Kattalin Barber
Mundua ulertzeko balio du fisika kuantikoak", esan du Mikael Chala fisikariak. Naturaren jokaera azaltzen duen zientziaren esparruan murgildu da Chala, eta, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Laetoli argitaletxearen bidez, Física cuántica para Alicia (Fisika kuantikoa Aliciarentzat) dibulgazio lana argitaratu berri du. "Nire helburu nagusia izan da pertsona guztientzat liburu ulergarri eta arin bat egitea; maila batean, edonork uler baitezake fisika kuantikoa", azaldu du.
Dibulgazio lan horrek, besteak beste, aukera ematen du Higgs bosoia edo quarkak ezagutzeko, baita zientzia horri esker funtzionatzen duten teknologia berriak ulertzeko ere, hala nola laserra eta zenbait mediku tresna. Fisika kuantikoaren garrantziaz mintzo da Chala. Izan ere, gaur egungo bizitza ezinezkoa litzateke zientzia horren ezagutzarik gabe. "Guztiaren erantzun bat da fisika kuantikoa. Unibertsoak, izarrek eta planetek nola funtzionatzen duten jakiteko beharrezkoa dugu. Eta ez hori bakarrik; adibidez, transistoreak ulertzeko beharrezkoa da fisika kuantikoa, eta horietako milioika ditugu gure ordenagailu edota sakelako telefonoetan, gaur egun", nabarmendu du egileak. Valentziako Unibertsitateko Fisika Korpuskularreko Institutuko ikertzailea da Chala, eta partikulen fisikan aditua.
Liburua erraz irakurtzen dela azaldu du egileak. "Ez da eleberri bat, eta egia da geldi irakurtzea eskatzen duela liburuak, baina irakurleak ez du bestelako arazorik aurkituko". XX. mendea baino lehenagoko fisikari so eginez hasten da lana, eta, batez ere, Newtonen mekanika eta elektromagnetismoa azaltzen ditu Chalak idatzitako orrialdeen bitartez. Ondoren, fisika kuantikoa aztertzen du egileak, partikula subatomiko txikienen munduan murgilduz —quarkak, neutrinoak, bosoiak—, eta unibertsoaren historia berregiten du, Big Bangetik hasi eta gaur egun arte.
Erantzunik gabe
Mugak ditu, oraindik ere, fisika kuantikoak, eta galdera asko erantzun gabe daude, gainera. Aurkitu duten partikularik txikiena Higgs bosoia da. "Gehiago jakin daiteke? Horretan ari gara, baina oraingoz ez dugu gehiagorik aurkitu. Ez dakigun gauza asko daude, baina, oraingoz, horrela da".
Gainera, maiz agertzen diren anekdotek eta Chalak berak egindako hainbat marrazki argigarrik aukera ematen diote irakurleari naturaren jokaera azaltzen duen zientziaren esparruan barneratzeko, ekuazio matematikoen beharrik gabe.
Horretaz gain, liburuaren beste helburuetako bat fisika kuantikoaren "mitoak" gainditzea izan da, ikerlariak erantsi duenez. "Fisika kuantikoa ez da magia; esperimentuetan oinarritzen da, beste zientzia guztiak bezala. Arazoa da pseudozientzia batzuetan fisika kuantikoaren propietateez baliatzen direla jendeari iruzur egin ahal izateko". Naturaz gaindiko "ustezko erremedio" batzuen amarruak agerian utzi ditu bere liburuan Mikael Chalak, hain zuzen ere.