“Talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru”

“Talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru”

Asier Garcia Uribarri

"Ijitoek gizarteko arlo guztietan parte hartzea". Hori da Nafarroako ijito elkarteek lortu nahi dutena. Horretarako, bi norabidetan ari dira lanean. Batetik, zerbitzu publikoetatik kanpo dauden pertsonak lagunduz, eta, bestetik, gizartearen aurreiritziak eraitsiz. Ricardo Hernandez (Tutera, 1975) Gaz Kalo Nafarroako ijito elkarteen koordinatzailea da. Haren ustez, gizarteak talde gutxituak erabiltzen ditu bere arazoak ezkutatzeko.

Apirilaren 27an parlamentuan egon zineten Nafarroako Ijitoen Egunean. Zer balorazio egiten duzu?

2005etik ari gara Nafarroako Parlamentuan antzeko ekitaldia egiten. Baina, niretzat, aurtengoa ekitaldi berezienetakoa izan da. Bukatu zenean, jende guztia hunkitua zegoen. Ez da erraza hori lortzea Nafarroako Parlamentuan. Gonbidatu mordoa genituen, hala nola familia ijitoak, ijito elkarteetako kideak eta alderdi guztietako ordezkariak. Zaila da, horrelako aniztasunarekin, denak hunkitzea. Esan dezakegu Ijito Herriak pertsona horiek guztiak batu zituela.

Uste duzu horrelako ekitaldiek gizartean eragina dutela?

Apirilean, parlamentuak eta Iruñeko eta Berriozarko udalek Ijito Herriaren eskubideen aldeko mozioak onartu zituzten. Horiek garrantzitsuak dira, ijitoak instituzio publikoetan ikusarazten dituztelako. Ordezkari politikoek jabetu behar dute Ijito Herriaren egoeraz. Nola egin daiteke hori? Adierazpenak eginez. Egia da adierazpen batek ez dituela konponduko Ijito Herriak dituen behar guztiak, baina dauden arazoak mahai gainean jarriko ditu. Ijitoek agenda politikoan egon behar dute, ezin baitugu ahaztu gure biztanleriak arbuioa eta bazterketa pairatzen dituela, neurri handi batean gainera.

Nafarroako gizarteak alde horretatik hobera egin duela uste duzu, edo berdin jarraitzen du?

Aurreiritziak existitzen dira, eta gizarteak betikotzen ditu. Asko kostatzen zaigu horri buelta ematea, guztioi. Baina talde gutxitua zarenean, horrek oraindik traba gehiago jartzen dizkizu gizarteko eskubideen jabe izateko. Adi! Eskubideez ari naizenean, betebeharrez ere ari naiz, batera baitoaz. Nik ez nuke esango Nafarroako gizartea arrazista denik, baina egia da Ijito Herria dela zentzu guztietan arbuio eta diskriminazio mailarik handienak pairatzen dituena. Akaso, hemen ez da eraso zuzenik ematen. Nafarroan arrazakeria ikusezinagoa da. Ijitoen estereotipoekin bat datorren pertsona batek zailtasun handiagoak ditu lana aurkitzeko edo etxe bat alokatzeko. Bestalde, egia da gero eta pluralagoa den gizarte batean bizi garela, eta pixkanaka ijito kultura merezi duen tokian kokatzen ari dela.

Zer lan ildo garatzen ari zarete ijito elkarteetan?

Arlo askotan lan egiten dugu. Baina bereziki lau nabarmenduko nituzke: hezkuntza, osasuna, lana eta etxebizitza. Ardatz horiei jarraitzen diete Ijito Herria gizarteratzeko Espainiako 2012-2020 estrategiak eta Europako zuzentarauek. Pertsona guztientzat oinarrizko beharrak dira. Horiek lantzean kontuan izan behar dira Ijito Herriaren kultura eta harekiko diskriminaziorik eza. Era berean, arreta berezia eskaintzen diegu emakume eta gazteei.

Nola lantzen dituzue lau ildo horiek?

Elkarteok nahi duguna da ijitoek parte hartzea gizarte osora bideratuta dauden politiketan. Batzuetan ijitoak ez baitira politika horietara iristen hainbat arrazoirengatik, besteak beste, informazio eta bitarteko faltagatik. Guk ez ditugu nahi ijitoentzako osasun etxeak eta eskolak. Nahi duguna da gizarte osoarentzat diren zerbitzu horietatik kanpo geratu diren ijitoei bertan parte hartzen laguntzea. Esan daiteke zubi lana egiten dugula. Hala ere, kontuan izan behar dugu Nafarroako ijito askok normal-normal parte hartzen dutela zerbitzu horietan, eta gizartean euren ekarpena egiten dutela lan eginez eta zergak ordainduz.

Esan duzu arreta berezia eskaintzen diozuela emakumeen errealitateari. Zer lan egiten duzue horren harira?

Emakume ijitoak gehien parte hartzen dutenak dira. Gizonoi askoz gehiago kostatzen zaigu. Adibidez, badago emakume talde bat euren ikasketak berreskuratu dituztenak. Emakume batzuk goiz ezkondu ziren, eta euren ikasketak utzi zituzten. Baina, orain, berriz ikasi nahi dute. Eta zer egoera dute emakume ijitoek gizonekiko? Bada, gizartean duten bera. Desabantaila asko dituzte, eta askotan aukera gutxiago dituzte. Beraz, saiatzen gara desabantaila horiek orekatzen. Baina ñabardura garrantzitsu batekin. Ez dugu nahi Ijito Herria herri matxista gisa markatzea. Ijito Herria gizartea bere osotasunean izan daitekeen bezain matxista izango da. Baina talde gutxituok ezin gara izan gizartearen arazoen ahuntz buru. Bidegabea da gizarteak guri leporatzea berak konpondu ez dituen arazoak.

Egiari bide berriak irekiz

Egiari bide berriak irekiz

Asier Garcia Uribarri

Udalbatza honen asmoa da Iruñeko instrukzio epaitegietan kereila kriminala jartzea, horiek iker ditzaten diktadura frankistak Iruñeko bizilagunen aurka egin zituen gizateriaren aurkako delituak". Horrela hasten da 2015eko azaroaren 27an Iruñeko udalbatzak onartutako adierazpena. Salaketa hori osatzeko, NUPeko ikertzaile talde bati agindu diote zehazteko 1936ko gerran eta frankismoan iruindarrek jasan zuten errepresioa eta giza eskubideen urraketa. Horretarako, astelehenean ireki zuten informazio gune bat Iruñeko Mercaderes kalean, eskubide horien urraketak pairatutakoen edota urraketa horien lekuko izan ziren pertsonen testigantzak jasotzeko.

