Kepa Fernandez de Larrinoa: “Nora goaz? ‘Homo sapiens’-aren geroa ez dago batere argi”

Kepa Fernandez de Larrinoa: “Nora goaz? ‘Homo sapiens’-aren geroa ez dago batere argi”

Cómo hablar de evolución a los niños. Izen hori jarri dio bere azken liburuari Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak (Bilbo, 1958). Izenburuak ongi islatzen du liburuaren asmo didaktikoa. Baina badu kontzientzia pizteko asmoa ere. Izan ere, dioenez, gizakia "pikutara" ari da bidaltzen Lurra, munduaren eta espeziearen beraren "etorkizuna kolokan" jartzeraino.

Argitu beharra dago: ez da umeentzako liburua, helduentzakoa baizik.

Bai, Nerea argitaletxeak badu halako lerro bat, azaltzen duena umeei nola erakutsi hau edo bestea. Niri, antropologoa naizen aldetik, giza eboluzioari buruz zerbait idaztea proposatu zidaten, perspektiba eta formatu horretan. Eskatu zidatenean ume txikiak nituen, eta, beraz, haiek gogoan edukita erabaki nuen idaztea. Beraz, helduentzako liburua da, helduek eskoletan edo etxean giza eboluzioari buruzko gaiak azaldu ditzaten.

Umeei zaila egiten zaie gaia ulertzea?

Bai. Kontua da gauza hauek beti ari direla aldatzen. Zeozer badakigu giza eboluzioari buruz, baina, aztarna berrien arabera, teoria berriak agertzen dira beti. Oso aldakorrak dira teoria horiek, oso espekulatiboak, eta, beraz, etengabe aldatuz doa kontua, ez dago gauza finkorik. Kontuan hartu behar da eboluzioak, pentsamendu edo teoria gisa, 100 edo 150 urte baino ez dituela. Gauza berria da: industrializazioaren eraginez agertu zen Europan kontzientzia hori. Badu oztopo kognitibo handi bat ere, batez ere hemen, Mendebaldean: uste dugu jainkoak sortutako pertsonak garela, eta eboluzioak horri buelta ematen dio. Aztarnen harira ere, tirabirak izaten dira adituen artean, baina noizean behin adosten da hau edo bestea, eta halakoetan adostutako teoria horiek aurrera egiten dute.

Zein izaten da akats handiena umeei eboluzioaz hitz egitean?

Uste dut transmisioaren problemarik handiena dela espezie gisa nora goazen planteatzea. Liburua galdera horretan pentsatuz egin nuen: nora goaz? Homo sapiens-aren geroa ez dago batere argi. Eboluzioak erakusten du klima aldaketa handiak izan direla, eta gure bilakaera neurri handi batean sistema ekologiko ezberdinetan suertatu dela, eta sistema ekologiko horiek tankeratu dira klima aldaketa horien arabera. Gaur egun, klima aldaketa batean gaude, datuek hala diote. Gu, bestalde, Homo sapiens-ak, Homo espeziearen azkenak gara, dirauen bakarra. Pentsatzen jartzen baldin bagara beste Homo espezie batzuk zer egin duten, konturatzen gara guk bakarrik 40.000 edo 50.000 urte dauzkagula, eta Homo neanderthalensis-ak, esate baterako, 200.000 edo 300.000 urte izan zituen. Gu huskeria gara horren aldean, eta huskeria handiagoa beste espezie askoren ondoan. Kontua da noraino ari garen Lurra planetako sistema hau hausten, zikintzen, aldarazten eta gure habia deuseztatzen. Eta, beraz, kontua da desagertuko ote garen edo aitzina segitzeko behar ote dugun beste espazio bat lortu. Hor ikusten dut nik liburuaren funtsa. Gurasoek, eta guk gizarte gisa, lehenbizi pentsatu behar dugu nora daramagun mundu hau, historian oinarrituta, kontziente izan gaitezen gure mundua eta gure etorkizuna kolokan jartzen ari garela.

Liburuak badu, beraz, kontzientzian eragiteko asmoa.

Bai, ez dago berez horrela esanda, baina liburua irakurrita horrela agertzen da, bai.

Zein da bidea halako gai bat umeen intereseko bihurtzeko?

Liburuak, atzealdean, unitate didaktikoak ditu. Hor badira Youtubeko bideoak, dokumentaletako puskak, baita Burgosko Giza Eboluzioaren Museoaren unitateak eta ariketak, eta Espainiako Hezkuntza Ministerioarenak. Horien berri ematen da, helbide elektronikoak proposatuz. Beraz, eduki horiek bisualki hobeto barneratzen dira. Baina nik ez dut nahi izan liburua entretenigarria izatea. Ikuskizunaren gizartean bizi gara, eta gauzak erakusteko teknika behar izaten da. Museo batean teknikaren bidez ikusten ditugu gauzak. Baina museotik ateratzerakoan teknologiaren magiarekin geratzen gara, horrek harritzen gaitu. Nik ez nuen hori egin nahi. Uste dut badagoela eduki bat, eta edukia jakinarazi behar dela modu atsegin batez, eta gozatuz, baina entretenimendu hutsean erori gabe. Entretenimenduak bidea behar du izan, helburua bainoago. Nik edukiari eman diot garrantzia. Gero, hori hobeto ikusteko eta kontatzeko materialak daude.

200 bat galdera-erantzunekin osatu duzu liburua. Umeen galderak dira, ala norenak?

Ez dut uste umeek halako galderarik egiten dutenik; agian, gurasoek ere ez. Nik galderen bitartez liburuaren egitura markatu nahi izan dut. Galdera horien erantzunek osatzen dute testua. Nik jakinarazi nahi izan dut giza eboluzioa zori kontu bat dela, kasualitatea. Normalean, hemen Mendebaldean, kausa-efektu harremanean pentsatzen dugu. Baina atzera begira jarrita baino ez dugu logika hori erabiltzen, aurrera begira ez dago hori egiterik, etorriko denaren inguruan erantzunak ugari direlako. Historia orainalditik iraganera begira jarritako ordena bat da, baina ordena hori bat edo bestea izan daiteke. Hautaketa bat egiten dugu gauzak azaltzeko. Baina hori da guk inposatzen dugun ordena; berez, historia ez dator ordenatuta.

