• Esklerosi anizkoitza duen nafar kopurua. Nafarroako esklerosi anizkoitzaren elkarteak beste eguneko zentro bat lortu du. Antsoaingo Udalak lokal bat utzi dio elkarteari. Egun, Nafarroan 578 pertsonak pairatzen dute esklerosi anizkoitza. Horietatik 422 emakumeak dira, eta 156, berriz, gizonak.
Naturaren kontra murrizten
Ingurumen hezkuntzaren alde. Ez itxi Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa (NIABZ), dio pankartak. Atzean, zentroko langileak daude, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren aurka protestan; izan ere, zerbitzua bertan behera utziko duela ira...
BIOLINA DEABRUAREN PARE JO NAHIAN
Ara Malikian munduko biolin jole onenetarikoa da. Igandean, 19:00etan, Barañaingo auditoriumean aurkeztuko du ikuskizun berria. Kondairak dio 1782ko urriaren 27an Niccolo Paganini jaio zela Genevan, eta Paganinik 5 urte zituela haren amak arima saldu ziola deabruari, semea munduko biolin jole hoberena izateko. Egia ala gezurra, biolin jole bikaina izan zen Genevako musikaria. Malikianek Paganiniren istorioa kontatu du 24 apetatsuak lanaren bidez.
Argako ibai parkea Aratzuriraino luzatzen ari da Iruñerriko Mankomunitatea
Urrian hasi zituzten Barañain eta Aratzuri arteko Argako ibai parkeko lanak. Iruñerriko Mankomunitateak hegoaldera zabaldu nahi du parkea, Etxauriraino. Horrek hamalau kilometro gehituko lizkioke ibai parkeari. Aratzurirainoko tarteak lau kilometro ditu, eta lanak ekainean bukatzea espero dute.
"Tarte berria Iruñeak eta Barañainek sortzen duten hiri nahasmenetik landa eremurako irtenbidea izango da. Oltzara zabalduko dugu, ibai parkea desmasifikatzeko", adierazi du Alfonso Amoren Iruñerriko Mankomunitateko Ingurumen Departamentuko zuzendariak. Proiektua udalez gaindiko sektore planean onartu zuten. Mankomunitateak Etxaurirainoko lurrak erosi zituen eta 2010ean Espainiako Ingurumen Ministerioak Aratzuriko zubi zaharra zaharberritu zuen. Lan horretan ministerioak 500.000 euro gastatu zituen.
Milioi erdiko kostua izango du Aratzurirainoko luzapenak ere. Lanak Tragsa enpresa publikoak egingo ditu hiru fasetan. Baina, ministerioak lanen %70 ordainduko du. Ibai parkeko bideak hiru metro eta erdiko zabalera izango du. Horrez gain, proiektuan lau jolasgune aurreikusi dituzte: Landabenen, Bolboraren zubian, Elortz eta Arga ibaiek bat egiten duten tokian eta Aratzuriko zubi zaharraren ondoan. Elortz eta Arga ibaia elkartzen diren tokian egingo duten jolasgunean begiratokia eta trial bike pista jarriko dituzte.
Jolasguneak egiteko Volskwagen auto enpresarekin hitz egingo du mankomunitateak, finantzaketan parte har dezan. Amorenaren arabera, enpresa horrek ingurumena "zaintzeko" Think Blue proiektua du, eta hori aplikatu nahi dute."Enpresaren lurretatik eta haren lantegiaren ondoan egingo da parkearen luzapena".
NIABZ eta beste zazpi fundazio itxiko dituzte
Hamabi fundaziotik lau baino ez ditu mantenduko Nafarroako Gobernuak; gainontzeko zortziak itxi egingo ditu. Honako hauek galduko dira: NIABZ, INAAC, Energia Berriztagarrien Elkartea, Bikaintasunarena, Itoizko ubidearena, Esako fundazioarena, Erronkar...
Paris 365 elkarteari lau etxebizitza utzi dizkio Nasuvinsak
Nasuvinsa enpresa publikoak eta Gizakia Herritar-Paris 365 elkarteak hamar urteko elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Horren bidez, Nasuvinsak lau etxebizitza utziko dizkio elkarteari: bi alokatuta, eta beste biak doan. Bizitzeko tokirik ez duten fa...
Merkatu sozialak elkartzeko plataforma sortu dute
Merkatu sozialen elkartea eratu dute bidezko merkataritzaren alde lanean dabiltzan hainbat eragilek. Besteak beste, hauek:?REAS, Som Energia, Ekologistak Martxan, Coop57, Fiare eta Diagonal egunkaria. Partaideen esanetan, egun martxan dauden azoka soz...
“Unibertsitate herrikoiaren campusa auzoa bera da”
Krisi ekonomikoak auzoan zer ondorio sortzen zituen jakiteko, Sanduzelaiko (Iruñea) Herri Ekimenak diagnostiko bat jarri zuen martxan 2012an. Diagnostiko horrek auzoak zituen gabeziak azaleratu zituen: langabezia tasa handia eta zerbitzu publiko gero eta okerragoak. Hori ikusirik, hainbat auzokidek krisiaren erantzuleei izen-abizenak jarri nahi izan zizkieten. Baina, horrekin batera, erantzun positiboak ere sortu nahi zituzten, alternatibak. Horrela eratu zuten Sanduzelaiko Unibertsitate Herrikoia. Bertako kide dira Amaia Barrena (Iruñea, 1988) eta Joseba Arbaiza (Bilbo, 1981). Iazko ekainean martxan jarri zuten, eta oraindik bidea egiten ari dira, baina oinarriak argi dituzte. "Berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako formazio kritikoa sustatu nahi dugu", dio Arbaizak.
