Borondateak josteko eguna

Borondateak josteko eguna

Eskuak lotzetik borondateak jostera. Giza katea osatzetik plazak nahiz estadioak betetzera. Aldarrikatze hutsetik, gauzatzeko bidean lehen pausoak ematera. Erabakitzeko eskubidearen aldeko deiadarrak elkartu zituen iaz Iruñea eta Durango; igandean, aldarrikapen horren gauzatzea irudikatuko dute milaka eta milaka lagunek Bilbon, Donostian, Gasteizen, Baionan eta Iruñean, hautetsontzi erraldoiak eraikita. Giza katearen kontzeptua gainditu eta urrats bat harago egiteko borondatea agertu du Gure Esku Dago dinamikak, bost hiriburuak aldarrikapen beraren epizentro bihurtuz.

Iruñean, zezen plazak hartuko du igandeko ekitaldi nagusia. "Ezustez beteriko jaialdi ikusgarria" izanen dela nabarmendu zuten Gure Esku Dago-ren antolatzaileek, egitasmoaren aurkezpenean. Musika, ikus-entzunezkoak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak uztartuko dituzte agertokian, baina ez da eguneko saio bakarra izanen.

Askotariko kultur eskaintza prestatu du Gure Esku Dago-k egun horretarako, eta haurrek, gaztetxoek eta helduek gozatu ahalko dute dantzaldi, bertso saio, grafiti eta kontzertuekin.

Eguerdian, adibidez, oihal katea eginen dute parte hartzaileek. Antolatzaileen esanetan, "urtean zehar jositako borondateak" irudikatzen dituzten oihal zatiekin osatuko dute katea, eta Alde Zaharreko bost plaza lotuko dituzte: Udaletxeko plaza, Santa Ana, San Frantzisko, Burgoen plaza eta Gazteluko plaza.

Iruñean, gainera, esanahi berezia izanen du ekitaldi horrek. Izan ere, Alde Zaharra osatzen duten hiru burgoak ere harilkatuko ditu kateak: San Zernin, San Nikolas eta Nabarreria. 1423. urtean, Batasunaren Pribilegioa sinatu zuen Karlos III.a erregeak, eta hiru gune horiek hiriburu bakarrean bildu zituen. Historiaren pasarte hori gogora ekarrita, nafar guztien batasuna aldarrikatu nahi dute antolatzaileek.

Oihal katea osatu ostean, kultur ekitaldiak hasiko dira plaza bakoitzean: Santa Ana plazan, adibidez, haurren txokoa paratuko dute; San Frantzisko plazan jarritako agertoki gainera, berriz, bertsolariak igoko dira; Udaletxe plazan, dantza erakustaldiak eskainiko dituzte; eta Burgoen plazan, herri kiroletako probak; Gazteluko plazan, azkenik, grafitilariak ariko dira mihise gainean margotzen.

Horrez gainera, txarangak, kiliki eta erraldoien konpartsak, jota kantariak eta bestelako animazio taldeak ibiliko dira Alde Zaharreko karriketako giroa berotzen.

16:30ean zabalduko dituzte zezen plazako ateak, jendea hurbiltzen has dadin. Ordubete geroago hasiko da eguneko ekitaldi nagusia. Ikuskizunaren "ikus-entzunezko izaera" nabarmendu dute Gure Esku Dago-ko antolatzaileek. Aitor Merino aktoreak aurkeztuko du emanaldia, eta, harekin batera, Estitxu Fernandez, Urko Aristi, Drogas, Peio Martinez de Eulate, Mikel Goñi eta Nafarroako beste hainbat pertsona ezagun igoko dira taula gainera, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriari atxikimendua adierazteko. Ekitaldiko une garrantzitsuena, ordea, hautetsontzi erraldoiaren aurkezpena izanen da. Oihal zatiekin eraikiko dute, eta "herritarren borondatearen gauzatzea" irudikatuko du, antolatzaileen esanetan. Bukatzeko, 20:00etatik aurrera, kontzertua eskainiko dute Esne Beltza, Drogas, Petti eta Juantxu Piperra musikari eta taldeek.

Bi urteko ibilbide luzea

Igande honetako ekitaldia urrats bat gehiago izanen da Gure Esku Dago dinamikaren ibilbidean. Bi urte igaro dira lehen herri batzordeak antolatzen hasi zirenetik, eta, ordutik, asko ugaritu dira Nafarroa Garaian. Egun, 65 herri batzorde daude herrialde osoan, eta dozenaka ekitaldi antolatu dituzte azken hilabeteetan, erabakitzeko eskubidearen gainean kontzientzia pizteko.

Lehertu da UPNren burbuila

Eguesibarko demografiaren bilakaeraren grafikoan bada bat-batean arreta erakartzen duen datu bat: hamarkadetako goranzko joera pausatuan, une batez, ziztu bizian egiten du gorantz populazioaren barrak. 2001etik 2014rako tartean da hori: XXI. mende hasieran 3.413 biztanle zeuzkan udalerriak; iaz, 19.014.

Neurri gabeko hazkundeak, batik bat, Sarrigurengo urbanizazioaren sorrera eta garapenarekin du lotura, baina baita Gorraitz gunearen hazkundearekin ere. Hirigintza proiektu horiek, sarri, ustelkeriaren itzalek lagunduta etorri dira. Hainbesteraino, non denbora luzean Eguesibarrekin lotu den ustelkeria Nafarroan. Praktika horiek Josetxo Andia UPNko alkatearen dimisioa ekarri zuten 2013an, auzipetua izan —gerora absolbitua izan zen —eta alderdiak diziplina prozedura abiatu zionean. Garai horretan, Geroa Baiko Alfonso Etxeberriak hartu zuen kargua, bere koalizioaren eta PSN, Ezkerra eta Bilduren botoekin. Eta, joan den larunbatetik, alkate da berriro Etxeberria, udalbatzak hala erabaki ostean.

Hala, berretsi egin da orain dela bi urteko aldaketa, orain arte behin-behinekoa zena. Eta badu garrantzia: batetik, Eguesibar Nafarroako laugarren udalerria delako populazioari dagokionez, eta, bestetik, UPNren gotorleku izan delako azken hamarkadetan. Alderdi horren azken urteetako gainbehera, hain justu, populazioaren hazkundearen kontrako norabidean gertatu da, ia urte bertsuetan. 2007ko hauteskundeetan, kasurako, bederatzi zinegotzi eta botoen %51,33 eskuratu zituen UPNk. Joan den maiatzaren 24ko hauteskundeetan, %27 baino ez. Bozak irabazi zituzten erregionalistek, baina zortzi botoren aldea baino ez zioten atera bigarren indarrari, Geroa Bairi.

