Elkartasunak ez du etenik

Elkartasunak ez du etenik

Kattalin Barber

Mundura etorri aurretik sortu zitzaizkion Aiorari osasun arazoak. Kardiopatia batekin jaio zen, eta bihotzeko arazoak ebakuntza bat baino gehiago egiteko beharra eragin zuen. Denbora luzez egon da ospitalean, baina aurrera egin du Aiorak. Hirugarren ebakuntza, hala ere, "atakarik larriena" izan zen. Ebakuntza sinplea izan arren, arazoak izan zituzten, eta Aiorari bihotza gelditu zitzaion 20 bat minutuz. Horren ondorioz, garun paralisia du orain Aiorak. Ate guztiak jo ditu familiak, halabeharrez, eta Kubatik iritsi zaie, azkenean, albiste pozgarria. Hala, behar duen tratamendua finantzatzeko, eta Kubako bidaia ordaintzeko, hain zuzen ere, egun osoko jaialdia antolatu dute, biharko, Lizarran: Ega Fest (Eutsi gogor, Aiora).

"Aukera handia du Aiorak hobetzeko, eta itxaropena dugu. Sei urte bete arte burmuina ez da garatzen, eta denbora hau baliatu behar dugu guztia egiteko". Maialen Zabalbeaskoaren hitzak dira, Aioraren amarenak. Hiru urte ditu egun haurrak; harenganako elkartasunak ez du etenik. Haren bizi kalitatea hobetu eta haren garuneko mina arindu ahal izateko, hamaika kanpaina eta ekintza egin dira azken hilabeteotan. Handiena, halere, biharkoa izanen da: besteak beste, Esne Beltza, Zea Mays, Mikel Urdangarin eta DJ Elepunto izanen dira Lizarran, Aiora laguntzeko prest. "Kalkulatu dugu 25.000 euro inguru beharko ditugula tratamendua ordaintzeko, ostatu hartzeko eta hegaldiak pagatzeko", esan du Zabalbeaskoak.

Habanako CIREN neuroerrehabilitazio zentrora joan nahi du familiak, osasun sistema publikoak Nafarroan ez duelako bermatzen Aiorak behar duen tratamendua. "Ez da nahikoa. Horrelako osasun arazo bati aurre egitea gastu izugarria da, eta gizarte segurantzak ez digu eskaintzen. Hemen dagoena eskasa da Aioraren garapenarentzat".

Astean hiru egunez fisioterapia eskaini diote Aiorari, baina egunero behar du, eta baita logopeda eta hidroterapia ere. Horregatik, arlo pribatura jo behar izan dute, eta Iruñeko klinika batean jasotzen du, astean hirutan, behar duen tratamendua. "Baina egunero behar du hori, eta ez dugu behar dugun dirua ordaintzeko; Kuban tratamendu hori eskaintzen digute, hilabete eta erdiz, egunean bost orduz", azaldu du Zabalbeaskoak. Ondorioz, argi izpi bat da Aioraren amarentzat Kubako klinika.

Kubako CIREN neuroerrehabilitazio zentroaren tratamendua finantzatzeko, 2.000 sarrera saldu behar dituzte, eta egun osoko egitaraua osatu dute biharko. Esne Beltza, Zea Mays, Mikel Urdangarin eta DJ Elepunto ariko dira taulan, Lizarrako ikastolan, 19:00etatik aurrera. Goizean, berriz, askotariko jarduerak izanen dira Santiago plazan. 12:00etatik 14:00etara puzgarriak eta eskalada murrua egonen da gaztetxoentzat. Herri bazkaria antolatu dute geroko, eta, horren ondotik, ipuin kontaketa Ines Bengoaren eskutik. "Urduri gaude dagoeneko, baina oso pozik lortu dugunarekin". Telmo Iruretak eta Haritz Morrasek bakarrizketa saioa eginen dute 17:15ean. Egun oso berezia izanen dela ez du dudarik Zabalbeaskoak, eta eskerrak eman dizkie jaialdia antolatzeko lanetan laguntzen aritu eta ari diren pertsona guztiei.

Izan ere, Aiora jaio zenez geroztik honako bidea ate-joka ibiltze bat izan da gurasoentzat, baina, egoeraren gordinetik izanda ere, pozik daude elkartasunaren atea zabal-zabalik ireki zaielako. "Lizarrako erantzuna izugarria izaten ari da". Herriko Denendako kooperatiba aipatu du Aioraren amak. "Haien laguntzarik gabe, jaialdi hau ez litzateke posible izanen. Herri eta inguruko jende asko batu da, ezagunak eta ezezagunak. Izugarria da", azaldu du. Bihar, 150 boluntariok baino gehiagok parte hartuko dute jaialdian. Horrez gain, zero ilara deitutako sarrerak egonen dira. Hau da, jaialdira joan ezin baina Aiorari lagundu nahi dionak aukera izanen du zero ilara izeneko txartelak erosteko.

Hobera egin du Aiorak azkenaldian, eta etxetik eskolarako pausoa ere eman berri zuen orain dela hilabete batzuk. "Garun paralisia dutenak asko hobetu daitezke, baina hemen ez digute eskaintzen tratamendu egokirik, eta segimendua behar dute. Gauza asko lor daiteke, baina, zoritxarrez, ezin dugu hemen artatu".

