Nafarroa: lurraldea, estatua eta hizkuntza

Nafarroa: lurraldea, estatua eta hizkuntza

Asier Garcia Uribarri

Ebrotik Garonara. Horiek ziren baskoien mugak Ptolomeo, Estrabon eta Julio Cesar historialari klasikoen arabera. Geroztik, euskaldunen mugak aldatuz joan dira, 1814an egungo Nafarroako mapa ezarri zuten arte. Eneko del Castillo historialariari ezinegona sortzen diote Nafarroako historia gaur egungo maparekin ilustratzen duten liburuek. Horregatik, garaian garaiari egokitutako mapak publikatzen hasi zen Nabarlur blogean. Hainbat historialarik mapak eskatu zizkioten euren liburuetarako. Hori ikusita, erabaki zuen azken bi mila urteetako Nafarroako lurraldetasunak izan dituen aldaketak biltzea Atlas Histórico de Navarra (Nafarroako atlas historikoa) lanean.

"Historian adituak ez direnei begira egina da liburua, baina baita historia ikasten edota beste historia liburu sakonagoak irakurtzen ari direnei begira ere. Irakurtzeko oso erraza da, testuak ez baitira oso zabalak eta ez baitut gehiegi sakondu. Horretarako badaude beste liburu batzuk", azaldu du Del Castillok.

Pello Eltzaburu Pamiela argitaletxeko editoreak hori bera nabarmendu du: "Autorea oso modu hurbilean eta didaktikoan gerturatu da Nafarroa deitu den eta deitzen den horretara. Irakurle askok ezustekoak hartuko dituzte".

Liburua hiru ataletan banatua dago. Lehena Baskonia zaharraren ingurukoa da. Geografo klasikoen lehen lekukotasunetatik Iruñeko erreinua sortu arte. Del Castillok lehen geografoek deskribatutako mugen mapa eraman du liburuaren azalera. Garai hori hiru zatitan banatu du egileak: Baskonia erromatarren inperioaren garaia, barbaroen inbasioak eta Baskonia Akitaniako dukerria. "Gaur egun ezagutu duguna baino askoz lurralde zabalagoa zen. Ebrotik Garonara hartzen zuen. Gero Frankoak iritsi ziren, Orreagako gudua, eta Iruñeko erresuma sortu zuten", azaldu du Del Castillok.

Iruñeko erresumaren sorrerarekin hasi eta gaur egun bukatzen da bigarren atala. Bertan Nafarroak izandako estatuaren eta horren lurraldeen garapena aztertu du Del Castillok. Kapitulu horretan ere irakurleak ezusteko ugari hartuko dituela uste du autoreak. "Nafarroako erresuma ez zen egungo Foru Komunitatea. Izen horrekin ezagutzen zen lurraldeak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Errioxa eta mugaz besteko lurraldeak hartzen zituen". Hala ere, gaztelar eta frantsesen konkistak Nafarroako lurra mugatuz joan ziren.

"Publikazio askotan, garai oso zaharrak aurkezten dira gaur egungo maparekin. Hori erabat ilogikoa da", kexatu da Del Castillo. Haren arabera, egun, Antso Azkarraren garaiko mapa da ezagutzen den bakarrenetarikoa. Haren aburuz, ez dira historiari lotutako mapak zabaldu "historiografia ofizialaren aurka" egiten dutelako. Arrazoi beragatik uste du Del Castillok asmatu zutela mendebaldeko lurraldeen euskalduntze berantiarraren teoria. "Gaur egun, teoria hori ezeztatu egin da. Frogatua baitago VI. mendearen aurretik bazirela euskaldunak han".

Atlasaren hirugarren atala euskararen lurraldeari eskaini dio. "Euskara da herri honen hizkuntza. Erromatarrak heldu zirenean latina ekarri zuten, eta euskaldunek erromantzeak izan zituzten baita ere: aragoiera eta gaskoia". Euskararen atzerakada eta berreskurapena jaso ditu Del Castillok.

Hala ere, erromantzeei ere tarte bat eskaini die. "Iruditzen zait euskara mantendu izanaren arrazoietako bat foruak direla. Lege propioak izan ez dituzten lurraldeetan ia galdu dituzte berezko hizkuntzak, adibidez, aragoiera eta gaskoia".

Lan zaharrei begira

Atlasa osatzeko, XX. mende bukaerako hainbat lan aztertu ditu Del Castillok. "Nafarroako mapa historikoen lehen lanak 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetan egin zituzten, besteak beste Gregorio Berak, Artetak eta Jose Maria Lakarrak. Mapa horiek eta haien eguneratzeak oinarri hartuta garatu dut nire oraingo lana. Kontuan izan ditut, gainera, historialari garaikideek egindako lanak".

Liburua bukatzeko kronologia txiki bat eta Nafarroako eta inguruko erreinuaren genealogiak aurkeztu ditu autoreak. "Irakurleak laguntzeko jarri ditut. Dibulgazio lana baita atlasa. Uste dut elementu horiek lagungarriak izan daitezkeela". Horiekin batera bibliografia espezializatua ere proposatu du. "Gaian gehiago sakondu nahi duenarentzat".

Nafarroako lurraldetasunaren inguruan egin den lanik zabalena da Del Castillok osatutakoa. Historia artxibo zaharretatik berreskuratu eta interesa dutenek mapa errealagoak eskura izan ditzatela izan du helburu.

Iritzia: Talkan

Lur Albizu Etxetxipia
Aspalditik gabiltza hausnartzen, pentsatzen eta konspiratzen. Izan ere, aspaldi konturatu ginen errealitate honetan ez genuela bizi nahi. Ez dugula bizi nahi. Ezin garela horrela bizi. Ez dugula honetan sinisten eta, are gehiago, ...

