Gaztetxe baten lehen urratsak

Gaztetxe baten lehen urratsak

Bihar beteko dira bi aste ehunka gaztek, Berpizten mugimenduaren ekinbidez, Iruñeko Compañia kaleko eraikin bat okupatu zutenetik. Ordutik, bertan da Iruñeko gaztetxea. Okupazioak joko politikoaren lehen lerroan jarri du gazteen lokal autogestionatuei buruzko eztabaida, eta, hori dela eta, era guztietako jarrerak azaleratu dituzte alderdi politikoek.

Nasuvinsa Nafarroako Gobernuaren menpeko enpresa publikoa da eraikinaren jabe. Hortaz, Uxue Barkosen gobernuari dagokio, azken finean, okupazioari nola erantzun erabakitzea. Joan den astean, auzia negoziazioaren bidez konpontzeko eta indarrik ez erabiltzeko eskatu zuen Ahal Dugu-k Nafarroako Parlamentuan. Ganberak, ordea, atzera bota zuen asmoa: kontra bozkatu zuten UPN eta PPk, alde EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak, eta abstenitu egin ziren Geroa Bai eta PSN. Erabakiak, beraz, gaztetxearen etorkizuna zaildu dezake.

Edonola ere, alderdien eztabaida politikotik harago, lanean jarraitzen dute gaztetxean dozenaka gaztek. Egoeraz kontziente dira, baina ez dute horregatik proiektua alboratzeko asmorik. "Hasieratik izan dugu hustearen aukera presente", dio Ibai Navarro gaztetxeko kideak, "eta segurtasun neurriak hartu ditugu, egoera hori gertatuko balitz prest egoteko". Edonola, Saioa Lekunberrik dioenez, "printzipioz ez dugu oraindik husterik espero".

Okupazioaren egunetik bertatik ari dira gazteak Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen, eta, hain zuzen ere, negoziazio horiei eutsi nahi diete, auziari konponbide bat emateko. "Elkarlanean puntu komun batera ailegatzea da gure helburua, gure proiektua garatu ahal izateko puntu batera iristea", dio Navarrok. Alde horretatik, prest daude bestelako proposamenak aztertzeko, eta ez diote aterik ixten beste lokal batzuetara mugitu ahal izateko aukerari. "Nahiz eta lekua ez izan garrantzitsuena, argi dugu gure proiektua garatzeko espazio bat behar dugula. Hori posible litzatekeen espazio bat eskainiko baligute, eta gure batzarrak onartuko balu, ez legoke arazo handirik", dio Navarrok.

Bitartean, ordea, Compañia kaleko lokalari itxura ematen jarraitzen dute. "Gure proiektua aurrera eraman ahal izateko lekua egokitzen ari gara", dio Navarrok. Egunero izaten dira auzolanak eraikinean: hezetasunak eragindako kalteak konpontzen hasiak dira; zementuz estali dituzte paretetako zuloak; eta pintatu dituzte hainbat gelatako hormak ere. Gainera, espazioa nola banatu ere aztertzen hasiak dira, lokalak izango lituzkeen erabilerak kontuan hartuz.

Eraikinaren inguruko bizilagunekin lehen harremanak egiteko ere baliatu dituzte gaztetxeko kideek lehen bi aste hauek, Lekunberrik dioenez: "Dinamika ezberdinak prestatzen ari gara, eta astero bilerak egingo ditugu bizilagunekin. Compañia kalea nahiko lasaia da, baina azken egunetan jende asko pasatu da, eta kalea okupatu dugu. Beraz, eraikin barnera sartzea da gure asmoa, eta bizilagunekin harremanak ongi lantzea". Dioenez, "denetariko" iritziak jaso dituzte orain arte: "Kexa batzuk, eta baita gauza positiboak ere". Eta, Navarrok dioenez, "kexei ahal bezain pronto eman zaie buelta, oso konkretuak baitziren". Argi du inguruko auzokideekin harreman ona izateak duen garrantzia: "Komunitate batean bizi gara; haiekiko errespetua izan behar dugu, eta haiekin batera hainbat arau adostu. Horretan gaude".

Zazpi hilabeteko bidea

Aurtengo ekainean abiatu ziren gaztetxea lortzeko lehenengo batzarrak, Navarrok gogoratu duenez: "Orain dela zazpi hilabete hasi ziren biltzen Alde Zaharreko hainbat pertsona, gaztetxe bat lortzeko. Proiektua handituz joan zen, eta azkenean kolektibo eta leku askotako jendea bildu da haren inguruan". Lekunberriren iritziz, denborarekin egitasmoa "izaera zabalagoa hartuz joan da, eta honezkero ez da Alde Zaharreko proiektu jakin bat. Askotarikoagoa da gaur egun".

Ekainetik orain arteko bidean, asteroko batzarrak egin ditu mugimenduak. Tarte horretan proiektua "zehaztea" izan da eginkizun garrantzitsuenetako bat. Alegia, gaztetxearen izaera eta helburuak definitzea. Eta, Lekunberrik dioenez ,"malgua da" proiektu hori, "egokituz doalako, ekarpen berriak gehituz". Orain, espazioa eskuratuta, "prozesua beste aro batean" sartua dela uste du gaztetxeko kideak. Eta pozik mintzo da, "askoz jende gehiago ari delako biltzen, jende berria". Horregatik, "batzar forma berri bat hartzen ari" dela uste du.

Paper gainean idatzitako egitasmo hori praktikara eramatea izango da hurrengo aste eta hilabeteetako erronka. Gaztetxea "jendarte eraldaketa sakon eta zabal baterako" tresna bilakatzea, alegia. Eta bide horretan deia egin diete gaztetxeko kideek gizarte mugimenduetako kide eta kolektiboei, "proiektuan modu aktiboan parte hartu dezaten". Izan ere, Navarrok dioenez, okupazioak "ilusio handia" piztu du herri mugimenduko jendearengan. "'Bazen garaia' da nik gehien entzun dudan esaldia".

Ikusteko dago zeintzuk izango diren gaztetxearen hurrengo urratsak. Eta ikusteke dago zein izango den instituzioen erantzuna ere. Oraingoz, Compañia kaleko eraikinean geratzeko asmoari eutsi diote, eta irmo defendatzen dute okupazioaren alde egindako hautua. Izan ere, Lekunberrik dioenez, "proiektua instituzioetatik at garatzeak autonomia ematen dio proiektuari berari". Eta Navarrok zera gehitu du: "Bada tempo kontu bat ere: ikusi izan dugu nola luzatzen diren denboran instituzioek utzitako lokalen esperientziak".

Edonola ere, eta oraingoz okupatutako lokalean geratzeko asmoa agertuta ere, argi utzi dute: espazio fisikoa ez da garrantzitsuena. Lekunberrik azaldu du kontu hori: "Oinarritzat hartu ditugun balioak gizartera hedatzea da gure helburua. Toki honetan balitz, primeran, baina batez ere proiektua garatzea da interesatzen zaiguna". Eta bide horrek, zehaztu dutenez, toki batean zein bestean, aurrera jarraituko du.

Proiektu batentzako tokia

Gaztetxe bat lau pareta baino ez lirateke, barruan egiten denagatik ez balitz. Ideia hori oinarri, edukiari eman nahi dio garrantzia Berpizten mugimenduak. Egitasmo bat prestatu du, gaztetxean martxan jartzeko. Txosten batean bildu ditu proiektu horren lerro nagusiak. Hauexek dira:

EREDU ALTERNATIBOAK

"Diruan oinarritu beharrean pertsonengan oinarritutako planteamendu sozioekonomikoak" jarri nahi ditu martxan gaztetxeak, "perspektiba ekofeministatik" abiatuz, betiere.

KULTURA ETA AISIALDIA

Kultur arloan ere eragin nahi du guneak, "herri klaseetatik abiatuko den eredu sortzailea" eta "merkatuaren logikatik haragoko kultur proiektuak" bultzatuz.

