea. Nik uste dut hezkuntzako oposizioak eragin duela egoera hori. Orain dela hamar urte, egoera bestelakoa zen: aurretiko izen ematean 12.000 lagun izaten genituen, 4.000 matrikuletarako.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira eskolaren erronka nagusiak?

Hemen lan egiten dugunok komunitate handia osatzen dugu, eta konpromiso handia dugu eskolarekin. Gustura gaude, eta oinarri sendoa dugu aurrera jarraitzeko. 1991tik bost hizkuntza eskaintzen ditugu eskolan, nik uste dut iritsi dela momentua seigarren hizkuntza bat ezartzeko. Badakigu egoera ekonomikoa ez dela onena, baina horren aldeko apustua egin nahi dugu.

Horrez gain, C2 mailaren alde ari gara. Gure xedea ikasleen beharretara moldatzea da, eta modu berriak arakatzen ari gara: online bidezko ikastaroak, tailer trinkoak.... Azkenik, irakasle gazteak gurera etorri dira, eta hori behar dugu, belaunaldi berriek gurekin bat egitea. Irakasleen harrobi ona dago, eta beste batzuk erretiratzen hasiak dira.

Iritzia: Iraingarria

Lohizune Amatria
Bideoetan ez dut antzematen leku zikin, narras eta babesgabe batean emandako bost gizon eta emakume baten arteko sexu harreman latz eta desinhibitu bat ez denik; zeinetan inork (emakumeak ere ez) ez duen bere gorputza edo sexu-organoak...

Herri boterearen eraikitzaileak

Herri boterearen eraikitzaileak

Edurne Elizondo

Lurra defendatzeagatik hil zuten Berta Caceres, Hondurasen, 2016ko martxoan. Aurtengo martxoan hil dute Marielle Franco LGTBI kolektiboaren aldeko ekintzaile feminista, Brasilen. Ez dira kasu bakanak. Herrialdeotako giza eskubideen defendatzaileak zalantzan jartzen duten boterearen jomugan dira. Nikaraguan, azken egunotan, 25 pertsona hil dira gizarte segurantzaren erreformaren aurkako protestetan. "Lotsagarria da bakeaz eta batasunaz hitz egiten duen gobernu batek erraten duenaren aurkakoa egitea, hain justu. Sandinismoa ez da jada 1980ko hamarkadan izan zena. Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren ingurukoak dira gure herriko oraingo aberatsak".

Evelyn Floresenak dira hitzak. Nikaraguako giza eskubideen defendatzailea da, Giza Eskubideen Defendatzaileen Erdialdeko Amerikako Ekinbideko kidea. Zehazki, emakumeen giza eskubideen alde egiten du lan sorterrian. Iruñean izan da, Mexikoko Sandra Lorea eta Kolonbiako Alexandra Bermudez ekintzaileekin, herrion errealitatearen berri zabaltzen. Chiapasen aritzen da Lorea, indarkeria matxista sufritu duten emakumeekin; Bermudezek, berriz, lurraren eta ingurumenaren aldeko lana egin du Kolonbian. Sorterritik kanpora eraman du konpromiso horrek, hain zuzen ere. "Etxean sartzen hasi ziren; gu jarraitzen, alabaren haur eskolako argazkiak egiten, mehatxatzen. Nik ez nuen alde egin nahi, argi nuelako egiten nuena bidezkoa zela, baina inguruko guztiek eskatu zidaten herritik ateratzeko, geldituz gero hilko nindutelako. Gogorra izan zen. Nik ez nuen joan nahi. Estatua nuen atzetik, ordea".

Kosta egiten zaio egoerak eragin dion amorrua eta tristura bazter uztea Bermudezi. Errioxara (Espainia) joan zen Kolonbiatik lehendabizikoz atera zenean. Herrira itzuli zen 2016ko urrian, urtebete kanpoan egon eta gero. "Egoerak hobera eginen zuela uste nuen, baina ez zen horrelakorik gertatu. Gure kontrako jazarpena ez zen eten". Berriz alde egin behar izan zuten, eta Nafarroan bizi da orain familia.

Hemendik lanean jarraitzeko gogoz da Bermudez, halere. Floresekin eta Lorearekin egindako mahai ingurua baliatu du horretarako. Batetik, hemen bizi direnei argi erran die hegoaldeko herrietan gertatzen denaren ardura zati bat dutela. "Ezin dugu ahaztu iparraldeko herrien bizitzeko moduari eusteko hegoaldeko herriak suntsitzen dituztela, beren baliabideak ateratzeko. Baliabide horiek iparraldeko herrientzako salgai bilakatzen dira, eta miseria, pobrezia eta indarkeria baino ez dute uzten hegoaldean". Bertzetik, hemen bizi direnei eskatu die sala dezatela Kolonbian, Mexikon, Nikaraguan eta bertze hainbat herritan gertatzen dena; sufritzen duten zigorgabetasuna eta egiturazko indarkeria.

