Esku bat, eta zortzi buru txapel bila

Esku bat, eta zortzi buru txapel bila

[URTEKARIA, 2022] Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek Irulegiko Eskua aurkitu dute, Arangurenen. Bertsolari Txapelketa Nagusiak finala du etzi, Iruñean.

NAFARROAKO HITZA

Ostirala, 2022ko abenduaren 16a

Irulegiko Eskuaren aurkezpena, Arangurenen, joan den azaroan. Irudian, Joakin Gorrotxategi hizkuntzalaria. I. URIZ / FOKU

Edurne Elizondo

Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek Arangurenen egindako aurkikuntzak hamaika lerroburu eragin zituen azaroan: Irulegiko Eskua topatu dute, eta, harekin batera, hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena, K.a. I. mendekoa.

Irulegiko Eskuak oihartzun zabala izan du, eta adituen eta herritarren jakin-mina piztu du, han eta hemen, antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsua baita. Esku baten itxura du, eta brontzezkoa da. Gainaldean idatzirik dauka hizkuntza baskonikoan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena. Lau lerro ditu, eta lehen hitza sorioneku gisa transkribatu dute. Ondorengo guztiek ez dute inolako antzik gaur egungo euskararekin. Aurkikuntzak frogatu du inguru horretako herritarrek baskonikoz hitz egiten zutela garai hartan, eta hizkuntza horretan alfabetatuta zeudela.

Aranzadi 2007. urtean hasi zen Irulegiko ingurua aztertzen; lehendabizi, mendiaren gailurreko gaztelua ikertu zuten, eta, 2018az geroztik, talde batek gaztelua baino beherago dagoen Burdin Aroko herria aztertu du, Mattin Aiestaran arkeologoak gidatuta. Irulegiko Eskua 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, baina 2022ko urtarrilaren 18ra arte ez zuten jakin piezak idazkunik zuenik. Egun hartan, Carmen Usuak, Nafarroako Gobernuarentzat lan egiten duen zaharberritzaileak, letra batzuk atzeman zituen eskuan idatzita. Arkeologo, geologo, zaharberritzaile, kimikari, epigrafista eta hizkuntzalari talde batek aztertu du pieza ordutik.

72ko Topaketak

Irulegiko Eskuak 2.100 urte atzera eraman ditu herritarrak; aurten herrialdeko kulturaren esparrua astindu duen bertze ekinaldi batek, berriz, 50 urte egin du atzera: 72-22 Topaketak egin dituzte, Iruñean, 1972koak oroitzeko.

Artisten topaketa izan zen 1972. urteko hura. Frankismopeko Iruñean sortu ziren topaketak, eta Huarte familiak hartu zuen bere gain finantzaketa. Antolakuntza, ordea, Luis de Pablo konpositorearen eta Jose Luis Alexanco artistaren esku egon zen, eta hirurehun sortzaile baino gehiago gonbidatu zituzten.

Ordukoak oroitzeko egin dituzte aurtengo topaketak, urriaren 6tik 18ra. Teresa Catalan konpositoreak parte hartu zuen lehen egunean, bertzeak bertze. Musika izan da aurtengo topaketen ardatzetako bat, baina bertze hamaika arlo jorratu dituzte.

72-22 Topaketek astindua eman nahi izan diote herrialdeko kulturari; Iruñean igandean Nafarroa Arenan eginen duten Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalak ere emanen dio bultzada euskal kulturari: lehenengoz eginen dute saio nagusia Nafarroan. 11:00etan hasiko da, eta finalean parte hartuko duten zortzi bertsolarien artean izanen da Joanes Illarregi leitzarra.

Asteartean egin zuten igandeko finalaren aurkezpena, Nafarroa Arenan bertan. 13.000 zale bilduko ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak, antolatzaileek ezagutarazi dutenez. Nekez aurreikus daiteke zer gertatuko den

Finalaren aurkezpena Nafarroa Arena kanpoaldean. Ezker-eskuin: Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Alaia Martin, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi.

igandean, baina Bertsozale Elkarteko ordezkari Gontzal Agotek uste du “plazetan gertatzen ari diren gauza asko” gertatuko direla txapelketan; “aniztasuna” aipatu du, bertzeak bertze: “Aniztasuna bertsokeran, gaien heldulekuetan, ertzak bilatzeko maneretan, bide berritzaileak urratzean ekarpenak egiteko ahaleginean, gaitegian, norberaren begiradaren gaineko lanketan”.

Joanes Illarregi etxean ariko da; lehendabiziko txapelketa nagusia du bertsolari leitzarrak, eta hura da, gainera, inoiz finalera ailegatutako nafar bakarra. “Ilusioz” da leitzarra, etziko finala noiz hasiko.

Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela azkenekoz. Sebastian Lizasok bururatu zion hura, 2017. urteko abenduaren 17an, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan egindako saioan. Orduko txapelduna izanik, hernaniarrak segurtatua izan du aurtengo finalean aritzea, eta orain arte ez du kantatu txapelketan. Iruñeko finala noiz iritsiko izan da hasiera-hasieratik.