BIHAR IREKIKO DUTE TONBOLA

Caritasen tonbolarik gabe ezin dira sanferminak hasi. Bihar irekiko dute tonbola ofizialki. Erdietsitako dirua bazterkeria sufritzeko arriskuan dauden pertsonei laguntzeko baliatuko dute. Hamabost egun baino gehiago behar izan dituzte egitura guztia m...

Esako urtegia bigarren arrisku mailara igotzeko eskatu du Esa + Ez taldeak

"Orain urtebete, 4.000 pertsona bildu ginen Zangozan Esako urtegia husteko, baina ez da ezer aldatu", salatu du Iker Aramendia Esa+Ez taldeko kideak. Esako Larrialdietarako Plana martxan jarri zutenetik hamazazpi hilabete daramatzate urtegi inguruko biztanleek lehenengo arrisku mailan. Egoera horrek behin-behinekoa izan beharko luke, arrisku maila horretako arazoak neurri zehatzekin konpon baitaitezke. Aramendiaren arabera, hamazazpi hilabete lanean daramatzate urtegiko arazoak konpontzeko asmoarekin, eta ez dute lortu. Horregatik eskatu dute arrisku maila igotzeko. "Arazoa zein den jakiteko, urtegia hustu egin behar da. Baina hori ez dute egingo".

Hustearen aldeko manifestaziora deitu dute biharko, Iruñean, Esa + Ez, Rio Aragon eta Ura taldeek. "Egoera oso larria da; Lasaitasuna urbanizazioa icebergaren erpina baino ez da. Urtegitik behera bizi garenok berdin jarraitzen dugu. Gorago bizi direnak ez daude askoz hobe. Urtegia handitzen bada, 500 bizilagunek etxea utzi beharko dute", esan du Aramendiak. Orain arte, 25 milioi euro gastatu dituzte urtegia konpontzeko. Gainera, azken datuen arabera, urtegiko maldaren mugimendua norabidez aldatu da. "Orain iparraldera mugitzen hasi da. Teknikariek esan dute hori oso arraroa dela", esan du Aramendiak.

Horrekin batera, bada Aramendiaren ustez gutxi aipatzen den gai bat: uraren pribatizazioa. "Esa Ebroko ur aldatzearen oinarria da. Egun Esan dagoen ura ezin da nahi duten moduan atera. Bardeako ubidea txikiegia da. Hori dela-eta nahiz eta urtegia handitu, ubideak berdin jarraitzen badu, ur hori ezingo da ureztatzeko erabili".

Arazoak arazo, lanek aurrera jarraitzen dute. Aramendiak dio urtegia handitzeko aurrekontua dagoeneko gastatu dutela, baina lanen %20 baino ez daudela eginda. Lanekin aurrera jarraitzeko erabakiaren atzean bi arrazoi ikusten ditu Aramendiak. Alde batetik, hainbat enpresaren interesak, eta, beste alde batetik, agintari politikoen "harrokeria".

Mundiala ez den ‘mundiala’

Nahigabea, atsekabea, tristura, hiramendua. Ez dago hitzik momentu honetan sentitzen dudana adierazteko. Futbolzale asko datorren ekainaren 12a iristeko irrikaz egonen dira jada; bufandak, danborrak, kamisetak, banderak eta abar hartu eta bakoitzaren selekzioa animatzeko gutiziaz beterik. Seguruenik baten batek duela lau urteko bubuzelari ere hautsa kendu izanen dio, zarata ateratzeko xedez. Kamerun, Korea, Ghana, Honduras… guztira 32 selekzio, eta mundu oso bat hogeita bi gizonek egiten dutenari arretaz begira, ia begiak kliskatu ere egin gabe, hipnosi egoera itsuan.