Bulegoak urrira arte jasoko ditu herritarren testigantzak. Bertan NUPeko ikertzaile talde bat egongo da lanean. "Jendea etortzen denean, proiektua azaldu eta txosten moduko bat irekitzen diegu. Jendea etorri daiteke euren buruaz hitz egitera, edo senide baten inguruan", azaldu du Nekane Perez NUPeko ikerlari eta Memoria Historikoaren bulegoko kideak. Lehen txosten hori bete ostean, herritarrei bigarren zita bat emango diete elkarrizketa egiteko. Elkarrizketa horiek bideoz grabatuko dituzte.

Lehenengo goizean zortzi lagun hurbildu ziren testigantza eskaintzeko prest. Perez ez da ausartu zenbat jende etorriko den iragartzera, baina espero du bulegoaren lana ezaguna egiten den heinean jendea animatuko dela.

Elkarrizketetatik eta egiten diren ikerketetatik ateratako informazioarekin, peritu txostenaz gain, Iruñeko Udalak 1936ko kolpearen harira hildako iruindarren zerrenda berritua osatu eta omenaldia egin nahi du.

Udalaren ekinbideak Giza Eskubideen Aldeko Espainiako elkarteak egindako deiari erantzuten dio. "Elkarte horrek instituzio publikoak animatu ditu 1936ko gerrako eta frankismoko eskubide urraketen aurkako salaketak jartzera. Nolabait Argentinako kereila indartzeko", adierazi du Olaia Aldaz Iruñeko Udaleko alkatetzako kabinete buruak. Iruñeko Udala izan da lehen erakunde publikoa horrelako ekinbidea martxan jarri duena. Hala ere, badira beste udal batzuk bide bera jarraitu dutenak, besteak beste, Zaragoza (Espainia), Tarragona (Herrialde Katalanak) eta Gasteiz.

"Ekainean Carlos Slepoy Giza Eskubideen Aldeko elkarteko abokatua Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin bildu zen, eta orduan proposatu zion kereila jartzea". Azaroan onartutako adierazpen instituzionalarekin martxan jarri zuten egitasmoa, eta bulegoarekin hasi dituzte peritu txostena osatzeko lanak. Hori bukatzean, udaleko abokatuek kereila jarriko dute Iruñeko epaitegietan.

Justizia egiteko bideak

Espainiako Giza Eskubideen Aldeko elkarteak Argentinako kereilaren aldeko koordinakundean parte hartzen du. "Orain ireki duguna eta Argentinako kereilarena bide osagarriak dira", adierazi du Jacinto Lara Giza Eskubideen Aldeko Espainiako elkarteko kideak.

Larak uste du, Argentinako kereila bere bidea egiten ari bada ere, frankismoaren krimenak gertatu ziren tokian epaitu behar direla. Horregatik martxan jarri dute prozesu berri hau. Zentzu horretan, Espainian egin zen lehenengo ekinbide handia Baltasar Garzon epaileak 2006an martxan jarritako prozesua izan zen. "Auzitegi Gorenak Garzon absolbitu, baina biktimak kondenatu zituen. Euren defentsarako eskubidea ukatu baitzien".

Bide hori 2012an bukatu zen, baina Larak uste du egun badaudela baldintzak antzeko prozesu bat martxan jartzeko. "Argentinako kereilak eragin dituen atxilotze eta estradizio aginduek eta epaileek biktimei hartutako deklarazioek mahai gainean jarri dute frankismoaren biktimek pairatzen duten justizia eza". Zentzu horretan, Larak ez du uste 1977ko Amnistia Legea frankismoko krimenak ez epaitzeko inolako aitzakia denik.

Udalek hasitako prozesuak bide berriak ireki ditu gisa honetako ikerketetan. "Lehenengo aldiz, instituzio publiko batek erabaki du 1936ko gerran eta frankismo garaian egin zituzten giza eskubideen aurkako delituak ikertzea. Biktimen ahozko testigantzak hartuta, eta dena ondo landuta. Gero, udalak epaitegian aurkez ditzan", azaldu du Emilio Majuelo Historia Garaikidean doktore eta eskubide urraketen inguruko peritu txostena egingo duen taldeko kidea. Majuelok gogoratu du Euskal Herrian historialarien lana ez dela inoiz zeregin horietarako erabili. "Testigantzak jasotzea oso interesagarria izango da kereilarako, baina baita ikerketarako ere".

Aurretik antzeko ikerketa garrantzitsuak egin dira Nafarroan. Aipatu beharrekoa da orain 30 urte egin zen Navarra 1936: de la esperanza al terror (Nafarroa 1936: itxaropenetik terrorera) lana. Hori da, Majueloren ustez, Nafarroan memoria historikoaren inguruan egin den lanik garrantzitsuena. Historialari talde batek eta 200 kolaboratzailek baino gehiagok herriz herri batu zituzten 1936ko kolpeak eragindako errepresioaren datuak.

Majuelok goraipatu du 1980ko hamarkadan lan hura egiteko agertu zuten grina. "Guztia erabat boluntarioa izan zen. Bi langilek auto bat lortu zuten eta bi urtetan erabat erre zuten, herriz herri egin zituzten kilometro guztiengatik. Gainera, ez zegoen unibertsitaterik, jendea bere kabuz ibili zen, ez zegoen galdetegi finkorik". Majuelok aitortu du, lan hori gabe, ezinezkoa litzatekeela lau hilabetetan inolako peritu txostenik egitea. "Orain badugu aukera, lan horretan sakontzeko".

Ikerketan Iruñeko kasuak aztertuko dituzte. Iruñeko Udalaren ekinbidea baita. Majueloren ustez, bertakoak dira zehaztasun gehien behar duten datuak. "Garai hartan denak ziren herri txikiak, eta denek dakite nor hil zuten. Zaila da hildako berriak agertzea". Aldiz, arazo gehiago daude hirietako zerrendak egiteko, jende asko aldi baterako geratzen delako eta askok ez dutelako elkar ezagutzen. "Badugu Iruñeko hildakoen zerrenda bat, duela 40 urte egin zena. Baina orain oso aukera ona dugu zerrenda hori garbitu, orraztu eta egon daitezkeen datu okerrak zuzentzeko".

Iruñeko Udalaren asmoa, elkarrizketez harago, garaiko artxiboak ikertzea ere bada. Horien artean, Gobernu Zibila, Guardia Zibila, Iruñeko Probintzia espetxe eta Espainiako Poliziarenak. Udalbatzaren adierazpenak hori esaten badu ere, bide horretatik Majuelok ez du gauza handirik espero. "Urteak dira Gobernu Zibilaren artxibategiak Nafarroako Artxibora eraman zituztela. Baina ezaguna da guztia ez zela heldu. Martin Villaren garaian, Gobernu Zibileko dokumentu asko erre egin zituzten. Nik hori badakit, erre zituenak kontatu zidalako. Esan zioten: 'Hartu hau eta erre'". Guardia Zibilaren eta Poliziaren artxiboetan berriz, Majuelok dio ez dagoela garai hartako agiririk. "Ez dira existitzen". Espetxekoan ordea, badago aukera informazioa lortzeko. Baina soilik pertsona zehatzen informazioa eskatuz gero. "Ezin da bertan sartu eta ikerketa orokor bat egin". Hala ere, Majuelok gogoratu du historialariak prozesuko baliabide bat baino ez direla.