Elkartearen babesa

Garuneko kaltea jasan duten adingabeen familiek Hiru Hamabi elkartea osatzen dute, eta egiten duten lana goraipatu du Zabalbeaskoak: "Burmuinean kaltea izan duten haurrek behar duten tratamendua sare publikoan jasotzea da haien helburua, eta borrokan ari dira". Horrez gain, beharrezkoa ikusten du haurren inguruko pertzepzioa aldatzea. "Behin baino gehiagotan esan didate niri horrelako haurrekin ez dagoela ezer egiterik. Baina hori ez da horrela, behar bezalako tratamendua jasotzen badute. Osasun publikoak bermatu beharko luke hori". Horregatik ere, bihar Lizarran ospatuko den jaialdian, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa jorratuko dituzte.

Tapoiak bilduz hasi zuen Aioraren familiak haurrarentzat behar zuen laguntza lortzeko bidea. Joan den urtean, gainera, futbol partida bat antolatu zuten Lizarran, eta lortutako 3.000 euroekin Aiorarentzako gurpil aulki bat erosi ahal izan zuten. "Jendearen ekinaldiak izan dira guztiak; laguntza eskaini digute, eta zinez eskertuta gaude". Aiora jasotzen ari den babesak ez du etenik izan, eta, bihar ere, babes eta elkartasun horren erakustaldia eginen dute Lizarran, zalantzarik gabe. Familia osoa Kubaraino eraman nahi baitu Ega Fest jaialdiak.

Kezka billabesekin

Kezka billabesekin

Kattalin Barber

Martxoaren 9an jaso zuen Iñaki Ibarrola TCC enpresako mekanikari ohiak kaleratze gutuna. Agiriak dionez, enpresarekin konfrontazioak izateagatik eta gaixoaldi baten ondorioz egun bat beranduago lanera joategatik kaleratu dute. Baina Ibarrolak argi du beste zerbait dagoela kaleratzearen atzean. Langile ohiak behin baino gehiagotan zalantzan jarri ditu Iruñerriko autobus publikoen konpontze eta mantentze lanak, eta "gehiegi hitz egiteagatik" kaleratu dutela uste du. LABek langilea berriz hartzea exijitu dio enpresari.

Iruñerriko garraio publikoaren ardura du TCC enpresa pribatuak. Konpainia horrek 2012. urtean hartu zuen garraio publikoaren kontzesioa, 2019ra arte. "Ni ez naiz isilik gelditu, nire lana behar bezala egin nahi dudalako eta nire profesionaltasuna defendatu nahi dudalako", dio Ibarrolak. Azkenaldian, gainera, autobus publikoetan "gorabeherak" izan direla jakinarazi du. "Orain dela gutxi, Zizurren billabesa bat irauli zen, motorrak lehertu dira, apurtutako gurpilen bat... Denetarik izan dugu". Argi du Ibarrolak zein den egoera: "Dirurik eta aurrekonturik ez dagoenez, pieza kaskarragoak jarri behar ditugu autobus publikoetan, eta konponketak ez dira behar bezala egiten".

Ibarrolak aski ongi ezagutzen du zein den Iruñerriko Mankomunitatearen autobusen egoera. "Autobusek jasotzen duten mantentze lana ez da nahikoa, eta horrek ondorioak eta kalteak dakartza". Orain dela urte batzuk, greba mugagabea hasi zuten TCCko langileek beste lan hitzarmen bat lortzeko eta soldatetan murrizketa gehiagorik ez egiteko. "Egoera ikusirik, enpresaren erantzun bakarra soldatak murriztea eta bidaiariek ordaindu beharreko kopurua igotzea izan zen. Oraingoan, beste alderdi bati eraso egin diote", azaldu du Ibarrolak.

Carlos Elizalde TCC enpresako marketin eta komunikazio arduradunak azaldu duenez, kaleratzea "diziplina arrazoiengatik" izan da, eta ez du eman xehetasun gehiagorik. Haatik, ziurtatu du TCC enpresako ibilgailu guztiek kalitate kontrol "egokiak eta etengabekoak" pasatzen dituztela. "Gainera, azken urte eta erdian, enpresak autobus flota berritu du %20an. Matxurak murriztea lortu dugu, eta kalitate eta segurtasun neurriak hobetzea", adierazi du.

"Kaleratze bidegabea"

Ibarrolak berak eta LAB sindikatuak ez dituzte ulertzen kaleratzearen arrazoiak, eta, alde guztietatik, "kaleratze bidegabea" izan dela diote. Izaskun Juarez LABeko garraio arduradunak dio kaleratzearen arrazoiek ez dutela funtsik. "Kontu bat da langilea bat ez etortzea enpresak hartutako erabakiekin eta enpresaren filosofiarekin, baina enpresak agintzen duen bezala aritu da langilea". Adierazi dutenez, TCC enpresan inoiz ez da egon diziplina arrazoiengatik kaleratzerik. "Zeintzuk dira arrazoiak? Langile batek zalantzan jarri dituela autobusen mantentze lanak eta konponketa moduak?". Ibarrolak eta Juarezek salatu dute enpresak gastuak merkatzen dituela segurtasun neurrietan murriztuz, eta hori "onartezintzat" jo dute.

