Iritzia: Zuei

Lur Albizu Etxetxipia

Sorpresarako gaitasuna galdurik genuela uste nuen; aspalditik, gainera. Gauza asko, gehiegi bizi izan ditugulako, ikusi izan ditugulako, entzun izan ditugulako, norbaitek kontatu izan dizkigulako. Errealitateak fikzioa gainditzen duela esateak, nire iritziz, esanahi berezia hartzen du Euskal Herrian: debekuak, ilegalizazioak, komunikabide-itxierak, isunak, identifikazioak, kontrolak, kriminalizazioa, atxiloketak, tortura…

Zerrendarekin jarrai genezake luzaroan, orrialde hau osorik bete arte. Baina badakizue zeri buruz ari naizen; guztiei egokitu zaigu, era batera edo bestera, gertuagotik edo urrunetik, horrelako zerbait bizi behar izatea. Eta Nafarroan, bereziki, horrek guztiak bere berezitasun propioak ere badituela esanen nuke, navarrísimoek bere berezitasunak dituzten bezala. Errepresioa ere diferentea izan baita hemen.

Baina duela aste batzuk harritu egin ginen (nintzen?). Beste behin. Aspalditik ez bezala. Beharbada inuxenteegiak gara batzuetan? Ahaztu egiten zaigu estatuek gerran jarraitzen dutela? Ahantzi egiten zaigu Nafarroak estatu-afera izaten jarraitzen duela?

Atxilotu zituztela jakin nuenean harritu egin nintzen. Muntaia polizial-politiko-mediatikoaren beste kapitulu bat gehiago. Berriz ere. Berriz ere gazte batzuk atxilotuak, kriminalizatuak, komunikabideetan haien bizitza, haien izenak. Epai mediatikoa. Zirkuaren beste kapitulu bat gehiago.

Eta kartzelara joanen zirela jakin nuenean ezin izan nien malkoei eutsi. Sabeleko korapiloak egun batzuetan iraun zuen. Sinestezina iruditzen zitzaidan. Askotan erabili izan dut surrealista hitza. Surrealista. Baina nola deitu horri surrealismo, zazpi gazte espetxean baldin badaude? Ba al da hori baino egoera injustuagorik, gordinagorik, errealagorik? Errealistagorik, egiazkoagorik? Irudikatzen ahal ditugu zazpi gazte altsasuarrak, gazte izateagatik, altsasuar izateagatik, kartzelan, haien etxeetatik ehunka kilometrora?

Gertatutakoaren dimentsioa oso argi bizi izan dugu azkeneko asteetan. Herri oso bat batuta, gertatutakoa ezin sinetsi. Inguruan ere bizi izan ditut egoera kuriosoak, nik behintzat: jendearen interesa, gertatutakoa bidegabekeria hutsa dela ikusten duen jende anitza, kezka, manifestaziora joateko zalantzarik izan ez duen jendea (horrelakoetan ikustea zaila dena)… Duela bi larunbateko irudia(k), dudarik gabe. Asko esaten du egun hartakoak. Oihu herritar isila, eta hain ozena, Altsasu guztiz kolapsatu zuena.

Ezin da bizikidetzaz hitz egin desmilitarizazioaren auzia mahai gainean jarri gabe. Zaila da bizikidetzaz hitz egitea zazpi gazte kartzelan daudenean. Nekeza egiten da kontrol eta poliziaz jositako toki batean bizikidetzaz mintzatzea. Herri oso bat kriminalizatu dute, errealitatea ezkutatzeko, eta eztabaidak isiltzeko. Bai gehiengo baten nahiari muzin egiteko ere. Zein garesti ateratzen den Euskal Herrian, Nafarroan, gazte izatea.

Mila kilometrora; bihotzetik gertu, alegia. Etxean izan arte jarraituko dugu lanean. Maite zaitugu. Maite zaituztegu.

“FIFAri egin so, kapitalismoa zer den ulertu ahal izateko”

“FIFAri egin so, kapitalismoa zer den ulertu ahal izateko”

Edurne Elizondo

"Kapitalismoaren egungo neoliberalismoak oinarrizko ondasunak lapurtzen dizkie herritarrei: osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak; bai eta kirola ere". Horixe nabarmendu dute Angel eta Maria Cappak También nos roban el fútbol (Futbola ere lapurtzen digute) liburuan (Akal, 2016). Kirol horren kasuari egin diote so egileek, eta agerian utzi dituzte zelaitik at gertatzen direnak: negozioa, telebistek duten boterea, FIFA Nazioarteko Futbol Federazioaren baitan antzemandako ustelkeria kasuak, eta abar. Iruñeko Katakraken aurkeztu dute aita-alabek beren lana.

Biek sinatu dute liburua, baina Angel Cappak (Bahia Blanca, Argentina, 1946) argi utzi du berak "alaba lagundu" egin duela; Maria Capparen (Madril, 1981) esku egon dela lanaren ardura nagusia, alegia. Maria Capparentzat aitarekin aritzeko aukera da liburuak emandako "sari nagusia". Harago, futbolaren esparruko azken urteotako gertakariak "testuinguruan" jarri nahi izan ditu, egindako ikerketa lanaren bidez, kirol horrekin gertatzen ari denari buruz gogoeta pizteko asmoz. "Futbolaren inguruan sortzen diren berriak batzen dituzunean, eta dagokien testuinguruan jartzen dituzunean, kirolaren atzean dagoen negozioa ageri da, bere gordinean. Batzuen eta bertzeen interesak gailentzen dira, argi eta garbi, kirolaren gainetik".

Kazetaria da Maria Cappa, eta kazetari gisa egin dio so futbolari. Angel Cappak hobeki ezagutzen ditu futbolaren barrukoak, entrenatzaile izan baita lehen mailako hamaika taldetan. Begirada hurbilago bat eskaini du. Egungo futbolak zer ikusteko gutxi du Cappak auzoan lagun artean jokatzen zituen partidekin. "Futbola, lehen, jokalariena eta jendearena zen, baina orain enpresarien esku da. Futbola, ondorioz, enpresa bilakatu dute". Horrek ekarri du jokoak berak zuen garrantzia bigarren maila batean gelditzea; emaitzak baino ez du inporta, ez ongi edo gaizki jokatzeak. "Jokalariak, orain, ekoitzi bertzerik ez du egiten", salatu du, tristuraz, Angel Cappak.

