Donejakue bideko elizak eta monumentuak bisitatu ahal izanen dira

Arteaz gozatzeko aukera ere eskaintzen dute udako hilabeteek. Nafarroako Gobernuak herrialde horretako kultur ondarearen zati diren 37 eliza eta monumenturen ateak zabalduko ditu datozen asteotan, datorren abuztuaren 31 bitarte.

Zehazki, Donejakue bidekoak dira bisitatu ahal izanen diren eraikinak, bertzeak bertze, Santiago eliza Luzaiden, San Migel eliza Zizur Txikian, Andre Mari Eunatekoaren eliza, Muruzabalen, eta Iruñeko San Saturdi eliza.

Goizez, 10:30etik 13:00etara izanen dira eraikinotako ateak zabalik; arratsaldez, berriz, 17:30etik 20:00etara. Iaz ere Nafarroako kultur ondarea ezagutzeko programa martxan jarri zuen Nafarroako Gobernuak. Denera, 63.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten, aurreko urtean baino %12 gehiago, hain zuzen ere.

@sarean

Nafarroan babesgabeko animaliak laguntzeko jakin beharreko helbideak:

www.protectoranavarra.org. Nafarroako Animaliak Babesteko Elkartea.

www.cpaetxauri.com.Etxauriko egoitzako helbidea.

www.basati.org.BASATI taldeko kideen webgunea.

Ahulenak laguntzeko prest

Bertze hainbat animaliarekin partekatzen dute etxea herritar anitzek. Txakurrekin eta katuekin, batez ere. Legez babestutako animaliak dira horiek, baina horrek ez du erran nahi babes hori beti jasotzen dutenik. Berriki, Bartzelonan, karrikako katuak artatzen eta zaintzen dituen elkarte baten egoitzari su eman dio pertsona batek. Hamar katu hil ditu erasoak.

Nafarroan ere animalien aurkako tratu txarrak gertatzen dira: karrikan abandonatzen dira txakurrak eta katuak; oilarren arteko borrokak egiten dira, bai eta txakurren artekoak ere. Foruzaingoak badu eskumena halakoetan parte hartzeko, baina animalien aurkako tratu txarren esparruan, oraindik ere, laburra izaten da, kasu gehienetan, herritarren salaketek egiten duten bidea.

Gauzak aldatzeko gogoz dagoen jendea bada, hala ere. BASATI elkarteko kideak dira horren adibide. Iazko irailean jarri zuten taldea martxan, babesgabeko animaliak artatzeko. Albaitari talde iraunkorra da, eta haien lana ahulenen esku jarri nahi dute.

Hogei albaitari inguruk osatzen dute BASATI. Ez dira elkarteko profesional bakarrak. Abokatuak, kriminologoak, kazetariak eta biologoak ere badira, bertzeak bertze. Alfonso Bañeres da kideetako bat. Albaitaria. Argi utzi du haien helburua zein den: "Babesgabeko animaliak artatzea da gure lana. Jaberik ez duten animaliak, bai eta tratu txarrak jasan dituztenak ere". Zehaztu du, hala ere, elkarteak ez duela animaliak babesteko ohiko elkarte baten modura funtzionatzen. "Gure helburua ez da herritarrek guregana jotzea". Albaitari gehienak kliniketan ari dira lanean, eta esparru horretan aritzen da elkartea, hain zuzen ere.

Segida eta babesa eman

"Guregana anitzetan ailegatzen dira zauritutako animaliak, edo gaixo direnak. Jaberik ez dutelako, edo tratu txarrak jasan dituztelako. Halakoetan, beti artatu izan ditugu. Elkartearen bidez, lan horri segida eman nahi diogu, eta, gainera, babesa. Lan profesionala egiten ari garela ziurtatu, eta balioa eman, hori da kontua", azaldu du Bañeresek.

