Lur Albizu Etxetxipia
Txarrenari onena atera diozu. Zaurietan musu, ezerezean zu. Minari aurpegia, gezurrari egia. Aurrera Altsasu!".Ez gara ohitu zuek gabe bizitzera. Ez gara ohitu bata bestearen atzetik berri txarrak jasotzera (zenbat kolpe izan dira...

Pareta baten kontra
Edurne Elizondo
Gehiago espero zuten. Baina pareta baten kontra egin duten sentsazioa dute. Bidea ia hasi bezain pronto amaitu dutela. Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikasteko dauden aukerak uste baino urriagoak direla konturatu dira. NUP, ...

“Ez dute urratsik egin gradu bakar bat ere euskaraz emateko”
E. Elizondo
Euskalgintzak euskararen plan gidaria moldatzeko eskatu die Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta gobernuari. NUPek hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik (Arbizu, 1962).
Zaharrak berri NUPen?
Bai; zaharrak berri irakaskuntzan. Gure plataformak jorratu du haur eskolen gaia Iruñerrian, eta orain bat egin dugu, berriz ere, NUPen dagoen egoera salatzeko. Agerian gelditzen da zailtasunak badirela. Hamar urte joan dira azken plana egin zenetik, eta berriak zerbait ekarriko zuen esperantza bazen. Baina eskas gelditzen da.
Alfonso Karlosena errektorearen eskutik egoerak hobera eginen zuela espero zenuten?
Bai. Plana eginen zutela iragartzea egokitzat jo genuen. Gertatu dena da ezagutu eta gero konturatu garela gabeziak badituela. Larriena da ez duela gradu oso bat euskaraz eskaintzeko apusturik egiten. NUPek 30 urte bete ditu; bi gradu baino ez ditu eskaintzen euskaraz, baina horiek ez dira unibertsitate horrek sortutakoak, lehenagotik baitzeuden. Beraz, 30 urtean ez dute euskarazko graduen aldeko urratsik egin. Bagenuen esperantza orain, baina zapuztu egin da. Hori da gabezia nagusia.
Karlosenak erran du ez dutela gradurik euskaraz eskaintzeko asmorik, bideragarria ez delako. Zer deritzozu?
Bideragarria ez da izanen horren aldeko apustua egiten ez duten bitartean. Planaren sarreran aipatzen da unibertsitatea estrategikoa dela euskararentzat nahi dugun paradigma berriaren eraikuntzan. Baina helburu zehatzen arloan aipatzen du unibertsitateari ez dagokiola helburu estrategiko berriak zehaztea. 30 urtean jendartea aldatu da; duela hainbat urte, sei ikasletik bat bazen euskalduna; gaur egun, hirutik bat bada.
Bideragarritasuna aipatzen du Karlosenak. Eskubideen diskurtsorik ez da NUPen?
Eskubideak ez dira aipatzen. Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren arabera, ordea, Nafarroako Gobernuak ditu hezkuntzaren arloko eskumenak, eta hari dagokio, beraz, itun horretan jasotakoak betearaztea. Eta jasota dago hizkuntza unibertsitatean ezartzeko konpromisoa. Espainiako Gobernuak bat egin zuen eta berretsi zuen itun hori. Beraz, bete beharko luke eskumena duenak.
Gobernuak ere huts egin du NUPen?
Irakaskuntza publikoaz ari gara. Unibertsitatea aparteko erakunde bat dela badakit, baina gobernuak ezartzen eta arautzen ditu han eskaintzen diren zerbitzuak. Baliabide publikoak dira.
Salatu duzue planarekin ez dutela behar den diagnostikoa egin, helbururik ez dutela ezarri.
Hala da. Ez dago helbururik, ezta eperik ere. Plana irakurrita, ematen du euskararen tokia sinbolikoa dela NUPen. Bat-batekotasuna sumatzen da. Ematen du euskarazko eskaintza dela egun dauden baliabideen araberakoa. Harago joateko asmorik ez da.
Erizaintzako ikasketen adibidea nabarmendu duzue; ikasleen erdiak euskaldunak dira, baina ez dute euskaraz ikasteko aukera.
Hala da. Kontuan hartu behar dugu erizainak herritarrak artatzen ariko direla gero. Profesional euskaldunik ez dagoela esaten dugu. Sare publikoan bada profesional horiek prestatzeko aukera, baina ez dugu baliatzen.
Plana moldatzeko eskatu diozue NUPi. Bilerarik egin duzue?
Eskatu zen, plana osatzen ari zirenean. Ez zen egin. Plana abuztuan aurkeztu zuten. Abenduan aurkeztuko dugu NUPen euskara bultzatzeko dinamika. Lanean jarraitu behar dugu.

Hazten jarraitzeko arnasa
Kattalin Barber
Batzuek lantoki dute Jazar; beste batzuek, berriz, aisialdirako toki. Guztiak sortzaileak dira, eta guztiak proiektu kolektibo baten kide dira. Sorkuntza eta kultura zentro autogestionatua da Jazar, eta Iruñeko Etxabakoitz auzoan dago, garai batean Jaso ikastolak hartzen zuen eraikinean. Gaur, Jazarrek ateak zabalduko ditu, bazkide berriak erakartzeko, eta proiektua bizilagunen artean ezagutzera emateko.