Zergatik da inportantea umeek giza eboluzioa ezagutzea?

Gu izakiak gara, animaliak, pentsatzen dugu bai, baina biologikoak gara, besteak bezalaxe. Besteek ere kognizioa daukate, eta pentsatzen dute, baina modu ezberdinean, gure pentsamendua askozaz garatuagoa dago eta. Horrek eragina du ingurumenarekiko harremanean. Oro har, Homo-a abilagoa da ingurumenarekin harremanetan jartzeko, informazioa modu konplexuagoan jaso eta filtratzen duelako. Baina ez gaude naturatik kanpo. Mendebaldean, normalean, geure burua naturatik kanpo jartzen dugu natura bera kontrolatzeko. Gure pentsamenduaren arabera, gu nagusi gara, beste izakien eta naturaren gainetik gaude, eta kontrolatzen ditugu. Hori Mendebaldeko gauza bat da, eta industrializazio prozesuaren ondorioa da. Artikora edo Amazoniara bagoaz, natura oso indartsua den tokietan, hango gizakiak beste modu bateko jarrera eta harremana du naturarekin, bai sinbolikoa eta bai fisikoa. Beraz, nik uste dut horretara itzuli behar dugula. Lehen aipatu dugu noraino ekartzen ari garen planeta pikutara. Hori saihesteko, berriro behar dugu naturarekin hartu-eman hori, eta kontuan hartu behar dugu naturaren parte garela. Hori transmititu behar diegu gure seme alabei. Eta hori da, neurri handi batean, liburuaren atzean dagoen helburua. Alde horretatik, uste dut garrantzitsua dela hori eskolan eta familietan txertatzea.

Mila egun baino gehiago

Mila egun baino gehiago

Sumatzen da haien aurpegietan etsipen apur bat. Nekea ere bai. Aurrera jarraitzeko asmoa, hala ere, sendoa da haiengan. Horixe nabarmendu dute. "Ez dugu amore emanen". Duela hiru urte hasi zen lan gatazkaren erdian dira urritasunen bat dutenentzako zentroetako langileak Nafarroan. 800, denera. Haietako gehienak, %91, emakumeak dira.

2012ko azaroan osatu zuten sindikatuek lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia, eta oraindik ez dute urrats bat ere egitea lortu. "Mila egun baino gehiago egin ditugu jada borrokan", erran du Andres Cenicerok, Lizarrako Oncineda zentroko langile eta CCOO sindikatuko ordezkariak. Iazko ekainetik, greba mugagabean dira.

"Lan baldintza duinak nahi ditugu". Halaxe laburbildu du egoera Anabel Diazek, sindikatu bereko kide eta Iruñeko Valle del Roncal zentroko langileak. Azken bost urteotan soldata izoztua izan dute urritasunen bat dutenak artatzen dituzten zentroetako beharginek; hitzarmenean jasotako hainbat neurri bertan behera utzi ditu enpresak, gainera. "Antzinatasunagatik sari bat jaso behar genuen 2013an, adibidez, baina ez pagatzea erabaki zuten". Auzitara jo zuten langileek, ondorioz, eta enpresak ordaindu behar izan zuen. Datorren urtarrilean gauza bera egin beharko duten beldur dira. Izan ere, antzinatasunagatik jaso beharreko hurrengo saria ere ez duela ordainduko iragarri du enpresak.

Nafarroan dauden zentro gehienak publikoak dira, baina kudeaketa esku pribatuetan da. Adacen Fundazioa da Mutiloako burmuinean kalte hartutakoentzako zentroko arduraduna. Itundua du zerbitzua gobernuarekin. Aspace Fundazioak bi zentro kudeatzen ditu. Eta gainerakoak, berriz, SarQuavitae enpresaren esku dira. "Ia sektore guztia kontrolatzen du enpresa horrek; %80 baino gehiago", erran du Diazek.

Langileak, erdian

Kudeaketa pribatua da, baina SarQuavitaek jasotzen duen dirua publikoa da. "Nafarroako aurreko gobernuak, ordea, ez zuen diru hori gastatzeko moduari buruz inolako kontrolik egin", salatu du ELAko Josetxo Mandadok. Sindikatu horretako arlo soziosanitarioaren arduraduna da Nafarroan. ELA eta CCOO sindikatuekin batera, UGT eta LAB ere badaude negoziaziorako mahaian.

Enpresaren jardueraren gaineko kontrolik eza da, Mandadoren hitzetan, langileak erdian harrapatu dituen gatazkaren gako nagusia. Horixe sentitzen dute langileek, hain zuzen. Erdian direla. "Enpresaren eta administrazioaren artean gaude; hitzak bertzerik ez dugu jaso, ordea, gero betetzen ez diren aginduak", erran du Infanta Elena zentroko langile Rosa Leonek. Lankide du han Blanca Hermoso de Mendoza. Biek argi utzi dute gatazkak izan duela eragina haien egunerokoan. "Iaztik gaude greban, eta ez dakigu hau noiz amaituko den. Tentsioa sortzen da lantokian; langileen arteko giroan sumatzen da egoeraren eragina", azaldu du Hermoso de Mendozak.

Ez da harritzekoa. Mila egun baino gehiago iraun du lan gatazkak jada, eta, iazko ekainetik, greban dira langileak. Haien eskaerak kontuan hartu arte ez dutela etsiko argi utzi dute sindikatuek. Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "neurriz kanpokoak" direla salatu dute. "Ia %100ekoak; hainbat zentrotan protesta hasi aurretik zegoen langile kopuruak gora egin du grebarekin", erran du Mandadok.

"Gure esku dagoen guztia egiten dugu zentroetako erabiltzaileek lan gatazkaren ondorioak suma ez ditzaten". Horixe nabarmendu du Anabel Diazek. "Lan baldintzek guregan dute eragina; baina dena ematen dugu zentroetan diren pertsonen alde". Mandadok onartu du zenbaitetan grebak sortu duela familien artean kexaren bat. "Ulergarria da haserretzea; ulertzen dugu, eta haiek ere gure egoera ulertzea espero dugu. Badakigu hala dela. Familia anitzek eman digute babesa", erantsi du ELA sindikatuko kideak.

