Txinparta dastatzeko garaia

Iritsi da garaia. Edalontziari heldu, "txotx!" entzun orduko mahaitik altxatu eta upeletik zurruztean ateratzen den sagardoa dastatzeko garaia. Iraileko lan gogorra eta garrantzitsua atzean gelditu da. Orduan egindako lanaren emaitza nolakoa den jakit...

EKOIZPENA MURRIZTUKO DUTE AURTEN

Portland enpresak jakinarazi du 2014an 300.000 tona porlan ekoitziko dituztela Olatzagutian duten egoitzan. Iazko zenbatekoarekin alderatuta %24 murriztuko dute aurten ekoizpena. Gainera, urtarrilean, ekoizpena etenda dago Olatzagutian, langileen %80r...

Gobernuak ez du estaliko Biurdana institutuko patioa ikasturte honetan

"Nik espero dut beranduenez Eguberrietarako konponbide bat zehaztu ahal izango dugula", esan zuen azaroaren 14an Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak. Nekane Perez Aralar-NaBaiko parlamentariak Biurdana institutuan dituzten Gorputz Heziketa egiteko azpiegitura faltaren inguruan galdetu zion parlamentuan. Iruñeko institutuan, Gorputz Hezkuntzako 52 saio egin behar dituzte astean, baina 33 eskola ordutan baino ezin daiteke gimnasioa erabili. Gainera, eskola ordu bakoitzean talde bakar batek baino ezin dezake erabili gimnasioa, nahiko txikia delako. Hori dela eta, 19 saiotan bi taldek ordu berean dute klasea. Horietako batek gimnasiotik kanpo egin behar du Gorputz Hezkuntzako saioa. Biurdanan ez dute beste babestutako leku handirik. Baina gobernuak ez du patioa estaliko, guraso elkarteek eskatzen duten bezala. Beraz, euria egiten duenean, gimnasioan ez dagoen taldeak ezin du "ganorazko" saiorik egin.

Arazoak ez dira berriak Biurdanan. Institutua Iruñeko Donibane auzoan dago, eta 1995. urtean ireki zuten Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko zentro gisa. Lehenago, eraikina Lehen Hezkuntzako eskola izan zen. Hainbat tokitako ikasleek ikasten dute han: besteak beste, Arrotxapea, Donibane, Sanduzelai, alde zaharra, Irurtzun, Lekunberri eta Berriozar. Aurreikusitakoa mantentzen baldin bada, bi urte barru Orkoien eta Buztintxuriko eskoletako haurrak ere Biurdanara joango dira Bigarren Hezkuntzako ikasketak egitera.

Biurdana institutuak hainbat eskolatatik jasotzen ditu ikasleak. Eskola horietako Guraso Elkarteek Institutuaren Ipar Eremuko Batzordea osatzen dute; urteak daramatzate beste eraikin bat eskatzen. Eduardo Markotegi batzordeko kidea da. "Urteak daramatzagu institutu berria eskatzen. Orain dirurik ez dagoela diote, baina dirua zegoenean ez zuten ezer egin", dio Markotegik. Orain, Gorputz Hezkuntzako klaseak emateko toki falta da haien ardura nagusia. "Gaur egun gimnasioa dena jantokia zen Lehen Hezkuntzako eskolan. Gela txikia da, eta talde bakar batek erabil dezake. Hori dela eta, bi talde elkartzen direnean, astean 19 saiotan, talde batek gimnasiotik kanpo eman behar du klasea", azaldu du Markotegik.

Iribasek parlamentuan Biurdanari buruzko galdera erantzun zuenean, hainbat toki aipatu zituen gimnasioaren alternatiba modura. Horietatik bi baino ez daude estaliak: areto nagusia eta jolastokiko portxea. "Aterpean ezin daiteke inolako klaserik eman, eta areto nagusia ere txikia da. Gainera, gimnasio gisa erabiltzen bada, ezingo da areto nagusi gisa erabili, aulki guztiak batu behar direlako". Institutuaren Ipar Eremuko Batzordeak kirol zelaiak estaltzeko eskatu du; horrela, euria egiten duenean, ikasleek kirol zelaietan egin ahal izango dute Gorputz Hezkuntzako klasea. Iruñerriko beste institutuetan badituzte patio estaliak. "Beste ikastetxeetan dutena baino ez dugu nahi", dio Markotegik. Abenduaren 18an, batzordeak 708 instantzia aurkeztu zituen Hezkuntza Departamentuan, gimnasioko toki faltaren arazoa konpontzeko. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso.

