“Nafarroako antzerkigintzaren egoitza historikoa da Erriberri”

“Nafarroako antzerkigintzaren egoitza historikoa da Erriberri”

Sanferminetako zoramena amaitu eta gero, lasaitasuna ahalik eta lasterrena berreskuratu nahi izaten dute askok, eta, horretarako, bi asteko antzerki jaialdi lasaia izan daiteke aukera egokia. Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdiak ezaugarri hori badu, beste askoren artean. Jaialdiaren muina diren antzezlanek ez ezik, hainbat hitzaldik, tailerrek, erakusketak eta beste zenbait ekintzak ere osatuko dute bi asteko egitaraua. Zentzumenen festatik lasaitasunarenerako jauzia.

Zergatik Erriberrin?

Nafarroako antzerkigintzaren egoitza nagusia izan delako 80ko hamarkadatik. Antzerkigintzaren programazioa Nafarroan oso eskasa zen garaian, Erriberrin maila handiko antzezlan eta antzezleak ikusteko aukera izaten zen. Jaialdi mitiko baten gisa gogoratzen da Erriberrikoa. Horrexegatik gorde genuen bertan. Nafarroako antzerkigintzaren egoitza historikoa da Erriberri.

Hamaseigarren jaialdia da aurtengoa. Nola hasi zen proiektua?

Hasieran, Erriberriko Udalaren proiektua izan zen, oso-osorik. 2000. urtean jaio zen proposamena, eta 80ko hamarkadatik zetorren jaialdiari segida ematea zen helburua. 2004an, Baluarte aretoak martxa hartu zuenean, Erriberriko jaialdiaren egitarauaren zati bat hartu zuen bere gain. Ordutik aurrera, Nafarroako Gobernuaren jaialdi bihurtu zen. Finantzaketari dagokionez, 400.000 euro inguruko kostua du jaialdiak. Aurrekontua %100 Nafarroako Gobernuak jartzen du.

Eguna aldatu zuten 2005eko jaialdirako.

Kultura Departamentuak eta Artea Zabaltzeko Sailak antolatutako ekitaldi guztien kokapen logiko bat lortzeko erabaki genuen eguna aldatzea, hainbat jaialdik bat egin ez zezaten. Horrela, Erriberriko jaialdia, Cultur eta Lizarrako antzinako musikaren jaialdia lotu ahal izan genituen, elkarri traba egin gabe. Udako egitarau kulturala indartzeko erabili genuen egun aldaketa, batik bat.

Aurreko urteetako egiturari eutsiko dio jaialdiak?

Bai. 2011n estreinatutako egiturarekin segituko dugu. Bi sail nagusi izango ditugu oholtza nagusian: Joyas de Palacio (Jauregiko Harribitxiak) eta Clásicos de Aquí (Hemengo Klasikoak). Harribitxien blokeak estatuko obra berri eta famatuen erakustokia izatea nahi du. Hemengo klasikoak, berriz, Nafarroako antzerki konpainien antzezlanak biltzen ditu. Konpainia profesionalak eta amateurrak tartekatuko ditugu.

Egitura berberari eutsita, berrikuntzaren bat edo beste sartzeko parada izan duzue.

Hala da. Bikain funtzionatu duen eskema aldatzeko premiarik izan gabe, bi berrikuntza sartzeko aukera izan dugu. Batetik, Milurteko Klasikoak izeneko atala txertatu dugu. Jende gazteak antzerkiaren mundua ezagut dezan, 90eko hamarkadan jaiotako antzezleek osatuko dute atal berri hori. Ez hori bakarrik, antzerkia erakargarriagoa izan dadin, antzezlan klasikoak gaur egungo egoeretara egokitu dituzte taularatu ahal izateko: Romeo eta Julieta-ren klasikoa reality show bat bihurtu dute. Bestalde, Martzillako Udalaren proposamenez, kohaen produkzioa aztertzeko ikastaroa antolatu dugu Martzillako gazteluan. Jaialdian beste balizko egoitzen funtzionamendua aztertzeko baliatuko dugu aukera hori.

Berrikuntzak alde batera utzi gabe, euskarazko edo ingelesezko antzezlanak txertatzeko aukerarik ez al dago?

Euskaraz ia ez dago antzerki klasikoa egitera animatzen diren konpainiak. Ingelesari dagokionez, oraindik ez dugu egin antzezlanetan azpidatziak sartzeko urratsa. Ingelesezko konpainia bikainak daude, baina Erriberriko jaialdia kalean egiten denez, ez zaigu agertoki egokiena iruditzen mota horretako antzezlanentzako, oraingoz behintzat. Ikusmen edo entzumen arazoak dituztenentzat, bai, prestatu ditugu antzezlan bereziak.

Cervantesekin hasiko duzue jaialdia.

Harribitxien blokea osatzen duten konpainiei jaialdiko egun indartsuak, hots, ostirala eta larunbata gordetzen dizkiegu. Maila handiko antzezlanak ditugu aurten: Nikolas Makiaveloren El Principe, La Discreta Enamorada, Las Alegres Casadas, besteak beste. Hala ere, Kixotearen bigarren zatiaren urteurrena betetzen denez, egoki iruditu zitzaigun Entremeses de Cervantes antzezlanarekin hastea jaialdia. Egitarauaren gainontzeko zatia konpainien agendaren arabera antolatu dugu.

Antzezlanez ez ezik, jaialdia beste hainbat ekitaldiz josita dago. Zein dira arrakastatsuenak?

Eskola magistralak bereziki dira arrakastatsuak. Balio erantsia ematen diote jaialdiari. Antzerkigintzan era profesionalean edo amateurrean aritzen direnei tresnak eskaintzea da xedea. Maila handiko antzerki zuzendariek gidatzen dituzte eskola horiek, pertsona gutxiko taldeei eskola emanez. Eskola magistralez gain, Nafarroako antzerkigintzari buruzko jardunaldiak ere egiten ditugu. Nafarroako Unibertsitateko Siglo de Oro (Urrezko Aroa) ikertzaile taldeak antolatutako zientzia dibulgazioaren inguruko maila handiko jardunaldiak dira. Aurten, emakumeak antzerki barrokoan bete duen rola aztertuko dute.