Grebak ukitzen dituen zentroetan 670 pertsona inguru artatzen dituzte. "Era askotako urritasunak dituzten pertsonak dira. Gehienek menpekotasun handia dute", azaldu du Andres Cenicerok. Horregatik, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuari ahalegin berezia eskatu dio egoerari konponbidea eman ahal izateko, ahalik eta azkarren.

Oraingoz, hala ere, ez dute Nafarroako Gobernuko agintarien eskutik espero zuten babesa jaso. "Oposizioan zirenean gurekin bat egin zuten; arrazoia gure alde zela erran zuten, behin eta berriz; orain, ordea, agintea haien esku dagoenean, ez dute deus egiten". Horixe salatu du Anabel Diazek, eta agerian utzi du, oraindik ere, ez dutela lortu gizarte gaietarako lehendakariorde Miguel Laparrarekin bilera egitea. "Hainbat aldiz eskatu, baina ez dugu lortu", azaldu du Mandadok. Erantsi du gobernua babesten duten taldeek akordio programatikoan jaso zutela langileon gatazkari konponbidea emateko konpromisoa.

"Etsita gaude jaso dugun erantzunarekin", aitortu du Diazek. Bilerak egin dituzte Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako buru Ines Francesekin, baina bilera horiek ez direla konpromiso eta urrats zehatzetan gauzatu gaineratu du. "Hitzak baino gehiago, ekintzak behar ditugu guk".

Ekintzak, babesa eta kontrola. Horixe eskatu du CCOO sindikatuko kideak. Bat egin du ELAko Josetxo Mandadok. "Ezin dugu onartu enpresak orain arte izan duen botereari eustea. Egun, nahi duenean erabaki dezake kontratuko neurriren bat ez betetzea. Eta gobernuak ez dio konturik eskatu, orain arte".

Egoera hori aldatu nahi dute sindikatuek, eta negoziazioa martxan jarri hori lortzelo. "Gobernuak har dezala diru publikoaren ardura, eta kontrola dezala nola gastatzen den. Egun, langileoi kentzen digun zatitik lortzen du enpresak bere etekina. Guri lana bertzerik ez zaigu gelditzen. Lan karga ikaragarria". Hori nabarmendu du Diazek. Nekatuta dago. Atseden hartu nahi du. Mila egun baino gehiagoko gatazkari amaiera eman. Lanean "duintasunez" jarraitzeko.

Iritzia: Egun bat baino gehiago

Azken aldian askotan pentsatu izan dut zenbat daukagun deseraikitzeko. Zenbat lan egin dugun, egiten ari garen eta zenbat geratzen zaigun aurretik. Bidea gogorra da, baina egoerak ez du besterik eskatzen: egunik egun dugu eraildako emakumeen berri. Ez dira istripuz hiltzen, ez dira istripuak. Heteropatriarkatuak eta haren atzapar luzeek erailtzen dituzte. Atzaparrek ongi ikasi dute ikasgaia. Ongi irakatsi diete eta ongi sinetsi dute haien propietate eta meneko direla emakumeak.

Indarkeriaren azken kate-maila da, agerikoak diren indarkerien artean agerikoena, bortitzena, atzera bueltarik gabekoa. Adjektiboak jartzea zaila da, norberak erabil ditzala egoki deritzen hitzak. Heriotza aurkitzen dute urtean emakume askok eta askok. Euskal Herrian bertan, oker ez banago, hiru izan dira aurten erailak izan direnak. Memorian iltzaturik daramatzagu beste hainbat eta hainbat.

Sistemak berak, hala ere, baditu beste hamaika aurpegi; hilketez, agerikoak diren erasoez, bestelako desberdintasunez eta abarrez gain, bada beste patriarkatu sotil eta sofistikatuago bat, identifikatzen zailagoa dena eta ongi mozorrotzen dena. Eguneroko harremanetan ezkutaturik dago eta gizartean indar handia du. Ezin da ukatu erasoak egunez egun jasan behar izaten ditugula eta, askotan, ez dugula jakiten horiei nola aurre egin. Mikromatxismoak asko dira, forma eta eduki desberdina dute eta ostentzeko baliabideak ez dituzte faltan.

Eta, zer eginen dugu hau guztia deseraikitzeko? Nola askatu kateak? Zer egin beharko genuke zabortegia husten hasteko? Noiz izanen da indarkeria hau lehentasun? Ez al da indarkeria politiko?

Hasteko, indarkeriaren maila eta aurpegi guztiak ezagutu eta identifikatzen jakin dezagun beharrezkoa iruditzen zait; erasoak azalarazi eta horien aurka egitea. Horretarako ezinbesteko tresna zait autodefentsa feminista. Izan ere, emakumeon ahalduntzerako pausurik gabe ez dugu ezer egiterik.

Hasiak gara jadanik azaroaren 25erako kanpainen eta mobilizazioen berri izaten, pixkanaka. Eta etorriko dira instituzioak, entzunen ditugu haien hitzak, udalen mozioak, deklarazioak. Etorriko dira gaitzespen-adierazpenak. Eta, azaroaren 26an, zer? Hitzak azkenean hori dira, hitz. Zutabe hau ere tinta beltz multzo bat besterik ez da. Nik argi daukat. Zerbaitek salbatuko bagaitu, lagunduko bagaitu, barruak husten utziko badigu, ulertuko bagaitu, elkarren arteko loturak sendotuko baditu, indartsu egiten bagaitu… izen bakarra dauka horrek: feminismo.

Zabortegia garbitzeko bide luze horretan, nola ez gogoratu ahaleginean gelditu direnak, bizitza kendu dietenak, bidaide izan ditugunak, bihotzean daramatzagunak. Azaroaren 25ak ezin du egun soilean geratu. Egin dezagun haiengatik eta guregatik.

“Zigorrak gogortzeak ez du delinkuentzia konpontzen”

“Zigorrak gogortzeak ez du delinkuentzia konpontzen”

Herritarren segurtasuna gai erabilgarria izan ohi da alderdi politikoentzat, Lohitzune Zuloaga (Errenteria, Gipuzkoa, 1981) NUPeko irakasleak dioenez. Zigorrak gogortuz erantzun ohi zaio gaiari, baina dioenez, "polizia eta kartzela neurri gehiago jartzea" ez da delinkuentzia ezabatzeko bidea. El espejismo de la seguridad ciudadana liburuan jaso ditu gogoetak. Asteazkenean aurkeztu zuen lana, Iruñeko Katakraken.

