Espainiako bandera jartzeko agindua hura balkoian dutela jaso dute Beran

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Berako Udala udaletxeko balkoian Espainiako bandera jartzera behartu du. Hartara, uztailean Iruñeko Administrazioarekiko Auzitegiak Beran Espainiako bandera jartzeko egindako ebazpena berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Berako udalak abenduaren 17an jarri zuen bandera hori udaletxeko balkoian, auzibide gehiago ekidin nahian.

Laura Albak argi utzi zuen Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izendatu zutenean Ikurren Legedia betearaziko zuela. Jakina da Nafarroako herri askotan udaletxeetako balkoietan ez dutela orain arte Espainiako banderarik jarri, Beran esaterako. Hala, legea urratzea leporatut, salaketa jarri zuten Iruñeko Administrazioarekiko Auzitegian, besteak beste Berako udalaren aurka. Uztailean, arrazoi eman zion justiziak Espainiako Nafarroako Ordezkaritzari.

Berako Udalak ebazpen horrekin ados ez eta helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusian. Baina, beste behin justiziak ez ditu ontzat jo Berako Udalak balkoian Espainiako bandera ez jartzeko emandako argudioak. Epaia irmoa da eta ez dago helegiterik aurkezteko aukerarik.

36 eskaera

Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkaritzak 36 udali eskatu die "legeak eskatzen duen eran" Espainiako bandera udaletxeetako balkoietan jartzea. Ordezkaritzak azaldu duenez, udal batzuk legedia betetzeko epe barruan daude oraindik. Egoera horretan daude esaterako, Oibar, Belaskoain, Bidaurreta, Oltza, Ziriza, Etxarri, Etxauri, Ituren, Lekunberri, Orkoien, Doneztebe, Villatuerta, Igantzi, Zabaltza eta Zubieta.

Bestalde, zazpi udalek legedia betetzea erabaki dute inolako eskaera judizialik gabe. Berriobeti, Berriozar, Garlar, Irurtzun, Obanos, Atarrabia eta Ziordia daude egoera horretan. Altsasu, Arbizu, Areso, Baztan, Etxarri-Aranatz , Goizueta, Uharte Arakil, Irañeta, Lakuntza, Leitza, Olatzagutia eta Oloritzen, berriz, ez dute gobernu ordezkaritzaren eskera bete eta helegitearen erantzunaren zain daude zer egin ebazteko.

Erriberako euskararen Argia

Urte berezia da 2013a Fontellasko Argia ikastolako kideentzat. Hirugarren aldiz, Nafarroa Oinez ikastolen jaia antolatzeaz arduratuko dira. Urriaren 20a izango dute egun handia, Tuteran. Taupadaz bat egin! leloa hautatu dute jai horretarako. Ia 30 urte bete ditu ikastolak, eta, hain justu, elkartasunerako deia egin dute orain arteko bidea sendotu eta aurrera jarrai dezan. Izan ere, Fontellasko ikastola da Erriberan D eredua eskaintzen duen ikastetxe bakarra. Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioaren arabera, Erriberako eskola publikoetan ezin da euskarazko ereduan ikasi, Nafarroako Gobernuarentzat "eremu ez-euskalduna" delako. Jaiaren antolaketa martxan da, eta aparteko giroa igartzen da.

Argia ikastolak ibilbide malkartsua izan du. Oraindik askok eta askok gogoan dute ikastolaren hasierako eguna. Bost ikaslerekin hasi zuten ibilbidea 1984ko azaroaren 5ean, Tuterako Beterri peñak utzitako areto batean. "Ordutik, gauzak asko aldatu dira; hobera egin dute". Hala aitortu du Anika Lujan Argia ikastolako zuzendariak. Sentimenduz beterik hitz egiten du ikastolaz, lortu dutena lortzeko lan handia egin dutelako. Proiektuan "bete-betean" sinesten du.