Zaleentzat ere izan du ondoriorik azken urteetan futbolaren esparruan gertatu denak. Futbol taldeak sozietate anonimo bilakatzeak ekarri du, adibidez, bazkideek erabakitzeko ahalmena galtzea. Ez hori bakarrik. "Futbola ikusteko eskubidea eta aukera ere galdu dituzte. Partidak antolatzen dira telebisten interesen arabera; ordutegiak ez dira bertako zaleentzat, baizik eta Txina edo Indiako telebista ikusleentzat", azaldu du Maria Cappak. Espainiako Ligan sarrerak "hagitz garestiak" direla erantsi du.

Handiak dira, halaber, "elitean diren jokalarien" soldatak. Horiek taldeentzat "inbertsio bat" direla argi du kazetariak, haien izena duten elastikoen salmenten bidez, adibidez, dirutza jasotzen dutelako. Maria Cappak zehaztu du, halere, soldata handi horiek futbolari profesional "gutxi batzuen esku" baino ez direla. Futbolarien Nazioarteko Federazioak argitaratu berri duen txostena aipatu du liburuaren egileak: "Futbolarien %2k baino ez dute irabazten 720.000 dolar baino gehiago, urtean; futbolari gehienek, %45ek, kobratzen badute, 1.000 eta 2.000 dolar irabazten dute, hilabetean". Gehiengo horrek, gainera, ez du bere formakuntzarako inolako laguntzarik jasotzen. "Etorkizunerako ezin dute prestatu. Elitearen egoerak ez du futbolaren lan baldintzen errealitatea islatzen, inondik inora", erantsi du Maria Cappak.

Ustelkeria

Dirutza mugitzen du futbolaren munduak. Kirol horretan nagusi diren enpresen atzean direnek, halere, gehiago nahi dute. Horixe uzten du agerian kirol horren inguruan dagoen ustelkeriak, Maria Cappak azaldu duenez. Ameriketako Estatu Batuetan eta Suitzan FIFAri buruz egindako ikerketak nabarmendu ditu kazetariak. "Agerian utzi dute 1998tik Munduko Kopa antolatu nahi izan dutenek dirua eman diotela FIFAri, txapelketa hori hartu ahal izateko".

Angel Cappak berak elkarrizketa batean errandako esaldia ekarri du gogora haren alabak, FIFA zer den azaltzeko: "Kapitalismoa zer den ikusi eta ulertu nahi baduzu, egiozu so FIFAri". "Traje eta gorbata erabiltzen dituzten jokamolde fineko FIFAko gizon horiek dira futbolaren jabe", erantsi du. Botere handikoak dira, gainera, kazetariak nabarmendu duenez, eta FIFAk berak herrietako legeak bere alde erabiltzeko gaitasuna erakutsi duela azaldu du.

Egungo futbolaren argazkia egiterakoan ezkor agertu dira Angel eta Maria Cappa. Itxaropenerako heldulekuak badirela erantsi du azken horrek, halere, eta liburuan jaso ditu, gainera. Murtzian (Espainia) sortu duten futbol taldearen gisakoak jarri ditu adibide. "Zaleek sortutakoak dira; futbol talde horiek, gainera, auzoko gainerako eragileekin badute lotura. Toki batekoak direla sentitzen dute, eta horrek ematen die nortasuna". Hori da, hain zuzen, Angel Cappak maite duen futbola. Garai bateko taldeek egiten zutena. Alemanian harago jo dutela erantsi du Maria Cappak: legez jaso dute, adibidez, futbol talde bakoitzaren %51k zaleen esku egon behar duela. "Futbol eskolak sortzen ari dira, gainera, beren fubtol estilo propioa garatzeko".

Protagonismoa, berriz ere, zaleen esku jartzea da kontua. Eta jokalariek taldearekin eta zaleekin bat egitea ere bai. Horren beharra berretsi du Angel Cappak: "Diruak talde bateko kide sentitzeko gaitasuna ere kendu baitie jokalariei".

“GIBari aurre egiteko ezinbestekoa da sexu heziketa ezartzea”

“GIBari aurre egiteko ezinbestekoa da sexu heziketa ezartzea”

Kattalin Barber

Konpromisoak hartu, eta aldarrikapen eta eskaerak egiteko aprobetxatu zuten atzoko eguna hiesaren inguruan lanean ari diren elkarteek. Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, hain zuzen ere, hilaren 1ekoa. Sareko lehendakaria da Julia Munarriz (Iruñea, 1955). Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzordea ere badago herrialdean. Taldeok elkarlanean aritzen dira anitzetan, eta bien izenean mintzatu da Munarriz.

Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira jada hiesaren lehen kasuak detektatu zirenetik. Nolakoa da gaur egungo egoera herrialdean?

Urte horietan oso gogorra izan zen dena, egia esan. GIB positiboaren diagnostikoa jasotzea ia-ia heriotzaren sinonimoa zen hasierako urte haietan. Gainera, tratamenduak oso kaltegarriak ziren, eta ez zuten pertsonen bizimodua hobetzea lortzen. Baina nabarmentzekoa da 30 urte hauetan zientziak ikaragarri egin duela aurrera. Egun, birusa izanda, pertsona bakoitzaren karga birala desagerrarazten saiatzen dira tratamendu egokien bidez. Dagoeneko ez dugu hitz egiten hiesari buruz, baizik eta giza immuno-eskasiaren birusaren infekzioari buruz, hain zuzen ere. Horretan jarri behar dugu arreta, gure ustez.

Azken urteotan, halere, gora egin du diagnostikoen kopuruak. Zergatik?

Zientzian aurrerapauso handiak egon dira, baina gizartean, aldiz, ez. Hainbat faktore daude hori azaltzeko. Oraindik ere batere egokiak ez diren ideiak ditugu gaixotasunari buruz. Tabuak eta aurreiritziak saihestu behar ditugu. Adibidez, uste dugu arrisku taldeak daudela, oraindik ere, eta ez da horrela; arrisku praktikak daude, eta hori nabarmendu behar dugu. Gainera, kasu gehienetan, birusa ez da hilgarria eta, hortaz, prebentzio neurriak hartzeko garaian lasaikeria da nagusi. Erlaxatu gara. Gazteen belaunaldi berriak ia ez du inoiz entzun GIBari buruz deus. Eta arriskutsua da hori.

