Lohizune Amatria
Maindireak preso izango banindu bezala, ia burua atera ezinik, eskua luzatu, eta itzali dut iratzargailua. "Zergatik ari da joka?". Itzali, eta jada ahaztu dudan ametsean murgildu naiz berriro. Ez du luze iraun. Joka berriz. 04:05. "L...

Artea, kirola, komunitatea
Edurne Elizondo
Bat, bi hiru; bat, bi, hiru. Atseden hartzeko denborarik ez da. Asteburuko lehia dute La Unica errugbi taldeko emakumeek buruan. Bertzerik ez. Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatuko dute bertze zazpi talderen aurka, Iruñean, bihar eta etzi. Laugarren aldia da; hirugarrena jarraian. "Etxean aritzea pizgarri handia da guretzat; baina urduriago jartzen gaitu egoera horrek, aldi berean; erantzukizunaren zama sentitzen dugu". Ainhoa Diaz taldeko kapitainarenak dira hitzak; NUPeko zelaian erran ditu, entrenatzen hasi aurretik. Zaleen babesa jasoko dutela badaki. Eta zaleen artean izanen da, zalantzarik gabe, Cristina Nuñez Bakedano argazkilaria. 2015eko abenduan egin zuen bat taldearekin. Entrenamendu bati buruzko lana egitera joan zen, eta oraindik ez du utzi. Unicas izenburuko obra egin du, Nafarroako Gobernuak sorkuntza sustatzeko emandako laguntzarekin. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan dira zintzilik Nuñez Bakedanok eta laguntza jaso duten gainerako artistek egindako lanak, Hamaika izenburuko erakusketan. Maiatzaren 7a bitarte ikusi ahal izanen da. Gero, nork berea eginen du.
Zelaian dena emateko prest den talde bera irudikatu nahi izan du Nuñez Bakedanok bere argazkietan. Hori baino anitzez ere gehiago. Jokalariak bilakatu ditu bere irudietako protagonista: jokalariak zelaian, baina, batez ere, jokalariak aldagelan, autobusean, elkarri txantxak egiten, elkarri besarkada bat ematen, elkar babesten; bizitzen, elkarrekin bizitzen, sufritzen eta gozatzen; komunitate bat osatzen. "Ez dugu urrun joan behar, nahi ditugun istorioak kontatu ahal izateko; finean, emakumeona bertze anitzen istorioa da", erran du egileak. "Ezberdinak dira, adin, toki eta inguru anitzetakoak, baina, guztiaren gainetik, errugbiarekin duten konpromisoak batzen ditu", laburbildu du Nuñez Bakedanok La Unicako emakumeen sekretua.
Familiak medikuntza ikas zezan nahi zuen, baina argazkigintzaren aldeko apustua egin zuen Nuñez Bakedanok, Iruñeko Arte eta Lanbideen Eskolan. Publizitatearen esparruan aritu zen, lehendabizi. Ez du utzi, baina freelance moduan egiten du lan orain. Ugandan aritu da, argazkigintza eskola sortu zuen irabazi asmorik gabeko erakunde batekin. Venezuelara joateko asmoa zuen handik itzuli zenean, errugbiarekin lotutako istorio baten berri ematera, baina La Unica agertu zitzaion bidean, eta ezin izan zuen bazter utzi. "Lagun batek eraman ninduen, behin, Arazurira, gizonen errugbi partida bat ikustera. La Unicako emakumeei buruz hitz egin zidan, eta erabaki nuen entrenamendu batera joatea".
1998an, NUPen
Nuñez Bakedanok ezagutu zituenean, 2015eko abenduan, Arazurin entrenatzen ziren, eta hantxe jokatzen zuten La Unicako emakumeek. Lehendabiziko entrenamendu saio hartako hotza ez zaio ahaztu argazkilariari. Jokalariek ez zutela sumatzen ere gogoan du. Orain, NUPen dute entrenatzeko eta jokatzeko zelaia. Izan ere, taldea hantxe sortu zen, 1998. urtean. Ordutik da kide Arantxa Ursua.
"Iñaki Bengoetxea baztandarrak jarri zuen taldea martxan; NUPera etorri zen, kirol zerbitzura, eta errugbian aritzen zenez, emakumeen taldea osatu nahi izan zuen. Lagun batek aipatu zidan, eta bat egin nuen", azaldu du Ursuak. NUPen sortu zen, beraz, orain La Unica den taldea. Ez zuen han luze iraun, ordea. 2003an utzi zuten jokalariek unibertsitatea: "NUPen euskararen aldeko protesta bat izan zen; Bilbon jokatu genuen, eta protesta horrekin bat egiteko, pankarta atera genuen zelaian. NUPen ez zuten ontzat jo; entrenatzaileari egotzi zioten ardura, eta kanporatzea erabaki zuten. Jokalariok, ondorioz, alde egin genuen".
Unibertsitatetik kanpo, beren kabuz ari ziren bertze hainbat emakumerekin bat egin zuten, eta La Unica taldean aurkitu zuten behar zuten aterpea. Gaur arte. Jokalariekin bat egitea ez dela erraza izan onartu du Nuñez Bakedanok. "Hasieran, ikusten ez ninduten sentsazioa nuen; lotsatia naiz ni, baina han nintzela oihukatzeko gogoa sentitzen nuen!". La Unicako jokalarientzat zelaitik kanpo zegoen kide bat zen argazkilaria, eta horrek ezartzen zuen haien arteko hasierako muga. "Zer egin nahi zuen ere ez genuen ongi ulertzen, hasieran. Bazter batean jartzen zen, eta haren kameraren zarata entzun bertzerik ez genuen egiten", azaldu du Ainhoa Diaz kapitainak.