Bide eman

Lur Albizu Etxetxipia

Kontseiluak Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean manifestazioa eginen du, ekainaren 4an. Duela pare bat aste egin zuten horretarako deia euskalgintzako hainbat eragilek, eta zer hausnartua eman dit. Ez dakit ideiak ordena logiko batean idazteko gai izanen naizen, baina, tira. Saiatuko naiz.

Duela ia urtebete UPN, PP eta PSNri aurrea hartu eta aldaketaren indarrek akordioa egin zutenetik. Ia urtebete lau alderdiek sostengatzen duten gobernua eratu zenetik. Akordio programatiko luze eta zabala lau urteri ekiteko. Eta, a zer kasualitatea, euskara dago askatu beharreko korapiloen artean. D ereduan izena emateko aukera Nafarroa osora zabaldu da —ez oztopo gutxirekin, eta gobernuak ezer gutxi eginda—, baina erabaki hori aldaketaren aurretik ere onartua zegoen. Aurten, ez dira gutxi izan euskara erdigunean izan duten eztabaidak, zirkuak eta azpijokoak.

Euskararen Legea aldatzeko oraindik mendeak falta direla ematen du. Eskubideak ez dira eskubide, gutxi batzuen identitate arazoak baizik. "Zergatik aldatuko dugu, bada, zonifikazioa? Zer arazo du? Ez dakit zertaz kexatzen zareten, jadanik Nafarroa osoan D ereduan ikasten ahal baldin bada…". Eta horrela segi dezakegu infinituraino, bueltak eta bueltak ematen…

Honen aurrean zein erantzun eman behar du euskalgintzak? Mobilizazioa beharrezkoa da, ados nago, eta etorri behar zuela uste dut. Zein lanketa eginen da deialdi honekin? Zein izanen da helburua, euskalgintza suspertzea, herrietara heltzea, diskurtsoa finkatzea, inplikazioa sortzea… edo manifestazioa bera? Iazko Anaitasunako ekitaldiak zein hazi erein zuen? Zein izanen da diskurtsoa? Iruditzen zait eskubideak aldarrikatzeaz haratago joan behar dugula, praktikara eraman behar dugula aldarrikatzen ari garena. Euskararen aldeko borrokak konpartitua izan behar du, koordinatua eta herri mugimenduko eta gizarte osoko sektore anitzekin aurrera eramana.

Nik ez dut euskara etsipenerako tresna (bakarrik) izaterik nahi. Ez dut "Europako hizkuntza zaharrena da, zaindu behar dugu, gure arbasoak…" esan nahi, euskara orain da, eta gu gara. Eraldaketarako tresna izan daiteke, berria edo zaharra izan. Ez ditut hamasei urteko gazteak ikusi nahi bi esaldi jarraian esateko beldurrez, ergatiboa edo erlatiboa edo nikezdakitzer gaizki esanen duten beldurrez. Euskaraz entzun nahi ditut gazte horiek, edo euskañolez, haien hizkera propioarekin.

Bide berriak sortu behar ditugu, euskarari mistikotasun hau kendu, museoko pieza izateari utz diezaion. Emozioekin lotu, haserrearekin, borroka grinarekin, minarekin, umorearekin eta baita gozamenarekin ere. Gozamenetik hitz egin nahi dut euskaraz, euskaraz bizi eta gozatu nahi dut.

Euskara beste borroka espazio bat da; moldeak eta moduak berritzen, berrirakurtzen eta birsortzen jakin behar dugula uste dut, egoerak eskatzen duenari erantzuten. Manifestaziotik harago ere honek eragina izan dezan.

Ignacio Aranguren antzerki zuzendariarentzat Vianako Printzea saria

Ignacio Aranguren antzerki zuzendariarentzat Vianako Printzea saria

Berria Gaur goizean egin du bilera Kultura Kontseiluak eta hor erabaki du 2016ko Vianako Printzea saria Ignacio Aranguren (Iruñea, 1953) antzerki zuzendari eta irakasleari ematea.Beste zortzi hautagai zeuden saria jasotzeko: Alfredo Sanzol antzerkigilea, Helena Taberna zinemagilea, Isabel Villanueva biolinista, Maria Amor Begiristain arkeologo eta etnografoa, Jose Lainez eta Concha Martinezek osatutako koreografo bikotea, IPES elkartea, Miguel Etxauri margolaria eta Pello...

“Atxiloketek denen agendan jarri dute torturaren gaia”

“Atxiloketek denen agendan jarri dute torturaren gaia”

Edurne Elizondo

Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek egindako "lardaskeria" salatu du Txelui Morenok (Burlata, 1958). Julia Ibañez emaztearekin eta Ibai Moreno semearekin batera atxilotu zuten, joan den astean, Iker Moreno bertze semeak jasandako torturak salatzeagatik.

Hainbat egun pasatu eta gero, zer analisi egiten duzu gertatutakoari buruz?

Egia erran, zaila da gertatu dena ulertzea, agerikoa baita egin duten lardaskeria. Atxiloketen atzean zera dago, batetik, askatasunak murrizteko helburu garbia duen ministro bat; eta, bertzetik, kontakizunaren inguruko borroka. Kontakizun bakarra nahi dute: haiena. Indarkeria mota bakar bati buruzkoa. Bertzelako kontakizunak bazter utzi nahi dituzte, baina, lehenago edo beranduago, horiek ere agertuko dira, anitz sufritu dutelako pertsona anitzek. Estatuak indarkeria baliatu du, eta hori azaleratuko da. Atxiloketekin hori saihestu nahi izan dute, baina egin duten gauza bakarra da lardaskeria galanta. Barne ministroaren lardaskeria galanta.

Semeak jasandako torturak salatzeagatik atxilotu zintuzten zu, eta, zurekin batera, zure emaztea eta bertze seme bat.

Hala da. Familiako hiru kide atxilotu zituzten, laugarrenak sufritutako torturak salatzeagatik. Nik argi dut torturaren inguruan zigorgabetasuna dagoela, torturen inguruko salaketak ez dituztelako ikertu nahi. Atxiloketekin hori gelditu da agerian; torturak salatu ditugunok eraman gaituzte polizia etxera, eta, bitartean, torturatzaileak zigorrik gabe daude. Lasai daude. Estatuak esku hartu izan balu auzi honetan, tortura ez zen existituko, seguruenik, ondorioen beldur izanen zirelako torturatzaileak. Baina estatuak alderantzizkoa egiten du; torturak salatzen dituztenen aurka egiten du.