Zer-nolako datuak ditugu Nafarroan?

2000. urteko datuetara itzuli gara. Batez beste, 40-45 diagnostiko berri inguru daude, urtean; hau da, ia astean behin pertsona bat kutsatzen da. Erabat kezkatzen gaitu egoera horrek. Hortaz, Nafarroako Gobernuak onartu berri duen sexu eta ugaltze osasunari buruzko foru dekretua lehenbailehen ezartzea eskatzen dugu. Beharrezkoa da belaunaldi berriek ezagutza izatea gaitzari buruz, eta prebentzio kanpainak egitea, aldi berean. Argi dago zabaldu behar dugun mezua zein den: ez da garrantzitsua norekin izaten dituzun sexu harremanak, baizik eta nola egiten duzun. Gainera, GIB birusarekin bizi diren pertsonen %40k ez dakite birusa dutenik. Inork ez gaitu abisatuko. Ezta behar ere. Pertsona bakoitzak arduratsu jokatu behar du bere osasunarekin. Hori da kontua.

Gazteen artean ere kezkagarriak dira datuak?

Bai, erabat. Azken bost urteotan, adibidez, asko izan dira 25 eta 34 urte bitarteko pertsonen arteko diagnostiko berriak. Denera, 70 kasu egon dira. 15 eta 24 urte bitartean, berriz, 33 kasu. Oso kezkagarria da 15 urteko gazte bat seropositibo izatea. Kontua da gazte askorentzat ez dela arazoa babesik gabe izatea sexua. Infekzioa bazter uzten ahal da, baina ez ditugu hori egiteko neurriak hartzen. Helburu hori ez lortzea, beraz, ikaragarria da; ikaragarria da neurriak ez hartzea.

Beste arazo bat dugu adineko jendearekin. Askok 30 urte daramatzate tratamenduak jasotzen, eta ez dakigu zeintzuk izanen diren tratamendu horien ondorioak. Badakigu zahartze goiztiarra eragiten dutela, baina ez gehiagorik.

Gazteen artean gaitzari buruzko informazioa falta dela uste duzu zuk?

Desinformazioa da nagusi. Jada ez da esaten GIBa birus larria dela, badirudi katarro batekin alderatzen dela. Uste dugu erakunde publikoek erantzukizun handia dutela, batez ere, hezkuntza mailan. Nafarroan, 1997. urtetik ez dira egiten informazio kanpainak. Bakarrik Sarek eta Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzordeak antolatu ditugu saioak, baina guk ez ditugu behar adina baliabide, noski. Giza baliabideak eta tresna eraginkorrak behar dira.

Zer eskatzen diozue Nafarroako Gobernuari?

Prebentzioaren garrantziaz jabetzea beharrezkoa da oso. Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu sexu heziketa lehenbailehen ezartzea sare publikoan. Horrez gain, erakundeek sustatu behar dute hiesaren test azkarra. Guztiz anonimoak dira test horiek; fidagarritasun handikoak dira gainera, bai eta doakoak ere. Urte honetan, gurean, 200 test inguru egin ditugu. Beharrezkoa da lehen mailako osasun arretako langileek formazioa izatea gaitz honetan. Eta gaixoei arreta integrala eskaintzea.

Nazio Batuen Erakundeko GIBari eta hiesari buruzko programak 2020. urterako zero transmisio izatea du helburu. Uste duzu ezerezean geldituko dela asmo hori?

Ez dute lortuko helburu hori betetzea. Herrialde guztietako politiketan baliabide guztiak herritarren mesedetan jartzen badituzte, posible litzateke gaitzari bete-betean aurre egitea. Baina ez dira hori egiten ari. Oraindik ez dut ezagutzen herrialderik hori egin duenik. Bitartekoak eta baliabideak beharrezkoak dira, baina, horretarako, baliabide horiek erabiltzeko eta martxan jartzeko, borondatea izatea ezinbestekoa da.

Hiesa agertzeak eragin zuen Sareren sorrera, baina, gaur egun, beste lan ildo batzuk ere jorratzen dituzue.

Lehen harremana harrera da. Pertsonei laguntza emozionala eta soziala emateko sortu zen Sare, 1992. urtean. Baina beharrak aldatuz joan ziren, eta, gaur egun, gure helburuen artean daude gaitzaren kontrako kanpainak egitea, informazioa zabaltzea, sexu heziketaren beharraz eta garrantziaz ohartaraztea, eta gaixoei eta haien inguruko pertsonei babesa ematea.

Bi elkarte ari zarete Nafarroan helburu berarekin borrokan. Elkarlanean aritzen zarete?

Askotan egin digute galdera hori, egia esan, eta beti berdin erantzuten dugu guk: uste dugula hobe dela gehitzea. Adibidez, zenbaitek, honat etorri baino, nahiago dute hiesaren aurkako batzordera joan, gure egoitzaren ondoko atarian, adibidez, ezagunen bat badutelako. Alderantziz ere gertatzen da. Anonimotasuna eta isilpekotasuna, finean, oso garrantzitsuak dira auzi honetan. Elkarte bakoitza independentea da, baina elkarlanean ere aritzen gara, askotan. Horrek guztiak aberasten gaitu, noski, pertsonentzat aukera gehiago daudelako, azken finean. Eta hori da kontua.

Isiltasunaren pareta botatzeko

Isiltasunaren pareta botatzeko

Edurne Elizondo
Hitz egiten ez badugu, existitzen den errealitate bat bazter utzi bertzerik ez dugu egiten. Lortzen badugu suizidioaren auziari normaltasunez eta lasaitasunez eustea, aurre egiten badiogu osasun arazo larri baten gisa, sufritzen ari dir...

Auzoa berritzeko norabidean

Auzoa berritzeko norabidean

Kattalin Barber

Hiri eredua aldatzea du xede Alde Zaharra Arian-arian proiektuak. Horretarako, herritarrek 45 proposamen adostu dituzte, besteak beste, auzoa bizileku egokiagoa izateko, ibilgailuen presentzia mugatzeko, zarata bolumena eta kutsadura tasak murrizteko, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta txirrindulari eta oinezkoen arteko bizikidetza errazteko.

