“Liburuak erosteko momenturik egokiena oraingo hauxe da”

“Liburuak erosteko momenturik egokiena oraingo hauxe da”

Edurne Elizondo

Aurtengoa Liburuaren Egun berezia izanen da Iruñeko Auzolaneko kideentzat, Espainiako Gobernuak liburu denda independenteentzat duen kalitate zigilua jaso zutenetik lehenbizikoa izanen baita. Horrek ekarri dienaz eta sektorearen egoeraz mintzatu da Unai Pascual (Iruñea, 1976) bazkidea.

Espainiako Kultura Ministerioak emandako kalitate zigilua duzue, joan den otsailetik. Zer erran nahi du horrek?

Espainiako Gobernuak liburu denda independente bat zer den zehaztu nahi izan du zigilu horren bidez. Hainbat ezaugarri bete behar dira definizio horren barruan sartzeko; hainbat oso teknikoak dira, edozein enpresak bete beharrekoak; baina badago beste arlo bat, eta lotzen du liburu denda independenteon jarduera izaera sortzaile batekin; hau da, kultur jardueren sortzailetzat jotzen gaituzte. Kontua ez delako bakarrik liburuak saltzea, baizik eta irakurketarekin sortzen diren prozesu emozionalak eta pentsamendu kritikoarekin lotutakoak garatzea ere. Liburu denda egileen, irakurleen, dendarien eta editoreen arteko topaketarako toki bilakatu da.

Hori da egungo eredua?

Nik uste dut liburu denda mota berri hori sortu dela. Ez gara gu bakarrik, noski. Ameriketako Estatu Batuetan gertatu da, eta, han, liburu denden jarduerak %25 egin du gora. Iruñean ere nabarmena da gertatu den aldaketa. Sortu dira liburu denda independente asko. Hainbat geruza dago orain, nolabait esanda; trantsizio garaian sortu ziren liburu dendek bat egin duten sortu diren liburu denda berri horiekin, eta, aldi berean, bestelako ereduak sortu dira, adibidez Amazon eta Internet bidezko salmenta oinarri dutenak. Hainbat errealitatek egin dute bat. Sekulakoa da. Oraingo hauxe da da liburuak erosteko momenturik egokiena.

Zergatik?

Edozein tokitan, edozein momentutan, eta sekulako kalitatearekin eros ditzakezulako liburuak. Eskaintza handia da.

Eta askotarikoa, zuk erran bezala, ez baita gauza bera Amazonen edo Auzolanen erostea, ezta?

Ez, noski. Auzolan, Abarzuza edo Elkar sortu zirenean, adibidez, erantzun nahi izan zioten euskararen arloan zegoen beharrari. Garai hori atzean gelditu da, eta egun, nahi duzuna irakur dezakezu. Hori non lortu ere erabaki dezakezu, dagoen aukeraren artean. Gure proiektuak, adibidez, beste hainbat adar ditu orain, eta ni Denon Artean argitaletxeko arduradun ere banaiz. Katakraken gisako espazio batean, berriz, arlo politikoak ere lantzen dituzte, eta Chundarata, bestalde, haur eta gazte literaturaren esparruan espezializatu da. Bilatzen duenaren arabera irakurleak badaki nora jo. Esparrua asko zabaldu da.

Esparrua zabaldu da, eta asko zarete, zuk diozun bezala. Zuen kasuan, eredua egokituz joan zarete. Horrek izan du ordainik?

1990eko hamarkada, nolabait, urrezko garaia izan zen liburu saltzaileentzat. Hori atzean gelditu da, eta egia da, neurri batean, prekaritateak jo duela sektorea. Egiturak txikituz joan dira. Baina eutsi diogu. Liburuaren Eguna ere bada gertatu den aldaketa horren adierazgarri: duela hamar urte 8-9 liburu denda ginen kalean, eta aurten 17 aterako gara. Egia da herrietan denda asko itxi dituztela, baina hirietan, berriz, sortu egin dira, bakoitza bere eskaera berezi bilakatzen duen zerbaitekin.

Hori da eusteko bidea, berezi bilakatzen zaituena bilatzea?

Berria dena bilatzen du erosleak. Gu enpresa pribatua gara, ezin dugu hori ahaztu, eta kontsumoak eusten dio gure jarduerari. Saltzeko, ezagun bilakatuko zaituena behar duzu. Emozio bat sortu behar duzu. Nik argi dut, hala ere, erosle gehienak liburu denda guztietara joaten direla, berdin gurera eta besteetara ere. Eta, noski, pozik daude, eskaintza handia eta ona delako. Garai ona da oraingoa denontzat.

Hurrengo urtean 40 beteko dituzue. Zein da bide luze hori egiteko sekretua?

Datu bat dago nahiko tristea: estatuan 121 liburu denda bakarrik gelditzen direla 40 urte bete dituztenak. Guk eutsi diogu, eta nik uste dut sekretua dela beti izan garela oso independente, eta garaian garaiko gizarteak eskatu duen horretara egokitu garela.

Tutera karrikan zabaldu zenuten bigarren egoitza bat, baina itxi zenuten.

Horren aldeko apustua egin, baina ez zen ongi atera. Momentu batean erabaki bat hartu behar izan genuen, eta gure betiko egoitzaren alde egin genuen. Hura itxi eta San Gregorioko betiko egoitzan gelditu ginen. Orduan erabaki genuen gure jarduera kultur ekitaldiak antolatzera bideratzea ere, eta uste dut ongi ari garela. Kontua ez da noizbehinka zerbait egitea, baizik eta kultur programazio oso bat antolatzea. Oraingo eredua hau zela uste genuen, liburu denda txikia eta espezializatua. Eta bide horren alde egin dugu.

Liburu elektronikoaren mehatxua atzean gelditu da?

Liburu elektronikoak sekulako bidea eginen zuela ematen zuen. Kontua da teknologiaren inguruko taldeak oso indartsuak direla. Sartu dira musikaren arloan, hedabideetan, bai eta gurean ere. Baina gure esparruan ez dute egin espero zuten bidea. Beste euskarri bat da, baina ez du papereko liburuaren tokia betetzea lortu. Lotura emozionala dago liburuarekin. Teknologia digitala gure lanbidean sartu da, zalantzarik gabe. On egin digu digitalizazio prozesu horrek. Begiratu batean jakin dezakezu zer liburu dagoen zein dendatan. Baina kontua ez da beti teknologiak aurretik zegoenaren tokia hartzea. Gehitu bai, baina ordezkatu ez. Liburu elektronikoa gailu bat da. Papereko liburuak beste hamaika elementu ditu.

