Lehiaketa eta festa

Lehiaketa eta festa

Kattalin Barber
Ia bi hilabeteko ibilbidearen ostean, bihar amaituko da Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. 17:30ean eginen dute finala, Lekunberriko Toki Alai sagardotegian. Leitzako Aldatzea Komeni, Baztan-Malerrekako Addams Familia e...

Iritzia: Pobre izateak lotsatzen zaitu?

Saioa Alkaiza

Autokazetaritza ariketa bat da hau, autoetnografia saiakera bat, objektibitatea kapitalismoaren lubakian gordetako gezurra dela dakigunontzat.

Ez dakit zenbat elkarrizketa egin ote ditudan nire bizitzan, kazetari gisa daramatzadan urteetan; euskal prentsaren ekoizpen maila azkarra aintzat hartuta, ehunka izan daitezke. Baina, gaur, amarekin eseri naiz mahaian.

Langabezian dago. Orain gutxi arte, edadetuak zaindu ditu ospitalean, unerik okerrenetan, egun gutxi geratzen zitzaizkienean, hil-hurren zeudenean, eta ez daki zenbatek eman duten azken hatsa haren aurrean Nola da posible ez jakitea? Ba, ez dakit, Saioa; asko, nahi baino askoz gehiago. Zaharren zaintzaile eta unean uneko erizaina, etxe garbitzailea, ostalaria, dendaria, tapizaria… 62 urte dauzka, lanak laztutako eskuak, larritasunak puztutako begi zuloak eta 600 euroko bermatutako errenta.

"Gaizki bizi gara, oso justu; alokairua ordaindu behar dut, komunitatea, gasa, ura, telefonoa, garraio publikoa, jakiak… 600 euro gutxienekoa da". Kalkulu matematiko finak zehazten ditu hilaren hondar egunak; bere buruari ezarritako gastu kantitatetik ez ateratzeko saiakerak hartzen du egunerokotasuna.

"Ni moldatzen naiz etxean bakarrik nagoelako, eta ez dudalako ia gasturik". Galdera: Eta luxurik ba al daukazu? "Etxerako erosketak egiteaz gain, kafetxoren bat hartzen dut, baina deus gutxi gehiago. Ez dit ematen". Luxuari buruz galdetuta, kafea aipatu du.

Harentzat ez dira existitzen kanpora joateko egunak, eta barrez lehertu da galdera entzutearekin batera: "Oporretara? Ez, inondik inora ez, bai zera! Keba. Gastuak neurtuta dauzkat, ez gehiago ezta gutxiago ere. Ez, ez, ezinezkoa da".

Uste ustel asko dago oinarrizko errentaren inguruan, tartean behar ez duten batzuek jasotzen dutela, nahiz eta frogatuta dagoen oso urria dela behar ez eta eskatzen dutenen kopurua. Hari ez zaizkio axola besteen esanak. "Egia esan, sekula ez naiz larritu jendeak pentsa dezakeenarekin; errenta da gaur-gaurkoz daukadan bizirauteko modu bakarra. Ez da inolako desohorea. Nik lan egin dut, pila bat, bizitza guztian, eta, hala ere, ez dut nahikoa kotizatu; badakizu, beti etxeko lanetan eta zaintzan eta kontraturik gabe… eta, orain, nire adinean, ez dut lanik. Ezin dut besterik egin".

Emakumezkoa, 60 urtetik gorakoa eta ikasketarik gabea. Larri iristen da hilabete bukaerara. Errenta berritu behar diote eta bi hilabetez ez du dirurik jasoko, behin kasua berraztertuta, galdutako hilabeteetako dirua sartuko dioten arren. Nola egin dezake aurrera errenta kobratzen duen batek hilabete horietan? Areago, eta inguruan babes sarerik ez balu, beste askok ez duten gisan, zer eginen luke?

Kezkatuta amaitu dut elkarrizketa. Ama, lotsa ematen dizu nik errentari buruz galdetzeak eta hau argitaratzeak? "Ez, inondik inora ez! Zergatik?". Begira-begira geratu zait, begiak iltzatuz: "Eta zuri? Lotsa ematen al dizu jendeak hau irakurtzeak?". Ez dakit zer erantzun.

“Edukiz bete nahi dugu espazioa, eta jendeari helarazi horren berri”

“Edukiz bete nahi dugu espazioa, eta jendeari helarazi horren berri”

Edurne Elizondo

Asun Maestro (Faltzes, 1960) 2015etik da Nafarroako liburutegien zerbitzuko buru. Anitzez lehenago hasi zen esparru horretan lanean, herriko liburutegian. Orain, duela zazpi urte zabaldu zuten Nafarroako Liburutegi Nagusiaren egoitza du lantoki. Espazio zabala da, baina haren jarduera, oraindik ere, ez Maestrok nahi bezain ikusgarri.

2015eko irailetik zara liburutegien zerbitzuko buru. Noiztik ari zara arlo horretan lanean?

Duela 34 urte hasi nintzen. 1984an hasi nintzen Faltzesen, herriko liburutegian. Handik etorri nintzen Iruñera. Orduan ez zegoen egun dagoen egitura; zabalduz joan da. Ez dakit herritarrak eta liburuak gertu ditugulako edo zergatik den, baina uste dut liburutegietan ari garenok benetako afizio dugula ofizioa. Irakurketaren militante bilakatzen gara.