Prozesu parte hartzailea jarri zuen martxan Iruñeko Udalak joan den irailean, eta bertan jasotako 782 proposamenak abiapuntutzat hartuta, eragile inplikatuen eztabaida lanaren ostean, adostutako 45 proposamen dira emaitza. "Hezkuntza Departamentuaren ondoan bizilagunentzat aparkaleku bat egitea, billabesak auzora gerturatzea eta Alde Zaharrerako ibilgailuen sarrera kontrolatzea adostu da, tartean", adierazi du Ioar Cabodevilla arkitekto eta prozesuko kideak.

Prozesuaren lehenengo hiru faseak amaitu direla azaldu du Cabodevillak, eta, orain, Iruñeko Udalari dagokio Alde Zaharreko mugikortasun plana diseinatzea. Udaleko lantalde teknikoak proposamenak aztertuko ditu, eta kontuan izanen ditu auzoko mugikortasun proiektua diseinatzerakoan. Horren ondotik, proposamen berriak modu esperimental eta itzulgarrian abiaraziko dira. "Egiten duenaren arabera, ikusiko da prozesu parte hartzaileak garrantzia duen ala ez".

Lau ardatzen inguruan lan egin dute prozesuan: zirkulazioa murriztu eta oinezkoei lehentasuna ematea, oinezkoen eta txirrindularien elkarbizitza, Alde Zaharrerako sarbide eta loturak, eta zamalanak.

Bertan parte hartu dute inplikatutako eragileek, ehun ekonomikoko eta elkarteetako ordezkariek, teknikariek eta herritarrek. Horrez gain, parte-hartze prozesua garatu eta dinamizatu du hirigintza arkitekto, soziologo eta komunikazio talde batek. "Lantaldeetan nahi genukeen baino pertsona gutxiagok parte hartu duten arren, haien inplikazioa eta parte hartzea oso positiboa izan da, elkarrizketak, elkar entzuteak eta kontrako ideiekiko begiruneak bideratu baitzuten lana", dio Cabodevillak. Xedea izan da adostasunak eta desadostasunak bilatzea mugikortasunaren inguruan.

Irailean, 11.000 triptiko banatu zituzten Alde Zaharrean, eta 42 postontzi paratu zituzten proposamenak jasotzeko. Gainera, webguneko plataforman eta parte hartzeko egon diren lau kale dinamiketan auzoa hobetzeko ideiak jaso dira. Kale dinamiketan, guztira 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute; eta 192 proposamen egin dituzte.

"Prozesua guztiz positiboa izan da, eta parte hartu nahi izan duenak aukera izan du horretarako; hala ere, Iruñeko bizilagunok eta erakundeak ez gaude prozesu parte hartzaileetara ohituta, eta bide horretan zaila izan da", dio Cabodevillak. Gutxika-gutxika herritarrak parte hartzera "ahaldunduko" direla uste du. "Orain, udalari dagokio arduratsu jokatzea. Parte hartu duten guztiek ikusi behar dute bere proposamenak balio izan duela".

Cabodevillak aipatutako proposamenez gain, beste neurri batzuen artean, herritarrek adostu dute kale estuetan aparkatzea debekatzea, San Frantzisko kaleko espaloiak kentzea eta kalea oinezkoendako bihurtzea, tabernetako barrika eta mahai altuak kentzea, bizikletentzat udal aparkaleku seguruak, estaliak eta merkeak gaitzea eta bizikleten abiadura kontrolatzea, eta bizikleta modu egokian erabiltzeko kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak abian jartzea.

Auzo hobe baten alde

Prozesu parte hartzailea irailean abiatu bazen ere, joan den urteko azaroan du jatorria. Mugikortasunaren gaiak aspalditik kezkatzen ditu auzoko bizilagunak, kolektiboak eta ehun ekonomikoa. Orduan sortu zuten Alde Zaharreko hainbat bizilagunek AZ Ekimena, auzoko mugikortasuna hobetzeko asmoz. "Zer-nolako auzo eredua nahi dugu? galderaren harira hasi ginen antolatzen", adierazi du Txetxu Alonso taldeko kideak. Eragile guztien interesa pizten duen gaia da, auzoan elkarbizitza hobetzeko gakoa baita. Alde Zaharreko "benetako erradiografia bat" egitea eskatu zioten Iruñeko Udalari, eta Arian-arian prozesu parte hartzailea izan da emaitza.

"Positiboa izan da eragile anitzek parte hartu dugulako bertan: banatzaileen ordezkariek, ostalaritzako ordezkariek eta Alde Zaharreko hainbat elkarte eta bizilagunek", dio Alonsok. Cabodevillak bezala, udalarengan jarri du erantzukizuna: "Prozesua ez da bete beharrekoa. Beraz, zer eginen dute orain adostutako 45 proposamenekin?". Ahal bezain pronto udalak 45 proposamenak aztertzea eta zein epetan zer eginen duen adieraztea exijitu du Alonsok. Iruñeko Udalak adierazi du proposamenak abiapuntu izanen direla lanean hasteko, baina horrek ez duela esan nahi nahitaez beteko dituztela.

"Alde Zaharreko trafikoa antolatzea eta murriztea beharrezkoa da". Alde Zaharreko bizilagunak argi du udalak hartuko dituen erabakiak ez direla inplikatutako eragile guztien gustukoak izanen, baina amore eman beharko dutela. Halaber, udalari eskatu dio, neurriak hartzeko garaian, informazioa zabaltzeko kanpaina egin dezala: "Aldaketak beti dira zailak, kostatzen da joerak aldatzea, eta bizilagunok informazioa behar dugu". Lehen urratsa egin dute; eta Alde Zaharra norabide berri bati begira dago.

Bost minutu Pirinioentzat

Bost minutu Pirinioentzat

Edurne Elizondo

Bost minutu eskatu dizkiete Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako biztanleek Nafarroako Parlamentuko kideei. Bost minutu, lege bat onartzen duten bakoitzean arau horrek eskualde horretako herritarrengan izanen duen eraginari buruz pentsa dezaten. 1.400 pertsonak baino gehiagok egin dute bat jada eskaera horrekin, Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiak eta Bizirik Gaude elkarteak sarean martxan jarri duten sinadura bilketaren bidez. "Mugimendua eragin nahi dugu; kontzientzia hartu, eta bat egin dezatela herritarrek, gure gabeziak eta arazoak mahai gainean jartzeko".