EAJk eta Zabaltzen-en bildutako independenteek osatutako koalizioak, hain zuzen ere, 2.550 boto eta bost zinegotzi eskuratu zituen joan den hauteskundeetan. Geroa Baik, hala, 2011n Nafarroa Baik eskuratutako emaitzak —1.716 boto eta bost zinegotzi— hobetu ditu, eta emaitza horiek parez pare ireki dizkiote alkatetzarako ateak Etxeberriari. Larunbateko bozketan, haren alde egin zuten Geroa Bai, EH Bildu, Eguesibar Gara (Ahal Duguren inguruko hautagaitza) eta Ezkerrako zinegotziek; hala, gehiengo osorako hamar boto batu —17 eserleku ditu udalak—, eta eskuetan eutsi dio aginte makilari.

2011n bezala, EH Bildu izan zen hirugarren indarra joan den hauteskundeetan ere: 150 boto gehiago eskuratu zituen, eta, hala, orain arteko bi zinegotziak mantendu. Haren atzetik, Eguesibar Gara hautagaitza sartu da udalean, 1.106 boto eta bi zinegotzirekin. Zerrenda horren emaitzek batez ere PSNri egin diote kalte, boto kopuruari eutsi badiote ere zinegotzi bat galdu dutelako sozialistek. PPk ere bidean galdu du orain arte zuen zinegotzi bakarra, eta, beraz, ez du ordezkaritzarik izango udal berrian. Ezkerrak, azkenik, eserleku bat galdu eta hautetsi bakarra izango du Eguesibarko Udalean.

Ustelkeriaren itzala

Hamar kontzejuk eta sei populazio gunek osatzen dute Eguesibarko udalerria. Horietako batzuk, Sarriguren eta Gorraitz, adibidez, ezagunak dira azken urteetan izandako hazkundearengatik eta jasotako populazioagatik. Horien inguruan sortutako hirigintza proiektuek 90eko hamarkadako eta XXI. mende hasierako eraikuntza burbuilaren adierazgarri nagusi bilakatu zuten Eguesibar. Eta horrekin batera ustelkeria kasuak ere agertu ziren.

2003koa izan zen sonatuena: Ignacio Galipienzo UPNko alkateak hezkuntza erabilerarako gordetako lursail bat eraikuntza enpresa bati saldu izana eta trukean komisioak kobratu izana ebatzi zuen justiziak. Galipienzok dimisioa eman zuen, eta Josetxo Andiak hartu zuen haren lekua. Hamar urte geroago, bide beretik alde egin zuen Andiak, epaileak auzipetu ostean, ustez diru publikoko 100.000 euro banku baten lehentasunezko parte hartzeetan inbertitu zituelako. Absolbitu egin zuten Andia, eta Geroa Baik jarritako helegitea ebazteko prozeduran dago orain justizia.

Ziurrenik, lotura zuzena izan dute ustelkeria kasuek UPNren gainbeheran. Jaitsiera horrek Geroa Bairi egin dio mesede, baina lehen indarra izan da, beste behin ere, alderdi erregionalista. Aldea dezente txikitu da, ordea, eta aldaketaren aldeko indarren akordioak direla medio, bukatu da UPNren hegemonia. Burbuilak, azkenean, eztanda egin du.

Alfonso Etxeberria (GBai): “Bakoitza bere tokian jarri dute bozek”

"Garai aztoratuan" lortu zuen alkatetza Alfonso Etxeberriak (Iruñea, 1965), 2013an, orduko alkate Josetxo Andiak (UPN) dimisioa eman zuenean, ustelkeria zantzuek bultzatuta. Orain, orduko aldaketa berretsi dute hauteskundeek. Eta duela bi urte martxan jarritako aldaketari jarraipena eman nahi dio Geroa Baiko alkateak.

Nola gogoratzen duzu 2013ko inbestidura?

Oso garai aztoratua izan zen, UPNko alkateen ustelkeria eta kudeaketa negargarriak erabat zipriztindu zutelako udala. Horren aurrean, gainerako talde politikoak elkartu ginen, utzikeria egoera horri buelta emateko, uste genuelako udala bidezkoa ez zen irudia ematen ari zela. Alde batetik, ilusionagarria izan zen, baina baita ardura handikoa ere, errealitate horri konponbidea eman behar geniolako.

Hauteskundeek orain arte behin-behinekoa zen aldaketa berretsi dute. Hala uste duzu?

Bai, argi eta garbi. Esan beharra dago orain dela bi urte gehiengo aurrerakoi eta ezkertiarra zegoela udalean, eta, oraingoan, gehiengo horrek gainezka egin du, babes handia lortu dutelako talde aurrerakoi eta ezkertiarrek, eta zehazki gureak, hain zuzen ere, azken bi urteetan lema eraman duenak. Ikaragarria izan da Geroa Baik jaso duen babesa: duela lau urte baino 800 boto gehiago jaso ditugu, eta, beraz, herriak azken bi urteetan egindako politikak babestu ditu. Herritarrei udaleko ateak ireki dizkiegu, eta udala kudeatzeko orduan, norabide aldaketa argia eman dugu, eta herriak ongi ulertu du. Alde horretatik, hauteskundeek bakoitza bere tokian jarri dute. Ez diegu huts egingo babesa eman digutenei.

Luzaroan, ustelkeriarekin lotu izan da Eguesibar. Zaila da itzal horren zamatik askatzea?

2003an Ignacio Galipienzo alkatearekin lehen ustelkeria kasua agertu zenetik, argi ikusi da UPNren gobernuek zein politika daramaten Eguesibarren. Galipienzok alkatetza utzi zuenean, gauzak ongi zihoazela zirudien, baina gerora ikusi zen ezetz, agintariak politika negargarrietara eta irregulartasunetara itzuli zirela. Azken urteetan, hedabideen lehen lerrora itzuli da Eguesibar, diru publikoaren inbertsio irregularrak egin direlako, agintarien gertuko enpresa pribatuei mesede eginez. Espainiako Estatuan Marbellaz hitz egin izan den bezala, Nafarroan Eguesibar izan da ustelkeria kasuek markatutako udalerria. Ustelkeriaren mapan, beti izan da puntu beltz bat Eguesibarren gainean.

Aipatzen duzun azken kasu horretan, absolbitu egin dute Josetxo Andia alkate ohia. Geroa Baik helegitea jarri dio erabaki horri. Zer espero duzue?