“Antzerkia ez da sekula desagertuko, gune magikoa baita”

“Antzerkia ez da sekula desagertuko, gune magikoa baita”

Asier Garcia Uribarri

Antzerkia eta hezkuntza. Horiek dira Ignacio Aranguren (Iruñea, 1953) irakasle eta antzerkilariaren bi pasioak. Ikasleen eskariz, bi horiek uztartu zituen 1978. urtean, Navarro Villoslada institutuko antzerki tailerra sortuz. Geroztik, 35 urtez jarraitu du proiektuarekin. Egindako lana aitortzeko, aurreko larunbatean Nafarroako kultura sari nagusia jaso zuen Arangurenek: Vianako Printzea.

Hasteko, zorionak. Egun batzuk pasatu dira saria jaso zenuenetik. Nola sentitzen zara?

Oso pozik nago, eta asimilatzen saiatzen ari naiz. Nire bizitzako maiatzik luzeena izan da hau. Jaso ditut deiak, besarkadak, zorionak eta mezuak. Oso polita izan da. Emozio asko sortu dira nigan, eta orain hori guztia ordenatu behar dut.

Zer ekarri dizu zuri Vianako Printzearen saria jasotzeak?

Pertsonalki, poz handia da niretzat hezkuntza komunitateak nire lana aitortzea eta nire izena beste ikastetxe batek proposatzea. Gainera, iruditzen zait sari hau banatu behar dudala Nafarroako antzerkigintzarekin eta irakaskuntzarekin. Azken horrekin bereziki, ez baitu izaten merezi duen laguntza.

Antzerkia eta hezkuntza ordezkatzen dituzu, eta titulu asko irakurri ditugu bi arlo horien garrantzia nabarmenduz. Baina eguneroko bizitzan bi mundu horiek zailtasun ugari dituzte. Ez dago kontraesanik alde horretatik?

Ziurrenik, aitorpen gehiago egin beharko lirateke. Sari honek, nire bitartez, ikusgarritasun handia eman ahal die lan handia egiten ari diren pertsona askori. Horregatik ere, oso pozik nago. Antzerkia Vianako Printzea sarietara heldu da, eta espero dut ikusgarritasun horrek aurrera jarraitzea.

Nola sortu zen Navarro Villosladako antzerki tailerra?

Ni hezkuntzan hasi nintzenean 24 urte nituen. Orduan, jada, banuen esperientzia El Lebrel Blanco antzerki taldean. Nire lehen ikasleek bazekiten hori, eta proposatu zidaten antzerkia lantzea. Orduan, pixka bat itsuan, sortu nuen Navarra Villosladako antzerki tailerra. Hor konturatu nintzen nire bi zaletasunak elkartu zirela: antzerkia eta hezkuntza. Pentsatu nuen: "Zeinen ongi, bikoitza gozatuko dut nik horrela". Hurrengo urtean izan nituen gazteek ere nahi izan zuten antzerkia egin, hurrengoek baita ere, eta horrela 35 urte. Ikasleek diote antzerkia nirekin ezagutu zutela; haiekin ere gauza piloa ikasi ditut.

Zer ematen dio antzerkiak hezkuntzari?

Antzerkiak urrezko egoera bat eskaintzen dio hezkuntzari. Antzerkian, ikasleak eta ni gaude garen bezala, ez dakigunaren arabera. Ikasgelan ni izan naiteke menpeko perpausen inguruan gehien dakiena. Baina antzerkian garen modukoak gara. Geure burua erakusten dugu, pertsonaiak biluzi egiten gaituelako. Horregatik, urrezko egoera da. Baita zaila eta arriskutsua ere. Askoz errazagoa baita ikasle bati adberbio perpausak azaltzea, pertsonaia bat sortzen laguntzea baino. Orduan agertzen baitira haren ikuspuntuak eta beldurrak. Baita zuzendariarenak ere. Antzerkia norberaren baitarako bidaia da.

Zenbat denbora ematen zenuten obrak prestatzen?

Zorte handia izan dugu, institutu barruko eta kanpoko jendearekin talde zoragarria osatu baikenuen. Erotzeko modukoa zen hura. Urrian ez genuen ezer, eta otsailean taldea eta ikuskizuna genituen. Batzuetan sariak irabazten genituen gainera. Otsailetik aurrera, hazten jarraitzen genuen, emanaldiak eskaintzen genituelako. Horrela asko ikasten da. Ez genuen obra egiten jendea etorri eta txalo egiteko.

Batzuetan urruti joan zarete.

Emanaldiak Frantzian, Ingalaterran, Madrilen eta Valentzian [Herrialde Katalanak] eskaintzeko zortea izan dugu. Baina hori egin dugunean, beti pentsatu dut esperientzia horrek zer ematen ahal zien ikasleei. Ez gara kanpora joan ospearen bila. Nik beti defendatu dut Donibanen ikusleak ditudan bitartean ez ditudala beste nonbaiten bilatu behar. Baina emanaldi horiek gauza handia ziren ikasleentzat: kanpora atera gara, beste herrialdeak ezagutu ditugu, eta talde bezala hazi gara. Oso esperientzia politak izan ditugu.

Urteetan gazte belaunaldi ezberdinak ezagutu dituzu. Askotan aipatzen da gaurko gazteen konpromiso falta. Zein da zure esperientzia alde horretatik?