Gabeziak, arazoak eta desorekak. "Bazter" direla sentitzen dute Ekialdeko Pirinioetako biztanleek. "Bigarren mailako herritarrak" direla nabarmendu du Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kide Joseba Martinezek. Aurizberrin bizi da, eta argi du herria ez duela utzi nahi. Eskualdean etxebizitzaren, enpleguaren eta hezkuntzaren arloan dauden arazoek, ordea, jende anitz bultzatzen dute herriotatik herri handiagoetara edo Iruñera. Herriak hustuz joan dira, eta kinka larrian gelditu dira zerbitzu anitz. Egoera hori irauli nahi dute hango herritarrek, eta horregatik jarri dute martxan sinadura bilketa. Merezi duten arreta jaso nahi dute. Horretarako eskubidea badutelako. "Zergak ordaintzen baititugu, bertze edozein herri edo hiritako herritarrek bezala".

Ekialdeko Pirinioetako ibarretako hiru dira Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzukoa. Herriotako populazioaren mugimenduak erakusten du Martinezek azaldu duen errealitatea. Erronkarin, populazioak goia jo zuen 1910. urte aldera, 4.704 biztanlerekin. 2.344 ziren 1975. urtean; 1.644 2005ean; eta 1.423, berriz, 2015ean. Aezkoan, 3.679 pertsona bizi ziren 1857. urtean; 1.546 ziren 1975ean; 1.046 biztanle zituen ibarrak 2005. urtean; eta 903 baino ez iazko datuen arabera. Populazioak behera egin du, halaber, Zaraitzun: 4.073 ziren 1857. urtean; 2.448 1975ean; 1.704 2005. urtean; eta 1.478, azkenik, iaz.

Populazioaren beherakada ez da arazo bakarra. "Orografiak eta klimak ere eragiten digute. Gutxi gara, eta sakabanatuta gaude, gainera. Eskoletan ahaleginak egin behar ditugu ratioak betetzeko eta eutsi ahal izateko". Osasunaren arloan, anbulantzia herrietara ailegatzeko "zailtasun handiak" daudela erantsi du Martinezek, eta etxebizitzaren eta enpleguaren esparruan dauden "eredu zaharkituek", berriz, ez dutela aukera ematen herrien husteari aurre egiteko.

Legeak eta justizia

Martinezek argi eta garbi erran du: "Nafarroako Gobernuari dagokio zerbitzu publikoak bermatzea". Eta, horretarako, ustez denentzat egindako legeek sor ditzaketen "desorekei" so egiteko eskatu diete Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kideek herrialdeko agintariei. Eskolako ratioen adibidea aipatu du, berriz ere. "Lege bat denentzat izateak ez du erran nahi lege horren oinarrian justizia dagoenik". Ekialdeko Pirinioetako herrientzat bertze hainbat txokotako herrietan baino anitzez ere zailagoa izan baitaiteke legeak ezarritakoak betetzea.

Pirinioko herrien errealitatea "desitxuratzen" duen bertze elementu bat aipatu du Martinezek. Pirinioak erraten denean zer herri eta ibar aipatzen diren, hain zuzen ere. "Agoitz, Zangoza eta Baztanen gisako udalerrietako errealitatea eta gurea ezberdinak dira". Ondorioz, Martinezek uste du Pirinioetaz hitz egiteko herriotako datuak sartzen dituztenean benetako errealitatea ezkutatu bertzerik ez dutela egiten. "Agoitzen, adibidez, industria dute, baina guk ez". Sinadura bilketa martxan jarri dutenek zehaztu dute Ekialdeko Pirinioek zer eremu hartzen duten: Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Artzibar, Erroibar, Orreaga, Auritz, Luzaide, Orotz-Betelu eta Nabaskoze almiradioa.

"Gure eskualdean lehen sektorea inportantea da, baina egoera, egun, ez da ona", azaldu du Martinezek. Turismoak azken hamarkadan izandako gorakada nabarmendu du, halaber. "Jende anitzek egin du horren aldeko apustua; herriko etxea moldatu, eta landetxe bilakatu dute".

Hiriko jendearentzat, hain zuzen ere, asteburua edo oporrak pasatzeko tokia dira, neurri handi batean, Pirinioak. "Guri ongi iruditzen zaigu jendea honat etortzea asteburua pasatzera; baina kontuan hartu behar da gu hemen gelditzen garela haiek joaten direnean".

Turismoaren esparrua bakarrik bultzatzeak ere ondorioak izan ditzakeela uste du Martinezek. "Turismotik bizi bagara, kontuan izan behar dugu gure herrietan kulturaren arloko eta bertze hainbat alorretako aldaketak gertatzen ahal direla". Egungo testuinguruan "etorkizuna bermatzea" zaila dela erran du Martinezek, eta horrek eragiten dio tristura. "Izan beharko genuke aukera hemen bizitzeko, nahi dugulako, orekari eutsiz". Parlamentariak Pirinioetara begira jarri nahi dituzte. Aurrera egiteko.

Iritzia: Nafarroa, Breaking Brand

Tania Arriaga Azkarate
Berrikuntzaren alorrean, oinarrian, Europako Batasunak bi mekanismo erabiltzen ditu ikerketa eta garapen teknologikoa garatzeko: Ikerketarako eta Garapen Teknologikorako Zazpigarren Esparruko Programa (FP7) eta Egiturazko Funtsak...

“Ez dute baloratzen herriek kulturaren alde egiten dutena”

“Ez dute baloratzen herriek kulturaren alde egiten dutena”

Kattalin Barber

40 urte bete ditu aurten Agoizko Bilaketa kultur elkarteak. Hainbat gazterekin egindako lanarengatik, eta gizartean beren parte hartzea bideratzeko egindako urratsengatik eman dio saria Nafarroako Gobernuak. Salvador Gutierrez (Malaga, Espainia, 1958) elkarteko zuzendaria da, eta gaur jasoko du saria.

Nafarroako Gobernuaren Gazteria saria jaso duzue. Aurten, hala ere, gobernuaren utzikeria salatu zenuten. Zer iruditzen zaizue saria eman izana?