HARREMAN SOZIALAK

Harremanak sustatzeko gune ere bilakatu nahi dute gaztetxea, "komunitatean, elkartasunean eta elkarren ikasketan" oinarrituz. "Bazterketarik gabeko" eredu bat jarri dute mahai gainean.

PRAKTIKA FEMINISTA

"Jendarte heteropatriarkalari aurre" egin eta "harremanak, ardurak eta funtzioak sexuagatik, generoagatik edo aukera sexualagatik baztertu gabe" sortzea da beste xedeetako bat. Emakumeak "ahalduntzeko" espazioa ere bilakatu nahi dute gaztetxea.

EUSKARA

Gaztetxeak "euskalduna izan behar" duela uste dute gazteek, eta, "espazioan euskararen erabilera sustatzeaz" gain, haren "balio soziala mahai gainean jarri eta ezagutzen ez dutenen ikasketa prozesua erraztu" nahiko lukete.

LURRAREN DEFENTSA

"Ekoizpen, kontsumo eta bizi ereduen inguruko" hausnarketa bultzatu nahi du gaztetxeak. Era berean, egitasmo "antiespezistak" sustatuko ditu.

TOPALEKUA

Alde Zaharreko auzokideen artean "nagusi den inkomunikazioari" aurre egin nahi dio gaztetxeak, eta "elkarren babeserako praktikak" sustatu. Ideia edo esperientzien "trukerako plaza" bilakatu nahi dute gaztetxea.

HORIZONTALTASUNA

Antolaketari dagokionez, "batzorde bidezko sistemaren eta horizontaltasunaren" alde jo dute kideek. Autoantolakuntzaren eta autogestioaren beharra nabarmendu dute.

ANTIMILITARISMOA

"Estatu polizialari" eta "errepresio judizialari" aurre egingo dion eremutzat jo dute gaztetxea, "inposizioa eta indarraren logika" baztertuko dituen lekutzat.

KULTUR ANIZTASUNA

Iruñea "jatorriz eta kulturalki askotarikoa" dela jakinda, gaztetxea errealitate horren isla izatea nahiko lukete. "Aniztasun kulturala aberastasun gisara" ulertzen dute, "edozein eraso arrazista, xenofobo edo baztertzailearen aurrean antidotoa izan dadin".

BELAUNALDI ARTEKOA

"Adin guztietarako" espazioa osatu nahi dute. Garrantzia jarri dute ume eta nerabeen parte hartzean; zehaztu dute haien rola ezin dela "dekoraziora" mugatu. "Haiei eragiten dieten erabaki guztietan protagonista izan beharko lukete".

Bizitza oso bat sakelakoan

Bizitza oso bat sakelakoan

Datu hotzen atzean ezkutatzen den errealitatea agerian utzi nahi izan dute. "Eta datu hotzek diote 60 milioi errefuxiatu daudela munduan", erran du Pablo Toscok. Haietako bat da Maamun Al-Wadi siriarra. Jordaniako Zaatari errefuxiatuentzako kanpalekuan bizi da. Sakelako telefonoak konpontzeko eta saltzeko denda txiki bat du han. Telefono horietan gordetako irudien eta memoriaren zaintzaile da, neurri batean. "Errefuxiatuek dena utzi behar dute atzean etxetik alde egiten dutenean. Bizkar-zorroan sakelakoa eta kargagailua bertzerik ez dituzte sartzen", azaldu du Jorge Fernandezek. Atzean uzten dutenaren eta zain dutenaren arteko zubi bilakatzen dira gailu horiek. Haien oroitzapenen eta nortasunaren gordeleku. Telefono horiek jasotakoa baliatu dute District Zero dokumentala osatzeko, hain zuzen ere. Toscok eta Fernandezek zuzendu dute, Pablo Irabururekin batera, eta Iruñean aurkeztu berri dute.

Oxfam erakundea eta Europako Batzordea dira District Zero lanaren ekoizle, eta Arena eta Txalapart etxeek filmatu dute. "Munduko errefuxiatuen errealitatea ikusgarri bilakatzeko", nabarmendu du Fernandezek. Nahita egin diete ihes gerrak eragindako dramaren irudi gogor eta gordinei. "Gerraren errealitate hori hor dago, eta filman ere ikus daiteke, baina bertze alderdi batetik eutsi nahi izan diogu gaiari".

Errefuxiatuentzako munduko edozein kanpalekutan gerta daitekeena eraman nahi izan dute zuzendariek pantailara, hain zuzen ere. Eta, horretarako, unibertsalak diren emozioak eta sentimenduak baliatu dituzte; sakelako batean edozein errefuxiatuk gordetzen ahal dituen irudiek eragiten dituzten emozioak eta sentimenduak, alegia.

"Etxea atzean uzteak, zure herria utzi behar izateak, maite dituzun horiengandik urrundu behar izateak berdin ukitzen eta hunkitzen gaitu zu, ni eta munduko bertze puntan dagoen norbait", azaldu du Toscok. Zama hori dute District Zero dokumentalean ageri diren errefuxiatuek, eta munduko errefuxiatu guztien ordezkari bilakatzen dira: "Dena galdu dute; eta nola edo hala egin behar dute aurrera", erantsi du Toscok.

Aurrera egin behar horrek agerian uzten du errefuxiatuen ezaugarri nagusia, hain zuzen ere. "Erresilientzia. Bizitzari eusteko indar ikaragarria dute, eta kanpalekua normala ez den normaltasun esparru bilakatzen dute. Sorterrira lotuta daude, nolabait, baina bidean aurrera jarraitzen dute. Maamunek berak kanpalekuan ikasi zuen sakelakoak konpontzen", nabarmendu du Jorge Fernandezek.

Kamera jarri, eta grabatu

Errefuxiatuen egunerokoa islatu nahi du filmak. Eta, hori lortzeko, kanpalekuan bizi direnen arteko solasaldiak grabatu dituzte. Maamun Al-Wadi bilakatu dute protagonista, eta haren denda, berriz, errefuxiatuen topagune. "Guk ez dugu solasaldietan parte hartu. Ez ditugu zuzendu nahi izan. Anitzetan, bulegora ailegatu arte ez dugu jakin zertaz ari ziren. Nahita egin dugu hori; kamera jarri, eta haien arteko harremana grabatu nahi izan dugu, bertzerik ez".

"Grabatzen ari ginenaren gainean inolako kontrolik ez genuen. Kamera martxan jarri, eta ez genekien zer gertatuko zen. Eta hori da film honek duen ederrena", nabarmendu du District Zero laneko soinu arduradun Miguel Garciak.

Solasaldi horietan agerian gelditzen da egunerokoaren gogortasuna; Siriako oroitzapenak mahai gainean jartzen dituzte errefuxiatuek, atzean utzitako senideen eta tokien argazkien bidez; baina ez hori bakarrik. Jolasean ari diren edo eskolara joaten diren haurren bidez, itxaropena ere saiatzen da bere tokia hartzen kanpalekuan,

Argazkiek ere pizten dute itxaropen hori, eta irribarrea marrazten dute errefuxiatuen aurpegietan. "Batez ere, Maamunek inpresora bat erosi, eta argazki horiek paperezko irudi bilakatzen dituenean", azaldu du Fernandezek. Iruñean, filma hasi baino lehen, argazkia egin zuten zuzendariek eta lantaldeko gainerako kideek. "Maamuni bidaliko diogu, irudi hau ere gorde dezan", erran zuten zuzendariek.

Fernandezek argi eta garbi erran du: "Errefuxiatu batengana joan ginen, eta lagun bat utzi dugu han". Dokumentala egin duten pertsonentzat ere sakelakoa bilakatu da Zaatari kanpalekuan direnekin harremanetan jarraitzeko modu.