Liburutegi guztien ardura duzu orain. Erran duzu Nafarroako Liburutegi Nagusiaren arazo nagusietako bat dela ikusgarritasunik eza. Zer erran nahi duzu?

Erran nahi dut uste dugula herritarrek ez dutela egiten duguna ezagutzen. Ez da bakarrik liburutegi nagusiaren arazo bat. Oro har gertatzen da. Urtean 2.500 ekinaldi baino gehiago ari gara egiten, baina herritarrek ez dute ezagutzen, oraindik ere, egiten dugun lan guztia.

Liburutegi nagusiaren kasuan, espazioa zabala eta handia da, baina agerian utzi izan dituzu kultura ekinaldiak antolatzeko dituzuen zailtasunak. Zer dela eta?

Eraikin handia da, eta espazio zabalak ditugu. Kontua da eraikina egin zutela funtsa gordetzeko, eta irakurtzeko, edo ikertzeko erabiltzeko. Kulturarekin lotutako ekinaldiak antolatzeko espazioak falta dira, ez zitzaion horri lehentasuna eman. Guretzat liburutegia topaketarako gune bat da, eta behar ditugu kultura ekinaldiak antolatzeko espazioak. Espazio horiek atontzeko moduak bilatzen ari gara, eta, aldi berean, antolatzen ditugun ekinaldien berri zabaltzen ahalegintzen ari gara.

Liburutegi nagusia hiriko erdigunetik urrun da. Horrek eragiten dio?

Egia da erdigunetik nahiko genukeen baino urrutiago dagoela. Hiriko mugan dago, eta hori ahulgune bat da. Gure lana da horri buelta ematea. Dagoen tokitik ezin dugu mugitu, beraz, balia dezagun duguna ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Zazpi urte bete berri ditugu. Gure helburua da dugun espazioa edukiz betetzea, eta herritarrei helaraztea eduki horren berri.

Liburutegien jardueran zer eragin dute teknologia berriek? Zein neurritan aldatu dute liburutegiak erabiltzeko modua?

Teknologiak eman digu aukera, 1996. urtetik, prozesuak automatizatzeko. Liburutegiek, gainera, partekatzen dute informazioa; nahikoa da, adibidez, batek agiri bati buruzko azalpena automatizatzea, denek informazio hori jaso ahal izateko. Mailegu zerbitzua ere automatizatu dugu, eta orain, txartel bakar batekin, herrialdeko liburutegi guztietan sar zaitezke. Hori ez zen gertatzen duela hamar urte. Liburu funtsaren digitalizazioaren esparruan ere ari gara lan egiten. Horrek aukera ematen du edozein tokitatik liburu horiek erabiltzeko. Errazagoa da erabiltzea, bai eta zaintzea ere.

Baina maileguen esparruan, adibidez, liburu elektronikoak ez dizue eragin?

Bai. Eragin hori sumatu dugu, behera egin dute maileguek. Uste dut jendea oraindik ez dela jabetzen kopia pirata egiteak ekartzen duen kalteaz.

Parlamentuko Kultura Batzordeko kideen bisitan lantaldea handitzeko beharra nabarmendu zenuen. Langileak faltan dira?

Aspalditik datorren arazo bat da hori, eta agerian utzi nuen kargu hau hartu aurretik ere, Nafarroako Liburuzainen Elkarteko kide gisa. Betiko eskaera da hori. Liburutegi publikoek badute hezkuntzaren eta kulturaren esparruan eragiteko gaitasun handia, baina ez dugu dena aprobetxatzen. Niretzat oinarrizko zerbitzu bat eskaintzen dute liburutegiek. Falta dira langileak liburutegien zerbitzu osoan. Nafarroan 93 daude, liburutegi nagusiaz gain, eta haietako %82tan pertsona bakarra ari da lanean. Arazoa larria da liburutegi nagusian ere. 20.000 metro koadro ditu, eta 24 pertsona ari dira lanean. Liburutegia San Frantzisko plazan zegoen garaiko kopuru bera da. Ez da nahikoa.

Ez dago lantaldea handitzeko aukerarik edo asmorik?

Arazoa agerikoa da, baina konponbidea ez da erraza. Administrazioan ari diren langileen kopurua handitzeko arauak hagitz zurrunak dira. Guk lantaldea handitzeko eskatzen jarraituko dugu.

Espazioarekin ere arazoak dituzue?

Bai. Filmotekarekin partekatzen dugu 180 eserleku dituen areto nagusia, baina aukerarik ez dugu tamaina txikiagoko jarduerak antolatzeko, edo erabiltzaileei biltzeko tamaina txikiko aretoak emateko. Kontua da eraikin hau dugula, eta guk ahalik eta etekinik handiena atera nahi diogula. Aprobetxatu nahi dugu duguna.

Liburutegi nagusia da larunbatetan zabalik den bakarra. Horrek are larriago bilakatzen du espazio faltaren arazoa?

