“Artearen bidez komunikatzeko gaitasunak batzen gaitu”

“Artearen bidez komunikatzeko gaitasunak batzen gaitu”

Edurne Elizondo

Pedagogiaren eta artearen esparruan aditu diren hamar profesionalek osatzen dute Atena fundazioaren arte eskolako lantaldea. Arantxa Garatea da zuzendaria (Iruñea, 1962).

Zer ekarri dio zuen eskolari gobernuaren erregistroan onartu izanak?

Urte luzez egindako lana aitortzea ekarri digu. Atena 2001. urtean sortu zuen guraso talde batek, eta ordutik aritu gara lanean eta borrokan aitortza hori lortzeko; artea adierazteko eta komunikatzeko tresnatzat onar dezatela nahi izan dugu beti; onar dezatela arteak aukera berdintasuna ekartzen duela pertsona guztientzat.

Artea eta pedagogia uztartzen dituzue. Nola sortu zen proiektua?

Arteak berdintzen gaitu denok. Komunikaziorako tresna bat da. Emoziotik eta sentimendutik abiatzen da, anitzetan, garunetik baino gehiago. Horregatik , denok batzen gaitu. Guk bide honi ekin genionean egia da bazela konfiantza anitz ez zuen jendea, ez zuten uste artearen bide horrek balioko zuela adimen urriko pertsonekin. Erakutsi behar izan dugu baietz. Artearen bidez pertsonak gai direla komunikatzeko. Honat etortzen diren pertsonek gaitasun ezberdinak dituzte, bai eta komunikatzeko modu ezberdinak ere. Denak ez dira gai hitz egiteko, adibidez. Baina gorputzaren bidez badira gai nahi dutena adierazteko, eta horrek lotura sortzen du denon artean. Batzen gaitu. Ez dugu ahaztu behar ezintasunak dituzten pertsonen eskubideen adierazpenak argi uzten duela denok dugula artea ezagutzeko eskubidea. Artea kontsumitzeko eta sortzeko eskubidea dugu denok.

Zuen lanak balio duela erakutsi behar izan duzuela diozu; gizarteari?

Egia da urrats anitz egin ditugula, baina, oraindik ere, arteari buruz aritzen garenean, ez da eskubidetzat edo lehentasuntzat hartzen. Ezta beharrezkotzat ere. Ez diote duen balioa ematen. Guk kontrakoa uste dugu. Egunero ikusten baitugu hemen pertsona anitzi bizia ematen diela arteak. Egiten duten gauza bakarra da, eta honat etortzeko gogoak baino ez ditu ohatzetik altxatzen.

Zein diziplina lantzen dituzue hemen?

Dantza, musika, antzerkia eta makillajea lantzen ditugu eskolan. Ikasle guztiek lantzen dituzte esparru horiek guztiak. Gainera, ikasgai bakoitzeko edukiak osatzeko, tailerrak egiten ditugu. Tailer horien bidez, hain zuzen, eskolatik kanpo aritzen gara. Guk argi baitugu artearen helburuetako bat dela pertsona guztiak gizartean barneratzea. Ideia horren harira gure ikasleek egiten duten lana kanpora eramaten dugu. Margo erakusketak egiten ditugu, adibidez. Horrek aukera ematen digu gizarteak gure ikasleak artista gisa ezagutzeko, eta bazter gelditzen da anitzetan adimen urrikoenganako erakusten dugun erruki edo pena sentimendu hori.

Egunerokoan zailagoa da sentimendu hori bazter uztea?

Zaila izaten da, bai. Argi dago adimen urriko pertsonek laguntza behar izaten dutela anitzetan. Baina horrek ez ditu ezberdin bilakatzen. Nik betaurrekoak erabili behar ditut, bertze batek makulua beharko du ibiltzeko. Denok behar dugu gauza baterako edo bertzerako laguntza. Adimen urrikoen kasuan, gakoa da bertzelako baliabideak eta moduak bilatzea haiekin bat egiteko, harreman bat sortzeko, komunikatzeko. Hori hemen profesionalen laguntzarekin lortzen dugu, bai eta boluntarioen eta praktikak egitera etortzen direnen laguntzarekin ere. Haien parte hartzea hagitz garrantzitsua da.

Ikasturtea bukatu berri duzue; zer-nolako aldaketak sumatzen dituzu ikasleengan?

Ikasturteak lan handia du atzean. 4 eta 67 urte bitarteko 94 ikasle izan ditugu. Taldeka banatzen ditugu; talde heterogeneoak osatzen ditugu, gizartea bera halakoa delako. Talde bakoitzarentzat programazio zehatz bat prestatzen dugu; programazio horrek, gainera, bi ildo ditu, pedagogikoa bat, eta artistikoa bertzea. Aldi berean, ikasle bakoitzaren neurrira egokitzen dugu programazio hori, ikasle bakoitzak lehentasunezkoak diren helburuak dituelako ikasgai bakoitzean. Artea, pedagogia eta norberaren autonomia lantzen ditugu ikasturte osoan. Irailean zaila izaten ohi da ikasturteari hasiera ematea, baina denborak aurrera egin ahala agerikoak dira ikasleek egiten dituzten urratsak. Guretzat artea da tresna bat gure ikasleek egunerokoan behar dituzten ezagutzak jaso ditzaten. Eta harrotasunez erran dezakegu bide horrek lortzen duela helburua betetzea. Noski, pertsona bakoitzak bere erritmoa du. Ezin da azkartu. Baina hori ez da arazo bat. Ikasturte batean betetzen ez den helburua hurrengoan lor daiteke.