Europako Zigor Koderik gogorrenetakoa du Espainiako Estatuak. Zein da horren arrazoia?

Liburu osoa behar izan dut hori azaltzeko, baina, laburbilduz, juristen analisietatik atera dut ondorio hori. Ni soziologoa naiz, eta, beraz, egoera horretara nola iritsi garen nahi izan dut aztertu; ez hainbeste araua bera, baizik eta hura lagundu duen testuinguru soziopolitikoa. Alderdi politikoek interesa izan dute herritarren segurtasuna agenda politiko eta mediatikoan arazo gisa sartzeko. Badirudi kriminaltasunarekin lotutako arazoak konpontzeko modu bakarra Zigor Kodea gogortzea dela. Kriminaltasunaren fenomenoaren bertsio sinplista horren ondorioz, segurtasunaren gaia mahai gainean jarri den bakoitzean gogortu da Zigor Kodea, kontuan hartu gabe 30 erreforma baino gehiago egin direla 1995ean onartu zenetik.

Salatu duzu erreforma gehienek ez dutela justifikaziorik izan.

Bai, aurreko erreformen premisa berdinetan oinarritzen direlako, askotan denborarik ere eman gabe emaitzak ikusteko. Nahiz eta badakigun zeintzuk liratekeen emaitzak: zigorrak gogortzea ez da delinkuentziarekin lotutako arazoak konpontzeko bidea.

Ez dira modu berean zigortzen delitu guztiak. Neurtzeko bi modu erabiltzen al dira?

Bai, baita askoz gehiago ere. Zigor kodeak ez ditu intentsitate berarekin zigortzen delitu mota guztiak. Bereziki delitu multzo bat zigortzera mugatu da, nik hiru motatan laburbilduko nukeena: Zigor Kodea erreformatzeko terrorismoa, delitu txikiak eta sexu delituekin lotutako zigorrak gogortzeko beharra justifikatu da. Hiru arlo horietan Zigor Kodea erreformatzeko izandako interesa ez dugu ikusi, adibidez, ustelkeria delituetan. Kasu horiek penalki jarraitzea saihestu ohi dute.

Zergatik?

Zigor Kodea ez delako gauza jainkotiar edo gauza natural bat. Eraikuntza soziala da, akordio bat, gure gizartean eragin handiena duten talde hainbaten artean egindako akordio bat.

Esan ohi da legea egiten duenak egiten duela tranpa ere.

Bai, gutxi gorabehera hala da. Eraikuntza soziala da, eta interes jakin batzuk daude ordezkatuta. Norberak ez du bere buruaren kontrako legerik egiten.

Zigorrak gogortzeko egiten den ahalegina egiten al da delituak prebenitzeko?

Ez. Oro har, ulertzen da delinkuentziari aurre egiteak polizia gehiago eta kartzela neurri gehiago izatea dakarrela. Europako hainbat estatutan kartzelatze tasa txikiagoak dituzte, kriminaltasun tasak altuagoak izanda ere. Nola azaltzen da hori? Bada, kartzela ez diren neurri alternatiboak dituztelako. Asmoa ez da delitugileak zentro batean itxita betetzea zigorra, baizik eta beste modu bateko estrategiak eta programak garatzea. Asko hitz egiten da prebentzioaz, baina gero ez da deus egiten. Esan dezagun zernahitarako aipatzen dela prebentzioa. Diskurtsoetan oso ongi geratzen da, baina ez dago estrategiarik delinkuentzia prebenitzeko.

Zer egiteko dute komunikabideek gai honetan?

Ikerketa abiatzerakoan, aztertu nahi izan nuen zer faktorek izan duten eragina mota honetako etengabeko erreformak bultzatzeko. Beti bota izan diegu errua hedabideei, beldurra zabaltzearen erantzule direlakoan. Baina, egia esan, legeak ez dira hainbeste egiten hedabideetako tituluen arabera, baizik eta alderdien interesen arabera, tituluak sortzeko. Horrek ez du esan nahi hedabideek ez dutenik garrantzirik. Badute, eta handia, agenda eratzen dutelako, eta testuinguru egokia sortzen dutelako alderdien mezuak sinesgarriak izan daitezen iritzi publikoaren begietara.

Botereari interesatzen al zaio segurtasun falta sumatzea?

Ez dut uste hain makiavelikoak direnik. Ez dut uste segurtasun-falta giroa sortzea denik helburua, baina egia da interesatzen zaienean ateratzen dutela gaia; adibidez, beste gai batzuk saihestu nahi dituztenean. Iritzi publikoan ongi hartzen den gaia izaten da herritarren segurtasunarena. Noiznahi erabiltzen dute gai hori, eta etekin handia ematen ohi die.

Parisko atentatuek berriz ere jarri dute mahai gainean segurtasunaren gaia. Zenbateraino baliatzen dira halako gertakariak zigorrak gogortzeko?

Zigor Kodearen erreformak nahaste-borrastea dira orotariko delituetarako. Beste kontu bat da paketea nola saltzen den. Eta, askotan, terrorismoarena izaten da amua zigorren gogortzea aurkezteko. Terrorismo delituen zigorrak gogortuko direla esaten dute, baina gero paketeak denetarik dakar. Beraz, ez dakit zer pasatuko den, baina ez nintzateke harrituko Espainiako legealdi berrian ere beste erreforma bat aurkeztuko balute eta, nazioarteko terrorismoaren gaia nola dagoen ikusita, hura baliatuko balute aldaketa justifikatzeko.

Zigorrik gabe, ezabatu daiteke delinkuentzia?

Erabat ezabatzea ezinezkoa da; beti izango da gutxieneko delinkuentzia, bizitza sozialarekin lotuta doalako. Beste gauza bat da neurri eraginkorragoak jar daitezkeela, prebentziozkoak, eta modu transbertsalean. Ez polizia ikuspegitik, baizik eta hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, ongizatean, biktimen eskubidean eta delitugilearen benetako gizarteratzean inbertituz.

