Erretreta jo diote militar zaharrari

Erretreta jo diote militar zaharrari

Ion Orzaiz / NAFARROAKO HITZA Mehatxuak, indarkeria, botere gehiegikeria, lan eskubideen kontrako delituak, elkartzeko askatasunaren aurkako delituak, bazterkeria eta dokumentuen faltsutzea. Simon Santamariaren curriculuma baino luzeagoa da haren kontrako inputazioen zerrenda. Iruñeko alkateak, ordea, entzungor egin die salaketa horiei azken hamabost urteotan, eta karguan mantendu du Iruñeko udaltzainburua kosta ahala kosta. Orain arte. Duela hilabete baino gutxiago azaleratutako salaketen ondorioz,...

Lana eta jaia, txanponaren bi aldeak

Bi egun eta ordu gutxi batzuk baino ez dira falta sanferminak hasteko. Udaletxetik jaurtitako suziriak iragarriko du jaien hasiera. Suziria lehertzearekin batera, Nafarroako hiriburuan bederatzi egunez jaia nagusituko da. Batzuek jaiez gozatzeko aukera izango dute; beste batzuek, aldiz, lan egin beharko dute. Hala ere, bada lana eta jaia uztartzen saiatuko denik ere, sanferminek horretarako aukera ere ematen baitute.

Ez da hori Julen Lezaunen kasua izango. Euskal Ikasketak egiten ari da Gasteizen. Ikasturtea amaituta, udarako diru apur bat irabazteko asmoz, Nabarreria plazako okindegi batean ariko da lanean sanferminetan. Egunero-egunero arituko da beharrean, eta ez du ia jaiez gozatzeko paradarik izango. "Sanferminak izugarri maite ditut, baina aurten Nabarreriako okindegitik ikusi beharko ditut". Gainera, bederatzi egunez, gogor lan egin beharko du. Izan ere, 05:00etarako okindegian egon beharko du. Hala ere, arratsalderen batean kuadrillakoekin gelditzeko asmoa du, tarte batez bada ere jaietan murgiltzeko xedez.

Irune Tubia mediku iruindarrak, halabeharrez, lana egin beharko du hainbat egunez. Duela gutxi hasi zen Izabako osasun etxean lanean, mediku modura. Bost egunez ariko da beharrean, eta gainontzekoetan sanferminez gozatzeko parada izango du. Aitortu duenez, ohituta dago sanferminetan lan egiten. Azken lau urteotan Nafarroako Ospitale Gunean aritu da lanean. Pirinioetako medikua izateak bere alde onak ere badituela aitortu du: "Lan egin behar dudan egunetan Izaban egonen naiz, eta, beraz, ez dut horrenbeste sufritu beharko". Hala ere, Tubiak aitortu duenez, ahalko balu sanferminetan oporrak izatea gustatuko litzaioke.

Bada oporrak hartzeko aukera izaten duenik ere. Hain justu, Itzi Gartzes Muthiko Alaiak peñako kideak ia astebete darama oporretan. "Peñakideok beste modu batera gozatzen ditugu sanferminak; urte osoa jaiak iritsi zain egoten gara". Berarentzat zein jaiegun den gustukoena galdetuta, kosta egin zaio baten alde egitea. Jakinarazi duenez, egun guztiek dute zerbait berezia. Hala ere, Tubiarentzat bezala, uztailaren 6a izaten da gehien atsegin duen egunetako bat: "6an ateratzen da jende gehien, eta horregatik gustatzen zait". Dena den, San Fermin eguna ere gorriz inguratzen du Gartzesek. Izan ere, orduan izaten da jaietako lehenengo zezenketa. "Zezenketetako giroa ikaragarria da; izugarri gustura joaten naiz zezen plazara", adierazi du Muthiko Alaiak peñako kideak.