Erran izan duzu etika duzuela eskolan ardatz.

Guretzat hagitz inportantea da. Horrek erran nahi du guretzat justizia eta autonomia direla funtsezko balioak; hemen dauden pertsona guztiek dituztela eskubide berberak. Hau da, ikasle bati ezin eskaini dioguna bertze bati ere ez diogu eskaintzen. Gurasoak daude proiektu honen atzean, haien babesa dugu egunerokoan, eta horrek sendotasun handia ematen digu. Proiektu honetan sinisten dugu.

Zerk motibatzen zaituzte eguneroko lanean?

Nik uste dut gakoetako bat dela hemen aritzen garen profesionalok beti saiatzen garela egunean egoten, eta geure burua birziklatzen. Enpatia anitz sentitzen dugu. Eta helburu nagusitzat dugu eskolak aurrera egin dezala.

Ozonoak gora, eta kalitateak behera

Ozonoak gora, eta kalitateak behera

Edurne Elizondo

Ez du ikasgaia gainditu. Nafarroak huts egin du airearen kalitateari buruzko azterketan, bertze behin ere. Horixe nabarmendu du Ekologistak Martxan erakundeak. Txostena egin du, eta ondorio nagusi bat jarri du mahai gainean: nafar guztiek aire kutsatua arnastu zutela iaz. Herrialde osoan gainditu zituen kutsadurak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendio gisa zehaztutako mugak. Erriberan, gainera, legeak ezarritakoak gainditu egin zituen ozono troposferikoak. "Arazoa larria da, eta bada garaia Nafarroako Gobernuak neurriak hartzeko", erran du Ekologistak Martxan taldeko Eduardo Nabaskuesek. Ozonoak gora eta kalitateak behera egin duelako.

Ez bakarrik ozonoak. OMEk mugatzat ezarritako kopuruak gainditu zituzten iaz nitrogeno dioxidoak, sufre dioxidoak eta partikula esekiek. Iruñerriko industria, trafikoa eta Castejongo zentral termikoak jo ditu Ekologistak Martxan taldeak kutsatzaile horien iturritzat. Ozono troposferikoa bigarren mailako kutsatzaile bat da, kutsatzaile aitzindariek eragiten dutena; zehazki, nitrogeno oxidoek eta konposatu organiko lurrunkorrek, bat egiten dutenean. Udan agertzen da ozono troposferikoa, batez ere, aitzindari horiei tenperatu handiak eta eguzki erradiazioak eragiten dietenean.

Airearen kutsadurak gizakien osasunari eragiten dio, zuzenean. Munduan, hiru milioi pertsona hiltzen dira urtean, kutsaduraren ondorioz. "Espainian 25.000 pertsona hiltzen dira urtean airearen kalitatearen ondorioz; osasunaren esparruan, gainera, gastuak eragiten ditu kutsadurak: 32.000 milioi euro urtean, Espainian", azaldu du Nabaskuesek.

Airearen kalitatearena ez da oraingo arazoa Nafarroan. Ekologistak Martxan taldeko kideak azken hamar urteotan aritu dira, gutxienez, egoera salatzen. Batez ere, Erriberan, han eskualdearen orografiak larriago bilakatzen baitu kutsaduraren arazoa. "Kutsatzaileak bertan gelditzen baitira". Tuterako Udaleko agintariek ere bat egin dute ekologisten kezkarekin. Adierazpen instituzionala onartu berri dute Nafarroako Gobernuari eskatzeko airearen kalitatea hobetzeko plana martxan jar dezala lehenbailehen.

Nafarroako Gobernuak ez dio erantzun Tuterako Udalari, oraindik ere. Asmoa dute herriko agintariek gobernuko arduradunekin bilera eskatzeko, auzia jorratzeko. Ekologistak Martxan taldeak eskaera bera egin zion gobernuari, eta erakunde horrek jaso du erantzuna. "Ezezkoa eman digute", azaldu du Nabaskuesek.

Nafarroako Gobernuak, hain zuzen ere, mezu bat nabarmendu du ekologistek egindako txostena zabaldu eta gero: "Legeak ezarritako mugak betetzen dira herrialdean, ozono troposferikoaren kasuan eta Erriberan izan ezik".

Javier Verak erran ditu azken hitz horiek. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Ingurumen Kalitatearen eta Klimaren Aldaketaren Zerbitzuko teknikaria da. Onartu du legeak agintzen duela airearen kalitatea hobetzeko planak egin behar direla kutsatzaileek legez ezarritako mugak gainditzen dituztenean. Nafarroako Gobernuak planik ez du egin, ordea. "Ez dugu esku hartzeko tarterik; ezin gara eraginkor izan, Erriberari eragiten dioten kutsatzaileak Nafarroatik at sortzen ahal direlako". Hori dela eta, gobernuak Espainiako Ingurumen Ministerioari "plan orokor bat" osa dezala eskatu diola azaldu du Verak.