Iruñerriko Mankomunitatea ere egoeraren arduraduntzat jo du Ibarrolak. "Denon diruarekin ordaintzen dio erakunde horrek TCC enpresari; mankomunitateari dagokio kontuak eskatzea eta autobusen mantentze lanen segimendua egitea".

Iruñerriko Mankomunitatearekin bildu dira TCCko langile batzordea eta enpresa bera. Ibarrolak ere asmoa agertu du beraiekin batzartzeko. "Oraingoz ez da aldaketarik egon; enpresak langileari kalte-ordaina eman nahi dio, baina guk berriz hartzea nahi dugu", azaldu du Juarezek. Enpresari eskatu diote, gainera, beharrezko neurriak har ditzala, eta behar den dirua gasta dezala autobusak konpontzeko. Zerbitzu publikoa den heinean, "eredugarri" izan behar duelako.

Duela sei urte hasi zen Ibarrola TCCn lanean, eta orain arte ez du inolako hutsik izan. "Bat-batean hau gertatu zait". Jazotakoa lau haizeetara zabaldu nahi dute, eta mobilizazioak iragarri dituzte. Hilaren 17an, Lleida eta Bartzelonara eginen dute bidaia, han baitu Moventis taldeko TCCk egoitza nagusia. "Langilea berriz hartu arte ez gara geldituko", dio Juarezek.

2019ra arte du TCC enpresak Iruñerriko garraio publikoaren ardura, eta orduan autobusen egoera "ezin kaskarroagoa" izanen dela uste du LABek. "Murrizketak egin ditu enpresak, dirua poltsikoan sartzeko". Berdin mintzatu da Ibarrola: "TCCk irabazi behar zuena irabazi du, eta ez du gehiago gastatuko. 2019an, flota zahar bat utziko du; ia erabili ezinen diren autobusak".

Iritzia: Gaztetxeez

Saioa Alkaiza

Akorduan du Anek lehenengo batzar hori, bilerara sartu eta eztulka hasi zenekoa, eta geratu ezinik egon zena, ia itolarriz eta lotsaz gorritu arte; baina, batez ere, gogoan du lehen aldi hori, borobilean eseri eta ezinegon guztiak gaindituta, bertaratu zelako. Grabatuta dauka hitza hartu zuen lehendabiziko batzarra, lau hilabete eta erdi pasa zirela, eta inauterietako festetarako dekorazio ardura bere gain hartu zuela. Dar-dar egin zioten belaunburuek, gainontzekoek haren hitzak goxo jaso zituzten arte.

Xabatek gogoan du bera sartu zenerako jada husteko arriskuan zegoela gaztetxea, zaharrenak aztoratuta zeudela, "ez dira pasatuko" esaten zutela ordu erdiro, eta hark ez zekiela oso ongi neurria nola hartu, ezta zein doinutan hitz egin ere bera hor zegoela ohar zitezen. "Ez dira pasatuko" horiek, ordea, lehenengo aldiz, egiatan gauzak aldatzeko gaitasuna eta ahalmena zeukala sinetsarazi zioten.

Eneritzek bizikletak konpontzen ikasi zuen gaztetxean; Jokinek kapitalismoa suntsi daitekeela, eraitsi; elkar laguntza sareak existitzen direla, Amaiak; baratze bat asfalto artean haz daitekeela Mirenek; ekonomia buruz behera jar daitekeela, Ametsek; zineforumek alegiazko mundu bat marraz dezaketela, Alexek; Nahiak, serigrafia batek edozein publizitate hesik baino mezu indartsuagoa zabal lezakeela; elkartasuna begirada huts batez eraikitzen dela, Arnaitzek; Julenek, errealitatea egunero egiten dugun hori dela.

Beñatek lehendabiziko aldiz eman zuen muxu, punk kontzertu zaratatsuegi batek soinu banda jartzen zion bitartean; barrenak zintzurrean sentitu zituen Junek, sirena hotsak entzun zituenean, hutsaraztearen bezperan, eta sekula ez bezala tinkatu zituen gorputzeko muskulu guztiak, horrenbeste, ezen, une batez, sinetsi egin baitzuen gera zitzakeela ere; ilusioa zer den dastatu zuen Urek diskoan baino ezagutzen ez zuen talde hori oholtzara igo zenean; eta Maiderrek bere burua deskubritu zuen, ordura arte logika izendatu zuen hori otzan eta lasai mantentzeko tresna bat baino ez dela ikusterakoan.

Gizon bat azaldu zen behin: orubearen jabea omen. Begirada trajea bezain grisa zuen. Eta asmoa, bihotza bezain beltza. Eta mintzatu zen jabetzaz eta eskubideez, eta gaztetxeko kideek ikusten zuten espekulazioaz eta aberastasunaz ari zela, baina beste hitz batzuekin. Aipatzen zituen lokala eta okupak, berez aitatu nahi zituen arren pribatutasuna eta zibismoa. Nagusia zein zen galdetu zuenean, berriz, han jaberik ez zela esan zioten gaztetxeko kideek, nahiz eta trajedunaren buru karratuan basamortuan hazitako balea baten gisakoa zen hori.

