Ion Orzaiz / BERRIA Sakelakoa itzali du Victor Rubiok (Barakaldo, Bizkaia, 1965), elkarrizketa hasi aitzin. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko buruzagitza utziko zuela zabaldu zenetik, telefonoa joka ari zaio etengabe. Kazetariak, politikariak eta, batez ere, Nafarroa osoko lankideak. Animoak emateko deitzen diote gehienek, baita kargua uzteko erabakian atzera egin dezala eskatzeko ere. «Nire dimisioak kontzientziak astintzeko eta egoera hobetzeko balio badu, ongi...

“Patriarkatua betikotzen ahalegintzen da”
Edurne Elizondo
Feminismoari lotutako bidea egin du Pilar Bobesek (Oviedo, Asturias, Espainia, 1948). Emakume elkarteetan egin zituen lehen urratsak, eta MIRaN foroan jarraitu nahi du, orain, lanean. Kezkatzen du egungo egoerak, gazteen arteko matxismo...

Hutsetik hasi direnen kluba
Edurne Elizondo
Askaria hartzen ari dira. Umore onez. Batzuez eta bertzeez hitz egiten. Eritasunaz ere bai. Urte luzez izan baitira Antonio Garcia, Toñin Elcid, Juan Pedro Azkoaga, Juan Jesus Zabalza eta Iñaki Urrutia gaixo hepatikoak. Transplante batek hutsetik hasteko aukera eman zien arte. Duela hamar urte egin zioten ebakuntza Antonio Garciari (Iruñea, 1956). Atehna Transplantatu eta Gaixo Hepatikoen Nafarroako Elkarteko presidentea da. "Egoera berean direnak lagundu nahi ditugu. Gaixo datorrena eskutik heldu, eta ongi dagoen arte ez utzi".
2008. urtean sortu zuten elkartea. Toñin Elcid (Iruñea, 1954) ia hasieratik izan da kide. Duela bederatzi urte egin zioten transplantea: alaba batek eman zion bere gibelaren zati bat. "Bertze aukerarik ez nuen jada". Bederatzi hilabetez egon zen transplantea egiteko itxaron zerrendan. Minbizia zuen gibelean. "Bi hepatokartzinoma nituen; laurekin zerrendatik aterako nindutela erran zidaten medikuek". Gaixotasunak okerrera egin zuen, eta lau tumore izatera iritsi zen Elcid. Organo bat jasotzeko aukerarik gabe gelditu zen, ondorioz. "Argi utzi zidaten aukera bakarra bizirik zegoen emailea aurkitzea izanen zela", gogoratu du.
Bereak egin zuela pentsatu zuen Elcidek, zerrendatik atera zutenean. "Gaizki nengoen". Alabak emaile bilakatzea erabaki zuen. "Ebakuntzaren egunean ezin urduriago nintzen; ez nigatik, alabarengatik baizik. Medikuek argi utzi ziguten arriskua oso txikia zela, baina, halere, gaizki pasatu nuen". Egun, orbaina da ebakuntzak Elciden alabari utzitako arrasto bakarra.
Juan Jesus Zabalzarentzat (Iruñea, 1964) "hagitz lagungarria" izan zen Elciden esperientzia. Hepatokartzinomek utzi zuten Zabalza ere organoa jasotzeko itxaron zerrendatik kanpo. Une hartan, 21 pertsona zituen aurretik. "Bizirik zegoen emailearen aukera aipatu zidatenean, nik ez nekien hori nola egin zitekeen ere; inoiz ez zitzaidan halako aukera burutik pasatu ere egin".
Elcidekin hitz egin zuen arte. "Medikuek datuak ematen dizkizute; estatistika hutsak, alegia. Baina Toñinek alabaren gibelaren zati bat jaso zuela jakin eta gero, anitz lasaitu nintzen". Arrebaren senarrak eman zion bere gibelaren zati bat Zabalzari, 2009. urtean. Bertze bi senidek egin zituzten, aurretik, emaile izateko probak, baina bazter utzi zituzten: "Nire arrebak finegiak zituen zainak; eta bertze koinatu bat, berriz, gibelaren tamainagatik baztertu zuten".
Gibelak bi lobulo ditu, eta haietako handiena ematen dio emaileak organoaren premia duen gaixoari. "Emailearen zatiak, halere, gutxieneko tamaina bat behar du izan; gibel osoaren %35 gutxienez, alegia", azaldu du Zabalzak. Adin muga bat ere bada organo bat eman nahi dutenentzat: 55 urte. "Hori da halako kasuen abantailetako bat, organo gazte bat jasotzen duzula. Gainera, gorputz batetik atera eta berehala sartzen dute bertze batean, eta horrek gutxitu egiten du, neurri handi batean, iskemiarako arriskua; izan ere, gibela gorputzetik ateratzen denean, gehienez ere 15-16 orduz da erabilgarria", erantsi du Antonio Garciak.
Zirrosia eta tumoreak
Garciak, Iñaki Urrutiak (Iruñea, 1963) eta Juan Pedro Azkoagak (Arrasate, Gipuzkoa, 1948) hildako emaile baten eskutik jaso zuten behar zuten gibela. Hirurek zuten C hepatitisa. Zabalzak ere bai. "Izan ere, zirrosia duten gaixo anitzek garatzen dituzte hepatokartzinomak. C hepatitisa dagoenean, fibrosia badago. Eta fibrosiak okerrera egiten duenean, zirrosi bilakatzen da", azaldu du Garciak. Zirrosia dagoenean hepatokartzinomak garatzeko dagoen arriskuak "Damoklesen ezpata" bilakatzen du gaixotasuna. "Horregatik eskatu dugu guk zirrosia duten gaixoei ekografia egitea sei hilabetean behin". Gaixotasunari aurrea hartzeko, berandu baino lehen. Kontuan hartzeko datu bat jarri du Garciak mahai gainean: "Nafarroan badira C hepatitisa dutela ez dakiten 4.000 pertsona".
