14.929

NAFARROAN IZAN DIREN GRIPE KASUAK Iragan urteko gripe denboraldiarekin alderatuta, %13,7 hazi dira gripe kasuak Nafarroan. Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, azaro eta apiril artean 14.929 kasu izan dira, iaz baino ia 1.000 gehiago. Aurretik bes...

Gizarte alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko eskatu dute

Iruñea "Lotsagarria da salatu ditugun gizarte dramak existitzea Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren artean, 200 etxebizitza hutsik dituztelarik", salatu du Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kideek. Horrela, gogoratu dute gobernuak konpromisoa hartu zuela gizarte alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko. Mozioak bidali dituzte parlamentura eta hainbat udaletara.

Lan banaketaren ilunak argitan

Langabeziari aurre egiteko asmo garbia du Nafarroako Gobernuak. Hezkuntzan eta Osasunbidean behin behineko langileak kontratatzeko erabiltzen duen sistema bera ezarriko du administrazio publikoko gainontzeko eremuetan ere. Lanaldi osoa duen pertsona b...

BIHAR IREKIKO DUTE TONBOLA

Caritasen tonbolarik gabe ezin dira sanferminak hasi. Bihar irekiko dute tonbola ofizialki. Erdietsitako dirua bazterkeria sufritzeko arriskuan dauden pertsonei laguntzeko baliatuko dute. Hamabost egun baino gehiago behar izan dituzte egitura guztia m...

Esako urtegia bigarren arrisku mailara igotzeko eskatu du Esa + Ez taldeak

"Orain urtebete, 4.000 pertsona bildu ginen Zangozan Esako urtegia husteko, baina ez da ezer aldatu", salatu du Iker Aramendia Esa+Ez taldeko kideak. Esako Larrialdietarako Plana martxan jarri zutenetik hamazazpi hilabete daramatzate urtegi inguruko biztanleek lehenengo arrisku mailan. Egoera horrek behin-behinekoa izan beharko luke, arrisku maila horretako arazoak neurri zehatzekin konpon baitaitezke. Aramendiaren arabera, hamazazpi hilabete lanean daramatzate urtegiko arazoak konpontzeko asmoarekin, eta ez dute lortu. Horregatik eskatu dute arrisku maila igotzeko. "Arazoa zein den jakiteko, urtegia hustu egin behar da. Baina hori ez dute egingo".

Hustearen aldeko manifestaziora deitu dute biharko, Iruñean, Esa + Ez, Rio Aragon eta Ura taldeek. "Egoera oso larria da; Lasaitasuna urbanizazioa icebergaren erpina baino ez da. Urtegitik behera bizi garenok berdin jarraitzen dugu. Gorago bizi direnak ez daude askoz hobe. Urtegia handitzen bada, 500 bizilagunek etxea utzi beharko dute", esan du Aramendiak. Orain arte, 25 milioi euro gastatu dituzte urtegia konpontzeko. Gainera, azken datuen arabera, urtegiko maldaren mugimendua norabidez aldatu da. "Orain iparraldera mugitzen hasi da. Teknikariek esan dute hori oso arraroa dela", esan du Aramendiak.

Horrekin batera, bada Aramendiaren ustez gutxi aipatzen den gai bat: uraren pribatizazioa. "Esa Ebroko ur aldatzearen oinarria da. Egun Esan dagoen ura ezin da nahi duten moduan atera. Bardeako ubidea txikiegia da. Hori dela-eta nahiz eta urtegia handitu, ubideak berdin jarraitzen badu, ur hori ezingo da ureztatzeko erabili".

Arazoak arazo, lanek aurrera jarraitzen dute. Aramendiak dio urtegia handitzeko aurrekontua dagoeneko gastatu dutela, baina lanen %20 baino ez daudela eginda. Lanekin aurrera jarraitzeko erabakiaren atzean bi arrazoi ikusten ditu Aramendiak. Alde batetik, hainbat enpresaren interesak, eta, beste alde batetik, agintari politikoen "harrokeria".