Krisiak gogor jo zuen jaialdia 2011n.

Aurrekontua %50 jaitsi ziguten. Agertoki nagusi bakarrarekin gelditu ginen, La Cava-koa birmoldatu eta gero. Dirua beti dator ondo produkzio ikusgarriak egiterakoan, baina aktore, zuzendari eta produktore askoren talentuarekin nahikoa da, askotan, antzezlan bikainak egin ahal izateko. Badirudi egoera hobetzen ari dela eta, pixkanaka, lehengo antzerkigintza moldeetara itzultzen ari garela. Hala ere, BEZa %21 da oraindik ere. Eta horrek min handia egin digu.

Zein da jaialdira biltzen den ikuslearen soslaia?

Aztertu dugunaren arabera, 30 urte inguru dituen bikotea da ikusle artean ohikoena. Seme-alabak etxean norbaitekin uzteko aukera izan, eta beste bikote lagun batekin joan ohi dena. Amateurren antzerkigintza txertatzean, beste soslai bateko jendea ere etortzen hasi da.

Aurreko urtean, zenbat ikusle izan zituen jaialdiak?

Antzezlan guztietan eserlekuen %90 inguru egon zen beteta. Sarreren salmentei erreparatuz gero, 7.000 sarrera saldu genituen, hamabi antzezlanen artean. Hor ez ditugu kontatzen ekintza osagarrietan parte hartu zutenak.

Gobernu aldaketak eraginik izango du jaialdian?

Gobernu oso desberdin batekin ariko gara, hemendik aurrera lanean. Kultura kontseilari berria nor den jakin orduko jarriko gara harekin harremanetan.

Albina Prieto (Tafallako zinegotzia): “Norberekeria bazter utz dezala PSNk”

Albina Prieto (Tafallako zinegotzia): “Norberekeria bazter utz dezala PSNk”

Behin eta berriz errepikatu du. "1978. urtetik naiz ni alderdi sozialistako militante". Horregatik nabarmendu du harridura, haserrea eta etsipena eragin diola PSOEren zuzendaritza batzorde federalak hartutako erabakiak. Albina Prieto (Sahagun de Campos, Leon, Espainia, 1946) duela berrogei urte baino gehiago ailegatu zen Tafallara, eta herriko udaleko zinegotzi sozialista da. Alderdiak behin-behinean kanporatu du, Juan Jose Martinez kidearekin batera, biek EH Bilduren udal gobernuan sartzeko urratsa egin eta gero. Behin betiko erabakiaren zain dira orain, eta egunotarako espero dute. Argi utzi dute biek aurrerantzean ere zinegotzi izanen direla.

"Sekula ez nuen pentsatu halakorik gerta zitekeenik; PSNk bide beretik jarraitzen badu, hutsaren hurrengo bilakatuko gaitu. Ideia sozialistei eman beharko lieke alderdiak lehentasuna, eta norberekeriak bazter utzi. Argi dut PSNn badela alderdiari onik egiten ez dion jendea, eta jende horrek alde egin beharko luke".

Argi eta garbi mintzatu da Prieto PSNko zuzendaritzaren jarduerari buruz; eta argi eta garbi erran du, halaber, udal gobernuan sartzeko erabakiak Tafallako PSNren udal batzordearen babes ia erabatekoa izan duela. "Gu behin betiko kanporatzeak Tafallako PSN desegitea ekarriko luke", ohartarazi du zinegotziak. Juan Jose Martinez da Tafallako sozialisten idazkari nagusia, hain zuzen ere. Prieto ere zuzendaritza batzordeko kidea da.

"Iparra galduta dabil PSN arlo anitzetan. Gaizki egindakoak erranen ditut. Ez naute isilduko", erantsi du zinegotziak. Minduta dagoela onartu du Prietok. Uztailaren 1ean, txostena ireki zien alderdiak hari eta Martinezi. "Guri ez ziguten deus erran; PSNko inork ez gintuen deitu Iruñetik; hedabideen bidez izan genuen hartutako erabakiaren berri; ez genuen horrelakorik merezi", azaldu du.

Bere txostena Madrilera bideratu zuen PSNk, eta, ondorioz, uztailaren 3an, burofax bat igorri zien PSOEren zuzendaritza batzorde federalak. "Hilaren 7an jaso nuen nik; eta hurrengo egunean nire alderdikideak; hamar eguneko epea eman ziguten zuzenketak aurkeztu ahal izateko. Iruñean auzi hau martxan jarri izan ez balute, Madrilen ez lukete deus egin izanen". Beren burua defendatuko dutela nabarmendu du Prietok, eta abokatuen esku dagoela auzia.

"Aurrera egin"

"Joandako urak, indarrik ez". Horixe uste du Prietok, eta halaxe nabarmendu du: "Garai hagitz txarrak bizi izan ditugu; gure alderdikideen hiletetara joan behar izan dugu; nire semea ere PSNko zinegotzi izan da herrian, eta bizkarzainarekin ibili behar izan du, batetik bertzera. Hori hor dago, gogorra izan da, eta ez dugu bertzerik gabe ahaztuko; baina aurrera egin behar dugu. Bertze erremediorik ez dugu. Ezin gara beti atzera begira egon. EH Bilduk alkatetza du 2.000 herritarrek baino gehiagok botoa eman ziotelako. Koalizioa legezkoa da, eta hori errespetatu egin behar dugu. Kito".

Tafallako Udalean EH Bilduk du alkatetza, zortzi zinegotzirekin. UPNk lau ditu; Iniciativa por Tafalla taldeak bi, eta bertze bi PSNk. Ezkerrak, berriz, bakarra. "EH Bilduk talde guztioi egin zigun udal gobernuan sartzeko gonbita; UPN bakarrik gelditu da kanpoan", azaldu du Prietok.

"Tafallaren alde lan egiteko erabaki genuen sartzea; guk ez diogu EH Bilduri txeke zuririk eman, eta gauzak gaizki egiten baditu, eskatuko dizkiogu kontuak, eta hartuko ditugu hartu beharreko erabakiak, gure kontzientziaren arabera", erantsi du.