Hainbat datu jarri nahi izan ditu Bermudezek mahai gainean bere herriaren egunerokoa azaltzeko: 7,3 milioi pertsona mugitu direla herriko toki batetik bertzera, adibidez, gatazka armatuak iraun duen 50 urteetan. 2016ko azaroan, bake akordioa sinatu zuten Kolonbiako Gobernuak eta FARCek. Erreferenduma egin zuten, herritarrek hitzartutakoa berresteko, baina ezezkoa nagusitu zen. "Geroztik, Habanako akordioan jasotako neurri anitz bazter gelditu dira, bertzeak bertze, nekazariek lurrak berreskuratzeko bidea zabaltzen zutenak".

Akordioa sinatu zenetik, giza eskubideen defentsan ari ziren 317 pertsona hil dituzte Kolonbian. "Nire kideak ziren", erran du Bermudezek, saminez. "Giza eskubideen defendatzaileentzat Honduras da herririk arriskutsuena, eta Kolonbia bigarrena; munduko hilketen %30 nire herrian gertatzen dira". Une honetan 15.000 preso politiko badirela erantsi du giza eskubideen aldeko ekintzaileak.

Lurraren eta ingurumenaren defentsarekin lotutako borrokak daude boterearen jomugan, Bermudezek salatu duenez. Kanpotik baliabideak eramatera ailegatzen diren enpresen jarduera ongi ezagutzen dute Nikaraguan ere. "2014an herriko konstituzioa aldatu zuten, legez ahalbidetzeko Txinako enpresa batek ozeano arteko kanal bat eraikitzea", erran du Evelyn Floresek. "Legez onartu da enpresa horrek zerga bakar bat ere ez ordaintzea ehun urtez", salatu du. Kanalak zeharkatuko lituzkeen lurrak suntsituko lituzkeela nabarmendu du.

Sandinistek 1990ean galdu zuten boterea, Nikaraguan, baina 2007tik gobernuan dira berriz. "2011ko eta 2016ko hauteskundeetan iruzur egin zuten", salatu du Floresek. "Gora egin dute, nabarmen, desoreka ekonomiko eta sozialek, bai eta generoarekin lotutakoek ere. Herritar anitzek ez dute bizitza duin bat izateko baliabide nahikorik".

Baztertuen aldeko jarrera hartu du Floresek, argi eta garbi. Bereziki, emakumeen alde. Herritarrak deitu ditu giza eskubideen defendatzaile bilakatzera. "Nire nortasunaren parte da defendatzailea izatea", azaldu du. Erantsi du ez dela gauza bera giza eskubideen gizon edo emakume defendatzaile bat izatea: "Gizonek sufritzen ez dituzten indarkeria mota batzuk sufritzen ditugu emakumeok".

Marichuy fenomenoa

Zigorgabetasunaren eta egiturazko indarkeriaren aurrean, herri boterea jo dute helburutzat Floresek eta Bermudezek. Mexikoko ekintzaile Sandra Loreak ere argi du bidea hori dela. "Hauteskundeak izanen ditugu uztailean; ez dio axola nork irabaziko duen, ordea. Hauteskundeek ez dute deus aldatuko; guk aldatu behar dugu gure errealitatea".

Loreak nabarmendu du mezu hori zabaldu duela Marichuy Patriciok. Mexikoko presidentetzarako hauteskundeetan hautagai independentea izaten saiatu da, baina ez du lortu behar zuen gutxieneko sinadura kopurua. "Gobernurako Indigenen Kongresuko hautagaia zen. Ez du aurkeztea lortu, baina herriz herri zabaldu du bere mezua, eta lortu du herritarren artean herri botere hori aktibatzeko mugimendu bat sortzea", nabarmendu du Loreak.

Mexikoko giza eskubideen defendatzaileak erantsi du herriz herri sortu direla, adibidez, udaletako hauteskundeetarako hautagaitza independenteak aurkezteko ekinaldiak. Bi atentaturen biktima izan da Marichuy Patricio, eta hainbat istripu izan ditu, gainera, herriz herri egin duen biran. "Marichuy fenomenoa piztu du emakume horren lanak, eta ekarri digu aldaketarako itxaropena", erran du Loreak, harro.

Aldaketaren beharra nabarmendu du giza eskubideen defendatzaileak, hain zuzen ere. Mexikoko herritarren egunerokoa ez delako batere erraza. "Herri osoko natur baliabideak erdiaren esku daude, eta, aldi berean, Mexikon ditugu pobrezia tasarik handienetakoak. Indarkeria eguneroko kontua da, eta egunero urratzen dira giza eskubiderik oinarrizkoenak".

Kolonbian edo Nikaraguan bezala, enpresa transnazionalen hamaika proiektuk mehatxatzen dute Mexikoko ingurumena ere. "Gure lurra suntsitzea ekarriko lukete proiektu horiek, eta orain pobre direnak are pobreago bilakatzea".

Errealitate horrek bertze hainbat subjekturen agertzea ekarri duela erantsi du Loreak: gobernuaren eta enpresen botereari aurre egin nahi dioten aktoreak, alegia. "Aktore sozialak martxan jarri dira auzo eta herrietan, indigenen komunitateetan. Toki horietan dago, finean, giza eskubideen aldeko borroka".