Garciari duela hamar urte egin zioten transplantea, eta onartu du ebakuntza gogorra egin zitzaiola. Ez hainbertze fisikoki. "Kontua da ni ongi sentitzen nintzela; 30 urtez egon naiz gaixo, baina transplantea egin aurreko egunean, oraindik ere, lanean nintzen". Itxaron zerrendan lehena zela errateko jaso zuen lehendabiziko deia. "Urduritzen zaitu horrek, ezin da ukatu". Biharamunean, ebakuntza eginen ziotela erran zioten. Emailea bazela harentzat.
"Emazteak bakarrik zekien; transplante baten zain zaudenean inoiz ez dakizu zenbat denbora itxaron beharko duzun; ez nituen ingurukoak alferrik kezkatu nahi". Garciak onartu du senideentzat gogorragoa izaten ohi dela egoera. Hitz horiekin bat egin du Iñaki Urrutiak, Transplantatu eta Gaixo Hepatikoen Nafarroako Elkarteko presidenteordeak. Duela hiru urte eta erdi egin zioten hari ebakuntza. "Organoa jaso baino lehen, bizirik zen emaile baten eskutik jasotzeko aukera aipatu zidaten, baina nik halakorik ez egitea erabaki nuen; ez zitzaidan bidezkoa iruditzen inori halakorik eskatzea".
"Eskatu, eskatu... nik ere ez nion inori eskatu, baina etxean zure egoeraren berri dutenean zure hurbilekoek lagundu nahi dute, eta haien esku badago zu sendatzea, ez dute bitan pentsatzen", erantzun dio Elcidek Urrutiari. Azken horrek aitortu du ia inori ez ziola eman bere egoeraren berri. Eta horrekin lotu du bizirik zegoen emaile baten eskutik organoaren puska bat jasotzeko aukera baztertu izana.
Medikuek argi eta garbi hitz egin zioten Urrutiari gaixotasunaren larritasunari buruz. "Niri espezialistak erran zidan ni bezala zeuden guztiak hilak zirela bost urteren buruan. Niri epea luzea iruditu zitzaidan!".
Juan Pedro Azkoagari duela bost urte egin zioten transplantea. "Zortzi hilabetez egon nintzen itxaron zerrendan. Egun batean, telefonoz deitu zuten etxera. Niretzat gibela bazela erran zidaten".
Azkoagaren transplantearen orbaina ez da agerikoa. Burutik kendu dioten azaleko orbanarena bai, ordea. Hori da organo bat jaso dutenek pairatzen duten alboko kalteetako bat. "Botiken ondorioz gertatzen zaigu; gorputzak organoa onar dezan inmunoezabatzaileak hartu behar ditugu; defentsak apal izaten ditugu, eta eguzkiak ohi baino kalte handiagoa egiten digu", azaldu du Garciak. "Azaleko minbizia izateko %400 aukera gehiago dugu", erantsi du Urrutiak. Gogora ekarri du ebakuntza egin behar zuenean medikuak zer erran zion: "Heriotza eragiten duen gaixotasun bat sendatuko dizut; horren ordez, gaixotasun kroniko bat izanen duzu". Urrutiak, adibidez, bederatzi pilula hartu behar ditu egunean. "Tarteka gaixotzen gara", onartu dute denek.
Itxaron zerrendak, behera
Aurrera jarraitzeko aukera izateko ordaindu behar duten prezioa da hori, transplanteak lotuak dituen ajeei aurre egin behar izatea. Eta ez da garestia, bostek nabarmendu dutenez. Transplanteak erabat aldatu du haien egunerokoa, eta etorkizun luzeago baten aukera jarri die mahai gainean. Horregatik, organo emaile bilakatzeko eskatu diete elkarteko kideek herritar guztiei. Argi utzi dute azken erabakia familiak hartzen duela, eta, ondorioz, garrantzitsua dela emaile izateko nahiari buruz hitz egitea hurbilekoekin. Garciak nabarmendu du familiaren iritziaren gainetik dagoela, halere, norberak egiten duen bizi testamentua. "Emaile izatea da zentzuzko aukera", erran du elkarteko presidenteak.
Gibeleko transplanteen kasuan, halere, itxaron zerrendak behera egin du azken urteotan. "2009. urtean 21 pertsona zeuden; 2015ean bi bertzerik ez; eta une honetan, berriz, sei". Kopuruaren beherakadak lotura du C hepatitisa sendatzeko botikekin, Garciak nabarmendu duenez.
Bizirik diren emaileen kasuak ere badu eragina. Normalean senideen artean egiten dira gisako ebakuntzak, baina ez beti. "Elkartera ere etorri dira hainbat pertsona, emaile izan nahi dutela erratera. Guk transplanteen koordinatzaileekin jarri ditugu harremanetan", erran du Garciak. Horien eskuzabaltasuna nabarmendu dute Atehna elkarteko kideek.
Organo emaileen eguna da ekainaren 4a, eta Transplantatu eta Gaixo Hepatikoen Nafarroako Elkarteak ospatu eginen du. Ekainaren 11rako besta eguna antolatu dute, Valtierran. Zer ospatu badutelako.
Bihotz artifiziala garatzeko bidean
E. Elizondo
Argi-ilunez betetako bidea da organo transplanteena. Nafarroan, 1984. urtean egin zuten bihotzeko lehenengoa. Ongi atera zen aurrenekoa izan zen hori, zehazki. "Espainian, 1968an egin zen lehendabizikoa, baina gaixoa ez zen kirofanotik ater...