Irtenbidea lortu nahian

Urtarrilaren 10ean, David Herrero Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiarekin bildu ziren Javier Perez eta Asier Azpilikueta, Biurdana institutuko zuzendaria eta ikasketaburua, hurrenez hurren. Herrerok bileran berretsi zuen gauza bakarra da aurten ez dutela lanik egingo, diru falta dela eta. "Ikasturte honetarako eta hurrengoaren hasierarako ez dugu kirol pista estalirik izanen. Hala ere, Herrerok esan du behin-behineko hainbat irtenbide aztertzen ari direla: besteak beste, Biurdana ondoan dagoen Donibane institutuaren kirol pista eta Anaitasuna kirol elkartea erabiltzea", azaldu du Azpilikuetak. Aste honetan, Hezkuntza Departamentuko ikuskari batek zentroa bisitatu behar zuen. Biurdanan patio estalia nahi dute, baina, aurrera begira, beste institutu bat beharko dute, aurreikusten baitute urtez urte ikasle "uholdeak" jasoko dituztela datorren hamarkadan.

Ni D ereduko irakaslea naiz

Orain dela 50 urte Nafarroako Sakanan jaio ginenok gaztelania hutsez ikasi behar izan genuen. Urte batzuk pasatuko ziren eskualdeko ikastolak sortzerako, eta garai hartan pentsaezina zen Nafarroako Gobernuak, noizbait, D eredua martxan jarriko zuenik.

OHOko ikasturteetan, txirularekin Eres alta y delgada primeran jotzen genuen, Espainiako ibai eta mendilerro guztiak ederki ikasi genituen, eta baita Burgoseko katedrala bisitatu ere, orduak jotzen zituen Papamoscasi aho zabalik eta isil-isilik begiratzen geniola.

Institutuko garaietan, hainbat ikasgairen artean, Literatura lantzen genuen, Espainiako literatura, jakina. Eta selektibitatean eskatuko ziguten testu-iruzkina prestatzeko, hamaika narrazio eta pasarte landu genuen, ederki asko landu ere, nahiz eta, esan beharrik ez dago, guzti-guztiak Espainiako semeen (alabarik ere ez) obrak ziren. Besteak beste, Valle-Inclán-en Luces de Bohemía, Cervantesen Don Quijote de la Mancha, Antonio Machadoren Poesías completas, Fernando de Rojasen La Celestina izan ziren irakurri beharreko liburuak.

Euskal Herriko maparik gabeko ikasgeletan ez ziguten euskal musikarik jartzen, ezta gure bertsolarien zortzikoren baten metrika neurtzeko eskatzen ere. Irakasle aurreratuenak Hego Ameriketako poetaren baten poesia helaraziko zigun grabazio musikatua lagun. Basamortua baino antzuagoa zen gure euskal ezagutza literario eta kulturala.

Euskara, eguneroko bizimoduko hizkuntza hura, etxeko eta lagun arteko tresna zen; kontu serioetarako, aldiz, ez. Gauzak horrela, orain dela 35 urte ez nuen uste euskaraz irakurriko nuenik, euskaraz irakurtzen zaletuko nintzenik, euskaraz ikasiko nuenik eta, are gutxiago, inoiz ezer euskaraz idazten ausartuko nintzenik ere. Aurreraxeago, ordea, ikuspegi berri bat zabaldu zidaten Mirandek, Arestik, Txillardegik, Atxagak, Urretabizkaiak, Aristik, Irigoienek… eta, nola ez, Sarrionandiak. Idazle horiek guztiek ez zidaten literatura soilik eskaini; izan ere, ezagutze-bide berriak erakutsi eta irakatsi zizkidaten: beste mundu bat, bestelako sentsibilitatea, bestelako errealitateak. Idazle haiek, aztien antzera, magia berriaz zipriztindu ninduten.

Eta beste mundu bat, bestelako sentsibilitate eta bestelako errealitate horiek dira azkeneko urteetan guk, D ereduko irakasle garenok, gure hizkuntzaz, gure ikasleei erakutsi eta irakatsi ahal dizkiegunak: Basajaunen basoetan eta Mariren haitzetan galdu, Obaba edo Kalaportun pasieran ibili, Joanes Mailurekin historiara bidaiatu, kauterekin bihurrikeriatan aritu, arrantzaleari galduriko eraztuna arrainaren tripetan aurkitu; Mattin Mottela, Irene eta Hinner ezagutu; munstroen hamaika aurpegiak identifikatu, Mikelotekin Orreagan abestu, dioramak irakurri, xake-mate egin, gauaz parke batean egon, Lutxen argazkiaren peskizan ibili, gure abenturak aukeratu, magnoliei usaina hartu, txoria maitatu, Alkasoroko bentan edozer erosi, samurai bihurtu, paper-festan murgildu, piztiak otzandu, erregearen mezularia izan, krokodilo bat ohe azpian aurkitu, Patakonekin bideetan lapurtu, Ebelinarekin zirku batean bizi... eta hori guztia Sherezade, Acab, Axenario, Alice, Bernarda Alba, Migel Strogoff, Poirot… ahaztu gabe.