Espazioarekin lotutako arazoa areagotzen da. Lotura zuzena du, noski, lantaldean ditugun mugekin. Larunbatetan agerian gelditzen da espazio gehiago behar dugula. Kontua da bertze liburutegiak ezin direla zabaldu lantaldea ez delako nahikoa. Larunbatetan ilarak izaten ditugu guk liburutegi nagusian.

Parlamentarien aurrean erronka nagusitzat jo zenuen erreferente bilakatzea. Nola lor daiteke hori?

Kargua hartu nuenean, argi nuen plan bat behar genuela legegintzaldirako, lan ildo nagusiak zehaztu behar genituela. Horixe egin genuen. Helburuetako bat da erreferente bilakatzea liburutegi nagusia. 300.000 dokumentu ditu, eta milioi bat hartzeko gaitasuna du. Helburu hartu ditugun ildoetako bat izan da hemeroteka bultzatzea eta sendotzea. Bertze bat da bideo-jokoena. Nerabeak erakarri nahi ditugu ildo horren bidez. Zaila izan da beti nerabeak erakartzea, eta teknologia berriekin are zailagoa. Jardueren esparruan ere egin nahi ditugu urratsak. Argi utzi nahi dut ez nagoela ni bakarrik lanean, lantalde bat dudala ondoan, eta, batez ere, zazpi pertsona zuzendaritzan nirekin elkarlanean: Fernando Ros, Amaia Prado, Clara Flamarique, Anabel Olaso, Jesus Arana, Josean Gomez eta Juantxo Elizari, hain zuzen ere.

Legegintzaldiaren erdia baino gehiago joan da. Ontzat jotzen duzu orain arte egin duzuen bidea?

Zaila da egindako lanaren balorazio bat egitea. Nik erran nahi dudana da orain arteko lana izan dela bizia. Eta gure asmoa izan dela urrats sendoak egitea. Hori da gure lehentasuna, urrats sendoak egitea, gero etorriko direnek atzera ez egiteko, berriz ere.

Sustraiak behar du non errotu

Sustraiak behar du non errotu

Edurne Elizondo

Wallmapu mapan jarri dute. Izen bereko Euskal Herriko elkarteko kideak Nafarroako Parlamentuan izan dira, eta maputxeen herrira begira jarri dituzte talde politikoetako ordezkariak: Txileko eta Argentinako gobernuen administrazioaren pean sufritzen ari diren errepresioaren berri jaso eta zabal dezaten; egoerari buelta emateko presioa egin dezaten. "Laguntza eske gatoz, maputxeen aldeko adierazpen instituzionala eskatzera", erran zuten Wallmapu Euskal Herria elkarteko Gabi Basañezek eta Mery Ann Garlingek, parlamentarien aurrean otsailaren 20an egindako agerraldian. Adierazpena onartzeko zain dira orain.

Lurrari lotutako herria da maputxeena; lurra da mapu, eta jendea, berriz, txe. Beren lurraldeari erraten diote Wallmapu: inguruko lurra. Egun, Txileren eta Argentinaren artean banatuta dago lurralde hori; 1,8 milioi maputxe inguru bizi dira Txilen —Ulumapu deitzen duten lurraldean—, eta 200.000 inguru Argentinan, Puelmapun. Kolonizazioaren ondorioz, lurralde horren %10 dago bakarrik maputxeen esku, gainontzekoa enpresek eta latifundistek hartua dute. Maputxe gehienak Hego Konoaren hegoaldean bizi dira, estatuek kendu ezin izan zizkieten lurretan.

Espainiako konkistatzaileak Amerikara iritsi zirenetik Abya Yala erraten zioten jatorrizko biztanleek, lurrari eusteko etengabeko borrokan aritu dira maputxeak. Galdutakoa berreskuratzeko azken hamarkadetako nahiak eta bide horretan egindako urratsek ekarri dute jazarpenak gora egitea.

Errealitate horren adierazgarri, hainbat datu jarri dituzte mahai gainean Wallmapu Euskal Herriko kideek: 2001etik, Pinocheten diktaduran onartutako terrorismoaren aurkako legedia ezartzen diola Txilek maputxeen herriari, adibidez. "Legedi horrek ekartzen du, bertzeak bertze, maputxeak hiru urtez espetxean sartzeko aukera, epaiketarik egin gabe".

Horixe nabarmendu zuen Garlingek parlamentuan, eta horixe berretsi du elkarte bereko Iban Gartziak ere. Maputxeen aurkako errepresioari buruz gehiago erran du: "Atxilotzeak, torturak, bai eta hilketak ere eguneroko kontua dira Wallmapun".

Multinazionalen interesak

Gertutik ezagutu du Gartziak eguneroko hori. 2016ko otsailean joan zen Wallmapura lehendabizikoz, eta handik ia sei hilabetera atxilotu, eta kanporatu egin zuen Txileko Gobernuak. Urte bereko irailean Wallmapura itzuli zen irundarra, bigarren aldi horretan Argentinako Gobernuaren administrazioaren pean dagoen eremura. Bost hilabetez egon zen, eta handik bueltan hasi zen Wallmapu Euskal Herria sortzeko proiektua mamitzen.

