Hitzen ordez, keinuak

Hitzen ordez, keinuak

Kattalin Barber

Entzuteari utzi zioten umetan Sofia de Estebanek eta Edison Quezadak. Ordutik, keinuka mintzo dira, haien hizkuntza baita keinu bidezkoa. Interpretea behar du, ezinbestean, hizkuntza hori ulertzen ez duen entzuleak. Gizarteak baztertu egiten dituela sentitzen dute entzumenik ez dutenek, hain zuzen; entzuteko gaitasuna dutenekiko komunikazioa eskasa da oso, eta horrek zailtasun handiak dakartza egunerokoari aurre egiteko.

Asorna elkarteko kide dira Quezada eta De Esteban. Nafarroako Gorren Elkartea da Asorna, eta 60. urteurrena ospatzen ari da aurten. Kideok behin eta berriz nabarmentzen duten hitza da muga. Izan ere, biek ongi dakite gaur egungo gizartean gorra izatea zeinen zaila den. Hamaika eragozpen aurkitzen dituzte egunerokoan. "Oztoporik handiena da, oro har, beste edozein pertsonak bezala ezin parte hartu ahal izatea", esan du De Estebanek.

Asorna elkarteko proiektuen koordinatzailea da, eta pertsona gorren bizi kalitatea hobetzeko lanean dihardu, eskubideen, hizkuntzaren eta kulturaren defentsan. Zailtasunak ez dira gutxi: gainerako pertsonekin komunikatzeko ez ezik, zailtasunak dituzte lan munduan sartzeko, aisialdi eta kultur ekitaldietan parte hartzeko eta formakuntza jasotzeko, esaterako. Interpreteen beharra dute horretarako, baina baita haientzat propio sorturiko ekitaldiak ere. "Ongi iruditzen zaigu hainbat ekitalditan interpretea egotea, baina guretzat propio sorturiko antzerkiak, hitzaldiak eta jarduerak ere nahi ditugu", nabarmendu du Asornako kideak.

Gisa horretakoa izan zen, adibidez, elkartearen 60. urteurrenaren harira larunbatean Nafarroako Antzerki Eskolan antzeztutako obra. Interpretea egon zen han, baina ez gorrentzat, baizik eta entzuleentzat. "Mundua alderantziz irudikatu genuen horrela, eta oso polita izan zen guretzat", azaldu du. Horrelako gehiago nahi dituzte, haien eskubidea ere badelako.

Quezadak 2 urte zituelarik galdu zuen entzumena. Ekuadorren jaio zen, eta nerabea zela etorri zen Nafarroara. Haurtzaro gogorra izan zuen, ezin zuelako komunikatu, eta bere familiak ez zekielako nola jokatu. Iruñera etorri eta Asorna elkartea ezagutu zuenean ateak bete-betean zabaldu zitzaizkion. "Nik ez nuen keinu hizkuntza ezagutzen hona etorri nintzenean", gogoratu du Quezadak. Zorte handikoa sentitzen da. Ia bi urte daramatza Iruñeko Niza jatetxeko sukaldean lanean, baina ez da batere erraza lana topatzea pertsona gorrentzat, are gutxiago ostalaritzan. Lanerako gaitasun bera izan arren, enpresako arduradunek interesa galdu ohi dute, halako langile bat kontratatzea arazo izanen dela pentsatuta.

Zorionez, ez da Quezadaren kasua izan. Sukaldaritza ikasi zuen, eta praktikak egin zituen Niza jatetxean. "Interpretearekin joaten nintzen hasieran, izenak eta menu guztiak ongi ikasteko". Praktikak amaitu, eta "ezustean" hartu zuen bere nagusiaren eskaintza. "Nire lankide guztiek entzuteko gaitasuna dute, baina ongi moldatzen naiz. Kostatzen da hasieran, baina hasierako zailtasun horiek gaindituta, arazorik gabe aritzen naiz lanean". Gai delako, beste edozein pertsona bezala. Adierazi du gutxika-gutxika nagusiari eta lankideei keinu hizkuntza irakasten ari zaiela, eta dagoeneko hitz batzuk ikasi dituztela. Orain, autoa gidatzeko baimena ateratzeko bidean da.

Asornako kideek haien eskubideak aintzat hartzeko eskatu dute, gauza batzuk haien beharretara moldatzea ezinbestekoa zaielako. Ezjakintasuna eta konfiantza falta ere izan ohi dira eskuragarritasun osoa lortzeko oztopo nagusiak, De Estebanek adierazi duenez. Horrez gain, argi dute gorrek ez luketela inolako trabarik izanen egunerokoan denak gai izanen balira keinu hizkuntzan aritzeko. "Keinu hizkuntza eskoletan irakatsi beharko lukete. Pauso bat litzateke gizarte inklusibo bat lortzeko".

Eskubideak, "paper huts"

Hezkuntza izan ohi da beste eragozpen bat. Oztopoak aurkitzen dituzte, eta askotan ikasketak uztea dakar horrek. "Ahalegin handia egiten dugu, baina oso nekeza da, eta horregatik askotan lan munduan murgiltzea da lehentasuna". Interpreteak dituzte ikasteko, baina ez ordu guztietan. Haur Hezkuntzako goi mailako zikloa ikasi zuen De Estebanek. Hezkuntza Departamentura jo zuen interprete eske, eta harrituta gelditu zen bertan jasotako erantzunarekin: "Ea zergatik ikasi nahi nuen galdetu zidaten! Nire eskubidea delako eta ikasi nahi dudalako, ez dago besterik", gogora ekarri du. Bere eskubideak aldarrikatu, eta lortu zuen ikastea interprete baten laguntzarekin, baina horrelakoak ohikoak direla salatu du. "Eragozpenak nonahi aurkitzen ditugu".