Zentroak bere ibilbidea 1984an hasi zuen arren, Nafarroako Gobernuak ez zuen legeztatu 2006. urtera arte. Oso egoera berezia zen hura; besteak beste, ez zuten inolako diru laguntzarik jasotzen. Maru Eriz 2013ko Nafarroa Oinez-eko koordinatzailea Argiako irakaslea ere bada. Garai hartan zentroa alegala zen arren, legearen arabera lan egiten zutela argitu du. "Gurean ikasten zuten haurrak Atarrabiako Paz Zigandan matrikulatzen genituen; legalki han ikasten zuten, nahiz eta gero praktikan Argian aritzen ziren", ohartarazi du Erizek.

Baina Nafarroako Gobernuak herrialdean modu alegalean zeuden ikastolak 2006an legeztatu zituenean, Tuterakoa eta Lodosakoa kasu, beste arazo bat sortu zen. Izan ere, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaini ahal izateko kiroldegi bat egin beharra zutela jakinarazi zien Hezkuntza Departamentuak. "Guk azpiegituretarako ez dugu inolako diru laguntzarik jasotzen; gurasoek jarri behar izaten dute euren poltsikotik", azaldu du Erizek.

Horrek areagotu egin du lehendik eskolak zuen zorra. Gainera, zorte txarra ere izan dute ikastolako kideek. Lehen urtea Tuterako Beterri elkartearen egoitzan igaro ostean, El Ferial kaleko etxe batera joan ziren, ikasleak gero eta gehiago zirelako. 1990ean eraikin horretan jarraitzerik ez, eta Murchantera bidean zegoen lokal handi batera joan ziren.

Garai horretan, orube bat erosi zuten, Tuteran. Berez, ez zuen eraikitzeko baimenik, eta urte luzez lur horren kalifikazioa aldatu zain egon ziren Argia ikastolako kideak. Kalifikazioa aldatzen ez zutelako etsita eta ikastolaren norabideak behartuta, Tuterako lurra saldu, eta Fontellasen —Erriberako hiriburutik lau kilometro ingurura— erosi zuten beste orube bat. Han dago egun Argia ikastola. Herrigunetik urrun xamar, inguruan soro zabalak dituztela. Lujan ikastolako zuzendariak dioenez, Fontellasera joan eta denbora gutxira kalifikazioa aldatu zioten bi urte lehenago Tuteran saldu zuten orubeari.

Urte horietan guztietan inbertsio handia egin behar izan dute. Hala, gurasoek azpiegiturak ordaintzeko egiten duten ahalegina Nafarroa Oinez-en bitartez arintzea da asmoa. Eriz benetan eskertuta dago iragan astean boluntarioak behar zituztela jakinaraziz egin zuten deiak izandako harrerarekin. "Ikastolako gurasoak zuzenean ari dira parte hartzen jaia antolatzeko batzordeetan, bakoitzak ahal duen neurrian", esplikatu du. Dioenez, ikastolako komunitatean oso presente dute aurtengo jomuga nagusia Nafarroa Oinez "on" bat egitea dela. Horren menpe baitago hein handi batean zentroaren geroa.Bildukoduten diruak pilatuta dauzkaten zorrak arintzen laguntzea da helburua.

Erizek zein Lujanek aurtengo Nafarroa Oinez "oso berezia" dela ohartarazi dute. "Erriberan D eredua eskaintzen duen ikastetxe bakarra da Argia; aukera hori ez da beste inon ematen". Denera, 16 urte bitarteko 220 ikaslek ikasten ikastetxean.

Forma hartzen ari da jaia

Pixkanaka-pixkanaka, urriaren 20ko jaiaren zirriborroa marrazten hasi dira. Egun, 151 familia dira Argia ikastolako kooperatibako kide. Denak buru-belarri lanean ari dira modu batean ez bada bestean. "Martxa hartua dute", dio Erizek. Abiapuntua azaroaren 23a izan zen. Tuteran Nafarroa Oinez urtea izango zenaren aurkezpen festa egin zuten. "Modu horretan esan nahi izan genion Euskal Herri osoari lanean hasita geundela eta gurekin elkarlanean hasteko".