Behin, gaztetxeko kideak bota zituzten denentzako eraikitako lokaletik: mundu bat izan zen hustu zutena; mundua aldatzeko barne unibertso asko hustu zituzten. Nolanahi ere, sekula berdina izanen ez zen zerbait aldatua zegoen jada bertatik pasatu ziren guztien barrenetan, atzera-bueltarik ez zuen zerbait, hain justu. Eta inork hustu ezinen zuena.

Basogintza, bidegurutzean

Basogintza, bidegurutzean

Asier Garcia Uribarri
Mende laurden bete berri du Foresna-Zurgaia Nafarroako baso elkarteak. Herrialdeko baso-jabeak batzeko, eta beren interesak defendatzeko sortu zuten elkartea hainbat baso-jabek. "Nafarroa oso lotua dago nekazaritzarekin, eta badi...

Zientziak euskaraz ere egiten baitu

Zientziak euskaraz ere egiten baitu

Kattalin Barber

Euskal Herri osoko ikerlari gazteen bilgune izanen da Iruñea datorren astean. Udako Euskal Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ikergazte: nazioarteko ikerketa euskaraz izenburuko bigarren kongresua eginen dute, hilaren 10ean, 11n eta 12an. Prest dute egitaraua, eta ikertzaileen arteko sareak ehundu nahi dituzte, euskaraz ikertzen duten gazteak harremanetan jarriz eta haien lanak plazaratzeko erakustokia izanez.

NUPeko Sario eraikinak hartuko du, hiru egunez, euskal komunitate zientifikoa. Egitarau akademikoari dagokionez, lau saio mota egongo dira: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak, posterrak eta tailerrak. "Ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotzea, haien arteko ezagutza sustatzea, eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea dira kongresuaren asmoak", azaldu du Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak.

Pixkanaka lekua egiten ari da euskara ikerketaren arloan, eta hori erakutsi nahi dute kongresuaren bidez. 140 ikerlan inguru jaso dituzte, eta, lan horiek aztertu eta gero, 125 aurkeztuko dira jendaurrean. "Pentsatzen genuen ikerlari gutxiago erakarriko genituela, baina aurreikusten genituen kopuru guztiak gainditu ditugu, eta horrek erakusten du ikertzaile gazte euskaldunak badaudela eta, gainera, euskaraz lan egin nahi dutela", esan du Kochek.

Balioa eman nahi diete euskaraz ikertzen ari direnei, eta asmoa da diziplina anitzetan —giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean— jarduten duen nazioarteko ikertzaileen komunitate euskalduna ikusgai izatea. "Normalean, euskaraz lanean diharduten ikerlariak sakabanatuta egoten dira, eta diziplina bakoitza bereari so egon ohi da. Hori saihestu eta zubiak eraiki nahi ditugu", esan du.

Kochek adierazi duenez, saio zientifikoetan jasotako lanen artean hautatutako eta arlo guztiak ordezkatuko dituzten lanen aurkezpenak izanen dira, bai ahoz aurkeztuta, bai poster formatuan ere.

Laurence Tresse astrofisikariak, Jose Ramon Etxebarria fisikariak, Arkaitz Carracedo biologia molekularreko ikertzaileak eta hizkuntza gutxituetako aditu Elin Haf Gruffydd Jonesek parte hartuko dute hitzaldi nagusietan. Horrez gain, kongresuan parte hartuko duten ikertzaileen arteko harremanak saretzeko mintegiak eta saio osagarriak izanen dira.

Kongresua hiru egunekoa izanen da, barnetegi moduan, "parte hartzaileen elkar ezagutza errazteko asmoz". Bertso afari ilustratua, Ezkabarako txangoa eta Iruñean zeharreko ibilaldia eginen dituzte gazteek, besteak beste.

Indar handia Nafarroan

Orain dela bi urte izan zen Durangon Ikergazteren lehen aldia, eta, izan zuen arrakasta ikusita, bi urtetik behin antolatzea erabaki zuten. "Aurtengo bigarren edizioa antolatzen hasi ginenean, argi genuen Nafarroan izan behar zuela, eta joan den urtean elkarlan hitzarmena sinatu genuen Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin; aukera ezin hobea zen Iruñean antolatzeko", azaldu du Kochek. Indar handia jarri du UEUk azken bi urteotan Nafarroan, eta horren ondorio da Ikergazte Iruñean antolatzeko urratsa egitea.

Haritz Iribas ikertzaile gazteak bigarren aldiz parte hartuko du kongresuan. NUPen ari da doktoretza egiten, komunikazio optikoen inguruan. Gogora ekarri du Durangoko lehendabiziko kongresua, eta "esperientzia baikortzat" jo du. "Ikergaztek aukera eman zidan lehendabiziko aldiz egiten dudan lana euskaraz aurkeztu ahal izateko, eta nik hori asko estimatzen dut", esan du ikerlariak.

Egitasmoak ikertzaileentzat duen garrantzia azpimarratu du Iribasek, eta, aurten, batzorde dinamizatzailean aritzeaz gain, bere lana aurkeztuko du poster saioen bidez. "Aukera ona da beste jende batek egiten duen lanaz ikasteko, ideiak garatzeko, eta etorkizunean elkarrekin lan egiteko aukera ere ematen digu. Ez bakarrik ikerketa akademikoan; lan merkatuari dagokionez, ate asko irekitzeko aukera ematen du Ikergaztek ere, euskal ikerlarien sarea sortuz".