2007an keinu hizkuntza ofizialtzat onartu zuen gobernuak lege bidez, baina, eskubideak onartuak dituzten arren, oraindik ere behar handiak dituzte. "Eskubideak paper huts dira. Edozein erakunde publikotara joan, eta inork ez daki keinu hizkuntza", dio De Estebanek. Aurrerapausoak eman direla badaki, baina "motelegi". Argi dute, oraindik ere, gizartean bide luzea badela egiteko; jendea gero eta sentsibilizatuago dagoela uste dute Quezadak eta De Estebanek, halere. Entzuteko gai direnen eta gorren arteko harremana bultzatzea ere ezinbestekotzat jo dute: "Ezin dugu bakarrik protesta egin eta eskubideak aldarrikatu; besteak ezagutu behar ditugu". Bi aldeen mesederako aritu behar dutela uste dute, aukera berdinak izateko. "Elkar ulertzea eta enpatia falta zaigu bi aldeoi, baina bidean gaude".

Kantari, soro artean

Kantari, soro artean

Kattalin Barber

Latinezko Per Agrum esapideak soroetan esan nahi du, eta hori da 7 eta 16 urte arteko 180 umek abestuko dutena izen bereko kantata sinfoniko koralean. Nafarroatik igarotzen den Donejakue bidea islatu nahi dute kantuz, lurraldeko kolore guztiak azaleratuz, Orreagatik Vianaraino. Bihar, 20:00etan izanen da estreinaldia Iruñeko Baluarte auditoriumean. Josu Elberdin konpositorearen obra da Per Agrum, eta lortutako diru guztia Medicus Mundi elkarteak jasoko du.

Kongoko Errepublikan, Nikaraguan eta Iruñean bertan dituzten hiru proiektu sustatzen jarraitzeko antolatu dute kantata, hain zuzen ere. 67 abesbatzatako 4.500 ahotsen biltokia da Nafarroako Abesbatzen Elkartea, eta horietatik 700 inguru haurrak dira. Oraingo honetan, Paz de Ziganda ikastolako, Noaingo musika eskolako, Tafallako Antso Errege eskolako eta Zaragozako (Aragoi, Espainia) Amici Musicae eskolako abesbatzetako 180 haurrek bat egin dute kantata sinfoniko korala aurrera eramateko.

"Izugarria da 180 haurrek oholtza gainean duten energia eta ilusioa", azaldu du Carlos Gorritxo Nafarroako Abesbatzen Elkarteko lehendakariak. Orain dela bi urte hasi ziren obra lantzen; proiektu "kolaboratibo eta pedagogiko" gisa definitu du Per Agrum Gorritxok. Erromesa ibilaldira bultzatzen duen hasierako irrikaz mintzatuko dira kontzertuan, bai eta bide onetik joateko eta babestuta sentitzeko egiten dituen eskariez ere. Pirinioetatik hegoaldera egiten du bidaia erromesak, eta paisaiarekin duen harremana ere deskribatzen du kantatak. Lau abesbatzetako haurrek Nafarroako Ganbera Abesbatza lagun izanen dute bihar.

Esan bezala, Orreagan hasiko dute haurrek Donejakue bidea, eta haien ahotsen bidez islatuko dute bertako erromesek sentitzen duena. Gutxika-gutxika, Nafarroa zeharkatuko du erromesak, Zubiri, Iruñea, Gares eta Vianara heltzeraino: "Nafarroako kolore guztiak kontuan hartu ditugu; Nafarroa bat dagoelako, baina, era berean, Nafarroa asko daudelako", dio Josu Elberdin konpositoreak. Adierazi duenez, oso musika "adierazgarria, sentikorra eta kolore askotakoa" da ondu dutena. Horregatik, besteak beste, XVI. mendeko Erromes kantua, Argi baten bila eta Basoz baso abestuko dute gazteek.

Hamar pieza ditu kantatak; horietako bi sinfonikoak dira, eta gainerakoak sinfoniko koralak. Euskaraz eta gaztelaniaz abestuko dute haurrek, eta bi hizkuntzak batera tartekatuko dituzte ere pieza berean. "Bide bat da obra, eta bide bat egiteko nahitik sortu da. Nafarroako bidaia amaitzean, erromesa konturatuko da bidaiak aldatu duela, bizitza ikusteko modu berri bat garatu duela, baina bidea ez dela oraindik amaitu", jakinarazi du Gorritxok.

Orain dela bi urte, Magnificat ikuskizuna aurkeztu zuen Nafarroako Abesbatzen Elkarteak. Orduan ere haurren abesbatzekin egin zuen lan erakunde horrek, eta ikuskizun hartan parte hartu zuten taldeetako hiru ariko dira bihar ere Baluarten. "Elkar ezagutzeak erraztu ditu entseguak", dio Gorritxok. Dena prest dute bihar Baluarte jauregiko aretoa Donejakue bide bihurtzeko ordu batez. "Erronka bat izan da haurrentzat, eta izugarri ongi egiten ari dira".

Per Agrum obraren estreinaldia bihar bada ere, aurrerantzean kontzertu gehiago eskaini nahi dituzte. Oraingoz, Zaragozan hitzartu dute hurrengo emanaldia, baina espero dute Nafarroako hainbat txoko ere bisitatzea haurrekin.

Bidearen atmosfera

Gorritxok azaldu du Nafarroako Ganbera Abesbatza "gakoa" izan dela Donejakue bidearen atmosfera girotzeko: "Haiei esker lortu dugu haurren abesbatzek bat egitea oholtza gainean, eta ukitu berezi bat ematea: ikusleak sentituko du Orreagatik pasatzen garela, edota beroa egiten duela eta Garesen gaudela". Pozik azaldu dira Gorritxo eta Elberdin umeen erantzunarekin, bai eta kontzertuak duen izaera solidarioarekin ere: "Abesbatzen elkarteak jasotzen duena nafar gizartera itzultzen da gero, modu batera edo bestera. Oraingoan, elkartasun taldeen lana sostengatuz".

Hurrenez hurren, lehen mailako osasun arreta zerbitzua zabaldu nahi du Medicus Mundik Kinshasan, Kongoko ingururik txiroenetakoa baita; ingurumen osasunaren inguruko proiektu bat sustatu nahi dute Nikaraguan, bestalde, hondakinak hobeto kudeatzeko. Nafarroan ere badute proiekturik: Urtxintxa eta Saioa elkarteek gazteentzat antolatutako aisialdiko hezitzaileen ikastaroan parte hartzen jarraitzeko baliatuko du dirua Medicus Mundik.