Orain dela lau urte jarri zen martxan Jazar. Espazio horretan bat egin zuen sortzaile talde batek, eta han jarraitzen du, etxea alokatuta. Itxaso Iturrioz Jazar espazioko kidea da: "Gutxika-gutxika nabaritu dugu hasieratik egon garen bazkideon energiak behera egin duela, eta horrelako proiektu batek bizirik eusteko beharrezkoa du aire berria izatea, biziberritzea". Horregatik, bazkide berrien bila ari dira.
70 bazkide inguru daude egun Jazar zentro autogestionatuan, askotariko proiektuetan. Besteak beste, inprimatze eta brikolaje tailerra, argazkilaritza plato eta laborategia, informatika gela, arte eszenikoetarako espazioa eta ehungintzarako tailerra biltzen ditu eraikinak.
Lana eta aisialdia
Dozenaka sortzailek bat egiten dute han. Iturrioz, beste bi kiderekin batera, Orekari arkitektura estudioan aritzen da. Jazar da haien lantokia: "Gu egunero etortzen gara hona lanera, baina Jazar erabiltzeko hamaika modu daude". Iruñeko espazio autogestionatuak eman zien elkarrekin lan egiteko aukera Orekariko kideei. Beraiek bezala, hainbat informatikari, txalapartari eta diseinatzaile grafikok dute Jazar lantoki. Beste askok, ordea, aisialdirako eta zaletasunetarako erabiltzen dute Etxabakoizko sormen espazioa. "Sortzaileak gara hemen gaudenak, eta egiten duguna partekatzeko nahia dugu; proiektu kolektiboen zale sutsuak gara, gainera", esan du Iturriozek.
Finean, kulturarekin eta sormenarekin dute lotura han elkartu diren guztiek: margolariak, arkitektoak, musikariak, altzari zaharberritzaileak, zinemagintzan arituak, diseinatzaileak, dantzariak, antzerkilariak eta abar.
"Proiektua martxan jarri genuenetik aritu gara barrura begira, Jazar ongi kudeatzen ikasi behar izan dugulako, eta, nolabait, esan daiteke ez dugula gure jarduera garatu kanpora begira". Gogoan ditu Iturriozek sormen espazioaren lehendabiziko urteak. "Hasiberriak ginen, eta egin beharrekoaz gauza asko ez genekien, proiektu sozialetan eta kolektibotan esperientzia izan arren. Oso zaila izan da, eta, era berean, oso polita. Gauza askorekin egin ditugu saiakerak, eta funtzionatu ez duena aldatu dugu. Orain, jendeak gurekin bat egitea nahi dugu".
Ez da bide erraza izan, baina era autogestionatuan oinarritutako egitasmoek funtzionatzen dutela erakusten ari dira. "Izan ditugun arazo eta oztopo guztiekin, aurrera egin du Jazarrek; hemen gaude, eta ez da gutxi", nabarmendu du.
Hainbat jarduera egiten dituzte Jazarren. Astero, kontakt eskolak, zeramika tailer irekia, txalaparta ikastaroa eta aireko yoga eskaintzen dute zentroan. Joan den asteburuan, adibidez, Kokoro catering begano eta ekologikoak udazkeneko sukaldaritzari buruzko tailer bat egin zuen. Hitzaldiak, zine foroak, kontzertuak eta azokak ere antolatu izan dituzte.
Pumpk autoedizio topaketa, halaber, urteroko hitzordua da Jazar espazioko kideentzat: sortzaile eta editore txikien arteko topagunea. "Aipatu beharrekoa da gutxitan ikusten dugula Jazar bezalako erabateko proiektu autogestionatua. Normalean, erakundeen laguntzak izaten dituzte, baina ez da hori gure kasua". Erakundeen esku hartzerik gabe, autogestioa eta batzarrean hartutako erabakiak dituzte oinarri Jazar espazioan.
Kuotak eta lan taldeak
Urte hauetan guztietan Jazarrek bere txokoa egin du Iruñean, eta ezaguna da hainbat girotan. "Ezaguna da, baina ez dakit erabat ireki den. Ez dakit jendea libreki hona etortzen den edo badakiten bazkide egin daitezkeela eta haien proiektua hemen gara dezaketela", dio Iturriozek. Izan ere, edonori eta edozein proiekturi ongietorria eman nahi diote.
Bazkide guztiek erabili ahal dituzten espazio komunak daude egoitzan, baina badago, halaber, txoko propio bat alokatu eta proiektua han garatzeko aukera. Erabiltzaile bakoitzak kuota bat ordaintzen du hilero, eta, horri lotuta, betebehar batzuk ditu. Lantalde batean parte hartu behar du, adibidez. Egun, komunikazio, administrazio, mantentze eta garbiketa lantaldeak daude. "Erabaki guztiak astero egiten dugun batzarrean hartzen ditugu, baina edozein proiektu jasotzeko prest gara. Proiektua aurrera eramateko Jazarrek ez du oztoporik jarriko, baina proposatzen duenak izan behar du bultzatzailea".
Sormena eta autogestioa dira Jazarreko kideen oinarria. Proiektuarekin bat egin nahi duten pertsona gehiagoren bila ari dira espazioko kideak. Indarberritu nahi dute, zabaldu, garatzen jarraitu ahal izateko. Bidean urratsak egiten segitu ahal izateko. Gaur izanen dute nahi dutenek Jazar barrutik eta gertutik ezagutzeko aukera.