Azkenaldian, hain zuzen, ikerketa munduan euskarari gero eta garrantzi handiagoa ematen ari zaiola uste du Iribasek. "Erakusten ari da, bizitzako beste arlo guztietan bezala, euskarak baduela presentzia ikerketan ere". Horren lekuko izanen da Iruñea datorren astean, hiru egunez, euskara erdigunean jartzeko aukera baita Ikergazte kongresua. Euskaraz jarduteko, eta zubiak eraikitzeko urratsak egiteko ikertzen ari diren zientzialari gazteen artean.

Plaza bat, hiri erdian, tokiko ekoizleentzat

Plaza bat, hiri erdian, tokiko ekoizleentzat

Kattalin Barber

Tokiko ekoizpenarentzat erreferentziazko plaza bat eskaintzea izan da hasieratik asmoa. Eta bide horretan ari da urratsak egiten Iruñeko Udala: Geltoki proiektuaren bidez, ekonomia sozialari bultzada eman nahi dio, bai eta kultur jarduerei ere. Asmo hori gauzatzeko, Iruñeko autobus geltoki zaharra bilakatu da herritarrentzako plaza, eta ekonomia sozialaren eta tokiko produktuen bilgune izanen da, aurrerantzean.

Egun, haurrentzako jolasgune bat du eraikin zaharrak, baina, horrekin batera, azokak, erakusketak, hitzaldiak eta kultur jarduerak izanen dira geltokian hilabete honetatik aurrera. "Nafarroako ekoizleen plaza izatea nahi dugu", nabarmendu du Patricia Perales Iruñeko Udaleko Tokiko Ekonomia Iraunkorreko zinegotziak.

Lehenengo ekitaldia hilaren 13an eta 14an izanen da, autobus geltoki zaharrean eginen baitute Ame & Art Market arte, diseinu eta sorkuntzaren VIII. azoka, hain zuzen ere. Kontsumitzaileen eta Nafarroako ekoizleen arteko zubia ere izanen da Geltoki proiektua, Peralesen arabera. Ekitatea, ingurumen iraunkortasuna, elkarlana, irabazi asmorik eza eta ingurunearekiko konpromisoa dira Geltokiren oinarri filosofikoak. "Horregatik, oinarri horiek betetzen dituen edozein elkartek erabili ahalko du autobus geltoki zaharra". Erreferentziazko ekonomia sozialeko eta kultur gune bat izan dadin lanean ari da udala.

Sei hilabetez egokitze lanak egin ostean, dagoeneko prest dago geltoki eraberritua. Erdiko espazioa, hamalau leihatila, bi denda, komunak, biltegiak, bulegoa eta kafetegia moldatu dituzte. "Beste eredu ekonomiko eta sozialak daudela erakutsi nahi dugu Geltoki proiektuaren bidez, hain zuzen ere. Ideiak eta proiektuak elkarrekin banatzeko, tokiko produktuak sustatzeko eta kultur jarduerak egiteko gunea izanen da, nafar guztien eskura egonen dena", baieztatu du.

Oliveto Kondearen etorbidean egonen da sarrera nagusia, lehen bezala, eta, horrez gain, Tutera kaletik sartzeko ate bat gehitu diote eraikinari. Kafetegia beheko solairuan egonen da, eta horren sarrera, Oliveto kondearen etorbidean. "Oraindik adjudikatuta ez badago ere, kafetegia egunero irekitzea da asmoa, eta tokiko produktuek eta produktu ekologikoek izanen dute lehentasuna".

Moldaketa lanak egin dituzten bitartean, haurren jolastokiak bere horretan jarraitu du, lanak antolatu baitira jarduera hori eten gabe egin behar zirela aintzat hartuta. Eremu horri eutsi eginen diote, baina Iruñeko Udalaren proiektuak bultzada eman nahi dio eraikin osoari. "Erabilerarik gabe egon da urte luzez, eta arduragabekeria iruditzen zitzaigun", azaldu du.

"Toki ezin hobean dago, eta herritarrei eskaintzea kultura eta ekonomia soziala sustatzeko erabilera egokiena da", erantsi du Patri Peralesek. Zinegotziak azaldu du proiektuak harrera "ona" izan duela, eta, gainera, dagoeneko eskaerak jaso dituztela azokak eta jarduerak antolatzeko. Ame & Art Market jaialdiaz gain, hilaren 19an, 20an eta 21ean eginen da bertan Nafarroako II Azoka Ekologikoa Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak antolaturik.

Lau gune

Zinegotziak azaldu duenez, leihatila gunearen eta tabernaren diseinuan hainbat eragilek aurkeztutako proposamena aintzat hartu dute, eta lau gune ezarriko dituzte: kultura eta gizarte gunea, alternatiba ekonomikoei buruzko foro eta kanpainekin; azoka sozialaren gunea, produktu eta zerbitzuen erakusketa eta salmenta postuekin; sukaldaritza gunea, tokiko elikadura eskola artisau eta ekologiko batekin eta bidezko merkataritzarekin; eta, azkena, jarduera eta azoka gunea, izaera soziala, ekonomikoa eta kulturala duten egitasmoekin. Kudeaketa lehiaketa publikoaren bidez adjudikatzea aurreikusi da. "Ekonomia soziala zein ekonomia solidarioa bultzatzea eta autosufizientzia ekonomikoa dira proiektuaren helburuak, produktuen salmentari esker kultur jarduerak finantzatu ahal izanen baitira, baita gizarte ehuna sustatuko duen egitasmo ireki eta plural bat eraikitzea ere", dio Peralesek.