40 urteko ibilbidea saritu nahi izan dute. Modu batean edo bestean, urte hauetan guztietan gazteekin egindako lana aitortzea. Urte hasieran, salatu genuen gobernuaren utzikeria eta berriro salatzen dugu. Utzikeria handiz jokatu dute aurreko gobernuek eta baita oraingoak ere.

2015ean Nafarroako Parlamentuak Bilaketa proiektua salbatzeko hitza eman zuen. Zerbait egin du?

Ez. Orain dela hiru bat urte, UPN agintean zegoenean, Nafarroako Parlamentura joan ginen, eta, han, gure egoera salatu genuen. Murrizketak direla eta, diru laguntzarik gabe gelditu ginen. Ez zegoela dirurik. Oposizioa, berriz, gure alde zegoen. Orain, parlamentuko egoera irauli da, baina gure egoera berbera da. Ez dute neurririk hartu.

Oraingo gobernuak ez ditu aintzat hartzen zuena bezalako elkarteak?

Pena ematen dit horrek. Guk pentsatzen genuen kultura kontuan izanen zuela ezkerrak, baina besteek bezala jokatu dute. Ez da aldaketarik egon kulturaren arloan. Nafarroa Iruñea bakarrik dela pentsatzen dute agintariek. Baluarte eta gisa horretako proiektuak bakarrik laguntzen dituzte.

Hortaz, nola finantzatzen zarete?

Donazioak jasotzen ditugu, eta gure bazkideek kuota txiki bat ordaintzen dute. Gobernuaren diru laguntzak ez ditugu jasotzen, eta, horren ondorioz, proiektu asko bertan behera utzi behar izan genituen 2012an. Hala nola poesia, narratiba, eskultura eta pinturako nazioarteko sariketak.

Belaunaldi arteko kanpaldiak ere antolatzen zenituzten, ezta?

Bai; krisiarekin, bertan behera gelditu ziren horiek ere. Interesgarriak ziren, oso, ume eta helduok elkarrekin joaten ginelako. Hainbat telebista kate etortzen zen urtero grabatzera. Zergatik gaur egun existitzen da gazte eta adinekoen arteko muga hori? Bada, inoiz ez dugulako sustatu belaunaldien arteko harremana. Beti sortu ditugu gune batzuk gazteentzat, eta beste batzuk adinekoentzat.

Berriz egiteko aukera izanen duzue?

Oraingoz ez, ez baitugu dirurik. Gobernuak Iruñeko kulturan inbertitzen du bakarrik, eta herriok bazterrean uzten gaituzte. Ez dute baloratzen kulturaren alde herriek egiten duten lana. Nafarroa osoan kultur eskaintza zabala dago, baina herriek beraiek aterata.

Gaur jasoko duzu saria. Zer esanen duzu?

Federico Garcia Lorcaren diskurtso bat laburbilduko dut. Medio pan y un libro du izena (Ogi erdia eta liburu bat). Esaten du herri bateko ekonomia garrantzitsua dela, baina ezinbestekoa dela kulturari eustea. Kultura desagertzen bada herria ere desagertuko delako. Testua zaharra izan arren, oso aproposa da egungo egoera islatzeko.

40 urte bete dituzue. Espero zenuten hainbeste urte betetzea?

Inolaz ere ez. 1976ko irailaren 26an bildu ginen Agoizko hamalau gazte. Uste genuen gehienez urtebete iraunen genuela. Eta bat-batean 40 urte ditugu. Aurrera egin dugu, elkarteari eustea oso zaila den arren. Bilaketan dena da lan boluntarioa, erabat.

Zenbat boluntario zarete?

Ehunka lagun. Giza baliabideak dira gure alderik preziatuena. Ez dugu dirurik, baina gauza asko egiten ditugu boluntarioak ditugulako. Helduentzako unibertsitatea, liburutegia, musika banda, gazte informazio bulegoa.... Gurean, Espainiako idazle onenetarikoak egon dira: Almudena Grandes, Luis Garcia Montero, Pepe Hierro, Jaime Siles.... Atzerrian ere oihartzuna izan dugu.

Gainera, ez gara Agoitzen bakarrik aritzen. Lizarran eta Iruñean, adibidez, helduentzako unibertsitatea dugu. 57 irakasle ditugu, eta hiru lekuetan eskolak ematen dizkiete 782 ikasleri.

Txikitasunean handi zaretela uste duzu?

Bai, guk esaten dugu gauza txikien eta handien proiektua dela gurea. Gure txikitasunean proiektu handiak garatu ditugulako. Adibidez, 40 liburu argitaratu ditugu, eta gure margolanen ondarea 34 obrak osatzen dute. Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean herri txikietan. Kolokan dago herri askoren kultura.

Ixteko zorian egon zineten?

Bai, eta uste dut hala egin behar izan genuela. Elkarte bat ixten denean instituzioak konturatzen dira zerbait gaizki egiten ari direla. Guk gure lanari eutsi diogu beti, egoera oso zaila izan arren. Aurten, adibidez, astero antolatu ditugu kultur ekitaldiak, bai Agoitzen, bai Lizarran, baita Iruñean ere. Orain dela urte batzuk, gobernuak dirua eskatu zigun Pablo Sarasate nazioarteko biolin lehiaketan sari bat emateko, eta 3.000 euro eman genizkion saria banatzeko. Mundua alderantziz dago? Noiztik eskatzen dio dirua gobernuak elkarte bati?

Ez duzue diru laguntza gehiagorik eskatuko?

Ez. Ez du merezi. 2012an eman ziguten azkena, 6.000 eurokoa. Aurreko urteetan 20.000 ematen ziguten. Itzuli genituen 6.000 euroak. Ezin dugu hori onartu, lotsagarria da. Eta, gainera, asko hitz egin dugu, politikoki ez gara zuzenak. Hori ere bada gure identitatea.

Beren bidezko defentsan

Beren bidezko defentsan

Edurne Elizondo

Munduan egoteko modu bat da. Jarrera bat. Emakume gisa bizitzari aurre egiteko dugun tresna". Horixe erran du Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Idoia Arraizak, autodefentsa feministari buruz. Antzeko hitzak baliatu ditu Maitena Monroy ekintzaile eta irakasle feministak ere: "Bizitzeko jarrera bat da, eta lotuta ekartzen du herritar gisa ditugun eskubideen defentsa".