Arrakalen gainetik, batasuna

Arrakalen gainetik, batasuna

Arrakalak ireki dira, baina osorik dirau oraindik aldaketaren pitxerrak Nafarroan. Jose Luis Mendoza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak aurkeztutako lan eskaintza publikoak talkak azalarazi ditu aldaketa sostengatzen duten alderdien artean: gogor salatu dute eskaintza Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, UPN, PP eta PSNrekin lerratuz. Kasualitateak hala nahi izan du: Espainiako Senaturako hautagaitza bateratua aurkeztu den astean bertan agertu dira, akaso orain arteko indar handienez, aldaketaren indarren arteko desadostasun politikoak.

Senaturako hautagaitzak, edonola, aldaketaren aldeko konpromisoari eta aldaketa hura bermatzeko ezinbestekoa den batasunari eusteko borondatea erakusten du. Arrakalak bai, beraz, baina baita horiek ixteko konpromisoa ere, nolabait.

Joan den ostiralean aurkeztu zuten Aldaketa izena duen hautagaitza, Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolaren egoitzan egindako ekitaldian. Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdiek bultzatua da: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak. Aurkeztuak dituzte senatari izateko hautagai izango direnak: Patxi Zamora (EH Bilduk proposatua), Ana Lujan (Geroa Baik) eta Iñaki Bernal (Ezkerra). "Nafarroako aldaketaren ahotsa Madrilen entzun dadila", horixe da beren buruari jarritako xedea, azaldu zutenez.

Berezia da Espainiako Senatua aukeratzeko modua. Nafarroari bost ordezkari dagozkio goi ganberan; horietatik lau hauteskundeetan hautatzen dituzte herritarrek, zerrenda bati ez, baizik eta senatari bakoitzari botoa emanez. Hautesle bakoitzak hiru boto eman ditzake, beste horrenbeste hautagairi. Bosgarren senataria Nafarroako Parlamentuak izendatzen du zuzenean: Ahal Duguko Idoia Villanueva da gaur egun.

Bada beste berezitasun bat, gainera: herritar bakoitzak hiru boto eman ditzakeenez, oro har, gehien bozkatutako zerrendak hiru senatari lortzen ditu, eta bigarrenak, bakar bat. Orain arte, Nafarroan, beti gertatu da horrela. Beraz, aurtengo kasuan, ezohiko egoera suerta daiteke, inkestek aurreikusten duten bezala, Aldaketa lehen indarra bada. Hautagaitza bateratuak hiru senatari lortuko lituzke, eta UPNk, bat. Horri gaur egungo senatari Idoia Villanueva gehituta, Nafarroako bost senatarietatik lau lirateke aldaketaren aldekoak.

Egoera erabat berria litzateke Nafarroan. 1977tik hona, UCDk, PSNk eta PPk zein UPNk —batzuetan elkarrekin, beste batzuetan nor bere aldetik— pilatu dituzte Nafarroak Madrilera bidalitako senatari guztiak. Salbuespen bakarra dago, baina aspaldikoa: 1977an Manuel Irujo EAJko kide historikoa izan zen hautatua, Fronte Autonomikoa zeritzonaren barruan. Ordutik, inor ez.

Senatura bai, Kongresura ez

Senatuan elkarrekin aurkezteko lortutako akordioa, ordea, ezin izango da Kongresurako zerrendetan errepikatu. Herritar talde batek ireki zuen horretarako bidea, aldaketaren aldeko hiritar hautagaitza bat proposatuz, eta alderdiei hura babestu zezatela eskatuz. Aldaketaren blokeko alderdiek proposamena aztertu zuten, eta negoziaziorako hainbat bilera ere egin zituzten, baina, azkenean, bideak ez zuen fruiturik eman. Alderdi bakoitzaren estrategia elektoral propioak, kasu horretan, pisu handiagoa izan zuen joan den maiatzean Nafarroan emandako aldaketa sendotzeko proposamenak baino. EH Bildu izan zen apustuaren alde sendoen jo zuen indarra, baina, azkenean, porrot egin zuen aukerak.

Hautagaitza bateratua bultzatzeko herritar taldeak Kongresurako ez bazen Senaturako behintzat aliantza osatzeko eskaria egin zieten alderdiei. Eta aurrera egin du azkenean bigarren aukera horrek. Iñaki Arzoz da talde horren partaideetako bat. Edozein galderari erantzun aurretik zehaztu nahi izan du bere izenean baino ez dituela egingo adierazpenak, taldeak ez baitu oraindik balorazio ofizialik egin. Berari, edonola, "ongi" iruditu zaio Senaturako adostutako batasuna, baina argi du ez dela zehatz-mehatz haiek eskatutako hautagaitza eredua: "Guk hiritar ereduko hautagaitza eskatzen genuen, herritarrek osatua, eta ez hainbeste lau alderdiren arteko akordio bat". Edonola, uste du "positiboa" dela hartutako erabakia.

Dioenez, "justizia poetikotik ere asko du" Senaturako aurkeztutako zerrenda bateratuak. "Ikusi dugu nola Kongresurako hain zaila eta kasik ezinezkoa zela esaten zitzaiguna bi aste hutsetan lortu den Senaturako. Horrek erakusten du borondate politikoa dagoenean nahiko erraza dela akordioak lortzea". Halere, hauteskundeetara elkarrekin aurkezteaz harago, beste urrats bat eskatu die alderdiei Arzozek, bere plataformak eskatu bezala. Hauteskundeen osteko akordioa galdegin diete, Nafarroako "interes komunak" defenda ditzaten, "Nafarroako aldaketaren aldeko diputatu zein senatarien jarrera irmoa izan dadin".

Ezagunak dira hautagaitzaren izena, irudia eta hautagaiak. Lehen indarra izanez gero, Patxi Zamora kazetari eta Kontuz elkarteko bozeramailea, Ana Lujan Tuterako Argia ikastolako zuzendari ohia eta Iñaki Bernal Berriozarko Ezkerrako zinegotzia izango dira Madrilen senatari. Horretarako, 5.025 sinadura eskuratu beharko dituzte astelehena baino lehen, hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko.

Programa, ordea, ez da oraindik ezaguna. Eta Arzozek dioenez, "pragmatismo" kontu batekin du lotura horrek: "Kasu honetan, helburu batean jarri dira ados, hain zuzen ere, UPN-PP blokeak ez dezan ordezkaritza zabalik atera. Hau da, eduki akordio bat baino, aldaketaren kontrako blokearen aurrean hartutako posizio bateratua izan da".