Argazkilariak berak egindako irudiak ikusi gabe gorde zituen hasieran. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jasotzeko aukera agertu zen arte. Jokalariei erakutsi nahi izan zien, orduan, bere lana. "Argi nuen haiek proiektuarekin bat egin behar zutela aurrera jarraitzeko; bertzela, ez zuen zentzurik izanen", erran du Nuñez Bakedanok. Ikusi, eta La Unicakoei gustatu zitzaien argazkilariak egindakoa. Aurrera egin zuen argazkilariak. Proiektua martxan zen.
Lehen argazki horiek ikusi zituztenean hasi ziren jokalariak argazkilariaren asmoa ulertzen. Zelaitik kanpoko errealitatea bilatzen zuela, batez ere. Talde bilakatzen dituen elementuak islatu nahi zituela, jokaldi zehatz bat edo partida bateko une jakin bat baino gehiago. Izan ere, La Unicako emakumeak ezagutu zituenean, "komunitate emozional bat" aurkitu zuen Nuñez Bakedanok; hamaika lezio eman dion komunitate sendo eta indartsua.
Ikasi eta ikusitako guztiaren artean, hala ere, bi auzi nabarmendu nahi izan ditu argazkilariak: "Batetik, proiektuak ekarri dizkidan bi haustura jarri nahi izan ditut mahai gainean; egungo gizarteak feminitateari buruz duen kontzeptuaren haustura da lehenengoa; ni neu hamaika estereotiporekin hurbildu nintzen La Unicako jokalariengana, eta denak apurtu dira; bigarren hausturak egungo kirolaren maskulinizazioa jarri nahi du agerian; emakumeak ikusezin bilakatzen dira kirolaren esparruan. Bertzetik, zintzo izan nahi dut, eta argi eta garbi erran bi Iruñea edo bi Nafarroa ezberdin ikusi ditudala La Unicako jokalarien komunitate berean".
"Bi Iruñea badira, bi Nafarroa", berretsi du. "Zatiketa kulturala egon da, euskararekin lotutakoa. Orduak eman ditut jokalariei so, eta euripean ikusi ditut, bata bertzearen alde, bata bertzea babesten; Baztangoa eta Iruñeko Gaztelugibelekoa elkarrekin. Emakumeok ez zuten elkar ezagutu izanen errugbiak batu izan ez balitu; pentsatzeko hamaika moduk egiten dute bat taldean, baina haien artean ez dago mugarik. Lezio ederra da hori. Ni neu, Gaztelugibeleko Iruñe horretakoa naiz, euskaraz ez dakit, baina partidetan inor baino ozenago aritu naiz Neskak! oihukatzen. Ezberdintasunak guk jarri nahi ditugun tokian baino ez daude".
La Unicako jokalariek inork baino hobeki dakite hamaika koloretako taldea osatzen dutela. Hamaika tokitakoak dira, hamaika adinetakoak. 16 urte ditu jokalaririk gazteenak; eta 40 zaharrenak. Ikasleak eta langileak aritzen dira elkarrekin. Eta zerk batzen ditu? errugbiak. Edo, hobeki erranda, kirol horrekiko duten konpromisoak.
"Konpromiso hori zure egiten duzunean, zaila da taldea atzean uztea; finean, konpromiso horrekin lotuta dago dena, ez bakarrik zelaian gertatzen dena; taldea une oro osatzen dugu", erran du Maialen Marturet jokalariak konpromiso horren atzean zer dagoen azaltzeko. Ultzamakoa da, taldeko bertze hainbat kide bezala. Astean bitan egiten dute bat Iruñean, entrenatzeko. Urrunagotik etortzen da Clara Liso, Ejea de los Caballeros herritik, hain zuzen ere (Aragoi, Espainia). "Ordu eta erdiko bidea dut; baina errugbiak merezi du".
Errugbiaren koreografia
La Unicako jokalariekin bat egin baino lehen, Jose Lainez eta Concha Martinez dantzariekin lan egiteko aukera izan zuen Cristina Nuñez Bakedanok. Errugbi partidak ikusten hasi zenean ere, "nolabaiteko koreografia" sumatu zuen argazkilariak kirol horren atzean. "Hagitz estetikoa da".
Errugbian era guztietako gorputzek toki bat dutela nabarmendu du, halaber, Unicas lanaren egileak. "Azkarrak eta mantsoak, indartsuak eta biziak, kirolari bakoitzak badu bere egitekoa". Argazkilariaren hitzak berretsi dituzte La Unicako jokalariek. "Benetako talde kirola da gurea; ez dago partida irabaz dezakeen izarrik", erran du Ursuak.