Nik nire ikuspuntua eman dezaket. Nire ikasleek beti izan dituzte 17 urte. Nik, ordea, beti nuen urtebete gehiago. Esperantza eta itxaropen handia dut gazteengan. Ez dut diskurtso horietan sinisten. Greziarrek gazteria galdua zegoela idatzi zuten. Moduak aldatu dira, guztia azkarrago doa. Akaso hori ez da ona. Gizartea oso azkar doa, plurala da. Gu kexatzen ginen dena oso grisa zelako. Hori ez zegoen ondo. Baina, orain, horrenbeste kitzikak zorabioa eragin dezakete. Baina nik itxaropena dut.

Esan duzu antzerki tailerra pertsona batzuentzat aktore eskola izan dela. Baina, bereziki, nabarmendu duzu ikusle eskola izatea.

Uste dut kontzeptu hori erabili zuen lehenetarikoa izan nintzela. Horrek esan nahi du dibertitzera goazela antzerkira, plazeragatik: barre egitera, baina baita negar egitera ere. Kritikarako ere garrantzitsua da. Plazer kontzeptu hori milaka ikasleri helarazi nahi izan diet.

Zergatik da antzerkia garrantzitsua?

Antzerkia da jesartzea, argiak itzali arte itxarotea, oihala altxatzea eta ordu eta erdi izatea norberarentzat. Nork bere burua ezagutzeko. Oso arma garrantzitsua da gizakiaren eraikuntzan. Asmatu zenetik, antzerkia desagertu behar dela esaten ari dira. Baina ez da sekula desagertuko. Gune magikoa baita.

Antzerki tailerra hasterakoan hiruki bat margotzen zenuen.

Hirukiaren goiko ertzean jartzen nuen: pertsonak, taldea, proiektua. Gu gara garrantzitsuena. Behean jartzen dut: adierazpena. Antzerkiak lagunduko digu komunikatzen, sentitzen eta zer garen jakiten. Azken ertzean, ikusleak daude. Baina guk ez dugu ikusleentzat lan egingo. Ikusleek lan egingo dute guretzat. Publikoak lagunduko gaitu hazten. Guk ez ditugu txaloak jasotzeko proiektuak egin. Nik beti esan diet: "Publikoak txalo zaparrada egin eta zuek egindako lanarekin pozik ez zaudetenean, orduan hasiko zarete artista izaten". Kontuz ibili behar da txaloekin, jendeak edozer txalotzen duelako.

Eta hemendik aurrera?

Antzerkia idatzi behar dut; Ana Herrera kontseilariarekin hitz egin behar dut, sariak eskaintzen duen proiektua garatzeko; erretiratu naizenetik, gainera, lan batzuk zuzendu ditut. Iluna eta Auzoa konpainiekin lanean ari naiz. Egin dudan azkenengo gauza da Patxi Larraintzarren omenaldia. Victor Iriarterekin batera ikuskizun bat prestatu genuen haren testuekin.

Dena aldatu nahi dute

Dena aldatu nahi dute

Edurne Elizondo

Helduen boterea zera da: botere konkretu bat, ezarrita dagoen sistemari bermatzen diona eskulan otzana produzituko dela seriean, behar denean zapaltzeko modukoa". Iñaki Gil de San Vicente pentsalariak idatzitakoak dira hitzok. Haren hitzaldiarekin hasi ziren, astelehenean, Gazte boterea eraiki izenburuko jardunaldiak. Gazte botere hori artikulatzeko antolatu dituzte, hain zuzen ere. Iruñerriko gazte mugimenduko hamaika kidek eta taldek bat egin dute jardunaldiotan. Ezarrita dagoen sistema horren hesiak apurtu nahi dituzte; ezarritako sistema horren mugak gainditu. Helduen botereari aurre egin, eta dena aldatu.

Gazteek gizartea eraldatzeko duten gaitasuna nabarmendu du Amets Castellek (Iruñea, 1990), hain zuzen ere. "Gazteok gai gara, gaur eta hemen, gure bizitzari buelta emateko; zapalkuntzak pairatzen ditugu, baina gai gara espazioak askatzeko". Hura da jardunaldion antolatzaileetako bat. Eraikuntza lanetan ari gara dinamikako parte hartzailea ere bada. "Jardunaldiotan bat egin dugu dinamika horretan ari garenok eta Iruñerriko auzo eta herrietan lanean ari diren beste hainbat gaztek". Gazte horien egungo errealitatea da abiapuntua. Eta errealitate hori jarri dute mahai gainean, aldatzeko gakoak garatzen hasi ahal izateko. "Prekaritatera kondenatuta gaude, gure bizitzako arlo guztietan", laburbildu du Nahia Fernandezek (Iruñea, 1991).

Prekaritatea hezkuntzan, bai eta lanaren esparruan ere; etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak; kapitalismoak eta patriarkatuak ezarritako baldintzen pean bizi behar izatea. "Langile gisa zapaltzen gaitu kapitalismoak; emakume gisa patriarkatuak; gazte gisa helduen botereak. Bete-betean dago sartuta gure bizitzetan, esparru guztietan. Zapalkuntzak lantzea beharrezkoa da, zapalkuntza horiek identifikatu egin behar ditugulako, gure proiektuak garatu eta espazio askeak eraiki ahal izateko", erran du Fernandezek.