Joan den astean grabatu zuten 2013ko Nafarroa Oinez-eko kantua, Tutera Noboo aretoan. "Kantuaren lana amaituta, orain bideoa egiten hasiko gara. Ideia badaukagu, eta laster hasiko gara gauzatzen", adierazi du Erizek. Gauzak pentsatuak dituzten bezala ateraz gero, martxorako antolatzaileek uste dute publikoki aurkezteko moduan izango direla bai abestia baita bideoa ere.

Oraindik ekitaldiak diseinatzen ari diren arren, Erizek azaldu du zenbait gauza zehaztuak dituztela. Esaterako, otsailaren 22an ikasle ohientzako bertso afaria egitekotan dira. Horrez gain, Artea Oinez erakusketa prestatzen ari dira. Urtero-urtero, Nafarroa Oinez jaiaren alde zenbait artistak euren obrak eman ohi dituzte. "Orain artean, Artea Oinez erakusketa bi tokitan egoten zen ikusgai, Iruñean eta Donostian. Baimena eskatu dugu erakusketa Donostian egin beharrean Tuteran egiteko, eta baimena eman digute", dio pozik Erizek.

Udaberri alderako Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen saio bat egitekotan dira Argia ikastolaren alde. Horrekin batera, Nafarroa Oinez-eko arduradunek jakinarazi dutenez, gazteei begira rock kontzertu bat antolatzea gustatuko litzaieke, eta musika taldeekin harremanetan jarri dira jadanik. Datozen asteetan ekitaldi gehiago zehazten joango dira, opera emanaldi bat, Dantzari Txikien Eguna....

Egoera zenbaitetan latza izan arren, baikorrak dira Argia ikastolako kideak. 28 urteko ibilbidean erronka asko gainditzea erdietsi dute, tartean Fontellasko eraikina egitea. Nafarroa Oinez-en bitartez krisi ekonomikoaren eraginei eta babes instituzional eskasari aurre egiteko moduan izango dira elkartasuna lanabes dutela.

Sanferminetako museoaren proiektua atzeratu bai baina ez duela baztertu dio UPNk

San Fermin jaien berri emango duen museo bat egitea aspaldiko nahia du UPNk. Krisiak egitasmoa kolokan jarri badu ere, Iruñeko Udaleko buruek argi utzi dute ez dutela erabat baztertu. "Orain beste gai garrantzitsuago batzuk daude, premia handiagoa dutenak", azaldu du Obretako zinegotzi Jose Javier Lopezek. "Egoera ekonomikoa hobetzen denean egingo dugu". 1.500 metro koadroko orube bat —garai batean suhiltzaileen parkea zegoen tokian— dute Media Lunan egitasmoa gauzatzeko, baina oraingoz han museoa altxatzeko dirurik ez dagoela eta, ordezko proiektuak aztertzen dira: "Behin-behinekoak". Guztien artean merkeena txakurrentzako eremu bat prestatzea da, eta segur aski horren alde egingo dutela azaldu dute UPNko arduradunek. Txakur jabeentzako esparru ireki bat izango da, animaliekin bertara joateko aukera izan dezaten.

Parke bat eta aparkaleku bat egitea ere aztertu dute, baina egitasmo horiek egitea zailagoa ikusten dute udaleko buruzagiek. "Aparkaleku bat egitea garestia litzateke, eta parke bat egiteko inbertsioa ere bai; ureztatzeko sistema jarri beharko litzateke, eta gero horren mantenua ere egin", azaldu du Lopezek. Txakurrentzako esparru bat prestateko, aldiz, hesi zenbait eta zaborrontziak jarrita aski izango dela pentsatzen dute, gastu gehiagorik gehitu gabe. Izan ere, orubea lurrez estali beharko da, baina Buztintxuri auzotik eskuratzeko asmoa dutela jakinarazi dute.