Nabaskuesek ez du erantzun hori ontzat eman. Ezta Olga Risueñok ere. Tuterako Udaleko Ingurumen zinegotzia da Risueño, eta uste du gobernua bere ardura "bazter" uzten ari dela. "Espainiako Gobernuak plan bat osatu arte zain egon behar badugu, ez diogu inoiz helduko arazoari", erran du zinegotziak. Nafarroako Gobernuak zerbait egin behar duela eta zerbait egin dezakeela berretsi du Risueñok, eta bat egin du Nabaskuesek ere.

Castejongo zentralak

"Eredu aldaketa behar dugu". Horixe nabarmendu du Nabaskuesek, eta kutsaduraren arazoa egungo garapen ereduarekin lotu du, argi eta garbi. Castejongo zentral termikoen auzia jarri du mahai gainean Ekologistak Martxan taldeko kideak. Azpiegitura horiei buruz, hain zuzen ere, Erriberako ozono troposferikoarekin ez dutela zerikusirik azaldu du Javier Verak. "Azken urteotan ia geldirik egon dira, eta ozonoaren arazoa ez da desagertu". Hori egia dela onartu du Nabaskuesek. Argi du zentralak ez direla ozonoa eragiten duen kutsadura iturri bakarra. "Denak eragiten du, halere; zentralek ere bai". Iruñeko industrian sortzen den kutsadura, trafikoarena, eta Zaragozaren eta Logroñoren (Espainia) gisako hiriek eragiten dutena pairatzen dute Erriberan, Nabaskuesek gaineratu duenez.

Iritzi horrekin bat egin du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Pablo Lorentek. Castejongo zentralen kontrako plataforman aritu da urte luzez. Argi du azpiegitura horiek martxan jarri izanak "burbuila energetikoarekin" duela lotura. "Gobernuak dio Erriberako ozonoa ez dutela Castejongo zentralek eragiten; ahaztu egiten zaigu aipatzea Errioxan [Espainia] badirela beste bi; ez da zabaltzen, halaber, Castejongo zentralak ireki zituztenetik nabarmen egin duela gora Nafarroan nitrogeno oxidoen kopuruak".

Nabaskuesek eta Risueñok bezala, ikuspuntu orokor baten beharra nabarmendu du Lorentek ere. Kutsatzaileak alde batetik bertzera mugitzen direlako eta hemengoek eta hangoek han eta hemen eragiten dutelako. Horrek ez du erran nahi, ordea, Nafarroak neurriak hartzeko modurik ez duenik. Horixe nabarmendu dute hirurek.

Batetik, informazioaren auzia aipatu dute. Alde horretatik, "kutsatzaileen eta kutsatzaile horien iturrien inguruko azterketa sakona" eskatu du Tuterako Udaleko zinegotziak. "Jakin beharko genuke zer motatako industriak ditugun, eta zer motatako kutsatzaileak eragiten dituzten; aztertu beharko dira klima, orografia eta kutsaduraren arazoari eragiten ahal dioten gainerako elementu guztiak", erran du Risueñok.

Datuak jasotzeko estazioek duten garrantzia aipatu du, bertzalde, Nabaskuesek. Lorentek gogoratu du garai batean Castejongo zentralen inguruko airea aztertzeko zeuden bi estazioak "hondatu" egin zituztela. Egun, Nafarroa osoan airearen kalitatea kontrolatzeko bederatzi estazio daude: hiru daude Iruñean, eta bana Lesakan, Altsasun, Erriberrin, Zangozan eta Funesen. "Tuteran ere badago bat", erantsi du Verak.

Baieztapen hori ez dela zehatza erantzun du Nabaskuesek, ordea. "Bai, udalerri barruko eremu batean dago, baina hirigunetik kanpo, landa eremu batean". Hori dela eta, hain zuzen ere, Ekologistak Martxan taldeak, bai eta Tuterako Udalak ere, Tuterako erdigunean bertze estazio bat jar dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

Estazioek jasotzen duten informazioaren berri zabaltzeko galdegin diote gobernuari, gainera. Nafarroako Gobernuak webgunea du airearen kalitatearen berri emateko: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Calidad+del+aire/. "Estazioek orduro jasotzen dituzte datuak, eta datu base batera igortzen dute informazioa. Webgunean herritarren esku jartzen dugu informazio hori", azaldu du Javier Vera gobernuko Ingurumen Departamentuko kideak. Nabaskuesek argi du hori ere ez dela nahikoa. "Informazio kanpaina eraginkorragoak behar ditugu, herritarrak ohartarazteko mugak gainditzen direnean".

Autoa "etsai"

Garapen ereduari buelta ematen hasteko bidean urratsak proposatu dituzte ekologistek. "Argi dago etsai nagusietako bat autoa dela", erran du Ekologistak Martxan taldeko kideak. Alde horretatik, hirietan bizikletaren erabilera bultzatzeko neurriak eskatu ditu. Bat egin du Risueñok. "Ausardiaz jokatzeko ordua da", erran du.

Erregai fosilak atzean utzi eta energia berriztagarrien aldeko apustua jarri dute ekologistek, laburbilduz, mahai gainean. Nabaskuesek zalantza du, ordea, gobernuak bide horretan urratsak eginen ote dituen. "Volkswagenek hemen duen indarra kontuan hartuta, zail ikusten dut", erran du, ezkor.