Horrek badu lotura, jokalariaren ustez, errugbian nagusi diren balioekin. "Ez dugu bertze hainbat kirolak duten arrakasta, eta, ondorioz, eutsi ahal izan diegu errugbiak betidanik izan dituen errespetuzko balio horiei; errespetuzko jarrerak nagusi dira haurren artean, bai eta helduen artean ere", azaldu du La Unicakoak. Partida amaitzerakoan, adibidez, ilaran jarri eta bide egiten diote jokalariek aurkariari. Eta hirugarren zatia deiturikoan, bi taldeek egiten dute bat, elkar ezagutzeko, harremana sendotzeko.
Errugbiaz gozatzen dute La Unicako jokalariek, eta agerikoak dira haien ahaleginaren emaitzak. Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatuko dute bihar eta etzi. Halere, gizartearen gehiengoarentzat ikusezina da haiek egiten duten lana. "Niri amorrua ematen dit; emakume gisa amorrua eragiten dit jendea egiten dugunaz ez ohartzea; jendearentzat futbola baino ez da existitzen, eta errugbia erabat baztertuta gelditzen da. Saiatzen ari gara eskoletan gure kirola mugitzen, baina zaila da", salatu du Ane Zabalzak.
Bat, bi, hiru; bat, bi, hiru. Entrenamendua hasteko ordua da. Beren maila erakutsi nahi dute La Unicako jokalariek asteburuan. Kirolari langileak direla, eta onena emateko prest direla. "Gozatzera aterako gara zelaira; igotzea lortzen badugu, ikusiko dugu zer egin", erran du Ainhoa Diaz kapitainak. Korrika egiten hasi da; ondoan ditu Urzua, Zabalza, Haizea Donamaria, Ana Mariñelarena, Ixiar eta Maddi Brako ahizpak, Maialen Marturet eta taldea osatzen duten gainerakoak. 35 dira denera. Jokalariak, emakumeak. Komunitate bat, kameraren objektiboaren jomugan.

Txapela nork jantziko zain
Kattalin Barber
Bertsoaren hiriburu bihurtuko da Iruñea bihar. Lehia, urduritasuna eta giro ona izanen dira Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros Terre eta Julen Zelaieta ariko dira Anaitasunako oholtza gainean, txapel bakarra eskuratu nahian.
Azken txanpan sartu da, eta bihar bukatuko da, beraz, otsailaren 18an abiatutako txapelketa. Dena prest dute Bertsozale Elkartekoek bihar "egun handia" ospatzeko. Ander Perez elkarteko kideak azken hilabeteotan egon den giro ona azpimarratu nahi izan du. 1.500 entzule inguru izan dira saio guztietan, eta inoizko parte hartze handienarekin hasi zuten txapelketa: 35 bertsolarik eman zuten izena Nafarroako 43. Bertsolari Txapelketan, eta horietatik bederatzik lehen aldiz parte hartu dute lehian. Horiekin kanporaketa saio bat egin zen abenduan, Iruñean, eta, hartan, lau bertsolarik lortu zuten final-laurdenetara sartzea. Horrenbestez, 30 bertsolarirekin abiatu zen bigarren fasea.
Bost final-laurdenek, hiru finalaurrekok eta finalak osatu dute txapelketa. Saio guztietan erantzun ona jaso dutela adierazi du Bertsozale Elkarteko kideak. Gainera, bertsolaritza Nafarroako bazter desberdinetara eramaten saiatu izan dira. Tafalla, Auritz, Lakuntza, Irurita, Uharte, Bera, Antsoain eta Agoitz izan dira bertsoen lekuko. Horietan guztietan, "maila txukuna" eman dute bertsolariek.
Biharko finala "kolore askotakoa" izanen dela uste du Perezek. Lehendabiziko finala izanen da Xabi Maiarentzat, eta gainerako zazpiak "eskarmentu handiko" bertsolariak dira, 2015. urteko finalean aritutakoak. Julio Sotok hirugarrenez irabazi zuen txapela orduan, eta laugarrenaren bila joanen da bihar. Zelaietak behin jantzi du txapela, eta hamar aldiz parte hartu du finalean; Sotok, zortzitan; Terrerosek eta Lazkozek, bost aldiz, eta Fuentesek, Karrikak eta Fernandezek, berriz, hiru aldiz. "Kolore askotako finala izanen da, bertsolariak ibilbide eta kantaera desberdinekoak direlako".
Aurten, zazpi emakume baino ez dira lehiatu —Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Ioar Tainta, Joana Ziganda, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Irati Majuelo—, eta ez dute lortu finalera heltzea. Bertsozale Elkarteari hausnartzea dagokiola uste du Perezek: "Gogoeta batzuk martxan ditugu, eta sakontzeko beharra badugu, etorkizunean berriro errepika ez dadin".
Estitxu Arozena izan da emakume bakarra Nafarroako txapela janzten. Bi aldiz irabazi zuen, 1995ean eta 1998an. "Bertso eskoletan gero eta emakume gehiago daude, baina egia da plazarako urratsa ez dutela hainbestek egiten", dio Perezek. Alazne Untxalo bertsolaria finalaurreko batera iritsi zen, Beran martxoaren 18an jokatu zenera. Saioa Alkaizarekin batera, fase horretara iritsi diren emakume bakarrak dira.
Txapelketan gustura aritu dela dio Untxalok, eta pozik dagoela egindako lanarekin. "Finalerdietan hemezortzi bertsolaritatik bakarrik bi emakume geunden; hortaz, proportzioan aukera gehiago dute gizonek; guk egin ahal duguna egin dugu", esan du.
