Ikusgai bilaka daitezen

Ikusgai bilaka daitezen

Kattalin Barber

Ikusezinak zirenak ikusarazi nahi izan dituzte. Inork ez dezala esan existitu ez zirenik. Horixe izan da Rosa eta Ana Izizen lana, eta bost urteko ikerketaren emaitza jaso dute La historia de las Mujeres de Euskal Herria (Euskal Herriko Emakumeen Historia) liburuan. Hutsunea betetzera dator liburua: "Orain arte ez da egon Euskal Herriko emakumeen historia aztertu duen ikerlanik. Mendez mende kualitatiboki asko aldatu da haien egoera", azaldu du Rosa Izizek. Txalaparta argitaletxeak beste bi liburuki kaleratuko ditu gaiaren inguruan.

"Lan berritzailea da gurea, eta beharrezkoa ikusten genuen", jarraitu du Ana Izizek. Lehenengo liburuki honek, beraz, Euskal Herriko emakumeen egoera, pentsaera, itxaropenak eta beldurrak jasotzen ditu. Idatzita ez zegoena idatzi dute Iziz ahizpek. "Harrigarria dirudien arren, Euskal Herriko emakumeak pentsatzen genuen baino askeagoak ziren XV. mendera arte", adierazi du Rosak. "Emakumeak ahalduntzeko gure alea jarri nahi izan dugu liburu honekin. Oraindik ere matxismoa presente dago gure bizitzan, eta atsedenik gabe borrokatu behar dugu benetako berdintasunera iritsi arte", erantsi du.

Historialaria da Rosa; zuzenbidean lizentziaduna, berriz, Ana. Ez da lehenengo aldia Iziz ahizpek elkarrekin liburu bat argitaratzen dutena. 2011n argitaratu zuten, adibidez, Los Aibar, linaje de Reyes liburua, eta hainbatetan kolaboratu dute elkarrekin. Ikerketa etnografikoak eta historikoak aurrera eraman dituzte askotan. Horietako ikerketa batean konturatu ziren emakumeek ez zutela tokirik kargu publikoetan, eta gehiago aztertzea otu zitzaien: "Emakumeek eremu pribatuan utzitako aztarnak aztertu nahi izan ditugu", esan du Ana Izizek. Euskal Herriko udal arautegi eta prozesu zibiletan hasi ziren bilatzen. Eta materiala bazegoen, aurkitzea asko kostatu zitzaien arren: "Emakumeak beti agertzen dira gizonaren itzalean: Urliaren emaztea edo Urliaren alarguna... Izen-abizenik gabe".

Erreginei eta printzesei buruzko bizitza alde batera utzita, Iziz ahizpek eguneroko Euskal Herriko herrietako emakumeen bizitza nabarmendu nahi izan dute. "Orduan konturatu ginen emakumeek ere gizonekin lan egiten zutela, esaterako, nekazaritzan, merkataritzan, oihalgintzan eta baita zubi, harresi edota gazteluak eraikitzen ere", azaldu du Rosa Izizek.

Garai hartako bizi baldintzak "negargarriak" ziren arren, bai emakumeak eta baita gizonak ere orain baino askoz "promiskuoagoak" zirela jakinarazi du Rosak. "Orekarien sokan bizi ziren; hori dela eta, egunean bizi nahi zuten", adierazi du Anak. Elizgizonak "normal-normal" ezkontzen ziren, eta seme-alabak izaten zituzten. 1564. urtera arte iraun zuen horrek. Orduan, Eliza katolikoak arau zorrotza eta murriztailea ezarri zuen. "Emakumeen jarduera erabat murriztu zuen horrek". Orduan, emakumeek etxean bakarrik lan egiten zuten: iruleak, ehuleak, josleak eta emaginak ziren.

Atal berezia du liburuan orduko janzkerak. "Bakarrik emakumeen jantziei erreparatuz jakin dezakegu nongoa zen andrea edota pobrea edo aberatsa zen", azaldu du Anak. Adierazi duenez, oihalaren formak eta oihal motak aberats eta pobreen artean bereizten zituzten emakumeak. Neskamea, alarguna ala dontzeila zenik jakin dezakegu jantzien luzera, zeramaten eskotea edo oihalaren koloreak erreparatzearekin bakarrik. Jatorria ere desberdindu daiteke, eta emakume juduak, musulmanak, prostitutak edota agoteak horrela bereizten ziren. "Eta, hain justu, hauek izan ziren Euskal Herrian gehien baztertu zituzten emakumeak: juduak, ijitoak eta agoteak", adierazi du Anak.

Sei gai nagusi ditu Iziz ahizpen liburuak: Historiaurrea eta erromanizazioa; Erdi Aroko feminitate ideala: misoginia; Erdi Aroko emakumeen legeria. Emakumeak foruetan; Erdi Aroko emakumeen eguneroko bizitza; Sorgintza. Pertsekuzioa eta prozesu inkisitorialak, eta Emakumeen jantziak Erdi Aroan. Testua irudiekin lagunduta dago. 600 argazki baino gehiago bildu dituzte egileek lehendabiziko liburukian, hain zuzen ere.