Lorentek ere gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuaren jarrera: "Aurreko gobernuaren energia eredu bera du oraingoak ere; industria ekoizpenerako eta garapenerako eredu bera", salatu du. "Aurreko gobernua baino arriskutsuagoa da oraingoa, aldaketaren inguruko irudia saltzen duelako, baina aldaketa hori ez da gertatu".

Bakterioak txorrotan

E. Elizondo

Airearen kalitatea txarra, eta txorrotako urean bakterioak. Cintruenigon esku hartu zuen joan den astean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, txorrotako urean bakterio koliformeak antzeman eta gero. Zehaztutako protokoloa martxan jarri zuten, eta ostiralean, hilaren 10ean, konpondutzat jo zuen arazoa Nafarroako Gobernuak.

Herritarrek hainbat egunez ezin izan zuten txorrotako ura edan. Bakterio koliformeak ohiko azterketa batean aurkitu zituzten. Tarteka uraren laginak hartzen dituzte, analisiak egiteko. Maiatzaren 31koan, teknikariak ohartu ziren legeak ezarritako mugak gainditzen zituela bakterio koliformeen kopuruak: 100 mililitroko 201 baino gehiago. Kopuru horrek "osasun arriskua" ekartzen zuela ikusita, txorrotako ura edatea debekatu zuen Nafarroako Gobernuak.

Hilaren 9an, lagin berriak hartzera joan ziren osasun publikoaren institutuko arduradunak herrira. Gainera, Cintruenigoko Udaleko agintariekin batera, ur hornidurarako sarea eta biltegia aztertu zituzten, kutsaduraren iturburua non zen zehaztu ahal izateko. Bi puntutan antzeman zituzten bakterioak sarean, bai eta ur biltegiaren irteeran ere. Ura garbitzeko neurriak hartu eta gero, analisiak egin zituzten berriz ere hainbat tokitan hartutako laginekin. Duela astebete jaso zituen gobernuak emaitzak, eta ontzat jo zituen. Ondorioz, txorrotako ura edateko baimena eman zuen, berriz ere.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari Maria Jose Perez Jarautak nabarmendu du herriko ura garbitzeko sistemak huts egin duela. Ondorioz, neurriak har ditzala eskatu dio Cintruenigoko Udalari.

Tuterakoa "txarrenetakoa"

Bakterioek eragin dute Cintruenigoko arazoa. Txorrotako uraren kalitatea arazo bat da, hala ere, Erriberako bertze hainbat herritan ere. Horixe salatu du Uraren Kultura Berria fundazioak, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. Erakunde horretako kide Fito Jimenezek nabarmendu du Tuterako txorrotako ura dela Nafarroako "txarrenetakoa". "Edateko ona da, eta legeak ezarritako baldintzak betetzen ditu, baina herrialdeko txarrenetakoa da".

Egoera "larria" dela azaldu du Jimenezek: "Hainbat analisitan minbizia eragiten duten herbizidak antzeman dituzte; eta horiek ez dituzte araztegiek desagerrarazten".

Arazoak ez dio bakarrik Tuterari eragiten; Ebroko ura kontsumitzen duten bertze hainbat herriri ere bai. "Ebroko eta ibai horren ubideetako ura kontsumitzen dute Tuterak, Fontellasek, Castejonek, Cabanillasek, Fustiñanak eta Funesek, eta guztietan dute arazo bera; herri horiek dira, hain zuzen ere, botilako ur gehien kontsumitzen dutenak", azaldu dute Uraren Kultura Berria fundazioko kideek.

Uraren kalitate txarra nabarmenagoa da udako hilabeteetan, Jimenezen hitzetan. Fundazioak hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean arazoari aurre egin ahal izateko. Eraginkorrena litzateke, erakunde horren aburuz, Queiles ibaiko eta El Ferial urtegiko ura erabiltzea udan, eta, neguan, berriz, Ebrokoa. Hala erantsi du Jimenezek: "Ona litzateke, gainera, uraren kudeaketarako sistemak bateratzea, Erribera osorako mankomunitate baten bidez, adibidez".

Herri ekinbideak, lehiaketa publikora

Herri ekinbideak, lehiaketa publikora

Asier Garcia Uribarri

Gaztetxetik gaztetxera. Lelo hori erabili dute Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kideek Compañia kaleko eraikinetik Caparrosoko txaletera doazela ospatzeko. Hau da, udalarekin sinatutako hitzarmen bati esker gune egonkor bat izango dutela ospatzeko. Hala ere, leku aldaketa ez da behin betikoa. Joxe Abaurrea Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotziak adierazi duenez, heldu den ikasturtean lehiaketa publikora deituko dute eraikinaren kudeaketa emateko. "Espazio hori gazteentzat izango da. Hori kontuan hartuta, edonor aurkeztu daiteke".