Amazonen gisako egitasmoek eragin dizuete?

Bai, hori bai. Baina ez da sektoreari min egin dion elementu bakarra. Guri gehien eragin diguten kontuak dira, batetik, liburutegietan egin diren murrizketak, sekulakoak izan baitira, oso gogorrak; %80 ingurukoak. Bestalde, pedagogian eta irakaskuntzan egon diren aldaketek eragin digute, testuliburua bazter utzi eta bestelako euskarriak garatu dituztelako. Amazonena hor dago, eskaintza gero eta zabalagoa dela ere bai. Aldaera guztiak hartu behar dira kontuan.

Pirateria ere bai?

Nik ez dut horretan sinisten. Egia da jendeak liburuak kopiatzen dituela, baina adibide bat aipatuko dut: bideo joko enpresa batek urte batean lortu zuen bere jokoen kopiarik ez egitea, eta urte horretan haren salmentek behera egin zuten. Liburuen esparruan ere hori gertatzen dela ikusten dugu guk. Pirateria dago, bai, baina baita jende gehiago liburutegietan ere.

Irakurle gehiago dago?

Bai. Gazteek, adibidez, asko irakurtzen dute. Gazteen artean onartu behar dugu lehiakiderik handiena sakelako telefonoa dela. Bestelako euskarriak dira, baina egia da irakurri egiten dutela.

Bihar karrikan izanen zarete berriz.

Bai. Ea eguraldia lagun dugun. Hurrengo urterako, gure 40. urteurrenerako, hain zuzen, hasi beharko dugu nola ospatu pentsatzen. 40 urte ez dira gutxi eta zerbait polita eta berezia egin nahi dugu.

Jantzi berri bat San Ferminentzat

Jantzi berri bat San Ferminentzat

Edurne Elizondo

San Fermini ere ailegatu zaio berritzeko ordua; UPNren agindupean jantzi zituen arropak, behingoz, haizatzekoa. Hori uste dute Pamplona Orain kultur elkarteko kideek, eta asmo horrekin antolatu dituzte sanferminei buruz hausnarketa bultzatzeko jardunaldiak. Gaur eta bihar eginen dituzte, Iruñeko Katakrak liburu dendan eta Kondestable jauregian. Bertze besta eredu bati buruzko gogoeta jarri nahi dute mahai gainean, herritarren artean eztabaida pizteko sexismoaren, jaiak ingurumenean duen eraginaren, bestaren eta kontsumoaren arteko lotura estuaren, ekonomiaren eta animalien erabileraren inguruan, bertzeak bertze.

Iruñeko udal gobernu berriak 2015eko ekainean hartu zuen hiriaren ardura bere gain. Ordurako, ia itxita zegoen uztailaren 6an hasi ziren sanferminetako egitaraua. Aurtengoak izanen dira, beraz, Joseba Asiron alkatea buru duen taldeak osoki prestatutako lehendabiziko bestak. Aldaketak izan dira jada. "Sanferminetako mahaian parte hartu ahal izan dugu. UPNk gizarte eragileak bazter utzi zituen; aurten, gure proposamenak egin ahal izan ditugu, eta hori garrantzitsua izan da. Ekarpen hori egiteko aukera izateak jada irabazten ari garela esan nahi du", nabarmendu du Gora Iruñea plataformako kide Gorka Izkok.

Gora Iruñeak, hain zuzen, proposamena egin du sanferminetan hiriko hiru gunetan egoteko; udalaren oniritziaren zain dago, baina jasoko dutela espero dute plataformako kideek. Santa Ana, San Jose eta Baratxurien plazan izanen dira, baimena jasoz gero. Hori, hala ere, ez da nahikoa sanferminei buruzko gogoeta bultzatu nahi duten guztientzat. Izkok berak aitortu du: "Gora Iruñeak ez ditu hirian dauden sentsibilitate guztiak ordezkatzen". Erantsi du, dena den, haien asmoa dela "ahalik eta jende gehien erakartzea" haien proiektura. "Gora Iruñea sortu zen besta herrikoiak, parte hartzaileak, euskaldunak eta parekideak izateko asmoz; gogoeta prozesua egin dugu guk ere, eta bertze hainbat balio erantsi ditugu: antikapitalistak, ekologikoak, askotarikoak eta kulturalak. Bide horretan lan egin nahi duena ongi etorria izan dadila".

Udalak martxan jarritako sanferminen mahaiak lau atal ditu, eta bakoitza jorratzeko osatu dute mahai propio bat: karrika, entzierroa, egitaraua eta generoa. Pamplona Orain taldeko Arturo Cisnerosentzat mahaiak martxan jartzea ez da nahikoa, eta, are gehiago, uste du ez dutela bermatzen bestek behar duten gogoeta egiteko aukera: "Bilera bat egitea jendeak bere iritzia emateko ez da benetako prozesu parte hartzaile bat. Prozesu hori egin ahal izateko markorik ez du zehaztu udalak; udaleko herritarren parte hartzerako sailak berak ez du sanferminetako mahaia prozesu parte hartzailetzat jo nahi izan".

Cisnerosek onartu du aurrera egin duela udalak, eta ahalegina eskertu du, baina gehiago behar dela berretsi du. Udal gobernua osatzeko akordioan jasotako konpromisoa betetzeko epeak atzeratu izana ere kezkagarritzat jo du. Udalak, hain zuzen, sanferminei buruzko liburu txuria osatzeko ardura bere egin zuen akordio horretan, besta ereduari buruzko gogoeta egiteko. "2017ra atzeratu dute", erran du Cisnerosek.

Ez hori bakarrik. Udalak hainbat gairi buruzko eztabaida egiteko aukerari atea itxi diola nabarmendu du Pamplona Orain elkarteko kideak. Zezenen erabileraren inguruan mahai ingurua eginen du talde horrek bihar, prestatu dituen jardunaldien barruan. "Iruñeko alkate Joseba Asironek erran du entzierroak ezin direla ukitu". Are gehiago, alkateak "irrigarritzat" jo izan du zezenketak debekatzeko aukera, "tradizioaren" izenean.

Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi Maider Belokik ere "tradizioa" jarri du mahai gainean, zezenen erabilerari buruz galdetuta. Udalak eztabaida bultzatzeko hainbat gai zehaztu dituela iragarri du, eta irailean hasiko direla lan horrekin. Gaien zerrenda horretan, ordea, animalien erabilerari buruzko aipamenik ez dago. "Hitz egiteko aukerari ez diot atea ixten, baina guk ez ditugu pausoak emanen aurretik hiriak ez baditu ematen".

Urteak dira Iruñean animalien erabileraren aurka protestak egiten dituztela, eta gora egin dute urtetik urtera. Iaz, Anima Naturalis taldeak, Equo eta Pacma alderdiek eta Iruñeko Ekintza Antiespezistak antolatu zituzten, bertzeak bertze. Gaur hasiko diren jardunaldietara ere eraman du gaia Pamplona Orain taldeak, eta Gora Iruñea plataformak, berriz, bere oinarrizko balioen artean kokatu du "bizirik dagoen inolako animaliarik ez erabiltzea".

Pamplona Orain taldeko kideek zezenketen inguruko eztabaida piztu nahi dute batez ere; ez, hainbertze, entzierroei buruz. Gora Iruñeak onartu du entzierroak kentzea zezenketak bazter uztea baino zailagoa izanen dela, baina plataformak helburutzat jo du animaliak erabiltzen dituzten ikuskizun guztiak kentzea. "Egia da auzi hau ez dugula behar bezala zabaldu, oraindik ere, baina argi dugu ezin dugula bizirik diren animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunik onartu. Eztabaida egiteko prozesu bat adosteko beharra dago", berretsi du Izkok.

Hiriko hoteletako enpresarien ordezkariek ere onartu dute, bestak prestatzeko mahaietan, kalte egiten diela sanferminak zezenekin lotzeak, eta hainbat herritan nahiago dutela Iruñeko bestak ezagutzeko bidaiak ez antolatu. "Bai, mahai gainean jarri dute auzi hori. Hipotesi bat da. Ez dugu daturik", erran du Maider Belokik.

Alde Zaharra, jaiaren gune

Sanferminak zezenekin lotzen ohi dira, batez ere, baina Iruñeko besten inguruko gogoetak anitzez ere esparru gehiago ukitu behar dituela uste dute gaur hasiko diren jardunaldien antolatzaileek. Haietako bat da Nerea Fillat eragile soziala. Zalantzarik gabe erran du: "Azken hamasei urteotan jai eredu bat inposatu digute, eta bada garaia eredu horri buelta emateko. Eztabaida sakona behar dugu".

Hiritarren zati batek ez dituela sanferminak bere sentitzen nabarmendu du Fillatek, eta horri buruzko gogoeta beharrezkotzat jo du. Besta, egun, alkoholarekin lotzen da, batez ere, eta ordutegirik gabeko jaia ekartzen du horrek. "Alde Zaharra bilakatzen da sanferminen erdigune; zaborra eta zarata sufritu behar dute bertako herritarrek". Galdetu du zilegi ote den batzuek besta egitea eta bertzeek, berriz, ondorioak pairatzea. "Egia da festek hiria baldintzatu behar dutela, eta dena aldatu, baina modu zentzudunago batean".

Oraingo sanferminak ez direla denentzat gaineratu du. "Dirua duten gazteentzat dira, eta klase ertain edo altuko helduentzat; egia da festak hamaika aurpegi dituela, eta bakoitza saiatzen dela bere esparrua bilatzen; baina nik sentitzen dut nireak diren esparru horiek gero eta txikiagoak direla".

Sexismoaren auzia ere jarri du mahai gainean. "Feministen lanari esker azaleratu da gai hori; lehen, isilpean gelditzen zen". Emakumeek bestaren esparru nagusietan tokirik ez dutela salatu du. Erasoena ere landu beharreko gaia dela nabarmendu du. Are gehiago, "urte osoan" egin beharreko lana dela argi du Fillatek.

Zeri buruz gogoeta egin bada. Hasteko, besta herrikoiak zer diren zehaztu beharko litzatekeela uste du Nerea Fillatek. Argitu beharko litzateke, halaber, erakundeek gogoeta egiteko benetako borondatea ote duten. Belokik baietz erran du, eztabaidarako prest direla. Aurten egin diren aldaketak, ordea, "gutxienekoak" direla uste du Fillatek, eta urrunago jo beharko lukeela udalak: "Ez da benetako parte hartzea bultzatu. Udalak ez lioke beldurrik izan behar eztabaidari, eta susmoa dut badiola; eredu berberari eusten badiogu, tristea eta pobrea izanen da bidea".

Diru publiko gutxiago jasoko dute zezenketek aurtengo bestetan

E. Elizondo

Mahai gainean da eztabaida; Iruñean, bai eta Iruñetik kanpo ere. Nafarroako hamaika herritan erabiltzen dituzte animaliak bestetan, eta horietako hainbatetan sortu da horri buruzko gogoeta. Uharten eta Barañainen, adibidez, herri galdeketa eginen dute bigantxak izan edo ez erabakitzeko. Kostu ekonomikoa dago mahai gainean, batetik, eta animalien erabilera bera, bertzetik. Tafallan, berriz, murriztu egin dute zezenketak diruz laguntzeko saila: 37.000 euro ingurukoa izan zen iaz, eta aurten, berriz, 30.000 euro ingurukoa. EH Bilduk du alkatetza herri horretan.

Tuteran harago jo dute, eta kendu egin dute zezenketentzako diru laguntza aurtengo bestetarako. Horrek ez du erran nahi, hala ere, zezenketak eginen ez dituztenik: diru publikorik gabe ere, bi antolatuko dituzte Macua etxeak eta Tuterako bertako enpresari batek. Plaza udalarena da, eta erabiltzeko baldintzak jasotzen dituen agiriak ez dio zezenketak egiteko aukerari atea itxi. "Ez dugu uste debekatzea denik aukerarik egokiena", erran du Tuterako alkate Eneko Larrartek (Ezkerra).