Geltoki martxan jartzeko, joan den urtean hasi zuen udalak bidea Nafarroako hainbat eragilerekin. Parte hartu dute, besteak beste, REAS Nafarroa elkarteak, Arrea elkarteak, Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkarteak, Arte para Todos elkarteak, Artisten Auzoa elkarteak, Nafarroako Fiare elkarteak, Landarek, Slow Food elkarteak, NNPE-Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak, Gaztelan fundazioak, Emausko Trapuketariek eta Napar Bideak kooperatibak.

Iritzia: Indar bat dabil hemen

Lur Albizu Etxetxipia
Ez dakit zehazki noiz hasi zen dena. Gogoan dut feminista izatea ez nuela zalantzan jartzen, baina aparteko garrantzirik ere ez niola ematen. Hala zen (nintzen?), eta kito. Baina uste dut Gasteizko ostegun batean hasi zela dena. O...

“Pipil hitz eginen duten belaunaldiak sortu nahi ditugu”

“Pipil hitz eginen duten belaunaldiak sortu nahi ditugu”

Edurne Elizondo

Hilabete egin du Jorge Lemus irakasleak (Santa Ana, El Salvador, 1961) Iruñean, El Salvadorko Don Bosco Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak duten hitzarmenaren eskutik. Hizkuntzalaria 1980ko hamarkadan hasi zen nahuat edo pipil izeneko hizkuntza aztertzen, sorterrian. Konkistaren ondotik hango indigenek gordetako bakarra da, eta galtzeko zorian da.

Nola hasi zenuen pipil hizkuntzari buruzko zure lana?

1980ko hamarkadaren erdialdean hasi nuen; nire hasierako interesa erabat akademikoa izan zen, pipil hizkuntzari buruz egin bainuen gradu amaierako tesia; hizkuntzaren oinarrizko gramatika osatu nuen. Orduan, 200 inguru pertsonak hitz egiten zuten. Graduondokoa amaitu eta gero areagotu egin zen nire interes zientifikoa, eta hobeki ezagutu nahi izan zuen hizkuntzaren egitura, bertze hainbat hizkuntzarekin alderatu ahal izateko. Ordurako, 1990eko hamarkadan, 100 pertsona baino ez ziren nahuat hizkuntza hitz egiteko gai; orain, 75 izanen dira ongi hitz egiten dutenak. Erdizka aritzen direnak gehituz gero, 150 inguru.

Indigenek hitz egiten duten bakarra da?

Gure herria konkistatu aurretik zortzi hizkuntza propio genituen, baina pipil hizkuntzak baino ez dio eutsi. Hori zen zeudenen artean nagusi, eta horregatik lortu zuen aurrera egitea. XX. mendean, halere, etnozidioa gertatu zen. Indigenak altxatu ziren 1932. urtean, orduko diktadorearen aurka, eta milaka hil zituzten. Ezkutuan baino ezin zuten hizkuntza hitz egin, eta, hala eta guztiz ere, eutsi egin zioten.

Egoera kezkagarria da, beraz?

Bai. Datuek agerian uzten dute hizkuntza galtzen ari dela. Hitz egiten dutenak pertsona zaharrak dira. Hizkuntza haiekin hiltzen ari zela konturatu nintzen komunitatera egiten nuen bidaia bakoitzean, eta zerbait egin behar zela erabaki nuen.

Hasierako interes akademikoa, beraz, hizkuntzari eusteko gogo bilakatu da?

Bai. Hizkuntza, finean, kultura da, nortasuna, munduan kokatzeko eta mundua ikusteko modu bat. 2003an, beraz, hizkuntza biziberritzeko proiektua jarri nuen martxan.

Zer urrats egin zenuen?

Hasiera hartan asmoa zen hizkuntzari buruzko dokumentazioa sortzea, testu liburuak ekoiztea, ikasi ahal izateko, eta, aldi berean, irakastea. Hiru eskola sortu genituen; gaur egun, 38 ditugu; nahuat hizkuntza irakasten dute atzerriko hizkuntzak irakasten diren moduan. Astean bi orduz edo aritzen dira haurrak. Erakutsi nahi dugu, batez ere, hizkuntza existitzen dela, hizkuntza bizia dela, herritarrek duen balioa eman diezaioten. Gure ondarea da, finean. Urrats hori, halere, ez da nahikoa, eta 2010ean, bertze bat egin genuen, eta Cuna Nahuat sortu genuen.

Zer da Cuna Nahuat?

Haur eskola baten gisakoa da, eta badu antza hemengo ikastolekin, murgiltze eredu bat baita gurea ere. Asmo handiagoko proiektu bat da, xedea baita pipil hizkuntza hitz eginen duten belaunaldi berriak sortzea. Xedea da hiztun zaharrek irakastea hizkuntza hiru eta bost urte bitarteko haurrei. Bilobei irakasten dieten aitona-amonak balira bezala, hain zuzen.

Eta gurasoak?