Herritarren eta udaleko bertze taldeen babesa jaso dutela nabarmendu du Prietok, eta hori dela garrantzitsuena. "Herritar anitzek ere harriduraz hartu dute gertatzen ari dena. Herritarren alde ari gara, eta haien babesa badugu; ongi ari gara". Egoera, nolabait, normalizatu egin behar dela gaineratu du. "Tafalla ez da bakarra izanen; ziur naiz bertze hainbat herritan ere PSNk parte hartuko duela EH Bilduren udal gobernuetan; denak kanporatuko gaituzte, orduan?", galdetu du Prietok; erantsi du taldeen arteko harremanak normal-normal hartzeko ordua dela.

Ildo horretan, aspaldiko garaiak ere ekarri ditu gogora Tafallako zinegotziak. Gizarte Ongizaterako Sailaren ardura du oraingo udalean, eta sail horren eskutik hasi zen, hain zuzen ere, gizarte kontuetan lanean, Tafallan. "Herri Batasuna zegoen orduan udaletxean; Gizarte Ongizaterako Saila ezarri zuten, eta talde horretako zinegotziak eman zidan lan egiteko aukera. Autoarekin ibiltzen nintzen, etxez etxe, bakarrik ziren herriko zaharrei jatekoa eramaten".

Aspaldi hasitako bidean urratsak egiten jarraitu nahi du Prietok. "PSNren barruan, edo bertze izen batekin, baina nire ideia sozialistei uko egin gabe". Alderditik at sentitzen da. Eta horrek amorratzen duela aitortu du. Eutsi dio, ordea, hartutako erabakiari.

Idoia Fernandez: “Ezin dira ordaindu kalte emozionalak”

Idoia Fernandez: “Ezin dira ordaindu kalte emozionalak”

Esakoa du familia Idoia Fernandezek (Iruñea, 1977). Hango Lasaitasuna urbanizazioan etxea erosi zuen duela zortzi urte. Baina galdu egin du. 2013an urbanizazioa hustu behar izan zuten, Esako eskuineko magalean lur mugimendua izan eta gero. Ezin izan da itzuli. Ebroko Ur Konfederazioarekin desjabetze akordioa sinatu dute bizilagunek, baina hurrengo urtera arte ez dute kalte-ordaina jasoko.

Ia bi urte eta erdi joan dira etxetik alde egin behar izan zenuenetik. Gogorra izan da hilabeteotako ziurgabetasuna?

Oso gogorra. Batez ere ezin izan dugulako aurrera egin. Zain egon behar izan dugu. Behin-behineko neurria zela esan ziguten, etxetik alde egin behar izan genuenean. Itzuli ahal izanen ginela. Baina azkenean etxerik gabe gelditu gara.

2013ko lur mugimendua gertatu zenean, zegoen arriskuaz ohartzen zineten?

Ez. Lur mugimendu handi hori gertatu baino lehen, agertu ziren pitzadurak. Ez genekien zerk eragiten zituen. Ezkerreko magalari so egiten genion, eta uste genuen ez zela mugitzen ari. Baina ez ginen ohartzen gure etxe azpiko lurra, bai, mugitzen ari zela. Luizia gertatu eta gero, egun batetik bertzera alde egin behar izan genuen. Erabat jokoz kanpo gelditu ginen. Hori izan zen okerrena, ez genekiela zer gertatzen ari zen.

Bazenuen, hasieran, itzultzeko esperantza?

Egia esan, ez. Geologo bat kontratatu genuen, eta argi esan zigun ezin izanen ginela itzuli. Ez zela segurua. Ez nuen inolako esperantzarik.

Akordioa sinatu duzue jada Ebroko Ur Konfederazioarekin. Kontent?

Kontent nago, akordio hori nolabaiteko konponbidea delako. Baina egindako kaltea hor dago, eta hori ezin izanen dugu ahaztu. Etxetik atera behar izan genuen une berean argi zegoen ezin izanen genuela atzera egin; han ezin ginen lasai bizi, hurrengo pitzadurak noiz agertuko ziren zain.

Kalte-ordaina jasoko duzue?

Bai. Bakoitzak bere etxebizitzaren ezaugarrien arabera jasoko du bere kalte-ordaina. Beste hainbat gastu ere kontuan hartuko dituzte. Baina ez dakigu noiz. Aurten ez dugu jasoko, hori badakigu. Hurrengo urtean emanen digutela esan digute, baina ez dakigu noiz. Urte hasieran izan daiteke, edo bukaeran. Auzi hau oraindik ez da amaitu. Nik ez dut borrokatzen jarraitu nahi, egia esan. Hau dena bukatzea nahi dut, eta beste lekuren batean etxea erosi edo alokatu. Kalte emozionalak ezin dira ordaindu.

Eta bitartean hipoteka ordaintzen jarraitu behar duzu?

Bai, kalte-ordaina jaso eta akordioa erabat gauzatu arte, ordaintzen jarraitu beharko dut. Bankuak hipoteka ordaintzea nahi du, eta ez zaio axola nire egoera zein den.

Etxetik alde egin behar izan zenuenetik ari zara ordaintzen?

Bai, noski. Horrek ere baldintzatu du hilabeteotako nire egoera, ez baitut aukera izan beste etxe bat erosi edo alokatzeko. Ni hilabeteotan lagun baten etxera joan naiz bizitzera. Kontua da gure bizitza planak aldatu behar izan ditugula. Esako urtegia handitzeko lanen biktimak gara, finean.

Proiektuak aurrera jarraitzen du, oraingoz. Zer deritzozu?

Esan gertatu denak balio behar du gogoeta egiteko. Guk kaltea jaso dugu, baina ez gara bakarrak. Zangozan bizi direnak, adibidez, urtegiaren mehatxupean bizi dira. Gure etxebizitzetan gertatu denak agerian utzi du, zalantzarik gabe, urtegia ez dela segurua, eta ezin dela handitu. Ebroko Ur Konfederazioak ere badaki hori. Desjabetzeekin onartu behar izan dute ezinezkoa dela.

