Julian Elvira: “Tresnarekin bat egin nahi izatea da kontua”

Julian Elvira: “Tresnarekin bat egin nahi izatea da kontua”

Julian Elvirak ‘Icarus’ lana aurkeztuko du bihar, Baluarten, NAK Nafarroako Musika Garaikideko Jaialdiaren barruan. Berak sortutako pronomo flauta ekarriko du, bertze zenbait tresna bereziren artean.

E. Elizondo

Gurasoek haurra zenean oparitu zioten flautarekin hasi zuen Julian Elvirak musikan egin duen bidea (Cuenca, Espainia, 1973). Bide horren azken emaitza Iruñeko NAK jaialdian aurkeztuko du bihar, 20:00etan, Baluarten: Ícarus. 2019an aritu zen NAKen lehen aldiz, eta Iruñera itzultzeko aukera biziki eskertu du. Esperimentazioaren alde egin du.

Iruñean izanen zara bihar. Gogoz?

Bai. Anitz maite dut NAK jaialdia, eta Garaikideak kolektiboko kideekin elkartzeko irrikan naiz, berriz ere. Iruñean behin baino gehiagotan izan naiz; Gaiarre ere ezagutzen dut, After Cage jaialdiarekin ezagutu nuen duela zenbait urte.

NAK jaialdian ere aritu zara aurretik. Nola sortu zen zure eta antolatzaileen arteko harremana?

Bigarrenez ariko naiz aurten. Aurrekoan hitzaldi-kontzertu bat egin nuen, 2019an. Nik sortutako pronomo flauta aurkeztera etorri nintzen.

Gustuko espazio bat da NAK zuretzat?

Bai. Erreferente bat da niretzat. Uste dut garbi dutela zer egin nahi duten. Beti proposamen sendo eta ausartak egiten dituzte, eta hori maite dut.

Zure lana ere halakoa dela erranen zenuke, sendoa eta ausarta?

Uste dut nire lanak bat egiten duela jaialdiaren filosofiarekin. Ausardia behar da ikerketaren eta esperimentazioaren bidetik aurrera egiteko. Niretzat hori garrantzitsua da, eta NAK jaialdiak ematen duhorretarako aukera. Aurtengo jaialdiaren deialdia zabaldu zutenean, Ícarus nire lanak jorratu nahi zuten gaiarekin bat egiten zuela pentsatu nuen, eta anitz poztu ninduen nire proposamena aukeratu izanak. Jaialdi guztiak ez dira ausartzen nirearen gisako lan bitxiei toki bat egitera; musika garaikideko jaialdi guztiak ere ez dira ausartzen.

Pronomo flauta ez da zuk asmatutako tresna bakarra.

Ícarus obrakoa musika esperimentala da. Pronomo flauta erabiltzen dut, bai eta bertze flauta erraldoi bat ere. Flauta bilakatutako aldamioa ere baliatuko dut. Deseraikitako flauta bat da aldamio hori; zuloak egin dizkiot jo ahal izateko. Venezian eta bertze hainbat hiritan erabili dut. Aldamio hori gero sortu ditudan bertze flauta batzuk egiteko zirriborro baten gisakoa izan da. Ícarus obran ere erabiltzen dut.

Esperimentazioak garrantzi handia du zure lanetan; molde klasikoagoek ere bai?

Nirea formakuntza klasikoa da, eta Madrilgo Udal Banda Sinfonikoko kidea ere banaiz. Bandan duela 25 urte baino gehiago hasi nintzen, baina kontua da bandan sartu aurretik ere esperimentazioak bazuela tokia nire lanetan. Erranen nuke esperimentatzeko sena berezkoa dudala.

Txikitatik?

Bai. Txikitan hitz egiteko arazoak nituen. Nik pailazo izan nahi nuen , pailazo mutu bat. Orduan, gurasoek flauta bat eman zidaten, haren bidez komunikatzeko, eta pailazo izateko. Flautarekin hasi, eta hitz egiteko nire arazoak desagertu ziren. Flauta protesi baten modukoa zen niretzat. Eta banuen protesi horren inguruan ikertzeko eta esperimentatzeko beharra; hobetu nahi nuen.

Txikitako grina hori musika ikasketetara eraman zenuen gero?

Bai, baina flauta garatzeko hasierako asmo horri uko egin gabe. Pronomo flauta sortu nuen; flauta handi bat ere sortu nuen, ohikoak ematen zidana baino tesitura grabeagoak behar nituelako. Finean, sortu ditudan flauta horien edo aldamioaren bidez, musika tresnak protesi baten gisakoa izaten segitzen du niretzat, txikitan bezala.

Tresnarekin sortzen den harremana nabarmendu nahi duzu?

Bai, hori da kontua. Uste dut tresnarekin sortzen den lotura hori hagitz garrantzitsua dela. Horregatik, adibidez, haurrekin egiten ditudan tailerretan flauta ematen diet eta nahi duten modura hartzen uzten diet. Kontua ez da teknika on bat izatea, baizik eta tresnarekin bat egin nahi izatea. Lotura hori. Hor bada zerbait natural eta primitiboa, eta hori maite dut.

Bada musika garaikidea haurrekin lantzeko beharra?

Uste dut haurrekin inportantea dela tresnarekin sor daitekeen lotura hori lantzea, bertzeak bertze, bat-batekotasunaren bidez. Lotura hori da oinarria musikaren esparruan murgiltzeko; oinarri hori jasota, egin daiteke bide bat.

Mitotik logosera pasatzen ahal da, nolabait?

Hala da. Mitoarekin zerikusia du tresnarekin sortzen den oinarrizko harremanak. Gero dator logosa.

Argazkia: Julian Elvira, ‘Icarus’ laneko taldekideekin. Argazkilaria: Flor Ordoqui.