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da gaur, eta indarkeria horrek egunerokoan erakusten dituen hamaika aurpegiak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko tresna gisa autodefentsa feministak duen garrantzia nabarmendu dute Arraizak eta Monroyk, bai eta bertze hainbat talde feministatako kideek ere. "Ahalduntzea da", erran dute Emakume Internazionalistak taldeko Hortensia Serranok eta Miriam Perezek. "Ekintzazko borroka politikoa da, ikuspuntu feminista batetik, emakumeek eta arauz kanpo dauden subjektu eta gorputzek sufritzen dituzten eraso sexisten aurka", erantsi dute Farrukas kolektiboko kideek —eraso sexisten kontrako feminista autonomo, zalapartari eta erradikalek—.

Maitena Monroy duela ia 30 urte hasi zen autodefentsa feministako ikastaroak egiten. Urteotan guztiotan, Euskal Herriko 25.000 emakumek baino gehiagok parte hartu dute. Azaroaren 14tik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta Nafar Lansareren eskutik, autodefentsa feministako trebatzaileentzako ikastaroan ari da Monroy, Burlatan, irakasle gisa.

Autodefentsa feministak, halere, herri mugimenduarekin du loturarik sakonena. Emakumeek emakumeentzat sortutako tresna da. "Azken helburua da indarkeria matxista eta indarkeria hori ekartzen duen ezberdintasuna hutsean uztea; urgentziazkoa da, berriz, emakumeei beren kontrako indarkeria mota guztiak identifikatzeko behar dituzten ezagutzak ematea, beren eskubideak urratzen dituzten egoera guztiei aurre egiteko gai izan daitezen", azaldu du Monroyk.

"Eraso guztiei ezin diegu kolpe batekin erantzun", nabarmendu du Arraizak. Autodefentsa feministako ikastaroak ere egiten ditu, eta argi utzi du eraso fisiko bati aurre egiteko gai izateko trebatzea baino anitzez ere gehiago dela. "Hilketak eta bortxaketak gertatzen direnean ateratzen da jendartea kalera, baina izozmendiaren tontorra dira halakoak; beste eraso askoz ere sotilagoak badira, eta egunero gertatzen dira, dela txiste bat, begirada bat, edo zuk esateko duzunari kasurik ez egitea, emakume zarelako".

Ukabilkadak ez du balio bertze eraso mota horiei erantzuteko. Baina autodefentsa feministak baditu bertzelako tresnak ere: "Inportantea da autoestimua lantzea, bai eta emozioak eta gorputzaren jarrera ere. Nire gorputzarekin, ibiltzeko moduarekin edo nire ahotsaren tonuarekin lor dezaket eraso bati aurrea hartzea".

"Funtsezko" bertze elementu bat jarri du Arraizak mahai gainean: "Emakumeon arteko elkartasuna. Ulertu behar dugu niri ez didatela eraso egiten bakarrik Idoia naizelako, baizik eta emakume naizelako, edo emakume gisa sozializatu naizelako". Hau da, kolektibo bateko kide gisa egiten die eraso indarkeria matxistak emakumeei. "Subjektu hori indartzea inportantea da, sentitzea beste emakumeak nire aliatuak direla eta sare baten parte garela denok". Segurtasunezko espazioak eta babesak sortzen dituztelako sare horiek, hain zuzen ere.

"Jazartzea ez da ligatzea"

Iruñeko eta, oro har, Nafarroako mugimendu feministak badaki sareak osatzea zer den. Elkar elikatzen dute mugimendu horretako parte direnek. Eta elkarlan horrek eman ditu hamaika fruitu. Besten esparruan, adibidez, nekez uler daiteke aurtengo Iruñeko sanferminetan gertatutako eraso sexistei emandako erantzuna, mugimendu feministak azken hogei urteotan egindako kanpainak kontuan hartu gabe. Aurten egindako elkarretaratze jendetsuak ez dira hutsetik sortu, eta atzean emakume anitzen lana dago. Eraso eta jarrera matxistak ere ez baitira egungo kontu, bakarrik.

Sanferminetan gertatzen ziren erasoekin "nazkatuta" zeudelako hasi ziren Emakume Internazionalistak taldeko emakumeak mugitzen, hain zuzen ere, 1996. urtean. "Itsasgarriak egin genituen Jazartzea ez da ligatzea leloarekin, eta tabernetako komunetako paretetan jartzen hasi ginen", gogoratu du Hortensia Serranok. Hurrengo urtean kartelak prestatu zituzten; betiere, inoren izenean sinatu gabe. "Gure kanpainak beti izan dira irekiak, eta parte hartu duten emakume guztienak izan dira, ez talde batenak edo bertzearenak", argitu du Serranok.

Kartelak egin zituztenean, tabernetako jabeekin hitz egiten hasi ziren emakumeak ere. "Eraso bat gertatuz gero emakumeak laguntzeko eskatu genien, musika kentzeko, erasotzailea kanporatzeko; nolabait, jarrera bat hartzea nahi genuen", erantsi du Miriam Perezek. Hasierako urte haietan ezezkoak jaso zituzten, batez ere. Taberna horietan lan egiten zuten hainbat emakume zerbitzarik haiekin bat egin zuten arte. "Orain, gure kartelak, Gora Iruñea plataformako kideena eta udalarena daude tabernetan, baina hasieran gauzak ez ziren batere errazak", gogoratu dute.

2000. urtean bertze urrats bat egin zuten, eta hasi ziren eraso sexisten aurkako pankartekin Alde Zaharreko balkoiak eta hiriko sarreretako zubiak apaintzen. Leloa indarkeria matxistaren aurkakoa izaten zen beti, baina behin baino gehiagotan amaitu zuten pankartek polizien esku, jartzen ari ziren emakumeak identifikatu eta gero.

Pankarta horiek eta eraso sexisten aurkako leloa duten sanferminetako zapiak indarkeriaren aurkako ikur bilakatu dira Iruñeko bestetan. "Iruñetik bertze hamaika herritara salto egin du kanpainak, gainera; hori izan da politena", nabarmendu du Perezek. Prozesua bera "jardun politiko biziki interesgarria" izan dela erantsi du Serranok. "Hori da mugimendu feministaren ikurra". Bilgune Feministak Gora Iruñea plataformaren bitartez besta feministen alde egindako lana ere nabarmendu dute emakumeok, bai eta Arraizak ere.