Ordaintzen ez jarraitzeko
Edurne Elizondo
Negozio biribila. Horixe dago Elizak egindako immatrikulazioen atzean, Ondarearen Defentsarako Plataformak salatu duenez. "Gobernuak ordaindu, eta Elizak jaso" egiten duelako. Iruñeko katedralaren adibidea jarri du elkarteak mahai gainean, eta, salatzeko, elkarretaratzea eginen du bihar, 12:00etan, eraikin horren aurrean.
Nafarroan, 1998tik 2007ra, ia 1.100 eraikin erregistratu ditu Elizak bere izenean. 2007. urteko urtarrilaren 23an immatrikulatu zuen Iruñeko katedrala. Iruñeko Artzapezpikutzak 25 euro ordaindu zituen eraikinaren truke, urte hartan. Azken urteotan, ordea, Nafarroako Gobernuak hartu du katedralean egin behar izan dituzten obren ardura, eta zazpi milioi euro ordaindu ditu, plataformak salatu duenez. Iaztik, adibidez, katedraleko klaustroa ari dira berritzen.
"Negozioak" badu bertze atalik, gainera, eraikin horretan sartzeko sarrera kobratzen baitu Elizak. "Ez genuke ordaindu behar, ordea, nahikoa pagatu dugulako jada: ez dugu ahaztu behar gobernuarena denon dirua dela", erran du plataformako presidente Carlos Armendarizek.
Plataformak gogoratu du, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuak ebazpena onartu zuela iaz, Elizak beretzat hartutako eraikinen inguruan. Onartutako testuak dio parlamentuak gobernuari eskatzen diola azter dezala Elizak immatrikulatutako ondarea zaintzeko eta kontserbatzeko bere politika; helburua da lanak ordaintzeko kontuan hartzea lanek eragindako herrien interesak eta ondarearen segurtasuna.
Sanzoilo, hondatuta
Tuterako katedralean ere "diru publiko anitz" gastatu dela azaldu du Armendarizek. Bitartean, ordea, Elizak bere esku hartu ez dituen bertze hamaika eraikin "galtzeko zorian" direla salatu du plataformako kideak. Casedako Sanzoilo baseliza jarri du adibide. "Eraikin ederra da, baina galtzeko arriskuan dago. Herriarena da eliza".
Uxueko baselizaren kasua bertzelakoa da. "Eraikina konpontzeko lanak gobernuak ordaindu ditu; giltza, ordea, Elizaren esku dago". Egoera hori salatu du Armendarizek: "Ezin dugu onartu lanak gobernuak ordaintzea, eta Elizak kudeatzea eraikin horiek nork eta nola bisitatzen dituen. Haiek dute giltza, eta, nahi ez badute, gu ezin gara han sartu", nabarmendu du Ondarearen Defentsarako Plataformako presidenteak.
Ezkertiarra eta puteroa
Tania Arriaga Azkarate
Etxera ailegatzeko parke berri batetik pasatzen gara, Bilbon. Txakurtxoak eta haien jabeak izaten dira goizetik eta gauera arte eta, haiei esker ere, inguru hori emakumeentzat segurua dela esan daiteke. Larunbatean, bazkarirako erosketak egin ondoren, parkeko plazaren banku batean 18 urte izanen ez zituen neska afrikarra negarrez ikusi genuen, bakarrik eta etsita. Ea lagun genezakeen galdetuta, entzungor egin zuenez, aurrera segitu genuen. Negarrak eta aieneak hogei metrora aditzen zirenez, buelta eman eta berriz berarengana hurbildu ginen. Gabriela, hori da bere izena, behin eta berriro, "qué vergüenza, qué vergüenza", "miedo, miedo" eta horrelakoak errepikatzen ari zen. Gizon ezagun bat ere inguratu zitzaigun, hamar minutu lehenago parkean neska gerritik gora biluzik ikusi zuela esanez.
Pixkatxo bat lasaitzean Nigeriatik bera bakarrik etorri, emakume batekin bizi eta orain jarraika zuen izpiritu gizon batek bera hilko zuela esan zigun. Egoerak ez zuen irtenbiderik haren ustez. Ertzaintzari deitzea onartu eta hogei minutura bi gizon euskaldun eta sentsible etorri ziren laguntzera. Anbulantziari hots egin zioten eta ordu erdira bi erizain emakumerekin ailegatu zen. Gabriela goxoki hartu eta anbulantziara sartu zutenean, etxera joan ginen. Parkeko lagun batek esan zigun neskatoak anbulantzian hamabost minutu besterik ez zituela eman eta, bere sandaliatxoekin, hoztuta, aldapan gora joaten ikusi zuela. Mundu erdia zeharkatu, gure auzora iritsi soilik mina topatzeko. Lotsa gurea.
Urtarrilean, Bilbora Nigeriako emakume gazteak ekartzen zituen prostituzio sarea desegin zuen poliziak; bederatzi pertsona atxilotuak izan ziren, gehienak nigeriarrak ere. Poliziaren iturrien arabera, atxilotuek budua erabiltzen zuten gazteak beldurtu eta xantaia egiteko. Ekainean, zortzi lagun harrapatu zituzten Iruñean. Antza, negozio ziurra eta errentagarria da nigeriar gazteak gurera ekarri, lotu eta prostituitzea. Emakume gazte hauek kapitalismo basatiaren eta patriarkatuaren preso politikoak dira. Kontua da haien espetxea gure eraikin berean egon daitekeela. Bahituak, erotu arte esplotatuak, estorsionatuak, gaizki tratatuak, bortxatuak, hormigoiaren beste aldean hamaika emakume gazte preso ditugu. Puteroak kartzelazain torturatzaileak dira, egitura ustelaz baliatzen dira botere grina asetzeko. Munstro zikinek urrutiko andre gazte langileak esklabo erabiltzen dituzte; ez da aitzakiarik.
