Iritzia: “Gorrotatuena”

Consummatum est. Joan da, joan da Yolanda. Barcina bota dugu —aski esatea ez baldin bada—. Orain, denbora hartu eta atzera begiratzeko tenorea dugu, Yolanda Barcinaren agintaldia nolakoa izan den aztertzeko, baina baita geure buruaz eta geure jarrerez pixka bat hausnartzeko ere. Aurrera jarraitu baino lehen, barkamena eskatu nahi dut testu hau irakurtzen ari zareten guztiok, ni bezala, Barcinaren aurkakoak izan bazinete bezala aritzeagatik.

Yolanda Barcina Iruñeko alkate moduan eta, gero, Nafarroako lehendakari moduan izan da gure artean, nik gogoan ditudanetatik, amorru eta are gorroto gehien eragin duen politikaria. Gizarte erdibitu baten muturrerizazioak, UPNko gobernuek aurrera eramandako politika atzerakoiak —aurrerapen sozial urriak eta nolabaiteko normalizaziorako egindako urratsak auzian ez ezik deuseztatzen zutenak— eta oposizioaren desesperazioa, bere burua eta elkarren artean antolatzeko tenorean... elementu horiek guztiak izan daitezke, Yolanda Barcinak publikoki ordezkatzen zituen heinean, berarengan fokalizatutako herraren eragileak.

Baina bada, nire ustez, beste bat, geure buruari aitortu behar dioguna: Yolanda Barcina emakumezkoa izateak gogorragoak egin ditu erasoak. Oraindik bizi gaituen gizarte matxistak, ohartuki edo gabe, begiz jotzen du boterea duen edozein emakume. Ez da hemengo gauza; ikus Margaret Tatcher, Cristina Kitchner, Esperanza Aguirre. Desadostasun politikoa, horrela, erraz bilakatzen ahal da boterea duen emakumearen —edozein emakumeren— berezko gaiztakeriaren eta apeten ondorio. Aurretik eta atzetik, Barcinaren politika berdina —zentzu askotan berrikuntza gutxi ekarri baitio UPNri, aliantzen estrategia norabiderik gabekoan ez bada; ez dio ezer erakatsi behar izan— defendatu duten gizonezkoak —gizonak ez baitira emakumeak bezain maltzurrak, Paradisuko sugeak badakienez— tontotzat hartuak eta barregarri utziak izan dira: hala Miguel Sanz, nola Jose Javier Esparza, Roberto Jiménez ahantzi gabe. Denok erori gara, modu batean edo bestean, Barcina horrela tratatzeko modu matxista horretan. Ni neu orrialde hauetan askotan aritu naiz Barcinaren janzkeraz, jaka gorriekiko bere atxikimenduaz.

Barcinak eragin duen herraren beste motibo batek ere ez gaitu onegi uzten. Askotan gogoratu zaio Burgoseko jatorria. Bizkaitartzat jotzeko argudioak bazeuden ere. Arrazismoa gabe —nire kasuan behintzat—, hau UPNren deribaren sintoma baten kontrako erreakzioa izan delakoan nago: UPN biziki PPtu da azken urteetan. Hiru belaunaldi edo izan ditu: Iruñerriko jendeak sortu eta zuzendu du urteetan (Aizpun, Alli…), abertzaleen kontrakoak baina euskal errodunak (Itun Ekonomikoa negoziatzera Madrilera txapela jarrita zihoazenak); gero, Sanzekin eta, Erriberako jendeak kontrola hartu zuen, euskal kontuekin harreman arrotzagoa zutenak; azkenik, Barcinarekin eta, Madrilgo irizpideekin zuzendu dute alderdia. Ikusi besterik ez dago foraltasunaren zer kudeaketa egin den.

Aldaketaren beste aurpegiak

Aldaketaren beste aurpegiak

Uxue Barkos, Manu Aierdi, Mari Jose Beaumont, Jose Luis Mendoza, Isabel Elizalde, Mikel Aranburu, Miguel Laparra, Ana Herrera... Aldaketaren gobernua osatuko duten kontseilarien aurpegiak eta izen-deiturak nonahi azaldu dira egunotan. Benetako aldaketa, ordea, askoz zabalagoa da, eta hura osatzen duten izenen zerrend luzea ez dute berripaperen lerroburuek kabitzen.

Alderdien arteko koalizio hutsaz harago, aldaketa karrikan hezurmamitu baita azken hamarkadetan. Itolarriak eta etsipenak jota, pankarta baten atzean oihu egin duten guztiek sortu dute. Horiek guztiek osatzen dute benetako aldaketa.

1979. urtetik iragan asteazkenera arte, status quo-aren aldeko indarrek gobernatu dute herrialdea; UCDk, PSNk eta UPNk, alegia, eta urte hauetan guztietan, etengabeak izan dira protestak eta aldarrikapenak. Azken bi legealdiak, ordea, bereziki polemikoak izan dira: murrizketak, Nafarroako Kutxaren desagerpena, euskararen kontrako jazarpena, zerbitzu publikoen pribatizazioa... Protestak pilatu egin zaizkio UPNri eta PSNri, eta ohiko makineria propagandistiko osoa martxan jarri arren, ezin izan diote haserrearen uholdeari eutsi.

Polemikak, gainera, departamentu guztiak zipriztindu ditu neurri batean zein bestean. Hezkuntzari dagokionez, adibidez, hiru ardatz izan ditu UPNren gobernuaren jardunak: Madrilekiko menpekotasuna, euskarazko hezkuntza ereduen kontrako jazarpena eta ikastetxe pribatu eta erlijiosoen aldeko tratua. Horren guztiaren ondorioz, hamaika manifestazio antolatu ditu sektoreak azken urteetan: Euskararen Legearen, hezkuntza publikoak pairatutako murrizketen edota LOMCE lege erreformaren kontra.

Euskara eta osasuna

Euskarazko hedabideek, euskaltegiek, ikastolek eta eremu ez-euskalduneko gurasoek ere behin baino gehiagotan atera behar izan dute kalera, laguntza eske. Kontseiluak 2010ean Iruñean antolatutako manifestazioa edota iragan apirilean Anaitasuna kiroldegian eginiko ekitaldia dira horren adibiderik garbienak.