Urratsak egin ditu mugimendu feministak, baina sistema heteropatriarkala indar handiko arerioa dela nabarmendu dute emakumeok. Haren eragina, finean, egunerokoan islatzen da. "Emakumeok generoaren arabera gizarteratzen gaituzte, eta horretaz jabetzea funtsezkoa da. Kontuz ibiltzeko erran digute beti; beldurra eragin digute beti, gertatzen ahal zaigun guztia nabarmenduz. Hori atzean uzteko ordua da. Subjektu gisa agertu behar dugu, eta geure buruaren defentsan aritu", erran du Monroyk.

Bidezko defentsaren ideia jarri du Arraizak ere mahai gainean. Eta agerian utzi ditu, oraindik ere, autodefentsa feministaren inguruan dauden erresistentziak. Sanferminetako erasoak eta haien aurrean herritarrek emandako erantzuna jarri du adibide. "Lortu dugu jaien testuinguruan gertatzen diren erasoak jendartearentzat kezka bilakatzea; baina erasoei erantzutea, oraindik ere, ez da bidezkotzat jotzen. Autodefentsa feminista ez da erabat bidezkotzat hartzen". Emakumeek erantzuten dutenean, hain zuzen ere, "zigor soziala" jasaten dute. "Zalantzan jartzen da emakumearen kontaketa; erasoa bera jartzen da zalantzan, eta erantzuten duten emakumeak histerikotzat hartzen ditu jendarteak".

Karrika hartu

Histeriko, feminazi... horrelakoak entzun dituzte behin baino gehiagotan Farrukas kolektiboko kideek. 2013. urtean sortu zuten taldea, Txantreako bestetan izandako eraso sexisten ondorioz. "Pilatutako amorrua askatzeko" modu bat izan zen, neurri handi batean, eta karrika eta espazio publiko guztiak berreskuratzeko eta okupatzeko helburua jarri zuten kideek mahai gainean. "Autodefentsa feministatik".

Mugimendu feministaren indar hori ikusgarri bilakatu nahi izan zuten; indarra erakutsi; eta, horretarako, duela hiru urteko sanferminetan gaueko manifestazioa egin zuten, lehendabiziko aldiz, uztailaren 4an. Beltzez jantzita agertu ziren karrikan, aurpegia estalita, eta zuziak eskuetan. Beldurra aldez aldatuko dugu leloa bere egin zuten. "Asmo politiko bat dago horren guztiaren atzean; hemen gaudela erran nahi izan dugu, kalea, besta eta gaua gureak ere badirela; erantzuteko prest gaudela, geure burua defendatzeko prest", azaldu dute.

Leloak berak "konfrontaziorako" asmoa duela argi utzi dute Farrukas kolektiboko emakumeek. "Gogoeta eta eztabaida bultzatu nahi dugu", nabarmendu dute.

Urtero egin dute sanferminen aurreko manifestazioa; aurten, gainera, autodefentsa feministaren aldeko pankarta sartu zuten plazan txupinazoan. Jasotako erantzuna eskertu du kolektiboak. "Emakume gazte anitzek bat egin dute gurekin; gure batzarretan eta taldeetan aritzen ez diren emakumeak dira, baina lortu dugu haiekin lotzea. Ez dugu deus berririk asmatu, eta argi dugu mugimendu feministak aurretik egindako lanaren emaitza garela, baina uste dugu asmatu dugula gure borrokarako molde berriekin", azaldu dute.

Autodefentsa feministatik abiatuta, indarkeriari buruz gogoeta egiteko beharra nabarmendu dute Farrukas kolektiboko kideek. "Kontuan hartu behar dugu, halabeharrez, amorrua edo sumina adierazteko aukera ukatu egin zaigula emakumeoi, historikoki, halakoek ez dutelako bat egiten feminitateari buruzko irudi hegemonikoarekin". Ideia horri eutsi dio Monroyk ere, eta "emakumeon ikasitako babesgabetasuna" aipatu du: "Beldurraren ideia barruraino sartu digute, blokeatu arte".

"Hiltzen gaituzte, egunero kolpatzen gaituzte, eta ez gara geure burua defendatzeko gai", erantsi dute Farrukas taldeko kideek. Errealitate hori irauli behar dela zalantzarik ez dute. "Autodefentsari zilegitasuna emateko ordua da".

Erakundeek jokatzen duten rolari buruz ere errateko anitz badela azaldu du Monroyk. "Sistema patriarkalaren parte" direla gogoan izateko beharra nabarmendu du, batetik. Bertzetik, erakundeon betebeharra "emakumeen eskubideak" defendatzea dela zehaztu du, "ez emakumeak". Praktikan, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen kasuan, adibidez, erakundeen babesak emakumeen kontrola ekartzen duela gaineratu du Monroyk.

Arraizak argi du iraultza ez dela erakundeetatik etorriko. "Huts egin dutela esan baino, egin dezaketenari buruz esperantza gehiegi izan dugula esan beharko genuke, nire ustez".

Farrukas kolektiboko eta Emakume Internazionalistak taldeko kideek argi dute mugimendu feministari dagokiola protagonismoa, eta erakundeen eginbeharra dela mugimendu horrekin bat egitea, eta babestea. "Herri mugimenduek egin ezin dezaketena egin beharko lukete erakundeek", erran du Serranok: "Hitzaldiak eta manifestazioak antolatzeko, hemen dago mugimendu feminista; erakundeek egin ditzatela emakumeak hartzeko zentroak, adibidez".

Ahalduntzeak duen garrantziari heldu dio Serranok, berriz ere. Bat egin dute Farrukas kolektiboko kideek. "Elkarrekin aritzen garenean indar handia dugu; ahaltsuak gara". Kolektiboak duen indarra berretsi du Monroyk ere. "Bat ukitzen dutenean guztiok ukitzen gaituztelako; guztioi eragiten digulako baten aurkako indarkeriak".

Kolektiboa osatzea da autodefentsa feministaren bidea. Denen indarra batzea. Talde gisa aritzea. Emakumeak beren buruaren bidezko defentsan aritzea. Erantzutea.