Lehen ez bezala, egun, zezenketak izaten diren orduan, ekitaldi andana izaten da Iruñean. Gainera, gero eta gehiago dira zezenketetara ez joatea erabakitzen dutenak. Ia zezen plaza erdia, eguzkitan dagoena, peñakideek betetzen dute. Joera aldaketarik antzeman ote duten galdetuta, Gartzesek zalantzak ditu. Adierazi duenez, duela urte batzuk zezenketarako abonamenduak zozketatu egin behar izaten zituzten, eskaria eskaintza baino handiagoa zelako. "Orain, aldiz, eskariari ongi erantzuteko moduan izaten gara". Egoera aldaketaren arrazoiak askotarikoak izan daitezkeela uste du. Hala ere, Gartzesek egoera ekonomikoarekin lotu du batez ere zezenketako abonamenduen eskari jaitsiera.

Gauzen gordailu

Sanferminetan inoiz baino lehenago irekitzen du Marcela Abarzuzak Santo Domingoko aldapan duen paper denda. Entzierroa korritzen dutenek euren giltza eta sakelakoak Abarzuzari uzten dizkiote dendan, entzierroa amaitu artean gorde ditzan. "Gurean uzten dituzte, korrika ari direla galtzeko arriskua dutelako", argitu du egunkari saltzaileak. Korrikalari gehienak sanferminetan soilik ikusten dituen arren, eurekin oso harreman estua izaten duela azaldu du. Izan ere, asko urduri izaten dira, eta haiek ulertzen saiatzen da.

Gainera, korrikalariek San Fermin santuari entzierroa baino lehen abesteko baliatzen duten egunkariak saltzeko, ohi baino lehenago irekitzen dute denda; 05:30erako atea irekia izaten dute, egunkariak saltzeko prest. Normalean, atearen parean mahaitxo bat jartzen dute, salmenta azkartzeko. Izan ere, ordu horretan, jende gehiena parrandan eta edanda egoten da, eta modu horretan saihesten dituzte "arazoak".

Lanak jaiez gozatzeko aukera gutxi uzten dio Abarzuzari. "Guk gure modura gozatzen dugu; goizero, txistulariak edo peñak pasatzen dira gure denda paretik". Aitortu du ez duela izaten lagunekin edota senideekin jai giroan tarte bat igarotzeko modurik; dena den, argitu du ez duela horren faltarik sumatzen.

Kike Diez de Ulzurrun kazetariak ez du entzierrorik korritzen, eta ez ditu sakelakoa eta diru zorroa dendan uzten, baina sanferminak maite ditu. "Garai batean jaiak gehiago gozatzen nituen gauez; orain, aldiz, egun argiz nahiago izaten ditut". Gazteagoa zenean, egunero ateratzen zen. Askok parrandazale fama ere jarri izan diote. Hala ere, azkenaldian, sanferminetako egun batzuk hautatzen ditu jaiez gozatzeko.

Berarentzat egunik maitatuenak zein diren galdetuta, txupinazoa, San Fermin eguna eta Zaldiko Maldiko elkarteko bazkaria egiten duten eguna aipatu ditu. Izan ere, Iruñeko Alde Zaharreko elkarteko kidea da. Uztailaren 9an egingo dute bazkaria, eta Diez de Ulzurrun han izango da.

Duela lau urtekoak ez bezala, igandean hasiko diren jaiak "lasaiak" izango direla jakinarazi du. "Lasaitu ederra hartu nuen Espainiako selekzioa Munduko Futbol Kopatik kanpo gelditu zenean; ez dugu pantaila erraldoirik izango Gazteluko plazan", dio, irri artean. Dioenez, Hego Afrikako Munduko Kopa "gogaikarria" egin zitzaion, Gazteluko plazan partidak ikusten zituzten jarraitzaileak eta haien ospakizunak zirela eta.

Aita denetik, jaien izaera ere aldatu da Kike Diez de Ulzurrunentzat. Bi seme-alaba ditu, 16 eta 12 urtekoak, hurrenez hurren. Txikiena sanferminetan kanpoan izango den arren, zaharrena Iruñean izango da, eta adin "zailean" dagoela aitortu du. Izan ere, gauza askotarako adin txikia du.