Horretan ari dira Iruñerriko gazteak, haren ustez, eta, alde horretatik, azken urteotan gazte mugimenduan gertatu den "berpiztea" nabarmendu du. Onartu du krisiaren testuinguruak behartuta gertatu dela, neurri handi batean, baina gaineratu du egoerari buruzko analisia ere egin dutela, eta egin diren urratsak hausnarketa horren ondorio izan direla, hain justu. "Egon da halako geldialdi bat; gero eta gutxiago ziren antolatuta zeuden gazteak Iruñerrian. Baina egoera horri buelta emateko gaitasuna erakutsi dute; eraikuntzaren esparrura salto egiteko beharraz jabetu gara gazteok; gazte garelako, hain justu, gauza handiak egin ditzakegula ohartu gara".

Ezagutu eta partekatu

Gazteei elkarren berri izateko aukera eman nahi diete astelehenean hasitako jardunaldietan. Batek bertzea egiten ari den lana ezagutzekoa; esperientziak eta bideak partekatzekoa. Antolatzekoa, azken finean. "Erreminta kutxa jarri nahi dugu gazteen esku, nolabait esanda, haien proiektuak zehazten eta garatzen lagundu ahal izateko", azaldu dute Fernandezek eta Castellek.

Gazteen arteko hartu-eman horiek bultzatu nahi dituzte. Iruñerriko hainbat tokitan ari dira, auzo eta herri guztietako proiektuak eta esperientziak jaso nahi dituztelako. Jorratzeko hainbat gai jarri dituzte mahai gainean, jada garatuta dauden proiektuak ezagutzeko eta irakaspenak partekatzeko, bai eta proiektu berriak sortzeko ere. "Etxebizitzari buruz, adibidez, lan handia egin da. Balia dezagun. Ez dugu zertan hutsetik hasi", azaldu du Castellek.

Gogoetagai eta proiektu horien guztien bidez, ahalduntze prozesuan urratsak egitea da helburua. "Ahalduntzea da kontua; gazteon boterea da gaitasun bat; gure bizitza garatzeko gaitasuna; asmoa da gazteon arteko elkartasunaren bidez eta elkarrekin antolatuz ahalduntzea, gure bizitzako esparru guztiei buelta emateko", berretsi du Castellek.

"Helburua da baldintzak sortzea eta eraldaketarako gaitasun hori zabaltzea", erantsi du Fernandezek. Zabaltze hori lortzeko jarri dituzte abian jardunaldiak. Egoitzetako bat da Iruñeko gaztetxea. Espazio huts bat baino gehiago da, hala ere. "Beti da ona gazteok antolatu ahal izateko espazioak zabaltzea. Gazteok kudeatutako gune bat da, eta horretara goaz". Bat egin du Fernandezen hitzekin Irune Irozek ere (Burlata, 1991). "Gaztetxea izan daiteke tresna bat edo abiapuntu bat bestelako borrokak ere piztu ahal izateko. Zubi lana egin dezake, nolabait esanda", nabarmendu du. Borroken arteko harremana eta elkar elikatzeko aukera ere jarri nahi dituzte agerian jardunaldiek.

Compañia karrikan da egun gaztetxea, joan den abenduan okupatu zutenetik. Iruñeko Udalarekin negoziazio prozesua hasi zuten orduan, eta gaztetxea bertze eraikin batera mugitzea adostu zuten, udalarena den Caparrosoko txaletera, hain zuzen. Hilaren 18an dute egitekoa gaztetxeko kideek toki aldatzea.

Erakundeekin duten harremanari buruz, hala ere, ez da iritzi bakarra gazteen artean; ez dute irizpiderik adostu. "Jardunaldiak egiteko prozesuan soslai ezberdineko hainbat gaztek bat egin dugu; era askotako soslaiak badira, baina bada denok partekatzen dugun ideia bat, nire ustez: uste dugula, aldaketaren aro honetan, gazteok aldaketa horren alde egiten dugun ekarpena direla gaztetxea, jardunaldiok eta gazte mugimendutik etor daitezkeen beste hamaika ekinbide", erran du Amets Castellek.

Etxebizitza, autogestioa, prekaritatea, enplegua, feminismoa... proiektuak sortzeko gogoetagaiak ez dira gutxi. Animalien askapenari buruzkoak ere jaso dituzte gazteek jardunaldietan. "Iruñeko gaztetxean ari dira gai hori nahikoa garatzen; proposatu zuten, eta zerrendan sartu dugu; iruditzen zaigu Iruñeko gazteen artean badela benetako interesa auzi hori jorratzeko", azaldu du Fernandezek.

Astelehenean hasi, eta hilaren 11n amaituko dituzte jardunaldiak. Larunbat horretarako egitaraua berezia izanen da. Egun nagusitzat jo dute antolatzaileek. "Auzo eta herrietan jendea bi mailatan ari da lanean; tokian tokiko gazte mugimenduak daude, batetik; eta gai zehatzei lotutako gazteak, bestetik. Bi maila horiek uztartu nahi izan ditugu, eta azken eguneko egitarauaren bidez, jasotako ideiak eta proposamenak batu, gazteen esku uzteko", azaldu du Fernandezek. "Motibatu nahi ditugu gazteak, olatu txikien bidez olatu handi bat sortzeko", erantsi du Castellek.

Eraikitzen hasteko urratsak egiteko oinarria jarri nahi dute antolatzaileek hilaren 11ko ekitaldiaren bidez, nolabait erranda. Bidearen zati bat egina dutela argi dute gazteek, dena den. "Jendea ez da konturatzen, bakoitza bere tokian ari delako, baina ari gara sekulako lana egiten; denok ari gara norabide berean. Burua altxatzeko ordua dugu oraingoa, besteak egiten ari direna ezagutzeko, elkarri irakasteko. Inposatu diguten ereduarekin ez gaude ados, eta gure esku dago gauzak aldatzea", nabarmendu du Fernandezek. "Proiektuak martxan jartzeko gai gara", erantsi du Irozek.