Justizian sinesten dugu, baina epaitegiak dioenaz harago, badakigu Josetxo Andiak lehentasunezko partaidetzak erosi zituela diru publikoarekin, non eta bere bankuan [eszedentzian zegoen], eta inori baimenik eskatu gabe. Justiziak dioena dioela, galdutako dirua izan da hori. Arduragabekeria handia izan da. Beste eztabaida bat da hori delitua den edo ez.

Gertatu dena gertatuta, nola azaltzen da UPN, oraindik ere, lehen indarra izatea?

Bada esaten duenik: "Galduta ere, ni Betis beti". Honetan ere antzera gertatzen da: jende batek ez du botoa aldatzen, nahiz eta jakin alderdi horretako agintariak herriaren interesen aurkako kudeaketa negargarria egin duela. Jende horrek agintzea nahiago dute, baskoak etortzeko beldur direlako. Guk behin eta berriro esan dugu guk ez dugula inondik etorri beharrik, ez garelako inora joan, eta mendeak daramatzagulako hemen. Bestalde, Eguesibarren Gorraizko berezitasuna dugu. Maila erdi-altuko urbanizazioa da Gorraitz, eta bertan bizi direnak, oro har, UPN eta PP bozkatzen duten kontserbadoreak dira. Hori bai, oraingoan gu [Geroa Bai] izan gara bigarren indarra.

Gorraitzek argi adierazten du Eguesibarko aniztasuna. Nola kudeatzen da halako udalerri plural bat?

Zaila da. Sarrigurenen, udalerriko populazio gunerik handienean, ongi islatzen da botoen aniztasuna. Kontzejuek presidentea dute, eta haiek esaten digute zer behar duten. Bi urte hauetan haien babesa izan dugu. Argi dago hainbeste populazio gune dituen udalerri bat kudeatzea ez dela hirigune bakarra duena kudeatzea bezain erraza, baina uste dut ongi ari garela herri guztietara iristen. Eta hobeto iristeko, talde eta elkarteen laguntza nahiko genuke, haien beharrak ezagutzeko.

Geroa Bai, EH Bildu, Eguesibar Gara eta Ezkerrak eman dizute alkatetza. Udal gobernuan ere denek parte hartuko dute ?

Akordioaren lerro nagusiak kenduta —gardentasuna, parte hartzea, era guztietako eskubideen defentsa, enplegua...—, gobernuaren osaketari dagokionez ez dugu ezer erabaki. Guk nahiko genuke denok parte hartzea, bai akordioaren bitartez edo gobernuaren parte izanda. Eta azken egoera hori lortuko ez balitz, gu prest gaude gutxiengoan gobernatzeko, baina gobernagarritasuna bermatuko duen akordio zabal baten barnean.

Ikaragarria da azken hamar urteetan Eguesibarrek izan duen hazkundea. Etxebizitzen eraikuntza neurrigabea izan da?

Eguesibarrek, Iruñearen mugakide izanda, askotan ezagutu ditu hiriaren garapen prozesuak bere lurretan. Urbanizazioen arazo nagusia zerbitzuak dira. Sarrigurengo eskolako kasua ikustea besterik ez dago: epeka egiten ari da, eta bailarako beharrak ase gabe. Beraz, bai, uste dugu gure udalerriko hazkundea neurrigabea izan dela, baina, batez ere, ez direlako hasieratik zerbitzuak bermatu. Etxebizitzak eskaini behar dira, noski, baina baita zerbitzuak ere. Ezin dugu bata eman bestea eman gabe.

Plaza bete ilusio erabakia bermatzeko

Plaza bete ilusio erabakia bermatzeko

Egia aitortuko dizut: beldurrak jota nago", esan du Jon Zirizak (Barañain, 1986), grabagailuaren argi gorria piztu den unean. Gure Esku Dago dinamikak Nafarroan duen koordinatzailea da Ziriza, eta igandeko ekitaldi handia hurbildu ahala, betebeharrak ari zaizkio pilatzen. Tartetxo bat hartu du Nafarroako Hitza-rekin solastatzeko. Bitartean, beste lau boluntario dabiltza Sarasate pasealekuko egoitzan gora eta behera, kamisetak multzoka sailkatzen, telefono deiak egiten eta azken xehetasunak lotzen.

"Data hurbildu ahala, urduritasuna areagotzen da", azaldu du barañaindarrak, sorbaldak astinduz. Ez da gutxiagorako. Iruñeko zezen plaza betetzea eta, horrez gainera, egun osoko kultur egitarau mardula osatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Iazko giza katea antolatzea baino askoz zailagoa dela uste du Zirizak: "Iazkoa ikusgarria izan zen, eta aurreikuspen guztiak gainditu genituen, baina egina dago jada. Horren kopia egiteak ez du zentzurik. Urrats kualitatiboa behar genuen, eta horixe da igande honetako ekitaldia. Iruñean, zezen plaza aukeratu genuen, eta badakigu alimaleko erronka dela hori, jendeak uste duenaren kontrara, Sadar futbol zelaiak baino ikusle gehiago har ditzakeelako. 20.000 inguru. Munduko zezen plazarik handienetakoa da".

Baina, urduritasuna ez ezik, ilusioa ere nabari da antolatzailearen begiradan. "Iaz ere, giza katea egin baino egun batzuk lehenago, antzeko azkura genuen sabelaldean, eta begira zeinen ongi atera zen hori", esan du Zirizak, irribarrez.

Barañaindarrak argi du antolakuntzan eta boluntarioen lanean sakontzea dela iazko arrakasta errepikatzeko modurik eraginkorrena. Gure Esku Dago dinamikak 65 batzorde ditu Nafarroako herri eta auzoetan, eta horiek guztiak koordinatzeaz arduratzen da herrialdeko talde eragile nagusia: "Herri edo auzo bakoitzean antolatutako egitasmoen jarraipena egitea; batzordeei laguntza, informazioa edota baliabideak eskaintzea; koordinazio lana egitea... Horiek guztiak dira talde eragilearen betebeharrak. Hilean behin, herrialdeko batzarra egiten dugu, eta hor jorratzen ditugu kontu horiek guztiak".