"Urte batean lau maputxe hil dituzte", nabarmendu du Gartziak. Haien alde ari zen Santiago Maldonado gazte argentinarraren hilketa ere gogora ekarri du Wallmapu Euskal Herria elkarteko kideak. Iazko abuztuaren 1ean desagertu zen, maputxeen aldeko protestetan parte hartu eta gero. Urriaren 17an aurkitu zuten Maldonadoren gorpu hila. "Santiago Maldonadoren heriotzak oihartzun zabalagoa izan du zuria zelako, eta argentinarra. Askok esan dute Maldonadorena izan dela lehendabiziko desagertzea demokrazia garaian, eta hori ez da egia. Maputxe asko desagertu dira aurretik ere. Haien aurkako arrazakeria oso handia da".

Arrazakeria, kolonialismoa, pobrezia, kulturaren eta lurraren galera... Anitz dira maputxeak jotzen dituzten auziak. Denek, halere, badute ezaugarri komun bat, gaur egun: enpresa multinazional handien interesek duten indarra, baliabideak dituzten lurrak mugarik gabe ustiatzeko. Tartean, maputxeenak. Enpresa horien jarduerak ekarri du, batetik, lurren galera, eta, bertzetik, maputxeek lur horiekin duten lotura eta harreman propio eta berezia suntsitzea.

Jatorrizko herri bat da maputxeena, kultura, sinismen eta hizkuntza propioa dituena, eta halaxe azaldu zuen Basañezek Nafarroako Parlamentuan. Wallmapu Euskal Herria elkarteko kideek maputxeen eusteko gaitasuna nabarmendu dute, batez ere. "Espainiako konkistatzaileei aurre egin zieten; haiekin akordioak egin behar izan zituzten, ezin izan zituztelako mendean hartu", gogoratu dute. Herri idependentea izatea lortu zuela erantsi dute, 1885. urtean Txilek eta Argentinak kanpaina militar banarekin maputxeen aurka egin zuten arte. "Milaka eta milaka maputxe hil zituzten; kontzentrazio esparrutara eraman eta behartutako lanak egin behar izan zituzten ere".

Txileko eta Argentinako diktadurekin egoerak okerrera baino ez zuen egin maputxeentzat. Gaur egun, enpresa hidroelektrikoak, basoen esplotazioan ari direnak edo meategiak ustiatu nahi dituztenak dituzte maputxeek aurrean. Enpresek dute boterea, eta desorekaz betetako errealitate horretan maputxeak dira gehienetan galtzaile. "Natura arpilatzen ari dira, eta baliabideak lapurtzearekin batera, bizitzeko moduak eta harremanak suntsitzen ari dira". Pobrezia du egoera horrek ondorio, batetik, eta aldatu nahi dutenen kriminalizazioa, bertzetik.

Horri buruz anitz daki Ruben Colliok. Maputxea da. Bere komunitatean Austriako RP Global enpresa hidroelektrikoaren asmoen aurka aritu dira borrokan. Gisako multinazionalek ekarri dute, bertzeak bertze, maputxeen lurren galera eta uraren pribatizazioa. Colliok eta haren bikotekide Macarena Valdesek ozen salatu dituzte beren lurren aurkako proiektuak. Beren salaketak izan du ondoriorik: 2016. urteko abuztuan, Macarena Valdes hil egin zuten. "Urkatuta aurkitu zuten. Aurretik, enpresaren asmoen aurka egiteagatik mehatxua jaso zuen", azaldu du Gartziak. "Denok argi genuen ez zuela bere buruaz beste egin".

"Emakume, maputxe eta borrokalari sutsua zelako hil dute; bere lurra defendatzeagatik", erran zuen Colliok, argi eta garbi, Valdesen heriotza gertatu eta gero. Valdesen familiak ez du amore eman, ordutik, eta emakume maputxea hil zutela erakusteko ahaleginak eman du fruiturik. Joan den urtarrilean jendaurrean agertu zen Ruben Collio eta ezagutarazi zuen Valdesen gorpuari bigarren autopsia bat egitea lortu zutela, eta autopsia horren emaitzak agerian utzi zuela, zalantzarik gabe, emakumeak ez zuela bere buruaz bertze egin. "Hil zuten, eta, gero, bere gorpua zintzilikatu zuten".

Bigarren autopsiaren emaitza ezagutu zuenetik, Valdesen heriotzari buruzko auzia berriz zabaltzea izan da Collioren helburu nagusia. Oraingoz, halere, Txileko justiziak ez du aintzat hartu eskaera hori.

"Hemendik egin behar dugu lan Valdesen heriotza argitzeko eta erantzule guztiak agerian uzteko", erran du Iban Gartziak. Lan horren barruan kokatu du Wallmapu Euskal Herriak Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldia, bai eta erakunde horretako batzordearekin egindako lan saioak ere. "Gure elkartearen tokia herri mugimenduan dago, baina argi dugu erakundeek ere egiten ahal dutela presioa, eta horren alde egin nahi dugu". Wallmapuren eta Euskal Herriaren arteko zubi izan nahi du izen bereko hemengo elkarteak. Elkar babesteko, elkarri irakasteko.

