Bardoak 2014

Bardoa: herri zelten kondairak, istorioak, berriak eta abar ahoz transmititzen zituen pertsonaia. Hala agertzen da hainbat hiztegi eta entziklopediatan. Kalez kale joaten ziren istorioak kontatuz eta kantatuz, herriaren kulturaren sua itzal ez zedin. Berdin zitzaien noren aurrean zeuden, ezinbestekoa zen lana behar bezala betetzen zuten. Halere, helarazten zituzten mezuen arabera, agintarientzat arriskutsuak ere izan zitezkeen.

Baina bardoak ez dira herri zeltetan geratzen. Hor dugu Gartxot, XII. mendeko Itzaltzuko koplaria. Gure herriaren oroimena sustatuz bizi izan zen; euskaldunon arbasoak gogoratuz. Nafarroako bardoa bere seme Mikelotekin batera ibiltzen zen herriz herri kontakizunak eta bertsoak kantatuz, harik eta soldaduek bahitu zituzten arte. Orreagako abade berriak Mikelotek latinez abestea nahi zuen, baina egoera jasan ezinik, Gartxotek semea hil zuen. Hargatik, Itzaltzuko bardoa Elkorretako dorre batean giltzapetu zuten. Ia hamar mende pasa direnean, urtero igotzen dira dozenaka lagun Elkorretara, Gartxot goraipatzeko eta oroitzeko xedearekin.

Koplari moduan ere, Gartxoten oihartzuna gaur arte iritsi zaigu, eta horren lekuko zuzenak dira aurten Nafarroako taldekako bertso ekinaldian parte hartu duten hainbat eta hainbat bertsolari eta bertsozale. Duela bi urte sortu zen Bardoak iniziatiba, Nafarroako bertso eskolak indartzeko eta bertako harrobia sustatzeko asmoz. Asko dira bakarkako txapelketan parte hartzera ausartu ez, eta Bardoetan haien gaitasun eta truku guztiak agerian uzten dituztenak. Izan ere, lehiakortasuna erabat ezabatu ez arren, txapelketa kontzeptua alde batera utzi, eta talde lana bultzatu nahi da.

Hori dela eta, arau zehatz batzuk ditu proiektuak; zorrozki bete behar diren eta bete diren arauak, alegia. Horien artean daude elkarlana, parte hartzea, laguntasuna eta giro ona. Taldekakoak, adin eta maila guztietako bertsozaleoi bertsoaz gozatzeko eta gozarazteko aukera eskaini digu. Udaberrian loreak loratzen ari diren bezala, Nafarroako bertsolaritzak ere bere fruituak eman ditu, euskal kultura edertuz.

Hala, otsailaren 7an hasi eta apirilaren 12an Lesakan bukatu zen ibilaldia guztiaren gainetik festa handi bat izatea lortu du Nafarroako bertsozaletasunak, orotara tokian tokiko 23 saio antolatuz. Proiektu txiki hau erraldoi bilakatu da berriz ere, beraz. Horrenbestez, eskerrak eta zorionak ematea bertzerik ez zait geratzen. Zorionak bigarrengoz ekinaldi hau posible egin duzuen parte hartzaile, antolatzaile, ikusle… guztiei! Zuetariko bakoitza txapeldun handi bat dela erakutsi duzue, gure kulturaren indarra bertze behin ere azaleratuz.

592

2013an Nafarroan itxitako banketxeetako bulegoak. Krisi ekonomikoaren eta, batez ere, finantza krisiaren eraginez, banketxeek Nafarroan dituzten bulegoen zenbatekoa murrizten ari da urtetik urtera. Esaterako, iaz, 592 bulego itxi zituzten, %3,7.

35

36ko gerran hil zituzten Nafarroako funtzionarioen kopurua. 36ko gerran hildako pertsonen senideen elkarteek esan dutenez, 1936an Nafarroako Diputazioan lan egiten zuten 35 pertsona hil zituzten.