Gainera, jaiei izkin egitea ez da batere erraza Diez de Ulzurrunentzat, Labriteko aldapan bizi delako. Dena den, zortea duela jakinarazi du. Logelako leihoek Tejeria kalera ematen dute, eta astez lo egiteko arazorik ez dutela izaten dio, "mugimendu gutxiago izaten delako". Iaz, esaterako, ez zuten arazorik izan.

Inma Errea itzultzaileak ez du bere burua sanfermin zale izendatzen. Iruñeko Udalean lan egiten du, eta, beraz, datozen bederatzi egunetan oporrak izango ditu. Duela urte batzuk ETBn aritzen zenean, lan egitea tokatzen zitzaion. "Iruñeko Udaleko langileok egunero minutu batzuk lehenago sartzen gara lanera, sanferminetan oporrak izateko", jakinarazi du Erreak. Aurten, jaietan adiskideekin hamaiketakoa egitekotan da. Ahal duenetan, asteburua Iruñetik kanpo igarotzen saiatzen da. Aurten, ikastaro bat egingo du. "Aspaldiko partez, UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen dituen udako ikastaroetan izango naiz, Baionan", ohartarazi du. Izan ere, sanferminetan denerako aukera izaten dela argitu du.

Betaurrekoak

Ohartuko zineten honezkero: ate-joka dauzkagu sanferminak. Eta datozen festen aurrekari gisa, aurkeztu dituzte dagoeneko peñek beren pankartak. Askotarako eman du pasa den urteak gurean. Eta horren isla dira peñen oihalak: UPNren kudeaketa, Roberto Jimenezen krisia, Polo zinegotziaren komeriak, eta abar.

Sanferminek, orain eta beti, indarrean dagoen aginte ordena apurtu eta oinarritik bestelako bat eraikitzeko balio izan dute. Ez bakarrik peñen pankartengatik. Ez bakarrik iaz udaletxe parean zabaldutako ikurrin erraldoiagatik. Horregatik ere bai. Baina, batez ere, herritarrek bere gain hartu dutelako protagonismoa. Inori baimenik eskatu gabe atera dituztelako mahai eta aulkiak etxeko atarira, bazkari ederrez gozatzeko asmoz. Inori baimenik eskatu gabe jo dutelako musika eta dantza egin.

Bai, festa, hemen eta Euskal Herrian oro har, kritika eta parodiarako baliatua izan da. Eta, hori, beti da ona. Ordena sozialaz ari bagara, ordea, pentsatu beharko genuke ordena ez dela agintea bakarrik. Inguruan indartzen doazen jarrera eta balioak, gutako bakoitzak gure gain hartu eta praktikara eramaten ditugulako indartzen dira, ez besterik. Ordena horren parte eta partaide gara. Eta komeniko litzateke akaso geure buruari ere kritika egitea. Agintea kritikatzea erraza baita —eta kasu, baita beharrezkoa ere—, baina ez da nahikoa.

Jai eremuan oraindik ere izaten den sexismoari buruz idatzi berri dudan erreportaje batek ireki dizkit begiak. Zapalkuntza matxistak bizirik dirau gure festetan. Ez da harritzekoa, festa jendartearen isla baita beti. Jendarte bat den moduan ager dadin eskaparate perfektuena da jaia. Eta jendartea matxista bada, matxistak izanen dira haren festak.

Ez nabil iaz denok aztoratu gintuzten argazkiez bakarrik. Ez nabil sarri, sarriegi, izaten diren eraso, komentario lizun, ukitze eta bortxaketez bakarrik. Askoz sotilago, ia oharkabean gertatzen diren zapalkuntzez baizik. Egunero prest eduki ditzagun arropa zuriak tentuz garbitzen dizkigun amaz, emazteaz edo neska lagunaz ari naiz. Oholtza eta plazak, izan musikarako, izan kirolerako, desproportzio nabarian betetzen dituzten gizonez ari naiz. Festen prestakuntzan egiten den lan banaketaz. Karpa bat muntatzeko soka bati tiraka bideo batean ikusi ditudan gizonez ari naiz. Ikusi ez dudan emakume bakar bat ere horretaz.