“Kalea astintzea dagokigu, erakundeei presioa egiteko”

“Kalea astintzea dagokigu, erakundeei presioa egiteko”

Edurne Elizondo

Gure Esku Dago ekinaldiak duela lau urte hasi zuen bidea. Etxarri Aranatzen egin zuten lehendabiziko galdeketa, erabakitzeko eskubideari buruz, eta, igandean, berriz, Mendialdeko, Bortzirietako eta Sakanako bertze 24 udalerritan eginen dituzte. "Mugarri bat da hau Nafarroan", erran du Gure Esku Dago ekinaldiaren herrialdeko koordinatzaile Jon Zirizak (Barañain, 1986).

24 udalerritan eginen dute galdeketa igandean. Dena prest?

Halakoetan, azken unera arte ez da dena prest izaten; baina izanen da. Herri guztietan ari dira lan ederra egiten.

Kontent zarete herriotako erantzunarekin?

Bai. Gisa honetako ekinaldietan herri osoaren inplikazioa behar izaten da. Sekulako erantzuna jaso du galdeketak herri guztietan. Horren isla dira egindako sinadura bilketetan lortutako emaitzak. Jende anitzek egin du bat.

Igandean ere jende anitzek parte hartuko duela espero duzue?

Subjektiboa da erratea parte hartze handi bat zer den edo zer ez. Guretzat, inportanteena datu kualitatiboak dira; guk nabarmendu nahi dugu galdeketa egitea jada gauza handia dela. Jasotako sinadurak kontuan hartuta, erroldaren %40k ere eman du sinadura hainbat herritan.

Nafarroan egin zen lehen galdeketa, Etxarri Aranatzen. Ekinaldiak erranahi berezia du herrialdean?

Nafarroan, Foru Hobekuntzaren testutik hasita, gure estatus politikoa edo gure marko juridikoa inoiz ez dugu bozkatu nafarrok. Hemen jarri zen Gure Esku Dago ekinaldiaren hazia, Etxarri Aranatzen egindako galdeketarekin; gero, Bakaikun egin zuten, eta orain bertze hamaika herrik izanen dute aukera, hilaren 18an. Nire ustez, hau nolabaiteko mugarria da Nafarroan, hagitz berezia da, eta duen garrantzia eman behar zaio.

Etxarri Aranatzen hasi, eta 24 udalerritan eginen dute orain.

Bai. 24 udalerri dira, baina herri gehiago: 30-40. Populazioa kontuan hartuta, 40.000 nafar inguruk izanen dute aukera bozkatzeko. Batzuentzat akaso bai, baina guretzat ez da txantxa; ekinaldi serioa da.

Zer erranen zenieke txantxatzat hartzen dutenei?

Nik uste dut ekinaldi hau kontuan hartzen ez dutenek finean beldurra diotela ezagutzen ez duten horri. Ezin dira galdeketak gutxietsi, ekinaldiak hartu duen tamaina kontuan hartuta. Hagitz garrantzitsua da, herri anitz direlako; baina bakarra balitz ere, hagitz garrantzitsua litzateke, balio kualitatibo handikoa delako galdeketa egiteko aukera izatea. Halako ekinaldiekin beti irabazten da zerbait. Herritarrak prestatzeko urrats bat da, etor daitekeen galdeketa loteslerako. Denok irabazten dugu.

Prestatu, nola?

Nik uste dut argi izan behar dugula ahaldunduta lortuko dugula erabakitzea. Gure etorkizun politikoa ez da erabakitzen lau urtean behin; harago doa. Erabaki nahi dugula errateko sendotasuna badugu, erakundeek nahi edo ez. Herritarrok dugu azken hitza.

Lau urteko bidean, Euskal Herrian 142 herrik egin dute galdeketa, eta 147.000 herritarrek parte hartu dute. Zer deritzozu?

Duela lau urte hasi zen dinamika hau, Irunen iragarri genuenean giza katea eginen genuela 2014ko ekainaren 8an, Durango eta Iruñea lotzeko. 50.000 pertsonak parte hartuko zutela uste genuen, eta kopuru hori hirukoiztu egin genuen: 150.000 pertsona izan ziren giza katean. Oraingoz, 147.000 herritarrek eman dute botoa, baina gora eginen du kopuru horrek. Garaipentzat jo dezakegu? hau ez da garaipen kontua, finean. Guk gure bidea egin behar dugu, eta prozesuan konturatzen ari gara jende anitz mugitzen ari garela.

Duela lau urteko egoerarekin alderatuta, testuinguru politikoa aldatu egin da Nafarroan. Eragin dizue?

Nafarroan sekulako aldaketa izan da erakundeetan, eta kontuan hartzeko modukoa da, noski. Nafarroan, halere, nik sentitzen dut lasaitu egin direla aldaketaren alde bozkatu zuten horiek, eta kaleko giroa, nolabait erranda, apaldu egin da. Ez dut erranen ona edo txarra den, baina argi izan behar dugu irribarrez bete behar dugula kalea. Erran behar diegu erakundeetan diren horiei garaia dela gauzak aldatzeko, eta herritarroi hitza emateko.

Karrikako presioari eustea garrantzitsua dela uste duzu?

Hala da. Kaleko tentsio polit horri eustea ezinbertzekoa da, gauzak aldatzeko. Ezin ditugu gure nahiak bertzeen esku utzi, ezin dugu gure etorkizuna inoren esku utzi. Guri dagokigu gauzak aldatzea, herritarroi. Guri dagokigu lortzea herri zoriontsu bat izatea, herri libre batean.

Kataluniako eredua zein neurritan izan da ispilu bat zuentzat?

Argi dago Kataluniari eta egin duten bideari so egin diogula; halere, guk argi utzi nahi dugu Gure Esku Dago ekinaldia ez dela baiezkoaren edo ezezkoaren alde; guk nahi dugu edonor sentitzea dinamikaren parte, eta inor ez sentitzea bakarrik ikus-entzule. Noski, Kataluniak edo Eskoziak egin duten bidea hor dago, eta so egin behar diogu, herritarrei galdetu dietelako. Eta hori da guk nahi duguna. Nork bere hitza errateko aukera izatea. Herritarroi galdetzea nahi dugu, ez bertzerik. Azken finean, hori bezain gauza sinplea da. Erakundeei dagokie erreferendum lotesle bat egitea; guri dagokigu, berriz, kalea astintzea, modu baretsu eta irrifartsu batean, erakunde horiei presioa egiteko.