Bihar zortzi arloz arlo antolatutako eztabaida saioak eginen dituzte, 10:00etatik aurrera, Iruñeko Compañia plazan. Bazkaria eginen dute gero, eta, jardunaldiei amaiera emateko, kalejira. Jardunaldiotako lanak, hala ere, izanen du segida. Hori da asmo nagusia. "Garatzen hasteko proiektuak eta ideiak adostea", azaldu dute antolatzaileek. Eraikuntza lanetan ari gara dinamikaren barruan, halaber, gisako topaketa eginen dute, urte bukaeran, Euskal Herriko gazte mugimenduko kideek. Ahalduntzeko bidean urratsak egiten jarraitu nahi dute. Gazte boterea eraikitzen. Aldatzen.

Historia zatiz zati berreraikiz

Historia zatiz zati berreraikiz

Asier Garcia Uribarri

Iruñeko Alde Zaharra zulatzen duten bakoitzean aurkikuntza arkeologikoak egiten dituzte. Badira 2.000 urte baino gehiago jendea han bizi dela. Hala ere, aberastasun hori guztia zaila da ikusten, auzoko kaleetan ibiltzean. Aurkikuntzak behar bezala mantentzeko, Nafarroako Gobernuko arkeologia biltegian gorde, sailkatu eta zaharberritu egiten dituzte. Larunbatean ospatu zuten Alde Zaharreko egunaren harira, auzoan topatutako hainbat altxor ezagutzeko biltegira bisita gidatua antolatu zuten Nicolas Zuazua eta Carlos Zuza Alde Zaharreko bizilagun eta arkeologoek, joan den astean.

"Auzo elkarteak eskatuta, badira hiru urte arkeologiari lotutako ekinbideak antolatzen ditugula auzoko egunaren inguruan", azaldu du Nicolas Zuazuak. Carlos Zuza eta biak arkeologoak dira ogibidez, eta horrelakoak prestatzen dituzte ekarpen gisa. Aurreko urteetan auzoan ibilbide gidatuak egin dituzte. Aurten, beste zerbait egin nahi zuten. "Alde Zaharrean gauza gutxi ikus daitezke kalean. Horregatik, biltegira jotzea erabaki dugu aurten, urteetako aurkikuntzak han baitaude", adierazi du Zuazuak.

Nafarroako arkeologia biltegia Cordovillan dago, garai bateko Super Ser lantegiaren eraikinean. Biltegiak 2.000 metro koadro ditu, eta bi zatitan banatua dago. Beheko solairuan tamaina handiko harriak daude, eta bigarrenean, berriz, pieza txikiagoak. Biltegian Nafarroa osoko eta Aragoiko (Espainia) hainbat tokitako ondarea dago bilduta.

Bisita Jesus Garcia Gazolaz eta Jesus Sesma Nafarroako Gobernuko arkeologoek gidatu dute. Sesmak tamaina handiko ondarearen hautaketa bat aurkeztu du. Hasteko, Castiliscarren (Aragoi) topatutako Zaragoza eta Iruñea komunikatzen zituen galtzadako erromatarren miliario bat erakutsi du. Horiek erromatarrek galtzadetan jartzen zituzten puntu kilometrikoak dira, eta euren baliorik handiena idazketa da. "Gure inguruan, ia ez da ezagutzen erromatarrak heldu arteko idatzizko dokumenturik. Eurek euren hizkuntza eta idazketa ekarri zituzten. Miliarioetatik informazio ugari jasotzen dugu, hala nola galtzada agindu zuen enperadorea, berau egin zuen legioa eta Zaragozara arte dauden miliak".

Iruñeko Alde Zaharrean erromatarren garaiko pieza ugari atera dituzte urteetan. Garai hartako gizartearen inguruan informazio asko ematen dutenak hilobiak dira, bertan agertzen baitira hildakoen izenak. Sesmak azaldu du erromatarrek hiru izen zituztela: izena, familiaren izena eta ezizena. Azken hori eskubide osoko hiritarrek baino ez zuten. "Hemen badugu Valerio Lupiano semeak Valeria Lupiana amaren omenez idatzitako hilarria. Kasu honetan, ez dute ezizenik. Beraz, ez ziren eskubide osoko hiritarrak. Garai hartako Iruñean, gutxi ziren eskubide osoko hiritarrak". Aurkitutako beste hilarri batean, lau ahizparen izenak agertzen dira. "Iruñeko Udalak hilarri horren erreplika egitea eskatu du, Alde Zaharrean kokatu eta emakumeei omenaldia egiteko. Ezagutzen diren Iruñeko lehen emakumeen izenak baitaude idatziak".

Sesmak erakutsitakoaren artean, badago erromatarrak heldu aurretiko Beiren aurkitutako estatua bat. "Gerlari baten irudia da, eta iberiarren tradizioari jarraitzen dio. Beraz, esan dezakegu Beireko norbaitek K.a. IV. mendean horrela irudikatu zuela bere burua. Akaso, iberiarren armadaren bateko kide izan zen gerlari bat izan daiteke. Baina zaila da zehaztasunez jakitea".

Gauza arrunten garrantzia

Garcia Gazolazek bigarren solairuan kokatuta dagoen gelako materialak aurkeztu ditu. Han tamaina txikiko gauzak daude, gehienak eguneroko bizimoduko piezak. Horietako ugari dira Iruñeko Gaztelu plazako lanetatik ateratako materialak. "Askotan esan da Gaztelu plazako materialak bota egiten zirela. Baina hori ez da egia. Hemen dago jasota guztia".