Aezkoa, Araitz-Betelu, Izarbeibar, Tafalla, Cascante, Tutera, Leitza, Zangoza, Ultzama, Iruñerria... Nafarroa Garai osoa ehuntzeko moduko sarea sortu dute Gure Esku Dago-ko boluntarioek, baina egitura hori kudeatzea konplexua dela uste du Zirizak: "Ez da lan samurra, Nafarroa eremu zabala delako eta populazioa oso sakabanatuta dagoelako. Hala eta guztiz ere, oso pozik gaude egindako lanarekin; Erriberan, adibidez, bederatzi batzorde sortu dira, eta parte hartzea handitzen ari da etengabe. Hasieran, ohitura falta sumatu genuen Erriberako zenbait herritan, batzordeak antolatzeko garaian batez ere, baina hango boluntarioen ilusioa hain da handia, oztopo guztiak gainditzeko gai dira".

Ilusio horren frogarik argiena da azken hilabeteetan batzordeek antolatutako ekitaldi sorta: Ehuntze egunak, hitzaldiak, aurkezpenak... "Jostunak dokumentalak arrakasta handia izan du, eta jendeari asko gustatu zaio; bestalde, Ehuntze Egunak ere oso ongi atera dira... Oro har, jende andana joan da ekitaldi horietara, eta giro ederra sortu da. Dena den, dinamika honekin ez ditugu ikusle soilak bilatzen, parte hartzaileak baizik; proiektuan sinesten duen jendea".

Izaera integratzailea

Orain arte izandako arrakastaren arrazoi nagusia Gure Esku Dago-ren "izaera integratzailea" dela uste du Zirizak. "Gure helburuekin bat egitea oso erraza da, finean, mezua oinarri-oinarrizkoa delako. Ez gara politikaz ari, ezta demokraziaz ere —eskatzen duguna erabat demokratikoa izan arren—. Eskubide bati buruz ari gara, eta eskubide horren bermatzea herritar guztion kontua da, ez alderdi edo ideologia konkretu batena".

Horregatik, balizko erreferendum batean ezezko botoa emanen luketen herritarrak ere bairatu nahi dituzte. "Independentziari baietz esanen lioketen pertsonez gain, ezezkoaren aldekoak ere inplikatu nahi ditugu. Izan ere, kontsulta bat egiteko garaian, zer-nolako zilegitasuna ematen dizu %30eko parte hartzeak? Muga hori gainditu nahi dugu, eta hori lortzen dugun heinean lortuko dugu zilegitasuna".

Alde horretatik, Kataluniako eredua "oso garrantzitsua" dela gaineratu du koordinatzaileak, baina prozesu bakoitzaren ezaugarri propioak ahaztu gabe.

Azkenik, erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean gobernuak eta gizarte zibilak elkarrekin lan egin beharko dutela dio Zirizak. "Administrazioa beharrezkoa izanen da independentziaren gaineko kontsulta antolatzeko. Gure lana da herritarren bultzada erabiltzea, administrazioak urratsak egitera behartzeko".

“UPN-koak epel hutsak dira; nabarrismo berria behar dugu”

“UPN-koak epel hutsak dira; nabarrismo berria behar dugu”

"Erreketea erreserban. Oposizioko buruzagia Nafarroan". Hori irakur daiteke Dino Altavezen Twitter kontuko biografian. Parodia, ordea, errealitateari gailendu zaio, eta sare sozialetako izar bihurtu da fikziozko falangista karpetobetoniko hori.

Larunbatean, EH Bilduren kontrako elkarretaratzea egin zuen nafar eskuinaren sektore erradikalenak Iruñean. Pozik?

Bete beharreko zenbait irizpide eman nituen arren, manifestazioa erabat espontaneoa eta arrakastatsua izan zen. Ehunka herritar zintzo bildu ziren baleztenatarren etxearen ingurumarietan, hurrengo altxamendu nazionalaren pizte alaitsua izan litekeen ekitaldian parte hartzeko. Eta prentsa gorri eta abertzalearen boikotak ezin izan du hori geldiarazi. Neska-mutikoek, gazte eukaristikoek, familia ugaritako ama bihozberek eta goizetik gauera lan egiten duten beharginek argi esan dute: haiek ez zioten Bilduri botoa eman, eta, beraz, ez da bidezkoa ikastolakume handikote hori alkate izatea. Egungo demokrazia akastuna bidegabea da. Hauteskunde Legea berrikusi beharko dugu, halakoak errepika ez daitezen. Lagun ditudan epaileek esana didate: "Dino, lehen ez ziren halakoak gertatzen...".

Manifestazioan parte hartu zuten batzuei 25 euro pagatu zitzaizkiela argitaratu da. Ados al zaude horrekin?

Argi dago mundu honetan ezer ez dela doan ateratzen, ezta kontsignak ere. Dena dela, azpimarratu behar dugu deiadar patriotikoak naturalki sortzen zaizkigula erraietatik, gu guztion bihotz foral eta espainoletik. Gaur, Nafarroa osoak ozen egiten du oihu: "¡Asiron, tu eres español!" [Asiron, zu espainiarra zara!].

Baina Asiron alkate da jada. Zer eginen duzu hemendik aurrera?

Esan dudan bezala, handikote horrek ez du inongo zilegitasun politikorik, eta herritar guztiak barnetegira eraman nahi gaituen gutxiengo gaizkile bat ordezkatzen du soilik. Eginen dudan lehenbiziko gauza izanen da harekin batzartu, eta aurpegira esanen diot Uztailak 18 mugimendua hasi besterik ez dela egin. Udalaren osoko bilkura guztietara joanen naiz nire lantaldearekin: Paternako Kaudilloa, Leticia Sabater —administrazio lanetan—, baleztenatarrak eta Pancha Navarrete. Entzunen gaituzte. Gure aldarria izanen da: Bildu, condena o vas a la trena [Bildu, gaitzetsi ezean, kartzelara zoaz].

Helduko al da apokalipsia?

Apokalipsia hemen dugu jada. Sakanako gulagera eramanen gaituzte; itzuli dira txekak Erriberara eta sobietak Txantreara; Errepublika Independentea aldarrikatu dute Vianan; eta Tuteran, hasiak dira gurutzeak erretzen. Datorren astean, Nicolas Maduro eta Evo Moralesen bisita espero da Nafarroan; eta Ipar Koreako ordezkaritza batek NUPeko Telekomunikazio Ingeniaritza Fakultatea ikuskatzea espero da... Morrosko sendoak beharko ditugu, kaosean ordena ezartzeko. Entzun dezaket jada Artaxoako 40en ra-ta-ta-ta-ta hori...

Javier Esparzaren eta Sergio Sayasen dimisioa eskatu duzu...