Osasungintzan diharduten taldeek, mugimendu feministek eta bestelako eragile sozialek ere bat egin dute karrikan, urte hauetan guztietan abortua galarazi duen gobernu eskuindarraren kontra. Horiek guztiek ere itxaropentsu begiratzen diote zabaldu berri den aro berriari. "Adi" egonen dira, ordea, aldaketa errotikoa dela zaintzeko.

Profil soziala lehenetsi du Iruñeko Udalak zuzendari berrien izendapenetan

Profil soziala lehenetsi du Iruñeko Udalak zuzendari berrien izendapenetan

UPNk ezarritako estilotik ahalik eta gehien aldendu. Agintea hartu zutenetik, hori izan da Iruñeko udal gobernu taldeko kideen helburu nagusietako bat. Eta sail arduradun berrien izendapenek argi islatu dute asmo hori. Izan ere, profil sozial nabarmeneko hautagaiak lehenetsi ditu udalak Gizarte Ongizate eta Hiritar Segurtasun sailetarako.

Marisol de la Nava Martin ekintzaile soziala izanen da Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate saileko zuzendari berria, abuztuaren 4tik aitzinera.

De la Nava Gizarte Lanetan diplomatu zen Salamancako Unibertsitatean (Espainia), eta, 1998. urtetik gaurdaino, Iruñeko Udaleko gizarte langilea izan da hamaika programa eta auzo unitatetan. Gizarte zerbitzuetako kide zela, Harrera eta Aholkularitza Sozialerako Egitasmoa ondu zuen, eta programaren arduradunetako bat izan zen 2006tik 2008ra.

Gizarte Lanetako ikasleen tutore ere izan zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan 1998-1999ko eta 2009-2010eko ikasturteen artean; prestakuntza handia du genero indarkeria, etxerik gabeko pertsonekiko arreta edota bazterketa sozialaren gisako alorretan.

2012az geroztik, gainera, Nafarroako Oinarrizko Errentaren Aldeko Plataformako kidea da, eta eskubide sozialen aldeko Martes al Sol mugimenduan ere parte hartzen du.

2012an UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernuak sortutako Gizarteratze Errentaren kontra gehien mintzatu den ekintzaileetako bat da De la Nava, arau horrek, beharrik handienak dituzten pertsonak gizarteratu ordez, are gehiago baztertzen dituela uste baitu: "Familia ugari erabateko miseria gorrian bizi dira", azaldu zuen martxoan Nafarroako Hitza-k eginiko elkarrizketan. "Seme-alabak dituzten emakumeak dira gehienetan, eta sekulako dramak ikusten dira. 800 euroko errenta kobratzen dute, eta, diru horrekin, alokairua, eskolako jantokia, ur beroa, bizilagunen komunitatea eta gainontzeko gastu guztiak ordaindu behar dituzte. Askotan, andre horiek hautua egin behar izaten dute: jan, edo argindarra pagatu".

Santamariaren ondorena

Simon Santamaria udaltzainburuak utzitako arrakala sakonak ixtea eta UPNren agintearen ondorioz piztutako sua itzaltzea izanen da, berriz, Xabier Ibañez Sagardoiren egitekoa abuztutik aurrera. Hura izanen da Iruñeko Udaleko Hiritar Segurtasun saileko zuzendari berria.

Orain arte sail hori kontrolatu dutenek ez bezala, Ibañez Sagardoik goitik behera ezagutzen du herritarrengandik gertu dagoen polizia batek bete beharreko funtzioa, eskarmentu handia baitu alor horretan, hala Barañaingo, Zizur Nagusiko eta Noaingo udal polizia gisa, nola foruzain lanetan.

Graduatu Sozialeko diploma eskuratu zuen NUPen, eta Lanbide Zientzietako lizentzia, berriz, Errioxako Unibertsitate Publikoan. 1995az geroztik, foruzaina da.

Foruzaingoaren barruan, hainbat azpisailetan ibilia da Ibañez Sagardoi, trafikoarekin eta herritarrekiko tratuarekin lotura duten taldeetan, batez ere. 2006tik, Prebentzio eta Herritar Arreta dibisioan egon da lanean, eta, azken sei urteotan, sail horretako inspektore burua izan da. Nafarroako Segurtasun Eskolan irakasle lanetan ibili da, eta hainbat domina jaso ditu.

«Basora itzultzea umetokira itzultzea bezala da»

«Basora itzultzea umetokira itzultzea bezala da»

Idazten hasi zenean, Juan Goñik (Tafalla, 1968) ez zuen liburu bat argitaratzea espero. Basora joaten zenean sentitzen zuena islatu nahi zuen soilik. Haren enpresak eskaintzen dituen bisita gidatuetan jendea zer sentitzera irits daitekeen erakusteko idatzi, eta sare sozialen bitartez zabaltzen zituen testuak, erabat pertsonalak eta emozioz beteak. Jendeak gustuko zituela eta, testu sorta bat, zirriborro modura,Tundra argitaletxera bidaltzea erabaki zuen.

Nondik datorkizu baso eta naturarekiko maitasun hori?

Betidanik sentitu izan dudan zerbait izan da. Tafalla landa eremuko horretan jaiotzeaz gain, Felix Rodriguez De la Fuenteren goraldi garaian hazi nintzen. Natura beste begi batzuekin ikusten erakutsi zidan. Beste alor batzuetan ibili ondoren, azken urteotan naturaren munduan nabil lanean. Benetan gustatzen zaidana egiten dut orain: naturarekin harremana izan, eta lan egin aldi berean.

Liburuaren izenburuak lotura handia dauka irakurri ahal izango dugunarekin.

Liburuak ez du zerikusirik izango gida turistiko batekin. Basoetan ibiltzen naizenean sortzen zaizkidan sentimenduez hitz egiten dut liburuan. Basoek transmititzen dutena ez ezik, landa eremuko bizitzari buruzko hausnarketak ere badaude sartuta. Benetako bizitza da hori, errealitatea. Are gehiago, eguneroko albisteek ikusten uzten ez diguten errealitatea. Barruan daramatzadan basoen inguruko nire hausnarketak sartu ditut testuan. Horregatik aukeratu dugu izenburu hori.