"Guk aldatu behar dugu gure errealitatea, behetik hasita; bertzela jai dugu. Bertze inork ez du eginen", berretsi du Loreak. Bereziki egin die so Mexikoko emakumeei, eta betetzeko duten rola nabarmendu du. Emakume zapatistek berriki egindako topaketa batean zabaldutako mezua ekarri du gogora Loreak: "Emakume zapatistek ozen erran dute nahi dutela beren alabek, emakume gazteek borrokan jarraitzea; borrokan eta bizirik".

Emakumeen ondoan lanean eman ditu Loreak azken 23 urteak. "Askatasuna eta berdintasuna lortzeko bidean lagundu nahi ditut", erran du. Giza eskubideen defendatzailetzat jo du bere burua. Giza eskubideen defendatzaile dira Evelyn Flores eta Alexandra Bermudez ere. Beren herriak esplotatzen dituzten enpresen eta gobernu ustelen aurka. Herri boterearen alde.

Artea eta euskara, oinez

Artea eta euskara, oinez

Kattalin Barber

Hilabeteak falta dira Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez festa ospatzeko. Bidea hasi du Sakanako ikastolak, halere, eta dagoeneko ireki dute Nafarroa Oinez festaren barruan urtero antolatzen den Artea Oinez erakusketa. Heldu den maiatzaren 5era arte egonen da ikusgai. 74 artistak euskararen alde jarri dituzte beren lanak Iruñeko Kondestablearen jauregian; Nafarroa Oinez ez baita egun bakarreko besta. Aurten, Altsasuko Dora Salazar artista omendu nahi izan dute erakusketaren bidez.

Artea Oinez erakusketan askotariko artista, belaunaldi eta estiloak daudela nabarmendu du Ione Areta Nafarroa Oinez festako koordinatzaileak: "Ibilbide luzeko artisten artelanak bildu ditugu, bai eta hasiberrienak ere". Diziplina ugaritako lanak bildu dituzte, eta, aurten, gainera, Sakanako artisten eta emakumezkoen lanek garrantzia hartu dute erakusketa ibiltarian. Hain zuzen ere, hamasei artista eskualdekoak dira, eta horietatik hamabi, berriz, emakumeak. Horien artean daude, besteak beste, Itxaso Altzelai, Jose Ramon Anda, Koldo Arnanz, Garbiñe Berastegi, Ana Goikoetxea, Asun Goikoetxea, Itziar Nazabal, Mikel Okiñena, Maider Perkal eta Bidatz Razkin artistak.

Hainbat hizkuntza eta teknika biltzen ditu erakusketak, Euskal Herriko artearen ispilu. Arteak ere, gero eta gehiago, euskaraz mintzatu nahi duelako, eta horren adierazle dira Iruñeko Kondestablearen jauregian paratu dituzten artelan guztiak. "Batzuek urtero bat egiten dute Artea Oinez ekinaldiarekin, eta haien obrak ematen dizkigute; urtero berriak ere gehitzen dira", azaldu du Aretak. Horregatik, esan daiteke euskal arte garaikidearen argazki orokor bat dela erakusketa. Bizi da aurtengo Nafarroa Oinez jaiaren leloa, eta erakusketa "are biziagoa" da, Aretaren hitzetan. "Oso ikusgarria da, erakargarria eta askotarikoa". Erakusketa ondoko artelanek osatzen dute, hain zuzen: hemeretzi eskulturak, sei argazkik, 27 pinturak, hainbat teknikaren bidez egindako hamalau grabatuk, eta teknika mistoetan egindako bederatzi lanek.

Urtero, Euskal Herriko artista bat omentzen du erakusketak, eta aurten Dora Salazarri eskaini nahi izan diote beren aitortza ikastolek. Bilbon bizi den arren, altsasuarra da Salazar, eta herrian dauka, oraindik ere, lantegia. Ibilbide luzeko artista da, eta erakusketa ugaritan parte hartu izan du; halaber, sari asko jaso ditu.

"Salazarren eskultura lanek nahiago dituzte espazio publikoak, nahiz eta haren ekoizpenaren puska handi bat askoz ere delikatuagoa eta intimistagoa den, barruko espazio baten babesa eskatzen duten materialez egina", idatzi du Josu Reparaz erakusketaren komisarioak katalogoan. "Haren sorkuntzetan bestelako izaki etereoak, lurtarrak, aireko zein itsasoko izakiak agertzen dira, baita giza gorputzaren interpretazio klasikoagoak ere, mugimenduarekin, dantzarekin, hiriekin eta hiritarra den horrekin lotuta", gaineratu du. Erakusketaren sarreran jarri dituzte haren bi obra: "Artistaren garapena irudikatzen dute". Bere ibilbidean, gai askoren artean, pisu berezia dute emakumearen inguruko gaiek.

Omenaldiaren nondik norakoak argitu ditu Aretak, eta nabarmendu nahi izan du artistak "betidanik" ikastolekin eta Nafarroa Oinez-ekin izan duen "konpromisoa". Horrez gain, bere lan artistikoaren maila goraipatu du. Hark ez ezik, emakume ugarik parte hartu dute erakusketa kolektiboan.

Arte plastikoen bidez Nafarroako euskarazko hezkuntza laguntzea da Artea Oinez egitasmoaren helburua: "Euskal artearen erakusleihoa izan nahi du. Euskal Herrian sortzen den artea aldarrikatu nahi dugu, eta, artistei erakusleiho bat eskaintzen diegun bitartean, euskara eta ikastolak bultzatzen ditugu", esan du Aretak. Azken finean, artea eta euskara bultzatzea da xedea.