Zer erranen zenieke galdeketa eginen duten herrietako biztanleei?

Ni Barañaingoa naiz, eta oraindik ez dut izan bozkatzeko aukera. Aukera hori duenari baliatzeko eskatuko nioke nik; baiezkoa edo ezezkoa ematera joan daitezela, baina parte har dezatela. Ezin ditugu inoren esku utzi gure askatasuna eta gure erabakia. Igandekoen ondotik, udazkenean izanen dira galdeketa gehiago.

Iritzia: Ez dut jende zoriontsurik nahi

Saioa Alkaiza

Facebook kendu berri du oso gertuko dudan lagun batek: "Zoriontasunak nazkatu egiten nau", esan zidan, erabakia azaltzerakoan, eta ohiko kasketa ozpina zela pentsatu nuen hasieran. Kontatu zidan sare sozialeko bere murrua, lehen orria, "Bizitza bat eta bakarra da, goza ezazu!"; "Munduak negar eginarazten badizu, egizu barre"; "Zoriontasuna ez da norberak gustuko duena egitea, egiten duzuna egitea gustuko izatea baizik" eta enparauez beteta zegoela, zoriontasunaren tiraniaren betekada zeukala, aski zela Iphonearekin editatutako ilunabar ezin perfektuagoak ikusteaz, ortzadarrez eta itsasoaren irudiez. Gogaituta zegoela.

Kontua puzten ari zela pentsatu nuen hasieran, etxera igo nintzenera arte. Gure etxeko igogailuaren konponketa zerbitzuak honako pegatina hau dauka jarrita, igogailu barruan, justu botoiak sakatzeko plakaren gainean: "Ez zaitez arduratu konponketaz, hori gure kontu; zoriontsu izatea izan dadila zure zeregin bakarra". Etxeko igogailuko konponketa pegatinak esaten dit egunero zoriontsu izateko.

Telebistan, "animoa igotzeko pilulak"; bitaminak, "egunerokotasunari tamaina hartzeko"; eta aurrezkirako kontu korrontea, norberak lasaitua har dezan, "bizitzaren gauza garrantzitsuez" baino ez kezkatzeko. Eta pentsatu nuen agian lagunak arrazoia daukala, agian errazagoa litzatekeela gaizki egotea, triste, baxu, pentsakor, gatzgabe, motel, besterik gabe, etengabe munduan egoteko era perfektu baten bila ariko ez bagina. Beti nola egon aginduko ez baligute.

Pentsatu nuen "Nahi baduzu, ahal duzu" eta esaldi sasi ahalduntzaileek ahultzeaz gaindi deus gutxi egiten dutela. Batez ere, ez direlako egia: batzuetan, nahi izanen duzulako, esaterako, langabezia egoera aldatu, baina ezin izanen duzu lanik aurkitu; eta soldata berdintasuna nahi, nahi izanen duzu, baina desioekin ez da egiturazko sistema heteropatriarkala eraitsiko; seguru lesbofobiarik ez duzula nahi bizitzan, baina tokatuko zaizu. Zapalkuntzak ez dira desira kontua.

"Performace konstante bat baino ez da etengabeko zoriontasuna", esan zidan Facebooketik borratu berri den lagunak, eta BERRIA egunkarian Lucia Egaña postporno egileak egindako hausnarketa etorri zitzaidan akordura: "Performatibitatea da egunez egun era berean egitea zerbait, eta hala norma eraikitzea. Egunero performatzen dugu zer den langile ona, etxekoandre ona izatea... Baina, berez, langile onak edo etxekoandre onak ez dira existitzen bere horretan; iruditeria sozialaren bidez sortu ditugu". Jende zoriontsua, bere horretan, ez da existitzen.

Facebooken kontrako elkarrizketa erdian, kanta bat jarri zuten tabernan, izurra izurtzeko. Jende zoriontsua, herri libre batean... Ia kafea mindu zitzaigun. Nik ez dut zoriontsu izan nahi etengabe, baldintzarik gabe, buklean, poztasunaren sorgin gurpil gera ezin batean. Batzuetan, ahula izan nahi dut, zaurgarria, aspergarria, desatsegina, ahozikina, absurdoa, monotonoa, eta ez horregatik gaizki sentitu. Ez dut jende zoriontsuz beteriko herri libre bat nahi; izan ere, aske izateko nahi dut herri libre bat.

Bestak jai izateari ez uzteko

Bestak jai izateari ez uzteko

Edurne Elizondo

Hilabete eskas falta da sanferminak hasteko; hilabete eskas suziriak eztanda egin eta hiria itxuraldatzeko. Bederatzi egunez, jendez beteko dira Alde Zaharreko karrikak, San Ferminen izenean; auzoko etxe anitz, ordea, hustu eginen dira; bestak gozatzeko dira egun horiek hiritar eta bisitari askorentzat, baina jaiak hartzen dituen karriketako bizilagun gehienek sanferminak sufritu egiten dituzte gozatu bainoago. "Alde Zaharreko 6.500 biztanleetatik ia 4.000k alde egiten dute; Iruñea, sanferminetan, gentrifikatu egiten da". Paco Roda gizarte langilearenak dira hitzak, eta duela bi aste Hordago aldizkariak Iruñeko bestei buruz antolatutako mahai inguruan erran zituen.

Gora egin dute sanferminen inguruan gogoeta egiteko beharra mahai gainean jarri duten ahotsek, Iruñean. Hordago aldizkariak bertzelako sanferminak ospatzea posible ote den galdetu nahi izan zien herritarrei, bere ekinaldiaren bidez; udalak ere hainbat hitzaldik, erakusketak eta zinema, musika eta dantza saiok osatutako programa antolatu du datozen asteotarako, bestei buruzko hausnarketa bultzatzeko asmoz.