Berri horrek "ezustean" hartu ditu Oihana Idoate eta Marc Fernandez gaztetxeko kideak. Fernandez udalarekin bilera egin duten gaztetxeko kideetako bat da. Haren arabera, lehiaketaren gaia "gainetik aipatu" baino ez du egin udalak, eta prozesu osoan izandako jarrera salatu du: "Udalak beti hartu ditu erabakiak bere kabuz. Leku aldaketa onartu genuenean, berehala publikatu zuten prentsan nolakoa izango zen akordioa eta udal teknikariak egongo zirela bertan. Prentsaurreko bat egin behar izan genuen hori gezurtatzeko. Espazioaren inguruko akordioa lortu genuelako, ez erabilerari buruzkoa". Oraindik ez dute batzarrean lehiaketaren inguruan hitz egin, baina Idoatek eta Fernandezek ez dute begi onez ikusten. "Ezin dira herri ekinbideak lehiaketa publikora atera. UPNk Jai Gunearekin egiten zuen gauza bera da".

Gazteek abenduan okupatu zuten Compañia kaleko eraikina, eta, ordutik, udalarekin eginiko negoziazioek luze jo dute. "Luzeak eta nekagarriak izan dira negoziazioak. Udalarekin akordioa onartu genuenean, esan ziguten astebetean lokal berria izango genuela. Baina, azkenean, hilabeteak izan dira", azaldu du Fernandezek. Idoateren arabera, negoziazioek barne mailan ere asko eragin diete. "Eztabaidak etengabe errepikatu behar genituen, egoera aldatzen zelako. Horrek asko erretzen du jendea, bereziki negoziazioetan aritu direnak".

Gazteek adierazi dute bizitako negoziazio prozesuak baieztatu egin dituela euren hasierako tesiak. "Gure helburua udalarekin hitzarmena egin eta espazio bat lortzea zen. Okupazioa presio neurri bat baino ez da izan, espero genituen traba legal eta burokratikoak saihesteko". Euren arabera, legeriak interes batzuei erantzuten die, eta uste dute herri mugimendua ezin dela horren zain egon. "Legeriari so baldin bagaude, blokeatuko gaituzte. Guk lokala behar genuen, eta biderik zuzenena hartu genuen. Ez genuen beste leku batzuetan bezala urteak zain egon nahi".

Idoatek eta Fernandezek azaldu dutenez, gaztetxeak hiru funtzio nagusi bete ditu. Alde batetik, auzoko gazteentzako erreferente berri bat dela diote, "taberna eta etxabetatik harago". Bestetik, auzoko herri mugimendua batzeko aukerak sortu ditu. "Kolektibo bakoitza bere lokalean zegoen, besteak beste, feministak Txoko Feministan, internazionalistak Zabaldin eta auzo elkartekoak Auzoenean. Gaztetxeak errealitate horiek batzeko balio izan du". Azkenik, gaztetxea sorkuntzarako toki gisa ere definitu dute. "Dinamika, borroka eta iniziatiba ugari sortu dira gaztetxean: besteak beste, euskara eskolak, talde feminista, bertso eskola, gimnasioa eta antzerki taldea".

Auzoarekin harremana

Alde Zaharra aberatsa da herri mugimenduetan, eta, gaztetxeak sei hilabeteko ibilbidea baino ez badu ere, bere tokia hartu du. AZ ekinbidea auzoko herri mugimendua batzeko ekinaldia da. Toni Iragik bertan parte hartzen du, eta gaztetxearen jarduna begi onez ikusten du. "Euskal Jai desagertu zenetik, behar bat zegoen auzo honetan, eta gaztetxe berria hori betetzeko sortu da". Gaztetxeak AZ ekinbidearekin bat egin du, sortzen ari diren auzo eredu berrian gazte ikuspegia txertatuz.

Gaztetxeko kideek adierazi dute ez dutela arazo berezirik izan auzokideekin. "Zarata izan da auzokideen beldurretako bat. Alde Zaharra oso masifikatua baitago. Horregatik, neurri zehatzak hartu ditugu: besteak beste, kontzertuak 21:00etan eta pintxo-poteak 22:30ean bukatu ditugu".

Sei hilabeteko ibilbidea du gaztetxeak. Bidean negoziazio luzeak eta hamaika ekinbide sortu dituzte. Orain, lokal berrian proiektuan sakontzen jarraituko dute. Arazo burokratikoek jarraituko badute ere, bihar gaztetxe berria zabalduko dute.

Eraberritzeko erronka

Eraberritzeko erronka

Asier Garcia Uribarri
Nola zabaldu museoa ohiko publikotik harago? Hori ari dira planteatzen Nafarroako Museoan, haren 60. urtemugan. "Ulertzen dut museoak erakunde estatiko gisa ikustea jendeak. Ondarea babesteko betebeharra duten gune kulturalak bait...

Lehendabizikoz

Lohizune Amatria
Asteazkena zen. Ekainaren 17a. 2015. urtea. Egun berezia Nafarroako politikagintzan. Urduri izanen ziren seguruenik egun Nafarroako Parlamentuko hemizikloan esertzen diren politikariak. Batzuk besteak baino gehiago, noski. Urtebete iga...

“Lan prozesuaren zatirik garrantzitsuena da argazkien edizioa”

“Lan prozesuaren zatirik garrantzitsuena da argazkien edizioa”

Edurne Elizondo

Sorterrira itzuli da asteon Miren Pastor argazkilaria (Iruñea, 1985). Uharteko Arte Garaikideko Zentroan zintzilikatu ditu bere irudiak. Atzo, gainera, hitzaldia eskaini zuen han, bere lanari buruz. Madrilgo Blank Paper eskolan ari da lanean, eta, haren eskutik, hamaika kultur proiektutan murgildu da. Argazkigintzara kasualitatez iritsi zen, baina ari da bide sendoa egiten, urratsez urrats.