Udalak, gainera, 47.000 euroko diru saila onartu du zezenak eta bigantxak erabiltzen dituzten bertzelako ikuskizunak antolatzeko. Iaz, 78.000 euro ingurukoa izan zen saila. "Heriotzarik gabeko ikuskizunentzako diru saila onartu dugu; azken urteotan behera egin du zezenketen ikusleen kopuruak, eta herritarren artean ere animalienganako tratu txarrei buruzko ardura gehiago bada; hori kontuan hartuta erabaki dugu zezenketak diruz ez laguntzea", azaldu du Larrartek.

Alkatearen hitzetan, animalien aurkako "tratu txarren gradua" da kontua. Horregatik, zezenketen gisa heriotza eragiten duten ikuskizunak diruz ez laguntzea erabaki dute. 47.000 euroko diru laguntza banatzeko baldintzak jasotzen dituen agirian, ondorioz, entzierroen gisako bertzelako ikuskizunak lehenetsi dituzte. Larrartek onartu du, hala ere, ez dakiela halakoetan erabiltzen dituzten animaliengan ikuskizun horiek zer-nolako eragina duten. "Ez dut daturik".

AVATMA tauromakia eta animalien aurkako tratu txarrak ezeztatzearen aldeko albaitarien elkarteak egin ditu hainbat txosten tekniko entzierroek eta gisakoek animaliengan duten eraginari buruz, hain zuzen ere, eta ondorio nagusia da halakoek "sufrimendu handia" eragiten dietela animalioi.

Barañainen, galdeketa prest

Barañainen eta Uharten ez dute zezenketarik egiten, baina bigantxak izaten ohi dituzte bestetan. Bi herriotako udalek herritarrei galdetuko diete aurten bide beretik jarraitu nahi ote duten edo ez. Barañainen datorren astean eginen dute galdeketa, hilaren 27tik 30era, hain zuzen ere. 16 urte baino gehiago dituztenek eta erroldan direnek parte hartu ahal izanen dute, eta emaitzak udala lotuko duela argi erran dute herriko agintariek. Iaz, 15.000 eurokoa izan zen herrian bigantxak izateko sailaren kopurua.

Uharten, joan den martxoan onartu zuten bigantxen erabilerari buruz galdeketa egiteko mozioa. Aho batez egin zuten talde guztiek haren alde. PPko kideak kexu agertu ziren, hala ere, osoko bilerara eraman aurretik auzia ez zutelako batzordean jorratu. Maiatzean eginen dute galdeketa.

75 urte, eta osasun betean

75 urte, eta osasun betean

Asier Garcia Uribarri

Gizonez osatutako zortzikoak egin zuen Oberena dantza taldearen lehen emanaldia, Elon (Nafarroa), 1941eko abuztuaren 15ean. Aurten, 75 urte geroago, egun berean itzuliko dira Elora Oberenako dantzariak. Hiru mende laurden bete ditu taldeak, eta erabat aldatu da. Ehun dantzari baino gehiago dira egun, gizon eta emakumeak. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte urte osorako, zer ospatu badutelako. Ez bakarrik urteurrena: Nafarroako Gobernuak iragarri berri du Karlos III.aren domina emango diela datorren maiatzean, euskal kulturaren alde urteetan egindako lanagatik.

"Uste dut ez dugula ezer berezirik egin beste taldeekin alderatuta", adierazi du Irune Tubia Oberena dantza taldeko kideak. Haren aburuz, Euskal Herrian badago bertako kulturarekiko kontzientziazio berezia, eta horrek eragiten du, haren ustez, jendeak dauden dantza taldeetara jotzea, besteak beste.

Baina edozein taldek eutsi ahal izateko belaunaldi berriak behar ditu, derrigorrean. Oberenan lelo hori serio hartu zuten 1980ko hamarkadatik aurrera, eta emaitza agerikoa da. Dantzari txikien talde txukuna dute: egun, 60 kide inguru dira. Hori da Oberenaren harrobi nagusia. "Badakigu txikitan sartzen diren batzuek adinarekin utzi egingo dutela, baina beste batzuek aurrera jarraitzen dute. Txikiekin badugu aseguru antzeko bat aurrera jarraitzeko". Gainera, nabarmentzekoa da nagusien taldeko berrogei dantzariek 15 eta 31 urte arteko adina dutela.

Hala ere, taldeetan pertsonak daude, eta beti ez dira errazak harremanak. Alde horretatik, Tubiak dio une gogorrenak pasatu zituztela 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Dantza taldea kudeatzerakoan ikuspegi ezberdinek edota pertsonen arteko ezinikusiek eragin zuten hainbatek taldea uztea. "Batzuek talde berriak sortu zituzten, eta beste batzuek sortu berri ziren taldeak aprobetxatu zituzten haietara jotzeko".

Oberena sortzeko arrazoietako bat euskal dantza tradizionalak berreskuratzeko gogoa izan zen. Urteotan, publikoari eskaini dizkioten dantzak aldatuz joan dira. Egun, dantza tradizionalek eta hainbat koreografiak osatzen dute Oberenaren errepertorioa, hala nola Nafarroako hainbat herritako makil dantzak, Nafarroa Behereko inauteriak eta Baztango irri dantzak.

Urtemuga ospatzeko ekitaldi garrantzitsuena otsailaren 20an egin zuten, Iruñeko Baluarten, Iturri zaharretik, indar berriz ikuskizuna taularatuta. Bertan, taldearentzat garrantzitsuak izan diren dantzak aurkeztu zituzten, besteak beste, Erronkariko Ttunttuna, Otsagabiko dantzak eta sokadantza. Hala ere, modu berezian planteatu zuten ikuskizuna. "Ez genuen gure historia kontatu nahi beti egiten den moduan, lehengoaren kopia eginez. Guk izan nahi dugun taldearen irudia eskaini nahi genuen. Adibidez, generoaren aldetik aldaketa ugari egin genituen. Garai batean, Eusko Irudiak koreografia asko dantzatzen zuen Oberenak. Guk egin genuen koreografia hori hartu, eta neska eta mutilen artean landu, berdintasunean". Era berean, Baluarteko ikuskizuneko sokadantza emakumeek soilik osatu zuten. "Urtetan emakumeak dantzetan baztertu dituzte, eta keinu horrekin merezi duten tokian jarri nahi genituen".