Milaka pieza dauzkate gordeta. Beraz, Garcia Gazolazek Alde Zaharrean aurkitutako hainbat material prestatu ditu. Eguneroko bizimoduan erabili diren gauzak dira: hasi Baskoien herrixkako suiletik eta bukatu Napoleonen soldaduen ezaugarriekin.

"Aurkeztu ditugunak ez dira museoetan egoteko bezain ikusgarriak; besteak beste, erromatar garaiko eta Erdi Aroko orraziak edota XVI. mendeko koilarak. Baina oso elementu bereziak dira. Egurrezkoak direlako, material organikoak. Oso egoera berezian egon behar dute horiek gordeta gaur egunera arte eusteko". Alde Zaharrean aurkitutako objektu txiki gehienak etxeetako putzuetan topatu dituzte, uretan. Sesmaren arabera, oxigenorik gabeko guneek baino ez dituzte mantentzen material organikoak mendeetan. "Arkeologook zaborretan bilatzen dugu. Guk aurkitutakoak jendeak botatakoak dira. Ez dira ohikoak Ponpeia bezalako kasuak".

Aurkikuntza txiki horiek guztiek historialariek aurretik sumatzen zutena baieztatzeko balio dutela dio Garcia Gazolazek. "Idatzia zegoen Napoleonen tropak Iruñean gotortu zirela. Gure aurkikuntzek hori baieztatzen dute". Arkeologoek historia zatiz zati berreraikitzen dute.

Euskaldunek nekatzen naute

Idoia Sobrino

Euskararen egoera nire lanpostuan, hori da azkenaldian gehien kezkatzen nauen gaia. Ez dut ulertzen hainbertze euskaldun egonik nola duen euskarak hain leku txiki eta baztertua. Nekatzen nau, nonbaitetik hastearren, Hizkuntza Zerbitzuaren konfiantza faltak, eta azalduko dut: testu bat gaztelaniaz idazten badut, idatzi, nagusiari pasatu, eta nahikoa izaten da. Euskaraz idazten badut, idatzi, Hizkuntza Zerbitzura "zuzentzera" bidali, haiek niri bueltatu, eta nik nagusiari bidali beharra diot —baita nagusia elebiduna bada ere—. Beraz, nire lana gaztelaniaz ongi eta euskaraz gaizki eginen dudala uste dute. Euskarazkoak, badaezpada, "zuzenketa" behar izaten duenez. Nekatzen nau.

Bidenabar, zer argitaratzen da lehenago? Gaztelaniazko testua, noski. Euskarazkoa "iritsiko da"... Nekatzen nau bi hizkuntza izanik bakarra bageneuka bezala funtzionatzeak. Denok dakigu goizean bi haur jantzi eta eskolara eramateak bat bakarra jantzi eta eramateak baino denbora gehiago hartuko duela; hortaz, bi izanik, ez dugu egunero bat puntual eta bertzea berandu eramaten. Biendako denbora izateko neurriak hartzen ditugu, berdintasunean. Bi hizkuntzengatik ez, ordea. Eta horrek nekatzen nau.

Nekatzen nau, era berean, egunero lantokiarekin erlazionatutako prentsa laburpen bat jasotzen dugunean, berrien lerroburuetako zerrendan, baten bat euskaraz badago gaztelaniazko itzulpena gehitzen diotela ikusteak, euskaraz ulertuko ez delakoan edo… Gaztelaniazkoari ez zaio euskarazko itzulpena gehitzen, eta horrek nekatzen nau.

Baina konturatu naiz nekatzen nautenak ez direla erdaldunak, euskaldunak baizik. Ni bezalako euskaldunak direlako nigan konfiantzarik jartzen ez dutenak nire testuak zuzentzeko eskatuz. Ni bezalako euskaldunak direlako lerroburuak gaztelaniara itzultzen dituztenak "denek uler ditzaten" aitzakiaren pean.

Bi hizkuntza dauden herrialde batean bizi gara; gaurgero elebakarrek onartua beharko lukete ez daukatela beraien inguruan pasatzen denaren %100a ulertzeko gaitasunik, bi hizkuntzetako bat falta zaielako; zenbait gauza galtzera ohituta egon beharko lukete eta bakoitzaren aukera librea behar luke hori guztia galtzen segitu edo konponbidea jartzeko ardura hartzeak. %100a ulertu nahi duzula? Euskara ikasi. Ez duzula nahi? Ados, baina onartu orduan —eta onar dezagun euskaldunek— zenbait gauza galduko dituzula. Beraien aukera dela.

Lasai daude, ordea, konponbidea elebidunek jartzen diegulako: guk itzultzen dizkiegu gaztelaniara euskarazko testu guztiak, elkarrizketa guztiak, lerroburu guztiak, "egun on" guztiak! Ia-ia barkamena eskatuz euskaraz aritzen garenean, gainera… Beraiek bakarrik ezingo lukete itzulpen lan hori egin, baina badakite horretarako gu gaudela, elebidunak, euskara aldamenetara botata beraiei bidea errazten diegunak. "Ez duzu ulertzen? Lasai, —ez ikasi euskaraz, arras zaila da eta— nik itzuliko dizut". Ustezko berdintasunaren eta "laguntzaren" aitzakian, euskaldunak zertan ari garen pentsatu beharko genuke, neke hau behingoan gainetik kendu nahi dut eta.