Ikuspuntu pertsonalago batetik, nolakoa izan da prozesu hau guztia zuretzat?

Iker atxilotu eta espetxeratu eta gero, Soto del Realera joan ginen hura ikustera. Bisita hartan, jasandako torturen berri eman zigun semeak. Handik bueltan, autoan, familiak argi zuen ahaleginak egin behar genituela mundu guztiak jakin zezan zer gertatu zen, zer egin zioten semeari. Tortura existitzen dela zabaldu behar genuela argi genuen, eta bertan behera uzteko egin behar genuela borroka. Iker espetxean izan zen denboran, asmo hori izan dugu beti lagun. Epaiketaren ordua iritsi zenean, are gehiago. Burlatako herritar anitzek egin dute bat gure asmo horrekin, eta babes handia erakutsi diete Aztnugal auziko kide guztiei.

Epaileek argi utzi nahi izan zuten operazioa ez zutela haiek agindu. Zer deritzozu horri?

Hagitz datu garrantzitsua iruditzen zait hori. Garrantzitsuena, auzi honetan guztian. Lehen aldia da Nafarroako epaileak jendaurrera agertzen direla, mezu bat zabalduz, argi uzteko haiek ikustekorik ez dutela polizia operazio batekin. Barne ministroaren eta polizien jarrera agerian uzten du horrek. Lotsagarria da. Eta argi uzten du Espainiako demokraziaren maila hagitz eskasa dela. Eskubideen murrizketak halako egoerak ekartzen ditu. Ezkerrekoak eta ustez demokratikoak diren hainbat alderdik bertze alde batera begiratu dute torturak gertatu direnean. Guri autokritika eskatzen digute, eta herri honetan egon diren biktimak onartzea. Uste dut torturen auzian bertze aldera begiratu duten horiei ere eskatu behar zaiela autokritika.

PPko Ana Beltranek kontrakoa egin zuen joan den asteko parlamentuko osoko bilkuran. Haserre hartu zituen torturaren aurkako kartelak.

Polizia etxetik atera nintzenean errandako bera erranen dut: Excusatio non petita, accusatio manifesta. Bere burua demokratatzat badu, torturaren aurkako kartel horiek txalotu behar ditu.

Iker Moreno zure semeak, atxiloketak gertatu eta gero, Aztnugal kanpainarekin min egin dutela erran zuen. Ados zara?

Bai. Muralean ez zen Guardia Zibila edo Espainiako Polizia inon ageri. Aztnugal kanpainaren abiapuntua da tortura salaketa bat. Europak bere egin zuen salaketa hori, eta Espainia zigortu zuen, ez ikertzeagatik. Hori da Aztnugal.

Babes zabala jaso duzue hemen. Hemendik kanpo ere bai?

Bai. Auziak gainditu ditu Euskal Herriko mugak. Babes handia jaso dugu hamaika tokitatik: Herrialde Katalanetatik, Andaluziatik, Galiziatik, bai eta Madrildik ere. Handik, gutxiago. Madrilen, oraindik ere, tortura salatzeko beldurra bada. Baita orain sortzen ari diren talde edo alderdi horien artean ere. Gu kontent gaude, halere. Orain mundu guztiak ezagutzen du egin dugun murala. Hamaika tokitan egin dituzte gisakoak ere; Erroman, adibidez. Eskertzen dugu elkartasun hori. Garrantzitsuena da, hala ere, atxiloketek torturaren gaia denen agendan jarri dutela. Eta hori gutxitan gertatu da. Uste dut lagundu duela Aztnugal kanpainak, eta torturaren aurka zabaldutako manifestuak ere bai. Ernest Lluchen alabaren sinadura zen lehena. Hori oso indartsua izan da.

Espainiako kate batean Arnaldo Otegi elkarrizketatu zuten, duela zenbait aste. Otegik torturatu zutela erran zuen, baina kazetariak ez zion tira egin hari horri. Zer iruditzen zaizu?

Nik elkarrizketa ikusi nuen. Eta hori gertatu zenean, burura etorri zitzaidan lehen hitza koldarkeria izan zen. Jordi Evole kazetaria une horretan koldarra izan zela uste dut. Estatuak ez du gai hori ukitzea nahi, eta kazetariak atzera egin zuen. Madrilen, oraindik ere, anitz kostatzen da estatuak egindakoa onartzea.

Bertze elkarrizketa batean, berriki, Paco Etxeberria auzi medikuak erran zuen ETAren biktimek erakundeen babesa jaso dutela, baina, ez, ordea, gizartearena, eta torturaren biktimekin alderantzizkoa gertatu dela; herritarren babesa bai, baina erakundeena ez dutela izan. Ados zara?

Bai. Egia dela uste dut. Etxeberria, gainera, aditua da kontu horietan. Nik uste dut torturaren gaia azaleratzeko lan gehien egin duten pertsonetako bat dela. Hagitz ausarta dela uste dut. Horixe erakutsi dit. Ausartu da, eta gauzak diren moduan azaldu ditu. Eskertzekoa da.

Torturaren gaia agendan jarri dute atxiloketek, erran duzunez. Orain zer?

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko luketela uste dut. Eusko Jaurlaritza ari da jada, eta Etxeberria da, gainera, torturak ikertzeko batzordearen buru. Hagitz ongi. Nafarroako Gobernuak gauza bera egin beharko luke, eta, Etxeberria bada pertsonarik egokiena lan hori egiteko, egin dezala berak. Baina egin dezatela zerbait erakundeek. Biktimak onartu behar dituzte, eta torturatzaileen kontra egin, auzitegietara eraman. Gertatu denak lortu du gaiaz hitz egitea, eta ez da gutxi. Jarraitu dezagun lanean.

Existitzen ez diren langileak

Existitzen ez diren langileak

Edurne Elizondo

Ez gara existitzen. Gizarteak ez dio ematen duen balioa guk egiten dugun lanari". Errealitate hori aldatzea helburu hartu du Caridad Jerezek. Etxeko langilea da, Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko presidentea, hain justu. Aitortu du Maiatzaren Lehena ez dela egun berezia beretzat. Ez duela uste igandean karrikara aterako diren sindikatuek ordezkatzen dutenik. "Langile izaera ere ukatu egiten digu egungo sistemak", salatu du.