Txikienen heziketa, murrizketen jomugan

Begitan hartu ditu Nafarroako Gobernuak haur eskolak. Krisi ekonomikoa arrazoi gisa hartuta, finantzabidean murrizketak iragarri ditu Hezkuntza Departamentuak. Iragarpena modu zelebre batean egin zuen. Izan ere, posta elektroniko bidez jakin zuten Nafarroako udaletako alkateek haur eskolak finantzatzeko jasotzen duten diru saila %30 murriztuko duela administrazioak. Horrek kolokan jar dezake hainbat eta hainbat haur eskolaren etorkizuna, zenbait udalek ez dutelako zerbitzuari eusteko diru sarrera nahikorik.

Egun, Nafarroan 95 haur eskola daude. Ehunka haur hezten dituzte zentro horietan. Azken finean, haurren heziketaren lehen murgilketa eskaintzen dute, nahiz eta ez duen hezkuntza arautu gisa aitortzen Hezkuntza Departamentuak. Errealitate horrek hainbat arazo ekar ditzakeela ohartarazi du Gari Torregrosa Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzaileak. Ofizioz haur hezitzailea da. "Argi dago Nafarroako Gobernuak ez duela haur eskoletan sinesten, eta horregatik hartu du diru saila murrizteko erabakia".

Azken urteetan, hainbat alderdi politikok haur hezkuntza arautzeko saio bat baino gehiago egin dute. Baina beti bertan behera gelditu dira saioa horiek, Nafarroako Gobernuak ez duelako arautzeko borondaterik izan. "Gaur egun, edozeinek ireki dezake haurtzaindegi ziztrin bat edozein tokitan", salatu du Torregrosak. Gainera, nabarmendu du haurtzaindegiak ez direla haurrak gurasoak lanean dauden bitartean egoten diren toki soilak.

Izan ere, haur eskolek hezkuntza eredu propioa izaten dute, proiektuetan oinarritutakoa. Haurrei bizitzako lehen hilabeteetan ingurunea ezagutzeko parada ematen diete. Aurkikuntzaren bitartez ikasten dute normalean haurrek, gauzak ukituz, ikusiz eta dastatuz. Gainera, mahaian eserita egoten eta euren kabuz —zikinduta ere berdin du— jaten ere ikasten dute. Beraz, hezkuntza arautua izan ez arren kalitatezko hezkuntza eskaintzen dutela ziurtatu du Torregrosak. Alde horretatik, ohartarazi du Batxillergoa ere ez dela derrigorrezko hezkuntza gisa ulertzen, eta inork ez duela "zalantzan" jartzen etapa horretara eta besteetara ere Hezkuntza Departamentuak diru laguntzak bidali behar dituenik.

Nafarroan dauden 95 haur eskolen kudeaketaz, batez ere, enpresa pribatuak arduratzen dira, jabetza publikoa izan arren, gehienetan udalena. Ana Maeztu Berako haur eskolako hezitzailea da. "Kezkatuta" agertu da gobernuak iragarri dituen murrizketak direla eta. Dioenez, krisi ekonomikoaren eragina izugarri nabaritu dute. "Guraso askorentzat oso garestia da euren seme-alabak haur eskolara ekartzea", azaldu du. Murrizketa gauzatzen bada, ziur agertu da haur eskolen prezioa garestitu egingo dela.

Maeztuk haur eskoletan sinesten du, bai profesional moduan baita guraso modura ere. Bi haurren ama da, eta biak izan dira hiru urtez haur eskolan, bat Beran eta bestea Arantzan. Seme-alabek jaso duten heziketarekin "oso pozik" dagoela aitortu du. Hala ere, laguntzetan %30eko murrizketa gauzatzen bada bere moduko hezitzaileen lanpostuak kolokan egon daitezkeela ohartarazi du.