Hortaz, adosteke dago hautagaitzaren programa. Eta, hasiera batean, orain sortutako pitzadurek ez lukete horretan eraginik izan behar. Programa zehatzik gabe bada ere, hautagaiek aurreratu dituzte plataformaren balio nagusiak. Joan den ostiraleko ekitaldian, Zamorak laburbildu zuen batasunak hautagaitzari eransten dion balioa: "Elkarrekin lan egiten ikasi beharra dugu, elkarrekin ez garelako gehiago bakarrik, hobeak baizik".

Errepresioak badu izenik

Errepresioak badu izenik

Liburu hau kolpe moral, politiko eta etiko handia da Nafarroako gizartearentzat". Horixe nabarmendu du Fernando Mendiola NUPeko irakasle eta historialariak, Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores lanari buruz. Fernando Mikelarena Zaragozako Unibertsitateko irakasle eta historialariak idatzi du (Bera, 1962), Pamiela etxearekin. 557 orritan, izen-abizena jarri die 1936ko errepresioaren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileei. Hamaika artxibotan eta iturritan arakatu du, bost urtez, eta herritarren esku jarri du emaitza. Ezagutu beharrekoa delako, haren hitzetan.

Bat egin du iritzi horrekin NUPeko irakasle eta Zuzenbidearen eta Erakundeen Historian katedradun Gregorio Monrealek. Zer gertatu zen jakiteko beharra nabarmendu du. Eta erantsi du horretarako balio duela Sin piedad liburuak. "Jauzi kualitatiboa egin du Mikelarenak lan honekin. Ez die bakarrik basoko zuhatzei erreparatu; zuhaitz bakoitzak basoan duen tokiari ere bai. Liburu hau irakurtzen duzunean, erantzuleen berri jasotzen duzunean, eta biktimen babesgabetasunaz eta haienganako krudeltasunaz jabetzen zarenean, zure sentimenduak azaleratzeko beharra sentitzen duzu; garbiketa politikoa jasan zutenenganako elkartasuna azaltzekoa".

1936ko altxamendu militarraren ondotik, errukirik izan ez zutenei egin die so Mikelarenak bere azken liburuan. Lan mardula da. Gogorra. Bai eta beharrezkoa ere. Gerra fronterik gabe, 3.000 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten Nafarroan, eta bertze milaka eraman zituzten preso, gainera. Mikelarenak errepresioaren intentsitatea aztertu du, hain zuzen ere, eta zehaztasunez ikertutako bertze hainbat herrialdetako datuekin alderatu ditu Nafarroakoak. Emaitzak lehena bilakatzen du herrialde hori: "Bertze 37 probintziatan gertatu zenarekin alderatuta, eta errepresioa ezkerreko biztanle kopuruaren arabera neurtuta, hemen inon baino latzagoa izan zen", nabarmendu du egileak; gogoratu du altxamendua gertatu eta egun gutxira Nafarroa frankisten kontrolpean zela jada.

"Nafarroa, bertze behin, laborategi bilakatu zuten". Horixe salatu du historialariak, eta, horregatik, hain zuzen ere, auzia modu integral batean aztertzeko beharra jarri du mahai gainean. "Kontuan hartzen ohi ez diren arduradunei so egiteko garaia da. Biktimak biktima dira biktimarioak badirelako". Eta biktimario horiek diren aldera begiratu du Mikelarenak bere liburuan.

"Laguntzaile anonimoak"

Erantzuleak, laguntzaileak eta gauzatzaileak. Azpititulu hori hautatu du Mikelarenak bere liburuarentzat, hainbat ardura mota bereizten ahal direlako, haren hitzetan, 1936ko garbiketa politikoan: "Lehen mailan dira agintari militarrak", nabarmendu du historialariak. Erreketeen eta falangisten buruzagiak kokatu ditu bigarrenean; eta hirugarren maila batean, berriz, "bertzeak hiltzeko prest" zirenak. "Heriotza eskuadroiak osatu zituzten; Iruñeko Aguila, edo Tuterako Escuadra Negra, adibidez". Baina bada arduradun gehiago, Mikelarenak liburuan jaso duenez: "Laguntzaile anonimo haiek guztiak". Altxamenduaren ondotik, bizilagunaren aurka egiteko prest agertu ziren haiek.

"Zer gertatu zitzaion jende horri? Zer gertatu zen jende hori modu horretan brutalizatzeko?", galdetu dio Mikelarenak bere buruari; liburuan erantzuna ematen ahalegindu da historialaria. "Nik uste dut erantzule nagusien estrategia izan zela ardura banatzea; erregimenarentzat errazagoa izan zen eskuak odolez zikindu zituzten haien babesa jasotzea, eta, horrela, taldea batzea". Gehiago erran du Mikelarenak: "Saiatu ziren ahalik eta jende gehien biltzen, arlo guztietan errugabe joko zituztela ziurtatzeko; arlo juridikoan, memoriaren arloan, bai eta historiarenean ere". Bereziki egin dio so Mikelarenak "pertsona arrunten" kasuari. "Pertsona horiek saiatu ziren, neurri handi batean, haien burua zuritzen, errepikatuz, adibidez, erlijioaren izenean egiten zituztela egiten zituztenak. Erantzule nagusiek jakin zuten gisa horretako laguntzaileak haien ondora biltzen, eta, modu horretan, haien isiltasuna bermatzen".

Herritarren brutalizazio prozesu hori Erriberan hasi zen mamitzen, Mikelarenak agerian utzi duenez. "Boluntario errekete eta falangista anitzek parte hartu zuten herritarrak atxilotzeko miaketetan".

Buruzagi karlisten eta falangisten erantzukizuna jarri du Mikelarenak agerian, eta "Nafarroako eliteko ordezkariek ere" errepresio prozesuan parte hartu zutela nabarmendu du. "Ez da zuzena garbiketa politikoaren ardura guztia karlisten eta falangisten buruzagien esku jartzea; karlisten eta falangisten artean ordezkaritza bazuten eliteko kideak ere baziren gertatzen ari zenaren erantzule. Botereari eutsi nahi zioten".