Oinezkoen Iruñea helburu
Asier Garcia Uribarri
Mugikortasuna gai korapilatsua da. Bizilagun guztiei eragiten dielako, eta tokian tokiko erakundeek zentzu batean edo bestean hartu behar dituztelako erabakiak. Iruñeko Udala mugikortasun plan berria garatzen ari da. Haren helburua oinezkoei erabateko protagonismoa ematea da, garraio publikoa eta bizikletaren presentzia indartuz. Hori guztia auto pribatuaren kaltetan izango da. Hilaren 20an, jardunaldi irekiak antolatu zituen udalak herritarren iritziak ezagutu eta planean beharrezkoak diren aldaketak ezartzeko.
"Oinezkoek izan behar dute mugikortasunaren errege-erreginak", azaldu du Armando Cuenca Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko zinegotziak, jardunaldiak aurkeztean. Cuencak argi utzi du udalak zer hierarkia ezarriko duen ordenantza berrian: oinezkoak, garraio publikoa, bizikleta eta, azken puntuan, auto pribatuak. Hala ere, zehaztu du sailkapen berria ez dutela "gatazka terminoetan" planteatu nahi. Baina argi utzi du Iruñeak egun duen banaketa modua "modu sakonean" aldatuko dutela.
Hasteko, espaloietatik jaitsi nahi dituzte bizikletak eta gainerako ibilgailuak, hala nola patinak, gurpil aulki motordunak eta sitway ibilgailuak. Ez da lan erraza hori, Iruñean bizikletarekin eta bestelako ibilgailu geldoekin ibiltzen diren pertsona ugarik errepidean ibiltzeko beldurra baitute, autoek hartzen duten abiadura handiagatik.
Hori egin ahal izateko, neurri zehatzak jarriko dituzte martxan. Legearen aldetik, bizikletak eta ibilgailu motordunak berdinduko dituzte. "Aldaketa ona da, bizikletentzat aldarrikatuko baitugu bidean izan beharreko tokia. Hau da, bidearen erditik joateko aukera, eta ez soilik bazter batean. Hala ere, badakigu ez direla autoak. Horregatik, nahiz eta bideetan sartu, ezaugarri bereziak izango dituzte. Abiadura handian ibil daitekeen errepideetan bizikletentzako bide bereziak jarriko ditugu. Besteetan, ordea, errepidea autoekin partekatu beharko dute", adierazi du Eduardo Zapata Iruñeko Udaleko Mugikortasun zerbitzuko arduradunak. Modu horretan konpondu nahi dute bizikleten erabiltzaileen eta oinezkoen arteko gatazka.
Hala ere, guztiaren gakoa hiri eredua aldatzea dela uste du Cuencak. "Epe ertainean ez badugu gure kaleen diseinua aldatzen, gutxirako balioko dute egin ditzakegun legedi eta azpiegitura berriek", adierazi du Cuencak.
Gai korapilatsua da txirrindulariek espaloia hustea. Udalak antolatutako jardunaldietan, hiru tailer egin zituzten herritarren iritzia ezagutzeko, eta gai hori landu zuenak izan zuen parte hartzaile gehien. Hogei lagun inguruk zalantzak azaldu zituzten Josu Benaito Donostiako Udaleko Ingurumen zuzendariak dinamizatutako saio horretan. Beste bietan, oinezko eta bizikleten arteko elkarbizitza eta txirrindularien segurtasunerako arauak landu zituzten.
Zalantza ugari
Benaitok urteak daramatza mugikortasunaren eta garraioen munduan lanean, Donostiako Udalean eta baita Eusko Jaurlaritzan ere. Hark gidatutako tailerrean bizikletaren erabilerarekin lotutako artikuluak errepasatu zituzten, horiekin sor zitezkeen zalantza edo gatazkak bideratzeko.
Hasteko, esan zuen ordenantza berriak debekatu egingo duela txirrindulariak espaloietatik ibiltzea. Arauaren arabera, errepide, bizikleta bide, bizikleta espaloi, ibai parke, bizitegi kale eta paseoetan joan behar dute bizikletek. Parte hartzaileek azken helburua horrek izan behar duela uste badute ere, zalantzak zituzten errepideetara noiz jaitsi. Zenbaiten aburuz, lehenengo beharrezko azpiegiturak egin behar dira, bizikleta bideak kasurako, eta ondoren legedia egin. Benaitok azaldu zuen azpiegiturak egin ahal izateko beharrezkoa dela hori sostengatzen duen legedia egotea. Hala ere, onartu zuen trantsizio garai bat beharrezkoa izango dela.
Artikulu horretako beste puntu gatazkatsu bat bizikleta bide eta espaloien nahastea izan zen. Bizikleta espaloiak oinezkoen neurri berean dauden bide berezituak dira. Hainbat herritarrentzat, bizikletentzako bideek homogeneotasuna behar dute, eta uste dute bizikletak espaloian sartzea ez dela irtenbide ona. Beste batzuek, ordea, uste dute bizikletaren bideak ezberdinak badira ere jarraitutasuna izatea dela egokiena.
Aukera bat edo bestea nahiago, parte hartzaile gehienak lanak zentzu berean egitearen alde agertu dira. Salatu baitzuten orain arteko esku hartzeak erabat independenteak eta loturarik gabekoak izan direla. Era berean, udalari eskatu zioten ausarta izateko eta atzera ez egiteko autoari lekua kentzeko orduan.
Ordenantza martxan jartzean, argi dago modu batera edo bestera bizikletek errepidetik joan beharko dutela. Egun, horrela egiteko aukera badute ere, eskuineko bazterretik ibili behar dute. Ordenantza berriarekin, txirrindulariek euren bidearen erditik joateko eskubidea izango dute, eta autoek haiek aurreratzeko ondoko bidera pasatu beharko dute. Benaitok azaldu zuen ez dela aurreikusten bizikletek autobus bideetan ibiltzeko aukerarik izango dutenik. "Autobusaren bidetik bizikletak sartu dituzten hiriek atzera egin dute. Garraio publikoak lehentasuna behar du. Kasu oso zehatzetan baimendu daitekeela uste dut".