Erakusketa ere, oinez

Oinez ibiliko da erakusketa bera ere. Maiatzaren 5era arte egonen da erakusketa Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta hortik Altsasura eginen du bidea, gero: herriko Iortia kultur etxean egonen da maiatzaren 11tik ekainaren 1era. Erakusketan ikusgai dauden artelanak erosteko aukera dago. "Artelan batzuk saltzen dira, eta bigarren erakusketara lan gutxiago iristen ohi dira", azaldu du Aretak.

Koordinatzailearen hitzetan, Artea Oinez erakusketa "arrakastatsua" izan ohi da. Bigarren urtea izango du Kondestablearen jauregian: "Aurretik Iruñeko Ziudadelan egin da, eta bisita gehien jasotzen zuen erakusketa zen. Kondestablean ezin dugu zenbatu, baina argi dugu artisten artean eta euskal komunitatean errotutako proiektua dela".

Urteak dira erakusketa antolatzen dutela; 1990eko hamarkadan egin zuten lehendabiziko aldiz, hain zuzen ere. 2000. urtetik, berriz, egungo formatua hartu zuen.

Salbatzeko aukerarik ez

Salbatzeko aukerarik ez

Edurne Elizondo
Zain dira Nafarroako Corazon Verde animalientzako babeslekuan. Ebro ibaiak gainezka egin eta gero, ehunka animalia hil dira itota. Gutxi batzuek lortu dute bizirik ateratzea, animalien aldeko ekintzaileek egindako lanari esker, neurri h...

Iritzia: Bi guardia zibil ezagutu ditut

Saioa Alkaiza

Bi guardia zibil ezagutu ditut, hala esan didatenak bai behintzat. Bat, Blablacar-en egin nuen bidaia batean: Bilbora joateko bere autoan hartu ninduen Iruñean. Garesen bizi zela kontatu zidan, lanarengatik zegoela iparraldean, eta herrira bueltatzea gustatuko litzaiokeela. Ez zuen deus esan bere lanari buruz. Guardia zibila zela pentsatu nuen, dena dela, ordu laurdeneko solasalditxo baten ostean, eta zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen: gelditzeko eskatu eta lehen herrian jaitsi edo isilik geratu, Bilboraino joan, eta aparkatu bezain azkar martxa egin. Isilik eman nuen bidaia, eta Bilbora sartzen ari ginela galdera egin nion. Guardia zibila zara? Bai. Beldurtu egin nintzen.

Almerian oporretan nintzela ezagutu nuen bigarrena. Ezagun baten etxean geunden Euskal Herritik joandako bi lagun, eta hor zeuden haren lagunak eta lagunen lagunak eta oso ongi ezberdintzeko gai ez nintzen jende amalgama bat. Hamar bat izanen ginen. Lanari buruz solasean hasi zen haietako bat, kexaka, zeregin asko zeuzkala, eta baldintza txarrak, gutxi ordainduta zegoela, gogorra zela, baina, bueno, bazela zerbait. Zertan lan egiten duzu ba? Guardia zibila naiz. Ni eta beste euskalduna harrituta geratu ginen, eta, gero, etxera bueltatzeko gogoa piztu zitzaigun. Pentsatu nuen zer eginen zukeen hor topo egin beharrean errepideko kontrol batean gurekin topo eginez gero, bi euskaldunekin.

Guardia Zibilak torturatu duela frogatu dute epaitegiek; Guardia Zibilak itxi zituen Egin eta Egunkaria; Guardia Zibilak sarekadatan eraman ditu herritarrak, asko epaiketaren ostean aske geratzeko, hori bai, kartzelan denboralditxoa pasa eta gero; Guardia Zibila da herri batzuetan egunean hiru kontrol jartzen dituena eta bertakoak isunez zigortzen dituena; toki askotan izenez deitzen dituena herritarrak, nor diren badakiela argi gera bedi; euskaraz ez hitz egiteko agintzen dizuna; arma eskutan edozein gauza galde diezazukeena...

Delitu dirudi, ordea, indar armatu baten presentzia eta legitimitatea ikusi ez eta alde egin dezaten nahi izatea, ikusi besterik ez dago Altsasuko gazteen kasuan Alde hemendik aldarriari buruz esandakoak: Guardia Zibilaren txostenen batean, zuzenean ETArekin loturiko leloa dela diote, gezur hutsa den baieztapena, 1958an jaio baitzen ideia eta Euskadiko Ezkerra izan zen, 1978an, Alde Hemendik kanpaina bataiatu zuena —Iñaki Egaña historialariak bikainki azaldu du Gara-n—. Zergatik ez da zilegi, orduan, zuzenean galdetzea ea militarizaturiko herri batean bizi nahi dugun?