2011. urtean onartu zuen Espainiako Gobernuak egun indarrean dagoen etxeko langileen inguruko legea. Araudi horrek ez du haien egoera aldatzen lagundu, Jerezen ustez. Alderantziz. "Orduko 3 eta 5 euro bitarteko soldata ezartzen du; ez dugu lan hitzarmen kolektiborik; ez dugu langabezia jasotzeko eskubiderik; eta langileen estatutuan ere ez gara agertzen". 1985eko araudia ordezkatu zuen 2011koak, baina, oraindik ere, urrats anitz badela egiteko argi du Jerezek. Esaldi bakar batean laburbildu ditu etxeko langileen aldarrikapenak: "Bertze edozein langileren pareko izan nahi dugu".

Bide horretan urratsak egiteko sortu zuen Jerezek elkartea, 2012. urtean. Onartu du, hala ere, kosta egiten zaiela etxeko langileak elkartera batzea. "Anitzek ez dute erran nahi etxeko langile direla ere; lotsatu egiten dira, gizarteak berak ez duelako gure lana onartzen. Hori da arazo nagusia", salatu du Ada Cabanillasek, elkarteko presidenteordeak.

Jerezekin bat egiteko zalantzarik ez zuen izan Cabanillasek. "Guk ez badugu gure eskubideen alde egiten, nork eginen du? Gu ez gara ari gure alde bakarrik, gu denen alde ari gara", erran du. Perun jaioa da, baina duela 30 urte ailegatu zen Iruñera. Sorterrian baino denbora gehiago egin du hemen. Etxeko langileen kolektiboaren barruan migratzaileen egoera are okerragoa dela argi du, hala ere. Horixe nabarmendu zuen joan den otsailean, Nafarroako Parlamentuan. "Gehiegikeriak gertatzen dira, eta paperik ez dutenak babesgabe dira", salatu zuen, Jerezekin batera parlamentarien aurrean egindako agerraldian. Hil honen 7an, berriz, Iruñeko Udalak jorratu zuen etxeko langileen auzia. Haien eskubideak onartzeko eskatu zuen udalak egun hartako osoko bileran. Gehiegikeriak salatu, eta etxeko langileen Gizarte Segurantzako erregimena erregimen orokorrarekin parekatzeko ere galdegin zuen, bertzeak bertze.

"Parlamentuan agertu eta gero, hainbat langilek deitu dute, elkartearekin bat egiteko prest", erran du Jerezek. Nafarroan 14.000 etxeko langile inguru badirela azaldu du elkarteko buruak, "baina haietako 9.000 inguru baino ez daude Gizarte Segurantzan izena emanda". Gehienak emakumeak dira.

"Etxekoa emakumeen lantzat jo izan da. Lan ikusezina izan da, ondorioz, eta onarpenik gabekoa. Gizarte klasista eta matxista baten isla da egoera hori". Horixe nabarmendu zuen Iruñeko Udaleko Berdintasun zinegotzi Laura Berrok, hilaren 7ko osoko bileran. Palafolls herriko (Bartzelona) PPko zinegotzi Oscar Bermanek Bartzelonako alkate Ada Colauri errandakoak gogoratu zituen. Gizarte "serio eta osasuntsu" batean Ada Colau "zoruak garbitzen" ariko litzatekeela bota zuen PPko kideak, "eta ez Bartzelonako alkate".

Gizarte matxista batean emakumeak ustez etxean egin beharreko lan horren jarraipen gisa ulertu izan da etxeko langileen jarduera, hain zuzen ere. "Etxeko lanak dira, eta emakumeak egiten ohi ditu. Etxeko andrearen gauzak dira. Etxeko tresnatzat hartzen da etxeko langilea". Irene Sotosenak dira hitzak. Argi eta garbi mintzatu da. Egoera ikusten duen bezala azaldu du. Ez da hagitz baikor etorkizunari buruz. Zaharrak zaintzen lan egin izan du, batez ere, baina orain lanik gabe da. "Lanik eta langabezia saririk gabe".

7 egun, 24 ordu, 840 euro

Argentinan jaioa da Sotos, baina, Cabanillasek bezala, aspalditik du Nafarroa bere etxe. Lan bila ari da orain. "Caritas erakundearen bitartez, bat eskaini didate. Pertsona zahar bat zaindu beharko nuke, eta haren etxean gelditu. Asteko zazpi egunetan. Eguneko 24 orduak. 840 euroko soldata eskaini didate", salatu du Sotosek. Gisako lanak izan dituela onartu du. "Bizitza osorako espetxe zigor baten gisakoak dira. Etxeko zaharra zaintzeko kontratatu, baina denetarik egin behar duzu, bai eta txakurra zaindu ere, txakurrik bizi bada etxean".

Sotosen hitzak entzunda haserretu egin da Jerez. "Ezin dugu onartu Caritasen gisako erakundeek halako zubi lana egitea familien eta etxeko langileen artean, eta gure eskubideak kontuan ez hartzea. Horregatik erabaki nuen nik elkartea martxan jartzea, etxeko langileek nora jo izan dezaten, haien eskubideen alde eginen duen elkarte baten babesa izan dezaten".

Babes horren bila bat egin zuen Cabanillasek Jerezekin. Eta, batez ere, babes hori bertzeei eskaintzeko. Perutik Nafarroara etorri zenean, bi urtez aritu zen familia baten etxean lanean. "Zazpi pertsona bizi ziren han; ni ere bai. Esperientzia ez zen hagitz ona izan. Bakarrik nintzen Nafarroan, eta ia ez nintzen etxetik ateratzen ere. Jateko anitz ez zidaten ematen, eta gose izaten nintzen", gogoratu du.

Bertze familia batekin denbora luzez aritu da Cabanillas lanean, eta egoera bertzelakoa izan dela onartu du. Maria Gomezek ere esperientzia on gehiago izan ditu, txarrak baino. Galiziatik etorri zen Iruñera, duela 30 urte. Dekorazioaren esparruan aritu zen lanean sorterrian, baina hemen ez zuen halakorik aurkitu etorri zenean. Etxeko langile bilakatu, eta horretan aritu da, orain arte. "Haur bat zaindu nuen urte luzez, eta azken hamarrak gizon bat zaintzen eman ditut. Etxeko gauza guztiak egiten nituen, botikak ematen nizkion eta janaria ere prestatzen nion. Dietetika eta nutrizio ikasketak hasi nituen. Etxeko langileok halakoak egin behar izaten ditugu".

"Gizona neska-lagunarekin bizitzera joan da orain, eta lanik gabe gelditu naiz". Erretiroa hartzeko aukera aztertzen ari da Gomez. Egoera ez dela erraza aitortu du. "Soldata urria dugu, eta kotizazio baxua. Pentsioak ere halakoak izaten dira". Gomez, halere, ez da kexu, eta egoera txarragoan direnak ezagutzen dituela nabarmendu du. Horregatik erabaki zuen berak elkartearekin bat egitea, hain zuzen. Kolektiboaren lan baldintzak hobetzen laguntzeko. "Lagun bat urte luzez aritu da ikasleentzako egoitza batean lanean; ustez, Gizarte Segurantzan izena emanda. Istripu bat izan zuen, eta kanporatu zutenean konturatu zen ez zela egia".