Salaketa saritua

Salaketa saritua

Edurne Elizondo

Saria jaso du bere lanak; eta saria jaso du lan horien bidez egin nahi duen salaketak ere. Horixe nabarmendu du Tras Los Muros ekintzaile antiespezistak, Picture of The Year International nazioarteko sari ospetsua irabazi eta gero. 2014. urtean sinatu zuen Tras Los Murosek bertze animalien zapalkuntza eta erabilera agerian uzten zuen bere lehendabiziko argazki erreportajea: Iruñeko sanferminetan egin zuen. Orain, lau urte joan eta gero, Hiltegi izenburuko irudi sortaren bidez jaso du kazetaritza grafikoaren arloko sari garrantzitsuenetako bat. "Lana saritu dute, bai eta lan horrek egin nahi duen salaketa ere", berretsi du argazki kazetariak.

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Tras Los Muros proiektua mamitu duen pertsona. Iruñeko sanferminetan ez ezik, Euskal Herriko bertze hamaika txokotan ere atera du kamera, bertze animalien zapalkuntza eta erabilera salatzeko. Picture Of The Year International sariak nabarmendu duen irudi sorta, berriz, Mexikon egin du Tras Los Murosek. Saritutako argazkiekin batera, Hiltegi izenburuko dokumentala ere osatu du ekintzaileak, bai eta hiltegien inguruko ikerketa lan zabala ere. 50 hiltegi ingurutan sartu da.

Hiltegietan egindako ikerketa horrek, hain zuzen ere, munduko edozein txokotan gertatzen den errealitate bat islatzen duela erran du, argi eta garbi, Tras Los Murosek: "Hainbat kontu zehatz bazter utzita, ikerketak erakusten du edozein hiltegitan gertatzen dena. Animaliak hiltzen dituzte espazio horietan. Denok dakigu hori, baina gizarte gisa ez dugu egin, oraindik ere, horri buruzko gogoeta sakon bat".

Gogoeta hori abiatzea da Tras Los Murosek egindako argazkien helburua, hain zuzen ere: "Heriotzaren fabrikak dira hiltegiak, eta fabrika horietan sartzeko atea ireki nahi dut, irudien bidez. Heriotzaren fabrika horiek zilegizko espaziotzat hartu ditugu, bai eta beharrezkotzat ere", erantsi du.

Berri gutxi, tarte txikia

Duela lau urte martxan jarri zenetik, behin baino gehiagotan erran du Tras Los Murosek kazetariek egin beharreko lana egiten dutela bera bezalako ekintzaileek; oro har, bertze animaliek sufritzen duten zapalkuntzak tokirik ez duela hedabideetan. Horregatik, hiltegien egunerokoa islatzen duen argazki sorta saritu izana "pizgarritzat" hartu du. "Etsigarria da, anitzetan, bertze animalien zapalkuntza hedabideetara ailegatzeko zenbat lan behar den konturatzea; ederki dakite esparru horretan lanean ari diren erakundeek".

Oraindik ere hedabideetara bertze animalien zapalkuntzari buruz ailegatzen diren berriak "gutxi" direla eta eskaintzen zaien tartea "txikia" dela erran du Tras Los Murosek. Onartu du, halere, azken lau urteotan berak egin duen lanak izan duela oihartzuna, bertzeak bertze, sare sozialetan, eta jende anitzek jo duela beregana ahalegina eskertzeko. "Sortu den eztabaida eta bertze animaliengan dagoen kezka, halere, ahalegin kolektibo baten emaitza da, argi eta garbi. Kezka hori, gainera, gero eta handiagoa da. Ezin dugu ahaztu milaka pertsona aritu direla eta ari direla, hamarkadaz hamarkada, animalien askapenaren alde lanean", nabarmendu nahi izan du.

Euskal Herrian ere, sortzen ari dira bertze animalien erabilera salatzeko taldeak. Nafarroan, bertzeak bertze, LiberAbere ari da. Tras Los Murosek, halaber, Donostiako Askekintza taldeko kideekin lan egin du, zenbaitetan. Talde horrek Gurean izenburuko dokumentala aurkeztuko du datorren astean, Euskal Herriko bestetan gertatzen den animalien zapalkuntza eta erabilera agerian uzteko; Iruñeko sanferminetan gertatzen dena ere bai. Dokumentalarekin batera, Tras Los Murosek egindako argazki sorta zabaldu du taldeak.

Lanean jarraituko du ekintzaileak. Kide batek animatu zuen Picture of The Year sarira aurkezten. Sariaren bultzada jaso du orain. Lanean, salatzen segitzeko.

Iritzia: Zuentzat, zuekin, zuei

Lur Albizu Etxetxipia

Planto eginen genuela esan, eta egin dugu. Ez dugu inoren leziorik behar, badakigu zertan ari garen. Emakumeek*, feminismoek, kaleak hartu ditugu. Geratzeko etorri gara. Kontuan hartuko gaituzue? Kontuan hartuko dituzue militatzeko beste erak? Kontuan hartuko dituzue gauzak egiteko moduak? Kontuan hartuko duzue beste inon baino askoz emakume* gazte gehiago bildu dela prozesu honetan? Aintzat hartuko duzue emakumeon* hitza, edo erabakiak zuen kabuz eta zuen "kudeaketetan" hartzen jarraituko duzue?