Jardunaldia bukatzeko Alberto Lorente Zaragozako Udaleko Mugikortasun zinegotziak hango mugikortasun plana azaldu zuen. Lorenteren arabera, prozesu konplexua da bizikletek espaloia hustea, beti egongo baitira txirrindulariek erabiliko dituzten kaleak, bereziki alde zaharrean. Horregatik, espaloi batzuetan bizikletaz ibiltzea baimentzearen alde egin zuen. Betiere, bideak egokituz eta horietan seinaleak "modu argian" jarriz gero. Donostiako plana eredutzat jarri du.

Ezkabako memoria bizia
Edurne Elizondo
Duela 78 urte gertatu zen. 1938ko maiatzaren 22an. Iruñe ondoko Ezkabako gotorlekuan preso ziren 795 lagunek ihes egin zuten. Haietatik 206 tiroz hil zituzten mendian, eta 586, berriz, atxilotu. Ihesaldia antolatzea leporatuta, gainera, hamalau pertsona fusilatu zituzten. Ihes egin zutenetatik hiruk bakarrik lortu zuten muga pasatzea: Jovino Fernandezek, Jose Marinerok eta Valentin Lorenzok. Laugarrena ere izan ote zen iradoki zuen Fermin Ezkietak, Pamielarekin 2013an argitaratutako Los fugados del Fuerte de Ezkaba, 1938 (Ezkabako Gotorlekuko iheslariak, 1938) liburuan.
Iaz, Pamielak plazaratutako bertze liburu batean, Ezkaban gertatutakoa eleberri bilakatu zuen Luis Garde idazle iruindarrak. Duela urtebete euskaraz emandako Ehiztariaren isilaldia gaztelaniaz argitaratu du orain, El silencio del cazador izenburupean, eta 80 orrialde gehiagorekin. "Ezkabakoa memoria bizia da, beti bada hari berri bati tira egiteko aukera", nabarmendu du egileak, ihesaldiaren urteurrenaren harira.
Memoria bizia delako, hain zuzen ere, Ezkaban preso egondako guztiek jaso zuten herritarren omenaldi beroa, igandean. Txinparta elkarteak antolatu zuen, urtero bezala. Frankismoaren eskutik espetxe bilakatutako gotorlekua da Nafarroako memoria historikoaren mapan toki nagusietako bat. Horregatik, Ezkaba mendiko magala Garderen eleberriko agertokia baino gehiago da. "Gaztetan besta egiteko toki izan zen niretzat Ezkaba mendiko inguru hori; ongi pasatzeko tokia; han gertatu zenak jo ninduen arte. Talka baten modukoa izan zen, eta horrek eraman ninduen eleberria idaztera", adierazi du.
1938. urteko ihesaldian parte hartu zuten bi gizon dira Garderen obrako protagonista. Haien arteko elkarrizketa osatu du egileak, haien pentsamenduen, ideologiaren eta ihesaldiaren ingurukoak azaleratzeko. Haiekin batera, idazlearen alter ego-a den narratzailea da liburuko hirugarren pertsonaia nagusia. Gaur egungo ikuspuntutik, Ezkaban gertatutakoari buruzko ikerketa abiatzen du, eta mahai gainean jartzen ditu ihesaldiari, espetxeari eta han gertatutako guztiei buruzko hamaika galdera.
Bada guztien artean nabarmentzen den galdera bat: ihesaldian parte hartu zuten presoen atzetik joan zirenen ingurukoa, alegia. Presoak harrapatzera mendira jo zuten haiei buruzkoa. "Herritar soilek ere parte hartu zuten ehizaldi hartan; altxamendua gertatu zen une beretik aritu ziren herritar soilak frankismoak jomugan jarritakoen atzetik. Ohiko bizimodua bazter utzi, eta egun batetik bertzera, eskopeta hartu, eta bertze herritarrak harrapatzera jo zuten mendira".
Herritar soila zerk bilakatzen duen ehiztari; hori da Gardek bere liburuan azaldu duen gogoetagai nagusietako bat. "Ez zen bakarrik Ezkaban gertatu; baina zergatik? Sinetsi nahi izaten dugu guk ez genukeela horrelakorik eginen, baina benetan hala da?". Galderak eta hausnarketarako gaiak mahai gainean utzi ditu idazleak, ia 500 orrialdetan.
Iragana ezagutzeko eta haren berri emateko beharra nabarmendu du Gardek. "Ezkaban gertatutakoari buruz ia egunero ari gara datu berriak ezagutzen; datuak ezkutatuta egon dira; ikusi dugu zeinen zaila den errepresioaren gauzatzaileen izenak hainbat kaletatik kentzea; iragana tapatzeko hainbertzeko interesa dagoenean, argi dago iragan hori ez dagoela hila; memoria bizia dela", berretsi du.
Botilen hilerria
1938ko ihesaldia ez da Ezkabako gotorlekuko espetxearen historian gertaera beltz bakarra. 1942tik 1945era hildako 131 preso errepublikazaleren gorpuak lurperatu zituzten gotorlekuko hilerrian. Jose Maria Jimeno Jurio historialariak bazuen haren krokis bat, eta funtsezkoa izan zen 2007an Aranzadiko kideek hasitako indusketak egiteko.
Preso gehienak tuberkulosiak jota hil ziren. Gorpu haietako anitzen ondoan botilak lurperatu zituzten. 72. hilobikoak ondoko mezua gordetzen zuen idatzita, paper puska batean: "Ezkabako kartzela ospitalea. Iruñea. Andres Gangoiti Cuesta hemen hil zen, biriketako tuberkulosiak jota. 23 urte zituen, ogibidez marinela zen, Gorlizkoa zen (Bizkaia). Bilboko Gregorio Revuelta 30 kalean bizi zen, Lorenzo eta Luciaren semea zen. Preso honi 30 urteko zigorra ezarri zioten Donostian eginiko Gerra Kontseilu batean, matxinadarekin bat egiteagatik. Iruñea, 1943ko abenduaren 26a". Igandean, botilaz bete zuten, berriz ere, Ezkabako gotorlekua. Memoriari eusteko. Memoria bizirik delako.