Animalia babesgabea artatzen duen albaitaria elkarteko kide bada, BASATIri emanen dio egindako lanaren berri, eta elkarteak ordainduko dio egindako lan hori. Elkarteko kideen asmoa da, noski, osatzen duten sarea gero eta handiagoa izatea. "Gero eta gehiago bagara, hobeki artatu ahal izanen ditugu guregana heltzen diren eta bestelako babesik ez duten animaliak".

Lan hori ordaindu ahal izateko, proiektua lagundu nahi dutenen eskutik jasotzen dutena baliatzen dute. Hainbat ospitaletatik, adibidez, materiala heldu izan zaie. "Pertsonentzat jada erabilgarria ez den materiala da, baina beste animaliak laguntzeko balio diguna". Gisa horretako laguntzak jasotzen jarraitzeko bideak aztertzen ari dira elkarteko kideak, bai eta dirua lortzeko bertzelako moduak ere, haien lanak aurrera egin ahal izan dezan.

Foruzaingoarekin ere elkarlanean ari dira BASATIko albaitariak eta bertzelako profesionalak. Txakurren arteko borroketan erabilitako animaliak artatu dituzte elkarlan horri esker, adibidez, bai eta borroketan erabilitako oilarrak ere. "Horrelakoak egiten dira Nafarroan, oraindik ere", salatu du BASATIko albaitariak.

Tratu txarrak jasan dituzten animalien esparruan, albaitarien zaintzaz harago joan nahi dute elkarteko kideek. Salaketak jartzeko laguntza eskaini nahi dute, eta haien txostenen bidez, halako jarduerak zigortzeko urratsak egin, bertzeak bertze. Pozoitutako animaliak artatzea, eta gisa horretako jarduerak salatzea eta haiei aurrea hartzea ere bai.

Txakurrak eta katuak ez dira BASATIko kideek artatzen dituzten animalia bakarrak. Berriki hegazti harrapari bat sendatzeko aukera izan zuen Bañeresek berak. Nafarroan, gobernuak badu basafauna artatzeko zentro bat Ilundainen. Baina egungo egoera kaskarra dela nabarmendu du Bañeresek. Han aritua da bera, baina egun zentroak albaitaririk ez duela azaldu du. "Ez albaitaririk, ez beste langilerik ere", erantsi du. Murrizketek eragin dute egoera hori, eta ondorioak, noski, animaliek jasanen dituzte.

Etxauri, txakurrak eta neskak

Urte hasieran, uholdeek hartu zuten Nafarroako Gobernuak etxerik gabeko txakurrentzat Etxaurin duen egoitza. Dozena bat animalia inguru zendu ziren, kaioletatik ezin atera. Etxauriko Neskak taldeko boluntarioei esker, bertze anitz salbatu ahal izan zituzten, txakurrak laguntzera agertu baitziren.

BASATIko albaitariak ere aritu ziren txakurrak artatzen. "Denera 28 animalia hartu genituen". Haietako hainbatek kaioletatik ihes egiten saiatu zirenean egindako zauriak zituzten, bai eta elkarri egindako hozken arrastoak ere. Haiek sendatzen aritu ziren Bañeres eta elkarteko gainerako kideak.

Etxauriko Neskek eskertu zuten laguntza. Gobernuaren egoitzako txakurrak artatzen dituen boluntario taldea dago elkarte horren atzean. Txakurrak zainduko dituzten familiak bilatzen dituzte, eta egoitzan dauden bitartean ere, paseatzera ateratzen dituzte, haien egonaldia samurrago bilakatzeko asmo bakarrarekin.

Etxauriko Nesketako bat da Susana Garmendia. Babesik gabeko animaliak artatzea zer den ederki daki. Halakoxeak izaten direlako txakurtegira ailegatzen direnak. Etxerik gabe gelditu diren animaliak.

Ilundaingo zentroan bezala, murrizketen ondorioak sumatu dituzte Etxaurin ere. Bereziki, Etxaurin bizi diren animaliek sentitu dituzte, krisiaren aitzakian, etxerik gabe gelditu direlako haietako anitz.