Izua, ikara, beldurra, zukurutza. Aurten, Brasil izango da munduko txapelketa erraldoienari lekua utziko diona. Utzi diot, zer edo zer esateagatik, futbolak ia konkistatu egin baitu herrialde osoa. Guztion ahotan dabilen mundialak zer dauka mundialetik? Galdera horren erantzuna brasildar batek ematea gustatuko litzaidake, baina zoritxarrez ez dut inor ezagutzen. Bueno, bai, Neymar, Ronaldinho, Alves, Kaka, Marcelo eta Pele ezagunak ditut, baina ez dut uste egokienak direnik txapelketaren atzealdean gertatzen ari dena kontatzeko; benetako Brasil ordezkatzeko.

Nazka, higuina, gohaindura, narda. Izugarria da Hego Ameriketako estaturik populatuena pairatzen ari dena. Polita izan daiteke 90 minutuz zelai zoragarri bateko giroa sentitzea, baina zein preziotan? Brasilek dagoeneko 2.500 milioi euro inbertitu ditu hilabete eskas batez erabiliko dituzten instalazioetan. Ni bezain ezjakinak zaretenontzat, jakizue gastu horrekin munduko azken bi txapelketek elkartuta inbertitutakoa gainditzen dela.

Amorrua, errabia, ernegazioa, sumina. Zer ari da gertatzen estatuko egiazko ordezkariekin? Barrua sutzeko modukoa da hango egoera: garraio publikoa igo da; lan baldintzak jaitsi dira; proiektu sozialak alde batera utzi dira; etxebizitzak indarrez hustu dira; adingabeak sexua eskaintzera behartu dituzte… Laburbilduz, badirudi futbolaren ikuskizun erraldoia prestatzea baino, herrialde osoan zehar pobrezia sustatzea izan dela Gobernuaren helburua. Ez dira gutxi izan brasildarren erantzunak, ordea. Adorez bildu, eta kalera irteten ari baitira ia egunero, euren eskubideak aldarrikatuz.

Gorrotoa, aiherra, kolera, haserrea. Aurreko guztia gutxi balitz, askok bizia ere galdu dute hil osoan dena "perfektua" izan dadin. Esplotatutako zortzi bat langileren heriotzaz gain, Mikkel Jensen kazetari daniarraren adierazpenak aintzat hartzekoak dira. Hotzikara zorrotz eta samin batek gorputz osoa zeharkatzen dit haren hitz garratzak irakurtzen ditudan bakoitzean. Izan ere, Gobernua kalean errotiko garbiketa egiten ari da, turistei itxura "ona" ematearren. Kale horietan ume andana bizi ziren, baina bat-batean desagertu egin dira; seguruenik heriotza izanik haien patua. Zaborra balira bezala baztertu dituzte, herritarrengan mina, mespretxua eta arrangura sortuz.

Hitzak sobran daude, beraz; ekintzak behar dira. Ez dizuet Munduko Kopari boikot egiteko eskatuko, baina bai une batez hausnarketa egiteko. Marxen hitzak eraldatuz, futbola herriaren opioa bilakatu da, eta menpekotasun hori desagerrarazi behar dugu. Gozatu kirolaz, baina begiak irekita!

“Keinu hizkuntza komunikazio zubi bat da haurtxoentzat”

Umeen eta gurasoen arteko komunikazioa erraztea. Hori da Mentxu Isturizen helburua (Iruñea, 1980). "Momentu batetik aurrera umeak badaki zer nahi duen; hark aukeratu nahi du, eta ez dauka modurik zer nahi duen azaltzeko". Irratiaren bidez, Isturizek haurren keinu hizkuntzaren berri izan zuen, eta ikastea erabaki zuen. Ikasi, eta semearekin praktikatzen hasi zen. "Ikusi nuenean Oierrek keinuak egiten zituela, neure buruari esan nion: 'Hau mundu guztiarekin partekatu behar dut'". Beraz, haurren keinu hizkuntzan prestakuntza jaso, eta ikastaroak ematen hasi zen. "Blog bat ireki nuen Interneten, eta kalean kartelak jarri nituen. Poliki-poliki hasi naiz, eta, bi urteren ostean, nabaritu dut ahoz ahokoaren bidez asko zabaltzen ari dela". Hala ere, keinu hizkuntza irakatsiz bakarrik ez du bizimodua aurrera ateratzen. Horregatik sortu du Xamurki. Han, keinu hizkuntzaz gain, umeei masajeak nola eman eta haur-eramaileak nola erabili irakasten du.