Leitzako torrea: taberna baino gehiago

Leitzako torrea: taberna baino gehiago

Leitzako plazaren albo batean, udaletxearen eraikin handiaren parean, bada lau solairuko etxe zuri eta dotore bat. Torrea izenez ezagutzen dute herritarrek; diotenez, XIV. mendean dorre bat izan zelako bertan, gerretan behin eta berriro suntsitua, eta behin eta berriro berreraikia. Azken 22 urteetan, ordea, beste zerbaitengatik izan da ezaguna: bertan dago, 1993az geroztik, Torrea Herriko Taberna. Espainiako Auzitegi Gorenak iaz Auzitegi Nazionalak ebatzitako konfiskatzea berretsi berri du. Hego Euskal Herriko beste ehun herriko taberna bezalaxe, ixteko arrisku larrian dago Torrea.

Kanpoaldean, terrazako itzalpean, zain daude Joseba Azpiroz (Leitza, 1967) eta Juan Mari Barriola (Leitza, 1968), Torrea kudeatzen duen elkarteko presidentea eta batzordeko kidea, hurrenez hurren. Balizko itxiera batek ekarriko lukeenaz galdetuta, hasperen luze egiten dute biek. Azkenean, segundo batzuetako isiltasunaren ostean, "kolpe handia" litzakeela dio Barriolak; "umezurtz" geratuko liratekeela herritarrak, eta herria bera.

Biak ibili ziren Herriko Tabernaren sorreran, 1992an. Eraikinaren beheko solairua ukuilua zen orduan, eta han gordetzen zituen aziendak herritar batek. Urte hartan, lehen aldiz, taberna modura atondu zuten ukuilu hori, festetarako. Eta leku "aproposa" zela ikusita, eraikina erosi eta auzolanari ekin zioten orduan, urtebetez, Herriko Taberna sortu bitartean. "Sekulako auzolana" izan zela du gogoan Barriolak, "jende pila batek parte hartu" zuela egoitza txukuntzeko lanetan. Erosketa finantzatzeko 100.000 pezetako ekarpenak egin zirela gogoratzen du Azpirozek, "batzuk partikularrak, eta taldekakoak beste batzuk". Eraikinaren goiko bi solairuak saldu zituzten, etxebizitzak egiteko. Beheko bietan, Herriko Taberna zabaldu zuten, 1993ko abuztu hasieran, herriko jaien bezperan. "Behar batetik abiatuta" ireki zela dio Barriolak, "herrian bazelako kolektiboak biltzeko eta herriari berari kulturalki bizitza emateko beharra".

Ordutik, askotariko jarduerak jaso ditu Torreak. Barriolak dioenez, lokalak "ikaragarrizko bizitza kulturala" du, eta herrian antolatutako kultur ekintza guztietan parte hartzen du. Horregatik, "elkarte oso dinamikoa" dela dio, "herriari sekulako bizia eman" diona. Taberna bat baino gehiago, "herrirako erreferente" bat da, haren iritziz.

Hala, bi hamarkadatan zehar, asko izan dira bertatik pasatutako herritar eta kanpotarrak. Batzuk, tragoak hartu eta otorduak egitera. Barriolak dioenez, Torreak, tabernaz gain, "elkarte kutsua" ere izan baitu: "Baziren astero-astero afaltzera etortzen ziren kuadrillak, modu sistematikoan". Beste batzuk, antolatutako kontzertu eta jarduerak ikustera. Izan dira balio informatiboagatik joan direnak ere —"Orain gutxi Alemaniako Arte telebista izan zen gurean, erreportaje bat grabatzen, eta The New York Times-en ere atera izan da kanpoaldeko murala"—. Eta, azkenik, kuriositate hutsez gerturatu direnak, batez ere azkenaldian.

8 apellidos vascos filma izan da fenomeno horren arrazoi nagusia. Oso arrakastatsua izan da pelikula, eta arrakastak arrapaladan eraman ditu turistak Leitzara, eta zehazki, Torreara, han filmatua baita eszenetako bat. Barre egiten dute Azpirozek eta Barriolak, fenomenoaz mintzatzean, eta komentatzen dute turisten artean izan direla "pertsonaia bitxiak ere", tabernara sartzera ausartu ez baina atetik besoa luzatu dutenak, barrura argazkia ateratzeko.

Herriko Tabernaren kokapena, gainera, ez da nolanahikoa. Herriko plazan dago, herriaren erdigune eta topaleku naturalean. Mesede egiten dio herriak Torreari, eta mesede Torreak herriari. Izan ere, Barriolak dioenez, "Torrea ireki aurretik herriko plaza oso tristea zen; apenas ibiltzen zen jenderik, eta herrian bigarren mailako txokoa zen". Herriko Taberna ireki zenetik, ordea, plaza "lehen mailako" topalekua dela dio, "beti" dagoela jendea. Eta, horregatik, lokala itxiz gero "herriak asko galduko" lukeela uste du elkarteko kideak.

"Ezpata bat buru gainean"

Duela hamahiru urte hasi zen Torrearen ingurukoen amesgaiztoa. Orduan abiatu zuen Guardia Zibilak herriko tabernen aurkako operazioa. Leitzan, Torrea elkartearen goiko solairua zigilatu zuten, eta elkartearen kontuak bahitu. Ordutik, tabernaren goiko solairua erabili gabe eta kontu korronterik ireki ahal izan gabe ibili dira lanean. "Ondorioz, ezin izan dugu normal lan egin", dio Azpirozek. Azkenean, "hamahiru urtez ezpata bat buru gainean" izan ostean "ezohiko egoera bat ohiko bihurtu" dela dio Barriolak.

Azkenean, 2013ko azaroan abiatu zen 35/02 sumarioko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Iazko uztailean eman zuen epaia, eta 103 herriko tabernaren itxiera agintzeaz gain, hogei lagunentzako kartzela zigorra ere ebatzi zuen. Joan den ekainaren 18an, Auzitegi Gorenak, oro har, agindua berretsi zuen: 101 lokal ixteko agindu, eta auzipetuentzako zigorrak arindu zituen.