Oposizioak sarri kritikatu ditu sanferminetako museoaren inguruko gorabeherak. Izan ere, egitasmoaren aldeko urrats dezente eginak ditu UPNk, eta horietan diru asko gastatu da: ia lau miloi euro. Horregatik ez dute Iruñeko Udaleko agintariek proiektua guztiz baztertu dutenik onartu nahi. "Museoan konfiantza dugu", esan du Lopezek.

Kartzelako orubea

Hizketarako gai izan da asteotan Iruñeko espetxe zaharreko orube hutsa ere. Irailean hasi ziren eraikina eraisten, polemika artean. Izan ere, oposizioak eraikina bota aurretik izan zitzakeen erabilera posibleak aztertzeko eskaera plazaratu zuen. Udal gobernuak ez zion jaramonik egin eskari horri, eta behin eraisteko lanak amaituta, presondegi zaharraren kokalekua orube bat da, erabiltzeko prest. Iruñeko Udaleko Egitasmo Estrategikoen Sailak erabaki du bertan ere txakurrak ibiltzeko eremu bat egingo dutela; horren alboan saskibaloian ibiltzeko kantxa bat eta lorategi bat jartzeko asmoa ere agerian utzi dute.

Udaleko agintariek onartu dute beste hainbat proiektu ere izan dituztela buruan leku horretarako. Besteak beste, kartzelako frontoi zaharra ez eraistea eta bere horretan lagatzea aztertu dute. Akaso aparkaleku bat egingo zutela ere adierazi zuten hasieran. Azkenean, egitasmorik merkeenaren aldeko hautua egin dute kasu honetan ere. Horretara, batez ere, Iruñeko Udalaren egoera ekonomiko larriak eraman ditu, gehienez ere 40.000 euro gastatu baitzitzaketen orubea txukundu eta herritarren erabilerarako osagaiekin hornitzen.

Iruñerriko Langabeen Plataformak borroka astea antolatu du

Lanik ez duten pertsonen eskubideak aldarrikatzen dihardu Iruñerriko Langabeen Plataformak. Duela bi urte sortu zuten langabezian zeuden hainbat pertsonak, eta sortu zuteneko helburu berarekin jarraitzen dute lan eta lan. Heldu den asterako langabeziaren aurkako borroka astea antolatu dute, plataformaren bigarren urteurrena ospatzeko. Hitzaldiak izanen dira borroka astearen ardatza. Urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra bitarte eginen dituzte ekintzak eta mobilizazio batekin bukatuko dute.

Gauzak horrela, urtarrilaren 29an batzar berezia eginen dute Zabaldi elkartean, arratsaldeko zazpietan. ¿Después de dos años qué? izenburupean, orain arte egin duten bidea eta hemendik aurrera eginen dutena izanen dute mintzagai. Hurrengo egunean, ordu eta toki berean, krisi kapitalistaren inguruan NUPeko Begoña Perez irakasleak zuzenduko du hitzaldia —Radiografía de una crisis capitalista. Derechos vs ganacias—. Urtarrilaren 31n, Fernando Armendarizek —Bira Beste Aldera taldeko kidea— eta Henrike Galarzak —NUPeko ekonomia irakasleak— Hormiga Atomica liburu-dendan mahai ingurua eginen dute. Arratsaldeko zazpietan, Salir de la crisis o salir del capitalismo en crisis izenburupean.

Otsailaren 1ean, Arantzadi Bizirik taldeak eta Bartzelonako hiri baratzeen koordinatzaileak parte hartuko dute Zabaldin eginen duten hitzaldian. Larunbatean, otsailaren 2an, bukatuko da Iruñerriko Langabeen Plataformak antolatu duen langabeziaren aurkako borroka astea. Mobilizazioa eginen dute otsailaren 2an, Nafarroako Gobernuaren egoitzan, eguerdiko hamabietan ¡No es crisis, es capitalismo! lelopean. Horren ostean, Arrano elkartean bazkaria eginen dute, eta, ondoren dantzaldia.