Izena dutenak, izengabe

Testuan kabida dute hainbat eta hainbat emakume izengabek. Haien bizitza eta historiak aurkitu dituzte artxiboetan, eta ez dituzte ahaztu nahi izan. "Lan zaila izan da, oro har emakumeek ez zutelako bizitzarik politikan, kulturan eta ezta gizartean ere. Ia arkeologia lana izan da. Epaiketako prozesuetan informazio asko aurkitu dugu, eta emakumeak lekukoak izan direneko informazio interesgarria aurkitu dugu", azaldu du Rosa Izizek.

Emakume izengabeak eta izendunak agertzen dira liburuan. Kapituluz kapitulu, Euskal Herriko hainbat emakumeren bizitzak tartekatu dituzte, Badostaingo Katalina, Katalina Erauso moja eta Maria Estibaliz de Sasiola idazlea kasurako.

Iziz ahizpek kaleratu dutena trilogiaren lehendabiziko zenbakia da. Hurrengoa martxan dago, eta Charo Roquerok hartu du ardura. Historia de la prostitución de Euskal Herria (Euskal Herriko prostituzioaren historia) idatzia du aurretik, eta oraingoan XVII. eta XVIII. mendeak hartuko ditu ardatz. Hirugarren liburukia, berriz, Iziz ahizpek eginen dute, eta XIX. mendea izanen dute aztergai lan horretan. Ahizpek ez dute alboratu laugarren liburukia egitea, Euskal Herriko emakumeen historia osatu ahal izateko.

Tokia hartu du euskarak

Tokia hartu du euskarak

Edurne Elizondo
Guztiak ele bitan. Navarra-rekin batera, Nafarroa ere bai. Gobernuak herrialdeko sarreretako seinaleak aldatzea erabaki du, eta guztiak euskaraz eta gaztelaniaz jartzea, azkenean. Nafarroako errepideetan gisako 67 seinale daude denera, ...

Iritzia: Heterosexualen harrotasun eguna

Saioa Alkaiza

Autoan zihoan Manuel bakarrik, lasai, eta beste auto batekin egin zuen topo; barruan hiru mutil zeuden, kontrako noranzkoan gidatzen, eta bozina jotzeari ekin zioten, erritmo zoroz, izu ikara zabaltzeko asmoz, zalantzarik gabe. Leihatilak jaitsi zituzten. Auto biak, parez pare. Galdera bota zien Manuelek, zer edo zer sumatuta: "Arazoren bat daukazue?". Erantzuna: ezetz. Eta, hala ere, azeleragailua zapaldu eta talka egiteko imintzioa egin zuten. Ez zen kolperik izan bi autoen artean, baina, ia-ia, zentimetro batzuek baino ez zituzten-eta bereizi. Telefonoa hartu zuen orduan bakarrik zihoan gizonak, milimetrikoki ekidin zuen istripu horrek uste baino askoz gehiago iragarri baitzuen. Poliziari deitzeko asmotan zen, baina, hiru mutilak ohartu, eta martxa egin zuten. Berriz ikusi zituen geroago, ingurune berean bueltaka, taldeak emandako harropuzkeriak jantzita, paparra puztuta, zein baino zein, azala autoko txapa bezain gogorra.

"Akabatuko zaituztegu, burua moztuko dizuegu. Marikoi nazkagarriak!". Oihuak entzun zituen Mikelek. Autoan zihoazen gazte berberak ziren. Mehatxatu egin zuten, baita bertan zeuden gainontzeko guztiak ere; panikoa zabaldu zen. "Libre sentitzeko gune bat" nahi zuela adierazi du Mikelek prentsan, hori baino ez. Ezin izan zuen aurkitu, haatik. Erasoen aurrean, alde egin behar izan zuten ordura arte trankil zebiltzanek.

Beste pasadizo bat, Halloween gauekoa. Agertoki bera. Oraingoan, adin txikiko talde bat. Mutilak denak. Ehizara joanak ziren, homosexualak kolpez harrapatzera. Iruñeko Udaltzaingoa eta Foruzaingoa bertaratu ziren, hor bildutakoek abisatuta, adingabeak atxilo hartzeko asmoz.

18 urte ere bete ez zituzten mutil horiek adierazi zuten Halloween egunean beldurra pasatzeko intentzioa besterik ez zutela hilerrira joanda, eta makilak eskutan zebiltzala, zaratak entzun eta beldurtu egin zirelako, "autodefentsarako tresnak" baino ez zirela. Zelatan zebiltzala salatu dute gainontzeko guztiek, ordea, haien bila joan zirela, alegia; homosexualak ehizatu nahi zituzten homofoboak baino ez zirela gazte haiek.

Cruising gune batean gertatu zen hori guztia, gay komunitateko kide batzuek sexu harreman afektiboak izateko bisitatzen duten ingurune batean, Iruñeko hilerriaren atzeko partean, hain zuzen, Basoa deritzoten horretan.

Eta esan gabe doa gaya dela Manuel. Manuel abizenik gabe, prentsako irudietan bizkarra emanda azaltzen den gizona. Eta esan gabe doa Mikel ere homosexuala dela, hedabidean bestelako daturik eman ez duen Mikel, agian horrela ere deituko ez dena.