Toscok dokumentala egitera joan aurretik ezagutu zuen kanpaleku hori. "Lehendabizikoz joan nintzenean hesirik ez zegoen". Orain bai. "Han sartu eta espetxe batean sartzen ari zaren sentsazioa duzu", erran du zuzendariak. Zaatari kanpalekuan Ismael Ibrahim Albes errefuxiatu palestinarraren laguntza izan zuten dokumentalaren egileek. "Zubi lana egin zuen siriarren eta gure artean".

Iruñean aurkeztu baino lehen, Jordanian izan zen Tosco film hori erakusten. Maamun Al-Wadik parte hartu zuen aurkezpen hartan, bai eta dokumentaleko bertze protagonista Karim Rajabek ere.

Amanen egin zuten Jordaniako aurkezpena. "Hango testuinguruak ez du hemengoarekin zerikustekorik. Jordanian, ofizialki, 600.000 errefuxiatu daude. Egoerak gainezka egin du, eta sortu dira tentsioak".

Mazedonian eta Serbian ere izan da Tosco azken asteotan, errefuxiatuen bidea jarraitzen. Europako agintariek erakutsi duten jarrera kritikatu du zuzendariak. "Duintasun kontu bat da hau. Errefuxiatuekin hitz egin dut, eta inork ez du karitatetik nahi; sorterritik ihes egin dute gerrak bultzatuta. Lan egin nahi dute, haurrak eskolara eraman, ez dute oparirik nahi. Berriro diot, duintasun kontu bat da, eta Europa ez da ari ailegatzen ari diren errefuxiatuak duintasunez tratatzen".

Gerra ez da amaitu. Errefuxiatuen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Mundu osoan. Eta hori gertatzen den bitartean, gaur-gaurko dokumentala izanen da District Zero. Iruñeko aurkezpena hasi baino lehen, halaxe azaldu zien Jorge Fernandezek ikusleei: "Orain ikusi behar duzuena, gaur gertatzen ari da; eta bihar ere gertatuko da; eta etzi...". Errefuxiatuen aurpegia eta haien izen-abizenak ikusgarri bilakatu ditu dokumentalak. Haiei so egiteko.

Oinezkoentzako hiri izan nahi du Iruñeak

Oinezkoentzako hiri izan nahi du Iruñeak

Proposamena bertzerik ez da, oraingoz. Baina mahai gainean jarri du Iruñeko Udalak, eragileen eta herritarren artean eztabaidatu eta haien ekarpenak jasotzeko. Udalak hiri atseginagoa bilakatu nahi du Iruñea, eta, batez ere, lortu nahi du hiria ibiltzeko eta iristeko erraza izan dadila eta ingurumenaren alde egin dezala. Hori lortzeko, oinezkoentzako espazio bilakatu nahi ditu hiriko hainbat karrika, tartean Sarasate pasealekua.

"XXI. mendeko hiri bilakatu nahi dugu Iruñea", azaldu zuen Aritz Romeo Herritarren Segurtasunerako eta Elkarbizitzarako zinegotziak, astelehenean. Lehen eta bigarren zabalguneetako auzolagunekin bilera egin zuten udaleko ordezkariek, proiektuaren berri emateko. Auzo horiei eta Alde Zaharrari eraginen die proiektuak, nagusiki.

Iruñeko Udaltzaingoko inspektore Jesus Estangak azaldu zien bizilagunei zeintzuk diren esku artean dituzten neurriak, eta, batez ere, zein den neurri horiek hartzera bultzatu dituen egoera. Hainbat datu jarri zituen Estangak mahai gainean: 16.000 auto pasatzen dira egunean Gipuzkoako etorbidetik, 14.000 Baluarte aurretik, 12.000 Beloso aldapatik, eta bertze horrenbertze San Ignazio karrikatik; 11.000, berriz, Navas de Tolosa karrikatik eta Taconeratik. Alde Zaharrerako sarreretan ere, nabarmena da autoen kopurua: 10.000 auto pasatzen dira, adibidez, Jose Alonso karrikatik.

"Ez dira auto ilarak sortzen, baina trafiko handia dago; gehiegizkoa", argi utzi zuen Estangak. Auto gehienak ez dira zirkulazio handi hori duten tokietara joaten; handik pasatzen dira, bertze nonbaitera bidean. "Iparraldetik hegoalderako, hegoaldetik iparralderako eta mendebaldetik ekialderako bidea egiten dute auto horiek", azaldu zuen udaltzainak.

Egoera horri konponbidea eman nahi dio Iruñeko Udalak, eta, aldi berean, erakunde horrek duela hamar urte sinatu zuen akordioa betetzen hasi. 2005. urtean, hain zuzen, ingurumenaren aldeko hiri izateko konpromisoa hartu zuen Nafarroako hiriburuak, eta lehentasunak ezarri zituen hiriko erabiltzaileen artean: oinezkoak lehen postuan, garraio publikoa bigarrenean, bizikletak hirugarrenean, eta, azkenik, autoak laugarrenean. "Oraingo proiektuarekin lehentasun horiei erantzun nahi diegu", erantsi zuen Estangak.

Sarasate bulebar bihurtu

Egungo trafiko handiari aurre egiteko, eta oinezkoen alde egiteko, hiru lan esparru zehaztu ditu udalak bere proiektuan: batetik, Lehen Zabalgunea; bertzetik, Alde Zaharra; eta, azkenik, Donibane auzoan, Urdazubiko monasterioaren eta Gaztelugibelen arteko bidegurutzea. Toki horietan eragin nahi dute, zirkulazio handia duten esparru horietako trafikoa arintzeko: "Kontua da horrat joatea horrat joan nahi dutenek; ez , ordea, toki batetik bertzera bidean pasatu nahi dutenek", azaldu zien udaltzainak bileran elkartu ziren auzokideei.

Ondorioz, egungo trafikoa eragiten duen iparraldetik hegoalderako, hegoaldetik iparralderako eta mendebaldetik ekialderako zirkulazioa moztu nahi du udalak. Hori lortzeko, hainbat aldaketa eginen dituzte. Sarasate pasealekua, adibidez, oinezkoentzako espazio bilakatu nahi dute. Garraio publikoak ere izanen luke handik pasatzeko aukera. "Bulebar moduko bat sortu nahi dugu Sarasaten", azaldu zuen Romeok.

Sarasatetik hurbil, Alhondiga karrika eta Vinculo plaza ere oinezkoentzat uztea da Iruñeko Udalaren asmoa. Esparru horretan, Sarasate, Yanguas y Miranda eta San Ignazio karriken eta Oliveto kondearen etorbidearen arteko espazioan dauden aparkalekuak bizilagunentzat uzteko aukera aztertzen ari dira udaleko arduradunak, bertzeak bertze. Baluarte plaza inguruan ere oinezkoentzako espazio bat sortzea da asmoa, bai eta Basotxo karrikan ere; autoek ezin izanen dute han sartu, prestatutako proiektuaren arabera.

Alde Zaharrean ere zirkulazioa mugatzea da asmoa. Autoen joan-etorria kontrolatzeko, matrikulak irakurtzen dituen sistema bat erabiliko lukete, ibilgailuak noiz sartu eta noiz ateratzen diren jakin ahal izateko.

Azkenik, Urdazubiko monasterioak eta Gaztelugibelek bat egiten duten tokian biribilgune bat jarriko dute, mahai gainean dagoen proiektuaren arabera, egungo trafiko arazoak arintzeko.

Udaleko ordezkarien proiektua, oro har, ontzat jo zuten asteleheneko bileran parte hartu zutenek. Ez zen lehendabizikoa izan, ezta azkena ere. Udalak proiektua aurkezten jarraituko du. Asmoa da eztabaidak emanen duen proposamen zehatza garatzeko lanean hastea urtarriletik aurrera.

Auzolagunek, hala ere, hainbat kezka jarri zituzten mahai gainean. Alde Zaharrean eta inguruko karriketan dendak dituzten herritarrek, adibidez, ez dute argi udalak hartu nahi dituen neurriek zer-nolako eragina izanen duten. Autoei bidea itxita, erosleek haiengana heltzeko zailtasunak izanen ote dituzten beldur dira, hainbatek asteleheneko bileran agerian utzi zutenez.