Krisiaren aitzakian. Horixe nabarmendu du Garmendiak, hain zuzen ere. "Krisia aitzakia izan da jende anitzentzat. Txakurra zaintzeaz nekatu, eta, haien burua nolabait zuritzeko edo, krisiaren aitzakia erabiltzen dute animalia zaintzen ez jarraitzeko", salatu du Etxauriko Nesken taldeko kideak. "Egonen da halabeharrez txakurra utzi behar izan duena, baina kasu gehienetan krisia aitzakia hutsa da", berretsi du Garmendiak.

Etxaurikoaren gisako egoitzetara ailegatzen diren txakurren soslaia, gainera, hagitz nabarmena dela erantsi du Susana Garmendiak. "Gehienak ehizarako erabiltzen diren txakurrak dira", azaldu du.

Ehiza garaia amaituta abandonatzen dituzte txakur horiek haien jabeek. "Bertze anitz akabatu egiten dituzte; nik ikusi izan ditut lepoan sokaren arrastoa zuten txakurrak", azaldu du Etxauriko Nesken taldeko boluntarioak.

Uda ere txakurrak abandonatzeko garaia izan ohi da. Garmendiak gogoratu du: "Txakurra oporretara ezin dutelako eraman txakurtegira eramaten dutenak animalia abandonatzen ari dira". Arduraz jokatzeko beharra berretsi du. "Gure babespean diren animaliak dira, eta ez du balio babes eta ardura horri uko egiteak, bertzerik gabe".

Ardura hori hartzeko prest denak Etxaurin baditu txakur anitz adoptatzeko zain. "Egoitza beteta dago", erran du Susana Garmendiak. Laguntza behar dute. Etxauriko Neskak taldeko kideak laguntza hori emateko prest dira. BASATIko albaitariak eta gainerako profesionalak ere bai. Babesgabeko animaliak artatzen eta zaintzen jarraitu ahal izateko.

PONEYAK EZ ERABILTZEKO PROTESTA

Zezenekin batera, bertze hainbat animalia erabiltzen dituzte Iruñeko bestetan. Barraketara haurrak gainean ibiltzeko poneyak ekarri dituzte azken urteotan. Eguzkipean orduak ematen dituztela salatu dute animalien eskubideen aldeko aktibistek. Elkarretaratzea egin zuten igandean, animalion egoera salatzeko. Tuteran debekatu dute poneyak erabiltzea. Iruñeko Udalak ere poneyak erabiltzearen aurkako mozioa onartu du, UPNren kontrako bozekin.

“Bideoa Esako urtegiaren handitze lanak gelditzeko tresna izatea nahi dugu “

Eguzki Bideoak-eko kidea da Laura Berro (Iruñea, 1986), eta buru-belarri dabil proiektu berri batekin: Esako urtegiaren handitze lanen kontrako dokumentala martxan jartzen. Izan ere, aurreko astean lortu zuten bideoa finantzatzeko behar zuten aurrekontua, finantzaketa kolektiboaren sistemari esker. René Petiten amesgaiztoa deitzen da lana, eta orain hasiko dira filmatzen; bost hilabete barru, dokumentala prest izatea espero dute.

Nor zen René Petit, eta zein zen haren amesgaiztoa?

Esako urtegia diseinatu zuen ingeniaria da. Haren amesgaiztoa urtegia handitzea zen; handitzea oso arriskutsua litzatekeela zioen. Eta, hala ere, egun handitzen ari dira! Ez al da ironikoa? Oso esanguratsua iruditu zitzaigun hark handitzearen kontra egitea, eta hori baliatu dugu dokumentalaren izenburu gisa.

Nola sortu zen proiektua?

Dokumentala egitea Esa+Ez eta Rio Aragon plataformei bururatu zitzaien, eta ideia ona zela pentsatu genuen guk ere. Arazoa zera izan zen: ez genuela dokumentala finantzatzeko dirurik.

Orduan, finantzaketa kolektiboa erabiltzea bururatu zitzaizuen.