“Ez dira panpina hutsak; izaera propioa duten pertsonaiak dira”

Ezinegona, eztabaida eta gogoeta. Horrela hasten dira proiektu guztiak, txiki zein handi. Ainara Escudero (Iruñea, 1982) eta Rakel Villadangos (Lesaka, 1976) kezkatuak zeuden euskal jantzien gaiarekin. Orain dela urtebete gaiaren inguruan zerbait egin behar zutela pentsatu zuten, jendeak jantzi tradizionalak errespetatzen ez zituztela iritzita. Horrela sortu zuten Kaxeraz proiektua. Baserritar jantzitako panpinak egiten dituzte, apaingarri gisa. Oraingoz, bost pertsonaia egin dituzte: Maritxu, Sara, Ane, Amaia eta Lur. Beste proiektu batzuk ere pentsatuta dauzkate. Orain mutikoak diseinatzen ari dira, eta gerorako hainbat ideia dituzte. Baina poliki ari dira, detaile guztiak zaindu nahi dituzte eta. Haien helburua ez da panpinak bakarrik egitea. "Ez dira panpina hutsak, izaera propioa duten pertsonaiak dira", azaldu du Escuderok.

Orain dela urtebete ez Escuderok, ezta Villadangosek ere ez zekiten panpinak nola egiten ziren. "Ez genekien josten, ez patroiak egiten, ezta margotzen ere. Prozesu guztia ikasketa izan da", dio Escuderok. Prozesu gogorra izan dela diote, eta hainbatetan frustrazio handia eragin die. Baina pozik daude lortutakoarekin. "Balantze positiboa egiten dugu; oso dibertigarria izan da. Baina hutsetik hasi behar izan dugu, horrek eragiten duenarekin", azaldu du Villadangosek. Bien arteko elkarlana nabarmendu dute. "Aurrera egin badugu, bi ginelako egin dugu", ziurtatu dute. "Hainbat unetan geure onetik ateratzen gintuen lanak, eta uzteko gogoa izaten genuen. Baina bat-batean Rakelek [Villadangos] deitzen ninduen esateko, adibidez, atorra ateratzen zitzaiola, eta berriz ere animatzen ginen", dio Escuderok. Behin planteamendua eginda, helburua argi zeukaten, eta Eguberrietara heldu nahi zuten. Azaroan ezagutzera eman zuten proiektua, web orria martxan jarrita. Lanak bere fruituak eman dituelako, pozik daude. "Kanpotik ikusita oso erromantikoa eman dezake, josten ikastea eta hori guztia, baina nik ez dut horren lasai bizi prozesua. Oso motela izan da dena", dio Escuderok.

Baserritar jantzitako panpinak egiten dituzte. Horretarako, hainbat material erabiltzen dituzte, besteak beste, hainbat motatako oihalak, kotoia, lihoa, artilea eta zeta. Panpinak berak eman die lan handiena; gorputzak, zehatz- mehatz. "Gorputza egitea da aspergarriena, eta, gainera, ez da ikusten. Zailtasun handia du, eta ez bada ondo egiten... dena izorratzen da", azaldu du Escuderok. Hasieran, panpinak erostea pentsatu zuten, han eta hemen bila ibili ziren. Baina, azkenean, eurek egitea erabaki zuten. "Panpinak egiteko, leku askotan begiratu dugu, munduan egiten diren hainbat panpina: arabiarrak, asiarrak...", azaldu du Villadangosek.

Josteaz eta eskulanak egiten ikasteaz gain, euskal jantziez asko ikasi dute. Euskal jantziari "duintasuna" eman nahi diote Kaxeraz proiektuarekin, eta horrek jantziei buruz ikastera behartu ditu. "Ane Albisuren Atondu liburua inspirazio handia izan da. Albisuk lan handia egin du euskal jantzien inguruan. Oso ondo deskribatzen ditu jantziek dituzten ezaugarriak, koloreak, oihalak, parpailak non jarri, eta abar. Behin hori guztia azalduta, XXI. menderako proposamena egiten du, jatorrizko jantzietan oinarrituta. Guk liburua hartu dugu eredu, baina azkenean gure irudimenarekin ere jokatu dugu. Hori izan da parterik politena, sortzaileena", azaldu du Villadangosek.