Bertze hainbatentzat, ordea, gakoa hiria oinezkoentzat erakargarri bilakatzea da. "Lortu behar dugu jendeak oinez mugitu nahi izatea hirian, eta oinez hurbildu nahi izatea dendetara eta abarretara".

Autoak hirigunetik kanpo nahi dituztela nabarmendu zuten hainbat bizilagunek ere. Hau da, aparkatzeko ere ez daitezela hurbildu erdigunera. "Europako herri anitzetan hori ari dira egiten jada: autoak hiritik ateratzen. Guk halako erabaki bat hartu ahal izateko aurretik egin beharreko urratsa egiten ari gara orain", azaldu zuen Estangak.

Edozein modutan, udalak aurkeztu duena trafikoari buruzko proiektu bat dela nabarmendu zuten erakunde horretako ordezkariek. Proiektu horrek ekarriko du, segur aski, bertzelako txostenak egin behar izatea, hartu nahi diren neurriek inguruko karriketan, mertakaritza guneetan eta abarretan izan dezaketen eragina aztertzeko, bertzeak bertze. Horixe nabarmendu zuten udaleko kideek. Proposamen teknikoa jarri dutela mahai gainean, baina eztabaidatu beharrekoak anitz direla oraindik. Horretan ari dira.

Iritzia: Hilabeteak

Hilabeteak daramatzagu jadanik abesti berbera entzuten. Urte osoa. Batetik atera eta bestean sartu, ez dugu besterik egin. Ematen du ez dagoela besterik; gaia iraunkorki sartu da batzuon bizitzetan, eta ez dago ateratzerik.

Bai. Hauteskundeez ari naiz. Noiz hasi zen aurrekoa? Zenbat egun, aste, hilabete pasa genituen maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina egiten? Nola heldu zen aldaketa? Zenbat esfortzu egin behar izan zen? Erraza da orain horretan pentsatzea, batzuei bizitza osoa kostatu zaien eta lortu duten horri begiratzea, betikoa balitz bezala. Gauzak betikotzen trebeak garelako; memoriak ez digu eskaintza handirik egiten horrelakoetan. Horrelakoetan erraz ahazten zaigu zenbat izerdi bota behar izan zuten eta duten batzuek ditxosozko aldaketa gerta zedin. Orain, guzti-guztion ardura da eta izan behar du aldaketa horretan sakontzea, zerbait eskainiko badigu.

Erraza izaten da, behin aldaketa hori lortuta, norbera etxera bueltatu eta sofan esertzea, zer gertatuko. Telebistaren aurrean jarri eta datorrena datorrela, bata eta bestea(k) kritikatzea. Denok egiten ari gara, espero genituen gauza asko etorri zaizkigulako gainera: Haranbururen kargugabetze bidegabea, oposizioen inguruan sortu den zalaparta, ultrakatolikoak hemendik eta handik, euskarari diru-laguntza eskasak, Iruñeko gaztetxe berriaren aurrean Nafarroako Gobernuak hartu duen jarrera, izendapenekin egondako ezusteak…

Sofan eserita jarraitzen dugu, baina ikusi dugu eta ikusten ari gara nola ateratzen ari diren, indar handiz, oposizioan dauden indarrak eta haien lagun guztiak (Eliza, Diario de Navarra, Navarra Televisión…), eta badakite nola kolpatu. Badakite non eta nola jo behar duten, nola egin tanta batetik itsaso oso bat. Badakite, eta ezustean harrapatu gaituzte. Sofan gaudelako. Sofan gaudelako, nekatuta, indar gutxirekin.

Bada garaia honi buelta ematekoa. Kalean egon behar dugu, telebista itzalita eta geureari indarra emanez. Kalean. Horrela bakarrik lortuko dugu aldaketari benetako izaera ematea, bultzada.

Nahi dugun hori herritarrek erabaki eta sortu behar dugu, behetik, erabakigarritasunez. Protesta egitea erraza da; zaila dena horren alternatibak, proposamenak egitea da. Sortzea.

Lasterketa hasi besterik ez da egin. Hasi besterik ez. Igande honetan gertatuko denak, ni behintzat, itxaropen gutxirekin nauka. Orain egoera zaila bada, hauteskundeek ez dakit deus onik ekarriko duten.

Egin dezagun indar, erabaki dezagun hemen, erabaki dezagun guk geuk. Erabaki dezagun zer, nola, norekin eta nora nahi dugun. Zartakoak Madriletik etorriko direlako. Eta oraingoan ez. Oraingoan ezin gaituzte ezustean harrapatu.

“Gaur egun, Polizia inoiz baino gehiago babesten dute”

“Gaur egun, Polizia inoiz baino gehiago babesten dute”

Espainiako Estatuan izandako protesta gehienak "baketsuak" izan direla dio, irmo, Pedro Oliverrek (Balazote, Albacete, Espainia, 1962). Baketsuak, "dimentsio demokratizatzailea" duten heinean. Horien aurrean, ordea, estatuak "aurpegirik antidemokratikoena" erakutsi duela dio. Errepresioaren formak aztertu ditu Jesus Carlos Urdarekin batera, eta Protesta democrática y democracia antiprotesta lanean (Pamiela) jaso dituzte ondorioak. Iruñean aurkeztu berri dute.

Protesta demokratikoa eta protestaren aurkako demokrazia. Dualismo bat jarri duzue mahai gainean, izenburutik hasita.

Hor datza liburuaren zentzua. Espainiako Estatuan izaniko protesta gehien-gehienak baketsuak izan dira, hau da, eskubideak aldarrikatzeko osagai garrantzitsua izan dute. Hainbat historialarik Espainiako Estatuaz eginiko ikerketetan —Euskal Herriak aipatu beharrik ere ez dagoen berezitasunak ditu—, ikusi da izaniko protesta guztien %1 baino ez dela izan ez-baketsua. Eta baketsua diodanean esan nahi dut badutela nolabaiteko dimentsio demokratizatzailea, eskubide gehiago eskuratzeko borrokatzen dela. Liburuan protesten nolabaiteko genealogia egin dugu, M-15tik hasi eta atzerantz, eta ikusi dugu M-15arekin sortzen diren protestetan indarra hartu duela demokraziaren kontzeptuak gizarte mugimenduen iruditegian, ordu arte gauza lanbrotsua bazen ere. Protesta demokratikoa da barne mailan, baina baita gizartearentzako ikuspegi demokratizatzailea duelako ere.

Tituluaren lehen partea da hori. Eta bigarrena?

Kontraesana sortzen da gizarte demokratiko bat, tamalez, ez delako hori bakarrik. Gizarte demokratikoak badu inguruan armazoi egonkor bat, erregimen demokratiko modura ezagutzen duguna. Eta protesta demokratikoaren aurrean bere aurpegirik antidemokratikoena erakusten du erregimen horrek, nahiz eta paradoxikoa dirudien. Hala, demokrazia protestaren aurkako demokrazia bilakatzen da.

Zer bide ditu erregimen horrek protesten aurka jotzeko?

Hiru dira batik bat Espainiako Estatuak martxan jarri izan dituen errepresio estrategiak. Lehenengoa tipikoena da, Poliziaren legezko jarduna, istiluen kontrako polizia talde batek egiten duena. Askotan polizia ankerkeriatik gertu egon daitezkeen praktikak dira, ez badaude zuzenean horren barruan. Gizarte mugimenduen jardunak sarri agerian uzten du estrategia hori, eta estatuaren aurka itzultzen da. Orduan, estatuak errepresio "zikina" abiatzen du. Batzuetan bere jardun errepresiboa kamuflatu behar izaten du, eta mugimendu sozialetan infiltratuz egiten du hori, mugimenduen izena zikindu eta iritzi publikoaren aurka jartzeko. Eta bada hirugarren bat, aurreko bi estrategiak kaltegarriak zaizkienean abiatzen dutena: buroerrepresioa. Hau da mingarriena.