Ikuskizunak Iturri zaharretik, indar berriz izena zuen, Joxean Artzeren poeman oinarriturik. Ideia horri jarraituz, gazteen taldearekin bukaera eman zioten saioari. "Horrelako ikuskizunetan dantzari txiki eta gazteak bigarren mailan egon ohi dira. Badakigu taldeak aurrera jarraitzeko bermea direla; beraz, beraien dantzekin bukatu genuen".

Harremanak lantzen

Azken urteotan euskal dantzen inguruko gogoetak piztu dira, han eta hemen. Bereziki generoak markatutako rolak dira ezbaian jarri direnak. Oberenan udazkenean saio bat egin zuten, talde barruan horrek nola eragiten zuen jakiteko. "Oso positiboa izan zen, gure arteko harremanei dagokienez. Konturatu ginen beharra genuela gure taldea erabat aldatzeko. Orain arte egiten genuen neskek alde batetik, mutilek bestetik eta dantza batzuk elkarrekin. Filosofia hori alboratu nahi dugu. Nagusien taldeak 40 dantzari ditu, eta guztiek dantzatu dezakegu edozer. Hori bai, horretarako dantza guztiak ikasi behar ditugu".

Gaiari heldu aurretik, erresistentziak aurkituko zituztela uste zuen Tubiak. Baina ez da horrela izan. "Gure arteko harremanetan sakondu nahi genuen. Nola jokatzen dugun ikusi, eta zergatik. Ondorioak modu naturalean atera ziren". Taldeko jende nagusienak ere ondo hartu du erabakia. Tubiaren arabera, beste giro bat sortu da taldean. "Jendea alaiago dator entseguetara. Guztiek dantza guztiak ikasi behar ditugu orain. Eta gauza berriak ikasteak beti motibatzen du". 75 urte beteko baditu ere, gazte eta osasuntsu dago Oberena dantza taldea.

Autobonboa

Asier Azpilikueta

Irakurle maiteok, bortz urte pasatxo daramatzat berripaper honetan nire harrikadak jaurtitzen, eta orain arte halako arau idatzi gabeko bat bete dut: nire lantokiari buruz ez idaztea. Orain arte.

Iruñeko Biurdana institutuko irakaslea nauzue. Ikastetxe horrek masifikazio arazo handi bat du duela zenbait urtetik, baina oraintsu arte ez dut zoko hau baliatu horretaz mintzatzeko, iruditzen baitzitzaidan zuek ez zenutela zertan jasan nire lantokiari buruzko matraka.

Iragan hilabeteko idatzian, baina, arau hori hautsi nuen. Biurdanari buruz idatzi nuen. Nafarroako Gobernuak azkenean erabaki baitu Biurdanaren masifikazio arazoa konponduko duen institutu berria eraikitzea, eta, aizue, behingoagatik aipatu behar nuen hemen kontutxo hori.

Eta oraingoan berriz hautsiko dut araua, Biurdana institutuak duen ekimen polit bat aipatu nahi baitizuet: Euskal Liburuaren Irakurketa Publikoa, hain zuzen ere.

Pentsa ezazue unetxo batez zer-nolako hedadura duen irakurzaletasunak eta literaturarekiko grinak gure gizartean. Txikia, ezta? Bada, zaletasun eta grina horiei jar iezaiezue euskal izenlaguna aurretik. Are txikiagoa, ezta? Bada, nanoteknologiaren eremuan sartuko gara zaletasun eta grina hori nerabeen artean aurkitu nahi badugu.

Hartara, 2000. urtean, Biurdana institutuan Irakurketa Publikoa antolatzen hasi ziren "hitz irakurria hitz mintzatu bilakatuz" eta "ekintza pribatua publiko bihurtuz" nerabeen artean irakurzaletasun hori bultzatu nahian-edo. Urtero, euskal idazle bat aukeratzen dute, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren ondoko ortzirale bateko goiz oso bat ematen dute haren liburuen pasarteak ozen irakurtzen.

Gure uste apalean, Biurdanako Irakurketa Publikoak izen txiki bat erdietsi du Euskal Herriko literatur munduan. Bertzeak bertze, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Unai Elorriaga, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Aingeru Epaltza, Kirmen Uribe, Pako Aristi, Jasone Osoro eta Aitor Arana etorri dira Biurdanara, eta ikasleen —zein kanpoko gonbidatuen— ahotik entzun dituzte beraiek idatziriko zenbait pasarte.

Aurtengo Irakurketa Publikoa XVII.a izanen da, apirilaren 29an ospatuko dugu, eta Jon Alonso idazle iruindarrari eginen dio gorazarre. Camembert helburu, Agur Darwin, Katebegi galdua eta Zintzoen saldoan lanetako pasarteak irakurriko ditugu, eta, Jon Alonsok Bidador pastoraleko testuak idatzi zituela aprobetxatuta, gainera, pastoraleko bortz pasarte jokatzen ausartuko gara. Eta, bide batez, horrekin gure omenaldi txiki eta xumea eginen diogu Joxemiel Bidador zenari, Biurdanako Euskara eta Literaturako irakaslea izan baitzen, bai eta institutuko ikasketa burua ere.

Batek daki institutuan egiten ditugun irakurketa publikoek edota Idazleak eskolan izeneko programako saioek zenbateraino hunkitzen eta ukitzen dituzten gure ikasleak, eta ea irakurzaletasuna pizten ote dieten. Baina, bederen, ikasle horiek egun batez ikusten dute (euskal) literatura uki daitekeen zerbait dela, entzun daitekeen zerbait, mintza daitekeen zerbait. Horregatik bakarrik, saiatzen segitu beharko dugu.

Berdintasunerako bidean

Berdintasunerako bidean

Edurne Elizondo

Gobernantzari buruzko arloa nabarmendu du Geroa Baiko Itziar Gomezek, "dena aldatzeko oinarria" delako. "Asmo handikotzat" jo du EH Bilduko Patri Peralesek, berriz, eta berdintasunera bidean urratsak egiteko "neurri zehatzak" jasotzen dituela erantsi du. Ezkerra alderdiko Edurne Eginok "transbertsaltasunaren alde" egin den apustua jarri du mahai gainean, eta PSNko Patricia Fanlok, azkenik, "diseinua eta planifikazioa" nabarmendu ditu. Taldeok, Aranzadirekin batera, aldeko boza eman zioten Iruñeko III. Berdintasun Planari, joan den asteko osoko bilkuran. UPN, berriz, abstenitu egin zen; alderdi erregionalistak egindako lanaren "oinordekotzat" jo zuen plana Ana Lezkano UPNko zinegotziak, baina ez zion baiezkoa eman, Aranzadiko Berdintasun zinegotzi Laura Berroren esku egonen delako "testua interpretatzeko" ardura.