Iritzia: Gurelur eta harrobiak
Asier Azpilikueta
Sinets iezadazu, irakurle, erraten badizut orain irakurriko duzun artikulua idaztea ala ez erabakitzeko dozenaka buelta eman dizkiodala buruari. Talde ekologista bati belarrietatik tira egin behar baitiot, eta ez da hori kantatzea gustuko dudan abestia.
Azken asteotan, Urbasa-Andia natur parkearen esparruan dagoen Lizarragako kareharri harrobiaren kontrako hainbat ekinbide jorratu ditu Gurelur taldeak ingurumenean kalte larriak eragiten ari delako eta legez kanpo ustiatzen ari omen direlako. Eta ez naiz ni izanen Gurelurri kontu zehatz horretan arrazoia kenduko diona.
Baina Cetya izeneko fundazio batek 250.000 euro eman zizkion Gurelurri 2008an, Arguedasko estazio biologikoa martxan jarri eta bortz urtez kudea zezan; eta halaxe argitaratu zuen orduko prentsak eta halaxe jasotzen du oraindik ere Cetyaren webguneak. Eta, barkatuko didazue, baina ordutik mesfidantza handia diot Gurelurri, batez ere harrobiez mintzatzen delarik.
Cantera de Etxauri-Tiebas Y Asociados; horixe baita Cetya akronimoaren gibelean dagoena. Cetya taldeak harrobiak ditu Etxaurin, Tebasen, Beriainen eta Murietan, eta hormigoia egiteko lantegiak Tebasen, Castejonen, Urrotzen, Saratsan eta Erriberrin. Ekologistak Martxan izeneko talde ekologistako kide nauzue. Nafarroako Ekologistak Martxan ANAT-LANE izeneko taldetik sortu zen. Eta talde beretik atera zen Gurelur ere. Alegia, duela urte mordoxka, Ekologistak Martxan eta Gurelur taldeetako jendea elkarte berean zegoen. Eta, ulertuko duzuenez, bereizi zirelarik, haien arteko hainbat ika-mika izan ziren.
Ezinikusi haiek gertatu eta gero ailegatu nintzen ni Ekologistak Martxan-era eta, beraz, ez diot inolako herrarik Gurelurri. Baina Gurelurren ekologismo kontserbazionista ez da niri interesatzen zaidana. Ekologismo sozialaren barnean ikusten dut neure burua, eta horregatik sartu nintzen Ekologistak Martxan-en. Ekologismo sozialaren iritziz, ingurumen arazoek ekoizteko eta kontsumitzeko moduetan dute sorburua; arazo horiek jendaurrean eta epaitegietan salatu behar dira; arazoen jatorrien aurkako sentsibilizazio kanpainak egin behar dira; eta alternatiba zehatzak eta bideragarriak landu behar dira.
Hau da, ekologismo sozialaren ustez, harrobi zehatz batek eragiten dituen kalte zehatzak agerian jarri behar dira eta irregulartasunak salatu behar dira, bai, baina hori guztia testuinguru baten barnean jarri behar da, eta adierazi behar da zergatik gauden harrobiak behar dituen sistemaren kontra eta zein izan daitekeen harrobien alternatiba iraunkorra.
Cetyak 250.000 euro eman zizkion Gurelurri 2008an. Eta horretan ez dago ez ustelkeriarik ez legearen kontrako deus ere. Baina ez didazue ukatuko doinu xelebrea duela kanta horrek: Cetya taldea "liderra da Nafarroan aridoen, morteroen eta hormigoien merkaturatzean", eta lau harrobi ustiatzen ditu; Cetya taldearen fundazioak milioi laurdena eman zion Gurelur talde ekologistari eta, hala ere, Gurelurrek bere burua aske ikusi zuen harrobien kontra borrokan segitzeko —eta halaxe egin izan du, adibidez, Zilbetiko proiektuaren kontra—, baina Gurelurrek ez ditu Cetyaren harrobiak, ez eta gibelean dagoen sistema osoa, salatzen.
Ez dakit zuek, baina ni ez nintzateke soinu horretan dantzatuko.

Gola heteropatriarkatuari
Edurne Elizondo
Kirol mundua esparru maskulinizatua da; gizonek egina, gizonentzat". Hori da Iruñeko Bullerak talde transfeministak aldatu nahi duen errealitatea. Lehen urratsa egunotan eginen du: kirol jardunaldi transfeministak prestatu ditu Nafarroako hiriburuan, atzo hasi eta igandera arte. Gola sartu nahi diote Bullerakeko kideek heteropatriarkatuari, sistema horretaz harago zer erran eta zer egin badelako. "Erresistentziarako espazioak behar eta nahi ditugu", erran dute antolatzaileek. Bertze hainbat arlotan bezala, baita kirolaren esparruan ere.
1900. urtean parte hartu zuen emakume batek aurrenekoz Olinpiar Jokoetan. Charlotte Cooper tenislaria izan zen (Ingalaterra, 1870-1966). Ez zen lehian aritu, halere; erakustaldia egin zuen. Cooper hil eta urtebetera, 1967. urtean, Bostongo maratoian aritu zen emakume bat, lehendabiziko aldiz. Inizialekin eman zuen izena Katherine Switzerrek, berez emakumeek parte hartzea debekatua ez zuten arren, praktikan ez zietelako uzten korrika egiten. Laugarren kilometrora ailegatu zenean, hain zuzen ere, antolatzaileak Switzer ibilbidetik ateratzen saiatu ziren, baina aurrera egitea lortu, eta lasterketa bukatu zuen, lau ordu eta hogei minutuko markarekin. 1974an, New Yorkeko maratoia irabazi zuen, eta 1975ean, berriz, bigarren sailkatu zen Bostongoan.
