Uxue Barkos, Manu Aierdi, Mari Jose Beaumont, Jose Luis Mendoza, Isabel Elizalde, Mikel Aranburu, Miguel Laparra, Ana Herrera... Aldaketaren gobernua osatuko duten kontseilarien aurpegiak eta izen-deiturak nonahi azaldu dira egunotan. Benetako aldaketa, ordea, askoz zabalagoa da, eta hura osatzen duten izenen zerrend luzea ez dute berripaperen lerroburuek kabitzen.
Alderdien arteko koalizio hutsaz harago, aldaketa karrikan hezurmamitu baita azken hamarkadetan. Itolarriak eta etsipenak jota, pankarta baten atzean oihu egin duten guztiek sortu dute. Horiek guztiek osatzen dute benetako aldaketa.
1979. urtetik iragan asteazkenera arte, status quo-aren aldeko indarrek gobernatu dute herrialdea; UCDk, PSNk eta UPNk, alegia, eta urte hauetan guztietan, etengabeak izan dira protestak eta aldarrikapenak. Azken bi legealdiak, ordea, bereziki polemikoak izan dira: murrizketak, Nafarroako Kutxaren desagerpena, euskararen kontrako jazarpena, zerbitzu publikoen pribatizazioa... Protestak pilatu egin zaizkio UPNri eta PSNri, eta ohiko makineria propagandistiko osoa martxan jarri arren, ezin izan diote haserrearen uholdeari eutsi.
Polemikak, gainera, departamentu guztiak zipriztindu ditu neurri batean zein bestean. Hezkuntzari dagokionez, adibidez, hiru ardatz izan ditu UPNren gobernuaren jardunak: Madrilekiko menpekotasuna, euskarazko hezkuntza ereduen kontrako jazarpena eta ikastetxe pribatu eta erlijiosoen aldeko tratua. Horren guztiaren ondorioz, hamaika manifestazio antolatu ditu sektoreak azken urteetan: Euskararen Legearen, hezkuntza publikoak pairatutako murrizketen edota LOMCE lege erreformaren kontra.
Euskara eta osasuna
Euskarazko hedabideek, euskaltegiek, ikastolek eta eremu ez-euskalduneko gurasoek ere behin baino gehiagotan atera behar izan dute kalera, laguntza eske. Kontseiluak 2010ean Iruñean antolatutako manifestazioa edota iragan apirilean Anaitasuna kiroldegian eginiko ekitaldia dira horren adibiderik garbienak.
Osasungintzan diharduten taldeek, mugimendu feministek eta bestelako eragile sozialek ere bat egin dute karrikan, urte hauetan guztietan abortua galarazi duen gobernu eskuindarraren kontra. Horiek guztiek ere itxaropentsu begiratzen diote zabaldu berri den aro berriari. "Adi" egonen dira, ordea, aldaketa errotikoa dela zaintzeko.