Hitz hauek greban parte hartu zenuten emakume* guztiei. Azken aste eta hilabeteetan gelditu gabe lanean ibili zareten guztiei. Egunero greban pentsatu duzuenei, ekitaldiak prestatzen egon zaretenei. Batzarrak antolatu dituzuenei, batzuk eta besteak prestatzeko erotu zaretenei. Hasieratik honekin aurrera egin behar zela zenekitenei. Konbentzituta zeundetenei eta apustu erraldoia egin duzuenei. Txandak egin dituzuenei; ahal zenutena egiteko prest agertu zaretenei.

Gertukoen eta ez hain gertukoen zalantzak (pazientzia handiz) argitu dituzuenei. Herriz herri batzarrak, egitasmoak eta ekintzak loratu dituzuenei. Lehen haziak jarri zenituztenei. Amantalak zintzilikatu dituzuenei. Bideoak egin dituzuenei. Batzarretan aspertu zaretenei, haserretu zaretenei, barre egin duzuenei. Urduri jarri zaretenei. Lan-kargak itoko zintuztetela uste zenutenei. Señorei. Egunak telefonora itsatsita egon zaretenei. Institutuetan greba onartzeko izateko arazoak izan dituzuenei, beste hezkuntza baten alde jo eta ke ibili zaretenei. Mila diseinu egin, eta Whatsapp taldeetan desesperatu zaretenei. Pankartak nola egiten diren irakatsi nahi izan diguzuenei.

Aliantzak josi eta saretu dituzuenei. Hasieran beste batzuekiko mesfidantzak zenituztenei; ostegunean mesfidantzak besarkada bihurtu ziren. Gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakutsi duzuenoi. Antolatzeko beste era bat dagoela demostratu duzuenei. Beste dimentsio batzuk ikusarazi dizkiguzuenei. Ematen duena baino errazagoa zela esaten zenutenei.

Greba feministak eztanda egin zuenean, gauez, egunak izanen zuen tamainaz ohartu zinetenei. Ur kuboa gainera bota zizuetenei. Piketeak egin zenituztenei; auzoa, herria, hiria pankartaz josi zenutenei. Ekintzak egin nahi izan eta lortu ez zenutenei. Errepideak moztu eta paretetan oihuak margotu zenituztenei. Dantzatu, txalo egin zenutenei. Aski dela esateko elkartu zinetenei. Bideak moztu, Corte Inglés inguratu, Inditex itxi zenutenei.

Posible izanen zela sinetsi zenutenei. Aurreikuspenak gainditu eta plaza guztiak bete zenituztenei. (Jo)ahaldundu zinetenei. Pankarta eraman, eta zoriontsu izan zinetenei. Jendaurrean hitz egin zenutenei. Elkar besarkatu zenutenei. Egunaren amaieran negar egiteari eutsi ezin izan zeniotenei eta eutsi zeniotenei. Gorputzak eztanda eginen zuela pentsatu zenutenei. Lagunak egin dituzuenei. Bideko lagunei.

(Donibanekoei, irribarre egiten jarraitzeagatik; keinu bakoitzarengatik. Oso harro egoteko moduko auzoa eta kideak dituzu, Antxo. Jtk!).

“Erabateko kontrola zuten militarrek lehenengo egunetik”

“Erabateko kontrola zuten militarrek lehenengo egunetik”

Kattalin Barber

Ricardo Urrizolak (Iruñea, 1968) 2.000 izen propio baino gehiago jaso ditu Consejo de Guerra. Injusticia militar en Navarra, 1936-1940 liburuan. 1936tik 1940ra arteko 600 bat auzitan aurkitu ditu izen horiek, Iruñeko Artxibo Militarrean. 1936ko gerraren testuinguruan Nafarroa nolakoa zen eta militarrek gizartean zer-nolako kontrola ezarri zuten aztertu du, besteak beste.

Zer dela-eta hasi zinen auzi horri buruz ikertzen?

Bost urteko lana izan da. Memoria historikoaren legea onartu zenean, artxibo militarretan arakatzeko aukera ireki zen. Txalaparta argitaletxeak eman zidan abisua. Izan ere, ordura arte itxita zeuden armadaren artxibategiak. Baimena eskatu nuen, eta ikertzen hasi nintzen. Ez nuen inolako arazorik izan lana aurrera eramateko. Egia esan, ordura arte ezer gutxi nekien 1936ko gerrari buruz. Artxibo askotan ibilia naiz, baina 1936ko gerra ez dut inoiz ikertu. Bereziki, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako dokumentuekin ibili naiz.

Zer motatako dokumentazioa dago artxibo militarrean?

1936tik 1939ra bitarteko dokumentu guztiak ikertzeko baimena jaso nuen. Auzitegi militarren ohiko jarduna agertzen da, besteak beste. Astean hirutan joaten nintzen, eta nirekin beti soldadu bat zegoen, zer egiten nuen ikuskatzeko. Normalean, artxiboetan ez dizute argazkirik ateratzen uzten, baina horretarako ere baimena jaso nuen. Hortaz, sei hilabete eman nituen bi kamerarekin dokumentu guztiei argazkiak egiten, eta gero ikerketa etxean egin nuen. Esan daiteke artxiboa eraman nuela etxera.