Bilbora Ikus-entzunezko Komunikazioan izena ematera joan, baina Arte Ederretan egin zenuen matrikula, azkenean. Nolatan?

Nire bidea izan da intuiziozkoa, oro har. Ikus-entzunezko Komunikazioan izena emateko asmoa nuen, baina nahastu nintzen, eta Arte Ederretako ikasgaiak ikusi nituenean, aldatzea erabaki nuen.

Eskulturaren bidetik hasi, baina argazkigintzaren alde egin zenuen gero. Intuizioz, berriz ere?

Eskulturak erakarri ninduen. Asko interesatzen zitzaidan espazio publikoetako eskultura, adibidez, naturan eta espazio publikoetan esku hartzen duen 1960ko hamarkadatik aurrerako eskultura. Aukera izan nuen Cristina Iglesias artistarekin praktikak egiteko, eta Madrilera etorri nintzen. Orduan sortu zitzaidan Blank Paper eskolan argazkigintzari lotutako ikastaro bat egiteko aukera, lau hilabetez, eta haren eskutik ezagutzen ez nuen mundu bat deskubritu nuen argazki liburuetan eta erakusketetan: argazkiekin historiak kontatzen ahal zirela ohartu nintzen.

Zer eman zizun ikastaro horrek argazkigintzaren aldeko apustua egiteko?

Konturatu nintzen idazle batek liburu batekin egiten duena egiten duela argazkilari batek bere lanaren bidez; ez argazki bakar batekin, ez gehiago edo gutxiago maite duen argazki batekin. Proiektu bat garatzen duzunean inportanteena da argazkiak atzetik zer kontatzen duen, zenbat kontzeptu maila egon daitezkeen proiektu baten atzean.

Madrilek lehen ikastaro hura eman zizun; Italiak, berriz, lehen reflex kamera.

Erasmus programaren bidez joan nintzen Italiara. Argazki kamera erosi, eta hasi nintzen argazkiak egiten. Egunerokotasuna islatu nahi nuen. Kanpora zoazenean denak ematen dizu atentzioa, erakartzen zaitu. Argazki asko egitea erraza da, baina, aldi berean, azalkeria ikusten da. Ez duzu horko errealitatea ezagutzen, eta turista baten begirada duzu. Blank Paper eskolan ikasi nuen, hain zuzen, ez duzula urruti joan behar argazki proiektu bat garatzeko. Nahikoa dela, askotan, zure inguruko errealitatea beste modu batera begiratzea, proiektu oso interesgarriak garatzeko.

Eta hori egin zenuen, zure inguruan bilatu?

Bai. Familiari egin nion so. Nerabezaroari buruzko lana garatzen hasi nintzen, nire nebaren bitartez. Bidean izenburuko lana da. Epe luzerako proiektu bat da, eta horrek ematen dit aukera esperimentuak egiteko.

Zein da zure lan prozesua?

Intuizioz egiten dut lan, neurri handi batean. Nik argazki asko egiten ditut, eta gero aukeratzen ditut. Lan hau egiten hasi nintzenean, ez nuen aurretik nerabezaroaren ideia zehatza buruan. Hasi nintzen gazteen argazkiak egiten. Nebarenak eta haren lagunenak. Egindako argazkiak begiratzen hasi, eta konturatu nintzen gai bat bazela irudi horietan. Nerabezaroa eta natura, biak oso agerikoak zirela nire argazkietan. Finean, nire bizitzako bi oinarri garrantzitsu dira.

Hagitz lan pertsonala da?

Bada. Agerian uzten du nebarekin dudan harreman estua, batetik, eta, bestetik, naturarekin izan dudan lotura, hazi izan garelako naturak inguratuta. Nork bere esparrura eramaten badu bere lana, emaitza izan daiteke oso lan pertsonala, baina, aldi berean, argazkien bidez azaltzeak ekartzen du lengoaia unibertsal baten bitartez adierazten duzula esan nahi duzun hori.

Bidean izena du. Amaitu gabeko proiektua da?

Prozesu baten modukoa da. Nerabezaroa bera bezala; bai eta naturaren zikloak bezala ere. Bi ideia horien arteko paralelismoa agerikoa da. Hasieran ingelesezko izena jarri nahi izan nion proiektuari, Going on, baina Blank Paper eskolako irakasleak esan zidan halako proiektu pertsonal batek ezin zuela ingelesezko izena izan, are gutxiago nire hizkuntza euskara izanda. Eta arrazoia zuen. Nik uste nuen jendeak ez zuela ulertuko, baina hori ere bada erronka bat. Jendeak izena onartu duela konturatu naiz, eta ez dakienak galdetu egiten du, edo bilatu. Hizkuntza aldarrikatzeko modu bat ere izan da, azkenean, proiektua.

Edizioak zer garrantzi du?