Zein faktorerengatik joan daitezke 18 urtera ere iristen ez diren patriarkatuaren seme osasuntsu horiek gayak ehizatzera? Bada, hain zuzen ere, patriarkatuaren seme osasuntsuak baino ez direlako, ez eroak, ez harrikada duten mutikoak, ez. Beren generoko soldadu zintzoak baino ez dira.

Orain, galdera egin dezala inork ea zer dela-eta ez dagoen heterosexualen harrotasun egun bat, eta abar eta abar.

“Beganoa naiz animaliak ez direlako gure baliabideak”

“Beganoa naiz animaliak ez direlako gure baliabideak”

Edurne Elizondo

Bertze animalienganako errespetuak markatzen du Idoia Jimenoren bidea (Iruñea, 1977). Beganoa da; antiespezista. Adei izeneko bederatzi hilabeteko semea du, eta hari irakatsi nahi dio Denok Animaliak taldean zenean ikasi zuen lezioa: "Bertze animaliak ez dira baliabideak".

Noiztik zara begano?

2005eko urritik. 16 urte nituenean, barazki jale bilakatu nintzen. Orduan, nik uste nuen hori nahikoa zela bertze animaliak ez mintzeko. Ez nintzen ohartzen arrautzen eta esnekien atzean dagoen errealitateaz. Denok Animaliak taldean sartu nintzen arte. Informazioa jasotzen hasi nintzen, gogoeta egiten. Egun batean, Grezian, hasi nintzen baso bat esne edaten, eta argi ikusi nuen hura izanen zela azkena.

Zer aldatu zen, erabaki hori hartzeko?

Espezismoaz ohartu nintzen. Orduan bilakatu nintzen begano. Bertze animaliak baztertzen eta esplotatzen ditugu. Arrautzen eta esnekien atzean ere bada esplotazioa. Ez da alderik xerra baten edo arrautza baten artean.

Denok Animaliak izan zen Iruñeko lehen talde antiespezista. Nola gogoratzen duzu talde horretan egindako lana?

Oroitzapen hagitz onak ditut, egia erran. Talde horretan jabetu nintzen errealitateaz. Begiak ireki egin nituen, nolabait erranda. Gogoan dut taldeari buruzko kartel bat ikusi nuela karrikan, eta parte hartzea erabaki nuen. Talde txikia ginen, baina egindako lan guztia biziki eskertzen dut. Karrikara atera ginen, espezismoa salatzera, eta ez da gutxi. Finean, bertze animaliek egunero sufritzen dituzten injustiziak salatzea zen gure helburua, eta horrek betetzen gintuen. Ongi ari ginela sentitzen genuen. Bidezkoa dena aldarrikatzen ari ginelako.

Taldean espezismoaz ohartu zinela erran duzu. Zein izan zen bertze urrats bat egitera bultzatu zintuena?

Nire kasuan, bertze animalien esplotazioari buruzko irudiek eragin dute neure buruan aurrera egiteko behar nuen klik hori. Sufritzen duten egoera bere gordinean erakusten duten irudi horiek nire bihotza jo dute, zuzenean. Azkenean, ikusten ez duzun hori ez da existitzen, baina, ikusten duzunean, ez dago atzera egiterik.

Uste duzu informazioa falta dela, oraindik ere?

Uste dut baietz. Baina argi dago jende anitzek informazioa baduela bere esku, eta, hala eta guztiz ere, erabakitzen du begiak ixtea, edo bertze alde batera begiratzea, ez onartzeko errealitate horren arduraren zati bat berea dela. Gertatzen dena onartzeak ekartzen duelako zure egunerokoan aldaketak egitea, eta pribilegioak bazter uztea.

Zuretzat zaila izan da?

Ez. Familian eta lagunartean, adibidez, ez dut inolako arazorik izan.

Beganismoa elikaduraren esparrutik harago doa. Zuk nola azalduko zenuke zer den?

Ni beganoa naiz argi dudalako bertze animaliak ez direla baliabideak. Ez daude hemen nik erabiltzeko. Eta horrek esparru guztiei eragiten die, animaliak erabiltzen baititugu arlo guztietan: jateko, esperimentuak egiteko, dibertitzeko, janzteko eta abar. Nik animalien erabilera oro baztertu dut nire bizitzako esparru guztietatik.

Haur baten ama zara, eta hark ere ez du animaliarik erabiltzen.

Osasuntsu izan naiz beti, begano bilakatu nintzenetik. Informazio anitz jaso dut, eta argi nuen haurdunaldian ere ez nuela zertan arazorik izan. Nutrizionista batengana joan nintzen, batez ere, nire ingurukoak lasaitzeko. Haurdun dagoen edozein emakumek hartzen dituen bitaminak hartu nituen. Ez dut inolako arazorik izan. Haurrak bederatzi hilabete ditu, eta ederki dago.

Ingurukoak lasaitu nahi zenituela erran duzu. Sentitu duzu bertzeen presioa?

Pediatrarena, bertzeak bertze. Ginekologoak ere nire erabakiaren kontra egin zuen. Nutrizionistarekin hitz egin nuen medikuok erran zidatenari buruz, eta hark nabarmendu zuen esparru horretan gabeziak badituztela. Nazioartean, Ameriketako Estatu Batuetako nutrizionisten elkartea da ospe gehien dutenetako bat, eta argi eta garbi dio erabat begetarianoa den dieta bat, ongi antolatuz gero, erabat osasungarria eta gomendagarria dela, adin tarte guztietan. Auziari buruz informazio falta handia dago.