Guardia zibilekin aurrez aurre egotea suertatu izan zaidanean, izuak hartu nau, aski ongi baitakit non bizi garen. Argi baitut inoiz ostaturen batean liskar bat haietako batekin izanez gero Auzitegi Nazionalean buka nezakeela aldez aurretik diseinatutako epaiketa batean. Eta, orduan, galdetuko lidakete ea inoiz arazorik izan ote dudan Guardia Zibilarekin, eta, ezetz erantzunda ere, artikulu hau nahikoa litzateke terroristatzat hartzeko.

“Animaliak eta zuri ez direnak gelditzen dira ‘bertzeen’ esparruan”

“Animaliak eta zuri ez direnak gelditzen dira ‘bertzeen’ esparruan”

Edurne Elizondo

Arau hegemonikotik kanpo gelditzen diren gorputzak izendatzeko beharra nabarmendu du Lucrecia Massonek (Ombucta, Argentina, 1981). Bertze horiek animalien pare jarri izan dituztela salatu, eta arrazakeriaren aurkako diskurtso eta jarrera dekolonialak eskatu ditu.

Epistemología rumiante lana egin duzu. Behiei egin diezu so, arautik kanpo dagoen horren metafora bilakatzeko. Zergatik?

Memoriarekin lotutako gogoeta bat da, neurri batean. Nire bizipenekin lotutako memoria, hain zuzen ere. Batetik, animaliokin harreman estua izan dut, haurtzaroan behiak izan ditudalako inguruan. Nire egunerokotasunaren parte izan dira. Bertzetik, behi hitza erabili izan da irain gisa, gorputz lodiak iraintzeko. Behi, edo bertze hainbat animaliaren izenak erabili izan dira horretarako; animalien kategorian kokatzen dira iraindu nahi diren horiek. Horri buruz Frantz Fanonek erraten duena interesgarria da: bestiarioa dela kolonoak kolonizatua iraintzeko erabiltzen duen hizkera.

Behi hitzari eman zaion zentzu negatibo horri buelta eman nahi diozu?

Bai. Behi erran didate irain gisa, eta nik hitz hori erabili nahi dut, aldarrikatu. Are gehiago, nabarmendu nahi dut behiek badutela nirekin ikustekorik. Mantso mugitzen dira. Bolumen handia dute, eta erritmo mantsoa. Finean, denbora bizitzeko bertze modu bat da egungo erritmo biziko gizartean.

Fanonen hitzak aipatu dituzu. Animaliekin dugun harremana ikuspuntu dekolonial batetik jorratzea interesatzen zaizu?

Kontua da momentu batean naturaren eta kulturaren arteko bereizketa argia ezartzen dela, eta naturaren esparru horretan sartzen da basatia dena; bertzea, alegia. Eta bertze horien artean sartzen dira animaliak, baina baita pertsona arrazializatuak ere. Zuriekin lotutako mundua dago kulturaren eta arrazionalaren esparruan, eta bertzeak direnen esparruan gelditzen dira animaliak eta zuri ez direnak. Naturaren eta basatia denaren tokian gelditzen dira, etxekotu egin behar den horren tokian, alegia.

Natura-kultura binomioa aipatu duzu. Horrekin lotuta, Guatemalako soziologo Emma Chirixen lana nabarmendu izan duzu, bertzelako binomioak eta horiek apurtzeko beharra jartzen duelako mahai gainean. Feminismo europar eta zuritik kontuan hartzen ez diren binomioak dira?

Ezkutuan gelditzen dira. Gizon-emakume binomioa apurtzeko beharraz hitz egiten da hemengo feminismoan, anitzetan, baina badaude bertzelakoak, adibidez, basati-zibilizatu binomioa. Binomio horiek agerian uzten dute ordena kolonialaren pentsatzeko modua. Horregatik, gizakion eta animalien arteko harremanak edo genero harremanak birpentsatzeko, feminismotik, beharrezkoa da haien inguruko gogoeta bat abiatzea arrazakeriaren aurkako ikuspuntu batetik, ikuspuntu dekolonial batetik. Aztertu eta jabetu behar dugu ikasitako gauzez, eta bertzeen esparru horretan sartu ditugun bertze errealitateez.

Bertze horiei so egiteko ordua da?

Bai. Niretzat feminismoak ez du balio arrazakeriaren aurkakoa ez bada; antiespezismoak ez du balio arrazakeriaren aurkakoa ez bada.

Zuriekin lotutako ereduak nagusi dira, oraindik ere, mugimendu anitzetan, ordea?

Bai, hala da. Antiespezismoaren esparruan, adibidez, iruditzen zait mendebaldeak ezinbertzean onartu behar duela animaliekin zapalkuntza harreman bat baduela, eta mendebaldeak berezkoa duela harreman hori. Hori onartzeko eta horren ardura hartzeko ordua dela uste dut, zapalkuntza hori bazter utzi ahal izateko. Baina uste dut garrantzitsua dela onartzea zapalkuntza mota hori mendebaldeak sortu duela, mesede egiten diolako. Azkenean, zuriek sortutako eredu horiek zuriei egiten diete mesede. Antiespezista zuriek hori aztertu behar dute; bertzela, haien diskurtsoek zilegitasuna galtzen dute. Badira, gainera, bertzelako diskurtsoak.

Zein nabarmenduko zenuke?