Gurasoak, nolabait erranda, belaunaldi galdua dira, ez baitute hizkuntza ikasi. Gure haur eskolaren bidez, halere, guraso horiek hizkuntzaren bultzatzaile bilakatzen dira, beren seme-alabak eramaten dituztelako, hizkuntza ikas dezaten. Hasi dugu, gainera, guraso horiekin lan egiteko programa bat, haurrek ikasten duten bitartean, haiek ere oinarrizko ezagutzak jaso ditzaten hizkuntzari buruz.

Nola funtzionatzen du haur eskolak?

Gure haur eskola Santo Domingo de Guzman herrian dago. El Salvadorren gertatu da indigenak baztertu dituztela; gehienak alfabetatu gabeak dira, hagitz pobreak. Hori zen haurrei hizkuntza irakatsi behar zietenen soslaia, eta, beraz, lehen urratsa irakasleak trebatzea izan zen. Indigena horiek irakasle bilakatzea. Unibertsitatean egin genuen lan hori. Emakume indigenak prestatu genituen hezitzaile lana egin ahal izateko. Emakume horietako gehienen lan esparrua eltzegintza izan da beti, baina gure programarekin, irakasle bihurtu dira. Erronka handia izan da: hasieran, hitz egiteko ere lanak zituzten; ez zeuden ohituta. Baina prozesuan ahaldundu egin dira. Hori ere hagitz interesgarria izan da.

2010ean hasi zineten; nola garatzen ari da esperientzia?

Esperientzia hagitz ona izaten ari da. Eskolan bi gela ditugu adin tarte bakoitzeko, eta gela bakoitzak hogei haur ditu. Haiekin ari dira lau irakasle; irakasleok aholkulari pedagogiko bat dute lagun, eta eskolak, gainera, zuzendaria badu. Bertzelako murgiltze ereduen gisara funtzionatzen du; edozein haur eskolatan egiten direnak egiten dituzte han ere, Hezkuntza Ministerioak garatutako curriculumaren arabera, baina erabiltzen den hizkuntza, haurrak gelan sartzen direnetik ateratzen diren arte, pipil hizkuntza da. Haurrek ikasteko gaitasun handia dute, eta, laster, lehen hitzak errateko gai dira. 250 haur pasa dira jada gure eskolatik.

Komunitateko kideen harrera ona izan da?

Ez da erraza izan, eta, hasieran, indigenetako hainbat ere haur eskolaren kontra ziren. Ez zuten pipil hizkuntza erabiltzea nahi; ez zuten erabilgarritzat jotzen; ingelesa irakasteko beharra nabarmentzen zuten. Hemen antzeko argudioak erabiltzen direla uste dut. Noski, guk ez diogu inori erranen ingelesa ikas ez dezan; baina guk pipil irakatsi nahi dugu, gure hizkuntza. Horrek ez du bazter uzten aurrerago pipil hizkuntza eta ingelesa uztartuko dituen programa garatzeko aukera. Baina nahuat hizkuntza irakastea premiazkoa da ez galtzeko. Eta ingelesa jada badago curriculum ofizialean. Interesgarriena da hasieran aurka ziren indigena horiek beren seme-alabak gure eskolara eraman dituztela, azkenean. Halere, badira bertze hainbat arazo.

Zer-nolako arazoak?

Nagusietako bat da hezkuntza sistema publikoak ez duela pipil hizkuntza irakasten; beraz, haur eskolan hizkuntza ikasi duten haurrek ezin dute erabili gero eskolan. Gainera, hitz egiten dutenean, txantxak eta irainak jasotzen dituzte. Haurrek, beren kabuz, hizkuntza ez erabiltzea erabakitzen dute. Egoera horri aurre egiteko programa bat jarri dugu martxan, haurrekin eskolatik at lanean jarraitzeko. Baina 30 baino ez datoz. Pipil hitz eginen duten haurrak galtzen ari gara.

Gobernuak ez du laguntzen?

Ez dute sistema publikoan hizkuntza sartzen. Tarteka eman digute diru laguntza, baina babesa ez da finkoa. Beti gaude diru bila. Hizkuntza, ordea, denon ondarea da. Badugu lana egiteko. Eusteko.

“Guztiona da orkestra, denek sentitu behar dute hurbil”

“Guztiona da orkestra, denek sentitu behar dute hurbil”

Kattalin Barber

Konpositorea, irakaslea eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoko zuzendarikidea da Jesus Etxeberria (Erriberri, 1963). Bi urte daramatza orkestra zuzentzen; helburutzat hartu ditu musika klasikoa Nafarroa osora hedatzea eta herrialdeko konpositoreen berri ematea.

Lesakan eta Altsasun egon berri da Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Zer moduz?

Publiko guztientzat errepertorio klasiko zabaleko kontzertua eman dugu bi herrietan. Musika guztiona eta guztiontzat dela sinetsita, orkestrak Nafarroako herrietan emanaldiak eskaintzen ditu, musika klasikoa gizarteratzeko eta zabaltzeko asmoz. Plazera izan zen Lesakan eta Altsasun jotzea, eta jendearen erantzuna bikaina izan zen. Txalo zaparrada beroak jaso genituen.

Esan izan duzu Nafarroa osora eraman nahi duzula orkestra. Hori da kontzertuon xedea?