1936ko gerran 3.000 pertsona baino gehiago hil zituzten frankistek Nafarroan; horietatik zuk 38 aurkitu dituzu dokumentuetan.

Bai, hasieratik arreta eman zidan datuak. Hor dauden auzien arabera, militarrek botere guztia bereganatu zuten herritarrak epaitzeko. 38 pertsona hil zituzten, auzitegi militarrek heriotza zigorra ezarri eta gero. Gaztelugibelean fusilatu zituzten. Baina gerran 3.000 hildako baino gehiago egon ziren. Terrorismo hutsa izan zen. Ez zegoen epaiketarik, eta zigorgabe gelditu ziren.

Zein zen giroa urte horietan Nafarroan?

Eguneroko bizitzan erabateko kontrola zuten militarrek Nafarroan, gerraren lehendabiziko egunetik. Altxamendua gertatu eta hurrengo astelehena laneguna zen, eta Fronte Popularrak irrati bidez lanera ez joateko abisua eman zien herritarrei. Militarrek, aldiz, lanegun normal bat izatea eta lanera joatea nahi zuten. Hortaz, militarrak kontrolatzen hasi ziren nor joaten zen lanera eta nor ez. Tabernetan egon ziren zelatatzen, eta hainbat eta hainbat atxilo hartu zituzten. 'Hemen ez da ezer aldatu, eta bizitzak beti bezala jarraitu behar du'. Horixe zen militarrek zabaldu nahi zuten mezua.

Ia 600 auzi bildu dituzu. Zer-nolako istorioak jaso dituzu?

Denetarik dago. Bakoitza istorio bat da, eta ez du zerikusirik aurrekoarekin. Errepresioa, sententziak, salaketak, zigorrak... Hasieratik, ezkerreko jendeari armak kendu zizkieten eskuineko jendeari banatzeko. Salatari asko zeuden orduan, eta arma batekin harrapatzen bazintuzten bazenekien zein zen ondorioa. Familia susmagarria baldin bazenuen, kartzelara zindoazen.

Herritarrak defendatzen ziren?

Ikertzen ari nintzela, lagunei laburpen moduko bat egin nien. Esan nien 1936ko Iruñean nagusi zirela pistolak, alkohola eta barrabilak. Hiru hitz horiek deskribatzen dute militarren jarduna. Agintzen zuten, eta nahi zutena egiten zuten. Bi tirorekin konpontzen zuten dena, eta herritarrak mehatxatzen zituzten. Beldurra zuten. Senideren bat edo gertukoren bat desagertzen bazen, jendeak ez zuen salatzen. Eta, horregatik, hain zuzen ere, oraindik ere agertzen dira ezagutzen ez genituen kasuak honi buruz hitz egiten dugunean, isilik egon direlako urtez luzez, beldurrez josita.

Inork ez zituen salaketak jartzen?

Aurkitutako informazioaren arabera, salaketa kasu bakarra aurkitu dut. 1937. urtean izan zen. Emakume batek senarraren desagertzea salatu zuen. Altsasuko alkate izandakoa zen; mezan egon, eta gero bi gizonekin bat egin omen zuen etxerako bidean, eta ordutik ez zuten gehiago ikusi. Militarrek salaketari bidea eman zioten, baina ezerezean gelditu zen.

Militarren, falangisten eta erreketeen arteko gatazkak ere jaso dituzu. Nolakoak ziren?

Behin gerra hasita, Iruñeko Dormitaleria kalean prostituzio etxeak irekitzen hasi ziren. Han ere nahi zutena egiten zuten militarrek; auzi asko daude prostituzio etxeetan gertatutakoak. Udaltzaingoarekin liskarrak izan zituzten. Esan daiteke bat egin zutela hasieran altxamendua babestu zuten guztiek, baina, poliki-poliki, botere banaketa dela eta, arazoak sortzen hasi ziren. Militarrak gutxi ziren hemen. Nafarroan karlistak ziren nagusi, eta frontetik itzuli zirenean ikusi zuten militarrek agintzen zutela, baina haien familiak bakarrik zeudela eta lagun asko hil zirela. Falangistekin ere arazoak izan zituzten, karlistentzat oso garrantzitsua baita erregearen figura, baina falangistek ez dute ez jaungoikorik, ez erregerik. Lehia handia zegoen haien artean.

Zer-nolako ekarpena egiten dio zure liburuak memoria historikoari?

Gerrari buruz gehiago jakitea ekarri du liburuak. Azken finean, mapa osatzea. Orain dela 30 bat urte Jose Mari Esparzak argitaratu zuen Navarra 1936: de la esperanza al terror liburua. Lan horrek 3.000 hildakoren berri eman zuen. Hau segida izan daiteke mapa osatzeko bidean. Nik ikertu dut auzitegi militarren ohiko jarduna; eta ikertu ditut, halaber, Nafarroako orduko giroa eta armadak ezarritako erabateko kontrola.