Kasu, sanferminzalea naiz. Amorratua, gainera. Eta harro nago gure festek aginteari aurre egiteko beti erakutsi duten era irudimentsu eta jatorraz. Baina etxe barruan ere badago zer aldatu. Ongi etorriak, beraz, hainbat herri eragilek datozen sanferminetarako kaleratutako 3D betaurrekoak, bestelako Iruñe bat ikusteko prestatuak, mota guztietako eraso eta diskriminazioak gaitzetsiz. Betaurreko horiekin, udaletxeko balkoira ez ezik ondokoari ere begira diezaiokegulako. Eta baita, ispilu aurrean kokatuta, geure buruari ere.

Zubia herritarren bilgune

Igandetik aurrera, zuria eta gorria izango dira nagusi Lesakan. Ofizialki, 12:00etan hasiko dira jaiak, txupinazoarekin batera. Hala ere, txozna batzordeak eta tabernariek antolatutako jai egitarauari esker, jai giroa gaurtik aurrera nagusituko da. Hain zuzen ere, asteburuan espero dute bisitari gehien. Igandetik aurrera, Lesakakoen txanda izango da.

Lesakako Kultur eta Turismo teknikaria da Belen Mutuberria. Azken egunak ero xamarrak izaten ari direla aitortu du, lanez gainezka baitabil. Izan ere, sanferminak hastear daude. Otsailean hasi ziren biltzen Jai Batzordeko kideak, egitaraua diseinatzeko. Mutuberriak azaldu duenez, herritarren parte hartzeari ematen diote batez ere garrantzia. Gaineratu duenez, lesakarrek asko parte hartzen dute beren jaietan, "eta horrek egiten ditu horren erakargarri".

Aurten San Fermin egunaren bezpera igandea denez, asteburua profitatu nahi izan dute Txosna Batzordeak eta herriko tabernariek. Horregatik, hamaika ekitaldi izango dira txupinazoaren aurretik -igandean izango da, 12:00etan—. Mutuberriak argi du asteburuan batez ere kanpotik joango dela jendea. "Igandetik aurrera, kanpotar gutxiago izango da", argitu du.

Izan ere, ohikoa da Lesakako jaietara joaten direnak asteburu pasa joatea. Herrian dauden zelaietan jartzen dituzte kanpin dendak. Mutuberriak azaldu duenez, zelai horiek berez ez dira kanpinentzat bereziki prestatzen. Hala ere, urtetik urtera ohitura zabaltzen ari dela jakinarazi du. Horren eraginez, herrian nahiko nahaste izaten da, batez ere, kanpinetan lo egiten dutenentzat ez dagoelako ez komunik ezta dutxarik ere.

Gaur, 18:00etan irekiko dituzte txosnak. Gauean, Sarkor eta Gose taldeen kontzertua izango da. Bihar, berriz, 17:30ean, Trikiti Txapelketa izango da, plazan. 23:30ean, Dolce&Tangana eta Revolutionary Brothers taldeen emanaldia izango da.

Igandean hasiko dira ofizialki jaiak. 12:00etan, plazan txupinazoa izango da. Mutuberriak jakinarazi duenez, askorentzat ekitaldi "maitatuenetakoa" izaten da. Aurten, Rafael Eneterreagak botako du txupinazoa, Lesakako kultur bilketan egindako lanagatik. Arratsaldean, dantza emanaldia izango da pilotalekuan. 20:00etan, Erraldoien eta Buru Handien konpartsa ibiliko da herriko kaleetan, danborradarekin batera. Gauean, Aske, Urban 13 eta Kalera taldeen kontzertua izango da, txosnetan.

Egun handia, astelehena, San Fermin eguna izango da. Ezpata dantzariek, eguerdi aldera, Zubigainekoa deituriko dantza dantzatuko dute Onin ibaiaren bi aldeetan. Arratsaldean, berriz dantzatuko dute, baina neskekin. Gauean, Trakets taldeak joko du.