Inolako kontzientzia sozialik ez duenak horrelakoak egitea ez nau harritzen. Gizon ezkertiarrak direla esan eta kartzelero matxistak izateko dirua ordaintzen duten horiek ezin ditut irentsi. Egoera honek baldintza politiko eta ekonomikoei erantzuten dienez, Gabriela laguntzeko eta mendekatu nahian, giza eskubideetan sinistu eta haien alde lan egiten duten Euskal Herriko erakunde ezkertiarrei dei egin nahi diet. Entzun: zuen kideen artean puteroak baldin badituzue, lehenbailehen kaleratzeko eskatu nahi dizuet. Gisa horretako inkoherentziak jasan ezina beharko luke izan gizarte justu baten alde lan egiten duen ororentzat.

“Goikoetxea ez zen gizon laua, eta islatzen da haren musikan”
Edurne Elizondo
Uztailean hil zen Jose Mari Goikoetxea, 1924. urtean Beran jaiotako musikagilea. Iruñeko Ganbera Abesbatzako zuzendari David Galvezek (Valentzia, 1974) osatu eta berregin du konpositoreak 1958an idatzitako meza. Goikoetxeak "lengoaia propioa" zuela nabarmendu du.
Nolako lana da Goikoetxearena?
Hagitz lan pertsonala egiten zuen. Berezko lengoaia zuen, berezko mundua. Sortzaile handia izan zen, eta nortasun musikal nabarmena zuen. Miresteko moduko pertsona iruditzen zait, argi baitzuen sortzaile eta musikagile izan nahi zuela, eta abangoardian egon nahi zuela, apaiza izan arren. Ordenak ez zizkion gauzak erraztu, baina ausart jokatu zuen Goikoetxeak, eta Darmstadt hirira joan zen, Alemaniara, hura baitzen Europan musikagile izan nahi zuten guztien helmuga. Argi zuen zer nahi zuen, eta buru-belarri saiatu zen. Musikan igartzen da jarrera hori; hagitz lan pertsonalak dira Goikoetxearenak.
Zailak abesteko?
Hagitz zailak. Finean, Goikoetxearen pentsamendua dago haren musikan. Ez zen batere gizon laua, eta hori egin zuen musikan islatzen da. Labirinto baten modukoa da, Goikoetxea bera halakoa zelako: kontraesanez betetako mundu batean bizi zen; Elizarekin lotutakoak zituen, batetik, eta musikaren abangoardiaren esparrua, bertzetik.
Jaso du merezi duen aitortza?
Uste dut anitzek ezagutzen dutela Goikoetxea, baina gutxik ezagutzen dutela ongi egin zuen lana. Batetik, musika zaila da Goikoetxearena. Bertzetik, egia da ez zituela bere lanen edizioak ongi zaintzen. Partitura anitz ditu bukatu gabe, edo oharrez beteta. Horrek guztiak zaildu egiten du lan horien zabaltzea. Beraz, uste dut ez duela erabateko aitortza jaso. Jendeak miresten du Goikoetxea, baina benetan ez dugu ongi ezagutzen haren musika. Argi dut ahalegina egin beharko genukeela Goikoetxearen lanetan sakontzeko eta ikertzeko. Sortzaile baten pentsamendua gordetzen dute Goikoetxearen obrek. Lan teknikoaz harago, sortzailearen pentsamendu estetikoa jorratzea hagitz interesgarria litzateke.
Zu aritu zara Goikoetxearen lanak jorratzen. Nolakoa izan da esperientzia?
Nekagarria, egia erran, hagitz musika zaila delako Goikoetxearena. Aldi berean, esperientzia zoragarria izan da, lan horietan murgiltzea Goikoetxearen burmuinean murgiltzea baita; burmuin konplexua da, zalantzarik gabe. Abentura bat da.
Goikoetxearen meza osatu eta berregin duzu, zehazki. Nolako lana da?
Bertze lanek baino lengoaia atseginagoa du. Goikoetxeak 1958an egin zuen lan hori, meza baterako; zehazki, anaia apaiz bilakatzeko elizkizunerako. Idatzita dago abesbatzak eta kongregazioak organoarekin abesteko. Entzuteko musika atsegina da, baina zaila abesteko. Lan hori Alemaniara joan aurretik egin zuen, abangoardiarekin bat egin aurretik, baina, hala eta guztiz ere, badu Goikoetxearen berezko kutsu hori. Obra ederra da, eta jendeari gustatu zaiola uste dut. Halere, partitura hartu nuenean lanean hasteko, desordena nagusi zela konturatu nintzen. Harilkatu gabeko lana aurkitu nuen; zenbait zati falta zituen lan bat. Ondorioz, ezin izan dut osorik berregin, materiala falta nuelako. Maiatzean, bertzalde, Goikoetxearen bertze bi lan estreinatuko ditugu.
Anitz zor dio Nafarroako musika koralak Goikoetxeri?