Italian zalaparta sortu zuen ustez beganoa zen haur baten kasuak, ospitalera eraman behar izan zutelako. "Beganismoaren inposizioaren" aurka altxatu ziren hainbat politikari. Zer deritzozu?

Izan nuen auzi horren berri. Azkenean, haurrak ez zuen dieta erabat begetarianoa ere. Edozein gurasok erabakitzen du bere seme-alabek zer jaten duten. Gizarteak berezkotzat jotzen duen arautik ateratzen direnen kontra egiten dute, bakarrik, nolabait eraso egiten dietela uste dutelako. Kezka dut, adibidez, haurra ikastolara eramateko unearekin. Nik animalia guztiak errespetatzen ditut, eta semeak ere gauza bera egitea nahiko nuke.

Ez dago zure esku, ordea. Gatazka sortzen dizu semeak begano ez izatea erabakitzen ahal duela pentsatzeak?

Bai, kezkatzen nau; kolpe latza izanen litzateke niretzat. Ezin dut ziurtatu begano izanen dela. Nik norbanako guztiak errespetatzen irakatsi nahi diot semeari, eta sinetsi nahi dut hala eginen duela.

“Etorri gurekin karrikara”

“Etorri gurekin karrikara”

Edurne Elizondo

Erantzunik jaso ez duten galderak nagusi dira, oraindik ere, Elhadji NDiaye senegaldarraren heriotzaren inguruan. Joan den astean zendu zen, urriaren 25ean, Espainiako Poliziaren esku. Erakunde horrek berak eman zuen heriotzaren berri. Chinchilla karrikako beren egoitzan hil zela erran zuten poliziek; ziegara eramateko zain eserita zegoela, arnasa ez zuela hartzen konturatu zirela. Biharamunean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldu zuen autopsiak ez zuela indarkeria zantzurik aurkitu. Azken egunotan, halere, gizona Arrotxapea auzoan atxilotu zuten uneko hainbat bideo agertu dira sare sozialetan, eta, hainbat lekukoren hitzek lagunduta, zalantzan jarri dute bertsio ofiziala, datu askorik ez baitu jasotzen.

Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak azalpenak eskatu dizkiote Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albari. "Kezka" agertu dute erakundeok, gertatu denari buruz, eta "argitzeko" eskatu dute. Gertatu dena argitzea nahi dute, halaber, Elhadji NDiayeren herrikideek. Manifestazioa antolatu zuten larunbatean, Iruñean, Black lives matter (beltzen bizitzak axola du). Bizitza da handiena lelopean, eta karrikan agertu zuten beren mina, eta, batez ere, beren amorrua. Protestan parte hartu zuen Beltxak. "Aski da! Ezin dugu horrela jarraitu. Ezin gaituzte horrela tratatu". Ahotsa urratu zaio herrikidearen heriotzari buruz mintzatu denean. "Egunero ari dira gure kontra. Gertatu dena salatzen ari gara, eta poliziak ditugu atzetik. Baina ez gara isilduko".

Esaldi motz batean laburbildu du Beltxak euren egoera: "Afrikaren arazo nagusia Mendebaldea da; herritarren %95 baino gehiago arrazistak dira, eta poliziak ere bai. Gaizkile bagina bezala egiten digute so". Arbuioa sentitzen dute. Bakarrik daudela. Manifestazioan bakarrik direla sentitu zuten senegaldarrek. Bakarrik sentitzen dira, egunero. Iruñeko biztanle guztiei eskatu die Beltxak haiekin bat egiteko. "Benetan berdintasunean sinisten badute, etor daitezela gurekin karrikara".

Informaziorik ez

"Gardentasunik eza izan da nagusi hasieratik; zurrumurruak zabaldu dituzte, informazio argirik eta zehatzik eman gabe", salatu du SOS Arrazakeria eta Paperak Denontzat taldeetako kide Beatriz Villahizanek. Beltxak gehiago erran du. "Hainbat mediotan hildakoa bilakatu nahi izan dute errudun. Beltzak kriminalizatu nahi gaituzte".

Elhadji NDiaye atxilotzeko arrazoiak ez dira argi. Arrotxapean geldiarazi zuten Espainiako poliziek, motorrean zihoala. Hainbat herritarrek egindako bideoetan lurrean agertzen da gizona, eta haren gainean hainbat polizia. Mugitu ere ezin zen egin. "Antza, hamar polizia behar dira beltz bat menderatzeko", salatu du Beltxak. "Motorraren gainean ongi zegoen; ordubete luze pasatu eta gero, hilik zen. Karrikan hil zen. Ez zen poliziaren etxean hil. Han zirenek argi dute hori". Hainbat lekukoren arabera, hain zuzen, Elhadji NDiaye "konorterik gabe" eraman zuten poliziek Arrotxapetik beren egoitzara.