Panpinak badira ere, apaingarriak dira, ez jostailuak. "Hasieran, saiatu ginen haurrentzako panpinak egiten, baina gero gertatu zitzaigun eskulan guztiekin gertatzen dena, prezioak beste publiko batentzat eskatzen zigula", azaldu du Escuderok. Horrez gain, jostailuak egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. "Arau batzuk bete behar dira jostailuak egiteko, haurrentzako zerbait egiteko. Oraingoz ez gara horretan sartu", dio Villadangosek.

Azaro bukaeran hasi ziren panpinak saltzen, www.kaxeraz.com webgunearen bidez. Facebookeko kontua ere badute. Interneteko gaiak ez zaizkie askorik gustatzen, baina beharrezkoa dute horiek lantzea, ez baitute denda fisikorik. Komunikabideetan agertzeak lagundu egin die. "Hedabideetan agertzea ez zaigu asko gustatzen, baina ikusten dugu ona dela jendeak gure produktuak ezagut ditzan", dio Escuderok. Hala ere, harrituta daude deitu dieten hedabide kopuruagatik; ez dute ulertzen zer dela-eta izan duten horren harrera ona. Egunen batean Kaxeraz proiektua beren ogibidea izatea nahi dute. Oraindik hori ez da posible, baina azaroan hasi ziren, eta ustekabeko arrakasta izan dute.

"Panpinak bakarrak dira, eta politak. Ez dakit nik hori esan dezakedan, bakoitzak bere gustuak baititu. Baina jendeak hori esaten digu", dio Escuderok. Denetariko erosleak izan dituzte, baina sorpresa handia hartu dute ia erosleen erdiak gizonezkoak direlako.

%44

Etxebizitza librearen prezioaren jaitsiera 2007. urtetik. Krisi ekonomikoaren eraginez, nabarmen jaitsi da Nafarroan salgai dauden etxebizitza libreen prezioa. Zehatz-mehatz, 2007. urtetik %44 murriztu da etxebizitza libreen prezioa. Adituen arabera, 2014an ez da aurreikusten etxebizitza mota horien prezioa handituko denik.

Jos eta josta

Mahai gaina estalia, kolore guztietako paper muturrak denean barrena, kartoi puskak forma orotan han eta hemen, aizturrak lurrean, akuarela ontziak destapaturik, hari piruak barreiaturik, isipuak ur zikinetan xutik, ile idorgailua pizturik, kolore orotariko zinta itsaskorrak, etengabeko mugimenduan diren esku margotuak, joste makina taka-taka... zer gertatzen da hemen? Zer ateratzen da horretatik guztitik?

Euskal Herriak ere irentsi du Ameriketako Estatu Batuetatik datorren arte mota hau. Scrapbooking delakoa. Itzulpen literala puska txikiz egin liburua litzateke. Gaztelerak eta frantsesak anglizismoa darabilte.

Bai eta euskarak ere: eskrapa. Baina edozein dela ere ematen zaion izena, ulertzeko ikusi eta hunkitu egin behar da.

Betidanik praktikatu izan da. "Nork ez ote du sekula oporretako argazkien albuma apaindu koloreztatuz, oharrak eta datak bazterretan gehituz, museo edo bidaia txartelen bat itsatsiz?", dio Helena Xurio Arburua eskrapalariak (Zugarramurdi, 1970). Xareta eskualdean barna, Nafarroatik Lapurdira eta Lapurditik Nafarroara ibiltzen da teknika hori erakasten.

Hori da scrapbooking-a, argazki bat hartu eta nahi denarekin apainduz bereganatzea. Baditu adar aunitz: digitala eta hibridoa, bertzeak bertze. Baina artistak dio eskuak zikintzea izugarri maite duela. Horretan zaletzeaz gain, bere burua formatu du Xuriok: ikastaroetan parte hartuz; lehenik Donostian, gero Miarritzen, eta, azkenaldi honetan, nazioartera ere joan da (Katalunia, Okzitania eta Frantziarat). Teknikak ikasi, irudimena landu eta bertzeekin partekatzen du orain.

"2007an jakin nuelarik Miarritzeko eskulan saltoki batean ikastaldiak bazirela, ziztuan izena eman nuen, xuxen zer zen jakin gabe oraino". Unibertso bat zabaldu, baina denda hetsi.

Arlo horretan Euskal Herrian ez zegoenez bertze aukerarik, garai luze batez autodidakta izan zen: "Basamortua zen", dio. Baina horrek bertze gisa batez sakontzea ekarri zion: eskura zeukanarekin sortzea, materiala erosi gabe. Manera merke batez lan pertsonalizatua egiten ikasi zuen.