Ordaindu diona baino anitzez ere gehiago zor dio Nafarroak Goikoetxeari. Lan handia egin zuen, adibidez, haurren abesbatzak sortzeko. Guk gurean sortu dugu haurren talde bat; 70 haur ari dira lanean; haiek dira etorkizuna. Haiek dira abesbatzen etorkizuna, eta haiek dira, halaber, etorkizuneko publikoa. Goikoetxeak ezin ordain dezakegun lana egin zuen haurrengan zaletasuna bultzatzeko, baina, zoritxarrez, bide hori bertan behera gelditu zen. Apaiz lanak zaildu zion esparru horretan sakontzea. Gure abesbatzan, adibidez, izan ditugu Goikoetxearen ikasle izandako anitz: Raquel Andueza, Javier Ekai edo Carlos Gorritxo. Haur abeslariak izan dira horiek denak, eta haiei esker aurrera egin du abesbatzen tradizioak.
Ia bost urte egin dituzu hemen. Nola ikusten duzu musika koralaren oraina Nafarroan?
Batetik, hemen gauza hagitz on bat dago, nire ustez: tradizioa. Jendeak abestea maite du hemen. Anitz abesten du. Abesbatza onak badira. Bertzetik, iruditzen zait elkarlana falta dela egun martxan diren taldeen artean. Badira elkarrekin aritzeko ahaleginak, baina zaila da ahalegin horiek ekintza zehatzetan gauzatzea. Horrek ekartzen du abesbatzen esparrua nahi bezainbertze ezin garatzea. Nork bere lana egiten du pentsatuz berea dela onena. Nafarroa herrialde txikia da, eta elkarrekin aritzeak on eginen liguke denoi. Pena da batasun gehiago ez izatea. Aurrera egiteko beharrezkoa dela argi dut nik.
Kantatzeko ez ezik, musika entzuteko ohitura ere badela uste duzu, badela abesbatzek behar duten publikoa?
Bai. Abesbatzen lanak badu funtzio sozial bat, gainera. Jende anitz mugitzen da abesbatzen inguruan. Noski, nor bere esparruan ari da. Guk gure publikoa dugu, eta Leitzako abesbatzak, adibidez, berea.

Gaizki ikusten dutenen tokian
Edurne Elizondo
Tonu grisak nabarmendu. Horixe egin nahi du Nafarroako Erretina Elkarteak, Iruñeko Planetarioan jarri duen erakusketaren bidez. Begirada hurbilak izenburupean, ikusmen urria dutenen egunerokoa nolakoa den erakutsi nahi du: mundua, haiek ikusten duten bezala. "Gizartearentzat ongi ikusten dutenak eta itsu direnak baino ez dira existitzen; tartean, ordea, hamaika tonu gris bada: gaizki ikusten dutenen egunerokoa. Horiek, ordea, ezezagun dira gainerakoentzat, ikusezin", azaldu du Nafarroako Erretina Elkarteko buru Jose Mari Casadok (Iruñea, 1954).
Begietatik sartzen den erakusketa prestatu du elkarteak, irudiz osatua, ikusmen urria dutenei buruz hitz egiteko. Ikusmen arazoak dituztenen begiradaren araberako argazkiak dira, hain zuzen ere. Alboko ikusmena galdu du, adibidez, erretinosi pigmentarioa duenak, eta aurrean duena bertzerik ez du ikusten: mundua, zirkulu baten barruan balego bezala. Gero eta txikiagoa da, gainera, biribil hori, eta, zenbait kasutan, erabat ixten da. Degenerazio makularra duenari, berriz, kontrakoa gertatzen zaio: erdiko ikusmena galtzen du, eta alboetan dena baino ez du ikusten. Bi begirada horiek eta bertze hainbat ikusmen arazok sortutakoak jaso ditu planetarioko erakusketak, herritarrak gaizki ikusten dutenen errealitatean murgiltzeko. Haien tokian paratzeko. Hilaren 18ra arte egonen da zabalik.
Munduan, 285 milioi pertsonak badute ikusmenarekin lotutako ezintasuna, OME Osasunaren Mundu Erakundeko datuen arabera. Haietatik 39 milioi itsu dira, eta gainerakoek, berriz, ikusmen urria dute. Nafarroan, bertako Erretina Elkarteak artatzen ditu ikusmen urria duten pertsonak. 580 bazkide inguru ditu gaur egun; hamabi baino ez ziren 1994. urtean, bidea hasi zutenean.
Hasieratik da elkarteko kide Casado. Erretinosi pigmentarioa du. 32 urte zituenean jaso zuen diagnostikoa. "Ordura arte, ongi ikusten nuela uste nuen. Nuen gaixotasunaren berri eman zidatenean, itsu geldituko nintzela erran zidaten medikuek, bat-batean. Ikasi beharko lukete gisa horretako berriak hobeki ematen". Urtetik urtera egin du behera Casadoren ikusmenak, eta, 2000. urtetik, itsu da. "2007. urtera arte argia ikusteko gai nintzen, baina horrek ez zuen deustarako balio. Argiaz jabetzeko gai izanda ere, itsu nintzen jada".