Lolita Chavez, adibidez. Guatemalako ekintzaile eta pentsalari kitxe bat da. Uraren aldeko borroketan murgilduta dago erabat, eta mehatxuak ere jaso ditu jarduera horren ondorioz. Chavez Bartzelonara gonbidatu zuten behin, ingurumenaren eguna ospatzeko ekinaldi batera. Berak argi utzi zuen ez dagoela gizakion eta naturaren arteko bitartekaririk, mundua ulertzeko bere moduaren arabera. Nabarmendu zuen ezerk ez duela mozten ibaiarekin duen lotura, bera ez dela ibaia baino garrantzitsuagoa, animaliak baino garrantzitsuagoa. Ideia hori erabat antiespezista iruditzen zait.

Zubiak eraiki behar dira?

Bai. Aliantzak eta bat egiteko guneak sortu behar ditugu.

Arautik kanpo gelditzen diren bertze horiek aitortzeko aliantzak?

Bada behar bat nork bere burua izendatzeko, aipatzeko, gertatzen zaiguna azaltzeko. Ahalmen politiko handi bat dago hor, eta aipatu egin behar dugu. Kontuan hartu behar dugu, halere, ez dagoela modu bakarra politika egitea zer den ulertzeko. Nagusi den eredua hagitz maskulinoa izan daiteke, ekintzarekin hagitz lotua. Baina badaude ekintza politikoa egiten duten bertzelako gorputzak.

Bertzelako gorputzak, bai eta bertzelako buruak ere?

Bai, zalantzarik gabe. Behiaren mantso mugitzeko modua aipatu dut, eta horrekin lotu nahi dut ekintza politiko hori. Badira mantso mugitzen diren gorputzak, baina horrek ez du erran nahi politika egiteko gai ez direnik. Bertzelako gorputz batzuek zaurgarritasunetik aldarrikatzen dute beren burua. Zaurgarritasun horrekin identifikatzen dira, eta hortik egiten dute politika. Politika egiten dute, halaber, bertze modu batera funtzionatzen duen burua dutenek.

Feminismotik edo transfeminismotik ari dira bertze modu horiek aintzat hartzen, bertze subjektu politikoak kontuan hartzen?

Nire esperientziatik abiatuta, aniztasun funtzionala dutenekin egin dudan lanetik abiatuta, adibidez, iruditzen zait kosta egiten zaigula guri, baina haiei ere bai. Aniztasun funtzionala dutenek erran izan didate, adibidez, ez zutela bat egiten mugimendu feministak egindako ekinaldiekin, ez aulkiarekin mugitzeko neurriak hartzen ez zituztelako, baizik eta erraten zutena ez zitzaielako interesatzen, ez zutelako sentitzen haiei buruz hitz egiten ari zirela. Denon lana da, nire ustez, aliantza horiek sortzea. Ari gara urratsak egiten, nire ustez. Iruditzen zait azken bospasei urteotan hasi garela arauekin eta nagusi diren ereduekin bat egiten ez duten gorputzei buruz hitz egiten. Lanean jarraitu behar dugu.

Iraultza karrikan zegoen

Iraultza karrikan zegoen

Edurne Elizondo

Gaizkiletzat. Halakotzat hartzen zituen homosexualak Alferren eta Gaizkileen Legeak. Hitzaren erabilera horri buelta eman nahi izan dio Patricia Arangurenek Maleantes. Genealogía de la lucha LGTB en Navarra (Gaizkileak. Nafarroako LGTB borrokaren genealogia) izenburuko proiektuan. Memoria historikoa lantzeko ekinaldi bat da; 1980ko eta 1990eko hamarkadetan LGTB kolektiboak Nafarroako karriketara eraman zituen leloak eta aldarrikapenak gogora ekarri nahi ditu, eta orduko lan egiteko moduak aztertu. Egindako bidean atzera begiratu nahi izan du Arangurenek, orain arteko urratsek protagonista izandakoen ekarpena mahai gainean jartzeko.

"Aspaldi nuen LGTB kolektiboaren borrokaren historian murgiltzeko asmoa, eta, azkenean, ikasketek eman didate aukera". Iruindarra da Aranguren (1994), baina Madrilen da orain, transmedia dokumentaleko masterra egiten. Ikasgai baterako lan gisa web dokumental bat egin behar izan zuen, eta LGTB borrokaren gaia jorratzeko baliatu zuen. "Proiektua handituz joan da, halere; nire kabuz jarraitu dut lanean".

Nafarroako E28 plataformako kide da Patricia Aranguren; LGTB mugimenduko militante, alegia. "Nafarroa osoko jendea bada plataforman, eta belaunaldi ezberdinetakoak". Kolektiboan aspalditik direnen ahotik entzundako kontuek piztu zioten Arangureni bere proiektua mamitzeko gogoa, hain zuzen ere. "Kontatzen zutenak ez zuen zer ikustekorik jende anitzek mugimenduari buruz uste duenarekin, eta horrek harritu ninduen". Arangurenek uste du anitzentzat jai giroko mugimendu bat dela, batez ere, LGTB kolektiboarena. "Postmodernotzat eta berekoitzat hartzen da, neurri handi batean".