Sanferminen liburu txuria egiteko konpromisoa hartu zuten udala babesten duten taldeek akordio programatikoan, eta esparru horretan kokatu du Iruñeko Kultura zinegotzi Maider Belokik prestatutako programa hori. Folklorea du ardatz. Zinegotziak onartu du eztabaida pizten duten bertze hamaika gai badirela jorratzeko, baina egindako hautua babestu du: "Programazioa lantzeko mahaian folklorearekin lotutako eragile asko dago, eta bazuten kezka gaiarekin; gainera, Dugunak prestatutako lana bagenuen". Izan ere, dantza talde horrek egindako Soka izenburuko erakusketa paratu dute Kondestablearen jauregian; bertze hainbat hiri bisitatu ditu jada.

Berandu

Iruñeko Aranzadiko zinegotzi Alberto Labarga entzuleen artean zen Hordago-k antolatutako maiatzaren 27ko mahai inguruan, eta onartu zuen udala ez dela egiteko duena betetzen ari, sanferminen liburu txuriari buruz. "Berandu gabiltza; behar dugu herritarrek mahai inguru honen gisako ekinaldiak antolatzea, udalari duen betebeharra gogorarazteko", erran zuen. Belokik bat egin du Labargarekin, baina neurri batean bakarrik: "Egia da lan asko dugula egiteko, baina egin ditugu urratsak; sanferminak asko ireki dira azken urteotan".

Aurtengo sanferminek etorkizunera begirako bidea zehazteko izanen duten garrantzia nabarmendu du Belokik, udal gobernuaren ardura hartu zutenean, 2015ean, urte hartako bestak jada prest zirelako. "Ondorioz, iaz guk prestatutakoekin alderatu ahal izanen ditugu aurtengoak", erran du Kultura zinegotziak.

Paco Rodak, oraingoz, benetako aldaketarik ez du ikusi, eta zalantzan jarri du udalaren besta eredua aldatzeko borondatea. "Bertze modu batera kudeatzeak ez du berez ekartzen eredua aldatzea", erran du. Garrantzitsuena da, haren hitzetan, bestei buruzko analisia egitea "turismo masiboaren ekonomia politikaren ikuspuntutik".

Salatu duen gentrifikazioarekin batera, mahai gainean jarri ditu ostalaritzarekin eta turismo dinamikekin lotutako sektoreak duen lehentasuna, turismo masiboaren izenean justifikatzen den droga eta alkohol kontsumoa eta tauromakia. Erdigunean paratu ditu, halaber, heldu beharreko bertze hamaika auzi: kontrolik gabe alokatzen diren balkoien eta etxebizitzen inguruko negozioa, sanferminetarako kontratatzen dituzten langile anitzen egoera kaskarra, indarkeria matxista eta abar. Datuak eman ditu Rodak, gainera: adibidez, sanferminetan ostalaritzak sortzen dituen 1.500 postuetan kontratuen %75 direla prekarioak, oso eskasak edo ezkutuko ekonomiaren baitakoak; iaz 1,95 milioi euroren aurrekontua izan zutela sanferminek, baina kopuru horri gehitu behar izan zitzaizkiola azpiegiturak eta giza baliabideak ordaintzeko bertze 5 milioi euro; turismoak 45 milioi euro inguru eragiten dituela Iruñean sanferminetan, baina zergen bidez bost bertzerik ez duela jasotzen hiriak bueltan. Bada gehiago errateko: etxerik ez dutenentzako aterpea itxi egin behar izaten dutela bestetan; eta droga menpekotasunagatik tratamendua jasotzen duten 60 pertsona inguruk hiria utzi behar izaten dutela sanferminetan.

Indarkeria matxistaren auzia ez da berria sanferminetan, baina azken urteotan ikusgarriago bilakatu da arazoa; mugimendu feministak urte luzez egindako lana dago horren atzean, bai eta egungo udalak mugimendu horren aldarrikapenekin bat egiteko erakutsi duen borondatea ere. Aurtengo sanferminetarako ere kanpaina antolatzen ari da erakunde hori.

Nahikoa ote den zalantzan jarri dute, halere, Iraultza Feminista taldeko kideek. Gurutzeko plazako institutuan sortu zuten, joan den azaroan. Sanferminetako indarkeria matxistari aurre egiteko brigada feministak osatzeko asmoa bazuten aurten, baina atzeratzea erabaki dute, azkenean, udaletxeko arduradunekin hitz egin eta behar bezala antolatzeko aukera ez zutela ikusita. Proiektua garatzen jarraituko dute, halere, hurrengo urteko bestetan karrikan egoteko. "Gizon zuri eta heterosexualak gozatu egiten du karrikan; bitartean, beldurrak akabatzen egoten gara bertze anitz", nabarmendu du Iraultza Feministako kide Gloria Montielek.

2000. urtean jaio zen Montiel; 2001ekoak dira, berriz, haren taldekide Malena Cecchetto eta Carla Lopez. Ikastetxeko arduradunekin izandako arazoak jarri dituzte adibide Iraultza Feministaren gisako taldeen beharra nabarmentzeko. Eskolako giroan "misoginiaren lekuko" izan direla argi utzi dute hirurek, baina gauzak aldatzen hasi direla feminismoaren inguruko lana garatzen hasi zirenetik. Eskertu dute, batez ere, feminismoak eman dien formakuntza.

Besten esparrura eraman nahi dituzte ikasitakoak, hain zuzen ere, eta sanferminetan aske izateko eta karrikaz gozatzeko duten eskubidea aldarrikatu dute. "Iaz, itota sentitu nintzen sanferminetan; gizonak dira bestetako protagonista. Izkin batean gelditzen nintzen tabernetan, ez nuelako gizon batek behartuta dantzatu nahi", erran du Lopezek.

Halako egoerekin etsita dago Cecchetto ere. Amorrua eragin dio aurtengo brigada feministak antolatzeko gai ez izateak. Ez du baztertzen, halere, hainbat auzo edo herritan martxan jartzeko aukera. Iruñeko bertze hainbat talde feministarekin harremanetan dira, eta brigadak antolatzeko interesa badela argi du Iraultza Feministako kideak. "Bestetan, oraindik ere, emakumeak objektu dira", salatu du. "Zabaltzen den mezua da sanferminetan besta dela garrantzitsuena, eta edozer gauzak balio duela bestaren izenean", erantsi du Montielek.