Asteartea peñen eguna izango da; asteazkena, haur eta gazteen eguna, eta osteguna, berriz, bikoteen eguna. Mutuberriak jakinarazi duenez, aurten 58.000 euro eman dituzte sanferminetako egitaraua osatzeko. Azken urteen zenbateko bertsua.

Laffageri omenaldia Gazteluko plazan

2008ko uztailaren 7an hil zuen Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage Irungo (Gipuzkoa) gaztea. Geroztik ia zortzi urte igaro dira, eta Andrea elkarteak, urtero bezala, Laffageren omenezko ekitaldia egingo du, bihar, 12:00etan, Gazteluko plazan. Gainera,...

16.806

kRISIAN ekonomia ezkutuan mugitu diren milioi euroak

Nafarroan, ekonomia ezkutuan 16.806 milioi euro mugitu dira 2008 eta 2013 bitartean. Hala diote, behintzat, Ignacio Mauleon eta Jordi Sardak La economía sumergida en Navarra lanean (Ekonomia ezkutua Nafarroan). Zerbitzuetan eta eraikuntzan mugitzen da diru beltz gehien.

“Lesaka anitz maite dut, eta gustura egiten dut egiten dudana”

Lesakako Udalak Rafael Eneterreagaren esku (Lesaka, 1942) utziko du sanferminei hasiera emateko ardura, Lesakako kultur ondarearen bilketan egindako lanarengatik. Eneterreagarentzat ohore bat da lehenengo suziria botatzeko aukera izatea, baina, dioenez, oraindik ez dago urduri.

Nola eskatu zizuten txupinazoa botatzeko?

Karrikan lagunekin nengoela, Ainara Flores kultur zinegotziarekin topo egin nuen, eta orduan esan zidan herriko bestetako batzordean erabaki zutela niri galdetzea ea txupinazoa botako nukeen. Momentu hartan ezezkoa eman nien, baina handik egun pare batera udaletxera joan eta lehen suziria botatzeko arrazoia zein zen galdetu nien. Antza denez, kultura arloan egindako lana eskertzeko eman zidaten aukera hura, hala nola herritarrentzat zein kanpotarrentzat doako bisita gidatuak egiteagatik, Lesakaren inguruan liburuxka bat idazteagatik eta herriko berriak Facebook bidez zabaltzeagatik eskatu zidaten bestei hasiera emateko. Hori entzunda, baiezkoa ematea erabaki nuen.

Urduri zaude?

Oraindik ez, baina momentuan hala jarriko naizela pentsatzen dut. Halere, nolabait asmatzea espero dut, bertzela sanferminik gabe geratuko zarete [kar, kar, kar]! Gainera, lesakar guztientzat ohore bat da txupinazoa botatzea, eta niretzat ere halaxe da.

Nola bizitzen dituzu herriko bestak?

Asteburuan jende anitz etortzen da, eta agian hori da gutxien gustatzen zaidana. Garai batean, San Fermin egunean inguruko herritako jendea agertzen zen, eta listo. Baina orain sekulako jendetza egoten da. Hori kenduta, guztia gustatzen zait, eta zerbait aukeratzekotan, uztailaren 7arekin geldituko nintzateke. Egun hori sakratua da niretzat; ez dut sekula galtzen.

Egun horretako ekitaldiren bat aukeratzekotan, zein hautatuko zenuke?

Ezin dut bat aukeratu. Guztiak dira politak, eta guztiek osatzen dute egun berezi hori. Den-dena gustatzen zait.

Noizbait galdu dituzu sanferminak?

Bizitza osoan behin. Familiarekin oporretara joan nintzen, baina han ere izan genituen gure sanferminak. Gogoan dut San Fermin egunean guztiok zapi gorria jantzi eta telebistaz Iruñeko bestak ikusi genituela, Lesakakoak ikusterik ez zegoelako. Munduaren bertze puntan ere, sanferminak beti buruan.