Nola egituratu duzu liburua?

Lau zati nagusi izanen ditu. Urtaro bakoitza liburuko zait bat da. Izan ere, urtaro bakoitzean basoak igortzen dituen sentimendu eta sentsazioak erabat dira ezberdinak. Lau zati horietan banatutako testuez aparte, beste era bateko kontaketak ere sartu ditugu: landa eremuko bizitza eta mitologiaren inguruko testuak.

Zergatik sartu dituzu testu mitologiko horiek zure hausnarketen artean?

Entretenimendu modura sartu ditut batik bat. Basajaun, Olentzero eta joaldunei buruzko pasarteei lekua egin diet, besteak beste. Beti pentsatu izan dut basoa ulertzeko orduan hiru ikuspuntu garrantzitsu daudela: alde batetik,ikuspuntu ekologikoa. Bestetik, giza ikuspuntua edo gizakiak basoarekin zer egin izan duen. Azkenik, ikuspuntu mitologikoa. Euskal Herriko mitologia dagoen aberatsenetakoa da. Mitologiako pasarteek erakusten digute nola jokatzen zuten gure arbasoek naturaren misterioen aurrean.

Liburua osatzeko orduan, testu asko kanpoan utziko zenituen. Nola egin duzu hautaketa hori?

Mingarria izan da testuak kanpoan uztea. Aukeratzeko orduan, batetik, nire gustu pertsonala erabiltzen nuen, eta, bestetik, sare sozialetan irakurtzen nindutenen iritzia. Nik gustuko nituen eta jendeari gehien gustatzen zitzaizkion testuak hautatu ditut. Jatorrizko kontaketari eusten saiatu naiz. Moldatzen hasiko banintz, testu erabat desberdinak sortuko nituzke, nire egoera ez delako idatzi nuen garaiko berbera.

Testuak ez ezik, argazkiek ere berebiziko garrantzia dute.

Bai; liburua argazki bilduma baten antzekoa ere bada, hein batean. Euskal Herriko zein kanpoko argazkilariek lagundu didate argazkiekin. Zenbait argazkilarirekin, hemengoak ez direnekin, gidari ibili naiz basoan barrena, argazkiak ateratzeko lekuak bilatzen lagunduz. Izan ere, argazki gehienak Nafarroako basoetan ateratakoak dira.

Liburuan aipatu dituzun zenbait kokalekuri buruz ez duzu erreferentziarik ezarri. Zergatik?

Ez daukat arazorik liburuan agertzen diren tokiak non dauden esateko. Hala eta guztiz ere, basoetan nabilenean, basoak igortzen dizkidan sentsazioei buruz hitz egiten dut liburuan, ez basoko leku jakin bati buruz. Basoak bere osotasunean du garrantzia.

Mezu bat helarazi nahi diozu irakurleari liburu honekin. Zein?

Irakurlea ondorio garbi batera iristea nahi dut. Ez dakit, hala ere, zenbateraino lortuko dudan irakurlea ohartaraztea. Bizitzan benetako garrantzia duena alde batera uzten ari gara: sentimenduak, natura. Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa ez dira errealitatea. Horrek ez digu jaten ematen. Horrelakoak ez zaizkigu benetan inporta. Gizakia naturarekin harremanetan dagoenean da benetan libre, jatorrizko bere lekuan. Basoan ezin da ezer erosi, ez dagoelako ezer saltzeko.

Gaztelaniaz idatzi baduzu ere, beste hizkuntzetan ere aurkituko ditugu zenbait testu.

Benetako kultura edo erreala ez da soilik hizkuntza batean oinarritzen; beraz, zenbait testu beste hizkuntza edo hizkuntza aldaera batzuetara itzuli nuen, hainbat pertsonaren laguntzarekin: aragoiera, Valentzia eta Kataluniako katalana. Horrez gain, Baztan, Sakana, Gipuzkoa eta Bilboko euskarara ere itzultzea lortu genuen. Euskaran arreta berezia jarri nuen, Europako hizkuntza zaharrenetarikoa izateaz aparte bere burua basoko hizkuntza gisa izendatu zuelako.

Basoarekin konparazio bitxi bat ere egin izan duzu noizbait.

Umetokiarekin konparatu izan dut. Garen bezalakoak gara basoa garelako. Joaquin Araujo nire lagunari hartu nion esaera hori. Gure eskuak,begiak eta gorputzeko atalak basora egokituta dauzkagu. Basora itzultzea jaio ginen lekura itzultzea bezala da. Inozo ginen lekura itzultzea da, kezkarik gabeko mundura. Umetokia.

Zer iritzi duzu UPNren gobernuak aurrera eramandako ingurumen politikaren inguruan?

Paira genezakeen hondamendi ekologikorik handiena sufritu dugu azken gobernuarekin. Nafarroako ubidea, AHTa eta beste hainbat proiektu kaltegarri. Promesa faltsuen azpian antolatutako proiektuak dira. Egitasmo horien bitartez landa eremua aberastu egingo zela promestu zieten bertakoei. Orain, Nafarroako ubideak, natura ez ezik, landa eremuko bizitza ere aurretik eraman dezake. Desertu bihurtuko dute Nafarroa. Ingurumen Departamentua izan da murrizketa gehien izan duena.

Gobernu berriarekin, esperantza berritu zaizu?

Espero dut gobernu berri honek ez duela aurrekoa ona egingo. Nafarroako ondare nagusia zaintzea espero dut haiengandik: natura eta basoa. Niri dagokidanez, kanpotarrak ez dira sanferminengatik etortzen. Hemen ditugun paisaia ikaragarriak ikustera etortzen dira. Basoak era baketsu batean erabiltzen ikasi behar dugu. Paisaiak mantenduz gero, bisitan etortzen jarraituko dute.

Beste liburu bat kaleratzea pentsatzen ari zara?

Oraingoz, ez zait burutik pasatzen. Liburu hau kaleratzea ametsa izan da. Jendeari gustatzen bazaio, ikaragarria izango da.