Mundiala ez den ‘mundiala’

Nahigabea, atsekabea, tristura, hiramendua. Ez dago hitzik momentu honetan sentitzen dudana adierazteko. Futbolzale asko datorren ekainaren 12a iristeko irrikaz egonen dira jada; bufandak, danborrak, kamisetak, banderak eta abar hartu eta bakoitzaren selekzioa animatzeko gutiziaz beterik. Seguruenik baten batek duela lau urteko bubuzelari ere hautsa kendu izanen dio, zarata ateratzeko xedez. Kamerun, Korea, Ghana, Honduras… guztira 32 selekzio, eta mundu oso bat hogeita bi gizonek egiten dutenari arretaz begira, ia begiak kliskatu ere egin gabe, hipnosi egoera itsuan.

Izua, ikara, beldurra, zukurutza. Aurten, Brasil izango da munduko txapelketa erraldoienari lekua utziko diona. Utzi diot, zer edo zer esateagatik, futbolak ia konkistatu egin baitu herrialde osoa. Guztion ahotan dabilen mundialak zer dauka mundialetik? Galdera horren erantzuna brasildar batek ematea gustatuko litzaidake, baina zoritxarrez ez dut inor ezagutzen. Bueno, bai, Neymar, Ronaldinho, Alves, Kaka, Marcelo eta Pele ezagunak ditut, baina ez dut uste egokienak direnik txapelketaren atzealdean gertatzen ari dena kontatzeko; benetako Brasil ordezkatzeko.

Nazka, higuina, gohaindura, narda. Izugarria da Hego Ameriketako estaturik populatuena pairatzen ari dena. Polita izan daiteke 90 minutuz zelai zoragarri bateko giroa sentitzea, baina zein preziotan? Brasilek dagoeneko 2.500 milioi euro inbertitu ditu hilabete eskas batez erabiliko dituzten instalazioetan. Ni bezain ezjakinak zaretenontzat, jakizue gastu horrekin munduko azken bi txapelketek elkartuta inbertitutakoa gainditzen dela.

Amorrua, errabia, ernegazioa, sumina. Zer ari da gertatzen estatuko egiazko ordezkariekin? Barrua sutzeko modukoa da hango egoera: garraio publikoa igo da; lan baldintzak jaitsi dira; proiektu sozialak alde batera utzi dira; etxebizitzak indarrez hustu dira; adingabeak sexua eskaintzera behartu dituzte… Laburbilduz, badirudi futbolaren ikuskizun erraldoia prestatzea baino, herrialde osoan zehar pobrezia sustatzea izan dela Gobernuaren helburua. Ez dira gutxi izan brasildarren erantzunak, ordea. Adorez bildu, eta kalera irteten ari baitira ia egunero, euren eskubideak aldarrikatuz.

Gorrotoa, aiherra, kolera, haserrea. Aurreko guztia gutxi balitz, askok bizia ere galdu dute hil osoan dena "perfektua" izan dadin. Esplotatutako zortzi bat langileren heriotzaz gain, Mikkel Jensen kazetari daniarraren adierazpenak aintzat hartzekoak dira. Hotzikara zorrotz eta samin batek gorputz osoa zeharkatzen dit haren hitz garratzak irakurtzen ditudan bakoitzean. Izan ere, Gobernua kalean errotiko garbiketa egiten ari da, turistei itxura "ona" ematearren. Kale horietan ume andana bizi ziren, baina bat-batean desagertu egin dira; seguruenik heriotza izanik haien patua. Zaborra balira bezala baztertu dituzte, herritarrengan mina, mespretxua eta arrangura sortuz.

Hitzak sobran daude, beraz; ekintzak behar dira. Ez dizuet Munduko Kopari boikot egiteko eskatuko, baina bai une batez hausnarketa egiteko. Marxen hitzak eraldatuz, futbola herriaren opioa bilakatu da, eta menpekotasun hori desagerrarazi behar dugu. Gozatu kirolaz, baina begiak irekita!