Kontent da Berro osoko bilerak planari emandako babesarekin. Onartu eta gero lasaitua hartu duela aitortu du, baina badaki lanik gogorrena orain hasiko dela: berdintasun planean onartutakoak gauzatzen hastekoa, alegia. Azken urteotan berdintasunaren alde urratsak egin direla uste du Iruñeko Udaleko zinegotziak, baina garrantzitsutzat jo du ez ahaztea egungo esparrua zein den: "Heteropatriarkatuaren eta androzentrismoaren esparrua". Mugimendu feminista jo du orain arte berdintasunaren alde egindako urrats horien bultzatzaile nagusi: "Mugimendu feministak etengabeko lana egin du berdintasunaren auzia agenda politikoan jartzeko", erantsi du Laura Berrok.

Iruñeko Udalak onartu berri duen III. Berdintasun Planak lau arlo nagusi ditu: gobernantza eta berdintasunarekiko konpromiso politikoa da lehena; emakumeen ahalduntzea bigarrena; hirugarrenak helburu du onartzea zaintza eta erantzukidetza funtsezkoak direla biziari eusteko. "Kontua da pertsona jartzea erdian", erran du Berrok. Emakumeen aurkako indarkeriei buruzkoa da azken arloa. Hiri segurua lortu nahi du udalak. Oraindik ez da, datuen arabera. Urtarrilean, emakumeen aurkako indarkeriengatik 43 salaketa jarri zituzten; otsailean, 37.

Lau alor horiek eta bakoitzaren barruan jasotako neurriak zehaztu dituen prozesua iaz hasi zen, oinarri hartuta 2014an gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruz egindako diagnostikoa, eta aurreko planaren balorazioa. Iruñeko Udalarekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Eraberria eta Likadi aholkularitza etxeetako profesionalek hartu dute parte plana osatzeko prozesu horretan, bai eta hainbat emakume taldek, sindikatuk eta eragilek ere.

Autonomia ekonomikoa

2014an berdintasunari buruz egindako diagnostikoak mahai gainean jarri ditu, bertzeak bertze, lan esparruari buruzko hainbat datu adierazgarri: Nafarroan behin-behineko kontratuak %31 direla emakumeen artean, adibidez, eta %6,6, berriz, gizonezkoen artean; ikerketak azaldu du, halaber, emakumeek hartu dituztela familiako kideren bat zaintzeko eskatutako baimenen %84,1, eta seme-alabak zaintzeko baimenen kasuan, %95,6 direla emakumezkoek hartutakoak; gizonezkoen eta emakumeen soldaten arteko aldea ia %30ekoa dela ere jaso du diagnostikoak.

Emakumeen enpleguaren prekaritatea autonomia ekonomikoa lortzeko dituzten zailtasunekin lotu du Laura Berrok. Eta hori jo du, hain zuzen ere, berdintasun planak jorratu beharreko esparru nagusitzat. "Ez da kasualitatea feminizatutako lan esparruak hain prekarioak izatea; gizarteak ez die baliorik ematen. Auzi horri heltzea funtsezkoa da, autonomia ekonomikoa oinarria delako". Autonomia ekonomikorik ez izateak ekartzen du diagnostikoak agerian utzitako bertze errealitate bat: emakumeek etxebizitza bat lortzeko zailtasun gehiago dituztela azaltzen duena, alegia. "Dena dago lotuta", erran du zinegotziak.

Emakumeen ahalduntzeari buruzko arloan jorratu du III. Berdintasun Planak autonomia ekonomikoaren auzia, eta hiru helburu zehaztu ditu: enpleguan emakumeen egoera zein den azaltzea; pobrezia eta bazterketa sufritzeko arriskuan diren emakumeen ahalduntze prozesuak ahalbidetzea, udal gizarte zerbitzuetatik; eta aldaketa bultzatzea enpresaren eta unibertsitatearen arloan, emakumeek erantzukizuneko postuetara eta zuzendaritza postuetara iristeko dituzten zailtasunak bazter uzteko asmoz.

Berdintasun plana onartu zuten joan den asteko osoko bilera berean etxeko langileen egoera aztertu zuen Iruñeko Udalak, eta arlo hori jo du Laura Berrok emakume anitzek lan esparruan duten prekaritatearen adibide: "Zortzi orduko lanaldia dutenek 400-500 euroko soldata izaten dute, gehienez", salatu du Berdintasun zinegotziak. Halako egoerak identifikatzea, azaleratzea eta lantzea da udalaren asmoa. "Nafarroako Gobernuarekin lan egin beharko dugu".

Emakume Salerosketen Kontrako Ekintza izeneko elkartea da berdintasun plana osatzeko prozesuan parte hartu dutenetako bat. Taldeko kide Vanesa Egiluzek ere ahalduntzearen esparruak duen garrantzia nabarmendu du. Ontzat jo du plana egiteko prozesuaren emaitza, baina "errealitatera egokitu" beharko dela uste du. Ahalduntzearen aldeko apustua "hagitz garrantzitsua" dela berretsi du, halere. "Funtsezkoa da esparru hori lantzea, ahalduntzearen bidez erakundeetara ailegatzen ahal garelako, eta enplegua, ekonomia eta bertze hobetu".

Ahalduntzeari buruzko arloaren gako nagusia transbertsaltasuna dela erantsi du Vanesa Egiluzek. Udaleko berdintasun teknikari Pilar Mayok berak erran zuen, plana onartu baino lehen, orain sortu dela aukera udalean transbertsaltasunaz eta udalaren barruko alor guztietan genero ikuspegia ezartzearen beharraz hitz egiteko eta lan egiteko. Aukera hori baliatu du planak.

Steilas sindikatuko Maria Palaciosek bat egin du iritzi horrekin. "Plana asmo handikoa da, eta hagitz interesgarria; haren ekarpen nagusia da, nire ustez, transbertsaltasunaren ideia, modu transbertsal batean lan egiteko asmoa", nabarmendu du.