"Keinu hizkuntza komunikazio zubi bat da haurtxoentzat". Isturizek uste du horrek frustrazio eta momentu txar ugari ekidin ditzakeela. "Haur batek, zer nahi duen azaltzeko gai ez denean, bere baliabideak erabiltzen ditu. Hau da, soinuak egiten hasten da, gero oihuka, eta, azkenean, kasketa galanta sor daiteke". Haurren keinu hizkuntza gorren keinu hizkuntzan oinarritua dago, baina ez da gauza bera. "120 keinu irakasten ditut, eta oso errazak dira ikasteko. Keinuak ikonikoak dira, eta batzuk betidanik egin ditugu etxean. Jateko, eskuak ahora eramaten dituzte, eta, lo egiteko, eskuak aurpegiaren alde batean jartzen dituzte".

Haurrak jaiotzen direnetik keinuekin komunikatzen hastea gomendatzen du Isturizek. "Hasieratik hitz egiten diegu, eta ez gaituzte ulertzen. Keinu hizkuntza errazagoa da, hitzak abstraktuak direlako eta keinuak ikonikoak; hau da, ekintzen antzekoak dira". Haurrak erraz jabetzen dira keinuez, eta sei eta zortzi hilabete bitartean dituztenean, eskuak garatu dituztenean, keinuak errepikatzen hasten dira. Era berean, keinuak hitzekin laguntzeko gomendioa egiten du Isturizek, komunikazioa garatzeko. Haurrek, hitz egiteko gaitasuna garatzen duten heinean, keinuak galduko dituzte. Isturizek dio bi gauza baino ez direla behar haurrei keinu hizkuntza irakasteko: "pazientzia eta pertseberantzia".

Zabaltzen ari den ezagutza

Haurren keinu hizkuntza AEBetan hasi zen, 1960ko hamarkadan. Urte batzuk geroago, 1980ko hamarkadan, Joseph Garciak egin zituen lehen ikerketak. Unibertsitateko ikaslea zen, eta gorren keinu hizkuntza ikasi zuen. Orduan, lagun gorrak ikusten zituen seme-alabekin komunikatzen, haurrek bederatzi hilabete baino ez zituztela. Garciak, ordea, arazo handiak zituen hainbatetan bere seme-alabekin komunikatzeko. Horregatik erabaki zuen keinu hizkuntza ikertzea. Garai berean, Linda Acredolok eta Susan Gotwinek ikerketa sakonak egin zituzten gai horren inguruan. Haurren keinu hizkuntza oso zabaldua dago, besteak beste, AEBetan, Ingalaterran eta Alemanian. Baina Euskal Herrian ez da oso ezaguna. Gipuzkoan ikasi zuen Isturizek, han irakasten zuen pertsona bat zegoelako.

Isturiz da Nafarroan haurren keinu hizkuntzako irakasle bakarra. Horretarako, Cincodeditos elkartearen ikastaroa egin zuen. Claudia Carterrek sortu zuen elkartea; Ingalaterrakoa da Carter, eta Madrilera joan zen bizitzera. Konturatu zen Espainian ez zutela ezagutzen haurren keinu hizkuntza. Hori dela-eta sortu zuen elkartea. Geroztik, gurasoei keinu hizkuntza irakatsi die, eta irakasleak trebatu ditu.

Bi urte daramatza Isturizek haurren keinu hizkuntzako ikastaroak ematen. Ehun familia ingururekin lan egin du, eta pixkanaka-pixkanaka ezagun egiten ari dela uste du. Ikastaroak ematen ditu deitzen dioten tokian, normalean larunbat goizean. Bi ordu eta erdiko ikastaroak ematen ditu, eta saioan ikasitakoaz gain laguntzeko hainbat material ematen ditu.