Victor Rubio: “Harakiria egin dugu, baina suhiltzaile zerbitzuaren onerako izan da”

Victor Rubio: “Harakiria egin dugu, baina suhiltzaile zerbitzuaren onerako izan da”

Ion Orzaiz / BERRIA Sakelakoa itzali du Victor Rubiok (Barakaldo, Bizkaia, 1965), elkarrizketa hasi aitzin. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko buruzagitza utziko zuela zabaldu zenetik, telefonoa joka ari zaio etengabe. Kazetariak, politikariak eta, batez ere, Nafarroa osoko lankideak. Animoak emateko deitzen diote gehienek, baita kargua uzteko erabakian atzera egin dezala eskatzeko ere. «Nire dimisioak kontzientziak astintzeko eta egoera hobetzeko balio badu, ongi...

Hutsetik hasi direnen kluba

Hutsetik hasi direnen kluba

Edurne Elizondo

Askaria hartzen ari dira. Umore onez. Batzuez eta bertzeez hitz egiten. Eritasunaz ere bai. Urte luzez izan baitira Antonio Garcia, Toñin Elcid, Juan Pedro Azkoaga, Juan Jesus Zabalza eta Iñaki Urrutia gaixo hepatikoak. Transplante batek hutsetik hasteko aukera eman zien arte. Duela hamar urte egin zioten ebakuntza Antonio Garciari (Iruñea, 1956). Atehna Transplantatu eta Gaixo Hepatikoen Nafarroako Elkarteko presidentea da. "Egoera berean direnak lagundu nahi ditugu. Gaixo datorrena eskutik heldu, eta ongi dagoen arte ez utzi".

2008. urtean sortu zuten elkartea. Toñin Elcid (Iruñea, 1954) ia hasieratik izan da kide. Duela bederatzi urte egin zioten transplantea: alaba batek eman zion bere gibelaren zati bat. "Bertze aukerarik ez nuen jada". Bederatzi hilabetez egon zen transplantea egiteko itxaron zerrendan. Minbizia zuen gibelean. "Bi hepatokartzinoma nituen; laurekin zerrendatik aterako nindutela erran zidaten medikuek". Gaixotasunak okerrera egin zuen, eta lau tumore izatera iritsi zen Elcid. Organo bat jasotzeko aukerarik gabe gelditu zen, ondorioz. "Argi utzi zidaten aukera bakarra bizirik zegoen emailea aurkitzea izanen zela", gogoratu du.

Bereak egin zuela pentsatu zuen Elcidek, zerrendatik atera zutenean. "Gaizki nengoen". Alabak emaile bilakatzea erabaki zuen. "Ebakuntzaren egunean ezin urduriago nintzen; ez nigatik, alabarengatik baizik. Medikuek argi utzi ziguten arriskua oso txikia zela, baina, halere, gaizki pasatu nuen". Egun, orbaina da ebakuntzak Elciden alabari utzitako arrasto bakarra.

Juan Jesus Zabalzarentzat (Iruñea, 1964) "hagitz lagungarria" izan zen Elciden esperientzia. Hepatokartzinomek utzi zuten Zabalza ere organoa jasotzeko itxaron zerrendatik kanpo. Une hartan, 21 pertsona zituen aurretik. "Bizirik zegoen emailearen aukera aipatu zidatenean, nik ez nekien hori nola egin zitekeen ere; inoiz ez zitzaidan halako aukera burutik pasatu ere egin".

Elcidekin hitz egin zuen arte. "Medikuek datuak ematen dizkizute; estatistika hutsak, alegia. Baina Toñinek alabaren gibelaren zati bat jaso zuela jakin eta gero, anitz lasaitu nintzen". Arrebaren senarrak eman zion bere gibelaren zati bat Zabalzari, 2009. urtean. Bertze bi senidek egin zituzten, aurretik, emaile izateko probak, baina bazter utzi zituzten: "Nire arrebak finegiak zituen zainak; eta bertze koinatu bat, berriz, gibelaren tamainagatik baztertu zuten".

Gibelak bi lobulo ditu, eta haietako handiena ematen dio emaileak organoaren premia duen gaixoari. "Emailearen zatiak, halere, gutxieneko tamaina bat behar du izan; gibel osoaren %35 gutxienez, alegia", azaldu du Zabalzak. Adin muga bat ere bada organo bat eman nahi dutenentzat: 55 urte. "Hori da halako kasuen abantailetako bat, organo gazte bat jasotzen duzula. Gainera, gorputz batetik atera eta berehala sartzen dute bertze batean, eta horrek gutxitu egiten du, neurri handi batean, iskemiarako arriskua; izan ere, gibela gorputzetik ateratzen denean, gehienez ere 15-16 orduz da erabilgarria", erantsi du Antonio Garciak.

Zirrosia eta tumoreak

Garciak, Iñaki Urrutiak (Iruñea, 1963) eta Juan Pedro Azkoagak (Arrasate, Gipuzkoa, 1948) hildako emaile baten eskutik jaso zuten behar zuten gibela. Hirurek zuten C hepatitisa. Zabalzak ere bai. "Izan ere, zirrosia duten gaixo anitzek garatzen dituzte hepatokartzinomak. C hepatitisa dagoenean, fibrosia badago. Eta fibrosiak okerrera egiten duenean, zirrosi bilakatzen da", azaldu du Garciak. Zirrosia dagoenean hepatokartzinomak garatzeko dagoen arriskuak "Damoklesen ezpata" bilakatzen du gaixotasuna. "Horregatik eskatu dugu guk zirrosia duten gaixoei ekografia egitea sei hilabetean behin". Gaixotasunari aurrea hartzeko, berandu baino lehen. Kontuan hartzeko datu bat jarri du Garciak mahai gainean: "Nafarroan badira C hepatitisa dutela ez dakiten 4.000 pertsona".