Gomezek argi erran du: "Lan baten kategoria lan hori egiten duen pertsonak markatzen du. Oraindik ere, 60ko hamarkadako pentsamoldeak badituzte etxeko langileak hartzen dituzten anitzek, eta hori da bazter utzi behar duguna".

Iritzi horrekin ados da Jerez. Sotosen eta Gomezen kasuen harira, etxeko langileen jarduerak eten anitz izaten ohi dituela nabarmendu du. "Hori ere arazo bat da langile anitzentzat. Hainbat hilabeterako lanak izaten ditugu, anitzetan".

Ez da hori haren egoera. Azken 24 urteotan ibili da etxe berean lanean. Astelehenetik ostiralera aritzen da, egunean hiru orduz. "2011ko legea atera zenean egin zidaten kontratua, geroztik nago Gizarte Segurantzan. Nagusia beldurtu zen. Zortzi euro kobratzen dut orduko, geroztik". Soldataren zati bat, ehun euro inguru, etxetik lanerako bidaian gastatzen du. "Kontent naiz, halere, bai baitakit bertze anitzek baino egoera hobea dudala; soldatak, halere, ez digu autonomia ekonomikoa izateko aukerarik ematen". Etxeko langileen egoera nagusien borondatearen araberakoa izaten dela erantsi du. "Hori gertatzen da legeak ez dizkigulako langile gisa ditugun eskubideak bermatzen", salatu du.

Profesionalizazioa

Profesionalizazioaren auzia jarri zuen mahai gainean Iruñeko Udalak, hilaren 7an etxeko langileen egoerari buruz egindako eztabaidan. Erakunde horrek Nafarroako Gobernuari eskatu zion neurriak har ditzala etxeko langileen sektorearen profesionalizazioa errazteko eta bultzatzeko. "Profesionalizazioa? Noski, guk ere nahiko genuke ikastaro bat egin eta titulua jaso. Baina non ematen dute? Inon ez. Nire titulua dira lanean egin ditudan 24 urteak", erran du Jerezek. Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteak auzi horri heldu nahi diola argi utzi du presidenteak, hala ere, "langileon baldintzak hobetze aldera".

Langileen baldintzak hobetzeko asmoz, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuak osoko bilerara eramanen du auzia. Joan den astekoan eztabaidatzekoa zen Ahal Dugu-k aurkeztutako mozioa, baina atzeratu egin zuten, azkenean. Hurrengo astean landuko dute gaia, seguruenik. Mozioaren helburua da, zehazki, Espainiako Gobernuari eskatzea Lanaren Mundu Erakundearen 189. hitzarmena berresteko. Iruñeko Udalak ere eskaera bera egin zuen hilaren hasierako osoko bileran.

189. hitzarmen horrek lantzat jotzen du etxeko langileen jarduera, eta, ondorioz, etxeko langileek baldintza duinak izateko duten eskubidea nabarmentzen du. 2011. urtean onartu zuten, baina Espainiak ez du berretsi, oraindik ere.

"Lan anitz dugu egiteko", aitortu du Jerezek. Bera prest da, baina "denen artean" errazagoa izanen dela argi du. Horregatik eskatu die etxeko langileei elkartearekin bat egin dezatela. "Elkarri laguntzeko, elkarri babesa emateko, denen alde aritzeko". Cabanillas, Sotos eta Gomez ondoan ditu. Bakoitza bere errealitatetik, bakoitza bere bizi eta lan baldintzekin. "Langileak gara, eskubideak ditugu; ez dezagun ahaztu, gizarteak ez dezala ahaztu". Gomezenak dira hitzak; bertzeek bere egin dituzte.

Aldatzeko ereduak

Aldatzeko ereduak

Edurne Elizondo

Abiadura handiko trenari ezetz errateko antolatu dute AHT Gelditu Elkarlanak eta bertze hainbat eragilek Txirrinka bizikleta martxa. Maiatzaren 20tik 22ra eginen dute, eta Hego Euskal Herria zeharkatuko du, lau zutabetan banatuta. Bizikletara igo baino lehen ere, lanean aritu dira Nafarroako zutabeko kideak: 1975etik gaur egunera arte herrialdean ingurumenari eragin dioten azpiegituren eta proiektuen mapa osatu dute, bai eta egitasmo horien aurka aritu diren eta ari diren taldeena ere.

Ia ehun orriko txostena egin, eta hiru ondorio nagusi jarri dituzte mahai gainean: batetik, berrogei urteotan anitz izan direla ingurumenari mehatxu egin dioten proiektuak, bai eta haien aurka sortu diren taldeak ere; txostenaren egileek 65 gatazka jaso dituzte haien zerrendan. Bertzetik, borroka moldeak, aktoreak eta arrazoiak askotarikoak izan direla: azpiegiturak, garraioa, energia, arlo militarra, hirigintza, harrobiak eta bertze jorratu dituzte txostena osatzeko, esparru horiek guztiak ukitu dituztelako sortutako gatazkek. Azkenik, borroka horiek bultzatu dituztenek garaipen anitz lortu dituztela: 65 gatazka horietako 28tan proiektuak bertan behera utzi dituzte; hemeretzitan aurrera egin dute; eta gainerakoetan, berriz, borrokak indarrean jarraitzen du.

AHTaren gisako azpiegiturak ahalbidetzen dituen gizarte eredua aldatzeko beharra nabarmendu nahi du Txirrinkak, eta Nafarroako "erresistentzien" inguruko txostenaren bidez, aldaketa hori gauzatzeko ereduak jarri ditu agerian herrialdeko taldeak. Erresistentzia horiek izan zituzten mintzagai joan den astean, hain zuzen, Txirrinkaren antolatzaileek egindako mahai inguruan. Energia nuklearraren aurkako borroken ikuspuntutik, ekologismoak Nafarroan beti izan duen izaera soziala eta zabala nabarmendu zuen Andoni Romeok, adibidez. Bat egin zuen Sustrai Erakuntza fundazioak behin baino gehiagotan zabaldu duen mezuarekin, eta borroken arteko lotura agerian utzi zuen. Aspaldiko eta egungo borrokek estatuaren erantzunarekin duten lotura jarri zuen mahai gainean, bertzalde, Itoitzekin Elkartasuna taldeko kide Peio Lusarretak. Talde horrek egindako ekintza zuzeneko jarduerek gaur egungo mozal legearekin duten harremana aipatu zuen, ildo horretan. "Desobedientzia zibilaren aurka egiteko onartu dute".