Egiluzek agertutako kezka bera aipatu du Palaciosek, halere: plana errealitatera egokitzeko behar horretan, bidean gal daitekeena, alegia. "Papera ez baita deus, adibidez, aurrekonturik gabe. Udaleko departamentu guztiek landu beharko dituzte planak jasotako politikak, bertzalde, eta ez da lan erraza izanen. Badakigu erresistentziak izanen direla".

Barruko erresistentziak aipatu ditu sindikatuko kideak, bereziki. Eta haien aurka egiteko planak jasotako formakuntzaren garrantzia nabarmendu du. Palaciosek bezala, etxe barruan egin beharreko lan hori "erronka handia" izanen dela uste du Laura Berro zinegotziak berak. Gobernantzaren arloan jasotakoa da esparru horretan egin beharreko lana. "Estuki lotuta dago borondate politikoarekin, baina baita udaleko talde teknikoa trebatzeko gaitasunarekin ere". Planak "aldaketa sakona" ekarri beharko lukeela erantsi du zinegotziak: "Betaurreko moreak jartzea, esparru guztietan, lan eta politika guztiei generoaren ikuspegitik heltzeko".

Aldaketa hori ez dela berehala gertatuko argi du Berrok. Planak, hain zuzen, sei urteko epea du, 2022a bitarte. Hasteko, bertze berdintasun teknikari bat kontratatuko du udalak aurten, eta bertze bat datorren urtean. Berdintasun arloak 554.000 euroko aurrekontua du 2016rako. Planak ez du diru sail zehatz bat lotuta. "Asmoa da sail guztiek bideratzea aurrekontuaren zati bat berdintasunerako".

Palaciosek eta Egiluzek ere argi dute planak denbora beharko duela. Argi utzi dute, halere, adi egonen direla, udala zainduko dutela. Are gehiago erran du Egiluzek: "Planak jasotako neurriak gauzatzeko prozesuan emakume taldeek izan behar dute protagonista; udalak tresnak jarri beharko lituzke taldeon esku, ekarpenak egiten jarraitu ahal izateko". Urratsak egiteko benetako berdintasunerako bidean.

Ez dituztelako utzi nahi

E. Elizondo

Indarkeria matxista sufritu duten hainbat emakumek izan duten arazo bati konponbidea eman nahi dio Viopet sareak: "Harrera etxe batera joan behar dutenean, txakurra edo katua non utzi ez dute, halako zentroetan ez dituztelako hartzen", azaldu du Basatiko kide Nuria Querolek. Viopet emakumeokin bizi diren animaliak zaintzeko harrera etxeen sarea da; hainbat norbanakok eta gobernuz kanpoko erakundek osatzen dute. Bartzelonan jarri zuten martxan, 2013an, eta orain, Nafarroara ailegatu da. Herrialdeko Basati elkarteak egin du bat. Abandonatutako eta tratu txarrak jasan dituzten animaliak artatzen dituzten albaitariak dira taldeko kide, bertzeak bertze.

Indarkeria matxista sufritu duten emakumeekin bizi diren animaliak ere izaten ohi dira indarkeriaren biktima. "Harreman estua sortzen da emakumeon eta haiekin bizi diren animalien artean; ez dute txakurra, adibidez, txakurtegi batean utzi nahi", erran du Querolek.

Mahai gainean jarri du azken egunotan Espainian gertatutakoa: "Tenerifen, bikotekidearen heriotza mehatxua jaso duen emakume bat kanpadenda batean da, hondartzan, harrera etxera ezin zuelako txakurra eraman. Animaliak ere jaso du gizonaren indarkeria".

Ameriketako Estatu Batuetan administrazioak jada egin du animaliok emakumeentzako zentro berberetan hartzeko urratsa. "Haientzat espazio propioak eraiki dituzte; egoera horrek on egiten dio emakumeari".

AEBetan, Kansasen gertatu kasu batek eragin zuen, bertzeak bertze, agintarien jarrera aldatzea: "Emakume bat agertu zen aterpe batean, senarra hura hiltzen saiatu zelako. Zentroan ez zioten txakurrari sartzen uzten. Txakurrak salbatu zuen emakumea, ordea, eta hark nahiago izan zuen autoan gelditu, txakurra utzi baino. Aterpean, ondorioz, haien ordura arteko politika aldatzea erabaki zuten".

Viopet sarea zabalduz joan da, 2013. urtetik; Bartzelonatik Kataluniako bertze hainbat herritara, lehendabizi, eta Madrilera gero, bertzeak bertze. Orain, Nafarroan da, Basatiren eskutik. AEBetan administrazioak egin zuen urratsa egiteko eskatu die Querolek, hala ere, hemengo agintariei. "Entzun dezatela emakumeek errateko dutena, dituzten beharrei erantzuteko".

Albaitariak, adi

Albaitariek ere emakumeen kontrako indarkeria antzemateko prozesuan parte har dezaketela nabarmendu du Nuria Querolek, bertzalde. "Bertze animaliekin bortitza dena gizakiekin ere izaten ohi da, kasu anitzetan. Indarkeria matxistaren eta animalien aurkako indarkeriaren arteko harremanaz hamaika ikerketa bada".

Indarkeria sufritu duten animaliak artatzen dituztenean, adi egoteko eskatu die Querolek albaitariei. "Haien esku jar ditzaketen zerbitzuen berri eman diezaietela emakumeei". Emakumeen aurkako indarkeria kasu batean esku hartzea egokitu zaie jada Basatiko albaitariei, hain zuzen ere. "Foruzaingoaren abisua jaso genuen, katu bati nekropsia egiteko", azaldu du Basatiko kide eta albaitari Alfonso Bañeresek.

Emakumeak salatu zuen bere bikoteak hil egin zuela katua. "Nekropsiak ez zuen zalantzarako tarterik utzi; hainbat kolpe zituen katuaren gorpuak; barne odoljarioa zuen, gainera, eta giltzurrun bat lehertuta. Argi zegoen katua ez zela istripuz hil", nabarmendu du Bañeresek.

Basatiko kideek egindako txostena baliatu zuen emakumeak epaiketan, eta haren bikotekidea zigortu egin zuten: emakumearen aurkako indarkeriagatik, bai eta katuaren aurkako indarkeriagatik ere.