Handia. Niretzat prozesuaren zatirik garrantzitsuena da argazkien edizioa. Klik egitea erraza da. Edozerk ematen ahal dizu atentzioa. 300 argazki egin, baina bost aukeratu behar dituzu, adibidez. Baina kontua da bost horietan ikusten dela asmo bat. Argazki guztien artean piezarik garrantzitsuenak hasten dira nabarmentzen. Distantzia behar da hori lortzeko, akaso zure argazkirik gogokoena ez delako proiektuarentzat egokiena.

Edizio lan hori bakarrik egiten duzu?

Edizioa egiteko orduan garrantzitsua iruditzen zait beste norbaiten laguntza izatea. Zure argazkiek zure sentsazioak eta esperientziak dituzte; baduzu nolabaiteko lotura haiekin. Horregatik, interesgarria da beste norbaiten iritzia jasotzea. Kontua da proiektuak koherentzia ez galtzea, proiektua bere osotasunean kontuan hartzea argazki bat aukeratzerakoan. Eta hori errazagoa da beste norbaiten laguntzarekin egitea, askotan.

Blank Paper eskolan baduzu nork lagundu?

Ikastaro bat egitera etorri, eta eskolan jarraitzen dut. Zorte handia izan dut. Hemen aurkitu ditut nire kezka berak dituzten pertsonak. Eskola honetan denak gara argazkilariak; ez dago enpresaburu bat, nolabait esanda; eta giro hori sumatzen da. Autogestionatutako eskola da, eta sormena modu berezi batean garatzen da. Hamaika kultur ekitaldi egiten ditugu.

Género y figura izeneko proiektuan ere ari zara lanean, emakume argazkilarien lana ezagutzera emateko. Emakumeak artean ere ikusezin dira, oraindik ere?

Neurri handi batean, bai. Nik, hala ere, zorte handia izan dut, eta emakume izateagatik lortu ditut hainbat aukera. Egia da, hala ere, erreferente gehienak maskulinoak direla. Asko dago egiteko.

Emakumeentzat espazioak sortu behar dira?

Hori da bide bat emakumeei behar duten tokia emateko. Ari dira sortzen proiektu bereziak, eta hori ona da emakumeon lana ezagutzera emateko.

Argazkigintzak, oro har, badu merezi duen tokia artean?

Hemen ez. Egungo gizartean irudia nonahi dago. Sakelakoarekin egiten ditugu argazkiak, eta sare sozialetan partekatzen ditugu. Irudiak kontsumitzen ditugu, baina zalantza dut gaitasun kritikoa garatzen ari ote garen. Eskolan landu beharreko gaia da.

“Orain saltzen diguten heziketa inklusiboa ez da benetakoa”

“Orain saltzen diguten heziketa inklusiboa ez da benetakoa”

Edurne Elizondo

"Nire semeari anitz kostatu zaio onartzea Downen sindromea duen haur bat dela. Baina onartu du. Sekulako ahalegina egin du beti, bere onena emateko". Edurne Morenok erran ditu hitzok (Iruñea, 1971), Marcos Beriain semeari buruz. Nuestra Señora del Huerto ikastetxean Curriculum Bereziko Unitaterik ez dagoelako mugitu nahi dute Domingotarren ikastetxera. Haurra, gurasoak eta eskolako kideak kontra daude. Parlamentuan izan dira asteon.

Zergatik aukeratu zenuten orain arteko ikastetxea?

Lehendabizi, Donibaneko haur eskolara eraman genuen, eta handik pasatu zen oraingo ikastetxera. Kosta egin zitzaigun eskola aurkitzea. Ezintasun bat duen haur bat duzunean, gauza asko aztertu behar dituzu. Bi familia ezagutzen genituen Downen sindromea zuten haurrekin, eta biak heldu ziren honat. Kontent ziren. Orientatzailearekin hitz egitera joan nintzen; hark Marcos ezagutu zuen, eta honat ekartzeko erabakia hartu genuen. Ez gara damutzen. Primeran egon da bederatzi urteotan.

Zer eman dio eskolak?

Ikastetxean, gure semea ez da Downen sindromea duen haur bat; ikastetxean, bere gelan, gure semea Marcos Beriain da. Hemen, jendeari ahaztu egiten zaio Downen sindromea duela. Karrikan, errealitatea gogorragoa da. Nik ulertzen du baliabideak mugatuak direla, baina argi dut kasuak banaka aztertu behar lituzketela.

Bilera bat egin berri duzue Hezkuntza Departamentuarekin. Zer aukera eskaintzen dizuete?

Hiru aukera jarri dituzte mahai gainean. Bat da Marcosek Lehen Hezkuntzako seigarren maila egitea berriz ere. Baina hori ez da konponbidea. Hurrengo urtean egoera berean izanen ginateke. Bigarren aukera da Domingotarren ikastetxera eramatea, han Curriculum Bereziko Unitatea badutelako, eta tokia badelako. Baina guk argi dugu gure semearentzat onena dela ikastetxe berean eta orain arteko ikaskideekin jarraitzea. Hezkuntzak ez du hori nahi, aukera horrek gastu bat ekartzen duelako. Berez, irakasle baten soldata da behar dena. Beste aukera bat ere proposatu digute: haurrak ikastetxean jarraitzea, baina pedagogia terapeutikoko bost ordurekin. Orain duen kopuru bera da. Ez da nahikoa Lehen Hezkuntzan, eta are gutxiago izanen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Finean, adimen urriko pertsona bat da Marcos. Lan handia egin du, baina errealitatea hori da.