Madrilek ez dizkio Nafarroari eskumenak transferituko, “Bildu ez baita fidatzekoa”

IRUÑEA. Espainiako Gobernuak ez dizkio Foruzaingoari kartzela politikaren eta trafikoaren gaineko eskumenak transferituko Maria Jose Beaumont Barne kontseilari den bitartean. Halaxe adierazi du Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek: "Kezkazen gaitu Nafarroako Gobernuan Bildu egoteak, ez baitira fidatzekoak. Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren presentzia indartuko dugu".

Iritzia: Urriak 11

Donibaneko azken jaiak". Halaxe erantzun zidan Miren Zabaleta presoaren senide batek Donibaneko bestetan erraldoi eta haur artean topatu eta familiakoaz galdetu niolarik.

Donibaneko azken jaiak. Azken sanferminak. Sanferminen osteko azken oporraldia. Leitzeko azken pestak. Azken sanfermin txikiak. Horiek guztiak kartzelan pasatu beharko ditu oraindik ere Zabaletak urriaren 11 ailegatu arte.

Urriaren 11n askatuko baitute Miren Zabaleta. Eta harekin batera aterako dira Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto. Aldiz, Bateragune auziko kartzelatu sonatuena, Arnaldo Otegi, 2016ko apirilean kaleratuko dute. Eta askatasun pertsonala berreskuratzen azkena Rafa Diez izanen da, 2017ko abuztu arte-edo egon beharko baitu espetxean.

Guri geuri gertatzen zaigu. Emakume bat hiltzen duenari, haur bat bortxatzen duenari, ustelkerietan aberastu denari… ezartzen dioten kartzela zigorra beti irudituko zaigu txikia, urte gutxikoa. Baina kartzela zapaldu duen inork kontatzen ahal dio, entzun nahi duenari, izugarrizko aldea dagoela 6 urteko kartzela zigorraren eta 7 urteko kartzela zigorraren artean; 365 egun baino anitzez handiagoko aldea bai, bederen.

Eta zer erranik ez kartzelan bidegabekeriak sartu baldin bazaitu.

Bidegabekeria erraldoi batek eraman baitzituen Bateraguneko bortzak espetxera -bertze makina bat euskal preso politikoren gisara, bide batez erranda-. Zorionez, nik baino izen gehiago duten askok eta askok salatu dute mundu osoan —Free Otegi, free them all-ren gisako kanpainen bidez— Bateragunekoak jasaten ari diren injustizia. Zoritxarrez, Espainiako estatuak entzungor egin die injustizia zuzentzeko eskaerei, eta, bere ankerkerian tematurik, kartzela zigor osoa betearaziko die bortzei.

Mendekua. Espainiako estatuak euskal preso politikoekiko darabilen jokabidea azaltzeko tenorean, mendeku gosea aipatu ohi da anitzetan. Bateragunekoen kasuan, baina, zer edo zer gehiago ere badago. Gerrazaletasuna dei genezakeen, akaso. Zein izen eman, bertzenaz, bakearen alde benetako lan eraginkorra egin duten bortz politikari hainbertze denboraz kartzelan izateari? Bada, horixe, gerrazaletasuna.

Eta, honaino ailegatuta, konturatu naiz hagitz hitz itsusiek bete dutela nire testutxo hau: kartzela, bidegabekeria, zigorra, ankerkeria, mendekua, gerrazaletasuna… Ziur naiz azken urteetan halako hitzek gogor jo izan dutela espetxe barnekoen zein kanpokoen buruetan. Baina ez zen nire asmoa kolpe horietan indar gehiago jartzea, kontrakoa baizik: ahal den heinean, elkartasun aletxo bat ekarriz, kolpe horiek arintzea.

Onerako zein txarrerako, denborak ez du etenik. Eta, oraingoan onerako, denbora geldiezin horrek tunelaren bukaera gerturatu die Bateraguneko bortzei eta haien familiei. Gibelean utziz Donibaneko azken jaiak, azken sanferminak, sanferminen osteko azken oporraldia, Leitzeko azken pestak, eta azken sanfermin txikiak. Hortxe baituzue, begien bistan, urriaren 11.

Lurra eta ura ez galtzeko

Lurra eta ura ez galtzeko

Haustura hidraulikoaren jomugan da Nafarroa. Bost proiektuk ukitzen dute herrialde hori. Frontera Energy Corporation enpresaren Aquiles izenekoa da haietako bat, eta urrats gehien egin duena, oraingoz. Haren eskutik, hain zuzen ere, 2D prospekzio sismikoak has daitezke, laster, Erriberako hainbat herritan. Bardeako lurrei eraginen lieke proiektu horrek, bai eta Cabanillas, Fustiñana, Ribaforada, Buñuel eta Cortes herrietakoei ere.

Haustura hidraulikoaren aurkako jarrera agerian utzi dute herriotako guztietako udalek. Teknika horrek gizakion osasunean eragin ditzakeen kalteak bazter utzi gabe, fracking-ak nekazaritzaren esparruan izan ditzakeen ondorioak jarri dituzte mahai gainean. Nekazaritza da Erriberako jarduera nagusia. Eta ez dute galdu nahi.

"Ura eta lurrak daude arriskuan". Horixe nabarmendu du Eduardo Navascuesek, Erriberako Ekologistak Martxan taldeko arduradun eta Nafarroako Fracking Ez plataformako kideak. Arrisku hori orain hurbilago dela salatu du, Espainiako Ingurumen Ministerioak Aquiles proiektuaren hurrengo fasea martxan jartzeko urratsa egin eta gero.

2D prospekzio sismikoekin proiektuaren bigarren fasea abiatuko litzateke, hain zuzen ere. Bigarren faseko lehen zatia, zehazki erranda. "Lehendabiziko fase batean, paperak jarri zituen enpresak mahai gainean. Agiriak osatu zituen, balizko zundaketak egiteko tokiak aztertuz", azaldu du Navascuesek. Paperean jasotakoa zein neurritan betetzen den ikustea izanen litzateke laster martxan jar daitekeen bigarren fasearen helburua: lehendabiziko zatian, prospekzio sismikoen bidez eginen lukete lan hori; eta bigarrenean, berriz, zundaketen bitartez.