Oztopoak eta ahaleginak
Ana Atxa ere bada Nafarroako Erretina Elkarteko kide (Antzin, 1955). Glaukoma du, bai eta kataratak eta makulako lesioak ere. Casado bezala, ongi ikusten zuela pentsatuz hazi zen. "Halere, beti sentitu dut ingurukoek ez zutela nire egoera ulertzen. Ikasi dut, eta irakasle gisa lan egin dut, baina hori guztia lortu dut ahalegin handia egin dudalako. Ingurukoak, ordea, ez dira beti horretaz jabetu", azaldu du Atxak.
27 urte zituenean, begietako tentsioak gora egin zion Atxari. Orduan jaso zuen diagnostikoa. "Glaukoma gaiztoa nuela erran zidaten". Ebakuntza egin zioten Bartzelonan. "Kongresu bat antolatu zuten nire ebakuntzarekin, ez baitzen ohiko kasua", gogoratu du Atxak. Duela bederatzi urte, haren egoerak okerrera egin zuen. "Kataratak nituela erran zidaten, eta ebakuntza egin beharko zidatela, berriz ere. Glaukoma izanda, ez zen batere erraza". Gaur egun, %10eko ikusmena baino ez du. "Ezkerreko begiarekin, argiaren arabera, %20 ikus dezaket hainbatetan".
Ikusmen urriak lana uztera behartu zuen Atxa. Irakaslea zen. "Haur txikiekin lan egin dut beti; ofizioa afizio izan dut beti. Baina ezin nuen lanean jarraitu. Glaukomaren ondorioz, krisiak banituen. Egiten nuen ahalegina gehiegizkoa zen nire gorputzarentzat. Gotika egiten amaitzen nuen eguna, zenbaitetan, egiten nuen ahaleginaren ondorioz. Utzi behar izan nuen".
Irakasle izan zen Casado ere. Zientziak irakasten zituen. Erretinosi pigmentarioa zuela erran ziotenean, ordea, esparrua aldatzea erabaki zuen. "Prestatu nintzen ikusmen arazoak dituzten haurrak artatzeko taldeko kide izateko". Bai eta lortu ere. 2000. urtera arte aritu zen ikusmen arazoak dituzten haurrekin lan egiten duten irakasleak laguntzen.
Atxa eta Casado gai izan dira beren ikusmen arazoek ezarritako mugetara egokitzeko. "Gauzak bertze modu batera egitea da gakoa", erran du Casadok. Makila erabiltzen du hirian mugitzeko. Nabarmendu du, halere, itsu gelditu aurretik bere burua prestatzen hasi zela: "Baliagarri gertatzen zitzaizkidan teknikak erabili nituen. Ordena, adibidez, funtsezkoa da niretzat. Zerbait ikusteko gai nintzenean, halaber, hirian gehien egiten nituen ibilbideak ongi ikasten saiatu nintzen. Prestatzea da kontua".
Beti ez da erraza, halere. Horixe nabarmendu du Atxak. "Hiriak ez dituzte egiten ikusmen arazoak ditugunontzat; hamaika oztopo badira", salatu du. "Jendea ez da konturatzen gure egoeraz, gure ezintasuna ez baita agerikoa, anitzetan. Nire ezintasunaren berri ematen duen txartela badut nik, baina ez dut zertan erakutsi. Denak kontuan hartuko gaituen gizartea nahi dut nik, denak kontuan hartuko gaituen hiri bat", nabarmendu du.
Taberna batera, postetxera edo udalak antolatutako kultur jarduera batera joateak zer ekartzen dion agerian utzi du Atxak. "Hitzaldi batera joan nintzen aurrekoan. Hizlariak ingelesezko hainbat bideo erakutsi zituen. Azpidatziak bazituzten, baina nik ezin nituen ikusi. Erraz konpon daiteke arazo hori bertzeek irakurri behar dutena nik entzuteko aukera badut".
Billabesak eta semaforoak aipatu ditu, bertzalde, Casadok. Zerbitzu horietan entzun daitezkeen seinaleen bidezko abisuak aktibatzeko gailuak badituzte Nafarroako Erretina Elkarteko kideek. "Ez behar bezainbertze", azaldu du Casadok. Billabesetan, gainera, arazoak badirela gaineratu du. "Ustez, autobusen %70-80tan daude seinale akustikoak; praktikan, %20tan baino ez".
"Erraz konpon daitezkeen arazoak dira horiek", nabarmendu du Atxak. Karrikan, halaber, eskaileretako mailak nabarmentzeko kolore ezberdinak erabiltzea hagitz baliagarria izan daitekeela azaldu du. "Eraikinetan, berriz, argiaren intentsitatea kontrolatzeko sistemek anitz laguntzen ahal dute".
Erretina elkartea saiatzen da ikusmen urria dutenentzat aisialdirako aukerak eskaintzen. Igandean, adibidez, Gaiarre antzokian emanen dute Test antzerki lana, Luis Merlo aktorearekin. Antzezpen egokitua izanen da. "Entzungailu baten bidez jasotzen ditugu obra jarraitu ahal izateko argibideak", azaldu du Casadok.
Bertzelako hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu elkarteak. Batetik, babes eremu izan nahi du ikusmen urria dutenentzat. Psikologoen laguntza jaso dezakete bazkideek, banakako saioen bidez; talde lana ere egiten dute, gainera, elkarri laguntzeko. Casadok zehaztu du elkarteko kide izateko mugarik ez dela. Hasieran, erretinosi pigmentarioa zutenentzat sortu zuten, 1994an informazio gutxi zegoelako gaixotasun horren inguruan. Elkarteak egindako lanari esker, hain zuzen, egun bada diziplina anitzeko talde bat Nafarroako Ospitale Gunean. "Anitz egin dugu aurrera ikerketan; erretinosi pigmentarioaren erantzule diren 200 gene baino gehiago identifikatu dituzte jada". 2007tik, ikusmen urria eragiten duten bertzelako gaixotasunak dituztenak hartzen ditu elkarteak.