Navarrisimo-k ez du adorerik eta ez anbiziorik izan; ez du harremanik estutu PSNrekin, Ciudadanosekin, PPrekin, UPDrekin, Voxekin, ezta Falange y Tradicion-ekin ere. Bere misio loriatsuan porrot egin du. Sergio Sayasek ere, Navarrisimo-ren komunikazio kanpainaren arduraduna zen heinean, huts egin du. Indarra eta oldarkortasuna falta izan zaizkio. Biek ala biek dimisioa aurkeztu beharko lukete lehenbailehen, eta bidea eman Uztailak 18 mugimenduari, kaosa eteteko gai den alternatiba bakarrari.

Oposizioko lider gisa ikusten al duzu zeure burua?

Odol berria behar dugu; freskotasuna eta benetako nabarrismoaren dosi batzuk, hau da, molde zaharreko nabarrismo berritua eta gogortua. UPNkoak epel hutsak izan dira, eta jendeak zigortu ditu horregatik. Ni sarituko naute. Bihozkada loriatsu batek esaten dit Nafarroako politikagintzaren pasarte garrantzitsu askoren protagonista izanen naizela.

Oihartzun handiko kanpaina egin duzu AHTaren alde. Kolokan al dago azpiegitura hori?

Nazka-nazka eginda nago txakurtxistu zarpail saldo batek Nafarroako lan publiko onuragarri guztiak geldiarazteaz. Txu-txu gutxiago eta xanpu gehiago! Begien bistakoa da Los Arcosko zirkuituaren eta Navarra Arenaren gisako azpiegiturek ekarri diguten aberastasuna eta garapena. Orain, AHTaren kontra daude, azpiegitura horrek Europarekin lotuko gaituelako eta pairatzen dugun bakartze honetatik aterako gaituelako. Leizeetan bizi nahiko lukete haiek, baina porrot eginen dute. Eraikuntza enpresetako nire lagunekin hitz eginen dut, eta beste azpiegitura estrategiko batzuk egiteko beharra helaraziko diet; besteak beste, Iruñea-Ezkaba metroa eta Iruritako zentral nuklearra.

Aginte makilak, ezkerrera

Aginte makilak, ezkerrera

Maiatzaren 24ko hauteskundeek, Nafarroako Parlamentuan aldaketaren aukera errealitate bihurtzeaz gain, akaso sakonagoa izan litekeen iraultza eraman dute udaletara. Adibiderako, lehen hogei udalerri jendetsuenetatik bakarra (Cintruenigo) kontrolatuko du UPNk, eta ezkerreko alderdiek hartuko dute agintea. EH Bildu da lehen indarra zinegotzi kopuruari dagokionez (297), UPNri aurrea hartuta (281).

IRUÑEA (EH BILDU)

Ezusteko handirik ezean, lehen aldiz alkate abertzale eta euskalduna izango du hiriburuak. Joseba Asironek (EH Bildu), Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra taldeen babesa ziurtatu du biharko. Hala, hamalau boto batuko dituzte aldaketaren aldeko indarrek; UPNk hamar ditu, eta PSNk, hiru.

TUTERA (EZKERRA)

1995tik hona, azken bost legealdietan izan du UPNk Nafarroako bigarren udalerriko agintea. Maiatzaren 24ko hauteskundeek, ordea, aldaketa ekarri zuten: UPN izan zen lehen indarra, baina Ezkerrarekin berdindu zuen zinegotzi kopuruan, sei lortuta. Hala, PSNren eta Ahal Duguren hautagaitzaren babesa ziurtatuko balu, Eneko Larrarte (Ezkerra) litzateke Tuterako alkate berria.

BARAÑAIN (EH BILDU)

Barañainen UPNk irabazi zituen hauteskundeak, baina zazpi zinegotzitik seira pasa zen —beherakada handiagoa da kontuan hartuta 2007an hamar lortu zituela—. Hala, aldaketarako atea ireki da: Ohianeder Indakoetxea EH Bilduko hautagaia (lau zinegotzi) izan daiteke alkate, baldin eta Geroa Bai (hiru), Ahal Duguren zerrenda (bi) eta Ezkerra-Equoren (bi) babesa lortuko balu.

EGUESIBAR (GEROA BAI)

Josetxo Andiaren (UPN) kontrako zentsura mozioaz geroztik, Geroa Baiko Alfonso Etxeberria izan da Eguesibarko behin-behineko alkatea. Oraingoan, ordea, hautetsontzietan lortu du koalizio abertzaleak agintean segitzeko babesa. UPNk jaso zuen boto gehien bozetan, baina zinegotzi bakarrera geratu zen Geroa Bai. Kargua berritu dezake Etxeberriak, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren botoak jasota.

BURLATA (BA)

Burlatan ere UPNk izan du alkatetza azken legealdian, baina egoera irauli zuten bozek: Geroa Baik eta Ahal Dugu-k babestutako Burlata Aldatuz hautagaitzak irabazi zituen bozkak, eta sei zinegotzi eskuratu zituen, EH Bilduk beste. UPN, aldiz, hirugarren postuan geratu zen. Ezustekorik ezean, beraz, litekeena da Txema Vidal BAko hautagaiak hartzea alkatetza, UPNri kenduta.

ZIZUR NAGUSIA (GEROA BAI)

Zizur Nagusian ere aldaketa zenbakiak utzi zituzten hauteskundeek: UPNk irabazi zituen (bost zinegotzi), baina lau eserleku lortu zituen Geroa Baik, eta beste horrenbeste EH Bilduk. Abertzaleen botoez gain, Zizur Elkarturik taldearen babesarekin (Ezkerra eta Ahal Dugu) nahikoa luke Jon Gondan Geroa Baiko hautagaiak UPNri agintea kentzeko.

LIZARRA (EH BILDU)

Lizarran ere boterea gal dezake UPNk biharko bozketan, EH Bilduren mesedetan. Koalizio abertzalea bigarren indarra izan zen hauteskundeetan, baina zinegotzi kopuruan UPNrekin berdinduta geratu zen, bost lortuta. Horrela, EH Bilduko Koldo Leoz izan daiteke alkate bihartik aurrera, dirudien bezala, Orain Lizarra (Ahal Dugu) eta Geroa Bairen babesa jasoko balu.

ANTSOAIN (EH BILDU)

1991tik hona, PSNk izan du aginte makila Antsoainen. Joan den maiatzaren 24ko hauteskundeek, ordea, bigarren postura bidali zuten alderdi sozialista, EH Bilduren mesedetan. Ezkerrak babesa adierazi dio koalizio abertzaleari, eta horrekin nahikoa luke Ander Oroizek alkate bilakatzeko.