"Gertatu denak agerian utzi du polizia eredua eta polizien lan egiteko moduak aldatu behar ditugula Iruñean eta Nafarroan. Ezin dugu onartu, gaur egun, aldaketaren garai honetan, heriotza bat gertatzea polizia etxe batean, eta benetan jazo denaz ia informaziorik ez izatea". SOS Arrazakeriako kide Natalia Nilorenak dira hitzak. Poliziaren jarduera zalantzan jarri du, baina testuinguru zabalago bat eman nahi izan dio gertatu denari. "Hemen pertsona guztien eskubideak ez dira errespetatzen; ezta onartzen ere".

Migratzaileei buruz ari da Nilo. Hamaika arrazoik bultzatuta, Elhadji NDiayek bezala, beren sorterria utzi eta honat etorri direnak. "Migratzea denok dugun eskubide bat baita", nabarmendu du Nilok. "Gure bizilagunak dira, hiria partekatzen dugu, baina haien egoera administratiboak egunerokoa markatzen die. Poliziaren jazarpena sufritzen dute. Hori errealitate bat da Iruñean, bai eta Nafarroako bertze hainbat hiritan ere".

"Zigorgabetasun esparruak badaude; paperean, denak berdinak gara legearen aurrean, baina errealitatea bertzelakoa da. Migratzaileek eta haiekin lanean ari direnek egunero sufritzen dute errealitate hori. Bertzeontzat, Elhadji NDiayeren heriotzaren gisako gertaerak jazotzen direnean lehertzen da, gure begien aurrean, errealitate hori. Tristea da", gaineratu du Sare Antifaxistako Eduardo Gonzalezek.

Estereotipoek eta aurreiritziek gizartean duten indarra agerian utzi du Villahizanek. "Putzu batean dagoen lokatzaren gisakoak dira estereotipo eta aurreiritzi horiek; putzuaren beheko aldean egon ohi da beti, baina, tarteka, norbaitek ura mugitzen du, eta putzu osoa uhertu egiten da".

Ura mugitzen ez denean ere, lokatza hor dago. Horixe nabarmendu du SOS Arrazakeria eta Paperak Denontzat elkarteetako kideak. Hau da, egunerokoan arazo larriak gertatzen ez direnean ere estereotipoek indarrean jarraitzen dutela. "Errotuta dago, adibidez, migratzaileak eta ijitoak delinkuentziarekin lotzen dituen estereotipoa".

Horren atzean "asmo garbi bat" badela nabarmendu du Villahizanek. "Finean, halako estereotipoek lortzen dutena da gure eta bertzeen arteko aldea zehaztea. Hau da, ez ditugu bertze horiek gure kidetzat hartzen, ez ditugu gure talde berekotzat hartzen". Halako egoeren aurrean egoera administratibo irregularra duten migratzaileak "ikusezin" bilakatzen direla gaineratu du Villahizanek. Hori da aurrera egiteko erabiltzen duten estrategia.

Migratzaileen eguneroko errealitate horrek hainbat esparrutan badu eragina. "Erakunde publikoek duten ardura agerikoa da", erran du Nilok. Arlo horretan, "erroko arazo nagusietako bat" da migratzaile anitzek Nafarroan botoa emateko eskubiderik ere ez dutela, SOS Arrazakeriako kideak nabarmendu duenez. "Hori kontuan hartuta, nork eginen ditu legeak botoa ematerakoan ikusezin bilakatzen den sektore baten eskubideen alde?", galdetu du Nilok. Abiapuntuan "desoreka handia" dagoela erantsi du. "Batzuen eskubideak onartu ere ez ditugulako egiten", berretsi du.

Nilorekin bat egin du Villahizanek. Gehiago erran du: "Agerikoa eta oinarrizkoa bada ere, errepikatu behar dugu, behin eta berriz, eskubideak denontzat ez badira, pribilegio bilakatzen direla. Onartu behar dugu gaur egun pribilegio sistema bat dugula, eta horiek lortu ditugula bertzeak zapaltzen. Bada garaia pribilegio horiek bazter uzteko, suntsitzeko. Eskubideak eraikitzen hasi behar dugu".

Erakunde publikoen agendaren erdigunean jarri nahi dute auzia SOS Arrazakeriako kideek. Baina gizarte mugimenduetatik ere zer egin eta zer hobetu badela nabarmendu dute. Autokritikarako beharra jarri dute mahai gainean. "Gure ehun sozial eta politikoan ia ez dago militatzen duen migratzailerik. Horrek ez du deus onik erraten gure ehun sozial eta politikoari buruz; agerian uzten du huts egiten ari garela, zerbait gaizki egiten ari garela", erran du Nilok.

"Nire ustez, langile prekarizatuenen egunerokotik aldendu egiten dira gure gizarte mugimenduak", erantsi du SOS Arrazakeriako kideak. Argi du bertzeen eskubideez hitz egiten dugunean diskurtsoak huts egiten duela. "Ez garelako sarea osatzen ari berdintasunean. Zuriek ezin dute beltzen eskubideen inguruko diskurtsoa eraiki; gizonek ezin dute emakumeena osatu. Elkarrekin eraiki behar dugu, berdintasunetik abiatuta".