Han eta hemen bilatu ditu Mikelarenak liburua osatzeko datuak. Hamaika artxibotako agiriak aztertu ditu, tartean hainbat espetxetakoak. Errepresioan parte hartu zutenek idatzita utzitako lekukotasunak ere baliatu ditu historialariak. "Barasoaingo bizilagun baten fitxan, adibidez, 43 urte zituen eta bost seme-alabaren aita zen gizon horrek onartu zuen behin Iruñera joan zela hainbat pertsona fusilatzera".

Jose Maria Jimeno Juriok 1970eko hamarkadan herriz herri jaso eta grabatutako lekukotasunak erabili ditu Mikelarenak, halaber. "Historialariak gaitasun aparta erakutsi du, gainera, han eta hemen jasotako datu hutsekin informazio zati sendoak osatzeko", nabarmendu du Gregorio Monrealek. Iturri horiek eman diote liburua osatzeko aukera Mikelarenari. Historiografian hutsuneak badirela salatu du, hala ere. Nahita isilarazitako testuak eta agiriak. Kontakizunetik at utzi nahi izan dituzten erantzukizunak. Arrastoa utzi dute, ordea, eta Fernando Mikelarenak tira egin dio, sendo, hariari. Memoriari ezarritako giltzarrapoa, behingoz, irekitzeko.

“Guk egin nahi ez dugun lana egiten dute xerpek”

“Guk egin nahi ez dugun lana egiten dute xerpek”

Gailurrak, bailarak eta lagunak izaten ditu zain Koldo Aldazek, beti, Nepalen (Iruñea, 1956). Dozenaka aldiz joan da, mendiaz gozatzera, eta mendian lan egitera, gidaria baita. Nepalgo pobrezia ikusi du aurrez aurre, eta, hango herria laguntzeko, Lukla-Lodge fundazioa sortu zuen, duela hainbat urte. Udaberrirako ari da hurrengo bidaia prestatzen. Bidaia solidarioa izanen da.

Nolakoa izan zen Nepalera joan zinen lehen aldi hura?

Indiatik joan nintzen Nepalera lehenengo aldiz, 1983 edo 1984an. Indiara espedizio batera joan ginen, eta, itzuli baino lehen, Nepal ezagutzea erabaki genuen. Katmandu, orduan, toki mitikoa zen. Turismoa urte gutxi lehenago hasi zen hara joaten.

Zer sentitu zenuen?

Orduan dena nahiko bukolikoa zen, oraindik ere. Antzinako giroa zegoen, adibidez, Katmandun. Musikariak aritzen ziren hainbat auzotako izkinetan, musika tradizionala jotzen. Erdi Aroko hiria ematen zuen. Ederra zen. Ez zuen zer ikustekorik oraingo giroarekin.

Anitz aldatu da?

Bai. Mendiz inguratutako herria da Nepal. Ia ez dago errepiderik. Jendea mendiko herrixketan bizi da, eta oinez mugitzen da toki batetik bertzera. Turista gehienak mendiren bat igotzera edo trekking egitera joaten dira harat. Turismo mota horrek ekarri du hotelak eta aterpeak egitea, eta, noski, horrek izan du eragina herriko egunerokoan.

Mendizaleen artean ere gertatu dira aldaketak?

Bai. Lehen, jende hagitz gaztea joaten zen, abenturazalea. Orain, ezberdina da giroa. Orain, Nepal mundu guztiarentzako toki bilakatu da.

Aldatu da mendia ulertzeko modua?

Trekking jarduerak ez dira anitz aldatu, baina mendi garaiak menpean hartzeko espedizioak, berriz, bai. Erabat. Orain zinemetan ikus daitekeen Everest filmak balio digu gertatzen dena ulertzeko. Munduko mendirik garaiena da Everest, eta espedizio komertzial batean batere esperientziarik ez duen jendea joan daiteke. 2000. urtean Everestera joan nintzen, eta han bazen kranpoiak nola jarri ez zekien jendea. Nik ikusi nuen hori. Beheko kanpalekuan ari ziren kranpoak nola jarri ikasten. Hori ikaragarria da. Gu Himalaiara joaten hasi ginen garaian pentsaezina zen hori gertatzea. Orduan Himalaiara onenak bakarrik joaten ziren, esperientzia handiko mendizaleak.

Orain dirua duen edozeinek du 8.000 metroko mendi bat igotzeko aukera?

Dirua ez da inportanteena, ilusioz eta gogoz gauza handiak lor daitezkeelako. Baina egia da dirua duenak, gaur egun, baduela aukera Everest igotzeko. Ordaindu, eta gailurreraino ere eramaten dituzte. Xerpek eramaten diete dena. Bai eta oxigenoa ere. Botila aldatu ere egiten diete.

Zer deritzozu zuk horri?

Bertze hainbat arlotan gertatzen dena gertatzen da mendian ere; jarduera erabat komertziala bilakatzen denean, bere funtsa galtzen du. Argi dago hori ez dela jada kirol jarduera bat. Horrek, kirol erronkaren ikuspuntutik, ez du inolako zentzurik. Egia da lehen ere erabiltzen zela oxigenoa, baina baliatzen zen bertzelako baliabideak eskasak zirelako. Gaur egun, adibidez, bada xerpa talde bat izotz handiko zatira joan, eta mendizaleentzat prest uzten duena. Eskalak eta sokak jartzen dituzte mendizaleen lana errazteko. Himalaiako doktore erraten diete xerpa horiei. Lehen horrelakorik ez zen.

Zer harremana dago mendizaleen eta xerpen artean?

Xerpak dira Nepalgo heroiak. Guk egin nahi ez dugun lana egiten dute haiek. Han jaio dira, eta erraztasun handiagoa dute, noski, egokitzeko. Bertze lan aukerarik ere ez dute. Zamaketari edo gidari izatea. Ingelesez ez dakienak, adibidez, zaila du gidari bilakatzea, eta zamaketari lana du irtenbide bakarra. Ez dut egoki ikusten, hala ere, 12 edo 13 urteko haurrak erabiltzea zamaketari gisa. Eta gertatzen da hori. Nahiko ohikoa da. Ez baitute bertze lanik. Protestak ere izan dira; Everesten, adibidez, egon zen elur-jausi handi haren ondotik, xerpek salatu zuten agentziek egiten zizkieten aseguruen baldintzak ez zirela onak. Eta gailur garaienetan aritzen diren xerpak dira, hain zuzen, hobekien kobratzen dutenak. Are okerragoa da zamaketarien egoera. Bada egoera hori hobetzeko interesa. Gobernua ere ari da urratsak egiten.