ATARRABIA (EH BILDU)

Duela lau urteko nagusitasuna are gehiago zabaldu du EH Bilduk Atarrabian, bost zinegotzitik zortzira igarota. Geroa Bai da bigarren indarra, hiru hautetsirekin, eta UPNk kopuru bera du. Mikel Oteiza hautagai abertzaleak, beraz, beste indarren boto bakarra behar du gehiengo osoa lortzeko.

BERRIOZAR (EH BILDU)

Nagusitasun nabarmena erakutsi du EH Bilduk. Koalizio abertzaleak sei zinegotzi lortu ditu, bigarren indarra den PSNk (bi) halako hiru. Emaitza horien arabera, Raul Maiza izango da hurrengo lau urteetan alkate, eta boto bakar bat gehiago beharko luke gehiengo osoa eskuratzeko.

BAZTAN (EH BILDU)

Azken orduko ezustekorik ez bada, EH Bilduk aginteari eutsiko dio du Baztanen hurrengo lau urteetan, Joseba Otondoren eskutik. Koalizio abertzalea lehen indarra izan zen hauteskundeetan, eta UPNk zinegotzi kopuru bera lortu zuen, lau. Alderdi erregionalistak Geroa Bairi eskaini zion alkatetza, baina aukera baztertu zuen koalizioak.

NOAIN (ELORTZIBAR)

Ahal Dugu-ren inguruko Elortzibar hautagaitzak har dezake alkatetza Noainen, eta, hala, UPNren 16 urteko agintea bukatu. Jose Ignacio Erro buru duen zerrendak hiru zinegotzi lortu zituen, EH Bilduk bezala, eta, bi indarrei Ezkerraren botoa gehituz, nagusitasuna lortuko luke, UPN gaindituta (bost).

CORELLA (ACI)

Corellako alkatetza galtzeak pisu sinboliko handia izan dezake UPNrentzat —hangoak dira Miguel Sanz eta Alberto Catalan alderdiko buruzagi historikoak—. Alderdi erregionalista lehen indarra izan zen hauteskundeetan, baina ACI (Corellako Alternatiba Independenteak) har dezake agintea, PSNren babesarekin.

CINTRUENIGO (UPN)

Nafarroako hogei udalerri jendetsuenen artean, Cintruenigo izan daiteke UPNk agintea lortzen duen bakarra —gainbeheraren tamaina erakusten du horrek—. Alderdiak bozak irabazi zituen udalerrian, sei zinegotzirekin.

Arturo Goldarazena (EH Bildu): “UPNk garesti ordaindu du bere itsukeria”

Arturo Goldarazena (EH Bildu): “UPNk garesti ordaindu du bere itsukeria”

Tafalla eta Iruñea artean dabil egunotan Arturo Goldarazena (Tafalla, 1965). Ezusteko handirik ezean, bere sorterriko alkate izanen da, eta galtzak bete lan dabil, gobernu taldea osatzeko negoziazioetan murgilduta. Aldi berean, eskolak ematen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan. Ez du zailtasun handirik espero, ezkerreko gainontzeko indarrekin batera, aldaketaren doinua udalera eramateko.

EH Bilduk zortzi zinegotzi lortu ditu, eta UPNk, lau. Espero zenuten halako aldearekin irabaztea?

Gure arrakastak bainoago, UPNren amiltzeak harritu gaitu. Jakin bagenekien Tafallako jendeak egoera irauli nahi zuela, erakunde publikoak berritu nahi zituela, eta hori guztia kalean nabari zen. Horregatik, EH Bilduren igoera espero genuen, baina UPNk behea jo izana ezusteko handia izan zen.

Zeintzuk izan daitezke UPNren gainbeheraren arrazoiak?

Nire ustez, UPNren jarrera intransigentea izan da faktore nagusietako bat. Kontabilitate kontuetan, batez ere, bizkarra eman diete gainontzeko udal taldeei, eta jendea jabetu da horretaz. Sei zinegotzirekin, ezin diozu gizartearen gehiengoaren aurrean entzungor egin, garesti ordaintzen baita gisa horretako itsukeria. Bestalde, udalaren kudeaketa bera oso opakua izan da, hertsia erabat. Den-dena maneiatu dute udal gobernu taldeko kideek, eta ezinezkoa izan da ikuskaritza lana egitea. Oro har, esanen nuke UPNk udalaren ateak itxi egin dizkiela herritarrei.

Krisiaren kudeaketari eta aginteak eragindako higatzeari leporatu dizkie UPNk emaitza txar horiek. Ados zaude irakurketa horrekin?

Ez dut uste hori Tafallako kasuan aplika daitekeenik. Ez da erreala. Gure herrian, beste hainbat tokitan bezala, egoera ekonomikoa ez da sobera ona, baina udala ez dago itota, zorpetzearen muga ez baitugu gainditu. Langabezia tasa, berriz, bai. Handia da, batez ere gazteen artean, eta horrek, seguruenik, eragina izan du UPNren gainbeheran. Baina halako eroriko bat ez da azaltzen erraza, eta faktore asko hartu behar dira kontuan.

Eta, kontrara, zeintzuk izan dira EH Bilduren indarguneak?

Nik bi ardatz nabarmenduko nituzke, batez ere. Alde batetik, lau urte hauetan udalbatzan egin dugun lan serioa; eta bestetik, herritarren parte hartzeari eman diogun protagonismoa. Lehen ardatzari dagokionez, uste dut arduraz jokatu dugula legealdi osoan: gure printzipioei muzin egin gabe, oposizio irmoa eta gogorra egin dugu hainbat unetan, baina era berean, ez digu lotsarik eman unean uneko akordioak lotzeak, izan UPNrekin edo beste edozein alderdirekin, tafallarren mesedetan zirela uste bagenuen. Herritarrek begi onez ikusi dute jarrera hori.

Herritarren parte hartzea ere aipatu duzu...

Bai, hori izan zen gure programaren oinarrietako bat. Hauteskunde kanpainan ez genuen promesa ikusgarririk egin, egungo egoera ekonomikoan, inbertsio handiak eginen dituzula promes egiteak ez baitu zentzurik. Finean, ez dago horretarako dirurik; eta halako proiektuak, paperean itxuroso azaltzen diren arren, ez dira egingarriak. Horren ordez, printzipio argiak eskaini genituen: parte hartzea, gardentasuna eta talde lana. Ahotsa eman diogu jendeari, proposamenak egiteko garaian. Filosofia horizontala da erabat, herritarrek beraiek helarazi dizkigutelako euren beharrak, nahiak eta proposamenak. Eta hortik aitzinera, denon artean erabakiko dugu alternatiba hori eraikitzeko modua.