Prospekzio sismikoak egiteko kamioiak erabiltzen dituzte enpresek. Navascuesek salatu du Frontera Energy Corporationek oraindik ez duela zehaztu lan horiek non egin nahi dituen. "Normalean, halako prospekzioak errepide eta bideetan egiten dira", azaldu du. Helburua da lur geruzaren ezaugarri litografikoak zehaztea. "Hori egiteko hainbat teknika erabiltzen ohi dituzte, eta prospekzio sismikoena da horietako bat".

Informaziorik ez

Prospekzio sismikoak egiteko baliatzen dituzten kamioiek motor baten bidez dar-dar egiten duen plataforma bat badute. Lur azpian hainbat zunda sartzen dituzte, eta plataformaren dar-dar hori jasotzen dute. Informatika programa berezi bat erabiltzen dute datu horien bidez lur geruzaren ezaugarri litografikoen irudia lortzeko. "Asmoa da, noski, gas poltsak egon daitezkeen edo ez baieztatzea", erran du plataformako kideak.

Prospekzio sismikoak egiteko ingurumen ebaluazio sinplifikatua eskatu du Frontera Energy Corporation etxeak. Horrek erran nahi du zuzenketak aurkezteko aukerarik ez dutela izan herritarrek. Ezin izan dute parte hartu. Informazioa ere urria dela salatu du Eduardo Navascuesek. Ezagutarazi du Poloniako enpresa batek eginen dituela lan horiek Erriberan.

Zundaketak eginen lituzkete bigarren faseko bigarren zatian. "Orduan, bai, ingurumen eraginaren adierazpena beharko luke proiektuak". Gasa ateratzeko eginen lituzketenak baino neurri txikiagoko zundaketak izanen lirateke, baina horietan ere "jariakin toxikoa" erabiliko lukete. Hau da, jariakin toxiko hori sartuko lukete Erriberako lurretan. "Egia da batez ere ura erabiltzen duela haustura hidraulikoaren teknikak; baina baliatzen dituen osagai kimikoak hagitz toxikoak dira; lur azpian dagoen radon gasa askatzen du haustura hidraulikoak, gainera, eta erradioaktiboa da. Lurrikarak izateko arriskuak ere gora egiten du fracking-aren eraginez, eta ur anitz kontsumitzen du".

Hirugarren fasean bigarrenean lortutako datuak aztertuko lituzke enpresak, gasa ateratzeko zundaketekin hasi edo ez erabakitzeko. "Azken zundaketa horiek egiteko ere ingurumen eraginaren adierazpena beharko luke proiektuak", zehaztu du Navascuesek. Bigarren faseko informazioa lortzeko zundaketetan 1.000-1.500 metrora eginen lituzkete zuloak; gasa ateratzekoak, berriz, handiagoak izaten dira: "2.500-3.500 metro sakon izan daitezke, eta 1.500-2.000 metro zabal", erran du Navascuesek.

"Putzu horien mehatxupean dira Erriberako lurrak eta ura", salatu du Nafarroako Fracking Ez plataformako kideak. Nafarroako bertze hainbat eskualde ukitzen dituzten bertze lau proiektu badirela gogoratu du.

Proiektu horiei guztiei aurre egin nahi izan zien Nafarroako Parlamentuak, eta haustura hidraulikoa debekatzen zuen legea onartu zuen 2013. urtean. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ordea, bertan behera utzi du. Parlamentuko bozketan UPNk eta PPNk bakarrik egin zuten haustura hidraulikoa debekatzen zuen testuaren aurka. PPN hasieratik agertu zen lege horren aurka, baina UPNk bere botoa aldatu zuen: batzordean egindako bozketan abstenitu egin zen; osoko bilerako azken bozketan, berriz, debekuaren kontrako boza eman zuen.

Erriberan bertzelakoa da egoera, eta UPNk agintea duen herrietan ere teknika horren aurkako jarrera erakutsi dute. Aquiles proiektuak ukitzen ditu, eta kezkatuta daude. Erribera osoan egin du gora haustura hidraulikoaren inguruko kezkak, azken asteotan.

TUTERA

"Aireak eta urak ez dute mugarik". Tuterako ingurumen zinegotzi Olga Risueñorenak dira hitzak (Ezkerra). Aquiles proiektuak ez ditu herri horretako lurrak ukitzen, zuzenean, baina Erriberako hiriburua da, eta haustura hidraulikoaren aurka egin du udalak.

"Fracking-aren aurkako mozioa lehendabizikoz aurkeztu zenean, atzera bota zuen udalak; bigarrenean, berriz, PP bakarrik gelditu zen haustura hidraulikoaren alde", gogoratu du Risueñok. Bi urte baino gehiago dira Tuterak bertze hainbat herrirekin bat egin zuela fracking-aren teknikaren aurka.

Urak eta aireak mugarik ez dutelako, hain zuzen ere. "Erriberako bertze herrientzat mehatxu dena guretzat ere bada", erran du Tuterako Ingurumen zinegotziak. "Eskualde osoaren etorkizuna dago arriskuan".

Udalek lan egiteko tarte txikia dute haustura hidraulikoaren aurkako borrokan, Tuterako zinegotziaren hitzetan. Baina horrek ez du erran nahi deus egiterik ez dutenik. "Kamioiak bide zehatz batetik pasatzeko baimenak emateko ardura, anitzetan, udalen esku dago. Gure esku dira hainbat erabaki, eta horien bidez ere lor dezakegu zerbait", erran du Risueñok.

Haustura hidraulikoaren mehatxua arriskutsutzat jo du Risueñok, eta arriskutsua da, halaber, haren ustez, herritar anitzek halakotzat ez hartzea, oraindik ere. "Azken hiruzpalau urteotan gero eta gehiago hitz egin dugu fracking-ari buruz; jendeak badaki zer den, baina mehatxu ikusezina da, nolabait erranda, oraindik ere. Lan handia dago egiteko, jendea ohar dadin haustura hidraulikoak izan ditzakeen ondorioez".