Nolakoa izan da orain arteko bidea?

Izugarri saiatu da. Ikastetxean ere lagundu dute anitz. Irakasleek, bai eta ikasleek ere. Babestu eta zaindu egin dute ikaskideek. Talde batu eta sendoa osatu dute, eta horrek on egin dio Marcosi. Ez dut nahi hori galtzea. Marcos jaio zen une berean jakin nuen nik Downen sindromea zuela. Jaio zen une beretik erran didate denek edozein haur bezalakoa izan zitekeela, eta hori lortzeko borrokatu gara. Orain, ordea, Hezkuntza da semea ezberdina dela erraten didana. Ez dute haren alde egiten.

Bazter uzten dutela uste duzu?

Sentitzen dut ez dutela haren alde apustu egin. Gizartean duten tokia aldarrikatu behar dugu. Heziketa inklusiboak banaka aztertu beharko lituzke kasuak. Ez dira hainbertze ere. Haien beharretara egokitzea gauza handia da haientzat. Orain saltzen diguten heziketa inklusibo hori ez da benetakoa. Eta haurrek sufritzen dute.

Semeak zer erraten dizue?

Niri semeak galdetu dit ea tontoa delako aldatuko ote duten ikastetxez. Hori hagitz gogorra da. Ikastetxez aldatzen badute, aurrera jarraitzeko gogo hori kenduko diote. Ez da gauza bera ezintasuna bulego batean lantzea, edo zure eguneroko kontu bilakatzea. Ikastetxeetara joan beharko lukete, errealitatea ezagutzera.

Pertsona ahalik eta autonomoena haztea da zuen helburua?

Bai, zalantzarik gabe. Nik ez dut nahi semea beti ondoan gelditzea. Nik nahiko nuke Marcosek 20 urterekin bere bizitza izatea; bere bizitza, bere espazio propioa. Argi baitut bere proiektua garatzeko eskubidea duela. Pertsona askea izan behar du. Erabakitzeko gaitasuna badu, eta erabaki du beretzat erreferentzia nagusia den talde horrekin jarraitu nahi duela, ikastetxe berean. Hezkuntzakoentzat zaila da hori ulertzea.

Zer erran nahi duzu?

Uste dut ez dutela ulertzen Downen sindromea ez duten pertsonak ere izan daitezkeela Marcosen lagun. Haiek argi erran zidaten ikastetxez aldatuta egokitutako gelan zortzi lagun izanen zituela gure semeak. Baina kontua da Marcosek ez duela egokitutako gela batera joateko beharrik lagunak izateko. Baditu. Ematen du ghettoak sortu nahi dituztela.

Zer eman die gelako haurrei Marcosekin ikasi izanak?

Anitz eman die. Nik uste dut Marcos ondoan izateak bertze ikuspuntu bat eman diela, eta horrek aberastu egin dituela.

Sinadurak bildu dituzue, parlamentuan egon zarete... Arazoa, hala ere, ez da bakarrik zuena.

Hori da. Gure egoera berean bertze hamaika familia egon dira, eta egonen dira. Horregatik jaso dugu hainbertzeko babesa, nik uste. Antzeko arazoak izan dituztenentzat ere ate bat zabaldu da gure kasuaren berri eman eta gero. Finean, denentzako konponbidea behar dugu. Ikasturte hasiera guztiek eragiten digute sekulako antsietatea gurasooi.

Oraingo ikastetxearen babesa duzue han jarraitzeko?

Bai. Eskolako orientatzaileak txostena egin du, eta argi erran du ikastetxez aldatzeak kalte eginen liokeela Marcosi. Zentroaren babes osoa dugu. Ez dute nahi Marcosek alde egitea; ez dute nahi bertze inork alde egin behar izatea. Gure semea ez da Downen sindromea duen ikasle bakarra; beraz, guk orain dugun arazo bera izanen dute laster bertze hainbat gurasok. Jada bi umek alde egin dute. Horregatik, zentroak Curriculum Bereziko Unitatea izan nahi du. Arazoa dirua bada, prest gaude lortzeko.

Ordaintzeko prest zarete?

144.000 sinadura bildu baditugu, gai gara behar den dirua lortzeko. Eta arazoa hori bada, prest gaude. Argi dut ardura administrazioarena dela, baina nik ez dut aukera hori baztertzen. Ni borroka egiteko prest nago.

Zer uste duzu gertatuko dela?

Guk argi dugu gure semeak bere betiko ikastetxean gelditu behar duela.

Curriculum Bereziko Unitaterik gabe ere bai?

Argi dugu eskaini dizkiguten pedagogia terapeutikoko bost orduak oso eskasak direla, baina, hala egin behar badugu, eginen dugu. Hala ere, atzera egitea litzateke. Hemen, gure semearen egoera berean diren haur guztien alde ari gara, eta horregatik ez dugu amore emanen. Niri semeak erakutsi dit gauza anitz egiteko gai dela. Baliabide gutxiago dituzte, egia da. Baina kontua da haiei harririk ez jartzea bidean, ateak zabaltzea. Nire semeak bere ikastetxean jarraitu nahi du, eta lan eginen dugu hori lortu ahal izateko.