Gehiengo osotik zinegotzi bakarrera gelditu zarete, baina beharrezkoa izanen da itunak sinatzea, udal gobernu taldea osatzeko. Nola daramatzazue negoziazioak?

Orain arte, ezkerreko indarrekin batzartu gara: Ezkerrarekin, IT Iniciativa por Tafalla taldearekin eta PSNrekin. Hirurek ala hirurek borondatea agertu dute negoziatzeko eta gure proposamenak aztertzeko, baina gaur gaurkoz ez dugu itunik sinatu. Negoziazioak, ordea, beste zutoin bat dauka: udaleko organoen eta batzordeen banaketa. Udal gobernu taldea osatzeko elkarrizketetatik banandu nahi izan dugu karguen aukeraketa, ez dugulako negoziazioa karta-trukatze soil bat bihurtzerik nahi. Beraz, hilaren 13tik aitzinera erabakiko dugu batzordeen osaketa.

Zeintzuk izan dira zuen lehentasun programatikoak, negoziazio horietan?

Negoziazio mahaian eseri diren gainontzeko taldeei helarazi diegun lehen puntua larrialdiko aurrekontuena izan da. Izan ere, urteak daramatza UPNk aurrekontuak aurrera atera ezinik, eta hori konpondu behar dugu ahalik eta lasterren. Beraz, 2015eko behin-behineko kontuak negoziatu nahi ditugu, udal talde bakoitzaren proposamenak eta herritarrek egindako ekarpenak aintzat hartuta. Helburu hori lortzen badugu, oso mesedegarria izanen da tafallarrentzat, eta alderdiontzat ere baliagarria izanen da, 2016ko aurrekontu behin betikoen zirriborro gisa.

UPNko buruek EH Bilduren aurka zabaldutako mezuak etengabeak izan dira kanpainan. Zaila izan al da ideia horiei aurre egitea?

Ez gehiegi, jendeak naturaltasun osoz hartu baititu gure proposamenak. Guk, batez ere, ilusioa nabaritu dugu, UPNk astindu dituen mamuen gainetik, eta hori argi gelditu da hauteskundeen emaitzetan. Gizartearen zatiketa areagotu nahi izan zuen UPNk, EH Bildukoak deabruen gisara aurkeztuta. Baina kukuak oker jo dio. Beldur eta mesfidantza horiek ez dira inondik ere azaldu.

“Aldaketa inurri lana da, ez tsunami bat”

“Aldaketa inurri lana da, ez tsunami bat”

Ni ez naiz inor, kanpotik etorri eta nafarrek egin behar dutena esateko", erantzun du David Fernandez CUPeko diputatuak (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1974), norbaitek Nafarroako errealitate politikoaz galdetu dionean. Apaltasunez hitz egiten du, ahapeka ia, baina bere hizkera lasaiaren gibelean, gogoeta sakonak eta iritzi ausartak ezkutatzen dira. Iragan den asteartean, aldaketa ekonomiko-politikoaz eta subiranotasunaren dimentsio sozialaz hitz egin zuen Burlatako kultur etxean, ELA sindikatuak gonbidatuta.

Bere burua "mugarik gabeko independentistatzat" du Fernandezek. "CUPen borroka ez da inoren kontrakoa, zerbaiten aldekoa baizik. Jarrera konstruktiboa da, eta guretzat exijitzen duguna munduko beste edozein herrirentzat ere eskatzen dugu, izan Kurdistan, Tunisia edo Nafarroa".

Izan ere, subiranotasuna eta independentzia "tresnak dira" Fernandezen irudiko. Egungo egoera iraultzeko eta paradigma soziala errotik aldatzeko tresnak: "Ez dago auzi sozialik, auzi nazionala kontuan hartu gabe; eta aldi berean, auzi nazional oinarrizkoena auzi soziala da". Horregatik, Kataluniakoaren gisako prozesu politikoak "egitasmo demokratiko eta demokratizatzaileak" direla uste du, subiranotasunaren kontzeptua hiru esparrutara zabaltzen dutelako: "Subiranotasun politikoa, debekuak ezartzen dituen estatu baten aurrean; subiranotasun ekonomikoa, kapitalismo zaharkituaren kontra; eta herri subiranotasuna, elite nahiz oligarkien itzaletik kanpo".

Testuinguru horretan, Nafarroako egungo egoera politikoa "oso itxaropentsua" dela uste du CUPeko ordezkariak, aldaketa ezinbestekotzat jotzen baitu, "higiene demokratikoa lortze aldera". UPNren gobernuak —"Madrilgo eskuin kleptomanoaren sukurtsala"— herritarrei bizkarra emanda gobernatu duela nabarmendu du, eta akats horiek ez errepikatzeko aholkatu die aldaketaren aldeko alderdiei: "Ezin ditugu alde batera utzi herri mugimenduak, elkarteak, eragile sozialak... Duten garrantzia aitortu behar zaie".

Hala ere, bidea malkartsua izanen dela ohartarazi die aldaketaren alde dauden herritarrei: "Eguzkia ikusi ahal izateko, lokatza zapaldu beharko duzue, eta Madrildik ere ez dizuete lana erraztuko, Nafarroa estatu afera izan baita beti".

Hortaz, boterera igotzeko presarik ez izateko aholkatu die gobernu alternatiboa osatuko duten indarrei, "ezkerraren etsairik handiena euforia izan baita beti". Fernandezen ustez, benetako aldaketa ez da piramidearen puntatik helduko, oinarritik baizik. "Podemos-en eta enparauen arabera, agintea hartzearen ondorioz helduko da aldaketa. Behin gobernuan egonda, dena aldatuko dutela diote. Baina historiaren zamak zanpatzen du ikuspuntu hori. Zer gertatu da ezkerra agintera igo den bakoitzean? Benetan aldatu al dira gauzak?".

Horregatik, diputatu katalanarentzat, aldaketaren metafora egokiena ez da olatu erraldoi bat, inurriek pixkanaka-pixkanaka egindako lana baizik. "Ez naiz tsunamien zalea, baina bai inurri lanarena. Eta benetako aldaketa hortik etorriko dela iruditzen zait. Oinarritik egin behar dugu lan, kalean, kontzientziak astinduz eta elkarlanerako espazioak sortuz".