RIBAFORADA

"Poliki-poliki, baina aurrera egiten ari da haustura hidraulikoa, eta hori ez da batere ona guretzat". Ribaforadako alkate Jesus Mari Rodriguezen (PSN) kezkak gora egin du azken asteotan. Udaletxean ekainaren hasieran jaso zuten Aquiles proiektuaren hurrengo urratsen berri ematen zuen gutuna. "Prospekzio sismikoak hasi nahi dituzte; udalen iritzia eskatu dute, baina guk erran dezakegunak ez du proiektua geldituko edo aldaraziko; ez dugu indarrik. Tramite hutsa bertzerik ez da".

Erribera osoari eragiten dio Aquiles proiektuak Rodriguezen hitzetan. Baina argi du galtzeko gehien duen herrietako bat Ribaforada dela. "Ekonomiaren ikuspuntutik, gure herrian inon baino argiagoa da nekazaritzak duen garrantzia; gure herriko barne produktu gordinaren %30-40 da". Esportazioen bidez herriko kooperatibak 12 milioi euro biltzen dituela erantsi du alkateak, nekazaritzak duen indarraren adierazgarri.

"Gure bizimodua dago arriskuan; akuiferoak eta ibaiak kutsatzeko arriskua handia da", nabarmendu du Rodriguezek. Proiektuak aurrera egiteko modua kritikatu du, gainera. "Udalak aldatzen ari zirela aprobetxatu dute gutunak bidaltzeko; eta ingurumen ebaluazio sinplifikatua eskatu du enpresak. Horren helburua da ingurumenarekin lotutako kontrolei ihes egin ahal izatea", salatu du.

CABANILLAS

Jesus Santosek (PSN) ekainaren 13an hartu zuen bere esku Cabanillasko Udalaren ardura. Espainiako Ingurumen Ministerioak Aquiles proiektuko prospekzio sismikoen inguruan bidalitako gutuna hartu zuenerako, erantzuteko epea bukatuta zegoen. Onartu du jokoz kanpo harrapatu duela udala enpresak egindako azken urratsak, baina haustura hidraulikoaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. "Nahita aukeratu dute data; epez kanpo bada ere, haustura hidraulikoaren aurkako jarrerari eutsiz erantzunen diogu ministerioari", azaldu du alkateak.

Teknika horrek dituen arriskuak agerikoak direla nabarmendu du Santosek, eta kezka agertu du. "Nekazaritza da gure herrian nagusi; landa eremua da gurea, eta haustura hidraulikoak kalte handia eragiten ahal dio", salatu du. Egoera horretan udalek "deus gutxi" egin dezaketela uste du.

BUÑUEL

Buñuel da haustura hidraulikoaren kontrako manifestuarekin bat egin ez duen herri bakarra Erriberan. Jose Antonio Lasheras alkateak argi utzi du, hala ere, fracking-ari ezezko biribila eman diola herri horrek, eta lehenbailehen bat eginen dutela haustura hidraulikoaren aurkako herrien zerrendarekin. "Ez dugu haustura hidraulikorik nahi Erriberan", berretsi du UPNko alkateak.

Erriberako bertze herrietako alkateekin bat egin du Buñuelgoak ere. "Gure lurrak defendatu behar ditugu. Haustura hidraulikoak ekosistemari eragiten dio; ura kutsatzen du. Lurra da gure bizimoduaren oinarria, eta ezin dugu suntsitu", nabarmendu du Lasherasek.

Agerian utzi du Espainiako Gobernuaren eta Frontera Energy Corporation enpresaren eskutik informazio gutxi jaso dutela udalek. "Informazioa badugu, baina ez digute enpresak edo ministerioak eman, haustura hidraulikoaren aurkako plataformak baizik", salatu du.

Udala kezkatuta dagoela azaldu du alkateak; herritarren artean egoera bertzelakoa dela uste du, ordea. "Herritarrentzat kezka nagusia Ebro ibaia da. Ebrok eragiten die gure lursailei, eta Ebrori so bizi dira herritarrak". Haustura hidraulikoaren mehatxua mahai gainean dagoela argi du alkateak, baina uste du herritarrentzat, oraindik ere, ez dela lehentasunezkoa haren kontrako lana. "Urrutiko mehatxu bat balitz bezala ikusten dute", azaldu du Lasherasek. "Argi izan behar dugu, ordea, haustura hidraulikoak Ebro ibaiari ere eraginen diola".

Tuterako zinegotziaren iritzi bera du. "Udalek ez dugu anitz egiteko aukera, baina gure esku dagoen hori egin behar dugu". Oztopoak jarri behar dizkiote udalek proiektuari, alkatearen hitzetan. Nafarroako Gobernuak ere haustura hidraulikoaren aurkako presioa egin ahal izanen duela espero du Buñuelgo alkateak. "Denen onerako".

“Nafarroako antzerkigintzaren egoitza historikoa da Erriberri”

“Nafarroako antzerkigintzaren egoitza historikoa da Erriberri”

Sanferminetako zoramena amaitu eta gero, lasaitasuna ahalik eta lasterrena berreskuratu nahi izaten dute askok, eta, horretarako, bi asteko antzerki jaialdi lasaia izan daiteke aukera egokia. Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdiak ezaugarri hori badu, beste askoren artean. Jaialdiaren muina diren antzezlanek ez ezik, hainbat hitzaldik, tailerrek, erakusketak eta beste zenbait ekintzak ere osatuko dute bi asteko egitaraua. Zentzumenen festatik lasaitasunarenerako jauzia.

Zergatik Erriberrin?

Nafarroako antzerkigintzaren egoitza nagusia izan delako 80ko hamarkadatik. Antzerkigintzaren programazioa Nafarroan oso eskasa zen garaian, Erriberrin maila handiko antzezlan eta antzezleak ikusteko aukera izaten zen. Jaialdi mitiko baten gisa gogoratzen da Erriberrikoa. Horrexegatik gorde genuen bertan. Nafarroako antzerkigintzaren egoitza historikoa da Erriberri.

Hamaseigarren jaialdia da aurtengoa. Nola hasi zen proiektua?