Bat egin du Perezekin, eta kontatu du 14 urtera arte neskak aritzen direla bertsotan, baina, momentu batean, utzi egiten dutela. "Konplexuak, gaizki egiteko beldurra, jendaurrean aritzea... Faktore horiek guztiek zerikusia dute". Gogoan izan du Aurizko saioa, otsailaren 19koa. Sei bertsolaritik lau emakume ziren. "Gure artean giro bikaina egon zen, kantuan hasi aurretik, bitartean eta bukatu eta gero, elkarri lagunduz eta aholkuak ematen". Argi du Untxalok: bertsolaritzak emakume eta gizonen arteko parte hartze orekatuagoa izango balu, finalaren irudia desberdina izango zatekeen.
"Gizartearen arazoa"
Gizartean jarri du arreta: "Gizartearen arazoa da, eta bertso eskoletan islatzen da. Rolak hautsi behar ditugu, eta hezkuntzan lan handia egin. Finalera iristen banaiz, ez dut nahi iristea emakumea naizelako, baizik eta bertsolaria naizelako", esan du Untxalok. Nafarroako Bertsolari txapelketan aritu da 2007tik. Biharko finalaren emaitza "irekia" ikusten du Untxalok. Zortzi bertsolariek saio txukuna eginen dutela ez du dudarik, "maila handikoak" direlako.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa urte osoan egiten den "lan isilaren fruitua" da, Perezek dioen moduan: "Parte hartzaile kopuru handiak erakusten duen sasoi ona estuki lotuta dago azken urteotan Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisio arloan egin duen lanarekin, gazte eta helduei bertsolaritza ezagutu eta bertan aritzeko aukerak emanez, bertso eskolen bitartez".
Era berean, nabarmendu nahi izan du Nafarroako ikastetxeetan garatzen den Bertsolaritza irakaskuntzan programa. 2.400 ikasle baino gehiago dira urtero bertsogintza eta ahozkotasuna lantzen dutenak. "Sare handia dago Nafarroan bertsolaritzaren inguruan urte osoan hainbat eta hainbat ekitaldi aurrera ateratzen dituena eta bertsolaritza bizirik mantentzen duena", azaldu du Perezek. Unerik ikusgarriena Nafarroako Bertsolari Txapelketa den arren, oinarrian "eguneroko lan izugarria" dagoela berretsi du. Izan ere, gaur-gaurkoz, 39 bertso eskola daude martxan eta lanean Nafarroan.

Langileak epaitegira
Edurne Elizondo
Ez dago egun onik kaleko saltzaile garenontzat". Lamine Bathilyk erran zituen hitz horiek, Iruñean, joan den martxoaren 22an, SOS Arrazakeria erakundeak antolatutako jardunaldietan. Bartzelonan sindikatua sortu dute kaleko saltzaileek, bat egin, eta beren jardueraren kriminalizazioari aurre egiteko, eta elkarte horretako kide da Bathily. Nafarroan ez da gisako erakunderik. Egia da Bartzelonan baino kaleko saltzaile gutxiago aritzen direla herrialdean, baina aritzen direnentzat ere, hangoentzat bezala, egun onik ez dago. Bathilyk mahai gainean jarritako errealitatea bera da kaleko saltzaile guztientzat, eta errealitate hori salatu nahi izan du Paperak eta Eskubideak Denontzat plataformak, Iruñean, Senegalgo bi kaleko saltzaileren aurka egindako epaiketaren egunean: protesta egin du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.
Joan den ostiralean deitu zituzten Bilbon bizi diren bi kaleko saltzaileak Nafarroako auzitegira. 2013. urtean, Lizarrako bestetan izan ziren, eta han atzeman zituen Poliziak. Ostiralean, hainbat herritarren babesa jaso zuten. Urduri ailegatu ziren senegaldarrak epaitegira, eta nahiago izan zuten adierazpenik ez egin. Behin eta berriz eskertu zuten, hala ere, jasotako elkartasuna eta berotasuna. "Eskerrak eman bertzerik ezin dugu egin", erran zuten biek, epaitegitik atera zirenean.
Sententziaren zain gelditu da beren auzia. 1.500 euroko isuna eskatu du fiskalak saltzaile bakoitzarentzat. "Hasiera batean, markentzako kalte-ordaina ere eskatu nahi izan zuen, baina hori bertan behera gelditu da, azkenean, zorionez. Kontua da perituak dendako produktuen salneurria hartzen duela kontuan saltzaileon aurkako auzietan, eta, ez, ordea, karrikan duena", azaldu zuen SOS Arrazakeriako kide Beatriz Villahizanek, Iruñeko joan den ostiraleko epaiketa amaitu eta gero.
Kaleko saltzaileen aurkako "jazarpena" salatu du behin eta berriz SOS Arrazakeriak, hain zuzen ere, eta, senegaldarren aurkako epaiketa dela-eta, babesa eta elkartasuna agertu nahi izan die erakunde horrek karrikan aurrera egiten ahalegintzen diren langile guztiei. Ostiraleko epaiketa salatzeko egindako elkarretaratzean parte hartu zutenek argi utzi zuten tokikoak bertakoak eta kanpokoak, denak direla langile, eta, ondorioz, langile borrokatzat jo zuten karrikako saltzaileen aldeko aldarria ere.