Irudi horrek errealitatea urrun duela argi du Arangurenek: "1980ko eta 1990eko hamarkadetako borroka hagitz politikoa zen, hagitz soziala, eta transbertsala; LGTB kolektiboak harreman handia zuen bertze hamaika mugimendurekin, intsumisioaren edo okupazioaren aldekoekin, bai eta feminismoarekin ere. Kolektiboa hagitz subertsiboa zen, iraultzailea", nabarmendu du Arangurenek.

Maleantes proiektuaren egileak erantsi du izaera politiko eta iraultzaile hori ez duela galdu egungo mugimenduak. "Ni kolektiboko militantea naiz, eta nik ezagutzen dudan mugimendua, argi eta garbi, mugimendu autonomo, antikapitalista, feminista eta antifaxista da; karrika dugu lan esparru, eta ez dugu klase ikuspegia galdu".

"1980ko eta 1990eko hamarkadetan karrikan ziren nerabeek kolektiboan jarraitzen dute, finean", gaineratu du. Arangurenek onartu du, halere, existitzen dela erakundeetatik gertuago dagoen bertze mugimendu bat. "LGTB kolektiboko jendea arlo publikora eta politikora ailegatzen hasten den unetik gertatzen da hori". Hedabide nagusiek "politikaz hustutako" erreferenteak zabaltzen dituztela uste du Arangurenek, baina errealitatea bertzelakoa dela berretsi du.

Ordenatu eta digitalizatu

Patricia Arangurenek webgune baten bidez eman dio forma LGTB borrokaren memoria lantzeko proiektuari(https://maleantes. atavist.com/maleantes). Kolektiboan aritu zirenen eta ari direnen laguntzarekin, azken hamarkadetako materiala jaso du, nahi duenaren esku jartzeko. "Material anitz dago; fanzineak, kartelak, prentsa oharrak eta egunkarietan argitaratutako artikuluak, bai eta zintetan gordetako irrati saioak ere. Digitalizatu eta ordenatu gabe dago material hori, ordea". Arangurenen asmoa hori da, hain zuzen ere: materiala digitalizatzea eta gordetzea, landu eta kontsultatu nahi duenak egin ahal izateko.

Arangurenek Elizaren aurka egindako kanpainen inguruan dauden materialak nabarmendu ditu, bertzeak bertze. "Nafarroan Opus Deiren eragina handia da, eta sumatzen da. Ondorioz, kolektiboak egindako kanpaina anitzek izan zuten Eliza jomugan". Performanceak egin zituzten, adibidez, Opus Deiren unibertsitateko campusean. Eta apostasiaren inguruan egindako kanpaina ere gogoratu du Arangurenek. "Sekulakoa izan zen. Nafarroan apostasia egitea lortu zuten, eta estatu osoko jendea erakarri zuten, ondorioz, horretara". Hiesaren prebentziorako egindako lana ere nabarmendu nahi izan du Maleantes proiektuaren egileak. "Kanpaina handiak egin zituzten, erakunde publikoak betetzen ari ez ziren esparruetara ailegatzeko".

Nafarroako LGTB kolektiboaren jarduerak, noski, Iruñean izan zuen indar gehien. Herrietan egindako lanari ere egin dio so Arangurenek, halere. Nafarroako homosexualentzako lehendabiziko taberna, adibidez, Erriberrin zabaldu zutela gogoratu du, eta Tuteran egin zutela, ustez, Euskal Herriko Ekainaren 28ko lehendabiziko manifestazioa. "Estatuan Bartzelonakoa izan zen aurrenekoa, 1978an; hurrengo urtean edo handik bi urtera egin omen zuten Tuterakoa. 1970eko hamarkadaren amaieran talde feminista indartsu bat sortu zuten han; kide gehienak lesbianak ziren".

Garai horretako errepresioa aipatu nahi izan du Arangurenek, hain zuzen ere: 1970eko hamarkadaren amaieran eta ondorengo urteetan LGTB kolektiboko kideek sufritu zuten errepresioa. "Guri bertzelako kontakizun bat ailegatu zaigu; trantsizioaren kultura kontatu digute, baina errealitatea da, 1978tik aurrera, aurretik Alferren eta Gaizkileen Legea erabiltzen zuten polizia beren jazarpena jasan zuela mugimenduak".

LGTB kolektiboak urrats anitz egin ditu Nafarroan. Harrotu eta Kattalingune zerbitzuak martxan daude, adibidez, eta indarrean lege berri bat. Karrika, hala ere, borroka esparru da oraindik ere. Borrokarako eta iraultzarako toki.

Ahaztutako andreengatik

Ahaztutako andreengatik

Kattalin Barber

Maravillas Lambertok hil aurretik egin zuen bide bera eginen dute bihar Larragan. Frankistek tiroa jo eta bortxatu baino lehen egin zuen Lambertok bide hori, 14 urte zituela. Aitarekin egin zuen. Itzulerarik gabeko bidea izan zen bientzat. 1936ko abuztuaren 15ean, aita eta alaba guardia zibilekin atera ziren Larragako etxetik, eta ez ziren inoiz itzuli. "Maravillas bortxatu zuten, eta gero biak hil zituzten", azaldu du Jesus Nietok, Maravillas Lamberto elkarteko kideak.