Intentsitate apaleko errepresioa ere deitu izan zaio horri.

Bai; hau da zigor sistemaren barruan zentralitatea eskuratzen ari den estrategia. Estatuarentzat onuragarria da, oinarrizko eskubideen radarraren azpitik geratzen delako. Autoritate politikoek gauzatzen dute, gobernuaren ordezkariek polizien bitartez, edota batzuetan, alkateek.

Alde horretatik dira berritzaileak mozal legea bezalakoak?

Buroerrepresioaren ideia Corcuera legearekin (1992) hasi zen zentzua hartzen, baita 1995ean PSOEk Ezker Batuarekin sinatutako Zigor Kodearekin ere. Hor hasi ziren protesten aurkako armategia prestatzen, isunen bitartez. Intentsitate txikiko neurriak dira, baina oso mingarriak izan daitezke, mugimenduetan etsipena sortzen dutelako. Halakoak beti existitu izan dira estatu liberalean. Berritasuna da, eta hori mozal legearekin are argiago ikusten da, buroerrepresio horrek erdigunea hartu duela; jada ez dago zigor sistemaren ertzetan. Orain arte, kartzela egon da erdian, eta isunak ertzetan zeuden, baina jardun errepresiboaren erdigunea hartu du orain estrategia horrek. Hori da berritasunetako bat. Bestea, are kezkagarria dena, errepresio administratiboa jurisdikzioaren kontroletik atera dutela, eta eremu ilunean utzi dute poliziaren jarduna. Indartu dute. Polizia, gaur egun, inoiz baino gehiago babesten dute.

Zein da zilegitasunaren eta legezkotasunaren arteko muga?

Hori da protesta demokratikoaren eta protestaren aurkako demokraziaren arteko dialektikaren eguneroko ogia. Egon izan diren protesta gehienak legalak izan dira. Protestatu duen jende gehienak ohiko manifestazio eta elkarretaratzeen bitartez egin du. Baina denok ikusi ditugu gauza gehiago: badira legezkotasunetik zilegitasunerako marra gainditzen dutenak, eta alderantziz. Pertsona talde bat lurrean esertzen denean eta protestarako eskubidea gauzatzen duenean zilegitasuna ematen dio estatuak berak ukatzen duenari. Demokrazia zuzeneko ekintza da hori. Kolektiboek badute zilegitasuna halako protestak egiteko, baina legezkotasunarekin talka egitean sortzen da lehen aipatutako harremana. Eta harreman hori ez da zertan bide errepresibotik konpondu, egon izan dira ere bitartekaritzaren bitartez, hitz eginez eta humanitate handiagoz konpondu direnak. Tamalez, ez da ohikoena izaten.

Zer gertatuko da mozal legearekin?

Jende askok esan du mozal legea bertan behera geratuko litzatekeela hurrengo hauteskundeen ostean PPk gobernatuko ez balu. PSOEk asko kritikatu du legea, baina esan behar da PSOE izan zela piztia inkubatu zuena, hark eman zion beroa gero jaio zedin. PPk asko erreprimitu du, baina PSOEk prestatutako lurrari esker, Corcuera legeari esker.

Azkena izan nahi du

Azkena izan nahi du

Duela hiru urte gertatu zen, 2012an. Baina, oraindik ere, "barru-barruan" du. Barru-barruan sentitzen du. Espainiako Poliziak botatako gomazko pilota batek eskuineko begian jo zuen, eta, ondorioz, ikusmena galdu zuen. Larriagoa izan zitekeela badaki. Milimetro gutxikoa dela ikusmena galtzearen eta heriotzaren arteko distantzia. Onartu du: "Gorrotoa sentitu nuen denbora luzez". Gauez, loak harrapatzen ez zuen egun haietan, mendekua irudikatzen zuen bere buruan. Amak sentimendu horiek askatu behar zituela erran zion arte. "Gorrotoak niri egiten zidan min gehien; eta ikasi nuen bazter uzten". Hunkitu egin da Aingeru Zudaire (Atarrabia, 1983) pasadizo hori kontatu duenean. Barruan duelako. Pilotakadak emandako kolpea; bai eta justizia ezak emandakoa ere. Epaitegietako bidea ez du bukatu, baina, oraingoz, Zudaire ez dute Poliziaren biktimatzat hartu. Inork ez du ardura bere gain hartu.

Justizia eskatzeko, hain zuzen ere, giza katea eginen dute bihar Atarrabian, Zudaireren sorterrian. 17:00etan abiatuko da, Udal plazatik, eta askaria eginen dute gero. Justizia eskatuko dute Zudairerentzat, bai eta Poliziaren indarkeriaren gainerako biktimentzat ere. Ez baita bakarra.

Poliziak gomazko pilotekin eragindako biktimen zerrenda luzea da. Zudaire ez da lehendabizikoa izan. Baina azkena izan nahi duela hagitz argi du. Helburu horrekin sortu dute OJO Justizia plataforma. Mahai gainean jarri nahi dute auzia, berriz ere, gomazko pilotak eta gisako materialak erabiltzea debeka dezaten, eta bertze Polizia eredu baten alde egiteko.

Hori lortzeko lan egiteak pilotakadak utzitako arrastoa arintzen laguntzen diola onartu du Zudairek. Begian eragindako min fisikoaz harago, gertatu zenak utzi dizkion ondorio psikologikoak dira kudeatzen zailenak. Familiaren, lagunen eta herritarren babesa sentitu, eta biziki eskertu egin du.

Babes hori funtsezkoa izan da 2012ko irailaren 26tik egindako bidean. Greba eguna zen hura, eta Sarasate pasealekuan gertatu oldarraldian pilotakada jaso zuen Zudairek. "Azkar gertatu zen dena; poliziak ari ziren jada atzera egiten; azken tiroak bota zituzten, eta haietako batek jo ninduen. Poliziak ez ziren protokoloa betetzen ari. Nire aurrean zegoen jendearen gainetik ikusi nituen pilotak pasatzen; alde egitea erabaki nuen, baina momentu horretan jaso nuen kolpea".

Poliziaren protokoloak dio gutxienez 50 metroko distantziatik bota behar dituztela gomazko pilotak, eta, betiere, lurrera. Pilotek ezin dute pertsona zuzenean jo. 2012ko irailaren 26 hartan gauzak ez zirela horrela gertatu nabarmendu du Zudairek. "14 metrotik edo egin zidaten tiro". 54 milimetroko diametroa dute gomazko pilotek, eta 85-92 gramoko pisua. Eskopetek 720 kilometro orduko abiaduran jaurtitzen dituzte.

Kolpearen ondorioz, momentuan galdu zuen Zudairek ikusmena. "Eskuak aurpegira eraman, eta odoletan nintzela konturatu nintzen. Argi nuen larria zela". Lagun batek Gazteluko plazara eraman zuen, eta han, Geroa Baiko parlamentario Koldo Martinezek artatu zuen. Medikua da. "Ospitalera berehala joateko esan zidan".

Halaxe egin zuen. Sei egun egin zituen erietxean. Denera, hiru ebakuntza egin dizkiote begian. Eta laugarren bat egin beharko ote dioten beldur da. Prozesua gogorra izan dela azaldu du Zudairek. Ebakuntza horietako baten ondorioz, astebete eman behar izan zuen lurrera begira. "Bizkarreko mina ikaragarria izan zen. Pilulak hartu behar izan nituen. Oso gogorra izan zen".

Egindakoari bueltaka

Hasieratik argi izan zuen Zudairek ikusmena galduko zuela. "%0,2 baino ez dut ikusten". Koloreen arteko kontrastea suma dezake, baina ezer gutxi gehiago. Nabarmendu du hainbat urtez behin eta berriz pentsatu zuela 2012ko egun hartan gertatutakoaz, egindakoaz. "Pilotakada jaso arte egindakoa errepasatzen nuen, eta nire buruari galdetzen nion zergatik ote nengoen han une hartan".