Erabakia "ezker abertzalearen aurkako mendekua" dela uste du Barriolak. Abokatuekin mintzatu direla dio, eta epaiak ez duela "sostengurik, delitu frogaturik ez dagoelako". Dioenez, "teoria bat elaboratu dute aurrez, eta gero hori justifikatzeko handik eta hemendik frogak hartu". Azpirozek dioenez, "ez dago epaia juridikoki defenditzerik".

Aginduta dago elkartea ixtea, baina inork ez daki ongi itxiera nola gauzatuko duten, "nonbait gauza berri bat delako". Bitartean, "tentsiozko itxarotean" igarotzen dituzte egunak Herriko Tabernaren ingurukoek. Oraingoz, erabakia jakin zenetik leitzar asko joan dira Torreara, eta askok parte hartu dute mobilizazioetan. Elkarteari babesa emateko herriko talde eta pertsona ezagunen zerrenda jendetsua ere osatu dute. Herritarrek gertatutakoa salatu nahi dutela dio Barriolak, "gerra garaitik ez baita horrelako lapurretarik izan". Eta jasotako babesaren azalpena ere badu: "Jendeak bere parte sentitzen du Torrea, norbere ekarpenez eraikitako proiektua delako".

Festak askatasunez gozatzeko bide luzea

Festak askatasunez gozatzeko bide luzea

Nahi ez duzun lizunkeria bat edo arrotz baten piropoak entzun behar izatea eraso bat da, mozkorti batek ipurdia ukitzea eraso bat da, norbaiti ezetz esateagatik irainak jasotzea eraso bat da... Horiek guztiak ohikoak dira jaietan, baina askok normaltzat jotzen dituzte. Emakume asko orain hasi dira halako jarreren inguruan ahotsa goratzen, bortxaketez edo jipoiez gaindi ere, intentsitate baxuko indarkeria oso errotuta baitago gure jendartean". Ekintzaile feminista da Zurine Altable (Iruñea, 1980). Urteak daramatza sexu parekidetasunaren alde eta indarkeria matxistaren kontra lanean, eta, iaz, sexu erasoen kontrako lantaldea osatu zuen beste bi emakumerekin batera, Gora Iruñea plataformaren barruan. "Auzoetako jaiak nahiz sanferminak askatasunez gozatzeko eskubidea" bermatzea da taldearen xedea.

Hasiera batean, hiru kidek osatzen zuten lantaldea. Sei dira orain. Kide berrienetako bat da Kai Galarza (Gasteiz, 1987). Haren irudiko, orain arteko esperientzia "oso aberasgarria" izan da parte hartzaile guztientzat: "Askotariko pertsonak biltzen gara, eta hori positiboa da, ideia eta iritzi ezberdinak parteka daitezkeelako". Lan kargarik handiena sanferminen aurreko asteetan izaten duten arren, urte osoko prozesua da haiena: "Irailean hasten gara batzartzen, eta sanferminen ostean amaitzen dugu sasoi bakoitzeko lana. Astean behin egiten ditugu bilerak, plangintzak adosteko, balorazioak egiteko, ideiak planteatzeko...", azaldu du Galarzak.

Hiru ardatz nagusi ditu lantaldearen jardunak: "Iruñeko Udalarekiko harremanak, auzoetako jai batzordeekin batera egiten dugun elkarlana, eta azkenik, sanferminetarako propio antolatutako egitasmoak". Sexu erasoen berri emateko telefono zenbakia, kontzientziazio kanpainak eta autodefentsa feminista ikastaroak dira, besteak beste, Gora Iruñearen jardunak eta hausnartze etengabeak eman dituen fruituak.

Lantaldearen sorreraren lekuko eta protagonista izandakoa da Aitziber Arriaga (Iruñea, 1984). Haren esanetan, sexu erasoen kontrako egitasmoaz gainera, parekidetasunaren aldeko ikuspuntua nagusi da Gora Iruñea osatzen duten talde eta eragile guztien artean ere: "Gure taldearen lan esparru espezifikoa sexu erasoena da, baina Gora Iruñearen barruan, beste alor batzuk ere jorratzen ditugu, jai parekideak bermatze aldera. Hainbat irizpide dira aintzat hartzen ditugunak: besteak beste, erabaki guneetan andrazkoak izatea, edota oholtzaren gainean ere emakume artisten edo emakumez osaturiko taldeen presentzia bermatzea".

Udalarekiko harremana

Sanferminetan kanpaina eraginkorrak diseinatu ahal izateko, ezinbestekoa izan da Iruñeko Udalarekin elkarlana sustatzea. Maiatzeko hauteskundeen osteko egoera eta aldaketa politikoa "lagungarriak" izanen direla uste dute Gora Iruñea taldeko kideek, baina administrazioaren jarrera aldaketa aurretik gertatu zela nabarmentzen dute. "Iaz hasi ginen udalarekiko harremanak normaltzen eta elkarlanerako bideak zabaltzen", dio Altablek. Sanferminak Berdintasunean udal taldeko kide da Gora Iruñea ere, beste hainbat elkarte, sozietate eta eragilerekin batera. "Guretzat, garrantzitsua izan zen bide hori urratzen hastea, ordura arte, administrazioaren eta herri mugimenduen arteko espazio komunik ez zegoelako. Zorionez, iazko esperientzia ona izan zen, eta aurten jarraipena eman diogu harremanari".

Oro har, udalaren jarreran "txip aldaketa" sumatu dute ekintzaile feministek. "Lehen, sanferminetan sexu erasoak gertatzen zirenik ere ez zuten onartzen; orain, berriz, salatu egiten dituzte. Iaz, adibidez, salaketa aurkeztu zuten, sexu eraso baten irudi batekin iragartzen zen enpresa baten kontra. Lan handia dago oraindik egiteko, baina urrats bat da", gaineratu du Galarzak.