"Bi urte hauetan langabezian dauden pertsonen alde lan egin dugu, krisitik ateratzeko lehentasun egoeran jarriz. Borroka finkatu behar dugu, bai lanaren alde egiteko eta baita giza eskubideak bermatzeko ere", azaldu dute plataformako kideek.

BI BURU ERRALDOI KATEDRALEAN

Antonio Lopez artistaren bi eskultura erraldoi paratu dituzte Iruñeko katedralaren atarian. Gaua eta eguna izenburupean, bi buru erraldoi ageri dira katedralaren aurrealdean. Brontzezko eskulturak dira biak. Iloba txikiarekin duen harremana izan zen artistaren inspirazio iturria. Lan handia izan da eskulturak atarian jartzea, eta muntaketa prozesu osoa unibertsitateko ikasle batzuek jaso dute. Ikasleek performance bat eginen dute grabazioekin.

“Autoaren inguruan egina dago hiria, ez plazaren inguruan”

Kaktusak eta western pelikuletako paisaiak. Arroila Handia. Indioak. Horrelakoa da Arizona. "Politenak ez dira hiriak, natura baizik". Eneko Ganuzaren (Iruñea, 1978) hitzak dira. Harrituta gelditu zen Arroila Handia lehenengo aldiz ikusi zuenean. Franklin D. Rooseveltek esan zuena gogora ekarri du: "Bizitzan noizbait ikusi beharrekoa da". Ameriketako Estatu Batuetako lehendakari ohiak esandakoa betea du Genuzak, baina oraindik hamaika txoko gelditzen zaizkio aurkitzeko. "Oso zabala eta handia da herrialdea; horregatik, paisaia guztiz desberdinak dira".

Duela urtebete baino gehiago iritsi zen Eneko Ganuza Phoenix hiriburura. Itsas Zientziak ikasi zituen Palman (Kanariauharteak, Espainia), eta ondoren Ingalaterrara joan zen doktoretza egitera. "Nafarroatik kanpo anitz urtez bizi izan naiz, baina udan itzuli ohi naiz". Gabonetan familiaren bisita izan zuen Arizonan. "Hemen ez dago aukerarik opor luzeak hartzeko, bakarrik 15 bat egun; horregatik ez naiz itzuli nahi bezainbeste". Bioteknologia enpresa batean lan egiten du Phoenixen. "Ikertzailea naiz, eta iluntasunean hazten diren mikroalgak ikertzen ditut". Alga horiek azoka eta supermerkatuetara merkaturatu nahi dituzte, janari, kosmetiko edo botika gisa. Ez dago mikroalga enpresa asko, eta Ganuzak ez zuen bi aldiz pentsatu lana eskaini ziotenean.

Lanean duen giroa, gainera, apartekoa da. " Gehien harritu nauena lan egiteko era izan da". Enpresek langileak zaintzen eta motibatzen dituzte. "Personal couching, personal training... kontzeptu horiek hemen oso erabiliak dira, Euskal Herrian ez". Kanpotik lan ereduak "faltsu samarra" eman dezakeela ulertzen du Ganuzak, baina erabat eraginkorra dela dio. "Enpresaren produkzioa hobetzea lortzen dute, eta, aldi berean, langileak motibatuta joaten dira lanera".

Arizonako bizimodua "zeharo" autora lotuta dago. Leku batetik besterako distantziak ikaragarriak dira, eta guztiek dute autoa. Auto guztiak primerakoak eta berrienak direla dio Ganuzak. Sonora basamortuan dago Phoenix. Banakako etxebizitzez beteta, ez dago eraikin alturik, ezta etxe orratzik ere. "Hiria ez dago plazaren inguruan eginda, autoaren inguruan baizik; horregatik, aparkalekuetan aurkitzen duzu jende gehien, eta ez parkeetan". Errepublikanoen estatua da Arizona. Armetara eta autoetara ohituta daude. "Familia guztiek dituzte armak, hasieran oso arraroa egiten zitzaidan, eta oraindik ere bai; seinale ona da hori".