Tauromakia, auzitan

Beganoa da Montiel; barazki jaleak, berriz, Lopez eta Cecchetto. Sanferminetan animalien erabilerarekin ere badute kezka. Ez dira bakarrak. Azken egunotan zezenketen aurkako talde berri bat aurkeztu dute Nafarroako hiriburuan: Iruñe Antitaurinoa. Talde horren eskutik, hain zuzen ere, Jose Enrique Zaldibar albaitariak hitzaldia eman du asteon. AVATMA tauromakia eta animalien aurkako tratu txarrak ezeztatzearen aldeko albaitarien elkarteko buru da Zaldibar, bai eta zezenketen eta gisako ikuskizunen aurkako hamaika txostenen egilea ere.

"Egungo jai ereduaren inguruan hausnarketa kolektiboa egin behar da", erran du Iruñe Antitaurinoa taldeko kide Txaro Buñuelek. Taldean "sentsibilitate ezberdineko" pertsonek bat egin dutela azaldu du, eta hainbat peñatako kideak ere badirela erantsi du. "Batzen gaitu sanferminetako arratsaldeetako krudeltasunari ezetz esan nahi izateak, beste alde batera begiratu nahi ez izateak", azaldu du.

Bertzelakoa da entzierroen inguruan hartu duten jarrera, ordea: "Ez dugu iritzirik eman nahi entzierroei buruz; ez gaude alde, ezta kontra ere. Uste dugu zezenen kontrako tratu txarra badela entzierroetan, baina ez da zezen plazan gertatzen diren tortura eta hilketa bezain larria".

Iruñe Antitaurinoa zezenketen aurka egiteko bakarrik sortu da. Sanferminetan badira animaliak erabiltzen dituzten bertzelako ekitaldiak, hala ere, eta horiek ere salatu nahi izan ditu iaz sortutako bertze talde batek, Animalien Askapena Nafarroa izenekoak, alegia. Natalia Clavero kideak zehaztu du, halere, zezenketen aurkako manifestazioa egiteko asmoz erabaki zutela taldea martxan jartzea. Eta eginen dute: uztailaren 1ean. Argi utzi du, ordea, animaliak erabiltzen dituzten zirkuen, entzierroaren edo zaldien salerosketa bultzatzeko egiten duten azokaren kontra ere badirela. "Antiespezistak gara, animalia guztien alde egiten dugu". Ekitaldi horiek guztiak salatzeko protestak egin ditu Iruñeko Ekintza Antiespezistak, azken urteotan.

Iruñeko Udalak tauromakiaren auziari eusteko garaia dela uste du Claverok. "Izugarria da alkateak ez egitea urratsik Donostian EH BIlduk egindako bidean; alderantziz, frakarekin eta xisterarekin, plazara joaten da".

Iruñeko Kultura zinegotzi Maider Belokik aitortu du tauromakiaren inguruko eztabaidak gero eta pisu handiagoa duela Iruñean, eta udalak landu beharko duela. Hurrengo urterako agertu du hori egiteko asmoa. Aurten, lehengo lepotik burua.

Protesta, plazaren erdigunera

Protesta, plazaren erdigunera

Edurne Elizondo
Hau da momentua". Horixe erran du Baztango alkate Joseba Otondok: oraingoa Aroztegiko proiektuari buruzko UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana bertan behera uzteko unea dela, hain zuzen ere. "Hilaren 5ean bete ziren bi urte UGEP h...

Erdigune eta auzo izateko orekaren bila

Erdigune eta auzo izateko orekaren bila

Kattalin Barber

Badira arrazoiak Iruñeko II. Zabalgunearen inguruko erakusketa bat eta haren etorkizunaren gaineko mahai inguruak antolatzeko. "Orain betetzen ari dira 100 urte II. Zabalgunea egin zenetik, eta hamar urte, hain justu, Zabalgunearen Barne Berrikuntzarako Plan Berezia egin zenetik. Ez dira soilik zifra borobilak: planak berak zehazten du hamar urtera hausnarketa bat egiteko beharra". Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza alorreko zuzendari Vicente Tabernarenak dira hitzak, eta horixe egin dutela adierazi du: hiri erdian dagoen auzo horren inguruan hausnarketa eragin.

Iruñea aspalditik egon da harresiz inguraturik, eta, hiriburu gisa garatzen hasteko, ezinbestekoa izan zen horiek behera botatzea. Zabalgunea, hain zuzen ere, horren emaitza da. 1915ean lehenbiziko harria bota zuten; 1920an, berriz, behin betiko bota zuten gotorlekuaren hegoaldeko zatia. II. Zabalgunerako proiektuak askoz lehenago hasi baziren ere, 1922ko abuztura arte ez ziren hasi auzo berri hori eraikitzen. Orduko hiritarrek poz handiz hartu zuten albistea. Hainbat proiektu aurkeztu zituzten, baina Serapio Esparza udal arkitektoarena gauzatu zuten, azkenean. "Mantso bete zen Zabalgunea, eta 50 urte behar izan zuten eraikitzeko", esan du Tabernak.

Horren lekuko dira Geltokin jarritako II. Zabalgunearen historia eta bilakaerari buruzko planoak eta argazki erakusketa. Bi hitzaldi eta mahai inguru bat ere egin dituzte, eztabaida irekitzeko. Nolako auzoa den eta nolako auzoa nahi den aztertu dute, besteak beste. "Jardunaldi hauek abiapuntua izanen dira Zabalgunearen plana birpentsatzeko. Ez dugu zertan berritu; hausnarketa hauek esanen digute zein den bidea, zertan asmatu den eta zertan ez den asmatu", dio Tabernak. Urratsez urrats egin nahi dute aurrera; auzoaren diagnostiko bat egitea litzateke bigarren pausoa.