Erriberrikoa naiz. Nire herrira behin bakarrik etorri da orkestra, orain dela 25 urte; nik eraman nuen. Egoera hau ez da bakarra. Azken urteotan konturatu gara orkestrak Iruñean bakarrik jotzen duela, eta hori aldatu nahi dugu. Nafar guztiona da orkestra, ez soilik irundarrena. Hortaz, nafarrontzat izan behar du, eta nafarrek hurbil sentitu behar dute orkestra. Horixe da nire lana. Ezin dugu toki guztietan jo, baina bai eskualde bakoitzeko herri handienetan. Azken urteetan, orkestra hainbat herritan egon da lehen aldiz: Tafallan, Corellan, Altsasun, Lesakan, Erriberrin... Bide horretan jarraitu behar dugu.

Herri gehiagotan izanen zarete denboraldia amaitu arte?

Bai, ekainaren 16an Erriberrin emanen dugu kontzertua, eta horrekin denboraldiari amaiera emanen diogu. Tuteran ere egonen gara urri aldera. Gainera, tokian tokiko erakunde kulturalek gurekin bat egin dezaten saiatzen gara. Tuteran, adibidez, Gaztanbide abesbatzak gurekin abestuko du. Erriberrin, berriz, Jesus Garcia Leoz herriko konpositoreari omenaldia eginen diogu. Horrelako kontzertuak dagoeneko egin ditugu Elizondon, Irunberrin eta Tafallan. Aberasgarriak dira oso.

Orkestra gizarteratu nahi duzue. Lortzen ari zarete?

Lanean ari gara. Gainera, orkestrak, funtzio kulturala izateaz gain, funtzio pedagogikoa ere izan behar du. Entzuleei azaldu behar zaie zer den orkestra bat, zer den sinfonia bat, eta errepertorio klasikoa eta ez klasikoa ezagutarazi. Orkestraren egiteko nagusietako bat musika klasikoa zabaltzea da. Kontzertu gehienetan, joko diren piezen inguruko azalpen laburra eman ohi dut, interpretatu aurretik. Garrantzitsua da, eta nik uste dut publikoak eskertzen duela.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren bidez ere hemengo konpositoreak sustatzen saiatzen zarete?

Bai, hori da esku artean dudan beste lanetako bat. Izan ere, Nafarroako konpositoreak urte luzez ahaztuta egon dira, eta balioa eman behar diegu. Orkestra ez bada gai gure musikagileak ahanzturatik ateratzeko, nork eginen du? Ez du beste inork eginen. Argi dago, gainera, konpositorerik gabe ez dagoela orkestrarik. Gurean maila handiko konpositoreak ditugu: Eslava, Gorriti, Gaztanbide, Aldabe... Hemengo idazle eta konpositoreen obrak interpretatu behar ditu orkestrak.

2015-2016ko denboraldiaz geroztik zara Nafarroako Orkestrako zuzendarikidea, baina aspalditik ezagutzen duzu orkestra. Nola ikusten duzu haren bilakaera?

1988an eman nuen nire lehen kontzertua orkestrarekin, eta ordutik 200 bat kontzertu zuzendu ditut. Kontzertu gehien eman dituen zuzendaria naizela uste dut. 15 urte atzerrian egon naiz beste orkestra batzuk zuzentzen, baina itzuli nintzenetik oso gustura nago Nafarroako Orkestra Sinfonikoan. Zeharo aldatu dira garaiak. Ezagutu nuenenean, orkestra amateurra zen, musikariek ez zuten ezer kobratzen, eta gauez egiten zituzten entseguak. Orain, egoera irauli da, orkestra egonkorra da, musikari profesionalak daude, eta oso ongi jotzen dute.

Nolakoa da harremana Nafarroako beste erakunde musikalekin?

Harremana dugu, baina ez beharko genukeena. Iruñeko Orfeoiarekin askotan aritzen gara, baina kalitatezko beste batzurekin egon behar du ere orkestrak: Iruñeko Ganbera Abesbatzarekin, Nafarroako abesbatzekin, Nafarroako bakarlariekin... Lan handia dugu egiteko!

Zure ustez, zer-nolako dimentsioa eman behar zaio Nafarroako Orkestra Sinfonikoari?

Nafarroan aritzea garrantzitsua da, baina baita hemendik kanpo joatea ere. Bidaia horiek ahotsa ematen diote orkestrari, eta horrela ezagutzen gaituzte. Hemen eta hemendik kanpo, Nafarroako konpositoreak sustatzea ezinbestekoa da. Hemendik gutxira, adibidez, Errenteriako Musikaste jaialdira goaz, eta, hango kontzertuan, hiru nafarren musika interpretatu behar dugu.

Azken urteak ez dira errazak izan, eta egoera ekonomikoak erabat baldintzatu du zuen ibilbidea. Nolakoa da giroa gaur egun?

Baikorra naiz, eta uste dut ongi ari garela. Kudeatzaile berria dugu, eta elkarren ondoan ari gara lanean. Ideiak argi ditu, eta baliabideak optimizatu ditu. Urte gutxiren buruan egoera guztiz egonkorra izanen dela ziur naiz. Egia da mugatuta gaudela, aurreko kudeaketa ez zelako onena izan, baina uste dut bide onean goazela. Musikarien artean ere hobera egin du giroak.