Hala ere, UPNren oinarrizko politiketan ez da sakoneko aldaketarik gertatu, Gora Iruñea taldeko kideen ustez: "Aurrerapausoak egon direla onartuta ere, UPNren politikaren ildo nagusiak ez dira aldatu. Ez dugu ahaztu behar, orain arte, Iruñeko Udala alderdi eskuindar eta kontserbadoreen eskuetan egon dela, eta hori agerikoa da. Horregatik, oso albiste pozgarria da guretzat, Iruñean aldaketa politikoa hezurmamitu izana".

Oro har, administrazioak, pixkanaka-pixkanaka bada ere, iritzia aldatu izana borroka feministaren ondorioetako bat dela uste du Altablek. "Mugimendu feministak hamarkada oso bat darama sexu erasoak salatzen, eta lan horren fruituak dira orain ikusten ditugunak. Lehen gutxi batzuek bakarrik egiten genituen aldarrikapen horiek; orain, gizarte osoak onartu ditu. Sozializatu egin da arazoa".

Galarzaren arabera, indarkeria sexista "egiturazko indarkeria" da. "Gizartean errotua dagoen biolentzia mota bat da, eta herrietako jaiek, gainera, testuinguru ezin aproposagoa eskaintzen dute, halako erasoak ikusezin bihurtzeko. Horregatik, lanketa ideologiko sakona eta iraunkorra behar da, jendartearen ikusmoldea errotik aldatzeko".

Itunak eragileekin

Emakumeen askatasuna bermatzeko bidean, Gora Iruñearen lantaldeak eginiko ekarpena nabarmentzen dute ekintzaileek. Arriagaren ustez, "izugarria" da bi urteren buruan egindakoa: "Lehendik egindako lan eskerga errentabilizatu dugula uste dut. Aspaldi, ahaleginak eta bi egiten genituen hainbat alorretan, baina bakoitzak bere aldetik, eta ikusgarritasun gutxi zuen esfortzu horrek. Dena lotzeko haria falta zitzaigun. Orain, kanpaina bera egiten dugu auzoetako jai guztietan, erasoen kontrako prebentzioa eta erantzuna barnebiltzen dituen ikuspegi orokorradaukagu, eta eragileekin batera sinatutako itunei esker, gure borroka askoz eraginkorragoa da".

Autodefentsa ikastaroak eta kanpainak antolatu ditu Gora Iruñeak azken urtebetean, eta apika-apika, gizartearen ikuspegia aldatzen ari dela uste dute hiru ekintzaileek. "Hala ere, asko dugu oraindik egiteko", gehitu du Altablek. "Erasoak, nahiz eta intentsitate baxukoak izan, salatu egin behar dira. Eta jaietan olagarro lerdetsu bat hurbiltzen bazaigu, ez dugu zertan alde egin. Espazioa gurea ere badela frogatu behar dugu, eta guztion artean, jarrera horiek agerian utzi, erasotzaileak izan daitezen alde egiten dutenak".

Jaietan ere, ezetza beti ezetz

Jaietan ere, ezetza beti ezetz

Festak denok gozatzeko dira: bai gizonek eta bai emakumeek; edozein drogaren kontsumoak ez du erasoa justifikatzen; edonor bere gorputza erakusteko librea da, eta hori ez da hari erasotzeko edo hura biluzteko aitzakia; festetan, ezetza beti da ezetz". Aholku horiek eta beste asko jasotzen ditu Iruñeko Udalak argitaratu berri duen gidak, beste hainbat kolektiborekin elkarlanean. Patrikan aise gordetzeko formatuan argitaratu dute, eta arduradunek uste dute "oso erabilgarria" izan daitekeela sanferminetan sexu erasoak saihesteko.

Kanpaina zabalago baten parte da gida hori. Eraso sexistarik gabeko jaien alde izeneko egitasmoa iaz jarri zuen abian Udalak, Sanferminak Berdintasunean talde eragilearen bitartez. Eta estreinakoz, Iruñeko espektro politiko osoa ados jartzea lortu zuten proiektuaren sustatzaileek. Izan ere, Sanferminak Berdintasunean taldearen parte dira Emakumearen Udal Kontseilua, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen plataforma, Gora Iruñea, UGT, Biktimen Arretarako Nafarroako Gobernuaren Bulego Juridikoa, Iruñeko Udaleko hiru alor (Gizarte Ongizate eta Berdintasuna, Hezkuntza eta Kultura, eta Hiritarren Segurtasuna), Emakumeen Arretarako Udal Zerbitzua, bai eta udal talde politiko guztiak ere, EH Bildutik UPNra.

Batasun hori irudikatze aldera, Nafarroako hedabideei ere gonbita egin die Sanferminak Berdintasunean lantaldeak. Iaz bezalaxe, argazkia egin dute herrialdeko komunikazio talde guztietako ordezkariek (tartean, BERRIAk eta Nafarroako Hitza-k); aurtengoan, alta, kazetari eta argazkilariez gainera, festari lotutako hainbat ofizio ere islatu nahi izan dituzte kanpainaren arduradunek. Hortaz, kanpainaren mezua bere egin dute Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideek, txistulariek, atabalariek, entzierroko medikuak, La Pamplonesa bandako musikariek, peñetako kideek edota dantzariek.

"Iaz, hedabideen argazkiak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, eta bolo-bolo ibili zen sare sozialetan. Irudia oso indartsua zen, sexu indarkeriaren aurkako batasuna ezin hobe irudikatzen zuelako", azaldu du Sanferminak Berdintasunean taldeko arduraduna den Pilar Mayok. "Aurten, antzeko zerbait egin nahi izan dugu, baina pauso bat harago emanez, festaren ohiko elementuak gehitu dizkiogulako. Argi utzi nahi izan dugu sanferminek aisialdirako abagune izan behar dutela, baina denontzat, emakumeentzat nahiz gizonentzat. Emakumeak objektu gisa aurkezten dituen jai eredu hori baztertzea da gure helburu nagusietako bat".

Horretarako, kontzientziazio kanpainaz eta informazio gidaz gainera, aholkularitza puntu bat ere paratuko du Sanferminak Berdintasunean taldeak uztailaren 6tik aitzinera. Jaiaren bihotzean jarriko dute, gainera: Gazteluko plazan; gizarte langileak eta bestelako profesionalak izanen dira goizez eta arratsaldez, sexu erasoei buruzko informazioa eta aholkuak eskaintzen.