Jarduera horren "kriminalizazioa" salatu du Villahizanek. "Kaleko salmenta da paperik ez dutenentzako aukera bakarra, kasu anitzetan; haien kontra egiten du sistemak, ordea, eta ez da bidezkoa". Zigor kodearen erreformak berez zaila zen egoera are zailago bilakatu duela erantsi du SOS Arrazakeriako kideak, gainera. "Gogorragoa da". Iruñeko epaiketan erreformaren aurreko legedia izan dute kontuan, 2013an atzeman zituztelako kaleko saltzaileak; erreforma hori egin aurretik, alegia.
Epaiketaz harago, kaleko saltzaileen egunerokoa jarri nahi izan du SOS Arrazakeriak erdigunean. "Guztiok dugu gure eskubide guztiak bermatuta lan egiteko eta bizitzeko eskubidea; kaleko saltzaileen jarduera arautzeko ordua da", eskatu du Villahizanek.
Zigorraren ondorioak
Kaleko saltzaileen jarduerak jaso dezakeen zigorra epaileak agintzen duenaz harago doala nabarmendu du SOS Arrazakeriak. "Zigor aurrekariak izateak ondorio larriak ekartzen ahal ditu migratzaileentzat; gerta daiteke paperik ez dutenek beren egoera erregulatzeko aukerarik ez izatea; paperak dituztenek ere horiek berritzeko aukera gal dezakete", nabarmendu du SOS Arrazakeriako kideak.
Errealitate horrek pertsonen oinarrizko eskubideak bazter uzten dituela salatu du erakunde horrek, eta egoerari "behingoz" aurre egiteko beharra jarri du mahai gainean. Bertzela, kalean saltzeagatik epailearen aurrera joan behar izaten duten migratzaileek kanporatzeko agindua jaso dezakete; babesgabe gelditu daitezke, "erabat". "Kanporatzeko aginduaren mehatxua ezin dugu onartu; ezta pertsona horiek atzerritarrentzako zentroetan ixtea ere", nabarmendu du Villahizanek.
Senegalgo saltzaileen auzia sententziaren zain gelditu da. Absoluzioa eskatu du haien abokatuak, eta absoluzioa espero dute saltzaileek eta SOS Arrazakeriako kideek ere. "Ez dezagun berez zaila den egoera bat are zailago eta gogorrago bilaka", erran du Beatriz Villahizanek. Epaitu dituzten biak eta kaleko gainerako saltzaileak ditu gogoan. Langileak.

“Profesionaloi ere rolak ematen dizkigu gizarteak”
Kattalin Barber
Aurizko osasun etxean egiten du lan Irune Tubia medikuak (Iruñea, 1985). Generoa eguneroko kontsultan izeneko hitzaldia eman du, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako jardunaldietan.
Osasuna eta aniztasuna izan dituzue hizpide. Zeintzuk dira desberdintasunak osasun arloan, generoaren ikuspegitik?
Generoa, sexua eta genero rolak izan ditugu hizpide, eta horrek gure lanean nola eragiten duen aztertu dugu. Osasun kontuetan, ez du bakarrik eragiten pazientearen generoak. Desberdintasun genetikoak eta biologikoak daude, eta horrek eragiten du gaixotzeko moduan. Baina badira, generoari dagokionez, baldintza sozialak eta kulturalak ere, batez ere bizi ohituretan eragiten dutenak; eta bizi ohiturek, azkenean, baldintzatzen dute, ehuneko handi batean, gero gaixotzeko moduan. Horrez gain, profesionalok nola lan egiten dugun aztertu dugu. Adibidez, aurten ikerketa bat argitaratu dute AEBetan, eta ondorioztatu dute ospitalean gaixoak emakumeek artatzen zituztenean hilkortasun tasa txikiagoa zela. Horrek ez du esan nahi emakumeak hobeak direnik, beste faktore batzuk daude, noski; baina badirudi emakumeak denbora gehiago egoten garela pazienteekin.
Nola eragiten du generoak gaixotzeko moduan?
Alde batetik, biologikoki eta genetikoki badira desberdintasunak. Horrek baldintzatzen du gure gorputzaren funtzionamendua, bai eta gaixotzeko modua ere. Baina, batez ere, bizi ohiturek; adibidez, emakume eta gizonen tabako kontsumoa desberdina izan da historikoki, baina orain aldatzen ari da. Igotzen ari da emakumeen artean, eta horrek eragiten du haiengan lehen hain ohikoak ez ziren gaixotasunak agertzea. Horrez gain, ongizatean eragin ahal du generoak. Europako beste ikerketa batean diotenez, herrialde guztietan emakumeen ongizate psikologikoa gizonena baino baxuagoa da. Ziurrenik, eragina izanen du emakumearen egoerak eta dituen aukerak. Egiturazko kontua da generoarena, eta alde guztiei eragiten die.
Emakumeek bizi itxaropen handiagoa dute, baina bizi kalitate baxuagoa?
Leku askotan, bai. Bitxia da: lehen bazen alde handia emakume eta gizonen arteko bizi itxaropenean, eta azken urteotan zenbakiak ari dira hurbiltzen. Egun, emakumeena ez da aldatu, eta gizonena ari da igotzen. Aztertu beharko litzateke zergatik ari den aldatzen, eta zergatik batzuk hobera doazen besteak baino azkarrago.