Orain dela hamar urte egindako planak lau ildo estrategiko zituen: Zabalgunearen izaerari eustea, ekipamenduen oreka, espazio publikoak eta kaleak, eta etxebizitzen baldintzak. Puntuz puntu azaldu ditu gaur egungo erronkak: "Maristen proiektua, Salestarrak, Erorien Monumentua... Zabalgunean baditugu hainbat proiektu, horietako asko polemikoak, eta horien gainean ariko gara". Horrez gain, Iruñerriko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana ahotan izan du Tabernak. Hilabeteak dira lantzen ari direla, eta hor hartutako erabakiek eragina izanen dute Zabalgunean.

Auzoan dauden etxebizitzei buruz ere mintzatu da Taberna. Zaharrak eta handiak dira gehienak. "Orain dela hamar urte, plana egin zutenean, 120 metro koadro erabilgarri baino gehiagoko etxebizitzak %8 ziren Iruñean. Zabalgunea bakarrik aztertuz gero, zifra hori handitu egiten da: auzoko etxebizitzen %30ek 120 metro koadro erabilgarri baino gehiago dituzte".

Etxe handiak dira, baina han bizi direnak, aldiz, gutxi dira. Goyo Urdaniz urte luzez Iruñeko Udaleko soziologoa izan denak eman ditu datuak: 10.200 etxebizitza daude Zabalgunean, eta haietatik 9.017tan bizi da jendea. "Kontua da 2.821 etxebizitzatan pertsona bakarra bizi dela, eta beste 2.315etan, bi pertsona". Tabernak eta Urdanizek uste dute etxebizitzak gaur egungo beharretara egokitu behar direla, handiegiak direlako. "Ikusi beharko da ea zatitu daitezkeen; ez da kontu sinplea", dio Tabernak.

Auzoaren bi "arimak"

Norantz doa auzoa? Galdera horretan jarri dute arreta Urdanizek eta Tabernak. Azken horrek Zabalguneak dituen "bi izaerak" nabarmendu ditu: "Auzoa da, baina, era berean, hiriaren erdigunea. Bi arima horien orekak esan beharko digu nolakoa izan behar duen auzoak". Iruñeko auzo guztien behar eta ezaugarri guztiak dituela dio Tabernak, baina, aldi berean, hiri osoaren errepresentazioa dela. "Hiri osoko hainbat jarduera han egiten dira: adibidez, Nafarroako Gobernuko egoitza gehienak Zabalgunean daude". Ezaugarri horiek izanik, egokitasunera jotzeko beharra aipatu du Tabernak. "Gaur egun bizi garen moduan bizitzeko, egokia izan behar du II. Zabalguneak, ekipamendua, mugikortasuna, etxebizitzen kalitatea eta abar kontuan hartuz. Hiriak dituen beharrak asetzeko ere balio behar du".

Urdanizek, aldiz, Zabalgunearen auzo izaeran jarri du arreta. Haren ustez, Zabalgunea "auzo izaera txikiena duen" Iruñeko auzoa da eta, horregatik, bertako herritarren arteko elkar ezagutza eta harremana sustatu behar direla uste du. "Ez da auzo sentimendurik".

Biek adierazi dute ez dela lan makala auzoaren bi izaera horiek orekatzea eta hobetzea, baina horretan hasteko asmoa du udalak. Hausnarketa horiek guztiak balioko dute etorkizunean eginen diren ekintzen oinarri gisa. "Zabalguneak nolako auzo izan nahi duen jakin nahi dugu, baina, horretarako, zer-nolakoa auzoa den jakin behar dugu".

Iritzia: Mugimendua gara

Lur Albizu Etxetxipia
Atzera begiratu eta bi urte hauetan gertatu denari erreparatzea ez da lan samurra. Gauza asko (gehiegi) ahaztu egiten zaizkigu. 2015. urteko maiatzetik honakoak nola laburtu hitz gutxitan? Hitz bat aukeratu beharko bagenu, zein iz...

Iragana delako geroaren hazi

Iragana delako geroaren hazi

Edurne Elizondo

Munduak haziak behar ditu elikatu ahal izateko; iraganeko eta egungo hazi horiek baitira etorkizuneko elikagaien giltza. Horregatik, munduko hainbat txokotan, haziak gordetzeko biltegiak badira. Artikoan dago nagusienetako bat, Norvegiako Svalbard artxipelagoan, hain justu. Munduaren azkenaren bobeda erraten diote; baita XXI. mendeko arka ere. Biltegia ez da uste zuten bezain segurua, ordea, eta arriskuan dira han jasotako haziak, urak gainezka egin, eta biltegian sartzeko tunela hartu eta gero.

Klimaren aldaketaren ondorioak sufritu ditu Artikoko biltegiak. Inoizko negurik epelena izan dute han, eta tenperaturak ohi baino zazpi gradu gehiago egin du gora. Horrek ekarri du permafrosta urtzea, eta ura tunelean sartzea. 150 metro sakon eraiki zuten biltegia, izotzak hartutako mendi batean. 4,5 milioi hazi barietate gordeta daude han, zero azpitik 18 graduko tenperaturan. Norvegiako Gobernua da biltegiko arduradun, eta urak ez diela haziei kalte egin azaldu du. Hasi dira ura ateratzeko eta bideratzeko neurriak martxan jartzen. "Haziak, oraingoz, seguru daude, behar duten tenperaturan", erran dute Norvegiako ordezkariek.

Mundu osoko haziak gordetzen ditu Svalbard artxipelagoko biltegiak. Tokian tokiko bertze hamaika ekinaldi ere badira tokiko bertako barietateak gordetzeko, eta hazi horiek lotuta duten ezagutzari eusteko. Nafarroan, herrialdeko hazi sarea ari da lanean, adibidez; tokiko haziak bilatzea du helburu, hazi horiek gordetzeko, ereiteko eta partekatzeko. Ez hori bakarrik. "Tokiko barietate tradizionalak nekazaritza bioaniztasunari eusteko funtsezkoak direla nabarmendu nahi dugu; zabaldu nahi dugu premiazkoa dela haiei eustea", azaldu du Nafarroako Hazi Sareko Esther Morenok.