Urte horretan, emakume bat aurrenekoz ailegatu zen Everest mendiko gailurrera. Junko Tabei japoniarra izan zen emakume hori. Everestetik jaitsi zenean, inork ez zuen hark egindako lana nabarmendu. "Ama arduragabea" zela leporatu zioten sorterriko hedabideek, hilabete gutxiko bere haurra aitarekin gelditu zelako, ama mendian zen bitartean.
Emakumeen parte hartzea ohikoa da, gaur egun, goi mailako kirolaren esparruan; horrek ez du erran nahi, hala ere, zer hobetu ez dagoenik. Helmuga, transfeminismoaren ikuspuntutik, urruti da, oraindik ere. Bullerak taldeko kideek argi erran dute: "Genero sistemak egituratzen du gizartea; kirolaren esparruan ere, emakumeok edota emakume gisa sozializatutatako pertsonak ikusezin bilakatzen gaituzte".
Hedabideek egoera horretan betetzen duten rola jarri du mahai gainean Ainhoa Azurmendik. EHUko irakasleak gaur hartuko du parte Bullerak taldeak antolatutako jardunaldietan. Jardunaldi praktikoak izanen dira, neurri handi batean, baina teoriarako eta eztabaidarako tartea ere izanen dute. Heteropatriarkatua kirol munduan izenburupean, eztabaida saioa eskainiko du Azurmendik, hain zuzen, Lo Eizagirrerekin batera. Hedabideen arduraz, Azurmendik gogora ekarri du Carolina Marin badminton jokalari espainiarrari egunkari batean egindako elkarrizketa. "Izenburu gisa Eta bikotekidea ere badu jarri zuten!", salatu du.
Kirola gizonezkoen parametroen arabera egituratuta dagoela azaldu du Azurmendik. "Haiena den mundutzat dute, eta zalantzan jartzen dituzte emakumeon gaitasunak. Erresistentziak badaude, hori delako gelditzen zaien azken muga, indarrarena. Kirola sortu zen gizonezkoen indarra erakusteko. Gizonek diote emakumeek ezin dutela haiek bezain on izan, baina argi izan behar dugu gizonen parametroekin neurtzen dela on hori".
Estereotipoen indarra
Goi mailako kirolaren esparruan, arauek emakume eta gizon nor diren eta nor ez diren ere zehazten dutela erantsi du Azurmendik. "Estereotipoak apurtzeko ordua da". Oraindik indar handia dute, ordea. Caster Semenya atleta hegoafrikarraren kasua jarri du mahai gainean. 2009an, Berlingo Munduko Txapelketan urrezko domina irabazi zuen. "Zalantzan jarri zuten haren sexualitatea, haren gorputzak ohi baino testosterona gehiago eragiten duelako, bai eta lortutako domina ere; sekulakoa da hori, eta beti emakumeei gertatzen zaie".
Gizon-emakume binomio horren mugak gainditzen zailak dira. Kirolaren esparruan, gainera, ustez emakumeenak eta ustez gizonenak diren ezaugarriak indartzen ditu. "Kirolariek ere barneratzen dituzte presio sozial horiek. Boxeoan aritzen diren emakumeei, adibidez, gona jartzen diete. Zergatik? zalantzan ez jartzeko emakumeak direla, feminitatea gal ez dezaten", erran du Azurmendik. Gizonen eta emakumeen ezaugarriak zeintzuk diren zehazteko orduan estereotipoak daude tartean. "Tradizioz ezarritako estereotipo horiek erreproduzitzen ditugu, behin eta berriz. Apurtu egin behar ditugu, ordea".
Gizon-emakume binomioa da nagusi goi mailako kirolaren esparruan, baina sailkapen horretatik kanpo bertzelako errealitateak badirela nabarmendu du Ainhoa Azurmendik, eta, ondorioz, kontuan hartu beharko liratekeela. Bat egin du harekin Lo Eizagirrek. Azurmendirekin batera ariko da gaurko saioan. Eizagirrek bere esperientzia azaldu du. Surflaria da, eta goi mailan aritu da lehian, hainbat urtez. Uztea erabaki du, ordea. "Transexual maskulinoa naiz; lehian emakumeen artean aritu naiz beti; gizon gisa aritu nahiko banu, bi urtez egon beharko nuke hormonak hartzen; duela ez askora arte ebakuntza egin behar zen, gainera, lehiatu ahal izateko. Egoera horren aurrean, nik zer egiten nuen? Emakumeen artean lehiatu. Nork bere estrategiak bilatzen ditu aurrera egin ahal izateko; bizirik irauteko".
Halako egoerak eguneroko kontu dira goi mailako kirolaren esparruan, araudiek eta federazioek gaiari behar bezala eutsi ez badiote ere, oraindik ere. Baina lehiaketaren esparrutik kanpo ere, aisialdia betetzeko kirol jardueretan, bada gogoeta egiteko beharra. "Ni ez naiz hasi hormonak hartzen; igerilekura joaten naizenean, adibidez, emakumeen aldagelan sartzen naiz, eta arropa ahalik eta azkarrena kentzen dut, inork ezer esan ez dezan; egunerokotasunean badago hamaika zailtasun", azaldu du Eizagirrek.