Familiako medikua zara zu. Eguneroko kontsultan nola eragiten du generoak?
Gehienetan, desberdintasunak kontuan ez hartzera jotzen dugu. Esaterako, botiken dosiak kalkulatu ohi dira 70 kiloko gizon batentzat. Gauza horiek guztiak ez ditugu buruan izaten gaixoak artatzean. Horrez gain, jendea guregana etortzen denean, askotan, nahi gabe ere, modu desberdinean aritzen gara gaixoaren generoaren arabera. Kontuz ibili behar dugu.
Zer egin horri aurre egiteko eta kontsultan genero ikuspegia txertatzeko?
Alde batetik, egiten diren ikerketetan genero ikuspegia txertatu behar dugu, eta, beste aldetik, profesionalok hausnarketa egin behar dugu. Egunero bost minutu hartuko bagenu gogoeta egiteko, eta pazientearen generoak edo nire generoak eguneroko erabakietan zertan eragiten duen jakiteko, pauso handi bat litzateke. Azken finean, poliki-poliki begirada aldatzea eta desberdintasunak kontuan izatea da gakoa.
Gizonen gaixotasunak aztertuz eratu da medikuntza. Ikusezin egin du emakumeen osasuna?
Batzuetan, bai, baina ez bortxaz. Gaur egun dagoen bizitzaren medikalizazio horretan agian emakumeen osasuna gehiago izan da kontuan. Haurdunaldia kontrolatu behar da, baina ez da patologizatu behar, ez da gaixotasun bat. Hilekoarekin ere antzekoa gertatzen ari da. Hormonek gure egoera psikologikoan eragin dezakete, baina hortik patologizatzera eta tratamendu bat ematera alde handia dago. Tentuz ibili behar da. Hortaz, egia da gauza asko gizonen ikuspuntutik aztertu direla, baina, era berean, gehiegi patologizatu dira emakumeen hainbat kontu.
Eguneroko kontsultan generoak baldintzatzen zaitu?
Oso harreman pertsonala da osasun langileen eta pazienteen artekoa. Baina egia da askotan jendeari kostatzen zaiola, batez ere adin bateko jendeari, emakumea eta medikua izatea onartzea. Euskaldun eta mediku onaren arteko arazo bera da mediku eta emakumea izatearena. Medikua gizonarekin identifikatu ohi da, eta erizaina, berriz, emakumearekin. Horrelako hamaika egoera bizi izan ditut. Erizain gizon batekin etxe batera baldin banoa, askotan hari bakarrik egin diote kasu, medikua dela pentsatzen dutelako. Dena den, inoiz ez dut sentitu baztertu nautenik, ezta nire generoarengatik gutxietsi nautenik ere.
Oraindik falta da gizartean hori barneratzea?
Bai, erabat. Azken finean, ematen zaizkigun rolak dira, eta ez da bakarrik osasun arloan gertatzen. Gainera, erizain gizonen egoera askoz larriagoa da oraindik. Inork ez du pentsatzen gizon bat izanen denik erizaina. Eta jakin behar dugu gizarteak ez dizkiela bakarrik pazienteei rolak ematen, guri ere ematen dizkigu, eta horren parte gara. Iruditzen zait emakumeok beti egin behar dugula gehiago, ahalegintxo bat, erakutsi behar dugula badakigula gure lana egiten. Euskalduna izatearen gauza bera da. Hala ere, aurrera goaz, nork bere aletxoa jarriz, eta begirada hori aldatuz.
Iritzia: Beste egun handi bat baino ez
Saioa Alkaiza
Egun handia da biharkoa, mugarri bat, data historikoa, hain zuzen ere. Batzuei ETAren armagabetzea etorriko zitzaien burura esaldi hori irakurri duten une berean, Baionako ekitaldia eta bakearen artisauak deritzen dituzten horien ekina, g...

Antzerkia biziberritzea xede
Naiara Elola
Aspalditik behar zuen bultzada eman nahi dio Nafarroako Gobernuak antzerkiari. Sarritan esaten da antzerkiarena krisi iraunkorra dela; baina azken urteetako gobernuen "ahanzturaren" eta sortzaile, aktore eta zuzendariek izan duten "babes faltaren" eraginez krisi hori areagotu egin dela salatu dute sektoreko zenbait profesionalek. Egoera horretaz jabetuta, Nafarroan Antzerkia Sustatzeko Plana jarri du abian Kultura Departamentuak. Sektoreko hainbat eragilek parte hartu dute planaren diseinuan. Egun antzerkiak duen egoera "larria" arintzea da jomuga nagusia.
Antzerkia, beste arte adierazpen asko bezala, sarritan ez da erosoa izan boterearentzat. Berezkoa duen izaera kritikoak zuzenean eragin diola irizten dio Javier Perezek, Nafarroako Antzerki Eskolako zuzendariak. Hala ere, planak fruituak emango dituelakoan dago. "Oso garai zaila bizitzea tokatu zaigula uste dut, eta egoera hobetzea ezinbestekoa da". Publikoari, azpiegiturei eta artistei dagokienez, egoera "oso ona" dela irizten dio Perezek, eta, horregatik, egoera bideratzeko ez du zailtasun berezirik aurreikusten.