Jasotako uzta zabaltzeko

Jasotako uzta zabaltzeko

Kattalin Barber

Iraultzak kalean jaio baina liburutegietan eraikitzen dira". Premisa hori hartu du abiapuntu Zuriñe de la Cuevak egiten ari den lana azaltzeko. Justo de la Cueva idazle, soziologo eta pentsalari marxistaren alaba, beste hainbat kiderekin batera, intelektualaren legatua ordenatzen eta sailkatzen ari da, gizartearen esku jartzeko asmoarekin. 10.000 liburu baino gehiago dituzte Euskal Herriari, frankismoari, marxismoari, antropologiari eta soziologiari buruz. Hirukoitza da egitasmoaren helburua: ordenatzea, sailkatzea eta funtsaren kultur-ondarea zabaltzea.

Joan den urteko apirilean zendu zen Justo de la Cueva idazlea. Jaiotzez madrildarra zen, baina aspaldi kokatu zen Nafarroan. Euskal Herriko auzi politikoei buruz hainbat publikazio argitaratu zituen pentsalariak; tartean, La escisión del PNV (1988), La negación radical vasca del capitalismo mundial (1994) eta Esos asesinos que impunemente matan cada día a miles de personas (1996) liburuak. "Gure helburua bere ondarea ordenatzea, sailkatzea, katalogatzea, digitalizatzea, hedatzea eta sozializatzea da", azaldu du De la Cuevak.

Politika eta gizarte zientzien inguruko milaka liburu dauzkate gordeta familiaren Etxarri Aranazko etxeko etxabean. "Bertan, teoria eta historia marxistak leku nabarmena du; halaber, frankismoari eta Euskal Herriaren hurbileko historiari buruzko lan kopuru itzela dago". Hain zuzen ere, 1980ko, 1990eko eta 2000ko hamarkadetako Euskal Herrian sortutako milaka dokumentu eta libururen isla da Justo de la Cuevaren artxibo gunea. "Liburuez gain, garai bateko kartelak, aldizkariak eskuorriak, bideoak eta beste ditugu. Oraindik badaude kutxak hainbat dokumentazioz beteak, katalogatzeko daudenak", esan du. Izan ere, 70 metro koadroko etxabea da, eta 50 dokumentazio kaxa eta 10.000 liburu daude.

Egoera ez dela batere ona badaki De la Cuevak, eta, horregatik, ahalik eta lasterren ordenatzea da helburua. Behin ordenatu eta katalogatu ondoren, pentsalariaren irizpideei jarraikiz, leku bat bilatuko diote legatu guztiari. Egun, artxibo gunea ez dago jendearentzat irekita, eta liburuak eman eta saltzea aurreikusten dute.

Lan guztia aurrera eramateko, Justo de la Cuevaren irizpideei jarraituko diete, hala idatzita utzi zuelako hil baino lehenago. Alabak azaldu duen moduan, bi urte beharko dituzte, "gutxi gorabehera", egitasmoa osatzeko. Hamalau pertsonako taldea osatu dute auzolanean liburu eta artxibo guztiak katalogatu eta digitalizatzeko. Hala ere, proiektuaren logistikarako finantzaketa behar dute, eta finantzaketa kolektibo bidez lortu nahi dute beharreko diru kopurua. Asteotan, gainera, aurkezpenak egiten ari dira Euskal Herrian, Bartzelonan eta Madrilen.

Katalogo birtuala

"Liburuak katalogatzeko merkatuan dauden erremintak oso garestiak dira, eta ez dira gure beharretara egokitzen; hori dela eta, artxibo modulu bat programatzen ari gara lana aurrera eramateko". Drupal software librea erabiliko dute, haiek berek sortuko duten artxibo moduluarekin batera. Gutxienez, 7.000 euroko finantzaketa lortu nahi dute, programazioa, ordenagailuak eta diseinua ordaintzeko. "Harrera ona du proiektuak; gertatzen zaiguna da gehienetan jende heldua dela interesa duena, eta ez dute oso ongi ulertzen nola funtzionatzen duen finantzaketa kolektiboak", azaldu du De la Cuevak.

Nolanahi ere, argi du lanean jarraituko dutela eta finantzaketa lortzeko bideak aurkituko dituztela. Halaber, gazteengana heltzea nahiko lukete: "Batzuetan zaila da memoriaren kontakizuna transmititzea, baina lan hau beharrezkoa dela uste dugu, jendearen esku jartzeko. Horixe da gure lehentasuna".

Marxistaren ondarea ikertzaileentzat edota interesa izan dezakeen edonorentzat jarri nahi dute eskura. Balio handiko liburutegi eta artxibo gunea dela dio De la Cuevak. "Justo komunista zen, eta materialismo historiko eta dialektikoaren erremintak erabiltzen zituen errealitatea ikertzeko. 1980tik 2000ra arteko Euskal Herriko klase borrokaren isla da artxibategia". Ezker abertzaleko militantea izan zen De la Cueva, eta liburu eta dokumentu asko utzi zituen idatzita. Horrez gain, Basque Red Net webgunearen sortzailea izan zen, eta ia hamar urtez astero idazten zuen bertan Euskal Herriko errealitate politikoari buruzko erradiografia bat. 2004. urtean itxi zuen Poliziak webgunea. Torturaren aurka egindako jardueretan ere ezaguna izan zen De la Cueva. "Gizartearentzat egindako lan guztia itzultzen saiatzen ari gara". Idatzitako eta pilatutako liburu guztiak gizartearen esku jartzeko asmoarekin.