Bigarrenez ebakuntza egin behar ziotela erran ziotenekoa ekarri du gogora. Medikuaren kontsultatik atera, eta aulki gurpilduna erabili behar zuen emakume batekin egin zuen topo. Haren semeak, gainera, minbizia zuen. "Eta hala ere, irribarrea erakusten zuen. Bizitzak zaplazteko ederra eman zidan une hartan. Lortu dut aurrera egitea; ez da gutxi". Gertatukoaren ondorioz sortu zaizkion "mamuak" hor daudela aitortu du, hala ere. Jasotako kolpeak sortu dizkion beldurrak, alegia. "Hasieran, haizearen beldur nintzen; begian zerbait sartzeko aukerak ikara eragiten zidan".

Pilotakada jaso izana salatu zuen Zudairek epaitegietan. Baina, oraingoz, epaileek ez dute haren alde egin. "Azken autoak neurrikotzat eta arrazionaltzat jo zuen Poliziaren erantzuna. Erabat harritu ninduen ebazpenak". Ardurak eskatzekotan greba antolatu zuten sindikatuengana jotzeko gomendatu zion epaileak, gainera. Zudairek argi du zaila izanen dela pilota jaurti zuen polizia identifikatzea; estatuak ere erantzukizuna baduela uste du, polizia batek zauritu zuelako.

Bide horretan hurrengo urratsak egiteko zain da Zudaire. Joanes Molina (Iruñea, 1978) aspaldi ailegatu zen bide horretako helmugara. Eta ez zuen deus lortu. "Estatuarentzat karrikan erori zen norbait naiz". Ezkerreko begiko ikusmena galdu zuen Molinak, 1994. urteko ekainean. Hamasei urteko nerabea zen. "Adin txoroa kolpe batean pasatu egin zitzaidan".

1994ko ekaineko egun hartan Euskal Jai gaztetxea husten saiatu ziren. "Alde Zaharra poliziez beteta zegoen; lagunekin nintzen, eta iskanbila bazela ikusi eta gero, alde egitea erabaki genuen. Giroa lasaitu zenean, ilunabarrean, itzultzea erabaki nuen, Alde Zaharrean bizi bainintzen".

Zudairek bezala, egun hartan egindako urratsak behin eta berriz gogora ekarri dituela nabarmendu du Molinak. "Hamaika aldiz galdetu diot nire buruari zergatik ez nintzen lagunen baten etxean gelditu; zergatik egon nintzen lehengusuarekin hizketan etxera bidean; eta etxeko atariaren ondora ailegatu nintzenean, zergatik geldituko ote nintzen leihoan zegoen anaiarekin hitz egiten".

Etxera sartu nahi izan zuenerako, poliziak Carmen karrikatik ari ziren hurbiltzen. "Redin karrikara joan, baina han ere Poliziarekin egin nuen topo". Autoen artean gelditu zen. Bakarrik. Ateratzeko urratsa egin zuenean, haren kontra egin zuten. Hamasei urte zituen. Bakarrik zen. Eta tiro egin zioten. "Lehen pilotak ez ninduen jo; bigarrenak, betean".

Ezkerreko begian jaso zuen pilotakada. "Ikusmena berehala galdu nuen". Poliziek hartu zutela gogoan du. "'Hau da zure borrokak ekartzen duena', erran zidan batek. Bertze batek, gero, lurrean aurkitu nindutela erran zidan, harrikadaren bat edo hartu izanen nuela. Argi nuen haiek eman zidatela pilotakada". Medikuek ere halaxe jaso zuten txostenean, baina epaileak ez zuen kontuan hartu.

Ospitalean amaren malkoak zituen zain. "Hori izan zen okerrena. Errudun sentitzen nintzen, ama negarrez ikusita". Zainketa Intentsiboetako Unitatera eraman zuten. Begian zuen kolpea; baina ez hori bakarrik. Burmuinean aire-burbuila zuen, eta masailalboko hezurra hautsita. "Begian bakarrik egin behar izan zidaten ebakuntza; masailalboko hezurra bere kasa batu zen, eta burmuineko burbuila ere berez desagertu zen".

Ospitalean bi aste egin zituen Molinak. Sendatzeko prozesua, hala ere, luzeagoa izan zen. Ezkerreko begian protesia jarri behar izan zioten. Ikusmena galdu izana baino gogorragoa izan zen harentzat, hala ere, pilotakadak aurpegian utzitako arrastoari aurre egin behar izana. "Munstro bat nintzen; halaxe ikusten nuen nire burua. Kolpe latza izan zen. Ez nuen nire burua gustuko". Oraindik ere, norbait ezagutzeko unea behar baino zailagoa egiten zaiola onartu du Molinak.

21 urte pasa dira, eta ordukoak gainditu dituela erran du. Hala ere, duela hiru urte hartu zuen, lehenengoz, bere historia kontatzeko erabakia. "Katalunian hainbat gaztek begietako protesiak kendu zituzten, jasotako pilotakadak salatzeko. Irudi horrek hunkitu ninduen, eta gutun bat idaztea erabaki nuen". Horretan ari zela jaso zuen Iñigo Cabacasen heriotzaren berri. Ertzaintzak jaurtikitako pilotakada baten ondorioz hil zen, Bilbon.

Heriotza horren aurrean, Molinak gogoratu du zorionekotzat jo zuela bere burua. "Zaurituta, begi bateko ikusmena gabe, baina bizirik nintzelako. Sentsazio bitxia izan zen".

Sentimendu hori ongi ulertzen du Edurne Txurrukak. 1993an bizi izandakoak gogora ekarri zituen Aingeru Zudaire zauritu zutenean. 1993an, Txuma Olaberri izan zen Poliziaren pilotakada baten biktima. Atarrabiakoa da Olaberri ere. Txurrukaren lagun taldekoa. "Buruan jaso zuen kolpea; hilko zela uste genuen. Bizirik atera zen, baina bizitza desegin zion kolpeak". Ikasi behar izan zuen berriz hitz egiten eta ibiltzen. "Baina jada ez da lehen zena; ume bat da".

Lagun taldeko gazte alaia eta jatorra du gogoan Txurrukak; lagun arteko orduko giroa. Pilotakada batek betiko puskatu zuena. Min egiten dio, batez ere, Poliziaren zigorgabetasunak, eta amorrua eragiten dio horrek. Poztu da, ordea, Zudairek jende anitz baduelako ondoan. "Ezberdina izan zen 1993an; orain jendea gehiago mugitzen da". Bihar, hain justu, karrikara aterako dira herritarrak, pilotakadek eragindako biktima guztien alde.

Maria Ruiz: “Ahaztu egin zaigu animaliak garela”

Maria Ruiz: “Ahaztu egin zaigu animaliak garela”

Animalien Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen atzokoa. Bertze animalien eta gizakien arteko harremanari buruz hausnarketa eragitea helburu du, hain zuzen, Ekintza Antiespezista taldeak. Iruñean sortu zen, duela urtebete inguru. Taldeko kide da Maria Ruiz (Larrion, 1998).

Nola sortu zenuten taldea?

Duela urtebete inguru izan zen. Animaliak erabiltzen zituen zirku baten aurka bi protesta antolatu zituzten bi pertsona taldek; bat egitea erabaki, eta Ekintza Antiespezista jarri zuten martxan. Iruñerrian gabezia nabarmena zegoen arlo horretan.

Noiztik ari zara zu antiespezismoaren alde?

Nire ama begano bilakatu zen, duela lau urte inguru. Orduan hasi nintzen animalien erabilerari buruzko informazioa jasotzen, eta ni ere begano bihurtu nintzen. Bertze animaliekin dugun harremanaz ohartu, eta espezismoaren aurka lanean hasi nintzen.