Oraingoz, badirudi Nafarroako Hezkuntza Departamentuak haur eskolen finantzaketaren %70 soilik ziurtatu duela. Astelehenean, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko ordezkariekin—gehienak UPN eta PSNkoak— bildu zen Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria. Helburua azken egunetan sortu den krisi egoera bideratzea izan da. Bilera horretan, itun bat adostu zuten Udalerri eta Kontzejuen Federazioko ordezkariek Iribasekin. Horren arabera, Nafarroako Gobernuak udalei aurrekontuaren %70 ordainduko die, 0 eta 3 urte arteko zentroak finantzatzeko. Hori hala izan dadin, itun bat sinatu behar dute udalek eta Hezkuntza Departamentuak.

Behin akordioa gauzatuta, egun gutxiren buruan kobratuko dute aurreikusitako diru sailaren %70. Hala ere, horrek ez du esan nahi falta den gainontzeko %30ari uko egiten diotenik, hala ziurtatu du behintzat Iribasek. Baina ez du jakinarazi falta dena kobratuko duten ala ez. Maeztuk aitortu du, dena den, kezkatuta daudela, lagun askoren lanpostuak egon daitezkeelako kolokan.

Torregrosak, berriz, aitortu du ez dakiela irtenbidea non egon daitekeen. Hala ere, urte bat baino gehiagoko finantzaketa plana aldarrikatu du. Izan ere, haur eskolek izango duten diru laguntza urtetik urtera zehazteak sektoreari ezegonkortasuna ematen diola irizten dio. Orain, lantalde bat eratzekotan dira, haur hezkuntzaren alorreko gaiak aztertzeko. Iribasek jakinarazi duenez, asmoa lantalde hori hamabostean behin biltzea da.

Unai Lako Agoizko alkateak, bestalde, jakinarazi du agindutako finantzaketaren %70 ziurtatuta dagoen arren berandu datorrela. Izan ere, ikasturtea joan den abuztuan hasi zen, eta ordutik zentimorik ere ez diete ordaindu. Agoizko haur eskolaren kasuan, jabetza udalarena da, baina enpresa pribatu bat arduratzen da kudeaketaz. Lakoren iduriko, diru laguntzaren %30 murriztea "jaitsiera handia" da. Hain justu, jaitsiera hori salatzeko, joan den ostiralean ekitaldi sinboliko bat egin zuten Nafarroako Gobernuaren egoitzan. Nafarroako EH Bilduko alkateek, haur eskoletako giltzak hartu, eta gobernuari entregatu zizkioten, egoera salatzeko ikur moduan. "Murrizketa kolpe gogorra da, eta kasu askotan hiltzeko kolpea ere izango da", ohartarazi du Lakok.

Krisi ekonomikoa dela eta, udalen irabaziak gero eta txikiagoak dira. Lakok berak aitortu duenez, eraikuntzaren sektorea geldirik dagoenez gero eta gutxiago irabazten dute eraikinak egin edo berritzeagatik kobratzen dituzten zergengatik. "Gobernuak orain arte eman ez duen laguntza gu ari gara aurreratzen", salatu du.

Oraingoz, finantzaketa jaitsiera berraztertzeko asmo tinkorik ez du aurkeztu Hezkuntza Departamentuak. Ikus beharko da udalen eskaerak kontuan hartu eta %100 ematen duen azkenean.

Hiru talde lehiatuko dira bihar Lesakan jokatuko den Bardoak bertso lehian

Ia hiru hilabeteko ibilbidearen ostean, bihar Lesakako pilotalekuan jokatuko den finalarekin amaituko da Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. Baztango Lepatanatuek 2, Iruñeko Bertze Maldikoak eta Leitzako Harrapazank taldeak sailkatu dira finalera. Orotara, 110 lagunek parte hartu dute Bardoak-en, eta horietariko hirurogei inguru aritu dira bertsolari modura.

"Baikorra" da Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Gontzal Agotek taldekako txapelketaz egiten duen balorazioa; baita txapelketa jokatu aurreko bezperan ere. Saio guztiak txikiak izan arren "bertsozaleen erantzuna oso ona" izan dela azaldu du. Izan ere, auzolana izan da Bardoak-en funtsa. Talde lehia izaki, parte hartzaileak elkarlanean aritu dira lehia gauzatu ahal izateko, eta Agotek azaldu du publikoak ere ondo erantzun duela, batez beste saio bakoitzean 50 lagun elkartu direlako.