Gladys del Estal

Nuklearren aurka Nafarroan egindako lana ekarri zuten gogora joan den asteko mahai inguruan. Txirrinkaren antolatzaileek ere borroka ildo hori hautatu dute haien txostena zabaltzeko. Izan ere, 1970eko hamarkadan, orduko Iberduerok zentrala egin nahi izan zuen Arguedasen, Erriberan. 1979. urteko ekainaren 3an, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako nuklearren aurkako protestetan, Guardia Zibilak Gladys del Estal gazte ekintzailea hil zuen tiroz, Tuteran.

Erriberan sortu dira bertze hamaika proiektu eta protesta; indarrean jarraitzen du Castejongo zentral termikoen aurkakoak, bai eta Bardeako tiro eremuaren kontrakoak ere. Haustura hidraulikoarekin lotutako egitasmoek ere eragin dute haien aurkako taldeak sortzea azken urteotan Erriberan. Eskualde hori ukitzen du, halaber, abiadura handiko trenak, eta Itoizko urtegiarekin lotutako Nafarroako ubidearen proiektuak ere bete-betean eragiten dio Nafarroaren hegoaldeari.

Azken berrogei urteotako gatazken artean oihartzun gehien lortu dutenetako bat izan da Itoizko urtegiarena, zalantzarik gabe. Proiektu horren eskutik aldatu zuen Nafarroako Parlamentuak bere naturguneen legea, lehendabiziko aldiz. Aldaketa horrek erakutsi zuen paperean jasotako babesak deus gutxirako balio zuela, aurretik legez babestuta zegoen espazioa babesik gabe utzi baitzuen. Bigarrenez Larrako eski estazioen proiektuarekin egin zuen hori parlamentuak. Berriz ere, aurretik legez babestuta zegoena babesik gabe gelditu zen, inguruko balio naturalak eta ekologikoak aldatu ez ziren arren. Itoizkoa bezala, Larrako borroka ere oposizioak galdu zuen. 2003an, manifestua plazaratu zuten Larraren alde oposizioko alderdiek eta hamaika eragilek. Karrikan egin zuten protesta herritarrek. Baina ez zuten proiektua gelditzea lortu. Eski estazioak eginda daude.

Erribera ukitu dute ingurumenari kalte egin dioten proiektu anitzek; Pirinioak ere bai. Oraindik ez da erabat bazter gelditu, adibidez, Zilbetin egin nahi duten magnesita harrobia, eta Aurizberrin ere bada silizea ustiatzeko proiektu bat mahai gainean. Baztanen, berriz, Aroztegiko hirigintza proiektuaren aurka ari dira.

Itoitzen galdutako borrokak min handia egin die herri anitzi, baina zer ospatu ere izan dute: Iruñea eta Biarno artean autobidea egiteko proiektua aurkeztu zuten 1998an. Pirinioetako bi aldeetako herritarrek bat egin zuten Leia Taldean, haren aurka lan egiteko, eta ahaleginaren ondorioz lortu zuten esperotako emaitza: egitasmoa bazter utzi zuten, inguruko herriak kontra altxatu eta gero.

Autobideen artean, hala ere, Leitzarango proiektuak lortu du oihartzunik handiena, berrogei urteotako gatazken artean. Hura izan zen gogorrenetako bat. Haren berri jaso du Txirrinkak txostenean, eta gogora ekarri du 1987an sortu zela Autobiaren Aurkako Koordinakundea, eta 1989an hasi zituztela errepidea egiteko lanak. Bi urteko epean, obra horien aurkako 160 sabotaje ekintza egin zituzten. ETAk ere esku hartu zuen azpiegitura horren aurkako borrokan, eta hamaika atentatu egin zituen. Autobiako obrekin lotura izateagatik lau pertsona hil zituen. 1990ean Autobiaren Aurkako Koordinakundeak Lurraldea Alternatiba aurkeztu zuen, eta izen bera hartu zuen koordinakundeak. Negoziazio prozesua hasi, eta egun martxan den bidea inauguratu zuten, 1995ean.

Galdu eta irabazitako borrokek hamaika lezio utzi dute. Horixe nabarmendu du Txirrinkak bere txostenean. Ondorio nagusietako bat da batzeak duen garrantzia. Txirrinka bera hainbat eragileren bat egitearen ondorio da. Sustrai Erakuntza fundazioak gisako rola betetzen duela adierazi dute txostenean, laguntza juridikoa eskaintzeaz gain, koordinazio lana ere egiten duelako hainbat talderen artean. Ingurumenari eragiten dioten proiektuek lotura dutela agerian utzi izan du fundazioak, anitzetan; haien aurkako borrokek ere izan dezakete.

ETB Nafarroan: auzi teknikoaz harago

ETB Nafarroan: auzi teknikoaz harago

Asier Garcia Uribarri

Beharrezkoa da Nafarroako emisioa berehala etetea". Horrela dio Espainiako Industria Ministerioak ETBri helarazitako aginduak. Nafarroako Gobernuak apirilaren 21ean izan zuen horren berri, eta berehala hasi zen lanean neurri hori behin-behinean gelditu ahal izateko. Era berean, ministerioari eskatu dio txostenean "kaltetu gisa" parte hartzeko aukera. Hala ere, egun, auzia ETB eta Industria Ministerioaren artekoa da. Auzia konpondu arte, ministerioak izango du azken hitza.

Iazko hauteskundeak baino bi hilabete lehenago UPNren gobernuak salatu zuen ETBren seinalea Iruñerrira heltzen ari zela. Hori posible zen Kanpezuko (Araba) hedagailua Nafarroa alderantz jarri zutelako. UPNk ez zuen salaketaren berri eman.

Ekainean Industria Ministerioak eskutitza igorri zion Nafarroako Gobernuari. Ministerioak galdetu zuen ea Nafarroak gai horretan ba ote zuen Eusko Jaurlaritzarekin nolabaiteko itunik. "Legeak dio bi erkidegoren arteko itunak egonez gero posible dela erkidego bateko telebista beste batean ikustea", adierazi du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. UPNk ezetz erantzun zuen, hitzarmena hautsia zela.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanerako protokolo bat sinatu zuten 2009an. Orduan, Patxi Lopez zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Miguel Sanz Nafarroako presidentea. Protokoloak hainbat puntu zituen, besteak beste, ETBren emisioa. Hori aurrera eramateko, bi gobernuek konpromisoa hartu zuten Industria Ministerioarekin hitz egiteko, horrek "emisiorako beharrezkoa den multiplexa planifikatu eta esleitzeko". Era berean, emisioak baldintza zehatzak zituen. Adibidez, "ETBren emanaldi guztiek Nafarroako errealitate politikoa, soziala, erakundeak, sinboloak eta nortasuna errespetatu" behar zituzten. UPNren gobernuak 2013ko martxoan jakinarazi zuen ETB Nafarroan ikusteko negoziazioak hautsi zituela, eguraldiaren mapa aitzakiatzat hartuta. Baina Ollok dio gobernuak ez duela inolako dokumenturik hori adierazten duenik.