Horretaz gain, indigena erreserba handienetarikoa du lurraldeak. Sorterriko 300.000 lagun inguru bizi dira. "Erreserbetan beste eskubide batzuk dituzte; adibidez, Arizonan debekatua dago kasinoak eraikitzea, baina erreserbetan ez; horregatik, indiarren diru iturri nagusiena kasinoak dira". Erreserbetako hiriak "triste samarrak" direla azaldu du Ganuzak, inguruan duten natura oso polita den arren. "Desberdintasun handiak ikusten dira, batzuk oso pobreak, besteak kasinoekin...". Ohikoa da auto-stop egitea erreserbetan, askok autorik ez dutelako. Behin, Ganuzak auto-stop egin zuen erreserba batean, eta navajo indio batek hartu zuen bide erdian. Indioaren etxea ezagutu zuen, eta familia ere bai. "Sekulako esperientzia izan zen, oso jatorrak eta umilak ziren; primeran hartu gintuzten".

Globe herria gustuko du Ganuzak. "Hutsik dago herria; kobrea ateratzen zuten garai batean handik, urrezko aroa izan zuen, baina 1930eko hamarkadan hutsik geratu zen". Hala ere, etxe guztiek zutik jarraitzen dute, eta horrek berezia egiten du herria. "Ikaragarria da".

Behin, Tucsongo irakasle batekin topo egin zuen Ganuzak. Hitz egiten hasi, eta jatorriaz galdetu zion Ganuzari. Arizona hitza euskalduna dela esan zion. "Haritz ona esan nahi duela azaldu zidan". Orain dela 100 urte euskaldun artzain ugari joan ziren Arizonara. "Flagstaff hirira joan ziren gehienak, eta han haritzak ohikoak dira; hortik, izena". Oraindik ere, Euskal Herritik etorritako artzainen arrastoa agerian da. "Euskal artzainek zuhaitzetan haien izena eta urtea idazten zuten". Euskal aztarnak aurkitzea gustatzen zaio Ganuzari. Hala ere, gaur egun bizi direnak Euskal Herria ez dutela ezagutzen dio. "Phoenixek bakarrik ehun urte ditu; ez du erro historikorik, hiri gaztea da".

Urte hauetan guztietan izugarri hazi da hiria. Metropoli eremuak 4 milioi biztanle baino gehiago ditu. Gero eta immigrazio gehiago dagoela konturatu da Ganuza. "AEBetako beste estatuetatik jende asko etorri da, baita Mexikotik ere". Muga egiten du Arizonak Mexikorekin, eta latino-amerikar komunitatea handiak sortu dira. "Arizonaren %25 latindarrak dira". Ganuza mexikar merkatuetara joan ohi da erosketak egitera. "Han barazkiak eta frutak askoz hobeak dira; eta merkeagoak ere bai". Baina Arizonako haragia da gehien gustatzen zaiona: "Hemen haragia primerakoa da; hemen jaten dituzten hanburgerrak ez dira McDonaldsekoak".

Ursule! Markule! Banu, banu, banule!

Bertzorduz Iratiko oihanian Mendibeko herritik eta Otxagabiarat zohalarik neskato bat, errekontratzen dizu hartz bat. Chuen chuena so egon balitzako hartza ahalgeturen zizun, bainan hura ikustearekin iziturik begiak lurerat aurtikitzen ditizu. Ikusirik haren estitasuna hartza arimatzen ziakozu eta bizkarrian ezartzen dizu eta eremaiten zilo batera. Hara direnean hartzak senditzen dizu uricha zuela eta ume bat egiten dizie. Emia izan baliz menturaz hartzak ez zizun sofrituren neskatoa, nola gertatu izan baitzen arra konxerbatu zizun".