Otsailetik aurrera egindako saioak txikiak izan badira ere, finalerako Lesakako pilotalekua hautatu dute. Agotek onartu duenez, finala non egin erabakitzerakoan hainbat "zalantza" izan dituzte. Dena den, agertoki gainean bederatzi bertsolari izango direla kontuan hartuta, tokirik egokiena Lesakako pilotalekua izango dela ebatzi dute.

2012an hasi ziren taldekako lehiaketarekin, Nafarroako Bertsolari Txapelketa urtero egitea ez zela egokiena iritzita. Banakakoa eta taldekakoa txandaka egitea erabaki zuten orduan. Bertsolaritza herri txiki eta ohiko tokietara gerturatu du taldekako lehiak. Gainera, Bardoak lehiaketan aritu diren bertsolari askorentzat, jendaurrean abesteko lehen aukera izan da. Joana Ziganda, esaterako, 2012an hasi zen bertso eskolan. Aurten parte hartu du lehenengoz, bere lana ahalik eta ondoena egiteko helburuz.

Apurka-apurka, taldekako lehia fruitua ematen ari da. Esaterako, joan den urtean egin zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuten bertsolarietatik hiruk 2012ko Bardoak-en abestu zuten lehenengoz jendaurrean.

Biharko finalaz galdetuta, txapeelduna hiru taldeetako bat izango den arren, Agotek nabarmendu du garrantzitsuena ez dela lehia. "Guretzat, bertsolaritza eta bertsozaletasuna sustatzea da helburu nagusia; lehia bigarren mailakoa da". Garaileentzat ez dela sari handirik izango ohartarazi du. Halere, tarte batez bertsoez gozatzeko parada izango da, umorea eta jai giroa izango baitira nagusi. Gainera, finalaren ondoren, jaiarekin jarraitzeko, afaria egingo dute Lesakako Linddurrenborda sagardotegian. Oraindik txartelik erosteko aukerarik baden galdetuta, guztiak amaitu direla adierazi du Agotek.

Sagardotegirako ez, baina Bardoak taldekako txapelketako finalerako sarrerak erosteko aukerarik bada oraindik. Gaur Bera, Leitza, Lekunberri, Etxarri-Aranatz eta Iruñean bertso saioetako sarrerak erosteko, ohiko tokietan eskuratu ahal izango dira, eta baita Internet bidez ere, www.bertsosarrera.eu web atarian. Bihar, sarrerarik geldituz gero, finala baino lehen salgai izango dira, Lesakako pilotalekuko leihatilan.

Eskolarteko txapelketa

Mikel Lasarte barañaindarrak irabazi zuen hirugarren aldiz joan den asteburuan jokatutako Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta Maddalen Lopez lesakarra sailkatu zen bigarren. Orotara, 14 eta 18 urte arteko zortzi bertsolarik parte hartu zuten finalean. Heldu den ekainaren 21ean Orion (Gipuzkoa) jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Nafarroako ordezkari gisa abestuko dute Lasartek eta Lopezek.

Zortzi lagun ariko dira behatzaile lanetan

Igandean Etxarri Aranatzen egingo den independentziaren inguruko herri galdeketan gauzak "behar bezala" egiten direla ziurtatzeko, zortzi lagun ariko dira behatzaile gisa lanean. Behatzaileetako bi herrikoak bertakoak izango dira, Araceli Markotegi erretiroa hartutako abokatua eta herriko alkate izandako Maider Goñi. Horiez gain, beste sei lagun ariko dira: EHUko soziologo Mario Zubilaga, Josep Manel Ximenis Arenys de Munteko herri galdeketako koordinatzailea, Anna Arque Kataluniako kontsultaren aldeko koordinakundeko kidea, Tatjana Zdanoka Letoniako eurodiputatua, Jan Van Esbroeck Belgikako Parlamentu Federaleko diputatua eta Inaki Irazabalbeitia europarlamentaria.