Hala ere, ekainean jardunean zegoen Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzarekin hitzarmenik ez zegoela adierazi, eta horrela heldu da Espainiako Gobernuaren agindua. Nafarroako Gobernuak adierazi zuen ez zutela salaketa horren berri, eta hura berehala kenduko zutela. Hala ere, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak esan zuen salaketa egon edo ez gobernuak "legez kanpoko jardueren aurka" egin behar duela. "Salaketa kentzeak ez du eragingo zigor txostena etetea".

Arazo tekniko eta politikoa

Urriaz geroztik ari da ETB Iruñerrian lurreko telebista digitalean emititzen, Erreniega eta Ezkabako hedagailuen bidez. Akordio programatikoan jasota dago Iruñeko Gobernuak "erraztu" egingo duela ETB Nafarroan ikustea.

Aurreko legealdian, Nafarroako Parlamentuak bi aldiz egin zuen eskari hori, eta astelehenean nahi hori berretsi zuen. Gobernua irailetik ari da lanean arazo horri legezko irtenbidea emateko, eta, hori lortu bitartean, erabaki zuen ETBren emisioari oztoporik ez jartzea. Ulertzen baitute, ETBk Nafarroan emititzeko lizentziarik ez badu ere, horrek ez duela legearen aurka egiten. "Emisioak alegalak dira. Ez daude legeztatuta, baina ez dute legearen aurka egiten", adierazi du Ollok. Haren aburuz, garrantzitsuagoak dira herritarren "informazio eta hizkuntza eskubideak".

Azken hilabeteetan hamaika bilera egin ditu Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin, ETBrekin eta Industria Ministerioarekin. Baina Ollok adierazi du gai konplexua dela "alderdi tekniko eta politikoan". Lehenengo aukera litzateke 2009ko protokoloak proposatzen zuena. Hau da, Industria Ministerioak Nafarroan bigarren multiplexa jartzeko baimena ematea. Baina ministerioak ezetz esan zuen. "Erantzun orokorra izan zen; ez dio inongo erkidegori bigarren multiplexa eman".

Lehen bide hori itxita, bigarren aukera da Nafarroak berezkoa duen multiplexaren bitartez emititzea. Egun, multiplex horrekin ikus daitezke Nafar Telebista, Navarra Television eta Vaughan TV. "Ministerioari beste bi kate sartzeko eskatu diogu. Baina borondatea behar da".

Hirugarren aukera ere aztertzen ari da gobernua: ETB tokiko multiplexen bitartez emititzea. "Aukera hori teknikoki landu behar dugu, eta politikoki bideragarria izateko protokoloa aldatu beharko genuke". ETB Nafarroan modu normalizatuan ikusteko lanean ari da gobernua. Baina, atzo bezala gaur ere, borondate politikoa da gakoa. Auzia konpondu arte, Espainiako Gobernuak erabakiko du nafarrek ETB ikus dezaketen edo ez.

Larrosendako utzi

Idoia Sobrino

Nafarroako liburutegietako erabiltzaile direnen eta ez direnen artean egindako inkestan, hamarretik zazpik baino gehiagok hurrengoa diote: bertzeak bertze, liburutegiak haur eta gazteen hezkuntzan lagungarriak direla, kalitatezko aisia eta entretenimendua ematen dutela, adin guztietan etengabeko prestakuntza errazten dutela, baita Interneterako sarbidea erraztu ere, eta elkarguneak eskaintzen dituztela. Oinarrizko zerbitzutzat jotzen dituzte, baita ez-erabiltzaileek ere, eta ados dira beren zergetako diru parte bat liburutegietan inbertitzearekin.

Jendeak badaki zergatik den oinarrizko zerbitzu publiko bat. Estatistika eta datuek, aldiz, zifrak behar dituzte. Eta politikariek ere bai. Gure dirua kudeatzen dutenean, aurrekontuak egiten dituztenean, zergatik honi hau eman eta bertzeari hura eztabaidatzen dutenean, argudioak defendatzeko zifrak behar dituzte.

Horregatik egin da Interneten ikusgai dagoen liburutegien balioaren ikerlana Nafarroan. Behar dituenak datu horiek erabil ditzan. Behar ez dituenak hasierako arrazoiekin nahikoa izanen du, baina ongi dago herriari bere dirua non eta nola inbertitzen den azaltzea. Eta inbertitu den diru horrek onurak edo kalteak ekartzen dituen ere bai.

Kultura diruaren muga horietan sartzea harrigarria izan badaiteke ere, egia da kulturarentzat ere dirua behar dugula. Kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko dirua behar dugula, baina zenbat? Osasun arlo publiko eta pribatua badira, hezkuntza publiko eta pribatua... hor ez da zaila konparaketa egitea, baina liburutegiek zenbat balio dute?

Anitzek erran dute liburutegiek ez daukatela preziorik, ezin zaiola zifrarik jarri, hori erokeria dela ere irakurri izan dut. Eta ados nago. Baina orain, zifrak eskutan, Nafarroako liburutegietan inbertitutako euro bakoitzeko gizarteak lau euro inguru bueltan hartzen dituela dakigunean, Liburutegiak ez dira gastua, inbertsioa baizik leloa ez dela jada uste huts bat ere ozen baiezta dezakegu.

Adituen lantalde batek Nafarroako 5.200 herritarri baino gehiagori egindako galdeketen eta formulen bitartez egindako ikerlan baten emaitza sendoen datuak ditugu. Eta horrekin Gobernuak aurrekontuak prestatzerako jokoan parte hartzeko tresna baliagarria lortu dugu.

Baina zer da euro bakoitzeko lau bueltan lortzea? Lehenik eta behin, negozioa errentagarria dela jakitea. Zerbitzua pribatua balitz, egindako inbertsioak negozioarekin aitzinerat jarraitu ahal izateko aukera emanen ligukeela, ez ginela dirua galtzen ariko, alegia. Hori gure dirua kudeatzen dutenen ikuspuntutik. Hitz guttitan, merezi diela/digula.

Baina norbanakoaren ikuspuntutik begiratuta ere, horrek erran nahi duena da liburutegiak zerbitzu publikoak ez balira bakoitzak gure sakeletik nahikotxo gehiago ordaindu beharko genukeela zerbitzu berberak izatearen truke. Aurrezten dugunarekin, hemen nire proposamena: Liburuaren Egunean larrosak oparitzen ahal ziren, ohiturak dioen bezala, eta ez edozein lore, joan den astean Iruñean ikusi genuen bezala.