Lesakari buruzko liburu bat idatzi zenuela erran duzu. Oihartzun handia izan du lesakarren artean?

Bai, bai. Iazko San Joan bezperan, Lesakako Euskara Batzordeak bisita gidatu bat antolatu zuen Lesakan zehar, eta ni izan nintzen gidari. Ordura arte jendeak errana zidan Lesakari buruz nekiena idazteko, eta egun hartan eskaera areagotu zela errango nuke. Horregatik erabaki nuen liburuxka xume hori egitea, eta uste baino arrakasta handiagoa izan du. Nabari da lesakarrek interes handia daukatela gure herriaz.

Lesakaren inguruan daukazun informazio guztia nondik eskuratu duzu?

Erretiratu aurretik jada banuen horrelako zerbait egiteko gogoa, eta, behin lana bukatuta, Lesakako artxiboan, Elizakoan eta Iruñeko Artxibo Nagusian informazio bila hasi nintzen, herriari buruzko gauzak aurkitu nahian. Gainera, artxibora joan eta hiru-lau ordu konturatu gabe pasatzen dira.

Afizioa ofizioa bilakatu zaizu.

Bai, bai. Ahal izanez gero, egunero joaten naiz artxiboetan saltsan ibiltzera. Halere, maiz nire bilobekin egoten naiz, eta aitatxiren lana ere zoragarria da. Bi gauzak bateragarriak dira, eta bietan ibiltzen naiz hagitz gustura.

Facebooken ere ibiltzen zara herriko berriak zabaltzen hainbat kontutan.

Bai, bortz kontu ditut: nire kontu pertsonala, Lesakako gai ezberdinak, Lesakako ihauteriak, Lesakako sanferminak eta Lesakako olentzero. Lehen, ateratzen zen berri bakoitza horri zegokion kontuan sartzen nuen, baina orain hasi naiz berri guztiak kontu guztietan argitaratzen, ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, denetan ez baititut lagun berak.

Txupinazoaren ondoren ere, Facebook martxan jarriko duzu?

Noski. Argazki kamera hartu, eta Facebookera kargatzeko argazkiak ateratzen hasiko naiz, beti bezala. Hala, kanpoan dauden lesakarrek beren herrian gertatzen ari dena ikusteko aukera izanen dute. Anitzek eskertzen didate hori, eta ni ere poztu egiten naiz halakoetan, nik egindako lanak zerbaitetarako balio duela sentitzen dudalako.

Lan eskertua da zurea, orduan.

Dudarik gabe. Txupinazoaren kontua ere eskerrak emateko modu bat da, eta jende andana etorri zait zorionak ematera. Lesaka anitz maite dut, eta gustura egiten dut egiten dudana. Lesakarrak kontent baldin badaude, ni ere bai.

208

Gizakia helbururen programetan artatutakoakIaz, 208 pertsona artatu zituen Nafarroan Gizakia Helburu elkarteak. Kokaina, speeda eta bestelako pizgarriak kontsumitzeagatik jo zuten elkartera gehienek, artatutakoen %43,7k. Alkohol kontsumitzaileak %41,3...

Sexu erasoak salatzeko telefonoa 24 orduz martxan

Jai eremuetako sexu erasoak salatzeko telefonoa du Gora Iruñea plataformak. Hain justu, eragile horrek jai herrikoi, euskaldun, parte hartzaile eta parekideen alde lan egiten du. Arrazoi horregatik, Iruñeko Udalak bat egin du Eraso sexistarik gabeko jaien alde kanpainarekin. 699-68 76 87 telefono zenbakia 24 orduz egoten da piztuta. Sexu erasoren bat jasan edo ikusi dutenek soilik deitu dezakete telefono zenbaki horretara. Deia jasotzeko arduradunak erasoa jasan duenaren datuak bilduko ditu. Miren Aristu Gora Iruñea plataformako kideak jakinarazi duenez, beharrezkoa den kasuetan, sexu erasoa jasan dutenei polizia etxera laguntzeko prest daude.