Hasieran, Erriberriko Udalaren proiektua izan zen, oso-osorik. 2000. urtean jaio zen proposamena, eta 80ko hamarkadatik zetorren jaialdiari segida ematea zen helburua. 2004an, Baluarte aretoak martxa hartu zuenean, Erriberriko jaialdiaren egitarauaren zati bat hartu zuen bere gain. Ordutik aurrera, Nafarroako Gobernuaren jaialdi bihurtu zen. Finantzaketari dagokionez, 400.000 euro inguruko kostua du jaialdiak. Aurrekontua %100 Nafarroako Gobernuak jartzen du.

Eguna aldatu zuten 2005eko jaialdirako.

Kultura Departamentuak eta Artea Zabaltzeko Sailak antolatutako ekitaldi guztien kokapen logiko bat lortzeko erabaki genuen eguna aldatzea, hainbat jaialdik bat egin ez zezaten. Horrela, Erriberriko jaialdia, Cultur eta Lizarrako antzinako musikaren jaialdia lotu ahal izan genituen, elkarri traba egin gabe. Udako egitarau kulturala indartzeko erabili genuen egun aldaketa, batik bat.

Aurreko urteetako egiturari eutsiko dio jaialdiak?

Bai. 2011n estreinatutako egiturarekin segituko dugu. Bi sail nagusi izango ditugu oholtza nagusian: Joyas de Palacio (Jauregiko Harribitxiak) eta Clásicos de Aquí (Hemengo Klasikoak). Harribitxien blokeak estatuko obra berri eta famatuen erakustokia izatea nahi du. Hemengo klasikoak, berriz, Nafarroako antzerki konpainien antzezlanak biltzen ditu. Konpainia profesionalak eta amateurrak tartekatuko ditugu.

Egitura berberari eutsita, berrikuntzaren bat edo beste sartzeko parada izan duzue.

Hala da. Bikain funtzionatu duen eskema aldatzeko premiarik izan gabe, bi berrikuntza sartzeko aukera izan dugu. Batetik, Milurteko Klasikoak izeneko atala txertatu dugu. Jende gazteak antzerkiaren mundua ezagut dezan, 90eko hamarkadan jaiotako antzezleek osatuko dute atal berri hori. Ez hori bakarrik, antzerkia erakargarriagoa izan dadin, antzezlan klasikoak gaur egungo egoeretara egokitu dituzte taularatu ahal izateko: Romeo eta Julieta-ren klasikoa reality show bat bihurtu dute. Bestalde, Martzillako Udalaren proposamenez, kohaen produkzioa aztertzeko ikastaroa antolatu dugu Martzillako gazteluan. Jaialdian beste balizko egoitzen funtzionamendua aztertzeko baliatuko dugu aukera hori.

Berrikuntzak alde batera utzi gabe, euskarazko edo ingelesezko antzezlanak txertatzeko aukerarik ez al dago?

Euskaraz ia ez dago antzerki klasikoa egitera animatzen diren konpainiak. Ingelesari dagokionez, oraindik ez dugu egin antzezlanetan azpidatziak sartzeko urratsa. Ingelesezko konpainia bikainak daude, baina Erriberriko jaialdia kalean egiten denez, ez zaigu agertoki egokiena iruditzen mota horretako antzezlanentzako, oraingoz behintzat. Ikusmen edo entzumen arazoak dituztenentzat, bai, prestatu ditugu antzezlan bereziak.

Cervantesekin hasiko duzue jaialdia.

Harribitxien blokea osatzen duten konpainiei jaialdiko egun indartsuak, hots, ostirala eta larunbata gordetzen dizkiegu. Maila handiko antzezlanak ditugu aurten: Nikolas Makiaveloren El Principe, La Discreta Enamorada, Las Alegres Casadas, besteak beste. Hala ere, Kixotearen bigarren zatiaren urteurrena betetzen denez, egoki iruditu zitzaigun Entremeses de Cervantes antzezlanarekin hastea jaialdia. Egitarauaren gainontzeko zatia konpainien agendaren arabera antolatu dugu.

Antzezlanez ez ezik, jaialdia beste hainbat ekitaldiz josita dago. Zein dira arrakastatsuenak?

Eskola magistralak bereziki dira arrakastatsuak. Balio erantsia ematen diote jaialdiari. Antzerkigintzan era profesionalean edo amateurrean aritzen direnei tresnak eskaintzea da xedea. Maila handiko antzerki zuzendariek gidatzen dituzte eskola horiek, pertsona gutxiko taldeei eskola emanez. Eskola magistralez gain, Nafarroako antzerkigintzari buruzko jardunaldiak ere egiten ditugu. Nafarroako Unibertsitateko Siglo de Oro (Urrezko Aroa) ikertzaile taldeak antolatutako zientzia dibulgazioaren inguruko maila handiko jardunaldiak dira. Aurten, emakumeak antzerki barrokoan bete duen rola aztertuko dute.

Krisiak gogor jo zuen jaialdia 2011n.

Aurrekontua %50 jaitsi ziguten. Agertoki nagusi bakarrarekin gelditu ginen, La Cava-koa birmoldatu eta gero. Dirua beti dator ondo produkzio ikusgarriak egiterakoan, baina aktore, zuzendari eta produktore askoren talentuarekin nahikoa da, askotan, antzezlan bikainak egin ahal izateko. Badirudi egoera hobetzen ari dela eta, pixkanaka, lehengo antzerkigintza moldeetara itzultzen ari garela. Hala ere, BEZa %21 da oraindik ere. Eta horrek min handia egin digu.

Zein da jaialdira biltzen den ikuslearen soslaia?

Aztertu dugunaren arabera, 30 urte inguru dituen bikotea da ikusle artean ohikoena. Seme-alabak etxean norbaitekin uzteko aukera izan, eta beste bikote lagun batekin joan ohi dena. Amateurren antzerkigintza txertatzean, beste soslai bateko jendea ere etortzen hasi da.

Aurreko urtean, zenbat ikusle izan zituen jaialdiak?

Antzezlan guztietan eserlekuen %90 inguru egon zen beteta. Sarreren salmentei erreparatuz gero, 7.000 sarrera saldu genituen, hamabi antzezlanen artean. Hor ez ditugu kontatzen ekintza osagarrietan parte hartu zutenak.

Gobernu aldaketak eraginik izango du jaialdian?