Beretzat eskrapa terapia dela dio; orenak airez aire pasatzen zaizkio, eta jatea ere ahanzten zaio zenbaitetan. "Eskrapak nire bi gozamenak uztartzen ditu: argazkilaritza eta eskulana".

Horrela, 2009ko apirilean Europako scrapbooking lehiaketaren bigarren saria eman zioten Parisen. "Mugarria izan zen niretzat. Gauza bat baita norberarentzat aritzea, plazerarentzat, eta bertzea, horretan aditua den jendeak baloratu eta saria ematea. Konfiantza ematen dizu".

Ikaslea zen ordura arte, baina irakasle bihurtu zen orduan; haurrideei opariak egiten hasi zen, gero adiskideei, gero eskaerak jasotzen hasi zen, ikastaroak emateko galdeak etorri ziren ondotik... Gero eta jende gehiago kateatzen baitzuen aisialdi horretan.

Eskaera berriena, berriz, oso berezia da, eskrapalari ororen ametsa: galeria batean agertzea; galeria birtualean. "Diseinatzeko deitu naute Kits de Somnirako; sekulako ilusioa dut abentura horretarako". Kataluniako Kits de Somni scrapbooking taldeak AEBetako Studio Calico galerian —munduko ezagunenetarikoa— ezagutu zuen Xurioren lana. Berehala, diseinatzaileen taldean sartzea gomitatu dute. Euskal Herritik nazioartera salto egin du, Internet dela medio mundu osora doalako.

Baina denbora asko behar da horretarako, eta hiru seme-alabaren ama denez, ezin nahiko lukeen astia hartu eskulanetan aritzeko.

Ikasitakotik erakasten

Abenduan, aspaldiko partez, ikastaro bat antolatu zuen Zugarramurdiko Sorginen Museoan. Parte hartzaile zenbaitek kanpoan gelditu behar izan zuten, gehienez ere hamabortz lagun onartzen baititu aldi guztiz; denei ongi kasu egin ahal izateko. Ikasle guztiek, aldi honetan denak emazteak, etxeko lana eginik ekarria zuten: norberak bere argazkiak hautatuak, neurri egokian moztuak, aizturrak, kola, isipua...

Hasi da beroketa lana: Xuriok aitzinetik burutua zuen argazki album eskrapatua erakusten die, denek ikus dezaten zer duten egunaren bukaeran etxera eramanen. Gutun azalak hartu, bitan tolestu, eta zuriz pintatu lehenik. Idorturik, pizten da orduan sormenaren makina: edozein gauzaz apaindu. Norberak bere buruari utz diezaiola askatasun osoa: igeltsuzko formak sortu moldeei esker, akuarelazko irudiak, oihal puskak josi, paper inprimatuei zulagailuaz eman formak itsatsi, kolorezko tatxa zenbait... dena da haizu; mugarik ez da. Argazkiak gehitu ondoren, segitzen du apainketak. Hondarreko lana hitzak gehitzea da, hori norberak egin baitezake, etxean, material berezirik eta irakaslerik behar izan gabe. "Horrelako ikastaldietatik", dio Xuriok, "ezinezkoa da albuma bururaturik etxerat eramatea". Ezin akituz ari diren ikasleak lasaitu nahian dabil; tenorea baita, jada, museoa hesteko eta pusken biltzeko.

Parte hartzaileak barneak husturik itzuli dira beren herrietara: Sara, Arberatze, Hendaia, Arizkun, Elizondo, Senpere... Izan ere, urteak iragan ahala, bada eskualdean gero eta hedatuagoa den ikasle sare bat. Denak euskaldunak edo ikasten ari direnak dira, ikastaldiak segitu ahal izateko. Aurten, gainera, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko ikasleekin proiektu bat muntatu dute San Juan Balentziaren erreplikaren prozesuaz. Karia horretara, ikasle bakoitzak liburuxka bat sortuko du Xurioren laguntzaz. Heldu den urtean, emendatu eginen dituzte ikastaro orenak.

Euskal Herrian bada gero eta aukera gehiago arte mota hau praktikatzeko: Baionako La Scrap Peña elkartea, batetik —larunbatero elkartzen dira—, Scrapbooking Navarra-Euskadi, bertzetik. Eskraperako materiala saltzen duten guneetan ere ikastaldiak proposatzen dituzte usu, hiri gehienetan. Baina Xurio izan da horretarako parada euskaraz eman duen lehena, eta luzaz bakarra; hauxe da haren bloga: helenareneskrapa.blogspot.fr.