Baikor izateko "zirrikituak" badirela erantzun du Villahizanek, halere. "Hipotekek kalte egindakoen plataformetan erabat murgildu dira migratzaileak; etxeko langileek elkarteak osatu dituzte; eta kale saltzaileek ere sindikatua osatu dute". Talde horiek guztiak batzen dituen ezaugarria zein den argitu du Nilok: "Horietan guztietan protagonistak dira taldeotako ardatz; hau da, ez du inork haien ordez hitz egiten. Haiek hartu dute hitza".

Kide bati entzundako adibidea gogoratu du Nilok. "Kontua da denok txalupa berean garela konturatzea. Gauza da batzuek arrauna badutela, baina bertze batzuek ez. Denok txalupa berean garela onartzen badugu, ordea, denok arraun egiteko gai garela bermatu beharko dugu, aurrera egiteko". Gizarteak migratzaileak biktimatzat edo gaizkiletzat jotzeko duen joera salatu du Nilok. Eta "elkarrekin eraikitzeko" beharra berretsi du.

Antzeko ideia nabarmendu nahi du Beltxak, herritarrak bat egitera deitzen dituenean. Karrikan egoteko urratsa egin dute egunotan senegaldarrek, hitza hartu dute beren eskubideen alde, eta argi erran diete iruindarrei: "Etorri gurekin karrikara".

Elhadji NDiayeren heriotzak eragindako hamaika galderek erantzunik gabe jarraitzen dute, oraindik ere. Lerrook idatzi bitartean, hain zuzen, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albak ez du azalpenik eman Espainiako Poliziaren esku zegoen senegaldarraren heriotzari buruz.

“Ez da gertaera puntual bat; gardentasunik eza erabatekoa izan da”

“Ez da gertaera puntual bat; gardentasunik eza erabatekoa izan da”

E. Elizondo

Abokatua da Libertad Frances, eta duela hamar urte inguru bat egin zuen Salhaketa taldearekin. Nafarroako koordinatzailea da egun. Polizia etxe, espetxe eta gisako zentroetan dagoen gardentasunik eza salatu du, eta halakoetan eskubideen urraketa uste baino larriagoa dela utzi du agerian. "Ez dira gertaera puntualak".

Pertsona bat hil da Espainiako Poliziaren esku zegoela Iruñean. Zer deritzozu gertatu denari?

Batetik, informazio urria dugu benetan gertatu denari buruz. Bertzetik, argi gelditu da, bertze behin, halakoak gertatzen direnean joera dela ezkutatzea. Gardentasunik eza erabatekoa izan da. Erakutsi nahi dute gertaera puntual bat dela, baina errealitatea bertzelakoa da.

Uste baino maizago gertatzen dira horrelakoak edo gisakoak?

Kasu honetan pertsona bat zendu da. Ondoriorik larriena da, baina bertze kasu anitzetan ere urratzen dira pertsonen eskubideak. Legez kanpokoak diren atxiloketak gertatzen dira; tratu txarrak gertatzen dira espetxeetan... Halakoak ez dira gertaera puntualak.

Kontua da benetan ez dakigula zer gertatzen den. Ez dakigu zer gertatzen den polizia etxe, espetxe eta atzerritarrentzako edo adingabeentzako zentroetan. Kartzelak, adibidez, hiriguneetatik kanpoko aldera atera ditugu. Hor gertatzen dena ikusezin bilakatzen da gizartearentzat. Erakundeei interesatzen zaie ezartzen duten gardentasun gabezia hori, eta horrek erran nahi du hor dauden pertsonen eskubideen urraketa uste dugun baino larriagoa izan daitekeela.

Halakoak salatzea ere ez da erraza izanen, ezta?

Ez, hagitz zaila da. Finean, espetxeko ziegaren atea irekitzen dizunaren aurkako salaketa jarri behar duzu. Salaketa horrek izan ditzakeen ondorioen beldur dira barruan direnak, noski. Salhaketa Torturari Aurrea Hartzeko Koordinakundeko kide da, eta erakunde hori saiatzen da espetxe barruan gertatzen ahal diren eskubide urraketen erregistro bat egiten. Erran nahi dudana da salaketaren bide bakarra ez dela esparru judizialarena. Halako informazioa gure esku egotea ere bada garrantzitsua argi uzteko gertatzen ari dena ez dela zerbait puntuala.

Zer dakizue Iruñeko espetxe barruko errealitateari buruz?

Espetxe berria zabaldu zutenetik, pertsona batek bere buruaz bertze egin du, eta, gutxienez, berezko heriotza bat gertatu da. Berez hil arren, argi dugu erakundeak ere baduela ardura bat. Suizidioei aurrea hartzeko protokoloaren arabera, adibidez, preso baten esku uzten da bertze bat zaintzeko ardura. Espetxeak preso horren esku uzten du berea den ardura, alegia. Bertzalde, egunerokoari buruz, presoek salatzen dute, batez ere, egiteko deus ez dagoela.

Tailerrak egiteko aukeraz ari zara?

Bai. Presoek ez dute aukera hori. Espetxe berrian, gainera, presoek agerian utzi dute hezitzailearekin edo gizarte langilearekin egoteko prozesua zaildu egin dutela. Egia da kartzela berriaren erdia ere ez dagoela martxan, eta han diren pertsonen kopurua kontuan hartuta, 350 inguru guztira, espetxe txikia dela, oraindik ere. Baina lehen zegoen kopuruak %30 egin du gora, eta profesionalena, berriz, ez da aldatu.

