No entender

Madril, 2013-04-10

Irakurle txit agurgarriok:

Lehengo egunean irakurri nuen Nafarroako Altsasu herrian gazte batzuek, EHE talde bateko kideak direnek, Ez zaitez espaloitik jaitsi! Euskaraz bizi! izeneko egitasmo berri bati ekin diotela. Helburua dute herriko euskaldunek egunerokotasunean, denda batean sartzen direla edo ezezagun batekin topo egiten dutelarik, lehenengo hitza euskaraz egin dezaten. Herri euskalduna eraiki nahi omen dutela ere irakurri nuen, harriturik, Altsasu herrian euskaraz bizi nahi duten lagun asko dagoelako. Herri euskaldunagoa egiteko konpromisoa hartu behar dela ere berresten zuten lagun horiek.

Aurrera egin baino lehen, apika, neure burua aurkeztuko dizuet uste baitut ez nauzuela ezagutzen. Jose Fuertes nauzue, Weasthone-telegrafo sistemako telegrafista. Urte askotarako.

Urte asko dira beste mundura joan nintzela, baina aitortuko dizuet noizean behin gustatu egiten zaidala zuenera bueltatxo bat ematea eta pixka bat kuxkuxean ibiltzea. Horrelaxe, bada, kazeta batean Altsasu izena ikusteak arreta eman zidan, eta irakurtzeari ekin nion, harriturik leitu ere.

Nioen bezala, telegrafista nintzen (alambrero, han deitzen ziguten moduan), eta, gogoz kontra, Altsasura bidali ninduten lanera, 1856. urtean. Zigortzat hartzen genuen langileok Madrildik herri hartara bidaltzea, herri txiki eta galdu batera eta, halere, lan handia zuen telegrafo-bulego batera; lan handia, bai, Madril-Irun linea berria askotan eten egiten zenez (intermitencias) adi egon behar izaten zen, egunez nahiz gauez, eta Altsasuko bulegoan errepikatu behar izaten ziren mezuak.

Sei zaldik tiratutako zalgurdi batean ailegatu nintzen nire deserrira goiz ilun batean. Ongarri eta lohia saihesteko ohol batzuetatik pasatuz sartu nintzen nire lantoki eta ostatua izango zen bentara. Nire bulegoko leihotik mendi altua, Urbasa, eta logelakotik soroak besterik ez nuen ikusten. Sekula atertzen ez zuen nekazari herri txikia (lantegi bakarra gugandik metro gutxira zegoen burdinola bat) zen.

Bentan oso ondo hartzen gintuzten. Su ondoan egoten ginen, Altsasuko herritarrak hala egoten baitziren etxean. Neskamea bertako emakumea zen (de pura raza) gaztelaniaz sekula ongi ikasi ez zuena (comer uste las sopas y gustar). Eta hori izan zen, hain zuzen ere, irakurle maiteok, espero ez nuena eta txunditurik utzi ninduena: bertako jendeak ez zekien gaztelaniaz, euskaraz (vascuence) egiten zuen hitza! ¡Particularmente el lenguaje era un valladar insuperable! Bertako neskak erakartzea eta haiekin harremanetan hastea ezinezko ataza bihurtzen zen haiekin hizketan hasita eta gustukoak genituela esan, eta "no entender" ez ziguten, bada, erantzuten! Hura miseria, ezin elkar ulertu!

Igandeetan mezatara joaten ginen telegrafoko langileok ere. Elizan guretako erreserbaturik geneuzkan aulkiak: lehenengo ilarakoak udal korporaziokoendako, ondokoak guretako. Estreinako domekan harri eta zur gelditu nintzen nire belarrietan arrotz jotzen zuten hots arraroak aditu nituenean! Ez nuen tutik ulertu, apaiza ere euskaraz (vascuence) ari zen-eta!

Urte batzuk eman nituen gaztelaniaz egiten ez zuten herri hartan (Borundako gainontzeko herrietan bezalaxe), atzera ere Madrilera bidali ninduten arte. Eta harriturik irakurri dut albistea. Banekien gauzak asko aldatuak zirela, baina ez nuen uste hainbesterako izango zenik. Horregatik ausartu naiz gutun hau idazten, zeuok, herriko euskaldunok, ez dezazuen zuen borroka baztertu; aurrera segi dezazuen zeuona den, beti izan den eta ni aho bete hortz utzi ninduen hizkuntzari eusteko.

Eutsi goiari!!

SEGURTASUNIK EZAK IRTENBIDE NEKEZA

Olabe bitan banatzen du N121-A errepideak. Egunero, ehunka ibilgailu ibiltzen dira handik. Olabeko Kontzejua duela dezente hasi zen oinezkoentzako pasabidea eskatzen. Hainbat bilera bertan behera gelditu ostean, badirudi astelehenean bilduko direla Lu...