Ikusmen arazoei aurrea hartzeko lana ere garrantzitsua da Nafarroako Erretina Elkartearentzat. Azterketak egin behar direla nabarmendu dute. Sintomei adi egon. Ikusmen urria dutenak ez baztertzeko exijitu dute. "Aktibo izan nahi dugu; gizarteko parte. Gure neurriko hiriak nahi ditugu". Mundua ikusteko hamaika modu baitago.

Berdintasuna, arbeletara
Kattalin Barber
Norbanakoaren jarrera kritikoa da matxismoari eta indarkeria guztiei aurre egiteko erremintarik onena". Equilatera elkarteko kideenak dira hitzak. Sexu aniztasunarekin, berdintasunarekin eta generoarekin lotura duten biolentzia guztiak lantzen dituzte ikastetxeetan. Ikasleen jarrera eta gaitasun kritikoa garatzea hartu dute helburu, hain zuzen ere. Zangozako Sierra de Leyre eta Iruñeko Eunate institutuetako DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ia 500 gazte ari dira jasotzen berdintasunaren eta aniztasun afektibo-sexualaren inguruan Equilaterak prestatutako programa, euskaraz eta gaztelaniaz.
Luna Martinikorena eta Alicia Pano genero adituek ematen dute zortzi orduko ikastaroa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zati bat diruz lagunduta. Generoa, genero estereotipoak, edertasun kanonak, heteronormatibitatea eta arauz besteko gorputzak, indarkeria eta mikromatxismoak dituzte hizpide.
"Hiru oinarri ditu gure programak: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea, ikasgeletan aniztasun afektibo-sexuala lantzea, eta eskola jazarpenarekin eta generoarekin lotura duten biolentzia guztien prebentzioa lantzea", azaldu du Martinikorenak. Dinamika gehienak parte hartzaileak dira, eta ikasgeletan gogoeta eta eztabaida interesgarriak sortzen direla adierazi dute Martinikorenak eta Panok. "Adibidez, dinamika batean ikasleei eskatzen diegu haien ametsezko gizona edo emakumea margotzea. Bertan ateratzen dira barneratuak ditugun estereotipo guztiak eta edertasun kanon nagusiak. Bitxia da, gela guztietan margotzen dutena oso antzekoa baita; estereotipoak indarrean dira. Matxismoa eta sexismoa errotuak ditugu, eta zaila da sustraietara joatea".
Identitatearen ikuspuntutik lantzen dituzte kontzeptuak Martinikorenak eta Panok. "Giza sexualitateari buruz ari garenean, mutur batetik bestera dauden kolore guztiak lantzen ditugu, hau da, dagoen aniztasun osoa: queer identitateak, genero ez-bitarrak eta intersexualitatea barne", azaldu du Panok. Modu horretan, sexualitatearen mapa erraldoia osatzea lortzen dute, eta aukera guztiak mahai gainean direla ikusten dute ikasleek. "Mapa infinitua da, amaigabea. Ikasleak asko harritzen dira dinamika horrekin", argitu dute hezitzaileek.
Ikasleen interesa
Ikasleen artean, oro har, programak harrera ona duela jakinarazi du Martinikorenak. Irailaren amaieran hasi ziren saioekin, eta hil honen bukaeran amaituko dituzte saio guztiak. "Oro har, ikasleek interesa agertu dute, baina konturatu gara nolabaiteko erresistentzia erakusten dutela hainbat kontzeptu lantzerakoan, halere". Hiri eta landa eremuen artean aldea badagoela ere konturatu dira hezitzaileak, baina gehienetan kontzeptuak ezagutzen dituztela dio Martinikorenak. "Mugimendu feministak eta LGTBIQ+ mugimenduak mahai gainean jarri dituzten kontzeptuak ez dira arrotzak ikasleentzat. Transexualitatea badakite zer den, baina neska zakildunak edo mutil aludunak izatea normaltzat hartzen duten edo ez... Hori beste kontu bat da".
Ordubeteko zortzi saioren bidez, ikasgeletan "konfiantzazko giroa" sortzen da ikasle eta hezitzaileen artean. Horrek ekarri du hainbat ikasle Martinikorena eta Panorengana hurbiltzea laguntza eske. "Eskola jazarpena eta bazterketa kasuak, biolentzia, identitatearekin arazoak... Aniztasun sexuala badago ikasgeletan, eta landu beharreko gaia da", esan du Panok. Irakasleek formakuntza behar dutela uste dute Equilaterako kideek, gaia behar bezala jorratzeko ikasgelan. "Guk, ahal dugun neurrian, erremintak ematen dizkiegu ikasleei estrategiak garatzeko". Eskolak eta familiek duten ardura ere mahai gainean jarri dute Equilaterako kideek.
Zaila da, hala ere, egun batetik bestera erroa aldatzea; ikasleek lantzen duten guztiaren inguruan "oinarria" hartzea dute xede. "Oso zaila da neurtzea zenbateraino barneratzen dituzten lantzen ditugun ideiak, baina garrantzitsuena da hazi moduko bat landatu dugula; gero norberari dagokio garatzea".