Baina, keinu hizkuntza ikastaroez gain, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu. Horretarako sortu du Xamurki. Han, haurtxoentzako masajeak nola eman eta haur-eramaileak nola erabili irakasten du. Bi gauza horiek berebiziko garrantzia dute gurasoen eta haurren arteko erlazioan. "Haurtxoak oso sentiberak dira lehen sei hilabeteetan, eta azalaren bitartez hamaika sentipen transmiti daitezke; lotura ixten da". Isturizek dio haur-eramaileek ere haurren eta gurasoen arteko harremanean laguntzen dutela. "Umeak gurasoen kontaktua sentitu behar du, seguru dagoela jakiteko".

Amatasunak bizimodua aldatu zion Isturizi. Seme-alabekin komunikatzeko beharrak beste mundu bat ireki zion. Geroztik, haurtxoekin erlazionatzeko beste bide batzuk bilatu ditu, komunikazioa hitzak baino askoz gehiago dela frogatzeko.

437

Osasunbidean 2010. urtetik galdu den lanpostu kopurua. Duela lau urte, 9.950 langile zituen Osasunbideak. Iazko urtea bukatu zenean, 9.513 langile baino ez zeuden. Hau da, hiru urtean 437 lanpostu galdu dira Osasunbidean. Langileen %62,7k lanpostu finkoak dituzte, eta %37,2k, behin-behinekoak. Langile gehienak, %76,78, emakumeak dira.

Espazio falta eta bestelako gabeziak salatu dituzte 30 ikastetxetan

"Ikasleen familien bi herenek irakaskuntza publikoa aukeratzen dute, eta gure eskubideak errespetaraziko ditugu", adierazi du Itziar Muro Iruñeko Biurdana institutuko guraso elkarteko kideak. Nafarroako 30 ikastetxe publikotan espazio falta eta beste hainbat gabezia salatu dituzte Sortzen-ek eta Herrikoak. Egoera hori aldatzeko batu dira kaltetutako ikastetxetako guraso elkarteak, eta euren aldarrikapenen berri eman dute.

Eskola Batzordearen arabera, 2012-2013 ikasturtean 65.835 ikaslek ikasi zuten ikastetxe publikoetan. Baina eskola publikoa aukeratzen duten gurasoek ez dute gobernuaren sostengua sentitzen. "Nafarroako Gobernuak ez du hezkuntza publikoa lehenesten", adierazi dute. Hainbat aldarrikapen egin dizkiote Hezkuntza Departamenduari.

Hasteko zonifikazio bakarraren aurka egin zuten. "Neurri horrek indargabetu egiten du, hein handi batean, gobernuak auzo eta herri guztietan ikasteko leku publikoa bermatzeko duen ardura", ohartarazi dute Sortzen-ek eta Herrikoak. Era berean, gogoratu dute legediaren arabera ikasle orok haren etxetik gertuen duen zentroan hezkuntza jasotzeko eskubidea duela. Horrekin batera, ohartarazi dute Hezkuntza Departamenduak euren ikasleak aukeratzeko eskubidea bermatzen diela itunpeko eskolei. Gaineratu dute behin ikasturtea hasita ez dutela atzerritik datozen ikasle berrientzako lekurik gorde behar. Euren arabera, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek jaso beharko lituzkete atzerriko eta gutxiengo etnikoetako ikasleak.

Gurasoek atzeman dituzte Hezkuntza Departamenduak itunpeko eskolen alde eginiko beste neurri batzuk; izan ere, murrizketetan "desorekak" daude. "Irakasleak ez kontratatzeak eta funtzionamenduko murrizketek ekarri dute hezkuntza publikoan urtero 30 milioi euro gutxiago inbertitzea. Itunpeko eskoletan, berriz, inbertsioa lau milioi eurokoa izan da", adierazi du tinko Txentxu Juaniz Sarrigurengo eskola publikoko guraso elkarteko kideak.