Ezadostasunak kudeatzen

Indar askoren arteko gobernu alternatibo zabalak osatzeko garaian, desadostasunak azaleratzea ohikoa dela dio Fernandezek. "Koherentzia tapaki bat bezalakoa da, gorputz osoa estaltzera iristen ez den tapakia. Nahiz eta saiatu, beti geldituko zaizkizu gabeziak agerian, eta horietatik sor litezke eztabaidak". Hala ere, ezadostasun horien beldur ez izateko deia egin du: "Kalitate urriko demokrazia honetan, kriminalizatu egin dugu gatazka, eta nire ustez, gatazkak, polemikak eta eztabaidak aberasgarriak izan daitezke. Benetako arazoa ez baita kontraesanak izatea, kontraesan horiek ongi kudeatzen jakitea baizik".

Eta Tafallak abestu zuen

Tafallak abesten badu, Euskal Herriak abestuko du, dio esaerak. Eta iragan maiatzaren 24ko bozetan, Tafallan eta Nafarroa Garaian (ez hainbeste Euskal Herrian), aldaketaren aldeko kanta ozen aditu zen. Beste inon baino ozenago, kasik, Zidakos ibaiaren ertzeko hirian.

Inor gutxik espero zituen emaitza horiek, alternantzia hutsaz harago, ezkerreko indarren blokearen aldera lerratu baitira Tafallako boto-emaileak. Finean, hauteskunde paisaiaren goldatzea eragin zuten bozek. EH Bildu izan zen garaile garbia, zortzi zinegotzi lortuta, eta gehiengo osotik eserleku bakarrera. 2.405 botopaper jaso zituen koalizio abertzaleak (boto guztien %40 inguru); Bilduk 2011n baino 600 boz eta bi zinegotzi gehiago. Eta duela lau urteko emaitzak, jada, "bikainak" izan ziren ezker abertzalearentzat —2007an, bina zinegotzi lortu zituzten EAE-ANV alderdiak eta Nafarroa Bai koalizioak—. Garaipenaren benetako neurria ematen du horrek.

Txanponaren ifrentzua, berriz, UPNri egokitu zaio. Nafarroako Gobernua zipriztindu duten polemikek, murrizketa bortitzek, hautagaiaren erakarmen-gaitasunik ezak eta Tafallako Udalean erakutsitako jarrera zurrunak hondora bultzatu dute alderdi erregionalista.

Guztira, 618 boto eta hiru zinegotzi galdu ditu UPNk, eta seguruenik, alkatetza ere galduko du, zortzi urteren ostean. Kolpe latza nafar eskuinarentzat, batez ere, Tafallaren izaera sinbolikoa kontuan hartuta. Izan ere, 2003-2007 agintaldiaren salbuespenarekin, erabatekoa izan da UPNren nagusigoa 1991etik aurrera, Luis Valero eta Cristina Sota alkateen agintaldi sendoek zedarrituta.

Eskuinaren blokean, PPk ere boto ugari galdu ditu: 68 tafallarren babesa besterik ez zuen jaso maiatzaren 24an (botoen %1); duela lau urte baino 188 gutxiago. Ondorioz, udalbatzatik kanpo gelditu da.

PSNk jasotako uzta ere aspaldiko txarrena izan da. 2003an alkatetza lortu zuen alderdia laugarren indar politikoa izanen da udalbatza berrian, bi zinegotzi lortuta. 2011n, hiru eserleku egokitu zitzaizkien sozialistei; eta 2007an, berriz, lau. Bi agintalditan, beraz, Tafallan zeukan babesaren erdia galdu du Maria Txibiteren alderdiak.

UPNren eta, batez ere, PSNren galerak mesede egin dio IT Iniciativa por Tafalla hautetsien zerrendari, bi zinegotzi izanen baititu agintaldi honetan (ordezkari bakarra izan du 2011tik). Ezkerra koalizioa, azkenik, estreinakoz izanen da Tafallako Udalean, zinegotzi bat lortuta.

Ilusioa pizten

EH Bildu, IT eta Ezkerra alderdien goranzko joeraren eta eskuinaren amiltzearen atzean dauden faktoreak aztertzea ez da erraza. Hauteskundeen osteko lehen agerraldian, aginteak eragindako higadura eta krisialdi ekonomikoaren eragina aipatu zituzten UPNko agintariek, emaitza kaskarrak justifikatzeko. Tafalla, ordea, ez da krisiak gehien zigortu duen herria, inondik inora; udalaren egoera ekonomikoa, txarra izanagatik, beste administrazio askok dutena baino dezente hobea baita. Gainera, UPNk aise maneiatu zituen krisiaren lehen urteak, eta 2011ko hauteskundeetan, gehiengo zabala lortu zuen. Beraz, aldaketaren arrazoia ez da soilik ekonomikoa.

Abstentzio txikiak ere zerikusia izan du udal hauteskundeetako emaitzekin. %73,05ekoa izan zen parte hartze tasa iragan maiatzaren 24an, azken urteotako altuena. Datuek agerian utzi dutenez, gainera, ezkerreko indarrek modu eraginkorrean mobilizatu zuten botoa, abstentziora jo zuten gehienak eskuineko alderdien boto-emaile ohiak izan baitziren.

Badago, baina, inkestetan eta alderdien txostenetan azaldu ez den beste faktore bat. Balantza ezkerrera mugiarazteko lagungarria izan den elementua: pertsonalismoa. Izan ere, UPNren agintaldirik egonkorrenek ezaugarri hori izan dute komunean. 1995etik 2003ra, kudeatzaile onaren irudia landu nahi izan zuen Luis Valero alkate ohiak, baina udalak dituen betebeharren gainetik irudi pertsonala lehenestea leporatu zion oposizioak. Azken bi agintalditan alkate izan den Cristina Sotari, berriz, Tafallako Barcina izengoitia jarri zioten, Nafarroako Gobernuko presidentearen jarrera pertsonalistak imitatzeagatik.

Aurtengo bozetan, berriz, Pablo Larrasoaña zinegotzia izan da UPNren alkategaia, eta hautagaitza horrek desmobilizatu egin ditu eskuineko boto-emaileak.

Koldo Leoz (EH Bildu): «UPN-k baztertu egin du Lizarra»

Koldo Leoz (EH Bildu): «UPN-k baztertu egin du Lizarra»

Jon Ordoñez / BERRIA Aita izan da, eta aurten festak beste modu batera bizi beharko ditu. Ez haurragatik bakarrik, baita, 36 urte izan arren, Lizarrako alkate izendatuko dutelako ere larunbatean. Irakaslea da berez Koldo Leoz (Iruñea, 1979), baina umeentzako jostailu didaktikoen denda bat ireki eta merkataria da orain. Fortunato Agirreren ostean (EAJ), Lizarrako lehen alkate abertzalea izango zara. Horrek baino...