Hil honen amaieran amaituko dituzte Martinikorenak eta Panok aniztasun afektibo-sexualaren, berdintasunaren eta generoaren inguruko tailerrak. Pozik jarraituko lukete. Badakitelako ezinbestekoa dela oinarri duten ikuspegia eskoletan lantzea, eta planteamendu integrala egitea.

Bestelako tren bat nahiago dute
Iker Tubia
Trenaren alde daude, baina ez dute edonolako trenik nahi. Ez behinik behin orain arte diseinatu den abiadura handiko tren hori. Hala, ezetz esateari utzi, eta baiezkoarekin aterako dira kalera bihar, Iruñean, tren soziala aldarrikatzera. 17:00etan abiatuko da manifestazioa, Gaztelu plazatik. Trenaren Aldeko Ekinbideak deitu du protestara, eta hainbat sindikatu, herri eragile eta alderdi politiko batu zaizkio.
Ekinbideak herritarren parte hartzearen beharra azpimarratu du, eta, bide horretan, kanpaina bat abiatu du, galdera zuzen batekin: "Nolako trena nahi duzu?". Interneten jarritako bideoen bitartez, hainbat lagunek duten iritzia jaso dute. Herritarren artean ezinegona badago Espainiako Sustapen Ministerioak AHTaren nafar korridorea eraikitzeko lanen kudeaketa bere gain hartzeko asmoa agertu duenetik.
Marivi Erdozainek ez du begi onez ikusten abiadura handiko trena. 70 urte ditu, erretiraturik dago, eta Sasoia taldeko kidea da. "Ez dut abiadura handiko trenik nahi, tren dezentea baizik, oraingo Altaria bezalakoa. Baina, noski, salgaiak ere eramanen dituena", esan du. Kezka agertu du, AHTa erabiltzeko zailtasunak izanen lituzkeelakoan baitago. "AHT hori soilik bidaiarientzat da, eta, gainera, aparteko bidaiarientzat. Erretiratua izanda, seguruenik, nik ezinen nuke bidaia ordaindu", zehaztu du. Erdozainek ez du trena askorik erabiltzen. Azkenengoz, joan den urtean, Gironara (Herrialde Katalanak) joateko. Ez zuen abiadura handirik behar: "Egia esan, dagoena zoragarria dela uste dut".
Mari Carmen Izkok ere bestelako tren bat nahiago du. 44 urte ditu, eta Osasunbidean egiten du lan. Bere esku balego, argi du zer-nolako trena diseinatuko lukeen: "Nik nahiko nuke prezio baxuagoa duen tren bat, toki guztietara doana". Izan ere, Madrilera joan-etorria egiten duen trena oso garestia dela uste du, eta, horrelakoetan, autobusa hartzea errazagoa dela, merkeagoa baita. Madrilera ez ezik, beste toki batzuetara ere ailegatu beharko litzateke trena, haren aburuz. Gaur-gaurkoz, abiadura handiaren beharrik ez du ikusten Izkok: "Gaur egun, gure trenek abiadura nahikoa daukate; uste dut ez dugula gehiagorik behar".
Manifestazioa iragartzeko bideoetako batean ikus liteke Xabier Maeztu solasean. 32 urte ditu, eta sukaldaria da. Argi du berak gertutasunezko trena nahiko lukeela. Izan ere, urte osoan askoz bidaia gehiago egiten ditu gertu diren lekuetara 400 kilometrotara daudenetara baino. "Niretzat gakoa hori da, gertukoa bultzatzea". Eta, hain zuzen ere, horren aurkakoa da AHTak ekarriko duena, haren aburuz: "Argi daukat abiadura handiko tren hau, edo orain prestazio handiko tren deitzen duten hau, ez dela beharrezkoa. Tren honek egingo duena da hurbildu oso urrun dauden tokiak, eta oso hurbil dauden tokiak urrundu".
Bestelako interesak
Baina arazoa ez da soilik txartelen prezioa edo nondik norakoa den. Maeztuk beste afera bat ere aipatu du: "Ematen du obsesio bat dela, eta hasten zara pentsatzen horren atzean ez ote dauden beste interes batzuk, ez direnak gehiengoarenak". Maeztuk dioenez, nahi baino gutxiago erabiltzen du trena. Hain zuzen ere, horregatik nahiko luke bestelako tren eredu bat. Zaragozara joateko hartzen du, baina gogorarazi du Bilbo edo Donostiara joateko trenik ez dela Iruñetik. Berari, gainera, erosoago zaio trena autobusa baino, bizikletan ibili ohi baita, eta bizikleta hobeki sartzen da trenean autobusean baino.
Trenaren Aldeko Ekinbideak salatu duenez, AHTa dagoeneko abian da, Alesbestik Erriberrira bitarteko lurren nahitaezko desjabetza abiatu duelako Espainiako Sustapen Ministerioak. Horren aurrean, eztabaida publikoa sustatzea eta alternatibak aztertzea eskatu dute. "Europar zabalerako hirugarren erraila jarrita, Castejon-Altsasu trenbidea bikoiztuko litzateke, eta txikizioa eta gastua gutxituko litzateke". Bihar, herritarrek hartuko dute ahotsa, zer-nolako trena nahi duten esateko.