Antzerkia Sustatzeko Planean jasotzen diren ekintza positiboen bitartez, gizarteak antzerkia lehen mailako kultur adierazpena dela ulertzea nahi dutela azaldu du Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultura Ekintzarako Zerbitzuko buruak. Sektorearen egoera "aldatu" nahi dute. Batez ere, antzerkigintza profesionalean jarri dute fokua, horiek baitute aurrera egiteko zailtasun gehien. Plana diseinatu aurretik, hamabost bat lagunez osatutako talde bat eratu zuten, Antzerkiaren Talde Eragilea deiturikoa. Perezek, Nafarroako Antzerki Eskolako ordezkari gisa, talde horretan parte hartzeko aukera izan du. Adierazi duenez, profesionalen iritzia aintzat hartu izana oso positiboa da, eta horrek planari "zilegitasuna" ematen dio.
Lopez Juriok azaldu duenez, hausnarketa prozesuak "asko lagundu" du sektorearen diagnostikoa egiteko orduan: "Beharrak ondo zehazturik, plana eraginkorragoa izan da". Hainbat hutsuneren artean, ondorengoak nabarmendu dituzte: sektorearen atomizazioa, programatzaileen irisgarritasun falta eta eragileen harremana ahalbidetzeko espaziorik eza. Beraz, abian jarriko dituzten neurriek hutsune horiek betetzea izango dute xede.
Planak eragindako lehen aldaketetako bat aste honetan bertan antzeman da. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna zela eta, adierazpen instituzionala kaleratu zuen, ofizialki antzerkiari eta bertan lanean aritzen direnei babesa azalduz. Baina plana ez da adierazpen horretara mugatzen. Izan ere, neurri asko jarri nahi dituzte abian. Kulturan gutxiengo inbertsioa ziurtatzea, elkarlanean aritzeko sareak eratzea, Nafarroako Antzerki Eskolarekin hitzarmena berritzea, Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboa sortzea eta 948 Merkatua sortzea —arte adierazpen ezberdinen erakusleiho izango den azoka— dira neurri horietako batzuk.
Plana bera albiste ona dela dio Miguel Goikoetxea Iluna taldeko zuzendariak. Modu profesionalean aritzen da antzerkian beste lau lankiderekin batera, eta azken urteak oso zailak izan direla aitortu du. Planari dagokionez, "zalantzaz" betea dago; neurri guztiak legealdia amaitu aurretik indarrean jartzerik izango den galdetu du. "Nik uste plana berandu xamar datorrela. Legealdiaren erdian gaude, eta ez dut uste hurrengo hauteskundeetarako dena betetzerik izango dutenik". Alde horretatik, aurreikusita dago planaren jarraipena egingo duen sektore mahaia eratzea.
Ia berezko krisia
Aspalditik daude arte eszenikoak itolarrian. Konpainia askok ia inertziaz egin dute aurrera. Lopez Juriok argi du: "Kontratatzen dutenek normalean merkeena bilatzen dute; kalitatea ez da oso kontuan hartzen". Ondorioz, konpainiek, lehiakorragoak izateko helburuz, prezioak jaitsi dituzte, ahalik eta emanaldi gehien ziurtatu ahal izateko. Baina, aurrerantzean, kultur eragileen arteko harremana indartzeko elkarguneak sustatu nahi dira, kontratatzeko orduan kalitatea lehenetsiko den faktorea izan dadin.
Nafarroan 30 kultur etxe eta agertoki baino gehiago daudela aprobetxatuta, antzerki zirkuitu bat sortzea aurreikusita dago planean. Horren bitartez, bertako antzerkigile profesionalek Nafarroako Antzoki Sarea osatzen duten kultur guneetan emanaldiak egiteko aukera izango dutela iragarri du Lopez Juriok. Neurri hori zalantzan jarri du Goikoetxeak. Jakinarazi duenez, Antzokien Sareko arduradunek ez dakite emanaldi horiek ziurtatzerik izango duten, aurten behinik behin.
Baina, ziurrenik, neurririk berritzaileena 948 Merkatua deituriko azoka izango da. Arte adierazpen guztiek izango dute bertan tokia: zinemak, arte eszenikoek, arte plastikoek... "Nafarroan zer dagoen erakutsi nahi dugu; bertako konpainiei saltzen lagundu", azaldu du Lopez Juriok. Izan ere, bertan ez ezik, kanpoan ere lan egin ahal izatea nahi dute, merkatua zabaltzea alegia. "Nafarroan egiten den arte eszenikoak kanpora atera beharra dauka. Ez du esan nahi ez denik ateratzen, baina ateratzeko gaitasun handiagoa izan behar du", dio Perezek.
Bestalde, Nafarroako Liburutegi Nagusian, antzerkiarekin lotutako bibliografia funtsa eratuko dute. Nafarroako Artxiboan, berriz, Arte Eszenikoen eta Musikaren Artxiboa sortuko dute. Bi ekinbide horiei esker, antzerkiarekin lotutako iturrietara jo ahal izango du. Planarekin zerikusirik ez duen arren, heldu den udan Sorgune Arte Eszenikoen Gunea zabalduko dute Desoion. Bertan, sorkuntza prozesua gauzatu ahal izango da hasieratik bukaeraraino. Gaur egun sektoreak duen egoera aldatzeko, denaren beharra izango du.