Informazioa jasotzeko

Taldeko kideen esanetan, ordea, sanferminetan zabalduko dutena ez da biktimak artatzeko edo salaketak aurkezteko gunea izanen, "horretarako beste bide batzuk daudelako; zuzenena, 112 telefonora deitzea". Indarkeria matxistaren kontra existitzen diren baliabideei buruz hitz eginen dute informazio guneko profesionalek, eta aukera eskainiko dute, era anonimoan, erasoen berri emateko, "informazio hori oso baliagarria izan baitaiteke etorkizuneko egitasmoak eta estrategiak prestatzeko".

Gazteluko plazako informazio gunea zabalik izanen da hilaren 14ra bitartean, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara.

Erregimena, sarean mokoka

Erregimena, sarean mokoka

Twitter ezkerreko taldeen eta erabiltzaileen esku egon da orain arte, baina egoera hori irauli behar dugu. Boluntarioak behar ditugu, gure alderdiaren ideiak eta lorpenak zabaltzeko, eta gainontzeko alderdien mezuei kontra egiteko". Carlos Floriano PPko Antolakuntza idazkari ohiaren hitzak dira. Voz Populi aldizkariak iragan martxoan argitaratu zuenez, Florianok konfiantzazko militanteei igorri zien oharra, alderdiaren estrategia mediatikoa berritzeko eta konfrontazio politikoa sare sozialen eremura hedatzeko. Ordutik, askotariko profilak agertu dira Twitter eta Facebooken (anonimoak gehienak), baina eztabaida politikoa aberastu beharrean, sare sozialetako giroa gaiztotu egin da, irainen, mehatxuen eta gezurren lokatzean.

Nafarroan, aldaketa politikoaren aukera izan da troll zibernetikoen bazka. Maiatzeko hauteskundeen aurreko hilabeteetan sortu ziren profil horietako asko, UPNren argudioak eta leloak errepikatzeko eta, aldi berean, ezkerreko alderdien koalizio batek eraginen lituzkeen kalteez ohartarazteko.

Komunikazio politikoan aditua da Javier Dominguez kazetari iruindarra; haren aburuz, "eztabaida eta argumentazioa apurtzea" da troll baten jokabide ohikoena: "Leloak eta mantrak errepikatzen dituzte, eta, normalean, ez zaie komeni gehiegi argumentatzea; asko jota, sorgin gurpil baten gisara, eztabaida antzuetara bultzatzen dituzte gainontzeko erabiltzaileak". Jarrera hori da, Dominguezen ustez, trollen ezaugarririk garbiena. "Batzuetan, txantxa baten gisara aurkezten dituzte euren mezuak, baina ez dira erabiltzaile umoristikoak edo parodikoak; jendea manipulatzea da euren helburu nagusia".

Horren ondorioz, sare sozialetako erabiltzaileen artean mesfidantza handia sortu dela nabarmendu du kazetariak. "Duela bi edo hiru urte, egoera zeharo ezberdina zen: eztabaida gogorrak genituen sare sozialetan, baina fair play-a galdu gabe. UPNko batek eta ezker abertzaleko batek sekulako borroka dialektikoa izan zezaketen, eta handik bi egunera, kafe bat hartzeko gelditu. Orain ezinezkoa da hori, zenbait erabiltzailek egin duten distortsio lanarengatik, batez ere".

Etsipen apur bat igartzen zaio Dominguezi. Auzitara jo behar izan zuen behin, troll batek zabaldutako irainengatik. "Ez-dakit-noren soldatapekoa nintzela zabaldu zuten Twitterren, eta nire profesionaltasuna zalantzan jarri. Lan esparruan min handia eman ziezadaketen irainak ziren horiek, eta salaketa aurkeztu nuen". Epaileak, ordea, artxibatu egin zuen. "Justiziak beste alde batera begiratzen du, irainen jatorriaren arabera. Tristea da, baina hala da. Umore beltzeko txio bat egiten baduzu, berehala atxilotzen ahal zaituzte, baina edozeinek ETAren konplizea izatea aurpegiratzen ahal dizu lasai asko, eta hemen ez da ezer gertatzen".

Pasadizo hark, ordea, aukera eman dio fenomenoaren inguruan ikertzeko. "Nafarroan, bi fase ezberdinetan agertu dira troll gehienak: lehenbizikoa, iazko martxoan, eta bigarrena, aurtengo urtarriletik martxora bitartean". Bi fase horiek, gainera, gertaera politiko zehatzekin lotura zuzena dutela uste du Dominguezek: "Lehenbiziko troll eskuindarrak agertu ziren Yolanda Barcinaren kontrako zentsura mozioaren bezperan; eta azkenekoak, berriz, UPNk Garantia de Navarra izeneko kanpaina aurkeztu zuen egunetan. Horrekin ez dut esan nahi trollen sortzaileak UPNko arduradunak direnik, edo alderdiaren estrategia ofizial bat denik, baina kointzidentziak argiak dira. Nire ustea da muturreko sektore bat dela erabiltzaile hauek guztiak koordinatzen dituena".

Izan ere, troll eskuindar guztien arteko koordinazioa da Dominguezen arreta bereganatu duen beste ezaugarrietako bat: "UPNk Navarrisimo leloa aurkeztu eta bi minutu eskasera, ustez independenteak ziren erabiltzaile asko aldi berean hasi ziren #Navarrisimo traola erabiltzen. Halako koordinazio maila ez da kasualitate hutsa". Gainera, erabiltzaile faltsu horien hazkundea eta ugaritzea ere planifikatua egon dela uste du: "Enpresa handiek erabiltzen dituzten teknika bertsuak sumatu ditut trollen jardunean ere; besteak beste, egun batetik bestera milaka jarraitzaile lortzea edota, astebeteren buruan, antzeko itxura, estiloa eta idazkera duten dozena bat profil sortzea, mezu bera errepikatzeko".