Bankuari ez genion mailegurik eskatu nahi; maileguek bankuarekiko esklabotza harremana izatera behartzen zaituzte. Beraz, finantzaketa kolektiboa oso aukera interesgarria iruditu zitzaigun.

Nola funtzionatzen du finantzaketa kolektiboaren sistemak?

40 egun baino ez dauzkazu beharrezko dirua lortzeko. Denbora tarte horretan ez baduzu lortzen aurreikusitako kantitatea, dena galtzen duzu. Guk 14.000 euro eskatu genituen René Petiten amesgaiztoa aurrera ateratzeko.

Finantza kolektiboa bukatzeko 25 ordu baino falta ez zirenean bildu zenituzten 14.000 euroak. Lortuko ez zenutelako beldur zineten?

Lortzeko esperantza geneukan, bilketaren azkenengo egunetan 14.000 euroak lortzeko diru gutxi falta zitzaigun eta. Lehenengo eta bigarren asteetan, erraza da jendeak dirua ematea: gaia pil-pilean dago, eta gaurkotasun handikoa da. Hirugarren astean sufritu genuen gehien, astebetean ez ziguten kasik dirurik eman. Laugarren astean, baina, hobera egin zuen: Esaren kontrako manifestaldia egin zen, eta Casas geologoak handitzearen kontra esandakoek ere asko lagundu ziguten.

Azkenean, 284 mezenasek 14.860 euro eman dizkizuete. Horiek zer lortzen dute proiektua babestuz?

Emandako diru kopuruaren arabera, hainbat abantaila dauzkate: dokumentalaren afixa, DVDa, Eguzki Bideoak-en bideo sorta... Horretaz aparte, mezenasak proiektuaren parte sentitzeko aukera dauka. Jendeak diruaz gain, ilusioa ere ematen du.

Nolakoa izango da dokumentala?

Urtegiaren handitze lanak gelditzeko tresna izatea nahi dugu. Ikus-entzunezko obra deigarria sortzea aurreikusi dugu. Thriller moduko bat grabatzea da hasierako ideia; pertsonaia batzuen ikuspegitik, bideo ulergarri eta entretenigarria egitea. Ez dugu argudiatze zurrun, hertsi eta aspergarri bat nahi, baizik eta dokumental dinamiko bat.

Zein da bideoaren helburua?

Helburua jendearengana heltzea da; gaia ezagutzen ez dutenengana ere iristea. Aragoin gaia asko landu da, izan ere, lur desjabetzeak egin dira, eta gatazka handia sortu da. Nafarroan, ordea, ez da gaiari buruz asko hitz egin, eta eztabaida piztea nahi dugu.

Eta behin dokumentala grabatu eta gero?

Esako urtegiaren inguruko herrietan bistaratuko dugu. Bideoa arazoa gizarteratzeko tresna izateko asmoa dugu. Ezkutuko errealitate baten bozgorailu izan nahi du dokumentalak; administrazioak isildutako gatazka baten isla.

Obrak hasiak dituzte. Oraindik geldiaraz daitezke handitze lanak?

2001etik ari dira obretan, eta aurreikusitako aurrekontua baino %300 gehiago gastatu dute. Handitze lanak geldiaraz daitezke; borroka irabazteke dago.

Ez, zilarrezko erretiluan ez

Zilarrezko erretiluan zerbitzatzea" oso esamolde ezaguna dugu gaztelaniaz, bere horretan hitzez hitz euskaratu daitekeena. Gauzak erraz, errazegi jartzen dizkigutela/dizkiotela… —hartzailea nor den kontuan harturik— esan nahi du.