Azurmendik bat egin du Eizagirrerekin, eta haurren artean ere zer teorizatu eta zer hausnartu badela nabarmendu du. Gakoa da, haren ustez, kirola gozatzeko egiten den jarduera bat dela. Ezin dela esparru hori sufritzeko espazio bilakatu. "Umeen artean ere esperientzia txarra izan dezake kirola egin nahi duen transexualak; gure identitatea lotzen da emakume edo gizon izateagatik gizarteak gutaz espero duen horrekin, baina haurrak definitzen ez direnean, edo transexualak direnean, oztopoak aurkitu ditzakete". Azurmendik argi erran du sentiberago izan behar dugula halako egoeren inguruan, eta, batez ere, kirola jarduera gozagarri bilakatzeko hausnarketa egin, eta sor daitezkeen egoerak normalizatzeko neurriak proposatu.
Talde mistoen gaia jarri du mahai gainean. Aisialdiaren esparruko kirol jarduera eta goi mailakoa bereizi ditu. Eta goi mailako kirolaren esparruan, emakumeek beren espazioa izatearen aldekoa da Azurmendi. "Indarra eta boterea ematen dio horrek emakumeari". Lehiaketa ofizialetatik at, berriz, "alternatibak saiatu" behar direla gaineratu du.
Eizagirrek uste du, halaber, emakumeek kirolaren munduan bizi izan duten eta bizi duten bazterketari aurre egiteko garrantzitsua dela haien jarduera babestea eta bultzatzea. Surfaren munduan horretan ari da, Emakumea Surflari programaren bidez. Surfa ez da ageri Bullerak taldeak prestatutako egitarauan, baina bertze hamaika kirol jarduera probatzeko aukera izanen dute igandera arte parte hartzaileek: errugbia, aeroboxinga, herri kirolak, roller derby, eta abar. "Iaz, Valentzian egin zen halako esperientzia bat lehen aldiz; polita da kirola eroso eta askatasunean egitea".

“Zerga paradisuak betetzeko, gure lurrak husten dituzte”
Edurne Elizondo
Bi tokitan, bi erakunderekin, baina antzeko lana egiten. Iruñera etorri dira Medea Fernandes (Gujarat, India, 1948) eta Hasina Syed (Anantapur, India, 1980), sorterrian garatu dituzten proiektuak azaltzera. Herri Senideak gobernuz kanpoko erakundeko kide da Fernandes, eta 25 urtez aritu da adivasi edo Indiako tribuetako emakumeekin kooperatibak sortzen. Nafarroan bizi da orain. Syed, berriz, Vicente Ferrer fundazioan aritzen da, ezintasunen bat duten emakumeentzat tailerrak antolatzen, lanpostua eta soldata lor ditzaten.
Zergatik ari zarete emakumeekin, batez ere?
MEDEA FERNANDES: Ni 25 urtez aritu naiz adivasi edo tribuetako emakumeekin. Haiekin bat egin, eta berehala sumatu nuen haien bizimoduaren eta haien errealitatetik kanpo garatzen zen merkatuaren arteko talka. Haiekin egon nintzen denbora horretan, haiekin egin nuen bidea, eta, aldi berean, ate bat zabaldu genuen elkarrekin. Mikrokredituen bidez hasi ginen kooperatibak sortzen, eta haien betiko ofizioei, nekazaritzari, basozaintzari, egiten zuten artisautzari bertze buelta bat eman genien, eta hasi ginen denda txikiak zabaltzen. Helburua zen haien beharrak betetzea. Izan ere, orduan jende gehiena ari zen kanpoko enpresentzat lanean, hirietan. Merke saldu behar zuten beren lana, eta duintasuna galtzen ari ziren. Kooperatiben bidez, bertze aukera bat lortu zuten. Orain, 80.000 emakumek osatzen dituzte kooperatiba horiek, eta federazioa osatu dute
HASINA SYED: Ni Vicente Ferrer fundazioko kidea naiz, eta, batez ere, lan egiten dut ezintasunen bat duten emakumeekin. Duela hamabost urte hasi nintzen. Indian, emakumea erabat baztertuta dago, are gehiago beheko kasta batekoa bada edo ezintasunen bat badu. Familiak ere baztertzen ditu. Are gehiago duela hamabost urte. Haurrentzat eskolak egin ditugu, eta tailerrak emakumeentzat, egiten dituzten eskulanak saltzeko. Soldata bat jasotzen dute lan horren truke.
Zuen esperientziatik, zer ematen du bidezko merkataritzak?
M.F.: Bidezko merkataritza da denei ematea berdin, eta bazter uztea herrien artean dagoen aldea. Ez da hainbertze alderdi ekonomikoa, baizik eta pertsonari ematen dion duintasuna. Hori da gakoa. Emakumea, batez ere, sistemari edo merkatuari eusteko erabiltzen den tresna bilakatu da. Erabili egiten dute. Bidezko merkataritzak, berriz, berdintasuna eta justizia ematen dizkio.
H.S.: Bidezko merkataritza, batez ere, aukera bat da. Gure produktuak erosten dituenak badaki zerbait erosi baino gehiago egin duela; badaki erosketa horrek ezintasun bat duen emakume bat laguntzen duela. Emakumeok duindu egiten dira lanarekin, eta horrek balio erantsia ematen dio prozesuari.
Emakumeak erabiltzen dituztela diozue; emakumeak dira egungo merkataritza sistemaren ondoriorik txarrenak pairatzen dituztenak?
M.F.: Hala da. Gogoratu zer gertatu zen Bangladeshen. Europan, adibidez, ezberdintasuna bada gizonen eta emakumeen artean, baina Indian are agerikoagoa da, eta are sakonagoa. Emakumea gizonaren jabego bat da, eta egoera horrek ekartzen ditu emakumeek pairatzen dituzten gainerako bazterketak. Sistema osoan agerikoa da ezberdintasun hori.
H.S.: Ezberdintasunak, oraindik ere, nabarmenak dira, baina ari gara hori aldatzeko lanean. Gizonekin ere bai. Oraindik lan anitz dago egiteko, hala ere.
Zuen lanaren bidez emakumeak ahalduntzen saiatzen zarete. Zer ondorio du horrek egunerokoan?