“Kulturari esker, gizartea kritikoagoa eta demokratikoagoa da”
N. E.
Krisi ekonomikoak kulturaren sektorea "kinka larrian" jarri duela adierazi du Nafarroako Kultur Programatzaileen Elkarteko presidente Javier Pazek (Legazpi, Gipuzkoa, 1964). Egun, Azagrako kultur etxean aritzen da lanean, programatzaile modura. ...

Bizarra arma politiko bilakatzen denekoa
Edurne Elizondo
Bizarra ilea baino anitzez ere gehiago izan daiteke emakume baten aurpegian ateratzen denean. XV. mendetik badira andre bizardunen inguruko aipamenak, baina, gaur egun, iletsu izatea borroka politikorako ezaugarri bilakatu da, binarismo...

Aisialdiaren arloaz harago
Edurne Elizondo
Poliziak San Anton karrikako etxe okupatu bat hustu duen aste berean egin dute Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte biltzarrek urteko topaketa, Iruñean. Arrotxapea auzoko gaztetxea izan da jardunaldien egoitza, Alde Zaharrekoa azarotik baitago itxita, Iruñeko Udalaren aginduz. Ostiralean hasi, eta igandera bitarte aritu dira parte hartzaileak autogestioari, gaztetxeen defentsari eta botere harremanei buruz gogoeta egiten, bertzeak bertze. Ondorio nagusi bat jarri dute mahai gainean: autogestioari lotutako teoria eta praktika arlo guztietara zabaltzeko beharrarena, hain zuzen ere.
"Aisialdiaren esparrutik ateratzea kosta egin zaio gaztetxe askori, baina urrats hori egiteko ordua da; autogestioa aisialdiaz harago landu behar dugu, jarduera politiko orokor bilakatu ahal izateko". Jesus Villarorenak dira hitzak. Topaketan parte hartu du. Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kide ere bada. Hagitz kritiko agertu da Iruñeko Udalaren eta, zehazki, Joxe Abaurrea zinegotziaren jarrerarekin. "Ez dute batere zintzo jokatu". Udalaren eta gaztetxeko kideen arteko negoziazio prozesuan parte hartu zutenetako bat da Villaro. Nabarmendu du harremana "zaila" izan dela. Argi du erakundeak "legearen agintearen pean" mugitzen direla, eta garbi utzi du negoziazio prozesuari baiezkoa eman ziotela erakundeon jarduera ez baldintzatzeko. Erantsi du egindako bidea "zaila eta malkartsua" izan dela, ordea, eta udalak ez duela gertatutakoaren "benetako kontakizuna" egin.
Villarok uste du karrika dela errealitatea aldatzeko dinamiken berezko tokia, eta herri mugimenduen autonomia bermatu behar dela. "Hala ez bada, zer? Injustiziak herriak berak ez baditu geldiarazten, nork eginen du?". Testuinguru horretan ulertzen du Villarok gaztetxeen eta gazte biltzarren zeregina. "Gero eta argiago dugu autogestioa errealitatea iraultzeko praktika politiko bat izan daitekeela", nabarmendu du.
Hasitako lanari segida
Urtean behin egiten dute topaketa Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte biltzarrek. Laudiokoa (Araba) izan zen lehendabizikoa; Oñatikoa (Gipuzkoa) bigarrena; eta Iruñeko aurtengoa, berriz, hirugarrena. Oñatiko topaketan hasi ziren autogestioaren dimentsioa zabaltzeko beharra jorratzen, eta orduko gogoetari segida eman nahi izan diote Iruñekoan. "Iruñean gaztetxeen aldeko mugimendu sendoa bazelako ere erabaki genuen hemen egitea", azaldu du Villarok.
Alde Zaharreko gaztetxea itxi dute, baina Arrotxapekoa martxan dago oraindik, eta, azken urteotako dinamiken ondorioz, gainera, Barañainen ere, bertzeak bertze, badute gaztetxe berria. "Oztopoak oztopo, autogestioaren aldeko grina hor dago", nabarmendu du Alde Zaharreko gaztetxeko kideak. Husteko mehatxua da Arrotxapeko gaztetxeak, adibidez, aurrez aurre duen oztopoetako bat. Villaro bera sententziaren zain dago, iazko abenduan Sarasateko eraikin bat okupatu eta gero izandako istiluengatik. Eraikinetik kanpo atxilotu zuten. "Poliziaren azpijokoa izan zen". Hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatu diote, eta mila euro baino gehiagoko isuna. Bertze bederatzi lagun daude auzipetuko ote dituzten zain.
Zain, baina lanean. Villarok zehaztu du Iruñeko topaketan ez dutela proiektu guztiek parte hartu, baina uste du Iruñerriko, Sakanako, Baztango eta Lizarraldeko gaztetxeen bidez argi gelditu dela lanerako gogoa. Gaineratu du badirela autogestioaren esparrua zabaltzeko hainbat proiektu martxan, jada, eta horren adibide jarri ditu, adibidez, elikadura subiranotasunaren aldeko dinamikak. Bertzelako gaiei heltzeko asmoa eta beharra aipatu du, gainera: "Energiaren auziari, adibidez". Bada lana egiteko. Gogoa ere bai.