Gobernu oso desberdin batekin ariko gara, hemendik aurrera lanean. Kultura kontseilari berria nor den jakin orduko jarriko gara harekin harremanetan.

Albina Prieto (Tafallako zinegotzia): “Norberekeria bazter utz dezala PSNk”

Albina Prieto (Tafallako zinegotzia): “Norberekeria bazter utz dezala PSNk”

Behin eta berriz errepikatu du. "1978. urtetik naiz ni alderdi sozialistako militante". Horregatik nabarmendu du harridura, haserrea eta etsipena eragin diola PSOEren zuzendaritza batzorde federalak hartutako erabakiak. Albina Prieto (Sahagun de Campos, Leon, Espainia, 1946) duela berrogei urte baino gehiago ailegatu zen Tafallara, eta herriko udaleko zinegotzi sozialista da. Alderdiak behin-behinean kanporatu du, Juan Jose Martinez kidearekin batera, biek EH Bilduren udal gobernuan sartzeko urratsa egin eta gero. Behin betiko erabakiaren zain dira orain, eta egunotarako espero dute. Argi utzi dute biek aurrerantzean ere zinegotzi izanen direla.

"Sekula ez nuen pentsatu halakorik gerta zitekeenik; PSNk bide beretik jarraitzen badu, hutsaren hurrengo bilakatuko gaitu. Ideia sozialistei eman beharko lieke alderdiak lehentasuna, eta norberekeriak bazter utzi. Argi dut PSNn badela alderdiari onik egiten ez dion jendea, eta jende horrek alde egin beharko luke".

Argi eta garbi mintzatu da Prieto PSNko zuzendaritzaren jarduerari buruz; eta argi eta garbi erran du, halaber, udal gobernuan sartzeko erabakiak Tafallako PSNren udal batzordearen babes ia erabatekoa izan duela. "Gu behin betiko kanporatzeak Tafallako PSN desegitea ekarriko luke", ohartarazi du zinegotziak. Juan Jose Martinez da Tafallako sozialisten idazkari nagusia, hain zuzen ere. Prieto ere zuzendaritza batzordeko kidea da.

"Iparra galduta dabil PSN arlo anitzetan. Gaizki egindakoak erranen ditut. Ez naute isilduko", erantsi du zinegotziak. Minduta dagoela onartu du Prietok. Uztailaren 1ean, txostena ireki zien alderdiak hari eta Martinezi. "Guri ez ziguten deus erran; PSNko inork ez gintuen deitu Iruñetik; hedabideen bidez izan genuen hartutako erabakiaren berri; ez genuen horrelakorik merezi", azaldu du.

Bere txostena Madrilera bideratu zuen PSNk, eta, ondorioz, uztailaren 3an, burofax bat igorri zien PSOEren zuzendaritza batzorde federalak. "Hilaren 7an jaso nuen nik; eta hurrengo egunean nire alderdikideak; hamar eguneko epea eman ziguten zuzenketak aurkeztu ahal izateko. Iruñean auzi hau martxan jarri izan ez balute, Madrilen ez lukete deus egin izanen". Beren burua defendatuko dutela nabarmendu du Prietok, eta abokatuen esku dagoela auzia.

"Aurrera egin"

"Joandako urak, indarrik ez". Horixe uste du Prietok, eta halaxe nabarmendu du: "Garai hagitz txarrak bizi izan ditugu; gure alderdikideen hiletetara joan behar izan dugu; nire semea ere PSNko zinegotzi izan da herrian, eta bizkarzainarekin ibili behar izan du, batetik bertzera. Hori hor dago, gogorra izan da, eta ez dugu bertzerik gabe ahaztuko; baina aurrera egin behar dugu. Bertze erremediorik ez dugu. Ezin gara beti atzera begira egon. EH Bilduk alkatetza du 2.000 herritarrek baino gehiagok botoa eman ziotelako. Koalizioa legezkoa da, eta hori errespetatu egin behar dugu. Kito".

Tafallako Udalean EH Bilduk du alkatetza, zortzi zinegotzirekin. UPNk lau ditu; Iniciativa por Tafalla taldeak bi, eta bertze bi PSNk. Ezkerrak, berriz, bakarra. "EH Bilduk talde guztioi egin zigun udal gobernuan sartzeko gonbita; UPN bakarrik gelditu da kanpoan", azaldu du Prietok.

"Tafallaren alde lan egiteko erabaki genuen sartzea; guk ez diogu EH Bilduri txeke zuririk eman, eta gauzak gaizki egiten baditu, eskatuko dizkiogu kontuak, eta hartuko ditugu hartu beharreko erabakiak, gure kontzientziaren arabera", erantsi du.

Herritarren eta udaleko bertze taldeen babesa jaso dutela nabarmendu du Prietok, eta hori dela garrantzitsuena. "Herritar anitzek ere harriduraz hartu dute gertatzen ari dena. Herritarren alde ari gara, eta haien babesa badugu; ongi ari gara". Egoera, nolabait, normalizatu egin behar dela gaineratu du. "Tafalla ez da bakarra izanen; ziur naiz bertze hainbat herritan ere PSNk parte hartuko duela EH Bilduren udal gobernuetan; denak kanporatuko gaituzte, orduan?", galdetu du Prietok; erantsi du taldeen arteko harremanak normal-normal hartzeko ordua dela.

Ildo horretan, aspaldiko garaiak ere ekarri ditu gogora Tafallako zinegotziak. Gizarte Ongizaterako Sailaren ardura du oraingo udalean, eta sail horren eskutik hasi zen, hain zuzen ere, gizarte kontuetan lanean, Tafallan. "Herri Batasuna zegoen orduan udaletxean; Gizarte Ongizaterako Saila ezarri zuten, eta talde horretako zinegotziak eman zidan lan egiteko aukera. Autoarekin ibiltzen nintzen, etxez etxe, bakarrik ziren herriko zaharrei jatekoa eramaten".

Aspaldi hasitako bidean urratsak egiten jarraitu nahi du Prietok. "PSNren barruan, edo bertze izen batekin, baina nire ideia sozialistei uko egin gabe". Alderditik at sentitzen da. Eta horrek amorratzen duela aitortu du. Eutsi dio, ordea, hartutako erabakiari.