Zer-nolako erantzuna ematen du gizarteak espetxe barruko errealitatearen aurrean?

Espetxeari bizkarra emanda bizi gara. Gogoeta egin beharko genuke ongi aztertzeko jendea zergatik dagoen espetxean, eta zergatik zigortzen diren espetxearekin hainbat jarduera, eta bertze hainbat ez. Kartzelako errealitatea ikusezina da, oraindik ere, eta estigma handia dago.

Morez jantzi dira NUPen

Morez jantzi dira NUPen

Kattalin Barber

Urtebeteko ibilbidea du Nafarroako Unibertsitate Publikoko talde feministak. Aurtengo karpan brigada feministak egon ziren, sexu erasoei aurre egiteko eta, norbaitek behar izanez gero, laguntza emateko. Dena den, jaialdiaren antolatzaileek brigadak debekatzeko ahalegina egin zuten hasieran. Joan den astean, NUPek protokolo bat aurkeztu zuen jazarpen psikologiko, sexu-jazarpen eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka, prebentziozko neurri eta esku hartzeko jarraibideekin. Betaurreko moreak agerikoak dira unibertsitatean.

Brigada feministaren debekuak hautsak harrotu zituen sare sozialetan, eta, oihartzun mediatikoaren ostean, atzera egin zuten antolatzaileek. "Pena izan da ezagun egin garelako sortu den polemikarengatik, eta ez eraso sexistak salatzeagatik". NUPeko talde feministako kide Cristina Osesen hitzak dira. Hark adierazi duenez, ikasleek urtero antolatzen duten karpan jarrera sexista eta matxistak egon ohi dira, eta horiei aurre egiteko antolatu zuten brigada feminista. "Protokolo sinple bat prestatu genuen, eta gure lana bakarrik laguntzea eta arazoa ikusgai egitea zen".

Jaialdian "normaltasuna" izan zen nagusi. Hala ere, bi emakumeri laguntza eman zieten "eraso arinengatik", eta hainbat jarrera matxista ikusi zituztela salatu dute. "Horrez gain, salatu behar dugu karpan zeuden hainbat ikaslek ez gintuztela batere ongi hartu, eta irainak jasan behar izan genituen". Oraindik ere unibertsitate arloan sentsibilizazio lan handia egin behar dela uste du talde feministako kideak. Babesa izan zuten arren, "umilazioa" ere jasan zuten brigada feministako hogei neskek.

"Badirudi batzuentzat ez dela existitzen eraso sexistarik. Guztiok harritzen gara bortxaketa bat egoten denean Iruñean, baina, era berean, bortxaketak egotera bultzatzen duten itsasgarriak onartzen dira karpan. Arazoaren errora joan behar dugu. Itsasgarriak ez dira txantxa". Izan ere, karparen kontseilu orokorrak debekatzen ditu eduki politikoa duten itsasgarriak, baina onartzen ditu eduki sexistakoak. Hoy follo, mañana juicio (Gaur larrua joko dut, bihar epaiketa) edota Bonitas piernas, ¿a qué hora abren? (Hanka ederrak, zein ordutan irekiko dute?) irakur zitekeen horietako batzuetan. Itsasgarriez gain, beste brigada batek karpan parte hartu zuela salatu du Osesek: "Eraztunaren brigada deitzen ziren, eta haiek laguntza eskaintzen zieten emakume itsusi bat hurbiltzekotan. Besoko urdinak zeramaten. Lotsagarria, eta oso larria iruditu zitzaigun".

Dena den, Osesek eskertu du hainbat ikaslek eman zieten babesa. "Neska asko ikusi genituen kamiseta moreekin edota sinbolo feministarekin". Udaberriko karpan berriro ere brigada feminista eginen dutela iragarri du, eta, ibilbide laburra duten arren, hamaika ideia eta ekintza aurrera eramanen dutela jakinarazi du Osesek. Orain, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira eginen dituzten ekintzak prestatzen ari dira. "Unibertsitatea erakunde matxista da oraindik ere, eta horren adibide da eskolako edukietan emakumeak ikusezinak direla erabat".

Eloisa Ramirez Nafarroako Unibertsitate Publikoko hedapenerako eta harreman instituzionaletarako errektoreordea ere mintzatu da karpan egoten diren jarrera sexisten inguruan. "Ikasleek antolatzen duten jaialdia da; hortaz, ezin dugu esku hartu, baina sentsibilizazio kanpainak egin ohi ditugu karparen eguna aitzakia hartuta", adierazi du. Drogen kontsumoari buruz, sexu erasoei buruz eta jarrera homofoboen inguruan sentsibilizazio kanpainak aurrera eramaten dituzte karparen aurretiko egunetan. "Unibertsitate osasungarriaren programaren baitan inkestak eta analisiak egiten ditugu jakiteko zer gertatzen den egun horretan. Egia esan, drogen kontsumoari buruz, bai eta jarrera sexisten inguruan ere, askotan jaso izan ditugun erantzunak harrigarriak eta kezkagarriak dira".