Hori frogatzea, ordea, ia ezinezkoa dela onartzen du kazetariak. "Marketin politikoan eta sare sozialetan aditua den jendea dago kontu horien atzean. Batzuetan, tonto plantak egiten dituzte, baina ez ditugu gutxietsi behar. Badakite euren burua ondo babesten: identitate bat asmatzen dute, euren arrasto digitala ezabatzeko softwarea erabiltzen dute... Gainera, halako profilen atzean pertsona bat baino gehiago egon daiteke, eta, halakoetan, zaila da errutinak edo idazkera identifikatzea".

Sorgin ehiza

Askok uste zutenaren kontrara, sare sozialetako giroa ez da baretu hauteskundeen ostean. Aitzitik, okerrera egin du, eta ezkerreko hautagaien nahiz erabiltzaileen kontrako irainak eta mehatxuak ugaritu egin dira azken asteetan. "Ez nekien abertzaleen putatxoa bihurtua zinenik" edo "ETAren lagunak Iruñeko Alkatetzara iristen badira, zuek ere erantzule eginen zaituztegu" bezalako mezuak jaso dituzte zenbait txiolari nafarrek.

Eskuin muturreko trollen jazarpena pairatu duten erabiltzaileen artean daude Nekane eta Andoni —horiek ez dira euren benetako izenak, baina nahiago izan dute anonimotasuna atxiki—. Txiolari ezagunak dira biak ala biak Nafarroan, eta bakoitzak 2.000 jarraitzailetik gora dauzka Twitterren. "Profil faltsuek azken hilabeteotan izan duten bilakaerak ongi islatzen du UPNren etsipena. Hasiera batean harroxko zebiltzan, oldarkor, baina hauteskundeen ostean, gogortu egin dituzte euren erasoak, ezintasunak jota. Eskuinak pentsatzen zuen aginteari eusteko aukerak izanen zituela, baina aldaketa errealitate bat zela ikusi dutenean, irainekin eta mehatxuekin erantzun dute", azaldu du Nekanek.

Joseba Asiron, Uxue Barkos eta Laura Perezen gisako hautagaiez gainera, txiolari ezagunenak izan dira eskuindarren jo-puntuan: "Gure kontra denetarik esaten dute, baina jazarpena ez da horretara mugatzen. Jakin badakigu guri buruzko informazioa biltzen ibili direla han-hemenka, hori gure kontra erabiltzeko. Sorgin ehiza izan da", gaineratu du Andonik.

Besteak beste, aspaldiko mezuak kopiatzea eta arma gisa erabiltzea izan da erregimenaren aldeko erabiltzaile batzuek erabili duten taktika. Ainhoa Aznarez (Podemos Ahal Dugu) parlamentuko presidente izendatu zuten momentuan, adibidez, haren kontrako erasoak gogortu egin ziren sarean, iazko sanferminetan ateratako argazki baten kontura. BERRIArentzat idatzitako txio batean argitaratu zen argazki hori, eta, bertan, garagardoa edaten ageri zen Aznarez, edalontzia erabili gabe. Sare sozialetan jaiotako afera hark, gainera, hedabideetara egin zuen jauzi, eta El Mundo egunkariak ondoko lerroburua jarri zion argazkiari: Horrela prestatzen ditu sanferminak Nafarroako Parlamentuko presidente berriak.

Andoni erabiltzailearen irudiko, Aznarezen kontrako jazarpena "gerra zikina" izan zen, baina ez da kasu bakarra, joera baten azken adibidea baizik: "Gutako askoren mezu zerrenda osoa norbaiten ordenagailuan kopiatua egonen da seguruenik. Madrilen, [Guillermo] Zapata zinegotziari gertatu zaion bezala, gutxien espero dugun momentuan azaleratuko da gure txio zaharren bat".

Turuta hotsen deiadarra

Nekaneren arabera, armada baten gisara ibiltzen dira trollak Nafarroan; denak batera, turuta hotsen erritmora. "Iazko Europako hauteskundeak inflexio puntua izan ziren eskuineko alderdientzat. Sare sozialak ezkerreko indarren gotorleku zirela antzeman zuten PP eta UPNko buruek, eta, ordutik, etengabe ari dira troll berriak sortzen, jendearen iritzia bairatzeko". Twitterren izaera askea izan da, txiolari nafarraren irudiko, estrategia aldaketa horren arrazoi nagusia: "Stablishment-aren gezurrak eraisteko tresna bikaina da Twitter. Espainiako edo Nafarroako gobernuek gezur bat esan eta handik ordu gutxira, diskurtsoa desmuntatzen zien txiolari talde batek. Hemeroteka erraldoi baten rola bete dute sare sozialek, eta erregimenak ezin izan du hori onartu".

Ironikoki, adierazpen askatasuna aldarrikatzen dute troll eskuindarrek, erasoak justifikatzeko. "Bildu-ETAren erregimen berriak ez gaitu isilduko!", txiokatu zuen berriki profil horietako batek. "Bitxia da askatasunaren bandera astintzea, nork eta haiek, hainbat txiolari zelatatzen gaituzten horiexek!", dio Andonik.

Eskuinaren barruan, ordea, bada estrategia horrekin bat egiten ez duenik ere. "Gure belarrietara heldu da PPko buruzagi batek errieta egin ziola alderdikide gaztetxo bati, halako txio iraingarriak zabaltzeagatik. Finean, euren teilatuaren kontra harrika ibiltzea da hori, ustez babestu nahi duten alderdiari kalte egiten diolako halako diskurtso erasokorrak. Hausnarketa egin beharko lukete, ez ote den errentagarriagoa euren produktua ongi saltzea, besteen kontra mokoka ibiltzea baino", gaineratu du Nekanek.

Sare sozialak guda leku bihurtu izanak, gainera, beste albo kalte bat izan du: zenbait txiolariren erretiratze behartua. La Txistorra de Navarra taldeak, adibidez, Twitter kontua itxi zuen, erasoen ondorioz. Andonik eta Nekanek, ordea, argi dute: "Sare sozialak utzi? Ezta pentsatu ere. Hori da eskuinak nahiko lukeena. Eta ez diegu garaipen hori emanen".