Elkarte horrek ekitaldi berezia prestatu du biharko, Larragan, herriko 47 fusilatuak gogoratzeko, tartean Maravillas Lamberto eta haren aita, Vicente Lamberto. Era berean, frankistek kaskamoztu eta umiliatu zituzten herriko emakume guztiak izanen dituzte gogoan, aurreneko aldiz.

Larragan bizi da Jesus Nieto. "Emakume askori, ilea moztu, eta errizino olioa ematen zieten, ondoren herriko kaleetan zehar publikoki iraintzeko asmoarekin", gogorarazi du. Frankismoak orbain sakona utzi die Larragako bizilagunei, eta emakumeen istorio anitz isilpean gorde dituzte urtez urte. "Maravillas gogoratuko dugu, baina, harekin batera, herriko emakume guztiak izan nahi ditugu gogoan, Maravillasena ez zelako kasu bakarra izan".

Memoriaren ikur

Oroimen historikoaren eta frankismoaren aurkako ikur bilakatu da Lamberto: "Istorio oso lazgarria da harena, baina sistematikoa izan zen: gizonak fusilatu eta emakumeak umiliatu, bortxatu... egiten zituzten". Zama handiarekin bizi ziren emakumeak, gerrarekin ez zelako errepresioa amaitu. "Berandu dator omenaldia, baina herriko emakume guztiak babestu nahi ditugu, haien ahalegina eta urte latzenetan egindako lana aitortu".

Bihar egingo den ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Paz de Ziganda helduen abesbatzak, Fermin Balentziak eta Gorka Urbizuk, Maravillas abestia kantatzeko. Larragan 2012an Memoriaren parkea egin zuten, 36ko gerran egindako sarraskiak eta ondorengo zapalkuntza oroitzeko. Urtero, bertan egin ohi dute omenaldia, baina aurten herriko plazan izanen da ekitaldi nagusia. "Eragile askok egin dute bat omenaldiarekin, eta leku handiagoa behar dugu: Lizarrako bertsolariak etorriko dira, Iruñeko Maravillas gaztetxeko kideak, Larragako dantza taldea... Espero gabe, handia egin da ekitaldia".

Bihar 11:00etan da lehendabiziko hitzordua, Memoriaren parkean. Bertatik kalejira eginen dute Maravillas Lambertoren etxeraino. Hortik, udaletxerako bidea hartuko dute, eta Foruen plazan izanen da ekitaldi nagusia, 12:00etan.

Urtero egiten diete omenaldia 36ko fusilatuei; ez, ordea, bizirik iraun zuten emakumeei. Nietok esan du badela garaia: "Memorian izan ditugu beti, baina inoiz ez dugu ezer publiko egin. Maravillasen kasua ezaguna da, baina beste hamaika sexu eraso egon ziren herrian". Herriko emakumeak kaskamotz utzi zituzten, egunero umiliatu, eta kolpeka ikasi behar izan zuten bizirik irauten. "Isilik egon dira emakumeak urte askoz, beldurra zutelako".

Orain dela urte asko hasi zen Nieto memoria historikoaren arloan lanean, eta erasoak salatu zituzten bi emakume baino ez ditu ezagutu. "Allon eta Fiteron gertatutako bi kasu baino ez ditut ezagutzen; bi emakumek publikoki salatu zuten faxistek bortxatu zituztela". Nietori osaba hil zioten 1936ko gerran: "Egun batetik bestera dena aldatu zen: fusilatu aurreko egunean lagunekin zebilen osaba, eta hurrengo egunean haietako batek eman zion tiroa. Horrela izan zen sarraskia".

Ezkutuko istorioak

Ezkutuan gelditutako istorioak agerian utzi nahi dituzte Larragan. Nietok autokritika egin du: "Beti izan ditugu buruan fusilatuak, eta gutxi oroitu gara herrian geratu ziren emakumeekin. Jada ez daude gurekin, baina memorian egotea garrantzitsua da". Ahaztutako eta ezabatutako emakumeak dira: "Zer gertatu zen herrian gelditu zirenekin? Lanik gabe gelditu ziren emakume asko, seme-alabak eta familia aurrera eramaten, eta egunero umiliatzen zituzten". Bortxaketak, erasoak, ilea moztea edota arropa urratzea bezalako jazarpenak jasan zituzten emakumeek. "Jendaurrean lotsarazi nahi zituzten, eta lortu zuten". Nietok badaki, andrazkoen presentziari dagokionez, hutsune handia dagoela historian, baina uste du gauzak aldatzen hasi direla, eta horren adibide da ere bihar Larragan eginen dieten omenaldia. "Emakumeak, 1936ko gerran eta ondorengo urteetan, ama, alaba eta emazte baino gehiago izan zirelako".

"Maravillas bezalako beste hamaika emakume daude, baina bizirik jarraitu zutenek ez zuten haien istorioa kontatu, beldurragatik batik bat". Memoria lantzeko beharra aipatu du Nietok, eta belaunaldi berriek lekukoa hartu behar dutela esan du.

Badaki biharko eguna berezia izanen dela, eta argi du gogoratu egin behar dela urte beltz horietan herrian jazotakoa. Larragako oroimen historikoa berreskuratzen ari dira, Nietoren esanetan, oroimen historikoak zor handia baitu emakumeekin.