Zer erran nahi du zuretzat bertze animalien eskubideen egunak?

Uste dut egun horrek balio duela agerian uzteko urteko gainerako 364 egunetan noren alde eta zer lortzeko ari garen borrokan. Bertze animalien alde, alegia, haien esplotazioaren aurka. Niretzat borroka antiespezista eguneroko kontua da. Ez du etenik. Baina egun horrek balio du ikusgarri bilakatzeko.

Legeak, ordea, jabegotzat jotzen ditu bertze animaliak.

Gizarte espezista batean bizi gara, eta, ondorioz, bertze animaliak erabiltzeko objektutzat jotzen ditu. Gizakiak bertze animalien gainetik jartzen du bere burua, eta ukatzen ditu bertze animalia horiek dituzten eskubideak. Ahaztu egin zaigu gu ere animaliak garela. Ezberdinak gara, baina berdinak, aldi berean.

Zertan berdinak?

Sentitzeko dugun gaitasunak bilakatzen gaitu berdin. Eta bertze animaliek sentitzeko duten gaitasun horregatik hartu beharko genituzke kontuan bizitzeko eta aske izateko dituzten interesak.

Gizarteak oraindik ez du urrats hori egin. Zaila da zuretzat hori onartzea egunerokoan?

Amorrua sentitzen duzu, animalien erabilera erabat txertatua dagoelako gizartearen eguneroko horretan. Ni beganoa naiz, eta bazter utzi dut erabilera hori. Baina, oraindik ere, kosta egiten zaio jendeari hori ulertzea edo hori ikustea. Ezin dugu ahaztu animalien erabileraren atzean dagoena ezkutatzen duela industriak.

Erabilera normalizatu egin da?

Hala da. Gizarteak normaltzat jotzen du animaliak erabiltzea, eta ez du gogoeta egiten horri buruz.

Elkartearen sorrerak erakusten du zerbait aldatzen hasi dela?

Bai. Karrikara ateratzen ari gara, eta, hirietan, batez ere, jendea hasi da bat egiten, eta sortu dira hainbat talde. Gero eta interes gehiago bada.

Bezala dago Gasteizen; Askekintza Donostian... baduzue harremana zuen artean?

Bai. Elkar ezagutzen dugu, eta ari gara saiatzen gauzak elkarrekin egiten. Gutxi gara, eta gure indarrak batzea garrantzitsua dela uste dut.

Beste herri mugimenduekin baduzue harremana?

Horretan saiatzen gara. Beganismoa ez da dieta bat; ideologia politiko bat da, gure borroka politikoa da, eta harreman handia du bertze hainbat bazterketaren kontrako borrokekin. Ni antiespezista naiz, bai eta feminista ere, adibidez. Baina bertze mugimenduei oraindik ere kosta egiten zaie harreman hori onartzea. Urratsak egiten ari gara, hala ere. Sortu berri den gaztetxeak, adibidez, antiespezismoaren alde egin du. Funtsezkoa da. Denontzat izan behar du gune aske bat. Subeltz espazioan ere egiten dugu antiespezismoaren alde.

Iruñean ganadu feriak, entzierroak eta zezenketak badira bestetan. Zer iruditzen zaizu?

Tamalez, hala da, oraindik ere. Alkatea, gainera, zezenketa bateko presidente aritu zen sanferminetan. Talde antiespezista gara gu, eta horren kontra egiten dugu lan. Zezenketek animalia baten tortura ikuskizun bilakatzen dute. Zezena objektu huts bilakatzen dute. Animalia horrek sentitzen du. Baina jendeak normalizatu egiten du haren sufrimendua, joko bat balitz bezala.

Iruñeko alkate Joseba Asironek "irrigarritzat" jo zuen zezenketak debekatzea, hain zuzen ere.

Tradizioaren izenean babesten dituzte zezenketak. Tradizio guztiak onak al dira? Aldatzeko daude tradizioak. Eta hau da garaia. Uste dut gizartea aldaketa horretarako prest dela. Guk horren alde egiten jarraituko dugu.

Zailagoa da etxaldeetan esplotatzen dituzten animalien egoera aldatzea?

Bai, errealitate hori, oraindik ere, ukatu egiten duelako jendeak. Ukatzeak ekartzen du beti bezala jarraitzea; abantailei uko egin behar ez izatea. Eta hori nahi du jendeak. Ez du aldaketarik egin nahi. Ez du orain duen erosotasuna galdu nahi. Baina zapalkuntza ezin da izan gure egunerokoaren oinarri.

Pirinioetan bizi eta lan egin nahi dutelako

Pirinioetan bizi eta lan egin nahi dutelako

Pirinioak aisialdirako espazio bat dira nafar anitzentzat. Asteburuetan edo oporretan bisitatu beharreko toki bat. Harat joan, eta handik itzultzeko ingurua. Pirinioetako herrietako biztanle anitzek ere egin dute handik hiriburura joateko urratsa. Iruñean aurkitu dute lana, eta hirian gelditu dira, herriak hustuz. "Neguak gogorrak dira, bai; komunikazioa txarra eta zerbitzuak eskasak. Baina ez dira horiek gure arazo nagusiak: gutxi garela, hori da kontua"

Horixe nabarmendu du Koldo Villalbak. Pirinioak ez dira aisialdirako gune harentzat; lantoki eta bizitoki ditu. Hori da egin duen apustua. Ez da bakarra. Aezkoa, Erroibar, Auritz, Luzaide eta Artzibarko herritarrek Pirinioetan Lan eta Bizi egitasmoan egin dute bat, eta mezu hori zabaltzeko jardunaldiak egin zituzten asteburuan.

Pirinioetako herrietan lan egin eta bizi diren hainbat eragilerekin mahai ingurua antolatu zuten, larunbatean. Villalbak hartu zuen parte. Orbaizetan bizi da, familiarekin. Ez da tokikoa bertakoa, ordea. "Bikotekidea eta biok iruindarrak gara; baina duela hamalau urte honat etortzea erabaki genuen, gustuko bizimoduaren bila".

Pirinioetako herritar anitzek azken urteetan egindako bidaiaren alderantzizkoa egin zuten, eta Orbaizetan maite duen hori lanbide bilakatzea lortu du Villalbak. Itari Natura enpresa sortu zuen, duela bost urte; bertzeen aisialdi bilakatu du bere lan esparru. "Bisita gidatuak egiten ditugu, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez". Iratiko basoa du Villalbak lantoki nagusi, eta Kataluniakoak, Madrilgoak eta Valentziakoak ditu bezeroak, batez ere. Euskal Herritik ere gero eta jende gehiagok jotzen du Itari Naturako arduradunarengana. "Hemengo jendeak uste du Irati ezagutzen duela, eta ez duela gidaririk behar. Baina guk basoa ikusteko beste modu bat eskaintzen dugu; landareei, animaliek utzitako arrastoei eta harriei ere egiten diegu so".

Pirinioak tokiko naturarekin lotzen dira, nagusiki, eta ezaugarri hori baliatu du Villalbak. Pirinioak basoak baino gehiago direla argi du, hala ere. Orbaizetan bizi da, eta halako herri bateko egunerokoak ezaugarri propioak dituela nabarmendu du. "Hemen ez dugu dendarik. Taberna bat bada, eta kultur elkartea ere sortu dugu. Hemen hori gertatzen da, tokiko jendeak hartu behar duela gauzak egiteko ardura; bertzela ez dugu deus".

Aezkoako Batzar Nagusian gertatzen dena jarri du horren adibide. "Hauteskundeak ditugu laster, eta berriz ere aurkeztea erabaki dut, inork ez duelako batzarreko kide izan nahi. Inplikazio gutxi dago. Iruñean segur aski gauza bera gertatuko da, baina jende gehiago bizi denez han, ez da deus gertatzen".