Menditik kanpo, nolakoa da Nepal?

Trekking egiteko ibilbide batetik gertu diren mendiko herrixketan turismoa da jarduera nagusia. Bakoitzak ahal duena egiten du turismo horri etekina ateratzeko. Turismoa, finean, diru sarrera nagusia da Nepalen, nazioarteko laguntzaren ondotik. Herri izugarri pobrea da. Bakartuta bizi diren herrixketan, turismoarekin hartu-emanik ez dutenetan, nekazaritzari eta abeltzaintzari esker bizi dira. Horiek dira mendiko herrixketako populazioaren %80 edo. Bizimodu latza da, baina duina.

Eta hirietan?

Bertzelakoa da giroa hango hiri apurretan. Miseria nabarmena da, eta pobrezia, begi bistakoa.

Horrek bultzatu zintuen Lukla-Lodge izeneko fundazioa sortzera?

Lukla izeneko herri horretako xerpa familia bat ezagutu eta gero sortu zen asmo hori. Pasang izeneko haurrak amarekin joan nahi zuen, baina ez nion utzi. 12 urte zituen. Espedizioa amaituta, Pasang Iruñera ekarri nuen. Hamar urtez egon da gure etxera etortzen. Orain gidaria da bera. Kontua da Pasang ezagutu eta gero haren familia laguntzeko aterpea eraiki genuela haien lurretan. Haientzat, eta inguruko bertze herritarrentzat ere bai. Ingelesa irakasteko tailerrak eta gisakoak egitea zen asmoa. Baina bertan behera gelditu da, oraingoz, egoeraren larritasunak bultzatuta.

Nepalen gertatutako lurrikaren ondorioz?

Hala da. Zorionez, aterpea zutik da, baina inguruko bertze etxe anitz behera erori dira. Eta herrixkak berreraikitzen laguntzen ari gara. Gure fundazioaren bidez jasotzen dugun euro bakoitza zuzenean doa Nepalera. Guk bertzelako gasturik ez dugu. Datorren udaberrirako, gainera, trekking solidario bat antolatzen ari naiz. Asmoa da nire gidari lana doan eskaintzea. Norberak ordainduko du bere bidaia eta aterpeko gastua. Turismoa da haien jarduera nagusia, eta sustatu egin behar dugu.

Iritzia: Alde Zaharreko liburutegia

Urteak dira jada Iruñeko Alde Zaharreko liburutegiaren aferarekin bueltaka gabiltzala gu, auzokideok; gu, liburuzainok. Eta anitz dira jada gaiaren inguruan idatzitako lerroak. Egia da, baina, orain puntu berri batera iritsi garela: duela egun batzuk Iruñeko Alde Zaharreko liburutegi publiko baten aldeko lantaldeko kide batek, denen izenean pentsatzen dut, eskutitz bat argitaratu zuen, eskatuz, bertzeak bertze, pribatizatua dagoen eta printzipioz aurki kudeaketa publikora bueltatuko den liburutegi honek "berezitasun" bat izatea: liburutegiaren eta bizilagunen arteko partaidetza bermatzea, hau da, "liburutegi komunitarioa" izatea, irekia, parte hartzailea, integratzailea eta berdintasunean oinarritua, eskuragarria, gardena eta kulturalki bizia.

Ez dakit noiz galdu zen lantalde honek zeukan auzokide eta liburuzainen arteko elkarlana, baina argi dago galdua dagoela. Bertzenaz, eskutitz horretan ez zen erranen auzoak nahi duena "liburutegi komunitario bat" denik. Eta ez ezaugarri horiek guztiek izan behar ez dituelako, baizik eta ezaugarri horiek guztiek "liburutegi publikoa" definitzen dutelako. "Berezitasunik" gabe. Hori da liburutegi publiko bat: irekia, parte hartzailea, herri edo auzoaren parte dena. Herriaren zerbitzu publiko bat, beraientzat eta beraiena, gaian adituak diren profesionalek kudeatua: liburuzainek.

Nondik dator, beraz, kontzeptuen nahaste hori? Auzokideek zergatik uste dute liburutegi publiko batekin ez dela nahikoa eta zergatik ari dira eskatzen "berezitasunak" dituen liburutegi bat? Bada, urteetan Nafarroako Gobernuak eta haren bitartez Nafarroako Liburutegien Sareko buruek ez dituztelako liburutegiak beharrezkoak diren baliabide ekonomiko, material eta pertsonalekin hornitu. Beraiek izan dira liburutegietan "sinetsi" ez duten lehendabizikoak, eta liburutegi publikoari lotuta joaten diren ezaugarri horiek guttinaka kentzen joan dira, herriari sinetsaraziz liburutegi publikoak liburuz betetako eraikinak bertzerik ez direla.

Horregatik, pozgarria da ongi hornitutako liburutegi publikoetan sinesten (eta amesten) duen herritar bezala, Alde Zaharreko bizilagunak herri aldarrikapen hori egiten ari direla ikustea. Urteak pasata ere hor jarraitzen dutela, tinko eta eutsiz. Egiazki pozgarria da. Baina liburuzain gisa hemendik ozen erran nahi dut eskatzen ari direna ez dela deus berezirik, baizik eta beraien lantaldearen izenak argi uzten duen bezala, liburutegi publiko baten alde egiten ari direla. Eta hor gaudela gu ere, kolektibo profesional bezala, borroka beraren bidetik pausoak ematen, baliabide ekonomiko, material eta batez ere pertsonalak eskatzen, profesionaltasunetik herriarena den zerbitzu publikoa kalitatez eskaini ahal izateko.

Lortuko dugulakoan nago, gauzak aldatzen ari baitira. Ez da erraza izanen, baina elkarlana eta auzolana alde ditugulako, auzokideek eta liburuzainek lortuko dugu. Eta liburutegi publiko bat zer den —zer beharko lukeen— gehiago jakin nahi duenarendako, irakur dezala Pautas sobre los servicios de las bibliotecas públicas.