“Erakunde publikoek euskal kultura sustatu beharko lukete”

Iruñerriko hainbat euskara eta kultura elkartek eskualdeko hirugarren Euskal Jaia antolatu dute biharko. Euren helburu nagusia da euskal kulturaren arloan lan egiten dutenen arteko topagunea izatea. Baina, horrez gain, aldarrikapenerako eguna ere izango dute. Horregatik, Aiztur guzien gainetik da euren aurtengo leloa. “Gaur egun, euskal kulturak oztopo eta murrizketak pairatzen dituela salatu nahi dugu”, adierazi du Itziar Gartzes Muthiko Alaiak peñako dantza taldeko kide eta Euskal Jaiaren antolatzaileak (Iruñea, 1982).

Zer da Iruñerriko Euskal Jaia?

Egun, Euskal Jaia euskal kulturaren inguruan lan egiten dugun taldeon topagunea da. Duela hiru urtera arte, Sanfermin Txiki edo Aldapako Sanfermin jaiekin batera ospatzen genuen. Baina pentsatu genuen euskal jaiak berezko data behar zuela. Beraz, Sanfermin Txikiko egitarautik atera, eta maiatzera mugitu genuen festa.

Zeintzuk dira Euskal Jaiaren helburuak?

Helburu nagusia euskal kulturaren arloan lan egiten dugunon arteko topaleku izatea da. Urtez urte leloa aldatu dugu, baina, azkenean, urtero gauza berak aldarrikatu ditugu: gure espazio propioa eta pairatzen ditugun arazoak salatu. Aurtengo leloa Aiztur guzien gainetik da. Gaur egun euskal kulturak oztopo eta murrizketak pairatzen dituela salatu nahi dugu.

Zeintzuk dira oztopo horiek?

Alde batetik, euskal kulturak gero eta espazio gutxiago du erakunde ofizialetan, eta diru laguntzak gero eta mugatuagoak dira. Esate baterako, euskal dantzetan aritzen garen taldeok badugu udalarekin hitzarmenezko jarduerak egiteko aukera. Horiek dantza taldeentzako diru sarrera garrantzitsuak dira. Baina jarduera horiengatik ordaintzen duten dirua ez dute aldatu. Are gehiago, diru sail orokorra urtero murriztuz doa. Horrek esan nahi du geroz eta talde gutxiagok parte har dezaketela jarduera horretan. Beraz, gero eta talde gutxiagok jasotzen dute dirua udalaren aldetik. Hori adibide bat baino ez da.

Beste alde batetik, gure lana kalean erakusten dugu. Baina kalea okupatzeko gero eta oztopo gehiago ditugu, besteak beste, tasak ordaindu eta baimenak eskatzeko trabak.

Horrez gain, hainbat taldek eta konpartsak lokala falta dute. Maiz ate-joka ibili behar dute talde askok entseguak egin ahal izateko. Konpartsa batzuek, ordea, ez dute lekurik euren materiala gordetzeko, eta askotan ezagun eta lagunen menpe ibiltzen dira materiala gordetzeko. Erakunde publikoek euskal kultura sustatu beharko lukete, guztion ondasuna delako. Baina ez dut uste epe laburrean gauzak aldatuko direnik.

Nortzuen artean antolatu duzue Euskal Jaia?

Antolakuntzako bileretan dantza, joaldun eta euskalgintzako taldeak egon gara. Hala ere, atzean baditugu beste hainbat talde. Nahiz eta bileretara etortzen ez diren, antolakuntzan parte hartzen dutenak, hala nola dantza taldeak, gaita jotzaileak, txistulariak, konpartsak eta txarangak. Alde Zaharreko hainbat tabernak ere lagundu gaituzte.

Zergatik erabaki zenuten Iruñerri mailako jaia egitea?

Sanfermin Txikiko jaietan Euskal Jaia egiten genuenean, Iruñeko taldeek baino ez genuen parte hartzen bertan. Baina, data aldatu genuenean, Iruñerrira zabaltzea erabaki genuen. Parte hartzea handitzeko eta eskualdeko talde guztien errealitatea nahiko antzekoa delako.

Euskal Jaia kultura erakusteka edo zerbait gehiago izango da?

Ez da soilik erakusketa. Egia da ikusteko dela, baina batez ere parte hartzea bultzatu nahi dugu. Horregatik, ekintza gehienak herrikoiak izango dira. Goizean, nahiz eta taldeek desfilatu, dantza herrikoiak egingo dira. Eguerdian, dantzaldia egongo da, baina hori bukatutakoan larrain dantza herrikoia egingo dugu. Arratsaldean, karrika dantzaren emanaldia izango da, eta, gauean, kontzertuak egongo dira. Horiek guztiak jendearen parte hartzea bultzatzeko ekintzak dira.

Aurten, egitaraua zabaldu duzue; zer dela eta?

Gure asmoa da egitaraua urtez urte zabaltzea. Aurten lan horrekin hastea erabaki dugu. Orduan, badira ekinbide batzuk biharko egitarauan sartzeko zailak direnak, eta erabaki dugu aste barruan jartzea. Ostegunean, bakarrizketak antolatu genituen. Ostiralean, ordea, Barañain eta Iruñeko bertsolarien arteko desafioa izan zen. Heldu den urteetan, eskaintza hori zabaldu nahi dugu.

Biharko jardueren artean, zein nabarmenduko zenituzke?

Berrikuntza moduan, arratsaldean Ederlezi pastorala antzeztuko dute Burgoen plazan, eta gauean kontzertuak izango dira Jarauta tabernan. Horiek dira berrikuntzak. Horiez gain, nabarmenduko nituzke goizeko kalejirak eta arratsaldeko dantzaldiak Nabarreria plazan. Nire ustez, eguneko jarduera koloretsuenak eta parte hartzaileenak izango dira.

Nor da kartelaren egilea?

Urtero aldatzen dugu kartelaren diseinua. Aurten, Aritz Irigoienek egin du. Berrikuntza gisa, Euskal Jaiaren logoa izango dena sortu dugu. Hau da, urtez urte kartela aldatuko dugu, baina logoa mantenduko da. Oier Zuñigak egin du hori, eta hainbat interpretazio ditu. Berez, lauburuaren besoetako bat da, eta adar baten itxura du. Horren barruan, euskal ikurren hainbat irudi eta marrazki daude. Gauza horietan oinarritu da Zuñiga, baina norberak nahi duena pentsa dezake.