ARGIA KANPOAN, ILUNTASUNA BARRUAN

Nafarroako Erresuma Arena pabiloiaren aurrealdeko polikarbonatoko 933 kuboak piztuta egon dira 100 orduz. Argiztapen probak egin dituzte, eta joan den asteko ostegunetik astelehenera bitarte egon da piztuta fatxada. Dena den, pabiloiaren inaugurazioa ...

Elkartasunaren kontzertua

Azken urteetako ibilbidea malkartsua izan da euskarazko hedabideentzat. Krisi ekonomikoak eragindako publizitate jaitsieraz gain, Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak ezerezean gelditu dira. Hala, askoren etorkizuna kolokan dago. Hedabide bakoitzak b...

Gazta zatitxoak

Ez bilatu lerrootan egungo egoeraren azterketa burutsu eta sakonik. Nik ez dakit Barcinaren erregimenarenak egin duen ala ez. Eta, gainera, ez dakit arrazoitzen zergatik ez dakidan hori. Ni ez bainaiz horretarako gai. Baieztapen hori ez da umiltasun faltsua. Benetan. Nire ezintasun baten aitorpen gordina baizik.

Konparazio batera, gazte denboran hamalau urte eman nituen futbol talde batean jokatzen —egurra banatzen, egiaren aitortzeko— eta azken hamar urteetan Osasunaren etxeko partiden kontakizunetan parte hartu dut Euskalerria irratian. Denetara, 24 urte futbolaren inguruan. Eta, hala ere, oraindik ez naiz gai argudio sendoekin esplikatzeko zergatik gorritxoek galdu zuten iragan igandean Espanyolen aurkako partida eta zergatik galduko duten bihar Malagaren aurka.

Ezetz, ezetz, ezin dudala Juan Kruz Lakastarena egin; ezin dudala txiste erraz zein barrokoez ehunduriko foru testu azkarrak —arinak, adimentsuak eta indartsuak— izkiriatu. Eta ez eskatu Joxerra Senarrena egitea; niri zientzia fikzioa iruditzen baitzait ekonomiari zein politikari buruzko gauza bat azaltzeko hiru lerrotatik bi testuinguru eta inguruabar aski ongi hornituez osatzea. Eta, faborez, ez etorri niregana Angel Erro bat aurkituko duzulakoan; hura ez bezala, ni aise zorabiatzen bainaiz urrutiko ideien mundutik benetako gertuko mundura etengabe bidaiatzen dudalarik.

Pentsa. Twitterren aurten ireki dut kontua. Eta apenas erabiltzen dudan. Ez bainaiz ausartzen.

Aurreko astea kanpoan eman nuen. Eta itzuli nintzelarik, Sanz, Miranda eta Maia inputaturik aurkitu nituen; eta Barcina paretaren kontra, dirudienez. Manifestazio jendetsua egin zen Iruñean lehendakariak alde egin dezala eskatzeko, eta parlamentuan zentsura mozio bat bozkatzear zeuden. Eta horren guztiaren aitzinean, datozen azken lerroetan laburbiltzen den analisia egitera ausartzen naiz gehienez ere. Asko jota.

Barcina ez da bere borondatez joanen, ezpada behartuta. PSNk dio —PSOEk agindu dio— ez duela gobernabidea kolokan jarriko (alegia, ez duela zentsura moziorik babestuko). Ez batak eta ez bertzeak ez dute hauteskunderik nahi. Gainbeheraren beldur baitira.

Garaiok hain dira aldakorrak, gertaerak hain larriak, krisia hain sakona, ezusteak hain etengabeak, ezen batzuk hasi baitira pentsatzen baietz, ahal dela, posible dela PSNrik gabeko alternatiba.

Eta ni ezezkoan nago —eta neure burua madarikatzen dut halaxe pentsatzeagatik—. Gaur, bederen, ezezkoan nago. Iruditzen baitzait Corellako pentsalari handiaren gazta zatitxoen teoria indarrean dagoela oraindik. Gazta osoaren laurdena osatzetik herena osatzera pasatuko gara akaso. Ongi. Baina, Lola pitonisarena eginez, igartzen ahal dut hurrengo hauteskundeetan ere ezin izanen garela gazta zati horretatik atera. Deitu patua; deitu putada.

Hauxe da gaur egin dezakedan analisia. Zer espero zenuen, bada?

16

Luiziengatik itxita jarraitzen duten errepideak. Euriteek ez dute atsedenik eman Nafarroan. Luiziak eragin dituzte, eta dagoeneko lurraldeko 16 errepide itxita daude. Gainera, bidea hondoratu da zenbaitetan.

@sarean

Elizondoko Lur aretoan biharko antolatutako kontzertuan bildutako dirua bideratuko den euskarazko hedabideen webguneak.

www.ttipi.net

www.xaloatelebista.com

www.xorroxinirratia.info

www.berria.info