Sexu jazarpenaren aurka

NUPek onartu berri du sexu jazarpenaren aurkako protokoloa. Jazarpen psikologikoa eta sexua oinarri duen jazarpena ere izanen ditu kontuan prebentzio eta esku hartze neurriak biltzen dituen dokumentuak. Unibertsitate komunitateari, erakundeak kontratatutako enpresei eta praktikako ikasleak hartzen dituztenei ezarriko diete protokoloa. "Honen aurretik ez genuen ezer, eta, arazoren bat gertatzen zenean, logikarekin jokatzen genuen. Prozedura honekin, errazagoa da arazoa bideratzea, eta, bide batez, gaia ikusgai egiten dugu", adierazi du Ramirezek.

NUPek onetsi berri duen protokoloak jazarpen mota hauek "berdintasun eskubidearen, integritate fisiko eta psikikoaren eta pertsonen duintasunaren aurkako atentatutzat" jotzen ditu, eta aurreikusten du pairatzen duenari laguntza emango zaiola, egoera errepika dadin galaraziko dela eta zehatu egingo dela, "gertaeraren testuingurua eta baldintzak kontuan hartuta". Ramirezek adierazi du formakuntza ekintzak eginen dituztela. Horretaz gain, ikasleei aurkeztuko diete protokoloa, "existitzen dela jakin dezaten; haiekin gaia lantzea ere gustatuko litzaiguke".

Hemezortzi

Lur Albizu Etxetxipia

Asko dira eta asko izanen dira. Askoz gehiago, beharbada. Orain, eta momentuz, hemezortzi dira. Hemezortzi besterik ez. Erraz esaten da. Hamaika gai biltzen dituzte gaur-gaurkoz. Baina hemezortzi dira. Izen desberdinak dituzte haien artean, baina osagarriak izan daitezke.

Batzuk ezagun egiten zaizkigu, beste batzuek harridura sortzen digute, eta, izenburuak irakurrita soilik, ez gara gai imajinatzeko beste batzuek zer daramaten barruan.

Batzuek badituzte datak, hausnarketak eginak, informazioa jasoa, konpromisoak zehaztuak. Beste batzuk bidea egiten ari dira. Denak dira, daude irekiak. Gakoak ematen dituzte; galdera argiei, erantzun garbiak: zer, zergatik, non, nola, zenbat, nori, nork. Zehatzak dira.

Ezinegonei erantzuten ahal diete, behar bati erantzuteko sortu dira, bizi eredu berriak planteatzen dituzte, herriei ekarpena egiten diete, pertsonala publiko bilakatzen dute, komunitatea egiten dute, sistema propioak eraikitzen dituzte, elkartasuna sustatzen dute, gidak, eztabaidak eta tresnak eskaintzen dituzte, praktika onak bultzatzen dituzte, bertako ekoizleen aldeko apustua egiten dute, hausnarketa kolektibizatzen dute, indarrean dauden harreman-ereduak irauli nahi dituzte, erantzuna(k) dira, eraikuntza dira, kapitalismoaren eta heteropatriarkatuaren kontrako borrokak pizten dituzte.

Autodefentsa sarea. Nekazarien gida. Emantzipazio bulegoak. Etxegabeon etxea. Euskalduntze gida. Material biltegia eta foroa. Talde osasun gida. Udaleku feministak. Ikerketa laborategia. Eskola kolektiboen sarea. Ikerbiltza. Jai herrikoien konpromisoen gida. Kirol eta jarduera fisikoen inguruko eztabaida. Gazte prekarioen mugimenduak. Proiektu komunikatiboak eta jarrera komunikatzailea sustatzeko dekalogoa. Sortzaileen gida. Ikuskizunak antolatzeko praktika onen bilduma. Sortzaileen mugimendua.

Garena, duguna, sortzen duguna defenditzeko. Bizitzeko moduak eraikitzeko, teilatupea izateko. Euskararen borroka gazteon artean berpizteko. Hezkuntza sistema propioa aldarrikatu eta eraikitzeko. Bizitza lapurtu nahi digutenei aurre egiteko, pertsonala politiko bihurtzeko, gure baliabideak konpartitzeko. Botere-harremanak iraultzeko, elkar ezagutzeko. Gure ikerketek herriei mesede egiteko. Jai ereduari buelta emateko. Gerrak pizteko. Finean, borrokatzeko.

Hemezortzi erraz esaten da. Aise esaten dira hitz handi asko: emantzipazio, mugimendu, autodefentsa, kolektibo, borroka, burujabetza, askatasun, bizi eredu, eraikuntza, konpromiso, irauli, autogestio, komunitate, libre, antolakuntza, gazte, (kontra)botere. Ilusio, indar, bizipoz, lan, kontraesan, elkar, ero. Gazte.

Erraza dirudi, baina lan handia du atzean, ezin zenbatuzkoa. Erraz esaten da hiru egunez herri berean ehunka gazte egonen direla. Erraz esaten da abenduaren 9, 10 eta 11n Barañainen GaztEraiki izanen dela: Euskal Herriko Gazte Mugimenduen Autogestio Topaketak. Gazteengandik, gazteentzat eta gazte boterez sortuak.