Zailtasunak zailtasun, Orbaizetan bizi nahi duela argi du Villalbak. "Hemen gustuko dudana egiteko aukera dudalako". Pili Fagoagak ere horixe du Pirinioetan. Aurizberrin jaioa da, eta herri hori du bizitoki eta lantoki. "Pirinioak turismoarekin lotzen ohi dira, baina ez da hori hemengo jarduera bakarra. Bada bertzerik". Zerbitzuen arloan aurkitu du Fagoagak bizimodua ateratzeko esparrua, hain zuzen ere.

Orbaizetako herrikide Irene Morenorekin jarri du abian Eskutik, zaharrak laguntzeko zerbitzua. "Zaharrak etxean artatzeko zerbitzuan aritu izan naiz ni lanean. Orduan konturatu nintzen zegoen beharraz". Garalur erakundeko teknikarien laguntzarekin bideragarritasunari buruzko ikerketa egin zuten, eta Fagoagaren usteak berretsi egin zituzten. "Badugu lanerako esparrua".

Fagoagak eta Morenok herritarrak eskualdean batetik bertzera mugitzeko zerbitzua eskaintzen dute. "Bankura, medikuarengana edo erosketak egitera laguntzen ditugu". Zaharren ardura duten zaintzaileen zama arintzeko ere egiten dute lan. Gainera, urtebetetze bestak eta gisakoak antolatzen dituzte, "jendeak elkartzeko aukera izateko".

Udalbiltzaren 6.000 euroko diru laguntza jaso eta gero, buru-belarri murgildu ziren Fagoaga eta Moreno haien proiektuan. Irailetik ari dira betean lanean. Kontent dago Fagoaga, herritik ez baitu kanpora atera nahi lanera. "Nahiago dut gutxiago irabazi eta herrian gelditu". Hamalau urterekin Iruñera joan behar izan zuen ikasketak amaitzera, eta 22 zituenean itzuli zen herrira. "Beti izan dut hemen lan egiteko aukera". Bertzelakoa zen Morenoren egoera. "Langabezian zegoen Eskutik sortzeko aukera sortu zenean". Fagoagak argi du inor ez dela Pirinioetako herrietara joanen inbertsioak egitera. "Administrazioa ez da gurekin oroitzen; ez urruti gaudelako, edo errepideak txarrak direlako; gutxi garelako baizik. Guk bilatu behar dugu gure bizimodua ateratzeko behar duguna".

Laurentxi, 1999tik

Fagoaga era askotako jarduerez ari da; ez bakarrik lanaz. Bertze edozein tokitan bezala, Pirinioetan ere lana ez baita dena. Horixe ongi dakite hango emakumeek. Ibar bakoitzean bazen emakume talde bat, eta 1999an, Laurentxi elkartean bat egitea erabaki zuten. Kulturarekin eta kirolarekin lotutako ekitaldiak antolatzen dituzte, genero ikuspuntua nabarmenduz, betiere. Urtero, gainera, topaketa egiten dute Pirinioetako emakumeek, erronka berriak mahai gainean jartzeko, errateko dutena zabaltzeko. "2016an Laurentxik prestatuko du topaketa", erran du Elena Jimenez kideak.

Bizkarreta-Gerendiaingoa da Jimenez, eta han bizi da. Lan, berriz, Garraldan egiten du. Villalbak eta Fagoagak bezala, Pirinioetako herrietako populazioaren tamaina jo du arazo nagusi. "Gutxi gara, eta horrek esparru guztietan badu eragina". Laurentxi elkarteko kideek sumatzen dute eragin hori. "Administrazioaren tokia betetzen dugu guk, neurri handi batean; berdintasun teknikaririk, adibidez, ez da hemengo herrietan; anitzetan herritarrek guregana jotzen dute zuzenean".

Administrazioaren babes horren falta agerikoa dela argi utzi du Jimenezek. "Aisialdia eta kultura ez dira lehentasuna". Herritarrei esker, hala ere, gauza anitz egiten dituztela nabarmendu du. "Eta herriz herri egiten dugun horren berri eman beharko genuke". Pirinioetan lan eta bizi direnen uzta baita.

Iritzia: Urrezko domina liburuzain bati

Jimeno Juriori Nafarroako Urrezko Domina eman zioten joan den abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, Euskararen Egunean. Ezin data aproposagorik. Pozgarria benetan pertsona hori aukeratu izana, egin zuen ikerketa lan guztiak egin eta gero aski ongi merezitakoa baitzuen errekonozimendua, hil eta hamahiru urtera eman badiote ere…

Baina, dudatan nago harritzekoa ote den edo ez, liburuzaina ere izandakoaren bizitzaren partea ez baita aipatzen. Historialari, etnografo, ikertzaile… eta liburuzain. Zerrenda osatzen duen ogibide garrantzitsua eta zuzenean egiten zuenarekin lotua, baina berari buruz ari direnean gehienetan atzendua...

"1970. urtetik aitzin…" irakurri dut dominaren harira egindako zenbait artikulutan, eta pentsatu, orain aipatuko dute urte hartatik aurrera liburuzain lanetan ibili zela. Baina ez, ezta ere. Data hortan erreparatzen da, preseski hortan, baina ez San Pedroko liburutegiko zuzendari izendatu zutela errateko, Iruñeko lehen auzo liburutegia ireki zela aipatzeko (datu horrek berak daukan garrantziarekin, Jimeno Jurio buru egon edo ez) baizik, eta urte hartatik aitzin bere lan garrantzitsuenak egin zituela errateko. Eta nik pentsatu: eta zergatik ez da aipatzen liburutegien munduan ere aitzindari izan zela? San Pedroko liburutegia ireki eta lehenengo egunetan izandako jende jarioa zela-eta sarrera 14 urtetik goitikoei mugatu behar izan zitzaiela? Hala ere, bera horrekin ados ez eta haurrentzako gela bat irekitzea proposatu zuela, irakurketa ttikitatik sustatzea garrantzizkoa zela uste zuelako? Hau da, bildu zuen informazio hori guztia biltzeaz gain, denon eskura jartzea garrantzizkoa zela pentsatzen zuela erratea, eta denon eskura liburutegian baino inon hobe egonen zela pentsatzen zuela. Ikertu eta informazioa zabaldu, txanpon beraren bi aldeak direla, alegia. Bata ikerlariak egina, bertzea, liburuzainak. Bietan, bera. Horrela pentsatzen zuen hark, horrela egin zuen. Eta horrela mantentzen da gaur egun, Jimeno Jurio deituriko San Pedroko liburutegian haren lan guztiak biltzen dituen tokiko funtsean.

Hortaz, harritzekoa dela diot lan horiek guziak aipatu eta goraipatzen direnean, eta berak nahi izan zuen bezala denon eskura non aurkitu daitezkeen ez aipatzea. Nafarroako Liburutegian ere, Nafarroako ondarea izanik, haren lan gehiena bilduta dago, eta, Urrezko Domina dela-eta, interes gune berezi bat egin da oraindik ere eskuragarriago paratuz eta, bide batez, Jimeno Juriok liburuzain lanak nola egiten zituen erakusketa baten bitartez erakutsiz.

Baina hori dena ez omen da interesgarria edo, bederen, mediatikoa. Toki guttitan ikusi dut nik, edo, agertu bada, albiste nagusiaren aldameneko artikulu ttiki batean izan da, informazio gehigarri gisa, osatzeko edo.

Arrazoia izanen zuen Tomás Yerrok, azaroan Nafarroako Liburuzainen Elkarteak antolatutako Jardunaldi Profesionaletan, liburuzainaren ofizioa ez dela aski baloratzen edo ikusarazten zioenean. Hedabideetan ez zela apenas agertzen zioen hark, eta nik erantzun ez nengoela guztiz ados, nire izena eta nire ogibidea hilabetero ateratzen zirela BERRIAN, adibidez. Baina ni ez naiz inor, eta norbait baden Jimeno Juriori ez bazaio liburuzain hitza hasieratik lotzen, zer pentsatu ematen du…