“Helburua zen gu pertsona gisa apurtzea, eta kolektiboa ahultzea”

“Helburua zen gu pertsona gisa apurtzea, eta kolektiboa ahultzea”

Asier Garcia Uribarri

Aztnugal. Hitz horrekin sinatu zuen Jon Patxi Arratibelek Guardia Zibilek idatzitako polizia deklarazioa. Sarekada berean atxilotu zituzten Iker Moreno (Burlata, 1986), Gorka Zabala, Gorka Mayo, Iñigo Gonzalez eta Xabier Beortegi. Azken hori auzitik kanpo utzi zuten. Gainontzekoentzat zortzina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak. Epaiketa salatzeko, tortura hainbat ikuspegitatik landu, eta gatazkaren konponbidean urratsak egiteko konpromisoak eskatu dituzte.

Nola gogoratzen dituzu atxiloketaren egunak?

Erantzun osoagoa emateko, garai horretako nire egoera pertsonala azaldu behar dut. Lehenago beste sarekada batzuk ere egin zituzten, batez ere Segiren aurka, eta sarekada horietan nire izena agertu zen. Beraz, abokatuek esan zidaten kontuz ibiltzeko. Horrela ibili nintzen urte eta erdi.

Hori alde batetik. Bestetik, guk ere kokatu ditugu gure atxiloketak testuinguru jakin batean. Urte horietan, ezker abertzalea bere estrategiaren inguruko eztabaida egiten ari zen, eta hainbat gertakari garrantzitsu jazo ziren, hala nola Zutik Euskal Herria txostena, Gernikako akordioa, eta gu atxilotu baino hamar egun lehenago ETAk su-eten iraunkorra eman zuen. Hau da, ezker abertzaleak konponbidearen aldeko pausoak eman zituen, ETAk horri erantzun zion, eta esan daiteke gure atxiloketak estatuak ETAren erabakiari eman zion erantzuna izan zirela.

Aipatu duzue guardia zibilek bazutela nahi zuten informazio guztia. Orduan, zergatik uste duzu torturatu zintuztela?

Nire kasuan hori ikusi nuen, ez zirela ari informazio bila. Gurekin beste helburu batzuk zituzten.

Zeintzuk dira helburu horiek?

Niri sinarazi zidaten ez nintzela ez ETAkoa, ez Ekinekoa eta ezta Segikoa ere. Haiek nahi zutena zen nik beste pertsona batzuk salatzea. Eta hori zertarako? Hasteko, itxi nahi zituztelako epaiketa bati begira zituzten frogak. Baina, batez ere, nahi zuten gu pertsona gisa apurtu.

Nola egin zuten hori?

Psikologoarekin bi urte pasatxo egon ostean, prozesua ikusten dut eta konturatu naiz tortura saio horiekin heltzen zarela puntu batera non ezerk ez duen zentzurik. Puntu batera iritsi nintzen non bertatik ateratzeko nuen modu bakarra hiltzea zen. Baina momentu horretan bizirik irauteko sena ateratzen da, eta kontraesan horretan uzten diozu pertsona izateari. Momentu horretan nire gorputzak klak egin zuen, eta kodigoa beste bat zen: bizirik irautea. Orduan, burutik poltsa eta gainean nituen bost gizonak kentzeko egin behar nuen haiek nahi zutena. Hor hasten da mendekotasuna. Haiek nahi dutena egiten duzu. Haien bertsioa buruz ikasten duzu, eta eramaten zaituzte idazkari baten aurrera deklarazioa egiteko. Gero esaten dizute oso ongi egin duzula dena, eta hori epaileari esaten badiozu ziurrenik ez zarela espetxera joango. Azkenean, horrekin lortzen dute zure barruan erruduntasun hazi bat sortzea. Kaka bat zara, traidorea. Hainbat filmetan agertzen dena, edo Itziarren semea kantuan: ez ditut nire lagunak salatuko. Zuk ez duzu hori lortu. Nik bi izenen aurka sinatu nuen, eta gaur egun kostatzen zait bi pertsona horiekin egotea.

Horrek nola eragiten du zure egunerokoan?

Alde batetik, zure autoestimua lurrera doa. Baina, bestetik, gure izenak esan dituzten pertsonak kolektibo baten parte izaten dira. Beraz, mesfidantza sortzen baduzu kolektibo horretan, azkenean kolektiboa bera apurtzen ari zara. Horrekin batera, noski, baita beldurra sartzea ere. Mezu bat bidaltzea: borrokatzen bazara, torturatuko zaituzte. Haien helburua, informazioa ateratzea baino gehiago, gu pertsona gisa apurtu eta kolektiboa ahultzea zen.

Zuen epaiketa salatzeko aztnugal hitza erabili duzue. Nola baloratzen duzue egindako lana?

Epaiketa prestatzeko biltzen hasi ginenean, argi genuen aztnugal hitza berreskuratu behar genuela, uste baikenuen hitzak berak nahikoa indar zuela gure kasua azaltzeko. Baina kanpaina diseinatzerakoan bi ardatz ikusi genituen: torturaren salaketa eta gatazkaren konponbidea. Torturarekin ikusi genuen aldagai garrantzitsua zela gure kasuan. Alde batetik, Estrasburgoko Auzitegiak Espainia kondenatu zuelako Jon Patxiren [Arratibel] salaketa behar bezala ez ikertzeagatik. Bestetik, Gorka Mayo, Gorka Zabala eta ni espetxean ginela Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko kide batek elkarrizketatu gintuen. Gure testigantzak sinesgarritzat jo zituzten 2013an publikatutako txostenean. Hau da, jada ez genuen guk esaten torturatu gintuztela, baizik eta nazioarteko erakunde batek. Horrek behar zuen ildo propioa gure dinamikan. Oso modu ezberdinetan landu dugu gaia, eta espero baino oihartzun handiagoa izan dute ekinbideek. Otsaila oso hilabete gogorra izan bada ere, oso pozik gaude egindako lanarekin.

Uste duzue Arratibelen sententziak eta Torturaren Prebentziorako Batzordearen txostenak lagunduko duela zuen epaiketan?

Guk salaketa egingo dugu. Hala ere, Auzitegi Nazionala beste mundu bat da. Inkomunikaziotik atera ginenean Grande-Marlaska epaileari kontatu genizkion gertatutakoak, eta denek gauza bera pentsatu genuen: ziurrenik badakitela zer egin diguten eta berdin zaiela. Ez dugu epaiketa justu bat izateko inolako bermerik.