Garciari duela hamar urte egin zioten transplantea, eta onartu du ebakuntza gogorra egin zitzaiola. Ez hainbertze fisikoki. "Kontua da ni ongi sentitzen nintzela; 30 urtez egon naiz gaixo, baina transplantea egin aurreko egunean, oraindik ere, lanean nintzen". Itxaron zerrendan lehena zela errateko jaso zuen lehendabiziko deia. "Urduritzen zaitu horrek, ezin da ukatu". Biharamunean, ebakuntza eginen ziotela erran zioten. Emailea bazela harentzat.

"Emazteak bakarrik zekien; transplante baten zain zaudenean inoiz ez dakizu zenbat denbora itxaron beharko duzun; ez nituen ingurukoak alferrik kezkatu nahi". Garciak onartu du senideentzat gogorragoa izaten ohi dela egoera. Hitz horiekin bat egin du Iñaki Urrutiak, Transplantatu eta Gaixo Hepatikoen Nafarroako Elkarteko presidenteordeak. Duela hiru urte eta erdi egin zioten hari ebakuntza. "Organoa jaso baino lehen, bizirik zen emaile baten eskutik jasotzeko aukera aipatu zidaten, baina nik halakorik ez egitea erabaki nuen; ez zitzaidan bidezkoa iruditzen inori halakorik eskatzea".

"Eskatu, eskatu... nik ere ez nion inori eskatu, baina etxean zure egoeraren berri dutenean zure hurbilekoek lagundu nahi dute, eta haien esku badago zu sendatzea, ez dute bitan pentsatzen", erantzun dio Elcidek Urrutiari. Azken horrek aitortu du ia inori ez ziola eman bere egoeraren berri. Eta horrekin lotu du bizirik zegoen emaile baten eskutik organoaren puska bat jasotzeko aukera baztertu izana.

Medikuek argi eta garbi hitz egin zioten Urrutiari gaixotasunaren larritasunari buruz. "Niri espezialistak erran zidan ni bezala zeuden guztiak hilak zirela bost urteren buruan. Niri epea luzea iruditu zitzaidan!".

Juan Pedro Azkoagari duela bost urte egin zioten transplantea. "Zortzi hilabetez egon nintzen itxaron zerrendan. Egun batean, telefonoz deitu zuten etxera. Niretzat gibela bazela erran zidaten".

Azkoagaren transplantearen orbaina ez da agerikoa. Burutik kendu dioten azaleko orbanarena bai, ordea. Hori da organo bat jaso dutenek pairatzen duten alboko kalteetako bat. "Botiken ondorioz gertatzen zaigu; gorputzak organoa onar dezan inmunoezabatzaileak hartu behar ditugu; defentsak apal izaten ditugu, eta eguzkiak ohi baino kalte handiagoa egiten digu", azaldu du Garciak. "Azaleko minbizia izateko %400 aukera gehiago dugu", erantsi du Urrutiak. Gogora ekarri du ebakuntza egin behar zuenean medikuak zer erran zion: "Heriotza eragiten duen gaixotasun bat sendatuko dizut; horren ordez, gaixotasun kroniko bat izanen duzu". Urrutiak, adibidez, bederatzi pilula hartu behar ditu egunean. "Tarteka gaixotzen gara", onartu dute denek.

Itxaron zerrendak, behera

Aurrera jarraitzeko aukera izateko ordaindu behar duten prezioa da hori, transplanteak lotuak dituen ajeei aurre egin behar izatea. Eta ez da garestia, bostek nabarmendu dutenez. Transplanteak erabat aldatu du haien egunerokoa, eta etorkizun luzeago baten aukera jarri die mahai gainean. Horregatik, organo emaile bilakatzeko eskatu diete elkarteko kideek herritar guztiei. Argi utzi dute azken erabakia familiak hartzen duela, eta, ondorioz, garrantzitsua dela emaile izateko nahiari buruz hitz egitea hurbilekoekin. Garciak nabarmendu du familiaren iritziaren gainetik dagoela, halere, norberak egiten duen bizi testamentua. "Emaile izatea da zentzuzko aukera", erran du elkarteko presidenteak.

Gibeleko transplanteen kasuan, halere, itxaron zerrendak behera egin du azken urteotan. "2009. urtean 21 pertsona zeuden; 2015ean bi bertzerik ez; eta une honetan, berriz, sei". Kopuruaren beherakadak lotura du C hepatitisa sendatzeko botikekin, Garciak nabarmendu duenez.

Bizirik diren emaileen kasuak ere badu eragina. Normalean senideen artean egiten dira gisako ebakuntzak, baina ez beti. "Elkartera ere etorri dira hainbat pertsona, emaile izan nahi dutela erratera. Guk transplanteen koordinatzaileekin jarri ditugu harremanetan", erran du Garciak. Horien eskuzabaltasuna nabarmendu dute Atehna elkarteko kideek.

Organo emaileen eguna da ekainaren 4a, eta Transplantatu eta Gaixo Hepatikoen Nafarroako Elkarteak ospatu eginen du. Ekainaren 11rako besta eguna antolatu dute, Valtierran. Zer ospatu badutelako.

Bihotz artifiziala garatzeko bidean

E. Elizondo
Argi-ilunez betetako bidea da organo transplanteena. Nafarroan, 1984. urtean egin zuten bihotzeko lehenengoa. Ongi atera zen aurrenekoa izan zen hori, zehazki. "Espainian, 1968an egin zen lehendabizikoa, baina gaixoa ez zen kirofanotik ater...