Esapideari dagokion irudia, hain zuzen, zerbitzari atsegin batek zilarrezko erretilu batean nahi duguna zerbitzatzen digula izango litzateke. Aitzitik, jatorria bilatzeko Bibliara jo beharko genuke, San Marcos eta San Mateoren ebanjelioetara non San Joan Bataiatzailearen hilketa deskribatzen duten:

Herodes Antipasek, Herodes Handiaren semeak, Jesus haurra desagerrarazi nahian haur guztiei zintzurra moztu zien haren semeak, Joan Bataiatzailea preso zeukan, profetak gaitzesten ziolako Herodias koinatarekin bizi izatea: "Ez duzu zure anaiaren emaztea desiratuko". Herodiasen alabak, Salomek, bere dantza dotore eta lizunarekin txunditurik utzi zuen Herodes bere urtebetetze-festa handian. Agintariak, esker onez, nahi zuen guztia eska zezala esan zion gazteari, eta honek, amari galdetu eta gero, erretilu batean Joan Bataiatzailearen burua nahi zuela adierazi zion. Eta eskatu bezalaxe ekarri zioten profetaren burua, bandeja batean. Herodiasek mendekua hartua zuen.

Urte batzuk geroago, zehazki 1966. urtean, Billy Wilder zine-zuzendariak beste istorio bat kontatu zigun: Zilarrezko erretiluan izenburua zuena. Protagonistak lanean ari zela buruan hartutako kolpea aprobetxatu nahi izango du, koinatuaren laguntzaz diru-etekinak lortu eta alde egin dion emaztea berreskuratu ahal izateko. Film honek hipokresia, gutizia, diru-zalekeria… baina baita errudun-sentimendua ere lantzen ditu. Errudun-penak hartu omen zuen Herodes Antipas ere.

Euskaraz zilar hitzak gehienetan aberastasuna eta argitasuna adierazten digu. Batetik, aberastasunaren lekukoak genituen jantzi aberatsenetan zilar-harizko brodatuak eta zilarjoskundea bera, zilar-diruak eta zilardunak, aberatsen etxeetako zilarrezko ontziak eta bitxiak. Beste aldetik, argitasunaren ikur ziren argizagi zilarbola edo zilarpil larria, ilargi handi eta argitsua izendatzeko; eguzkia eta izarrak ere zilarrezkoak ziren: eguzki zilartsua eta izarrak dirdiz zidarrezkoak; eguzkia zilar-kolorekoa.

Zilarrak bestelako bertuteak ere deskribatzen zituen: oilarraren zilarrezko turuta; larrurik onena zilar kolorekoa; mailu zilarrezkoak hauts ditzake ate burdinazkoak; Mariana, espos paregabea, zilarrezko ama; mintzatzeak zilarra balio du edo lanak zilarra balio du.

Aitzitik, zilargose eta zilarkoi hitzek esanahi gaitzesgarria adierazten zuten.

Zilarrezko katilua Nafarroako ipuinak kontatzen digu sagarrak biltzeko garaian auzokoak hurbilduak zirela etxe batera laguntzera. Egun osoan lan egin eta gero, nagusiak arratsaldekoa eskaini zien. Auzoko emakume batek ardoa guztiei banatu eta gero, zilarrezko katilua sagarrondo baten bi abarren artean utzi zuen. Guztiak etxeratutakoan etxeko jabeak bazter guztiak miatuta ere ez zuenez topatu zilarrezko katilua emazteari kontatu zion. Ebatsi ote ziela frogatzeko etxekoandreak kandela bat erre eta horrela lapurra zigortuko zuen. Baina auzoko andreari ez zitzaion ezer gertatu. Biharamunean, sagarrondo berde-berdea zena orain iharturik zegoela ikusita, botatzea erabaki zuen nagusiak. Aizkora hartu eta kriski-kraska zuhaitza erori zenean hantxe agertu zen zilarrezko katilua.

Udako solstizioak, San Joan izenez ezagun den egunak atea zabaldu dizkie udako festei. Tradizioz Sakanako herrietako festetan ardoa banatzen da zilarrezko katilu edo barkiluetan, apika, garai bateko udaletxeetako aberastasun-ondare apurra jai-giroan herritarrekin eta berdintasunean partekatzeko asmoz. Horregatik, arestian aipaturiko guztiarengatik, zilarrezko bandejan patata ustela baino, nahiago ardoa zilarrezko barkilu eta katiluetan.