Gizartea ohartarazi

Morenok uste du gizartea, oraindik ere, ez dela auziak duen garrantziaz ohartu. "XX. mendean, munduko hazien hiru laurdenak galdu genituen; oraindik ere, eta hemen, Nafarroan, tokiko barietateak galtzen ari gara; horrek erran nahi du nekazaritza bioaniztasuna galtzen ari garela, egunero, eta bioaniztasun hori behar dugu etorkizunean ere elikatu ahal izateko". Erlojupeko lasterketa bat da egungo belaunaldiak egiten ari direna, finean.

Arbasoen ondarea dira tokiko haziak, Morenoren hitzetan, baina "ondare bizia" direla zehaztu du, etorkizunerako giltza direlako. "Tokiko hazien barietateak denontzat dira ezinbertzekoak", berretsi du. Gakoa da, Nafarroako Hazi Sareko kideek nabarmendu dutenez, tokiko barietateak gogorragoak direla; hobeki egokitzen direla klimaren aldaketetara; eta egokiagoak direla nekazaritza ekologikoaren esparruan garatzeko. Saretik, hain zuzen ere, nekazaritza ekologikoaren aldeko apustu garbia egin dute. Gaur egungo testuinguruak ezarritako baldintzak ezin direla bazter utzi argi du Morenok: "Krisi garaia da egungoa; ingurumen krisia dugu, klimaren krisia, nekazaritzaren krisia. Errealitatea erakusten ari da nekazaritza industriala eredu duen sistemak porrot eginen duela. Nekazaritza ahalbidetzen duten baliabideak suntsitzen ari da sistema hori".

Hitz gutxitan erranda, tokiko barietateek berezkoa duten bioaniztasuna galtzea ekartzen dute nekazaritzaren industriak bultzatutako hazi hibridoek eta transgenikoek. "Kontua ez da bakarrik tokiko haziak hobeki egokitzen direla; gainera, ikerketek agerian utzi dute nutriente, bitamina eta antioxidatzaile gehiago dituztela", erran du Monterok. Ez hori bakarrik. "Barietate bereko landareen artean ere bada aldea; tokiko hazien landareek informazio genetiko gehiago dute; barietate bereko landareak ere ezberdinak dira, eta gaixotasunen batek kalte eginez gero, ondorioz, gehiagok lortuko dute aurrera egitea", gaineratu du Nafarroako Hazi Sareko Elena Saucak. Arrea elkarteko kide ere bada.

Tokiko hazi tradizionalen eta hazi modernoen eta transgenikoen arteko aldea harago doa; ez da bakarrik zapore edo egokitzeko ahalmen kontua. Jabegoaren auzia jarri dute Saucak eta Monterok mahai gainean, hain zuzen ere. Saucak argi erran du: "Haziak ez dira inorenak, eta, aldi berean, denonak dira". Bat egin du Monterok. Gehiago erran du: "Gaur egun ditugun haziak gure arbasoek ehunka eta ehunka urtez egindako lanaren ondorio dira; nekazariek sortu dituzte". Industriak, ordea, haiena den hori kendu nahi die nekazariei, Monterok salatu duenez. Edo prezio bat ordainarazi, gutxienez.

Izan ere, barietate hibridoek jabego intelektualaren eskubideak dituzte, eta transgenikoak, berriz, patenteak babestuta daude. "Nekazariek, gainera, ezin dituzte berriz erabili", zehaztu du Saucak. "Lehen, haziak sortzeko prozesua milaka nekazariren esku zegoen; orain, antza, teknikariek baino ezin dute hori egin; haziak, gainera, gero eta etxe gutxiagoren esku dira. Sistema erabat maltzurra da", erantsi du Monterok.

Legeak ez du laguntzen. "Hazien katalogoetan sartzeko baldintzak hazi hibridoen eta transgenikoen neurrira egiten dituzte, oro har; tokiko haziak ez dituzte sustatzen, inondik inora", salatu du Monterok. Ondorioz, haien tokia, kasu anitzetan, autokontsumorako baratze txikiak dira.

Monterok "etsigarritzat" jo du herritarrak, oraindik ere, gertatzen ari denaz ez ohartzea. Nafarroako Hazi Sarearen bidez, hain zuzen ere, lan hori egin nahi dute: haziak bilatu, erein, partekatu, eta haien inguruko errealitatearen berri eman gizarteari. Haziekin batera, haiei lotuta dauden ezagutzei eustea ere garrantzitsua dela argi dute Saucak eta Monterok. "Nekazaritzari lotutako ohitura multzo eta kultura bat badirelako".

Hazien azoka

Boluntarioek osatzen dute Nafarroako Hazi Sarea; herrialde osoan bada jendea lanean, tokiko hazien bila. "Ehun baino gehiago sailkatu ditugu jada; tokiko hazitzat jotzeko 50 urtez erein behar izan dute, gutxienez, eta izan behar du kulturan isla; errotua egon behar du", azaldu du Monterok. Ezagunak dira haietako anitz: Tuterako orburuak, Azkoiengo kardua edo Zangozako potxa, adibidez. Bertze hainbat, ez dira hain ezagun, eta, gainera, galtzeko bidean dira: Ustaizeko tipula, edo Batavia letxuga.

Sareko kideen lana, halere, hasi da emaitzak ematen, eta gero eta herritar gehiagok badute interesa haziei eusteko. Iruñeko Ingurumen Heziketarako Museoan izan dira, adibidez, hitzaldia ematen, eta erakunde horrek bere egin du tokiko hazien inguruko kezka. Urratsak egiten hasi dira, eta hilabetean behin haziak partekatzeko azoka antolatzen dute; hilaren 6, 7, 8 eta 9an eginen dute hurrengoa. "Oraingoz, tokikoak ez diren eta ekologikoak ez diren haziak ere onartzen ditugu; martxoan hasi ginen, bide motza egin dugu, oraingoz, baina uste dugu bide horretan aurrera eginez tokiko hazien esparruan eginen dugula lan, azkenean", azaldu du museoko arduradun Gurutze Santxok.

Sareko kideek ere egiten dituzte hazi trukeak; bai eta ikastaroak eta produktuak dastatzeko azokak ere. Ezagutzea da kontua. Balioa emateko. Zaintzeko.