Ikastetxe publiko berriak eraikitzeko oztopoez ere hitz egin du Murok. Biurdanako guraso elkarteko kideak salatu du hainbat herritako eta Iruñeko zenbait auzotako ikastetxeak handitzea oztopatu duela gobernuak. Horretaz gain, gogoratu dute eraikin berriak behar dituztela Iruñeko Biurdana institutuan eta Sarrigurengo eta Erronkariko eskoletan. Lehen bietan ikasleentzako tokirik ez dagoelako, eta Erronkarikoan, eraikinak 130 urte dituelako. "Hezkuntza publikoan distortsioa eragiteko estrategia darabilte familiek itunpeko eskolak aukeratzeko", esan du Murok. Orotara, hamaika ikastetxek handitzeko beharra dute, hamalauk azpiegituretan hobekuntzak behar dituzte eta bostek mantentze lanen falta dute.

Era berean, Nafarroako Gobernuak Espainiako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren alde egitea salatu dute. "Gobernuaren lege berriarekin, sexuaren arabera ikasleak bereizten dituzten ikastetxe pribatuek itunpeko bilakatzeko aukera izango dute, Nafarroako legediari kontra eginez". Baina zailtasunen gainetik, familia guztiei dei egin diete hezkuntza publikoa aukeratzera.

Ehunka lagunek omendu dituzte Ezkabako presoak

Ezkabako gotorlekuko presoek Europako ihesaldirik handiena egin zuten 1938. urteko maiatzaren 22an. Egun hartan, espetxean zeuden 2.500 presoetatik 795ek ihes egin zuten. Horietatik hiruk baino ez zuten askatasuna lortu, ordea. Gainontzekoak berriro e...

UPNri euskara errespetatzeko eskatu diote

"Batzordeetan eta osoko bilkuretan udal gobernuak euskararen araudia urratzen jarraitzen duela etengabe salatzen dugun arren, UPNk ez du inolako borondaterik euskararen araudia betetzeko", adierazi du EH Bilduk. Iruñeko Udalak euskaren erabilera arautzeko ordenantza "maltzurkeriaz eta mespretxuz" urratzen duela gaineratu dute. Euren aburuz, udal gobernuko kideek "ongi dakite legez kanpokoa dela euskararekin duten jarrera".

Jokaera hori salatzeko, hainbat adibide jarri ditu mahai gainean koalizio abertzaleak. Esaterako, udalaren webgunea gaztelania hutsean eguneratzen dutela jakin zutenean, eskaera formal bat egin zuten erregistroan webgunea bi eletan egoteko. Hala ere, udalak eskatutakoa ez duela aintzat hartu adierazi dute.

Horrez gain, koalizioak beste urraketa baten berri eman du: Iruñeko igerileku publikoetan gaztelaniaz eta katalanez soilik eman daiteke izena. Egoera horrek bereziki sumindu ditu EH Bilduko kideak. "UPNk ongi daki euskara gutxiestea Iruñeko euskaldun guztiei burla egitea dela", azaldu dute.

Ildo horretatik, Iruñeko Euskalgintza taldeak jakinarazi zuen Iruñeko hizkuntza paisaia aldatzen hasia zela, nahiz eta poliki izan. Hain justu, hizkuntza paisaiarekin udalak duen jarrera ere salatu du EH Bilduk. Izan ere, Rodezno kondearen plazan dagoen erakusketan euskara "gutxiesten" dela salatu dute. Euskarazko izenburuak gaztelaniazkoak baino hizki xeheagoa dauka. Horregatik guztiagatik udal araudia bete dezala eskatu dio EH Bilduk Enrique Maia alkateari.

HERRIAN BARRENA KANTUA AURKEZTEN

Heldu den urriaren 19an izango da Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen jaia, Zangozan. Jaiaren bideoklipa eta abestia, esaterako, joan den larunbatean ezagutarazi zituzten, modu berezian gainera. Tafallako Zartakok taldeko kideek —haiek arduratu dira abestia egiteaz— kamioi baten gainean zeharkatu zuten Zangoza, herritarrek abestia ezagut zezaten. Antolakuntzak balorazio oso baikorra egin du, halako aurkezpena egiten den lehen aldia izan delako.