Zer da unibertsitate herrikoia? Nola ulertzen duzue kontzeptu hori?
JOSEBA ARBAIZA: Ez dugu ezer asmatu. Azken mendeetan, une zehatzetan herri ekinbideak horrelako hainbat proiektu sortu ditu. Auzoan hainbat gabezia ikusi genuen, eta erantzuteko asmoz sortu genuen unibertsitate herrikoia. Horren bitartez, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako formazio kritikoa sustatu nahi dugu. Betiere modu horizontalean. Hau da, denok badakigu zerbait, eta hori baliatu nahi dugu elkarrengandik ikasteko. Era horretan, auzotarren arteko kohesioa lortu nahi dugu.
Unibertsitatea espazio fisiko batera mugatzen da?
AMAIA BARRENA: Hasieratik esan genuen, unibertsitate herrikoia denez, auzoak berak izan behar zuela erreferentzia nagusia. Beraz, unibertsitate herrikoiaren campusa auzoa bera da. Karrikagunean dokumentazio zentroa dago. Baina erabiltzen ditugu, besteak beste, Civivox, auzo elkartea eta, eguraldi ona eginez gero, kalea bera ere bai.
J. A.: Askotan, unibertsitate hitza lau hormarekin, eraikin txukun batekin eta ezagutzak modu hierarkikoan ematearekin erlazionatzen da. Zenbait ariketa egin genituen unibertsitatea definitzeko, edo berriro definitzeko. Orduan, ondorio batzuetara heldu ginen. Gure helburua ez da tituluak ematea, edo ehuneko ehunean egia diren gauzak esatea. Nik elkargune modura ikusten dut. Elkargune hori erreka parean, plazan edo kale erdian egon daiteke.
Zer ekinbide eraman dituzue aurrera?
A. B.: Nik bi atal ikusten ditut. Alde batetik, unibertsitate herrikoia aurrera eramateko astero biltzen den taldea. Eta, beste alde batetik, ekintzak proposatzen dituen kanpoko jendea. Guk hainbat ekintza prestatu ditugu. Baina gero, kanpoko jendea etor daiteke eta gauzak proposatu ahal ditu. Adibidez, baten bat etor daiteke eta esan: "Nik software askearen inguruko zerbait antolatu nahi dut". Horrelako proposamenek ere tokia dute unibertsitatean.
J. A.: Lau ildo nagusi ezarri genituen. Lehena, Sanduzelaiko auzoan gaudenez, auzoko historia berreskuratu nahi dugu. Baina ez liburuetan agertzen dena. Auzoko kolektiboek historia nola bizi duten jakin nahi dugu. Horregatik, bertako historia bilduko duen dokumentazio zentroa egiten ari gara, kolektiboen kartel, idazki eta abarrekin. Nafarroa etorbideko biribilguneko pasabidea lortzeko egin zituzten barrikadetatik hasi, eta Karrikagunea lortzeko eman den prozesura arte.
Bigarrena iritzi politikoaren ingurukoa da. Arlo anitz jorratzen ditugu, hala nola ekonomia, eskubideen urraketa eta internazionalismoa. Gure egunerokoan gertatzen diren gauzei buruzko iritzi politiko kritikoa sortzeko foro antzekoa egin nahi dugu. Oraingoz, memoria historikoa, Nafarroako langile mugimenduaren historia eta Siriako gerra landu ditugu. Orain, Nafarroako Erresumari buruzko ikastaroa antolatzen ari gara.
Hurrengoa euskara eta euskal kultura da. Inguru erdaldunean bizi gara. Baina badaude pertsona euskaldunak, eta guk horien arteko zubi lana egin nahi dugu. Bestalde, irakurle txokoa ere sortu dugu.
Laugarren ildoa gremioena da. Auzoan langabezia tasa handia dago. Langabeek gero eta arazo gehiago dituzte birziklapen ikastaroetan parte hartzeko. Horregatik, formazioa eskaintzen duten auzoko hainbat elkarterekin elkarlanean aritu nahi dugu; langabeei formatzeko aukera eman nahi diegu.
Zein izan da auzoaren erantzuna? Jendeak parte hartzen du?
A. B.: Astearteko bileretan sei edo zazpi pertsona batzen gara. Gero badugu hurbileko jendea, laguntzeko prest dagoena. Azkenik, antolatutako ekintzetara hurbiltzen den jendea dago. Horietan sorpresa hartu dut. Antolatu ditugun azkenetan ez nuen inor ezagutzen. Hori seinale ona da.
J. A.: Garapena ikusi dugu publikoaren aldetik. Hasieran, lagun batzuk etortzen ziren, baina hurrengoan beste pertsona batzuk, eta, azkenean, denak batera. Langile mugimenduaren historia jardunaldietan, adibidez, 18 eta 70 urte arteko jendea zegoen. Oso argazki polita izan zen hura.
Erreferentziarik izan duzue unibertsitatea sortzeko garaian?
J.A.: Orain dela hamarkada batzuk Donibane auzoan horrelako esperientzia bat egon zen. Eurekin hitz egin dugu. Badakigu Barañainen eta Berriozarren antzeko proiektuak daudela ere, ateneoak. Baina erreferentzia nagusia Bilboko Errekalde auzoko unibertsitate herrikoia da, oihartzun handiena izan zuelako eta denboran gehien iraun zuelako.
Iruñeko Alde Zaharreko merkatu sozialean muntatutako postuak.
Nahi duen edonork eman dezake izena postua muntatzeko, betiere azokaren balioekin bat eginda funtzionatzen badu. Parte hartzeko, antolatzaileekin jarri behar du harremanetan, azoka egunean.