Cerquand idazle frantziarrak 1885ean, Pauen irakasle zela, bere Zuberoa eta Nafarroa Behereko ikasleengandik ikasitako kondairetako bat dugu L'ourson (Hartz-kumea).

Ez da hori gure herri-literaturan dugun hartzaren inguruko kondaira bakarra: 1923an, Lapurdiko Sara herrian ere Hartz-kumearen ichtorioa bildu zen, antzeko gaia duena, non gizonezkoari "…andria eraman zion hartzak; sartu zuen leze batian. Eman zuen atekatzat ehun kintaleko harri bat. Emazte gaicho hura haur egin beharra gertatu zen. Sortu zen seme bat". Eta 1935ean, Bizkaian "…mendian, amak bularrik ezeukalako, artz batek ezi eieban Juan" edo "…artzak eruan da eukan neskatxi bat seme bat izan eban. Artz orrek arri andi bategaz zerratuta kueba ortan eukiten zituen".

Pertsonaia miretsia bezain madarikatua izan da hartza, zeinak toki zabala daukan gure herri-literaturan. Euskal Herriko mendebaldetik ekialdera, sustrai errotuetako kondaira askoren ardatz bihurtu zen bazter haietako bizilagun ezaguna. Urteen poderioz, ordea, gizakiaren indarkeriaren bidegabekeria eternalez, desagertu egin da gure oihan eta basoetatik.

Antxon Gomezek bere Abere madarikatuak liburuan datuok ematen ditu: Durango aldean, XIX. mendearen bukaeran, bigarren eta hirugarren gerla karlisten arteko urte nahasietan, baserritar batek eskopetaz akabatu zuen hartz bat bi ardi jan zizkiolako. 1954an 70 hartz bizi ziren Pirinioetan. Handik bost urtera santagraztarrek Zuberoako azken hartza akabatu zuten. 1968an Izabako ehiztariek hartz bat hil zuten, haien esanen arabera, basurde batekin nahasirik. Hiru urteren buruan, tiroz botatako hartz baten burezurra aurkitu zuten San Martinen harritik gertu. Hilabete gutxiko hartz-kumea zen, Euskal Herrian jaiotako azkena. Camille, Nafarroako azken hartza, 2010ean hil zen.

Txomin Peillenen aitak Baionako Boletinean Artzañen jakitia idatzi zuen artzainek artaldeak hartzengandik babestu ahal izateko hartu beharreko lan nekezen artean Hartz orazionea misteriotsua xuxurlatzea zegoela.

Dena den, denek ez zuten hartza etsaitzat. Santa Grazin esaten omen zuten: "Lehenagoko üskaldün zaharrek erraiten zizien gizona hartzetik jiten zela. Hartza dena gizuna düzü". Seguran Hartzaren Esnaera ospatzen dute, neguan pasatako estutasunen ondoren, udaberriaren mezularia zelako hartza.

Joan zen urteko ekainean Erronkarira hurbildu ziren Nere eta bere seme Cannelito. Biak arrak izanik, Life proiektuaren bidez eme bat ekartzeko eskaera egin zen.

Aurtengo urtarrilaren 10ean, NaBaik eztabaida serio bat eskatu du Pirinioetako hartzaz; Nafarroa Life proiektutik kanpo geratu dela salatu du taldeak Nafarroako Gobernuak egindako akats batzuk direla medio. Parlamentuan mozio bat aurkeztuz hartzaren berreskuratzearen aldeko konpromisoa berresteko eskatu du. Hala ere, Life proiektuarekin edo gabe, erakunde publikoak hartzaren alde lan egitera beharturik daude, Europak babestutako espeziea baita.

Bitartean, ihote garaian gaudenez, goza dezagun gizakiok guk geuk desagerrarazi dugun hartzaren presentziaz Ituren eta Zubietan, Donibane Lohizune eta Ziburun, Uztaritzen eta... Arizkunen! Eta entzun dezagun Aurizko hartzaren oihua:

"Ursule! Markule! Banu, banu, banule!"