M.F.: Gizonek mehatxu baten gisa hartzen dute hori, neurri handi batean. Batez ere, emakumeek soldata bat lortzea. Eta horrek ekarri du emakumeen kontrako indarkeriak gora egitea. Hori ezin dugu ukatu. Horregatik uste dut heziketa landu beharreko gai funtsezko bat dela, hain sakon errotuta dagoen matxismo horri aurre egin ahal izateko.
H.S.: Argi dago Indian hemen baino atzerago gaudela emakumeen aldeko borrokaren esparruan. Baina ari gara urratsak egiten, poliki-poliki. Ahalduntzea da kontua, eta lanaren bidez lortzen dute. Helburua da emakumeek merezi duten errespetua lortzea etxean, bai eta gizartean ere.
Mendebaldeko herriek ere badute ardura egoera horretan, ezta?
M.F.: Nik lan egin dudan esparruan, jendeak komunitate bat osatzen du. Gaur egungo krisi ekologikoak gogor eragin die. Lurrak kendu dizkiete. Haien basoak suntsitu dituzte. Haiekin egindako lanik garrantzitsuena izan da konturatzea egoera hori guztia zerk eragiten duen. Multinazionalak daude haien lurren galeraren atzean. Aldaketa gertatu dela uste dut, eta gaur egungo merkatuaren erantzukizuna argi ikusten dute hango tribuek. Borroka egiten hasi dira, eta lortu dituzte garaipenak ere. Zerga paradisuak betetzeko, gure lurrak husten dituzte. Egin ditugu urratsak, eta uste dut etorkizunera begira ere jende horrek duela giltza. Badakitelako zer den sufritzea. Badakitelako zer den dutena galtzea. Haien indarra da komunitatea. Eta ezin dugu ahaztu Indian 1.000 milioi garela!
Populazioaren %1en esku dago munduko aberastasunaren erdia. Nola aldatu hori?
M.F.: Aldaketa gertatu behar da han eta hemen. Mendebaldeko herriek argi izan behar dute beren aberastasunaren oinarria dela bertze batzuen pobrezia. Ondorioz, bi aldeetan aldatu behar dira gauzak.
H.S.: Bidezko merkataritzak ere balio du zubiak eraikitzeko. Sortzen dira harremanak hemengoen eta hangoen artean. Hemen bidezko merkataritzako produktuak erosteak ekartzen du han lana ematea lan horren beharra dutenei, eta tresnak ematea pertsona horiei aurrera egiteko, haien egunerokoa hobetzeko. Hemengo erosleek ere argi izan behar dute hori, eta bidezko merkataritzaren alde egin.
Zer pentsatzen duzue Iruñearen gisako hiri bateko arropa denda handien aurretik pasatzen zaretenean?
M.F.: Eskulan merkea dago halako denden atzean. Erosten duenak argi izan behar du. Multinazionalak dira munduko bekaturik handiena, ez dituztelako beharrak betetzen. Haien atzean jendearen izerdia dago, bai eta anitzen bizitza ere. Langileak esklabo dira.
H.S.: Jendeak jakin behar du bere diruarekin lor dezakeela anitz. Erosten duenaren arabera, noski. Bidezko merkataritzaren atzean dagoen jendea izan behar du erosleak buruan. Kontsumitzaileak indar handia du, ezin dugu hori ahaztu.

LGTBfobiaren aurka bat egin dute elkarteek eta parlamentuak
E. Elizondo
Konpromisoa. Horixe eskatu diote Nafarroako LGTB kolektiboko elkarteek Nafarroako Parlamentuari; genero identitateak edo sexu orientazioak eragindako bazterketaren aurka lan egiteko konpromisoa, hain zuzen ere. Asteartean, LGTBfobiaren aurkako eguna egin zuten mundu osoan, eta, Iruñean, elkarteek eta parlamentariek legebiltzarraren aurrean egindako elkarretaratzean egin zuten bat.
Nafarroako Parlamentuak bere egin ditu LGTBfobiaren aurkako egunaren oinarriak. Alde horretatik, adierazpena onartu zuen astelehenean. Haren bidez, parlamentuak konpromisoa hartu du berdintasunaren alde lan egiteko, eta bazterketaren aurkako neurriak martxan jartzeko. Adierazpena UPNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak aurkeztu zuten, eta talde guztien aldeko botoarekin onartu zuten, aho batez.
Maiatzaren 17ko LGTBfobiaren aurkako egunak duela 26 urte hartutako erabaki bat ospatzen du: Osasunaren Mundu Erakundeak buruko gaitzen zerrendatik at utzi zuela, azkenean, homosexualitatea. "Data historiko bat da duintasunaren eta giza eskubideen aldeko borrokan", nabarmendu du parlamentuak, onartutako testuaren bidez. Urratsak egiten jarraitzeko beharra badela gaineratu du erakunde horrek, eta argi utzi du parlamentuak lan horretan protagonista izan behar duela.
LGTB zentroa, irailerako
Nafarroako Parlamentua ez da LGTB kolektiboaren eskubideen alde urratsak egin dituen bakarra, azken asteotan. Iruñeko Udalak ere bere egin ditu kolektiboko elkarteek mahai gainean jarri dituzten proposamenak, eta irailerako LGTB zentroa prest izanen duela iragarri du. San Gregorio karrikako 28. zenbakian zabalduko du, egungo elkarteen egoitzan.
"Iruñea hiri askotarikoa eta plurala da, eta ezinbertzekoa da hemen bizi diren guztiek izatea aukera beren bizi proiektuak garatzeko, normaltasunez eta erabateko askatasunez", erran zuen Berdintasun eta LGTB zinegotzi Laura Berrok, proiektuaren aurkezpenean. Uztailean hasiko da udala espazioa moldatzen, irailean parte hartzea eta ahalduntzea bultzatzeko bulegoa zabaltzeko.